ANAITASUNA

227. zenb.

1972.eko Urtarrilaren 30ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Jardin Txikerra 1, Bilbao-12.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Nekazaritzaren azterketa

Edonongo herriren kondairan ikusten dugu, nekazaritzak ba duela garrantzizko lotura gaurko egoerarekin; eta, zer esanik ere ez, Euskal Herriaren kondairan.

Beste herrietan legez,* hemengo gizona, ihizia* janari bide bezala amaitzen zaiola ikusirik, izadiko* beste frutuak bereganatu beharrean aurkitzen da. Hala, abereak hil ordez, hauek dituzten ondasunetaz baliatzen da. Lehen, lurrak berez emandako frutuak bakarrik eskuratzen zituen; orain, ordea,* lurra lantzen hasten da. Bizi-era berri honek aldaketak dakarzkio gizarteari.

Euskal Herrian, ibai ertzetan* hasten da nekazaritza. Ba dakigu, hemengo lurrak ez direla egoki eta aberatsak; horregatik, gure nekazaritza ahula* izango da. Politika giroak eta egitura* berriek lagunduko diote nekazaritzari, mendeetan* zehar,* hala-holako garrantzia izaten. Adibidez, XIV. mendean, ahaide* nagusien arteko burrukek, eta abar.

Hemen, nekazaritzak baserrian izango du bere bizilekua. Baserria ez da lurlangintzara bakarrik emana izango, bai eta abere hazkuntzara ere. Bertan biziko da senitarte osoa; eta denentzat atera beharko da bizitzaren iraupenerako ogia. Horregatik, zail izango zaie ondasunen ugaritzea. Argi dago, autokontsumoko ekonomia dutela.

XV. mendean, Euskal Herriko gizartean aldaketa bat hasten da. Ahaide nagusien arteko gudaketak bukatzen dira, eta bakeak komertzioaren berpiztea dakar. Merkatariek, eskuratutako dirutzarekin, lurrak erosten dituzte eta maisterrak* jartzen, urteko errenta batekin. Gaur, norbere baserriaren jabe, oso guti dira: % 10 omen.* Errenta hauk tipiak ziren, eta maisterrek lurreko frutuekin ordaintzen zituzten. Beste herriekin egindako salerosketen bidez, produktu berri batzuk ezagutzen dira. Produktu hauek —adibidez, Ameriketatik ekarritako artoak eta patatak— garrantzi haundia izango dute baserriko ekonomian. Baina, ekonomia hau autokontsumokoa denez gero, nekazariek ez dituzte beren ondasunak salduko, ugaritu baizik, beren bizitza hobeagotzeko. Berehalaxe, esku indarren larregitasuna* hasiko da. Egoera honek, industrializazioa hasi arte irauten du. Nahiz eta XVIII. mendean baserriak iganaldi* bat izan, XIX. mendetik aurrera nekazaritza gainbehera dator, gaur arte.

Kondizio hauetan, gizon asko irteten* da baserritik, nahiz herbestera nahiz sortu berri den industriara. Hemen ikusten da, industriaren hasieran eta aurrerabidean nekazaritzak izan duen garrantzia, esku indarra emanez. Baserriko esku indar gutitze honek ez dio nekazaritzari emankortasunaren gehitzerik ekarriko, bidezko litzatekeen bezala. Nekazaritzak goikoz behera segituko du aurrerantzean ere.

Industriak egituren* aldaketa dakarkio gizarteari. Aldakuntza honek ez du baserriaren egoera ikutuko baina. Produktu batzuetan bakarrik ikusiko da kanbioa, produktuok industri gizarteak beharrezkoak dituelako, batik* bat barazki,* haragiki eta esnekiak.

Gaurko nekazaritza, industriaren beharrizanei* erantzuteko, korapilo haundi baten aurrean dago.

Baserrian lan egiten dutenak, gehientsuak, zaharrak dira. Gazteek industrian dihardute, lansari* hobeak ateratzen baitituzte.

Lanerako lurrak oso tipiak dira, eta aldapatsuak,* makinentzako guztiz txarrak. Gauza zaila da lurrak gehitzea, batez ere lur hauen alboan industriarik dagoenean, orduan lurraren prezioa guztiz asko goititzen baita.

Baserritar asko ez dira beren lurren jabe, eta beldur dira, beren dirua baserrian inbertitzeko.

Ateratzen dituzten ekoizpenak* neke haundiren frutu dira, aintzinako moldez lan egiten baita.

Ekoizpen hauk nola eta non sal*? Merkatuan, herbesteko barazki eta haragikiak hobe eta merkeagoak izaten dira.

Baserriko bizitza, kalekoarekin neurtuz gero, askoz gogorragoa, neketsuagoa da. Eta, hori dela eta, baserriko semeen etorkizuna oso iluna da.

Beraz, gure lehenengo ekonomi sektorea molde zaharrezkoa da, batere aurrerapen eta modernizaziorik ez duena, ez lan moldeetan ez eta bizimodu kondizioetan ere.

Problema hauen soluzioa ez da erraza, ez egituren aldetik ez eta produktuen komertzializazioaren aldetik ere, kontuan harturik, Espainiako politika jokaerak hartzen dituen neurriak ez direla oso aurrerapen haundikoak hemengo produktuentzat.

Bestalde, problemen baztertzeak ez du soluziorik ekarriko. Ados nator, batzuek diotenarekin: Euskal Herrian industria dela garrantzitsuena, eta nekazaritzak, behar bezala bizi nahi badu, zenbatasunez* urriago eta nolatasunez* ugariago izan behar duela.

EIXA

dio, dautso

diote, dautsoe

zaie, jake

zaio, jako


Herriz herri

Bilbo

P.I.N.

Hauk* dira, «Parque Infantil de Navidad» delakoaren hizkiak.*

Ihaz* bezala, aurten ere Gabonetan atondu* dute ikuskizun hori, «Feria de Muestras» delakoaren erakustokian. Gauza atsegingarri asko zeuden umeentzat; eta 200 milatik gora izan dira, ikustera joan direnak.

Aurten, lehenengoz, sariketa bat antolatu zuten ume kantarientzat. Sari batzuk euskaraz kantatzen zutenentzat, eta beste batzuk erdaraz egiten zutenentzat. Erdarazko saiora 17 presentatu ziren, eta euskarazkora 19. Beraz, oraingoan aurrea atera diegu erdaldunei.

Euskaldunen artean, hauk izan ziren irabazleak: Taldeka, lehen «Itxaropen» Berangokoa, eta bigarren «Saitua anaia-arrebak» Deustukoa. Bakarka, lehen Lupe Fernandez Bermeotarra, eta bigarren Asier Telletxea Bermeotarra.

«Zorionak»

Gabonaldi honetan hainbat eratara eman izan dira «zorionak». Nik neuk hartutako txartel batean, Balendin Enbeita bertsolariaren hitz hauk datoz:

Belengo estalpetik,

Jesus, zer dinozu?

Bakoitzari berea

agintzen dauskuzu.

Zeure egarri hori

ase nahi badozu,

beste mundu barri bat

sortu behar dozu.

Bertso politak, ez da? Baina, mundu berri hori egia bihur dadin, eta gaurkoa baino hobea (ez Aldous Huxleyren «mundu berria») izan dadin, telebistaren aurrean alferkerian egon gabe, lan egin beharko dugu sendo. Eta beldurra eta ustekeriak alde batera utzi.

Liburu berria

Berriki* hartu dugu, Juan San Martin eta Serafin Basaurik argitaratu duten «Hegatsez» izeneko liburu berria. Bilduma* hau osatzeko, 61 idazlek bidali dituzte beren lanak.

Hainbeste idazle desberdinek eta beste hainbeste gai diferentek ematen diote liburu honi aparteko garrantzi eta interesa. Bertan agertzen dira entseiu* filosofiko eta soziologikoak, ipuinak («Iratzeder»ena benetan da zoragarria), eskutitzak, narrazioak, eta abar.

Liburu honekin, 1972. urteari hasiera on bat eman diogu euskal literaturaren aldetik. Eskatzekotan: «Itxaropena», Zarauz.

XABIER GEREÑO

Zornotza

590.100 pezeta kostatu da parrokiako kalefazio berria. Udaletxean* eta lantegietan, 175.558 pezeta batu dira. Gainerakoa jasotzeko,* herriko hiru apaiz kalerik kale eta etxerik etxe ibili izan dira.

Erregenez* gure herriko eliza guztietan batu zan dirua, herritar kartzelatuen familien artean bananduko da. Aurten 27.700 pezeta jaso ahal izan dira, ihaz* baino hamar mila gehiago, gutxi gora-behera. Laguntza txiki hau sinbolo huts bihurtu ez dadin, nire ustez, diru batze hau urtean behin baino gehiagotan egin beharko litzateke. Geu guztion eginbeharra da; baina, kasu honetan, apaizek batez ere dabe azken hitza.

LEUNGANE

Azpeitia

Landetako jaiak

Landeta, denbora asko ez dela, nekazari auzo bat zen. Baserri patxadazkoak,* egokiak eta herriko baserrietan aurreratuenak. Gaur, Landeta besterik da. Gaurko Landetak, herri edo auzo industrializatu batek dituen karakteristika guztiak ditu, hots,* fabrika handiak, hautsa eta zarata,* eta, eguerdiko hamabiek jo eta gero, langileen presa eta auto eta bizikleten kabitu ezina eta iskanbila. Lehen baserri patxadazkoak zirenei, lurraldeak jan dizkie industriaren zabalkundeak.

Landetak, eliza eta kanpandorrerik ez badu ere, zaindari berezi bat ba du: San Eloi. Eta, auzo gehienetan bezala, hemengo gazteria ekintzaileak, bere zaindariaren egunean, festak antolatu ohi ditu. Baina festak zertarako? Hemen datza* gure lanaren kakoa, hemen Landetako festa antolatzaileen puntu flakoa.

Beharbada norbaitek esanen dauku, lantegian pasatzen ditugun ordu luze eta neketsuak ahanzteko direla festak. Egun batzuetan bederen* atseden hartzeko, edo, jan eta edan leporaino egin ondoren, solasean jarduteko. Bai, eta gero zer? Gero, berriro lanera, egunetik egunera, orduen gurpilean, burua makurtuta. Beste herriren bateko jaien zain, edo datorren urtekoen zain, ordain ttikiaz lanera, geure herriko burgesia ttikia mantentzera, haien produktibitatea gehi* dadin eta langileok zapalduak eta alienatuak jarrai gaitezen.

Hau da, zoritxarrez, askoren uste okerra, askoren pentsaera faltsua. Guzti horretaz ez dira, beharbada, antolatzaileak ohartzen. Guk, behintzat, segurtasun osoz baiezten dugu hau.

Programari aztertu bat ematen badiogu, erraz kontura gaitezke, dibertsio huts batetik at* deusik* ez dagoela. Programa osoa euskaraz, eta euskara "apain eta garbiz" gainera. Haren koloreak ondo konbinatuak, eta propaganda komertziala ugari. Hasieran, festa alai batzuk pasatzeko deia egiten daukute; aurrerago "Egan" taldearen saioa, jendea saltoko ipintzeko. Hortik aurrera, mus txapelketa, boxeo jaialdia, "Beti Alai" eta "Egan" taldeekin berbena.*

Guk ez diogu programa honi ezer kendu nahi, zerbait erantsi baizik. Guk ez dugu nahi, herri ttikietan antolatzen diren festak boikotatzea. Guk nahi duguna zera da, festak herriaren zerbitzurakoak, hots, herri horren egoera ikusita antolatuak izan daitezela. Herri horren arazoak azaltzeko bide bat, herria kontzientziarazteko medio bat. Langileriak egunero daraman burrukarako bizigarri bat. Bestela, lehen sistemak ezarririk dauzkan alienatzeko bideez gainera, beste alienabide bat gehiago izango lirateke.

EUSKALTZALEAK

Zeanuri

Bilborako ura

Bilborako ura ekartzeak, nahiko arazo sorterazi dau gure herri inguruan. Ura batzeko tokia egiterakoan, hainbat bide apurtu eta lurperatu zan. Ez dogu inor errudun jartzen; baina bideok ez dira berriro zuzentzen. Berba asko egin da sarritan gai honetaz; baina inor ez da mugitzen. Agintarien artean laguntzaileren bat bagendu, laster zuzenduko geunkez bideok.

Mus txapelketa

Azken urteotan mus txapelketa izaten dogu herrian. Txapelketa honetan herri osoa izaten da; ez dau inork huts egiten. Gazteriaren batzarrak antolatzeko, ostera,* atxakiak ugari agertzen dira. Lerro honeetatik dei bat egin gura neuskioe Zeanuriko gazteei, ea danon artean zerbait atontzen dogun.

UNDURRATARRA

Arrasate

Urteberri egunez

Gabon Zahar gauean, edo, hobeto esan, Urteberri egunean, goizean goiz jende taldeak bildu ziren kale bazter guztietan.

Halako talde batek, txistu doinuaz baliaturik, itzuli galanta eman zion herriari biribilketa alaiekin.

Pedro I. Barrutiaren «Gabonetako Ikuskizuna»

Urtarrilaren* 5ean, Arratiarrak etorri zitzaizkigun, Pedro I. Barrutia Aramaionako semeak eta Arrasateko* eskribauak idatzitako teatro lan hau agertzera. Liburuaren textoa oso osorik eman zeukuten.

Zati batzuk kantatuak izan ziren; ongi bete zuten eginbehar hau "Oihartzun" taldekoek. Beste zati batzuk, berriz, bertsoak ziren, eta hauk errezitatuak izan ziren.

Antzerki gehienetan gertatzen den bezala, ez zen jende larregirik* bildu. Baina horretaz ohituta gaude; eta ez zitzaikun iruditu, guti ginela.

Ez gara teknikari buruz mintzatuko. Detaile bat bakarrik emango dugu. Antzerki hau fraile frantziskanoen elizan egin zen.

Zorionak Arratiarrei eta gure herriko fraileei.

BALENDIN

Tolosa

Lehengoan aipatzen genuenez, idaz txapelketatxo bat egin dugu, euskara ondo ikasten ari direnen artean. Hain zuzen, Joseba Imanol Agirre azaldu zaiku garaile. Esan genuen bezala, Joseba Intxaustik egin du lanaren neurketa, bai eta saria ipini ere (Federiko Zabala tolosarraren Euskal Historia) «Jakin» eta «Etor» argitarazleen izenean.

Hor bidaltzen dautzuet saritutako lana, ondo baderitzazue, ANAITASUNAn argitaratzeko. Gipuzkeraz egina da. Nahi baduzue, jar ietzozue falta diren H-ak.

J. IRAETA

Aurtengo udazkenean, oso eguraldi onak egin ditu. Eta danak poztu gera, esanaz: «Hau dek uda, itxurako egun ederrak! Holako eguraldiekin laburtu egiten da negua».

Negua laburtu! Eta zertarako? Hain gaiztoa ote da, ba, negua? Itxuraz, zatar xamarra da, bai. Euria, kazkabarra,* elurra, hotza... Osasunez bizkor ez dabiltzanai, neguak bildurra ematen die, eta ez da harritzekoa. Baina arpegi iluneko gizon eta emakume bildurgarrienak bezela, neguak ba ditu bere alderdi onak ere.

Elurra eta kazkabarra egiten duanean, baserriko bizilagunak su ondoan biltzen dira, berotasun ederrean, kontu kontari. Kaletarrak, berriz, zenbat eta eraso* gogorragoak kanpoan, hainbat arinago hartzen dute etxerako bidea; eta familiaren batasuna sendotu egiten da horrela. Gainera, ba dira, berez negua maite dutenak: ehiztariak,* skizaleak, laino- eta lanbrozaleak, eta abar. Alkar maite duten neska-mutil gazteak, euri zaparraden artean egiten dituzte beren hizketarik goxoenak.

Osasunerako, negua beste urte haroak baino txarragoa ez da. Danok dira nolabaitekoak. Esaera dan bezela: «Danok min, azkenak hil». Urte haro guztiak zahartu egiten gaituzte, pitin pitinka. Eta batean edo bestean hil beharko degu. Neguan? Udaberrian? Udazkenean? Ez dakigu.

Jakintsuen eritziz, osasun aldetik, negua behar beharrezkoa degu. Izan ere, landareak bezela, guk ere bai, neguaren astinaldiak behar ditugu.

Lanerako, berriz, negua ona da. Neguko nekeak udaberriko edertasuna dakarte. Ba dirudi, neguan, lurra geldirik, lo zorroan dagoala. Ez. Garai honetan, lurraren barren guztia dardar irakiten bezela dago. Neguaren erraietatik bizi berri bat sortzen ari da. Baina izerdi askoren ordainez. Galdetu gure baserritarrai bestela.

Neguan lanik egiten ez duanak, udaberrian ez du ikusiko bere baratza loratzen. Nahiz eta ingurukoak lorez gainezka egon. Eta gizon eta emakumeai gertatzen zaiena, herriari gertatzen zaio. Udaberriaren zai,* negua noiz bukatuko bizi diran herriak alperrik dute itxo* egitea. Udaberria bere garaian dator. Neguko ahaleginak arbola zaharrari kimu berriak bota arazten dizkioten une zoragarrian.

Beraz, negua laburragoa egin nahian ibili gabe, eta alperrikako jardunak alde batera utzita, ekin dezaiogun lanari.

Otxandiano

Igandeetako meza

Meza polita, hemen Otxandianon igande* eguerdietan esaten dana. Meza hori entzutera jende asko joaten da, eliza gainezkatu hainan.* Meza entzuleek, gozatsu eta ertzbako* boz batuagaz, ondo baino hobeto kantatzen dabe, batez ere "Gure Aita". Zer kanta ederra! Haren apaztasunak* bihotza dardaraz jartzen dausku eta Jaungoikoagana hurreratu. Zoaz, lagun, Otxandianoko elizara, mezagaz batera "Gure Aita" entzutera. Ez zara damutuko.

Jantegiak

Aspaldiz, hona etozen kanpotarrek ez eben jatekorik lortzen* eta inguruetara joan behar izaten eben jateko bila. Baina orain ez. Orain jatetxe politak ireki dira, eraz* eraz jaten ematen dakienak:

Martiko oilanda gazteak,

udaberriko zuzak,*

landetako pospolinak*

eta larreetako eperrak.

Jaki guzti honeek behar daben saltsa, kukuaren lehenengo kantua entzundakoan, poltsa bete diru aldian eukitzea da. Orain jatetxe horreek polliki polliki hasieran dabiltza; baina laster neurri oneko fama izango dabe. Hala izan dadila.

Musika

Hortik zehar dabiltzan kanta famatu batzuen habia, herri txiki hau da; eta hareen zabalkundeari hasiera eman eutson txori kantaria, "Pedro Agil" gaitzizena eukan herritarra. Guridi, Azkue, Urruñuela eta beste gizon batzuk, maila altuenetarikoak, haren aurrean entzule ikusi nituan sasoi haretan. Pedro Agilek, zarra zarra, adore onagaz kantatzen eutsezan, gogora etorri ala,* gure herriko kantak: "Hator, hator", "Txeru", "Santa Ageda", "Mahatsaren orpotik dator", "Zer egiten dok hor, Eperranka", "Hauxe da sentimentua", "Goazen goazen guztiok" eta beste asko, batez ere gabon kantak. Pedro Agil hospitaleko aguretxo bat zan, ezer ez eukan bat. Gaur berari eskerrak eta aipatu ditudan gizon famatuei, gure herriko kantuak ezagunak dira munduan. Baina hareen zabalkundea, Pedro Agilen aho-muturretan hasi zan.

Ez da nik asmatua

Joan dan urte zahar honetan, hor hemen agertu ziren gauza honeek irakurri nituan:

- Brasilgo oihanetan,* atzetik kantatzen daben hegaztiak ei* dira.

- Itsasoan, 1.500 metro urpean, buztan biko arrainak bizi ei dira.

- Japonesek berarizko* zerbeza klase bat egiten ei dabe, bitsa* ontziaren behe aldean geratzen* jakona.

Hor agerkarietan dinoen gehiena sinesgarria bada, zergatik ez, aipatu ditudan hiru burubakotasun horreek ere?

J.L.


Alfabetatzearen urratsak

Langileok egunero zabaltzen dugu geure ezagueraren alorra.* Dela fabriketan edo tabernetan edo kaleetan, geure eguneroko bizitzaren analisi bat egiten dugu. Analisi honen jakintza, hizkuntzan jasotzen* dugu.

Gure kontzientzia aberastuaz eta zabalduaz doa, eguneroko lotura eta muga hestuetatik harat* Gure kontzientziaren aberaste honi, alfabetatzea deritzat.*

Analfabetoak pauso eta urrats* asko eman behar du, jakintza edo kontzientzi mailara irixteko.* Eta hemen bere egoeraren jabe ez denari, analfabeto deritzat. Zeren analfabetoak ez baitira bakarrik, idazten eta irakurtzen ez dakitenak; aitzitik,* analfabetoa, bestekeriari, hots,* alienazioari emana ere ba da.

Lehen urratsa

Euskal alfabetatzearen lehen urratsa emana dugu euskaldunok. Hain zuzen ere, Lehen Urratsa deritza,* euskal alfabetatze batzordeak* joan den urtean argitaratu duen liburuari.

1957. urte mugan Rikardo Arregi eta haren lagunek asmatu zuten kanpaina, euskarak dituen beharrei lotua zegoen. Agian,* euskaratik at,* urrunago zihoan haien ikusmira, eta Euskal Herriaren beharrak zituzten beren baitan;* baina, dena dela, euskal alfabetatzea euskararen alorrean* finkatu zen.

Hiru izan ziren (eta dira), tenore* hartan euskararen inguruan aurkitu zituzten beharrik nagusienak:

- euskara moderno baten falta.

- euskararen batasunik eza.

- euskararen ahultasuna.*

Hain zuzen ere, 1960. urteaz gero hasia zen mugimendu inportante eta indartsu bat, euskarari bide berriak ireki nahiz. Literatur sena* ere bortizki* itzarri* zen. Bereziki* Arestiren Harri eta Herri liburuak izugarrizko kemena eta garra erantsi zion euskal literaturaren gisa* berriari. Rikardo Arregik zioenez, 1967.eko urte mugan jaiotzen ari zen literatura berriak «infrastruktura» baten beharra zuen; eta euskal literaturak behar zuen zerbait funtsezko* hori, euskal irakurleak ziren. Honetarako asmatua izan zen, beraz, euskal alfabetatze kanpaina: euskarak dituen behar bereziei erantzuteko.

Baina iragan* dira hiru urte, eta euskal alfabetatzearen jomuga gorago jaso* behar dugu. Bidegabe handi bat eginen nuke, baldin esango banu, euskal alfabetatzearen lehen urratsa alferrikakoa edo bigarren mailakoa dela. Ez dut neure baitan* gisa honetako pentsamendurik. Handia da beharra eta garrantzia, euskal alfabetatze literario batena. Baina ez dezagun ahantz,* hori lehen pausoa baizik ez dela.

Bigarren urratsa

Bat da «alfabetatze literarioa», eta besterik da «alfabetatze kulturala».

Alferrikako deritzat euskal alfabetatze literarioari, baldin «letra» eta gramatika soilaren* arloan finkatzen bagara. Hori, kulturkeria baino ez litzateke. Hizkuntzaren definizioa ezin genezake agor* sintaxi edo morfologia arruntean. Hizkuntza kulturalki definitu beharrean gara, hau da, euskara Euskal Herriaren definizioan mugatu behar dugu. Euskara, euskal jakintzaren oinarri bezala. Eta, lehen, jakintza honi «euskal kontzientzia» deitu diot. Beraz, euskal alfabetatzeak euskal kontzientziaren piztaile izan behar du, eta ez gramatikakeria agorra eta euskara «soil soilaren» arauez* taxutua.

Bigarren urratsa eta pausoa honetan datza:* Euskara euskaldunon berezko jakintza bezala ikuspegitzean. Zeren hizkuntza oro* lehen razionalizazio maila baitugu. Hizkuntza, errealitatearen lehen xedatzea,* konprenitzea eta teorizatzea da; eta ez da teoria praktikoagorik, hizkuntza baino. Beraz, euskaldunon alfabetatzeak kultur hildo* honetan mugitu behar du, eta hizkuntzaren azterketa ideologikoari ekin beharko dio. Eta begien bistan da, azterketa horrek politiko eta sozial behar duela izan.

Hizkuntza bere hartan hartzen badugu, arras* jabetzen* gara, mito, pentsakera desegoki eta begirada oker askoren gordailu* dela. Hizkuntzaren azterketa, hizkuntzaren desmitologizatze eta bortxaketan datza.

Beharrezkoa zaiku, irakurle eta idazle berrien sortzea eta ugaritzea; baina gaitza genuke, denok «euskaltzain» izatera helduko bagina. Agian,* euskararen ikastea ez datza bakarrik haren errai eta barne muinen ezagutzean; aitzitik,* euskara ikastea euskal kontzientziaren lortzea* ere ba da, eta ez deritzat* honi bigarren mailako. Euskaraz eskribatzeak eta irakurtzeak euskaldunago eta geure buruaz jabeago izatera eraman behar gaitu. Baldin hau horrela ez bada, lur idorrean* ereiten dugu, eta hemen zerbait gaizki doa.

Euskal Herriaren osatzeak pausaje goxo* goxoa darama; baina zuzen eta fermuki doa. Lehen urratsari bigarrena dagokio, eta agian hirugarrena. Baina, dena dela, Euskal Herriaren dinamikak berak hartara behartuko gaitu. Baldin, urrats eta pauso bat emanik, «stop» egiten badugu, loak hartuko gaitu; eta lo datzana... kasikan hilik datza.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

darama, daroa

dezagun, daigun

dio, dautso

genezake, geinke

zaiku, jaku, zaigu

zihoan, joian, zoan

zioen, inoan, esaten zuen

zion, eutson


Euskaldungoa

"Pradera Hermanos"

Urtarrilaren* 18an, Zaratamoko «Pradera Hermanos» lantegiko 575 behargin* geldiren egon ziren. Enpresa honetan 1.056 langile ari dira lanean. Huelga* honen bitartez, langileek jarraiko eskari honeek egin zituen: kontrolpean ari direnentzat 175 pezeta eguneko, eguneko alogerik txikiena 300 pezeta, urtean 15.000 pezetako aparteko lansari* bina, eta erretiroa 60 urtekoentzat lan-sariaren % 100ekin.

Ikastolaren alde Azpeitian

Joan dan gabonaldian, Soreasu zineman, herriko ikastolaren alderako jardun izan eben Jabier Madina kantariak, "Unai" hirukoteak, eta Oranda, Gorrotxategi, Lazkano eta Garmendia bertsolariek.

«Urtekari '72»

«Ediciones Mensajero» argitarazleak 1972.eko urtekaria atera berri dau. Liburuxka hau Euskal Herriko bide eta komunikazioen azalpen luze batekin hasten da. Ondoren, Euskal Herriko soziologiaren historia eta egoera jakin arazten dau, ekonomia, nekazaritza, arraintza, industria eta hirugarren sektorea deritxona gaitzat harturik. Euskal Herriaren mapa bat dakar, eta euskal hiriburuen planoak ere bai. Publikazio interesgarria, bulegoetan* nahiz pertsonalki erabiltzeko. Mamiz eta presentazioz, ihazko* urtekaria baino hobea. Salgai edozein liburutegitan edo «Ediciones Mensajero» etxean bertan (Avenida de las Universidades, 13. Bilbao-7). Salneurria, 140 pezeta.

«El Gran Asombro», Arteche zanaren liburua

«El Gran Asombro» izenburuarekin argitara eman berri dau «Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, S. A.» argitarazleak, José de Arteche zanaren zenbait artikuluren bilduma.* Liburu hau, Arteche hil zaneko urtebetegarrenean argitara eman da, Luis de Aranburu kazetalariaren gidaritzapean. 223 orrialde ditu. Inoizko ondoen agertzen dira bertan, Arteche zanak bere Herriari eutson maitasuna eta haren kristau sinesmena, biok taxu eta ikusmolde platoniko, idealista eta inmobilista batekin. Artechek hitz lauez* idazten dau, leunkiro eta arin bezain patxadazko aide batekin, eguneroko errealidade trakets eta zikina hitz gozo eta bigunez garbitu nahi dauanaren antzera.

Argitarazleak liburu honetan bertan aditzera ematen dau, laster publikatuko dauala «Noticias y viejos textos de la Lingua Navarrorum» Angel Irigaray jaunaren liburua.

Eskatzekotan: «El Gran Asombro». José de Arteche. «Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones». Urbieta, 55. San Sebastián.

«Seksu-hezibidea», liburu berria

«Seksu-hezibidea. Argazki eta irudiz, ar-emezkoen bioloji, psikoloji eta gizarte alderdiak» izenburuarekin atera berria dau ETOR editorialak, Juan Goikoetxea, Jesus Gaztañaga eta talde tekniko batek egindako Sergio Bigatello italianoaren liburuaren itzulpena.

Irudiz eta azalpenez, nahiko horniturik agertzen da. Gainera, erabili gabeko gai bat danez gero, hiztegi berri baten jabe egiteko liburu egokia. Prezioa, 150 pezeta.

Ez da erlijiorik irakasten

Bilbotik 11 kilometrotara dagoen instituto batean, ez da erlijiorik irakatsi Gabon aurreko hiru hilabeteetan, Estaduak eta Elizak elkarrekin daben konkordatuak hala agindu arren. Konkordatuak dinoanez, Elizak ba dau eskubidea, kristau erlijioa ikastetxe guztietan irakasteko, aurrez seinalatutako ordu berezi batzuetan. Baina, itxuraz, ez dago hain argi, nork izendatu behar dituan institutoetako erlijio irakasleak. Ihaz,* aipatu dogun instituto hori dagoen herriko apaizak izan ziren irakasleak. Baina aurten ez dabe hori onartu institutoko arduradunek. Eta, ondorioz ez da erlijiorik irakatsiko, harik eta Eliza eta institutokoak irakasleen izendatzean bat etorri arte, nahiz eta haurren zenbait* guraso kexatu egin diren, euren umeentzat hutsune horrek dakarren kalteagatik.

Egoera berdin samarrean aurkitzen ei* dira beste ikastetxe batzuk ere Bizkaian.

«Hegatsez», liburu berria

"Hegatsez" izenburuarekin, gaurko euskal idazleen hizlauzko* bilduma eder bat eskaini daukute Serafin Basauri eta Juan San Martinek. Irakurgai biziak nahi dituztenek batez ere, laguntza haundia aurkituko dute bilduma honetan. Beste askoren artean, gaurko idazle hauk agertzen dira: L. Akesolo, J. L. Alvarez, Aresti, R. Arregi, I. Berriatua, Erkiaga, S. Garmendia, X. Gereño, X. Kintana, Mitxelena, I. Sarasola, Satrustegi, Villasante, Zelaieta eta K. Santamaria. Liburu interesgarria, batez ere euskal alfabetatzean ari direnentzat eta gai bati loturiko liburuak irakurtzen aspertzen direnentzat.

Langile arazoak Gabon ostean

Iruineko "A. P. Ibérica" lantegiko 150 beharginek,* geldiune bat eginez, urteko irabaziak 18.000 pezeta gehiago eta asteko lan orduak 46 izan daitezela eskatu izan dabe. Era berean, zenbait* jaiegun eta "zubi", errekuperagarriak barik, ordainduak izan daitezela. Geldiune eta eskari horreekatik, enpresajabeek hainbat langile bota ditue kalera, eta, lantegia Logroñora eramango dabela eta, amenazuak eman.

Legazpiko "Patricio Echeverria" lantegian ere, arrazoi berdinakatik ibili izan dira eztabaidan langileak eta ugazabak.*

Errenderiko "Paysa" lantegian, huelgara* joan izan dira hango langileak, lansari* gizenagoak eskatuz. Berdin jazo* izan da Eibarko "Berj" lantegian eta Irungo "Muguerza, Ugarte y Cía" izenekoan ere.

Luis Haranburu-Altuna saritua

Luis Haranburu-Altuna idazleak irabazi dau Ordiziako "Jakintza" taldeak eraturiko "Literatur Sariketa", 25.000 pezeta eskuratuz. Bigarren saria, 7.500 pezetakoa, Andoni Sarriegirentzat izan da. Epaileak Karlos Santamaria, Juan San Martin eta Xabier Kintana izan dira.

Telesforo jaunaren eritzia Errezola zanari buruz

HERRIA astekariaren 1.118. alean, Telesforo Monzon Olaso jaunak artikulu bat argitara eman dau, «Errezola'tar Joseba» izenburuarekin. «Giristino bat, abertzale bat, eta, denen gainetik, gizona» zala dino Monzon jaunak. Horrez gainera, beste argitasun barik dinosku, Errezola eta bera ez zirela bat etortzen politikazko bizitzan: «Haren azken urteetako politikarekin beti ados izan naizen? Denok dakite ezetz».

Larraizko gertakariak

Donostiako "La Voz de España" egunkariak, bere 10.967. alean, "La Noche negra de Larraitz" izenburuarekin, hitz latzak bota izan ditu, ihazko* hazilaren* 2an Larraitzen egindako kultur ekinaldiari buruz. Lehentxoago, Iruineko "El Pensamiento Navarro" egunkaria eta beste euskal zaharzale batzuk ere, ekin eta ekin ibili izan dira gertakari horren inguruan, zer jazo zan eta zergatik eta zertarako, inork ganorez* azaldu barik. Itxuraz, euskaldun ohitura eta izakera batzuk bakarrik dira baliodunak.

Euskal Herriaren historia?

«Cuadernos para el Diálogo» aldizkariaren 99. zenbakian, idazlan bat agertzen da Euskal Herriari buruz, «El Pueblo Vasco en la historia foral y en la época contemporánea» izenburuarekin. Artikuluaren egileak, Francisco Basterretxea jaunak, beste gauza batzuen artean dino, Foruen galtzea euskaldunen borondate hutsez izan zala. Deustuko Unibertsidadean irakasle dan Zelaia Ibarraren deklarazio batzuekin amaitzen da artikulua.


Dialektikaren ordez metafisika

Ba dira gaur egun hainbat pertsona, eta batik* bat mugimendu eta alderdien buru direnak, «dialektika» hitza oso erraz erabiltzen dutenak, haren funtsa* behar bezala ezagutu gabe.

Haientzat egin nahi nuke kritika hau, aurreko zenbakian «Sozialismoaren Dialektika» izenburuarekin idatzi nuen artikuluari jarraituz.

Doktrinario hauek beren pentsamoldea justifikatu egiten dute, sistema guztietako buruzagiek egiten duten bezala. Izan ere, bilatzen dituzten teoria guztiak, beren jarrera* justifikatzeko eta betiratzeko izaten dira. Zientziaren alorra* uzten dute, eta ideologiaren kanpoan sartzen dira, nahiz eta zientifikoen hitz berberak erabili eta zientziaren izen ona beren dogmakeriaz hankaz gora bota.

Nik dakidanez, marxista hauen artean gizarteko lege guztiak aurkiturik daude, eta gizartearen eboluzio guztia eskema xinple baten bitartez esplikatzen dute. Horrela, erraz esplikatzen dute, sozialismora nola iragango* garen, eta sozialismotik komunismora nola pasatuko. Eta hau azaltzen dutenak, «zientzia» egiten ari dira. Ez ote dabiltza, zientziaren izenean, ideologia egiten?

Zientziazko edozein liburu hartzen dugunean, laster aurkitzen dugu, zientzia zertan sustraitzen den; eta berehalaxe ikusiko dugu, teoriak jeneralizatu duen gertaera bat praktikarekin akort ez badago, teoria hori errefutatua, baztertua geratzen dela. Eta gu hemen gabiltza danbolin hetsi* bati bira ematen, ea noiz aterako diren gaztainak. Gaztainak ez dira aterako, danbolinaren leihatila ideki arte eta danbolinari inklinazio minimo bat eman arte.

Gauzak hola gertatzearen arrazoia ezjakinean aurkitzen da. Gizona ezin daiteke filosofatzen has, berak esaten duena, zientziak errefutaturik badaduka. Hots,* zientzia ezin daiteke filosofoen menpean egon. Filosofo hoiek, zientziak esaten duen zipitzik ere ez badakite, orduan, zientzia egin beharrean, ideologia egiten dute, pentsamendua gertakarien erreflejua izan behar baitu eta ez alderantziz.*

Dogmatiko hauk,* beren buruak ttipiagotuak ikusirik, nonbait edo nolabait beren jarrera* defenditu beharrean aurkitzen dira. Banan banan harturik, zeharo hankapeturik geratzen dira, eta, hau ez gertatzearren, kidekoekin elkartu beharra sentitzen dute. Hemendik dator, jende hau partiduetan sartzea, alderdiaren dotrina guztiak onartuz eta aldatzeko posibilitate guztiak ukatuz.

Honek ez du esan nahi, alderdien helburua* hau denik. Alderdi edo mugimendu bat sortzen denean behintzat, hori esatea lelokeria litzateke. Alderdi bat sortzen denean, kondizio soziologiko berezi batzuk egoten dira, eta helburu batzuk lortzeko asmoekin sortzen da. Hastapenetan* iraultzailea bazen, gero errebindikatzailea bihurtzen da. Ikus dezagun, bestela, Europako zenbait alderdi, batik* bat marxista-leninistak direnak edo deritzenak. Euskal Herrian ere ez dea* holako zerbait gertatzen ari?

Orain, ikus ditzagun alderdi hauetako filosofoen pentsamoldeak.

Denok dakigun bezala, haien teoria guztiak Marx, Engels eta Leninen dotrinan oinarritzen dira. Denok gaude ados, hirukote horren dotrina benetako materialista-dialektikoa zela. Lehen biak XIX. mendekoak* dira, eta hirugarrena mende honen lehen urteetakoa.

Dakigunez, materialismoa zientzian oinarritzen den teoria bat da. Joan den mendeko zientziaren aurrerapenetan oinarritutako teoriak dira hirukote horrenak. Arrazoiz pentsa dezakegu, orduko zientzia, oraingoarekin konparatuz, oso atzeratua zegoela, eta, beraz, hirukote horren teoriak ere oso mugaturik zeudela. Orduan, teoria hauk dialektikoak ziren; baina, orain, gaindituak aurkitzen dira, nahiz eta oinarrizko modeluak izan, gero ikusiko dugun bezala.

Zer gertatzen da marxista-leninista diren teoriko askorekin edo gehienekin? Nola zientifikoak ez diren —gure kasuan, gehienak seminarioetatik ateratakoak—, zientziak esaten duena tutik ere ez dute ulertzen, eta, hala ere, zientzia egiten ari direla uste dute. Marxek, Leninek eta bereziki* Engelsek esan zituzten gauzak errepikatzen* dituzte, guk ttipitan kristau dotrina erreplikatzen genuen bezala, haien kontzeptu asko gaindituak daudela ohartu gabe.

Hemen adibide batzuk ipiniko ditut, zientziaren zenbait* aurrerapen agertzeko. Engelsek eta beste filosofo marxistek esaten dute, materia esistitzeko formak espazioa eta denbora direla, eta forma hauk gizonaren pentsamenduaren konkista izugarriak direla. Hau dena egia da, bai; baina honek ez du esan nahi, beste goi mailako animaliek ez dadukatela, forma hoik* kontzebitzeko kapazitaterik. Orduan, modelu hoik biziaren eboluzioaren ondorio bezala agertzen zaizkigu. Gainera, kontzeptzio hori animalia batetik bestera aldatu egiten da. Gizonarentzat eta lurrean ibiltzen diren abereentzat, horizontaleko neurriak askoz ere ttipiagoak dira goitik beherakoak baino. Ikus dezagun, bestela, seigarren piso* batetik, kalean dabilan gizon bat, eta oso ttipia irudituko zaiku. Ikus dezagun gizon hori berberori hurbiletik,* eta normala irudituko zaiku. Beraz, espazioaren kontzeptzioa psikologikoa da. Aidean ibiltzen diren hegaztiekin, alderantziz* gertatzen da. Hauentzat espazio psikologiko hau handiagoa da horizontalean, goitik behera baino. Beraz, faktore hauk* ez dira absolutuak, errelatiboak baizik.

Denborarekin berdin gertatzen da. Odol beroko animaliek duten kontzeptzioa ezin daiteke izan, odol hotzekoek duten kontzeptzioaren berdina. Gizonek ere ezin dezakete denborari buruz kontzeptzio berdina eduki, bata Amazonaseko tribu batekoa izanik, eta bestea Londresekoa. Azken bi mende* hauen aurreko 20 mila urtetako denboraldia oso laburtzat jotzen dugu, unada* luze horretan teknologiaren eta gizartearen aurrerapenak oso eskasak izan direlako. Baina hola ez da gertatzen azken 200 urteokin. Gertakari asko jazo* direlarik, denbora honen kontzeptzioa arrunt* desberdina dugu.

Gogoeta hauekin gauza bat eskatu nahi nieke gure filosofoei: beren bidean alto egiteko eta erreflesionatzeko, Galileoren hauziagatik Elizari kritika egiten zaion bezala, beraiei ere berdin egin lekikeela, zientzian oinarritu gabeko jarrerak* hartzen dituztelako. Fisikazko zientziak oraindik azken hitza eman ez badu —ni seguru nago, azen hitz hori ez duela emango—, are* gutiago eman du, hain eskas aztertua dagoen gizartezko zientziak, nahiz eta askok bestela uste izan.

B. BAKAIKOA

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

dezakete, daikee

ditzagun, daiguzan

gaude, gagoz

lekikee, leitekioe

nieke, neuskioe

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zeuden, egozen


Euskaldundu eta askatu

Euskara mantxatuaren haritik

Beste artikulu batean (ANAITASUNA, 223. zenb.) euskararen irakaskintzaz ari nintzelarik, gizonaz eta herriaz ikuspegi* atomista bat dugula esanez bukatu nuen, ikuspegi hori gaitzetsiz* eta baztertu nahirik.

Horrekin zera esan nahi nuen, ez garela gizonaren eta herriaren errealitate konkretutik abiatzen, geure buruan ongi samar klasifikatuak ditugun zenbait eskematatik baizik. Errealitatea disekatu eta zatikatu egiten dugula, eta estudio gai eta analisi gai bihurtzen. Eta, ondorioz, zirkunstantzia konkretu batean bizi den gizonari eta herriari ez baina, gizonaren eta herriaren alderdi airezko bati eskaintzen diogu geure zerbitzua.

Euskararen irakaskintzan akats horixe ikusten dut geure artean orain arte. Euskararen positibismoan mugitzen gara. Zientzia bat zerbitzen dugu. Zientzia honen destinatarioak adimen eta oroimen batzuk dira. Administratze lana egiten dugu, eta ez dago giza harremanik. Pertsona konkretuak beste nonbait gelditzen dira, klasetik kanpora.

Ongi ezaguna dugu aspaldion Herbert Marcuse-ren Dimentsio bakarreko gizona. Zein da gizon hori? Aldous Huxley-ren Brave New World liburuan agertzen dena bera. Xabier Amuritzak Bai Mundu Berria tituluz euskaratu berria du, eta honela diosku hitzaurrean:

«Mundu honetako pertsonak ez dira amarengandik jaioak, 'fabrikatuak' baizik. Haurgintza industrialeko adar bat gehiago da, kotxegintza edo abioigintza bezala. Pertsona hauen artean kasta ezberdinak daude, kotxeetan kasta ezberdinak dauden bezala».

Peces Barba abokatuak zera kondatzen dauku, Cuadernos para el Diálogo aldizkarian (XXVIII extraordinario): «Orden Público delakoaren hauzitegi espezialetan Deretxo Naturaleko frogantzak* erabiltzen direnean, edo eta gizonaren funtsezko* eskubideak, hauk* ez dira inoiz onartuak (presidentziaren aldetik). Era honetako dozenaka esperientzia ba dut, eta maiz* aski* presidenteak defendatzaileei honela diotse: konkreta ezazu zeure gaia eta itzul zaitez Deretxo Positibora». Peces Barbak aitortzen dauku, jokabide hau teknika aldetik zuzena dela; baina, «zientifiko baten jokaera juzgatzeko, teknikaren zuzentasuna ez da azken neurria».

Herbert Marcuse-k, lehen aipaturiko liburuan, 199. orrialdean, postura berdina erakusten du positibismoaren aurrean. Honek, filosofia positibistaz ari delarik, honela dio: «Pentsabide filosofikoa afirmatibo bihurtu zaiku. Filosofo kritikoak gizarte ordenaren barnean kritikatzen du, eta finkatuaren positibokeriatik kanpo gelditzen diren ideiak espekulazio, amets eta fantasia huts bezala jotzen* ditu».

Eta geroago: «Ondorenez, filosofian analisi linguistikoak, linguistikatik kanpoko konpromisua* ere ba du».

Munduaren ikuspegi global batez jokatu behar dugu, edozein zerbitzu eskaintzerakoan. Eta ikuspegi globalak ez ditugu geure barnerako gorde behar, ez eta ere memento bakan, grabe eta apropos batzuetan erabili. Munduaren ikuspegi estrukturatu bat lortzen dugunean, orduan laguntzen diogu besteari kritikoki pentsatzen.

Erch Fromm-ek, El Miedo a la Libertad liburuan, oso hedatuki* estudiatzen du puntu hau. 294. orrialdean zera dio:

«Munduaren irudi estrukturatu bat gabe gelditzen garenean, kritikoki pentsatzeko ahalmena geldierazten dugu. Gertakariek, estruktura oso baten parte direnean, duten funtsa* galtzen dute, eta esannahi abstraktu eta kantitatezko batez gelditzen dira; gertakari bakoitza gertakari bat gehiago besterik ez da... Irratia, zinema eta prentsa oso kaltegarriak dira honetan. Hiri bat bonbardatu dutela eta ehunka jende hil dela esan ondoren, bapatean eta batere lotsarik gabe, xaboiaren nahiz ardoaren propaganda egiten hasten zaizkizu. Boz serio, pentsakor eta eraginkorrez egoera politikoaren grabetasunaz hitz egin duen jaun berriemaile berbera, xaboi baten balioaz ihardunetan hasten zaiku... Guzti horregatik, entzuten dugunaz ez gara axolatzen,* gure barnea ez da astintzen, gure sentimenduak eta gure judizio kritikoak trabatuak gelditzen dira. Eta, emeki* emeki, munduan gertatzen denaz ikuspegi axolagabe eta motz* bat besterik ez zaiku gelditzen. Libertatearen izenean, bizitzak estruktura osoa galtzen du. Puska xipi* pila bat besterik ez baita, bata bestearekin zerikusirik gabe eta totalitatearen zentzu apurrik gabe».

Paulo Freire-ren heziketa* metoduaren originalitatea horretantxe datza,* hain zuzen ere. Alfabetatzeko hartu eta erabili zituen teknikak, errealitatearen ikuspegi global baten barnean hartu eta erabili zituen. Honetaz jabetzea guztiz beharrezkoa da, Freire-ren heziketa bideak ongi konprenitzeko. Honen eritziz, eta beste hitz batzuez esanda, pedagogiaren helburuaren* oinarri oinarrian giza ingurua ezarri behar da. Presupostu horretatik sortzen da sozial konpromisuaren* eta pedagogi lanaren arteko lokarri hertsia.*

EUSEBIO OSA

daude, dagoz

dauku, dausku, digu

diogu, dautsagu

diosku, dinosku, esaten dauku

diotse, dinotse, esaten die

zaiku, jaku

zaizkizu, jatzuz


Ekonomia

Solasaldi baten ondoren

Donostian, hango Aurrezki* Kutxa Munizipalaren babesean, euskal egoera ekonomikoari buruz mintzaldi eta solasaldiak* antolatu ziren.

Nahiko jende bildu zen, gure gaurko egoera ekonomikoaren berri jakiteko egarriz. Hau, nahiko dato interesantea da.

Lehen mintzaldian, Jenaro Garate ekonomista gazteak teoria berezi, ausart* eta polemikagarria azaldu zeukun.

Kontabilitate korapiloak eta mendebaldeko* ekonomiaren akats eta hutsune haundiak agertu ondoren, ikasi dugun edo ikasten ari garen teoria ekonomiko osoa zalantzan* jarri zuen. Teoria ekonomiko berri baten beharra eta, gauzak berdin jarraitzen badira, egoera horren ondorio beltzak (batez ere estanflazioa eta langabezia) azaldurik, gure gaurko Euskal Herriko errealitateari heldu zion.

Problema honetaz, eta zenbait* bide berri agertu nahiz, eritzi batzuk* eman zeuzkigun. Kredito erakundeen* lana eta jokabidea salatu zuen. Erakunde berri batzuk behar direla esan zeukun. Inbertsioaren urritasuna kontuan harturik, zuhurrak izan behar dugula, inbertsioak xeheki banatu behar direla esanez.

Berak azaldu zuen problemari ez natzaio lotuko. Beste artikulu batean mintzatuko baikara horretaz.

Bigarren egunean, antolatzaileek solasaldi bat eratu zuten. Mahaian, Dorao Lanzagorta, J. J. Rodriguez, Genua, Osa Etxaburu, J. Garate, Aldabaldetreku eta J. J. Etxeberria jaunak (hau moderadore bezala).

Osa Etxaburu eta Dorao Lanzagorta jaunek Garateren hitzaldiari kritika xinple eta urria egin ondoren, elkar hizketa hasi zen. Jendeak goizean bidalitako galderak irakurri ziren, eta mahaikideek erantzun zituzten.

Han hartu nituen puntu batzuk noakizue azaltzera.

Galderak garratzak izan zirela ezin uka. Denak muinera. Jendea ohartzen ari dela nabaritzen* da. Hau eta jende asko bildu zela, dato garrantzidunak dira.

Mahaikideek, egoera ekonomikoa gaingiroki* aztertu arren, dato eta eritzi interesante batzuk eman zeuzkiguten.

Genua jaunak esan zuenez, 1967-1871 epean, produkzio hazieran, Gipuzkoa 48. tokian zegoen, Araba 44.ean, Nafarroa 39.ean eta Bizkaia 38.ean.

Dirua kanpotik etorriko balitz, onartua izan beharko luke. (Onartua, guk jabegoa galtzen ez badugu, jakina, laguntza ezin haundiagoa izango bailitzateke).

Infrastrukturaren huts nabarmenak —«III Plan de Desarrollo» delakoan beteak ikusi ez direnak— agertu ziren. Gure gaurko infrastruktura, aurrerabiderako eragozpen haundienetako bat bihurtzen ari da.

Esan ere egin zen, enpresa pribatuen inbertsioak —orain Bilbo-Behobirako autopistan eta gero Bilboko portuan— ezin daitezkeela inbertsio publiko bezala har.

Deskapitalizazioa guti aztertu zen, baina dato erreal bat legez* gelditu zen.

Beste puntu bat ere azaldu zen: Unibertsitatea, Donostiari eman ez zaion Unibertsitatea. Exenplu bezala, alderdi bati bakarrik begiratzen badio ere, «Diario Vasco»ren editoriala ekartzen dugu: «Guipúzcoa, la provincia geográficamente menor de España, tiene en proporción el mayor porcentaje de alumnos de toda la nación. Pasan de 2.000 los alumnos que en la actualidad cursan estudios aquí y fuera de aquí, procedentes de una cantera de 22.000 estudiantes de grado medio existentes en Guipúzcoa, de los cuales 6.000 reciben cada año un título de Bachiller Superior, teniendo que quedarse el 30 % sin seguir estudios universitarios por la falta de esta clase de centros».

Noski,* editorialistak ez dakiena zera da, problema askoz ere sakonagoa dela.

Ikusten duzuenez, gaingiroki baina, benetako kezkak agertu ziren.

Beste kasu batzuetan, ordea, benetako problemak bazterturik, etorkizun zoriontsu bat agertu zeukuten.

Dorao Lanzagorta jaunak zioienez, Gipuzkoan deskapitalizazioa egia dela esan daiteke, baina Bizkaian behintzat ez. Haren eritziz, Bizkai eta Gipuzkoako egitura* politiko-juridiko-sozialak oso desberdinak dira. Era honetan, benetako problemak baztertuz, etorkizun paregabeko bat datorkigula esan zeukun. Ez zuen esan nondik; baina, seguru saki,* Bilboko portua eta aeroportua zituen gogoan.

Kooperatiben ordezkaria xinpleegi eta optimistegi mintzatu zen. Maila teknologikoa ttikia denez kero, «royalties» delakoen bidean sartu behar dugula esan zuen.

Nik neuk uste dut, ahal den neurrian inbestigazio bidean sartu behar dugula. Ba dakigu zaila dela; baina, tresneria «kopiatzen» gelditzen bagara, gero eta atzerago geratuko* gara. Honekin ez dut esan nahi, «royalties» delakoak erosi behar ez direnik, ahal dugun mailan inbestigazioan ere hasi behar dugula baizik.

Hona hemen, bilera honetatik atera daitezkeen ondorioak:

- Azterketaren beharra. Honelako solasaldiak benetan interesanteak eta nahi eta nahiezkoak iruditzen zaizkit. Ugaritu egin behar dira, zalantzarik* gabe.

- Benetako problemak baztertzea ez da kasualitatea. Horixe da, hain zuen, politika egitea, eta nahiko ongi dakigu zer politika.

AURTIZ

natzaio, natxako

zaio, jako

zaizkit, jataz

zeukun, euskun, zigun

zeukuten, euskuen, ziguten

zeuzkigun, euskuzan, zizkigun

zeuzkiguten, euskuezan, zizkiguten

zion, eutson


Hizkuntza

Aditzaren batasunaz gauzak argiro (2)

Larresororen argumentaziorik bortitzena,* gipuzkoar sistemaren defendatzaile guztienena bezalaxerik, literatur mailakoa izan nahi da, eta, batez ere, azken urte hauei dagokienez, soziologiazkoa.

Aldez aurretik esan behar dut, ez nagoela konforme argudio* hoiekin, egiazkoak izan arren, euskararen kasuan balio gabekoak iruditzen zaizkidalako. Baina, horrez gainera, ez dut uste, literatur eta sozial arazoak hain klar daudenik.

Noski,* irakurleari esplikazio bat eman beharrez nagokio. Literatur batasunaz ari garenean, gauza jakina da, liburuzko batasunaz edo batasun idatziaz ari garela, hots,* lehen etapa batetan liburuen mailan erabiltzeko batasun batez.

Euskaraz, ordea,* literatura idatziak ez du aspaldi honetan gurasoengandik semeenganako lotura tradizional iraunkorrik inoiz lortu* (agian* iparraldean izan ezik), eskolako alfabetatzea, euskal eredu* baten inguruan gabe —orain gertatzen hasi berri den bezala—, ERDAL eredu baten inguruan obratu delako. Horregatik, ezin mintza daiteke gipuzkerak omen duen prestijioaz, euskaldun guztiek —bizkaitar zein lapurtar (?!) edo zuberotar (?!) izan—, entzutez gainera, irakurtzeko eta idazteko praktikan ere duten ohitura bat bezala. Zera esan nahi dut, irakurtzeko ohitura guti egon delako, ia zeharo analfabetoak izan garela mende* honetan euskaraz; eta bizkaitar batek "Gipuzkoan euskara hobea egiten dela" esaten duenean, ez duela esan nahi horregatik, giputz liburuak irakurtzean, ederrez zoratzen dela. Aitzitik,* hori, norbaitek bere bizkaiera halako "mordoilo" edo "chapurreao" bat dela diotsonean, euskararen prestijioa goraipatzeko mito kontsakratu bat besterik ez dela bistan dago, Bizkaian Gipuzkoakoa gabe Markinakoa, edo Gipuzkoan Tolosakoa aipatzen diren arrazoi berberagatik.

Bestetik, euskal liburuen edizioak oraintsu arte 300 edo 400 aletara ozta* ozta ailegatzen zirenean, eta literatura guzti hura* meza liburu edo debozionarioak besterik ez bazen, zeren eskubidez mintza gaitezke "literatur prestijio batez"? Bestalde, jendearen kultur faltaz, nork bere euskalkia* besterik ezagutzen ez zuenean, eta mugaz alde honetara bestaldeko libururik ailegatzen ez zen garai batetan, nola esan daiteke, euskalki honek eta ez hark zuela duda gabeko nagusigoa?

Enetzat arazo hau minorien arazoa izan da soil* soilik, baina ez herriaren masa haundietara heldu izan den problema. Orduko demografia kontuan harturik, liburuen tiradak zein barregarri diren laster ikus daitekeen zerbait da.

Eta ene eskeptizismo hau aldez aurretik agertu ondoren, goazen orain, Larresorok aipatzen dituen datoak egiazko diren ala ez ikustera.

Uka ezina da, XVI eta XVII. mendeetako euskara nagusia lapurtar klasikoa izan zela. Beronen eragina eta influentzia Tartas zuberotarraren eta Oihenarte nafarraren eskribuetan ikus daiteke nabari* nabariro.

Baina lapurtera, klasikoa oraino, ez da, XVIII. mende osotik indartsu ibili ondoren, 1789. urtean bukatzen, Larresorok dioen bezala; aitzitik, XIX. mendean euskalki honek Hiribarren, Adema eta hauen gainetik Elizanburu eta Duvoisin batzuk eman zeuzkigun euskal letretara. Egia da, baina, Duvoisinen Bible Sainduaz lapurtar klasikoak iparraldeko zapalkuntza politiko eta kulturalaren ondorioak argiro erakusten dauzkigula. Nolabait esateko, Duvoisin eta Elizanburu lapurtar klasikoaren "zisnearen azken kantuak" izan ziren.

Baina, bitarteon, zer gertatzen zen beste euskalkiekin? Egia da, iparraldean lapurtarrak ohi ez bezalako eragina edukia zuela beste euskalkien gainetik, halako punturaino non, pastoraletan eta bertsolarien artean izan ezik, literatur hizkuntza bakarra bilakatua* baitzen; baina, artean, ba ote zan beste horrenbeste gertatzen alde honetan gipuzkerarekin?

Baina berau hurrengo batean ikusiko dukegu.

XABIER KINTANA

daude, dagoz

dauzkigu, dauskuz, dizkigu

diotso, dinotso, esaten dio

zaizkit, jataz

zeuzkigun, euskuzan, zizkigun


Akelarre gaua

Zelaia bete jende. Gazteria ikusgarria, kalean ez dagoen giro eta askatasuna mendian aurkitzera etorria. Gau argi zoragarria. Txindoki aurrez aurre. Ilargi betea.

Jaialdia, eragozpen batzuen erruz (argi neurriak eta abar), berandu hasi zen, eta luzea izango zen noski,* oso luzea. Hamaikatxo jende zelaian etzanda aurkituko zuen goizeko argiak.

Lainoak pixkana pixkanaka itzali zuen ikuskizun zoragarri hura.* Txindokirik ez zen ageri, ilargirik ere ez. Jendea logalez nekatua, ordu batak, ordu biak, hirurak, eta noiz arte?

Gau hark, eguna argitzerarte eskaini zeukun bere jolasa. Hainbeste gazte elkarturik, askatasun bila, kateak hautsi nahiz. Neure bihotzean kezka bat. Nora doaz? Zer askatasunek asetuko ditu? Nor dute gidari?

Nahigabeak bildu ninduen barrenean. Jesusek, egun batean, zelai batean, hainbeste jende bere atzetik zihoala ikusirik eta gose zirela jakinik, errukia sentitu zuen, ez baitzuten zer janik.

Honelako zerbaitek kezkatu ninduen. Jende multzo haren artean bat gehiago nintzen. Neure bizitza haien zorte* edo etorkizunari lotua nabaritu* nuen. Gau iluna. Ilargia estali egin zen. Nolakoa ote zen egunsentia? Zer jaioko zen ilunpe hartatik? Herria, maitasuna, esperantza, mitoa, hitz hutsak?

Pentsamentu hauekin, laurak jo eta gero etxeratu nintzen.

M.J.


Zergatik azalpen zientifikoak

Batek baino gehiagok galdetu daut, ea zer erlazio duen dibulgazio zientifikoak gure Herriaren problematikarekin. Oraingo honetan, neure eritzia azalduko dut.

Hainbat puntu dugu ukitzeko,* geure egoeraren okerbidea zuzendu nahi baldin badugu. Hoien artean, geure Herriaren ezjakinduria, Xabier Amurizak dioskun bezala. Hizkuntza bera ere landu behar dugu, inoiz baliozko gerta dakigun. Erraz kontura gaitezke, balio horrek kulturazko gai guztietara ailegatu behar duela. «Dena edo ezer ez», kantak dioen bezala. Hauxe da problema.

Dudarik gabe, hiztegi tekniko baten premia sentitzen ari gara. Baina hiztegi berri bat ezin daiteke egin instante batetan —jendeak uler dezan nahi badugu behintzat—, hizkuntza Herriak erabiltzen duen tresna bat baita. Horregatik, usadioak berak sorterazten du hiztegia, eta ez alderantziz.*

Begira diezogun orain usadioari. Zer da usadioa? Nork zertzen du? Kultur gaietan, nik uste, idatziz idatziz moldatzen da, hauxe baita nomenklatura sendo bat sorterazteko era bakarra. Beraz, hiztegi tekniko bat kreatu gura* badugu, geure praktikaz egin beharko dugu, hots,* gai horretaz idatziz.

Niri dagokidanez, ez dut uste hiztegi sendo bat kreatuko dudanik, lehen pausoa emateaz konformatzen bainaiz. Hitz eta ere batzuk aukeratu eta erabiliko ditut; gero geroak esanen dauku, forma hauk* onak ala txarrak diren. Hurrengo pausoan, hitz hauekin hiztegi tekniko konkretu bat zertu beharko dugu. Baina argi dagoena zera da, alegia,* geuk sorterazten eta erabiltzen ez baditugu, ez pentsa inondik etorriko zaizkigunik.

Aipatu dudan lan honek ez du uharte* aislatu bat izan behar; aitzitik,* beste indar batzuekin batera jokatu behar dugu. Gaur egun Herriaren alfabetatzean sarturik gaude, eta honek batasuna eskatzen du. Hainbat eta hainbat jende ditugu, euskaraz eskolatzen ari direnak. Hauen artean ikastoletako haurrak ditugu. Hauk dira, dudarik gabe, etorkizunaren aurrean garrantzirik gehien dutenak. Haur hauek euskal liburuen premia haundia dute; eta, behar hau asetzen ez badute, frustraturik gera* litezke euskal kulturaren aldetik. Beraz, berauentzat materiala prestatzean, lan gogorra dugu. Era guztietako materiala: ikastolek bereziki behar dituzten liburuak, ipuinak, tebeoak* eta abar.

Inork ez du ukatuko, lan honek koherente eta elkarren osagarri izan behar duela. Ez dugu nork bere bidetik jokatu behar. Pauso berriak ematen, ez dugu hiztegi pertsonaletan finkatu behar, aurretik eginik daudenetan baizik.* Hiztegi hauen akatsak zuzenduz, noski.* Puntu honetan, agertu berri den Ikastol Hiztegia aipatu nahi nuke. Batasunaren bidetik ezer aurreratu nahi badugu, honen antzeko hiztegi teknikoetan oinarritu behar ditugu geure pausoak. Hiztegi honek bere akatsak ukan* ditzake (eta ditu); baina, hala ere, pausorik zailena emana du. Toki guztietako euskaldunok manual bezala erabiltzen badugu, beste hainbat pauso emanen dugu, eta gure hizkuntza batuaz joanen da.

J. R. ETXEBARRIA

daude, dagoz

dauku, dausku, digu

diezogun, deiogun, dezaiogun

daut, daust, dit

dezan, daian

diosku, dinosku, esaten dauku

ditzake, daikez

gaude, gagoz

litezke, leitekez


Lapurreta modu berri bat

Aspaldi honetan lapurrek timo* berri asko asmatzen ditue, gizon zintzoei dirua kentzeko.

Lehengo egunean —berau Gabonetan izan zan— gizon bat, langile itxuraz, harategi* batera sartu zan eta honela itaundu* eutson bertako jaunari:

— Parkatu, nire andrea ikusi dozu hemendik?

Harakinak,* gizon ezezagun ha begiratu ondoren, hauxe erantzun eutson:

— Hara! Nik ez dot zure andrea ezagutzen, eta ez dakit.

— Ezagutuko ez dozu, ba! Gu bertoko bezeroak* gara, gizona. Jantzi gorri bategaz etortzen da bera, eta gainera nire koinatarekin ibiltzen da askotan, zera... andre beltxaran batekin, abrigo berde dauan batekin.

— Ez dakit, orain ez naiz gogoratzen —harakinak pentsakor—. Seguru zagoz hona etortzen direla? Ez ote dira beste inora joango?

— Ez, ez, hona etortzen dira. Zuen seme txikiak, hain zuzen ere, lehengo egunean aurpegia odolez zikindu eutson. Ez zara gogoratzen?

Harakin gaixoak, beti pentsakor, ezin bururatu nor demontres izan daitekean andre hori.

— Andre denganiñoa! dino beste gizonak erdi hasarrez. Beti egoten da ordu honetan etxean, eta gaur, berriz, norberak behar dauanean... Kontxo!

Besterik esan gabe, gizon ezezaguna kalera doa. Geroxeago, ordea,* harategira bihurtzen da, ea andrea handik joan jakon galde egitera. Ezetz erantzun bezain laster, berriro hasten da madarikazio eta biraoka;* baina, honetan, hasarre bizi bizitan agertzen da.

Kale haretako 5. zenbakian bizi dala esplikatzen dau eta iturriketari* dala, automobila ohostu* eutsoela eta goardia zibilek Gernikatik ekarria dautsoela goiz horretan. Besterik gabe, kalera jotzen dau bigarrenez.

Harakinaren andrea, gizon ha nora abiatzen zan ikusi gurarik,* atetik begira gelditu jakon. Halako batean, gizona kale ertz* batetik berbaz* entzuten dau:

— Kristina, nire andrea ikusi dozu? Kontxo! kasualidadea!

Harakinaren andrea, beste emakume hori, horrako Kristina hori nor dan jakin guraz,* kale ertzeraino doa. Baina iturriketariak, berau ikustean, honela dinotso:

— Alboko andrea izan da. Kale haretatik sartu da. Orain dala gutxi, arrandegian ikusi dauala esan daust. Eta batek jakin orain, nora diantre joan jatan.

Andreak, harategira bihurtuta, gizonari honela dinotso:

— Ez dakit, baina gizon gaixo horrek hesturaren batean egon behar dau, nik uste.

Handik hamar minutugarrenera, horra non agertzen jaken hirugarrenez lehengo gizona, ahotik bitsa* dariola.

— Hara! —hasten da— oso hestutasun handitan nago. Ene andre p... hori ez da oraindik etxera etorri, eta ni diru barik nago poliziagana joateko. Kotxea eman deisten, Gernikatik hona ekartzeko gastua ordaindu behar dautset, eta... zuk zeuk hirurehun eta berrogeitamar pezeta utziko bazeunstaz...

Eta harakinak, bihotza xamurturik, iturriketari gaixo haren desesperoa ikusita, 350 pezeta barik,* bostehun ematen dautsoz; justu justu joan ez dadin koitadua.

Eta agur, jaunak, betiko agur. Ez gizona, ez andrea, ez koinata, ez dirua ez ziren inoiz agertu, eta, jakina, kale haretako 5. zenbakira itauntzera* joatea alferrekoa izan zan.

Honetan, borondate onaren eta lagun hurkoari lagundu nahiaren ordaina, eskasa izan zan. Esaera zaharrak dinoana: Ongi eginaren pagua, bizkar gaineko palua.

TRAUKO

bazeunstaz, bazeneuzkit, bazenizkit

daust, daut, dit

dautset, diet

dautsoe, diote

dautsoz, dizkio

deisten, diezadaten, dezaidaten

dino, dio, esaten du

dinotso, diotso, esaten dio

eutsoen, zioten

eutson, zion

jake, zaie

jako, zaio

jakon, zitzaion

jat, zait


Larraitzen zer?

Tinta asko isur erazi eta komentario arras* gehiago harilkatu* duen gertakaria izan dugu Larraitzeko gau festa. Gisa* honetako gertakariak komentatzea, ordea,* bidezko eta beharrezko dugu, berebiziko* eragipena baitute gizarte guztiz artifizial eta anormal honetan (Euskal Herrikoan, alegia*). Baina esan behar da ere, komentarioak (komentatzaileak) egizale behar duela izan, nahiz eta gertakaria aurrez formalki gaitzetsi.* Ezin daiteke etsaia* gezurrez bakarrik menpera, eta bai haren ekintzak norberaren beste hobeago batzuez superatuz.

Zer ez da idatzi edo behintzat esan, Larraitzeko gau festari buruz? Gau hartan eta zelai hartan egin ez zenik ba ote da? Oraingo honetan motz* gelditu dira gure Piok idatziriko akelarretako bakanalak. Agian* (eta honek pentsa erazi daut, itsua ote naizen edo gutienez zozoa* behintzat) ba omen* zen gaztea franko, oroz* biluzik, amodioaren gosea ase eta ase, deabruaren gogoko orgia sutsu batetan. Ba omen zen ugari erlijioaren kontrako deihadarrik. Ba omen zen kanta zikin eta lardatsik.* Libertate giro faltsu haren maskarapean komunismoaren hatzaparrak somatzeko, ez omen zen askoren beharrik. Finean, euskal festa bat ez beste zernahi. Gainera, akelarre bat izan behar zuen gau bilera haren antolatzaileek ez omen zuten beren buruak azaldu nahi izan. Hala ere, bistan da, agintarien baimena nork edo nork izan zuela.

Nik, ikusi nuenetik eta entzun dudanetik, ondorio pertsonal batzuk atera ditut, irakurleari hemen ezarriko dizkiodanak.

Gau festa egin behar zen gaua heldu aurretik, kolore guztietako komentarioak entzun zitezkeen, eta aho gehienetan —ene ustez— halako atsegin gusto zerbaitekin, hain zuzen. Honek, zerbait berriren psikosi bat bezala hedatu* zuen gazteriaren baitan.* Bere printzipioen kontrako bilera izan behar zuela uste zuenaren baitan ere, ikusteko antsia zorrotoz bat erne zen eta hara joan zen. Honek, dudarik gabe, ikustea espero zuena baino askoz ere gutiago ikusi zuen, ikusi; baina gertatu «omen» zela entzundakoari hego zabalak erantsi zizkion, horrela aurrez iduriztatu zuena «egiaztatu» ahal zuelarik. Hemendik segitzen da ondorengo komentario absurdoen justifikazioa.

Larraitzeko gau festa bilerak, nire aburuz,* gaur lurbira osoan txit hedatua dagoen pentsamolde edo jokabide negatibo baten antza hartu zuen (edo eman nahi izan zitzaion), hau da, esistentzialismoaren jokabidea. Euskal Herriko gazteriaren baitan hezurmamitzen ari den esistentzialismoaren froga bat izan genuela esango nuke, esperientzia gisa* antolaturik. Estadu kapitalistetako gobernuek ez dute hain begi txarrez ikusten delako giro esistentzialista hori, ideologia negatibo horrekin jantziriko elementoek ezingo baitute kapitalismoa suntsitu* eta sozialismora erakarri. Esistentzialismoa pentsakera materialista da, baina materialismo giroan alderdi ustelenetariko bat. Horrexegatik hain zuzen, erlijioak oinarri faltaz lur jotzen ari diren garaiotan, ez du hain begi txarrez ikusten kapitalismoak esistentzialismoa.

Gorputza asetzea ez da aski,* hots,* kontsumo gizartea ez da aski. Gogoak ere asetzea eskatzen du («espirituak», alegia), eta horretarako ideologia bat fomentatu beharra dago, nahiz eta zientziaren kontrako izan. Esistentzialismoa, materialista den aldetik, erlijiotasunaren kontrako da. Horrexegatik herstutu* da hainbat lagun, Larraitzeko gau festa izan dela eta.

AKAITZ

Zuzendaritzaren oharra. Akaitz, ez zaude zu Larraitz-aldi horren kontrako komentatzaileekin bat. Ez eta han agertu zen esistentzialismoarekin ere, materialismoaren alderdirik ustelenetariko bat eta kapitalismoa kentzeko indargabekoa, hau da, ideologia negatibo bat delako; eta, gainera engainagarria delako, erantsiko genuke guk.

Zure idazlantxoaren azkenengo bi puntuak ez ote dira atzekoz aurrera jarri beharko? «Horrexegatik agintariek baimena eman zuten eta herstutu zen hainbat lagun, Larraitzeko gau festa izan dela eta» idatziko genuke guk.

Goazen beste zerbait ere esatera. Ideologia espiritual bat behar dela diozu zuk. Baina, lehenago, honako hau idatzi duzu: «erlijioak oinarri faltaz lur jotzen ari diren garaiotan». Egia ote? Bai eta ez.

Bai. Hainbeste erlijiokera ba doaz lurrera: kosmologikoak, mito hutsezkoak, magi kutsuzkoak, herrien lur-erakundeekin nahasi eta lotuak, moralismo hutsezkoak, eta abar.

Ez, ordea,* ez du sekula lur joko eta heriotzerik ezagutuko egiazko erlijiotasunak. Denok nabaritzen* dugu geure giza izakeraren sakonean Absoluto-beharra, Norbait hori somatu, ezagutu eta Berarekin betiko batasun oso bat egitera bultzatzen gaituena. Absoluto horrekiko erlazioiei deitzen diegu erlijiotasuna. Erlijiotasun horrek ez du behin ere lur joko.

Oraingo desmitifikazio eta sekulartze honek hertsiki* behartzen gaitu, gaur zorionez munduan (eta Euskal Herrian) diren buru kezkatu eta egizaleek behar duten erlijiotasuna agertzera, geroaren itxaropenarekin batera oraingo mundugintzan burruka dezagun eta gizatasuna egiazko eta betiko osotasunera eramaten saia gaitezen.

Halako erlijiotasuna munduan eta hemen berpizten ari dela uste dugu, gure gaurko kristautasun zahar eta nahiko faltsifikatuaren oinarri zapaldu baina sutsuetatik. (Oinarriak ba dira hor, nahiz eta mila sasi eta orma* ustelduren azpian egon). Oinarri hoietan sortzen da ideologia burrukalari bat, kontsumo gizartea dardarka eta hankaz gora jar dezakeena. Ideologia horren hortzak* ikusita, ezetz agintariek baimenik eman, benetako kristau indarrez eratutako Larraitz-aldi bat egiteko!

daut, daust, dit

dezagun, daigun

dezake, daike

dizkiot, dautsadaz

zaude, zagoz

zitezkeen, eitekezen

zitzaion, jakon

zizkion, eutsozan


Ikas zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABURU, eritzi.

AGIAN, por lo visto, según parece, seguramente.

AGOR, agortu (potentzialetan).

AHAIDE, pariente.

AHANTZ, ahantzi, ahanztu (sujuntiboetan).

AHUL, makal.

AHULTASUN, makaltasun.

AINTZINEAN, aurrean.

AITZITIK, al contrario.

ALA, arau, según, conforme.

ALBAITERU, veterinario.

ALDAPATSU, patartsu.

ALDERANTZIZ, al revés.

ALEGIA, a saber, esto es, es decir.

ALOR, arlo, sail.

ALTZURUKU, Aussurucq.

APAZTASUN, pastosidad, esponjosidad.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARAUEZ, según, conforme.

ARDURA, axola, arta.

ARDURADUN, axoladun, artadun.

ARDURATU, axolatu, artatu.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARGUDIO, argumento.

ARRAS, guztiz.

ARRASATE, Mondragoe.

ARRUNT, guztiz.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, landa, fuera.

ATONDU, eratu, antolatu.

AURREZKI, ahorro, épargne.

AUSART, atrevido, valiente, osado.

AXOLATU, arduratu. artatu.

BAITAN, -gan.

BAIZIK, baino.

BARAZKI, ortuari, hortaliza, legumbre, légume.

BARIK, gabe.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZORDE, comisión.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, gutienez, behintzat, behinik behin.

BEHARGIN, langile.

BEHARRIZAN, behar, necesidad.

BELTXARAN, moreno, brun.

BERARIZKO, especial.

BERBAZ, berbetan. hizketan, hablando.

BERBENA, kermeza.

BEREZIKI, batez ere, batik bat.

BERRIKI, oraintsu, aurtemein, arestian.

BEZERO, cliente.

BIAISTERI, Laguardia.

BILAKATU, bihurtu.

BILDUMA, colección.

BIRAO, maldición grave.

BITS, espuma, écume.

BORTITZ, sendo, indartsu.

BORTIZKI, fuertemente.

BUHEME, bohemio, gitano.

BULEGO, oficina, bureau.

DASTATU, gustar, degustar.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEA, da + a. (Azken letra hau aditzari ezartzen zaio galdeetan).

DENDA, saltoki.

DERITZA, deitzen zaio.

DERITZAT, deitzen diot; uste dut.

DEUS, ezer.

EGITURA, estructura.

EHIZTARI, ihiztari, cazador, chasseur.

EI, omen.

EKAIN, junio.

EKOIZPEN, fruto, producto, resultado, efecto.

EMEKI, geldiro.

ENTSEIU, ensayo, essai.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, institución, estructura.

ERASO, tempestad, tempête.

ERAZ, cómodamente, oportunamente.

EREDU, modelo.

ERREGENEZ, hiru Erregeen egunez.

ERREPIKATU, repetir.

ERTZ, hegi.

ERTZBAKO, hegi gabeko, no esquinado.

ESKUALDE, comarca.

ETSAI, arerio, adversario, enemigo.

EUSKALKI, dialecto vasco.

FROGANTZA, prueba, demostración.

FUNTS, fondo, fundamento, substancia, esencia.

GAINGIROKI, superficialmente.

GAITZETSI, reprobar, desaprobar.

GANORE, ganora, kanore, fundamento.

GEHI, gehitu (sujuntiboetan).

GERA, geratu (potentzialetan).

GERATU, gelditu.

GISA, modu, era.

GORDAILU, refugio.

GOXO, lento.

GURA, nahi, gogo.

HAINA, beste, bezainbat; hein, medida, proporción.

HARAKIN, carnicero, boucher.

HARAT, hara, harantz.

HARATEGI, carnicería, boucherie.

HARILKATU, devanar, dévider.

HASTAPEN, haste, hasiera.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAZIL, noviembre.

HEDATU, zabaldu.

HEDATUKI, extensamente.

HELBURU, fin, objetivo.

HERTSI, hestu.

HERTSIKI, apremiantemente.

HERSTUTU, hestutu.

HETSI, hertsi, hitxi.

HEZIKETA, educación.

HILDO, surco, sillón.

HIZLAU, hitz lau, prosa.

HIZKI, letra.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORTZ, hagin.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUELGA, greba.

HURA, ha.

HURBIL, hur.

IDOR, seco, árido.

IGANALDI, igonaldi.

IGANDE, domeka.

IHAZ, igaz, jaz.

IHAUTERI, carnaval.

IHIZI, caza, chasse.

IKUSPEGI, punto de vista.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRITXI, heldu.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ITAUNDU, galdetu, galde egin.

ITURRIKETARI, fontanero.

ITXO EGIN, itxaron, igurikatu.

ITZARRI, itzartu, esnatu.

IZADI, creación.

JABETU, convencerse.

JARRERA, jarpen, postura, actitud.

JASO, altxatu.

JAZO, gertatu.

JO, considerar.

KAZKABAR, kazkarabar, granizo grande, grêlon.

KIROLA, deporte. (Hitz elkarteetan, azken letra galtzen du).

KONPROMISU, engaiamendu, engagement.

LANSARI, aloger, alokairu, salario, jornal.

LARDATS, zikin.

LARREGI, gehiegi, sobera.

LARREGITASUN, gehiegitasun.

LAU, laño, llano.

LAUDIO, Llodio.

LAUTADA, ordoki, llanada, planicie.

LEGEZ, lez, bezala.

LORTU, erdietsi.

MAISTER, inquilino, arrendatario, locataire.

MAIZ, sarri.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MOTZ, corto, romo.

NABARI, patente, evidente, perceptible.

NABARITU, advertir, notar, percibir.

NOLATASUN, calidad.

NORAEZEAN, a la fuerza.

NOSKI, naski, ciertamente, desde luego.

OHOSTU, robar.

OIHAN, baso.

OLA, fabrika.

OMEN, ei.

ORDEA, aldiz, berriz. ostera.

ORMA, paret. (Horma, izotz, hielo, glace).

ORO, guzti.

OROZ, guztiz.

OSAGILE, sendagile, mediku.

OSTERA, aldiz, berriz, ordea.

OTSAIL, febrero.

OZTA, a penas, escasamente, à peine.

PATXADAZKO, fatxadazko, de bon aspect extérieur.

PISO, estaia.

POSPOLIN, codorniz, caille.

SAL, saldu (aditz laguntzaile gabeko galdeetan).

SEN, instinto, sentido.

SERORA, sor, monja.

SOIL, simple, mero.

SOLASALDI, conversación.

SUNTSITU, hondatu, funditu.

TANKERA, estilo.

TEBEO, barre eragiteko aldizkari.

TENORE, denbora, aldi, ordu.

TIMO, trikuntrakun, escroquerie.

UDALETXE, herriko etxe.

UGAZABA, nagusi.

UHARTE, isla.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKITU, hunkitu, ikutu.

UNADA, bolada, denboraldi.

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero, janvier.

XEDATU, delimitar, fijar, definir, determinar.

XIPI, txipi, txiki.

ZAI, zain, haiduru.

ZALANTZA, duda.

ZARATA, arrabots.

ZEHAR, gaindi.

ZENBAIT, batzuk.

ZENBATASUN, cantidad.

ZIEKO, Elciego.

ZORTE, ventura, destino.

ZOZO, tonto, idiota, bobo.

ZUZA, seta de primavera, champignon de printemps.


Ikas zeure hizkuntza

II. Euskara batua

ZUZENDARITZAK

 ANAITASUNA aldizkarian agertzen den euskara batua ahalik eta euskaldunik gehienek errazki irakur dezaten, zenbait norma argitaratu genituen, idazleek kontuan har zitzaten. Orain berriro ager erazten ditugu haietariko batzuk, ahanztuak izan ez daitezen.

1. Euskal hiztegia oso aberatsa izan arren, herriko jendea hitz gutiz baliatzen da, eguneroko beharrak eta gertaerak adierazteko; eta, euskarazkoen ordez, gero eta gehiago erabiltzen ditu erdaratik hartutako berbak. Horrez gainera, euskalki batzuetan (batez ere Iparraldekoetan) asko erabiltzen diren hitzak, guztiz ezezagunak dira besteetan.

2. Hau kontuan harturik, idazleok ahalegin guztia egin behar dugu, Gipuzkoan eta Bizkaian gehien usatzen diren berbak erabiltzeko, eta esan nahi duguna, hitz hoien bidez adierazteko. Gaurko momentu honetan, hiztegi basiko batera jo behar dugu.

3. Beraz, bazter ditzagun lokalismo eta arkaismo guztiak, eta, Iparraldean asko erabiltzen diren hitzei dagokienez, sar ditzagun apur apurka eta geldi geldika beharrezkoenak direnak bakarrik. Erabil dezagun geure idazlanetan hiztegi basiko hori, eta saia gaitezen, hiztegi labur horren bidez geure pentsamendu guztiak adierazten.

4. Hala ere, behin baino gehiagotan gerta liteke, hitz batzuk —batez ere deribatuak eta elkartuak— ulergaitzak izatea. Orduan, hitz hoien alboan, parentesi artean, erdarazko esannahia jartzea komeni da, gero aldizkariaren azkenaurreko orrialdean ager dadin. Hiztegi basikoa erabiltzen badugu, ordea, hitzen gaineko izartxoak alferrekoak izango dira; eta horixe lortu behar dugu.


Ezagutu geure herria (35)

Arabako Errioxa (2)

Industria

Ardo industriatik kanpo, ez da ia bat ere eskualde* honetan, Oionen izan ezik. Ba dira, bai; arotzeria, ogitegi eta beste lantegitxo batzuk, baina ez handirik. Oionen bai. Hemen hogei ola* baino gehiago dagoz: zementu sailekoak lau, makinariakoak hiru, larruzko gaiak egiten dituenak bi. Ola honeetatik hainbat gauza ateratzen dira: oihalgaiak, oinetakoak, mahaiak, aulkiak, berogailuak, intsekto-hiltzaileak, kosmetikoak, argi tresnak, kartoi-gaiak, eta abar. Gasteiz, Laudio* eta Amurrio kenduz gero, Oion da hurrengo industri herririk nagusiena. Logroñoren ondoan, ba dau etorkizuna alde horretatik.

Beste zehetasun batzuk

Feriak Biaisterin* bakarrik egiten dira, ekainaren* 26tik 29ra; eta merkatua ere bertan, hilabetearen 15 eta 30ean.

Salerosketarik gehienak Logroñon egiten dira. Eskualdeko ia denda* guztiak Biaisteri, Oion eta Bastidan dagoz. 61 janari denda, 71 taberna, 37 haragitegi eta 7 arrandegi zenbatzen ziren ihaz* eskualde guztian. Farmaziak Biaisterin, Oionen eta Ziekon* dagoz. Albaiteruak* ere herri horreetan bizi dira. Osagileak,* hiru herri aipatuotan, Villabuena, Leza, Moreta, Lapuebla, Lantziego eta Bastidan.

Herrietako eskolak kendu egin dira, eta hiru lekutan elkartu: Biaisterin, Ziekon eta Oionen.

Lezan «Sanatorio Antituberculoso» bat aurkitzen da, eta Biaisterin «Preventorio» bat. Bien arduradunak,* Karidadeko Mertzedariak dira. Honeexek dira serora* bakarrak eskualde guztian, eta frailerik ez dago herri batetan ere.

Arte sailean, Biaisteriko Andre Mariaren eliza oso ona da, tankera* gotikozkoa. Nabaridako eliz atea ere baliozkoa da. Bai eta Lezakoa ere, hau «gótico florido» deritxon itxurazkoa.

Hiriburua, Biaisteri da. Leku garai batean aurkitzen da, murailaz inguratuta. Bertan dago eskualdeko hauzitegia, notaria, propiedade errejistroa, eta abar. Eskualdeko tokirik egokienean dago. Baina, bere muruetatik ateratzen ez den bitartean, eta beheko lautadan* industriak jarri, jendez urrituaz joango da.

Gizona eta kultura

Arabako Errioxarrak lehengo egiturei* loturik dagoz. Baserritik bizi dira, eta handiki batzuek noraezean* eroaten izan dabe hareen bizitza. Kultur arloetan oso atzerakoi, politika bizitzan karlistek bakarrik izan dabe indar apur bat. «Cámara de Comercio»ko boletin batek dinoskunez, 45 urtez gorakoak dira karlistak, eta beste gainerakoak politika bakoak. Gazteriak kirol* alienazio nabarmen bat agertzen dau.

Biaisteri, Oion, Bastida eta Ziekok biblioteka bana dauke; baina oso jende gutxi joaten da bertara. Egia esan, aipaturiko boletinaren arauera,* ume liburuak, propagandazkoak eta aintzinako liburu motel batzuk baino ez badagoz, joateko gogo handirik sartu ere ez jako egingo jendeari. Ez dago kultur elkarte bat ere eskualde guztian.

Euskara, mende* asko dala galdu zan; eta ez da nabari* euskal zaletasunik. Hemen agertzen da bizkaitar eta gipuzkoar askoren bekatu nabarmena. Eskualde honetako herrietara, batez ere Bastida eta Biaisterira joan, eta haizea hartu edo mozkortu baino ez dabe egiten. Bertako kultur egoeraz arduratu,* biblioteketan sartu, eskualdeko adiskideen elkarteren bat sortu, euskal kultura girotu, eta abar? Bai zera! Ekonomiazko kolonizazioa egiteko, bai habilak; baina, zentzurik jatorrenean, kulturazko kolonizazioa egitea, burutik pasatu ere ez.

Arabako Errioxar gizona, sozial erakunde* zaharretan aurkitzen dana, ba dago zertan promozionatu, bai aipatu dogun euskal alorrean* eta bai besteetan.

J. L. LIZUNDIA


Zuberoko Maskaradak

Euskal kulturaz ardura* apur bat duen edozeinek, ba du nonbait Zuberoko pastoralen berri. Pastoralez, hain zuzen, nahiko samar idatzi da, nolakotsuak diren jakiteko haina.* Pastoralek hizkuntzarekin duten harreman hestuaren gatik, normala zaiku hau horrela gertatzea gure literaturan.

Baina Zuberoko maskaradek ez dute hain lokarri hesturik mintzairarekin, eta, ondorioz, ez ondorio zuzenez, bazterrera utziak izan dira gure eskribuetan. Euskal idazleontzat mintzairak baino beste ezerk inportantziarik ez balu bezala.

Baina Zuberotarren artistatasuna dastatu* nahi badugu, maskaradetan ere egin dezakegu, eta pastoraletan baino gehiago beharbada, ene ustez. Alderdi guztietatik eta ez bakar batetatik begiratuz, maskaradak ez du pastoralaren aintzinean* zertaz lotsaturik.

Zuberotarrek berek diotenez, pastorala «seriusago» bada ere, maskarada pullitago. Maskaradak ba du pastoralak ez duen halako alegrantzia bat, askatasun bat, herri guztia —zaharrak eta gazteak— parte hartzera erakartzen duena.

Han ikus ditzakezu hainbat motatako artistak: soinulariak, dantzariak, buhemeak,* agintariak... eta publikoa bera.

Dena dela, irakurriz baino hobeto konprenitzen da ikusiz. Zuberoko Altzürükün,* ikusteko aukera izanen du nahi duen guztiak, aurtengo otsaileko* ihauterietan.* Segur gara, ez dela damutuko.

ERRAMUN GERRIKAGOITIA