ANAITASUNA

218. zenb.

1971.eko Irailaren 15 ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1. Bilbao (12).

Inprimatzaile: Juan José García de Mardones, Joaquín Jáuregui, Luis María Tafalla eta Gabriel García de Andoin, AMADO inprimerian, Bilbon.

Irarle: Gil Díez eta Manuel Barrera, RALI etxean, Bilbon.

XIX urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Hamabost egun Zuberoan

Geure Euskal Herriko probintzia tipienean, hamabost egunez, hango familia batean bizi izateko aukera eta atsegina izan dut. Zuberoko bi eskualdeetarik* menditsuenean: Basaburuan. Azkue jaunak hain usu* aipatzen duen Ibar Eskuineko Lakarri herrian.

Hura ikusita sentitu ditudan inpresioen berri jakin araztea probetxugarri litzatekeela pentsaturik idazten dut artikulutto hau, eta bide batez hemengoentzat Zuberoa oso ezezaguna dela oharturik.

Euskaldunok maizegi* harrotzen ditugu geure arteko berezitasunak, lokarriei eta berdintasunei ohartu beharrean. Baina, Zuberora sartutakoan, lehenik sentitu dudana berezitasuna izan da, eta hola aitortu behar dut: berezitasuna paisajean, etxeetako arkitekturan, mintzairaren fonetikan...

Euskal alorrean* pixka bat sartuta gaudenok berehala ohartzen gara, herrietako euskal izenak kanbiaturik edo deformaturik daudela. Zuberotarrek esan dautatenez, ez omen* dira % 10 herri, izena kanbiatu gabe dadukatenik: Mendikota-Menditte, Ligi-Licq, Barkoxe-Barcus, Atarratze-Tardets, Zalgize-Sauguis... Hango herrien euskal izenak ikasi eta gero, alferrik duzu, irakurle, mapa bat eskutan hartzea.

Behin bertan egun batzuk* eginez gero, berehala konturatzen zara, han ez dagoela gazteriarik ia batere. Den denak, etxeko primuak* izan ezik, kanpora bizi izatera bortxatuak dituzu. Denbora berean, husten diren mendi gainetako etxaldeak bordelesek* erosten dituzte, beren bakantza sasoia hango bake osasungarriz iragaiteko*.

Ligin lantegi bat muntatzekotan ba dabiltzala entzuten da. Nik hori aspaldi entzuna dut, baina ez besterik. Bildur naiz, hori zakurraren ametsa ez ote den. Zuberotarrek ba dakite, gisa horretan Zuberoa hiltzera doala, eta Pariseko gobernuari eta departamenduko agintariei ez zaiela deus ere inporta. Ez dadukate esperantza haundirik; etsi* xamar bizi dira.

Nik ikusi ditudan folklore taldeak, egiazko euskaltasun gutikoak izan dira, talde bezala behintzat. Mauleko «Festara» kantari taldea ona bada ere, eta Altzaiko dantzariak beren lan artistikoetan paregabeak, mikrotik presentazioa egitean eta esplikazioak ematean, ez dituzu frantsesez baino mintzatzen. Euskara familietan sendo eta azkar ikusten badut ere, ez karriketan* eta akto sozialetan.

Maulen argitaratzen den «Le Miroir de la Soule» kazetan artikulu bitxi bat irakurri ahal izan dut. Iratiko oihanean* egiten ari diren konplejo polideportiboaren kontra Egiapal-ek egindako artikulu bat zekarren eta kazetaren erantzuna. Egiapal-ek, turismoak ez zuela Euskal Herria heriotzetik aterako eta Iratin gastatzen den dirua lantegiak eraikitzen enplegatu behar zela defenditzen zuen. Baina kazetak, turismoa ez zela herriaren salbabidea aitortu arren, oraingoz horri atxiki* behar zaiola esaten zuen. Gero, Iratiko konplejo hori Pariseko eta Iparraldeko industrietan lan egiten duten pertsonei egin behar zaien obra sozial bat zela gaineratuz, justifikatu egin nahi zuen Iratiko afera*. Ederki, direktore jauna! Hori da proximoa maitatzea: geu azkenetan eta agonian gaudelarik, besteei lagundu nahia!

Azkenez, finitzeko, Zuberotarrak hemengo Hego Euskal Herriko nafarrak direla iruditu zait izatez eta nortasunez, baina bizkaitarrak hizkuntzaren berezitasunez. Euskal Herrian ez dago hango kantariak bezalakorik, denek baitakite kantatzen, gazteek zein zaharrek, emakumeek zein gizonezkoek. Kanta dezagun, beraz, orain maiz* entzuten den kantu berri bat, Zalgizeko apaiz jaunak egina:

Bedatsean* dirade

zuhaitzak estaltzen,

udan ekiarekin*

bazterrak berdatzen;

larrazkenean*, aldiz,

egunak laburtzen,

neguan haize hotza

hezurretan sartzen.

Ez gal geure odol beroa,

bizi dadin gure Zuberoa.

ERRAMON GERRIKAGOITIA

daude, dagoz

dautate, deuste, didate

dezagun, daigun

gaude, gagoz

zaie, jake

zait, jat


Herriz-herri

Karrantza

Orain guti dela, Bizkaiko bazter eder honetan izan naiz, bertako jaiak zirela eta.

Jaien programa irakurtzean, pozik ikusi nuen zenbat eta zelako* jardunaldiak izanen ziren: harri jasotzaileak (Aretxa Sondikarra, Tomas Palazio Karrantzarra, eta beste gazte batzuk), behor lasterketak, korrikalariak eta beste zenbait* jolas. Harri jasoketarako zaletasun haundia sortzen ari omen* da. Betor euskaldunen kirola* jator hori Euskal Herriko zoko ahaztu honetara! Gora zuok, zaletasun hau sor arazten diharduzuenok!

Jakina da, Karrantza esnedun herria dela. Horri buruz, jaien programa paperean txosten interesgarri bat irakurri ahal ukan genuen Karrantzarrok. Hona hemen euskarara itzulita:

Esnearen salneurria

Esne arazoari buruz, beste auzi askori buruz bezala, mundua oro mintzatzen da. Edonork du bere eritzia; baina gaitzak egonean irauten du, inork osagarririk ezarri gabe.

Azkarrenek diote, ez dela deus aurreratzen, nekazariei gehiago ordainduz, auzia zailago baita. Beste batzuek, ordea, diote, errua baserritarrei beraiei egotzi* beha zaiela, geure ohiturei loturik bizi garela eta, errentabilitateari eta produzio bideei uko egiten omen* diegula eta.

Hara! Litro bakoitzeko, erreal bi gehitzearren, sekulako iskanbilak sortarazi behar ditugu; eta, hala ere, ezjakinak, iraultzaileak, politikariak eta komunistak deitzen gaituzte. Baina harrigarriena zera da: kaletarrentzat esnearen prezioak izugarrizko gorapena egiten duela eta inork ere ez duela tautik ere esaten. Eta, ilarra biribiltzeko, baserritarrok jartzen gaituzte atxakiatzat, guztiak erruki daitezen «baserritar gaixoez» eta gogo onez har dezaten prezioaren gorapena. Adibidez, uztailaren* 23ko periodikoetan txosten bat agertu zen (llaburra bera), publikoarentzat esnearen prezioa bi errealez goratu zela esaten zuena. Eta zera gaineratzen zuen: «gorapen hau nekazarien onerako izanen da».

Beharbada, askok uste izango dute, esne zentralek nekazariokin banatzen dituztela irabaziak, edo orain gehiago ordaintzen daukutela litroko. Hori ez da hola, haik* bakarrik baitira probetxu guztia jasotzen dutenak. Eta gero, neguan, gehiago eskatu behar badugu, jendeak uste izanen du, prezioa beti gora joanen dela eta baserritarrok kexati hutsak garela.

Ba dakigu, inori erru osoa botatzeko xinplekerian eror gintezkeela. Ba dakigu ere, lana hobeto egiten ikasi behar dugula eta esnea gastu tipiagoz atera.

Baina, behi hazkuntza on batekin ere, ordaintzen denarekin ezin litezke gastuak eta lana gaindi.

Laster negua etorriko zaiku nekazarioi. Hainbeste promesa egin ondoren, hasiko ote dira gure problema hau sakonki aztertzen, edo argudioak bilatuko ote dituzte, betiko kenka larri honetan jarrai arazteko, beste gauzen salneurriak nabarmenki gora doazen bitartean? Irailaren* lehenengoan jakinen dugu, ziria sartu daukuten ala ez».

ANDONI ZORRILLA

Portugalete

Abuztuaren 16an, zortzirak aldean, Portugaleteko aldatzetik, hainbeste txistulari eta dantzariren artean, kolore eta alaitasunez beterik jaisten* zen jendetza ikusten geundela, poz pozik ginen. Gure herritarrak ez dira beharbada euskaldun hutsak izanen; baina ahaleginak egiten dituzte behinik behin, beren euskaltasuna erakusteko. Jai hau eskualdeko* zaharrena dugu. Aurten dantza talde asko ikusi genuen, eta, egia esan, guztiz ondo jardun* zuten.

Jai hau, gerra ostean,* 1945. urtean berpiztu zen. Gero eta politago eta koloretsuago dela ere esan behar dugu. Hala ere, hutsune haundi bat du, hots,* gure burua garbitzeko baino ez duela balio gaur egunean, 1971. urtean. Noiz arte onartuko dugu geure buruen eragitea eta maneiatzea? Noiz arte hartuko dira sariak, hartzen diren kondizioetan...?

Ez ezazue pentsa, horregatio, jaiaren kontra gaudela, orain daraman bidearen kontra baizik. Jai batean folkloreak izan behar duela errege, esanen daukuzue, noski.* Baina, folklore horrek gure gizagintzarako balio ez badu, hau da, alienatzaile bada, bota egin behar dugu zalantza* batere gabe; eta geure buruei hauxe galdetu behar diegu, zelakoa* den dantza taldeen arteko giroa, alienatzaile ala kontzientziatzaile. Beraz, esan duguna kontutan harturik, espero dezagun, hurrengo urtean folkloretasun batek joko duela gure euskalgintzaren alde.

Bestalde, ba dirudi, gure eskualde honek betiko harrigarriak eman behar dauzkigula. Aurreko egun batez, Sestaoko ikastola batean —bi baitaude— programako ortografi hutsek ikaratu egin gintuzten. Honelako hutsak agertzen ziren: Euzkera, iru, lenengo... eta abar, bospasei lerrotan. Hau diogu, zorionez edo zoritxarrez, gure eskualdeko hizkuntza ez baita Zeanurin erabiltzen dena, hots, Euskal Herriko bazter batekoa, euskaldun guztiekin elkar ulertzeko gai den hizkuntza bat baizik, hau da, EUSKARA. Bestela, nik ere hemen dugun ERDARAZ idatzi beharko nuke, alde honetan berori baita literario den hizkuntza bakarra.

Bilbo

Jai Nagusiak

Joan dira gure Jai Nagusiak. Kalean ez da jai usainik sentitu. Aurten moteltasun record bat lortu dute. Bilboko jaiak beherantz doaz. Hau argi dago, edozeinek ikusteko moduan. Zergatik?

Herri txiki eta auzoetako jaiak, bertako gazte eta elkarteek antolatzen dituzten bitartean, Bilbokoak, mahai baten atzean dauden burokrata batzuek planeatzen dituzte. Horregatik, haiek «saltsa» dute, eta hauek ez.

Begoñako elizan

Aurten, Begoñako Amaren jai inguruan, euskal kutsu handiagoa ikusi dugu: bederatziurrena eta mezak euskaraz.

Segundo Olaeta

Segundo Olaeta hil da.

Gernikarra jaiotzez, Bilbon bizi zen.

Inor, bere lanagatik, etxekoentzat beharrezkoa bada, nekez betetzen den hutsunea uzten du hilez gerokoan.

Baina lan hori ez bakarrik egilearen familiari, baizik eta inguruari lotua izan bada, orduan inguru horrek ere sentitzen du hutsunea.

Segundo Olaeta hil da. Ballet arloan, arteari eskaini zion bere bizitzea. Euskal Herria kulturaz aberastu zuen, maisu eta sortzaile bezala.

Orain, harek utzitako hutsune hori betetzeko, harek sortutako eskolako ikasleetan dugu itxaropena, eta bereziki* haren seme-alabetan.

Maisuaren lanari jarraituz ohoratuko dute haren izena eta aberastuko dute Euskal Herria.

XABIER GEREÑO

Busturia

Herriko jaiak

Askok ez dute ezagutzen herri hau. Beraz, hiru lau gauza esango ditugu herriaz.

Herri hau Gernika eta Bermeo bitartean dago, eta bost auzo ditu: Axpe, San Bartolome, San Kristobal, Altamira eta Parisi.

1.677 bizilagunek osotzen dugu herria.

Aurten, lau auzoetan, jai ederrak eta mota guztietakoak antolatu ditugu. Irailaren 26an, Altamira auzoko jaia ospatuko dugu, eta jai hau Bizkaia eta Euskal Herriari begira nahi dugu eratu. Beraz, jai haundi eta nabarmen bat antolatu beharko dugu, eta gauza hauk izango dira:

Goizean, eguerdiko hamabietan, «Erregelak» izeneko dantzen (aurresku eta atzesku) lehenengo lehiaketa, Durango aldeko aldakuntza bereziekin. Gazteek antolatuta eta Euskal Dantzarien Biltzarrak zuzenduta egongo dira. Sariak onak izango dira.

Egin suskrizioak, 23a baino lehenago, zuzenbide honetara: Rafael Hormaetxea, Altamira (Busturia), tel. 251.

Arratsaldean, Albokarien txapelketa haundi bat. Sariak onak izango dira. Esate baterako, lehenengoak zortzi mila pezeta eukiko ditu eta «Lehen Urratsak» (Euskaldunen alfabetatzea) liburu bat. Hurrengoek zerbait gutiago eukiko dute.

Suskrizioak, zuzenbide berdinera.

Eta ondoren, kantariak: Jon Enbeita, «Oskorri» eta Estitxu.

Presentadorea Balentin Enbeita izango da.

Uste dugu, jai eder honek merezi duela, egun osoa iragotzera etortzea. Jende guztia onartua izango da gure baztertxoan.

BUSTURIKO KULTUR TALDEA


Sortzailearen agindua

Joan diren urte batzuen barruan, euskal ekintzaileek asko xamar ikasi dutena da, gizartearen barruan ba dela klaseen burruka delako bat. Ideia horrekin aditzera eman nahi da, ba direla, funtsean, giza talde bi, gizarte osoaren barruan, nahi eta nahi ez elkar burrukatzen dutenak. Talde batekoak «jabeak» dira, «daukatenak» dira. Eta beste taldekoak «ezjabeak», «ez daukatenak».

Daukatenek jendearen gizalana erosten dute, edo eta jendearen lana ordaintzen. Ez daukatenek, berriz, beren lana saltzen dute, eta lanaren ordain-sariz aloger bat, jornal bat irabazten. Orduan, daukatenek, lanaren trukez, zenbat eta guttiago ordaindu, hainbat eta gehiago irabazten dute berentzat. Alderantziz*, beste taldekoek, beren lanaren truke hartzen duten alogera handitu, gehitu, nahi dute. Honegatik, talde bion elkar burrukatzea nahi eta nahiezkoa da, berezkoa, talde bezala. Hala ere, jakina denez, daukatenen taldea da, gaur egun, alde guztietarik, ez daukatenak menperatzen dituena.

Baina, guzti hori funtsezko gauza bat izan arren, talde bi hoik ez dira gizartearen barnean, aurrez aurre, bakar bakarrean, aurkitzen. Bitartean, era berean, beste mila indar «erdiko» daude. Kasurako, apaizak, edo, zabalago esateko, Eliza.

Euskal Herri osoan, eta zer esanik ere ez Espainia aldean, Elizak ba du bitartekotasun indartsu bat, elkar burrukatzen duten talde bi hoien baitan. Elizaren zeregina, berez, haren sortzaile Kristoren Aginduari bagagozkio, «gizona salbatzea» da. Dena dela, eta praktikan beti gertatu izan da horrela, «gizonaren salbatze» hori era askotara ulertu izan da beti. Batzuetan batzuen onerako gertatu izan den bezala, besteetan besteen alderako gertatu izan da. Bestalde, Eliza mundu zabalean erreinu handi baten gisa zabaldurik dagoenez gero, gizarteko arriskualdi handi guztietan, azken batean, bere burua defenditzera abiatzen da, azkar.

Bizi garen Estadu honen barruan, Elizak ba du bere izaera eta bizitza bat. Estadu honen barruan, jakina, elkar burrukatzen duten bi giza talde hauk beste mila indarren erdian ari dira. Hoietariko indar bat Elizarena da. Gure ustez, gainera, Elizaren indarra izango da handienetariko bat burruka zabal horretan. Elizak, Erromari loturik mundu zabal osoan bananduta dagoen Elkarte baten itzala ukanez gainera, Estaduaren erdian biltzen da, eskualde eta probintzietan bere buruak ditu, kolejioak, aldizkariak..., eta herrixkarik tipienean ere apaiz bat, herriko gizonik errespetagarriena dena. Ez dago beste elkarterik, hain indar haundi duenik. Beraz, euskal ekintzalari batek, nahiz sinesteduna izan nahiz sinesgabea, Elizaren izatea kontutan eduki beharko du, zeren* eta haren jokabideak ibilpide berezi bat eman baitiezakeo gizarte osoaren burrukari.

Elizak, azkenez, nola ulertu du, gaur eta hemen, bere Sortzailearen Agindua?

A. Z.


Europa Batua (II)

Lehenengo artikuluan adierazi genuen bezala, Europaren batasun bidetan ez dute estatuek bakarrik hartu parte. Estatuek egin duten elkargoak* haina* indar —edo agian* gehiago— du, trusten elkargoek, talde finanziero haundiek elkarrekin egindako planek sortu duten azpiko ekonomi «sareak».

Sare hauek maiz* estatu bakoitzak kontrola dezakeen baino hedadura* handiagoa dute, batez ere konsumo haundiko industrietan eta oinarrizko industrietan; eta, gainera, hementxe dira indartsuen amerikatarren kapitalak.

Europako Ekonomi Elkartea, hein* handi batetan, monopolioen indartzearen ondorio bat da. Indartze honek beharrezkoa zuen E.E.E.a. Teknologiaren aurrerapenarentzat eta honek eskatzen zituen kapitalentzat, soineko hestuegia baitzen estatu bakoitzaren barreneko merkatua. Elkarte hau gabe, estatuen mugapean, oligopolioek ez zituzten, teknologiak eskaintzen zizkien posibilitateak probetxatu ahal izanen. Batez ere, Servan Schreiber-ek amerikatarren desafioa deitu zuenaren aurka ahulegiak* gelditu ziren, amerikatarren kapitalentzat ez baitzegoen mugarik Europan. Inperialismo batek beste baten aurka burruka egiteko tresna bezala sortu da E.E.E.a.

Nazio bakoitzeko monopolioak, atzerriko monopolioen beldurrez, urrats* hau eman beharra zedukan. Hori zela eta egin zituzten beren elkargoak Fiat-ek eta N.S.U.k, Renault-ek eta Alfa Romeo-k, eta abar.

Honek enpresa xipien gainbehera ekarri du, edo eta amerikatarren eskutan ipini beharra. Burjesia xipia era honetan besteren mende* geratu da, eta nola edo hala langile klasearen interesetara hurbildu*.

Honek, zalantzarik* gabe, alderdi onak izan ditzake langileriaren burrukarentzat.

A. SAGARNA

dezake, daike

ditzake, daikez

zedukan, eukan, zeukan

zizkien, eutsezan


Eliza

Beste elizkeria itsusi bat

1971. Abuztuak 22. Izadiak aurten eman daukun arratsalderik ederrenetako bat.

Bizkaiko Txori Herri aldean, kanpaitxo batzuk entzun genituen dilin dalan.

Deriotik Mungira doan bidean, Artebakarra deritzan auzunea topatu genuen. Hango menditxo baten gainean ari ziren kanpaiak.

Bertara ginen.

Komentu berri bat zegoen han zabal zabalik. Santa Klara izenekoa. Orain arte Bilboko Begoña aldean bizi ziren Klaratarrak, Artebakarrara aldatu dira. Eta beren bizileku berria hantxe antolatu dute. Bai ederra, bai polita eta txukuna! Baina ate nagusian agertzen diren letrak, kanpo herriko hizkuntzan eginda ikusi ditugu. Hasi gara zerbait sufritzen.

Arratsalde bertan bedeinkatuko zuen komentua gure Obispo jaunak. Eta horretarako Meza bat egingo zuen, bertan jaso* den elizatxo ikusgarrian, beste elizgizon batzuekin batera.

Jende askotxo topatu genuen komentu berriaren inguruan. Han zebiltzan, berton biziko ziren monjak ere.

Jendarte hartan euskara egiten zen batez ere. Jakina! Monja hoietarik gehienak euskaldunak dira. Bakoitza bere senidez inguratuta zebilan. Euskaraz egingo ez zuten, bada?

Inguruko baserrietako jende batzuk ere, jaia ikustera etorriak ziren. Euskaldunak hoik* ere. Han bildu ziren apaiz eta fraileak ere denak euskaldunak ziren.

Hasi zen elizkizuna, Bilboko Obispo jauna buru eta zuzendari zela. Eta... harri* zaitezte! Hasieratik azkenengo puntaraino ez zen berbaño bat ere euskaraz egin. Otoitzak erdaraz, irakurraldiak erdaraz, hitzaldia erdaraz eta kantuak erdaraz! Ez, txarto esan dut: zoritxarreko euskara horrekin «kunplitu» egin behar zen (betiko irtenbide nazkagarria!); eta gure Obispo jaunak ofertorio sasoian «Agur Jesusen Ama» (liturgi legeak apurtzerainoko bihotz zabaltasunarekin) eta jaunartzerakoan «Ogi Zerutik» kantarazi zituen.

Han zeuden gure amonatxoak, gure zenbait* baserritako gizaseme eta aitonak. Baina hoik* ez ziren inor. Eta euskara gura dugunok ere ez gara inor.

Herri Otoitza egin behar, eta hori ere erdaraz.

Amonatxoen ezpainak geldi ikusten nituen.

Behin eta berriro ene bihotzak negar egin zuen. Inguruko Euskal Herria ez zen inor.

Gure Obispo jaunak, Afrika aldean ibili denean, hango bertako jende xehearen herri hizkuntzan jardun zuela esan zeukun berak «El Correo Español» periodikotik. Artebakarran bildu ginenok ez genuen horrenbeste merezi.

Euskal Herria maite duen neskatillarik joan ote liteke, euskara ofizialki guztiz baztertu duten monja hoietara?

Vatikano II.ak, herriak eta herri guztiak maitatzea Elizari erakutsi eta agindu baldin badio, nola hemen berton ikusten dugu halako herri zapalkuntzarik?

Halako «elizkeriak» ikusten ditugun bitartean, euskaldunen «eliztasuna» goitik behera baldin badoa..., ez harri* gero!

Eta Artebakarrako komentu berriaren lehenengo elizkizuna, gauzak herri aldetik begiratzean, «elizkeria» itsusi bat izan zen.

Penaren penaz aitortzen dugu.

Eta inoiz, Derion berton, beste leku eta elizkizun batean entzundako abesti bat datorkit bihotzera:

 Barkatu, barkatu! Herria ez dut maitatu!

A. A.

dauku, deusku, digu

dio, deutso

zeuden, egozen

zeukun, euskun, zigun


Euskaldungoa

Xabierreko gaztelua

Jakina den bezala, Xabierreko gaztelua Nafarroa eta Zaragozako mugan dago, Sangotza ondoan. Xabierreko gazteluak Pirinioko bideak zaintzen zituen, Saraitzu* eta Erronkari izeneko haranen* ateak gordetzen zituelarik. Xabierreko gaztelua, beraz, Nafarroako erregearen defentsa lekurik hoberenetariko bat gertatzen zen, Cisneros Kardinalaren menpean jausi* arte. Historia hau, jakina, askoz ere luzeagoa da. Baina, orain, goazen harira.

Xabierreko gaztelua jesuiten eskuetan dago. Eliza handi bat eta kolejio zabal bat jaso dituzte, berriztatu gazteluaren alboan. Bestalde, «Luz y Sonido» izeneko ikusgarri bat muntatu dute. «Luz y Sonido» honen esannahirik behinena* hauxe da: «Birrindutako gazteluaren hondarretatik, ohore eta aintza sortu izan zela: Xabierreko Frantzisko Santua». Erdaldunek erdaraz egindako «Luz y Sonido» hori entzuteko eta ikusteko erarik eta eroapenik* izaten baduzu, zera sar arazi nahi izango dautzue, Nafarroako erreinua Gaztelakoaren menpean erortzea* Jainkoaren grazia bat dela. Eta ipuin horrek grazia guti dauka, zoritxarrez.

Anaien artean

Euskaldun anaia asko, beren gogoaz kontra, herbesteturik bizi dira. Haietariko askoren guraria* Euskal Iparraldean gelditzea izaten da. Baina askok, kasikan gehienek, Paris aldera edo joan behar izaten dute, bai ikasketak egin ahal izateko, bai bizi ahal izateko, bereziki*. Izan ere, Euskal Iparraldean gaitz da bizimodu patxadazko bat aurkitzea. Eta, inoren diru laguntzarik ez dutelarik, hona edo hara higitu* beharra derrigorrezkoa dute. Abertzaleen artean dirua biltzen da herbesteratuentzat; baina ez da guztientzako haina*, edo, gutienez, ez da guztiengana heltzen.

Bilbo maiteago

Ipar Euskal Herria jardin loratsu bat da: berdea, zuria eta gorria. Bilbo industriatsua, ostera*, lantegi zikin bat. Baina guk Bilbo maiteago dugu, gorriago, zuriago eta berdeago delako.

Herbestean

Askok jakin ez arren, euskal jende asko dira herbestean, beren gogoaz kontra. Modu latzean irabazten dute beren eguneroko ogia; zenbaitzuk ikasten ari dira, nahiz ikastetxeetan, nahiz beren kontura. Jende errespetagarriak dira, baina ez jarraigarriak. Jarraigarriak, herri barruan lan egiten dutenak dira.

Tontoak zirela uste genuen

Gure maisu askoren jokaera tematsua zen, euskaldungoaren arerioak* tontoak zirela erakastea. Baina gertatzen zen, euskaldungoaren arerioak oso listoak zirela, gauzak egiten jakin dutela, aurrerakuntza jorratu dutela... Tiro asko botatzen erakatsi zaiku, baina ez punteriarik frogatzen*. Zergatik?

TXIKITO


Emakumearen desfeminizazio baterako (3)

"Mulier Faber" edo emakumea langile

Biologikerietan

Emakumea, emakume denetik, beti izan da langile. Hala ere, «emakumearen lanak», «gizonezkoaren lanari» kontrajartzen zaion sentiduan, historia bat ba du. Zatiketa bat egon da gizonezkoaren eta emakumezkoaren lanen artean. «Lehenengo lan zatiketa, gizonezko eta emakumezkoaren artean, haurren prokreaziorako gertatu zen hura da».

Harrezkeroz, hasiera batean emakumeari bere amatasunak ehizarako* edo beste zenbait* lanetarako eragozpenak jartzen zizkiolako, edo indar lanetan gizonezkoa trebeagoa zelako, lehenengo zatiketa horren gainetik beste zatiketa gehiago joan da sortuz. Geroztiko zatiketok lehenengo haren «ondorio natural» bezala aurkezten* dauzkigu zenbaitek; eta, horrela, egungo* eta historian zeharko lan zatiketak sagaratzen* duen gizonezkoaren emakumearenganako zapalkuntza, biologian oinarri duen gizonezkoaren nagusigoaren agerpen bezala azaldu nahi zaiku.

«Biologiak» sexo bakoitzari ezarri dion eginkizun honetatik ez da, ordea, gero historian desarroilatzen ikusiko dugun bezalako sexo baten bestearenganako nagusigorik jalgitzen*. Historiaren une batean —ezen ez hasieran bertan— emakumearen biologiari egotzi* zaion gutiagotasuna ez da biologiatik deduzitua izan; aitzitik*, gizonezkoak lortu duen nagusigo historikoaren justifikatzeko, emakumearen biologiaz egin diren razionalizazio batzuen ondorio izan da.

Biologiaren eta izadiaren mugetatik ihes egiteko, ordea, beharrezko izan da, beroien gaineko nagusigoa lortzea*. Gaur emakumeak bere biologia eta izadia gainditzen baditu edo gaindi baditzake, industrializazio eta teknifikazioaren bidez izadiaren gain lortu den nagusigoari esker da. Lehen ere, historiaren memento guztietan, izan dira, ezarritako mugetatik ihes egiten saiatzen ziren eta lortu ere egiten zuten emakumeak: sorginak, prostitutak, eta abar. Baina gaur bakarrik, eta kapitalismoak ezarri dituen aurrekondizioei esker, du emakumeak emakumediaren —ez ja emakume partikularren— egoera jenerala aldatzeko posibilitatea. Zertxobait «laxatu» ditu kapitalismoak emakumearen izadi eta biologiarekiko loturak, besterik gerta ezin zitekeelako edo; baina lehen baino lotura sozial haundiagoen, nahiz eta sutilagoen, barnean biltzen du emakumea. Honela, errentabilitate handiagoaren irizpideaz* gidatzen den politika ekonomikoak emakumearen liberazioa bide irrazionaletatik barna darama: Eszilaren atekatik* Karibdisenera.

Gerra eta emakumeen lana

Emakumeak beti egin du lan. Haren lanaren berritasuna ez datza* lan egitean bertan, beraz; lana besterentzat eta kontratu baten bidez egitean baizik. Honela, nekazaritzakoak ez diren lan produktiboetara emakumea sartzea, fenomeno berri bezala har daiteke.

Gauza ezaguna da, gerrak emakumearen lanarentzat eduki izan duen inportantzia. Gizonezkoak frentera doazen bitartean, emakumeak haien lantokian gelditzen dira. Hau dela eta, lanaz* den bezainbatean, emakumeek —lan gabe dauden guztiek bezala— «probetxu ongarria» ateratzen dute gerratik: ordurarte bizi ez zituzten esperientziak bizitzeko oportunitatea izaten dute, halamoduzko ekonomi independentzia bat ere lortuko dute, eta honek transformatu egingo ditu, gudutik itzultzen den gizonezkoaren begietara ezezagun bihurtzeraino transformatu ere.

Ez genuke honekin, emakumeak lanean beren aisiara* aurkitzen direnik esan nahi. Egiten dituzten eskabide eta erreklamazio guztiei, «gerran gaude» errepostatzen zaie. Honi, etxeratzean etxean egin behar duen lana, alimenturik eza eta abar erasten* badiogu, konprenitu ahalko dugu, senarraren itzuleran lantokia uztea zergatik zaion «liberazio» emakumeari. Dena den, eta bere «eginkizun naturalera» itzularazi nahi duten mila presioren pean, gerran traumatizatutako gudariaren atsedengune bihurtzen da.

Honelatsu gertatu zen lehenengo gerra mundialaren ondoren. Begi txarrez ikusi zuten itzuleran gizonezkoek emakumeen inbasio hura; eta begi okerragoz oraindik, emakumeek lanean, beraiek gerra aurrean jasotzen* zuten baino lansari tipiagoagatik jardutea*. Gauzak beren hildora* ekarri behar ziren eta ekarri egin ziren: 1920-1921.ezkeroz, emakumeen aportazioa gutitu egiten da eta gerra aurrean bezala gelditzen.

Irakurlea konturatuko denez, Sartaldeaz* ari gara hemen, eta arazoari azal xamarretik heldu diogu. Beste egun baterako uzten dugu emakume langileriaren gatazkaren* berri ematea. Aski* bekigu gaurkoz, garai hontarako ja URSSen gauzak beste era batera zeudela esatearekin. Iraultzan*, 1917. urtean agintea eskuratu zuen iraultzan, parte handia hartu zuten emakumeek. Agintea eskuratu eta berehala eman ziren, emakumeari zegozkion lan arauak: 8 orduko lansaioak, gaulanik ez, amatasunaren subsidioa (8 aste aurretik hasita, 8 aste ondorenerarteko oporrak). 1918. urtean lansari araudia ematen da: kalitatean eta kantitatean lan berdina egiten duen emakumearen lansaria, gizonezkoarena hainbatekoa izanen da.

Krisialdia eta emakumeen lana

Iritzi zaharra da, emakumearen lanak gizonezkoari kaltegarri zaion konpetentzia egiten duela, lansariak eraisten* dituela, eta, bide beretik, langabezia ugaltzen duela; industrializazioarekin gertatu zen nekazari eta artisano ekonomiaren gainazpiratzea bezain zaharra dela esan liteke. Makina bakoitzak hamar gizonen lana egiten du, eta gizon hauek beste leku batean hamar emakumeren lekua hartuko dute. Mixeria gorrian gertatuko dira emakumeak; eta, askotan, gaitzaren sustraia aztertu eta burrukatu beharrean, lanetik botatako gizonezkoaren lantokia harrapatzeko prest daude, lansari tipiago bategatik. Honela, erreserbako eskulan direnez eta lansari tipiagoagatik lan egiten dutenez, opor-hausle* eta eskirol gertatzen dira askotan emakumeak.

1929.eko Krisi aurrez, asko ugaritu ziren emakume enplegatuak; emakume «langileak», bigarren sektorekoak, ez hainbeste. Gizonezkoak, bestalde, langile bezala gehiago ugaldu ziren, enplegatu bezala baino. Krisiak bulegoak* baino azkarrago eta gogorrago ikutu zituen industriak; eta honek, emakumeak Krisiaren «entxufatuak» ote zireneko inpresioa sortarazi zuen gizonezkoen artean. Gauzak gertu zeuden, beraz, emakumeen enpleguaren aurka ekiteko. Honela, Krisiaren soluziobide bezala, emakumeak desokupatzea jarriko da. Baina, enpresalarien interesak beste bide batetik zihoazen; eta, emakumearen lan indarra gizonezkoarena baino merkeago ikustean, gizonezkoaren lana emakumearen lan bihurtuko dute, indarra baino mugimendua gehiago eskatzen duen mekanizazioari esker. Hala ere, proporzionalki, emakumeak gizonezkoak bezainbat ikutu zituen krisiak. Eta, ikutuak izan zirenean, gizonezkoak baino gogorkiago izan ziren ikutuak, haiei bezain regularki ez baitzitzaien lagundu.

Bigarren gerra nagusian, gizonezkoen paroa izkutatzean, gerra ekonomia soluzionatzeko, erreserbako eskulan den emakumezkoen enplegua ugaritzea «erabakitzen da». USAn, 1941.eko martxoan, 10.880.000 emakume dira lan dagitenak. 1944.eko abuztuan, 18.030.000, hots*, 16 milioi baino gehiago nekazaritzakoak ez diren lanbideetan eta bi milioi nekazaritzan. 1944.eko abenduan, langileria osoaren % 34 osatzen zuten emakumeek Ipar Amerikan.

Gudua amaitzean, USAko emakume langileak ez ziren uste zen hainbateko neurrian etxeratu; XIX. mendearen* hasieratik egon zirenaren oso gainetik ikusiko ditugu orain, eta Europako tasetara* hurbiltzen. Mitologia asko egin da Estatu Batuetako emakumearen askatasun-berjabetasun harrigarriari buruz Atlantikoaren alde honetako zenbait* sektoretan batez ere; hala ere, bigarren gudu nagusi aurreko USAko emakumea etxekoandre bat zen, Sartaldeko* beste zenbait erresumatako* emakumeak baino areago*; Europa Sartaldekoak baino emakume langileen porzentaje bajuagoa zedukaten Amerikanoek. Gudu nagusiaren ondorenez eta 1950.ezkeroztik, emakume langileen ehunekoa (porzentajea) goraka doa, eta joango da agian*, beste rezesio bat gerta dadin arte. Orduan, berriro ere, emakumeak izanen dirateke*, rezesioak jasaiten* lehenak.

JON ETA KLAUDIO

bekigu, bedi guretzat

darama, daroa

daude, dagoz

dauzkigu, deuskuz, dizkigu

dio, deutso

diogu, deutsagu

ditzake, daikez

zaie, jake

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zedukaten, euken, zeukaten

zeuden, egozen

zihoazen, joiazen

zitzaien, jaken

zizkion, eutsozan


Nork dio gezurra?

Euskal Herri guztian gehienok dakigunez, Arba (Arbazegi herriaren laburkuntza desitxuroso hau) Vicente Talón Ortiz eskritore europear gaztearen euskararen gainean ergelkeriak esateko erabiltzen duen goitizena* da. Joan den Abuztuaren amaian zenbait artikuluxka argitaratu du, hoien artean gure adiskide zahar den Norbert Tauer txeko euskaltzalearekin entrebista bat. Talón-ek euskararen esistentziaren berririk eduki baino lehen, ba genedukan guk Tauer-ekin har-emana. Beraz, ez dauku gurutze zeltikoaren eramale horrek ezer berririk ekarri ezagutzara. Baina bai harri eta lur utzi gaituen irain* bat, Norbert Tauer-en kontrako irain itsusi eta nardagarri bat. Zeren* beti iruditu baitzaiku, txeko idazlearekin urte askotako adiskidetasun luzean, hura* prestutasunaren espillu bat dela, denbora zaharretan esaten bezala zalduntasunaren eredu bat. Eta orain honela diosku Talón-ek, edo aditzera ematen dauku behintzat, behin Tauer-ek egin zuen zina* (Euskaltzaindiak Arantzatzun hartutako erabakiak beteko zituela; ikus Batasunaren Kutxa, bertan agertzen baita zinaren sinatzaileen* artean) desegoki eta itsusiro apurtzen duela.

Orrialde hauetatik atera nahi dut gure urrutiko lagunaren aldetan, Talón-ek «El Correo Español»eko erdal orrialdeetatik dioskuna edo aditzera ematen daukuna, ez dugula sinesten.

Asunto honetan maliobra itsusi bat ikusten dugu. Denok baitakigu euskararen etsaiak zein diren. Bilbaoko erdal aldizkari batetan erregalo zaratatsu hura* jarri zuen euskaldun estremistak ba zuen aieroren* bat.

Argi eta garbi dago ba doakigula euskara, baina argiago eta garbiago zergatik joaten zaikun. Eta argien eta garbien dagoena hauxe da: euskaldunok joan dakigula ez dugula nahi. Horregatik oraingo dialektalizatze eta zatikuntza nazkagarri hau behin eta betiko desager eta akaba dadila. Hau da gure slogana, euskaldun kontzientziatu guztiek ederki konprenitu dutena: EUSKARA BAT, EUSKAL HERRI BAT; EUSKARA ASKO, EUSKAL HERRIRIK EZ.

Orain zorionez bi aldizkari dago bakarrik euskal lurrean euskararen batasuna gonbatitzen dutenik. Bata erdarazkoa da eta beste euskarazkoa (edo egiazko euskararekin irudiren bat duen hizkuntza bat erabiltzen duena). Eta ez da harritzekoa, prezezki* hoik* beroik izan daitezela besorik beso burruka anti-euskaldun horretan dirautenak. Zeren* bestearen zuzendariak hainbat urtetan hartu baitu batean eskola hori.

Jainkoak* ailiotsa, euskaldun estremistaren batek ez liezola besteari egun batetan batari egin zion erregalo zaratatsua!

ARESTIAR

dauku, deusku, digu

diosku, dinosku, esaten digu

genedukan, geunkan

liezola, leiola, lezaiola

zaiku, jaku, zaigu


Aurrekoetxeari eta Anatsani erantzunez

Zoritxarrik beltzena da, nik uste, idazleak liburu edo artikulu bat osatu eta argitara, eta oihartzunik* batere ez biltzea. Pozgarri izan zait, beraz, uztailaren* 15eko ANAITASUNAn Aurrekoetxearen eta Anatsanen izkribuak irakurtzea, nahiz kontrakoak eta zaharrak* izan. Eta, Aurrekoetxeak neure iritzia «sakonagotik frogatu* behar» nukeela irakurrita, lerro hauek prestatu ditut, ANAITASUNAn agertuko diren ustean.

Rikardo Arregi zenaren arabera esateko, ez nago «modan»; eta ba dakit. Baina, neure ahalmen eta maila apaletan, Egiaren bilaketa gidari izaten saiatu nahi nuke beti; eta ez, izkutuan irribarre bila ibilki, azkeneko joera txalotuari egokitu-nahia.

Gazteriak sozialismoarekiko eta justiziarekiko dakarren sua ohore bat da gazteria horren alde; eta enetzako pozgarria, eta etorkizunean sinesteko arrazoi funtsezkoa da. Nahiz batzuk, bide-bila gartsu horretan, nik zuzentzat ez ditudan teorietan barrena abiatu.

Aitor bat ere egingo dut, hain zuzen ere: bai Euskal Herrian bai Atzerrian justizia-egarri duen jendea, marxismoari lotua aurkitu dudala maiz* xamar; eta, alderantziz,* anti-marxismoan aurkitu dudan jendeak ez duela eskuarki* gizatasun haundirik erakusten, ez justizia-egarririk. Hau egia hutsa da. Zuzentasunaren egarria, gaur eta beti, nik uste, ezkerrean aurkitu ohi da; eta marxisten artean parte batez, gisa denez.

Baina, politika arazoak juzgatzerakoan, borondate prestua eta «sendimendu onak» kontutan hartzea ez da aski.* Eta ni oso bildur naiz, problema honi dagokionez, /gizonaren liberazioa eta zoriona = sozialismoa = marxismoa/ ekuazioa ez ote dugun errazkiegi zuzenesten.*

Anatsani erantzunez, ezin daiteke seriotan esan, horko «fede» berriaren kakoa «anarkismo faista» denik; ez Cohn Bendit, ez Bakunin eta ez Proudhon bait dira hor sakratuak. Marx bai, ordea. Euskal Herrian entzuten diren leloak, miresten diren aitorrak, egiaren bila ontzat hartzen diren liburuak, eta zabaltzen diren paperak, ez dira Proudhonen hildokoak*. Iritzi horiek azalduz, nekez pasako luke inork etsaminarik «Sciences-Po» delakoan... Marxismoa da gaur gazte askoren katramila* eta esperantza.

Hots*, jaiera* horretan justiziaren egarri finaren partea argi eta garbi onhartu ondoren, dena urre gorria ez dela sinetsia* nago, eta sozial-inperialistek ba dakikete* honetaz zerbait; Europaren arabera, Euskal Herrian berandu gertatzen ari bait da marxismo fededunaren fenomenua. Eta hau ez da normala, bitxi da oso. Ba dirudi, ene lagun jakintsu batek bezala esateko, «Euskal Herria Europan egon, eta ez duk Europa». Baina gai hau alde batera utziko dut; eta gaur, egiazki eta jakinaren gainean, marxismoaren balioa onhartzen duten horien ideiez mintzatuko naiz.

Sozialista garen guziok GIZONEN AUKERAREN BERDINTASUNA bilatzen badugu, gure helburua GIZONA da. Eta Anatsanek niri neure nahi sozialistaren fintasuna ukatzen badaut ere, eta alderantziz* ideiakide ezin itsusiagoak ezartzen; nik ez dut berdin jokatuko: eta ez dut zalantzan jarriko Anatsanen justizia-egarriaren fina. Sozialista guziok dakigu, ekonomiak baldintzen duela soziedadea; eta, gizona liberatzeko, gizona gizatartzeko, baldintzen eta mugatzen duten ekonomia eta politika jarri behar direla gizonaren zerbitzutan.

Helburutzat GIZONA dugu, beraz, Anatsanek eta nik biok. Gizona soziedadean sortzen da beti; eta hitzontzikeria* zaiku bioi gizona liberatu nahi izatea, bai, eta soziedadea bere horretan uztea. Sozialista guzion iritziz, aldakuntza funtsezkoak egin behar dira estrukturetan, eta kapitalismoa erauzi.* Hau aitortzeko, ez da marxista izan behar. Marx baino lehenago sortu zen sozialismoa, eta, Marx gainditu arte, ez da bere osotasunean eraikiko. Monod-ek gauza bera idatzi du berriki*.

Bidezkoa da, horretara, sozialista direnek SOZIEDADEAREN EKONOMI BALDINKETAK AZTERTZEA. Hauxe izan da Marxen zientzia-ekarpen nagusia. Eta puntu berezi horretan denok ginateke gaur hein* batez Marx-zale, egia esateko; Fisikan gaur denok Newton-zale, Planck-zale edo Einstein-zale garen bezala. Marxen zientzia-ekoizpena* sartua dago jakindurian eta Unibertsidadean. Eta inork ez du parte hori —kapitalismoaren kritika, batez beste— zalantzan* jartzen. Ez da beharrago, sozialista izateko, marxismo-aitorretan murgiltzea, fisikaria izateko Einstein-dar aitorrik oihukatzea* baino. Nik sozialistatzat daukat neure burua, baina ez naiz marxista; eta anarkistek, ezkertar kristauek eta bestek berdin esan dezakete. Zeren* eta, Marxen teorietan, besterik ere bait dago zientzia-ekarpenez gain: gizonari buruzko ideia faltsua, esate baterako.

Euskal Herrian entzuten diren elkarrizketetan, gizonaren izakera eta alienazioa klase burrukaren ondorio hutsa direla esan ohi da maiz.* Gizona ez dela, hortaz,* berez alienatua, baizik eta «lanaren banaketak» alienatu duela. «Klase-gizartearen zapalketak bortxatuta da gaiztoa gizona», dio Azurmendik, marxismoaren tesi ezagun hori bildu nahirik. Eta Marxengan hau irakurtzen da: «Ce communisme est la véritable solution de l'antagonisme entre l'homme et la nature, entre l'homme et l'homme, la vraie solution de la lutte entre l'origine et l'être, entre l'objet et le sujet, entre la liberté et la nécessité, entre l'individu et l'espèce». Horra hor parabisua hitzez hitz! Izan ere, horixe da marxismoaren mistikaren parte haundi bat. Eta horixe ere, esaten denaren ardatza.

Mitologia horri, oinharri duen ideia-hertsikeriari,* politika-hertsikeria datxeko* gero: partidu bakarra, zentralismoa, eskomikuak,* eta abar. Dena on, dena zuzentzeko abiaduran. Nik ez dut uste, Leninek Marx gaizki ulertu zuenik. Eta froga* ona dira Bakunin anarkistaren iragarpen harrigarriak, orain dela ehun urte salatuak. Zehazki azaldu zuen Bakuninek, Marxengandik letorkeela stalinismoa... 1865.ean! Eta Anatsanek, ministro horren eta nire artean «harreman bat bederen» aurkituz, salatzen dudan hertsikeria horren froga berri bat eskaintzen daut. Begiaren zorrotza! Marxen beraren hertsikeriari, horrela, jarraitzaileena ere erantsi behar izaten zaio...

Marxismoak gizonaren zoritxarra OSOKI konpondu uste izan du, ekonomi baldintzapenak aldatuz; eta kapitalismoaren erauketari Iraultza deitu dio, «I» nagusiaz, bertute guziak aldakuntza miresgarri horri ezarriz; eta hanarteko* iraultzak oro* bigarren mailakotzat jota. Alta,* azken urteotako kondairak argiro erakutsi duenez, kapitalismoa erauztea* EZ DA ASKI izan, gizartea aldatzeko eta gizona gizonago egiteko. Zergatik? Gizon «berri»rik ez da inon sortu. Fededun berriek diotenez, ordea, iraultza guzizko hori mito bat dela diogunok «erreformismo» nazkagarrian omen* gaude.

GIZONAREN ZERBITZUTAN egin behar da politika, ordea. Eta, honetarako, gizona ZER DEN xuxenik jakin behar da. Marxek ez zeken. Hobeki esateko: funtsean Rousseau-ren jarraitzaile izanik (alegia,* gizona ona da berez, baina klase banaketak egin du gaizto), Marxek gizonaren ideia faltsu bat barreiatu* du. Gizartea ekonomi estrukturek baldintzen dute, eta horien bidez gizonaren izaera. Baina gizona ez du ekonomi estrukturak soilik* baldintzen eta horretaratzen.

Freud-ek eta psikanalisiak frogatu* dutenez, askoz ere sakonago da inkontzientearen eragina gizonaren patuan,* ekonomi estrukturena baino. Gizona ez da Errusian aldatu, eta honen kakoa Freud-en erakaspena da. Gizonaren kakoa ez dela, sustraian, gizarte-jatorrikoa, psikologikoa baizik. Gizon desalienatuaren ideia, mito hutsa da. Fougeyrollas-ek liburu bikain bat argitara du berriki* gai honetaz. Areago* da mito huts, politikaren bidez alienazioak oro* osoki ezereztu nahi izatea, nahiz Marxek hori uste bazuen. Ekonomiaren mailako demokraziarik gabe gizona zapalduta dagoela gauza agiria da. Baina kapitalismoa ankaz gora bota ondoren ere zanpaketa gerta daitekeela, eta gertatu ere dela, ez da ilunago. Zergatik?

On lukete Aurrekoetxeak eta Anatsanek Freud-en «Malaise dans le Civilisation» liburu bikaina irakurtzea. Garaitzapeneko urteetan idatzia, eta lan-ordu askoren frutu, Zibilizazioaren gaitzei buruz azterketa zorrotz bat egin zuen; eta ezin zehatzagoak dira marxismoaz idatzi zituen lerroak (ikus, batez ere, 66-69 orrialdeak). Freud-en ustez, «aggressivité» delakoa, oldarkoikeria edo zanpatu-nahia esan dezagun, guztiz joera sakona da gizonarengan; sorkurazkoa,* eta ez gizartezkoa. Hauzoa zapaltzeko joera diruaren bidez obratzea debekaturik ere, ez da hori soilik* zuzentasun-bahitura bat, «car l'agressivité n'a pas été créée par la propriété». Eta marxismoari buruzko iritzia borobilduz: «(leur) postulat psychologique... est une illusion sans consistance aucune».

Hamar urte lehenago, eta arras* Freud-engandik urruti azterpidearen aldetik, lerro hauek idatzi zituen Bertrand Russell-ek: «Les marxistes ne reconnaissent jamais assez que l'amour du povoir est un aussi puissant mobile, une aussi grande source d'iniquité que l'amour de l'argent, ce qui semble frappant si l'on étudie sans parti pris la politique».

Marxismo-leninismoaren errekaratzearen kakoa ez da, hortaz,* «errebisionismoa»; marxismoak «stalinismoa» txiripaz* eman ez duen bezala. Marxismoaren ideia nagusien XINPLEAN dautza* fenomenu horiek.

Baina Marxek ba zekien, gizonak absolutu-egarria duela; eta, bere filosofiari absolutu-kutsua txertatuz,* etorkizun haundiago eman zion, zientzia gisa aurkeztu* balu baino. Alde honetatik, beraz, marxismoaren arrakasta* eta kristau fedearen krisia, fenomenu BERBERAREN bi aurpegiak dira kristau tradizioaren herrietan (eta geronenean bereziki).

Tillon, Garaudy, Marcuse, Schaff, Fischer, Lefèvre, Markovic, Stojanovic, Lukács, Trotzky bera, eta beste mila marxistaren patu* hitsak* ikusita, hauxe da fanatiko ez den edonork ateratzen duen ezinbesteko ondorioa: MARXISMOA BERA dela okerkundeen eragilea eta iturria, eta ez «errebisionismoa» eta «stalinismoa».

Giltzarria,* ene ustez, Sartre-k eta bestek (eta gure Joxe Azurmendik bere liburu berrian bide beretik) azaldu dutenez, Marxek sujetotasunari buruz, ni-tasunari buruz, erakutsi duen axoiakabekeria edo teoria-ahulezia* da. Marxek ez zuen ikusi pertsona bakarraren trinkotasuna; eta ez zuen somatu, oso bereziki, psikanalisiak gero erakatsi duena. Marxek gizadiaren osotasuna aztertu zuen, pitin bat estadistikalari batek egingo zukeen bezala.

Henri Laborit biologilari apartak egokiro deklaratu du berriki:* «Cette société (marxiste) a envisagé uniquement l'homme comme une entité DANS UN ENVIRONNEMENT. Elle s'est efforcée d'aménager cet environnement en oubliant simplement de s'occuper de l'homme, en particulier de tenir compte de cet INSTINCT DE DOMINATION dont nous parlions plus haut. Alors la bureaucratie est apparue, autre moyen de dominer remplaçant la propriété privée des moyens de production... La société soviétique a cru que l'homme était un ange asexué, vous savez, avec une gerbe de blé sur l'épaule, tenant une fille par la main et volant vers le socialisme. Mais c'est faux: cet homme a des glandes génitales, une hypophyse, des glandes surrénales, et vit biologiquement».

Eta askoz ere lehenago (1920) idatzi zuen B. Russell filosofo sozialistak, psikanalisiaren erakaspenak hartu behar zirela gogotan; eta denek ezagutu behar luketen liburu argitsu batetan hau idatzi zuen: «Ene ustez, hona hemen Errusian gertatu dena: aristokrazia burokratiko bat nagusitu da arras* aginteaz, eta kapitalismoak sortu duen sistema hori bezain gogor eta doilor* gertatu den bat ekarriko du» (Théorie et Pratique du Bolchévisme, 135). Eta, kasu honi! Russell-ek Lenin, Trotzky eta gainerakoak buruz buru Errusian bertan ezagutu ondoren idatzi zuen hori 1920.ean! Urruti zegoen stalinismoa, eta erreboluzioa gazte zen txit:* bi urte t'erdi.

Ez nuke areago* luzatu nahi.

Baina gizona zeharo markatzen duen beste baldintzaile bat aurkitu du XX. mendeko* Zientziak, eta aipatu bederen* egin beharra dago: HIZKUNTZA. Hots,* honetaz ere Marxek ez zuen deusik* esan: ezta «bi orrialde osorik Marxen obra guzian», J. Azurmendik erakasten daukunez. Hizkuntzaren jakintza izan da, ordea, giza-jakinduriaren sailean gehienik bultzatu duen Zientzia-adarra, baita gizonaren azken funtsa argitzeko. Hutsune hau ezin larriago* da. Eta «aurrerapena»ren mitoak oso murriztu dituenez gero, zail da marxismoaren baikorkeriarekin ezkontarazten.

Nazioa eta hizkuntza, bigarrenekorik, elkarren hurbil diren neurrian, estrukturalismoak funtsatu du ongienik beharbada hizkuntzaren kakoa. Eta, hirugarrenik, kultura-errelatibismoak bide beretik jo du, eta gizadiaren multzutasuna BEREZKO ON bat dela erakatsi du, marxismoaren monismoa berriz ukatuz.

Hots, gaur estrukturalismoa eta errelatibismoa nagusitu dira antropologiaz; edo, bestela esateko, GIZONAREN jakintzaz.

Marxismoa horretara Freud-en eta Saussure-ren ideia-korronteetatik kanpo egonez, eta funtsean aurka den aldetik eta neurrian, nahiz kapitalismoaren kontrato burrukan argitzaile paregabe izan, ez du eman, eta EZIN EMAN DEZAKE, gizonaren zerbitzuko politikarik ez giza-liberazio egiazkorik. Errespetagarriago dira marxistak marxismoa baino. Etsitzen* hasiak diren marxistek berek (edota marxista ohiek*) gauza bera aitortzen dute, baina beste hitzez.

Marxismoa, beraz, ez dago krisian, gainditua baizik. Bere frutua emana du.

Azken ohar bat, bukatzeko. Bigarren «Peru Leartzako» bat idazteko eskatzen daut Anatsanek. Mila esker hainitz* ene literatura-dohainetan sinesteagatik. Bego nik agindurik! Baina itxaron egin beharko du apur batez, XIX. mendeko* mitologiaz liburu mardul bat burutu behar bait dut aurrenik.

LARRESORO

(1971-VIII-20)

dauku, deusku, digu

daut, deust, dit

dezagun, daigun

dezake, daike

gaude, gagoz

dio, deutso

dezakete, daikee

zaiku, jaku, zaigu

zait, jat

zion, eutson


Eritziak...

Zapatak noizean behin garbitu behar

Gizonak, oinak harrien kontra ez zaurtzeagatik*, zapatak jantzi ohi ditu. Eta zapatok, bidearen hautsak eta bida-ondoko lokatzak zikindu ohi dituzte. Orduan, gizon garbi-garbiek egunero garbitzen dituzte; hain garbi ez garenok, noizean behin garbitzen ditugu, aisia* apur bat dadukagunean edo gogoak hala ematen daukunean. Hala ere, ez zaio guzti honi inportantzia gehiegirik ematen, zapata-zikinketa eta -garbiketa honi. Ibili beharrak ardura* du, eta zapatarik ez zikintzeagatik ez da inor geldirik geratzen.

Letra-gizonoi (eta eskuarki* edozein plaza-gizoni), beste horrenbeste gertatzen zaiku komunzki. Eskribatu egin behar dugu, eta noizean behin, martxaren poderioz eta indarrez, zenbait* zikinketa kasual erortzen* zaiku gainera. Eta noizean behin, zapatak garbitzen diren axola-gabetasunarekin berarekin, gainetik mantxa eta zaplastadura hoik kentzen ere ba ditugu. Egun*, hori egitera noa. Eta ez dut uste horregatik ezpataz odolik isuriko denik; ez, urak Beotibarko zubi-petik jarioten iraunen du, hala eta guztiz ere.

Aipamenera ekarri nahi dut, beraz, Abuztu hilabeteren azken «Anaitasuna»n Ibon Sarasolaren «Euskal Literaturaren Historia» liburuari buruzko bi kritikatan niri egiten zaitan bi aipamen. Hauk dira:

1. Juan San Martinena

«Arestiren euskarak herririk ez duela esango nuke nik. Bere alde eta hobeto esateko, herri orotarik eta literatura zaharretik atera duen koine* antzeko batera hurbiltzen dela esango nuke.»

Juanitori hau galdetuko nioke:

«Herri» hitza perpausa horretan erabiltzen duenean, zer zentzutan erabiltzen du? Klaro eta garbi dagoelako hitz horrek zenbait* esan-nahi diferente ba duela. Eibarko herria baldin badiot, hiri bat aipatzen dut. Zubero-herria baldin badiot, aurkientza* bat dakart aiputara. Euskal-Herria hartzen badut ezpain-artean, etnia bati egiten dio aipamen. Kristau-herria baldin badiot, erlijio-kide batzuren komunitatea. Herria izaki abstrakto batetzat har ahal liteke. Adibidez: Politiko batek hautaera* batzutan kargu baterako ateratzen baldin bada, herriaren borondatea hala izan dela esanen dauku. Askorentzat, «herria» baino gauza bizi eta dinamikoagorik ez dago, baina «hil-herri» bat baino gauza hil eta estatikoagorik ez dago benetan. Dena dela, San Martinen perpausa, hitz-joko edo hitz-konfusio bat iruditzen zait. Zeren, baldin badio ene euskarak (denon euskarak) ez duela herririk, hau da, bere kanpadorrea eta alkate falanjista duen herririk, arrazoi du. Baina ez dut uste Sarasolak inoiz halakorik gogoan eduki duenik. Beste alde batetatik, San Martinek, nik dakidanez, hiru euskara-klase erabili ditu orain artean; bere poesiarako euskara purista eta konpreni-gaitz bat edozein herritatik guztiz urrun zegoena; gero Eibarko euskaraz baliatu zen bere «Eztenkadak» eta «Zirikadak» eskribatzeko (eibartar edo plaentxiatar ez ziren herritarrei odolezko izerdiak zerizkien* hartako xisteak eta xelebrekeriak nolabait entenitzeko); eta azken denbora-bolada honetan, Euskal-Herrian gehientasun batek enteni dezala nahi duen tenoreon*, berak «Arestiren euskara» deitzen duen eta nik «denon euskara» edo «euskara batua» deituko nukeen koine* horretaz baliatzen da.

2. Luis Haranburu-Altunarena

Hirugarren parteak (1964-1971) egungo* Euskal Literaturaren egoera aztertzen du. Nire aburuz, hirugarren parte honen hasierak 1960. urte mugan du bere hasiera (sic). Zeren*. Sarasola beraren azterketa-bide eta gisa beraz jarraituaz, 1960. urtean ausnar* daiteke euskal literaturaren jatorri berria. Arestiren «Harri eta Herri» ez baita liburu soil bat; aitzitik*, giro baten agerpide ere ba dugu. Eta denok dakigu giro hori zer nolatan, noiz eta non jaio zen.»

Haranburu-Altunari hau galdetuko nioke:

Ene «Harri eta Herri» zer giroren agerpide da? Iruditzen zaitanez, Haranburu-Altuna euskal letren batailetan berria da. Aurten arte ez nuen haren izenik entzun. Denbora hartako notizia lehen eskukorik ez duela baldin badiot, ez zait iruditzen bidegabe eginen diodanik. Epoka hartan euskal gaietan murgildurik geundenek argibide zehatzagorik eman ahal dezakegu. Eta enekin egonen dira oro* ados, epoka hartan ez zegoela giro «bat». Egun* bezala, zein bere aldetik genbiltzan. Bakarti sentitzen ginen guztiak, eta gainerakoen eritziak eta lanak mezprezatzen genituen. Guti gora-behera, gaur bezala.

Haranburu-Altunak nahi badu, beste egun batetan esplikatuko diot nola sortu zen «Harri eta Herri» (bere parte handia eduki zuen San Martinek haren publikazioan), zein bakartate handitan izan zen kontzebitua, nola argitaratu zen kasualitate bategatik, nola izan nintzen gonbatitua (Zeruko Argia aldizkariaren orri-aldeetatik, «bufoi», «ero» eta «blasfemo» deitu ninduten), eta nola azkenean «Harri eta Herri»ren kausaz ogibiderik gabe gelditu nintzen (Lurdes-ek kantatzen duen «Hire ahizpei esaien*, ttikia, zergatik etxean ez dagoen ogirik» hori, hartako frutu eta ondorio da).

«Harri eta Herri» liburu soil bat da, eta ez da ezeren agerpide. Ezeren agerpide izatekotan, ene espiritu-pobreziaren, ene koaiten* eta ene kobardekerien agerpide izanen litzateke. Bai, liburu soil bat, eta gainera, euskaraz eskribatu diren guztiak bezala, liburu pobre bat, liburu eskas bat, liburu xipi bat, liburu-karikatura bat.

ARESTIAR

dauku, deusku, digu

dezakegu, daikegu

dezala, daiala

nioke, neuskio

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zait, jat


Irakurleak idazle

Lotsagarria benetan

Mirande jaunaren eskutitza irakurri dut, eta haserrez bete naiz. Ni holandesa naiz, eta beti maite izango dut neure aberria. Baina euskaraz ikasten ari naiz, eta oso maite ditut euskaldunak. Hobe izango da, Mirande jaunari ANAITASUNArik ez bidaltzea.

Ez baita anaia bere hizkuntza maite ez duena. Haren «Mirande» deitura* ez zait oso euskaldun agertzen; eta, «fasciste» dela esanez, bere euskal kultura oso urruti jartzen du. Euskara oso ederra da, eta Europako hizkuntzarik zaharrena. Lotsagarria da hain hizkuntza bikaina arbuiatzea*.

G. KORNDÖRFFER (Holanda)

Mesede eta kalte

ANAITASUNAren 216. zenbakian agertu den Mirande jaunaren eskutitza, guztiz harrigarria izan da niretzat ere.

Jean Mirande, euskal idazle ospetsua denik ez nuen uste. Baina, irakurri gabe, ANAITASUNAren aleak paper ontzira botatzen dituela eta horrela iritzi batera heldu dela, oso harrigarria da benetan.

Jean Mirande bezalako irakurleak galduz gero, ANAITASUNAk asko irabaziko du.

Auzi hori alde batera utzita, esango nuke, Jon eta Klaudioren idazlanak, emakumearen egoera aipatuz, oso kaltegarriak direla ANAITASUNAren izen onarentzat.

S. LARREA (Galdakano)

Barre ala negar?

Orain dela bi hilabete inguru, ANAITASUNAren lehen orrialdean ipini zenuten zeredozer, «Junta de Cultura de Vizcaya» dela eta.

Ez ziren letra asko, baina aski* —larregi ez esatearren— argi eta garbi erakusteko, nolako astakeria den, horrelako «junta» batetan euskara ez dakiten gizonak aurkitzea. Ez nekien nik, berri hori irakurri ostean, zer egin: barre ala negar.

Ez dea* euskara Bizkaiko hizkuntza? Eta zelako* aurpegia behar ote du gizon batek, herri baten hizkuntza jakin barik*, herri horren kulturan zeredozer dela besteri esateko! Zer esango genuke, zera ikusiko bagenu, esate baterako, Urlia* eta Sandia*, inglesik jakin gabe, Oxford-eko Unibertsitatean doktore direla? Lagun bati hau esan nionean, ez dela berdin erantzun zeutan. Aspertu egin nintzen, hori entzutean. Zertarako jarrai?

Herri baten kulturak zerikusirik ote du hizkuntza «ofizialarekin»? Kultura, herria da. Eta berak dakar bere bizitzan kultura hori, nahiz eta idazten jakin ez. Eta ezin dezakegu kultura horretaz ezer jakin, herriaren hizkuntza ez badakigu.

Hemen gertatzen zaikuna, gauza oso xinplea da: diru, deitura* edo beste «laguntasunen bat» edukiz gero, erraza da «bombos mutuos» deritzan lagunkerian sartzea. Eta, lagunkeria horren karneta behin hartuz gero, edozer gauza garela esan genezake. Bai eta Bizkaiko kulturaren jabe edo zuzendari.

BERNARDO ARRIZABALAGA


Hizkuntza

Aditzaren batasunaz

Gramatikazko istiluak jende guztiarentzat den aldizkari batetara ekartzeak ez dirudi jadanik* gauza bidezkoa. Ordua dugu, noski*, euskararen inguruan idatzi gabe, euskaraz edozein beste gaiz idazteko; baina, zoritxarrez, gure hizkuntzaren batasuna osoa izan arte, euskara beraren kezka* ukanen dukegu*. «Zakur goseak hezurra amets», eta euskal idazleak euskara batua amets.

Mundu guztiak dakikeen* bezala, batasuna egiteko punturik printzipalena aditzarena da. Berau, gainera, martxan dabila, zorionean.

Euskaltzaindiak aditzaren batasunerako ihaz* izendatu zuen batzordeak*, aurten abuztuaren 3an, Baionan egin du bere lehen bilera. Bilera horretan, Mitxelena jauna buru zelarik, aita Lafitte, aita Akesolo, aita Altuna, aita Berriatua, aita Intxausti, Gabriel Aresti (bere alaben aita, berau ere) eta lerrook firmatzen ditudan hau egon ginen bilduta, Haritschelhar jaunaren konpainia ederrean. Txillardegik, bere lanak Lafitteren bidez helerazi bazeuzkigun ere, mundu guztiak pentsa ditzakeen arrazoiengatik ezin etorria ukan zuen.

Bilera horretan bertan, aditz laguntzaileen forma asko (denak ez, guztiak aztertzeko astirik ez zegoelako) ontzat eman eta Euskaltzaindiaren Batzarrari proposatzeko gelditu ziren. Oraindik espezialisten proposamendua besterik ez badira ere, ANAITASUNAren irakurle interesatuei hauxe esan diezakeegu, hots, ontzat emandako forma guztiak ANAITASUNAk aspaldidanik ofizialtzat harturikoak berak direla, hau da, «Batasunaren Kutxa»n eta aita Altunaren «Euskal Aditza»n komun direnak.

Honek ez du esan nahi, baina, aditzarena den moduko arazo inportante bat bihar etzi konponduko denik. Denbora beharko du, noski; baina, oraingoan, bidetik doan gauza bat dugu behintzat, eta ez, lehen jazo* bezala, arazo geldi eta puntu hil bat. Eguna datorren artean, hala ere, ez legoke gaizki, aditzaz zenbait kontsiderazio egitea. Aspalditxuon, inoiz ez bezala, Lapurdiko aditzarenganako abegi* on bat sortu da idazle askoren artean. Beronetaz, hain zuzen ere, mintzatu nahi nuke.

Bihotzetik eta zentzuz mintzatzeko, Lapurtar aditz klasikoa (Leizarraga, Axular, Oihenarte, Etxeberri biak...) denetarik zoragarriena eta aberatsena dela esan beharra dago, eta, bestalde, oraintsu arte batasun eta tradiziorik iraunkorrena eduki duena.

Europako bigarren gerrate ondoan, Baionako Eskualduna aldizkaria galdu eta haren lekuan Herria agertu zenean, Lapurtar klasikoaren tradizio distiratsu ederra «navarro-labourdin litteraire» delako euskalki* nahaspilatu, tradiziogabe eta eskasagoaren pean desagertu zen. Gure hizkuntza klasikoaren hondamendia hau kausatu zutenek, noski, historiaren aurrean erantzun beharra dukete egitada* honegatik.

Dena dela, beti egon dira gure artean Lapurtar klasikoaren aldeko boz adoretsu* batzuk: ez ditzagun ahatz* Federiko Krutwig, Iratzeder eta garai batez Luis Villasante jauna bera ere. Hala ere, giroa oso gertu ez zegoelako edo, guzti hauen bozak basamortu batetan gelditu ziren, batasun premia ez baitzen oraino ikusten.

Baina, batasunaren beharra azkenez mundu guztiak ikusi duenean, aditzaren arazoa berriki loratu da, ondorioz Lapurtar-Gipuzkera arteko eztabaida sorteraziz.

ANAITASUNA errebista hau lehen mementotik Lapurdiko aditz klasikoaren alde agertu zen (derautzut, derautazu...); baina ingurua aditz aberats honen abantailak* ikusteko prest egon ez, eta, aldiz*, haren zahar kutsua (?) dela kausa, behar baino gehiago gaitzesteko* gertu zegoela ikustean, konponbide bezala, Lapurtar modernoaren alde abiatu zen (dautzut, dautazu...), nafar, gipuzkoar eta bizkaitar gehienen antz haundia duena.

Baina, nork esan, orain ba dakusagu, gero eta gehiago direla —Gipuzkoan batez ere— berriz ere Lapurtar klasikoaren alde ari direnak (Txillardegi, X. Garmendia, Irigoien, Sarasola, Arze...); eta honetaz zerbait esan nahi nuke.

Lapurtar klasikoa hartzekotan —nik neuk pozik hartuko nuke behintzat—, uste dut ezin ditzakegula gipuzkeraren zenbait forma jator eta biziki usatu batzuk ahatz*, sistema aberatsago eta herritarrago eginen luketenak. Hau, ordea*, ez da inola ere laborategiko konponketa bat, baizik eta Axularrek berak nolabait erabiltzen zuen sistemaren osotzea.

Honela, hirugarren pertsona singular eta pluralen datiboetarako (praktikan deskripzioetan maiztasunik* haundiena duten formak berauk), erdarazko hubiera/hubiese bezala, forma bikoitzak onartu beharko lirateke: derauko/dio, derauzkio/dizkio, deraue/die, derauzkie/dizkie gisako formak bai presentean eta bai iraganean* ontzat hartuaz. Bikoiztasun bidezko honek idazleari aberastasun haundiago bat ekarriko lioke sinonimotan, derauko gisako formak deskripzioetarako eta dio taldekoak, ordea, hizketa biziagoetarako erabiltzeko era emanaz.

Beste gauza askotan bezala, agian* azkenean, eta honela nahi genuke, Krutwig euskaltzainak aspaldian Lapurtar klasikoaren alde egin zuen profezia hura beteko da. Ea bada!

XABIER KINTANA

dakusagu, ikusten dugu

diezakeegu, deiskioegu, dezaiekegu

ditzake, daikez

ditzakegu, daikeguz

lioke, leuskio

zeuzkigun, euskuzan, zizkigun


Deia

Ameriketan bizi diren euskaldunei

Arreta* handiz jarraitu izan diogu euskaldunok Israelgo Estaduaren sortzearen historiari; eta hau ez da harritzekoa, puntu askotan guretzat oso interesgarria zelako. Hauetariko bat hizkuntzarena da, eta gaur beroni lotuko natzaio.

Hainbeste urtetan arabeen menpean egoniko lurraldea, zeharo arabizatuta zegoen. Juduak, munduan zehar sakabanatuta. Hizkuntza, milaka batzuek besterik ez zuten ezagutzen. Ezerk ez zituen justifikatzen abertzale «zoro» batzuen ametsak.

Baina historia misterioz beterik dago. Nork igar* etorkizuna? Nork jakin, hain posibilitate txikiz baliatuz, amets zoroenak egia bihurtuko zirenik?

Eta utopia hutsa zena, gorpuztu egin zen: Israelgo Estadua sortu zen. Ez dugu hemen aztertuko nola gertatu zen: edo munduko gidarien bihotz onaren eraginez, edo judu abertzaleen burrukaren frutu hutsez, edo Bretainia Handiak eta Estadu Batuek arabeen indarrari muga eta kontrol bat jarri nahi izan zutelako. Zena zela, Israel Estadu bezala sortu zen.

Baina Estaduaren sortze horretan gauza bat dago ezin ukatuzkoa: mundu guztiko judu kolektibitateen abertzaletasuna eta lana. Eta hauxe da, hain zuzen, nik gaur zuoi, Ameriketan eta mundu osoan sakabanatuta bizi zareten euskaldunoi, begien aurrean ipini nahi dautzuedan exenplua.

Guk gaur hemen, Euskal Herrian, hizkuntzaren aldeko burruka gogor bat daramagu aurrera. Euskararen egoera larria gaur, hil edo bizikoa da. Israeldarrek mundu guztiko juduen laguntzaz lortu dute hizkuntzaren berpiztea. Guk euskararena lortzeko, zuen laguntzaren beharrean gaude.

Guk hemen hizkuntza batu dugu, ikastolak zabaldu, aldizkari eta liburuak egin. Baina gehiago behar da. Ikastola gehiago eta handiagoak behar ditugu, eta honek dirua eskatzen du.

Ameriketako euskaldunok! Amerika hemen duzuen euskaldun dirudunok! Jakin ezazue, euskara ez dela baserrian salbatuko, ikastoletan baizik. Beraz, lagun iezezue ikastolei. Bostehun ikaslerentzat behar ditugu ikastolak.

Gauza konkretu bat lortu nahi dugu zuengandik, eta horretarako zuen diru laguntza nora bidal esan nahi dautzuegu:

 Euskaltzaindia

 Ribera, 6

 BILBAO-5

Euskaltzaindia edo Euskal Akademia, euskararen arloan gure elkarterik prestijiatuena da. Eta, dirua bidaltzean, esan ikastolei laguntzeko dela.

Eta, amaitu baino lehen, ohar bat. Nik ez dakit zu nongoa zaren. Beharbada, Elizondokoa, Markinakoa, edo Motrikukoa. Nik ez dakit zenbat diru daukazun. Baina, zeure herria maite baduzu, jaso ezazu Elizondon, Markinan edo Motrikun, ikastola bat.

Daudela eskola nazionalak eta fraile eta monjen kolejioak, euskarari lepoa emanik. Guk, jaso ditzagun bostehun mila ikaslerentzat haina* ikastola.

«Ikastola hau Urliak* jaso zuen». Honelako oroitarriekin bete behar dugu Euskal Herria.

XABIER GEREÑO


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ABEGI, harrera, acogida, accueil.

ADORETSU, kartsu.

AFERA, asunto.

AGIAN, nonbait, beharbada, seguramente.

AHATZ, ahaztu, ahantzi (sujuntiboetan).

AHUL, makal.

AHULEZIA, makaltasun.

AIERO, sospecha, soupçon.

AISIA, ocio.

AISIARA, gustura.

AITZITIK, al contrario.

ALDERANTZIZ, al revés.

ALDIZ, ordea, ostera, en cambio.

ALEGIA, esto es, a saber.

ALOR, arlo.

ALTA, hala ere.

ARBUIATU, mezprezatu, despreciar.

ARDURA, axola.

ARE. oraindik.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARERIO, etsai, enemigo.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAS, guztiz.

ARRETA, atención, detenimiento.

ASKI, nahiko.

ATEKA, paso estrecho, situación difícil.

ATXIKI, eutsi.

AURKEZTU, presentatu.

AURKIENTZA, territorio.

AURRIZKI, prefijo.

AUSNAR, ausnartu, rumiar, ruminer (potentzialetan).

BAHITU, empeñar, mettre en gage.

BARIK, gabe.

BARREIATU, zabaldu, esparcir, divulgar.

BATEAN, a la vez, simultáneamente.

BATZORDE, comisión.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDATS, udaberri.

BEDEREN, gutienez.

BEHINEN, primario, principal.

BEREZIKI, batez ere.

BORDELES, habitante de Burdeos.

BULEGO, oficina.

DAKIKE, daki nonbait.

DAKIKETE, dakite nonbait.

DATXEKO, etxekitzen zaio, le está adherido, le sigue.

DATZA, dago, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DAUTZA, datzaz, se fundan. (Etzan aditzaren forma).

DEA, da + a. (Azken letra hau galdeetan ezartzen zaio aditzari).

DEITURA, abizen, apellido.

DEUS, ezer.

DIRATEKE, dira nonbait.

DOILOR, ruin, vil, despreciable.

DUKEGU, dugu nonbait.

EGITADA, egintza.

EGOTZI, atribuir, imputar.

EGUN, gaur.

EGUNGO, gaurko.

EHIZA, caza, chasse.

EKI, eguzki.

EKOIZPEN, ekarpen, frutu, producto.

ELKARGO, elkarte, batasun.

ERABATEKO, total.

ERAITSI, jaitsi erazi, hacer bajar.

ERANTSI, añadir, ajouter.

ERAUZI, arruinar, desquiciar, desalojar.

EREMU, extensión de una jurisdicción.

EROAPEN, pazientzia.

ERORI, jausi.

ERRESUMA, erreinu, estatu.

ESAIEN, esan egien, diles.

ESKOMIKU, excomunión.

ESKUALDE, comarca.

ESKUARKI, comunmente, generalmente.

ETSI, renunciar, estar de vuelta; desesperado, resignado.

EUSKALKI, dialecto vasco.

FROGA, prueba, demostración.

FROGATU, probar, demostrar.

GAITZETSI, ez onartu, desaprobar.

GATAZKA, burruka.

GILTZARRI, clave.

GOITIZEN, sobrenombre, seudónimo.

GURARI, nahi, desira.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HAINA, beste, bezainbat.

HAINITZ, asko.

HANARTEKO, bitarteko, denbora bereko.

HARAN, valle.

HARO, época, edad.

HARRI, harritu (inperatiboetan).

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTAERA, bozketa, elección.

HEDADURA, envergadura, extensión.

HEIN, grado, medida.

HERTSIKERIA, estrechez, étroitesse.

HIGITU, mugitu.

HILDO, surco, sillon.

HITS, triste.

HITZONTZIKERIA, charlatanería.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik paslbo).

HORTAZ, beraz, por consiguiente.

HOTS, a saber, esto es, es decir.

HURA, ha.

HURBILDU, hurreratu.

IGAR, igarri (aditz laguntzaile gabeko galdeetan).

IHAZ, igaz, jaz.

IRAGAN, (iragaiten, iragaten), igaro, pasatu.

IRAIL, setiembre.

IRAIN, injuria.

IRAULTZA, revolución.

IRIZPIDE, erizpide, criterio.

JADANIK, ya.

JAIERA, jaidura, joera.

JAINKOAK AILIOTSA, ojalá pluguiera a Dios.

JAITSI, bajar, descender.

JALGI, irten, urten, atera.

JARDUN, iharduki.

JASAN, (jasaiten, jasaten), jaso, soportar, sufrir.

JASO, eraiki, altxatu.

JAZO, gertatu.

JAUSI, erori.

JOMUGA, helburu.

KARRIKA, kale.

KATRAMILA, arazo, buruhauste, affaire absorbante.

KEZKA, grina, inquietud, preocupación.

KIROLA, deporte.

KOAITA, cuita, ansiedad.

KOINE, Greziako dialektoetarik sortutako hizkuntza batua.

LANAZ DEN BEZAINBATEAN, lanari dagokionez.

LARRAZKEN, udazken.

LARRI, haundi.

LORTU, erdietsi, ardietsi.

MAIZ, sarri.

MAIZTASUN, sarritasun, frecuencia.

MENDE, siglo; menpeko, meneko, menpean, menean. (Hobe dateke, mende hitza 100 urteko denboraldia adierazteko erabiltzea).

NOSKI, naski, seguramente, ciertamente.

NOZITU, sufritu.

OHI, sido, ex-.

OIHAN, baso.

OIHARTZUN, eco.

OIHUKATU, proclamar.

OMEN, ei.

OPOR-HAUSLE, rompehuelgas.

ORDEA, ostera, aldiz, en cambio.

ORO, guzti.

OSTEAN, ondoren, ondoan.

OSTERA, ordea, en cambio.

PATU, zori, suerte, fortuna, destino.

PREZEZKI, precisamente.

PRIMU, heredero, héritier principal.

SAGARATU, consagrar.

SANDIA, zutano, un tel.

SARAITZU, Salazar.

SARTALDE, mendebalde, occidente.

SINATZAILE, firmante.

SINETSIA EGON, estar persuadido, estar convencido.

SOILIK, bakarrik.

SORKURA, naturaleza, nacimiento, origen.

TENORE, denbora, ordu.

TXERTATU, injertar, infundir, greffer.

TXIRIPAZ, por chiripa, par raccroc.

TXIT, guztiz, oso.

URLIA, fulano, un tel.

URRATS, pauso.

USU, sarri, maiz.

UZTAIL, julio.

ZAKAR, violento, furioso.

ZALANTZA, duda.

ZAURTU, zauritu.

ZELAKO, nolako.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERIZKIEN, jarioten zitzaizkien.

ZIN, juramento.

ZUZENETSI, aprobar, dar por correcto.


Kultura

Errelatibitatearen teoriaz

— Osaba, gaur eskolan irakaslea Einstein-en teoriaz mintzatu zaiku pixka batez.

— Eta zer kontatu dautzue?

— Hara! Euklides-en espazioa hiru neurritakoa zela, luze, zabal eta garai, eta hiru neurri hauen koordenadez edozein puntu edo gorputz muga zitekeela.

— Bai, hori horrela duk, loba.

— Baina Einsteinek, espazioaren hiru koordenadez gainera, beste laugarren koordenada bat topatu zuen, hau da, denboraren koordenada. Honek esan nahi du, irakasleak esplikatu daukunez, gorputz bat espazio batetan mugatzeko, ez dela nahikoa non dagoen esatea, honekin batera noiz dagoen ere esaten ez bada.

— Bai, ondo ikasi duk lezioa, txotxo.

— Baina, irakasleak dioenez, lau koordenadatako espazio hori ezin pentsa daiteke, errealitate ikusgarri bat gabe, errealitate abstraktu bat duelako, matematikaren bidez pentsagarri bada ere, ezin imajina dezakegula. Honez gainera, ba omen dira matematikan bost, sei, zazpi eta koordenada gehiagotako espazioak eta sistemak; baina, lautakoa osorik abstraktua. bada, are* abstraktuagoak dirateke besteok, eta beraz uler ezinagoak.

— Eta, orduan, irakasleak ez dautzue exenplorik bat ere jarri?

— Ez, ezin ipin daiteke bat ere exenplorik, errepresenta ezina da eta.

— Ez diat nik horrela uste. Hire irakasle horrek euskararik ba daki?

— Ez. Ez da hemengoa.

— Ba nioan nik, ba! Euskalduna balitz eta euskara matematikari aplikatzen baleki, exenplo polit bat jarriko zeukezuen, eta ez lau koordenadarekin bakarrik, bai eta bostekin ere.

— Hori bai gauza, osaba! Euskara erdara baino hobea da, beraz, errelatibitate teoria hori esplikatzeko?

— Bai horixe! Eta herorrek ikusiko duk laster. Begira! Har dezagun aditz bat, IZAN, kasu.

— Bai, eta zer?

— Aditz honek pertsona bakar baten kontua ematen daukunean, koordenada bakar bat duela esan zezakeagu. Honela: aita DA. Horra hor koordenada bakar bat.

— Bai, egia da.

— Orain beste pertsona bat sartzen badugu, «Joseri aita ZAIO», esate batez, koordenada bi ditiagu. Bai eta UKAN aditzarekin ere: Josek dirua DU.

— Bai, egia horixe ere.

— Eta, «Josek Karlosi dirua eman DIO» esaten badugu, ba ditiagu hiru koordenada: Joserena, Karlosena eta diruarena.

— Eta laugarrena? Ez duzu lehen esan, laugarren bat ere sar daitekeela? Ez dago hor hiru besterik.

— Hika eginez gero: Josek Karlosi dirua eman ZIOK. Horra hor lau koordenada: Joserena, Karlosena, diruarena eta entzuten duan horrena. Azken hau denborarena dela pentsatzen baduk, hortxe dukek errelatibitatearen teoria, Einsteinen lau dimentsiotako espazioa.

— Osaba, egia diozu. Lau kontzeptu daude sartuta ziok horretan. Euskara Harri Haroko* Einsteinen batek ea egin ez bazuen gero!

— Euskara, txotxo, ez duk Harri Haroko hizkuntza bat, oraingo bat baizik. Eta dituen aberastasun eta posibletasunez baliatzen ez dakigulako gaituk hain atzeratu, hain zuzen. Nik ez diat uste, hika egitea Harri Haroko gauza bat denik, beren eboluzio historikoan oso hizkuntza gutik —eta euskararen punturaino agian* batek ere ez— lortu* duten aurreramendu maila goi goi bat baizik.

— Ba dakusat, bai. Baina, lehen ez duzu esan, gainera, bostgarren koordenada bat ere sar dakiokeela aditzari?

— Bai, esate baterako, aditz aurrizki* batez: Josek Karlosi dirua eman OMEN ZIOK. Horra hor beste kontzeptu bat, bostgarren koordenada bat egiten duena. Laugarren koordenada, ordea*, ez duk beti hikakoa; denborazkoa eta abar izan diaitekek: Josek Karlosi dirua eman DIONEAN, DIOLAKO, eman DIONA...

— Kontxo! Bai koordenada pilo ederra ateratzen direla. Nork esan, euskara eta matematika hain lotuak zeudenik! Eta, osaba, seigarren eta zazpigarren koordenadarik ezin atera daiteke?

— Hi, txotxo, zergatik, ez dautak ANAITASUNA irakurtzen bakean uzten, eta ez haiz heu horretan saiatzen e? Agian*, bihar etzi Euskal Herriko jakintsu atomiko bat bihurtuko haizateke.

— Utziko zaitut, ba. Agur, osaba!

— Agur, bai, agur!

— Osaba, osaba!

— Zer nahi duk orain? Seigarrena ere topatu duk?

— Ez, zazpigarrena: Eman omen dionarengatikoa. Zer deritzozu?

— Hauk* dituk munstroak, hauk!

PATXI URTIAGA

1. Hiketazko aditz formak

diaitekek, daiteke

diat, dut

ditiagu, ditugu

duk, da

gaituk, gara

nioan, nioen, esaten nuen

zezakeagu, dezakegu, daikegu

ziok, dio, deutso

2. Hiketa gabeko aditz formak

dakusat, dakust, ikusten dut

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

dautak, deustak, didak

dautzue, deutsue, dizue

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

dio, deutso

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zeuden, egozen

zeukezuen, euskizuen, zizuekean

zitekeen, eiteken