ANAITASUNA

222. zenb.

1971.eko Hazilaren 15ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Jardin Txikerra 1, Bilbao-12.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Maisuaren orkatila (Lehen Partea)

Lehen lehenik, geure kabuz,* gauza bakoitzari zisku* bat jarri diogu armario zaharrean. Ezkerreko kajoian xapela eta eskuinekoan sonbrailua.

Ahazten gara egin dugunaz. Ahazten zaiku zer den xapela. Eta galdetzen dugu: Zer da xapela? zer kolore du? non da xapela? Eta deskubrimendu haundi baten jabe egiten gara: geuk ipinitako lekuan aurkitzen dugu.

Ba goaz berehala geure aurkimenaren berri zientifikoa ematera, eta «ex catedra» honela diogu: Xapela armario guztien ezkerreko aldean topatzen den gauza beltza da.

Ondoren datorren historia, bost mila gaitaz mintzo ohi garen bost mila euskaldunoi eskainia doa.

Lehenengo pausoa

Abuztuaren hamaikagarrena. Erronkariko mendigailur harro eta ebakien hesturan, berebil* bat mugitzen da sugearen antzo.* Alboko errekaren ur ispillutan ikus daiteke, itxaronez gero, zeru urdineko arranoaren* hegada geldia, Pindarok Olinpo mendian jainkoaren ondoan ikusi zuen bezala: Apoloren liraren soinu eztitan, lo* kuluxkan... Hura bai jainkoaren lira gozoa, zeruaren loa!

Gizonok bizi garen mundu latz honetan, ordea,* mugimendua eta nekea baizik ez dabil. Heraklitorekin nago: "Burruka da gauza guztien ama eta erregina. Batzuk* jainko izateko aukeratu zituen, besteak gizon; batzuk libre egin, besteak esklabu". Berak esan zuen ere: "Jaisten* gara eta ez jaisten erreka bat batera; ba gara geu eta ez gara".

Ezka, Erronkariko erreka ere ba doa bere betiko joanean. Euskal Herriko muga dugu aspaldidanik. Beti hala esan dugu. Horri eutsi nahi diogu. Bego geldi! esaten dugu, bakoitzak geure jarlekutik. Eta hala dagoela sinesten dugu. Baina, zoritxarrez, muga hori ere ba doa errekako uraren bidetan. Alde batetara ala bestetara, Herri bi desberdinak ikusi ditugu gaurdaino. Aitzitik,* egia, Greziako pentsalari ilunak, duela hogeitasei mende* zioena da: "Batzuk libre egin zituen, besteak esklabu". Hau da egia. Honek berezten gaitu. Ez da, zapaldua ez den Herririk. Burrukan dirautenak bakarrik dira libre. Libertatea bideko ibilian datza: gehien dabilena da libreen. Ez du axolarik, oina eri* den ala ez.

Horregatik, behingoz bederen,* errekari beheraz goiti* erasotzea* erabaki dugu, berebilean goazen lau gizakiok, gaur, abuztuak hamaika! Behingoz burruka eginen dugu, beheraka datorren Erronkariko ibaiaren aurka, malda* behera amildu* den geldiezineko harri gogorraren kontra: burruka barregarri, burugabea, ameslarien ibilaldi zoroa.

Gertakizuna hain da barregarri, kontatu ala ez nago. Zer esanen du, jakitean, zenbait iraultzaile* seriok? Baina, agian,* historia xipi hau egunen batean poema eta bertso bilaka* daiteke, eta kontatu eginen dut.

Bigarren pausoa

Isaban gaude. Gaua da. Tabernan, mahaiaren inguruan eserita* gizon bi. Batak hirurogeitasei urte ditu: gorputz haundiko, ile xuri, doinu lodiz eta astiro mintzatzen da. Izena, Joan Coromines. Kataluniarra. Aita, Errepublika garaian, Estaduko kontseiluaren lehendakari, eta Macià-ren bizitzan Generalitat-eko kontseilari izan zen. Semeak dioenez, politikalari baino gehiago zen idazle eta pentsalari. Joan, 1905.ean jaioa da. Hizkuntza sailean egin zuen karrera, doktoradurako, Haran ibarreko mintzaera gaitzat harturik: funtsean, gaskoin hizkera. Gero, 1927.ean, Barcelonako Unibertsitatean irakasle zegoen. Ameriketara aldabeharra izan zuen. Sei urtetan Mendozako Unibertsitatean, eta geroztik Chicagokoan "filologia romanica"ren irakasle bakar. Han-hemenka, eta batez ere itsasoz bestaldean, hamaika hitzaldi egin du, eta entseiu askorik argitara ere bai. Egun,* eskuartean, obra haundi bat darabil: "Onomasticon Cataloniae", katalan hizkuntzaren herrialde guztiak besarkatzen dituena.

Egiazko zientziegilearen ikusminak eraginik, Auinamendiko* ibar gehienak korrituak ditu, erraldoien* oin zabal eta luzeekin. Orain bost urte, Antson izan zen. Beti safari bezala, desegintzera doazen herri zahar eta pobreen ahotik, eta datorren neguan hil bide* den amonaren mihinetik* aintzinateko* izen eta mintzaera jatorrak jasotzen. Eta hitz eta mintzaera hoiekin herrien azken arnasa.

Aurten Erronkarira heldu da. Isaban amona bat baizik ez da geratzen,* jatorriz euskara dakienik. Eta hau gorraizez* joa. Erronkari osoan baten bat gehiago. Coromines jaunak zera jakin nahi luke etorrera honekin: bere hizkuntza berriki* galdu duen herri honek, alegia,* egun* zer aberastasuneko hiztegi eta mintzaera darabilen.

Corominesen ondoan euskal haritz zimel eta mehar* bat dago zutik, kolpeka, haizkoraren kolpez, arras* ezpaldu* eta mailatua. Kolpeka, gartzelako gau luzeen berri dakiena. Kolpeka, nekearen kolpez eta gatibu, irakasle bihurturik, guraso eginik, lanaren bila ibilia. Kolpeka, Salamanca eta Sorbonako goreneko irakasleen aulkitara iritxia.* Norbait. Koldo Mitxelena. Kolpeka, nekearen kolpez... Ez dut adoratu nahi. Kolpeka ez da jainkorik egiten, gizona baizik: euskal gizona. Ez dut adoratu nahi.

Beude, Salamanca, Sorbona eta Chicagon, katedra eta pulpito gailenak, larruzko eseraulki bigunak. Beude urrun, "ex catedra" mintzazale diren maisu eta sasimaisuak, teatroetako erromantiko sentimenberak. Kolpeka, nekearen neke apalez egiten da gizona, Herria eta jakituria.

Corominesek Erronkariko mendi mapa zabaldu du tabernako mahaiaren gainean. Mostradorean ardanontziak dantzan dabiltza, kriskitin jole; eta gazte zaratatsuen* begi berritsuak beren gain dituzte. Nortzuk ote jaun bi prestu eta ezezagun haik*? Corominesek, Alemaniako mariskal zahar baten antzera, Erronkariko mendirik maldatsuenetako bat aukeratzen du mapan: "Bihar mendi honetara igoko gara". Mitxelenak, errespetu haundienez, ezin du ezkutatu* hain berea duen barre-murri jolastina, eta dio: Bihar, dudarik gabe, egun gogoangarria izanen dugu Linguistikaren historian".

IÑAKI USABIAGA

beude, begoz

dio, dino

diogu, deutsagu

gaude, gagoz

zaiku, jaku, zaigu

zioen, inoan, esaten zuen


Herriz herri

Mungia

Futbola

Ez da jazo* berria, baina bai aipagarria. Iragan* urtean, Mungiko futbolariak Bizkaiko Ortuella aldera joan ziren, herri haretako taldearekin jokatzeko. Han entzundako beste komentario askoren artean, hauxe: «A estos vascos no se les entiende nada». (Ortuellan, aspaldian galdu zan euskara).

Beste hau ere, ihazko denboraldian jazorikoa. Gazteen taldea partidu bat jokatzen egoela, arbitroak talde osoa amonestatu eban, euskaraz egiteagatik.

Musika banda

Benetan ospetsua, Mungiko musika banda. Orain urte batzuk, herriz kanpoko jendearekin gogorturik, oso ezaguna egin zan Bermeo, Gernika, Plentzia eta holako herri batzuetako jaietan. Aurtengo udan, Mungi aldeko auzune guztietara joan da, jaiak alaitzera. Entzun dugunez, batez ere ekonomi arrazoiakatik, hiltzera doa. Nik, behinik behin, ez neuke gura.

Erromeria

Mungi aldeko gazte gehienak herritik kanpora joaten dira igandero,* Mungiko erromerian umeak baino besterik ez dagoela eta. Orain arte, nahiko toki ederra zan herriko plaza. Aspaldion, ikusten dogunez, ez dakigu nora joan ere, adiskideekin egoteko eta nobia bilatzeko.

Dantzak

Hainbat urtetan egon zan Mungia dantza talde barik.* Zorionez, 1966.ean «Eusko Amets» taldea sortu zan. Hurrengoan beste bat, «Garaitza» izenekoa. Baina, orain, ez daukagu bat ere.

Hau dala eta, Santa Mariako saloian berriro hasiko dira ikastaldiak, eta horrela ostera* ere eukiko dabe gazteek, dantzan ikasteko okasio ederra.

JOSU

Elgoibar

Euskal ikastaroa

Euskal ikastaroa aurrera doa. Ba dira oraingoz hirurogeitamar bat ikasle, gogoz ikasten ari direnak. Baina akats bat ikusten dugu: horrenbeste ikaslerentzat irakasle guttiegi dagoela.

Emakume ezkonduen lana

Denbora gutti dela, norbaiti entzun nion telebisioan, emakume langileek zerikusi handia dutela nazio bateko aurrerapenean. Gure herri honetako zenbait* lantokitan, ordea,* emakume ezkonduei ez diete uzten lanean jarraitzen. Non gaude?

MARISABEL

Bolibar

Herri hau, orain bi urte, Markinako aiuntamentuari entregatua izan jako. Zer kondiziotan joana dan esango dogu, nahiz eta guztia ez esan, ez dakigulako. Herri honek diru mordo bat eukan lehendik aurreratuta. Eta diru horrekin, kale, bide eta argi-indar zati batzuk konpontzeko eskubidea gorde eban. Estaduak frontoia estali, eta beste diru zati bat eskaini eban.

Aiuntamentu bezala, herri honi ez jakon giza eskubiderik gelditu. Ez eta Bolibar-Zenarrutzatarrok aukeratutako gizon errepresentante bat Markinako aiuntamentuan eukiteko ere. Dana, Markina bakarrik balitz legez* gelditu da, eta herri hau Markinako auzune bat izango da. Auzune bezala, komisio bat eukiko dau: auzune alkatea eta kontzejal bi. Alkate eta kontzejal bi honeek, beti Markinako alkateak aukeratuak izan behar ei* dabe. Hau betirako holan izango ei da. Zer esan nahi dau honek? Non dagoz Bolibartarron eskubideak? Komisiotxo honen zeregina, urtean lau aldiz elkarturik, herriko gorabeherak ikusi eta bertoko jaiak organizatzea izango da. Komisio honek herriko jaiak zuzentzeko eskubide oso osoa dauka, Markinako aiuntamentuari presupostu bat bidaldu eta presupostu horretan Markinako aiuntamentuak ezertan ere esku sartzerik izan barik.*

Urte bi honeetan egin dana

Goiko eta beheko kalea zemento plakaz konpondu. Zeinke eta Ziarregira egoen argi-indarra, bifasikotik trifasikora ajdatu, makina eta poste berriak ipiniaz. Zeinketik Ziarregira dagoen bideari konpondu bat eman, eta Bolibarko frontoia estali. Gauza ederrak egin direla esan beharra dago.

San Juan jaiak

Gaur Markinako auzune dan herritxo honek parrokia bi ditu: Bolibarren bata eta Zenarrutzako kolejiatan bestea, nahiz eta Bolibarko apaiza bien zuzendari izan. Bost ermita ere ba ditu, euren jaitxoak urtero ospatzen dituenak.

Gaurkoz Bolibarko jaien berri emango dogu, Zenarrutza eta ermitetako jaien berri beste baterako utziaz.

Bolibarko San Juan jaiak komisioak zuzendu zituan. Komisio honek, sekretario bat tarteko zala, partikular batzuei eman eutsen jai nagusiak antolatzeko eskubidea; eta, jakina, partikular honeek gehiago arduratu ziren euren probetxuari begira, herriarenari baino. Horretarako, asto proba haundi bat ipini euskuen, plaza osoa zarratuta, sarrerak batzeko; honegaz bete eben egun guztia.

Talde batek, goizeko meza ostean,* herriko plaza osoa zarratuta egoela ikusi ondoren, txistulariakaz batera frontoira joanda, aurresku, dantza eta biribilketak egin zituan, dantzan eta begira egozen guztiei galletak eta ardo zuria emanaz.

San Juan Txiki egunez, betiko ohitura danez, eguerdi aurrean, galletak eta ardo zuria, aiuntamentuaren kontura. Iluntzean, gazteek, ez dakigu zergatik, herri-maitasun ezagatik edo eskubiderik eman ez jakelako, guztiek Aulestira alde egin eben.

A. J.

Izpazter

Eskola

Ba dogu eskola txiki bat Izpazterren. Zoritxarrez, beste herri askotan legez,* euskara alde batera utzirik, ez dakien erdara erabili behar izaten dabe gure gaztetxoek euren ikasketetan.

Baserritarrak

Hamar bat etxe izan ezik, beste guztiak laborantzakoak dira gure herrian. Aspaldiko urteotan, herri askotan, jendeak baserritik alde egiten dau, batez ere gazteriak; eta, zaharrak bakarrik gelditzean, ezin gauza handirik egin, urteak gora doazenean, ez dira baserri lanak hain erosoak* izaten eta. Dana dala, gure herrian inork ez dau utzi oraindik baserria; baina geroago eta laborantza gutxiago egiten da: solo* gehienak landa bihurtuak izan dira; ez da garirik ereiten, arto apur bat bai; jende gehiena abereetara dedikatzen da, txahalak lodituz eta esnea salduz.

Oraindino denbora gutxi dala, beterinario batzuek ispekzioa egin dabe, ganaduak «lanparoi»rik ote eukan jakiteko, eta gaixo hori ugari aurkitu dabe. Etxe batzuetan behi eta txahal guztiek ei* dauke, beste batzuetan gutxiago, baina asko dago behintzat. Eztabaida nahikoa ekarri dau ispekzio horrek. Mota guztietako eritziak dagoz. Lehen, gaixo hori euken abereak hil eta erre egiten ziren; orain, berriz, hareen haragia normal jaten dala esan leiteke.

EDUAR

Sondika

Ikastola

Hemen poz pozik ikusten dogu, euskara gorantz doala. Euskarazko mezak ditugu, eta, orain hilabete, umeentzako ikastola ere zabaldu da. Eta, denbora gutxi barru, gazteentzako ere zabalduko da.

Gauza ona da, herrian ikastolak eukitea. Baina, ikastolak ondo ibilteko, euskara ikasi gura dabenak behar dira. Danok, ba, ikastolara. Jaiak

Uda amaitu da, eta haregaz batera udako jaiak. Sondikan ere amaitu dira. Baina oso politak izan direla esan behar dogu. Txistulariak eten barik ibili dira herriko kaleetan zehar, eta gure umetxoak polito polito jantzita Euskal Herriko jantziakaz. Egun honetan elkartasun beterik egon gara. Baina jaietan bakarrik elkartasuna? Eta zergatik ez egunero?

ROSI IBARRONDO

Munitibar

Abenduko kantak

Munitibarko gazteak, aintzinako gure gurasoen ekandu* zaharrei jarraituz, aurtengo abenduan ere kantatzen irtengo dira. Hor biltzen dan dirua zertarako dan? Normalean, afari edo horrelakoren bat egiteko.

Azken urteotan, herriko auzo eta baserrietan kantatzeari utzi, eta herri haundietara joaten ikusi ditugu, neke gutxiagogaz diru gehiago eskuratzen dalako. Jokabide hori tamalgarri iruditzen jaku, holako taldeak diruaren atzetik baino ez dabiltzala erakusten deusku eta. Aurten zer gertatuko ote da?

ERRAMUN GERRIKAGOITIA

Usansolo

Ezkontza

Adinez* gorantza doala, baina oraindik garaia galdu gabe, ezkonberria dugu geure herrian Rafael Basterretxea, euskaldun eta langile zintzoa. Zorionak senar-emazte berriei.

Zorionak ala txorionak?

Zorionak Usansoloko apaiz guztioi, zeuen lan txalogarriarekin euskal herritxo batean zagozela iragartzeatik. Herritar guztiekin, batez ere erdara ondo menderatzen ez dabenekin, euskaraz mintzatzen zaree. Hala izan dadila! Bai eta zorionak herri honetan euskaraz ematen diren mezakatik ere. Euskal Herrian egon arren, ba dabe erdaldunek, euren hizkuntzan meza entzuteko eskubidea. Horrexegatik edo ematen dira igande* guztietan zortzi mezatatik zazpi erdaraz; baina zortzigarrena behintzat euskaraz. Zorionak!

Euskara ikasten

Astelehen eta asteazkenetan, euskara ikasteko asmoz, 20 gazte biltzen dira. Irakasle Bittor Atxutegi dabe. Sasoia izan da, Usansolon holako zerbait hasteko. Gazte talde honekin ba dugu esperantzarik. Ea, euskara goi mailaraino ikastearekin batera, beste lantxo batzuk ere egiten ditugun herrian.

V. E.

Tolosa

Euskarak sarrerarik ez

Aurtengo gau ikastaroak antolaturik direnez gero, hasi dira hainbat tolosar, buru belarri, alfabetatze saioetan, gure hizkuntza zaharra ikasi nahian. Hala ere, euskarak sarrerarik izan ez duen leku bat izan dela esan behar dugu, eta aditzera ematen dugu haren izena, jakin dezaten euskaldun guztiek zein den: «Colegio de la Inmaculada» edo, jendeak ezagutzen duenez, «Frantsesetako kolejioa». Bertako zenbait* serora* jatorriz euskaldunak izan arren, uko egin diote alfabetatze kanpainari; euskaldun diruari, ordea,* ez diote aurpegi txarrik jartzen, alajaina*!

Abestaldeentzat Euskal Abestiaren III. Lehiaketa

Lehiaketa* hau izenez euskal abestiarena izan arren, talde bakoitzak kantatu behar zituen hirutatik bat bakarra zen derrigorrean euskaraz egin beharrekoa. Beste bietatik bata «de ambiente vasco» eta bestea edozein hizkuntzatako izan zitekeen. Horrela, entzun dugu zenbait abesti latinez, katalanez eta gaztelaniaz. Parte hartu duten euskal talde gehienen jatortasunari esker, ez du lehiaketa honek bere euskal kutsua galdu. Guretzat gauzarik positiboena, hain zuzen, Tolosak ere abestalde bikain bat ba duela ikustea izan da. Iparraldeko beste kantari batzuekin elkarturik azaldu bazaizkigu ere, txalo bero bat merezi dute «Leidor»eko mutilek, haien zuzendari den Joakin Artetxe jaunaren gandik hasita. Zorionak eta aurrera jarrai bide horretan.

IRAETA


Bigarren pausoari jarraituz (Lehen partea)

ANAITASUNA aldizkarian agertzen den euskara batua ahalik eta euskaldunik gehienek errazki irakur dezaten, zenbait norma argitaratzen ditugu, idazleek kontuan har ditzaten.

A. Idazteko joera

1. Euskara batua, modurik xinpleenean idatzia izanez gero ere, nahiko zaila da berez Gipuzkoa eta Bizkaiko irakurlerik gehienentzat, bizi garen une honetan behintzat.

2. Horregatik, oraingoz behinik behin, ahalegina egin behar dugu, euskara batu sinple horretan idazteko, derrigorrezko ez den ezer sartu gabe. Geroago, irakurlea euskara batuaren lehen maila honetan ohituta egongo denean, aurrerago joan gintezke.

3. Beraz, gure joera hurrengo hau izan bedi: Idatz dezagun, Gipuzkoa eta Bizkaiko herriak hitz egiten duen bezala, euskara batuak eta euskara idatziak derrigorrez eskatzen dituen berezitasunak aparte.

B. Aditz formak

1. Aditz forma batzuk, klasikoek erabiltzen zituztenak, baina gaur egun Gipuzkoa eta Bizkaiko euskalkietan oso guti edo batere ez usatzen direnak, ez da komeni lehen maila honetako euskara batuan erabiltzea. Adibidez. Jaiki banadi, jaso badezat; jaiki banendi, jaso baneza; ahal baledi, ahal baleza; jaiki dadinean, jaso dezanean; ekarri narautzu, salatu garauzkio; senti du, aitor dute, argitara dugu.

2. Hala ere, ustezko gertaerak adierazten dituzten aditz formak, noizean behin bakarrik erabil litezke. Adibidez: Hor dagoke, gaur elur egin duke.

C. Hitzak

1. Euskal hiztegia oso aberatsa izan arren, herriko jendea hitz gutiz baliatzen da, eguneroko beharrak eta gertaerak adierazteko; eta, euskarazkoen ordez, gero eta gehiago erabiltzen ditu erdaratik hartutako berbak. Horrez gainera, euskalki batzuetan (batez ere Iparraldekoetan) asko erabiltzen diren hitzak, guztiz ezezagunak dira besteetan.

2. Hau kontuan harturik, idazleok ahalegin guztia egin behar dugu, Gipuzkoan eta Bizkaian gehien usatzen diren berbak erabiltzeko, eta esan nahi duguna, hitz hoien bidez adierazteko. Gaurko momentu honetan, hiztegi basiko batera jo behar dugu.

3. Beraz, bazter ditzagun lokalismo eta arkaismo guztiak, eta, Iparraldean asko erabiltzen diren hitzei dagokienez, sar ditzagun apur apurka eta geldi geldika beharrezkoenak direnak bakarrik. Erabil dezagun geure idazlanetan hiztegi basiko hori, eta saia gaitezen, hiztegi labur horren bidez geure pentsamentu guztiak adierazten.

4. Hala ere, behin baino gehiagotan gerta liteke, hitz batzuk —batez ere deribatuak eta elkartuak— ulergaitzak izatea. Orduan, hitz hoien alboan, parentesi artean, erdarazko esannahia jartzea komeni da, gero aldizkariaren azkenaurreko orrialdean ager dadin. Hiztegi basikoa erabiltzen badugu, ordea, hitzen gaineko izartxoak alferrekoak izango dira; eta horixe lortu behar dugu.

5. Gipuzkoa eta Bizkaiko euskalkietan, hitzaren lehen letrak TX direnean, kontserba bitez letra biok. Adibidez: Txahal, txalupa, txalo, txapel, eta abar.

6. Idatz bitez A organiko gabe, alderdi honetako euskaldunoi oso arraro gertatzen zaizkigun jarraiko hitzok: Giltza, katea, sakela, eta -GOA atzizkia dutenak. Eta hitz elkarteetan, ontzat har liteke, gipuzkoarrek duten A organikoa kentzeko joera. Adibidez: Anai maitasuna, neskatx urritasuna, justizi gosea, eta abar.

7. ZEREN partikula, hemengoa ez denez gero, erabil dezagun neurriz. Batzuetan partikula hori gomendagarria da, batez ere klausula luzeetan, argitzaile bezala, baina beti BAIT- partikularekin batera.

8. Futuroko -EN atzizkia ere erabil dezagun neurriz, -KO atzizkiari preferentzia emanez.

9. Euskara batuaren lehen maila honetan, jarrai gakizkion orain arte izan dugun idazteko moduari, hurrengo kasu hauetan behintzat: Lau seme ditu, etxe batean aurkitu dut, herriko taberna batera joan naiz, etorri nahi izan du. Ez dezagun esan: Lau seme du, etxe batetan aurkitu dut, herriko taberna batetara joan naiz, etorri nahi ukan du.

ZUZENDARITZA


Euskaldungoa

Jose Luis eta Telesforo Donibanen

Jose Luis Alvarez eta Telesforo Monzonek Donibane Lohitzuneko herrian bakarrik egon ahal izango dabe, Paueko prefetuaren aginduz. Era berean, Jose Luisen emaztea pasaporterik gabe gelditu da, orain arte eukana hertzainen* eskuetan gelditu baita.

Urriaren 31ko alean, Jose Luisi buruz esan genduana ez da egia. «Euskal Elkargoa», iragan* maiatzeko gertakarien ostean,* beste modu batetara eraturik geratu* da. Paul R. Legarralde da lehendakaria; eta Ximun Haran eta Hernandorena, sekretario eta diruzaina. Jose Luisek ez dauka parterik batere elkargoan,* orain dala bost hilabete.

Baionako «Bulletin du Musée Basque»

J. Haritschelhar jaunaren zuzendaritzapean argitaratzen dan «Bulletin du Musée Basque» aldizkariaren 53. alea agertu berria da. Oraingo honetan, «Les instruments aratoires du Musée Basque» estudiatzen ditu Pierre Tauzia jaunak. Ale hau ere, beti bezala, txukun eta egoki argitaratua izan da. Estudio zehatza da, ondo banatua eta irudi lagungarriekin hornitua.

Ba dakigu, museo baten zeregina, lehendabizikoz, herrian lehenago erabili diren tresnen gordetzea eta klasifikatzea dala. Baina, Ipar Euskal Herria bezalako, hain industria gutxiko, alderdi batean «museok» izango dira, beharbada, gutxien falta egiten dabenak.

«La emigración vasca» liburu berria

«Auñamendi» etxeak argitara eman berri dau, zuberotar Pierre Lhande aita jesuitaren «La emigración vasca» liburua. Liburu honetan, La inquietud atávica, Pescadores de ballena, Corsarios, comerciantes y capitanes eta Nuestros misioneros gaiak aipatzen dira. 167 orrialdeko liburu hau San Frantzisko Xabierkoari eskainia dator, eta Inazio Basurko jaunak itzuli izan dau frantsesetik erdarara.

Ribaforadako herri basoak herritarrentzat

Nafarroako Ribaforadako herri basoak herritar guztien artean banatu izan dira, joan dan urriaren 23an. Herritar bakoitzari 13.000 metro kuadratu inguru tokatu jakoz.

Juan San Martin jaunaren mintzaldia

Juan San Martin jaunak berbaldi bat eman izan dau euskarari buruz, joan dan urriaren 22an, Eibarko «C. R. Arrate» etxean. Hitzaldia euskaraz izan zan, azkenean erdaraz laburpen bat emanez.

Euskal kantarien jaialdia Pasaian

Iragan urriaren 23an, Gipuzkoako Pasaian,* jaialdi eder bat izan zan, herriko ikastolaren alde. Bertan parte hartu ebenak: Mikel Laboa, Maritxalar, «Erlak» bikotea eta «Oskarbi» kantari taldea.

Euskal Herriko meategien* mapa

Frantziako «Bureau de Recherches Géologiques et Minières» izeneko erakundeak* mapa interesgarri bat atera du, Euskal Herriko meatokiak ekartzen dituena. Egia esan, mapa horretan ez da gure Herri osoa jartzen. Iparraldea, Biarnoa, Nafarroa Tafallaraino, Hueska eta Gipuzkoaren ekialdea* agertzen dira. Holako mapa bat ukan nahi duenak, idatz dezala zuzenbide honetara: B.R.G.M., Département documentation, BP 60009, 45 Orleans, France. Eskatu behar da: «Carte des gites minéraux de la France, feuille de Bayonne».

Euskal alfabetatze ikastaroa Oiartzunen

Urriaren azken egunetan hasi eta martxoaren azkenerarte iraungo duen euskal alfabetatze ikastaro bat antolatu da Oiartzunen. Egunak, astearte* eta ostegun,* ilunabarreko 8etan. Lekua, apaizen eskola.

Hiru sail izanen dira, bi lehengo urteko ikastaroa egin zutenentzat, eta beste bat erdaldunentzat. Parte hartu nahi duten guztiek eman ditzatela beren izenak ahalik eta azkarren, horretarako aukeratuak diren lekuetan.

Euskara ikastearen truke

Ingles titulua duen Donostiako neska bat, hizkuntza hau irakasteko eskaintzen da, euskara ikastearen truke. Deitu telefono honetara: 453523 (deribazio 84).

Manuel Estonba apaiza, saritua

Manuel Estonba apaizak irabazi izan dau Bizkaiko Aurrezki* Kutxak antolatutako Literatur Saria, 100.000 pezeta bereganatuz. Jaiotzez Irundarra, giputza, izan arren, Estonba jaunak, apaiz egin zanetik, Bizkaiko apaizgai etxeetan jardun izan dau, lehenengo Elexabeitian eta Derion gero. Gerra osteko garaian, ohi zan bezala, isilean eta sentimentalki irakasten eban euskaltzaletasuna. Gero, 1958. urte inguruan, misiolari joan zan Hego Amerikara. Orain dala urte bi inguru, berriro ere Bizkai aldean dihardu, bereziki Urkiolako santuarioan. Orain ere, euskaltzale izateari jarraitzen deutso; baina haren euskaltzaletasuna lehengo sentimentuetatik bizi da, gehiago arrazoitu gabe. «Erdaraz nahiz euskaraz idazten dot; baina euskaraz gehiago egiten dot, euskal idazleak oso gutxi baitira... Denbora libre asko daukat, eta idaztea, enetzat, dibertsio bat bezala da... Euskaraz, idazlerik estimagarriena Orixe dot...», aditzera eman izan dau berak.

Pedro Etxebarria, dultzaina jotzeko prest

Beharbada, Pedro Etxebarria artzaina izango da, Bizkai aldean dultzaina jotzen daben bakartxoenetarikoa. Gaur egun Ibarrurin bizi da, Magunako Andramaribaso baserrian. Edonon eta edonoiz dultzaina jotzeko prest dagoela esan dau; eta edozein euskal jaitan, egun osoz, eten barik,* kalejirak jotzen jardungo leukela. Beraz, inongo jaitan, aspaldion oso gutxi entzuten dan dultzainarekin dantzatu nahi bada, deitu Ibarruriko Pedro Etxebarria artzainari.

«Euskal Meza», disko berria

«Euskal Meza» izeneko diskoa, Aita Barturen pasiotarraren zuzendaritzapean grabatua, argitara eman berri dau Madrileko «Columbia» etxeak. Disko hau «haundia» da benetan. Diskoarekin batera, 24 orrialdeko kuadernillo batean, Jesus Maria Arozamena jaunaren azalpen bat dator, mezako kantuen hitzak, eta kantari, tresna-jotzaile eta beste interprete guztien biografia txiki bat.

Disko hau grabatu ahal izateko, asko izan dira parte hartu dabenak: Bilboko San Anton orfeoia, Bilboko udalaren* txistulari taldea, Begoñako Benigno Iturriaga organista, Iñaki Urtizberea harpa-jotzailea, Mariano Barrenetxea albokaria, Elizaga anaia gaiteroak, Jose Anjel Goienaga kantaria, Gasteizko tipleak, Zuaznabar txalapartaria, Basarri eta Xalbador bertsolariak, eta Zumarragako trikitilariak. Guztion artean, euskal erlijiosidadearen zerbitzurako disko handi eta ondo prestaturiko bat osotzen dabe.

Kuadernilloaren azken orrialdean, Bilboko gotzain* jaunak zera dino: «Euskal Meza hau argitaratzean, kanta Jaunari, lur guztia, egin alaitsu haren nahia». Azalean, Galdakanoko Andra Mari elizaren atarian, euskal irulariak* pose gisan agertzen dira; hareen aurrean, albokariak, senar-emazte bi neska-mutiko txiki pare bategaz, gaur egungo erlijiosidadeari dagokion baino kolore gorriagotxoekin. Beti bezala, nahiz eta Madrileko «Columbia» etxekoen eskutik ibili, zenbait* euskaldunen artean ezin da egon kaikukeriaren bat egin gabe: lau bat urteko mutiko batek, ezin sinestuzko tabako gorrizko pipa bat dakar bere ezpainetan.

«San Anton» orfeoiaren disko berria

Bilboko «San Anton» abesbatzak disko haundi bat argitara eman berri dau, Madrileko «Columbia» etxearen bidez. Beti Andoni Arregiren zuzendaritzapean, jarraiko kanta honeek jarri izan ditu: Agur jaunak, Dringilin don, Beti maite, Ume eder bat, Nere aurtxoa, Udazkena denean, Arrosa lilia, Ama begira zazu, Aita gurea, Kaiku, Zuregaitik eta Mendietan. Bakarka jardun izan dabe: Josu Arkotxa, Gotzon Zarraga eta Txomin Otazuak. Euskaldunen artean aspaldion oso ezagunak diren kantak, eta batez ere kantatzeko itxura eta airea, errepetitu egin ditue Andoni jaunaren mutilek. Arregik eta bereek, solfeatzea ondo menderaturik izan arren, ez deuskue musika berririk eman izan.

Diskoaren azalean, Bilboko San Anton elizaren irudia dator, kolore ilunetan, Bizkaiko burdina ugertuaren eta ibai lohiaren kolorezkoa.

«Oskorri», debekatua Barakaldon

«Oskorri» bilbotar kantari taldea, Barakaldoko jaietan jarduteko zan. Baina «Ibarrakaldu» elkartekoek, kantuen letrak agintariengana eroan zituenean, hain aurpegi ilunak ikusi eta gero, albo batera utzi eben kantari talde horren jardunaldia.

Jaialdi hau, joan dan urriaren 16an ospatu zan Barakaldoko Santa Teresa auzoan; eta «Oskarbi», Patxo, Antxon Valverde, Zorion Egileor eta J. Zarragak kantatu eben.

«Iturri» bertsolariaren omenaldian bertsolaririk ez

«Iturri» bertsolariari, urriaren 31n, Gernikan egin izan jakon omenaldian, ezin izan ziren bertsolarien kantak entzun, ez baitzan horretarako behar dan baimenik lortu. Orain, gure bertsolariak beste omenaldi bat Gipuzkoa aldean egitekotan dabiltza. Ea suerte hobea dauken!

«Altos Hornos del Mediterráneo» eta euskaldunak

«Altos Hornos del Mediterráneo» industria berria, Valenciako Sagunton egingo da. 10.000 milioi pezeta inguru kostatuko da, eta 1982. urtean 6 milioi tonelada altzairu egin ahal izango ditu. Industria berri hau aurrera eroango dauan elkargoan,* hainbat euskaldun erakunde* sartzen dira. Hona hemen erakunde horreen izenak eta elkargoan dauken partizipazioa:

 %

Altos Hornos de Vizcaya 46,2

Banco de Bilbao 3,8

Banco de Vizcaya 3,8

Caja de Ahorros Vizcaina 3,8

Caja de Ahorros de Bilbao 1,65

 59,25

Antonio Arrue jaunaren deklarazioak

Antonio Arrue euskaltzain* jaunak, «Mundo» aldizkarian deklarazio batzuk egin izan ditu. Beste gauza batzuen artean, honetaraxe dino: «Ni karlista naiz, eta karlista izaten iraungo dot. Beraz, lehendabizikoz katolikoa naiz, gero espainola, baina eskualdezalea.* Eskualdezalea goitik beheraino».

Antonio Arrue Gipuzkoako Asteasun jaioa da. Oviedoko Unibertsidadean ikasi zituan legeak. Azken lau urteotan Madrileko Cortes-etan prokuradore izan arren, ez zan presentatu berriro diputadugai bezala, iragan* iraileko elekzioetan.

Lesakan eta Beran ere mugimentua

Beste zenbait* herritan bezala, Nafarroako Lesakan eta Bidasoako Beran ere, hasi da jendea euskararen alde zerbait mugitzen. Hazilean* dira hasteko euskal klaseak. Hiru mailatakoak izango dira. ezer ez dakitenentzako, zerbait dakitenentzako, eta alfabetazio mailakoak. Herri hauk,* berez euskaraz egiten dutenak dira; baina azken urteotan larri dabiltza, beren industrializazioagatik.


Liburuak

Durangoko liburu azokan

Eguraldi zoragarri eta eguzkitsu batekin hasi da hazila.*

Autobide berria ezkerretara utzirik, Durangon sartu, eta Andra Mari elizpean geure stand-a atontzen hasten naiz.

Egun bi eta erdi iragan* izan ditut Euskal Liburu eta Diskoen Azokan.* Hainbat gauza interesgarri entzun eta ikusi ditut, batzuk atsegingarri, beste batzuk penagarri; eta hemen natorkizue, neure burua lasaitu nahiz, neure atseginak eta penak zuekin konpartitzera.

Oihu baten oihartzuna

Orain 35 urte, «fuera la inteligencia» oihukatu zuen Millán Astray-k.

Adineko* jaun bat gure liburuei begira dago. Ikastoletarako texto liburuak dira.

— H letrarekin guztiak?

— Bai.

Eta hasarre bizian:

— Kulturdun minoria bat besterik ez zarete. Euskaldunen artean geu gara gehienak, geu, ezjakinok. Alferrik zabiltzate.

Aspaldiko oihu haren oihartzuna* izan zen nonbait.

Jesuita batekin

Iñaki Agirre adiskide ona agurtzen dut.

— Nola euskara Durangoko kolejioetan?

— Jesuitenean, 650 ikasle ditugu euskara ikasten. Serora* frantziskanoen San Antonio kolejioan, 600 bat neska, berdin.

Durangoko fraile eta serora hauk* exenplu bezala jarri nahi ditut Euskal Herriko kolejio guztientzat, eta denen aurrean txalotu.

Protokolorik gabe

Mostradore gainetik jaun batek luzatzen daut eskua. Faustino Ramos jauna da, Bizkaian «Información y Turismo»ko ministerioaren ordezkaria.

Liburuak ikusten ditu. Bat hartzen du esku artean: «Euskal Kulturaren Historia», Bilboko Lasalletar fraileek argitaratu berria.

Liburu honen erdal itzulpena eskaintzen diot, eta berarekin besapean, inolako protokolorik gabe, aurrera doa.

Don Klaudio Gallastegi

Jaka eta fraka beltzez. Buruan, kapelu beltza. Don Klaudio, lehengo zein oraingo jantziekin, zerbait handi eta errespetagarri, beti bezala.

Lehengo batean aurrelaria zen, baina orain, beharbada, gainditurik geratu da. Dena dela, ordu larrietan, bere boza altxatu zuen sufritzen zutenen alde, eta ohore hori ez dio inork ukatuko.

Luis de Castresana

Stand-ak bisitatzen ditu. Gurean, aipaturiko Lasalletarren liburua erosten du. LUR-i ere zerbait erosten dio, eta aurrera doa.

Noiz idatziko du euskaraz euskotar erdal eskritore honek?

Euskal liburuak

Stand-ak bisitatuz, nabari* zen euskara batuan idatziriko liburuen proporzio handia.

Batasunaren kontrako idazleak, erdaraz idazten entretenitzen dira. Hala nola Pelay Orozko eta gainerakoak.

Euskaraz egin

Jendeak, ikaragarrizko proporzioan, euskaraz egiten zituen galdeak.

Lehenengo egunean, stand batzuek erdaldun saltzaileak bakarrik zituzten; baina, giroak eraginik, azken egunerako guztiek zuten euskaldunen bat.

Ai, egunero hori eginen bagenu! Dendariek euskara jakitea esijituko lukete, eta orduan «Zertarako balio du euskarak?» galdera zatar horrek ez luke balioko.

Agertu zirenak

Hirurogei milatik gora. Mugaren alde bietako euskal idazle ezagunenak (Luis Haranburu-Altuna, Ramuntxo Camblong, Eusebio Osa, eta abar), batasunaren alde sendo dihardutenak.

Agertu ez zirenak

Ez ihaz eta ez aurten, ez genituen batasunaren kontrako gidariak ikusi (Arenaza, Mokoroa, eta abar).

Ezkertiarrak

Lasalletar adiskide bat agurtzen dut. Ez da batasunaren aldekoa. Bere anaien liburua seinalatzen diot, euskara batuan idatzia.

— Asko saltzen da zuen liburua.

Lasalletarrak irribarre egiten du:

— Ez esan «gurea». Hori, Lasalletar ezkertiarrek idatzi dute.

Mingostasunik gabe dio, ironiaz baina. Eta barre garbi batez erantzuten diogu guztiok.

Ikastolen kontra

AGUR zabaltzen ari* dira. Ale bat hartzen dut. Lehen orrialdean ikastolen kontrako lan bi, bigarrenean beste bat, eta abar.

Hori ez da euskal aldizkari, eta hasarre bizian botatzen dut lurrera.

Ikastolak

Ikastoletako irakasle eta zuzendari asko. Texto liburuak batez ere ikusi nahi dituzte. Oraindik ez dira asko, baina aurrerapena nabari* da. Arlo* honetan asko dago egiteko, baina eginen da, dudarik gabe.

Telebisioa

Telebisiokoak, «La Gran Enciclopedia Vasca»ra doaz. Retana jaunak «pose» bat hartzen du.

Alboan LUR dago, euskal argitarazleen artean ausart* eta langileena. Baina telebisiokoentzat, bestea dateke* jatorragoa.

Libururik salduenak

Gure ondoan daude LUR-ekoak.

— Zeintzuk izan dira zuen libururik salduenak?

— Ibon Sarasolaren «Euskal Literaturaren Historia». Gero, Karl Marxen «Lan alokatua eta Kapitala».

Azken liburu hau bi aldiz irakurria dut. Itzulpena, oso ona, Xabier Kintanak egin du. Horretarako, hiztegi berezi bat moldatu behar izan du, ekonomi zientzietarako asko balioko duena.

Deustuko Lasalletarrak

Behinola* esan nuen, Bilboko Lasalletarren «Santiago Apóstol» ikastetxe handian, euskara ikasten ari* direnentzako hamar aula daudela, eta gehiago ipintzeko asmoa dutela.

Hau, Durangon ere konfirmatu zeutaten, eta ez bakarrik Bilbon.

Anaia Jose Erzibengoa agurtzen dut. Deustuko Lasalletarren kolejioan dago. (Orain dela zenbait* egun, hitzaldi eder bat eskaini zeukun Deustuko ikastolan).

— Nola euskara zuen kolejioan?

— 950 ikaslek ikasten dute euskal gramatika. Horretaz gainera, euskal kultura irakasten dugu, erdaraz. Ikastaldi bi hauk,* gure ikasle guztiek egiten dituzte.

Salesianoak

Deustuko Salesianoetako ikasle bati:

— Egiten duzue zerbait, euskaraz?

— Ihaz bai. Hogei bat ikasle ginen, euskara ikasten.

Meza bat ere ba genuen, larunbatetan,* euskaraz.

— Eta aurten?

— Aurten ezer ez. Euskaldun fraile bakarra Ameriketara bidali dute, misioetara.

Hori duk unibertsalismoa, hori!

Deustuko Salesianoetan 1.320 ikasle daude, eta ez dute euskara irakasteko maisurik. Euskaldunak Ameriketara bota dituzte.

Inkesta bat

Zertan dira Eskolapioak, Maristak eta beste Bilboko kolejio handiak? Inkesta bat egiteko gogoa etorri zait. Anjel Zelaieta ANAITASUNAren zuzendaria dut alboan.

— Eginen dut?

— Has zaitezke informazioa biltzen.

Hurrengorarte

Hauk* dira —eta gripe galanta ere bai— Durangoko Andra Mari elizpean jaso ditudanak.

Zorionak Gerediaga elkarteari. Mila esker Durangarrei. Eta datorren urterarte.

XABIER GEREÑO


Liburuak

"Kaniko eta Belxitina". Liburu berria

Jaso berria dut, LUR editorialak egin duen, Gabriel Aresti jaunak moldatutako «Kaniko eta Belxitina»ren lehen inprimaldia. Zerbait arinegi irakurri dudalarik, zaila litzateke, pastoral honi kritika zehatz eta sakona egitea; bestalde, ez da hori ene asmoa. Liburuaren azala ireki orduko, ANAITASUNA honetan (ikus 217. zenbakia, 6. orrialdea) Arestik berak idatzitako hitzak datozkit burura: «Dirudienez, guztiok ahaztu dugu zin hori». «Dugu» hori bere toki egokian sartua dela uste dut.

Euskal idazleen artean eta are* gutiago euskal letretan sartu gabe naizelarik, beldur naiz, Euskaltzaindiaren arauak ez ote ditudan nahi haina* menderatzen; baina, nik dakidala, ez dut uste, euskara idatziari buruz Euskaltzaindiak emandako legeetan azenturik eta kontsonante ondorengo H-rik aipatzen denik. «Kaniko eta Belxitina»n, ordea* garén, bertsolaritzarén, paperén, direnén, phena ikhoustera, othoitu eta abar ikusi ahal izan dugu. Textu orijinalari jarraitu nahian egina dela uste dut. Baina batasunaren bidean eta areago* batasunaren barnean behar den diziplina hori ez du lan horrek betetzen.

Batasuna egina da, oraintsu ANAITASUNAn irakurri dugunez. Orain, bigarren pausoa da inportanteena: batasun hori herrian sartzea. Eta, horretarako, ez dut uste bederik egokiena denik, ortografian behintzat nahaste gehiago sartzea. Behin eta berriz esana da, idazleek zerbait sakrifikatu behar dutela euskararen eta herriaren onerako. Dudarik gabe, Bizkai, Gipuzkoa eta Zuberoko euskalkiek azterketa sakon bat merezi dute; baina, idatzi, beti egin behar litzateke, Euskal Akademiak agindu duen arauera.*

Ba du zerbait gehiago liburu honen hitzaurreak, pertsonalkeria, pertsona bereziekin sartzea, alegia.* Beharbada, berezko tokia izango da, «puntadak» jaurtikitzeko; baina, ene eritziz, pertsonalkeriak pertsonalki zuzendu behar lirateke, eta, akordioren bat lortzen bada, irakurleei adierazi.

Akusazioak alde batetara utzirik, Zuberoko pastoral honi merezi duen indarra emateari interesgarri deritzat; zeren,* hitzaurre berean esaten denez, «euskaldunaren tradizio para-teatralaren pilara nagusietariko bat» baita.

Kezka hauei erantzunez, ene ezjakintasuna gutituko den esperantzaz.

JOSU TORRE


Kritika

Giza Legea uzten denean

Gutienez urtebete dela, AGUR deritzon aldizkarian Arenaza'tar Josu jauna, batzuetan izen propioaz eta beste batzuetan, antza* denez, Piper Ziri izenordepean ezkutaturik,* euskal idazle askoren kontra hasi zen idazten. «Batasunaren Kutxa» moldatu genuenongandik, ea euskararen etsairik* handienengandik hargatik dirua ez ote genuen jaso galdetzen zuen.

Egileok aldizkari horretara, «errepikatzeko* eskubideaz» baliaturik, bidali genuen erantzuna, lehengoan eta bigarrenean ez zuten errezibitu, antza* postan* galdu baitzen —kasualitatea—; eta hirugarrenean, ordea,* «beranduegi» heldu zitzaien, erantzuteko epea iraganik* zegoenean, eta, beraz,* ez zeukuten inolako satisfakziorik eman hargatik.

Geroago ere, Villasante, Luis Mitxelena eta bai beste idazle eta gazte talde askoren lepotik mila burla, laido* eta irain* jarri dira aldizkari horretan. Ez gaitezen, gainera, mintza sasoi batetako anonimo famatuez, azkenez Arenaza jaunak eginak zirela topatuak, hartan Euskaltzaindiak berak eskua sartu beharrez, egileari ordenarako deia egiteko.

Ba zirudien, egitada harekin AGUR-eko zitalkeriak amaituko zirela, baina bai zera! Antza* denez, artikulu mingots eta kirats* guztiekin polemika batzuk biztu nahi zituzten beren inguruan, agian* horrela irakurriagoa izan zedin. Baina beste aldizkarietako idazleek —argiro zegoen— prestutasun handiagoa zuten, eta ez ziren haiei erantzutera makurtzen. Horregatik, baina, AGURtik jaurtikitzen ziren harrikadak gero eta gogorragoak izanaz zihoazen, habailaria,* noski, Arenaza jauna genuelarik.

Aspaldion, isekak,* irainak* eta kalumniak ikastolen alorrera* ere ekarriak zituen. Orain hilabete batzuk direla, Bizkaiko andereñoen mutil arduradunarekin* sartu zen, hura «chulo» bat zela esanaz, espainolez hitz honek duen zentzurik zitalenean. Mutil langile eta prestu horren izena zikintzean, andereño guztiei «puta» izen dotorea ipintzen zien nobleki jaun medikuak, eta hau, jakina, kontsenti ezina zen.

Baina irain publiko hargatik ez zegoen tribunaletara eramaterik, zeren* ez arduradunak ez eta andereñoek ezin baitezakete erraz justifika, zein ofizio den dutena. Beraz, ezkutu eder bat ematen zion oraingo legaltasunak AGUR-eko idazleari, haietaz nahi zuena gixonki esateko.

Baina bere taldeak kontrolatzen ez dituen ikastolak —ia Bizkaiko guztiak— zikintzeko lanari zitalki segitu dio, argiro nabari* den jokoa eginaz.

Ikastolak difamatzeko, ez du lotsa handirik ukan, den harmarik zikinenak erabiltzen, berauk marmarak,* zurrumurruak, kalumniak, erdiegiak eta gezur biribilak izan arren. Baina orain arteko marka guztiak gainditu dituena, «Euskera, sartu adi etxera» izeneko artikuluxka izan da, urriaren 15eko alean argitara emana. Berau izan da, ene pazientziaren edalontzia isur erazi duen tanta lodia.

Hartan Arenaza jaunak honela dio: «...oraintsu prantzesez irakurri dogun idazti baten itzaurreak arrituta itzi gaitu. Itz-aurre orretan Jean Paul Sartre'k diñoanez, amabost milla ume dira Euskal Erri'an ikastolaren bidez marxismoan eziko diranak.

Ori ez da egia, ba-dakigu, baiña alako idaztiak ez doguz guk bakarrik irakurten eta, makalik lur labanean oiñarrituta daukaguzan ikastolei olako etiketak jartzen ba'dautzez, ez gero arritu oztopoak eta debekatzeak geitzen ba'dira... Nor errudun? Giro gaitzaren gain euskerea tresnatzat darabiltenak, ez besterik.

Ez dala egia esan dogu, baiña guzur osoa bere* ez, behar ba'da, Sartre'k diñoana» (sic).

Gu bai harriturik utzi gaituela Arenazaren artikulu horrek, zeren* liburu horren hitzaurreak dioena hauxe baita: «...des à présent, il a crée des iskatolas (sic), écoles maternelles et primaires où l'enseignement se fait exclusivement en langue basque et que 15.000 enfants fréquentaient en 68-69». Eta beste toki batetan, orrialde berean baina: «...depuis 66 il a organisé des écoles sociales où le marxisme-léninisme est enseigné aux travailleurs». Hau eta ez besterik da, Arenazak aipatzen duen liburuaren hitzaurreak dioena horri buruz, hots,* lehengo aipuak* dioenez, ikastoletan euskaraz 15.000 ume hazi direla 1968-69. urteetan, eta bestetik euskal politika erakunde* batek langileentzat (aux travailleurs) marxismo-leninismozko eskolak eratu dituela nonbait. Beraz, ez dute batere zerikusirik aipamen biok elkarren artean.

Irakurleak dakusakeenez,* Arenaza'tar Josu jaunak biak nahasi ditu; eta hori sinetsezinezkoa da, zeren* biotarik bat: a) edo ez daki frantsesez, eta orduan zertarako aipatzen du ulertzen ez zuen artikulu bat, b) edo eta ba daki, eta orduan kontzientziarik zitalenarekin idatzi du idatzi duena.

Gu bigarren ustean gaude, berak «gu» maiestatiko batez «irakurri dogu» baitio, hau da, frantses dakiela aipatzen du. Orduan, frantses baldin badaki, zertara dio gezur zital, zikin, lotsagabe eta giza lege guztien kontrako hori? Zertara salatzen du lotsagabeki «etiketalari» batzuen jokoa, berbera baldin badugu hortik etiketak ez zeuden lekuan asmatzen dabilana? Zertarako dio, ba, Sartrek dioena (hau da, hain zuzen Sartrek ez dioena), gezurra izan arren, agian* ez dela gezur osoa?

Galdera guztiok erantzun bakar bat dukete*: Arenaza'tar Josu jaunak ohi ez bezalako interes berezi bat du andereñoen eta ikastolen izen ona zikintzean, honela «oztopoak eta debekatzeak» gehi* daitezen. Zer da kontua, eta bera, pater patriae baten antzera agertu nahi dena, ikastolen salatari eta gaizki esalerik haundiena izan! Ba zen garaia, maskara ken* zezan Arenazak. Orain guztiok garbi dakusagu, horren bidea eta helburua* zein den.

Eta, azkenez, beste ohar bat AGUR aldizkariaz. Dakigunetik, beronen zuzendaria Retana jauna dugu, La Gran Enciclopedia Vasca-ren nagusia. Baina beronek ez daki tutik ere euskaraz, eta horregatik zuzendaritza hori izenezkoa da huts hutsik, ez izanezkoa. Ez dut uste asko engainatzen naizenik, egiazko euskal zuzendaria Arenaza'tar Josu dela esaten badut. Dena dela, egiazko errespontsabilitatea Retana jaunarengan dago. Beronek bestela uste badu ere, agian* karuegi pagatuko duke AGUR-en egiten duen liburu propaganda, halako artikulu nazkagarriak publikatzen utziaz. Aldizkari bat hondakindegi kirats* bat bihurtzen denean, berorren sunda* eta usain zantarra guztiei datxekie,* eta hatsitu* guztiak etiketa berberaren azpian ezarri.

Axularrek esaten zuena, egia gertatzen da hemen ere: «Nahi ez duenak dei* dezaten otsoa,* ez dezala jantz otso larrurik».

XABIER KINTANA

dakusagu, ikusten dugu

dezakete, daikee

dezaten, daien

dio, deutso; dino

zedin, eiten

zeukuten, euskuen, ziguten

zezan, eian

zien, eutsen

zihoazen, joiazen

zion, eutson

zitzaien, jaken


Liburuak

"Historia social de la literatura y el arte". Arnold Hauser-en liburua

Arnold Hauser jakituna

Arnold Hauser Hungrian jaio zan 1892. urtean. Budapesten eta Parisen ikasi eban. Lehenengo gerra mundialaren ostean,* Italian urte bi egin ondoren, Berlinen jarraitu eban ikasten. 1948.ean, ingles nazionalitatea lortu eban. Haren liburu hau, 1951.ean argitaratzen da, inglesez. Geroago, 1953.ean, alemanez. Eta, 1969.ean, gaztelaniaz argitaratu izan dau "Guadarrama" etxeak.

Liburu honen berezitasuna

Egia esan, ez da liburu hau gure ikastetxeetan (erdiko eta goiko mailakoetan) ikasten diren horreetarikoa. Liburu hau, egiaz, "berria" da. Liburu honetan ez dira banan banan aztertzen, historian zehar izan diren literato eta artista guztiak. Liburu honek bere ikusmoldean, orientazioan, joeran eta gurpiladan* dauka bere indarra eta garrantzia.

Liburu honetan, hasi aintzinako paleolitikoan eta gaur egunerarte, ez dira artelan guztiak euren teknika eta molde berezien aldetik estudiatzen. Hauser-ek, artelan nagusienetarikoak sortu ziren garaiko oinarri eta arrazoi ekonomiko-sozialak aztertzen ditu. Artelan bakoitzak bere arrazoia, bere esannahia dauka. Arrazoi eta esannahi hori, bestalde, ez da aurkitzen artistaren "injenioan" bakarrik. Artista bakoitza giza giro baten barruan bizi da, eta giro oso hori agertzen da zelanbait* haren obran.

Homero poetaren kasua

Greziako Homeroren lanik entzutetsuena Iliada da. Poema honetan aditzera ematen da, zelan,* Kristoren jaiotza aurreko XII. mendean,* Troiako Priamoren seme Paris-ek, Greziako Menelao erregearen emazte Helena lapurtzen dauan. Orduan, Greziako gudariak, Agamenon buruzagiaren zuzendaritzapean, Troiara abiatzen dira. Grekoen buruzagirik trebeenak, Agamenonez gainera, Akiles eta Ulises dira. Troiako herria, Asia Txikian, itsasertzean,* Priamo erregearen seme Hektor-ek defenditzen dau. Azken batean, Troiako herria Greziako gudarien menpean jausten* da.

Hori da Iliadan agertzen dana. Egiaz, grekoek, harmen indarrez, Troia deritxon herri bat menperatzen dabe, beste arrazoi eta atxakiarik gabe.

Gure artean dabiltzan literatur historia guztietan esaten jaku, Homerok grekoen jatortasuna, trebetasuna eta ideia nobleak bertso ederretan idatzi dituala; guztiz "ondo landuriko" poesietan, betirako literatur lan on eta jarraigarri bat utzi deuskula.

Baina zergatik, zertarako idazten dau Homerok? Hau da, zein da Homeroren baitan diren arrazoi sozialak?

Hauser-ek ez dau Homero literatur egile "soil" bezala estudiatzen. Haren poesien barrenean diren ekonomia- eta politikazko arrazoiak frogatzen* ditu. Eta honela dino: "Homeroren poesiek —Iliadakoek bereziki*— buruzagi gerrazale batzuen lapurretak eta zapalkuntzak aipatzen eta zuritzen ditue. Hasiera batean, Akaiako grekoak tribu edo senide taldeetan antolaturik bizi ziren. Baina Iliadan agertzen direnak, bizimodu feudal bateko jauntxoak dira: senitarteko odolak baino indar gehiago dauka, esklabuek euren jaunei zor deutseen begiramen eta menpetasunak. Homeroren poesiak ez dira "herrikoiak", pertsona bakar batzuen zapalkuntzazko joan-etorriak baino. Poesia honeek, jendea gerrara bultzatzeko baino gehiago, heroe batzuen poz eta atseginerako eginak dira: gerra artean izan dituen trebetasunak kantatuz, hareen izenak goraipatzeko. Herri baten menperatzea, poesiaren bidez zuritzen da. Beraz,* poesia honeen arrazoia zein dan, oso argi gelditzen da: buruzagi gerrazale batzuen laudorioa.*

Hauser-ek modu honetaraxe aztertzen dau literatura eta artearen historia. Horregatik, haren hiru liburuak hobeto eta aberasgarriago irakurri ahal izateko, oso premiazkoa da, herrien historia sakon samar jakitea. Hauser-en ustez, artea eta literatura nork sortu dituan jakite soilak, ez deusku batere mesederik egiten. Non, zer eratara, zelako* giroan, zer helbururekin* sortu diren jakitea komeni jaku. Artisten eskutik sortzen da artea; baina ez dabe lan hori laboratorioan sarturik egiten, aingeru puruen independentzia osoa balebe bezala. Artistek ere, histori barruan gizarteak izan dituan burruken testigu dira, nahi eta nahi ez, eta euren lanetan ematen dabe testigantza hori.

Artea eta literatura modu honetara ikasteak, geure gaurko mundua hobeto ezagutzera eramaten* gaitu. Era honetan artea eta literatura aztertzea oso interesgarria dogu, munduaren historia luzean gizonen estetikazko sentsibilitateak izan dauan —eta batez ere gaur egunean dauan— inguruaren zerikusia eta eragina ezagutzen dogu eta.

ANJEL ZELAIETA

balebe, balute

dabe, dute

deusku, dauku, digu

deutsee, diete

dino, dio

eban, zuen, zuan

jaku, zaiku, zaigu


Kritika

Xabier Kintanaren azken liburuaz

Idazle gazteen artean Xabier Kintana gailen* agertzen dela idatziz, ez dut euskaltzalerik harrituko; gauza ezaguna baita. Euskaldun berri izanagatik ere, Kintanak zeharo menderatua du gure hizkuntza. Horrez gainera, langile porrokatua da; eta, belaun* berrian batez ere, inor gutik presenta dezake gaur, euskal letrei buruz, Kintanak baino merezimendu goragarriagorik. Kintana ez da esperantza bat soilik*; Kintana ba da gaurdanik idazle bat.

«Linguistika orain arte» gaia irakurtzekotan hartu dut liburua; baina, batez beste, eta orrialde gehienetan eta mamitsuenetan, Kintanaren beraren eritzi mordo bat aurkitu dut euskarari buruz. Ba dago liburuan, hau bai, hizkuntza jakintzen Kondaira labur bat 40 orrialdetan; eta beste zenbait puntu orokor*. Baina, liburuan barrena, euskararen arazo batzuk dira aztergai nagusia; eta ez zaio inori damutuko, nik uste, Kintanak problema hauk* egiazki bizi baititu.

Izenpuruak, beharbada, beldurtu egingo du irakurle asko; eta tamalgarria litzateke. Euskal Literatura ongi ezagutzen du egileak; eta, kanpoko erdaren ezagugarri batzuk gidari, txit gauza interesgarriak aipatu dauzkigu.

Eritzi berriak

Puntu askotan eritzi berriak dakazki. Eta ez dakit, denak aski* funtsatuak* ote diren, Kintanak oso agergarri eta frogabide* guti dakarrelako. «F» letraren teoria hori (59), esate baterako, (alegia*: Gaztelatik etorri dela Euskal Herrira «F» galtzeko joera, eta ez alderantziz*), argibide ugariago behar lukeela iruditzen zait; eta Landetan eta Biarnon zer gertatu den oso kontutan hartu.

Beste puntu batzutan errazkiago onar* bide* daitezke Kintanaren eritziak.

«Dual»ari buruz dioena (66) bidezko izan daiteke, esate baterako. Lapurdiko bereko toponimian (ez Bizkaian bakarrik, beraz*; Bidebieta, eta abar) etxe bikunei buruzko leku izen ezagunak, bi hauk dira: Etxebiaga eta Etxepare. Iparraldean ere paretasunari (hau da: bikuntasunari, bi aletako banakoari) atzizki* bat bide* dagokio (-bi, -pare), gaur bizkaiaraz bezala (etxe bi, etxe bitan, eta abar). Bizkaiko deklinabidea, Kintanak dioen bezala, «dual» horren aztarna* izan liteke.

Aurrerago (81) italiar «kolektiboa» aipatzen du; eta bide horretatixek Maurice Molho hizkuntzalariak italiar «dual»ari buruz argitara duen azterketa mamitsua gomendatuko nioke.

Harrigarriena, beharbada, euskarazko «maskulino/femenino»ari buruz dioena da. Azterketa harrobi* oso bat aurkitu bide* du hor idazleak; eta, egokiro dioen bezala, J. M. Barandiaranen izkribuen laguntzaz baliaturik aurreratu beharko da sail horretan.

Sintasiaz mintzo* delarik, laburkiegi egin du. De Rijk aipatu du pitin batez; eta Martinet zehazkixeago. Baina ez aski* xeheki*, ene ustez. Eta, oker ez banago, «Linguistique Synchronique» liburuan euskal sintasiaz eman berri duen azterketaz baliatu gabe (ezin dut segurtatu hau, buruz ari bainaiz, liburua eskuen artean ez izaki,*). Sintasiaren kapitulu hau, hitz batez, laburtto atxeman* dut.

 «Irakurri» —dio Kintanak— «lehen artaburuak zuritu edo garautu besterik ez zen» (93). Ez lehen bakarrik, ordea: Gipuzkoa-Nafarroako mugako euskaldunek horrelaxe erabiltzen dute (ikus «Euskera»). Eta «morroi, lehen mutila besterik ez zen» (96); baina gaurko bizkaitarrek, mutil gazte bat esateko, morroe bat diote eskuarki*.

Zenbait azenturen legea ez da garbi agertzen. Zergatik batzutan forma (28, 38); eta bestetan forma azenturik gabe (32)? Zergatik hitz bakar batzutan bakarrik azentu hori?

Teoria harrigarria

Puntu bati buruz Kintanarekin ados ez nagoela esan behar dut; eta harritu ere egin nauela haren eritziak. Iloba hitzari buruz hau dio: «Askotan ikusi dugu nola erdal sobrino eta nieto euskaraz hitz bakar batez esaten diren (neska zein mutila izan): loba. Eta hau zergatik? Oso klarki dago: Euskaraz loba senide hurbil baten semea delako (norbere anaiaren edo semearen semea). Erdaraz pentsatzen hain ohituta ez bageunde, ez genuke sekula galdetuko argitasun gehiago, osaba eta izeba entzutean, aitaren ala amaren aldetikoa den hain berehalaxe galdetzen ez dugun bezalaxe» (48).

Euskarak, hain zuzen, zehaztasun haundia izan du ahaidetasun gorabeheretan. Gogora ditzagun, esate baterako, anaia/neba/arreba/ahizpa/haurride hitz mordoska; eta Asteasuko J. B. Agirrek berak orain dela bi mende* erabiltzen zituen herengusuak eta larengusuak. Dudarik gabe, besterik da kakoa. Eta Azkuek berak markatzen du bidea Hiztegian, loba hitza azaltzean (Dicc, I, 550). Problema hau garbi dago Benveniste-ren eta Levi Strauss-en azterketa argitsuen ondotik. Eta, gaia interesgarria delakoan, xehetasunez emango dut azalpena.

Eman dezagun bi senar-emazte. Andoni A-k eta Maddi B-k osatzen dute lehenengo bikotea; eta Joanes B-k eta Marta D-k bigarrena. (Maddi B eta Joanes B neba-arreba dira, beraz*).

Eman dezagun orain, bi senar-emazte hoiek seme-alaba batzuk izan dituztela. Andoni A-k eta Maddi B-k izan dituzten alabetako bati Itziar AB deritza; eta Joanes B-k eta Marta D-k izan dituzten semeetako bati, Kepa BD. Bi hauk, beraz, lehengusuak dira.

Eman dezagun orain, Itziar AB eta Kepa BD hoik, lehengusu izaki*, elkarrekin ezkontzen direla; eta seme bat izan dutela: Markos BA. Zer da Joanes B, Markos BA honi buruz? Eta zer, itzulitara*, Markos BA hau, Joanes B-ri buruz? Kontuz orain! On luke irakurleak eskematto bat egitea.

Alde batetik, Joanes B Maddi B-ren neba da; Maddi B, berebat*, Itziar AB-ren ama; eta Itziar AB, Markos BA-ren ama. Joanes B, beraz*, alde honetatik, Markos BA-ren osaba-aitona da (tío abuelo materno, oncle maternel). Eta, alderantziz*, Joanes B-ri buruz, Markos BA iloba da (alegia, sobrino-nieto, petit-neveu).

Baina, beste aldetik, Kepa BD Markos BA-ren aita da; eta Joanes B, Kepa BD-ren aita. Joanes B, horretaz*, Markos BA-ren aitona da adar honetatik (abuelo, grand-père). Eta, alderantziz, Markos BA Joanes B-ren iloba da (alegia*, nieto, petit-fils).

BATERA gertatzen dira pertsona beretan ahaidetasun biok, beraz, famili mota horretan. Pertsona BERBERA (Markos BA) nieto/petit-fils eta sobrino-nieto/petit-neveu da Joanes B-ri buruz.

Hots*, antropologiak irakatsi duenez (eta hauxe aipatzen du Azkuek), presentatu dugun famili mota horixe zen normala herri arkaiko askotan: «mariage entre cousins croisés» deritzana, hain zuzen: mutil batek, aitaren arrebaren alabarekin ezkondu behar zuen. Herri hoietan, beraz, NORMALA ZEN BI AHAIDETASUN MOTA HOIK EZ BEREZTEA. Hauxe izan da, hain zuzen, Benveniste-k indo-europatar herriei buruz argiro frogatu* duena.

 Iloba hitzaren fenomenoa, horretara, Euskal Herriaren ezkontza lege ezin zaharrago baten lekuko* da 1971.ean; eta hizkuntza azterpide honen bidez (hutsune baten bidez, itxuraz) Euskal Herriaren aintzinate* ilunean barrena abia gaitezke, geure arbasoen soziologi moldakeretan beretan sartuz. Zeren* eta, Azkuek berak dioenez (ikus Dicc., I, 409), zenbait* tokitan iloba hitzak batera adierazten baititu erdarazko nieto eta sobrino (gauza bera bizkaiarazko loba). Baina hori ez da dena. Baxenabarra eta Zubero aldean ilobaso hitzak («iloba»ren ordezkoa) nieto/petit-fils eta sobrino-nieto/petit-neveu adierazten baititu batera, hain zuzen. Arras*, beraz, antropologiaren hipotesiak behar zuenaren arabera*! Eta, jakina (eta hau Kintanak ere gogorazten du liburuan), hauxe da euskara zaharraren egoera; arkaismoak bizkaiaran eta ekialdeko* euskalkietan* gorde baitira, gisa denez.

Aurrera, Xabier!

Kintanaren liburu mamitsuak urrutira eraman gaitu. Eta pentsaraztea ez da arrakasta* tipia idazlearentzat. Horregatik esan diezakeot beste euskaltzale askorekin batera: «Aurrera, Xabier! Hakio* euskal azterketa horri! Eta ez gal, otoi, gure hizkuntzarekiko jaiera suhar hori!»

LARRESORO

bageunde, bagengoz

dakazki, dakartza, dakaz

dauzkigu, deuskuz, dizkigu

dezagun, daike

diezakeot, deiskiot, dezaioket

ditzagun, daiguzan

gaitezke, gaitekez

nioke, neuskio

zaio, jako

zait, jat


Euskal igarkizunak

Danok dakikezuenez,* igartzen edo asmatzen jakiteak inportantzia guztiz haundia du gizarte bizitzan, tiroak nondik datozen jakiteko, bai izkribuetan eta bai hitzaldi eta sermoietan.

Ez noa, gaurkoz, kinielak igartzeaz ezer esatera, hori beste arazo bat baita. Hitzen artean irakurtzeaz gura* dut nik gaur iharduki.*

Ahalmen edo jakintza hau ez da berez lortzen. Txikitatik hasi behar da ohitura hartzen. Beraz,* ardura* handiz saiatu behar gara fakultate hori sor arazten eta indartzen geure umeen artean.

Eta, horretarako, zer hobe gure euskal herri-jakintza zahar eta aberatseko igarkizun edo asmakizunen joko polita baino? Hala ere, joko hori umeei atsegingarriago izan dakien, aintzinako zenbait erantzun aldatu beharra dugu, zeren* gaurko kontsumoko gizarte honetan murgilduta bizi diren umetxoek ez baitute ezagutzen pre-industrializazio haroko* hainbat tresna eta tramankulu (esaterako, kriseilu, harilkai, gurdi), eta beste gauza batzuk* ez baitituzte behar bezala ezagutzen.

Guraso arduratsuei eta batez ere ikastoletako irakasleei, hona hemen nik humilki eskaintzen dizkiedan igarkizun batzuk. Lehen erantzuna, aintzinakoa da; bigarrena, gaur egunekoa.

Hila negarrez, eta bizia tiraka. Gurdia.* Bizarra mozteko makina elektrikoa.

Aurrean sua, atzean putzua. Kriseilua.* Butanozko sukaldea.

Urtean behin baino ez du atorra aldatzen. Sugea. Hippia.

Lau ahizpa, beti lasterka bata bestearen atzean, eta sekula ez harrapatzen. Harilkaia.* Autoa.

Kutxa txiki bat, gezurrez beterik. Ahoa. Telebisioa.

Puntan punta bat, atzean zulo bat. Orratza. Boligrafoa.

Ahotik behatu* eta tripa ageri. Lapikoa. Frigorifikoa.

Bi mendiren artean tren bat orroaka. Uzkerra. Magnetofonoa.

Lapikotxo txiki batean, modu biko salda. Arrautza. Koktela.

Kutxa txiki iltzatua,* giltzik gabe giltzatua. Intxaurra. Makina fotografikoa.

Umetan zuri, mutiletan gorri, aguretan beltz. Mazuzta. Xaboi hauts biologikoa.

Lapikoan sartu eta egosten dena, eta jaten dugunean ikusten ez dena. Gatza. Avecrem.

ANTTON


Kultura

Materia eta antimateria

Mundu osoa geratu* da guztiz harriturik, azken deskubrimendu zientifikoaren berri izan duenean: "Rusoek antimateria lortu* dute". Beharbada, egunkarietako idazleak, honen antzeko berriak ematean, lar* sentsazionalistak dira. Baina, kasu honetan, deskubrimenduak merezi izan du; batez ere, harek ematen dauzkigun posibilitateak gatik.

Antimateriaren posibilitatea mende* honen lehen partean susmatu zuen Paul Dirac, ingles jakintsuak. Garaiko pentsamoldeetarako hain gauza harrigarria zenez gero, jendeak zoro amets bezala kontsideratu zuen Dirac-ek aurkitutako posibilitate berria. Hala ere, Dirac-en profeziak, astiro astiro, beteaz joan dira. Egun,* rusoek emandako pausoa ezagutuz gero, ba dakigu, antimateria lor* litekeela.

Azterketarako metodologia

Baina nola heldu zen Dirac, honelako posibilitaterik susmatzeko puntura? Puntu honi interesgarri deritzat, eta hori ikusten saiatuko* gara artikulu honetan.

Zientifikoak metodologia bati jarraitzen zaizkio beren estudioetan. Gure arteko gehienek ez dugu metodologia horren berririk; baina, orain ikusiko dugunez, delako metodologia horrek ez du sekreturik. Ikus dezagun, bada, zientifikoek, fisikako fenomenoak aztertzean, segitzen duten prozesoa:

- lehen pausoa, oserbazioa da. Horretarako, gertakari bat harturik, berau era* askotara oserbatzen dute, situazio ezberdinetan.

- kondizio ezberdinetan oserbatuz gero, gertakariaren propietateak bereizten dituzte.

- hirugarren pausoan, propietateak abstraktuki jartzera saiatzen dira, hau da, fenomeno fisikoa lengoaia* matematikoaren bidez errepresentatzen dute.

- matematikaren alorrean* sarturik, beronek ematen dizkien metodoez baliaturik, beste konbinazio berri batzuren bila ibiltzen dira, ondorio matematiko (beraz,* abstraktu) batzuk lortu arte.

- konklusio hauk interpretatu egin behar dituzte, hau da, berriro lengoaia fisikoan ezarri, errealitatearen lengoaiara itzuli.

Dirac-en burutapena

Ikusi ditugun puntuak nahi eta nahiezkoak dira edozein lan fisikotan, eta Dirac ere hauei jarraitu zitzaien. Pausoak ezagutzen baititugu, Dirac-i jazo* zitzaiona ulertzeko prest gaude.

Dirac, zientzi gizon zelarik, urrats* guztiak eman zituen. Partikula elementalen propietateak estudiatzean, matematikaren bidez ondorio batzuk atera zituen, eta hauk interpretatzerakoan sortu zitzaion problema.

Dakikegunez,* elektroiak kargadun partikularik tipienak dira. Karga esaten dudanean, karga elektrikoari nagokio. Etxean ezagutzen dugun elektrizitatea, elektroien mugimenduaz osatzen da. Askok jakingo dute ere, karga elektrikoa era* bitakoa izan daitekeela. Elektrizitate mota hauei positibo eta negatibo deitzen zaie. Dakikegunez, elektroiek karga negatiboa dute.

Dirac-ek, bere kalkuluetan, elektroien mugimendua estudiatzean, ondorio harrigarri hau lortu zuen: "Elektroi positiboak aurkitzeko posibilitatea dago". Eta hau nondik bururatu zitzaion? Erantzuna hauxe da: berak erabiltzen zuen lengoaia matematikotik.

Baina goazen aurrera. Dirac-ek, honelako ondorioa ikusirik, edozein partikula, kontrako den elektrizitateaz esisti litekeela esan zuen. Hau da, protoia normalki positiboa bada, protoi negatiboa ere izan litekeela. Nolabait izendatzeko, batari (lehendik ezagutuari) partikula deitzen zaio, eta besteari antipartikula.

Azken pausoa

Zientifikoek eskeptikoki hartu zuten Dirac-en profezia, berentzat ere harrigarria baitzen. Hala ere, handik urte batzuetara, elektroi positiboa aurkitu zen, edo, hobeto esan, kreatu egin zen laboratorioan. Honela, arrazoia eman behar zitzaion Dirac-i, esperimendua baita teoriaren azkenengo epaile.

Geroztik, buru ausart* batzuk aurrerago joan ziren. Zergatik ez litzateke posible izango —galdetzen zieten beren buruei— antipartikulak batzea? Kargan izan ezik, partikulak eta antipartikulak berdinak zirelarik, antipartikulak batuz gero, "materia"ren antzeko zerbait lor* zitekeen; eta, izena ematerakoan, antimateria deitu zioten zer horri. Horrela, antimateriaren esperantzaz bizi izan ziren. Egun,* rusoek emandako pausoaz, antimateriaren posibilitatea ez da esperantza bat, errealitate bat baizik.

J. R. ETXEBARRIA

dauzkigu, deuskuz, dizkigu

dezagun, daigun

dizkie, deutsez, diozkate

gaude, gagoz

zaie, jake

zaizkio, jakoz

zieten, eutseen

zioten, eutsoen

zitekeen, eiteken

zitzaien, jaken

zitzaion, jakon


Ikas zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ABURU, eritzi, uste.

ADIN, edade.

AGIAN, beharbada, nonbait, seguramente, probablemente.

AHULEZIA, makaltasun.

AINTZINATE, antigüedad.

AIPU, aipamen, cita.

AITZITIK, al contrario.

ALABAINA, hala ere.

ALAJAINA, pardiez, pardieu!

ALDERANTZIZ, itzulitara, al revés.

ALEGIA, a saber, esto es, es decir.

ALOR, arlo, sail, eremu.

AMILDU, precipitarse.

ANTZA (DENEZ), según parece, seguramente.

ANTZO, antzera.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARAZO, problema, quehacer.

ARDURA, axola, arta.

ARDURADUN, artadun.

ARE, oraindik.

AREAGO, todavía más, plus encore.

ARI IZAN, jardun.

ARLO, alor, sail.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRANO, águila, aigle.

ARRAS, guztiz, oso, completamente.

ARRUNT, ordinario, corriente.

ASKI, nahiko.

ASTEARTE, martitzen.

AT, kanpo, landa, fuera.

ATXEMAN, aurkitu.

ATZIZKI, sufijo.

AUINAMENDI, Pirinio mendiak.

AURREZKI, ahorro, épargne.

AUSART, valiente, intrépido.

AZOKA, feria.

AZTARNA, rastro, vestigio.

BARIK, gabe.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behintzat, behinik behin.

BEHATU, begiratu, so egin.

BEHINOLA, en otra ocasión anterior.

BELAUN, generación.

BERARIZKO, especial, característico.

BERAZ, por consiguiente.

BERE, ere.

BEREBAT, igualmente, así mismo.

BEREBIL, automóvil.

BEREZIKI, batez ere.

BERRIKI, oraindik orain, oraintsu.

BIDE, nonbait, agian, antza, seguramente.

BILAKA, bilakatu, bihurtu (potentzialetan).

BILAKATU, bihurtu.

BILDU, batu.

BORTITZ, sendo, indartsu.

BORTIZKI, sendoki.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKIZKIDAN, dakidazen, daitezen niri.

DAKUSAKE, dakuske, ikusten du nonbait.

DATEKE, da nonbait.

DATXEKIE, etxekitzen (atxikitzen) zaie, se les pega.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEI, deitu (sujuntiboetan).

DUKETE, dute nonbait.

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKANDU, ohitura.

EKIALDE, eguzki alde, Este.

ELERTI, arte literario.

ELKARGO, elkarte, sociedad.

ERA, gisa, modu.

ERAKUNDE, institución.

ERAMAN, eroan.

ERASO, acometer, atacar.

ERI, gaiso.

EROSO, cómodo.

ERRALDOI, gigante.

ERREPIKATU, replicar.

ESANGURA, esannahi.

ESERI, jezarri.

ESKUALDEZALE, regionalista.

ESKUARKI, comúnmente, generalmente.

ETSAI, arerio, enemigo.

EUSKALKI, dialecto vasco.

EUSKALTZAIN, académico del euskera.

EZKUTATU, ostendu, gorde, cacher.

EZPALDU, astillar, fendre du bois en copeaux.

FROGABIDE, frogantza, prueba, demostración.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTSATU, fundamentar.

GAILEN, sobresaliente, surpassant.

GEHI, gehitu (subjuntiboetan).

GERATU, gelditu.

GOITI, gora.

GORRAIZE, sordera ligera, légère surdité.

GOTZAIN, apezpiku.

GURA, nahi.

GURDI, burdi, orga, carreta.

GURPILADA, sesgo del movimiento.

HABAILARI, hondero, frondeur.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HAINA, beste, bezainbat.

HAKIO, ekin hadi horri. (Ekin aditza intrantsitiboa da. Zoritxarrez, idazle askok trantsitibo bezala erabiltzen dute).

HALABER, igualmente, así mismo.

HARILKAI, devanadera, dévidoir.

HARO, época.

HARROBI, harri hobi, cantera.

HATSITU, heder, puer.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAZIL, noviembre.

HEDADURA, zabaltasun, extensión.

HELBURU, xede, asmo, fin, objetivo,

HERTZAIN, herri zain, policía.

HEZIKETA, educación.

HILDO, surco, sillon.

HIRIGINTZA, planificación urbana.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORRETAZ, a saber, esto es, es decir.

HUELGA, greba.

HURBIL, hur.

IGANDE, domeka.

IHARDUKI, ihardun, jardun.

ILTZATU, iltzez (untzez) josi.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIN, injuria.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRITXI, heldu.

IRULARI, irule, hilandera, fileuse.

ISEKA, burla.

ITSASERTZ, itsas hegi.

ITZULITARA, alderantziz, al revés.

IZAKI, izanik.

IZKUTA, izkutatu, ezkutatu, cacher (sujuntiboetan).

JAITSI, bajar, descender.

JASAN, jaso, experimentar, sufrir.

JAUSI, erori.

JAZO, gertatu.

KABU, iniciativa, determinación.

KEN, kendu (sujuntiboetan).

KIRATS, fétido, inmundo.

KOAITA, cuita, ansiedad.

KRISEILU, kurtzulu, candil, lumignon.

LAIDO, afrenta, affront.

LAR, larregi, gehiegi, sobera.

LARUNBAT, zapatu.

LAUDORIO, alabantza.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIAKETA, competición, concurso.

LEKUKO, testigu.

LENGOAIA, lenguaje.

LO KULUXKA, sueño ligero, sommeil léger.

LORTU, erdietsi, ardietsi.

MALDA, aldatz, cuesta, montée.

MARMARA, murmuria, cuchicheo, chuchotement.

MEATEGI, meatoki, mina.

MEHAR, argal, delgado, maigre.

MENDE, siglo.

MIHIN, mihi, mihingain.

MINTZO IZAN, berba egin, hitz egin, mintzatu.

NABARI, evidente, patente.

NABARITU, percibir, notar.

NOSKI, naski, ciertamente, claro está.

OHARTU, konturatu.

OIHARTZUN, eco.

OLERKI, poesía.

OMEN, ei.

ONAR, onartu (potentzialetan).

ORDEA, berriz, aldiz, ostera, en cambio.

ORO, guzti.

OROKOR, general.

OSTEAN, ondoren, ondoan.

OSTEGUN, eguen.

OSTERA, ordea, aldiz, berriz.

OTSO, lobo, loup.

PASAI, Pasajes.

POSTA, correo.

SAIATU, entseiatu.

SARRI, maiz.

SEN, instinto, sentido. (Alemanez Sinne).

SERORA, monja, soeur.

SITS, polilla, teigne.

SO EGIN, behatu, begiratu.

SOILIK, solamente, meramente.

SOLO, soro.

SUNDA, hedor, puanteur.

UDAL, municipio, commune.

UNKIGARRI, conmovedor.

URRATS, pauso.

ZABOR, desperdicio, resto, rebut, reste.

ZARATATSU, harrabots egile.

ZELAKO, nolako.

ZELAN, nola.

ZELANBAIT, nolabait.

ZELATAN, al acecho, à l'affût.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZILEGI, lícito.

ZISKU, tirador.

ZUR, egur.


Ikas zeure hizkuntza

II. Lexiko Batua

XABIER KINTANAK

Datozen hitzok ez dira Euskal Herriko toki guztietan era berean esaten. Ikas ezazue era batua.

 EUSKARA BATUA

ELIZA

IRIN

BAKE

BEKATU

BARKATU

 ERA DIALEKTALAK

ELEIZA, ELEXA

URUN

PAKE

PEKATU

PARKATU


Hizkuntza

Euskal hiztegirako zenbait pentsagarri

Azkenik jaso ditudan ANAITASUNetan irakurria dudanez, 20.000 hitzetako euskal hiztegi berri bat ari* omen* zaizkigu X. Kintana eta G. Aresti prestatzen. Aurreratua omen dute, gainera, lana, eta laster argitaratzeko moduan. Lanerako gogo eta kemenik ez duzue falta behintzat, mutilak! Ongietorria euskal hiztegi haundi horri!

Poza eman ezeze, barreneko hauts guztiak harrotu dauzkit albiste horrek, eta zabor* artean galdurik neduzkan zenbait* ideia bururatu ere bai. Eta, alferkeriaren edo «inportantzia haundiko» beste ardura* nagusiagoaren itzaletan izkuta* dakizkidan* baino lehen, boligrafoari heldu diot, eta neure kezka, hustu-behar, ohar-gura, esan-nahi, proposa-gogo eta beste hainbat mila gauza bildu* zaizkit, boligrafoaren zulotik denak lehertu beharrean.

X. Kintana eta G. Aresti hoiexen umea den BATASUNAREN KUTXAko euskal hiztegiak bururatutako ideiak ditut denok. Ba dira hor, lehendik ere, liburu horretaz zenbait eritzi zabaldurik. Azkenaldi honetan neuk zehatzago ohartzeko era izan dudanez, ez dira oraindik liburu horretaz esateko guztiak esan; eta esan ere egingo nuke oraindik, esatekoak, edo guztiz esan beharrekoak behintzat, esan gabe daudela.

Kritika bat gutti gorabehera, ez zukeen horrek garrantzi haundirik noski*, hori bere bakarrean gelditzekoa izan balitz. Autore berek beste hiztegi zabalago bat eratzen ari* direla jakin dudanez gero, ordea, derrigorrezko derizkiot hiztegi txiki horretan egin diren hutsak banan banan azaltzeari, hiztegi berrian akats hoik zuzentzeko aukera izan dezaten. Ez dut batere gogo txarrik. Ostera* baizik, euskarari eta autoreei berei ere egin diezakeedan mesede bat dela uste dut. Denok behar dugu hiztegi bat euskaraz, eta lehenbailehen gainera. Hiztegia, ordea*, ona behar dugu, ona: hau da, objetiboa, segurua, zehatza eta zabala.

Zuzendu-beharren bistaratzea bilatzen dudanez gero, hiztegi txiki horren akatsetan bilduko* dut batez ere atentzioa. Hona hemen, ene ustez, zer-nolako hutsak dituen BATASUNAREN KUTXAko euskal hiztegiak:

1. Ez da behar haina zabal

Euskaltzaindiak agertu zuen «Batasunerako Hiztegia» argitu eta osotzera etorri zen inondik ere euskal hiztegi hori. Horretaz*, zein eta zenbat hitz behar zituen eduki? Euskaltzaindiko hiztegi txikikoak behintzat bai, nire ustez, eta hoik* batez ere. Hortik aurrera, eztabaidagarri. Hala ere, Euskaltzaindiko «Batasunerako Hiztegian» agertzen diren hitz asko ez da ageri BATASUNAREN KUTXAkoan. Ahaztu egin bide* zaizkielako batzuk* (aharrausi, ahantzi, arrastelu, harramaska, haril, harik eta, aztapar...); beste asko, ordea*, sistemaz eta jakinaren gainean, beherago ikusiko denez.

2. Ez da objetiboa eta segurua

Erreparo haunditxoa da hauxe, inondik ere egia baldin bada. Hara! Hiztegi batean inporta dena ez da hiztegilariaren ustea eta aburua*, hizkuntza bateko hitzek beren izatean eta usarioan duten forma, idazkera, esannahia eta hedadura* baizik. Hitz batek idazkera eta forma bat baino gehiago baditu, hiztegilaria ez da inor, bere eskuz forma eta idazkera hoik* mugatzeko eta erabakitzeko. Euskaltzaindia dago horretarako. Gure kasu honetan, berriz, «Batasunerako Hiztegi» txikian azaldu du Euskaltzaindiak bere eritzia eta norabidea. Eritzi eta aburu* pertsonalak agertzeko, hor dira aldizkariak eta liburuak; baina ez inola ere ikasleen eskuetan erabiltzekoa den hiztegia, eta guttiago oraindik «Euskal Herriaren erabakiz egindakotzat kontsideratu behar» omen* delako liburuan. Hizkuntzako hitzen bizitza eta izaera da hiztegian inportanteena; eta hitz hoiek garbi, eta hoiek seguru, eta hoiek zehatz, eta hoiek bakarrik izan behar dute.

BATASUNAREN KUTXAko hiztegian, alabaina*, ez zaio Euskaltzaindiak emandako legeari jarraitu. Autoreek, berek zerizkiotentxo bat egin dute, eta kitto. Esate baterako, forma eta idazkera bat baino gehiago onartu ditu Euskaltzaindiak zenbait hitzen forma eta idazkeratan; eta onartu ere, Euskal Herrian zabalduegiak zeudelako, eta, objetibitateari begiratuz, ez batik eta ez besterik zabartzea ondo iruditu zaiolako. Hona batzuk: aitu/ahitu/akitu, albiriste/albiste, alimale/animalia, alkar/elkar, apaiz/apez, ardo/arno, aintzin/aitzin, arrazoi/arrazoin, eta abar. (Azpimarkatuak dira hiztegian hautatuak). Ezin hasiko naiz hemen liburuko huts denak biltzen. Hala ere, «A» letraz hasten direnak denak kontatu ditut, et 300 hitzetan 70ren bat huts aurkitu ditut, % 23 bat gutti gorabehera. Askotxo, noski*, «inork bere kriteriorik gabe, eta euskararen zientziaren eta kontzientziaren gainean hartutako erabaki» liburua izan nahi duen batentzat. (Liburuaren azalean esaten da hori).

3. «H» letraz ere ba da zer esanik

Euskaltzaindiaren hiztegian bi eratara onartu ziren zenbait* hitz: hatxedun nahiz hatxegabe. Ez baitzen arrazoirik ikusten, batari baino besteari indar gehiago emateko. Gure KUTXAgileek, berriz, berek ongi zerizkiotena hautatu dute, eta desterratu bestea hiztegitik. Hitzen esplikazioak ematekoan, ahalgarri direnetatik bat hautatu behar du autoreak, noski; eskubide du horretan. Hiztegirako hitz buruak hautatzekoan, ordea*, Euskaltzaindiak esandakoari jarraitu behar zaio orduan, eta ez lotu eta mugatu, harek libre utzi duena; hitz baten idaztekoan forma bat baino gehiago ontzat eman baditu Euskaltzaindiak, denak dira zilegi* idazlearentzat, denak libre, denak jator.

Idazkera biko hitzak, aldiz, hizkuntza guztietan dira. Hor daude gaztelaniaz: mantención/manutención, hierba/yerba, hierbal/yerbal, psicología/sicología... Alemanak ere hor ditu: Sinfonie/Symphonie, Telefon/Telephon, Telegraf/Telegraph... Ez da miresteko, heraz*, euskarak ere horrelakoren batzuk* izatea; bategintzako aurren maila hauetan bereziki*. H-ak duen historiari begiratuz gero, berriz, areago* oraindik.

Beste horrenbesteko alderdikeria ageri da KUTXAn, «tx» letrez hasten diren hitzetan ere: tximista nahiz ximista idazteko eskubidea eman du Euskaltzaindiak. Gure KUTXAgileek, ordea, ezetz; eta lumakada batez zabor* ontzira bota dituzte «t» denak, holako hitz guztiei «x» letraz hasiera emanez (ximist, xistu, xirla...). Nork emandako eskubidez, ordea? Eta horrelako 30 (hogeitamar) bat oinarri hitz (eta hoietatik sortzen direnak): Euskaltzaindiak proposaturiko hitz denak nonbait! Eta liburu horretan «ez duela inork bere kriteriorik inposatu» esanen duzue gero!

Oso kontuan edukitzekoak dira puntuok hiztegi batean, eta hala izanen ahal dituzue zuek ere zeuen hurrengo haundi horretan. Hurrengoan gehiago. Benetan agur, eta segi lanari.

FERNANDO MENDIZABAL

daude, dagoz

dauzkit, deustaz, dizkit

derizkiot, deritzat, erizten deutsat

dezaten, daien

diezakeet, deiskioet, dezaieket

diot, deutsat

neduzkan, neukazan, neuzkan

zaio, jako

zaizkie, jakez

zaizkigu, jakuz

zaizkit, jataz

zerizkioten, zeritzaten, erizten eutsoen

zeuden, egozen