ANAITASUNA

216. zenb.

1971.eko Abuztuaren 15ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1. Bilbao (12).

Inprimatzaile: Juan José García de Mardones, Joaquín Jáuregui, Luis María Tafalla eta Gabriel García de Andoin, AMADO inprimerian, Bilbon.

Irarle: Gil Díez eta Manuel Barrera, RALI etxean, Bilbon.

XIX urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


UDA ETA IRUDIMEN 1971


Herriz herri

Ataun

Udako ikastaroa

Urtero bezala, udako ikastaro bat eratu dauku herri honetako guraso elkarteak; baina aurten ikasleok ere laguntza eskaini dugu.

Emango diren klaseak, maila hauetan dauden ikasleentzat izanen dira: «libro de escolaridad» dutenentzat, batxilerra egiten ari direnentzat, eta «oficialía» eta «maestría» ikasten dutenentzat.

Ikastaro hau herriko «Gabilene» etxean izanen da: eta, uztailaren* 12an, goizeko bederatziak laurden guttiagotan hasiko omen da.

Euskal alfabetatzea

Hemen aipatu ditudan klase guztiak baino aipagarriagoa, euskal alfabetatzea da. Alfabetaziozko klase hauk ere guraso elkarte honek eratu dauzkigu. Ikastetxe berean emango omen dira; eta beste klaseetara doanak, alfabetaziozko klase hauetara ere joan beharra izanen du. Hau ederki dago. Gainera, klase hauetara beste edozein ere joan daiteke.

Ez da nahikoa «euskalduna naiz» esatea, euskaraz idazten eta irakurtzen jakin gabe. Beraz, guraso elkarte honi eskerrak eman behar dizkiogu, euskal alfabetatze hau eratu daukulako.

Herriko kantariak

Ba ditugu herri honetan bi kantari ere: Aierbe neba-arrebak dira. Berek egindako abestirik ez dute kantatzen, berriak baitira. Baina, hala eta guztiz ere, oso atsegingarria da haien boz ederra eta argia entzutea.

Etxarri Aranazen izan dira, bai eta Idiazabalen ere. Azken herri honetan askotan abestu dute. Eta toki gehiagotan ere izan dira. Segi aurrera!

Ibilaldi neurtua

Hamairu urte bitartekoek ibilaldi neurtu bat izan dute. Urte maila hau ipini dute, ikastolako haurrek eta gainerakoek parte har dezaten. Erabateko ederki dago.

P. TRIKUARRIETA

13 (urte)

Azpeitia

Aurreko batetan, Xabier Madinaz zenbait* gauza jarri genuen. Madinari egindako kritika Luis Iriondok jaso zuen, letraren egile bera zela aitortuz.

Gu benetan alegratzen gara, Iriondok eman duen aldaketa ikusita. Bere lana euskal abestiaren promozionatzea dela esan baitauku. Bere promozionatze hau pixka bat ikusia dugu. «Contrapuntos» taldeko bat bezala, gaztelaniaz kantatzen ezagutu genuen. Diskoak ikusi besterik ez dago. Telebistan ere ikusia dugu, hain zuzen gaztelaniaz. Loiolako irratian la egunero programa bat du, hau ere erdaraz osorik. Programa honetan ez dugu inoiz, Lete, Laboa eta abarren abestirik aipatzen entzun. Berdin gertatzen zaio Donostiako irrati batetako programan.

Bere lana, poltsikoa betetzearren ez zela zioen. Agian,* honetan ere, arrazoia du. Beharbada, euskal abestia promozionatzeko modua hauxe da: Salomé-rentzat abestiak euskaratu, Massielen abestiak euskaratu, Belter etxearen Gipuzkoa eta Bizkaiko errepresentatzaile izan, euskarazko abestiak folklorikoak beti, eta abar. Gainera, protesta abestia snobismo bat dela esanen dauku.

Kalekume batzuk ginela esaten zeukun. Berak baserriaren problematika ondo ezagutzen zuela zioen.

Gaur baserriak gero eta espezializatze gehiago du. Esne, haragi edo beste zenbait gauzatara dedikatzen ari da baserritarra, honetarako posibilitatea duena, noski. Izarraitz malkarrean* baserri bat uztea, ez da harritzeko gauza. Bestalde, baserria ere soilik ez dago hartzerik. Beste gauzak oro* bezala, baserria ere sistema baten barnean azaldu behar da. Orduan, sistema honi zenbat interesatzen zaio baserriak irautea? Edo zenbat laguntzen du, baserriak iraun dezan?

Barka, egia esaten badugu.

«Non da nekazaria?» esan ordez, «Non da neskazalea?» esatea berdin letorkioke Benidorm aldean Madinaren bozari.

Beharbada, ez dakigu zer den euskal abestia!

EUSKALTZALEAK

Bermeo

Kostera amaitu, kostera hasi

Bokart* kostera, hain ilun eta arduraz beterik hasi zana, amaitu da. Hasieran euki genduan bildurra ez da kunplitu, zorionez; eta kostera geldika geldika hobeagotu egin da, eta ontzi gehienek partila politak egin ahal izan ditue. Ba dira, horregatio, beti bezala, oso gutxi irabazi dabenak ere; kontuan euki daigun, ihazko Gabonetatik ezer irabazi barik egon direla arraintzaleak.

Baina, bokarta amaitu eta, beste kostera berri bati eutsi deutsoe gure itsasgizonek: atun kosterari, hain zuzen. Joan dira portutik ontzi guztiak, hegaluzea* harrapatzeko asmoz, Galiziako uretarantz. Eguraldiak onak dira, eta hegaluzea ugari ikusten ei* da itsasoan. Ea kostera hau bokartarena baino hobea dan, eta beronen hutsune guztiak betetzen diren!

Istripua

Ekainaren* 12an, Baiona eta Paue bitarteko bidean, Lurdesera Bermeotar erromesez* beterik joian autobus batek istripu* ikaragarri bat euki eban, zuhaitz bat joaz. Istripua, aurreko ardatza apurtu zalako izan zan. Beharbada, erdarazko egunkarietan irakurriko zenduen istripu honen berri. Hamar lagun gelditu ziren serioski zaurituak; eta eurotarik hiru, hil edo biziko zauriakaz. Aita Sabin Zubieta, frantziskotarra, pelegrinazioaren antolatzailea, Natividad Nebraja eta Eugenia Telletxea ziren honeek. Aita Zubietak hanka bat galdu eban istripuan, eta Eugenia Telletxeari ere hospitalean ebaki izan behar eutsoen.

Euskal jaia Institutoan

Estudianteek antolatuta, euskal jai polit bat egin da herriko Instituto Teknikoan, ekainaren 13an, Bittor Egurrola eta herriko kantari batzuk parte zirela. Jaia, «pro viaje de estudios» dirua batzeko muntatu eben.

Euskara eskolan

Ikasleen gurasoei bidaldutako orritxo batean dinoe monja karmelitek, datorren kursorako, euskara sartuko dabela euren kolejioan, «enseñanza general básica»ko umeentzat. Eta, aurrerantzean, goragoko mailetan ere euskara sartzen joango direla. Kolejio hau neskentzako da.

Bermeon lehenengo kolejioa da, pauso hau ematen dauana; eta honegatik zorionik beroenak merezi ditue monja karmelitok. Exenplo ederra herriko beste kolejioentzat!

Itsasmorruaren zati berria

Ekainaren 29a, San Pedro apostoluaren jaieguna, egun berezia izan zan Bermeoko portuarentzat.

Batetik, urtean urtean bezala, eta tradizioa dan moduan, San Pedroren jaia ospatu zan, apostolu eta santu handi honen babesean eratu baitziren, 1353.ean, orain seirehun urte, Arraintzaleen Kofradiako Ordenantzak.

«Herriko Lagunak» elkarteko umetxo dantzariak kalerik kale ibili ziren, «San Pedroren zortziko» zaharra jo eta jo.

Bestetik, portuko itsasmorruan* egin berri dan zatia bedeinkatu eta inauguratu egin zan ofizialki.

Zati edo tramu honek 150 metro daukaz, eta lau urteren barruan egin da, 150 milioi pezetako presupostuaz.

Kofradiako lehendakariak hitzaldi labur batean esan ebanez, itsasmorru hau «Bermeok behar beharrezko dauan portu handiaren bizkar hezurra da»; eta bere esperantza agertu eban agintarien aurrean, laster portu handi hori amaituta ikusi ahal izango dogula.

Gero, itsasmorruaren puntan, itsaso zabalari begira, «Gaztetxu» taldeko Bermeotar neska-mutikoek aurresku eta hainbat euskal dantza egin eben, agintarien ohoretan.

A. P. B.

Gernika

Ibilera kaltegarriak Errenterian

Penagarria da, nik maite dodan Gernikako auzo bategatik txarto berba egitea; baina beharrezkoa dala uste dot. Ez dakit nork atera dauan; baina ba dirudi, ez dala egokia Errenterian orain joten dauan haizeak.

Nora goaz bide horretatik? Ez ote dogu hobe kontuan eukitea, zenbat izerdi bota behar dogun eguneroko janariagatik, gero beste barik alferrik galtzeko? Ez zaree lotsatzen, hurrengo egunean zeuen astakeria guztiak mundu guztiari gauza handi legez esaten. Zuentzat gizonkeria gizontasuna dala uste dot. Barkatu eidazue, baina harrituta nago Errenteriako talde baten jokaerarekin,

Errenteri,

nora zoaz hortik

Eguneroko janak

eta edanak,

gero danak

baltzarenak!

F. (Gernika)

Eibar

Eibarko VI. Umeen Euskal Jaiaren inguruan sortu diren mila eztabaidak ikusiaz, Arrateko Euskal Batzordekoak* garenok, ANAITASUNAren bitartez, zeintzuk izan diren gure asmoak azaldu nahi dugu. Gertatua denok dakigu, ikusi dugunez; eta garbi dago, ikusi nahi duenarentzat.

Hasi aurretik esanen dugu, aurten egin nahi izan duguna, ez zaikula besterik gabe buruan sortu. Aitzitik,* pizka pizkaka gure begien aurrean jartzen joan den errealitate bat izan da.

Guk denok neurri batean lagundu diegu beste urteetako Euskal Jaiaren antolatzaileei: batzuek haurrak zaintzen, beste batzuek dirua batzen eta baita ere karroza ekintza aurrera eramaten.

Urteak joan eta urteak etorri, hor eta hemen jardun izan dugu; eta egun batean galdera hau egiten diogu geure buruari: Baina zer da haurren euskal jaia? Erraza egiten zaiku erantzuna; baina zer egin, jai on bat lortzeko? Erraza da jakitea nola jolasten duten haurrek: beti beren tartean eta erakusten zaizkien jolasetan eta askotan jolasaren bitartez beren kezkak adieraziz.

Aurten antolatzerakoan, hemen gure kezkak. Ez genuen nahi inondikan ere, Haurren Euskal Jai hau pertsona nagusientzat bakarrik egun zoragarri bat bihurtu.

Gure eta gaurko haurren euskal jaia egin behar genuen. Haurrak izan zitezela protagonistak eta jaia ere haientzat zedila, urte osoan amets egin duten paregabeko alarde batekin.

Gauza ez zen erraza, eta, karroza lekuan ikastola batzuetako haurrek beren herriko edo taldeko kezkak agertu bazituzten ere, ikasi izan da, Unzaga ez dela toki egokia, halako agerpen bat egiteko. Alde horretatik hori da gure ikuspena. Zeredozer egin da aurten, oso gutti; baina hor dago hori! Denbora denborari, eta berak emanen dauku erantzuna. Beste alde bat zen astea osatzea, gero igandeko jaian amaitzeko. Honetan ere, beste urte batzuetan bezala, hitzaldiak izan ditugu.

Nola eta nondik atera ditugun mamiak eta sustraiak, hitzaldiak antolatzeko? Herritik, Eibarko herritik.

Haurra genuen «nagusi», eta, hau hartuz, Eibarrera begiratu genuen. Nork daki zer den haurra eta beronen eboluzioa, sikologo, andereño, maisu eta gurasoek baino hobeto? Hauk ziren gure bideak, denon elkar hizketa baten bitartez, Eibarko guraso guztiei errealitate bat adierazteko: Gaurko haurra biharko gizona dela eta ez etxeko beste gauza polit edo gaizto, poliki eta garbi jantzita kalera botatzen dena.

Euskaldun herri baten parte bezala, betebehar bat dugu haurrei buruz.

Nahiz eta negargarri izan, gaur Eibarrek ez du hizkuntza bat bakarrik, bi baizik, eta eskola gehienak erdarazkoak dira.

Hau ikusita, ez ote dugu euskaldun guztiok lan berezi bat, herria euskalduntzeko, erdaldun hoik euskaldunduz eta herriko euskal errealitatean sartuz? Eta zer hobe Haurren Euskal Jaia baino (galtzen dutenak, haurrak berak direla ikusiaz), gurasoak esnarazteko?*

Haurrak dira, pisu guztia erortzen* zaiena, eta gure haurrei beste inori baino gehiago. Askotan euskara haurrei eta zakurrei hitz egiteko erabiltzen dute gurasoek, eta, horrek haurraren buruan sortzen duen ikuspenaz konturatu gabe, erdarazko eskoletara bidaltzen dituzte beren umeak. Non dago hor euskal kontzientzia? Berdin gertatzen omen* da ikastoletan ere, guraso erdaldunek edo beren artean euskaraz egiten ez dutenek haurrak ikastoletara bidaltzen dituztenean.

Eta guk bi puntu hauk ikusten genituen nabarmen aurten, gogor lan egiteko:

- Gurasoei adierazi, hizkuntzak eta irakaspen bideek haurrentzat duten garrantzia, eta

- Eibar bilingue hau agertu. Jakin dezagun denok, Eibar euskaldun izan dadila nahi badugu, gogor lan egin behar dugula, erdaldunak iratzartzen eta gaurko euskal errealitatean sartzen.

Aste batek zazpi egun ditu; eta euskal aste honetan azaldu nahi izan dugun ekintzak, milaka egunen lana eskatzen du. Eibarren ba ote dago indarrik, denok egunen batean euskaldunak (euskaradunak) izatera hel gaitezen? Guk, nahi dugu eta uste dugu baietz. Ekin dezagun lanean.

S.C.R.A.

Galdakano

Zamakoa auzuneko jaiak

Zamakoa* auzunea da, hain sakabanaturik dogun Galdakano gure herriaren bihotza. Haren inguruan mugitzen da herriko jendea, gurpila ardatzaren inguruan bezala. Eta Zamakoa honetantxe egin berri izan dira jaiak. Uztailaren* 10ean eta 11n izan da hemen alaitasuna, zarata, eguzki errea, txaplio* eta bolanderak,* mutilen jo eta su egingura eta nagusien kuriosidadetxoa.

Jaiak antolatu ahal izateko, auzotarren diru laguntza izaten da, batez ere herriko dendariena. Beti gertatu ohi dan bezala, oraingo honetan ere, batzuk eskuzabalak izan dira, beste batzuk eskulaburrak; batzuk betiko antzera portatu dira, eta beste batzuek ez dabe jaramonik* ere egin.

Antolatzaileen taldea auzotar gazte batzuek osoturik egoen. Honeen lepo gain jausi da, jaiak atontzeko* lanaren zama:* ikurrin txoen, argien eta jezarlekuen arazoa,* sariketen atontzea, diru batzea, eta abar.

Uztailaren 10ean, larunbatez,* hasi ziren jaiak. Arratsaldeko 6etan, umeen jolasak. Umeak bai poztu zirela! Fantasia eta ametsez beteriko mundu batean murgildurik egozen. Euren mundu zoragarrian. Jarraian, eta goizaldeko ordu batak arte, baltzeoa. Ez zan jendetza haundirik. Jendeak ez dau parte hartzerik nahi, dana inork eginda hartu nahi dau.

Igandean izan zan jaien amaiera. Goizetik, pilpileko makallau sariketa. Arratsaldean, auzoko jubilatuen arteko museko sariketa. Antolatzaileek afari bat eskaini eben guztientzat. Iluntzean, baltzeoa eta jaiei agurra: agurra gozoki saltzaileei, ikurrintxoei, argiei...

Berezitasunak

Jai honeen punturik behinena* zera da: ez dago jai horreek egiteko motibo berezirik. Hobeto esan, ba dago, baina ez da beste tokietan bezalakoa. Ez dira inolako Santuren baten ohorez egiten. Ez dabe ezelako gertakari ezagunik ospatzen. Besterik gabe, uztailaren bigarren larunbat* eta igandean egiten dira, eta kito! Lehen aldiz, orain dala 19 urte egin ziren. Harrezkero, eten barik egin izan dira, auzotarren gogo eta ahaleginez. Beraz, auzotarren guraria da, jai honeek egiteko motibo bakarra.

Horra hor Zamakoako jaien historia. Beharbada, jai honeek ez leukee zeresanik ez inolako arrazoirik izango, hotz hotzean aztertuko* balira. Baina hortxe dagoz, nahiz eta azken urteotan gero eta beherago, gero eta hotzago joan, hiltzera joango balira legez.* Jai honeetan, jendea azazkatu* egiten da, lasaitu, deskargatu. Beharbada, ez da hori jolas- eta azazkaldirako erarik aukerakoena eta egokiena izango. Baina, eta besterik ezagutzen ez bada, besterik aukeratu ezin bada?

Zamakoako jaiak, hurrengo-urterarte!

Joseba L.

Mungia

San Pedro jaiak

Ekainaren* 27an hasita, San Pedroak ospatu izan dira Mungian: betiko jaialditxoak, kalejirak, erromeriak, eta abar. Lehenengoz, udalak antolatutako euskal kanta salo bat izan genduan. Bertan Ana Tere eta Amaia, Josu Zabalondo eta Joseba Zarragak parte hartu eben. Kanta gozoak, politak, baina herriari ezer esaten ez deutsoenak. Jai honeetan jendea ugari izan zan... tabernetan. Noren errua?

Atahualpa Yupanquiren entzuketa

Uztailaren* 10ean, «Elkartasuna» aretoan,* Atahualpa Yupanquiren diskoen entzuketa eratu zan. Azterketa lan bat egin zan, kantariaren esagura eta bizimoldea konparatuz. Argi gelditu zan, kontradizio ugari dituan gizona dala: herria kantatzeko gai, baina herritik urrun bizi dana.

Sukaldi eguna

«Elkartasuna» taldeak antolaturik, urte batzuetan isilik egon izan dan «Sukalki* Eguna» ospatu izan da uztailaren 11n. Azken egunerarte «boikot» hitza ahoz aho ibili zan, programan agertutako H letragatik batez ere. Azken egunean herrian jai horretarako egoen animazioa ikusita, danak joan ziren «sukalki» hori egitera. Goiz erdian kantari batzuk ere izan genduzan: Ana Tere eta Amaia, Mungiko Itziar, Jon Enbeita (lehen aldiz Mungian) eta «Oskorri» taldea.

Alfabetatzea

Zerbait baztertu egin da aspaldion alfabetatze kanpaina, jaiak, oporrak, udako ikastaldiak eta abar direla ta. Laster hasiko gara berriro lanean. Honekin batera, dei egiten deutsegu sukalki eguneko programari hain kritika gogorra egin deutsoen «jakintsu» danei: Guk ere ikasi nahi dogu. Zatoze, bestela ez zaree gure euskara arloan onartuak izango.

Bedia

Bediako gazte bat naiz eta lehenengoz idazten dot, geure herriko berriak aldizkari honetan emanez, jaiak direla ta. Batasun zalea izanik, zuzendu eta aldatu behar dana.

Bedia herri txiki bat izan arren, inportantzia haundia daukala uste dot, bai kondaira eta bai euskararen aldetik.

Jaiak

Ekainaren* 24ean, San Joan jaiak ospatu ditugu, eta «Lagun Onak» elkarteko bazkideek parte hartu dabe eurotan. Bediako gazterik gehienak dira elkarte horretakoak. Jaiak antolatzeko baimena berandu etorri arren, euskal kutsu bat izan dabe: eskupelota txapelketa, ihiztariena,* makailau lehiaketa,* eta, gauzarik ederrena, «Lagun Onak» elkarteko txistulari eta dantza taldeak. Dantza talde hau aurton gertatutakoa da, Igorreko* Julen eta Aintzine eta Bediako Jesus Mari gazteei eskerrak.

Jaietan, uste genduan baino jende gehiago bildu* da. Herriko enparantza* txiki gelditu da, eskola berrien obrakatik. Gu pozik lotu gara, datorren urtean jai hobeagoak egiteko itxaropenarekin.

Ezteiak

Uztailaren* 18an ezkondu dira Zeanuriko San Andres elizatxoan Miren Edurne Bediakoa eta Joseba Iñaki Areatzakoa.* Ezkontza honetan parte hartu dabenak, euskal itxurara jantziak, gazteak izan dira gehienak.

BENJAMIN ATUTXA


Chileko kobrearen auzia

Burdin gorriaren» aberastasuna

«Uztailaren* 11, gure bigarren askatasun eguna bezala agertuko da kondairaren orrialdeetan». Honelako hitzekin aditzera eman dute Chileko egunkariek kobrearen nazionalizatzea. Kobrea da, izan ere, Chileko ekonomiaren «habe* nagusia». Uztailaren 11n, botoen bidez, Kostituzioa zenbait puntutan zuzenduz eta bakarjabetzaren eskubidea aldatuz, Estaduak inork ukatu ezinezko eskubidea hartu du, Herriko aberastasunak bere esku erabiltzeko. «Batasun Herrikoiak» beste pauso bat aurrera egin du, bere politika «anti-inperialistan».

685.000 tonelada kobre atera zituen Chilek 1970.ean. USA, URSS eta Zambiaren ondoren, bera da munduan kobrerik gehien produzitzen duena. Eta, Zambiaren ondoren, bera da mundu guztian esportatzailerik handiena. Eta, erreserbak (92 milioi tonelada) kontuan harturik, bera jartzen da gorengo mailan. Kobrearen saltzeak (200 milioi dolar urtero) ematen dio Chileri, nazioan sartzen diren dibisa guztien % 80a. Irabazte honi, «Herriaren soldata» deitu dio Allende lehendakariak.

Ipar amerikanoen jokoa

Kobrearen nazionalizatzea uztailaren 12an hasi da, eta Ipar Amerikako hiru konpainiaren kaltetan doa. Ipar aldean, Atacama izeneko basamortuan (Santiagotik 1.500 kilometrotara), hiru meatza* kontrolatzen ditu «Anaconda Copper Corporation» delakoak: El Salvador, Exótica eta Chuquicamata. Azken hau, 2.900 metroko alturan, aire librean den meatzarik aberatsena da eta erreserba garrantzitsuenak dituena. Andes mendien erdialdera, «Kennecott Copper Corporation delakoak, munduan den lurpeko meatzarik handiena kontrolatzen du. Eta «Cerro Corporation» delakoak, Andina izeneko meatoki zeharo aberatsa kontrolatzen du. Lehenengo bi elkarteak, mende* honetako lehen urteetan hasi ziren lanean Chilen. Azkena, ostera,* 1951. urtean. Oraindik aurrera, Gobernuko organismo batek, «Codelco» (Corporación del Cobre) deritzanak, artuko du bere zuzendaritzapean kobrearen esplotazioa.

Indemnizazioaren arazoa

Indemnizazioaren arazoa* aipatzen denean, Ipar Amerikanoen eta Chilenoen arteko eztabaidak biziki gogortzen dira. Gobernuak proposatu du, 30 urteren barruan indemnizazioa egitea % 3 edo beheragoko tasaren interesekin, eta epaimahai bat sortzea, Gobernuaren aldetiko mahaikideak maioria direlarik.

Baina, parlamentuan asko diskutitu ondoren, proiektuko hitz guztiak kontu handiz jarri izan dira, meajabeen aldeko abokatek errekursorik egiteko motiborik ukan* ez dezaten. Beraz, urteko interesen tasa ez da izango % 3 baino apalagoa, eta Gobernuaren aldetiko epaimahaikoak ez dira izango maioria (Gobernuaren menpean ez dauden magistratuen numeroa gehitu egin da). Azkenez, indemnizazioa, meatzak 1970.eko abenduaren 30ean zuen balorearen arauera* egingo da, baina 1964.eko abendutik aurrera egin diren hobekuntzak kontuan hartu gabe.

Jigantea gaixorik

«Codelco»k dioenez, «Batasun Herrikoia» 1970.eko irailaren* 4ean garaile atera zenez geroztik, Amerikanoen konpainiek saboteatu egin dute mea* produzioa. Ez Anaconda-k ez Kennecott-ek ez dituzte ordaindu, Chileri tokatzen zaizkion dibidendoak, 80 milioi dolarrera heltzen direnak. «El Teniente» deitu meatzan, ordea,* jabeen arduragabekeriagatik produzio gastuak izugarriro gehitu dira, eta Gobernuak berak sartu behar izan du eskua, legeak horretarako ematen dion deretxoaz baliatuz. Aurten, meatoki honek «deficit» ukanen* du.

Uztailaren 11n, Allende lehendakariak, «Sofremine» frantses organizazioak Chileko Gobernuaren enkarguz egindako inkestaren* erresultaduak azaldu zituen hitzaldi batean. Frantses teknikoen esanez, Chuquicamata-ko instalazioak ez daude batere egoera onean, eta 30 milioi dolar kostatuko den berriztatze baten premian daude. Baina, gaiztoago dena, Amerikanoak mea zatirik hoberenak bakarrik esplotatzen saiatu* izan dira, eta 60 milioi tonelada hondakin utzi dute pilaturik. Eskonbro hoik garbitzeko, gastu haundiak egin beharko dira; bestela, lau edo bost urte barru ezin izango da aire librean lanik egin. «Chuquicamata gaixorik dagoen jigante handi bat da», esan zuen Allendek.

Esperantza

Gobernuak, hala eta guztiz ere, «burdin gorriaren» produzioa handitzeko uste sendoa du. «Nahiz eta gure kobrearen prezioa Londreseko merkatuan saltzen denaren parekoa ez izan, urte honetan 100 milioi dolarren irabazi garbia espero dugu», esan du M. Nolff jaunak, «Codelco»ko buruzagi ordezkoak. «Jadanik,* ba ditugu merkatu berriak China Herrikoian, Ipar Korean, Indian, Europako bi alderdietan eta Hego Amerikan».

A. Z.


Euskaldungoa

Apaiz berriak

Hamairu arabar gaztek jaso dabe apaizgoa, Gasteizko Peralta gotzain jaunagandik, joan dan uztailaren* 11n, Gasteizko «Maria Inmaculada, Madre de la Iglesia» izeneko elizan.

Jesusen Konpainiako beste hamairu gaztek ere hartu dabe apaizgoa, Jose Maria Zirarda Bilboko gotzain jaunagandik, Gipuzkoako Loiolan, joan dan uztailaren 5ean.

Atxoarena jauna, Lapurdiko alkateen buru

Atxoarena jauna, Bidarteko alkate edo auzapeza, hautatua izan da Lapurdiko Alkateen Elkarteko buruzagi.

Andereñoen Iruineko ikastaldia

Aurrez ere gorabehera frango ibili ondoan eta udako ikastaldia hastera zihoan garaian dute debekua hartu ikastoletako irakasleek. Guztiaren eta guztien berri zehatz-mehatz eman ahal baledi, agertuko luke azpikeriak hatzapar itsurik.

Gainera, ez dezagun pentsa, jokoa beti beste agintarien gorabehera denik; elizgizonena ere ba da, bederen* kasu honetan. Ez dakigu zergatik den, edo zer arrazoin ezkutuko dituzten, gisa horretan eskuak zikintzeko.

Eskerrak, alabaina,* Iruinaldean nola Seminarioko buruzagiek hala Gotzainak garbi jokatu dutenik!

Urretxuko pasiotarrak

Ikastolari «linea» berri bat ezarri behar diotela-eta atera zaizkigu Urretxuko pasiotarrak. Urretxuan, dirudienez, guztiaren beharreko zegoen ikastolaren martxa.

Erru* guztiaren zama,* ordea, andereñoen gain jaurtiki nahi izatea, «zu pekatariaren» legea da; eta, dirudienez, beti gertatzen den bezala, denak dira errudun: guraso batzordea* eta fraileak ere bai.

Baina hoik horrela, makurraren makurra zera da: herriaren ikastola bat Elizaren kolejio bihurtzea. Ba du oraino Elizak Kontzilioaren arabera* bere irudia berriztatzen lanik asko!

San Inazioren bederatziurrena

Aurten, lehengo urteetan baino handiroago ospatzeko asmotan dabiltza Loiolan Aita San Inazioren bederatziurrena.

Arratsaldeko zortziretan meza berezi bat egingo dela Basilikan adierazi dute jesuitek. Horretarako, erromes* gisa-edo jendea bil* dadin, eskualde* bakoitzarentzat seinalaturik dadukate egun bat.

Meza ondoan, «Hots eta Argi» delako ikuskizuna emango da. Jendea osatzen bada, autobusak ere jarriko direla agindu dute.

Ez da dudarik, bilduko dela jende multzo bat, denetariko dago-eta gaur egun. Harrigarriena, nola mugierazi litekeen oraino gisa horretako folklorea. Herri folkloreak ba du, noski,* bere lekua; baina, besteren pentsamoldeak errespetuz harturik ere, noiz arte jarraituko ote erlijiozko folklore hauek?

Erabaki guztiz harrigarria

Parisetik idazten dauku Jean Mirande euskal idazle ospetsuak, jarraiko modu honetan ANAITASUNAri uko egiten diola esanez:

7, rue Jules Dumien

Paris XX

le 9 Juillet 1971

Messieurs et chers compatriotes,

Je vous ai écrit il y a quelques jours, mais en me trompant d'adresse. Bien que ma première lettre soit destinée, je pense, á vous parvenir un jour, je préfère m'adresser à nouveau à vous, en répétant d'ailleurs à peu près les mêmes termes. Je reçois depuis quelques mois ANAITASUNA, revue à laquelle je ne me suis jammais abonné et que je jette sans la lire, étant fasciste (bien que basque) et détestant le christianisme, ou du moins ia démocratie dite chrétienne, en fait judaïque. Je vous prie de donner suite à ma demande.

Comme je vous le disais déjà, excusez de vous écrire en français; vous trouverez, je pense, aisément un interprète. Et par ma part l'euskara, que je continue de pratiquer avec ma famille souletine, m'est devenu étranger, comme langue politique et de culture.

Veuillez croire à mes sentiments dévoués.

J. Mirande

Beasaingo ikastola

Zenbat ezinegon dabilen bazterretan! Esan daukutenez, Goiherriko apaizak euli ziztadaren batek ukiturik-edo dabiltza. Hona Beasaingo kasua exenplutzat.

Herri honetan, beste askotan bezalaxe, ikastola parrokiaren babesean aurkitzen denez, parrokoak beste apaiz bat izendatu du goizetik gauera pedagogi zuzendaritzarako, eta andereñoak onartu ala ez beronek egiteko eskubidearekin.

Esan gabe doa, jendea nola aztoratu* den, eta bereziki ikastolaren bazorde arduraduna. Honek, hala ere, jotzekoak jo ondoan, lortu* ahal izan du, atzera eragitea. Horrela, bada, orain legearen babesa eta ikastolaren nortasuna bi gauza oso desberdinak direla ikus dezake edonork; eta aldi berean azaldu da ere, pedagogiaren zuzendaritza eta erlijio pedagogia gauza bera ez direla.

Funtsean*, parrokoarena baino goragoko «norbaiten» jokoa are zikinagoa izan omen* da.


Emakumearen desfeminizazio baterako (2)

Atsegin printzipioa eta errealitate ezarriaren printzipioa

Ezarritako bideak

Emakumeak ba du gizartean funtzio bereizi bat: gizarte horren antolakera bereiziak eskatzen diona. Arau* batzuen arabera* jokatzen dugu; gure jokamoduak* eta elkarren arteko erlazioak lege hoien araberakoak dira. Lege hoik, gure gizartean, ez dira gizon-emakumeen neurrira eginak. Gizon-emakumeok erlazio hari interesatuetan sartuta gaude, eta erlazio hoietan agintzen dutenak ez dira gizon-emakumeak; hauek, obeditu eta sistemak ezarritako hildoetatik* ibili besterik ez dute egiten. Honela saltzen dira gizon, emakume eta herriak sistemaren interesetara. Sistemak sari eta konpentsazio batzuk ematen ditu ordainez, engainagarri eta lokar-arazle bezala.

Haur jaio berria hari hoietan integratu gabe dago oraindik. Status ezarriaren estrukturazioa ez du oraindik bere haragi bihurtu; baina horretara daramate hezitzaileek,* gurasoengandik —eta gurasoetan amagandik— hasita. Heziketa,* haurrak zituen posibilitateen prostituzioa izanen da. Haurra, gero eta gehiago, inguruko erlazio moldeetan integratzen eta erlazio hoien arabera «nortasuna» egituratzen* joanen da. Integrazio eta egiturazio hauk, mutilak aitaren irudia eta neskatillak amarena bereganatzean burutzen dira. Status ezarriaren sikologoek integrazio hau beharrezko jotzen* dute, eta neurosien sustraian dauden Ediporen eta Elektraren konplejoak nola gaindi* erakusten dute sikiatra burgesek.

Aitaren jokoa

Gure sistemako familiaren barnean, aita da sistema horren errepresentatzaile. Aitarekin eta aitaren idealarekin kidetzea,* sistemaren erlazio interesatuetan integratzea bihurtzen da. Ama, gure familian, aitaren menpean dago: atseginaren printzipioa errealitatearen printzipioaren pean. Amarekin eta amaren idealarekin kidetzea ere, aitaren nagusigoa onartzea denez, erlazio hari interesatuetan integratzea da.

Guztiaren gainetik sistemaren interesak daude, eta aita da interes hoien ordezkari. Ama bera ere, sistemaren morroi-neskame izanen diren seme-alabak «hezitzen» dituen heinean,* aitaren konplize da. Gizonezkoaren atsegin iturri eta objeto erotiko den heinean, atseginaren printzipioa errepresentatzen du emakumeak. Baina, gure gizartean, errealitate printzipioaren eta atsegin printzipioaren arteko disoziazio bat dago. Errealitatearen printzipioa, hots,* gure gizarte sistemako erlazio fetitxizatuak, inposatuak zaizkigu; erlazio hoietan alienatzen garen heinean, sistemari eusten diogu. Atseginaren printzipioa, berriz, errealitate printzipioaren aurkaz aurka ez dagoenean, hari sometitua dago: ama aitari sometitua dago.

Senarra lanetik nekatuta etxera datorrenerako, gertututa egon behar du emazteak. Hurrengo egunean berriro ere lanari ekiteko —lan aspergarri bati ekiteko— berrituta irten* behar du gizonak. Gaur egun, langilearentzat, indar-berritze aldi besterik ez dira xolarteak;* makinak ezarritako ritmoan hamar orduko lana egiten duen langileak, «denbora librean» ezer egiteko adore eta kemenik ez du. Emaztearen —edo beste emakume baten— esku egonen da, gizon hori hurrengo egunean berriro ere lantegira irripartsu bidaltzea.

Emakumearen eta emagalduaren jokoa

Emakumea, beraz, gizonezkoaren objeto erotiko eta plazergile dugu; baina gizonezkoaren agintea ez du inoiz zalantzan* jarri behar. Atsegina bai, baina ez «atsegina atseginagatik», sistemaren iraupena garantizatuko duten ondorengoen reprodukziorako baizik. Sistemaren barneko beste lan guztiak bezala, reprodukzio lana ere maldizio bat da emakumearentzat; sistemarentzat robot-ak egitea ezin daiteke besterik izan. Hau honela izanik, «atsegina atseginagatik» oihukatzea* sistemaren hondamendia litzateke. Komeniko da, atseginaren eta errealitate printzipioaren disoziazioa eta atseginaren errealitate printzipioarenganako menpetasuna gordetzea. Disoziazio honen eta gure gizarteko beste zenbait* kontradizioren agerpen bezala, hor ditugu «emagalduak».

Fariseukeria nabarmenez gizartetik at* utzita baldin badaude ere, eginkizunik garrantzitsuenetako bat jokatzen dute «emagalduek» gizartean. Erdeinatzen* dituzten beroiek ere, gizartearen osasunerako premiazko gaitz bat bezala onartzen dituzte. «Ken itzazue emagalduak, eta lizunkeriaz nahaspilatuko duzue gizartea», dio San Agustinek. «Emakume publikoak gizartetik kentzen badituzue, lizunkeriak desordenu mota guztiekin nahaspilatuko du gizartea. Zikinzulo* batek palazio batean egiten duena, horixe egiten dute hirian* prostitutek: ken zikinzuloa, eta palazioa leku zikin eta kirastu bihurtuko da», dio Santo Tomasek. Monogamiaren aldarean egin beharreko diren ema-eskaintzak dira emagalduak», zioen Schopenhauer-ek.

Prostituzioaren zera

Esan dugu, atsegin printzipioa errealitate ezarriaren printzipioaren pean dagoela, eta gratifikazio bezala ematen den zerbait dela. Hau garbi ikusten dugu prostituzioaren kasuan ere. (Hemen «prostituzio» hitza zentzu hertsian* hartzen dugu; zentzu zabala emanez kero, gaurko gizon-emakumeen arteko erlazio guztiak bildu* beharko genituzke izen horren barnean.)

Prostituzioa, gizonek goza dezaten muntatua dago; lan gabezia eta miseria nagusi diren gizarte batean, edozein profesiorako dago jendea. 1857.ean Parent Duchâtelet-ek zioen bezala, «prostituzioaren kausa guztien artean, lan gabezia eta lansari* tipien noraezeko* ondorio den miseria baino kausa aktiboagorik ez dago». Prostituzioa, gizarte patriarkalaren asmaketa bat dugu. Prostituzioa, gizonezkoentzat atsegingarri izanik, ez da praktikan inoiz gonbatitua izan. Aldaketa juridiko batzuk egin izan dira historian zehar, Karlomagnoren garaian bezala; baina, logikoa den bezala, «emagaldua» zigortzeko izan dira denak. Zigortuenak, inoren babesik gabe, beren buruz ziharduten prostitutak ziren. Inkisizioak ere haien etxerik ez zuen atakatu, kasu bereizietan ezik; baina, kontrol guztitik ihesi lan egiten zuten «emagalduak» markatu, zigortu, uretara bota eta sorginak bezala sutan erretzen zituen: edozer gauza, gizonezkoek gidatutako erakunde* armonikoa kolokan* ikusi baino lehen. Honela, prostituzioaren hedapenarekin,* emakumearen zapalkuntza burutua gelditzen da; Lidia Falcón-ek prostituzioari buruz dioen bezala, imajina* zitekeen perfekzio handienera eramana izan da sexoaren zapalkuntza.

Ekonomi aldetik, «emagalduaren» eta emakume ezkonduaren situazioa paretsukoa da. Prostituzio bidez saltzen direnen eta ezkontza bidez saltzen direnen arteko ezberdintasun bakarra itunaren* prezio eta iraupena dela» dio Marrok. Etxeko andrerik leialenak eta emagaldurik galduenak maitagarri agertu behar dute gizonezkoaren begietara; horretan dago emakume hoien, batez ere «emagalduen», etorkizuna. Greziako hetairen, Erdi Haroko kortesanen, Japoneko gheishen, gaurko «emagaldu» arrunten* eta zineko aktriz gehienen etorkizuna gizonezkoen begietara atsegingarri izatean datza,* dela gorputz alderdian bakarrik, dela zentzu zabalagoan.

Emakume ezkonduak ere, senarrari «eutsiko» badio, beharrezko du maitagarri agertzea; feminidadearen idealari lotu behar zaio, ideal horren aurkako bekaturik astunenak feministen «marimutilkeria», «beren buruaren jabe izan nahia», «familia patriarkalaren uztarri eta ondorenak onartu nahi eza», «fisikoari kontu ez hartzea» eta abar direlarik.

Sistemaren funtzioan bizi den gizonezkoaren funtzioan bizi dira emakumeak. Gizonezkoak sistemaren morroi izatea onartzen duen geldotasun* berberarekin onartzen du emakumeak gizonezkoaren neskame izatea. Horregatik, gizonezkoaren neskame izatea onartuz gero —egun* eskaintzen den emakumearen irudi ofiziala onartuz gero— edo onartzearekin batera, on izanen da, senartzat hartu behar den gizon hori boteretsu eta prestijiodun izatea. Beti ere nahiago da nagusien neskame izan, morroien neskame izan baino.

Emakume langilea, lantegian ezezik, etxean ere zapalduta dago. Ba dakigu, lantegian zapalduta dagoena —dela gizonezkoa, dela emakumezkoa— etxean ere zapalduta dagoela, xolartea* lan orduen jarraipen bat baita. Lantegian morroi edo neskame dena, lantegitik at* ere hala izanen da; bizi ditugun erlazioen arabera* definitzen baita «gure nortasuna»; nortasun bikoiztua, berriz, situazio eta pertsona ezberdinen aurrean jokabide ezberdinak hartzetik dator. Baina, lehengoan genioen bezala, emakumeak modu bereizi batetan bizi du zapalkuntza hori, bere funtzio bereiziaren betebeharrak ematen dion moduan. Lantegian. hurrengo batean ikusiko dugun bezala. gizonezkoari baino gutiago ordaintzen zaio; eta, etxeratzean, haren esku daude etxeko lanak: umeak zaindu, hezi, etxea xukundu, eta abar. Honela, gizonezkoa baino gutiago ordainduta, hark baino lan ordu gehiago sartzen ditu.

Emagaldu arruntari buruz ere. sexual prostituzioa —sexual prostituzioa deituko diogu. nahiz eta jakin sexualidadea ez dela hari sozio-ekonomiotik at* dagoen ezer substantiborik— modu bereizi batean bizi duela esan behar dugu, «txuloaren», «makro-aren» edo beste nagusiren baten menpetasunean bizitzeak ezartzen dion modu bereizian. Menpetasun horretara makurtzen ez badira, zailtasun handiak aurkituko dituzte, aurrera ateratzeko.

Emakume burges eta hetairei buruz, gizon boteretsu batekin elkartzean, ekonomi «askatasun» bat lortu badute ere, «askatasun» hori negatiboa da. Ez dute gizartearen gobernuan esku hartuko; aitzitik, gobernarien borondatea egiten saiatuko* dira. Izan dira. historian zehar, goi mailara igo* diren emakumeak; baina, mundua gizonezkoek gobernatu eta gobernatzen dutela dioen erregela konfirmatzen duten salbuespen* batzuk bakarrik. Eta igo diren lekura igo badira, berriz, gauzak zeuden bezala utsiaz izan da, emakumediaren egoera jenerala onartuaz; langileriatik irtendako* bat, langileriaren gatazka* ahaztuta, direkzioan integra daitekeen bezala.

JON ETA KLAUDIO

daramate, daioe

daude, dagoz

dezaten, daien

dio, deutso

diogu, deutsago

gaude, gagoz

genioen, esaten genuen

zaizkigu, jakuz

zaio, jako

zioen, inoan, esaten zuen

zitekeen, eiteken


Euskal poesiaren erakusketa (3)

"Asaba zaharren baratza" — Lizardi (I)

POEMATIS PERSONAE

NI Filipe, izkribu honen egilea, aitaren bigarren semea, seme  espirituala, Eladioren anaia mesprezatua.

AITA Lizardi

AMONA Euskara.

MUTIKOA Eladio, poema hau interpretatu behar izan zuena, aitaren lehen semea,  ohorea bai eta nekea ez hartu nahi duena.

BARATZEA Euskal Herria.

Ni xipiena naiz, aita hil ondoren jaioa. Urrikarri emazurtz* hau, ez naiz jaungaia, ez naiz primua,* eta horregatik gure asaba zaharren baratzaren gainean ez omen* dut eskubiderik; haren heretajea,* bort* sortu izan banintz bezala ukatu zait. Oihal finezko bandatoz* ez ninduten troxatu,* eta urrezko sehaskaren ordetan* manjadera* pobrean eratzan* ninduten.

Beraz, aita, gure lur haren atarian, mendirik mendi lau urte-giroetan* zeihar* ibili ondoren, atseden hartzera gelditu zenean, ez nintzen ni presente egon. Ene belarriok ez zituzten haren ele* ozenak* entzun, asaba zaharren baratza otoitzez bezala salutatzen zuenean; huntzadun* ormez eta paret aihentsuez* eraikitako hesiak inguraturik eta xedaturik* zegoela zekusanean, ez nituen haren begitarte dirdiranteak kariziatu; egunez eguzkiak eta gauez ilargiak eta zeru goibelaren azpian haize bero, epel eta hotzak maite ukana* izan zela ohartu zenean, ez nuen haren gizontasunaren usain maitakorrik susmatu. Hotzaldi zoro batetik bertara itzuli zenean, baratzeari bertako atea joka zegokionean, ni ausentziarik hutsenean nengoen, oraindik esistentziarik ez ukateko* ausentzia nabarmenean nengoen.

Ez dut hau ongi konprenitzen, nola oroit* ahal ditzakedan hain zehaztasun neurtuarekin inoiz ene belarrietara heldu ez diren hitzak, inoiz ene aurrean esan ez diren eleak* nola orain ene memoria gogoratzailearen amiltegi* sakon eta harleze* meharretan* durundio ozenetan oihartzunztatzen* zaizkidan honen preseski,* honen berdinzki: «Joka nagokik atea, ale gorri zurezkoa,* euri zaharrek usteldua, marraskiloen* bide bihurriek apaindua».

Ai ene, ene aitaren boz finkoa, firmoa, kapitainaren ezpata bezain zorrotza, ola* gizonaren mailu pisua* bezain bortitza horrela mintzatu zen, jainkotegitik* merkatariak zihor kolpeka eta uhe* kolpeka jaurtikitzen dituen profetaren adorearekin...! Baina, bide batez, otzana* zen, apal, laztangarri, triste. Malenkonia zahar batez horniturik zetorkidan neure gordaleku* ezteusera*:

Nuen amona zahar bat,

zazpi begiko baratzain;

deihadarkari yayoa,*

marrubi*-lapur banindakusan...

Bizi ote dut gaisoa?

Orkume* bat banitz bezala nindoakion atzera, orpoak humilki eta eztiki limikatzen* nizkiola; edo, propioago, zakur gidari bat balitz bezala zihoakidan aurrera, niri, begirik eta izaerarik gabeko itsu soraio* honi.

Berak baratzera sarrera hartu zuen. Bertara sartu ginen, eta... hara! geure begi nekatuoz* ikusi genituen zuhaitz jantziak, arbola sendoak, zuhamu* ederrak, Euskal Herrian erlijio atzerritarrik sartu baino lehenagokotik geure lur maitea apaindu, laudatu, hornitu eta ohoratu duten haritzak, lizarrak, arteak, fagoak... Baina urrats bat aurrerago egin genuen, eta han dena zen adar huts eta abarraska eihar.* Adar haik,* oroitzapen ahaztuak zekazkiten xoriez zeuden beterik; aita eta biok ikusi gintuzten, ni ere ikusi ninduten; bat batean, gutien uste eta espero nuenean, hegoei eragin zieten. Agur, agur, adio, usa-kolunba* ume-ar,* hik dakianari ene diosala* eramok!

Sarrera hargatik aitak geroxeago esandako hitzak hauk* ziren:

Nigana datoz, nahaska,

adiskide min maiteak!

Barru-muineko gauean,

su itzalia gar gorri bizi

dabil bihurtu nahian.

Kasik negarrez zegoen, zotinez eta heiagoraka*:

Belar gaiztoak jan ditu

ene bide ezkutuak.

Ale bakanak dakazki

bide gaineko mahatsak, eta

ez dago ezein* eguzki.

Ondikoz* eta tristuraz erostaka* zebilan:

Urte joanen zitala!

Zaharkitu duzuena,

nola berrizta liteke?

Hain zabal nuen baratze hura,

honen hertsi,* honen gabe!

Eta aurrera diraut,* aurrera nakio, neure aita espiritualaren, neure aita poetikoaren ondikoak eta heiagora eldarniatuak* entzuteari eta konprenitzeari narraika, arrainak harrapatzeko sareak utz ditzadan, berari jarraiki nakion, lege berri batean iraun dezadan eta fede bortitzago bati ekin nakion diostan profeta jainko-seme bat balitz bezala, honela esplikatzen dautalarik lehena zer zen, zer izan zen, nola baratz-erdian aurkitu zuen amona, nola alderoka,* zutik jaiki ezin zitekeela zetorkion, nola zetorkion begi galduak noranahi galtzen zitzaizkiola, nola heriotzeak zekarren besa-ondotik laguntzen ziola, bera bere buruz eta bere indar apurrez ez baitzen gai aurrera urrats bat ere, pauso sinple bat ere, atzera pauso bat ere, urrats sinple bat ere egiteko ez gai eta ez kapaz. Eta dio:

Amona, zatozkit, otoi!

iloba laztan ezazu,

deit* iezadazu «iloba».

Hitz hori ontzen zait zahartzeaz,

ardo zumela* bezala.

Jira eta biraka hasi zen, dei eta dei egiten ziola, ez dakit nori, aireari edo haizeari. lurrari edo leihorrari, urari, euriari edo itsasorik gabeko ekaitzari; aitari dei egiten ziola, amari dei egiten ziola, hoik* guztiok baitzitzaizkion lurrak (edo aireak edo itsasoak) irentsi* zizkion bere haurtzaroko lagunak... Zaharraren indarrez bir-umetu, berriz haurtu eta hartzara* infantetu denez gero, bere menpeko darabila lehengo zirrada* bederak*.

Urrikarri urrikarri sentitzen dut hura neure bihotzaren barrenean. Lausorik* eta ez besterik ez du berak, giza-leinuak* dakarkeen* argi bizia ilundurik datozkidan itsu-begietan... Hala konturatzen naiz diotsala ene aitaren adimendu poetikoak bere buruari. Non* nahi den barrentzen ari da iragan* aldiaren zerrena* eta sitsa*.

Eta zuka, hitanorik* gabeko zuka mordoilo batez, zoroki mintzatu zitzaion, gaztelu gaitz bat errendatu ondoren printzesa kastetate-gerrikoko bat bortxatzera doan zaldun (zaldi-dun, zela*-dun) arrotza bailitzen.

 Laztan egiten du haren maxela* zimeletan, urte betea konplitutako sagar zimel haietan. Bera (eta bera amona zen, mundu bakan hartan hain berber* eta bakoitz*), harrituta, harri bihurtuta, bihotza harri bezalakotuta, begi eta begi eta begira zegokion. Gero, geldiro, «Nor zaitut?» diotsa. Berriz etortzen zaizkit gogora aitaren pentsamenduaren uhinak*: «Euskaraz hark niri galdegina, gogoan besterik ez dut!»

 Bere begien suz sutu nahiz hari bereak, ba diotsa: «Iloba nauzu, zaharrena... Zure marrubi* gorriak inoiz ohosten* (hura izan zen lapurreta, ohorgoa* makala!) ohi nituena...»

 Oroit* ote da? Begietan, bai zalantza* egiten dut, duda handia eta izugarria egiten dut, ximist-ikararik iragan* zitzaiolako duda eta zalantza beldurgarria. Eta burua igurtzi zion astiro, esanez: «Zu?... Zu?... Gaisoa!»

Hasi zen biraka berriz,

hil zaharrei dei-negarrez,

heriotzearen egarri...

Bizitzearen hondar aleak

larrainean* eultzen* ari!

Ai, bai! Orduko oraina*! Oraindik ez zen zerua dinamitaz lehertu; oraindik euskaldunak ez ziren tradituak* izan beraien erlijio-kideez... (Ai, hura baitzen atzipamendu* eta desenganio, batera biak, sakrifikadore* subiranoak ez zituenean errezibitu nahi ukan Galileatik igorritako antziano eta printzipal fariseo debotak!).

Ekaitzarekin batean (eta Jainkoak ez zion gure aita poetikoari ekaitza ezagutzeko atsekaberik ez oinazerik eman; dohatsua hura!), beste poeta (kontuz hemen! irakurleak irakur beza O eta E, eta ez U) nagusiago (!) batek (hobeki joan zitzaion zeru-azpiko denboran) kaletik iturrinora zebilan eztebe proto-martiri batek honela kantatzen zuen:

«Y el Verbo se hizo luz, y Adolfo Hitler...»

Horregatik,

Hara, bidean, baldarño,

muttiko bat guregana:

Hark bir-iloba,* nik seme.

Lehen aipatutako ene anaia nagusia zen, Eladio, geroago ni, Filipe hau, honen higuin, honen gorroto ukanen* ninduena. (Beste egun batean esplikatuko dut bi anaiok asaba zaharren baratzean zertan iharduki* genuen, hark loregintzan, nik laboragintzan, eta zein akabaera zitala eduki zuen gure jardin-guduak; bai, kantuzko bertso lanetan azalduko dut!).

 Ikusi zuen amonak, bertan gelditu zen, eta hura zen haren eztizko irribarre gozoa!

Hara zer dakusadan, bai, nola laztan egiten duen, bere hezur hauskorrak pozak zoratzen dizkiolarik, eta diotsan:

Hi haut,

orain hakusat

ongi;

hi haut,

bai,

holako!

(Ez zion bere grazia* naturalaz aipatu, orain nik ahaztu nahi dudanaz —Eladio, nik jarri diodan etiketa bat da, Filiperena ere intentzio gaiztoko beste etiketa bat den bezala—, ezpada* aitaren izen sakratuaz...).

Eta izen hartaz kontsakratu olioaz igurtzi zuen, burutik oinetaragino, erregetan, profetatan eta apaizetan.

Guztion lehen denbora desiratua zegoen ele gozoka orduko orain* arrosa-kolorekoaz. Bitzuok (amona zaharrak eta haur gazteak) mintzo ber-bakoitzaz,* hizkuntza bereaz zihardukaten. Aitaren asaben lokarri zaharra (Goikojaun jaunari eskerrak eman zizkion) ez zen eten, ez ebaki, ez apurtu!

Eta orduan gure aitak etorkizunaren bisio bat eduki zuen, aurrera-ikuste bat. Gure aita Xabier, zenbait* moldez eta taiuz Jaunaren graziazko urte honetako hainbeste seme barreiatu* edo xedaturen* guraso propioa haizena, ametsik ederrenetako zeruan haizena, izena benedikatu dauaguna,* asaba zaharren baratzerako gutiziatu* huen miraria orain gorpuztu duk. Bai, nola eduki huen etorkizunaren admonizio hura? Nola jakin huen, orduan (orain) eguzkiz jantziko zela asaba zaharren baratzea? Orduan (orain) zuhaitzak frutuz beteko zirela? Orduan (orain) baratza leheneratuko zela, mundu guztira bere mugak berriro zabalduz? (Zeren,* hemen gaudela, hemen sufritzen dugula, poloetako jelak* eta desertuetako hareak eta itsasoetako uharteak eta orain lau mila eta hiru mila eta bi mila urte landatutako harriak ere enteratu baitira). Bai, jauna, gure jaun eternal eta oroitzapen-guztietakoa,* nola jakin huen, lehen inoiz bertan ikusi gabeko zuhaitz berri bat egonen zela, ekaitz eta tormenta eta baje* guztien erdian, burruka gorrera doazen soldatu-kide guztien buru...? Nola jakin huen, haren gerizak herri-baratzak inmortal eginen zituela?

¡Oh, Tabor mío; oh, transfiguración del viejo huerto! ¡Hazte carne y realidad! ¡Que la esencia del pasado mude el huerto viejo en huerto nuevo!

Eta hara, Tabor mendia egia eta mamia da!

Eta hara, baratze zaharra baratze berri da!

GABRIEL ARESTI

banindakusan, ikusten baninduan

beza, bei

dakazki, dakaz, ekartzen ditu

dakusat, dakust, ikusten dut

darabila, darabil

daut, deust, dit

dezadan, daidan

diost, dinost, esaten daut

diot, deutsat

diotsa, dinotso, esaten dio

ditzadan, daidazan

ditzaket, daikedaz

dizkio, deutsoz

eramok, (eraman iezok), eroan eiok

ezazu, eizu

genituen, genduzan

gintuzten, ginduezan

hakusat, hakust, ikusten haut

huen, heuan

iezadazu, eidazu

nakio, ekiten natzaio (natxako)

narraika, jarraitzen natzaio

nizkion, neutsazan

zait, jat

zaizkit, jataz

zebilan, ebilen

zekazkiten, ekartzen zituzten

zekusan, ikusten zuen

zeuden, egozen

zieten, eutseen

zihardukaten, ziharduten

zion, eutson

zitekeen, eiteken

zitzaizkion, jakozen

zizkion, eutsozan


Hau duk humorea!

Giroa

Hain eguraldi euritsuak edukitzea, gero eta ugariago diren kitarra jotzaileetan dateke.*

Odontologoak

Odontologoek ez dute behar propagandarik: haginetako mina da onena.

Eskuindarrak

Eskuindarrak, izenak dioenez, indarra beren eskuan dadukatenak dira.

Atsotitz* modernizatua

Euskaldun, erdaldun?

Gazteen ilea

Gaurko gazteek ile* luzea erabiltzen dute. Inork ilerik hartzea ez zaielako gustatzen ote?

Garbiketa

Gizon serio eta prestua zen. «Love story» irakurri eta gero, bere gaiak* paper higienikoarekin garbitu zituzten.

Idazlea

Zergatik idazten du idazleak?

Bere barnean, idazteko bultzada bat sentitzen duelako, hain zuzen. Idazle euskaldunak, behinik behin. Besteek, jateko ere idazten dute.

ANTTON


Euskal enciklopedia

Orain asko ez dela, Imanol Laspiurrek ZERUKO ARGIAn idatzitako artikulu bat irakurri dugu, «Euskal Enziklopedia»z hitz egiten duena hain zuzen.

Ene aburuz,* gure euskalduntasunaren berpizte, proletarizatze eta hedatze* honetan, Laspiurrek egin daukun deia, bai eta jarri daukun adibidea ere, ondo baino hobeto datorkigu, nahiz eta exenpluz jarri duen «Gran Enciclopedia Catalana» delako hori biziezin ekonomiko bategatik bukatzeke* geratu* den. Eta hau, nahi eta nahi ez, oso kontuan hartzekoa dugu, zeren* errealitatea ahantz* ezin dezakegunetariko gauza bat baitzaiku. Beraz, katalanek, 6 milioi bat direlarik, osorik ezin argitaratu izan badute, nola demontres egin genezake guk geurea, milioi erdi baino ez garelarik?

Gaurko eta hemengo Euskal Herrian geure biziei eusten diegula eta haren kontradizio ekonomiko eta politikoen barnean etorkizunerantz abiatuak gaudela ahantziz* gero, denok dakigu nora jotzen dugun, ez dagoen zeru batetara, alegia.* Jakina, errealitate hau besterik gabe onartzea ez dirudi joerarik zuzenena, kasu: «Gran Enciclopedia Vasca», «Auñamendi» eta... (batek zioenez).

Zorionean, entzun dugunez, ba dihardute Xabier Kintana eta Gabriel Arestik, ez horrelako erdaraz egindako enziklopedia bat egiten, 40.000 hitzezko Euskal Hiztegi Enziklopediko bat baizik; eta lana aski* aurreratua omen* dadukate, denbora guti barru argitaratzeko moduan.

Hala ere, ez ezazue pentsa, ene errealismoa errealismotasun bat denik, errealismokeria hutsa baizik, zeren* eta errealitate horri idealista bat bezala jo diodala uste baitut.

ANDOLIN EGUZKITZA

dauku, deusku, digu

dezakegu, daikegu

diegu, deutsegu

zaiku, jaku, zaigu

diot, deutsat

ezazue, eizue

gaude, gagoz


Irakaskintza

San Fermin bolaraz

Aski* dela uste dut. Barregarri deritzat geure egoera tristeari. Izorraketa* gaiztoz eta azpilan zitalez aski dugu.

Arestian,* norbaitzuek «pluralismoaz» iharduki* dute. Baina beroiei diotset: Ez zaiteztela gehiago neka, zeren* egun Euskal Herrian hitzek ez dute gehiago esannahirik. Zenbait* hitz usteli kiratsa dario. Hutsak gara, eta oraindio ere geure hutsaren hutsa hustu nahiz gabiltza. Une honetan Hölderlin-en hitzak datozkit burura:

«Gu zentzunik gabeko

keinuak gara.

Zekenak, gogorrak

eta Herritikan urrun.

Hitza ere galbide

daramagu.»

Delako «pluralismoa», nork beraren interesak estaltzeko erabilia izan da. Ez du, beraz, hitz honek aurrerantzean esannahi jatorrik izanen. «Pluralismo» hitza hutsa da, hots soila da, hitz bortxatua da.

Iruineko San Fermin jaiak amaitzera doaz. Eta han bertan Euskal Herriaren gaitza eguzki argitan ezagutu dugu.

Berrehun eta laurogei euskal irakasle bildu* ziren Iruinean, ikastaro bat izateko asmoz. Eta bat batean jakina dute ez dutela aurtengoan ikastarorik izanen, galerazia izan denez gero. Hau San Fermin bolaraz Euskal Herriko Iruinean gertatu berri den historia tristea! Baina hau, azala ezik, ez da ezer; aitzitik,* historia honen funtsa* azpilanean eta elkar ezin ikusian datza.*

Ikastola, neke handiz jaiotako haurra da. Baina, ene aburuz,* egungoan bezain neke handirik gutti izan du, bere kondaira apur eta ttipian zehar.

Baina Iruinean gertatuak ba du alderdi onik ere. Zenbait* irakasle, lasai eta tenple epeleko zena, hain nabarmen eta desegoki salatua izatean, kontzientzia berri batez jantzirik etorri da etxera. Iruinetikan, irakasleak batu eta indartuta irten* dira. Ezbeharra bateratzaile da. Ezbeharrak, lehenik izutu, gero argitu eta finean bizkortu egiten du. Iruinean, Ikastolak bere jatorria eta xedea* aurkitu du.

Ez zaitezela, andereño, orain zapuztu* eta mindu zeure zorte gaiztoz, zeren, guztitara ere, hainitz* eta handiak dira hortikan etor daitezkeen laudorioak,* ohoreak eta abantailak. Besteak beste, zeure bidea aurkitu duzu. Eta norberaren ezagutzea duzu iraultzaile.*

Iruineraz gero, ikastolak ez dira lehengoak izanen. Mahai gainera ekarriak dira zenbait lekuko.* Eta lekuko hoik* ez dira edonor. Lekuko hoik Herria eta haren «sasi-guraso» antzuak* dira.

Behingoz ba dakigu, nor nor den eta bakoitzak zer nolako manejoak darabiltzan. Hau gauza premiazkoa genuen, zeren* argi dakusagu orain, lehen ezin ikusi genuen hori nor den.

Lau apaiz zital izan dira egoera hau sortu daukutenak; baina eraztunak katea dakar, eta lau hauen ondorean beste zenbait sasi-euskaldun ausnar* daiteke. «Sasi-euskaldunak» diot, bai; zeren etxekoari oztopo egien dionak, kanpokoari amor ematen dio.

Elizari zerbait eskatzen badiogu, zerbait hori ARGIA da. Baina inoiz ere onartuko ez duguna zera da: Zenbait elizgizon ilunpearen morroin* izatea eta bere jokabideak itzalekoak eta azpikoak izatea.

Elizak zerbitzua predika lezake, baldin lehen bere morrontza gauza frogatua* bada. Baina maixioz jokatzen badu, bere hitzak huts eta ustel gertatuko dira.

Asko da gure artean «liberal» eta zabala deritzana; baina inor gutti da zabalkunde hori bere ekintzetan frogatzen duenik. Agian* zabal eta «liberal» beren burua jotzen duten berauk, zabalera hestua eta neurri hertsia* dute arau. Inkisidore handienek ere egizale zireneko lilura* zuten beren okerraren euskarri.

Iruinean gertatuaz gero, Ikastolaren egoera funtsean* eraz aldatu dela gauza segura eta klaroa da. Ez da aurrerantzean elkarrenganako mesfidantza besterik izanen. Eta mesfidantzak maizter* txarra du zuzentasuna.

Han eta hemen entzuna dut «azken hitza Herriari dagokio...» Baina nor da Herria? Erantzun gaitza benetan, galdera hau. Halaz ere, segur naiz, Herria ez dela inoiz ere garaile eta juez izanen. Herria apala da. Herria mendekatua* da. Non kateak, han Herria! Nor izorratua*. hura Herria! Eta hau, kondairaz aise* frogatua den gauza da.

Historia triste honen bukaera, honela da: «Egun batez, San Fermin mugako jaiak ziren Iruinean. Uda zen. Zezen beltzak hilak ziren. Zahagi ardoak agorrak ziren. Bukatu zen festa. Eta lepoko gorria, malko bat edo izerdia sikatzeko ona zen... Euskal Herriak Iruinetik etxera bihurtu beharra izan zuen...».

LUIS HARANBURU-ALTUNA

daitezke, daitekez

dakusagu, ikusten dogu

daramagu, daroagu

daukute, deuskue

dio, deutso

diogu, deutsagu

diot, dinot

diotset, dinotset, esaten diet

lezake, leike


Irakurleak idazle

Eritzi desberdinak

ANAITASUNA aldizkingiko jaun lagunak.

Zuen aldizkaria oso atsegingarria da neretzat eta Arjentinako beste euskeltzale batzuentzat, gure izkuntzaren aldezko lan onuragarria egiten daualako. Lenengo gauza: euzkerea landu, erein ta zabaldu. Zeregin onetan danok aburu* batekoak izan ez arren, goralgarriak neretzako lan eskar-gaiztoko onetan sartuta dabiltzanak. Il zorian dagon izkuntza berpiztutzeko, danon lanak eta aleginak ez dirala naiko izango uste det, ez baditugu lortzen oinarri bereziak. Ala ta guztiz ere, gure bete-bearra, euzkerearen aldez al degun guzia egitea da. Ez degu otar*-ondora bota bear besteen lanik, eta, gutxiago, gogo onakin dabiltzanen aurka egin.

ANAITASUNA'ren 208'g. zenbakian agertu zan «Euskaldungoa» orrialdean idazkitxo bat, «Ikastola batzuetako irakaspenak» izenduna.

Azke* gara, izkuntza gaietan, gure eritxiak eukiteko. Danok ez degu berdin oldozten*; beraz, ondo deritxot beste batek nik bezela ez pentzatzia. Baina ez detana ondo billatzen da idazki orren egilliak erakusten dauan zitalkeri dollorra,* Laudio'ko ikastolan erakusten daben euzkereatzaz. Laudio'tarrak euzkerearen aldezko lana egiten ba-diardue, ondo be obeki dago. Kupitu* gaitezen iragango* dituen izerdi ta larrialdiekin, eta ez bota arpegietara «zorionez» gero ta gutxiago dirala euren ikastolen bezelakoak; eta dana, ANAITASUNA'k dinoanez, urrutizkiña, idazkortza ta irola irakasten deutseezalako umieri, ta ez telefonoa, luma ta komuna. Ikaragarria benetan, lotsagarria ez balitzake, orretaraino eltzia batzuen Arana'rendako ikusi eziña. Arana'ren jarraitzalle asko gera «zorionez» oraindik; eta, gizon bezela erruak* euki zituan arren, izan zan euzkerearen berpiztzallea, eta berak jarri zituan oinarrietatik jarraitzen degu euskerazale guztiok. Eredu* argi ta garbia danontzat.

Ez gera euzkera batuaren aurkakoak, baina alde aundia dago izkuntza izundu* erderakadaz betetako bat erabiltera. Al degun artean erabili daigun euzkera garbia, eta alegindu gaitezen osatzen izkuntza eta ez lizuntzen. Beste laterri* batzuek ere alegintzen dira beren eleak* garbitzen. Islandia orretan dabil garai onetan.

Garbiegia ulergatxa bada erriarentzat, ez degu uste ulergarriagoa izango danik guretarrentzat, zuen aldizkingiaren zenbaki berberan irakurri degun esakuntza au: «posibletasun praktikoenganako mesfidantza», edo beste au: «estudio ekonomikoen panorama».

Kintana jaunak 211'g. zenbakian dinoana Iparraldeko idazleei, ederki dago; zintzo ta bidezko billatzen degu «Herria» aldizkariari esaten diona: batzuetan frantsestuagoa dela dirudi». Ezarri daigun gure aldeko idazleei Kintana'ren eritzia.

Inori «hiperaranista» deitu gabe zitalkeriz beteta, alegindu gaitezen goraltzen euzkerearen aldez lanian diarduen guztiak, inor esetsi* gabe.

Arjentina'n, uztailla* 1971

ISASI

Zuzendaritzaren oharra: Dudarik gabe, jarraigarria da guztiontzat Laudiotarren euskalzaletasuna. Hala ere, gure ustez, euskararen etorkizuna ez dator horretariko bideetatik. Isasi jaunaren eskutitza, beraganako errespetuagatik, berak darabilan euskara moduan argitaratu badugu ere, beti uste izan dugu —eta hala jokatu dugu— euskara batuaren arazoa* hil edo bizikoa dela. Sabino Arana zenaren ideiak, berriz, zinez* onartzen ditugu, eta horregatik ari gara geure lan honetan. Baina Sabinoren ideiei, ezer baliotasunik izan dezaten, zientziak eta teknikak izan dituen aurrerakuntzak eta joera berriak erantsi* behar zaizkie, «ardo zaharra zahagi berrietan isuriz». Hizkuntzalaritzaren landa barruan, ostera,* maisu handien uste zuzenez, ardo zahar hori zahagi berrietan isurtzea beharrezkoa bezain premiazkoa izan da.

Euskaralari bati hitz bi

«Norbaitek esan dezake agian,* berriz ere euskera arioaren inguruan aztertzen* ari gerala, eta hobe litzakela proletargoaz hitz egitea.

Proletargoaz hitz egiteko garala etorriko ahal zait. Baina, euskeraren hil edo biziko kinka* hestu hau benetan larria denez, ez dezakegu inolaz ere denbora gal. Zenbait problema arrunt* izan daiteke mundu zabalean, baina euskeraren problema euskaldunoi bakarrik dagokigu...» (Imanol Laspiurrek, ZERUKO ARGIAn, maiatzaren 30ean idatzia).

Bapo, Imanol! Hori bai dela eltzetik* babak ateratzea. Zuria edo beltza, euskararen alde jo edo denbora gal! Metafisika zer den jakiteko, zure esandako hori agertzea baino, exenplu garbiagorik ba ote dago? Mundua hain xinplea balitz, erdibiderik edo konplejidaderik ez litzateke sortuko; eta horretan bai, zuen eskolakoak izango lirateke nagusi, dialektikoak aitzitik* zokoratu edo baztertuak.

Harira noa. «Ez dezakegu denbora gal». Egiazki ezetz. Gaur egunean denbora urria da. Baina jakin nahi nukeena hauxe da: Eguneroko burrukan, denbora irabazte honetan, euskararen kinka* larri honen sustraiak eta langile arazo mugimendu zabalaren erroak non bereizten dituzu, euskararen aldeko lan soilean izan ezik, denbora galtzen dela esateko? Hori, planteamendu teoriko jeneral bezala. Bestalde, esango dautzut, euskaldun guztiok (zeren* euskalduna izateak ez baitu adierazten bakoitzaren gizarte klasetasuna) ez ditugula berdin ikusten (ez eta sufritzen ere) problema «arrunt» hoik. Bestela (lotsatzen ez bazara, noski*), galde iezozu «Altos Hornos»eko langile bati, ea zer laguntza dadukan, bere arazoa* soluzionatzeko. Zeure intelektual itxurarekin plantea iezozu, «Euskeraren kinka larri honetan» zeri ematen dion garrantzi handiagoa, euskarari ala proletargo arazoari.

Seguru asko ez dautzu erantzungo. Baina, kasualidadez, langile euskalzale bat topatzen baduzu, esango dautzu, bere euskal itotasunean eta langile situazioan, bide bat bakarrik aurkitzen duela, eta bide honetan prioridadeen mugatzeari, zuk egiten dituzun xinplekeriekin, astakeria bat eta burges intelektual baten larritasun esistentzial bat deritzala.

Adibide bat jarriko dautzut. Joan gaitezen Gasteizera. Gasteizen ere euskal arnasaren pizkunde bat ari da sortzen. Bertan, langile askok beren semeei euskara irakatsi nahi diete. Baina gertatzen da, gaur egun diren ikastolak guztiz mugatuak daudela haien posibilidade ekonomikoentzat. Langile izateak mugatzen die euskaltasuna. Aitzitik,* lantegi berrien nagusi euskalzaleen semeek libre dadukate euskaldun izatea. Hor dago kakoa.

Aspalditik ari zara, «Leporaino gaude» eta horrelako beste artikulu zenbait idazten, euskara salba dezagun esanaz. Baina zure oihu hoik abstraktoak dira herriarentzat. Nola uste duzu soluzio bat lortzerik, herriaren arazo jenerala soluzionatu baino lehen? Zure postura guztiz utopikoa da, eta, gainera, oso engainagarria herriarentzat. Begira: herria, ehuneko laurogeian, langileek osatzen dute. Euskararen arazoa herriaren arazo bat da. Herri langilearen arazo bat bereziki.* Eta, horrengatik, problema arruntetan* denbora galtzeko astirik ez dugula esanaz, horrekin euskara salba daitekeela pentsatzea, inuzentekeria bat da.

JAKA

daude, dagoz

dautzu, deutsu, dizu

dautzut, deutsut, dizut

dezake, daike

dezakegu, daikegu

die, deutse

diete, deutsee

dio, deutso

iezozu, eiozu, ezaiozu

zait, jat


Uda

Pilota jokoa eta euskal literatura

Gure literatura eskolatik irakatsi ezik, ez da harritzekoa, ezer ez dugunaren usteak iraun ahal izatea. Eta gure herriko eruditoak ere uste horretan bizi dira. Hala dirudi.

Pilotarekin ari gara, baina inori pilota egiteko asmorik gabe (erdaraz, «sin hacer la pelota edo pelotilla»).

Gehienok dakigunez, deporteen bibliografian maisu dugu Joxe Iguaran tolosarra. Eta 1953.ean Tolosan izan zen uholdean agiri* askoren galera izan bazuen ere, haren bibliografi artxiboa oso aberatsa da. Hain zuzen, 1965.ean Banco de Tolosa-k publikatu zuen liburuxka batean, «El juego vasco de la pelota. Autores antiguos y modernos que nos hablan de la pelota» lana argitara eman zuen, pilota nolabait aipatzen zuten egileak urtez urte zerrendan jarriaz. Ez da berriketa: Moises-engandik hasi eta 1958.eko Lartigue-ganarte.

Zerrenda horretan, konturatzen garenez, erdaraz idatzi duten Euskal Herrikoak kontuan izan ditu Iguaranek; eta, inoiz euskarazkorik azaltzen baditu, Iztueta edo Zaldubi adibidez, ba dirudi, hoien berriak ere erdarazko egileengandik edo itzulpenetatik izan dituela. Honegatik, egilearen ondorean ipintzen duen urtetik konturatuko gara (liburuaren titulurik ez baitu jartzen), kontuan izan duen Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira itzulpena dela, hobeto esan, itzulia izan zen lana dela, eta itzulpenik izan ez duen Guipuzcoaco provinciaren Condaira, 1847.ean argitaratua, ez dela haintzat hartzen. Eta lan honek, bere hirugarren zatiaren 6. kapituluan, pilotari buruzko gauza jakingarriak dakartza.

Arrazoi beragatik ez dakar Axular, Gero (1643) liburuaren 49. kapituluan pilotari buruz iharduki arren. Ez eta, Axular baino lehen euskal literaturan, pilota aipatu zuten Etxeberri Ziburukoa eta Pouvreau (bere hiztegian honek).

Iguaranek, 1853.ean aipatzen du Gorosabel, baina ez urte berean Euskaldunac poema argitaratu zuen Hiribarren; eta honek, «Pilota Yocoa» izenezko poema luze bat hasten du 211. orrialdean. Juan Antonio Mogelek berak ere, 1800.ean argitaratu zuen Confesio ta comunioco sacramentuen gañean Eracasteak liburuaren 63. orrialdean aipatzen du pilota jokoa. J. B. Agirre Asteasukoak, Confesioco eta comunioko sacramentuen gañean eracusaldiak (1803) liburuaren erakusaldian, zenbait aldiz dihardu pilota jokoari buruz.

Aztertzen* jarraituko bagina, oraindik, euskarazko egileen artean, askoz ere izen gehiago aurkituko genituzke pilotaren aipamena egin dutenak, eta Iguaranen lerroetan ez daudenak. Penagarria, hainbeste hizkuntzatako egileak aipatzen direlarik, gure herrian bertan, eta eruditoen artean gainera, euskaldun egileak ezagunagoak ez izatea. Berriz ere esango dute, ez dugula literaturarik.

Hau ez da, Iguaran pertsonalki salatzearren, eruditoak oro* baizik. Bide batez, hurrengorako, hutsa osatzeko bidea ematen dugu, norbaitek kontuan hartu nahi badu.

JUAN SAN MARTIN


Uda

Ikastoletako problemak

Aurreko ANAITASUNAn ikusi genuen, ikastola batean jazo* zena.

Hiru urteko 30 haur hasi ziren ikasten. Bost urte geroago, 15 geratu* ziren. Besteak gurasoek atera zituzten, entzute handiko erdal kolejioetara eramatearren. Orduan kuotak, gastuak ordaindu ahal izateko, 400 pezetatik 800era jaso* behar izan ziren. Ikastolan sinesten ez zutenek ikastolaz aprobetxatu ziren, besteen kaltetan.

Hemen, aurrez aurre, burruka hau planteatu zen: guraso batzuen interes partikularra alde batetik, eta bestetik ikastola (kooperatiba gisan antolatua).

Ikastolako batzordeak* problema hau sakonki aztertu* zuen. Kooperatiba defenditu behar zen. Ez da gero txantxetakoa, kuotak 400 pezetatik 800era jaso beharra.

Zorionez, matrikulazio berriak asko ziren 3 urteko haurretan; eta batzordeak, eskarmentua harturik, zetozen berrien artean hautapen bat egitea erabaki zuen. Haien asmoa hauxe zen: hiru urteko haurrekin 30 ikasleko talde bat egin, eta ikastolan iraun erazi 14 urte kunplitu arte, arrazoizko kasuren bat izan ezik.

Kooperatibako batzordeak, kolektibitatearen defentsarako, erabaki hauk hartu zituen:

a) Familia bakoitzak 5.000 pezetako fidantza eman behar du (pagatzeko errazpideak emanen dira). Haurra 14 urte kunplitu baino lehen arrazoirik gabe ateraz gero, gurasoek galdu egingo dute fidantza hori.

b) Arrazoirik gabe seme bat ateratzen baldin bada, beste neba-arreba guztiak ere atera beharko dira, eta aurrerantzean familia hoiek hitxita ukanen dituzte ikastolako ateak.

Erabaki hauk guraso guztien batzar nagusian presentatu ziren. Tentsioa. Norbaitek bere boza altxatu zuen: «Hori, gizonaren libertatearen kontra doa». Beste batzuek erantzun: «Kolektibitatearen defentsa da».

Botoetara eraman, eta erabakiak aprobatuak izan ziren.

Ikastola hori, salbatu da. Ez da aurrerantzean parbulario bat izanen. Aulak beterik edukiko ditu. Irakasleen «produktibitatea» (hain modan dagoen hitza) ehunetik ehunekoa izanen da. Ikastola honek autofinantziazioa lortu* du eta irakaskintza on bat eman ahal izanen du ikasleen heziketaren* onerako.

Erresumen bezala, hau esan behar dugu: Batzuek txantxetan hartzen dute ikastola, eta ikastola ez da huskeria bat. Batzuek, euskara umeekin berba egiteko bakarrik erabiltzen dute; eta euskara ez da umekeria bat.

Beste batzuentzat aski* da, euskaraz «agur» eta «eskerrik asko» esaten jakitea; erromeriara joateko, txapela eta abarkak jantzea bezala.

Bukaerazi behar dugu betiko geure arteko euskalzaletasun hori.

Adinekoen artean erabili behar dugu euskara, eta edozein gai tratatzeko, nahiz eta «Eibarreko euskara» izan. Euskara kultur mailara jaso behar dugu, eta horretarako Ikastolak defenditu behar ditugu.

XABIER GEREÑO


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABURU, eritzi.

AGIAN, nonbait, seguramente.

AGIRI, documento.

AHANTZ, ahantzi, ahaztu (potentzialetan).

AIHENTSU, sarmentoso.

AISE, erraz.

AITZITIK, al contrario.

ALABAINA, hala ere.

ALDEROKA, tambaleándose, chancelant.

ALEGIA, esto es, a saber.

AMILTEGI, precipicio.

ANTZU, estéril.

ARABERA, arauera, según.

ARAU, norma.

ARAUERA, arabera, según.

ARAZO, problema, asunto.

ARE, oraindik.

AREATZA, Villaro.

ARESTIAN, oraindik orain, barrikitan.

ARETO, sala, salón.

ARRUNT, corriente, ordinario.

ASKE, libre, libro.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo.

ATONDU, antolatu.

ATSOTITZ, refrán.

ATZIPAMENDU, engaño.

AUKERATU, hautatu.

AUSNAR, ausnartu (potentzialetan).

AZAZKATU, desahogarse, se délasser.

AZTERTU, ikertu.

AZTORATU, azorarse, s'effarer.

BAJE, olatu haundi, uhin haundi.

BAKOITZ, bakar.

BANDATO, pañal, lange.

BARREIATU, dispersar.

BATZORDE, comisión.

BEDERA, bakoitz.

BEDEREN, beinik behin, behintzat.

BEHINEN, printzipal.

BER-BAKOITZ, mismo y único.

BERBER, bakar.

BEREZIKI, batez ere.

BIL, bildu (sujuntiboetan).

BILDU, batu.

BIR-ILOBA, biznieto, arrière-petit-fils.

BOKART, antxoba.

BOLANDERA, zirrita, ziririka, cohete.

BORT, sasiko, enfant naturel.

BUKATZEKE, bukatu gabe.

DAKARKE, dakar nonbait, bide dakar.

DATEKE, da nonbait, bide da.

DATZA, dago, consiste. (Etzan aditzaren forma)

DAUAGU, deuagu, diagu. (Ikus «Sustrai Bila», 118).

DEIT, deitu (inperatiboetan).

DIRAUT, irauten dut, continúo.

DOILOR, ruín, villano, bas, vilain.

EGITURATU, estructurar.

EGUN, gaur.

EI, omen.

EIHAR, ihar, igar.

EKAIN, junio.

ELDARNIATU, delirante.

ELE, hitz, berba.

ELTZE, lapiko.

EMAZURTZ, umezurtz, huérfano, orphelin.

ENPARANTZA, plaza.

ERAKUNDE, estructura, sistema.

ERANTSI, ezarri, añadir, ajouter.

ERATZAN, etzan erazi, recostar, faire coucher.

ERDEINATU mesprezatu.

EREDU, modelo.

EROSTA, lamento.

ERRESUMA, erreinu, estadu.

ERROMES, bellari, peregrino.

ERRU, huts, falta, hoben.

ESETSI, atacar.

ESKUALDE, comarca.

ESNARAZI, iratzarri, iratzartu, despertar.

EULTZEN, eulzitzen, ulzitzen, trillando.

EUSKALKI, dialecto vasco.

EZEIN, ninguno, aucun.

EZPADA, baizik.

EZTEUS, inexistente.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTS, sustancia, fondo.

GAFAK, lunetak.

GAINDI, gainditu, superar (aditz laguntzaile gabeko galdera indirektuetan).

GATAZKA, burruka.

GELDOTASUN, imbecilidad.

GERATU, gelditu.

GIZA-LEINU, género humano.

GORDALEKU, escondrijo, cachette.

GRAZIA, izen.

GUTIZIATU, desiratu, desear.

HABE, viga, poutre.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HAINITZ, asko.

HARLEZE, harrl leze, sima, abîme.

HARTZARA, berriro.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTSI, hausi.

HEDAPEN, extensión, propagación.

HEDATU, zabaldu.

HEGALUZE, bonito, germon.

HEIAGORA, gemido, gémissement.

HEIN, neurri, medida.

HERETAJE, heretatzeko eskubide. (Leizarraga).

HERTSI hestu.

HESTUTU, hertsitu.

HEZIKETA, educación.

HEZITZAILE, educador.

HILDO, surco, sillon.

HIRI, huri, ciudad.

HITANO, hika, tuteo.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HOTS, a saber, esto es.

HUNTZ, yiedra, llerre.

IGO, igon, igan.

IGORRE, Yurre.

IHARDUKI, jardun.

IHIZTARI, cazador.

ILE, ule.

IMAJINA, imajinatu (potentzialetan).

INKESTA, encuesta, enquête.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, buruil, septiembre.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRENTSI, iruntsi.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ISTRIPU, accidente.

ITSASMURRU, rompeolas.

ITSATSI, adherir.

ITUN, contrato.

IZORRAKETA, acción de fastidiar, de molestar (eufemismoa).

IZORRATU, fastidiar, jorobar (eufemismoa).

IZUNDU, falsificar.

JADANIK, ya.

JAINKOTEGI, templo.

JARAMON, kasu.

JASO, altxatu.

JAZO, gertatu.

JELA, hielo, glace.

JO, considerar.

JOKAMODU, conducta.

KIDETU, identificarse.

KINKA, kenka, momento crítico.

KOLOKAN, kilikolo.

KUPITU, errukitu, urrikaldu.

LANSARI, jornal.

LARRAIN, ara, aire.

LARUNBAT, zapatu.

LATERRI, erreinu, estadu.

LAUDORIO, alabantza.

LAUSO, nube del ojo, chose obscurcissant la vue.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIAKETA, competición, concurso.

LEKUKO, testigu.

LILURA, fascinación.

LIMIKATU, miazkatu, lamer, lécher.

LIZARRA, Estella.

LORTU, ardietsi, erdietsi.

MAIZ, sarri, sarritan.

MAIZTER, inquilino, locataire.

MALKAR, escarpado y pedregoso, escarpé et pierreux.

MANJADERA, pesebre, crèche.

MARRASKILO, caracol, escargot.

MARRUBI, mailuki, fresa, fraise.

MAXELA, mejilla, joue.

MEA, mineral, mina.

MEATZA, meatoki, mina.

MEHAR, hestu, hertsi, angosto, étroit.

MENDE, siglo.

MENDEKATU, vengar.

MESFIDANTZA, desconfianza.

MORROIN, morroi, servidor.

NEKATUOZ, nekatu hauekin.

NON NAHI DEN, en todas partas, donde quiera que sea.

NORAEZEKO, inevitable.

NOSKI, naski, ciertamente, claro está.

OHORGOA, robo, vol. (Ikus «Sustrai Bila» 22).

OHOSTU, robar, voler.

OIHUKATU, proclamar.

OIHARTZUNZKATU, resonar, hacer eco, faire écho.

OLA, lantegi, fábrica.

OLDOZTU, pentsatu.

OMEN, ei.

ONDIKO, desgracia, infortunio.

ORAIN, presente.

ORDEA, ostera, berriz, aldiz, en cambio.

ORDETAN, ordez.

ORKUME ora kume, zakur kume.

ORO, guzti.

OROIT, oroitu (potentzialetan); oroitzen dena (memor).

OROITZAPEN-GUZTIETAKO, gauza guztiak memorian dituena.

OSTERA, ordea, berriz, aldiz; viaje, voyage.

OTARRA, otzara, cesto, panier.

OTZAN, manso, doux.

OZEN, sonoro.

PISU, astun, pesado, lourd.

PRESESKI, con precisión, avec précision.

PRIMU, heredero, héritier principal.

SAIAERA, entsegu, ensayo, essai.

SAIATU, entseatu, bermetu.

SAKRIFIKADORE, fontífice. (Leizarraga).

SALBUESPEN, excepción.

SITS, polilla, teigne.

SOIL, mero, solo.

SORAIO, sarnoso, galeux.

SUKALKI, guisado, ragaût.

TRADITU, traicionar, trahir.

TROXATU, envolver en pañales, emmaillotter.

TXAPLIO, zirrita, ziririka, cohete.

UHE, makila, palo.

UHIN, olatu, ola, vague.

UKAN, izan (aktibo).

UKITU, ikutu, hunkitu.

UME-AR, polluelo macho.

URTE-GIRO, estación del año.

USA-KOLUNBA, uso, paloma. (Leizarraga).

UZTAIL, julio.

XEDATU, hesitu, cercar, clôturer.

XEDE, helburu, fin, objetivo.

XOLARTE, tiempo libre.

YAYO, bikain, bravo.

ZALANTZA, duda.

ZAMA, carga.

ZAMAKOA, Zamakona.

ZAPUZTU, mukertu, mokortu, hacerse huraño, devenir hargneux.

ZEIHAR, zehar.

ZELA, silla de montar, selle de cheval.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERREN, carcoma, artison.

ZIKINZULO, cloaca.

ZINEZ, benetan.

ZIRRADA, emoción.

ZUHAMU, zuhaitz, arbola.

ZUMEL, añejo, vieux.

ZUR, egur, madera, bois.


Liburu berria

I. Sarasola: Euskal Literaturaren Historia. Kritika solas

Ba zen ordua euskal literaturaren xede nagusiak kritikatzeko, bere kondairan zehar dituen alde on eta txarrak eta eraman dituen bideak aztertzeko;* literario alde soiletik* begiraturik, linguistika alde batera utziaz. Hau du bere asmoa Ibon Sarasolaren Euskal Literaturaren Historia izenez argitaratu berri den liburuak.

Berebiziko hautsak jasoko* ditu liburu honek. Izan ere, bat batean ez da erraza, tratatzen dituen pundu guztiak argi eta garbi adieraztea, ez eta ere ikusi ahal izatea. Beraz, ez da harritzekoa, liburu honek hutsak izan ditzakeela. Harritzekoa, hutsik gabea izatean datza.*

Bere funtsezko* esentzian, bat gatoz. Euskal literaturak egun hartu duen bidea, galak ugaltzea eta ideologia era guztietatik lantzea, hizkuntzaren eta beronen jabe den herriaren kultur iraupenerako eta politikazko etorkizunerako behar beharrezkoak dira. Herri baten kulturarentzat proiezio bakar hutsa bait da, luzera begiraturik, bere izate guztiaren galbidea.

Argi dago, kritiko premia handian gaudela, ni ere kritikotzat jartzen nautelarik. Horrela izendatze honek, beste gabe, kritika egitera behartzen nau; baina, alferrik nahi izan behar bezalako aburuak egitea, ez naiz sentitzen behar lukeen mailatik hartzeko ahalmenez. Parterik gehienean ados nator, batez ere argudioetan. Eta argiegi ikusten ez dudan zenbait pundu, egilearen beraren eta irakurlearen argibiderako adieraziko ditut. Inoiz egileari laguntzeko, eta hurrengo kontra egiteko. Hau bait da, Ibonek berean markatu dautan bidea. Beraz, bere baimena dut.

Liburuaren lehen partean, aburu* onez aztertzen daki autore zaharrak, Etxeparetik Axular eta Sarako eskolara eta Oihenart bere bakardadean. Parte hau da noski* liburuaren interesanteenetako bat, eta urratsik seguruenetan finkatua.

«Compañía Guipuzcoana de Caracas»ek, ez dugu dudarik jartzen, bere garrantzia izango zuela XVIII. mendean,* euskal literatura Gipuzkoan hasi eta gehitzean. Baina hobeto aztertu beharko litzateke, gorakunde hori Sarasolak dioen neurrietaraino den; zeren* mende erditik aurrera ilustrazioa ezagutzen zuen euskal teatro zaharrak, Sor Luisa eta Muniberen lanak lekuko,* eta besta herrietan ere ezagutu zen goratzeak, normalena zen gurean ere bere influentzia agertzea. Bestalde, XIX.enak berak erakusten dauku, «Compañía Guipuzcoana de Caracas» ez zenez gero.

XIX.ean, 39. orrialdean, erromantiko garaia ukitzen* duelarik, garaiaren hasierako Iparragirre ez du aipatzen. Bere poesia ongi moldatzen da erromantiko giroan; ez beharbada poesia idazteko moldeetan, baina bai berak duen dinamika eta sentimenduetan. Giro hau herriari sentierazi zion poeta dugu. Europako herri hainitzek* beren jabetasun librea hartu zuten garaia, barnetik ziren inperialismo txiki asko hautsiaz.* Hau hola delarik, Iparragirrek altxatu zuen hotsak bere lekua behar zuen. Are* gehiago, gaur ere oraindik, bere egarria ase ez zuen herriaren ahoetan bere kantak itsatsirik* izatean.

44 eta 46. orrialdean barna adierazten duen klerikalismoa, beharbada, neurriz hara doa. Ba dakigu, klerikalismoak, historian zehar, ahal izan duen neurriraino hestutu* izan duela bere poderearen hesia. Baina kleroa klero izan da alde guztietan, konsigna antzerakoekin jokatuaz. Eta, herri tipietan neurri horretarainoko azpijanez ari bazen, zergatik jokatu zuen eta jokatzen ari Galizian zeharo bestaldera? Galizian ez zen hori gertatu. Eliza herri hizkuntza arrunt eta tipiaren kontra agertu zen, eta hemen ditu bere sustraiak Galiziako literatura antiklerikalak. Ikus J. Alonso Monteroren Realismo y conciencia crítica en la literatura gallega. Beraz, adierazi nahi dut, ez duela koinziditzen herri bietako Elizaren jokabideak, goiko agintaritza toki beretik etorri arren.

Bestalde, Serafin Baroja (Pio Barojaren aita) baten kanta eta ateraldi antiklerikal eta antikarlistak ere ba dira, adibidez. (Noiz ikusiko ote ditugu liburu batean bilduak? Merezi du). XIX.aren lehen partean, Etxahunek ere ba zituen kanta antiklerikalak; baina denok dakigu gizajoak zer burubide eraman zuen bere bizitza garratzean zehar, eta bere kasua literatur mugimendutik zerbait apartatzen da, adierazi nahi dugun pundu hoietan.

Pundu hau ikutzean,* aipamen berezia merezi zuen A. Irigaray-ren Esbozo bio-bibliográfico de la literatura eúskara profana (del s. XV al XX) saiaera* lanak, bertako zenbait gai eta eritziz baliaturik. Lan honek «Príncipe de Viana» aldizkariaren 98-99. zenbakian (1965) ikusi zuen argia.

Liburuaren bigarren partean sartzean, S. Aranaren eskolatik sortu zen purismoa salatzen du. Eta, garbizaletasunarekin batean, arraza diskriminazioa eta klerikalismoaren neurrigabekeria. Izan ere, XX. mendearen sarreran ez zen politika jokorik bidezkoena. Aranak aukeratu* zuen jokabide honen oinarriak Larramendiren influentzia hartzen du, bere parterik handienean. Baina arrazakeriaren sustraiak askozaz haruntzago aurkitu behar dira, euskara hizkuntzaren bitxikeria ere bai. Garibay, Poza eta B. Etxabegan ere aurkituko ditugu kontzeptu hoik. Paradisuko hizkuntza bitxia eta arrazatiko noblezia hoiek erabili zituzten, eta Klaberiak Ziburuko Joanes Etxeberriri egin bertsoetan ederki burlatzen ditu.

Baina partiturik adieraziko ditugu:

Hizkuntzaren bitxitasuna, ordutik hasi zena, Larramendiren bidez, goraka etorri zen Paulo Astarloaganarte; eta S. Aranak P. Astarloa hartu zuen modelo, hizkuntzaren purismoan behintzat.

Arraza kontua —Tubalengandik zuzen gentozela euskaldunok—, arestian* aipatu ditudan E. Garibay, A. Poza eta B. Etxabek beren ustez erabili bazuten ere, kontzeptu oso espainiar erresumakoa* da bere oinarrietan. Eta ez, «fiesta de la raza» zelebratu izan duen nazio bakarra delako noski;* baizik, argi dago, lehen noblezi kasta, gure probintzietara, Gaztelako erregeen «aitoren seme» (aita onen seme) eta gainerako noblezi tituluetatik hasi zela. Beharbada, eta hala zen seguru asko, aurretik ziren «ahaide nagusien» bukaera ondorean sortu ziren haiek utzitako handinahiaren tokiaren betegarri, konde, markes, hidalgo eta gainerako handiki tituluok Gaztelako erregeek ematen bait zituzten, eta ez gure probintzietako batzarrek. Eta ez da historia asko jakin beharrik, «villano» eta «vasallo» eta antzerakoek zer giza maila zuten jakiteko. Orduan, euskaldunek, beren foruen bidez, ez zuten onartu beren artean holako bereizkuntzarik. Euskal Herritik irtetean,* beren buruak «villano» eta «vasallo» bezala agertzean, Biltzar Nagusien eskaria izan zen, hemengo guztiak maila unibertsal batean berdintzea, «aitoren seme» (hidalgo) titulua hartuaz, gizon bezala errespetatuak izateko. Ikus honetaz, beste zenbait estudioren artean, K. Etxegaraykoaren Investigaciones históricas referente a Guipúzcoa-ren lehen kapitulua.

Egoera honetan, lehen aldiz, herri oso bat hornitzen da gizon errekonozitu mailan (edo seme errekonozitu, «hijo de algo» hijodalgo edo hidalgo, eta ez bastardo). Larramendik defenditzen zuen nekazari noblea, zapatari noblea eta abar, alfer eta alproja nobleen aurrean, euskaldungoa defenditu nahirik, gure noblezia apalaren kontra ateratzen zirenen aurrean (ikus Corografía-ren «De la nobleza...» kapitulua). Gertakari hauetatik, Gaztelanian liberalismoaren garaian nobleziak lehen zuen prestijioa galtzea, gutti batzuk zirelako titulundunak eta hainitz gabeak. Gabeek irabazi zuten beren eritzia poliki poliki. Baina Euskal Herrian ez zen hori gertatu: noble izatea denek ahal zutenez, harrokerian erori* ziren, eta askok eutsi nahi zion, gauza bereizi bezala, bere funtsezko kontzeptuetan oso espainiar hutsa bazen ere, eta hau politikaz bestaldera jokatuaz. Jakina, Sabinok bere politikarako hartu zuen; baina pundu honetan ba dakigu nork influentziatu zuen. Bere politika programa egitean, Lizarrara* Aita Iberogana hainitz ostera* egin zuen; eta batez ere harek kutsatu zuen arrazazale bezala, eta, seguru asko, bai eta klerikalismoa ere, neurri handi batean behintzat.

Beraz, Aranaren joerak, Larramendi, P. Astarloa eta A. Ibero ditu iturburu. Hoietarik, lehenengoaren jokera hain zuzena ez bazen ere, ondorengo biena okerrago noski. Baina, oraindik ere arraza zaletzat juzgatzen gaituzten espainiarrek, jakin bezate beren herentzia izan dugula pundu honetan.

Dena dela, aitortzen dut, azterkizunok ez direla hain xinpleak, eta literaturatik aparteko historia ere hobeto ezagutu beharra dugula.

Literaturan garbikeriatik jarraitu dutenak, beti izan dira kulturaz guti hornituak edo kopeta laburrekoak. Berek nahi zuten euskara, anti-erdara zen. Baina «anti» ziren aldetik, beren konparazioetan, erdaraz hola zena euskaraz hala behar zuela, eta horrelako jokabidez erdara bera hartzen zuten oinarri; zeren* erdaratik ikusten bait zituzten gauzak, euskararen muinetik beharrean. Adibidez, gaztelaniatik askozaz hurbilago dago Loraila («mes de las flores» ideakoa) Jatorragoa den Maiatza («mayo» pagano zaharretikakoa) baino; baina «garbizaleen» mundu txikian bestaldera behar zuen izan. Gainera, maiz,* hitz berriak asmatzen zituzten, bakoitzak berak ezagutzen zuen euskara txikitik ikusita, lehendik beste euskalkiren* batean eratua zegoen ala ez begiratu gabe. Baina, kritika honetan, alde honetatik abiatuko bagina, inoiz bukatu ezindako jardunetan eroriko ginateke.

JUAN SAN MARTIN

bezate, beie

dauku, deusku, digu

daut, deust, dit

ditzake, daikez

daude, dagoz