ANAITASUNA

231. zenb.

1972.eko Martxoaren 30ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Jardin Txikerra 1, Bilbao-12.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


"Herria nahasten ari da" (Lk 23,5).

"Eta heldu nahi zioten; baina herriaren beldur ziren, jendeek profetatzat zedukaten eta" (Mt 21,46).

"Eta Kalbario izeneko tokira heldu zirenean, gurutziltzatu egin zuten hantxe" (Lk 23,33).

"Baldin gari alea lurrean erori eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; baina hiltzen bada, frutu ugari ematen du" (Jn 12,24).


"Ez dok amairu" gauzak argiro ipintzen

Zenbait* euskal egunkari eta aldizkarik zabal esan zuten gabon inguruan, «Ez dok Amairu» kantari taldeak parte haundia izan zuela «Larraiz»ko gertakarietan. Iruineko egunkari bat izan zen, horretaz lehen eta garratzen hitz egin zuena. «Ez dok Amairu»koek, orduan, «derecho de réplica» delakoaz baliatu nahirik, erantzun bat prestatu zuten, textu luze eta egoki bat, alegia*; baina erantzun horrek ezin izan zuen argirik ikusi, zoritxarrez.

Geroago, Iruineko «La Verdad» aldizkarikoek elkar hizketa bat egin zieten «Ez dok Amairu»koei, eta 1972. eko otsailaren* 2ko alean publikatu. Elkar hizketa horretako erantzunik gehienak, aipatu dugun textu horretatik hitzez hitz jasoak* izan dira; eta, lehentxo batean, «La Verdad» aldizkariaren ale hori bidali zeukuten gure erredakziora «Ez dok Amairu»koek, elkar hizketa hori ezagut dezagun.

Bertan diotenari interesgarri deritzagunez gero, zerbait jaso dugu elkar hizketa horretatik. Hasiera batean «Ez dok Amairu» taldearen helburu* eta ihardunaldien berri eman ondoren, «La Verdad» aldizkarikoak —agerkari hori Elizarena da— galdetzen hasten dira.

— Zer gertatu zen egiazki Larraitzen, gertakari horretaz zernahi gauza irakurri eta entzun baitugu?

Lehendabizikoz, zerbait argitu beharra dago, informazioa egokiago eta zuzenago izan dadin. «Ez dok Amairu» taldeak ez zuen talde bezala parterik hartu, ez antolatu, ez animatu, ez presentatzaile bezala ihardun. Soil soilik, beste jaialdi batzuetan gertatzen den legez,* gure taldeko hiru kantariri dei egin zieten. Beste laugarren bat, horregatio,* nahiz eta deitua izan, ez zen joan. Mila eratara iraindu* gaituzte; gezur asko eta probokazioak ere ez guti esan dira gure kontra. Alde batetik, neurri gabeko indarra eta inon deneko konplikazioak ei* ditugu. Bestetik, «bakanalak, izugarrizko akelarreak, Bako jainkoari opariak,* biluztuen exibizioak, jendeen amodioak...» aipatzen dira. Eta, itxuraz, guzti hori geuk antolaturik, geure inguruetan. Honelako gauzak gaur eta hemen posible balira bezala. Horretaz, dioten hori hain xinplea izanik, ez du merezi gehiago hitz egiterik...

— Eta, gu zuzenki ikutzen gaituen zerbait denez gero, zer dago pagano kutsu eta antikristautasun horretaz?

—Behin baino gehiagotan esan da, «Ez dok Amairu»k zerikusi handia duela gure herriaren sinesmen galtzeaz. Aker errudun* erraz eta errentable bat bilatu nahiz, gure lepoen gain ezartzen dira hainbat gauza: gazteriaren moralitatea gal erazi nahi dugula, herria antikristau bihurtu, komunist ideiak zabaldu, eta abar. Baina guk —argi eta garbi diogu— ez dugu apostolutza berri horretan parterik hartzen...

— Zer deritzazue, ikastolak, kultur elkarteak eta abar deskristautze eta komunistatzearen habiak bihurtzeari?

—Zenbaiten gurari* eta ustea da, gu ere talde eta ideologia konkretu batzuei lotzea eta elkartzea, nahiz eta, egiaz, gu talde eta ideologia hoien kontra egon, artikulu horren egilearen kontra gauden bezala. Ikastolak, konfesionalak gabe, komunistak izan daitezela nahi omen* dugu. Era berean, artikulu horren egileak ahaleginak egiten ei* ditu, ikastolak konfesionalak soilik* izan daitezen.

Guztiok dakikegunez,* ba dira bi jarrera hoik*: txanpon berberaren bi alderdiak dira, erabat* ukatzen ditugunak, jakina. Izan ere, ez dago asko sakondu beharrik, zeraz konturatzeko: gauzak horretara planteaturik, guzti horren benetako ondorena ezer ganorezkorik* ez egitea dela, hots,* bide batetik zein bestetik abiaturik, ikastolek dituzten egiazko eta garrantzizko arazoak ez ditugula garbitzen. Guzti horrekin, azken finean, ikastolen hondamena lortu* nahi da.

Horixe da, askok —objetiboki eta sarritan subjetiboki— batzuek eta besteek bilatzen dutena, eta haien itxurazko ikastola zaletasunaren barnean ostentzen* den guztia.

Ikastolek zutik jarrai dezatela nahi dugu guk; eta diogun hau egia denentz jakin gura duenak, galde egin diezakee Ikastoletako Juntei. Hauekin batera, hainbat aldiz kolaboratu izan dugu ikastolen alde, beren burua «euskalzaletzat» duten askok gauzak bai ahanztu* eta bai nahastu nahi badituzte ere.

— Zer deritzazue guzti honi?

— Beti ikasten da zerbait. Guk ere, aipatu dugun artikulu horretatik zeredozer ikasi izan dugu. Baina ba dakigu, artikulu horren egileak zer bilatzen duen; eta, nolabait, apurren bat lortu* ere egiten du. Nahasketa bat sortuz, harako esaera hark dioena, gutienez, hor gelditzen da: «Cuando el río suena, algo lleva».

Lehen, merkatariak ginela, asko kobratzen genuela esaten zitzaikun. Bestalde, orain bezala, ateoak, komunistak garela. Beste batzuetan, ostera, burgesak, erreakzionarioak, integristak eta abar garela. Beraz, guzti hori era berean. Baina garbi geratzen* dena, zera da: zeintzuk diren, hori dioskuten guztiek egiaz dituzten helburuak.

Agintarien aurrean ere toki txarrean utziko gaituzte, nahiz eta guk arreta* handiz iharduten dugun, behar diren baimenak lortuz...

— Besterik?

— Guzti honekin ez dugu esan nahi, okerkuntzarik ez dugunik... Hutsik ez dugula esatea, existitzen «ez garela» esatea litzateke...

DONAGARAI

dezagun, daigun

dezatela, daiela

diezakee, deiskioe, dezaieke

diote, dinoe

gaude, gagoz

zeukuten, euskuen, ziguten

zieten, eutseen

zitzaikun, jakun, zitzaigun


Nori gabeko eskutitzak

Bilbotik, 1972.eko martxoaren 29an.

Aspaldiko Auria:

Ez pentsa ahaztuta nengoenik, ez. Hire eskutitz interesgarri hura,* hartu ninan, bai horixe; baina, examinak direla eta ez direla, ez dinat batere astirik ukan,* lehenago erantzuteko. Orain, dena amaitu denean, lasaiago niagon eta lerro hauk* bidaltzen dauzkinat.

Heure azken eskutitzean igorri heuzkidan poesiak irakurri ditinat. Ez diauden inola ere gaizki; baina hizkuntza ez dun oraindio behar bezala erabiltzen. Kontuz ibil a organikoekin eta mugagabeaz*: ez dun esaten gauz bat, gauza bat baizik; eta zein mendian gaizki esanda diagon, zein menditan ipini behar dun eta. Zorionean euskaraz ba dinagu poesi liburu asko; eta ba diagon, noski,* non ikas. Hortxe ditun Gabriel Arestiren, Xabier Leteren, Ibon Sarasolaren, Amaia eta Mikel Lasaren, Azurmendiren eta beste askoren liburuak. Dirudienez, ez dun ezagutzen Harzabalena: biziki kuriosoa dun liburu hori, forma aldetik batez ere.

Lizardi eta Orixe ongi diauden, Lizardi batez ere; baina hoien tankera* zaharkitua diagoken gaur egun zenbait puntutan. Lauaxeta, ordea, duen sozial tankeragatik, gaurkotuago diagon. Ez hadi, mesedez, enekin haserre; baina gehitxoago irakurtzeko kontseilatuko hinduket, Auria. Egiazko balioak daduzkan poesiarako; eta dohain hoiek pixkatxo bat gehiago lantzea eta leuntzea merezi dinate, ene ustez.

Gaiak, bestetik, oso orijinalak ditun, eta oraingo problematikari ezin zuzenago dagozkionak. Bai, holakoxe hipokrita dun gizarte hau. Hik, euskaldunok zoologikoetako piztiak baino gaizkiago gaudela dion; eta ezin uka, hori, zenbait alderditatik begiratuz gero, egia denik.

Noski,* egunero diakusanagu zenbat eta zenbat milioi gastatzen diren parke zoologikoetan eta museoetan, gameluen* edo eskulturen gaixotasunak erremediatzeko, bai eta tontakeria haundiagoetan ere. Eta gizarte honek «joia eta errelikia historiko» izendatu duen euskara gaixoari, berriz, deusik* ez.

Telebistakoa bera ere egia biribila dun. Antzeko kasua ikusia dinat neronek ere lehengo batean. Ez diakinat zein xori klase gal* ez dadin, sekulako oihuak egiten zituen irakasle batek, herri oso baten espirituaren adierazpena den euskara, lagundu beharrean, lehen bai lehen hil dadin ahaleginak egin behar direla esaten zinan.

Neurriak galduak ditiñagu, egiaz, diosnat, edo —hobeki esan— galduak ditinate, batek dakien borondate ilunez. Zer merezi du gizarte honek, gure ezezko biribila besterik? Zer, gure kritikarik arrabiatuena ez bada?

Baina, heure azken poesian dionanez, agian* onena gazteok beste bide batetatik abiatzea dikenagu, zoriontsu egingo gaituen bidetik, azken helburua guk ikusi ez arren.

Ba diakinat, hik dakinanak esanda, hor ikaraldi bat ukan* duzuela hauzoko zakurrekin. Poztu egiten naun ezer apartekorik ez izateaz. Herrian arrabia dagoenean, erne ibili behar dun, ba dakin zein ondorio kaltegarriak sor* daitezkeen eta.

Beste gabe, hire lagun.

XABIER

Noketazko aditz formak

diagoken, dagoke (dago nonbait)

diagon, dago

diakinat, dakit

diakusanagu, ikusten dugu

dieuden, daude, dagoz

dikenagu, dukegu (dugu nonbait)

dinagu, dugu

dinat, dut

dinate, dute, dabe

ditinagu, ditugu

ditinat, ditut

ditinate, dituzte

ditun, dira

dun, da

naun, naiz

niagon, nago

ninan, nuen, neban

zinan, zuen, eban

Osterantzeko aditz formak

daduzkan (dauzkan), daukanaz

daitezke, daitekez

dauzkinat, daunadaz, dizkinat

dion (esaten dun), dinon

ditun, donaz (ditun)

dun, don, den

gaude, gagoz

heuzkidan, heustazan, hizkidan


Itsasoa [Abestia]

Itsasoa laño dago

Baionako barraraino.

Nik zu zaitut maiteago

Xoriak bere umeak baino.

Aita gutaz oroit dago

Lainopean gaueraino.

Nik zu zaitut maiteago

Arraintxoek ura baino.

Izar xuriz mila dago

Iparretik hegoraino.

Nik zu zaitut maiteago

Ilargiak gaua baino.

Lo egizu, egizu lo

Deskantsuan bihar artio.

Nik zu zaitut maiteago

Gau beltzean loa baino.

Orai haurra hor lo dago:

Lo egizu, aingeruño.

Nik zu zaitut maiteago

Zure aitak nihaur baino.


[Bineta]

ANTTON


Aldapeko Sagarraren [Abestia]

Aldapeko sagarraren adarraren puntan,

 puntaren puntan,

 Xoria dago kantari.

 Xiruliruli, xiruliruli.

Nork aditzen ote du kantu eder hori?

Zubiburu zelaieko oihanaren zolan,

 zolaren zolan,

 Lili bat ba da beilari.

 Xiruliruli, xiruliruli.

Nork bilduko ote du lili xarmant hori?

Mende huntan jasan dutan bihotzeko pena,

 penaren pena,

 Nola behar dut ekarri?

 Xiruliruli, xiruliruli.

Zuk, maitea, har azu ene pena hori!

Haurrak, ikas azue euskaraz mintzatzen,

Ongi pilotan eta honeski dantzatzen.

Geure kantu xaharrak kontserba ditzagun;

Aire pollitagorik ez da sortu nehun.

Ez ahantz behin ere sorterri ederra,

Haren mendiak eta itsaso bazterra.


Filatelia

Aspaldi honetan langile dabila Euskaltzaindia, eta honek benetan alegratzen gaitu. Haren azken erabakien artean, filateli hiztegiaren aprobazioa agertzen da. Beraz, euskaldun filatelistek ba dugu geure hiztegi teknikoa, Euskal Akademiak ofizialki onartua. Luze izango litzateke, hiztegi hori hemen kopiatzea. Horregatik, zuetariko inork hiztegi hori eduki nahi badu, eska beza ANAITASUNAra.

Filateliaz ANAITASUNAn idazten hasi ginenetik, eskutitz asko jaso* ditugu, sail honek irakurleen artean ukan duen harrera onaren seinale. Guztiei erantzun diet. Baina ba dira batzuk, batez ere herbestetik etorriak, seiluak trukatzeko guraria* azaltzen dutenak. Hauk* izan dira:

Federación Filatelica Cubana, Apartado 2.222, Habana, Cuba.

Vojkovsch Vojko, Motza Ilit, Jerusalem, Israel.

André Guérard, 579, rue Napoléon, Québec-8, Canada.

Benigno Rubio Fernández, Apartado 2.974, Habana, Cuba.

Filatelista batentzat beti da interesgarri, seilu irtenberriak ahalik eta merkeen lortzea. Nola egin? Trukatuz ala erosiz?

Konparazio zuzen bat egin ahal dezazuen, hona hemen Bilboko filateli dandetan* dauden prezioak (seilu irtenberrientzat, gomadunentzat):

Austriako txelina 4,25 pezeta

Noruegako koroa 14,46 »

Holandako guldena 27,— »

Italiako lira 0,14 »

Txekoslovakiako koroa 13,— »

Belgikako frankoa 2,— »

Hungriako florina 8,— »

Prezio hauk kontuan harturik, eta katalogoren batean —Yvert katalogoan, adibidez— agertzen direnekin konparatuz, ikus dezakezue zer komeni zaitzuen gehien: seilu irtenberriak erostea ala trukatzea.

XABIER GEREÑO


[Euskaldungoa]

Erramun Gerrikagoitia jaunaren berbaldia Durangon

Martxoaren 9an, Erramun Gerrikagoitiak hitzaldi bat eman eban «Ipar Euskal Herria» gaiari buruz, Durangon, alfabetatze taldekoak entzule zirelarik.

Langabezia

Otsailaren* 19an, anuntzio bat agertu zan Bizkaiko egunkarietan, Petronor etxeak jarria, soldadoreentzako laguntzaileak behar zituala esanez. Langile batek esan dauskunez, 4.000 (lau mila) presentatu ei* dira, 175 lanpostu betetzeko.

Bertsolariak Zarautzen

«Uztapide», Lasarte, «Lazkao Txiki», Lazkano, Gorrotxategi eta Garmendia bertsolariek ihardun izan eben Zarauzko «Frontón Cinema»n, martxoaren 5ean, Patxi Larrañagaren zuzendaritzapean.

Zuberoko maskaradak

Altzürükü herrian otsailaren* 27an antzeztu zan maskarada, Frantziako telebistak eman eban martxoaren 7an. Zuberoan hainbat maskarada errepresentatu dira aurtengo garizuman, eta guztien eragilerik behinena* Etxahun jauna izan da, Gate gazteak lagundurik. Gatek bere kexak agertu izan ditu: lehen Zuberoko herritarrak joaten ziren beste nazio eta herrialdeetara euren maskaradak jokatzera; baina orain «Etorki», «Oldarra» eta beste zenbait* taldek egiten dabe hori. Maskarada, izatez, toki batean jokatzen da, garai berezi batean, herritarrak jokalari direlarik.

Josu Torre gaztearen mintzaldia Lizarran

Martxoaren 3an, Josu Torre gazteak mintzaldi bat eman eban Lizarran, «Herri Arazoak» gaiari buruz, gau eskolako 43 ikasle entzule zitualarik.

Retana jauna, klasikoak argitaratzeko prest

 La Gran Enciclopedia Vasca sortaren eta AGUR aldizkariaren zuzendaria den Martin de Retana abokatu jaunak, orain arte euskal kulturari buruzko luxozko erdal liburu asko publikatu dituenak, entzun dugunez, hemendik aurrera euskal autore klasikoen lanak facsimilez argitaratzeko asmoa omen* du, lehenak, gainera, Leizarragarenak direlarik. Honetarako, Euskaltzaindiaren babesa lortu* du, beronen prentsa agirian* irakur daitekeen bezala.

Asko pozten gara Retanaren eta Euskaltzaindiaren arteko harreman hoiekin. Izan ere, oraintsu arte, ba zirudien harreman hauk* latz edo minbera xamar zirela, AGUR aldizkarian Euskaltzaindiaren eta euskaltzain ezagun askoren kontra agerturiko artikulu badaezpadako* batzuengatik. Dena dela, zorionean, gauzak hobetuz doazela esan daiteke. Agian* euskaldunok ez gara guztiz zoratu.

Espero dugu, kolaborazio horrekin. Euskaltzaindiaren esanei kasu gehitxoago eginez gainera, Retana jaunak, ohiturazko luxozko edizio dotore baina karuegiez bestalde*, hainbeste diru ez dugun irakurle proletariontzat edizio merkeago batzuk, merkeagoak gero!, eginen dituela. Bestela, penanarria litzateke, Euskaltzaindiak babesturiko edizio batzuk Bilboko Gran Viako edo Neguriko* biblioteketan gelditzea.


Liburu berriak

«Erlijioa hauzipean», JAKIN sortan

Josefa Intxaustiren zuzendaritzapean, JAKIN sortak gogor dihardu lanean. Berriz ere erlijio arazoa ekartzen dauku, nahiz eta «liburu hau ez den Eliza katolikoaz ari, ez eta inongo Eliza jakin bati buruz, bidenabar Eliza bat baino gehiago aipatu arren. Harago doaz hemengo pentsakizunak, erlijioaren beraren susterretaraino». Erlijioari egin zaion kritika azaltzeko, lau izen hautatu dira: Barth, Bultmann, Bonhoffer eta Tillich. Rusiako alderdi komunistaren gerizpean sortu den erlijio kritikari ere leku ematen zaio. Idazle taldea, Joseba Arregi, Eusebio Osa, Joxe Azurmendi, Larresoro, Joan Mari Torrealday eta Piarres Xarritonek osatzen dute. Liburua polemika batekin amaitzen da: Zein apaizkera behar du fededunen euskal gizarteak? Eskatzekotan: «Editorial Franciscana Aránzazu», Oñate, Guipúzcoa. Prezioa 100 pezeta.

«Europako Ezker Berria» Xabier Mendigurenek

Xabier Mendiguren gaztea ez dugu ezezaguna geure idazleen artean. Gazte honen zenbait artikulu ikusi ahal izan ditugu hor, han eta hemengo aldizkarietan. Letretan urrats bat gehiago emanez, hemen eskaintzen dauku bere lehen liburua. Egilea, gehienbat Rafael Beldak emandako «El Pensamiento Social en la Nueva Izquierda Social» hitzaldian oinarritzen da, nahiz eta beste zenbait autorez ere baliatzen den. Dibulgazio gisan etortzeak balio berezi bat ematen dio liburu honi, batez ere gaian eta euskal literaturan gehiegi sartu gabe daudenentzat. Egin berria duzun lanagatik zorionak, Xabier!


[Bineta]

ANTTON


Euskaldundu eta askatu

Elefantearen tronpa

Herri xipi batean lau itsu bizi ziren. Jaiotzez ziren itsu laurak. Egun batez esan zieten, elefante bat pasatuko zela herri hartatik. Itsuek, jakina, ez zekiten elefantea nolakoa zen. Jakin nahi zuten, hala ere.

Eta, elefantea hirira* heldu zenean, han ziren lau itsuok. Laurok ukitu* zuten elefantea, lau parte diferentetan. Batak tronpan, bigarrenak zangoetan, hirugarrenak belarrietan, eta laugarrenak bizkargainean.

Ukitu eta etxera itzuli ziren laurak, harro eta pozik, elefantea halakoa eta halakoa zela esanez.

Tronpa ukitu zionak, honela zioen: «Tubo luze bat bezalakoa da, batera eta bestera erraz mugitzen dena».

Zangoak ukitu zizkionak: «Bi zutabe* sendo sendo bezalakoa da».

Belarriak ukitu zizkionak, berriz: «Aza hosto* haundi haundi batzuen antzekoa».

Eta bizkargainean ukitu zionak: «Zelai baten antzeko zerbait da».

Uste dut, aplikazio praktikorik ba duela guretzat eguzkialdeko ipuin honek. Egiazko heziketak* elefantea erakutsi behar du, eta ez elefantearen zenbait parte bakarrik. Errealitate konkretua, elefantea da, ez zangoa, ez tronpa, ez belarriak, ez bizkargaina. Errealitate konkretua, totalitatea da, ez partea. Partea, osotzat hartzen denean, abstrakzio bat da.

Gizarte mailan, berdin gertatzen da.

Lantegi hartako kapitalisten jokaera, beste lantegi hartako langile zapalduen erreakzioak eta eskabideak, Euskal Herriko eskola hartako erdal maistra, beste eskola hartako haur erdaldunduak, eta abar: errealitate hauek ez dute oraindik benetako konkretutasunik, sistema global baten barnean ikusmiratzen ez diren bitartean. Parte diren aldetik, abstrakzio dira. Beraz, totalitatearekin erlazionatzen direnean bakarrik hartzen dute konkretasun osoa parteek.

Berdin zientzi mailan ere. Ekonomia, literatura, hizkuntza, historia eta abar, zatiak dituzu. Ikuspegi zatikatura eramaten dute. Zientziek, berez, abstrakzioak presentatzen dituzte. Beraz, zientziak abstrakzio mailan geldi* ez daitezen, politikaren ikuspegi globala behar da. Politikaz zera esan nahi dut, munduaren, gizonaren, gizartearen ikuspegi bateratzailea, koordinatzailea.

Hemendik dator, hain zuzen ere, gaurko gazte askok bizitzaren dimentsio politikoari edo bizitzaren politikotasunari eman nahi dioten garrantzia, beste dimentsio guztiak biltzen* dituela ikusten baitute.

Grenoble-ko gotzain den Matagrin jaunak honela zioen, oraindik oraintsu, Frantziako gotzainen bilkura* batean:

«1968.eko maiatzaz geroztik, superpolitizazio baterako grina ikusten da. Politika da, bizitza sail guztietako esistentzia totalizatzen eta estekatzen* duen lokarria. Giza ekintza eta politika ekintza, gauza bat eta bera dira. Orain ez dago bereizketarik. Famili lanak, sindikato lanak, kultur lanak eta bai eliz lanak ere, politikagintzaren barianteak besterik ez dira. Gizonak osokiro desarroila daitezen, gizartea transformatu nahi duen politikagintzarenak» (Informations Catholiques Internationales, 399. zenb. 1972.eko urtarrila).

1972.eko lehen partean gaude. Erlazio internazionaletan, puntu beroak hauk* izan dira 1971.eko azken aldera: India eta Pakistanen arteko gerra, China ONUn sartzea, Bretainia Haundia C.E.E.n sartzea, diruaren krisia, Berlineko akordioa, eta abar.

Gertakari guzti hauetan, puntu bero hauetan, fenomeno bat ikus daiteke, inoiz baino nabarmenago: erlazio internazionaletako desideologizazioa, despolitizazioa. Harreman internazionalak interes ekonomikoen oinarrietan finkatzen dira, gero eta gehiago. Hau inon garbi ikustekotan, India eta Pakistanen arteko gerran ikusi da. Hau garbi ikusten da, bai eta mendebaldeko* Herri demokrata ustezkoek, materia primak eskaintzen dizkieten herri atzeratuekin dituzten harremanetan ere.

Europari eta Ipar Amerikari, eta berdin Moskuko gobernuari ere, orobat* zaie Arabiako eta Asiako gobernuak politika batekoak zein bestekoak izatea, ekonomi sailean interesgarri eta probetxagarri ikusten badituzte. Arabiako petrolio putzuen ondoan, arabiarren ideologiak bost axola* die. Yemen-eko gobernu kontserbadorearekin (iparraldekoa), eta Yemen-eko gobernu marxismo zalearekin (hegoaldekoa), bi biekin ditu Frantziak gaurregun harreman hertsiak* eta bikainak. Bietatik ateratzen baitu frutu ona.

Honela, ideologia, munduaren errepresentazioa, interes ekonomikoen politikara mugatua eta degradatua ikusten dugu. Erlazio internazionaletan gero eta garbiago ikusten dena, beste zenbait* sektoretan ere ikusten da: familian, kulturan. Hauk,* politikaren ikuspegi bateratzailerik gabe, kontestutik kanpoko «munstro» batzuk bilakatzen* dira.

Zatien analisia beharrezkoa da, gizarteko gertakari bakoitza kontsideratzea beharrezkoa da, zientziak beharrezkoak dira. Baina, totalitatearekin duten zerikusia erakusten ez badugu, sistema eta estruktura globalen barnean kontsideratzen ez baditugu, abstrakzio mailan gelditzen dira, ez da egiazko heziketa* ematen.

Gaurko gazte kontzientziatuak, gero eta gehiago, ikuspegi globalak eskatzen ditu. Zientzian oinarrituak, hori bai; bestela, ideologikerian galtzen gara.

Beraz, egiazko heziketak, partetik totalera eta hemendik partera etengabeko joan-etorria ezarri behar du. Hori da heziketa problematizatzailea, gauzen eta gertakarien arteko erlazioak ikuserazten dituena, parteak totalitate baten dimentsio bezala erakusten dituena. Horrela bakarrik har dezake herriak, gizartean gertatzen den guztiaren zentzu kritikoa. Eta honetan datza,* hain zuzen ere, heziketaren helburua.*

Freire-k, alfabetatzearen bidez egin zuen heziketan, totalitatearen eta partearen arteko dialektika edo soka-tira hori izan zuen beti begien bistan.

EUSEBIO OSA

daduka, dauka

daduzka, daukaz, dauzka

daude, dagoz

diosku, dinosku, esaten dauku

ditzakegu, daikeguz


Erlijioa eta abertzaletasuna

Geure inguruan entzun dukegunez,* Irlandako gatazka* erlijioarengatik gertatzen dela uste dute jende askok. Ongi dakigu denok, Irlandarrak katolikoak eta Inglesak protestanteak direla. Baina honek ez du esan nahi, gatazka hau katolikoen eta protestanteen arteko gerra bat dela; bestela, zergatik ez genuke esanen, Algerian gertatu zena, musulmanei eta kristauei bakarrik zegokiela?

Erlijioa ez da aski, herri baten sustraia izateko; hala ere, sustrai honi lotua izan daiteke. Adibidez, judaismoak mendez* mende (eta gaur ere bai) mundu guztiko juduen kontzientzia gorde ukan* du; oraingo judu gehienak, aldiz,* beren erlijioari darraizkiolarik, ez dira sionistak. Beste adibide bat: Algeriako gudari batzuek baztertu egin zuten mahometismoa.

Horrelako adibide asko aipa genitzake, herri bat libre izan dadin, erlijioa kriterio bakarra ez dela frogatzeko.* Irlandako burrukan dabilan Bernadette Devlin-ek dioenez: «Gure zapaltzaileek, mundu guztia engainatzeko, sinesterazi nahi dute, hemengo istilua erlijioarengatik dela».

Era honen antzeko eritzi asko dabiltza mendebaldeko* Europan, eta bereziki* Frantzian. Problema hoik* (herri baten askatzea, alegia*) bakarrik hirugarren munduan (Pakistanen, Palestinan, Biafran, eta abar) gerta daitezkeela uste baitute.

Europako estatuak zaharrak izan arren, barnean aspalditik menperatu* populu asko bizi direla ez dugu ahantzi* behar. Bestela, herri batek bere kontzientzia nola hartzen duen ez bageneki, gaizki ulertuko genuke zer gertatzen ari den Kroazian, Irlandan eta beste zenbait* tokitan.

Etnia batek bere etorkizunaren jabe izan nahi duenean, nazio edo aberri bat bihurtzen ari da; bere kultura zabaltzen ari da eta bere langilegoaren kezkak kontuan hartzen ditu. Ohartu egin behar gara, kulturak berarekin gauza asko eramaten duela: hizkuntza, literatura, artea, eguneroko bizimodua, erlijioa, folklorea, eta abar.

Herri zapaltzaileak beste bat menperatu nahi badu, kultura eta berehala ekonomia desegiten saiatzen da. Orduan menperatzaileak kulturaren alderdi guztiei lotzen zaizkie. Lehenago aipatu dugun kasuari jarraituz, Irlandako hizkuntzaz eta erlijioaz segregazio asko egin zituzten Inglesek. Historiak erakutsi daukunez, Irlandako abertzaletasuna, hizkuntza berritzen ari zenean piztu zen. Eginmolde hau Palestinan ere gertatu zen, herrialde hori Otomano erresumaren* menpean zegoelarik.

Horrengatik, ez ditugu menperatzaileen esanak sinestu behar, gaurko guduek giza eskubideen defentsarekin zerikusirik ez dutela gogoan sartu nahi daukutenan.

XANTI LAFITTE

daitezke, daitekez

dauku, dausku, digu

daukute, dauskue, digute

genitzake, geinkez

zaizkie, jakez, zaizkiote

zegokien, zegokioten


Ikaskintza

Unibertsitarien oihartzunak

Ramuntxo Kanblong Deustuko Unibertsitatean

Martxoaren 4ean, goizeko hamaika eta erdietan, Euskal Kultur Mintegiak antolaturik, ipar aldeko idazle ezaguna den Ramuntxo Kanblong irakasle gazteak hitzaldi biziki interesgarri bat eskaini zeukun Deustuko Unibertsitatean, gaitzat Ipar Euskal Herriko sozial eta ekonomi egoera harturik.

Unibertsitateak honetarako utzi zuen aretoa* politto bete zen jendez, unibertsitari gaztez batez ere.

Mintzatu ondoren, zenbait galdera egin ziren; eta, guztitara, ezin argiroago gelditu zen ipar euskaldunek pairatzen* duten atzerakuntza politiko, ekonomiko eta soziala.

Entzule guztiek —asko euskaldun berri baziren ere— ezin hobeki ulertu zuten hizlaria. Euskara, eta batua hobeki oraindik, bistan egon zen, batzuek diotena diotela, euskaldunen arteko mintzabide paregabea dela.

Zorionak Ramuntxori, eta zorionak hitzaldi hori eratu zuen Deustuko Euskal Kultur Mintegiari ere. Ea horretara Ipar eta Hego Euskal Herriaren harremanak gero eta sendoago egiten diren.

«Joannes Etxeberri» literatur taldea

Deustuko Unibersitatean ba dago, batzuek ez badakite ere, Euskal Kultur Mintegia deritzon sail bat, euskal kulturaren aldeko ekintzetan zintzoki ari dena. Bertan, beste zenbait atalen artean, Filosofia-Letretako ikasleen artean «Joannes Etxeberri Sarakoa» izeneko talde bat sortu da, literatur azterketetan saiatzen dena. Honetan hamar neska-mutil ari dira euskal autore klasikoen lana arakatzen,* orain arte egin ez diren estudioak aurrera eramanez.

Unibertsitari gazteok aspaldion Bernat Etxapareren Linguae Vasconum Primitiae delako liburuaz jo eta ke dihardute, lehenbiziko euskal obra honen hiztegia, adiztegia, bertso neurriak, erretorika figurak, gaiak, iturriak eta abar ateraz. Aste Saindurako, hauetariko zenbait puntu bukatuko omen* dituzte eta nonbait argitara emanen.

Ea ba! Honelako gazte adoretsuak behar ditugu, holakoei esker Euskal Unibersitatea jaioko baita.

Euskal gaiak Unibertsitatean

Eta, Euskal Unibertsitateaz ari garelarik, zerbait gehiago esan daiteke honetaz. Deustukoan, egia da, ba dago delako Euskal Kultur Mintegi hori, Gotzon Garatek ZERUKO ARGIAn esan berri duenez, Iruinekoan ez dagoena. Baina ba ote da berau nahiko Euskal Herriko Unibertsitate baterako?

Romaniketan, egia da, euskara ere «lengua regional»-tzat eman egiten dela asignatura gisa, bai eta Histori sailean Bizkaiko Historia, lehena A. Irigoien euskaltzainaren ardurapean eta bigarrena A. Mañarikua jaunaren bitartez. Baina, beroni bere garrantzia kendu nahi ukan gabe, berriz diogu: nahikoa ote da?

Unibertsitari irakaskintza berritzera doa orain. Bigarren urterako, «Diplomatura» eginen omen da, hemendik aurrera; eta bostgarrenerako, aldiz,* orain bezala, «Lizentziatura», «Doktoregoa» geroko utzirik.

Dakigunez, Nafarroan euskara. Euskal Historia eta etnologia sartuak dituzte programa berrietan; eta Katalunian, katalan arte, historia, irakaskintza eta inguruko kultur gaiez gainera, filologian «Filologia Catalana» izeneko sail bat jarria dute, beroni buruzko lizentziaturak ateratzeko.

Deustuan, hizkuntzen sailean, Filologia Romanika eta Filologia Modernoa daude (Ingelesa, Alemana, Frantsesa...); baina ez Euskal Filologiarik, egon behar litzatekeen bezala.

Bestalde, Filosofia-Letretako ikasleen artean gero eta euskaldun ugariago ari dira; aurten hain zuzen, Romaniketan, kasu batez, beste inora ezinik, frantsesez ari direnak baino gehiago dira. Beraz, gogoa ez zaie unibertsitariei falta, Euskal Sail berezi bat baizik. Noizko berau?

Ez dugu dudarik egiten, Deustuko Unibertsitateak, gogoz bederen* beti Herriaren zerbitzutan, bidezko den Euskal Sail hori ezartzeko ahaleginak eginen dituela. Hala biz!*

Coseriu irakaslearen mintzaldiak Deustuan

Martxoaren 9tik 11ra, Eugenio Coseriu jaunak, Tübingen-eko Unibertsitateko Filologia Romanikako eta Linguistika Jeneraleko irakasle ospetsuak, mintzaldi interesgarri batzuk eman ukan* ditu.

Gaiak hauk* izan dira: 1. Lengoaia eta Poesia, 2. Estruktural semantikaren hastapenak,* 3. Latinetiko hizkuntzen tipo linguistikoa, 4. Funtzional sintaxisaren hastapenak.

Errumaniako irakasle jakintsu honek, espainolez mintzatuz, ezin ederkiago azaldu zeuzkigun aipaturiko gaiak, denen artean atsagingarriena, zedukan interes bereziagatik, latinetiko hizkuntzen karakteristikei buruzkoa zelarik.

Unibertsitari asko, neska eta mutil, zahar eta gazte, joan zitzaizkion entzutera, bai eta larunbat* arratsaldean ere, beronekin haren azalpenen nolakotasuna* zer moduzkoa izan zen argiro erakutsiz.

Coseriu jauna, dakigunez, Nafarroako Unibertsitatean martxo osoan egon da. Munduko linguistarik onenetariko bat ikusteko erarik* ez dugu beti ukan* euskaldunok.

Luis Mitxelenaren hitzaldiak Donostian

Eta berriz ere Linguistikaren arlora goaz. Aldizkari hau inprentara sartzeko orduan oraindik ezer konkretu jakin ez arren, zurrumurru bat heldu zaiku honetaz, alegia,* Luis Mitxelena linguista haundiak Donostiako EUTG-en hiru egunetako mintzaldi sail bat, linguistika historikoaz, eginen omen duela, bertako arduradunen* eskariz.* Ez genuke holakorik galdu nahi!

Filosofiako fakultate ofizialak noizko?

Aspaldian entzuten da, Estatuak Donostian Filosofia-Letretako fakultatea jartzeko asmoa duela. Denbora aurrera doa, eta ez dugu oraindik zipitzik ere ikusten, ez eta hainbat behar den Bilbo honetan ere. Zergatik hau? Eta bitartean Madrilen, oker ez bagaude, eta ez gaude, honez gero hirugarren Unibertsitateaz ari dira, NODOn agertu denez.

Oteizak Ciceron-en ahotik harturiko hitzak esan beharko ditugu, antza,* geuk ere.

Euskal gaiezko tesis eta tesinak

Gauza jakina da, behin karrera amaituz gero, lizentziatura lortzeko,* gai bati buruzko tesina bat presentatu behar dela. Orain arte, egia esan, estudio eta asignatura ofizialek besterik irakatsi ez eta, unibertsitari gehienek beren tesinak erdal gaiez moldatzen zituzten, bai eta doktoregoa lortzeko tesisak ere. Honela, beste gauza askotan bezala, euskaldunok, geure kultura landu, sakondu eta aberastu beharrean, erdal kultura are* nagusiago egiten ari ginen Euskal Herriko Historia, Etnologia, Linguistika, Zuzenbidea,* Artea eta abar zokoan ilun ilunik utzita.

Sasoia da, honekin behin betiko amaitzeko. Katalunian gauzak aspaldion oso bestelakoak dira. Euskaldunoi beste xori batek kantatuko leukegu, orain zin zinez* eta bene benetan geure azken azterkuntzak eta araketak* euskal gaiez egiten saia* bagintez. Agian,* orain zoritxarrez entzuten eta irakurtzen diren «interpretazio historiko» xelebre asko ez lirateke hain erraz azalduko, zeren,* zerbait interpretatzeko, lehengo eta behin, estudio monografiko sakon batzuetan oinarrituriko datoak behar baitira, gaur egun, zorigaiztoz, puntu gehientsuetan falta ditugunak.

Segur gaude, hemendik aurrerako tesinek eta tesisek holako hutsune asko beteko dauzkigutela. Batzuk, gainera, martxan daude.

daude, dagoz

dauzkigute, dauskuez, dizkigute

gaude, gagoz

leukegu. leuskigu (leuskegu), liguke

zaie, jake

zaiku, jaku, zaigu

zedukan, eukan, zeukan

zeukun, euskun, zigun

zeuzkigun, euskuzan, zizkigun

zitzaizkion, jakozen


Ikaskintza

Bilinguismoa eskoletan

Kataluniako «Rosa Sensat» irakasle taldeak eskaintzen dituen lanen artean, bilinguismoari buruzko zati interesgarri bat agertzen da. Bilinguismoaren arazo honetan argi gehiago eman nahirik euskaratu dut. eta problema honetaz arduratzen direnei eskaintzen diet.

Eskoletako bilinguismoa modu ezberdinez gerta daiteke:

1. Kultura baten nagusitasunagatik, eskolako hizkuntza eta haurraren familiakoa ezberdinak dira. Ikus grekoaren kasua Erromako eskoletan, orain bi mila urte inguru; zenbait ikasketa mailatan latinarekin gertatzen dena; berdin, herri kolonizatu askotako eskoletan; Hego Amerikan ingles hizkuntzaren aurrerakada.

2. Eskolako hizkuntza ofiziala eta haurren etxeko hizkuntza diferenteak dira. Egoera hau, gehientsuetan, anexio politiko baten ondoren gertatzen da; gainera, eskolaz kanpoko beste zenbait* inposiziorekin batera. Herri kolonizatuetako eskola gehienetan jazotzen* dena da hau. Alsazian 1870.ean, Filipinasetan 1898.ean.

3. Haur batzuek eskolako hizkuntza ofiziala erabiltzen dute, eta gainerantzekoek beste hizkuntza bat. Dena dela, haur guztiek nahiko ondo ezagutzen dute bigarren hizkuntza. Hau sarritan gertatzen da anexio politikoen prozeso eboluzionatuetan, imigrazio tokietan, eta abar.

4. Kanpoan erabiltzen dituzten bi hizkuntzak, koofizialak dira eskola barruan. Hau gertatzen da, konpromezu politiko baten bidez egoera erreal bat onartzen denean (Katalunian 1932.eko Estatutoarekin jazotzen zena), edo eta anexionatze prozesoaren bukaeran anexionatzaileak kontzesio bat egiten duenean (Mexikoko mugan dauden Ipar Amerikako estatu batzuetan gertatzen dena, eskoletan inglesaz gainera espainola ere onartua baita).

5. Azkenik, haur emigratuentzat eskola bereziak muntatzen dira, beren hizkuntzan heziak* izan daitezen. Kasu hau, egia esan, nahiko bakana* da. Eta gertatzen da batez ere, haur hoien problema humanoa elkarrekin bizi diren bi komunitateen politikan integratzen eta haintzat hartzen denean.

Jeneralki, eskolako bilinguismoaren jatorria ezberdina izan ohi da, eta eskualde* bereko eskoletan ere beti ditu maila eta berezitasun konkretuak.

J. B. J.


Euskara batua, lapurtara klasikoaren alde (2)

Gero, Larresoro jaunak gipuzkarak hitanoan* dadukan akats bat aipatzen du; baina, haren aburuz,* hau ez litzateke nahikoa, gipuzkararen aditza uzteko. Larresoro jaunaren eritziz, gipuzkarak dadukan falta, datiboaren eta adlokutiboaren artean ez bereiztea baizik ez litzateke. Hala ere, Murde* Larresorok gipuzkararen hutsak eta faltak hau baino askoz handiagoak direla ba dakiela uste dugu.

Gipuzkararen forma adlokutibo guztiak, beste dialektoen erkatzean*, oso diferenteak dira. Adibidez: lapurtaraz niagok, bizk. naiagok eta ñagok, gip. natxiok; lap. giatorzak, bizk. gaiatozak eta gip. gatxetorrek eta gatxetozek.

Horrez gainera, euskaraz adlokutiboa ez da soilik toka eta noka mintzatzea, zuka era ere baitago. Forma hauk* guztiok ez daude gipuzkaran. Baina hau baino gehiago oraindik: euskararen karakteristika basikoa, aditzaren forma objektibo eta subjektiboen artean egin daitekeen bereizkuntzan datza.*

Gipuzkarak, bai eta gehienetan bizkaiarak berak ere, forma subjektibo guztiak galdu ditu. Eta bereizkuntza hau, gaurko Fisikaren problemak ongi entelegatzeko,* oso inportantea da; zeren* eta grekotik onarturiko eskema mentalak, Fisika berriak erakutsi daukun bezala, faltsuak dira, izari* ttipien munduan erabiltzeko. Eta, horretarako, Fisika berriak, denbora neurtzeko, iraganaldia (praeteritum), orainaldia (praesens) eta etorkizuna (futurum) zer diren definitzeko formulazio berriak onartu behar ukan* zituen.

Fisika berrian iraganaldia eta praesens delakoa objektibatua dena da, eta etorkizuna, aldiz, gauzak alda* ditakeguneko denbora litzateke. Beraz, hemen, euskarak daduzkan estrukturak, Fisikari aplikaturik, Natura hobeki entelegatzeko bidea lirateke.

Gainera, gauza hauk lapurtararen alde baldin badira, Murde Larresorok aipatzen duen beste kualitate bat legoke. Larresoro jaunak lapurtararen eta gipuzkararen artean dagoen diferentzia oso ttipia dela diosku. Eta hau egia da. Baina lapurtararen aditza ia gipuzkararena bezalakoa dela esatea, eta gipuzkararena ia lapurtararen aditza bezala dela esatea ez ote litzateke gauza bera? Honela bada, berdintasun honek ez du soilik gipuzkararen alde jokatzen, zeren* matematikazko berdingo* batetan a = b esatea eta b = a esatea gauza berdina baita. Hau da, berdintasunak bi parteen alde jokatzen du. Eta kasu honetan gehiago lapurtararen alde, zeren* eta beste estrukturetan lapurtara osoagoa eta kunplituagoa baita.

Eta lapurtara klasikoaren eta gaurko lapurtararen artean dagoen diferentzia zertan datza? Lehenik, barregarria izan arren, beti aipatzen diren er artizkia* duten formetan. Lapurtara klasikoak laburtu gabe erabiltzen zituen: derauku, derautzu, derautazu... (Leizarragak, hala ere, drauku, drautzu, drautazu... dio); gaur, ordea, forma hoik,* mintzatzen denean, laburturik esaten dira, eta askotan idatzi ere bai; dauku, dautzu, dautazu... Beste forma klasiko batzuk* (nengoen, nenbilan, nendin...) orain lapurtaraz nindagoen, nindabilan, nindadin... dira, forma klasiko haik* beste dialekto guztietan erabiliak izan arren.

Horregatik, dauku eta derauku, derauzkigu eta dauzkigu forma diferenteak direla ezin esan daiteke. Bistan dago, forma bakar baten bi modalitateak direla; batzuk osotoro eskribatzen dira, beste batzuk laburturik. Eta honelako forma laburtuak, forma osoen aldean, hizkuntza askotan dira: gli uomini eta gl'uomini italiaraz; eta hau baino handiagoak diren barianteak ere bai: ho perso eta ho perduto (galdu dut), ho visto eta ho veduto (ikusi dut). Eta hau italiaraz gertatzen da, hizkuntza honek Dante garaitik batasuna eduki arren.

H. GARAIGORTA

dezake, daike

die, dautse

diote, dautsoe

dizkiete, dautseez

gaude, gagoz

zaie, jake

zekiten, ekien

zieten, eutseen

zioen, inoan, esaten zuen

zion, eutson

zizkion, eutsozan


Irradiazioaren balioa

Berriro ere hospitalera joan naiz. Sasoiz heldu naiz oraingoan. Egia esan, Deustuko zubiaren beldur nintzen, Bilboko zirkulazioa sarrienik* hantxe trabatzen baita. Zorionez, gaur ez dut holako problemarik ukan,* eta hamar hamarretan nengoen hospitalean. Ene laguna hantxe zegoen nire zain.

— Kaixo, mutil. Gaur garaiz heldu haiz.

— Zer uste dun, bada? Beste eguneko belumendua ez zunan izan ene erruz,* zirkulazioaren erruz baizik. Ikusi huen atzoko auto nahasmendua?

— Bai, ondo ere. Hain zuzen, hantxe niengoan ordurik txarrenean. Hura* zuan izatekoa! Autobusean nentorrelarik, azkenean autobusetik jaitsi eta oinez joan behar izan nian etxera.

— Dena dela, utz dezagun atzokoa, eta goazen gaurkora. Lortu dun, hospitaleko tresneria erakusteko baimena?

— Bai. Zuzendariarekin berba egin diat, eta baietz esan diautak.

— Orduan, has gaitezen hik nahi dunanean.

Lehenik kobalto bonba ikustera goaz. Han prekauzio guztiak guti dira. Kobalto izpiak* hartzeko, gela tipi bat dago. Gartzela bateko gela dirudi: bi metro zabal, zementuzko orma* eta berunezko* atea. Gelak ez du batere ornamendurik. Erdian etzanleku bat, eta haren inguruan mailu baten antzeko tresna zirkular bat. Ene ikusmina haundituz doa, eta galdeka hasten natzaio lagunari.

— Baina non dago bonba hori?

— Zer uste huen? Gerrako bonba bat aurkituko huela?

— Ez, ez ninan uste horrelakorik; baina gero, honenbeste segurtasun neurri ikusirik, dudatzen hasi naun.

— Segurtasun neurriak, izpiak kontrolatzeko dituk.

— Nola funtzionatzen du bonbak?

— Hara! Hor erdian, gaixoa etzaten duk. Tumorea ondo definitu ondoren, haren erdiunea tresna zirkular horren zentroan ezartzen duk. Posizio horretan dagoelarik, tresna zirkularra biraka hasten duk astiro astiro, izpiak handitsuaren* erdi erdira botatzeko. Era honetan, irradiazioak erre egiten ditik zelula gaixoak, alboko eunak* kasik ukitu* gabe.

— Hori egin ahal izateko, pertsonaren bat egon beharko dun gelan. Ez da?

Ez. Den dena telebistaren bidez kontrolatzen duk.

Handik beste gela batera goaz. Gela horretan tiroidearen edo zintzur zakatzaren gorabeherak aztertzen dira, samako* gaixotasunak kontrolatzeko.

— Hemen tiroidearen argazkiak ateratzen dituk.

— Nola atera daitezke argazkiok? Alboko eunak kendu ezik, ez dinat ulertzen nola egin daitekeen hori.

— Begira! Tiroideak gorputzeko iodoa bereganatzen dik. Guk, orduan, iodo erradioaktiboa ematen zioagu gaixoari, eta handik gutira iodo hori tiroidera dioak. Iodoak, irradiatzaile denez, izpiak botatzen ditik, eta guk izpien argazkia ateratzen diagu.

— Harriturik uzten naun, neska. Irradiazioak, gerra denboran jendea hiltzeko baino ez zuela balio uste ninan; baina bizia emateko ere balio duela ikusten dinat orain.

Bi ordu eman genituen hospitalean. Ni neu, zer esanik ez, aho zabalik egon nintzen denbora guztian. Beste hainbat gauza ere ikusi nuen; baina bi hauk* azaldu dauzkizuet, interesgarri izanen direlakoan.

J. R. ETXEBARRIA

Toketazko aditz formak

diagu, dugu

diat, dut

diautak, daut, daust, dit

dik, du

dioak, doa

ditik, ditu

dituk, dira

duk, da

nian, nuen, neban

niengoan, nengoen

zioagu, diogu, dautsagu

zuan, zen, zan

Noketazko aditz formak

dinat, dut

naun, naiz

ninan, nuen, neban

zunan, zen, zan

Osterantzeko aditz formak

daitezke, daitekez

dauzkizuet, dautzuedaz, dizkizuet

dezagun, daigun

genituen, genduzan

natzaio, natxako


Ipuina

Mateo txistu. Osaba Martinen kontuak

Eneko ikastolatik etorri da oraintsu. Baina amak oraindik ez dau bazkaria prestatu; aita, gainera, etxera heldu barik* dago. Horregatik amak etxeko egonlekura bidaltzen dau, osaba Martinekin, bazkaria ondu artean, denbora eman daian.

— Egun on, osaba —dinotso umeak—. Zergatik ez daustazu kontatzen, zuk dakizuzan ipuin ederretarik bat?

Osaba, irribarrez, esku artean eukan liburua mahai gainean utzita, betaurrekoak poltsikoan gorde eta kontatzen hasten jako.

— Ea, zerbait kontatu beharko dautzut, ba.

— Bai, bai, konta eistazu bat.

— Munduan kontu eta ipuin ugari dagoz, eta zuk txikitatik dakizuz asko, gainera; esate baterako, Txano Gorritxorena, Erpurutxo, hiru txerrikumeena, eta abar.

— Bai, hiru txerrikumeena hor diskoan dago, eta askotan entzuten dot.

— Bai. Baina hain sarritan entzuten ez dituzunak, eta, beharbada, ezagutu ere egiten ez dituzunak, gure Euskal Herriko ipuin eta istorio jatorrak dira.

— Baina ba ote dago euskal ipuinik, osaba?

— Jakina baietz, lobatxo, eta ez gutxi. Zoritxarrez, baina, erdal herrietakoak gureak baino politagoak direlako uste okerrean, ahaztu egin jakez askori. Hortxe dagoz, urrunago joan barik,* aintzinako euskaldunen mitologia eta ipuin ederrak, puntu askotan erromatarrenak baino jatorragoak direnak, beroneek grekoei kopiatu eutseezan eta.

— Osaba, zer da mitologia?

— Mitologia grekotik datorren berba bat da, munduko hizkuntza guztietan erabiltzen dana; eta ipuinak eta jainko faltsuen istorioak estudiatzen dituan jakituria esan gura dau. Grekoz mythos hitzak «ipuin» esan gura dau, eta logia-k «jakintza» edo «jakituria».

— A! orain ondo ulertzen dot. Baina, osaba, konta eistazu orain horrelako ipuin bat.

— Horretara nora. Mateo Txistu-rena kontatuko dautzut.

— Eta nor zan Mateo Txistu, osaba?

— Mateo Txistu euskal herrixka bateko apaiz bat zan. Egia esateko, on ona zan; baina —betiko baina— zertxobait falta jakon, santua izateko.

— Eta zer zan hori?

— Ba, ehiztari* amorratua zan. Beti ehizan ibili behar eban gure apaizak. Behin erbien atzetik, beste behin

— Baina ehizan ibiltzea ez da bekatua, osaba.

Ez, jakina! Baina orain ikusiko dozu, Mateo Txistu apaiz honi, ehiza zala eta ez zala, behin zer gertatu jakon.

Igande batean, meza ematen egoela, elizaren kanpoko aldean eukazan txakurrak zaungaka hasi ziren, inguruko soloetatik erbiren bat ebilalako antza.*

Orduan Mateo Txistu jaunak, meza amaitu barik utzita, sakristiara sartu, eta, eskupeta eskuan harturik, elizatik irten zan bere eliztar guztien aurpegi ikaratuen aurrean, eta, txakurrak askatu ondoren, handixek joan zan arineketan erbi bila.

Ba dakizu, meza ezin utzi daitekeela inoiz amaitu barik; eta Jainkoak, bekatu horregatik, Mateo Txistu gurea gaztigatu egin eban, gogor gaztigatu ere.

— Eta zer gaztigu ipini eutson, ba?

— Ba, harez gero Mateo Txistu, beste herri batzuetan Martin Txilibitu detzen dabena, jo eta ke dabil Euskal Herriko bide, mendi, solo,* zelai eta zidor guztietatik zehar, beti bere txakurrekin, inoiz harrapatzen ez dauan erbiaren atzetik.

Mateo Txistu ez ei* da inoiz ere gelditzen, eta jateko astirik ere ez ei dau sekula. Behin, labetik ogia ateratzen ebilan andre bati, mesedez ogi bat emateko eskatu eutson; baina andreak, hari emateko, labetik atera ebaneko, Mateo Txistu gaixoa oso urrun egoen, inon gelditu ezinik.

Eta, esaten danez, arratsean, haizea eta euria gogor dabilanean, haizearen zarata luzeekin batera, Mateo Txisturen oihu eta deiak entzuten ei dira, bere txakurrei beti txistuka.

— Hortik etorri jako izena, ez da, osaba?

— Nik neuk baietz uste dot behintzat.

— Oso politta —esan eban amak ate ondotik—; baina utzi eizuez ipuin kontuok hurrengo baterako, eta zatoze mahaira, aitarekin batera bazkaria jan daigun.

TRAUKO

daian, dezan

daigun, dezagun

daustazu, dautazu, didazu

dautzut, dautzut, dizut

dinotso, diotso, esaten dio

eban, zuen

egoen, zegoen

eistazu (egistazu), iezadazu, ezaidazu

eizuez (egizuez), itzazue

eukan, zedukan, zeukan

eukazan, zeduzkan, zeuzkan

eutseezan, zizkieten

eutson, zion

jakez, zaizkie

jako, zaio

jakon, zitzaion


Ez da erraz!

Urrun bizi garenontzat ez da erraza Euskal Herriko joerei jarraitzea, eta gutiago oraindik joera hoiei laguntza ematea.

ANAITASUNAko irakurleok dakikezuenez,* duela hiru urte, E.L.E. izeneko erakunde* bat sortu genuen Caracasen, geure hizkuntzari laguntza eman nahirik. Elkarte honen betebeharrik nagusiena, beraz, euskarari laguntza ematea zenez gero, Andima Ibinagabeitia Saria antolatu genuen, USAko 1.000 dolarren bidez, urtero euskal idazleei horrelako eztenkada bat emanez.

Ez zitzaikun hain erraza izan, orduan ere, bide hartzea; eta, gure uste eta nahia ahalik eta zuzenen izan zitezen, inkesta* bat egitea erabaki genuen. Nolanahi ere, inkesta hori euskal idazleen artean egin zen; eta, gehienen eritziz, «Euskal Ikastoletako Textoak» premiatsuen azaltzen zirenez gero, aipatu* saria arlo horretan finkatu genuen.

Orain bi urte, lehenengoz eman genuen saria Aita Guillermo Larrañagak irabazi zuen, bere Landare Jakintza edo Botanikagatik. Aurten Luis Egia Rezola izan da irabazle, bere Neurrizti edo Geometriarekin. Beste lan ezin ederrago bat ere jaso* genuenez gero, 20.000 pezetako ohore aipamen bat eman genion Bentura Otaegi jaunari, bidali zeukun bere Giza Jakintza edo Antropologiagatik.

E.L.E.ko mahaiburukoek euskal idazle ospetsu baten gutuna jaso berri dute; eta, haren eritziz, bide desegoki batean ari dira sariaren antolatzaileak. Hobeto esan, lana bera xalogarri eta laudagarria dela aitortzen du; baina, E.L.E.ren lanak aprobetxatuagoa izan behar lukeela adierazteko, puntu hauetan finkatzen ditu bere zioak.* Hona hemen laburki:

a) Merezi ez duten lanak sariztatzeko erabiltzen dela saria.

b) Sariztatu* lanak ez direla inoiz ere euskaraz publikatuak izango.

c) Sariztatu liburuen tituloak kontuan harturik, haien hitzak erabiliz, ez liratekeela ezertarako zerbitzatuko.*

d) Inolako premiarik betetzen ez duten liburuek eraman dutela saria.

Ez da gure asmoa, inola ere, ihardukitzea* eta eztabaida bat sortzea, ez eta, azken hitza emanez, E.L.E.ren jarrera* defenditzea. Urlia* idazleak berak azaltzen daukunez, ba liteke, urrun bizitzeagatik nonbait, ez garela ohartzen gaurko betekizun edo premiez. Horregatik, gure nahia argi pixka bat bilatzea denez gero, ANAITASUNA bezalako hamaboskari batean argitaratzea komeni zaikula iruditu zaiku. Honelako kezka eta eritziak behar ditugu, ikusmen garbi eta zuzen batera hel gaitezen eta bide egoki batean zehar abia.* Idazle honen ustez, nobelari eman behar geniokeen saria, sail hau baitago abandonatuen.

Ona izango da, hala ere, goian jarri ditugun puntuei ihardespen* labur bat erantsi eta E.L.E.ren jokaera agertzea:

a) Lan hauk* argitaratu gabeak direnez gero, ez dakigu non finkatzen den idazle hau, horrelako afirmaziorik egiteko. Nola daki berak zernolako lanak diren, ez baditu ez ikusi ez irakurri?

b) Andina Ibinagabeitia Sariaren araudiak* berak ukatzen du idazlearen esa hau. Bederatzigarren puntuak, hain zuzen, honela dio: «Urte beteko epea ematen zaio egileari, lan saritua argitaratzeko. Horrela izan ezik, E.L.E.k bereganatu egingo ditu lanaren gaineko eskubide osoak». E.L.E.k baldintza hori aurrera eramateko asmo sendoa du; eta, horrexegatik, harremanetan ari da gaur egun lehenengo sariaren irabazlearekin.

c) Puntu honek, goiko a) parrafoan agertutako eritzi berdina merezi dauku. Uka ezina da, noski,* ikastolak behar ditugula, eta, ikastolak aurrera ateratzekotan, irakasbide tresnen izugarrizko premia dadukagula. Funtzionalak izango ote diren? Texto hauk izango ote diren aukeratuak? Guk geuk ez dakigu. Hala ere, oinarri on batzuk ba direla uste osoa dugu; eta, gutienez, geroko nolanahiko textoei bide on bat emango dietelakoan gaude.

d) Hasieran esan dugun bezala, inkesta bidez erabaki genuen ikastoletako textoak sariztatzea. Inkestan, izenburu hauk erabili genituen: Olerkiak, Nobelak, Antzerkia, Literatura, Euskara irakasteko metodoa, Ikastoletako textoak, Gaurkotasunezko gaiak, eta abar. Hona hemen hogeitazortzi idazleren erantzunak:

 %

Ikastoletako textoak 43

Nobelak 14

Gaurkotasunezko gaiak 14

Urtero gai ezberdinak 11

Euskara irakasteko metodoa  3,5

Saria zatikatzea 3,5

Saiakerak* 3,5

E.L.E.k berak aukera zezala 7,5

Beste zerbait aipagarririk ere ba dago hemen. Orain idatzi daukun adiskide jator hau izan zen lehenen idatzi zeukuna hogeitazortzi idazleen artean. Orain ere, beragandik jaso dugu lehenengo kexa; eta, bai orduan eta bai egun,* tinko jarraitzen du bere ustean, hots,* nobela saila kontsideratzen duela premiatsuen. Gu geu ez gaude egoera onean, gehien zer komeni zaikun esateko. Ikus beza berak, aurrerago eman ditugun erantzunetatik, zer bide zitzaikun egokien. Esan beharra dago bai eta ere, inkesta haren ondoren ez dugula beste inolako kexarik ukan;* eta, aukeratu zen saila oraindik bete ez denez gero, orduko bide berari jarraitzen diogula.

Eskerrak eman behar dizkiogu idazle honi, eta agerian eta bihotzez eman ere, bere kezka helerazi daukulako. Horixe nahi genuke geure gaurko irakurleengandik ere: beren kezka eta eritziak jaso,* denon artean euskarari laguntza egokiena eman diezogun, biderik egokiena hartuz.

Lagun gaitzazue, arren, zuzenbide honetara idatziz: E.L.E. Apartado 51730, Sabana Grande, Caracas, Venezuela. Zuen kezkak behar ditugu jakin, zuen eritziak jaso, zuen ardurak ezagutu. Hitz batez, euskarari zerbitzu on bat nahi diogu eman, nahiz eta ez den erraz.

E.L.E.ko BATEK

beza, bei

dauku, dausku, digu

diete, dautsee

diezogun, deiogun, dezaiogun

diogu, dautsagu

dizkiogu, dautsaguz

gaitzazue, gaizuez

gaude, gagoz

geniokeen, geuriskion

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zeukun, euskun, zigun

zezala, eiala

zitzaikun, jakun, zitzaigun


Gurutzegrama (4)


Mao Tse-Tung nazionalista

Dakikegunez,* Maok marxismo-leninismoa hartu zuen dotrina bezala, eta proletalgoaren internazionalismoa ipintzen du praktikan, batez ere herri zapalduen askatasunaren alde laguntza emanez. Hau ezin dezake inork uka.

Hortik kanpora, Mao nazionalista bezala kontsideratuta dago, oso garrantzi haundia ematen baitio problema nazionalari. Txinari dagokion bidea bilatu nahi du, sozialismoa finkatzeko; eta ez du gura,* Moskutik zuzendutako talde baten barruan egon.

Hemen ikusten denez, ba dirudi kontradizioa dagoela, alde batetik internazionalismoa eta bestetik nazionalismoa defenditzen duelako. Baina kontradizio hau itxurazkoa besterik ez da, nazionalismoa eta internazionalismoa ez baitaude elkarren kontra. Internazionalista izateak ez du esan nahi, antinazionalista izan behar duenik, askok esaten duten bezala.

Txinoak gerra gogor batean sartuta egon ziren japonesen kontra. Gerra horretan parte haundia eduki zuten komunistek, eta beren propagandan «abertzaletasun» eta «nazionalismo» hitzak ugari erabiltzen zituzten; baina, hala ere, benetako internazionalismoa egiten zuten, bereziki* japones gudarien artean, hauk* txinoen eskuetan erortzen* zirenean.

Baina, lehenbiziko begiradaz «nazionalismo» hitza marxismoaren eta iraultzaren* kontrakoa zatekeelako,* beste hitz bat erabiltzen zuten, hots,* «abertzaletasuna» (txinoen hizkuntzan, «herriaren alde sentitzen den maitasuna»), hitz diferentea, baina esannahi berdinekoa. Maok hala dio: «Herri baten askatasunaren aldeko burrukan, nazionalista izatea, internazionalista izatea da».

Txinako teorizaleen ustez, herri bakoitzak bide berezi bat bilatu behar du, bere problemak konpontzeko; eta kanpotik datorren soluzioa, beti izango da txarra, kanpokoek jartzen badute behintzat. Herri bakoitzak, internazionalismoa egin nahi badu, bere arazoak konpontzen hasi behar du. Benetako nazionalismorik gabe ezin daiteke internazionalismorik egin.

Txinoek bi nazionalismo klase bereizten dituzte. Bata xobinista da, eta potentzia handiek eta zenbait* alderdi sozialistak egiten dute herri txikien kaltetan. Nazionalismo hau kondenatu egiten dute txinoek. Beste nazionalismoa herri zapalduena da, eta hau benetan atsegin zaie txinoei, nazioen arteko harremanek ez baitute ito behar herri bakoitzaren abertzaletasuna.

Teoria hauk ez dakit Txinan praktikan ipintzen direnentz. Beste leku askotan ez dira ipintzen behintzat.

B. BAKAIKOA

daude, dagoz

dezake, daike

dio, dautso

zaie, jake


Ikas zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABIA, abiatu, (sujuntiboetan).

ABURU, eritzi, uste.

ADIN, edade.

AGIAN, seguramente, probablemente, al parecer.

AGIRI, informe público.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHANZTU, ahantzi, ahaztu.

AIPATU, aipatutako, aipaturiko.

ALDA, aldatu (potentzialetan).

ALDATZ, aldapa.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ANTZA, antza denez, al parecer, por lo visto.

ARAKATU, aztertu, ikertu.

ARAKETA, azterketa.

ARAUDI, reglamento.

ARDURADUN, axoladun, artadun.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARETO, sala, salón.

ARRETA, detenimiento, cuidado.

ARTIZKI, arteko hizki, infijo.

ASKI, nahiko.

AXOLA, ardura.

BADAEZPADAKO, dudazko, ganore gabeko, funts gabeko. (Badaezpadako emakumea, mujer de dudosa reputación).

BAKAN, raro.

BARIK, gabe.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BAZTER, baztertu (potentzialetan).

BEDEREN, behinik behin, behintzat.

BEHINEN, printzipal.

BELUMENDU, tardanza, retraso.

BERDINGO, berdintasun.

BEREZIKI, batez ere.

BERUN, plomo, plomb.

BESTALDE, gainera.

BIAISTERI, Laguardia.

BILAKATU, bihurtu.

BILDU, batu.

BILKURA, batzarre, reunión, asamblea.

BIZ, izan bedi, izan dadila.

BULEGO, oficina, bureau.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DENDA, saltoki.

DEUS, ezer.

DOHAKO, gratuito.

DUKEGU, dugu nonbait.

EGUN, gaur.

EHIZTARI, ihiztari, cazador, chasseur.

EI, omen.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

ENTELEGATU, ulertu, konprenitu.

ERA, abagadune, aukera, ereti, parada, ocasión.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, institución, organismo.

ERKATZE, comparación.

ERORI, jausi.

ERRESUMA, erreinu.

ERRIME, indartsu, fuerte.

ERRU, hoben, kulpa.

ERRUDUN, hobendun.

ESKARI, petición.

ESKUALDE, comarca.

ESTEKATU, lotu.

EUN, tejido, tissu. (Ehun eun, cien tejidos).

FROGATU, probar, demostrar.

GAL, galdu (sujuntiboetan).

GAMELU, ganbelu, camello, chameau.

GANORE, ganora, kanore, fundamento.

GATAZKA, lucha, conflicto.

GELDI, gelditu (sujuntiboetan).

GERATU, gelditu.

GURA, nahi, gogo.

GURARI, nahi, gogo.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HANDITSU, tumor.

HARRESI, muralla.

HASTAPEN, hasiera, principio, rudimento.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HELBURU, fin, objetivo.

HERTSI, hestu.

HEZI, educar.

HEZIKETA, educación.

HIRI, huri, ciudad, villa.

HIRIGINTZA, hurigintza, planificación urbana.

HITANO, hiketa.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORREGATIO, hala ere.

HOSTO, orri.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURBILTASUN, hurretasun, proximidad.

IHARDESPEN, erantzun.

IHARDUKI, discutir.

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAINDU, injuriar, ultrajar.

IRAULTZA revolución.

IZARI, neurri, medida.

IZPI, rayo.

JARRERA, postura.

JASO, levantar, recibir, coger.

JAZO, gertatu.

JOKA, jokatu (sujuntiboetan).

LABORE, cereal.

LARUNBAT, zapatu.

LEGEZ, lez, bezala.

LORRATZ, vestigio, huella.

LORTU, ardietsi, erdietsi.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MENPERATU, menperatutako, menperaturik.

MORTURU, despoblado.

MUGAGABE, indeterminado.

MURDE, izen baten aurrean jartzen den ohorezko titulua (frantsesez monsieur de).

NEGURI, Bilbo aldeko hauzo aristokratikoa.

NOLAKOTASUN, calidad.

NOSKI, naski, ciertamente, claro está, desde luego.

OMEN, ei.

OPARI, ofrenda

ORMA, paret. (Horma = izotz, hielo, glace).

OROBAT, igual, indiferente.

OROKOR, general.

OSTENDU, ezkutatu, ocultar.

OTSAIL, febrero.

PAIRATU, sufritu.

SAIA BAGINTEZ, saiatuko bagina.

SAIAKERA, ensayo, essai.

SAMA, lepo, cuello, cou.

SARIZTATU, sariztatutako, saristaturiko.

SARRIENIK, maizenik.

SARRITAN, maizetan.

SOILIK, bakarrik.

SOR, sortu (potentzialetan).

TANKERA, taxu, estilo.

TANTAIDI, lugar de árboles altos.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKITU, ikutu.

URLIA, fulano, un tel.

ZALANTZA, duda.

ZATEKEEN, zen nonbait.

ZENBAIT, batzuk.

ZERBITZATU, utilizar.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZINEZ. benetan.

ZUTABE, columna.

ZIO, motivo.

ZUZENBIDE, derecho.


Ikas zeure hizkuntza

II. Euskara batua. Galderak eta erantzunak (3)

— Sarritan, moztu egiten duzue aditza. Esate baterako, gerta liteke, ikus dezagun, eta abar. Zergatik mozketa hori? Zergatik ez: gertatu liteke, ikusi dezagun, eta abar?

 — Erantzuna Larresororen «Sustrai Bila» liburuan aurki zenezake, 89. orrialdean. Hona hemen —formaz zerbait aldaturik— han esaten dena:

Gaurko euskaldun eskolatu bati galdera hau egiten badiozu: Nola esaten da ver euskaraz?, beti edo ia beti hau entzungo duzu: Ikusi. Euskal gramatikarik gehienek ere gauza bera esango dautzute. Ikusi, hala ere, ez da ver, visto baizik. Ikus = ver. Ikusi = visto.

Era berean, cenar ez da afaldu, afal baizik. Afal = cenar. Afaldu = cenado.

Lehenengoa (afal) «infinitibo» dei dezakegu, eta bigarrena (afaldu) «partizipio».

Herriak berak horrelaxe itzultzen zituen erdal aditzak Erronkarin (Mitxelenak emana du honen berri). Suceder = gerta, entrar = sar, vender = sal, aburrirse = asper, eta abar.

Kakoa horretan datza: Gerta, sar, sal, asper, ikus eta antzekoak infinitiboak dira; eta gertatu, sartu, saldu, aspertu, ikusi eta abar partizipioak.

Partizipioek, izan eta ukan hartzen dituzte beti laguntzaile; infinitiboek, ordea, edin eta ezan. Adibidez: Gertatu da, gertatu zen; ikusi du, ikusi zuen. Gerta daiteke, gerta dadin, gerta bedi; ikus dezake, ikus dezan, ikus beza.


Ezagutu geure Herria

Arabako Errioxa (4)

Zieko

15,987 km2. eta 969 bizilagun. Orain hamar urte, 1.268 bizilagun zituan. Herri honen gaurko izena Elciego da; baina lehen, 1067. urtean, El Cieko eta Cieko agertzen da. Sei ardo etxe dagoz herri honetan; bat, famatuena, Riscal da, mahai ardorik estimatuena egiten dauana. Eskualde* honetako herririk aberatsenetarikoa da ardotan. Bertako mahastiak bezalakoak ez dira asko egongo Euskal Herrian. Ziekotarrek eskualde honetan euskal kontzientziarik gehien dabela entzun dogu, eta hori gerra aurretik.

Lapuebla de Labarca

5,975 km2. eta 758 bizilagun. Baserritik bizi dan herria. Ardoa da haren aberastasun nagusia. Ebro hibaiaren gain gainean dago, eta ikustoki zoragarri bat dauka hibaiari begira.

Elvillar

17,587 km2. eta 533 bizilagun. Biaisteritik* ekialdera* dagoen herri honetan, «San Roque» izeneko ardo kooperatibaz gainera, Irazu etxea dago, olioa egiten dauana. Herri honek plaza eder eta zabal bat dauka, eturri eder batekin.

Kiripan

12,550 km2. eta 240 bizilagun. Kantabria izeneko mendikatearen ondoan dago, eta hutsituaz doan herri bat da. Makinaria konpontzeko lantegitxo bat dauka bakarrik. «San Tirso» izeneko ardo kooperatiba bat ere bai. Gaur, Cripán da herriaren izena.

Lantziego

24,340 km2. eta 699 bizilagun. Herriburuaz gainera, beste herrixka bi ditu: Asa eta Benasperi (gaur Viñaspre). Makinaria konpontzeko lantegi bat, arotzeria bat eta ogitegi bat dira industria bakarrak. Bertako mahastien frutuarekin ardoa egin eta saltzeko, kooperatiba bat dago. Asa herrixkak hiru edo lau etxe bakarrik izan ditu orain arte; baina gaur txaletak egiten dihardue, eta ba dago horretarako leku aukerakorik Ebro ondoko tantaidietan.* Erromanoen garaiko lorratzak* ere aurkitu dira Asan; eta Andre Mari bat ere ba da herriaren izenarekin. Benasperi, gaur Viñaspre bihurtua, lehen bere buruaren jabe zan.

Iekora

18,725 km2. eta 316 bizilagun. «La Aldea» izeneko aldatzetik* behera dago herritxo hau, Lapoblacion eta Meano izeneko Nafarroako herriak iragan* ondoren. Herri biok ere lurrez eta harremanez gehiago dira Errioxakoak, Nafarroakoak baino. lekora baserri herria da, mahasti eta olibadi batzuekin. Herri honetan aurkitzen da Eskidi morturua,* lehenago herria izandakoa.

Oion

17,762 km2. eta 1.907 bizilagun. Orain hamar urte, 1.275 bizilagun zituan. Beraz, eskualde honetan gehien hazi dan herria da, eta gaur eskualde burua baino handiagoa. Herri hau elizaz, joan dan menderarte,* Iruinekoa zan. Ba ditu mahastiak, bai eta olibadi batzuk ere; baina herriaren ekonomia industrian oinarritzen da. Esan genduan, industri tokiak hogeitik gora zirela. Gaur hirigintza* arazoa eta urarena ditu larrienak. Logroñoren hurbiltasunaz* eta Arabako kontzertu ekonomikoaz ondo baliatzen jakin dau, etorkizun oneko herria izateko.

Orrubusu

12,319 km2. eta 200 bizilagun. Gaur Barriobusto dana, lehen Gorrebusto, eta aintzinago Orrubusu zan herri hau. Joan dan menderarte Labrazarena zan. Herri apala, etorkizun gutxikoa. Ardoa, laborea* eta olibak hartzen dira bertan.

Labraza

15,094 km2. eta 127 bizilagun. Orain 40 urte, 246 bizilagun zituan; eta gaur heriotzarako abiada hartu dau. Mendi tontor batean, harresiz* inguratua, gaztelu baten antza dauka. Hiri* bezala, Iruineko Santxo Errimeak* fundatu eban 1196. urtean. Aurten, bertan izan ginenean, eliz ataria eta plazattoa almendro garauez beterik egoen, eguzkitan lehortzen.

Moreta

8,694 km2. eta 502 bizilagun 1666. urterarte Nafarroan egon zan, Bianaren hauzo bezala. Baserri herria da, eta, eskualdeko beste herriak legez,* ardo eta laboretik bizi da, oliotik ere zerbait. Esan leiteke, beherantz ez doala, gorantz ere asko igon ez arren. Biana eta Oionen artean egoteak aukera txiki bat ematen dautso, industria apur bat eukitzeko.

J. L. LIZUNDIA