ANAITASUNA

Año II — Núm. 22

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Abril 1955


Udabarria

Asi da udabarria. Oraiñarte ilda legez egon dan lurra, beste bizitza batera jaioten asi da. Oraindiño orain billosik ikusi ditugun arbolak, soiñeko barriz jazten asi dira. Mendi tontorretako edurra, urtu zarra da. Neguko otza, eriotzearen arnasea, pausu astunez, datorren urteraiño joan da. Igesi joan da. Udabarriaren, bizitza barriaren igesi.

Sasoi onetan, geuk-bere indar eragille bat sentietan dogu gure barruan. Joan da garizumea, penitentzi sasoia, gure pekatuen damutasuna beragaz daroala. Joan dira baruak eta bigiliak, egun triste ta illunak. Beste egun alai bat asi da. Aleluia! Kristo illen artetik biztu da. Aleluia! Geu-bere, beste bizitza barri batera biztu gara.

Kreaziño osoak egiten daben antzera, udabarrian bizkortu egin bear dogu gure kristiñau bizitzea. Gizona da kreaziñoko izaki guztien erregea. Utsune aundi bat legoke udabarrian, gizadi osoaren indarbarri dantza onetan gizonak parterik artuko ez baleu.

Zoritxarrez, utsune ori egiazkoa izan leiteke, nagitasunez naiz gaiztakeriz, kreaziñoko kontzertu eder onetan euki bear dogun tokia gordetan ez badogu.

Barriztetan ez dan gorputza, il egiten da. Gorputz osasuntsuak, edozein eragingarriri beingoan erantzuten deutso. Erantzupide orretantxe igarten jako, ain zuzen-bere, sano dagoana. Era berean, indarbarrituten ez dan arimea, gaixotu ta il egiten da. Seiñale txarra, edozein jazokuntzaren aurrean sor ta gor geratuten danean.

Bizkortasunezko ejenplu galanta emon deuskue lengo astean Belgikako katolikoak. Gobernuak, diru laguntasuna kendu gura izan deutse eskola katolikoeri. Agintarien uzia jakin dabeneko, erriak kalera urten dau, eta Parlamenturantz zuzendu da, lege kaltegarri orren kontra dagozala erakusteko. Gobernuko poliziak, indarrez desegin dau manifestaziñoa, eta katoliko asko zauritu eta beste asko giltzapean sartu. Egintza onegaz, Belgikako katolikoak mundu guztiaren aurrean erakutsi dabe euren kristiñautasun bizi ta zolia.

Euskaldun katolikoak egingo geunke beste orrenbeste, egokera antzekoan izango bagiña? Ez gabiltza, ba, aspaldion zerbait motelduta? Biziro sentietan. ete dogu gure kristiñautasunaren kontzentzia? Arbinduten ete gara gure errietako erlegiño galdumendiaren aurrean? Ogeigarren gizaldiko kristiñau bizitzeak, eragille ta bizkorra izan bear dau. Urten daigun, ba, gure lo zorrotik; bizkortu gaitezan gure sorgortasunetik. Udabarrian izaki guztiak egiten daben modura. Belgikako katolikoen antzera.


Bizitza barri [Bertsoak]

Udabarria gozo biguna,

Guztiok pozik jarten gaituna!

Mendi zelaiak loratsu jantzi,

Txoriak bardin pozez kantari:

 Bizitza barri

Udabarriak oi dau ekarri,

Gure neke ta lanen pozgarri.

Billosik ziran-mendi zelaiak,

Udabarrian jantirik danak;

Eta txoriak, aundi ta txiki,

Pozez zoratzen danak kantari;

 Baserrietan

Lugiñak bizkor euren lanetan,

Azientzako lurrak gertetan.

Zugaztietan txoriak pozez

Euren umeak aziten dabez;

Zein geiagoka maitasunean

Dabil bakotxa bere lanean

 Pozez beterik,

Euren sendiaz maite maiterik,

Zorioneko direalarik.

Mundu onetako geure bizitzan

Geienok gabiz oker pentsetan.

Bakez ta pozez bizi nai dogu,

Naizta bizitzan oker jokatu.

 Baiña alperrik!

Auzoarentzat maitasun barik,

Ez dogu eukiko iñoiz bakerik.

Zorioneko nai dogu izan?

Txoriak legez ibil gaitezan.

Alkar arteko ikusi eziñak

Dakaz munduko arantza miñak.

 Bakez ta pozez

Bizi nai dogu? Txoriak legez

Txarrik ez egin besteren kaltez.

BALENTIN ENBEITAK


Ba dakizu...?

Matrimonioko Sakramentua

1.—Jainkoak, Paradisuko ortuan sortu eban gizonen arteko ezkontzea.

2.—Asieratik bertatik izan da Matrimonioa, oraingoa lakoa: biren artekoa ta ausieziña.

3.—Jainkoak ez dau iñoiz permitidu poligamia: au da, ez dau iñoiz emon bategaz baiño geiagogaz ezkonduteko baimena.

4.—Jesukristok, Matrimonioa sakramentu egin ebanean, kendu egin eban poligamiarako baimena.

5.—Matrimonioa, beste edozetarako baiño lenago, semeak euki ta azteko da.

6.—Matrimonioko Sakramentuaren ministroa, sazerdotea da.

7.—Heretikoak (katolikoak ez direan kristiñauak), ezkondu arren, ez dabe artzen Matrimonioko Sakramentua.

(Ikusi azkenengo orrialdean)


Illeko Santua

Santa Katalina Senakoa (Bere eguna, aprillaren 30)

Sena deritxon Italiako urian jaio zan Katalina, martiaren 25'ean, 1347 urtean. Bere aita Jakobo Benincasa ta bere ama Lapa izenekoa, ogetabost umeren gurasoak izan zirean. Katalina ogetalaugarrena.

Zazpi urtegaz virgiñatasunezko votoa egin eban. Gurasoak, amabi urtegaz ezkondu gura izan eben; baiña berak, konfesorearen kontsejua jarraiturik, bere ule trentzak kris kras ebagi ta burua velo zuri bategaz estali eban. Gurasoak, gogor egiten eutsen erlegiñorako erakusten eban jokereagaitik; eta au dala ta ez dala, amaika naibage sufridu bear izan eban bai guraso ta bai enparaduakandik.

Amasei urte bete zituanean, Santo Domingoren Irugarren Ordenan sartu zan; eta arrezkero ez eutsan iñok galerazo oraziñoan eta mortifikaziñoan, ixiltasunean eta karidadean Kristori jarraituten.

Alako baten, Jaunak Berak agindu eutsan munduan zear joateko, batez-bere Italiako errietara, Fede santuaren argia iziotuten eta Karidadearen garra bizkortuten. Alantxe, Katalina, amasei, amazazpi, ogei urteko neskatoa, lotsarik eta bildur barik agertuten zan naiz erregeen jauregietan, naiz Aita Santuen korteetan, zein kardenalen aurrean, zein gobernadoreen etxeetan, gaur markes baten torrean, biar duke baten gazteluan, batean uri aundi bateko plazan, bestean baserri bateko eleizpean, Evangelioaren libertade santuagaz edonori Egia aurpegira jaurtigi, zein dan euren obligaziñoa esan. gaiztoak onerantza ta onak obarantza eragiteko.

1375 urtean, Jesukristogandik Bere Pasiñoko Zauriak artu zituan. Baiña era berean, Jesukristok gura izan eban Bere serbitzari zintzo onek deabruaren aldetik ikaragarrizko tormentuak igaro izatea bai gorputzean eta bai ariman. Bere gelan sarri askotan fantasmarik itxusienak eta zantarrenak agertuten jakozan, bere begi, belarri ta biotzeko garbitasuna zikindutearren arerioak erazota.

Bein baten, tentaziño loi loi batzuk igarota gerotxuago, Jesus agertu jakon.

— Jauna, nun egon zara —esan eutsan Katalinak— nire tentaziño zikin orreen bitartean?

— Zeure biotzean, Katalina.

— Zu, lirio arteko Bildots ori, ainbeste loikeri artean?

— Bai, ene alabatxu, eta pozik eta gozotasunez beterik, zure sendotasun eta adoreak atsegin aundia emoten eustan-da.

1380 urtean, aprillaren 29'an il zan Katalina Jaunaren bakean.


Jakin ba...

Matrimonioko Sakramentua

(Bigarren orrialdetik dator)

1.Zuzen.

2.—Zuzen.

3.—Oker. Testamentu zarrean, Noe Patriarkearen denporan, uiol aundi batek mundua ondatu ebanean, permitidu egin eban Jainkoak poligamia, lurra barriro gizonez ainbat ariñen bete eiten.

4.—Zuzen.

5.—Zuzen.

6.—Oker. Ezkontzen direan andra-gizonak dira Matrimonioko Sakramentuaren ministroak.

7.—Oker. Heretikoak, ondo ezkontzeko intentziñoa euki ezketiño, geiagoko barik sakramentua artzen dabe. Orretarako naikoa da, Jesukristoren benetako Eleizeak aginduten dabena egin gura izatea.

***

"Matrimonioko Sakramentuaren graziak bere frutu guztiak emon daizan, bear bearrekoa da senar-emazteak grazia orreri lagundutea, euren obligaziñoak zintzoro betetan dituela.

Aintzat artu beie euren arimetan bizi dan Sakramentuaren grazia. Euren obligaziñoak, gatxak izanarren-bere, ardura aundiaz betetan baditue, gero ta geiago sentiduko dabe graziaren indarra.

Eta iñoiz, euren estadu ta bizitzako naibageakaz biozkatuta bizi badira, ez beie galdu adorea. Akordau beitez San Paulok Timoteo, bere dizipulu maiteari, esan eutsazan berbakaz: Biztu eizu, arren, zeure arima barruan daukozun sakramentuaren grazia. Ez deusku emon Jainkoak bildurrezko espiritua, maitasun eta birtutezkoa baiño."

PIO AMAIKAGARRENAK


Kurutzegrama N.º 18