ANAITASUNA

214. zenb.

1971.eko ekainaren 30ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


Andereñoa. Haurra. Ikastola

Modak ez daude bakarrik andren jantzietan. Karreretan ere ba daude. Sasoi batean, Nautika eta Komerzio izan ziren. Orain, Perito Industrial (edo Injeniero Tekniko).

Baina, laster, beste hau izanen da: Magisterio. Eta ni asko alegratzen naiz.

Munduan dagoen gauzarik inportanteena, ume eta gazteen heziketa* da. Hor dago gizartearen etorkizuna. Nola gazteria, hala geroa.

Beraz, Magisterioa prestijiatu egin behar da. Eta prestijiatu sozialki eta ekonomikoki.

Maistrek, maisuek, gauza handiak izan behar dute. Eta ondo pagatuak.

Magisterioaren orduak, zorionez, jo du.

Datorren kursorako, euskal ikastolek 300 irakasle gehiago behar dituzte. Eta hurrengo urteetan, urtero, beste horrenbeste eta gehiago.

Beraz, euskalduna bazara, eta «Asistenta Social» tituloa (nahikoa da lehenengo kursoetarako) edo Magisteriokoa baduzu, eskain zaitez, euskal irakasle izateko. Gehienetan ondo ordaintzen dute, eta Seguru Sozialak izanen dituzu.

Eta, azkenik, zerbait kontratistentzat, hau da, etxegintzan dabiltzanentzat.

Kontratista bat dago, herriren batean edifizio bat egiterakoan, lehenen, lonjak ikastoletarako eskaintzen dituena, prezio onean.

Kontratista jaunak: euskal ikastolek, Lege Berriarekin, aula gehiago behar dituzte. Jarrai ezazue kontratista horren exenplua.

XABIER GEREÑO


Herriz herri

Durangoaldea

«Tabira Mendi» elkartea

Uztailaren* 11n, Durangoko «Tabira Mendi elkarteak sariak bananduko deutseez, Urkiolako Gurutzeetan, ihazko urtean mendiko txapelketetan irabazle atera zirenei.

Elkarte beronek antolatuta, herriko gazteentzako ibilketa neurtu bat egon zan ekainaren* 10ean. Eguraldiaren erruz, ez ei* zan gazte askorik agertu, nahiz eta ehundik gora etorriko zirela uste izan. Aurten antolatu diren ibilketa neurtu bietan berdin jazo* da: hartuta egozen denboretan baino askozaz arinago egin ditue ibilaldiak gazteok; azkenengo honetan desberdintasunak 25 minututik hasi eta 63 arterainokoak izan dira. Ordu hartzaileok, ba dakizue hurrengorako: hankok bizkortu!

Heriotzea Ermuan

Orain dala egun gutxi, Totorika Azkarate 9 urteko mutiko Ermuarra, pelota baten bila joiala, errekara jausi eta ito egin zan. Haren gorputza Ermutik Eibarrera bitartean agertu zan. Beraren familiakoek adierazi deuskue, bertotik eskerrak emateko, euren saminezko egunetan haurra bilatzen eta beste beharretan lagundu ebenei, batez ere Durangoaldeko bonberoei.

Eskualdeko jaiak

Ekainaren 10ean amaitu ziren, Durangoko «Alkartasuna» pelota elkarteak antolatutako esku pelota txapelketak. Txapelketa honeek, urteetan aurrera doazenentzako, maila bitan bananduta egon dira: 30 urtetik 40 urterartekoentzako eta hortik gorakoentzako.

Uztaila*, gure eskualdean*, jai hilabetea dogu: 4ean Abadiñoko Gaztelu auzunean San Martin; 8an jaiak lorretan San Andres ermitan, eta Zaldibarren Santa Isabelak; 10ean Abadiñoko Mendiolan eta Harriaundiko Azkorra auzunean San Kristobal (jai berbera ospatuko da hurrengo egunean, igandean*, Oizko ermitan).

Gerediaga elkarteak uztailaren 11rako antolatu dau Zaldibarren V. Dantzari Eguna. Goizean kalejiraz emango jako hasiera jaiari. Ondoren meza, eta jarraian eskualdeko dantzarien alardea. Alarde honetan, eskualdeko bihotz gazteko dantzari zaharrak 4 urteko umeen ondoan dantzan ikusteko aukera izango dozue. Arratsaldean, eskualdeko soka dantza txapelketa, erregelen doinu eta erara dantzatua.

Uztailaren 4ean, euskal folklore jaialdi bat egingo dabe Abadiñon, Ipar Amerikatatik etorritako herritarren omenez. Han jaiotako semeakaz etorri dira, eta honeek aukera ederra eukiko dabe, euren gurasoen sorterriko ohiturak ezagutzeko.

Idazlan sariketa Mallabian

Mallabiko Gurasoen Elkarteak eraturik, idazlan sariketa bat ospatuko da, prosaz nahiz bertsoz, erdaraz eta euskaraz. Lanen egileek Mallabitarrak izan beharko dabe.

Ez da lehenengoz, Mallabiko Gurasoen Elkarteak honako zerbait egiten dauala. Oraingoz programak ere euskaraz eta erdaraz dagoz. Asko da. Dana dala, Mallabia euskalduna da. Eta, goitik dan dana erdaraz ezartzen dalarik, euskara eta erdara parrean jartzea memento honetarako aurrerakuntza bat da. Egia esan, ez dagoz parrean: batari pentsu jaten ematen jakolarik, besteari belar indargabea baino ez baitxako ematen.

Elgoibar

Euskal jaiak

Azken egun hauetan, «euskal giroa» deritzan erako gauza asko egin da. Euskal jai zoragarri bat antolatu zen; batipat* ikastolako umeek parte hartu zuten. Ikastolarako dirua biltzeko ere jaialdiak antolatu ziren. Eta herriak ongi erantzun du beti.

Giro hau dela ta, herria poztu eta gogortu egin da. Nik uste, jai hauk* antolatzen saiatu direnek txaloak merezi dituzte. Norbaitzuek, ordea*, beste alorretan* lana egiten dutela ta, ez dituzte hain ongi ikusten; eta hau ikuspegi laburra edukitzea da. Herri ekintza osoki planteatu behar dugu. Eta osoki planteatzen duten hauek, euskal giroan ere gehienbat saiatzen dira. Egiten dutenekin elkartzen eta ekintzaile berriak sortzen ikasi behar dugu, nahiz eta pentsamolde desberdinetakoak izan.

Ikastolarako gelak

Elgoibarko kooperatibek lur zati haundi bat eman dute, ikastola berri bat egiteko. Baina, hori lortu arte, lokalen behar gorrian aurkitzen da ikastola.

Beste askori bezala, Elizari ere eskatu zaizkio. Honek —denek batera hartu omen* zuten erabakia— ezezkoa eman du. Zergatik? Ez noa arrazoiak azaltzera, barre gurea etortzen zait eta.

Eskerrak, haizea apur bat aldatzen ari dela!

J. L. ARAKISTAIN

Bilbo

Automobil multzaketak

Bilboko udaletxearen* aurrea, Deustuko zubia eta Burtzeña dira, edozein kotzedunen pazientzia apurtzeko tokirik egokienak.

Egunero ordu bete edo gehiago alferrik galdu gura ez badozu, hona hemen ideia bat:

Hartu eizu Euskaltzaindiko Alfabetatze Batzordeak* egindako «Lehen Urratsak» liburua (25 pezeta kostatzen da). Egizuz «txuleta» batzuk (ikasle denboran bezala), eta, arranke baten eta bestearen artean, ikusiko dozu zein erraz ikasten dituzun deklinabidea, joskera*, aditz* batua eta hainbat gauza.

Egizu proba bat. Nik, egin dot; eta merezi dauala aitortzen dot. Liburua eskatzeko: Euskaltzaindia, Ribera, 6. Bilbao-5.

Komentuetan euskaraz?

Euskal Herria euskalduntzeko, familiak euskaldundu behar dira lehenengo.

Pozgarria da ikustea, Bilbon zenbat familiatan egiten dan euskaraz.

Fraile eta monjen komunidadeek, benetako familiak osotzen ditue: moralaren eta zuzentasunaren aldetik, guretzat eredu* eta ispilu izan behar leukeen familiak.

Ni, galdera hau egin beharrean aurkitzen naiz: zein da, Bilbo eta Euskal Herri guztiko komentuetan gaur erabiltzen dan hizkuntza?

Erdaraz egiteko atxakia, fraile eta monja guztiak euskaldunak ez direla baldin bada, jakin beie*, erdaldunak zirela nire emaztea eta beste hainbeste eta hainbeste emazte eta senar. Orain euskaldunak bihurtu dira, eta gure etxeetako hizkuntza bakarra euskara da.

Beraz*, Euskal Herrian bizi zareen fraile eta monjak: zein da zuen komentuetako hizkuntza?

Euskara beste kolejio batean

Azken ANAITASUNAn esaten genduan, Indautxuko jesuitek (euren kolejioan 2.000 ikasle dabiltza), datorren kursoan, euskal gramatika derrigorrezkoa bezala jarriko dabela.

Orain jakin dogu, «Santiago Apostol» kolejioak ere (hemen ere 2.000 ikasle) berdin eginen dabela.

Lehen gure txaloak jesuitentzako izan baziren, gaur La Salletar fraileentzako dira.

Baina, kontuz! Beti dago Barrabasen bat. Aurrera, fraile zintzook, oztopo guztiak gaindituz! Zuzena izan da zuen erabakia, eta jarrai aurrera.

Euskal gramatika

Alfabetatze Batzordeak gramatika liburu bat argitaratu dau: 60 orrialde eta 25 pezeta.

Euskal deklinabidea, joskera* eta aditza*, ezin hobeto presentatzen ditu. Aditzaren eskemak batez ere, oso interesgarriak eta erraz ikastekoak dira. Eskariak: Euskaltzaindia. Ribera, 6. Bilbao-5.

Kantari berri bat

Jon Enbeita dau izena.

Sarritan kritikatu ditugu euskal kantak euren esannahi baldar eta hutsagatik. Ikusi ditugu Jonen abestien hitzak, eta sakontasuna ideietan eta dotoretasuna hizkuntzan aurkitu dogu, abeslari eta bertsolari dan batek egin leiken bezala.

Haren zuzenbidea: Caserio Ormaetxe. Múgica, Vizcaya.

Zelan erantzun ostikada honi?

Santutxuko umeen euskal jaia exito handi bat izan da. Santutxu da Bilboko auzoen artean zintzoenetariko bat eta euskal arazoetan aurrerena.

Kaletik umetalde bat joian, soinua jotzen eta biribilketan saltoka. «Jaun» bat taberna batean sartu zan, eta disko bat martxan jarri eban. Gero, jabeari esan eutson: «Oiga, ponga esto más alto, a ver si tapa esa mierda que pasa por la calle».

Ikusi eban batek kontatu deust.

Nola erantzungo zeunskio ostikada honi?

XABIER GEREÑO

Arratia

Dima eta Zeanuri bat eginda

San Blas izeneko ermita Dima eta Zeanuriren erdian dagoenez gero, herri biok batera dira haren jabeak. Eliz egutegian*, otsailaren*3an ospatzen da santu horren jaia; baina guk, gehienen eritzia kontuan harturik, ekainaren* lehenengo igandera* aldatu dogu. Ermitetako jaiak noiz hobeto udan baino?

Aurton ere, nahiko jenderik elkartu ginen: gehienak, betiko legez*, gazteak. Herri mezaren ostean*, patata tortilla nork hobeto egin sariketa bat egon zan. Baina, epailarien artean Dimatarrik ez egoelarik, Zeanuritarrek eroan eben lehenengo saria. Ondoren, Zeanuriko gaztetxo batzuek poztu ginduezan euren euskal kanta ederrakaz. Zergatik ez antolatu ermita honetako jaiak, Zeanuritarrek urte batean eta Dimatarrek bestean?

Alfabetatzea

Euskaldunok analfabetoak garela esatea ez da beste munduko gauzarik. Lotsagarria, baina egia. Ia XXI. mendean*, eta oraindik geure hizkuntzan idazten eta irakurtzen jakin barik! Baten bat lotsatuko da, baina ehunetik 99 Arratiar, horregatik, ondo bakez bizi dira behintzat! «Erdara ondo jakinez gero, zertarako behar da, ba, euskara?»

Arratiako herri guztietan daukagu alfabetatze kursillo bat. Zenbat joaten garen? Ez noa esatera. Mila atxakia ipintzen ditugu, joan barik gelditzeko: denbora, beharrak, eta abar. Sakonera joanez gero, gogo eta arduraren falta.

Zorionekoak euskaldun analfabetoak, denboragaz erdara eurena izango da ta!

ZAMAKOLATARRA

Sestao

Ekainaren* 6an ospatu izan dugu Euskara Eguna Sestaon. Eguraldia lagun, egun ederra izan genuen. Egun horretarako, ekitaldi batzuk eratuta genituen: euskarazko meza, kantari jaialditxo bat (dohakoa*), herritik ibiltaldia (euskaraz mintzatuz) eta, amaitzeko, bazkaria. Horretarako, Bizkaiko zenbait* herri euskalduni dei egin genion, euskaraz eginez eta kantatuz, egunari eta herriari euskal giroa emateko.

Baina, azken orduan, kantari jaialdia debekatu egin zeukuten, eta dena aldatu behar izan genuen: aldatu bai, bai ez ezereztu. Meza ostean*, herriko Gran Vía delakotik, taldeka, tabernarik taberna, euskaraz mintzatzen, kantatzen eta txistua jotzen aritu* ginen, eta ondo aritu ere. Nahiz eta hertzainei* gustatu ez (marmarka ibili ziren, aurki*), gu geureari ekin gintzaizkion. Ordu bietan edo... joan ginen bazkaltzera.

Bazkalondoan, debekatu jaialdia biztu genuen. Kantariak bertara etorri ziren, eta hantxe jardun zuten, eta denok pozik geratu ginen. Hemendik bertotik bidaltzen dizkiegu eskerrak, egun honetara etorri ziren guztiei (Bermeo, Ondarroa, Durango, Natxitu eta beste herrietakoei). Bai eta Barakaldoko euskaldun berri jatorrei eta Sestaoko apaiz eta monja batzuei ere, beren laguntzagatik.

Ea hurrengo urteetan hobetzen dugun. Jainkoa eta... lagun.

ANDONI ZORRILLA

Legorreta

Ez dakit nor zen aurreko kronista, baina herriko jaiei buruz honela zioen: «Aurten, ordea*, urte gehiegitxo deus egiteke* joan dira ta, parte hartzeko asmoz dabiltza eta biziki lanean ari dira Legorretar gazteak».

Bai, noski*! Ez zuen arrazoi faltarik hori zioenak; eta halaxe joan ere joan dira urte gehiegitxo, deus egiteke. Baina, hobetoago esanik, ez dut uste, joan diren urteak alferrik eta deus egiteke pasatu direnik. Izan ere, goikoekin hainbeste urtetan zehar generaman burrukak, ba genekien gaur edo bihar bere ondorio onak emanen zituela.

Aurten behintzat, herriak, «berak antolaturiko» jaiak —onak edo txarrak— gozatu ahal izan ditu. Eta hori zen, hain zuzen ere, urte hauetan zehar herri gizonekin eraman dugun burrukarekin eta egin behar izan ditugun boikoten bidez lortu nahi genuena: herriko jaiak herriak berak antolatzea, alegia*. Ez genuen onartu nahi, kontseilukoen esku artean egosi eta goitik behera emaniko pastelik, gure urdailek porrot egin ez zezaten; nahigo genituen, herriak berak eguneroko izerdiaz haitzurtutako belarrekin eginiko enplasto merkeak.

Hala eta guztiz ere. ez dira gauzak guk nahi bezain ongi joan. Izan ere, esan dezagun, aurtengo hau lehen esperientzia bat besterik ez dela izan, datorren urterako xertatze* bat, besteek jarritako hamuari koskadarik* ez egiteko.

JOMA

Munitibar

Oiz mendiko San Kristobal

Aurreko zenbakian publikatu zanez, oso modu txarrean eta la ia abandonaturik dago San Kristobaleko ermita. Honetan herritar guztiak bat datoz; baina ez, nork eta noren lepotik konpondu behar dan erabakitzean.

Entzun dogunez, ez ei* dau merezi, Gerrikaizko parrokiak dituan diru apurrak mendi punta horretako ermitatzar horretan enplegatzea, herrian bertan dagozen arazoak premiatsuagoak eta onuragarriagoak* izanik.

Udalaren* aldetik ere, beste horrenbeste entzun deutsegu batzuei: kalean bertan eta baserri inguruetan dagoela zer konpondu, Oiz mendiko tontorretara igon barik. Beraz*, ba dirudi, arazo horrek ez deutsola askori buruko min haundirik ematen.

Agintariek eurek, ez dakigu zer uste daben gauza horretaz; baina zeredozeren ardura ba darabilela ba dakigu.

Hemen argi ikusten dana da, Munitibartarrek ez dabela nahi euren lepo hutsez konpondu eta gero probetxua danentzat izatea. Eta arrazoia dauke.

Izan ere, Oiz mendiko arazo hau ez da gurea bakarrik, Oizen terrenoak daukezan udal guztiena baino: Munitibar, Markina, Mallabia, Berriz, Garai, Muxika eta Mendata. Danen artean eta Bizkaiko Diputazioaren eta turismoko eta bestelako entidade publikoen artean konpondu beharko litzateke hau.

Jaiak

San Pedroak laster ditugu, eta, herriko jaiak kausa direla, dibertitzeko gogoa pixka bat harrotu jaku. Aurtengo jaietan ihazkoetan baino zeredozer gehiago egongo dala ba dakigu. Kontzejal berrien eskua eta eragina agertuko ei* da.

Oraingoz behintzat, fijo egongo diren festejoak honeexek dira: kofradien arteko sokatirak, Markinako dantzariak, Bolibarko txistulariak eta Lekeitioko orkesta supermoderno bat.

ERRAMON GERRIKAGOITIA


Joera

Euskal Herriko gizarte jokora sartzen den edonor laster konturatuko da, ikaragarrizko nahaste bat dagoela. Hobeto esan, izugarrizko bizitza bat dagoela eta, seguru asko, mendebaldeko* herririk politizatuena dela.

Gure Herriak kontradizio ugariak bizi ditu, eta, interesgarria dena, kontradizio berezi batzuk ditu, bestalde. Beraz*, teoriarik hoberenen jabe izatea errazagoa da, teoria hoien baliotasuna gure Herriari ezartzea* baino.

ANAITASUNAK urte bi daramatza* zuzendaritza berri honen gidaritzapean; eta arrazoi handte esaten zaiku, jendeak gure linea ideologikoa jakin nahi duela.

Egia esan, zail zaiku linea garbirik, taxuturik eta egokiro proposaturik izatea, ez profesionalak ez diruz hornituak ez garelarik. Nahikoa da, Euskal Herrian diren mila eta bat presio taldeetatik aske* izatea.

Bestalde, linea bat aipatzea baino, joera bat esatea egokiago ikusten dugu. Eta, joera hori seinalatzen hasiz gero, lehendabizikoz euskalduna dela esango genuke. Euskaldunak gara, Euskal Herri eta euskal jendearen interesen alde dihardugulako, euskaraz ari garelako, euskal irakurleak ditugulako... Ba dakigu, horregatio*, "euskaldun" hitza, gero, batera batera, errealidade ezagun batzuekin jantzi behar den kontzeptu bat dela.

Eta euskaldunak izanik —nolabait, azkar eta ulerterraz esatearren— ezkertiar joerakoak garela esan behar dugu. Ezkertiarrak, gaur egun, hemen eta Legeen landa barruan, ahal dugun neurrian dihardugunak. Euskal Herriaren sozializatze eta demokratizatze bidean, euskaldun bezala, lanean dihardutenen adiskide, laguntzaile eta berriemaile gertatzea nahi genuke.

ANAITASUNA


Euskal literaturari ere txokotxo bat eskaintzen zaio

Bai, euskal literaturari ere txokotxo bat eskaintzen zaio. Hau da zerbait direla uste dutenen borondatea.

Egunkariek aditzera eman daukutenez, Gipuzkoako idazleen elkarte bat sortu da. Elkarte honek bere sail bereziak izango omen* ditu, literatura generozko sailak: nobela, antzerki, poesia, saiakera, narrazio, eta abar. Literaturako genero hoien artean, xelebreena: euskarazko literaturaren saila dugu. Euskal literaturak, berak bere aldetik, beste sailok euskaraz hornituko ez balitu bezala.

Elkarte hori sortu dutenen artean, agiri denez, bere gradua du (hobeto esan, berek jartzen dioten gradua), haurtzaro mailakoa, noski.

Izan ere, bere izenak agertzen dira egunkarien bidez herriaren begietan. Euskaraz "tema rural" bakarrik ontzat hartzen duten egunkari hoietan. Eta, orain ere, beren idazle elkartean, bazter batean txiki utzi nahi dute euskara.

Baina handi-mandizko idazleok zer eman dute literaturara?

Guk, euskal literaturan, azken zortzi urte hauetan eman ditugun liburu berrietan, behinik behin: 12 nobela, 27 antzerki, 25 poesia liburu, 17 saiakera liburu, 5 biografiaz, 6 ipuin liburu, 9 narrazioz, opera 1, pastural 1, 43 bertsolaritzaz. Aparte, eliz liburuak, kanta bildumak*, hizlauzko* bildumak, musikazkoak, soziologiaz, folklorez, ekonomiaz, eta abar eta abar beste zenbait* liburu. Eta, horrez gainera, beste hizkuntzetatik itzuliak eta edizio zaharretatik berriz argitaratuak, San Martinek EGAN eta ANAITASUNAn argitara eman dituen listak kontuan harturik (bertatik atera ditugu kontaduria hauk), azken zortzi urteetan, 1963-1970 bitartean, 296 liburu dira euskaraz argitaratu direnak (argitaratzera utzi dituztenak). Hoietarik 177 liburu, gaurko euskal literaturaren mugimendutik sortu diren liburu berriak; gainerakoak itzulpenak eta birrargitaratuak. Gainera, hau, Liturgiako liburuak kontuan hartu gabe. Eta guk galdetuko genuke, ea elkargo* horren sortzaile diren idazleek holako batuketarik lortu duten.

Zeren*, bestela, nola litzateke, berak baino literatura gehiago sortu duena sailtxo zoko baten jartzea?

Euskarazko produzio hau ikusirik, zer pentsatuko ote dute? Beharbada, hobe litzateke gauzak itzulitara jarri, eta, literatura genero sailean, erdal literatura jarri. Euskal Herrian, legez, hala behar zuen. Batez ere, besterik berek demostratzen ez daukuten artean, jarri dituzten genero sailetan euskaraz gehiago idatzi delarik. Ez ote?

Elkarren arteko kalitateari buruzkoa, neutral batzuen eskuetan utziko genuke, eta ez berek beren buruak jainko egin dituztenenetan.

Sortuko omen dute literaturazko aldizkari bat ere. Ez, ordea*, JAKIN eta EGANen ordezko izango dena; ez noski*. Beharbada, euskarazko sail bat ere izango du. "Tema rural" ote? Hala baita* euskal literaturaren haurtzaroa, euskararik irakurtzen ez dutenen begietan. Dena dela, euskarazko saila "h" madarikatu eta kaltegarri hau gabe izan bedi. Hala ez ote duzue, ba, nahi? E! Santiago, Pelay, Cecilia? Zuen erdarazko esanetan zenbait aldiz agertu duzuen bezala?

Dudarik ez duguna, hoiek izango dutela laguntza; guk eragozpenak aina*. Bai horixe! Izan ere, zer hoberik holako elkarte bat baino, euskarazko literaturari trabak jartzeko?

Bukatzeko, egin dezaketenik hoberena, euskararik ez dakien eta, "euskalduna" hitzak zer esan nahi duenik gabe, "concepto de lo vasco" argitu nahi duen Banus-ek ematen dituen bideak jarraitzea.

Gauzak, argi eta garbi.

EGURENTARRA

daukute, deuskue, digute

dezakete, daikee

diote, deutsoe

zaio, jako


Euskaldungoa

Jose de Arteche jaunaren mintzaldia Bergaran

Jose de Arteche idazleak mintzaldi bat eman izan dau, Bergarako udaletxean*, Simon Arrieta bergararrari buruz, Asentsio jaietan.

Uztapide eta Lizaso Lezon

Uztapide eta Lizaso bertsolariek jardun izan dabe bertsotan Lezon, maiatzaren 30ean.

Euskal jaia Mallabian

Ekainaren* 6an, Mallabiko Beranoko auzunean ospatu izan da euskal jai bat, «Gazte Alaiak» taldeak eraturik. Herri meza, dantzariak, bolajokoak, eta Mugartegi eta Narbaitza bertsolariak egon ziren.

«Ez dok Amairu» taldea ikastolen alde

Ekainaren* 3an, Mikel Laboa, Xabier Lete eta Benito Lertxundi, «Ez dok Amairu» taldeko kantariek, jardun dabe Iruinean, Aita Jesuiten etxean, huri horretako «San Fermin» ikastolaren alde.

Pi de la Serra kantaria Donostian

Ekainaren 4ean, Pi de la Serra katalan kantari aurrerazaleak kanta saio bat eman dau Donostian, «Principal» aretoan*, «Ez dok Amairu» taldekoek eraturiko jaialdi batean. Berak katalanez esana, euskaraz eta erdaraz aditzera eman jaken era berean entzuleei.

Donibane Lohitzuneko ikastolaren alde

Donibane Lohitzuneko ikastolaren alderako jaialdi bat egon da herri horretan, Salbatore* jaietan. Carrère eta Ospital kantariak, «Oldarra» dantza taldea, «Begiraleak» kantari eta dantzariak, Mattin eta Xanpun bertsolariak egon ziren.

Migel Anjel Basurko apaiz berria Motrikun

Migel Anjel Basurko, motrikuar gazteak, San Pedro egunean jasoko dau apaizgoa. Bere anaia Xabier ere apaiza da, eta Donostiako seminarioan ari da irakasle. Berdin bere anaia Juan Manuel ere, futbolari ospetsua izana, eta orain Ecuador-en apaiz lanetan ari dana.

Liturgi liburu berriak

Bizkaiko Elizbarrutiko Liturgi Batzordeak* argitara emanik, Bilboko Gran Vía 7an dagoz salgai «Igandeetarako Berbaldiak», «Jaiegunetarako Irakurgaiak» eta «Ezkontzako Sakramentua».

«Hegan» kantari taldea Nuarben

«Hegan» kantari taldeak jardun izan dau, Azpeitiko Nuarben izan diren jaietan. Kantari talde honek erromerietan eta gainerakoetan jarduten dau, beti euskaraz, humore onean, eta beretxo batzuk esanaz.

Edorta Kortadi, apaiz berria

Edorta Kortadi, tolosar gazteak, apaizgoa jaso izan dau Donostiako San Antonio elizan, Gipuzkoako obispo jaunaren eskutik, ekainaren* 13an. Edorta Kortadik dibujoa irakasten dau Donostiako seminarioan, eta hainbat idazlan argitaratu ditu ZERUKO ARGIAn eta ANAITASUNAn.

Apaiz zergatik egin dan, L. A. jaunak ZERUKO ARGIArako galdetu deutsonean, honetaraxe erantzun dau: «Teologi eta politika arrazoirik sakonenak aparte (arrazoi hauk edozein esku liburutan aurkituko dituk), gizonengan, artean eta poesian sinesten dudalako esan behar diat».

«Derecho civil de Navarra» liburu berria

Francisco Salinas Quijada jaunak egindako «Derecho civil de Navarra» liburua argitara eman berri dau «Aranzadi» liburuetxeak. Liburu honetan, egileak agertu nahi izan ditu Nafarroako lege bereziak, hango historia, soziologia, ekonomia, ohiturak, herriaren izaera, eta abar. Liburu berri hau lehenengoa da, eta gehiago egiteko asmoa dauka Salinas jaunak, gai bera jorratuz.

Euskal antzerkia Seguran

Gipuzkoako Seguran jokatu izan dabe Zaldibitarrek «Burrukak ez du bukaerarik» antzerkia, ekainaren* 5ean.

Ezin izan da jairik egin

«Kanta Berri» sariketako jaialdia Bilbon, «Euskararen Eguna» Sestaon eta Gerediaga elkartearen «Merindade Eguna» Garain ezin izan dira ospatu, ez baita* horretarako behar dan baimenik lortu izan.

Xabier Gereñoren mintzaldiak

ANAITASUNA honetan idazten dauan Xabier Gereño bilbotarrak mintzaldi bana eman izan ditu Portugalete eta Barakaldon, bilinguismoari buruz, hilabete honetan, ikastoletako gurasoak bereziki* entzule zitualarik.

«Quousque tandem...!» liburuaren bigarren edizioa

Jorge Oteiza artistak egindako «Quousque tandem...!» liburua, agorturik egoena, argitara eman dau berriro «Txertoa» editorialak. 300 orrialde eta 66 fotografia ditu. Prezioa, 210 pezeta. Liburu hau zer dan, egileak berak dino: «Ensayo de interpretación estética del alma vasca, con breve diccionario crítico comparado del arte prehistórico y el arte actual». Eskatzekotan: «Txertoa». Apartado 767. San Sebastián.

HERRIA aldizkariaren kontseilua

Bere urteko biltzarrea egin du HERRIA aldizkariaz arta* duen kontseiluak, maiatzaren 11n.

Ongietorria eta buruzagiaren hitza P. Lafitte jaun kalonjeak*. Idazlanen berriak E. Larre kazetaren* idazle buruak. Urteko konduak A. Ospital diruzainak. Han ziren ere, bestalde, L. Dassance, Haritschelhar, G. Eppherre eta Goiti jaunak, ezin etorriek beren hitza igorria* zutelarik.

Urteko lanen saila elkarrekin ikertu* eta, behar ukan dituzte bi kontseilari berri bulego* horretan izendatu: Gregoire Eppherre Zuberoko berriketariak* hartuko du bulego horretan Jean Errecart senatore zenaren lekua. Beste gazte bat ere bulego horretan sartzen da: Ramuntxo Camblong idazle baliosa, P. Larzabal jaunaren lekua hartzen duelarik. Larzabal jaun apeza* HERRIAren laguntzaile egonen da, orain artean bezala izkiriatuz*.

Euskal kanta zaharrak disko berri batean

«Jaiki, jeiki, etxekoak», «Txoriñua, nurat hua», «Goizean goizik jeiki nindüzün», «Ene ama, otoi, errazu» eta «Alduden gizonik ez» euskal kanta zaharrak, Aita Donostiak eratutako modura, grabatu izan ditu Iruineko «Juan de la Cruz» abesbatzak.


Irakurleak idazle

Eibarko VI. umeen euskal jaia

Aurten Umeen Euskal Jai berri bat espero zen. Eratzaile taldea, berria, eta delako jai hori iraultzeko* asmoz etorria, hain zuzen. Umeen Jai "aurrerakoi" bat espero zen; eta ez da esan beharrik, ba zegoela halako espektazio bat. Azter dezagun, bada, jai eta kultur programaren zenbait alderdi, premiazko baiteritzagu.

Kartelak

Orain arteko antolatzaileek kartelak euskara hutsean ateratzea lortu zuten, asko kostatu ondoren. Halaxe atera izan dira azken urteotan. Talde berriak, ordea*, horixe ere aldatu nahiz nonbait, bietarakoak atera dauzkigu, euskaraz eta erdaraz. Eibarko kaleetan zabaldutakoak baina, erdarazkoak izan dira gehienak, bai muralak eta bai esku programak ere. Bestalde, izigarri itsusiak. Halako kaikukeriarik...!

Hitzaldiak

Azken urteotan izan diren Euskal Jaietan edo berauen inguruan, beti egon izan da, folklore alderditik at*, hitzaldi ziklo bat, oso osorik euskaraz gure kulturaren problema gai zituelarik. Aurten ere, bide berari jarraikiz, muntatu izan dira. Baina, zurrumurrutan entzun zenez, ordea, ez zuen delako talde berri horrek nahi izan, lehengo hitzaldi "reakzionario"rik. Honetan ere, espero zen, bada, berrikuntzarik.

Hitzaldiok haurra zuten gai. Interesgarri, noski*. Lehenengo programazioan baina, denak erdaraz. Hau ote zen martxan jarri nahi zuten "aurrerakuntza"? Haatik*, azkenean aldatu egin zuten programa, bi hitzaldi euskaraz jarriaz. Baina, hori horrela izan zedin, nolabaiteko eztabaida gogorrak sortu beharrak izan dira, Euskal Kultura Batzorde* horretan gaur dauden hoiekin. Norbaitzuek, bide zuzen horretan abiaturik, gauzak gogor eta argi erakutsi ez balituzte, a zer nolako ziria sartuko zeukuten, haurren euskal jaialdi hau erdal aste bihurturik! Kontzientzia falta? Nahi gabeko huts edo okerra? Edo benetan intentzio makurra? Eratzaileek beren golkoei erantzun biezete.

Mikel Laboak eta Teresa Arozenak zituzten astelehen eta asteartekoak*. Biak erdaraz. Ez ziren etorri. Asteartean, Laboa ez zetorrela jakin arren, antolatzaileek jendea sar zedin ahaleginetan, hitzaldia hasteko zela eta. Komeni zitzaien esplikazioren bat eman nahi nonbait. Oso jende gutti sartu zen.

Asteazkenean*, irakasleen arteko mahai biribila, erdaraz, Eibarko Irakaskintza Problema gai zutelarik. Bertako bost maisuren artean egiteko zen, lau maisu monolingue erdaldun eta bat bilingue euskalduna, desproporzio nabarmenean. Desproporzioa diot, zeren* eta gairik printzipalena bilinguismoarena baitzen, hain zuzen. Zertxobait partu* gurarik, Xabier Kintana mahaian sar zedin proposatu zitzaien, eta, "lokalidadekoa" ez zelako eragozpena salbatuta gero, onartua izan zen. Kintanak etortzerik ez baitzuen, Xabier Mendiguren etorri zen ordezko. Esan beharra dago, mahaiko maisu-maistrek ez dutela, hauzi honetan, ez erantzukizunik* ez eta antolatzaileen jokabide desegokiarekin zerikusirik. Hitzaldia hasterakoan, atera zen bat publikotik, hitzaldiak erdaraz izatearen kontra bere boza altxatuz, eta, guttienez behintzat, akaberan euskal laburpen bat egin zedin eskatuz. Ez zen onartu, eta sortu zen iskanbila. Boz bat entzun zen: "el que se siente molesto que se largue" edo halako zerbait zioela; eta, protesta artean, 82 entzule kalera* ziren. Barruan geratu ziren beste hainbeste inguru; "molesto" sentitzen ziratekeen* gehienak, baina gaiak merezi zuen, elkar hizketan parte hartu behar zen, eta horregatik geratu. Mahaiak, gure arazoarekin zerikusi handirik ez duten problema batzuez ihardun ondoan, Xabier Mendigurenen paregabeko interbentzioa. Ez zitekeen hobeto egon, eta sasizientziaren mitoak ederki astindu zituen. Lekzio ederra. Galde eta interbentzio asko publikoaren aldetik, bizi biziak eta euskaraz.

Ostegunean*, lehenbiziko programetan agertzen ez zen Imanol Laspiurren "Ikastola eta Haurraren Irakaskintza", euskeraz. Aretoa bete bete eginda zegoen, aspaldiko urteetan ikusi ez dugun bezala. Yayoki* ihardun zitzaikun Imanol, denon pentsamendutan zeuden galdeei erantzun emanaz. Ia hitzaldi guzia, euskaldungoaren defentsa bat zen. Gezurra badirudi ere, egoera horretara heldu baikara: euskaldun izateko dugun eskubidea dudan jartzeraino. Akaberan, txaloaldi ikaragarri batez saritu zuen publikoak haren iharduna. Ez zen egundo txaloaldi horren parekorik entzunen Arrate aretoan. Ba zuen bai horrek esannahi berezirik.

Ostiralean*, Zarauzko Lertxundi eta Urbietarena. Lehenik erdaraz programatua zegoen arren, euskaraz emana. Jendea, bezperan baino guttiago, baina asko, hala ere. Aurregunetako tentsioa beheratua zegoela ezagun zen. Gaia, "Ikastola eta Haurra". Ikastolako zenbait* problemaz, ikastolatik kanpo diratekeen egintzetaz, eta pelikula baten bidez, Goiazko baserri batetan umeekin egina duten esperientzia bikain baten berri eman zeukuten. Oso ondo.

Kantu jaialdia

Larunbat* gauez, Antxon Valverde eta Bilboko "Oskorri" kantari talde berriaren rezitala, ikastolaren alde. Antxon Valverde, ederki; baina, kanta guziak segidan kantatu baitzituen, apur bat monotono gertatu zen. "Oskorri" taldearen saioa oso txalotua izan zen, baina, bai forma eta bai mami aldetik ere, merke samarra. Arrate aretoa, nahiko beteta.

Folklore alderdia

Larunbat eta igandeko* folklore programa, ondo, beste urteetakoen linean gutti gora behera. Aurten, ikastolan parte hartzearen nobedadearekin. Karrozarik ez da izan. Desfilea poliki egon zen; hala ere, joatea ez da nahikoa, espresatu ere egin behar da zerbait. Espresio bide hori lortzeko, ahalegin bat egin behar litzatekeela iruditzen zait, nahiz eta karroza gabe, irudi edo estanpen bidez edo... Dena dela, folklore alderdi honetan ederki saiatu dira, nahiko ondo egon baita*.

Gogoeta bat

Gogoeta egin behar dugula deritzat, kartel eta hitzaldiei gogozkiela. Zergatik erdal jario hori? Urte guzian zehar jai inguru hau dugu soilik*, geure kulturari ageriz eta publikoki bultzada bat emateko; eta bera ere kendu behar ote daukute? Noiz edukiko ditugu, bada, euskarazko hitzaldiak? Edota eduki ere ez ditugu eduki behar? Norbaitek esanen daut agian*, "euskal" hitz hori ere sobra dagokeela; baina, izena baztertuz, ez ote gara izana ere galtzeko arriskuan? Zeren*, izen eta guzi ere, arrisku hori ukan* baitugu. "Euskal" hitza sobra egonen da bai, Euskal Herria euskaldun dadinean. Baina orain, zanpaturik eta marjinaturik gauden bezala, izenak, sinboloak eta ikurrak* ere, denak beharko baititugu geure euskal gizagintza nekagarri honetan. Aste honek zerbaitetarako zerbitzen badu, erabat* gizon libre eta euskaldun izateko dugun borondatea finkatu behar du. Zein ikuspuntatik planteatu ote dute aurtengo Euskal Jaia? Ez ote da, gure izate eta eskubideez ahaztuz, gure historiarekin lotzen gaituen haria etenaz, atzoko guzia likidatuz, gure herria perretxikoak bezala gaur eta bapatean* sortu delako uste ustelari lizentzia emanaz, gaurko "statu quo"a ontzat hartzen dutelarik, "mayoria"rantz lerratzen* direlako? Zer dela eta, bestela, erdal jario hori? Hor uzten ditut galdeok aidean. Baina garbi dagoena zera da, tamaina horretako hanka sartzeak (edo makurkeriak, denetik bailiteke) dituen talde bat, ez dela egokiena Euskal Kultura Batzorde batetan egoteko.

Guzi hau, jendearen zuzpergarri* gertatu dela esan behar dugu, eta horixe berori ere ez da gutti. Bestalde, gazte askok begiak irekiko zituelako segurantzian gaude. Funtsean* oso positiboa.

BASAURI

biezete, beioee, bezaiete

daude, dagoz

daukute, deuskue, digute

daut, deust, dit

dauzkigu, deuskuz, dizkigu

dezagun, daigun

zait, jat

zeuden, egozen

zeukuten, euskuen, ziguten

zioen, inoan, esaten eban

zitekeen, eiteken

zitzaien, jaken

zitzaikun, jakun, zitzaigun

ANAITASUNA-ren anaitasun eskasa?

Ba gara Korean (Hego Korean, noski*) bospasei euskal frantziskotar misiolari. Geure zainetan, Jaramako ura ez baina, euskal odola daramagu. Hala eta guztiz ere, Geure Herriari agur egin eta hona etorri ginen. Inork bultzatu gabe, geure borondatez. «Sasi unibertsalistak» garela, «desertoreak»? Denetik entzun ahal izan du batek. Nik ezetz diot. Eta ez noa, hemen neure arrazoiak agertzera. Bakar bakarrik hauxe: euskaldun bataiatu bat naizela, ba dudala oraindik sinesmen apur bat Kristorengan eta haren Berri Onean. Hau aski* litzateke kristau batentzat, edonongo kristau batentzat, gure jokaera konprenitzeko. Besteekin, sinesmen gabeekin ez naiz sartzen. Konprenitzen dut hoien konprenitu ezina.

ANAITASUNA irakurtzen dut. Nire lagun Aita Jose Manuel Uriagerekaren izenean etortzen da. Noski*, hain urruti gaudenez, oso berandu irixten* da; eta bertan agertzen diren berriak zahar samartuak jasotzen ditugu. Baina jasotzen ditugu eta pozik.

ANAITASUNAk euskararen aldetik asko irabazi duela uste dut. Nik behintzat errax irakurtzen dut, ia «Ikasi zeure hizkuntza» orrialdea begiratu gabe. Hau euskara, azal aldetik. Baina mamiari, gaiari bagagozkio, hor halako nahaste-borraste bat ikusten dut. Ba dirudi, zaku haundi bat dela, eta zaku horretan, eskaleak egiten duen antzera, biltzen* den guztia sartzen dela. Patatak, babarrunak*, artaburuak, tipulak, lukaika muturrak... dena nahastuan. Barka, baina hala dirudi. Horren arrazoia? Beharbada, lehen aipatua: oraindik «eskale bezala» ibili beharra, atez ate eskean. Horregatik, oraindik behintzat, ez dut uste, ANAITASUNA asteroko bihurtzea taxuzko izango litzatekeenik. Zergatik ez alda izena? Hau da, «Anaitasuna» ordez «San Mames» edo horrelakoren bat hautatuko bazenute... Beharbada harpideak ugaritu egingo lirateke.

ANAITASUNAri beste akats haundi bat ere aurkitzen diot. Bere «jatorrizko bekatua» dela esango nuke. Legearen aurrean «revista de divulgación religiosa» omen* da. Horregatik, ezin zenbait* gai jorratu, azaldu. Eta horregatik, zenbait gai ikutzean, alegia edo parabola egiten du, zeharka, zenbait sermolarik bezala. Laino gehiegi. Misteriozko giro ilun batean bilduta*. Baina, bestaldetik, erlijio gaiari ere ez zaio lotzen. Eta, noizik behin lotzen zaionean, eta hau ez diot barkatzen, oso azaletik, lotsaz bezala. Eta okerrago, antiklerikalismo kutsuz kutsatuta. Joko itsusia benetan. Elizak —elizgizonek eta Eliza osatzen dugun guztiok— akatsak ba ditu. Euskal Herriko Elizak ere izan ditu eta ba ditu bereak. Baina ANAITASUNAk, Elizaren ardurapean jaio eta oraindik hala irauten duen errebistak, ba dirudi, Eliza horren akatsak baino ez dituela ikusten. Egia esan, errebista honetan Eliza hitza bakarrik ikusten dudanean, dardaraz jartzen naiz. Eta, lan hori irakurri ondoren, min hartzen dut. Askotan, esaten duena egia da, zuzendu beharrekoa. Baina, gehienetan alde txarrak ikusi eta agertzeko era horretan, maitasun guti aurkitzen dut; ANAITASUNAn anaitasun guti aurkitzen dut.

Esate baterako, gaur hartu dudan alean (otsailaren 28koan), «divulgación religiosa» delako sailean hauxe aurkitzen dut:

- «Berango. Don Lorenzo Salaberria apaizaren omenez». Lantxo hau ondo dago. Baina, hemen ere, haren «euskal zaletasuna» zeru goietan jartzen da. Zergatik «beti» alde hori?

- «Txori Herri. Apaiz gazte bat bidaldu deuskue Larrabetzura. Izena Iñaki dau, eta euskaldun berria da». Berriz ere...

- «Selecciones de Teología aldizkaria». Haren 37. alean zer gaitaz diharduen azaltzen du. Ez du esaten erdaraz dagoenik, eta harritzen naiz.

- «Luis M. Armendariz teologoaren mintzaldiak». Lau zerrenda.

- «Euskaldunak Aita Santuarekin». Euskal politikalari gazte batzuen gurasoek ezin izan zutela Aita Santua ikusi eta berarekin hitz egin. Baina Urtainek baietz. «Divulgación religiosa» paregabea!

- «Poloniako literatura apur bat». Jose Azurmendik euskaratua. Jose, ez ahal dago, Poloniako literaturan, apur itsusi hori besterik? Aita Santuaren gain, trixte trixte hori baino taxuzkoagorik ez ote dago? Hau ere «divulgación religiosa» ahal da? Edota «vulgaridad religiosa»?

- «Sasi unibertsalistak». Xabier Gereño jaunarena. Nik ere halaxe pentsatzen dut. «Sasi» guztiak txarrak dira, sasikumetik* hasita. Baina, unibertsalismo beharrezko bat behar dela ere jakingo duzu. «Maite ditut ideia unibertsalistak». Baina ideiak bakarrik?

- «Bermeo. Eliza berriztatzen». Sei zerrenda. Ondo dago.

Ikusten denez, zortzi bider erabiltzen da erlijiorekiko gaia. Denak batzen badira, ez dute orrialde bat osatzen. Errebistak hamasei orrialde ditu. Ez da, ba, asko. Baina nik esaten dudana hauxe da: makur samarra dela gai hoik* erabiltzeko era, tankera. Ez zait gogoko batere. Seriotasun gehiago eskatuko nioke errebistari gai honi buruz. Izena aldatu edo jokaera aldatu. Baina azpijorra ez. Nik ere maite dut euskara eta neure Herria, baina itsutu gabe, beste era batean.

Ez dakit, neure eskutitz hau argitaratuko duzuen ala ez. Gai aldetik «gogorregia» dela? Hala ere, idazterakoan, onerako izango delakoan egin dut. Inori zigorra emateagatik ez. Hori ere joko itsusia baita*. Euskara aldetik, berriz, ez da gauza erraza asmatzea. Gipuzkoarra naizenez, eta euskara osotuan ezin dudalako, gehienbat Gipuzkoako euskaraz egin dut. Batasun zale naiz. Horregatik, zuzen eta alda, mesedez, zuzendu eta aldatu beharrekoa.

ANAITASUNAn anaia, euskaldun izate eta zaletasunean anaia den batek agur bihotzez Koreatik.

ILDEFONTXO OLABERRIA

daramagu, daroagu

diot, deutsat

gaude, gagoz

nioke, neuskio

zaio, jako

zait, jat

Idazteko eskaintza

ANAITASUNAren zuzendaritzan lan egiten duzuenok, agur.

Erlazio sexual eta, batipat*, emakumearen lehengo eta oraingo egoerari buruzko lantxo batean enbarkatuak gaituzue hau izenpetzen dugun biok. Lana ez dago oraindik argitara emateko prest; baina laster izanen delakoan gaude, ez baitugu asti gehiegirik ere, lan berarekin luzaz jarduteko.

Liburuxka hori egiten ari garen bitartean eta argitara eman baino lehenago, irakurlearekin kontaktuan jarri nahi genuke, hark gu hobeki ezagut gaitzan eta guk ere haren premiak eta arazoak hobeto ezagut ditzagun. Idazleak irakurlea egiten duen beste egiten baitu irakurleak ere idazlea.

ANAITASUNA, zuena bezain geurea kontsideratzen dugun aldizkaria, hautatu dugu geure presentaziorako. Gure gizarte sisteman emakumeak duen eginkizun, rol eta egoeratik hasiko ginateke; ondoren, status horren eboluzio historikoari buruz ohar batzuk emanen genituzke, eta, guzti hori egiten dugularik, status horren iraultza edo superazioari buruz ere, eritzi batzuk agertu ahal izanen genituzke.

«Emakume» gaiaren interesaz guk hainbat ba dakikezue*. Zalantzak*, guk gai horretaz jarduteko dukegun gaitasunari buruzkoak izanen dira, noski*. Gure lana zuek ikus, irakur eta juzga; eta gero, merezi badu, argitara. Hori egitean, herriari ezezik herritar bioi ere mesede bat eginen daukuzuelakoan gaude.

Egiten ditugun heinean*, bidaltzen joango gatzaizkizue artikuloak. Eskerrik asko aldez aurretik eta besarkada bat.

M. A. H. eta Y. I.

Gabriel Arestiren "Bernat Etxepare" idazlanari buruz ohar bi

Ezer baino lehen esan beharko dut, Aresti euskal idazle argiaren lanari buruz erizpide sakon bat egiteko gai ez naizela. Haren eta ene ezagumenduek ez dute elkarren arteko alderatzerik*. Hala eta guztiz ere, neure ertzi apala ematen arituko* naiz.

Zorigaitzez, ez dut Aresti aurpegiz ezagutzeko zoririk* ukan. Entzunez eta beraren euskal lanen bidez aski* ezaguna dut. Ez da harritzeko, Arestiren izena sonatua izatea. Izan ere, nork ez du ezagutzen, euskal kulturaren muinean nolabait murgildurik aurkitzen bada bederen*? Haren literatur lana handiegia ez bada ere, handi xamarra da, euskara eta euskal kulturarentzat arras* onuragarria*. Euskararen alde zeharo emandako gizon bat da Aresti.

Ez pentsa gero, laudorio guzti hauekin Aresti zurikatu nahi dudanik, bere lanean jarrai dezan, adorerik ematea bano. Harek egindakoa baino mila bider lan ttipiagorik egin bagenu, euskal kultura ez legoke dagoen bezala, askozaz aurreratuagorik baizik.

Arestiren izakera azaletik apurtto bat ezagutzekotan, kontura gintezke, betidanik ukan duela euskaldun berri izatearen konplejua. Horrengatik, behin baino gehiagotan ikusi ahal izan dugu haren idazlanetan honako galdera hau: «Ea euskaldun berriok bigarren mailako euskaldunak ote garen». Ba liteke, humore txarrez beteriko bekaizti* hoietako batek zentzu horretan Arestiri zerbait adieraztea.

Nik ez dakit, besteen eritzian, euskaldun berriak, bigarren mailako euskaldun izanen diren; baina, nirean eta buruz pixka bat pentsatzen duen batenean, bigarrengo ez baina lehendabiziko mailako euskaldun izan beharko lukete, zeren, ene eritziz, askozaz merezimendu gehiago daduka euskara ikasten saiatu izateak, hartarako batere egin gabe amaren ezpainetatik ikasteak baino. Euskaldun zaharrak askotan erdeinatzen* du bere jatorrizko hizkuntza, euskaldun berriak sekula ere ez, edo oso kasu bakanetan behintzat, bere izerdiaren fruituz irabazi baitu. Arestiren lanak oso kritikatuak izan dira eta izanen aurrerantzean agian*, ongi egindako lanak zeresaterik asko ematen du eta.

Haren idazteko era oso berezia izan da. Ikus «Euskal Harria» poema liburua, eta konturatuko zarete horretaz. Ni ez nengoen batere ados harekin, eta ni bezala asko. Ene eritziz, pertsonalegi jokatu zuen Arestik garai hartan. Beharbada, ez zuen euskara batuan idatzi, beraren idazkeraren anarkiaz kontura gintezen. Ba liteke, horrela izatea.

Orainaldian, ordea*, nahiz eta euskara batuaren arauetara makurtu, beste idazleekin konparatzen badugu, behingoan ohartuko gara, haren artikuluak eta besteenak ez direla berdin. Guztietan, ez dakit nondik ateratako esaera eta hitz bakan pila batzuk eskaini ohi dauzkigu. Nik, izen edo izenorderen argitasunik gabe jakin nezake, artikulu hori Arestirena den ala ez.

Beraren lana epaitu baino lehen, kontuan izan beharko dugu, bera izan dela euskara batuaren alde saiatu diren aitzindarietako* bat. Lapurdiko euskara omen* du gogoko, eta, nola gaurko euskara batuak Lapurdi eta Nafarroako euskararekin zerikusirik asko duen, esan baitezakegu euskara batua hango euskara bera dela, biziki* ongi deritzat Arestiren jokabideari.

Kontuan izan beharko dugu, Arestik euskal literatura zaharra ederki asko ezagutzen duela, eta, askotan, gehienetan, haren idazlanak ulertzea neketsua egiten bazaiku ere (maizenik*, azken orrialdean den hiztegiari behatu* behar izaten diogu), haren jokatzeari interesgarri deritzat, horrek gehiago ikasteko abagadunea* ematen dauku eta. Hala gertatzen da haren azkenengo idazlanean ere.

Utz ditzadan jadanik* inguru-minguruak, eta lot* nakion artikulu honen mamiari. Atsegin izan dut, bere lana azaltzeko izan duen aukera, era aparta. Nola erdietsi* du Arestik, orain 400 urte hil zen Etxepare apaizarekin elkar hizketan ihardukitzeko egokiera? Horretarako, adimen handiren jabe izan behar. Oso atsegin izan dudan gauza, zuketa erabilkeraren era jatorra. Penagarria da, alferkeriaz edo dena denez hemen galtzen uztea. Uste dut euskararen hondasunak aberasteko, oso ona izanen litzatekeela, zuketa indartzen eta zuzpertzen* saiatzea, ahozko hizkuntzan ezeik, idazkietan ere.

Elkar hizketan erabili dituen galde-erantzunak, pikardia eta zirtoz* beteak izan dira. Artikuluaren luze-zabalean eskaini dauzkigun aditz* erak, oso ederrak eta, euskal aditz batua egiteko orduan, kontuan hartzeko dinak*.

Guzti hau aztertu ondorenean, atera dezakegun ondorioa hauxe da: Arestiren lanak irakaspen handikoak dira, zerbait berezi dutenak dira, zeresaterik asko nonnahi sortzen dute, eta irakurleok ba dadukagu nondik ikas.

K. AGIRRE

daduka, dauka

dauku, deusku, digu

dauzkigu, deuskuz, dizkigu

dezakegu, daikegu

dezan, daian

diogu, deutsagu

ditzadan, daidazan

gintezke, geintekez

nezake, neike

zaiku, jaku, zaigu

Xabier Kintana eta Iparraldeko Idazleak

Maiatzaren 15eko ANAITASUNAn «Iparraldeko Idazleei» delako artikuloa, xehetasun* bat edo beste salbu, guztiz egokitzat dadukat eta memento honetan are* egokiago.

Egia, euskararen batasunak ez du nolanahiko aurrerakada jo. Teori aldetik behintzat, iraganik* ditugula, esango nuke, istilurik handienak; eta markatzen ari den batasun bidetik aparte edo honen kontra jokatu nahi duenak, beharko ditu kopetean zazpi azal; edo eta denen txori-izugarri gertatzeko moduan dabil, dabilen bezala jadanik zenbait* eta zenbait.

Baina besterik da Iparraldeko idazleen kasua. Ez da kontrako jokabiderik haietan; ezin izan, berek baitute guttien galtzekorik. Baina zer da? Zabarkeria? Bai, ba da zerbait makurrik! Eta hauxe da, neure baitan, astea joan, astea etorri, adibidez HERRIA irakurtzean, galde egiten dudana. OTOIZLARI ari da apur bat xuxentzen; baina berdin gertatzen zait hangoen beste zenbait iskriburekin ere.

Eman dezagun, esate baterako, HERRIA. Azken aste hauetako bat aztertuz, ez dut ikusten (nahi nuke ikus dezadan) burubide garbirik. Eta ez naiz mintzo orain herrietako kronika eta berriketariei* buruz; artikuloak ditut kritikatzen baizik. Adibidez, ez da harritzeko, oraino orrialde berean ikustea:

 a) gira eta gire, dira eta dire, ginuen, zinuen, nintzan; ganden (loturik), gan dire (bi hitzetan), joan edo johan den.

b) zoin, edozoin, zonbait, zonbeit, zenbeit, hoinbertze, zerbait, zerbeit, norbait, nunbeit, noizpait, bezin, bezanbat, nun, huna, hunek, hogoi, orai, guzia, ideki, eta abar.

 c) ixilik, ixuri, errex, bixtan, ixtudio, adixkide, dizka, pizu, Azkaineren, eta abar.

Ba liteke, hau irakur lezakeen gure Iparraldeko bakarren batek, aipaturiko exenplu hauk* ttikikeriak direla pentsatzea, eta euskararen batasuna ez dagoela horretan uste izatea. Edo eta hutsegite hoik* eta handiagoak ZERUKO ARGIAn nahiz ANAITASUNAn aurkitzea. Ez dut ukatzen. Baina ukatu ere ez daitekeena da, ahalegina frango egiten ari garela hemengoak, aspaldi honetan euskararen batasun bidea urratu den bezala urratu ondoan, zinez* jokatu nahirik.

Dena den, Kintana, artikulo horretan esaten duzuna beharrezko zela uste dut; eta orain ez da dudarik, are* azkarragotuko dela, denok batera jokatuz, euskararen batasuna.

ARANTZUBI

dezadan, daidan

dezagun, daigun

lezake, leike

zait, jat

Harrizko eliza eta kristau bizitza

Entzuten danez, Gernikako herri honetan eliza berri bi jasoko ei dira: bata Errenterian eta bestea Lurgorrin. Eliza berri biok egiteko, 6.000.000 pezeta inguru beharko ei dira.

Eliza berri honeek, nahiz ederrak, torre altudunak, nahiz etxe talde baten sotanoetan eginak izan, gutxien ardura dauna izango da beharbada. Gure ustez, ostera*, Gernikako herri honetan ez dago eliza berriak egiteko premiarik. Ba dira hainbat eliza, han eta hemen nahiko ondo banatuak: Santa Klarakoa, Hospitalekoa, Mertzedekoa, Josefinetakoa, Karmelitetakoa, Junta Etxekoa, Gizarte Etxekoa.

Esandakoetatik uste da, Gernikan ez dagoela eliza berriak jaso beharrik. Gure elizetan behar dana, guk uste, beste gauza bat da: bizitza.

Danok dakigun gauza bat da, egunetik egunera jende gutxiago joaten dala elizetara. Zergatik, orduan, eliza berriak? Erakunde* nahiz komertzio etxe batek, bere salmentak gutxituaz eta beretarrak edo bere bazkideak urrituaz doazela ikusten dauanean, ez dau, beste barik, enpresa hori haundiagotzen.

Noren asmoa izan da, Gernika honetan eliza berri bi horreek jasotzea? Gure ustez, ez gara izan gu kristauok, hori eskatu dogunok, horretarako batere premiarik ez baitogu ikusten. Beste zenbaitetan bezala, eliz erakundean goi samarreko karguak dituenek pentsatu dabe hori, hala proiektatu ditue gauzak, eta gero esan deuskue guri, herritar kristauoi.

Sarri askotan esan izan jaku guri kristauoi, Elizaren aurpegia gazteago, garbiago, bizkorrago, hitz batez, kristauago egiten ahalegindu eta arduratu behar dogula. Baina ez dogu uste, hori egin eta lortzeko, gaur eta hemen, Gernikan, eliza berriak egin behar direnik, edota lehengoen ormak* berriztatzea dala lehendabiziko zeregina. Ez dogu uste, hori datekenik* Ebanjelioak eskatzen deuskun lehendabiziko arazoa. Gure ustez, Ebanjelioaren irakatsiak geure bizitzara eroan daiguzanean, Ebanjelioaren aginduetara etorriaz, pertsonen eta herrien salbazioaren alde jokatu daigunean, ordu horretan ba leiteke Eliza egitea edo Eliza berriztatzea.

Harrizko eliza berriak jasotzeko, jende asko prestatzen da, batez ere dirurik daukenak. Baina horreek eurok izaten dira oztopo eta eragozpenik nagusienak, espirituzko elizak egitea danean.

Gu kristauontzat exenplu bakarra Kristo da: pribilejio guztiei uko eginaz, gizon egin zana, lanaren truke ogia jaten ebana, gizon zapalduen anaia, burrukatzailea eta, legegizonek atzeman* eta zigortu ondoren, gurutzeratua. Era berean, gu ere, pribilejioak, haundinahiak eta azalezko itxurak baztertzen ditugun neurrian izango gara haren jarraitzaileak. Eta orduan sinestuko dau gugan munduak.

Gure azken galdea hauxe da: Eliza indartsua, haundigurakoa... holako hori ote da Kristok nekez eta odolez sortu ebana?

KRISTAU TALDE BAT (Gernika)

Subnormalen aldeko ekinaldia

Arazo sakona, benetan, subnormalena. Eurek behar daben erara aurreratu behar ditugu herritar honeek; eta, hau egiten ez badogu, astuntasun bat izango dira beti gure herriarentzat.

Honegaz konturaturik, Arratiako talde batek ekinaldi bat eratu dau.

Subnormalen ardura, egia esan, Estaduaren ardura da; baina harek egiten ez dauana, herrialde bakoitzak egin behar.

Horretarako, Arratian, komisio bat egin da; eta komisio horrek gogo onez lan egin dau. Gauza batzuk txarto egin dituala? Zalantza* barik, bai. Eta kritikak entzuteko gertu dago, baina lehenengo bere eritziak agertu nahi ditu.

Maiatzaren 19 eta 20an, Hostal Aránzazu-n egin zan ekinaldi hori. Ez da izan, batzuek esan daben bezala, euskal jai bat. Helburua*, subnormalentzat dirua batzea zan. Horretarako, diru etxeei, hotelei eta lantegiei laguntza eskatu.jaken. Eta eman ere egin eben laguntza hori; baina komisioak, beharbada, ez eban askatasun osoa izan, jaia antolatzeko.

Jai horretatik enpresa horreek probetxua atera eben eurentzat. Betiko arazoa izan da, behartsuei laguntzean, norberaren propaganda egitea. Hau alderdi txar bat izan leiteke. Baina, beste alde batetik, hor dago antolatzaileen lan isila eta subnormalei laguntzeko benetako guraria. Txarto egin dabela, horrelako jendearekin elkartzeaz? Ez ahaztu, beste biderik ez egoela: horrela egin edo ez egin. Eta, ez egiteagaz, nork galtzen eban? Subnormalek eurek gehien.

Komisio honek izan dau beste huts bat ere. Ezin ukatu. Herriari behar dan besteko argitasunaz ez jako helburua agertu; eta herriak kontzientzia argirik ez dau izan. Jaialdira etorri direnak, euren onerako etorri dira, subnormalen ardura gutxi dabela; eta ez dabe laguntza zabalik eman.

Gaur behintzat, argi agertu gura dogu geure helburua. 104.000 pezeta atera ziren jaialdi horretatik. Diru horren bidez, Arratiako subnormalentzako irakastetxe bat egiteko diru oina egiten hasiko gara. Irakastetxe hori, gaur uste dogunez, Areatzako* Sakramentinoen etxean izango da. Komisioak, helburu hau lortu arte, lan egiteko gurari bizia dau; eta, horretarako, herrian kontzientzia sartzen ahalegina egingo dau. Era guztietako laguntza eta komisioarentzat harrera on bat eskatzen deutsagu herriari. Guztiok lan egin daigun, gure herriko subnormalak, ahal daben neurrian, onurakorrak* izateko gertatu daitezen.

ARRATIAKO GAZTE BAT


Saioak

"Gauchismoa" fenomeno bezala

Gaur berriz saiatuko naiz geure egoera aztertzen. Beste egunean azaleko itxura bat eman genuen. Baina gero eta azterketa sakonagoa egin beharrean aurkitzen garela uste dut.

Esaten genuen beste egunean, zein zaila iruditzen zitzaikun etorkizuna: gure errealitatea eten gabeko orma* bat bezala agertzen zitzaikula.

Egoera horretan alderdi politiko batzuen jokaera dakusagu*. Garbi dago denontzat, beren helburua* ezin lortzean, erreformismoan erori direla: erreformismoa dela haien bide bakarra.

Alde batetatik hori ikusten dugu, eta, bestetik, beste talde edo alderdi batzuk ikusten ditugu: hots, Europan "gauchistes" deitzen zaienak.

Giroan, jendearen aurrean, hauk* agertzen dira, gero eta gehiago, benetako iraultzaileak* bezala. Besteak, berriz, "errebisionistak" bezala.

Baina nondik dator hau? Nondik dator "gauchismoa"? Zeintzuk dira beronen oinarriak? Jakina, "gauchismoa", errealitatea esplikatu nahi duen ideologia bat da. Ideologia den aldetik, sortarazi duten oinarri batzuk behar ditu izan. Ideologia hau, besteak bezala, ez da kasualitatez azaldu, errealitatearen ondorio bat bezala baizik.

Eta errealitate hori nolakoa da? Errealitate hori indar produktiboen aurrerapen ikaragarri bat da. Azaleko ondorioak garbi daude. Alde batetatik, bizimodua gero eta hobea, gero eta errenta maila haundiagoa; kontzientzia duen jendea, gero eta guttiago. Hori da errealitatea; hori da, hor garbi ikusten dugun errealitatea.

Errealitate hori aldatu egin da, baina alderdi batzuen planteamenduak ez. Hogei ta hamar urte hauetan gauza berdina esan daukute beti. Aldaketa biharko gauza zela, botereak* gaizki zeudela, egoera ekonomikoa oso gaizki zegoelako nahiz beste herriek lagundu behar gintuztelako... Baina beste herriek ez gintuzten lagundu, eta egoera ekonomikoa gero eta hobeto joan zen. Aldaketa edo iraultza*, posibletasunik gabe ikusten zen. Egoera, poliki poliki zeharo desberdinduaz zihoan. Alderdi politiko hoien planteamenduak, posibletasunik gabe ikusten ziren. Alderdi hauen politika, besteen akats batetan finkatuta zegoen. Hauen ustez, berak bakarrik eroriko* ziren.

Baina hori ez dela gertatu ikusten dugu. Botereak, gero eta finkatuago gelditzen dira. Herrian, poliki poliki nahigabe bat sortuaz joan da. Herriak ez du irtenbiderik ikusten. Krisi batetan gaude.

"Gauchismoa" kontexto honetan azaltzen da.

"Zerbait egin behar da. Herria piztu egin behar da...", eta ekiten diote lanari, burrukari.

"Zerbait egin behar da. Herria beheraka doa...", eta poliki poliki, berdin zaie non, nola eta zer egin. Egin egin behar da. Hots*, aktibismo hutsean erortzen dira.

Aktibismo horri itxura ematen diote. Hau da, aktibismoa justifikatzeko, teoria bat asmatzen ahaleginak egiten dituzte. Hauxe da haien kontradizio nagusiena eta nabarmenena.

Aktibismo hori "entelekia" bat da. Gaur, bihar eta betirako, han eta hemen balioko duen entelekia bat. Era honetan, ikusiko dugu nola aldatuko dituzten beren planteamenduak. Nahiz eta planteamendua desberdina izan, aktibitatea berdina izanen da.

"Gauchismoa" krisi baten espresioa da. Zergatik?

Talde edo alderdi hauek erreformisten akats berbera dute. Beren aktibismoa, besteen akats nagusiaren ondorioa da: errealitatea nola mugitzen den ez jakitea. "Gauchistentzat", besteen akats nagusia, etxean ezer egin gabe gelditzea da. Ez dira ohartzen hauk* (erreformistak), gaindituta ("dépassés") gelditu direla eta beren inaktibitatea dela horren ondorioa. Ez dute egiten, ez dakitelako zer egin.

Egin behar dena zera da: egoera aztertu, eta, aztertuz gero, praktika egokia bilatu.

Pentsatuko dugu agian*, ezin daitekeela hain konklusio gogorra atera. Beraz, "gauchismoari" buruz, ihaz* Kanadan egindako batzarraren azken konklusioa ekartzen dautzuet. Chinako Komunista Alderdiak kapitalismoaren medio bat bezala salatzen ditu Europako "gauchistak". "Gauchistek" —dio— egoera nola den ez jakitean, beren burruka beste leku batzuetan eta beste kondizioekin planteatzen dute. Egiten dutena, beraz, iraultza* beste bide batetatik zuzentzea da. Hemendik irabazle ateratzen dena, zalantzarik* gabe, burjeseria da.

Fenomeno hau gure herrian ere sortu dela pentsatzen dugu, eta garbi dagoela zer lan egin duen. Esanen dautazue, giroa asko piztu dutela eta askotan berpiztu ere egin dutela. Ba liteke. Baina, memento honetan, ez ote dago nahiko ikustatua herriak zer nahi duen (edo zer ez duen nahi)? Memento* batean beren eginkizuna beteko zuten, baina memento hori iragana* da. Ez dugu berriz herriaren nahiak ikustatzen jardun beharrik; baizik eta bide bat aurkitzen ahalegindu behar dugu. Hau da gure oraingo eginkizuna.

Hemengo konklusioa hau da: errealitatearen aldaketaz

ohartu eta egoera sakonki aztertu. Barnean daramatzan kontradizioetan geure praktika finkatu.

Behintzat ba ditugu, gaurko, pentsatzeko puntu batzuk.

AURTIZ

daramatza, daroaz, daramazki

daude, dagoz

daukute, deuskue, digute

dautazue, deustazue, didazue

dautzuet, deutsuet, dizuet

diote, deutsoe

gaude, gagoz

gintuzten, ginduezan

zaie, jake

zegoen, egoen

zeuden, egozen

zihoan, joian

zitzaikun, jakun, zitzaigun


Soziolojia

Emakumearen desfemenizazio baterako

Gure herrian eta, gure herriak bezala, inguruko sistemaren zapalkuntza «jasaten*» dutenetan, gauza bat dago garbi: sistema horren kontradikzio guztiak modu bereizi batetan sufritzen dituela emakumeak, hots*, sexo emeko izateak ematen dion modu bereizian. Fenomeno hau, mentalitate kartesianoa dutenek, emakumeak, gizonezkoak dituen alienazio mota guztiak eta bat gehiago dituela esanaz adieraziko daukute. Gaitzerdi litzateke hori, gero, praxi estrategikoaren mementoan* desalienazio mota bat besteari anteponitzera hain emanak ez bagina. Baina teoria eta praxiak lokarri hestuak dituzte nonbait, eta bataren sinplifikazioak bestearena ere ondotik ohi du.

ANAITASUNAn aterako ditugun lantxo hauen helburua* hau litzateke: gure gizarte sisteman emakumeak duen eginkizun eta leku bereizia aztertu, eta eginkizun bereizi horren helburuaz eta bestez zertxobait esan. Honetarako, historian zehar ibilalditxo batzuk egiten, beharrezko denean, saiatuko gara guztion onetan.

Gizon-emakumeak elkarren arteko erlazioen arabera* definitzen dira. Egun*, gizon-emakume arteko erlazio espontaneo eta desinteresaturik ez dago, Egon ere, ez daiteke egon, sistemak eskaintzen dituen erlazio molde atrofiatuetan itotzen baitira erlazio espontaneoetarako posibilitate guztiak.

Sistemaren interesetan sartzen da, gizonezko nagusi eta gizonezko morroi izatea; eta sistemaren interesetan sartzen da, emakumeak beti neskame* izatea: nagusien neskame emakume burgesak, langileen neskame emakume langileak.

Gure kulturan —burges kulturan— emakumeak eginkizun bereizi bat du. Ez dago ukatzerik, bategatik edo bestegatik, azken aldi honetan zenbait* aldaketa egon denik, edo emakumeak beste zenbait eginkizun ere hartu dituenik; baina seme-alabak zaintzea eta etxeari kontu egitea da oraindik haren eginkizun bereizia, eta funtzio horretara daramate emakumea kondizionamendu bortitzenek*. Beste eginkizun batzuetara dedikatzen denean ere, eginkizun nagusi hura beraren kontu egonen da beti; beste eginkizunak akzidentalak izanen zaizkio, behin ezkonduta gero behintzat.

Ez da, historian zehar, beti gaur bezala izan. Odolkidetasunezko familia handi haietatik, gaur ezagutzen ditugun guraso eta seme-alabez bakarrik osatutako familia koniugal hauetara pasatzearekin, gertatu zen hazkuntza* eta heziketa* amaren eskuetan uztea. Inudeak* garai honetan hasiko dira izkutatzen, eta amaren seme-alabenganako maitasunari buruzko literatura ere orain hasiko da azaltzen.

XVIII. mende* amaierarako, emakumearen eginkizun hori aski* garbi zegoen. Ez ziren guztiak ados*, ordea*. Antzinate* guztian eta Erdi Haroan emakumeak egiten zituen lanak, industrializazioa zela ta, gizonezkoen eskuetara pasatzearekin ez zeuden ados. Arlo juridiko eta politikoan ere oso maila bajuan aurkitzen Ziren, gizonezkoekin konparatuta. Eta honela ekiten diote emakumearen eskubideen alde. Mary Wellstonecraft izan zen bide urratzaile 1972.ean, «Vindications of the rights of women» idatziaz. Hemen ere reakziorik ez da faltatu, ordea: Hannah More-tik hasita, gaur ezagutzen ditugun M.O.M. (Men Our Masters: gizonezkoak gure nagusi), H.O.W. (Happiness of womanhood: femineitatearen zoriontasuna), «Pussycat League», eta abar. Mugimendu reakzionario hauentzako, emakumeak bete dezakeen eginkizunik garaiena funtzio bereizi hori da. «Gizonezkoek dituzten eskubide guztiak lor baditzate, atzerakako pauso bat emana izanen dute emakumeek», dio Jeannie Sakol «Pussycat League»ko pentsalarietako batek.

Beste zenbait mugimendu, ordea, —gizonezkoek burges iraultzan lortutako eskubide formalen atzetik zebiltzan emakume, sufragista eta Proudhon bezalako sozialista misoginoekin ez bada ere, emakumeen zapalkuntza bereiziaz jabetzen ziren sozialistekin burrukatzen zirenen eta direnen mugimenduek— emakumearen funtzio bereizi hori, alienazio forma bereizitzat dadukate. Gero eta gehiago dira honela pentsatzen duten emakumeak —eta gizonezkoak— eta beren egoera frustrazio bat bezala kontzienteki bizi dutenak.

Frustrazio hau, izan behar lukeenaren ukazio* bezala, egunero bizi du emakumeak; ari* ere eguneroko eskolan ari baita* bere funtzio eta eginkizun bereizia ikasten. Aspalditik ari dira filosofoak —eta sortu zirenetik, sikologoak— emakumea printzipio pasiboa dela eta gizonezkoa aktiboa dela esanaz. Honetan ere, beste askotan bezala, ezarritako egoeraren razionalizazio bat besterik ez dute egin. Hala ere, oinarriko gizarte egiturari* hobekien eusten diotenak hauk izaki*, berauk izan dira gure eskola maisu eta eskola maistra. Hauk izan dira heziketa* ofizialaren iturri, eta honela heziketa ofiziala zapalkuntza bat izan da. Heziketaren helburua*, bakoitza bere taldean integratzea da. Komeniko da orduan, pertsona guztiak pasibitatean eta jokamodu estereotipatuetan hezitzea, honela bakoitza bere klase mailan konforme aurki dadin. Baina, kultura honetan pertsona guztiak eskolatzen badira ere beren «agresibitatea» desbideratzen, emakumezkoak dira zapalketa gogorrena jasaten* dutenak.

Sikoanalista-freudistek hemen ere, beste puntu askotan bezala, oserbazio zorrotzak egin dauzkigute, nahiz eta gero, fenomenoaren soziogenesiaz ez jabetzean, berezkotasun mitikoi batean erori*. Hau da, adibidez, «zikiramendu* konplejoarekin» gertatu dena; baina gaur ba dakigu, neskatillak, zikiramendu konsumatu bat bizi baldin badu, mutikoak duen atal fisikoaren gabeziagatik baino gehiago, bere sexoagatik, mutilak gizarte barnean izan dezakeen puestorik ezingo duela lortu ikusten duelako dela. Pasibitatera eta menpetasunera bultzatzen duten indar hoik* dira, zikiramendu konplejoaren sustraian daudenak. Eta, inor bada, emakumea dago pasibitatera eta gizonezkoari atsegin izanen zaion menpetasunera deitua. Ez da gaurko kontua; aspalditik da emakumea «gudarien atsedengune» eta «gizonezkoen plazergile».

Sikologi ondoren asko ditu emakumearen gizonezkoarekiko menpetasun honek. Hoietako bat, haurzaroko maila batetan «finkatuta» gelditzearen ondorio, emakumearen narzisokeria dugu. «Atzerakada»ren kontzeptua bezala, «finkamendua»rena ere ez da batere dialektikoa. Freud-ek ez zeukun hizkuntza dialektikorik landu; hala ere, Freud-en aurkikundeek haren kontzeptu mekaniko hertsi* hoietarik ihes egiten zuten. Freudistak, aldiz*, beren aintzindariaren* kontzeptuetara gehiegi lotu dira, haren erakarrien muina ahaztuaz; eta honek eraman ditu antzutasunera*.

Emakumearen narzisokeria esplikatu nahiz, beraz, haurzaroko haro narzisista batean finkatu denik ez dezakegu esan; haurra, jaiotzean, ez baita* narziso bat. Fekundatua izan den une beretik, inguruko erlazio harietan integratzen den —edo integratu nahi den— erlazio posibilitate multzo bat da haurra. Haurra, jaiotzean edo urte eta erdi dituenean adibidez, ez dago bere buruari begira, zentzu narzisista batean; bere buruari bezain dago inguramenduari begira. Narzisismoa ez da, umeak berez dakarren izamodu bat; aitzitik*, bere inguruko erlazio hari interesatuetan sartuta bizi delarik, haurrak hartzen duen estrukturazio fetitxista bat da narzisismoa. Emakumearen narzisismoa ere, ez da emakumeak berezko duen zerbait —zenbaitek sinestarazi izan nahi daukuten bezala— sistema patriarkalaren menpetasunezko erlazio harietan integratzean hartu duen «keria» determinatu bat baizik.

Agresibitatea da, menpetasun horretan bortxatuta datzan* emakumearengan sortzen den beste jokamodu bat. Erlazio sexualetan sarritan agertzen du emakumeak agresibitate hau, gizonezkoaren zapalkeriazko konportamolde mekanikoaren aurrean frijikozki jokatuaz. «Feminista» soil direnen mugimenduak ere, gizonezkoarekiko agresibitate honen agerpen izan daitezke; emakumearen liberaziorako egitamu* objetibo bat egingo bada, menpetasunezko jokabideak bezala dago agresibitatezkoak ere alde batera utzi beharra. Baina agresibitaterik ez da aldebateratuko, burrukabide objetibo bati heldu ezean. Zapalkeria onartzen bada, agresibitatea onartua da, beste gabe; «agresibitatea» ez baita* menpetasunean integratu den nortasun irrazionalaren konportamolde logiko bat besterik.

Ba da, gero eta garrantzi gehiago hartzen ari* den jokamodu disoziatu bat ere; kondizio sozio-ekonomikoek emakumeari eskatzen diotena. Alde batetik, lehen esan dugun bezala, menpetasun eta pasibitatean eskolatu behar du; baina, beste aldetik, entrepresalariei eskulan merkeago-habilagoagatik hala komeni zaielako, edo ezkonge* gelditzea, berandu ezkontzea eta abar gerta daitezkeelako, emakumeak lan egin behar du. Hala ere, emakumearen lan hori ez da gizonezkoarena bezainbat baloratzen. Historian zehar beti ikusiko ditugu emakumeak, prestijio gutien duten eta gutien ordainduak diren lanak egiten. Gaur ere, ba dirau oraindik lege horrek, gure sisteman behintzat. Eta, egoera interesatu hori sistemari lotua doanez, gerora ere orain arte bezala sistemak badirau, krisietan, paroetan eta abar emakumeak izango dira kastigatuenak.

Emakumeak menpean jarraitzen du; eta gizonezkoarekin hasi duen konpetentziak bere inpotentzia agertzeko bestetarako ez, dio balio izan, gizonezkoak gizonezko izateagatik bakarrik dituen abantailen* aurrean.

JON eta KLAUDIO

baditzate, badaiez

dadukate, dauke, daukate

daude, dagoz

dauzkigute, deuskuez, dizkigute

dezakegu, daikegu

dio, deutso

diote, deutsoe

zaie, jake

zaio, jako

daitezke, daitekez

daramate, daroe

daukute, deuskue, digute

dezake, daike

zaizkio, jakoz

zegoen, egoen

zeuden, egozen

zeukun, euskun, zigun


Donostiako Inginadore Eskolako inkesta

Donostiako Inginadore* Eskolan, oraintsu, inkesta* bat egin da ikasleen artean. Guztitara, 378 erantzun jaso dira; eta informe luze eta sakon bat bidali daukute. Bertatik, laburpen bat bezala, idazlantxo hau idatzi dugu zuentzat.

378 ikasle hoietatik, 113 Euskal Herritik kanpoan jaioak dira. Beraz*, euskotarrak 265 dira. Hauetatik, euskaldunak 118. Eta hona hemen dato lotsagarri bat: 118 euskaldunen artean, hamabostek bakarrik aitortu dute, euskaraz idazten eta irakurtzen dakitela. Inginadore izanen direnen artean, % 88 analfabeto!

341 dira Jainkoagan sinesten dutenak, ez dutenak 11 (27k ez dute erantzun). Erlijioa praktikatzen dutenak 223, ez dutenak 134 (21ek ez dute erantzunik eman).

Politikan asko arduratzen direnak 81 dira. Normal 190, guti 69, eta ezer ez 38. Politizatuenak bulego* langileen semeak dira, eta gutien esku langileenak.

 «Zein problema interesatzen zaitzu gehien?» Lehenik problema soziala dator, bigarren libertadearena eta hirugarren euskal problema. Hauen ondoren, baina urrun, beste guztiak. Euskotar ikasleen artean, euskal problema izan da lehenengoa.

 «Zer izan behar du euskarak?» Kuadro hau eta hurrengoa osorik kopiatuko ditugu. Lehen zifra euskaldunek eman dute, bigarrena kanpotarrek.

Etxerako hizkuntza: % 10,8 eta % 23,8

Kultur hizkuntza: % 80,8 eta % 46,1

 «Euskara, hizkuntza ofiziala izatea nahi duzue?»

Euskara hizkuntza ofizial bakarra: % 9,4 eta % 2,6

Gaztelania hizkuntza ofizial bakarra: % 12,2 eta % 36,3

Bilinguismo ofiziala: % 69,5 eta % 39,0

Ikusten duzuenez, inkesta honek informazio on bat ematen dauku; eta, gure eritziz, Euskal Herriko ikastetxe guztietan egin beharko lirateke honelakoak. Jendeari pentsa erazi behar diogu, postura bat hartzen irakatsi. Alferkeria gehiegi dago gure artean, egoismo eta materialismo larregi*.

Eta, amaitu baino lehen, inkesta honetako zifra bat berriro aipatuko dut: % 88 analfabeto, euskaldun inginadore ikasleen artean. Analfabetismoaren arazo hau konpondu egin behar dugu.

DEUSTUKO


Bizkaiko Eliza zifratan

Bilboko elizbarrutiak 2.217,05 km2. ditu eta 1.008.178 bizilagun: 495.166 gizon eta 513.012 emakume.

Parrokiak 272

Apaizak 886

Fraileak 1.139

Monjak 3.349

Apaizgaiak

1970-1971.eko ikastaroan

Batxileratoan 211

Filosofian 37

Teologian 52

Guztitara 300

56 apaiz herbesteko misioetan ari dira, eta 30 Espainiako beste elizbarrutietan.

Apaizen banaketa edadez

 %

35 urterarte 160 17,7

36-45 » 245 27,4

46-55 » 143 15,9

56-65 » 162 18,1

66-75 » 103 11,5

75tik aurrera 81 9,0

Kontuan izan behar da, parrokiarik haundienak eta kargurik gorengoenak 46-55 urterarteko apaizen eskuetan dagozela.

Dato honeek «Guía de la Iglesia diocesana de Bilbao» liburutik jaso izan dira. 125 pezeta balio dituan liburu hau erostekotan: Comisión de Liturgia. Gran Vía, 7. Bilbao-1.


"Andima Ibinagabeitia" saria

Igaz bezala, aurten ere, Euskara Lagunen Elkarteak (E.L.E.), izenburu honekin, urteroko saria eratzen du euskal idazle eta jakintsuentzat, euskararen indarberritze, sakontze eta batasuna helburuz* hartuaz.

Elkarteak, sortua denez geroztik, bere ardurapean hartzen ditu idazlan sari honen antolatze, zabaltze, epaitze eta sari emaitza.

Saria —USAko 1.000 dolarrekoa— bakarra eta eman beharrekoa izango da, 1971.eko hazilaren* 1ean, Andima zenaren heriotza urte mugaz.

Gaitzat EUSKAL IKASTOLETAKO TEXTOAK hartzen dira. Hamar urtetik 15 urtetarako ikas mailak osatzeko bereziki*.

Texto horretan, edozer ikasgai erabil daiteke: Fisika, Kimika, Historia, Geografia, Matematika, Teknika gaiak, Biologia, Fisiologia, eta abar, edozernahi gairi buru emanaz. (Enziklopedia eta Botanika ez ezik).

Lanaren luzeak, 32/21,50 euneko horrian eta bi lerrounez, 200 orrialdetik gorazkoa beharko du izan; marrazki* edo apaingarriak kontuan hartu gabe.

Lan hoik lehen idatziak (originalak) edo euskaratuak izan daitezke.

E.L.E.ren gogoa da, lana EUSKARA BATUAN idatzia izan dadin. Hala ere, edozein euskalkitan egindakoak ere onartuak izanen dira.

Urte beteko epea ematen zaio egileari, lan saritua argitaratzeko. Horrela izan ezik, E.L.E.k bereganatuko ditu lanaren gaineko eskubide osoak. Hartzen diren beste lan guztiak aritolatzaileen eskuetan geldituko dira.

Lanak abuztuaren 30erako korreoan ipiniak izan beharko dira, E.L.E.ren zuzenbidera: Apartado 51. Sabana Grande. Caracas. Venezuela, «Andima Ibinagabeitia Saria» aurrez idatziaz. Lanak azalburu (lema) batekin izenpetuak beharko dira. Azalburuaren giltza, beste sobre batean «Andima Ibinagabeitia Saria» —GILTZA— argi jarriaz, zuzenbide berdinera bidaliko da.

Araudi* hau aurrera eramateko, nolanahiko eragozpenik sortuko balitz, E.L.E.ren zuzendaritzak erabakiko luke.

Caracasen, 1970.eko hazilaren 1ean


Pariseko "Etorki" dantza taldea. Dei bat

«Etorki» dantza eta kantu elkarteak dantzari bat eta hiru soinulari bilatzen ditu, bi Ameriketatik zehar egingo duen 9 hilabeteko itzuli baterako: Brasiletik Kanadaraino, Argentina, Chile, Venezuela, Mexiko eta abar iraganez*, datorren urteko (1972) urtarrilaren* 31tik gora.

Hiru soinulari hoik* izan daitezke bi txistulari eta atabalari bat; baina, beste euskal soinu (dultzaina, alboka) balekite, bereziki* dultzaina edo gaita, hobe.

Ameriketara doazen beste 20 «Etorkitarrak» (9 lapurtar, baxenabartar 1, 3 zuberotar, 5 gipuzkoar, bizkaitar 1 eta arabar 1) dantzariak izan arren, kantuz ere ari dira. Beraz*, dantzariari eta hiru soinulari hoiei eskatu egingo zaie, kantuz aritzeko*.

Igor* ahal bezainbat xehetasun*: izena, adina*, sorterria, euskaraz mintzatzen diren ala ez, zer soinu jotzen, koruan parte hartzeko zer boz duten (lehen tenor, bigarren tenor, baritono edo bajua) eta abar, zuzenbide honetara:

Filipe Oyhamburu

96, rue Raynouard

Paris (16), Francia

Berak emango ditu behar diren xehetasunak (kondizioak eta abar).


Bertsolariak

Bertsolarien jaia Oiartzunen

Eguraldia —euria bai egingo, ez egingo— trumoitsu eta zital egoelarik, jarraiko bertsolariak aritu* izan ziren Oiartzunen, ekainaren* 6an: Xalbador Urepeldarra, Lasarte Oriotarra, Mitxelena Oiartzundarra, Mattin Aheztarra, Uztapide Oiatzundarra, Agirre Azpeitiarra, Gorrotxategi Oxintxuarra (Bergararra) eta Lazkao Txiki Lazkanotarra.

Jaialdia zelai librean izan zan; baina jenderik gehiena jezarlekuetan jarrita egoen. Bertsolari bakoitzak mikrofono bat eukan beretzat, eta oso ondo entzuten zan. Bestalde, inguru guztiak naturaleza hutsez jantzirik egozen: ez egoen ez kuadro bat, ez eskudo bat, ez ezer. «Auspoa» editorialeko liburuak salgai egozen, eta neska-mutil gazte batzuk ANAITASUNA saltzen ibili ziren.

Xabier Lete poeta kantariak eta Juan Maria Lekuona jakitunak aurkezten zituen bertsolariak eta gaiak jartzen eutseezan. Egia esan, guk behinik behin, lan elkartuago, gaurkotuago eta kritikoago bat itxaroten genduan biokandik.

Gaijartzaileak itxuraz, eta azkar batez ere, betetzen eban bere zeregina. Gure ustez, hala ere, huts gogorrak entzun genduzan. Bakea, osasuna, maitasuna, elkartasuna... eta horrelako gaiak jartzeari ez deritxagu batere egoki. «Osasun» hitzak gorputzeko osasuna esan nahi dau bertsolaririk gehienentzat. Eta ondasun desiragarri bat da, baina ez lirateke bertsolariak herritarren gorputzeko osasunaren zaindaritzat hartu behar. «Bake» hitza entzundakoan, berriz, bakea zaindu behar dala esango dau bertsolariak, bake abstraktu hori seguru asko gaur egungo bakearekin lotuaz, edo, kasurik hoberenean, bake moral bat aipatuaz.

Bestalde, gaur egun bizi dogun egoera larrian, «gizon gaizto bat hil dute gaur goizean» gaiari hiru bertso botatzeko bertsolari bati agintzea han Oiartzunen bildu zan jende guzti haren aurrean, kasikan alferrikako lan bai lotu araztea da. Zer esango dau, ba? Ahal dituan bertsorik onenak egin; baina azkena aurretiaz ezagutzen dogu: «gaiztoa baitzan hil daben hori». Eta guk —eta hauxe da nik esan nahi nebana— gaur egun, ez dogu heriotzarik nahi, bizia baino.

Eta aitak seme gaztea lanera bidaldu nahi dauala; semeak, berriz, eskolara joan gura dauala aita horri esatea, bi bertsolariri gaitzat jartzea, bertsolariok eta entzuleak kontraeskola batean derrigorrez jartzea da: edozein baserritar, nahiz kaletar, nahiz itsasgizonek daki, edo jakin leike, diru aldetiko oztopoakatik ez direla, batipat*, haurrak eskolatzen, eta ez gurasoak antigualeko tonto kaskagogor batzuk direlako.

Uztapide handiari «ikastolak» bertsotarako gaitzat jartzea, berriz, Uztapide ahalguztiduntzat hartzea da.

Bertsolari guztiek ondo bai ondo bete eben euren zeregina, maisutasun heldu bat erakutsiaz. Gorrotxategi Oxintxuarrak, gazteena izanik, bere bertsoei intentzio gehitxoago ezartzen ahalegindu zan. Guk, ostera*, hain bertsojartzaile onak eta hainbeste jenderen aurrean lanean entzunik, gaien aldetik pikardia eta euskal premiengandik hurbiltasun kritikotxoago bat entzun nahi genduan.

Esku programak euskaraz egozen, eta asko poztu ginen; baina, eskola maisu on batek hartu balitu, ha* zelako gorritua!

TXIKITO


Hau duk homorea!

Ez kanta, ez dantza

Gure mendietako txirritxirriek* irakaspen ederra ematen daukute udaberri oroz*: lutoz daude, baina, hala ere, kantatzen ari dira.

ANTTON

Kanta berri

Baldin geure boltsetan

Dirurik badugu,

Euskaldunok erdaraz

Hitz egiten dugu.

Laburpenak nola irakur

S.O.S., «hori edo hori» irakurtzen du nire lagun euskaldun berri batek.

Leukozitoak

Odolean zelula gorriak falta direnean, gaixorik gaude, anemia dugu. Soziedadean falta direnean, ostera*, dena omen* doa ondo.

Ajedrezean

— Jake

— Matesa!

Arbolak

Moto-zerraz ebakitzen diren arbolak, trafiko istripuz* hilak bezala kontatu behar lirateke.


Espeleologi azterketak

Ekainaren* 26, 27, 28 eta 29an, esplorazio edo azterketak egin izan dira «Gaztelu Arroko Lezia» izeneko tokian.

Leze hau Aretxabaletako Deguria zelaian dago, Zaraiako menditartean. Orain arte Gipuzkoako leze sakonena da: 403 metrokoa. Azterketarako, gainera, oso nekeza.

Azterketa lan hau egiteko, Euskal Herriko espeleologi talde gehienak batu gara: Donostiako «S.E.C.N. Aranzadi», Oñatiko «G.E. Aloña Mendi», «S.E.C.D. Eibar», Bergarako G.E. Pol-Pol» eta Bizkaiko «G.E. Vizcaíno».

Bakoitzak bere material eta tresnak ekarri ditu.

Aurreko urtean (1970.ean) 403 metroraino aztertu zan. Bai eta topografia egin ere. Aurtengo azterketa honek aurrera jarraitzeko asmoa daduka.

Hidrologi aldetik, garrantzi haundia dute lan hauek, zeren hemen biltzen dira barruko ur guztiak, eta hori nola gertatzen den jakitea komeni da.

Lurralde honetan, beste zulo eta leze asko aztertuak izan dira. Denek ez dadukate hainbesterainoko sakontasunik; baina, dena dela, ondo ikertuak* izan dira. Bi zulotatik hezurrak jaso dira, paleontologi estudiorako balio dutenak. Altuna jaunak ikusi ditu eta klasifikazio hau eman du: ursus spelaeus (hartza*), capreolus (basahuntza) eta cervus (oreina*).

GIPUZKOAKO ESPELEOLOGI TALDEA


"Umeen deia" liburua

Agertu berri da liburu aipagarri bat, bereziki nafarrentzako: Aita Murieta zenak sortarazi eta argitaratu haur euskaldunen artikulotxo eta ipuinekin osatutako bilduma* handi bat. Kuputxin bihoztun harek egiten zuen orritxoaren izen beraz bataiatua: UMEEN DEIA.

Aita Murieta oroitua*, orritxoekin 1959. urtean hasi zen, eta, gelditu gabe, hil zen artio 1966. urtean, hedatu* zituen Euskal Herriko lau bazterretara, bai eta Euskal Herriz kanpo ere.

Hemen aipatu nahi dugu bereziki*, Nafarroan erein zuen hazi joria*. Sei urtez 65 numero publikatu zituen euskalzaleen laguntzarekin, bai eta Príncipe de Viana-koenarekin ere.

Hurbilenetik* lagundu zutenak, Rafael Goñi Latasa eta Joxepe Irigaray izan ziren. Azken honek, Goñi apeza* eta Aita Murieta hil ondotik ere, segitu zuen bakarrik orria publikatzen, urte batez edo hala. Goñi-Latasa ahizpek*, berriz, behartuak zeuden baino guttiago lagundu zioten orritxoen iraupenari; eta, hau aipatuz, isiltzea hobe.

Aita Feliperen herrian (Lizarra*-Murietan), aspaldi galdua zegoen euskara. Baina fraile bizkor harek frango* ongi ikasi zuen (bertsolarien xapelgoak ez zituen huts egiten) eta, mintzairaren ikasteari eta pizteari buruz, gauza harrigarriak, ideia argiak zituen, batere fantasiarik gabekoak.

Euskara-garbizale direnen mintzaira berria, traba eta atzerapena iduri zitzaion. Liburuan irakurtzen ahal dugu: «...no estamos para neologismos;... las ikastolas y clases para erdaldunes son un medio práctico y necesario;... lo que ya no me parece acertado es el modo de enseñar; ¿por qué se ha de exigir a los que comienzan (hau ongi heldu da Iruina, Lizarra eta Tafallako ikastolentzako) formas de verbo y giros que el pueblo apenas usa?

Euskalzale izeneko batzuen espantuak ez zituen batere maite. Euskaraz aritzea*, nahiz euskara maingua*, zuen oroz* gainetik nahi. Exenpluekin predikatzen zuen: «Se debe enseñar —dio liburuan— un euskera esencial, suprimido el mayor número de dificultades..., usando el verbo en la forma impersonal, que soluciona las oraciones subordinadas o secundarias, que son las que ofrecen mayor dificultad... Para las oraciones principales bastaría aprender el presente y el pasado (y el futuro) de indicativo... (para empezar).»

UMEEN DEIA liburu berri honetan dio, haurren artikulotxoak, zeuden bezala publikatu nahi izan zituela, orraztu gabe (oker larriren* bat ez bada); eta oroz gainetik naturaltasuna bilatzen zuela, haurrek beren baitarik* izkiriatzea*. Karia* honetarat dio Murietak: «Nafarroako haurrek ongi egin dituzte beren lanak. Orri hoien asmatzailearen xedeak* ongi bete dituzte. Gehienek erakutsi dauzkigute lantxo arras* politak, dela kontu edo gertakari bitxiak; baina beren baitarik idatziak, naturalki, jostaketan bezala. Aldiz, beste alderdietako mutikoen lanez ez dukegu gauza bera esaten ahal; urrundik nabari* da, lan hoietan sudurra sartu dutela zenbaitzuek, mutikoetatik kanpo. Zergatik ez dute beste mutiko-neskatoek, Nafarroakoek bezala idazten? Mesedez, zuzendari jauna, esaiezu ume guztiei, idatz ditzaten beren herri edo inguruetako gertaerak, kontu zaharrak, berek dakiten bezala; nola egiten diren Eguberri, Urteberri, Ihauteri*, Santa Agedak, eta abar. Elizan zelebratzen direnak, berriz, hobe daude eliz aldizkarietan. Haur euskaldunen hizketa nahi dugu, eta ez haundienena.»

Hala da; Aita Ismael Torres eta lagunek publikatu dituzten ipuin gehienek akats hori dute. Aise* liburu manaiukorrago* bat egin izango zuten, txoilik* ipuinen erdiak sartu balituzte, ongi hautatu ondotik*. Halaz ere, Bizkaiko eta beste aldeko batzuen artikuloak ere naturalak dira. Baina, gure ustez ere, naturalenak nasaiki* igorri* zituzten herriak, hauxek dira: Aria, Aniz, Azpilikueta, Betelu, Erratzu, Etxaleku, Iriberri (Aezkoa), Lekarotz, Lesaka, Olazti, Urdiain...; eta barka, otoi, aipatu gabeek!

UMEEN DEIA delako liburu haundi hori, Aita Torresek argitaratua, beti ere, harrobi* bat bezala geldituko da; ipuin politak aurki daitezke hor, ongi bilatzen badira.

A. APAT-ETXEBARNE

dakite, dakie

daude, dagoz

dauzkigute, deuskuez, dizkigute

ditzaten, daiezan

zeuden, egozen

zioten, eutsoen

zitzaion, jakon


Ikasi zeure Hizkuntza

Hiztegia

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ABAGADUNE, ereti, parada, ocasión.

ABANTAIL, ventaja.

ADIN, edade.

ADITZ, verbo.

ADOS, conforme, de acuerdo.

AGIAN, antza danez, nonbait, seguramente.

AHIZPA, ahizta.

AINA, beste, bezainbat.

AISE, aisa, erraz.

AITZINDARI, precursor, corifeo.

AITZITIK, al contrario.

ALDERATU, konparatu.

ALDIZ, ostera, ordea, berriz.

ALEGIA, a saber, esto es.

ALOR, arlo.

ANTZINATE, antigüedad.

APEZ, apaiz.

ARABERA, arauera, según.

ARAUDI, reglamento, conjunto de normas.

ARE, oraindik, oraindino.

AREATZA, Villaro.

ARETO, sala, salón.

ARI IZAN, aritu, jardun.

ARITU, ari izan, jardun.

ARO, época.

ARRAS, guztiz, oso.

ARTA, ardura.

ASKE, libre.

ASKI, nahiko.

ASTEARTE, martitzen.

ASTEAZKEN, eguasten.

AT, kanpo, fuera.

ATZEMAN, prender, detener.

AURKI, agian, nonbait, harenbaten.

AUSARKI, valientemente, intrépidamente.

AZTARREN, vestigio, rastro.

BABARRUN, indibaba, alubia.

BAITA, bait da, da ta.

BAITARIK, baitatik. (Beren baitarik, berengandik).

BAPATEAN, bat batean, repentinamente.

BARIK, gabe.

BATIPAT, batik bat, batez ere.

BATZORDE, comisión.

BEDEREN, behintzat, gutienez.

BEHATU, begiratu.

BEIE, bezate.

BEKAIZTI, envidioso.

BELAUNALDI, generación.

BELTZURITU, ponerse ceñudo.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREZIKI, batez ere.

BERRIKETARI, albistari, cronista.

BILDU, batu.

BILDUMA, colección.

BIZIKI, guztiz, oso.

BORTITZ, indartsu, sendo.

BOTERE, poder.

BOZKARIO, poz.

BULEGO, oficina.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DARAMATZA, daroaz, daramazki.

DATEKE, da nonbait, sea.

DATZA, yace. (Etzan aditzaren* forma).

DIN, duin, digno.

DOHAKO, gratuito.

DUKEGU, dugu nonbait.

EGITAMU, egitura, estructura.

EGITEKE, egin gabe.

EGITURA, egitamu, estructura.

EGUN, gaur.

EGUTEGI, calendario.

EI, omen.

EKAIN, junio.

ELKARGO, elkarte, elkartasun.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, institución, organización.

ERANTZUKIZUN, responsabilidad.

ERDEINATU, gutietsi, despreciar.

ERDIETSI, ardietsi, lortu.

EREDU, modelo.

ERORI, jausi.

ESKUALDE, comarca.

ESPARRU, cercado, acotamiento.

EZARRI, aplicar.

EZKONGE, ezkondu gabe.

FRANGO, franko, sano, guztiz.

FUNTS, barne, fondo.

GORAZARRE, elogio.

HA, hura.

HAATIK, hala ere.

HARROBI, harri hobi, cantera.

HARTZ, oso.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTEMAN, verificar, comprobar.

HAZALDI, belaunaldi, generación.

HAZIL, noviembre.

HAZKUNTZA, crianza.

HEDATU, zabaldu.

HEIN, medida, proporción.

HELBURU, xede, fin, objetivo.

HERTSI, hestu.

HERTZAIN, herri zain, policía municipal.

HESI, seto, cerca, valla.

HEZIKETA, educación.

HIRI, huri, ciudad.

HIZLAU, prosa.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORREGATIO, hala ere, sin embargo.

HOTS, es decir, esto es.

HURBIL, hur.

IGANDE, domeka.

IGORRI, bidaldu.

IHAZ, igaz.

IHAUTERI, carnaval.

IKERTU, aztertu, arakatu.

IKUR, signo.

INGINADORE, ingeniero.

INKESTA, encuesta.

INUDE, nodriza.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAULI, revolucionar, renovar.

IRAULTZA, revolución.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRITXI, heldu.

ISTRIPU, accidente.

ITAUNDU, galdetu.

IZAKI, izanik.

IZKIRIATU, idatzi.

JADANIK, ya.

JASAN, aguantar, sufrir.

JAZO, gertatu, suceder.

JORI, ugari, emankor, fecundo.

JOSKERA, sintaxis.

KALERA, kaleratu. (Ikus «Sustrai Bila», 101).

KALONJE, canónigo.

KARIA, razón, motivo.

KAZETA, periódico.

KOSKADA, haginkada.

LARRI, haundi.

LARREGI, gehiegi.

LARUNBAT, zapatu.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIATSU, diligente, afanoso.

LEHIATU, afanarse, esforzarse.

LERRATU, resbalar, deslizar.

LIZARRA, Estella.

LOT, lotu (subjuntiboetan).

MAINGU, cojo, manco.

MAIZENIK, gehienetan, generalmente.

MANAIUKOR, manejable.

MARRAZKI, dibujo.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

NABARI, evidente, patente.

NABARI IZAN, nabaritu, aparecer.

NASAIKI, abundantemente.

NESKAME, criada, domestique.

NOSKI, naski, naturalmente, claro está, seguramente, ciertamente.

OMEN, ei.

ONDOTIK, ondoren, ostean.

ONURAGARRI, provechoso.

ONURAKOR, provechoso.

ORDEA, ostera, berriz, en cambio.

OREIN, ciervo.

ORMA, paret.

ORO, guzti.

OROBAT, igualmente.

OROITU, gomutatu, recordar.

OSTEAN, ondoren, ondoan.

OSTEGUN, eguen.

OSTERA, ordea, berriz, aldiz, en cambio.

OSTIRALE, bariku.

OTSAIL, febrero.

PARTU, nivelar.

SALBATORE, Asentsio.

SASIKUME, sasiko, hijo natural.

SOILIK, bakarrik.

TXIRRITXIRRI, grillo.

TXOILIK, soil soilik, solamente.

UDAL, ayuntamiento.

UDALETXE, casa consistorial.

UKAN, izan (aktibo).

UKAZIO, negación.

URTARRIL, enero.

UZTAIL, julio.

XEDE, asmo, helburu, fin, objetivo.

XEHETASUN, detalle.

XERTATZE, inyección.

YAYOKI, bellamente, airosamente.

ZABALGO, zabaltasun, amplitud.

ZALANTZA, ezbai, duda.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZIKIRAMENDU, castración.


Jainkoaren giza-eliza

Meditazio bat de Lubac-en itzalpean

75 urte bete duela ta, teologi irakasle, behinola zentsuraz eta kastiguz beltzurituari* gorazarrez* ospatzen ari zaio aurtengo urtea. Henri de Lubac, 40 urte pentsamentu kristaua sakontzen jardundakoa, gaurko teologiaren beharrezko atzoa izan da.

Gogoangarriak benetan, lehenengo Gerra Haundiaren ondoren Europan izpirituaren mundua bete zuten buru larri ta urduriak. Guduaren azpian tradizio haria etenda gelditu balitz bezala, «atzera iturburuen bila» itzuli ziren guztiak. Marxen «Pariseko esku idazkiak» eta «Lehen idazkiak» argitaratu ziren; eta marxismoa «Marx gaztearen» azterketan gogotik murgildu zen. Esistentzialismoa betidaniko eta jatorrizko giza galdekizunetara itzuli zen. Teologia protestantean Barth eta Bultmann altxatu ziren, beren teologia dialektiko eta esistentzialistarekin protestantismoaren jatorrizko ardurak berbiztuz eta radikalduz. Eta teologia katolikoa ere soineko guztiak erantzi eta iturburuetara bueltatu zitzaikun, bere buruaren konprentsio eta zentzu bila. Indar ikaragarria hartu zuten Mugimendu Liturgiko-, Eskritura- eta Patrologi zaleek. Belaunaldi* langile eta lehiatsu* bat zen, bene-benetan, eta ez gurea baino gutiago radikal, guk hoik guztiok jo eta pasatzeko haizeak badarabiltzagu ere.

Oraingo egunotan, batez ere etorkizunari begirazko burutapideak nabari* dira gailen. Nondikoak ez baina norazkoak kezkatzen ditu, agian*, zientziak, filosofia, teologia, artea, eta eguneroko bizitza ere. Hori, gure herriko politika giroan ere ederki hauteman* daiteke: gurasoen hazaldia* gurea baino askoz histori zaleago zen. Orain, izan zer garen barik*. egin zer egin behar den itauntzen* da. Eta berriz ere horizontea plural zabaldu da, ikusgune hau darabilten aro* guztien moduan. Eta radikala da gure denbora hau, zinez*, radikaltasun itxura asko joanaldiaz ahazteak sortutako espejismo ez baldin badira, behintzat. 20 eta 30. urteetan radikaltasuna, «atzera iturriak bilatzean», beraz*, ahalegin guztiz joanaldiarekin enplegatzean zegoen, ekintza horrek erraz engainatzen ahal bagaitu ere, arkeologisten eta kontserbakorren aurrean gaudelakoan. Orain «atzera Marxengana» ez baina «Marxekin Marx baino aurrerago» (Stojanovic), edo «atzera dogmen iturburuetara» eta, hasieretako Elizara deitu ordez, dogmak baino haruntzago joan nahi bada, eta berbizte liturgikoa baino haruntzago (komunidade berrietaraino) orobat*, gure aurreko belaunaldiari eskerrak bakarrik.

Iturburuetara jotzeari, gerrarekin baterako arrazoi bortitz* batek eragiten zion. Lehenago, beharbada, errazago zen esparruak* garbi bereiztea: hau filosofia da, hau teologia; hau budismo, hau kristautasun; hau katoliko, hori protestante, eta abar. Gudu zelai eta hiri hondarretatik dena mugak apurtuta jaiki zen, hesiak* berdinduta. Eta norbere bila abiatu behar izan zuen bakoitzak: inor ez zela berak uste zuenik agertu zen eta. Arteak berak ere, ordurarte genero eta subgenerotan txukun txukun bereizita, bata bestearekiko promiskuidade izugarrian lotu ziren, mugarik errespetatu gabe.

Ez zegoen mugak atzera eraikitzerik. Ez, inor enpeinatu ez zelako, enpeinatzea alferrik zelako baino. Saiatu bai, makina bat jende saiatu zen orduan ere, denbora geldiarazten eta aldrebes jartzen. Baina mutur puntta guztietan mugak ezarrizko metodoak ez zuen jadanik* balio. «Formula guztiak, ortodoksiaren badaezpadako neurri guztiak, hitzez hitz sinestearen eskrupulo guztiak, laburki esan, muga eta hesitura guztiak inkapaz dira, fedea garbi gordetzeko. Izpiriturik gabe dogma ez da mito bat besterik, eta Eliza Alderdi bat besterik ez», idatzi zuen de Lubac-ek.

De Lubac Lyon-en irakasten zegoen, eta hiri* honek kezkak betetako belaunaldi baten benetako kultur labe bat inguratu zuen: de Lubac, Chenu, Monchanin, Teilhard de Chardin, Mounier, de Solages, eta abar. Gizon argiok guztiok sarritan elkartzen ziren, beren problemak eztabaidatzera. Gizonaren «erdiune absolutua» bilatzen zuten guztiok, bakoitzak bere ikusgunetik. Eta beren denborarekin lotuta zeuden: «Norbere garaiko gizonarekin bizitzen, pentsatzen eta penatzen ez duena... alferrik saiatuko da gero, harekin mintzatzekoan, bere hizkuntza entzulearen belarriari egokitzen», esaten zuen de Lubac-ek.

Gizonaren absolutua kristautasunean bilatzen zuen. Baina de Lubac-ek, kristautasunean ere, utzi arropak eta gizonaren absolutua bilatzen zuen. Absolutu hau, hala ere, hain zuzen absolutua delakoxe, ezin egon daiteke kristautasunean bakarrik. Eta horrelaxe, «Histoire et Sprit»en egilea arimaren klasikoen azterkari atsedengabea agertu da: XIX. mendearen*, budismoaren, erlijio kondairaren... bideak azterkatzen zituen begiramen-zabalgo* izugarriko izpiritua. Jaungoikoa ez dela errebelazio idatziaren bidez bakarrik mintzatu, eta mundu nahiz pentsakera orotan* barneratzen zen ausarki*, Jaungoikoaren esku aztarren* bila. Katolizismoa edo kristautasuna ez zegoen jadanik* ikusterik dohain edo sekreto guztiz «supernaturalen» batetan. De Lubac ere «humanisme total» egarriz agiri da. Eta kristautasuna «katoliko», hau da, egiazki unibertsal dela erakusten lehiatu* zen. Kristau fedeari, kultura guztiekin, problema guztiekin, sinesmen ezberdin guztiekin elkar hizketan irakatsi zion de Lubac-ek: ekumeniko izaten. Eta zer bozkario* berea, «chaque fois que nous entendons retentir, dans la riche variété de ses modulations et de ses harmoniques, cette voix unanime»!

De Lubac unibertsalista zen. Eliza eta kristautasuna erlatibatzen zituelakoan, errezeloz begira zeduzkanen eta muga-sistema zaharraren nostalgikoen anatemak, irakasteko baimenik gabe utzi zuen de Lubac (1950), nouvelle théologie-ko beste hamaika teologoren moduan. Vatikano II.a teologia honen garaitzapen bat izan zen. Kontzilio honek belaunaldi baten lana koroatzen zuen, zer gara? problemari Elizaren autokonprentsio berri batez erantzunez.

 Zer egin? da gaurko problema. Eta ekumenismoa, ateoekin elkar hizketa, etc, hots*. Elizaren zer-izanezko unibertsaltasuna onartu duten asko eta askok, zer-eginezko unibertsaltasunera igarotzeko kemenik ez dadukate: ateoekin elkar ekintza, Elizaren zereginak politikan, herriak eta gizonak liberatu nahi dituzten burrukalari sozial guztiekin ekintza elkartasunak. Eliza politikatan urtuko dela pentsatzen dute. Lehenago antropologiatan edo filosofiatan urtuko zen bildur zirenak bezalaxe. Elizaren esentzia-katolizismoa bai, baina ekintza-katolizismoa onartzen ez dutenak.

Gizonak izugarrizko joera daduka nolanahiko mugaketak eta bere buruaren definizioak asmatu eta asmaziook bere buruaren barrikada itzultzeko: «apaizak ez du politikan sartu behar», etc; edota «gu marxistak zientifikoak gara», eta hosanna, aleluia.

Azkenean, nola edo hala, katolizismoa ukatzen da. Gizona ukatzen da.

JOSE AZURMENDI

dadukate, dauke, daukate

darabiltzagu, darabilguz, darabilzkigu

gaude, gagoz

zeuden, egozen

zion, eutson

zitzaikun, jakun, zitzaigun