ANAITASUNA

237. zenb.

1972.eko Ekainaren 30ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Lehen euskal gizona

 Euskalerriko leen-gizona, 1934. urtean argitarazi nuen liburutxo baten izena da. Beste liburu eta idazki batzuk ere ba ditut: gehienak, ordea, erdaraz.

Beti ikerketan* ibilia, ene idazkaiak aurkimenen* berri soilak dira. Horregatik —eta, euskaraz direlarik, birritan— ez dute argitaldarien bihotza aski* berotzen: ez omen dira irabazpide.

Uste honek ba duela egiaren egitea esango nuke. Berriki* hartua dut gure euskal idazle argi baten gutuna.* Oso hasarre bera: nik, beste askok bezala, lehen gizakiari buruz ez omen dut ezer euskaraz argitaratu, eta, ene erruz batez ere, ez omen dakizki berak —ez bestek— ikaskuntza horretan erabili ohi ditugun mintzo bereziei dagozkien euskal hitzak. Ene ihardespena:* «Inork irakurtzearren, zuk irakurri behar zenuen, nik gai horretaz aspaldi argitarazi nuen liburuxka; ez duzu, ordea, denik ere jakin. Beldur naiz, honekin ematen ote daukuzun, euskal liburuak irakurtzeko daukagun joeraren neurria».

Aipatu dugun argitaldarien maratilari* beste aldera eragiteko, irakurleak ugaritzea da bidezko. Guztien alfabetatzea, alegia,* eta heziera* mailan, euskal gizabidean* batez ere, indartzea eta goratzea.

Zorionez, ba ditugu Euskal Herrian benetako langileak, burua ergelkerian* edo eta herbestetik heldu diren inguma* artean xoratu gabe, ikasbidean taxuz bezain gogorki dabiltzanak. Hor da gure itxadopena.

Euskal Herriko lehen gizakiak eta berauen hezierak ikasi nahiaz ere, azterlari asko dabiltza lanean. Egitamu* ederra: lehen bizibideak, antze*-tresnak, ertilanak,* jainkozko irudi eta bitxiak,* milaka urtez urrundurik ditugun lagunen gogoetak eta* jokoak susmatzea eta jakitea: euskal ethniaren sustraiak, alegia.

Aspaldiko sustrai eta kimuak, geroztik albizitzen,* hazten eta hostotzen* jarraiki dutenak, noski. Hauetan da euskal hezieraren* ardatza. Hemen hesoinduak* eta mamituak ez diren «kultura» eta herria ez dira ez euskal kultura ez Euskal Herria.

JOXEMIEL BARANDIARAN


Bero kontaminazioa

Azken urteotan mundu guztia hasi da problema batez arduratzen.* Industriaren aintzinamenduak* hainbat laguntasun eman dauku gure bizitzaren aurrerapenerako; baina, laguntasunarekin batera, kalte batzuk* ere egin dauzkigu.

Mundua jendez betetzen ari da; eta denok behar dugu bizitzeko tokia. Baina gure atsedenerako hain onak ziren hondartza eta mendiak, zikinkeriaz mukurruturik* daude. Izurri* berri honi kontaminazio deitzen diogu. Kontaminazioaren kontra joatea denon ekintza da; zeren,* bestela, egunen batean, gure zikinkeriak ito eginen baikaitu.

Asko edo guti, denok dugu kontaminazioaren berri; eta, beharbada, gehienoi kontaminazio eta zikinkeria hitzek ideia bera adierazten daukute. Hala ere, ba dira beste kontaminazio mota batzuk ere. Hauen artean, garrantzi haundiko bat dugu, gehienentzat ezezaguna datekeena:* bero kontaminazioa.

Nondik datorren

Edozein herritan, industriaren aintzinamenduak elektrika energiaren gehitzea eskatzen du. Elektrika indarra sortzeko, hiru iturburu edo zentral mota ditugu: hidroelektrikoak, termikoak eta nuklearrak. Oraintsu arte, gehien erabiliak hidroelektrikoak izan dira. Zentral hauek naturako uraren indarra erabiltzen dute, eta merkeenak dira. Baina, naturako uren posibilitate gehienak jadanik* erabiliak direnez gero, ez dugu kasik posibilitaterik, zentral hidroelektriko berririk kreatzeko. Horretan, naturak muga bat du, eta muga horretaraino ia helduak gara.

Gizonaren beharrak, aldiz,* gorantz doaz; eta, horren kausaz, beste zentral motetara jo behar dugu. Egun,* zentral termiko eta nuklearretan dugu soluzioa; eta etorkizunean, etorkizun hurbil* batean, nuklearretan bereziki.

Zentral nuklearretan, kondentsatzailea hozteko, ura erabiltzen da. Eta ur hori, sarritan, hibai eta aintziretakoa* izaten da.

Bestalde, eta arrazoi ekonomikoak erdi erdian daudelarik, gaur egun egiten diren zentralak gero eta potentzia haundiagokoak dira. Zenbat eta potentzia haundiago, hainbat eta bero gehiago hibai eta aintziretara.

Uraren berotze honek ondorio batzuk ditu hibai eta aintziretako bizidunengan. Ikus ditzagun ondoriook.

Propietate fisikoen aldaketa

Lehenik, tenperaturaren goratzearekin ur gehiago lurrintzen da, baporatzen da.

Hau baino ondorio inportanteago bat, beste hau da: Oxigenoa gordetzeko, urak duen ahalmena gutituz doa tenperaturaren goititzearekin. Honekin batera, uretan dauden bakteriek oxigeno gehiago eskatzen dute, eta honela oxigenoaren portzentua asko gutitzen da.

Propietate biologikoen aldaketa

Tenperaturaren aldaketak mikrobizidunen bizitza eta heriotzaren erritmoa aldatzen du. Mikrobizidun hauek garrantzi haundia dute arrainen bizitzan. Honela, azkenez, tenperaturaren goititzeak arrainen heriotz portzentua goratzen du. Oxigenoaren portzentua beherago, heriotzarena gorago.

Problema hau sakonki estudiatuko bagenu, beste puntu batzuk ere ikusiko genituzke; baina hauekin nahiko dugu, problemaren garrantziaz jabetzeko.

Kontaminazioa, guztion problema

Egun, teknikak aurkitu beharko dio problema honi soluzioa, eta horregatik ari dira lanean ikertzaileak.* Baina, guri dagokigunez, jarraiko hau behar dugu kontuan eduki: Kontaminazioa, edozein kontaminazio mota, denon problema da, herriaren problema da. Mundua geurea dugu; baina, zaintzen ez badugu, mundu honen bizitza etendu eginen dugu; eta, azkenik, munduak berak hilen gaitu, kontaminazioak hilen gaitu. Beraz, munduaren kontaminatzea gure buruaren hiltzea dateke.

J. R. ETXEBARRIA

daude, dagoz

dauku, dausku, digu

daukute, dauskue, digute

dauzkigu, dauskuz, dizkigu

dio, dautso

diogu, dautsagu


"Joan zen uda eta negua heldu da"

Heldu da, zientifikoek udaren hasierarako seinalatzen duten eguna. Hasi da uda. Eguneroko lanean ari den gizonarentzat, heldu da uda. Jendea trumilka* doa hondartzetara, gosez doa, larrua belzteko presaz. Mundu guztiak egiten ditu bere ahaleginak, hainbat pizkorren eta sarrien itsas hegian* biluzteko, etxean gelditzea lotsagarri eta atzeratuen ezagugarri balitz bezala.

Jendea joan doa opor egitera. Baina ez guztiak era berean. Batzuk, gehienak, egun berean itzultzeko joaten dira, trenez nahiz autobusez. Zertxobait gorago daudenak, kotxez. Beste batzuk, ostera, astegunez etxean geratzen dira lanean, familia itsasertzean dagoen bitartean. Hauen gainetik direnak, urrutira —«Costa del Sol» delakora, kasurako— joaten dira, hilabete osoa han botatzeko. Honela, erreskada luze eta zehatzago bat egin ahal izango genuke, horretarako dato gehiago eta premiarik bagenu. Dena dela, itxuraz naturak guztioi prezio berdinean ematen daukun gozagarria, egiaz modu desberdinean eros dezakegu.

Udan, bestalde, beherakada handia sentitzen da. Jendea bakantzetan dago. Industria osoa asko eta asko moteltzen da, nahiz eta baserritarrek inoiz baino lan gehiago egiten duten. Euskal aldizkarietan firmak urritu egiten dira, eta gai txepelagoak agertzen. Udan, eskolak, ikastetxeak hitxi egiten dira, eta ANAITASUNA hau ere hamabostaldi batez isildu.

Sasoi honetan, bada, jendeak legezko duen atsedena hartzen du, nork bere posibilitatearen arabera;* baina, seguru asko, araberatasun hori, konpondu beharrean, handitu egiten da. Horregatik, poetarekin batera esan genezake: «Joan zen uda eta negua heldu da».


Ume atzeratuak

Paper bat irakurtzen nengoela, josi ezin nituan burutasunak izan ditut neure barruan. Subnormalen eguna zala inoan paper harek. Familia asko bihotzean ikutuko eban eguna. Baina burutasunen galderak sakonera doaz. Problema hau ezer ere ez edo gutxi ikutua izan dala uste dot; eta derrigorraren indarrez deihadarka dagoen problema da. Ez familia batzuena bakarrik, herri osoarena baino.

Zergatik ume horreek laguntza gabe? Zergatik etxe eta heziketa* berezirik ez? Zergatik euskaldunei erdaraz eman heziketa? Hizkuntza bi ikasteko kapaz ez direla eta, erdara irakatsi! Euskarak ez ote dauka erdarak beste aberastasun eta erraztasunik? Ala ez daukagu euskaldun mediku eta irakaslerik? Ume horreek ez dauke euren herriko ohiturak bizitzeko eskubiderik?

Galdera asko, baina problema serio bat. Lehen semearekin nahiko samindurik dagoen familia bati nortasuna kentzea ez ote da etxean erdaraz egitea?

Euskaldun guraso guztiok, elkartu! Seme gaixoentzat etxe eta heziketa euskalduna eskatu. Etxean euskaraz egitea merezi dabe. Gehiago maite izango zaituee. Hurrago izango zaituee eta hobeto ulertuko.

Elkartu, eskatu eta euskaraz egin! Derrigorrezkoa da.

ABEL ENBEITA


Euskaldungoa

Euskal ekintzen antolatzaileei dei bat

«ANAITASUNA»n idazten dugunoi askok eta askok eskatu daukute, herrietako euskal jaien eta kultur ekintzen berri, gertatu aurretik emateko, eta ez jazo ondoren. Eskabide horri zeharo bidezko deritzagu. Horregatik, dei sutsu bat egiten diegu jaien, kultur ihardunaldien eta gainerakoen atontzaileei, behar den denboraz bidal diezagutela antolakizunen berri.

Euskal ikastaroak Derioko seminarioan

Seminario-ikastetxeko euskal irakasleek atonduta* eta Bizkaiko elizbarrutiko Irakaskintza Batzordearen laguntasunaz, uztailaren* 3tik 15era, udako hirugarren euskal ikastaroak izango dira Derion.

Ikastaro honeetan ez dira onhartuak izango euskal idazleak eta euskara ez dakienak.

Hirugarren mailako ikastaroa ondo amaitzen dabenei diploma bat emango jake.

Irakasten dabiltzanak eta lehenagoko ikastaroetara etorri zirenak hartuko dira batez ere, irakaste jokabideak eskatzen dauan taldea hornitu arte.

Ikastaroetara lehenengoz datozen ikasleek, azterketa bat egin behar izango dabe.

Lehen maila

Morfologia eta joskera.

Textoak aztertu.

Idazkera landu.

Euskara irakasteko bideak erakutsi.

Bigarren maila

Morfologia eta joskera II.

Bizkaiko literaturaren kondaira.

Idazkera landu.

Euskara irakasteko bideak erakutsi.

Hirugarren maila

Euskal gramatika historian zehar.

Euskara eta euskalkiak.

Textoak aztertu.

Gaurko euskal literatura eta euskara batua.

Euskara irakasteko bideak erakutsi.

Bilboko burgesia handiaren helburuak

Ekainaren* 18an, Bilboko «El Correo Español-El Pueblo Vasco» egunkariak, egun horretako editorialean, gure azken gerra zibilean Bilbo hartu zen eguna aipatuz, eta bizi garen sistemaren barruan ohi direnak esanez, zenbait helburu berezi azaltzen zituen, tarteka.

Lehendabizikoz, bideen eskasia aipatzen zuen: «Este Bilbao, agobiado por su propia expansión interna, necesita de forma urgente nuevas salidas en forma de tuneles, puentes sobre la ría y caminos hacia la meseta».

Era berean, hain garrantzi handikoa dugun Unibertsitatearen arazoa ikutzen zuen: «En el terreno educacional, la Universidad Autónoma es la realidad más llamativa».

Bere burgesitasuna herriaren lepotik jasotzen duen klase honek, gehiago eta gehiago jorratu behar lukeela uste dugu, soro* hoietan.

Bilboko jabe txikiak urduri

Bilboko, eta bereziki* Hiri Zaharreko, merkatari txikiek «Casco Viejo» izeneko aldizkaritxo bat ateratzen dabe, erdara hutsean. Haren 5. alean kexa interesgarri bat agertzen da, eta honela dino:

«Cosa bella en sí, si se guardan las debidas proporciones, pero no aquí beber tinto y pasando Miranda, pedir güisqui —así lo ha aceptado la Academia—, allí no contar el dinero devuelto y aquí regatear, allí Montecristo y aquí farias.

«Porque la desproporción va en aumento: entre vacaciones, pescas, cazas, seguimientos al Athletic, pasecitos a Biarritz por modelitos, o por ver cómo va la ruleta, estamos haciendo una enorme sangría a nuestra economía. Al grito de «yo me largo, o me he comprado un coto o un apartamento», estamos haciendo aquello de ganar aquí y gastar allá. El resultado, incluso a corto plazo, comienza a verse con nitidez».

Migrazioa Bizkaian 1971. urtean

«Boletín Oficial del Obispado de Bilbao» agerkariak dinoanez, 1971. urtean, Bizkaiko migrazioa jarraiko modu honetan izan da:

 Joan direnak: Europara, 354. Itsasoz bestaldera, 123 (75 artzain Ipar Amerikara). Itsas lanetara, 1.285. Guztitara, 1.762.

 Etorri direnak: Espainiako probintzietatik, bereziki* Burgos, Santander, Badajoz, Coruña, Palencia eta Salamancatik, 4.434. Marrokotik, 425. Portugaletik, 661. Cubatik, 123. Alemaniatik, 234. Guztitara, 6.000.

Obispaduko agerkariak aditzera ematen dau, etorri berrien artean apostoladua egitea oso zail gertatzen dala; eta laikoei dei egiten jake, zeregin honetan azkar bai azkar aritu* daitezen.

Bizkaiko nekazaritza gaur egun

Bizkai aldean baso eta pinudi sail handien jabe dan Bernardo Mesanza injinadoreak dinoskunez, jarraiko zifra honeexek seinalatzen dabe Bizkaiko gaur egungo nekazaritza:

Gutxi gorabehera 15.000 baserritan, 18.000 familia inguru bizi dira, 26.000 pertsona aktibo laborantzan ari direla. Hogei eta hemeretzi herri (Bizkaiko % 40) jendez urritu egin dira, mende* honen hasieraz geroztik.

Nekazaritzaren produkzio garbia 2.776 milioi pezeta dira, hots,* probintziako produkzio garbi osoaren % 6,15 (produkzio osoa 45.755 milioi pezeta dira).

Baserririk bikain eta aberatsenak deseginez doaz, industria berriei, bide zabalei eta aeroportuari tokia utzirik. Nekazaritzarako lurraldeak, 60.000 hektarea inguru dira; horreetarik 1.000, ortu lurrak edo baratzak, eta besteak landak edo larreak.

Abelgorriak* dira nekazaritzaren parterik handiena (familiako, bost bat inguru), eta jendeak esnera egiten dau gero eta gehiago. Arbolek, bereziki «insignis» deitu* pinuek, 80.000 hektarea inguru betetzen ditue.

«Alderdi» agerkaria eta langileen arazoak

«Alderdi» euskal agerkari ezagunak, «Langilleen Eguna» izenburuarekin, editorial bat argitaratu du bere 274. alean, euskaraz. Beste gauza batzuen artean, eta kasikan klaseen burruka errealitate objetibo bat dela adieraziz, honetaraxe dio: «Gizonak bere izerdiaren truke irabazi du bizitzeko bear duen ogia... Noizpait asi ziren —batzuk ausartagoak,* besteak lapurragoak, besteak indartsuagoak— norberaren ordez besteak lanean jartzeko indarra eta abilidadea erakusten... Langilleak ez du legea geienetan bere alde izan...»

Gipuzkoako kooperatibisten bilera

Gipuzkoako kooperatibistak, ikasketa interesgarri bat egin nahiz, Donostian bildu izan dira, Emilio Rodríguez Maroto abokatuaren zuzendaritzapean. Hona hemen, batzar horretara ordezkariak bidaldu izan dituzten zenbait kooperatiba: Mondragoeko «Ulgor», Donostiako «Confecciones Easo», Mondragoeko «Amat», Pasaiko «Transportes de Pescado», Zumaiako «Egurko», Pasaiko «Exportaciones de Pescado», Irungo «Guria», Azkoitiko «Izarraitz», Azpeitiko «Talleres Zubiola», Mondragoeko «Muebles Pereda». Eta, beste kooperatiba batzuetako ordezkariekin batera, hainbat maisu merkantil, saltzaile eta abar bildu izan dira. Ihardunaldi aberasgarriak benetan, Gipuzkoaren ekonomiazko etorkizunari begira.

«Jaungoikoari aintza eta Aberriari askatasuna», nafar erregeen helburua

Iruineko «Amigos del País» elkartekoek, oraindik oraintsu, Leireko monasterioan eta Nafarroako zenbait* erregeren hautsak gordetzen dituan kaperan,* jarraiko irakurgai hau jarri izan dabe: «Jaungoikoari aintza eta Aberriari askatasuna — Honor a Dios y libertad a la Patria».

1044. urtean, Nafarroako errege Gartzea Naxerakoa, Santxo Nagusiaren semea, jaioterriko mendietan ehizan* ebilala, leze haundi batean sartu omen* zan, eta Ama Birjina agertu ei* jakon aurrez aurre, gorago euskaraz eta erdaraz eman dogun esaera hau eban kanpai bat haren alboan egoelarik: «Honores Deo, et Patriae liberationes».

Leiren jarri izan dan esaera hori dala eta, Iruineko «Diario de Navarra» egunkarian eztabaida bat sortu izan da Joaquín de Olcoz eta Ollara jaunen artean. Lehena esaera horren alde jartzen da, zenbait* historiadoreren autoritatearekin bere ideiak defendatuz. Bigarrenak, ostera, gertakari horrek ez dauala historiazko segurtasunik dino, eta, ipuin edo leienda hutsa danez gero, ez dala itxurazkoa, esaera hori toki publiko batean jartzea, gure erregeen helburu* ezagun bat balitz bezala.

Dana dala, esaera horrekin nafar herriaren foru eta libertateei eutsi* nahi izan dala beti, dino Olcoz jaunak. Horrela bada, esaldi horrek ez dau itxura txarra izango, guk uste, Leireko monasterio zahar sendoan.

«Gure Herria» aldizkariaren zuzendari berria

Maiatzaren 16an, iparraldeko «Gure Herria» aldizkarian lan egiten dutenek, urteko batzar nagusia egin zuten. Eppherre jaunak, orainarteko zuzendariak, eritasun* luze baten ondotik, bere burua aski* azkar sentitzen ez zuelarik, Goiti jaun kalonjea* hautatu zuten zuzendari berri. «Gure Herria» 1921.ean sortu zen, 850 abonatu* ditu, eta euskaraz eta erdaraz argitaratzen da. Goiti jauna Uztaritzeko seminarioko irakasle da.

Baionako Euskal Astea

Mendekoste jaietan bildu izan dira Baionan, Haritschelhar eta Charrittonen inguruan, Paris, Paue,* Bordele* eta Baionako euskal ikasleak, aurtengo Euskal Astea preparatzeko. Hegoaldetik Luis Haranburu-Altuna joan zen. Irailaren* hasieran izango da aurten Euskal Aste hori. Mintzaldiak eta mahai biribilak lau egunez izanen dira, ekonomiaz, irakaskintzaz, literaturaz eta artegintzaz.

Xalbat Arotzarena jaunaren liburu berria

«Ikas» argitaldariak, Xalbat Arotzarena Landibarreko erretore ohiaren* ixtorio-mixterio ahurtara* bat, liburutto batean bildurik eman dauku. Euskaldunen seme-alaba ainitzek* gogotik irakurriko dituzten ixtorioak edo ipuinak.

Mañex Etxamendi bertsolariaren liburua

Mañex Etxamendiren bertsoekin horniturik prestatu dauku Lafitte kalonjeak* liburu berri bat, «Auspoa» etxearen bidez.

Mañex Etxamendi Ezterenzubin sortua zen 1873.ean, bi aldiz Ameriketan bizi izana, sorterrian ezkondua, hamar haurren aita, herriko alkate ainitz* urtez egona.

Mañex Etxamendi ez zen herriz herri bertsotan ibiltzen. Alde batetik boza ttipia zuen, eta bestetik ez zen bere buruaz fidatzen, tipus-tapaska* jendearen aurrean bertsotan aritzeko.* Bere bertsoak astiki* eta izkribuz ontzen ohi zituen. Askotan, gauez loa etorri artean asma, eta biharamunean paperean ezar. Gai seriosak erabiltzen zituen gehienetan: sorlekua, familia, bakea, adiskidantza, herriaren zerbitzua, ohituren atxikitzea,* laborantza, leialtasuna...

«Kili-Kili»ren laguntzaileak

Donostiako «La Voz de España» egunkariko kazetari* dan Jabier Aranburuk dinoskunez, Bilboko «Kili-Kili» agerkariak hiru laguntzaile berezi ditu Euskal Herrian: Iruineko «Institución «Príncipe de Viana» Nafarroan, Bilboko «Euskerazaleak» Bizkaian, eta Eibarko «Euskera Lagunak» Gipuzkoan.

Pedro Anasagasti Frantziskotarra, bi aldiz saritua

Aita Pedro Anasagastik, «Aránzazu» aldizkariaren zuzendariak, «Nuestra Señora de los Milagros, Patrona de Agreda (Soria)» izeneko artikulu bat argitara eman eban Donostiako «La Voz de España» egunkarian. Soriarrek sariketa bat eratu eben, aipaturiko Ama Birjina* horri buruz egindako idazlan periodistikoentzat. Lehiaketa* honetako bigarren saria, 10.000 pezetarekin hornitua, Pedro Anasagastik irabazi dau, gorago aipatu dogun artikulu horrekin.

Bestalde, frantziskotar langile honek lehen saria irabazi berri dau «Concurso Nacional de la Santa Infancia» izeneko lehiaketan, «Aránzazu» aldizkarian agerturiko «La maravillosa palanca del niño» artikuluagatik.

Carmen Iraizoz nafar nobelegilea, saritua

Carmen Iraizoz nobelegileak «Blasco Ibáñez» izeneko nobela lehiaketan,* lehen saria irabazi berri dau, «París, piedra de toque» eleberriarekin.* Lan honetako pertsonaiak, Pariseko Sorbonan egon zanean asmatu zituan.

Carmen Iraizoz Bidasoako Beran jaioa da. Beste nobela bi ere ba ditu: «Belzunegui» eta «Impaciencia». Uste genduan, Euskal Herritik hurbilago* egongo zala; baina, oraingoz behintzat, Valencian bizi da, bai gorputzez eta bai gogoz.

Aita kaputxino biren liburu berriak

Lizarrako* aita Olazaran kaputxinoak «Tratado de txistu y gaita» 206 orrialdeko liburu bat argitara eman dau, Nafarroako Diputazioaren bidez. Era berean, ordena bereko aita Jorje Erriezuk «Tomo X de obras musicales del Padre Donostia» 246 orrialdeko liburu bat argitaratu dau, Lekarozko fraile etxearen bidez.

«Borobila eta Puntua», antzerki berria

Bernardo Altzaga gazteak «Borobila eta Puntua» izeneko antzerki lan bat prestatu berria dau. Oraingoz bizpahiru adiskideri utzi izan dautse lan hau, jendearengandik zer eritzi jasotzen dauan ikusteko.

Mondragoetarrak irakaskintzaren alde

Jarraiko sei ikastetxe honeek osotzen dabe Mondragoeko «Complejo Educativo»* edo Irakaskintza Ekintza: Escuela de Formación Profesional Permanente, Escuela Universitaria de Ingeniería Técnica, Colegio Menor Viteri, Alecoop, Escuela de Aprendices eta Escuela Profesional Politécnica.

«Escuela Profesional Politécnica» dalakoak argitara eman dauan «Memoria 1971» txostenean,* irakaskintzaren aldeko aitorkuntza interesgarri honeek irakurri ditugu: «Hay que economizar en todo menos en la educación... La educación es la inversión más fecunda para el desarrollo y porvenir de un pueblo».

Felix Arraras jaunaren mintzaldi sinestezina

Felix Arraras kalonjea,* «San Francisco Javier, apóstol y adalid del imperialismo sin tacha» gaiari buruz mintzatu izan zan, maiatzaren 25ean, Iruineko «Teatro Gayarre» antzokian.* Baina 1922. urtean. Hau da, orain dala 52 urte.

Santiago Irigoien txistulariari omenaldia Lesakan

Santiago Irigoien txistulariari omenaldi bat eskaini izan jako Nafarroako Lesakan, maiatzaren 28an. Azken 45 urteotan ihardun izan dau zeregin horretan.

«Hori Bai» dantza taldea Stuttgarten

Baionako «Hori Bai» dantza taldekoek ihardunaldi batzuk eman zituen Alemaniako Stuttgart hirian, joan dan maiatzaren azkenetan. Ikusle asko izan zituen, eta txalo franko entzun ere.

Industria berriak Baiona inguruan

Baionako udalak* Sainte-Croix inguruan industria berriak jasotzeko asmoa ei* dauka, eskualdearen* egoera eta etorkizuna indartu nahiz. Horretarako, 22 hektarea jadanik* erosiak omen* ditu.

«Eskoletako aldizkariak», Luis Haranburu-Altunaren liburu berria

Irakasleen Liburutegiak, «Gauza harrigarriak» liburu sorta bide dela, liburuxka berri bat argitaratu du. «Eskoletako aldizkariak» delako honetan, nahiz eta laburki, hainbat gai erabiltzen dira: ikastoletako sistemen aldatu beharra, eskoletako aldizkarien kondaira, eskola arteko eskutitz truketa, eta abar. 97 orrialdeko liburuxka irakurgarria. Egilea Luis Haranburu-Altuna, Antonio Idiakez jaunaren laguntzarekin. Banatzaile bakarra Iñaki Beobide, Ferrerías, 1. Donostia.

Gamarrako atsegin lekua

Ekainaren* lehenean zabaldu da, Gasteiz ondoan, Gamarrako laketgua,* bere zerbitzu guztiekin.

Berri honen jakitun dira nonbait arabarrak, baina beharbada ez bizkaitar eta gipuzkoarrak. Horregatik, eta hauetarik hainbat mila hara joaten direla kontuan harturik, interesgarri iruditu zaiku berri hau zabaltzea.

Aurten, umeentzat dagoen atrakzio parkean, zernahi tresna berri jarri dituzte; eta, laketgu osoan zehar, garbiketa eta pintaketa handia egin dute, begien atsegingarri.

Sarreran, handitu egin dute autoen aparkamendua.

Jaun Maria Apellaniz jakintsuaren doktor tesia

Ekainaren* 15ean, J. M. Apellaniz jakintsuak «Evolución de la cultura del País Vasco desde la aparición de la agricultura hasta la época romana» idazlana presentatu eta defenditu dau Madrileko Unibertsitatean, doktor titulua lortzeko tesi bezala. Apellaniz jauna, gazterik prometagarrienetariko bat dogu historiazko gai horri buruz.

Xabier Saldias kantariaren lehen diskoa

Lau kanturekin agertzen da plazara, «Egan» taldeko Xabier Saldias gaztearen lehen diskoa. Kantuen izenak: «Euskara, jalgi hadi plazara» (B. Etxepareren letra), «Aran zugatza», «Gazte jatorra izan nahi dut» eta «Agurtua izan bedi zalantza». Grabazioaren arduraduna eta diskoen banatzailea: Iñaki Beobide, Ferrerías, 1. San Sebastián.

Bertsolariak Erregoitin

Ekainaren* 18an, Erregoitiko zelaian, Deunoro eta Jesus Mari Sardui, Jon Enbeita, Silbestre Monasterio, Jon Olarra eta «Iñarradi» bertsolariek ihardun eben. Altabozen egoera zakarragatik jendeak ezin izan zituan ondo apreziatu hareen bertsoak, gehienbatean baserri gaiei lotuak. Bitartean, Gernikako «Elai Alai» taldeko dantzarien saioa. Ikusle eta entzule, gisa honetako erromerietan ohi dan baino gehiago.

ANJEL ZELAIETA


Nori gabeko eskutitzak

Bilbotik, 1972.eko ekainaren 28an.

Adiskide zintzo!

Hirea hartu nian, bai; eta, examinengatik larri xamar nenbilalako, ez neuan lehenago erantzun ahal ukan.* Dena dela, hire lehengusua horra joanen dela eta, gauez ari nauk zerbait idazten, hark berekin eraman diezaan.

Lehenik eta behin, errespeto guztiekin bada ere, ene aldetik haize freskoa hartzera bidal dezakek lagun «gauchista» hori. Ezkertitis utopikoa —kronikoa eta ukronikoa— ez duk batere gauza berria Europan; baina, dirudienez, oso modan diagok oraindik gure arteko zenbaiten artean. Horrelakoek ez diate inoiz zereginik bat ere, argudiorik* «garbienekin» —esterilizatuenekin eta kimikoki hutsenekin, esanen nikek— eztabaidaka ibiltzea ez bada. Neronek, zorionez, egitekoz beteta egoten naizen gaixo bekatari honek, zoritxarrez ez diat neure denbora eta astia sotiltasun* eder hoietan aritzeko, zeren,* hau batere zientifikoa ez bada ere, mugimendua ibiltzeaz frogatzen* baita, agian* —Goethe-k zioenez— «hasieran ekintza zelako».

Eta noan orain bigarren puntura. Ez duk batere erraza, Europako Estatu Batuak nolakoxeak izanen diren antz* ematea. Profeta izatea beti izaten duk arriskugarri; baina, euskaldunok aztikeriara* oso emanak garenez gero, are* profezia haundiagoak egin zituztenak barkatuak izan direla kontuan harturik, hona hemen ene eritzi apala, hizkuntzei dagokienez bederen.*

Nik uste dudanez, etorkizuneko Europa Batu horretan politik* erakunde* nagusi bat egonen duk azken batean, Estatu Elkartu edo Federatu bakoitzean gobernu autonomo bana egon arren. Denboraz, Elkartasuneko Estatu guztietarako, bigarren hizkuntza bat jarriko dukek—agian ingelesa—, Europar guztien arteko mintzabide komuna gerta dadin. Hori lortzeko, eskola guztietan ingelesa —edo hizkuntza federaltzat hartuko dena— bigarren hizkuntzatzat irakatsi beharko duk, gaur egun Sobietar Errepublika Sozialisten Elkartean errusoaz egiten den bezalaxe. Populazio guztiak bigarren hizkuntza hori ikasiko duenean, ordea, oso gauza kuriosoak gertatuko dituzkek, ene aburuz,* zenbait Estatutan.

Jar dezagun —eta herorrek beste exenplu batzuk pentsa ditzakek, noski— Frantziaren kasua. Frantzia osoan frantsesaz gainera ingelesa ere ezaguna izatera helduz gero —honez gero Eskandinavian gertatzen ari den bezala—, bistan diagok bretoi batek ez liokeela zertan Paristar bati gehiago frantsesik egin behar, komunikabidetzat biek «bigarren hizkuntzatzat» ingelesa bailukete, orain bretoiek, altsaziarrek eta frantses euskaldunek «elkar ulertzeko» frantsesa delako bigarren hizkuntza duten arrazoi berberagatik. Noski, ez diat uste inori gustatuko litzaiokeenik, ordurarte «pribilejioz» ari izan zaionari —kasu honetan frantsesari— amore ematea, ez eta, Europar Federazioko edozeinekin mintzatzeko, ingelesa ikasteaz gainera, frantses «polittekin» mintzatzeko, frantsesa ere ikasi behar izatea. Zeren,* polako batekin Paristar batek ingelesez —edo esperantoz, kasu— pozik egiten baldin badu, zergatik ez du hizkuntza berean egin behar okzitaniar edo eta altsaziar batekin? Frantsesa Frantziako lagun guztien arteko mintzabide komuna delako arrazoia goitik behera amilduko* lukek.

Hori lortuz gero, oraingo hizkuntza «unibertsal» asko gainbehera lietozkek, eta nazio ttikien hizkuntzen parean geldituko —frantsesa txeko, kroata edo albaniarraren parekoa lukek orduan, hots,* beste hizkuntza ttiki bat gehiago, jatorriz frantsesdun direnen artean ezik mintzatuko ez litzatekeena—, Europako hizkuntza federalak beren lehenagoko «utilitatea» eta ofizialtasuna kenduko liekeelako. Alde honetatik, ene ustez, herri ttikiek beren etniaren hizkuntza jatorrari sendoki eusten* baldin badiote, oraingo hizkuntza ofizial sasiunibertsalen zama* denboraz ken zezakeate gainetik, kultur harremanetarako beste hizkuntza zabal eta unibertsal egiazko bat lortzeaz batera.

Honetara gertatu duk, oker ez banago, Filipinetan, tagalog hizkuntza jatorraren hedatzeaz* batera, ingelesa giza eta kultur harreman mundutarretarako hartu dutelarik.

Herri ttikiek, nahi eta nahi ez, beti beharko dikeate, bereaz gainera, kanpoko hizkuntza ahalik eta zabalduen bat, herritik irtenez* gero, beste herri eta kulturekin elkar aditzeko. Baina bigarren hizkuntza hori, hori bai, herri ttipi interesatuek berek eta ez bestek aukeratu beharko likeate, nik uste.

Agian* guzti hau guk pentsatzen dugun baino lasterrago diatorkek, eta —o Historiaren paradoxa!— honetan inoiz hizkuntz* arloan inperialistak gertatu ez diren herriak aterako lituzkek ongien, ingelesak izan ezik, noski, esperantoaren ordua oraindik urrun dagoela susma baitaiteke.

Beste puntu batetara joanez, hauxe esan behar dauat: Bizkaian ez omen* diagok eragozpenik, izen hori hauzitegian ipintzeko. Gipuzkoan, aldiz,* bai, eta gogorrak gainera. Dena dela, beharbada hire arrebak, mutiko bat gabe, Izaskun edo Leire bat ekarriko dik mundura, eta problema hori berez konponduko ziaiok. Ba diakiat, hau ez litzatekeela egiazko problemaren soluzioa, baina...

Goraintziak etxeko guztioi.

XABIER

Toketazko aditz formak

diagok, dago

diakiat, dakit

diat, dut

diate, dute

diatorkek, datorke

dik, du

dikeate, dukete

dituzkek, dirateke

duk, da

dukek, dateke

lietozkek, letozke, letorkez

likeate, lukete

lituzkek, lirateke

lukek, litzateke

nauk, naiz

nian, nuen

nikek, nuke

zezakeate, dezakete, daikee

ziaiok, zaio, jako

Osterantzeko aditz formak

dauat, dauat, diat

dezagun, daigun

dezakek, daikek

diezaan, deian, dezaian

diote, dautsoe

ditzakek, daikezak

lieke, leuskioe

lioke, leuskio

litzaioke, litzakio

neuan, neuan, nian

zaio, jako

zioen, inoan, esaten zuen


Bakoitzak berea... noiz arte?

Apirilaren 20an.

Bilbon, Gran Vía kalean, 62.ean.

Leku horretara goizeko hamarretan sartu nintzenean, jende multzo bat ikusirik, harrituta gelditu nintzen.

Bertako gizon bati, diru hartzeko «Seguro de Desempleo» delakoaren leihatila zein zen itaundu* eta gero, berak seinalatutako lerrora joan nintzen.

Jende asko bildu ginen: bai andreak eta bai gizonak ere. Gutti gorabehera, % 35 andreak ziren, gazteak eta adinekoak.*

Gizonon artean, nahiz eta gazteak ere izan, gehienok 45 urtetakoak edo ginen (eta izanen gara). Adin txarra beste lanleku bat topatzeko, kapitalistek ez gaituzte behar eta.

Batzuek, bi, hiru, lau... aldiz bertara joanak izan arren, oraindik ez dute dirurik jaso.* Ene alboan zegoen neska gazte batek esan zeukun, sei urte lantegi berean ihardun izan ondoren, Magistraturak (beste guztioi bezala) emandako «Despido Injustificado» paperarekin, 24.000 pezeta jaso zituela.

Proletarien problema izugarri bat izan arren, bakoitzak bere problema du. Orain arte nor bere eltze* barruan egon izan arren, argi eta garbi ikusi behar dugu, gure egoera eta bideak zeintzuk diren: hots,* gu langileok kapitalisten «ejército de reserva» delakoa garela.

Hemen bezala beste tokietan ere, gauza bera ikusten dugu: nola dabilan jendea lan bila, kazetetako anuntzioen bidez. Europa guztian problema berbera dago.

Nire albotik beste andre bat iragan* zen, eskuan seme bat, eta beste baten zain. «Guk arrazoia dugu —zioen—, juezek ere epaiketan horixe esan daukute eta».

Bizkitartean, barruko batek leihatilatik: «Zein egun da? Datorren hilabetean etorri beharko duzu, zure paperak oraindik ondo ez daude eta». •

Eta 45-50 urterekin nora joanen gara, non aurkituko dugu lan bat, zer janen dugu guk, gure emazte eta seme-alabek? Gure egoera honek ez die axola.* Datorren urtean ikusiko dugu!

Gizon batek guztiz hasarre: «Ni urriaren 19tik etortzen naiz hona».

Nire alboko mutil batek: «Hala eta guztiz ere, ondo berba egin behar dugu; bestela, itzalpera eramango gaituzte».

Lerroan zeuden gizon bik, zer egin behar nuen azaldu zeutaten. Hots,* lehen hilabetean soldataren % 75 hartzeko, beti bezala, paperak ondo eduki behar nituela. Gero, «Sindicatos» delakoan beste % 25a eskatu behar nuela. Baina orain eskatzeak ez zuela ezer balio, inori ematen ez ziotelako.

Heldu nintzen leihatilara, eta, paperak ondo ez zeudelako, datorren hilabetean etortzeko entzun ondoren, «Sindicatos»era abiatu nintzen. Han esan zeutaten, dirurik ez zegoela, eta alferrik zela ezer eskatzea, harik eta Magistraturak eskabide horren berri «Sindicatos»eri eman arte.

Bizkitartean, Europara lanera joanik diren langileak berriz itzuliko direla entzuten da. Horrela, «ejército de reserva» haunditu eginen da; eta gu, 45-50 urtetakook, zein lekutara joanen gara?

Beharbada, zorionez, gure paperak ondo egonen diratekeenean, laupabost mila pezeta irabaziko dukegu.*

K.

daude, dagoz

daukute, dauskue, digute

die, dautse, diote

zeuden, egozen

zeukun, euskun, zigun

zeutaten, eusten, zidaten

zioen, inoan, esaten zuen

zioten, eutsoen


Emakumearen desfeminizazio baterako

Emakumea definitu nahiz

Historian zehar emakumeaz idatzi dutenak, gizonezkoak izan dira gehienak. Eta, jeneralki, gaizki eta trakets idatzi dute.

Hala ere, emakumeaz astakeria ugari idatzi dela esatea baino nahiago dugu beste hau esatea: garaian garaiari eta historiaren memento* bakoitzari zegokionez idatzi dela emakumeaz. Emakumeaz gaizki idatzi bada, idatzi dutenak gizonezkoak izateagatik baino gehiago, idatzia beren garaiari zegokionez eman dutelako dela uste dugu. Hori onhartzen bada, «emakumeaz gaizki eta trakets idatzi dela» esatea moralismo hutsa dateke.*

Eta, idazleen gaia ikutu dugunez gero, aditzera eman dezagun, gure herriko idazle emakumeen urritasuna handi dela. Bai Kortazarrek 1965.ean argitara eman zuen «Cien autores vascos» delako bildumaren* arabera,* bai 1968.ean San Martinek eman duen katalogo osatuagoaren arabera, emakume idazleak ez dira gizonezko idazleen % 3 edo 4 izatetik pasatzen. Irakurleak proporzio berdinean izango direnik uste izan gabe ere, nahiko sintomatiko iruditzen zaiku hori.

Emakumearen arazoa ala gizonezkoarena?

Berriro ere emakumeaz idazteari ekiten* bagatzaizkio —lehen ere ihardunak gara lanbide honetan—, gure asmoa ez da emakumea bera sustituitzea. Hark ba du, noski, zerbait esatekorik. Baina emakumearen arazoak eta emakumeaz esan daitezkeenak ez dagozkio emakumeari bakarrik. Emakumearen arazoak* harremanetan sortzen diren arazoak direnez gero —harremanetatik at* ez baita ez emakume ez gizonik—, gizonezkoen arazoak ere ba dira, gizonezkoak ere harreman hoietan direlako. Ez, beraz, emakumeek gizadiaren erdia osatzen dutelako bakarrik.

Nolanahi ere, ba dugu emakumeaz zerbait esatekorik, nahiz eta sarritan emakumeek berek esan behar luketena bada ere.

Emakumearen situazioa

Emakumeak leku eta eginkizun berezia du gure gizartean. Emakumediaz ezin dezakegu abstraktoan idatz, gizadiaz, klasemailak ahanzturik, ezin dezakegun bezala. Baina «emakumearen arazoa» gizarteko klasemailen egituraz* egin diren azterketa ortodoxoetan urtu nahi izatea,. abstrakzio batetik alde egin nahiz, beste batetan erortzea* litzateke.

Produkzio bideekin dituzten harremanen arabera definitzen dira klasemailak. Emakumeek, ordea, harreman berezia dute produkzio bideekin.

Emakumeek merkantzigintzan, hots,* merkaturako diren ganbio balioen sorketan parte hartzen dute. Baina arlo horretan ez dute erantzunkizun estrukturalik. Industrializatuak izan gabe, oraindik kapitalismo aurreko haro batetan aurkitzen diren etxelanak, berriz, emakumeen eskuetan daude. Suezian —adibide bat jartzeko— 1290 milioi ordu ematen dute emakumeek industrietan; etxelanetan, aldiz,* 2.340 milioi ordu. la doble, beraz. Emakumeen definizio bat eman behar denean, kontuan hartzekoa dugu hau.

Emakumearen status bajuagoaren sustrai materialak hemen daude: balioa diruak ematen duen gizarte batetan, emakumeak, emakume bezala, dirurik ematen ez duten lanetan agortzen ditu bere indar gehienak. Horregatik, haren lanak benetako baliorik ez duelako, etxetik kanpoko lan baten alde agertuko dira emakumeen askatasunaren alde jokatzen dutenak.

Baina ez hori bakarrik. Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeak, etxeratzean, etxekoak ere egin beharrean aurkitzen dira. Horregatik, zama* biren azpian ito nahi ez dutenek, bigarren kondizio bat ere exijitzen dute beren askatasunerako, hots, gaur oraindik produkzio pribatu bezala etxean egiten den lana, elkarte lan publiko bihur dadila. Adibidez, haurren zaintzeak ez du izan behar gurasoen erantzunkizuna bakarrik. Gizarteak hartu behar du erantzunkizun hori. Ama-semeek ez dute aitak irabazten duenetik dependitu behar. Etxeko beste lanak ere aldatu egin behar dira, jantoki eta garbiketatoki komunalak sortuz, eta abar.

Etxelan hauk* herrilan izatera hel daitezenean, emakumeen diskriminazioaren sustrai materialak ere aldatu eginen dira. Baina gaurko sistema sozio-ekonomiko-sikologikoa emakumea etxean edukitzearen aldeko agertzen da, hurrengo artikuluetan aztertuko ditugun arrazoiengatik.

JON eta KLAUDIO

daude, dagoz

dezagun, daigun

gatzaizkio, gatxakoz

zaiku, jaku, zaigu


Ohitura zaharrak

San Joan Ekainekoa

Oraindik ez da denbora asko, hilabeteen batasunerako Ekaina hartu zela (ikus «Euskera», XVI (1971), 103-107. orrialdeak). Zenbait* euskalkitan,* erdarazko «junio» esateko, Garagarrila erabiltzen zen; baina Bizkaian Garagarrila «julio» da, eta horregatik, nahasmendurik ez sortzeko, ekialdeko* zenbait euskalkitan oraindik erabiltzen den Ekaina hartu zen.

«Solstizio» hauk,* erromatarrek ere «Natalis Invicti»z zelebratzen zituzten; eta IV. mendearen* hondarrean,* Julio I Aita Santu zen garai hartan, Elizak beretzat hartu zituen eguzki aldaketen garaiok, Kristoren sorrerarekin eta San Joan Bataiatzailearekin beteaz.

Izatez, Neolitiko garaitik datozkigun jaiak dira, eta oraindik ere mundu guztian ospatzen direnak. Stonehenge-n orain egiten den jaia folklore hutsa dateke;* baina Euskal Herrian ezezik munduko herririk gehienetan bizi dira oraindik, sua eta uraren inguruan egiten diren ohiturak. Hauk, San Joan bezperan eguzkiaren sarreran eta San Joan egunez eguzki irteeran egiten dira. Arbola, sukai* bezala, gauza sakratutzat erabiltzen da, edo erabiltzen zen, eta eguzkia gurtzen* da. Hauen ageri asko ditugu, baina batez ere Azkueren Euskalerriaren Yakintza-ren lehen tomoaren 159-160 eta 293-310. orrialdeetan.

Esan bezala, ohitura zahar hauetakoak, era batzuetan, oraindik oso ezagunak ditugu Euskal Herrian zehar. Beti esan dugunez, mundu honetan, ezagutzen ez duguna askozaz gehiago da, ezagutzen duguna baino; eta egunotan neronek jaso ahal izan dudanaren zati bat ematen dut. Toki soil batean, aipatu ditudan erarik gehienen lorratza* agertzen da: eguzkia, sua, arbola, ura. Toki hau, Bizkaian Berrizko Murgoitio hauzoa da. Barandiaranek egin zion aipamena, El mundo en la mente popular vasca-ren bigarren tomoaren 69. orrialdean ikus genezakeenez. Baina nik Pedro Zelaieta jaunari, 72 urtekoa, Murgoitioko Beña baserrikoari ahoz aho jasoa,* hau da:

Gure denporan, San Juen bizperan, Donielatxa iminten zan San Juen ermitaren onduen. Illuntzien, eguzkia sartu ondorean, su haundiak iziotzen* ziran inguru berean eta txikiagoak soloetan.* Suaren inguruan dantzak eta brinkoak, eta suaren gaiñetik saltoak be* bai, honela kantatuaz:

San Juen, San Juan

besterik ez dogu goguen,

arrautza bi kolkuen,

beste bi altzuen.

Sorgiñek eta lapurrek

erre, erre!

Artuek eta garixek

gorde, gorde!

Biba San Juen!

Bixer da San Juen.

Biharamun goizean —San Juen goizean— egunsentirako itzartu,* eta baraurik, mezatara baino lehen, ermitatik hurrian dagoen iturrian hiru basokada ur edan. Irunspekuek osatzeko* ona zala ta.

Etxe ateetan erramak iminten dira, oindiño be bai, leixarra edo elorrixe. Baina leixar edo elorri horreik errekatxarkurik pasatu bakuek izan behar dabe (ekartzen dauenak ez daiala urik gainetik pasatu).

Eguerdi aldian, aintxiña, Murgoitixoko Kofradiako mutillak aurreskua egiten ebien. Orain, Berrizko dantzariak ekartzen dira.

Donielatxara igoten dauena saritua izaten da, gauzaz edo diruz. Donielatxa, lehenago, txopua izaten zan, orain piñua.

Arratsaldean erromeria haundia, gaberarteiño.

Hau da, Pedro Zelaieta jaunak kontatu bezala. Ba da bertan gauza bereizgarririk. «Donielatxa», seguru asko, Donibane haretxa* da. Azkuek zioenez, Bizkairik gehienean, lehengo denboretan «haretxa»z izendatzen zen edozein motatako arbola. Donostian ezagutzen zen arbola, lizarra izaten zen, eta, plazan jarri ondorean, bedeinkazioak egin eta sua ematen zitzaion, eta, sutan zegoelarik, lurrera bota. (Marzelino Soroaren Azak eta Naste [segunda serie, Donostia, 1895] liburuak dakar ohitura hau. Eta, 1912.ean, Donostiako aiuntamentuak debekatu zuen).

«Sorgiñek eta lapurrek» erretzeak Inkisizio garaiko kutsua du, noski. Soroetan sua zabaltzeak, espiritu txarrak erreaz, etxeko ondasunak zaintzea dakar eta hemen fetitxismoak ba du bere lekua.

Ura beti izan da osagarria, hijiene aldetik; eta Murgoition, irunspekoak (golo, hazikontxo, haziguren = paperas, goître) osatzeko,* hiru basokada ur edaten baziren ere, aintzinako sinesmenaren sinbolua sineskeria bihurtu da. Euskal Herrian bertan, eguzkiaren irteeran errekan edo hibaian oinhutsik edo erdi biluzik sartzeko ohitura ezagutu da, jentilen garaiko eran. Hau, Allahabad-en Ganges hibaiko uretara sartzetik edo San Joanen bataiotik urruti egon daiteke; baina, funtsean,* gizona Naturak berak antzerako eran bultzatua izan da.

Etxearen gordegarri lizar edo elorri hostoak* eramatean, uraren gainetik ez pasatzea superstizio bihurtua bada ere, mitologiako sinbolismo hutsa da, sua eta ura, bi indarren arteko ritoa.

Ainitz* gauza ba da jasoa eta oraindik jasotzeke,* eguzki aldaketen muga honetan era orokorrez* estudiatu ahal izateko.

JUAN SAN MARTIN

dio, dautso

ebien (eben), zuten

genezake, geinke

zioen, inoan, esaten zuen

zitzaion, jakon


Literatura eta gizartea historian. Grezia

Demokrazia eta trajedia (2)

Mimoak, garai hartako egiazko teatro herrikoiak, publikoarekin zituen harremanetatik ateratzen zuen bere egitekoa. Historian lehen aldiz, herriarentzat kreatu den, eta, are,* neurriren batetan herriak berak kreatu duen teatro aurrean gaude. Mimoan ez ziren drama aristokratikoak jokatzen, ez ziren bizimodu gorenak eta ohitura heroikoak plazaratzen, baizik eguneroko bizitzetik ateratako jolas* arrunt* eta laburrak, era naturalista batez moldatuak. Mimoak herrian sortuak ziren, publikoaren gustoa zuten, eta herriagandik hartzen zuten beren jakituria guztia. Ez zuten entzulegoa hezi ez irakatsi nahi. Hura* entretenitu eta atsegindu besterik ez zuten nahi. Tamalez,* obrok ia zeharo* galdu dira. Hau gertatu ez balitz, dudarik gabe, grekoen literaturaz eta are* kulturaz beste irudi bat izanen genukeen. Mimoa, trajedia baino askozaz zaharragoa da. Trajedia ditiranbotik sortu zen, hots,* berez dramatiko ez den jenero batetik, eta, dirudienez, forma dramatikoa mimotik hartu zuen. Bestalde, dena dela, trajediaren elemento dramatikoari, elemento liriko-didaktikoa nagusitzen zaio; esan dugunez, haren betebehar inportanteena ez zelako publikoa entretenitzea eta atsegintzea.

Jai nagusietako teatro saioetan du Polis-ak bere propaganda tresnarik garrantzitsuena. Poeta trajikoei Estaduak pagatzen die, errepresentatzen zituzten obrak gatik; baina, klase menperatzailearen interesekin ados zetozen obrak bakarrik errepresentatzen ziren. Horrela, trajediak obra zeharo alderdikoiak dira. Eguneroko poblemekin zer-ikusirik duten gaiak ikutzen ditu; eta egitateei buruzko ikusmolde ofizialetik urruntzen dena gaztigatua da, zernahi den obraren kalitate artistikoa. Garai hartan, bizitzearekin eta politikarekin harreman hertsirik* ez zukeen teatroak ez zuen zentzurik. Greziar trajedia, «Eumenides»en bukaerako Estaduaren aldeko erregu beroak mostratzen duen bezala «teatro politiko»a zen, hitzaren zentzurik hertsienean.

Demokrazia, lehenago tiranoak bezala, erlijioaz baliatzen da, batez ere populua Estadu berriari atxikitzeko.* Honetarako biderik hoberena trajedia zen, erlijioaren eta artearen biderdian baitzegoen, eta, bertan, elemento razionalak (obraren desarroiloa bultzatzen duen Kausa-ondorioaren printzipioa) eta ezrazionalak (emozio trajiko-erlijiosoa) garrantzi berdina baitute.

V. mendea* bukatzen den eran, noblezia zahar kontserbakoiak indarra galduz, eta elemento naturalistak, subjektibistak eta indibidualistak hedatuz* doaz. Literaturan biografia azaltzen da, pinturan erretratua. Trajedia, egintzaz baino areago,* pertsonaien karakteraz eta psikologiaz arduratzen* da. Gauza konplikatuak, arruntak* eta sinpleak baino estimagarriago bihurtuz doaz. Filosofian, sofisten iraultza* espirituala gertatzen da. Honekin, grekoen munduari buruzko ikusmoldea, kultura aristokratikoaren pentsakeran sostengatzen zena, oinharriz aldatzen da. Mendebaldeko* kulturaren kontzeptua, zientzian, pentsamendu logikoan, kontzientzian eta kritikan oin-harritzen dena, sofistekin hasten da. Sofisten gandik dator dogmen, mitoen eta tradizioaren kritika; haiek ikusten dute lehenik egiaren eta gezurraren, ongiaren eta gaizkiaren erlatibitatea; haiekin hasten da mendebaldeko errazionalismoaren historia, Errenazimenduan, XVIII. mendeko Ilustrazioan eta XX.eko materialismoan berragertzen dena.

Sofisten ideologiak Euripides trajedigileagan du adierazle artistikorik osoena eta inportanteena. Gai mitikoak aitzakia bat besterik ez dira harentzat. Euripidesek eztabaida sortzen du ezkontzari buruz, esklabuari eta emakumeari buruz. Haren heroisa,* senarraren aurka altxatzen dena, gehiago hurbiltzen* zaie Ibsenen teatroaren emakumeei, Eskilo eta Sofoklesen obretakoei baino. Euripidesen trajedian molde zeharo* antiheroikoak agertzen dira: gerla egiteko baino balore gehiago behar dela seme batez erditzeko* dioen emakumea. Baina trajediaren amaiera hurbil dagoela ez da bakarrik munduaren ikusmolde antiheroiko horretan nabaritzen,* baizik halaber* Euripidesen teodizea negatiboan eta destinoaren esplikazio eszeptikoan. Harentzat gizona ez da halabeharraren jostagailu* bat besterik. Jainkoen borondatearen betebeharraren aurrean sentitzen zen izidura,* fortunaren aldaketa ustekabe eta batbatekoen aurrean sentitzen den harridura bihurtzen da.

Euripidesek beste alde zeharo moderno bat du, bere garaikideekin konparatzen badugu. Literato eta filosofo da, demokrata eta herriaren laguna, politiko eta erreformatzaile; baina, batera, gizon desklasatu bat da, desustraitua, haren maisu sofistak izan ziren bezala. Sofistak izan ziren lehen «intelektual desustraituak». Dudarik gabe, Euripides demokrata zen bere eritzi politikoetan. Baina praktikan, Estadu burgesaren alde baino areago,* Estadu aristokratiko zaharraren aurka dagoela esan behar da.

Euripides izan zen, arrakastarik* izan ez zuen lehen poeta ezaguna. Bere bizitze osoan lau sari irabazi zituen bakarrik. Honen zergatia publikoaren faltan datza.* Noblezia zaharrak, arrazoi ideologikoak gatik, ez zuen haren obran ezer atsegingarririk aurkitzen; ez eta burgesia berriak ere, heziketa* arrazoiak gatik. Euripidesek erdi mailako publiko ilustratu bat behar zuen. Baina garai hartan ez zegoen Grezian ezer antzekorik ere.

IBON SARASOLA

die, dautse, diote

gaude, gagoz

zaie, jake, zaiote

zaio, jako


Geure kantariak ba ditugu guk ere

Noizbait guk ere geure kantariak ba ditugu, galdeginak* diren toki orotan* aritzen* baitira kantuz, bereizgorik* egin gabe.

Frantsesek beren idoloak baldin badituzte, Jonny Holliday, Sheilla bezalakoak eta beste, Amerikak bere andana,* bai eta Inglaterrak berdin, guk euskaldunok ber gauza edo gehiago ez ote dezakegu erran?

Holaz, gure oraiko kantariak edozein adinetako* entzulek nahi dituzte aditu eta ikusi. Zergatik? Zerbait norbaiti erraiten diotelakotz, berek sinesten duten zerbait, berek maite duten zerbait, eta erraiten gure mintzaira goxoan, euskaraz, gure adibidean. Kantaldi baten ondotik, jendeak sendi* du hunkia* dela, iharrosia,* eta ez dela hotzik egoiten ahal, edozein adinetako izanikan ere.

Lehena, kantu berrian, Michel Labeguerie jaunak bidea ideki zuen. Geroztik abiadura hori zabaldu da geroago eta gehiago. Horra hor Hego Euskal Herrian, Lekuona, Lertxundi, Lete, Irigarai, Iriondo, Laboa, Oskarbi, Unai, Erlak, Maritxalar, eta abar. Iparraldean, aldiz,* horra Etxamendi-Larralde, Ospital-Carrère, Guk, eta berriak: Etxepare jaun-andereak, Eneko Labeguerie, Mauleko Ortzadarrak, Ibarlako Aizpurua, Peio Etxegoin eta beste.

Kantari hoiei esker, urte guzian eta bereziki* negu-primaderetan, arratsalde eta gau atsegingarriak ba ditugu, haien botz, musika eta erranei beha.* Kanporatuta, ezin daitezke aise* ahantz,* goxoki, adiskidetasunean, euskaldunki, bero beroki iragan* orenak. Azkenean, guk ere geure ikusgarriak ba ditugu, guretzako eginak, egiazki bizi direnak, gutaz, geure biziaz eta geure Herriaz mintzo zaizkigunak.

Orai arte, «spectacles folkloriques» delako hoietarik, turistentzako eginikako hoietarik baizik ez zen. Hoietan gu bezalakoa ez da goxoki sendi,* nonbait* han, xakurra elizan bezalatsu gu hor arrotz artean.

Bainan orai, guk ere ba ditugu geure euskal diskoak, arrunt* hemengoak. Bakoitzak bere gustukoak aurki ditzake. Agertzen zaizkigu mota guzietakoak: haurren ahusagarriko* ixtorio, dantza zaharretako aire, soinu tresna zaharrez jo* aire, amodiozko kantu, Herriaren aldeko kantu, kantu berri ala zahar...

Ari den lana, sekulan izan ez den bezalakoa da. Nahiko hauta* ba da.

Azkenean, geure herrietan, den ttipienean ere, geure kantariak izan ditzakegu, hirirat edo norapait joaiterik gabe. Gutaz arta* hartzen da hondarrean,* beti turistentzako oro egiteko orde.

Elkarrekin goxatzeko parada* emaiten daukute, omore onean eta alegeraki. Kantari hoiek baitaukute guri eta gure Herriari emaiten, beren baitan* eta beren bizian daukaten mami hoberenetik.

Kantari orori mila esker bihotzez, eta segi aintzina.

ENTZULE BAT

(HERRIA, 1972.eko ekainaren 1ekoa)


Neure Lantokitik

«Geurea da eta»

«Geurea da, eta, geurea...» Hau kantatzen du gaurko euskal gazteriak gartsuki; eta hau kantatzen dute Israelen, hebreoz, beren himno bezala.

Doinua nork nori hartu dion, bost axola niri. Nik neuk «Geurea da eta» kantatzen jarraituko dut, ez gazte naizelako, kantatzeak gazte sentiarazten nauelako baizik.

Eta jarrai zuek ere, gazteok, Euskal Herria geurea dela oihukatzen, horrela delako, edo behintzat horrela izan behar lukeelako.

Peillen eta Mirande

Dominique Peillen eta Jean Mirande, Parisen bizi diren euskal idazle handi bi. «Gauaz ibiltzen dana» (Peillenek Kuliska Sorta-n) eta «Haur besoetakoa» (Mirandek Lur-en), haiek argitaratu dituzten liburu bakarrak.

Euskal letren berpizte honetan ez ditzagun ahantz, gure literatura goi mailako lanekin aberasteko gai diren idazle bi hauk.

Haurrak eta zakurrak

Pirinioetako mugaz gorako nazio aurreratuetan, ez dituzu gurasoak beren haurrekin ikusiko, kolore eta arraza guztietako zakurrekin baizik.

Gurasoek beren haurrekin ibili behar lukete ahalik eta sarrien, batez ere haur diren artean. Hau izango litzateke giza legez jokatzea.

Baina zakurrak? Ez ote dago munduan zakarrak baino ezer maitagarriagorik? Telebist antenek sortzen dituzten basoek uzten ote daukute, maitasun, justizia eta libertatearen eske dauden hainbat eta hainbat gizon eta herri ikusten?

«Gringo, go home»

Iragan* dira urteak, nik ez dakit zenbat, eta Vietnamen haur ainitz* jaio dira eta gazte bihurtu (lehenago lehertu ez badira), zerutik beti bonbak erortzen* ikusi dituztelarik.

Inon errukirik badago, sendimendu hori merezi dute hango haur eta gazteek, eta haien gurasoek, eta Saigoneko ilunpean dolar batzuen truke birjinitatea saldu beharrean aurkitzen diren neskatillek.

Burundiko sarraskia*

Historian zehar eta munduaren zabalera osoan, sarritan hau izan da militarren ofizioa; nazioa gerrarako prestatzea, ahal den gizonik gehien nola hil asmatzea. Medikuarena, ahal denik gehien salbatzea den bezala.

Bizia galtzea beti triste baldin bada, areago* hil behar duenak bere defentsarako harmarik ez badaduka. Burundiko Micombero koronela bere ofizioaren mailarik gorenera igan* da, 100.000 «hutu» indarge (zahar, gazte eta haur) triskatu dituenean.

Eta eguzkia egunero irteten da, eta guk eguneroko bizitza daramagu, ezer gertatu ez balitz bezala.

Ametsetan

Amets egin dut, euskaldunen seme guztiek ikastoletan ikasten zihardutela.

Amets egin dut, euskaldun guztiek ikastolei diru laguntza eskaintzen zietela.

Amets egin dut, euskaldun guztiak euskara batua ikasten eta zabaltzen ari zirela.

Amets egin dut, Euskal Herriko auto guztiek ANAITASUNAren txartel bi agerian zeramatzatela.

Amets egin dut, hitz batez, euskaldunak burrukalariak zirela eta ez noiznolakoak edo oportunistak.

Baina, itzarri* ondoren, tristeki ikusi dut, amets hutsa zela eta ez egia.

XABIER GEREÑO


[Herriz herri]

Santutxu

Beste zenbait* urtetan bezala, aurten ere, Euskal Umeen Jaia prestatzen hasi ginen Bilboko Santutxun. Azkenean, Bizkaiko gobernadoreak debekatu egin zuen jaia, bidezko ez zela eta. Hala ere, lehenagotik, Idazte Sariketa bat antolatu genuen hauzoko umeen artean; eta debekua etorri zeneko, lanak bildurik zeuden. Beraz, aurrera eraman genuen delako sariketa hori.

Presentatu ziren lanen artean, bi hauk* aukeratu ditugu. Guztiz interesgarriak dira, batez ere idazleen adina* ikusiz gero. Lanak, presentatu ziren eran argitaratzen ditugu, bai joskera* aldetik eta bai ortografi aldetik ere.

«Dragoi orlegia ta dragoi gorria»

Herri baten aldean dragoi orlegi* bat egoten zan, eta beste aldean gorri bat.

Gorriari iñork ez eutson gura eta horregaitik beti triste egoten zan. Dragoi orlegiak lagunak baeukazan. Dragoi gorria hain bakarrik egoten zan lez, tristeziagaz geixotu zan. Orduan dragoi orlegia beragaz biziten geratu zan. Ikusten eban lez dragoi gorria lagun barik egoala, joan ziran biak herrira eta dragoi orlegiak gauza guztiak txarto egiten ebazan, olan jendeak ikusteko dragoi gorria ona zala eta bera hain ona ez zala, baizik biak bardinak zirala. Olan herriko guztiak dragoiaren lagunak egin ziran.

Egun haretatik aurrera dragoi gorriak lagun asko egin zituan. Oso pozik biziten zan, eta egun baten pentsatu eban, dragoi orlegiari esker lagunak eukazala, eta erabagi eban «eskerrikasko» emoten beran etxera joatea. Dragoi orlegiaren etxera eldu zanean, ate aurrean ingi* bat dindilizka ikusi eban. Joan zan arineketan irakurtzen, eta hau iminten eban: «Agur dragoi gorria. Beste herri batera noa. Hemen ezin gara biok gelditu. Bizi zaitez zoriontsu» (Sabino Arana, 9 urte).

«Udabarria»

Udabarria oso polita da eta etxearen baratzak lorez beterik dagoz. Niretzat udabarria polita da, batzuentzako uda obeago da, ze* udan ondartzara joan leike eta udabarrian ondiño ura otza dagoen lez ezin dogu ugar egin.

Udabarrian baserri etxera goaz gure aitite eta amama ikustera ta an zugatzak lorez beterik dagoz. Nik lore mordo bat artuten dot ta nire amamari eroaten dautsot. Eta amama poz-pozik ipinten da ta mosu bat ta peseta bat emoten daust ta ni Bilbora etorten naizanean itsu-lapikora botaten dut.

Baserri etxera noa, nire aiztarekin. Aita ta aitite han tenisera jolasten dabe ta ama ta amama etxean gelditzen dira gauzak ordenatzen. Baserri alboan kolunpio batzuk dagoz ta nire aizta ta ni kolunpiaten gara (Itxaso Sanchez, 8 urte).


Mitologiak

Kultura

 Kultura hitza bezain maiz* eta sarri erabiltzen den hitzik ez da besterik izanen gure artean. Asko erabiltzen da, eta, beraz, usadioaren gaitz guztiak ditu, Ohitura eta usadioa ditugu mitoaren sostengurik jatorrenak. Asko erabiliz gero, hitzak gastatu egiten dira, eta edozein gauza adieraztera ailegatzen dira. Kultura hitzak ez du gure artean muga klar eta segurik. Gehienetan, zerbait abstrakto eta guztiz iluna adierazten du. Sagaratua dugu hitza. Zerbait seriosa badugu, hori kultura da; eta ezin daiteke txantxetan iharduki* (sagaratua denez). Bestalde, kultura hitza euskal mitologia politikoaren mitoetarik zaharrena dugu.

Goazen kulturaren definizio bat ematera; eta bidenabar* ikusiko dukegu* agian, zeintzuk diren haren esangura oker eta gehigarriak, hots,* eranskinak.*

Sarrienik, kultura hitza natura hitzari oposatzen zaio; eta honela negatiboki definitzen dugu kultura. Zentzu honetan kultura, naturalezaren beste alderdia da, eraz aldaturiko natura. («Colere» latin hitzetik dator, eta lurraren langintza esan nahi du). Lehen esangura honi jarraituz, lurrari (naturari) kendutako frutuek osatzen dute kultura.

Lehen ere esana dut, baina berresanen dut, euskaldunok oso hurbil* garela lur eta izaditik.* Geure kultura, lur-kultura dugu batik* bat; eta, nekazari onak bezala, frutuak maite ditugu batez ere. Frutuak lortzeko egin behar den lana baino gehiago preziatzen ditugu frutuak berak. Agi.an,* hemendik esplika daiteke, euskaldunok geure aintzinako ekintzak maitatzeko dugun joera. Euskaldun gehienentzat kultura altxor* bat da, iragandako aberastasunek osatzen duten altxor preziatua.

Hain zuzen ere, euskaldunok, kulturaren alderdi estatikoak baloratuz, haren alderdi dinamikoaz ahanztu* bide gara. Hots, kulturak duen prozeso alderdia ahanztu bide dugu. Zenbaitentzat* kultura, folklore eta literaturaren kondairek bakarrik osatzen dute.

Folklore, literatura eta abar, euskal kulturaren sedimentuak dira. Baina egungo* euskal kulturak (zeren* eta kultura beti gaurkoa baita) ba du alderdi biziagorik. Kultura naturalezaren bortxaketa bada, egun ikusi behar duguna zera da: natura hori gaur eta hemen nolakoa den. Eta natura esentzialismo batetik at* ikusi behar dugu, baldin kultura zerbait bizia izatea nahi badugu.

Egungo gure natura, gaurko gizarte moldeak dira. Beraz, aintzinako naturaren egoskaiztasuna,* gaurko gizartearen desegokitasuna da. Gure natura, determinazio konkretu batzuek eragindako euskal gizarte desegoki eta deseuskalduna da.

Euskal kultura da, gizarte eta egoera deseuskaldun honi erantzuten dion eta oposatzen zaion lan eta saiaera oro.* Gero datorke agian, saiaera hori atsegina edo estetikoa den jakitea. Baina, oraingoan, lanari, hots, prozesoari eman behar diogu balioa.

Estetizistek, artistikoa dena bakarrik jotzen dute kultural. Eta artistiko izate hori gizartearen kontradizioetatik at* ikuspegitzen dute gehienbat. Baina zer da artistiko eta zer estetiko? Gogora dezagun «aisthanomai» aditz grekoak estetika eta aszetika hitzekin duen zerikusia, eta jabetuko gara honetaz: estetiko, lan eta saiaera bortitz* baten bizkarretik lorturiko zerbait dela.

Kultura, lana da. Euskal kultura, Euskal Herriaren osasuna lortzearren egiten den lana da. Euskal kultura, euskal langileriaren lana da; eta arteak, literaturak eta gainerakoek lan honen azterketa eta adierazpide izan beharko dute, baldin euskaldun eta kultural izan nahi badute.

Burjes pentsamoldeak, ilustrazio edo hobby bat bezala hartzen du kultura. Eguneroko beharretatik at dagoen zerbait bezala. Baina guk euskaldunok ezin genezake, egun,* horrelako lujorik permiti. Adibidez, euskaraezin daiteke lujo bat izan. Euskal kulturak funtzionala izan behar du, hots, behar konkretu eta euskaldun batzuei erantzuna. Eta erantzun hori dotorea nahiz itsusia izan daiteke; baina lehenik erantzun horrek zuzena izan behar du, zientifiko.

Zientifiko diot, zeren eta ahanzturik baitadukagu zientziak eta kulturak duten lotura hertsia.* Zientziaren xederik* nagusiena zuzentasuna da, hau da, errealitatearen ezagupide neurtua. Beraz, euskal errealitatearen ezagupide zuzena da lehenik, euskal kultura izena merezi duena. Sorketak eta saiaera aintzindariak* beharrezkoak ditugu. Baina halakoek ez dute ahanztu behar errealitatearen nagusigoa; bestela, saiaera deserrotu* eta diletante huts izanen dira.

Nekazari eta. artzainen atura gailentzeak,* kultura bat osatu du. (Euskaran islaturik* dakusagu, egun, euskal kulturaren maila hau). Baina natura hura* ez da gaur gurea. Zenbaitek natura hura amesten badu ere, egungo euskal kulturaren gaia, materia prima, besterik da. Gaur euskal naturaleza, industriala da batik bat; eta euskal langileria da natura horren semezurtza. Beraz, egungo euskal kulturak zera izan behar du: natura industrial eta egituraz desegoki eta deseuskaldun den honen gailentzea. (Zozokeria deritzat, gizarte mota desberdinak gogoan hartu gabe, kultura definitzeari. Baina hau beste lan bateko iharduna genuke).

Literatura oparo* bat edukitzeari jatorra deritzat. Zorigaitzez, ez da hau gure kulturaren karakteristikarik aipagarriena. Baina ez gara honetaz lotsatu behar. Noski, hamar Axular eta hamaika Larramendi izan bagenitu, beste segurantza bat izanen genukeela. Baina... baina pentsa dezagun, hainbesteko zama* astunik gabe arinago joanen garela, lasterka abiatzeko pisu guttiago izanen dugula. Kultura indartsuenak ez dira handienak, ez eta astunenak ere, azkarrenak* baizik. Eta, indartsu esatean, ez dut nagusi izatean pentsatzen, burrukalari izatean baino.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

dakusagu, ikusten dugu

dezagun, daigun

dio, dautso

diogu, dautsagu

genezake, geinke

zaio, jako


Gurutzegrama (9)


Kontsumoko gizartearen zerbait dela eta. «Love story»

Ez nedukan filme au ikusteko usterik, ez eta beronetaz idazteko asmorik ere. Baina, Ondarroan eman denez gero, ez nuen nahi buruz eta irakurri dudanaz bakarrik hitz egin, filme hau ikusi duten hainbat pertsonarekin. Horregatik, lagun batek gogo hori azaldu zeutan, eta biok «Love story» ikustera joan ginen.

Hona hemen ene eritzia.

«Problema asko eta interesgarriak adierazten ditu», esan zeutan gazte batek. Bai horixe! Problema hoik* izan litezke: kristautasuna edo erlijiotasuna, desberdintasun ekonomiko-soziala, gurasoekiko harremanak, ezkontzako biziera (lana, dirua, gaixoa, heriotzea...). Egia da, problema hauk* agertzen direla. Baina nola? Sakondu gabe, azaletik bakarrik aipatzen dira; baina bizi, ez dira bizitzen.

Gai garrantzitsuena elkarrenganako maitasuna da. Baina gizarte ingurua ez da inondik ere agertzen, memento* arruntenak* izan ezik (partidu bat, ezkontza, titulu hartzea...). Berek —neska-mutilek— ez dute beste problemarik, mundu honetan berak bakarrik bizi balira legez.* Beren bizitzaz landa,* ez dute beste ardurarik* agertzen. Hots,* erromantizismo hutsean bizi dira, herriko errealitatetik lekora.*

Romeo Julietarekiko gai honetaz, hainbat filme egin dira. Azkenak: «Romeo y Julieta en las tinieblas», Jiri Weis txekoak egina, «West side story», eta Zefirelli-rena. Konpara hauekin eta ikus non gelditzen den «Love story»ren indarra.

Zine hizketa aldetik, Arthur Hiller egileak ez daki zer egin. Gai eta pertsonaia bigun eta erpe gabeak eman dizkiote, eta honela kamara hartu eta neska-mutil biei jarraitzea da haren zeregina. Agerraldirik luzeenak kanpoan gertatzen dira: gazte biak paseiatzen modu batera edo bestera, oinez edo autoz, euritan edo elurretan; kamara aurretik edo atzetik. Ene ustez, exenplu bat legez,* ezkontzako mementoa agertzen da. Egilea, ikusleei gauza berririk esan gabe, gazte bien inguruan itzulika dabila, kamararekin zer egin ez dakielako. Hori, beste era batez, imajinaziorik eza dela esango nuke.

A! hori bai, musika polita, batez ere klasikoena edo klasikoen antzekoa entzuten denean.

Interpretazioa ere motel xamarra iruditzen zait; ez da hain apartekoa.

Lehenik nobelaren eta gero filmearen inguruan erabili duten propaganda ikusita, argiro agertzen da, pelikula hau kontsumoko gizartearen produkzio bat dela. Pena da, baina gehienok propaganda horren menpean bizi gara. Horrelako pentsamolde eta ekintzaz ez dugu, ez, herria eta mundua berriztatuko.

BENITO ANSOLA

dizkiote, dautsoez

litezke, leitekez

nedukan, neukan

zait, jat

zeutan, eustan, zidan


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUA

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABELGORRI, ganado vacuno.

ABONATU, harpidedun, abonado, suscritor.

ABURU, eritzi.

ADIN, edade.

AGIAN, nonbait, beharbada, seguramente.

AHANZTU, ahantzi, ahaztu.

AHANTZ, ahantzi, ahanztu (potentzialetan).

AHURTARA, puñado, poignée.

AHUSAGARRI, jostagarri, recreativo.

AINITZ, asko.

AINTZINAMENDU, desarrollo, développement.

AINTZINDARI, precursor, corifeo.

AINTZIRA, lago, laguna.

AISE, erraz.

ALBIZITU, indartu, berpiztu.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALTXOR, tesoro.

AMILDU, precipitarse.

ANDANA, aldra, talde, legión.

ANTZE, arte, destreza, habilidad.

ANTZ EMAN, prever, conjeturar.

ANTZOKI, teatro.

ARABERA, según, conforme, en proporción.

ARAZO, problema.

ARDURA, axola.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago, plus encore.

ARETA, Las Arenas.

ARGUDIO, argumento.

ARITU, ari izan, ihardun.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRUNT, ordinario, corriente, común; oso, guztiz.

ARTA HARTU, arduratu.

ASKI, nahiko.

ASTIKI, astiro.

AT, kanpo, landa, lekora, fuera.

ATONDU, antolatu.

ATONTZAILE, antolatzaile, eratzaile, muntatzaile.

ATXIKI, adherirse.

ATXIKITZE, conservación.

AURKIMEN, descubrimiento, hallazgo.

AUSART, valiente, intrépido, osado.

AXOLA, ardura.

AZKAR, zalu, bipil, pizkor, arin, laster.

AZTIKERIA, adivinación.

BAITAN, -gan.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BE, bere, ere.

BEDEREN, behintzat, behinik behin, gutienez.

BEHA, begira.

BEREIZGO, distinción.

BEREZIKI, batez ere, especialmente.

BIDENABAR, bide batez.

BILAKATU, bihurtu.

BILDUMA, colección.

BITXI, adorno, aderezo, dije.

BORDELE, Burdeos.

BORTITZ, fuerte, violento, vigoroso.

BORTIZKI, fuertemente, vigorosamente.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEITU, deitutako, deituriko.

DESERROTU, desarraigado, déraciné.

DUKEGU, dugu nonbait.

EGITAMU, programa.

EGITURA, estructura.

EGOSKAITZ, egosteko gogor, menperatzeko gaitz.

EGUN, gaur.

EHIZA, caza, chasse.

EI, omen.

EKAIN, junio.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

EKIN, ocuparse, insistir. (Aditz hau intrantsitiboa da).

ELEBERRI, nobela.

ELTZE, lapiko.

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERANSKIN, eraskin, añadidura, addition.

ERDI, erditu, parir, enfanter. Seme batez erdi, parir un hijo. (Ikus Larresororen «Sustrai Bila», 101).

ERGELKERIA, fatuidad, necedad.

EREMU, espacio, terreno.

ERITASUN, gaixotasun.

ERORI, jausi.

ERTILAN, obra artística.

ESKUALDE, comarca.

EUSKALKI, dialecto vasco.

EUTSI, asir, sostener, saisir, soutenir.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, sustancia.

GAILENDU, gainditu, superar.

GALDEGIN, eskatu.

GIZABIDE, bizimodu, biziprograma.

GURTU, venerar, adorar.

GUTUN, eskutitz, carta, lettre.

HALABER, igualmente, así mismo.

HARETX, haritz.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTA, aukera.

HAUTAPEN, opción.

HEDATU, zabaldu.

HEGI, ertz

HELBURU, fin, objetivo.

HEROISA, heroína.

HERTSI, hestu.

HESOINDU, oinharritu.

HEZIERA, kultura.

HEZIKETA, educación.

HIZKUNTZ, hizkuntza. (Hitz elkarteetan, azken bokala galtzen da).

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HONDARREAN, azkenean.

HOSTO, orri.

HOSTOTU, orriz bete.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUNKI, hunkitu, conmover.

HURA, ha.

HURBIL, hur, cercano, próximo.

HURBILDU, hurreratu.

IGAN, igon, igo.

IHARDESPEN, erantzun.

IHARDUKI, tratar, hablar, discutir.

IHARROSI, sacudir, conmover.

IKERKETA, investigación.

IKERTZAILE, investigador.

INGI, paper.

INGUMA, mariposa, papillon.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRAULTZA, revolución.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ISLATU, reflejar.

ITAUNDU, galdetu.

ITZARRI, itzartu, esnatu.

ITZARTU, itzarri, esnatu.

IZADI, creación, universo.

IZIDURA, ikara.

IZIOTU, piztu.

IZURRI, peste.

JADANIK, ya.

JASO, altxatu; recibir.

JASOTZEKE, jaso gabe.

JAZO, gertatu.

JO, jotako.

JOLAS, solas, conversación.

JOSKERA, sintaxis.

JOSTAGAILU, juguete, jouet.

KALONJE, canónigo.

KAPERA, capilla.

KAZETARI, periodista, journaliste.

KOKATU, situarse.

KONPROMEZU, engaiamendu, compromiso, engagement.

LAKETGU, atsegin leku.

LANDA, at, lekora, kanpo, fuera.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIAKETA, concurso, competición.

LEKORA, at, kanpo, landa, fuera.

LIZARRA, Estella.

LORRATZ, huella, vestigio.

MAIZ, sarri.

MARATILA, taravilla, bobinette.

MEHARTU, hestutu.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MUKURRUTU, colmar, combler.

NABARITU, percibir, notar, advertir.

NONBAIT HAN, guti gorabehera.

OHI, izandako, ex-.

OMEN, ei.

OPARO, jori, abundante.

ORLEGI, berde.

ORO, guzti.

OROKOR, general, de conjunto.

OSATU, sendatu, curar, guérir.

PARADA, aukera, era, ereti, abagadune, ocasión.

PAUE, Pau.

POLITIK, politika. (Hitz elkarteetan, azken bokala galtzen da).

SARRASKI, hecatombe, masacre.

SENDI, senditu, sentitu. (Ikus Larresororen «Sustrai Bila», 100).

SOLO, soro.

SORO, solo.

SOTILTASUN, sutileza.

SUKAI, combustible.

TAMALEZ, damurik, lastimosamente.

TIPUS-TAPASKA, improvisadamente.

TRUMILKA, aldraka, en tropel.

TXOSTEN, informe, comunicación.

UDAL, ayuntamiento, municipio.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URRATS, pauso.

UZTAIL, julio.

XEDE, helburu, asmo.

XERTATU, injertar, greffer.

ZAMA, pisu, karga.

ZE, zeren, pues.

ZEHARO, guztiz, completamente.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.


Heziketa askatzailea

Kontzientziatzea

Paulo Freire izan da, dudarik gabe, heziketa* askatzailearen ideia eta sistema azken urteotan gehien hedatu duena. Uste dut, guri ere hari harira datorkigula, Freirek lehenik Brasilen eta gero Chilen egin zuen kontzientziatze lana edo heziketa askatzailea ematea.

Baina heziketa honi, duen inportantzia funtsezkoa eman ahal izateko, lehenik eman behar den urratsa* zera da: ongi baina ongi kontura, zapaltzailea bortizki* kokatu* dela zapalduaren baitan.* Kukuak xori xipiago baten kabian bere arraultzak ipintzen dituen bezala, zapaltzaileak ere horrelako zerbait egiten du zapalduarengan.

Zapaldua ongi ohartzen ez bada egia horretaz, alegia,* zapaltzailea bere barnean bizi dela, heziketa askatzaile baten alde lan egin beharrik ez du ikusiko.

Heziketa askatzailearen helburua* zera izanen da: gizon eta herri menperatuaren barnean kokatu edo xertatu* den zapaltzailea kanpora jaurtikitzea. Gizonarengan halabeharraren eremua* mehartzea* eta askatasunaren eremua zabaltzea.

Baina askatasunak beldurra sortzen dauku, Erich Fromm-ek «El miedo a la libertad» liburuan dioskun bezala. Diktaduraren kontra asko mintzatzen gara, baina hondo hondoan diktadur apur baten egarri gara gehienetan. Faszismoari ez zaio jendea erraz guttituko.

Bai, askatasunaren beldur gara. Izan ere, zapaltzailearen «itzala» kanpora jaurtikitzen bada, barnean aginduz bizi den pertsonaia estrainoa ateratzen bada, zulo bat, hutsune bat gelditzen da. Eta hutsune hori bete beharra dago zerbaitez, hutsunerik ezin baitaiteke soporta, zorabioa ematen du eta. Hortik, hutsune hori beste betegarri batez hornitu beharra. Nork bere autonomiaz, nork bere errespontsabilitatez, nork bere hautapen* librez. Baina horrek bilaketa eskatzen du, horrek berriz hutsetik abiatzea eta mundu berri baten bila ibiltzea eskatzen du. Libertatea erregalia bat ez baita, garaipen bat baino.

Zapalduak, zapaltzaileak beragan egin duen kolonizatze lanarengatik, dualismo bat, erdibiketa bat bizi du eta sofritzen du bere baitan.* Zapalduak nor-bera izan nahi du, baina beldur da. Inork ez du biluzik gelditu nahi. Eta lehengo jantzia, jantzi baino gehiago kate izanik ere, estalgarri izan!

Orduan, zapalduak hautapen bat egin beharra du: nor-bera izaten has ala erdibiturik bizi; zapaltzailea kanpora jaurtiki ala asimilatuz jarrai; nork bere burua gida ala beste nor baten esanera makur; hautapenak egin ala aginduak bete; hitz orijinalaren jabe izan ala betiko hitz ordenatura dantza.

Joxe Azurmendiren poesiak honela dio:

«Hik nahiago duk gezur txuria,

egia tristea baino.

Nahiago duk egia baino konforta.

Nahiago duk galderaren ajedresa baino

obedientziaren jakematea» (Hitz berdeak, 166. orrialdean).

Lehen esana osatuz, heziketaren helburua hau izanen da printzipalki: «Obedientziaren jakematea nahiago» dutenak guttitzea, eta «galderaren ajedresaren» aldekoak ugaritzea.

Hala ere, heziketa kontu honetan ez gara ametsezko munduan galdu behar, gehientsuetan ohi dugun bezala. Hitzak, formulak, planak eta legeak aldatzea ez da aski* E.G.B. delakoaren Lege Berriak ere hitz ederrik asko ba darabila. Zertarako jakin behar! Batzuen zeregina hau da: dena alda, ezer alda ez dadin. Hots,* pedagogi sailean dena alda, gizarte sailean ezer alda ez dadin.

Ez dago heziketa askatzailerik, ez dago liberaziorik kondizio objetiboetatik kanpo. Ez du merezi, liberazioaz, gizon berriaz eta abarrez, kondizio materialetatik kanpo hitz egiterik. Hori idealismo eta moralismo hutsa dateke, eta lehen ere aski eroriak* gara moralismoaren bekatu horretan.

«Klase dominantzailearen ideiak dira, garai bakoitzean, dominatzen duten ideiak. Hots, indar materialez dominioa duenak, indar intelektualez ere dominioa du. Produkzio materialaren medioak kontrolatzen dituenak, aldi berean, ideiak produzitzeko medioak ere kontrolatzen ditu» (K. Marx, «Sociología y Filosofía Social», Selección de T.B. Bottomore y M. Rubel. Ed. Península).

Sistema ekonomiko batek, ekonomia bat, produkto batzuk* sortzen dituen bezala, mentalitate bat, pentsamolde bat edo kontzientzi maila bat ere sortzen du. Eta ekonomi sistema menperatzaile batean, morroinaren edo esklabuaren kontzientzia sortu ohi da. Kontzientzia esklabizatua, esklabuaren kontzientzia bilakatzen* dela, esaera biribil bat bakarrik ez da. Egia garratza adierazten du.

Beraz, esklabuaren kontzientzia edo libre izateko dugun beldur hori, ez da «berezko» edo «halabeharrezko» gaitza. Sistema baten «halanahizkoa» duzu. Politika baten, ekonomia baten, heziketa baten produktoa, gehienbat.

Baina, hala ere, kondizio materialekin behar duen lotura beti begien bistan izanik, probetxuzko eta beharrezko ere ikusten dut, gaur geure artean kontzientziatzeaz hitz egitea. Eta horretara noa, Paulo Freireri jarraituz. Eta haren ikuspegi honetatik: «Kontzientziatzea ez da errealitatea faltsifikatzeko modu bat. Ez da indibiduaren prozesoa; gizartearen prozesoa da, eta iraultza konpromezua* esijitzen du. Gizarte klaseen organizaziorik gabe, ez dago kontzientziatze lanik» («Orientations», 36. orrialdean).

Freirek, funtsean,* hiru kontzientzi maila bereizten ditu, Brasileko gizarteari begira. Euskaraz honela esango ditut:

a) Kontzientzia primarioa.

b) Kontzientzia post-primarioa.

c) Kontzientzia kritikoa.

Ondorengo artikuluetan, kontzientzi mailok banan banan deskribatzeko asmoa dut. Eta, jakina, Euskal Herriari begira, gu zein mailatan gauden begiemanez.

Heziketa askatzailearen abiapuntuan, presupostu hau ikusten baitut: gu gaur non gauden jakin beharra.

EUSEBIO OSA