ANAITASUNA

213. zenb.

1971.eko ekainaren 15ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1. Bilbao (12).

Inprimatzaile: Juan José García de Mardones, Joaquín Jáuregui, Luis María Tafalla eta Gabriel García de Andoin, AMADO inprimerian, Bilbon.

Irarle: Gil Díez eta Manuel Barrera, RALI etxean, Bilbon.

XIX urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Gu hemen

Antonio Bilbao Aristegi izendatua izan da «Comisión permanente de la Junta de Cultura de Vizcaya» elkartearen lehendakari. Bokalak dira: Gregorio San Juan, Manuel Llano Gorostiza, Juan María Apellaniz, Carlos Gonzalez Echegaray, Manuel Basas Fernández, Manuel Sendagorta, Julián Guimón, Rafael Ossa Echaburu eta Javier Bengoechea. Guzti horreen artean ba dira poeta onak, historilariak, midikuak, ekonomilariak, eta abar. Hala ere, euretariko batek ere ez dau behin ere euskaraz idatzi; eta gehienok, guztiok ez esatearren, etxe oneko semeak dira.


Herriz Herri

Berango

Maiatzaren 23an, herriko 40 bat umek egin eben lehenengo jaunartzea.

Gure herrian euskaraz dakien ume asko dira, eta honeetariko batzuek parte hartu eben elizkizun horretan.

Berangon euskarazko mezak ere ba daukaguz. Hori dala ta, bidezkoa zan, euskaldun umeok euskarazko mezatan euren lehengo komunioa egitea. Eta holantxe egin zan: euskarazko taldeak 10,30etan, eta erdarazkoak 12etan.

Berango aldeko leku batzuetan —Getxo eta Algortan, adibidez— ba dakit, elizkizun hau ume euskaldunek euskaraz egiten dabela. Beste herrietan ere, holantxe izango dala uste dot. Eta, izan ere, holantxe izan behar dau.

Baina apaiz batzuk euskararen alde ez dagozela esan geinke.

Zergatik zalantzan egon, edo, Bilboko parrokia batean eta Santurtzeko beste batean jazo* dan legez, ezetza emon arazo honetan?

Nire eritziz, apaiz horreek ere, Aita Santuaren berbak betetzeko prest egon behar dabe.

Hona hemen Joan XXIII.ak «Pacem in Terris» enziklikan argi eta garbi esan ebana:

«Responde del todo a lo que pide la justicia el que los poderes públicos se apliquen eficazmente a favorecer los valores humanos de dichas minorías (erresuma* baten barruan dagozen minoriak), especialmente su lengua, cultura, tradiciones y recursos e iniciativas económicas».

EGIZALE

Lazkano

Ikastola berria

Zenbait* punta lotu ondoan, laster hastekotan dira ikastola berriaren obrak. «Mikelar» elkartea, etxe multzo berri bat oraintsu eraiki duen kooperatiba, da arduradun, eta beronen babespean ari* izango da ikastola. Baina herri guztiak parte har dezan nahi izan dute; ez dadila, bidezko den bezala, Mikelartarren probetxurako izan soilki*, baizik eta herri guztiaren zerbitzurako. Gure goresmenak, eta... ea lehen bai lehen burutzen duzuen obra.

Beasain

Herriko jaien laburpena

Hasteko: eguraldia ez dugu biziro ederra ukan* astean zehar. Hala ere, aterri heldu zen Loinaz eguna. Prozesioa eta meza nagusia Loinaz sandutegian. Ondoren, jolas-baratze bat (Arana familiaren emaitza) eta aterbe delako bat, «guardería» bat alegia*, bedeinkatu eta estrainatu ziren. Herriko agintari, apaiz eta gobernadoreak, adiskidantzarik onenean, bazkaria «Castillo» ostatuan.

Asteartea*, euskal astea edo jakintza astearen lehen eguna. Herriko den «Enbor» erestalde* berriaren eta aintzinako soinugailuen* saioa (alboka, xirula, dultzaina, xistu, xalaparta...).

Ikastolako xistulariak, dantzari ttikiak, eguerdiko bertsolarien (Lasarte, Lazkano, Lazkao-Txiki eta Uztapideren) saio atsegina, eta arratsaldeko Aita Villasanteren hitzaldia «Euskararen Batasuna»z, izan ziren gauzarik berezienak asteazkenean*.

«Enbor» erestaldea berriro, eta Idiazabalgo Axari antzerki taldea, Uxolaren «Itzulera» emanez, ostegunean*. «Euskal Herriaren gizarte-ekonomi egoera eta etorkizuna» gaitzat harturik, Iñaki Larrañagaren hitzaldi jakingarria ostiralean*. Arrakasta* handiz, larunbat-igandetan, «Ez dok Amairu» taldeak bere «Baga, Biga, Higa» delakoa zuen eman.

Bereziki* aipatu behar dena hemen: aste osoan zehar muntaturik egon da han-hemenka, batean eta bestean (jendea non biltzen zen, han) Euskal Liburu eta Diskoen Azoka*.

Igandea* (maiatzak 30) izan zen, ordea*, aspaldiko berrogei urteotan Beasainek parekorik ezagutu ez duen eguna, zeren* eta Beasain erdal herri bezala ikusia izan baita* beti. Goizean goizetik ziren bildu euskal lurraren lau aldeetatik dantzari eta xistulariak multzokoa. Halakorik!

Arratsaldekoa izan zen, berriz, hortik honerakoa. Futbol zelaia jendez gainezka, eguraldia ere aurreko egunetan ez bezalakoa, hura giroaren jatorra! Bat-banaka eman zuten dantza taldeek beren erakusketa, dantzarik berezienak (Laguardiakoa bezalaxe, Nafarroako Herribeherakoa, eta Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi eta Zuberokoak). Bakoitzak zailu* eta laburki jokatzearekin, are* gustagarriago bihurtu zen bestaldia*. Tartean, Txanbok, gure xistulari lehiatsuak* ere eman zeukun ikuskizun bikaina, hainbat xistulari ttiki eta koxkorrek batera jotzen zutelarik.

Etengabeko irrintzi, oihu eta kantuz, kalez kale eta umore onean amaitu dira aurten gure herriko bestak. Hamaika lan eman daukuten bestak, baina denon artean, gazte eta heldu, ahal duenak ahal duen heinean* lagunduz, geurok antolatu ditugun bestak. Geure geureak!

Durangoaldea

Udaberri honetan hegoaize indartsua darabilgu eskualdean*. Haren putzaren indarrak txori lumak bezala eroan deuskuz esku artetik batzar bi eta zarzuela bat; eta antzerki talde baten aretoa* ere halan holan ibili da. Ikustekoa izango da, noizarterainoko jarraitu behar dauan aize zital horren putzak!

Jainkoa edo deabrua —ez dakit bietarik zein— lagun badaukagu, ekainaren* bigarren hamabostaldian eukiko ditugun jaiak, honeek dituzue: 24ean, Murgoitio Berrizko auzunean, Garain eta Aldape Elorrioko auzunean, San Joanak; 29an, Durangoko Tabiran eta Berrizen, San Pedroak.

Joan dan maiatzaren 30ean, Gerediagatarrek ezin izan dabe egin Garain, euren gogoan egoen Mendekosteetako batzar nagusia, baimena heldu ez jakelako. Debekantzarik ez dabe euki, baina baimenik ere ez. Hitzen misterioa!

Ekainaren 27an, eskualdeko ikastola umeentzako II. Jaialdia egingo da Elorrion. Eskualdeko zortzi ikastoletako umeak elkartuko dira egun horretan, eta euren jolas, marrazki*, antzerki eta trebetasunak euskaraz eskainiko deuskuez.

Durangoko Tabira Mendi elkarteak ekainerako antolatuta daukan irteera, Andutz mendira izango da hilabete honen 20an. Mendi hau Mendaro-Deba inguruan dago.

JOAN ANTONIO AROMA

Mondragoe

Datorren ekainaren* 20an, Haurren Eguna ospatzeko asmoa dugu. Horretarako, Euskal Herri guztitik, dantzari eta txistulari txikien talde asko biltzen ari* gara.

1.500 haur izango dira, gure artera etorriko direnak: denak euskal jantziaz eta beren musika eta dantzarako soinugailuekin*.

Dantza, kalejira, kanta eta abar izango ditugu. Jaialdi zoragarria noski*, bai txikientzat eta bai handientzat ere.

Baina problema bat dakarkigu jende biltze honek: Non jango dute haur guzti hoiek? Horregatik, Mondragoetarren bihotz zabaltasunari dei egin beharrean gaude.

Hauxe izango litzateke atseginena: Familia bakoitzak bi edo hiru ume har ditzala bere mahaian. Eta,. honela, batean konponduko lirateke antolatzaileen diru arazoa eta beste buruhausteak.

Ideia hau ondo hartuko duzuela uste dugu, eta Mondragoeko familiak prest egongo direla, ume hauei beren etxean bazkaltzera dei egiteko.

Egun horretan ume dantzariak, zeuen mahaian bazkaltzeko, euki nahi badituzue, esan ezazue zeuen izena, zuzenbidea eta zenbat ume nahi duzuen.

Arrasateko herriari dei bat egiten diogu egun horretarako: Herriko umeak euskal jantziz apainduta irten daitezela kalera, ahal bada behintzat.

DANOK, euskal jakintza taldea

Tolosa

Donostiako «Anexa» ballet taldearen saioa ikusi dugu Leidor zineman, eta, egia esan, asko gustatu zaiku, Lastima, horrelako gauza ederrak behar hainbat jende ez bilaraztea. Eta honexek kezkatzen gaitu, hain zuzen ere: herriari kulturaren aldeko ardura gehiagorik ez dugula ikusten, futbolak eta telebistak jendea erabat* nagiturik dadukatelarik.

Hala ere, ba dira batzuk oraindik, artearen alde lan egiten dutenak; eta, halaxe, gazte batzuek antolaturik, herriko liburutegian beren kuadroak erakutsi dituzte Matxin Labaien eta Telleria pintoreek.

Hemen, ba zen oraindik zenbait kale eta enparantza* izenik gabe, eta, dirudienez, heldu zaie hoiei ere beren txanda. Tamalez, parte zaharrekoek izenak euskara-erdaraz badituzte ere, berri hauenak gaztelaniaz bakarrik ipini dituzte. Udaletxeko agintariei ezin emanen dizkiegu eskerrak, ez eta zorionak ere.

Bermeo

Euskal analfabetuak

«Correo Antoniano»ren apirileko zenbakian, eskerrak ematen deustez nire oraintsuko berbakatik. Ez dau merezi, gazteak! Euskalgintzako arlo honetan zerbait egiteko, adorea hartzera mugitu bazaituet, pozik egongo naiz. Ba dakit, euskal analfabetuak zareela; baina hori ez da zuen errua, eta ez zaree lotsatu behar. Euskara ondo dakienei eskatzen deutsezue laguntzioa. Ondo deritxat. Baina barkatu, postura hori zeredozer pasiboa iruditzen jatala badinotsuet. Ez egon inoren begira. Idatzi dakizuen modura, oker batzuk gora-behera. Eta bidea ibiliaz egiten dan legez*, idatziaz ikasiko dozue idazten ere. Orduantxe bakarrik izango da «Correo Antoniano» Bermeoko herriaren aldizkari bene benetakoa. Aurrera, ba. Ez daiala inork esan, Bermeoko gazteria eragozpenen aurrean lotu egiten dala.

Alfabetatze kanpaina

Mungikoa amaitu ondoren, alfabetatze kanpaina bat egiteko asmoa dago Bermeon. Irakurtzen deustanari esan beharrik ez daukat, zein premiazkoa dan gure herrian holako kanpaina bat egitea gazteen artean. Ea, «Antoniana»ko neska-mutilak. Hemen daukazue, zeredozer ikasteko aukera ezin hobea. Eskaini zeuen laguntzioa Euskaltzaindiko alfabetatze kanpaina horren eratzaileei.

Eubako jaialdia

Maiatzaren 20an, Asentsio egunean, Eubako Pasionistek euskal jai eder bat eratu eben, San Paulo Gurutzekoaren ohoretan*. Jendetza haundia bildu zan Euban egun haretan, nahiz eta eguraldiak lagundu ez.

Txistulariak, bertsolariak eta abar izan ziren. Baina jaialdi hori entzutetsuago egin ebana, euskal kanta lehiaketa* izan zan. Eta nik Bermeoko albisteen* artean aipatzen badot, horrexegatik da. Hain zuzen, euskal kanta lehiaketa hori, Lupe Fernández Bilbao, Bermeotar neskatillak irabazi eban. Bere hamabi urte zoragarriekin, eta, gaur egun ohi dan legez, kitarraz baliaturik, hainbat lehiakideren artean izan da garaile. Zorionak, Lupe. Bide ederra daukazu aurrean.

Zilarrezko ezteiak

Ba dauka Bermeok, zeruko bedeinkazioak erakartzeko, tximistorratz indartsu bat: Monja Klarisen Komentua. 1962.eko urtarrilean* inauguratu zan komentu hau, eta, gaur, hamairu monja bizi dira haren ormen* klausura barruan, otoitzari lotuak eta baita lanari ere, josteari bereziki*.

Hamairuen artean, lau dira Bermeotarrak, eta gainera —nork susma!— ANAITASUNAren irakurle zintzoak.

Honeetariko batek, munduan Justa Llona izenekoak, maiatzaren 21ean, bere profesioko 25. urtea bete dau. Zorionak, arreba Justa; eta, beste hogeitabost urtean ere, Jaunaren aurrean otoitz egin ahal daizula, zeure eta geure Bermeoren alde.

Pintura lehiaketa

Instituto Teknikoak antolatuta, herriko bankuen eta Arraintzale Kofradiaren laguntasunaz, eta «Barrueta» pintore elkartearen zuzenbide artistikoaz, ume eta gazteen arteko pintura lehiaketa bat egin zan apirilaren azken igandean*.

Irabazleei sariak emateko, maiatzaren 23an jaialdi bat egin dabe, Ercilla zinetokian, herriko euskal kantari gazteakaz. Oso aipagarria izan da ekintza berri hau, eta jaialdi guztiz egokia eta atseginezkoa. Urtean urtean egiteko asmoa azaldu dabe eratzaileek.

A. P. B.

Eibar

Peli Aldazabal zenaren oroimenez IX. euskara lehiaketa

Eguraldi eskasa zen Arraten, maiatzaren 23an. «Ohi denez» beharko dugu esan, aspaldiko urtetan ez baitauku honako egun honek besterik eskaini. Hala ere, euri ufala* eta guzti, ume mordoxka bat bildu zen hamar eta erdietan Arrateko ermitaren atarian; eta umeak ezezik, Eibar Club Deportivo-ko «Kezka» dantzari taldea, andereñoak, gurasoak, senideak, adiskideak eta gainerakoak.

Guztiz, Gipuzkoa nahiz Bizkaiko berrogeita zazpi ume agertu ziren lehiaketa* orduan, alegia*, Ataun, Zaldibi, Legazpi, Lazkano, Elgoibar, Eibar, Ermu eta Bilbokoak. Andoni Idoiagaren zuzendaritzaren pean, mahaikoak Libe Sarasua, Karmele Mandiola, Margarita Murgizu, Jose Luis Ugarteburu, Luis Alberto Aranberri, Imanol Larrañaga eta Serafin Basauri zirelarik, irakurketa-, idazketa- eta gramatikari buruzko lehiaketa prestatu zen, umeak bi taldetan banatuta. Hona hemen talde bakoitzeko lehen hamarrak:

Nagusien taldea (11-14 urtekoentzat)

1. Asier Etxeberria. Elgoibartarra. 14 urte. 42,5 puntu. Txapela, Eibarko Udalak* eskainitako irudia, 2.500 pezeta eta saria.

2. Patxi Xabier Bazterrika. Ataundarra. 12 urte. 40,5 puntu. Txapela, 1.500 pezeta eta saria.

3. Maria Dolores Etxeberria. Zaldibiarra. 13 urte. 40 puntu. 1.000 pezeta eta saria.

4. Odile Kruzeta. Eibartarra. 13 urte. 38 puntu. 500 pezeta eta saria.

5. Josune Beldarrain. Bilbotarra. 12 urte. 33 puntu. 500 pezeta eta saria.

6. Begoña Biar. Bilbotarra. 13 urte. 27 puntu. 500 pezeta eta saria.

7. Begoña Bazterretxea. Bilbotarra. 11 urte. 25 puntu. 100 pezeta eta saria.

8. Amaia Mujika. Bilbotarra. 12 urte. 24,5 puntu. 100 pezeta eta saria.

9. Nekane Aranburu. Bilbotarra. 13 urte. 24,5 puntu. 100 pezeta eta saria.

10. Joseba Andoni Beldarrain. Bilbotarra. 11 urte. 24 puntu. 100 pezeta eta saria.

Txikien taldea (7-10 urtekoentzat)

1. Asier Laspiur. Eibartarra. 10 urte. 28,5 puntu. Txapela, 1.000 pezeta eta saria.

2. Agurtzane Garzia. Elgoibartarra. 8 urte. 25 puntu. Txapela, 1.000 pezeta eta saria.

3. Miren L. Urzelai. Legazpiarra. 9 urte. 24,5 puntu. 500 pezeta eta saria.

4. Jon Iriondo. Elgoibartarra. 8 urte. 23,5 puntu. 500 pezeta eta saria.

5. Itziar Beldarrain. Bilbotarra. 9 urte. 22,5 puntu. 100 pezeta eta saria.

6. Iñaki Arkarazu. Lazkanoarra. 10 urte. 22,5 puntu. 100 pezeta eta saria.

7. Maria Lurdes Peñalba. Elgoibartarra. 9 urte. 22,5 puntu. 100 pezeta eta saria.

8. Elisabet Kruzeta. Eibartarra. 8 urte. 21,5 puntu. 100 pezeta eta saria.

9. Victor Alberdi. Elgoibartarra. 8 urte. 21 puntu. 100 pezeta eta saria.

10. Arantza Gorosabel. Elgoibartarra. 8 urte. 20 puntu. 100 pezeta eta saria.

Batez beste, oso maila oneko lehiaketa izan dugu bederatzigarren hau. Umeak primeran prestatuak etorri zaizkigu. Guztiok merezi dute txalo beroena. Beharbada, ikastolaren bat bereiztu behar badugu, ezin dezakegu hemen Elgoibartarrak aipatzeke* laga. Zorion sutsuenak nagusitxoei, umeei eta ezkutuan lanean ari izan diren guraso eta andereñoei.

Datorren urtean ikusiko dugu elkar Arraten. Ez etsi*, gazteok. Kontu izan, datorren urtean bizikleta bana irabaziko dutela lehen ateratzen direnek. Datorren urterarte, bada. Ea eguzkiari ere gutun* bat egiten diozuen, bera ere etor dakigun. Bai ote?

ALBISTARIAK

Barakaldo

Euskara herriko kolejioetan

Barakaldo herri erdalduna izan arren, bertoko kolejio bitan sartu dogu euskara. Guztitara, ia 400 baino gehiago dira, euskarazko ikastaldiak hartzen dituenak.

Otsailaren* 1ean, sei urtetik hamalau urterarteko 400 ume eta mutiko hasi ziren «Hermanos de la Salle» ikastetxean. Ikasleok «Altos Hornos» lantegiko beharginen* semeak dira. Ordutik hona, horreetariko batzuk aspertu egin dira eta utzi egin dabe euskararen ikastea. Ikastaldi honeek ordaindu barik ematen dira.

Martxoaren 1ean, «San Vicente de Paul» kolejioan, beste 100 ikasle txiki hasi ziren. Ikastetxe hau bigarren mailakoa da. Barakaldon entzute handikoa. Euskal hizkuntzaz gainera, euskal geografia, kondaira, kantak, folklorea, literatura eta beste gai batzuk ere ematen jakez.

Irakaslearentzat lan neketsua benetan, pozgarria, ere bai baina. Zaila jaku, izan ere, erdaldun giro batetik etorri jakuzen mutiko horreei euskal arnasa sartzea. Aspertu egiten dira batzuetan, euren etxe eta kalean ez baitabe euskalduntasunik nabaritzen*. Eginahala egin behar dogu, gogaitu ez daitezan eta euskaraz ikasten jarraitu daien.

Umeentzako ikastola

Lehengo batean esan genduanez, Barakaldon ba dogu txikientzako ikastola bat ere, «Cooperativa Alkartu» deritxona. Apurka apurka, tiraka tiraka, ba doa aurrera.

Ikasgelak, txikiak, ederto apainduak, txukunak, Santa Teresa elizaren azpian dagoz. Horra dabiltzan umeak, ia guztiak, inguruetakoak dira. Elizostean, zelai haundi bat dabe, jolas egiteko. Pozgarria benetan, umetxook batetik bestera arineketan ikustea. Biharko euskaldun Barakaldotarrak!

Hiru andereño dihardue irakasten. Lehenengo andereñoa Ines Lobato izan zan, bertokoa eta euskaldun berria. Orain, bata Berrizkoa da, bestea Barakaldoko Lutxanakoa, eta hirugarrena Abadiñokoa. Gugaz izan da oraintsu arte Marina González Moro, Bilbotarra, euskaldun berria eta andereño bikaina.

Ikastola honen zuzenbidea nahi badozue, hauxe da: San Jose kalea 11, Santa Teresa eliza, Barakaldo.

«Ez dok Amairu» kantari taldea

Euskal Herriko edozein bazterretan ezagutzen dabe «Ez dok Amairu» kantari taldea. Baina Euskal Herrian dinogu, euskaraz egiten dan tokietan edo euskararik ba dagoela dakienetan. Barakaldon, zoritxarrez (pena da esatea, baina egia biribila da), % 60 baino gehiagok ez dakie, euskara bizi danik ere. Ez dabe tutik ere sekula entzun. «Erdal Herrian» gagoz.

Hala eta guzti erez, oraindino bizi gara euskaldun batzuk berton, euskararen eta euskalduntasunaren alde zerbait egin gura dogunok.

«Alkartu» ikastolako gurasoek antolatu eben «Ez dok Amairu» taldearen saioa Barakaldon. Hortik ateratako irabaziak ikastolarentzat izango ziren. Gertakizun horretaz gutxi ohartu* ziren hasieran. Kale, orma eta edantokietan anuntzioak ipini izan ziren; baina, handik laster, apurtuta agertu ziren gehienak: etsaiak* azkar ibili ziren.

Apirilaren 30ean, jaialdia egiteko egunean, puskatuta genduzan itxaropen guztiak. Baina nork esan! Bat batean, sartzeko orduan, bazter guztietatik agertu zan jendea. Ez neban uste nik, Barakaldon hainbeste euskaldun eta euskaltzale egoenik. Hurrengo egunean, irratiak zera esan eban: «Han egoen jendetza, antolatzaileetarik optimistenak uste izango leuken baino jende gehiago izan zan». Egia haundia!

Gure artistek, «Ez dok Amairu»koek, ederto kantatu eben, gogotsu, sendo, seguru. Ahalegina egin eben, atsegingarri izateko; eta herriak eskertu egin eutsen. Azkenean, txalo ugari eta bero entzun zituen. Pozarren* joan ziren.

Laguntza eske

Barakaldo ez da, gaur, joan dan mendeko* herri txikia; huri hazia, harroa eta aberatsa baino. Hemen, gaur egun, 125.000 bizilagun baino gehiago bizi dira.

Oraintsu arte, imigrazioaren tokirik haundiena izan da. Gure artean 20.000 galego edo galego seme bizi dira, eta aurten ospatu dabe Barakaldoko «Galego Liburuaren I. Azoka». Guk euskaldunok ez dogu sekula euki euskal liburuaren azokarik*; eta, gauzak dabiltzan arauera*, ez dogu inoiz ere eukiko, kanpoko laguntza barik.

Barakaldotarrek baserritartzat dabe euskaldun jatorra. Eta ez dabe nahi baserritar bizimodua eta kultura. Nor da horren errudun? Egia esan, euskaldunak gutxitan hurreratzen dira honantza, bisitatxo bat egiteko bederen*. Bizkaiko euskaldunei bildurra edo... ematen deutse gure herriak. Beste euskal herrialdeetakoak etorri ote dira inoiz Barakaldora? Hemen bi mila euskaldun baino ez dira bizi, gutxi gorabehera. Eta guztiz sakabanatuak, gainera. Gure artean, lehen esan ditugun galegoak, Afrikako beltzak, marrokiarrak, eta abar.

Jende horreek ez dauke oraindino kultura egokirik, zentzudunik. Kultura hartzeko bidean dagoz. Oraintxe dogu horretarako era*. Euskaldundu behar ditugu; bestela, biharko egunean, gure kontra jarriko jakuz eta. Lepoa jagon behar dogu euskaldunok.

Ulertzen dozue orain, ikastetxeetan euskara sartzea zer dan guretzako? Lortu dogu aurten, geure lepotik; baina tamalgarri litzateke, datorren urtean, ezin ematea, dana galtzea. Hori gerta ez dadin, ehundaka euskaldun behar ditugu, orain gutxi garelako.

«Eutsi, eutsi, eutsi, gurea da ta...» Baina, adiskideok, geuk bakarrik ezin dogu.

Nahi dozu, euskarazko irakasle izan, datorren urtean, Barakaldon? Euskal Herriko seme jatorren zain gagoz.

JOSE MARI MENDIZABAL

Mungialdea

«Elkartasuna» biltokia

Neure beste kronika batean esan neban, nola Mungiko gazte mordotxo bat hasi ginen klub bat egiten. Nahiko kostatu jakun; baina, azkenean, lortu genduzan bai tokia eta bai haren dekorazioa. Maiatzaren lehenengoan inauguratu zan, «Elkartasuna» izenarekin; eta, apurka apurka, ba doa giro zuzen bat hartuaz.

Kanta saioa

Maiatzaren 22an, folk saio eder bat izan genduan «Elkartasuna» horretan. «Niebla» taldekoek, Jose Zuñigak eta Joseba Zarragak jardun eben, erdaraz eta euskaraz. Kanta guztiak gustatu jakuzen, baina Zuñiga Deustuko abogadu eta irakaslearen burruka hitzak batez ere. Ea han zan jendetzaren baitan ernetzen diren!

San Pedro jaiak

San Pedro jaiak datozenez gero, Udaletxera* joan dira herritar batzuk, jaiak euren kontura antolatzeko proposamendua egitera. Udalaren* baietza jaso ondoren, orain urte batzuetako «Sukaldi» egun ospetsua antolatzeko eskubidea eman deutsee. Entzun dogunez, Udaletxean lehen baino esku zabaltasun gehiago susmatzen da. Hala izan dadila, ez jai gastronomikoetarako bakarrik, bai eta beste arlo batzuetarako ere.

Aldizkaritxo berri bat

Beste klub bateko gazteak errebistatxo bat ateratzen hasi dira, erdara hutsean. Erdaltasun horren errua geurea ere ba da, ze, eurek azaldu eben legez*, errebista guztiontzat idekita dago. Zorionak gazte horreei, eta ea gogo gehiagorekin hartzen ditugun holako gauzak.

I. J.

Bilbo

Gabriel Aresti poetaren liburu berria

Gabriel Aresti, Bilbotar poetak, «Harrizko Herri Hau» izenburuarekin argitara eman berri dau beste liburu bat, «Lur» etxearen bidez. Liburuak 143 orrialde ditu.

Berri on bat

Jesuitek, Bilboko Indautxu auzoan, kolejio handi bat dauke, bi mila ikaslerekin.

Guraso guztiei zirkular bat bidaldu deutsee, esanez, datorren ikastaroan derrigorrezkoa izango dala euskal gramatika; eta galde egiten deutsee ea, horrez gainera, euskal historia, euskal artea eta abar irakastea nahi dabenentz.

Txalo bero bat Indautxuko jesuitei.

Eta beste kolejioek zer egingo dabe? Zer monjek?

Egunkari eta irratiak

Ba da hilabete, Euskaltzaindiak Bilboko egunkari eta irrati guztiei karta bat bidaldu deutsela, euskara erabiltzeko eskatuz.

Hilabetea pasatu da, eta lehengoan gagoz: egunkari eta irrati guztiek erdara hutsean dihardue.

Salbuespen* txiki bat: «Hierro» falangista egunkariak euskaraz argitaratzen ditu Euskaltzaindiaren agiriak (beste guztiek erdaraz bakarrik egiten dabe).

«Herri Irratiak», Elizarenak, Eduardo Uriarteren emanaldietan, noiz behinka ematen deusku euskarazko esaldiren bat. Baina hori ez da nahikoa. Guk gauza serioago bat eskatzen dogu.

Beraz, gure betiko galdea: Noiz erabiliko dabe euskara Bilboko egunkari eta irratiek?

«Caritas»

«Caritas» erakundearen* eskualdekatzea edo regionalizazioa oso bitxia da.

«Región Norte» dalakoan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa sartzen dira, baina ez Nafarroa. Gure anaia nafarren ordez, Santanderekoak sartu ditue.

«Caritas»en zuzendariei ohar bat: ez zaiteze nire etxera diru eske etorri, oker hori zuzentzen ez dozuen bitartean.

Liburu berriak euskaraz

Aurten, 100 liburu eta gehiago argitaratuak izango dira euskaraz. Ederto!

Nik hemen liburu bat aipatuko dot: «Rikardo Arregi» tituloduna, Arantzazuko «Jakin» editorialak argitaratua. Liburu honetan, sakonki aztertzen da komunismoa eta gaurko ezkerralde berria.

Bilboko euskaldunek hutsune hau nabaritzen* dogu: ez dakigula non erosi euskaraz idatzitako liburuak. Editorialetako harpidedun izan ezik, ezina da Bilbon liburu berririk lortzea, hemengo liburutegiek saltzen ez ditue ta.

Gaur euskal literaturak hartu dauan indarrak, liburuen zabalkunde on bat eskatzen dau. Askoz gehiago salduko lirateke, eta Bilbon bereziki*.

«Anaitasuna» letreroak

Pozgarria zan, Eubako euskal jaian, «Anaitasuna» letreroak hainbeste autotan jarrita ikustea. Horrek halako euskal kutsu bat ematen eutson jaiari. Baina gero, Bilbora etorritakoan, galdu egin zan gure poza.

Non dagoz Bilboko mila eta gehiago harpidedunak? Bai, ikusten dira letreroak hemen ere, baina ez behar dan neurrian. Askok, ohitura alfer batez, «qué noticias hay» galdetzen dabe? Jaunak, notiziak geuk egin behar ditugu. Eta hori eguneroko lanarekin lortzen da.

Ea astintzen dogun geure alferkeria edo epeltasuna! Jarri daigun geure kotxean «Anaitasuna» txartela! Guztion artean, euskal kutsua eman behar deutsagu Bilbori. Jende zintzoa eta bizia behar dogu, ez alferra.

XABIER GEREÑO

Laguntza eskaini behar Legutianoko euskaldunei

ANAITASUNA aldizkariak argitaratu duen azkenaurreko zenbakia, apirilaren 30ekoa, oso gogotik irakurri dugu. Batez ere Arabako gaurko euskal giroa ezagutzea oso atsegin zaiku. Euskal Herria ezagutzeko, horrelako lanen beharrean gaude. Oso interesgarria ere, «Arabako Elizaren Aurpegi Ilun Bat» izeneko lana.

Arabako lurraz ez dut idazten; nahikoa dut Nafarroarekin. Dena dela, Araba ere ondo ezagutzen dut; eta aitortu behar, euskal kontzientzia maiatzeko euria bezain azkar ugaritzen ari* dela zorionez.

Eta Eliza, zer? Esnatu da*; baina bi oztopo ikaragarriak aurkitzen ditu bere bidean, herria behar den bezala zerbitzeko: alde batetik, gotzaina ez dugu euskal giroaren laguna; bestetik, seminarioko zuzendari ta irakasleak, haundikeria ta unibertsalismoagatik, Euskal Herriari begiratuaz, lo daduzkagu.

Horren eredu* garbia, Legutianon* gertatzen dena. Eusebio Osak dioen bezala, «Legutianoko krimena». Ikaragarrizko hitzak esan ditu gure idazle honek. Nondik has, bidea urratzeko, ez du hain garbi ikusten: «Guk ere Gasteiztik zerbait gehiago egin behar genuke, hango egoera aldatzearen alde. Oraindik ez dakigu nondik has. Lehenengo urratsa*, Legutianoko jende gazte talde bat iratzarri* eta protesta bidean ezartzea izango litzateke, beharbada».

Errazena da, gotzainari eta hango apaizei erruak botatzea. Ez dira haien erruak bakarrik. Guk ere ez ote dugu Pilatosen antzera jokatzen? Besteei erruak bota eta patxadan gelditu.

Ezin dugu Legutianon euskara galtzen utzi. Zer egin orduan? Jende gaztea protesta bidean jartzen hasi? Hori sasikeria ugaritzea izango litzateke. Lehenago ba dugu nahikoa. Beharrezkoena hauxe da: burura jo. Lege gizonak eta notarioak hartu, herrira joan, berriak altxatu eta Erromako auzitegira eta epaitegi nagusira agertu gertatzen direnak. Ez da gauza zaila, erraza baizik.

Gazteak protesta bidean jartzea, arin jokatzea da, gazteak erretzea. Ez ote dugu nahiko gazte inozokerietan* erre? Noiz ikasi behar dugu, geurok aurpegia ematen? Zergatik beti sasi tartean ibili?

Legutianoko gorabehera hoietan, Elizaren lege berriek, Kontzilioak aitortu dituenek, laguntzen daukute. Geure alde ditugu. Orduan, lanik onena izango litzateke, legearen bidez jokatzea. Orduan bai, gotzaina eta apaizak gaizki agertuko liratekeela.

Horrelako ekintzak behar ditugu aurrera eraman. Gainera, bide horretan ematen diren pauso guztien berriak, azaldu garbi paper batzuetan edo euskal aldizkarietan, eta elizgizonei banatu. Horrelako jokabideen behar haundia daduka Gasteizko gotzainak. Ez hitz gordinak esan, legea eskuan dugula, aurpegia eman baizik.

Ekintza hau Arabako elizgizon talde batek ezin badu aurrera eraman, beste probintzietakoei laguntza eskatu. Gauzak behar diren bezala egiteko prest gaude.

Legutianoko gorabehera hoik* aurrera eraman beharrak daude, baina bide zuzenetik. Horko gertakariekin Euskal Herri osoak zerikusi haundia daduka. Arrazoiak geure aldetik ditugu. Erroman, Elizako agintarien aldetik, geure aldeko giroa dugu. Orduan, guk jator eta gogor jokatu behar.

LATXAGA

daduka, dauka

daduzkagu, daukaguz, dauzkagu

daude, dagoz

daukute, deuskue, digute

gaude, gagoz

zaiku, jaku, zaigu

Azpeitia

Gure herriko euskal kantariak

Duela urte batzuk hasi zen kanta zaletasuna gure herrian pizten, eta egun* aurrera doa.

Noiznahi garbi ikusi dugu, jaialdiren bat jarriz gero, jendea erruz* joaten dela. Ezin genezake, beste zenbait kultur gaitan, berbera esan. Dena den, gauza pozgarria dela ez dago ukatzerik. Eta, kantarien aldetik, zer esan? Ikus ditzagun pitin bat, bakoitzari berea emanez, geure herriko zenbait* abeslari.

«Unai» hirukotea izan dugu ezagunena, zeren*, kanta bikainak eginez gainera, hor dabiltza herriz herri beren kantak abesten, edozein lekutan edozer gauzaren alde beren kanta saioak eskainiz. Hamaika kanta eder entzun dugu, haien boz gozoak lagunduta.

Xabier Saldiaz ere hor dugu. Lehen bakarrik ziharduen, eta orain, «Egan» taldea osatu zenez geroztik, talde horretan ari* da kantari, isil isilik, baina beti humoreko, nahiz dantza tokietan nahiz herrietako jaietan, beti gazteriaren alaigarri eta beti euskaraz abesten. Pozgarria hau benetan, euskaraz gutti hitz egiten den herrietan ere jendea ausartki* ari baita* haren kanta denak euskaraz abesten. Aurrera!

Azken bolada* honetan, denetan sonatuena Javier Madina izan dugu. Honek, duela bi urte, «Baso Bidean» gabonkanta polit harekin, Iruineko txapelketan lehen saria irabazi zuen, eta euskaraz kanta asko abestu du. Ez goaz hemen, abestien balioa kritikatzera; ez, ordea*, zer esatekorik ez dugulako, baizik kantariaren jokabideak okerragoak direlako. Gauza bat eskatuko genioke: arren, ez dezala gehiago protesta kantarik egin, zeren*, azken disko horrekin, «Nun dira nekazariak» alegia*, ba dirudi, nekazariez anitz* errukitzen dela. Baina guk, Madina ezagutzen dugunok, zera esaten dugu, alegia, funtsean* disko horrekin baserritarren kontura farra egitea besterik ez duela egiten.

Gure Javier Madina, exitoaren, ohorearen* bila dabiltzan hoietakoa dugu; gaztelaniaz eta euskaraz abesten duten hoietakoa; eta euskaraz, modan jarri zanetik kantatzen duena; bestela, gaztelaniaz bakarrik abestuko lukeena. Horrelakoei ezin esan, euskal kantante direnik, zeren* eta ez dira Euskal Herriaren egoeraz jabetzen, eta ateratzen dituzten diskoetan —nahiz euskaraz nahiz gaztelaniaz— ahaleginduko dira herri xehearen kontura sakela betetzen eta ahalik eta kantarik hutsenak ateratzen eta herriari mensajeen ordez ahulkeriak* kantatzen.

Duela denbora dexente, Diario Vasco egunkarian, Javier Madina «ídolo de la canción vasca» ipini zuen norbaitek. Lekutan zegok! Ba diagu eredu* hobeagorik, alajainko*! Eta, Radio Nacional de España-n, «y ahora en euskera Javier Madina...» ia egunero entzuten da.

Ohar bat

ANAITASUNA hamabostean behin ateratzen da. Erosi nahi duenak, Plaza Ttipiko Estanko Ttipian aurkituko du.

EUSKARAZALEAK


Rhodesiako Elizaren jokabidea

Ahoa bete hortzekin* gelditu gara, Londreseko Tablet astekari katolikoak Rhodesiari buruz emanberri duen informazioa irakurtzean.

Tablet-ek dioenez, hango Eliza «split down the middle» hots*, oso alderdikaturik omen* dago, egungo egunean, gobernuarekiko Gotzainen politikagatik.

Kristauen arteko alderdikatze hau nonnahi aurki daiteke. Beraz*, ez da hori, Tablet-eko txostenean* harritu gaituena. Hierarkiaren postura da, ezin-sinetsizkotzat hartzen duguna.

Dirudienez, Estadu arrazistari makurtu zaio Eliza, justizia eta moralaren aurka dagoen apartheid egoera bat onartuz. Bildurra? Prudentzia? Zuhurkeria? Konponkeria? Jakin ez dakigu, baina honako hauk* dira gertaerak.

Guztiek dakite, Ian Smith jaunak egindako lur banatze higuingarriaren berri. «Land Tenure Act» legearen bitartez, bi zatitan erdibitu zituen Smith-en gobernuak Rhodesiako lurrak: bata populu beltzarentzat, bestea populu zuriarentzat.

Bi zatiok berdintsuak dira: 50 milioi bat akre laborantza Iurretan. Legearen arauera*, populu biek banatan* bizi behar dute, bakoitza bere lur zatian.

Hau Salomonen epaia!

Gauza pixka bat hurbilagotik* begiratzen badugu, ordea*, berehala konturatzen gara Smith-en makurkeriaz, bi populuen neurriak oso desberdinak baitira. Beltzak bost milioi dira; zuriak, berriz, milioi laurden bat, gehiagorik ez.

Elizak horrelako bidegaberik ezin zezakeen onar, eta ez zuen onartu. Orain urte bete, «Land Tenure Act» delakoaren kontra protesta handi bat egin zuen, lege hori salatuz.

Bestalde, Gotzainek gobernuari ultimatum bidali zioten, esanez, eskolako apartheid politikak iraunez gero, Elizak bere eskola, gaixotegi eta umezurtz etxe guztiak hitxiko zituela.

Orain arte, dena ondo. Printzipioek eta egiteek bat izan behar dutela, argi eta garbi erakusten zuten Gotzainek.

Baina bat batean, inork usterik ez zuelarik, konpromiso bat egin omen* da, eta, hain zuzen ere, beltzen bizkarretik.

Tablet-ek dioenez, Gotzainek, eskolako diskriminazioa onartuz, erabaki bat hartu dute: hemendik aurrera, zurientzako Elizaren eskoletan, ikasle beltzak ez, dira sartuko, ehunetik bost izan ezik.

Beren desenkusak* eman dituzte Gotzainek, jakina, «caso de fuerza mayor» dela esanez. Episkopaduaren sekretario den Aita Randolph jesuitak beste atxakia bat eman du, benetan eskandaluzkoa iruditzen zaikuna: «Printzipioak azaltzea errazago dela, hoik* praktikan jartzeko modua jakitea baino» esan du Randolphek.

Elizak hamaika bider kondenatu du arrazismoa. Oraindik orain, memorandum bat bidali du ONUra arrazismoaren kontra. Baina, Rhodesian, diskriminazioa Elizak berak erabiliko duela dirudi.

Gaurko mundua aldatu egin behar dela diogu kristauok, bidegabekeriaz josita dagoelako. Baina Elizak, iraultza*, gogorkeria eta odol isuraraztea ez dela bide ona esaten du; aldakuntzak, bakez, pixkaka eta erreformen bitartez egin behar direla.

Arrazoi handia du Elizak. Baina, beraren jokaera ikusita, txunditurik* gelditzen gara batzuetan, «aurresku» ez baita* haren dantza, «atzesku» baizik, Gabriel-en terminologia erabiliz.

Ni ez naiz iraultzazale. Erreformazale naizela bildurrik gabe aitortuko nuke. Baina, erreforma hitzari, zer esannahia ezarri behar zaio?

Baldin erreformazale izatea, luzakor, pazifista eta konpontzaile izatea bada, nik ez dut uste, Kristo Jauna erreformazale zenik!

Ba daiteke, Rhodesiako Gotzainek egindakoa, zenbait saihetsetatik, ondo egina izatea. Nik ez dakit. Baina arrazismoa mundu guztirako problema bat da, eta oraingo erabakia oso eredu* txarra izanen da mundu guztiaren aurrean. Noiz arte jarraituko gara, hitza eta egitea ados jarri gabe? Eta nork sinetsiko du Elizaren sintzeridadea?

Beste gauza bat izan da, oso desberdina, Mozanbiken Aita Zuriek hartutako postura.

Berrogei Aita Zuri atera dira Mozanbiketik. Zergatik? Zeren* —beraien hitzekin esanen dugu— «nous pensons qu'il y a des situations où, comme saint Paul, il nous faut répudier les silences, ne nous conduissant pas avec astuce et ne falsifiant pas la parole de Dieu» (II Kor. 4,2).

«Nola gaitezke gu maliarrak izan maliarrekin, kongotarrak kongotarrekin, tanzaniarrak tanzaniarrekin... eta aitzitik*... portugesak mozanbiketarrekin?»

Honelakoak dira Aita Zurien nagusi jeneralaren hitzak. Berak argitaratu idazkiak burutik burura irakurtzea merezi du.

Hau da, justiziaren alde garbi jokatzea! Eta ez Rhodesiako Gotzainen joera. Edo, egia osoa esan, hango Gotzainen maioriaren joera; haietako batzuk, zorionez, ez baitaude ados hartutako erabakiaz.

KARLOS SANTAMARIA


Euskaldungoa

Euskararen «sagradutasuna»

Honela inostan* lehengo batez gizon batek: «Herri bakoitzak merezi dauna besterik ez dauka». Jakina, gure kasuan hori gezur biribil bat da. Baina kontuz: nondik begiratzen jakon, egia biribilena ere gertatzen da.

Bizkaitar batek inostan behin, beretzat euskara sagradua dala. Baina holako hori inostan horrek, egundo sekula ez dau euskaraz idatzitako libururik irakurri, ez euskal historiarik ikasi, ez euskal literaturarik ezagutu. Egia esan, euskararen «sagradutasuna» ondo bai ondo errespetatzen dau. Baina begira: euskara sagradutzat daukanak holako hori egiten badau, zer espero euskara sagradutzat ez daukanaren gandik? Eta, ahaztu baino lehen, «herri bakoitzak merezi dauna baino ez dauka» Sabino Arana Goirik esana da.

Etxamendi-Larralde kantarien disko berri bat

Etxamendi-Larralde kantariek disko berri bat atera berri dabe, Mixel Labegerie eta Arrosa Camblong jaun-andren laguntzaz. «Ama, zer duzu nigarrez», «Josepe Elosegi», «Karabantxeldarrak» eta «Haurtxoa» dira lau kanten izenak.

«Ez dok Amairu» Pauen

«Ez dok Amairu» kantari taldea Frantziako Pauen izan berri da. Baionako «Herria» astekarian honetaraxe irakurtzen da, Paueko jardunaldi hori dala ta: «Hoiek denek, kantuek, hitz saminek, gogoratu dauzkigute gizonaren betiko oihartzunak*: libertatea, amodioa eta partikularki lana, egun guztietakoa, ordinarioa, akitgarria* eta zenbait* aldiz lotsagarria».

Iruineko San Ferminak

«Ez dok Amairu» taldeak bere «Baga, Biga, Higa» saioa eskainiko dau Iruinean, San Ferminetan, uztailaren* 10ean, goizeko hamaiketan. Horrez gainera, izango dira, bai, zezenak, dantzak, ardoa, amodioa, herrimina, atsekabea eta heriotzea.

Donibane Lohitzuneko kermeza

Ohi dan kermeza* ospatu izan da Donibane Lohitzunen, maiatzaren 16an. Mattin eta Xanpun bertsolariek jardun eben.

Euskal jaia Eiheralarren

Mattin, Xanpun eta Esponde bertsolariek, Eñaut-Etxamendi, Larralde eta «Oskorri» taldeko kantariek jardun izan dabe Eiheralarreko euskal jaian, Salbatore* egunean.

Pasiotarren euskal jaia Euban

Bizkaiko Euban, Orue auzoan, Pasiotarrek urtero egiten daben jaialdia, aurten, maiatzaren 20an, Asentsio egunez, izan da. Denbora trumoitsua, goizean eguzki zitala eta arrastian euria, eta jende asko.

Taldekako txistularien lehiaketa* Markinako Ansola anaiek irabazi eben, Bilboko «Txori Alai», Bilboko Udaletxekoak* eta Orduñakoak ondoren zirelarik.

Bakarkako kantarien lehiaketa Bermeoko Lupe Fernández neskatoak irabazi eban. Haren jarraian, Algortako Mikel Torrijos, Muxikako Jon Enbeita eta Ondarroako Garbiñe Landaribar.

Taldekako kantarien lehiaketa Zaldibarko. «Gau Txoriak» izenekoek irabazi eben. Hareen jarraian, Santurtzeko «Argi Barri», Ondarroako «Odol Barri», Berangoko «Anaitasuna» eta Bermeoko «Matxin Zaleak».

Meza denboran, goizean, meza laguntzen ziharduan Pasiotar batek esan eban mikrofonoetatik: «Euskalduna, fededuna... Kristo, gaurko liturgiak dinoskunez, zerura joan jaku, baina ez gaitu bakarrik utzi. Bera beti dago gurekin... Kristo da gure benetako liderra...»

Meza ostean, beste Pasiotar batekin egon ginen.

— Jende asko, ezta?

— Bai zera! Gazterik ez da izan. Gazteriak utzi egin dau Eliza. Eta Elizak ez dauka zereginik, oraingo estruktura hau apurtzen ez badau. Atzo ere, dozena bat gazte inguru atzeman* ei* ditue Arrasaten...

Pasiotar fraileari begiek ihes egiten eutsoen, tristuraz, jendartera, gazteak ikusi nahiz bezala; eta letra honeek idazten dituanari, joan dan udan Pasiotarren artetik irtendako 25 gazteak etorri jakozen burura.

Mondragoeko ikastola lege bidean

Arrasate edo Mondragoeko ikastola lege bidean omen*. Goitik, agintzen dutenek, kondizio bezala, herriko alkatea ikastola batzordeko* «berezko lehendakari» izan dadila eskatu dute; eta, berebat*, Udaleko kontseilari bi batzorde horretako izenda daitezela. Gurasoek baietza emanik, uste da, orain, behingoan* legalizatua izanen dela ikastola. Poztu daitezke, alafede!, guraso eta irakasleak. Horrelako babesik nonnahi!

Ezkontza sakramendurako liburu berria

Sakramendu honen molde berriko liturgiaren testoa, argitara eman bezain laster ikusia dugu. Lazkanoko beneditanoek eman daukute, Gipuzkoa eta Bizkaiko euskaraz, guztiz poliki taxuturik. Lehendanik ezagutzen genuen, berriz, Bidasoaz handikoen argitalpena.

Elizak ari du bere lana, eta poztu egiten gaitu (euskararen aldetik ari* naiz orain); baina, ez ama eta irakasle, baizik neskame* eta mirabe* den eritziarekin uzten gaitu. Alegia*, iduri du, atzetik eta zenbait* xulo hornitzen ari dela. Noiz arte, hiru testo desberdin eginaz, jarraituko ote? Ez ahal da, bada, gorabehera guztien artean ere, deus* finkatu euskara batasun bidean?

Euskal izen berriak hauzitara

Duela urte eta erdi edo..., Idiazabalgo guraso batzuek «Oroitz» ipini zioten izena beren haurrari. Bai izen egokia eta ozena* euskal belarrientzat, ezta? Bataioan aise* pasatu zen; ez, ordea*, juzgaduan, ez baitzuten onartu inola ere. Hauzitara jo zuten gurasoek, eta, azkenean, ezezkoa hartu beharrean gertatu ere. Agian* ez da egoki. pertsonarentzat gisa horretako izenik. Egokiago ote Pakomio, Zirilo, Romualdo..., adibidez?

Orain, Oroitz-en ordainez, «Osoitz» ipintzea pentsatu dute. Izen historikoa guretzat, gure aintzinakoen artean erabilia izan baitzen. Baina, bai zera! Oztopoa berriro; berriro hauzitara. Makurra da, nonbait, gure bekatua!

«Noiz» antzerkia Uztaritzen

Daniel Landart gazteak egindako «Noiz» antzerkia jokatu izan da Uztaritzen, maiatzaren 30ean, «Bilgune» salan.

Kermeza Donapaleun

Ohi dan kermeza* ospatu izan da Donapaleun, maiatzaren 30ean. Mattin eta Xanpun bertsolariek jardun eben.

Gotzon Garate jesuitaren mintzaldia Durangon

Gotzon Garate jesuita elgoibartarrak berbaldi bat eman izan dau, «Marxen Marxismoa» gaiari buruz, Durangon, ekainaren* 2an, jesuiten etxean, euskal alfabetatze taldekoek eraturik. Gotzon Garatek euskara ondo daki, euskara batua proposatzen dau, eta toki askotara mugitzen da, bere hitzaldiak ematera. Haren «Marxen Marxismoa» liburuari bagagokioz, begi onez ikusi izan da euskaldun askoren artean, jakintsu batek gaur gaurkoa dan gai bat euskaraz erabili daualako batez ere. Baina, euskaldun ezkertiarren artean, ez dau hain harrera onik izan, Marxen teoriak modu onez azaltzeko barik, Marxen pertsonalidadea dudan jarri eta haren ideologiaren muina ilun samar uzteko egin ote dan uste baitabe.

Gotzon Garate Deustuko Unibertsidadeko irakasle da. Eta ikastetxe horretako gazteek, eta Euskal Herri osoak ere, egiten dauanagatlk eskertuz gainera, asko eta asko itxaroten dabe beragandik.

Euskal kantariak eta euskara

Hona hemen, Abel E. jaunak «Euskaldungoa»rako bidaldu deuskuna:

Non da euskara? Non, euskara juzgatzeko juezak? Zertan ari gara? Euskaldun kantariak ala abeslari hutsak ateratzen?

Maiatzaren 20an Euban ikusia: Euskal kantarien txapelketa, lau banako eta lau talde. Ba egozen, euskaraz ez ekienak. Baina ez zan hau bekatu nagusia, ez. Ba egozen haundiagoak. Herriak ez eutsen batzuei, zer esaten eben ulertzen, euskara lotsagarria zalako. Gehiago oraindik: juraduak ez eban hau, euskara, kontuan hartzen. Lotsagarria! Hobe dala uste dot erdara egitea, ez bata eta ez bestea baino. Hain gaitza ote da, abestu behar dana euskara onean egitea? Kantariak ere, euskara hondatzeko makina bihurtu behar ote ditugu? Horrela bada, hobe isildu!

Agustin Ibarrola pintorearen mintzaldia Bilbon

Maiatzaren 21ean, Agustin Ibarrola pintoreak berbaldi bat eman izan dau Bilbon, «Aize Errota» ikastolan, «La Pintura y Escultura Vasca» gaiari buruz. Haren lanen erakusketa bat eginez gainera, elkar hizketa bat euki izan zan mintzaldi ostean.

Domingo Izagirre jaunaren hitzaldia Anoetan

Maiatzaren 22an, Domingo Izagirre, «Federación Guipuzcoana de Ikastolas» erakundeko* idazkaria, «La ikastola, vehículo de la cultura vasca» gaiari buruz mintzatu izan da Gipuzkoako Anoetan, hango elizako gela batean.

Euskal antzerkia Deban

«Itzulera» izeneko antzerkia jokatu izan dau, Deban, Idiazabalgo antzerki taldeak, maiatzaren 21ean, Zubelzu aretoan*.

Euskal ikastaldiak Hernanin

 Hango albistariak dinoskuna:

Gaueko ikastola amaitu baino lehen, informazio ttiki bat eman nahi nuke. Ikasleak 100 baino gehiago izan dira, hiru taldetan bilduak: umeena, basikoa eta alfabetatzea. Klase hauk* oso ondo joan dira, eta honek indar eta gogo haundia ematen dauku, hurrengo urtean berriz jarraitzeko. ANAITASUNA aldizkaria oso laguntza haundikoa izan zaiku.

Ekainaren* 9an, gaueko 10etan, «Galarreta Jai-Alai» frontoian, jaialdi bat ospatuko da, gaueko ikastolaren alde. Kantariak izango dira: Mikel Laboa, Xabier Lete, Arza anaiak, Pello eta Pantxoa, Larralde eta Bordos.

Euskal jaia Mallabian

Dantzariek, harrijasotzaileek eta Azkoitiko Larrañaga eta Mallabiko Mendiola «Azuntze» bertsolariek parte hartu eben, Bizkaiko Mallabian, Artetako erromerian. Mallabiko gazteek, lan luzea, astuna eta trabaz betea egin ondoren, jaialdi ederrak antolatzen ditue. Ez atzera egin! Etorkizuna gu gazteona da! Aurrera!

«Pintores Vascos» (II) liburu berria

Luis Madariaga jaunak «Pintores Vascos» izenburuarekin egin dauan liburua, «Auñamendi» etxeak argitara eman berri dau. Liburu honetan, Menchu Gal pintoreagandik hasi eta Jose Luis Zumeta-ganarte diren pintore guztiak aztertzen dira. Eskatzekotan: «Auñamendi», apartado 2, San Sebastián.


Euskaldungoa

Iparraldetik bi berri

Baionako Komerzio Ganbara eta Ipar Euskal Herriko bizibidea

Duela aste zenbait*, Ipar Euskal Herriko bizibideaz inkesta* edo ikertze bat arras* interesantea agertu dauku Baionako Komerzio Ganbarak. Zuzenkiago esan, ikertze hori ez da Ipar Euskal Herriko hiru probintzietarat hedatzen*, zazpi kantonamendutarat baizik. Kantonamendua, frantses administrazioak finkatua duen eskualde* baten izena da. Delako zazpi kantonamendu hoien Herriburuak hona zein diren: Baigorri, Donibane Garazi, Donapaleu, Bidaxune, Bastida, Hazparne eta Iholdi. Bigarren ikertze batean, aipatu beharrak dituzte itsas hegi* aldeko kantonamenduak: Ezpeleta, Uztaritze, Donibane Lohitzune, Miarritze, Baiona, Ternose eta Saint-Martin-de-Seignaux.

Batek esan lezake, eta non dago Zuberoa? Zuberoa ez dute aipatzen. Zergatik ote? Ez dea* Euskal Herrikoa? Gu bezalako batentzat ez da hor dudarik: Euskal Herrikoa da. Baina Baionako Komerzio Ganbara, frantses administrazioaren tresna bat da. Eta ba dakizue, nola frantses administrazioak Zuberoa Biarnoari lotua duen, esan nahi baita* Paueri, eta ez Baionari. Bestalde, Baionako Komerzio Ganbarak, Baxenabarraz eta Lapurdiz gainera, hartzen du ere Landes-etarik zati bat, ekonomi aldetik Baionari josia delakotz. Bi hitz orain, ikertze horrek agertzen duenaz.

- Lehenik jendetzeaz. Mende* bat barne, zazpi Herriburutako eskualde horrek bere jendetzetik hirutarik bat baino gehiago galdu du. Herri zenbait, hala nola Iholdi, kilometro arau, 20 jendetara edo pertsonatara jaitsi* dira. Esan nahi baita, herri hoietan, luza gabe, bide beretik joanez, herri-zerbitzurik gabe geratuko direla. Segur, turismoa goiti* ari* da, eta bitartean herriak husten.

- Bideak edo erregebideak. Ez da, ez, eskasiarik. Baina direnak, gutiz gehienak dira hertsiak*; eta zenbait, estatu txarrekoak. Bide haundirik gabe, nondik, nola ekarreraz industrilariak?

- Laborantza edo nekazaritza. 1954.etik 1968.a barne, beraz* hamalau urtez, laborantzak. 3.590 enplegu edo lanbide galdu du delako zazpi Herriburu hoietan. Etxaldeak edo baserriak hustu dira dotzenaka, bakar zenbait haunditu; baina, hala ere, ez du oraino etxalde batek bererik ematen. Ainitz* etxalde tresnatu dira, baina zorretan geratuz. Dena den, esnearen eta haragiaren aldetik zerbait egin daiteke geroari buruz. Bi sail hauk ongi doazela dirudi oraingotz.

- Oihanak*, oihangintza. Ipar Euskal Herriak egin duen huts haundienetarik bat da, herriko milaka eta milaka lur hektarea ez oihaneztatzea, nola eginak izan baitira Hegoaldean.

- Etxegintza da sailetan hobekienik kurritzen duena, nahiz azken bi urte hauetan beherapen bat erakusten duen.

- Lantegintzak edo industriak beherapen edo apaltze haundia egin du azken hamalau urte honetan, 550 enplegu edo lanbide galduz... Bereziki* Hazparnen.

Ipar Euskal Herriak, oraino urte zenbaitez, esperantza ttipia duke*, beharrezkoa duen industria berriaren ikusteko. Nafarroak bere etxean egin duen lana, ez daduka oraino Iparraldeak eginik, ez duelakotz Herriburuzagitza azkar eta euskaldunik.

«Noiz»en antzerkilariak Pariserat

Iparraldeko euskal teatroan, aurtengo izarra «Noiz» izan dela ez da ukatzerik. Oraingotz, dotzena bat aldiz emana izan da; eta azkenik Gipuzkoan, Lazkanoko herrian. Orotan* arrakasta* ona ukan* ere duela, esan daiteke, espanturik* egin gabe.

Maiatzaren 21ean joan zaizkigu «Noiz»en antzerkilari airosak eta erneak, Pariserat. Han bi aldiz eman behar dute, alabaina*, Daniel Landart-en antzerki hori.

G. L.


Hirakurleak hizlari

Zer da sozialismoa?

ANAITASUNAren 211. zenbakian agerturiko «Pentsatzeko Egoera» artikulua oso ausarta*, berria eta polemikagarria iruditu izan jat. Horrexek bultzatu nau, zerbait idaztera.

Sozialismoaren irteerarik eza aipatzen da lehendabiziko zatian, iraultzarako* posibilitatearen amaiera. Izan ere, langilegoa* konformatze batera doa, sistemaren onartzera. Bizimoduaren hobetzearekin, ideal guztiak moteldu egiten dira. Nork gura dau sozialismoa, batez ere sistema kapitalistak ematen dauan bizimodua, eta aurreragorako eskaintzen dauana ikusita? Gero, «renta per capita» dalakoaren eta iraultzarako gogoaren arteko zerikusia azterturik, garbi agertzen da, Ipar Amerikako langilegoaren bidean goazela danok. Gure Herriak egindako ahalegin guztiak orma* baten kontra desegin dira.

Ba dira artikulu horretan egia haundiak; eta komeni da, noiz edo noiz aidera botatzea. Baina, holako gai bat ikutzean, labur izan beharrak eta alderdi guztiei heldu ezinak, gauza asko paperetik at* uzten ditu.

Beharbada, «Aurtiz» jauna arrazoi barruan dago, eta, gainera, gai horren inguruko isiltasuna apurtzeko adorea izan daualako txalotzen dot. Baina, ene ustez, beste alde batetik begiratu behar jako arazo honi.

Zer da sozialismoa? Zertarako da? Hasieran, sozialismoa, gizona gizaki legez*, merkantilismoak baino hobeto konprenitzen eban ideologia, teoria eta ekintza planteatzeko modu bat zan.

Marxismoa zientzi mailara igon zan aldi haretan, gizartea, kondaira eta gizona bera aztertuz. Sasoi berean —hobeto esan, arinago— zientziak (fisikak, kimikak...) ikaragarrizko bultzada bat izan eban. Ba zirudian, naturaren sustraietaraino heltzen zala, gauza guztiei azalpen bat emanez. Ez da, bada, kasualitatea, marxismoa ere une honetan sortzea. Zientzia batzuk, oraindino, orduko eran irakasten dira; beste batzuk gainditu egin dira, ikuspide zabalago batean sartuz (mekanika errelatiboa, mekanika klasikoa). Baina marxismoa ez da oraindik sartu beste teoria zabalago batean; eta, bere sorreratik hona, sozialismoaren monopolioa beretzat hartu dau. Are* gehiago: leninismoa, sozialismora heltzeko bide bezala jarri da.

Mundua, ostera*, errealitate dialektiko bat dan neurrian, aldakuntza eta gainditze hutsa da. Honegatik, gaitz* baino gaitzago da, orain 100 urteko teoria eta ekintzak gaur egun ere era bereko balioa izatea.

Gaurko produzio sistemaren aztertze bat behar da, jakina; eta, era berean, helburuen* berriztatze bat. Sozialismo hitza, berez, ez da ezer. Gizona doa haren bila; eta, bide luze honetan, izen asko jarriko deutsoz bere helburuari, eta izen horreek ere ez dira beti zuzenenak izango. Gizonak tentatiba pilo haundi bat egin behar izango dau; eta, gutxi gora-behera, aurrerago edo atzerago, ezkerrerago edo eskuinerago, beti saiatuz, urratu behar izango dau bere bidea.

Ene ustez, euren denboran jakintsu eta argitsuak izan ziren gizon batzuk fosilizatuak izan dira; eta euren pertsona eta ideiak, dogmatizatuak. Hauxe da, ene eritziz, gaurko problema. Iraultza egin daben Herriak kapitalismoaren bizio berdinetan jausi dira, mundu guztiko proletalgoaren* izenean burokrazia baten interesak zainduz. Ez dakit zergatik baina, gaur egun, zientzia, ekonomia eta pentsamentua atzeratuta, gatigatuta aurkitzen ditugu, adibidez, URSSen eta Txekoslovakian. China bera ere, Pakistaneko gerran, inperialisten albora jarri da, bere interes ekonomikoak jagotearren*.

Burokrazia haundi honeek, mundu guztian zabalduta daukezan partiduak euren interes berezien alde jartzen ditue, harrokeria larregiz* interes horreek eta gizonarenak bat eginez. Irakurri, kasurako, «Historia y Vida» aldizkarian, «El Ejército de Euzkadi» artikuluan esaten dana: «Entonces, estamos engañando a los vascos...»

Sozialismoa ofizialki ezarritako esanguratik bereizten badugu eta gizatasun kutsua ematen badeutsagu, gizona gidatuko dauan izar bat izango da beti. Herri bakoitzak bere erara bilatu beharko dau sozialismoa, besteren laguntasunarekin, baina inolako inposamentu barik. Gure ekintzek honekin ados etorri behar dabe, eta ez dogma modura emandako aginduekin.

Errealitatea aztertu, bai, eta bide berriak urratu ere bai, baina ormaren* kontra ez. Era berean, ez dago pentsatu beharrik, iragana* hobeagoa zanik. Gaurkoa gaur: hau da dialektika; eta joan direnetatik ikasi, gero eta zuhurragoak izan gaitezen, etorkizunaren bideak jartzeko orduan.

IRAKURLE BAT (Bilbo)

daukez, daduzkate, dauzkate

deutsagu, diogu

deutsoz, dizkio, diozka

jako, zaio

jat, zait


Ikastola

Ikastola eta liburutegiak

Aurrekoan, ikastoletan zen liburuen premia aipatzen genuen, eta premia honen arrazoiak zer-nola ziren. Eman dezagun, oraingoan, gai honi buruz Irakasle Elkarteak eginik duen planaren berri.

Lehenengo eta behin, haurrek berek sortu, egin, bildu eta berek moldatu behar dutela ikastolan behar den material eta liburu (ipuin, elkarrizketa, ikasgai, irakurgai...) esaten genuen. Horretan gaude, bai, horixe baita*, gure ustez, biderik jatorren bat, ikastolak nahiz euskarak aurrera egin dezan nahi baldin badugu.

Honek, gaur egun pedagogiaren eremuan* erabili ohi diren teknikez jabetzea eskatzen dauku, eta irakasleok egunean edo astean zenbait* ordu ikasteko har dezagula, ez baita* aski*, besterik gabe, borondate ona edo norberaren dohaiak.

Honen parean eta elkarren osagarri (trena ere burdin* lerro bitan ibili ohi da) genuen seinalatzen beste bidea. Haurrak ezin du dena berak asmatu, ez eta dena berak moldatu; beste lekuetan egin denaz eta egiten ari denaz baliatzen ere jakin behar dugu. Adibidez: haurrak fitxa bat egin dezan, edo lan bat prestatzeko, bere pentsamendua lantzeko, gaia sakontzeko eta osatzeko, edo ikertzeko* eta aztertzeko, beharrezko ditu liburuak; eta ez edozer liburu, bere maila eta adinera* moldaturiko liburuak baizik.

Beraz*, ikastoletako liburutegiak aipatzean, gisa honetako liburuez ari gaituzu; eta hauetarikoekin nahi dugu, ikasgela bakoitzean, bakoitzaren mailako euskal liburutegi bat munta* dezaten ikastolek.

Liburu mota bi ikusten ditugu: bata, gai orokarrak* deitzen dugu. Adibidez, uraren prozesoa gaitzat harturik (lurruna-laino, lainoa-euri, euria-iturri-hibai-itsaso...), liburuxka bat moldatu nahi badugu, edo euskaraz pentsaturik egingo da, edota, berdintsu dena, erdaratiko itzulpen egoki bat izango. Bestea, gai bereziak deitzen dugu. Adibidez, liburua ola-lantegiez moldatu nahi bagenu, ezin gai orokar baten itzulpena bezala molda, zeren*, gai berezia denez, ikuspegia ere geure geurea eskatzen baitu.

Urtebeteren buruan, gu nor bagara behintzat, hogeitamar bat liburuxka eman behar ditugu argitara, gai nagusiekin osaturik. Esan nahi baita*, ikuspegi zabaleko gaiekin moldatuko ditugula. Papera nola egiten den, edo txapelak edo motorrak eta abar baino lehen, industriari buruzko gai nagusia jorratuaz, liburuxka bat egitea premiazkoago zaiku; eta horrela, beste zenbait* gai nagusi harturik, hogeitamar bat liburuxka osatzea da gure lehendabiziko lana.

Behin puntu honetara heldu garenez gero, aipatu beharko genuke, liburuak zer-nola antolaturik doazen eta zer partetan emanik diren. Freinet-en ideiari jarraituaz, bederen* lau parte ukanen* luke liburu bakoitzak. Exenpluz, har dezagun gaitzat: arrantzaleak.

a) jakintza partea: arrainak, ontziak, arraina nola harrapatzen den, eta abar.

b) geografia: nondik nora ibiltzen diren arrantzaleak, portuen izenak...

c) kondaira: lehen nola, gaur nola eta zer.

d) gizarte alderdia: zer bizimolde, harreman, arazo daduzkaten arrantzaleek.

Hona hemen lau parte berezietan liburuaren egitura, eta haurrak gauza batzuk buruz ikastea baino zerbait gehiago lortu nahi lukeen sistema.

Berehalako batetan argitara emango direnak:

1) irakurketa hastapenak*: 5-6 urtetako haurrentzat lau liburuxka, oraingoz.

2) irakurgai errazak: 6-7 urtetakoentzat.

3) matematika hastapenak: 4-6 urtetako haurrentzat.

4) ikasgaiak: 8-9 urtetakoentzat, aipatu ditugun gai nagusi hoietako lau liburuxka.

Esan beharrik, euskara batuan egina izanen dela, argitara emango dugun guztia. Edizio bakarra, beraz*, eta ahalik kriterio zabalenez emanik, eskualde* guztietara hedatzeko* moduan.

Ikasgela bakoitzak du seguratuko edizioa, 4-5 aleren harpidedun eginaz eta horrela liburutegiari hasibidea emanaz. Gisa berean, gurasorik balitz, harpidedun egiteko prest, are* hobe denontzat. Mementoan*, ba liteke aski* lan gaitza gertatzea harpidedunen arazoa; baina, ikastolak eta jendearen pentsamoldea egiten doan heinean* bezala egiten ikusirik, ez dugu bidea hain ilun ikusten.

BARKAIZTEGI

daduzkate, daukez, dauzkate

dauku, deusku, digu

dezagun, daigun

dezan, daian

dezaten, daien

gaude, gagoz

zaiku, jaku, zaigu


Hitza ta Ekintza

Larresororekin hizketan

— Emaiguzu zeure eritzia euskal agerkariei buruz.

— Ene ustez, aurrerako urrats* haundi bat egiten ari* dira. Gure hizkuntza kaletartu egin dute; biziera modernoko kezkak euskaraz erabiltzen lagundu gaituzte; eta hau nahi-ta-ezko baldintza iruditzen zait hizkuntzaren etorkizunerako.

Euskararen batasuna eta gaitasuna, euskara erabiliaz lortuko ditugu; eta ez ditugu bestela lortuko. Xabier Kintanak Bilbon zorrozki esan berri duenez, euskararen batasuna eta gaurkotasuna behar ez dituztela diotenek, erdara batua eta gaurkotua erabiltzen dute barra-barra, eta euskara sekula ez: ez baturik ez euskalkirik*. Nondik nora sendituko lukete batasunaren beharra?

— Esaiguzu, ANAITASUNAn, zure ustez, ikutzen ez diren gaiak.

— Ez dut hutsune nabarmenik nabaritzen*.

— Zein izan behar luke, zure ustez, ANAITASUNAren zereginik behinena*?

— Ahal den neurrian, gaurko euskaldunen kezken eta beharren erantzule zintzo eta egiatia izan. Ez zaitezte modaren morroin izan.

— Ba ahal duzu ezer ANAITASUNAren kontra?

— Ezer larririk* ez. Euskal mitologia ankaz gora botatzea ongi iruditzen zait; baina modan dago eta erraza da. Erdal mitologia, ordea*, ba dago, gaitza, eta ez da salatzen. Kontuz, hau inoiz aurpegira egotz* ez dakizuen.

— Emaiguzu zeure judizioa euskal elizgizonei buruz.

— Euskal apaizak, mundu guztiko apaizak bezala, fede-krisi sakon baten ondorio dira. Eta, fedea ahultzean*, bestalde, Elizaren jokabide makur askoren itsusia agertu zaio askori.

Baina, kristau fedea galdu ondoren ere, galdua duten apaiz eta fraileek hiru oinarri hauek gordetzen dituzte, hala ere:

1. Gizonak salbatzeko eta ez-jakintzatik jaregiteko* egarria.

2. Izkribu batzuen arabera munduaren gaitzak argi* daitezkeen ustea.

3. Frogaturik* ez dauden gauzak itxuren kontra sinesteko eta onartzeko ohitura.

Beste bat erants* daiteke agian*: apeztegian jaso duten kristautasuna tomista dela; eta ez agustinista: alegia*, kristau razionalismoa edan dutela, eta ez kristau kezka.

Krisian erortzen* direnak, horretara, politika arazoetan askotan haurkerian eta analfabetismoan abiaturik, mundutar milenarismoan erortzen dira bete betean. Hots*, milenarismo horren iragarlea gaurko Euskal Herrian Karl Marx da.

— Esaten dute, «Branka» izeneko aldizkaria zuk zuzentzen duzula, zure semea dela. «Branka» sozialista aldizkari bat bezala agertzen da. Zer da zuretzako sozialismoa, bereziki Euskal Herrian?

— «Branka» sozialista talde baten aldizkaria da. Ene ustez, kapitalismoaren barruan ez dago justiziarik, eta gizartea osoki dago diruari saldua. Sozialismorik gabe, gizona zapaldua dago nahi-ta-nahi-ez. Aukera, bestalde, garbi dago: edo monopolismotik erresuma-kapitalismora; edota autojestioko sozialismoa. Aukerak ez du enetzako dudarik uzten: sozialismoa autojestioan. Alegia*: sozialismoa behetik gora zuzendua, eta ez goitik behera, kuartelean bezala. Kapitalismotik atera behar da, dudarik gabe.

Baina gure soziedadearen akats guztiak kapitalismoari erastea txorakeria hutsa da. Berriz ere, Georges Friedmann-en liburua irakurtzeko eskatuko diet irakurleei. Soziedadearen gaitz asko, sakonenak hain zuzen, ez dira ekonomia-ondorio. Ez da egia. Marxismoa xinplekeria hutsa da; eta xinplekeria hutsa den frogak*, Praga, Stalin, Berlingo murrua*, Budapest eta Cubako eboluzioa dira. Eta hori guztia «errebisionismo»aren ondorioa baldin bada, marxismoa da osoki errebisatu behar dena, utopia hutsa dela garbi agertu baita*, nagusitu den herri guztietan. Errebisatu... edo zokoratu.

— Zenbait pentsatzailek «antikomunista» zarela esaten du. Zer diozu horretaz?

— Zer da komunismoa? Mundutar «parusia» edo parabisu bat baldin bada, Marxen fededunentzako uztea nahiago dut amets horiek: Errege Magoetan sinesteari aspaldi utzi nion.

Eta, komunismoa baldin bada Pragan onar-arazi dena, antikomunista naiz, dudarik gabe.

— Inoiz deklaratu izan duzu, Camus-zalea zarela. Zer esan nahi du horrek?

— Ez dakit zein aldetara esan nuen. Camus artista dut maiteenik.

— Zer helburu izan dizu, nobelak eskribitzerakoan?

— Egiazko giza-arazotzat dauzkadan batzuk era horretara presentatzea.

— Zer esan nahi izan zenuen «Peru Leartzako» eleberriaz*?

— Gizon modernoarekiko budismoak duen erakarpena* sendi-araztea. «Hippy»ek Indiara jotzen dute; eta aukera honek oso behar sakon; bat erakusten du. Indiako zuhurtzia zaharrean erruz* ikas dezake gaurko gizonak: gero eta sinetsiago nago honetan.

— Ba ahal duzu orain, beste eleberririk idazteko asmorik?

— Ez oraingoz. Beharbada, noizpait, kondaira-nobelaren bat, Euskal Herrian oratua*.

— Euskal Herritik kanpo bizi izan zarenez gero, Euskal Herri horren egoera ondo ezagutzen ez duzula esaten da: hau da, inoiz fantasmak ikusten ote dituzun. Zer diozu horretaz?

— Inork ez du, «fantasma»rik sekula ez ikusteko dohain miragarria; eta nik ere ez. Kanpoan luzaz egonda, beste informazio horrek bere kutsua uzten du. Baina nik somatutako «fantasma» batzuen izen-deiturak eta bizilekuak, nahi duzunean emango dauzkizuet.

«Fantasmak» ikustea arrisku bat da, zalantzarik* ez. Ohe azpiko kokodriloaren «konplejoa» izatea, beste arrisku bat. Eta ba dakizue istorioren amaia: ohe azpiko kokodriloak jan egin zuen, halako batez, «konplejoa» zuena...

Esplika zazu zer den herbesteratua egotea, eta zer eskatzen diozun bere herrian bizi den gizonari.

— Herria bihotzean daramanarentzako, herbesteraturik egotea oso gauza tristea da alde askotatik. Herria bihotzean ez daramanarentzako, ez. Herri-mina duten horientzako, beraz*. tristeena beharbada, urruti-minari datxekon* tristura bera ezarian* galtzea da. Kierkegaard-ek esaten zuena datorkit burura: etsituetan etsiena etsi* duela ez dakiena da». Hauxe da herbesteratuen patu* hitsa*: azkenean, erauzitako* landarea bezala, alferrik ihartzen* direla, ihartuak direla ohartu* gabe.

Bere herrian bizi den gizonari gauza bat beharbada: arrantzaleek botatako hamuetan eta garnatetan*, otoi, ez koska egiteko.

daude, dagoz

dauzkat, daukadaz

dauzkizuet, deutsuedaz, dizkizuet

dezake, daike

diet, deutset

lukete, leukee

nion, neutsan

zaio, jako

zait, jat


Osabaordearen larrialdiak

Joan dan Gabonaldian, historia larri bat gertatu izan jat, Osabaorde zahar honi, ene lepoaren gain.

Ene anaiordeko zanak ba dau alaba lirain bat, Katea izenekoa. Katea hau umezurtz gelditu zan gazterik; eta ene emazte eta bion ardurapean utzi euskuen, Herriko Parroko eta Alkatearen erabaklz.

Ba joian Katea neskatilla hau handi eta eder eginaz: gorputz liraina, buru bizkorra, arima argia, ondasun aberatsen jabea..., dana xarmangarria*. 18 urte zituanean, gazte prestu batek tentatu eta adiskidetu eban. Mendi dau bere izena.

Baina, ene lobaren bila eta ondoren, ba dabiltza beste mutil gazte asko ere, haren edertasun, bizkortasun eta aberastasunen gose-egarriz.

Lautada* izeneko mutil gazte batek, Mendi mutilaren eta Katea ene lobaren elkarrenganako adiskidetasuna apurtu ezinez eta Kateaganako amodio-maitasunez egon ezinik, Mendi mutila atzeman eta harlanduzko gaztelu batera botatzeko agintzen deutse bere morroiei.

Orduan, Mendi ta Lautada mutilen eta beren familien aurretiaz zan burruka eta ikusiezina, Mendiren giltzaperatzearekin, haunditu, zitaldu eta su gorritan jartzen da.

Egia esan, Lautada mutila ene adiskidea zan, oso gure etxekoa; baina, niri neuri, ez eustan larregirik* ardura, nahiz Mendirekin nahiz Lautadarekin Katearen ezkontzeak.

Baina —eta seguru asko Lautadatarrekin neban adiskidetasunagatik edo— ni, Katearen osabaordeko zahar hau, atzematea erabaki eben Menditarrek. Eta, esaten ebenez, ez ninduen libratuko, harik eta Lautadatarrek Mendi aske utzi eta berriz ere bere maiteagana hurbiltzen* laga* arte.

Menditarrek euren esku hartu ninduenean, oso bildur nintzen, eta ene bizitzako azken egunak etorri ote jatazen pentsatu neban. Izan ere, Lautadatarren adiskidea nintzenez gero, eta Menditarrek Katea bihotz, arimaz eta gorputzez eurentzat eukenez gero, bildur nintzen, bai, hilgo ote ninduen, Mendi aske uzten ez baeben Lautadatarrek.

Atzeman ondoren, Apez baten etxera sartu ninduen Menditarrek. Gau ta egun jagole* batzuk nituan inguruan, eta gau eta egun hareek luzeak eta larriak izan jatazen.

Gau batez, horregatino*, Apeza lotan zalarik eta jagoleak hor nonbait telebisioa ikusten, bildurraren eraginez, libertade gosez, leiho bat ireki ahal izan neban, eta, zelaira salto eginez, ihesi joan nintzen.

Ez neban paraje ha ezagutzen, eta, nora joan ez nekialarik, taberna batera sartu nintzen, neure egoera larriaren berri emanez, laguntasuna aurkitzeko uste osoaz. Han egozen gizonei Katearen Osabaordea nintzela esan neutsen, eta Menditarrek atzeman eta giltzaperaturik nengoela. Justiziaren zaindariengana eroango ninduela uste neban.

Gizonok, ostera*, ene egoera hestu eta urrikarriaren berri entzun arren, mahai baten inguruan biribildu ziren, esanez: «Justiziaren zaindariengana eroaten badogu, Mendi toki txarrean uzten dogu. Berriro Menditarrengana eramaten badogu, ordea*, Osabaordearen bizitza arriskuan jartzen dogu».

Luzaro hitz egin ondoren, Menditarrengana berriz ere eroatea erabaki eben. Ate-joka eta aupadaka Apeza iratzarri eben, eta jagoleak erne jarri zituen, guztiok ene ihesarekin aho bete haginaz geraturik.

Tabernako gizonok, Mendiri edozer gertatu arren, ni bizirik utziko ninduela zin* egiteko eskatu eutseen ene jagoleei, ni berriro eurenganatzea nahi baeben.

Ene jagoleek, ni non izkutatuta nengoen gizon askok ekiela kontuan harturik, Apezak hatzamarren puntan gora jasorik eukan gurutzearen aurrean eta euren izenean, zin egin eben, ez ninduela heriotzera eramango, ez ezer txarrik egingo.

TXIKITO

deutse, die

eban, zuen

eben, zuten

egozen, zeuden

ekien, zekiten

eukan, zedukan, zeukan

euken, zedukaten, zeukaten

euskuen, zeukuten, ziguten

eutseen, zieten

jat, zait

jatazen, zitzaizkidan

joian, zihoan

neban, nuen

neutsen, nien


Jainkoaren giza-eliza

Opioa: Herriaren erlijio berria

Denok dakigu, herria bere nahaspila ta nahigabeetan iharrosi* ordez engainatu eta eroapenean* loarazi egiten duen fedearen kontrako esaldi gazi bat: erlijioa herriaren opioa da.

Gehienetan Marxentzat eduki izan ohi arren, askoz lehenagoko ateraldi horrekin arrazionalistak abiatu ziren, erlijioak arrazoimenaren eskain-eskariak mitologiazko ipuinekin itoarazten bide* zituela ta.

Bauer anaien eskribuetan (hoien kontra idatzi zuen Marxek bere Familia Santua), eta Marx-Engels komunismoratu zituen M. Hess eta Feuerbach-en idazkietan ere, erruz* aurkitzen da ideia hori. Eta, XIX mende* hasieretan, usadio arruntekoa* dirudi: Hegel idealistak bezain ongi erabiltzen zuen Holbach materialistak, biak Marxen aitzindari* garrantzizko. Bekatuen barkamenari «kontzientziaren opio» zeritzan* Kant-ek ere.

Ingalaterra eta Chinaren arteko opio-gudateetan (1840-1842), guztiz «in» zegoen esaldi hori, orain inori «alienatu» edo «burges-koxkor» esatea bezain modan. Bruno Bauer-ek 1841.ean esaldi horren zentzua adierazten zuenez, gizatasun biziaren indar guztiak loarazteko erabiltzen ei* zuen erlijioa Prusiak, «erresuma* kristauetan kristauenak». Eta Goethek berak ere garrazki jorratzen zituen, Barmen hiriari noizbait pietismoaren habia epelenaren fama haundia egingo zioten profeta gozo baten «prediku narkotikoak». Barmen Engels-en sorlekua da, eta Engels pietista-semeak ere predikuon satira piperdun asko utzi dauku.

Aldi berean, hala ere, laster altxatu ziren, esaldi horri esannahi positiboa ateratzen zekiten bozak ere: eta negatiboa baino lehenagokoa ere izan daiteke esannahi positibo hau. Gizon oinazetuak narkotikoa onuragarri* ta gozagarri ta beharrezko omen* duela ta, batez ere Freud-zale askok zentzu positiboan berrinterpretatu izan dute gorabehera hori. Prometeismo hutsa ei* baita*, sofrikarioetan* inolako gozagarririk gabe pasatzen enpeinatzea. (Heroismoaren eta erokeriaren arteko mugak beti lausoak izan ziren. Hegelenganaino behintzat, zentzu kontrario biok zeduzkan esaldi dohatsu horrek. Gero, erlijioak opio onurakor baino kaltegarri gehiago zedukalako agian*, zentzu positiboa amatatu* egin zitzaion ateraldi dohakabeari.

Baina dialektikak halakoxe mainak daduzka; eta, nola bere gurasoek horretantxe trebatuta dena aldrebes jartzen dibertitzen den, eta bere jolas bihurrietan ez berehalakoan aspertu, horixe ere atzekoz aurrera jarri zeukun. «Opioa ere erlijio bat da», protestatzen zuen, gaitzak jotako Marxen lagun Heine-k, bere lasto-kamainan. (Bestalde, Heine-k ere mandolinarekin-eta deskribatzen ditu euskaldunak, balak baino gogorrago hemengo barbantzuak, agoteak bihotz barrendik gorrotatuz hemengo jendea, zorriz josita euskal etxeak, baina «dama ederrak» euskaldunak).

Halako batetan, erlijioa bera ere atzekoz aurrera jarri zen: bederatziurrenak eta ezti-jarioak, leuntasun-intziriak eta aingeru-zotinak ahaztu bapatean*, eta Marxen enziklikei eta Maoren dotrinari ekin zion. Berandu, bai, baina ez ei* da inoiz beranduegi, garaiz ailegatuz gero. Erlijioa, gizatasun-nahiak moteltzeko ez baina, sutarazteko ere kartsu azaldu zen. Eta Camilo Torresen edo Zamorakoen Eliza katolikoan baino ez batere gutiago Vietnamgo budisten sinesmenean. Erlijioak ez dio jadanik* inori mundutik ihes egiten utzi nahi, eta bai guztiok munduan buruz behera murgilarazi.

Baina dialektika listoa bada, iheskeria ez da tontoa. Azkenean, «zerua lurrean» atondu* nahi zuen gure produzio ta kontsumo gizaldiaren zeru lurtar hori lehenbailehen eta oso-osorik dastatzeko* larriak, jende ta batez ere gazte asko zerua berek produzitu ta kontsumitzera ekarri du. Eta zeru hori opiatoekin produzitzen da.

Bakar-bakarrik, erlijio berriaren zeru kimiko honek, loarazi ezezik, hilarazi ere errazegi egiten duela: Alemanian bakarrik, mila ta gehiago hiltzen dira urtero psikodeliko ta opiatoen mende*.

Azkeneko gomendio* bat interesatuari: «trip» (drogaren zorabioari deritza trip, eskolatu gabekoarentzat argitzeko) luzeena, 72 orduko «trip» borobil eta bete-betea eragiten duen drogaren produzitzailea USAko napalm-fabrika ezagun bat da.

JOSE AZURMENDI

daduzka, daukaz, dauzka

dauku, deusku, digu

dio, deutso

zedukan, eukan, zeukan

zeduzkan, eukazan, zeuzkan

zekiten, ekien

zeukun, euskun, zigun

zion, eutson

zioten, eutsoen

zitzaion, jakon


Irakaskintza sistema ofiziala eta irakaslea (2)

Aurreko artikulu batean, pedagogiaren aldetik ikusi genuen problema hau. Baina ez da pedagogiazkoa bakarrik, bai eta gizarteko problema bat ere.

Gizarteko problema izanik, beraren bi alderdi ikus ditzakegu: gizarteari datozkion ondorenak, eta gizartean dauden arrazoiak. Lehenengoa utzi egingo dugu, eta bigarrena aztertuko. Hau da: Nola uler liteke Institutoetako euskal irakasleen absentismoa?

Normalki, Instituto batean irakatsi ahal izateko, Unibertsitateko ikasketak (hirugarren mailako estudioak) eginak ukan behar ditu irakasleak. Ikasketa hauei buruz, Espainiako «Instituto Nacional de Estadística» delakoak, 1969. urterako eman zituen zifrak hauxek ziren: Madrilekoak aparte, Kataluniakoak ziren ikaslerik gehienak, eta gero Bizkaikoak. (Hirugarren mailako estudioak edo ikasketak diogunean, Unibertsitate eta Eskola Handiak esan nahi dugu). Hala ere, hirugarren mailaraino joaten diren Bizkaitarrak asko izan arren, irakasle guti sortzen dira gure artean. Honen arrazoia hau izan liteke: gure herriko jendeek ez dute irakaskintzaren problema ikusten, eta beste bide bat lasai hartzen dute; edo, nahiz eta problema hori ikusten duten, interesgarriagoak iruditzen zaizkie beste lanbide eta bizimodu batzuk.

Bilboko Eskola Handiak (Injeniero, Perito, Komertzio... Eskolak), bai eta Deretxo eta Ekonomiazko Fakultadeak ere beterik daudela, bistan da. Eskola hauetara datozenek ez dihardute irakaskintza arazoetan. Bestalde, gure herrian, gaurko egoeran, bakoitzak bere buruari galdetu behar lioke, ea benetako eskubiderik dadukan, edozein lanbide edo profesio aukeratzeko. Zeren* herriaren etorkizunari batez ere begiratu behar baitiogu. Baina, gure oraingo gizarte honetan, ez da hori gertatzen. Egia esan, bakoitzak berari egokien zaiona gehiago bilatzen du, herriari komeni zaiona baino. Bakoitzari komeni zaion lanbidea, diru gehiago ekartzen duen profesioa izaten da, noski*; eta, guztiok dakigunez, orain arte behintzat, irakaskintzak ez du inor aberats egin. Horregatik, irakaslego* soila* ez da onartua izan gure artean. Euskal Herriko gizartean, ez dago ekilibriorik: aspalditik tekniko gehiegi ditugu, eta irakasle guti.

Horrez gainera, tekniko hoietariko askok, irakasleen profesioari ezezik, irakaskintza eta pedagogiari berari ere burla eginez, zuzendu nahi izaten dituzte pedagogiazko problemak. Bereziki*, ikastolak gidatzera ausartzen* direnean, lehenengoak izaten dira, andereñoei normak ematen eta hizkuntza arazoez batere bildur gabe mintzatzen. Irakaskintza benetako profesioa da askorentzat; tekniko hoientzat, ostera*, «hobby» bat baino ez da, eta, batzuetan diruaren jabe direnez gero, zapaldu egiten dituzte benetako profesionalak. Honela, mito bat zabaltzen da gure herrian: «Irakasle onik ez dugu, irakaslerik guti dugu». Baina sasi zuzendaririk asko dugu. Eta gauzak ez dira hobetuko, salatzen ez ditugun bitartean.

Amateur hauei, irakasle profesionalak garenok lelo batzuk iruditzen gatzaizkie nonbait. Gure herriko amateurismoaz luzaro mintza daiteke, zoritxarrez. Irakasleak ez gara, ezertarako, beste zientzietan sartuko: barregarria litzateke. Edozein teknokrata, ostera*, irakaskintzan eta pedagogi arazoetan sartzen da, lasai. Gaur egun, Euskal Herriaren ahulezia* gainditzeko, guztien laguntza behar dugu. Baina amateurismoa benetan kaltegarria da horretarako.

Irakaslegoak* gizon eta emakume asko behar du, baina benetako irakasle izatekotan eta ez amateur.

Sarriegi* entzuna dugu, euskaldunok ez dugula irakasteko joerarik. Hori ez da egia. Joera hori, bokazio hori, lor* daiteke, nahi izanez gero. Inoiz ere ezin ardiets* daitekeena, hauxe da: gure bizitzan bi zeregin, biak batera, sakonki eta zientifikalki eroatea*. Ekin bekio bakoitza bere lanari!

Bi dira bereziki*, irakaskintza helburutzat* duten karrerak: Zientziak, eta Filosofia eta Letrak. Orain, Zientziak Bilboko Unibertsitate Autonomoan ikas daiteke.

Filosofia eta Letrak, Bilbon, Deustuko Unibertsitatean irakasten da, zazpi urterik hona. Egia esan, gero eta ikasle gehiago etortzen dira, oso guti izan arren, adibidez Injeniero Eskolara doazenekin konparatzen baditugu. Donostian ere irakasten da, Jesuitek zuzentzen duten E.U.T.G. delakoan. Gasteizen ere bai. Eta Iruinean Opus Dei-koek dihardute horretan. Dakidanez, Deustuan behintzat, Jesuitek diru laguntza ematen diete ikasle batzuei, aurrera joateko. Dena dela, ordaindu beharra, eta ez guti gainera, eragozpen bat da, Filosofia eta Letrak ikasteko. Gure Bizkaian «renta per capita» altua dugu. Zergatik hemengo teknokratek ez diete laguntzen —diruz bederen*— ikasle batzuei, pixka bat lasaiago bizi daitezen? Mezenasik ez ote dago gure herrian, irakaskintza zaletasuna sor erazteko, edo, gutienez, zale direnei diru kezkak kentzeko? Beraz*, gizarteko problema baten aurrean gaude, zeren* lotsagarrizkoa baita*, beste ekintzetan hain aberatsak izanik, irakaskintza arazoetan hain pobreak izatea.

Azkenez, Filosofia eta Letrak (eta Zientziak ere nonbait) bukatzen* dutenen artean, oso gutik egiten dituzte oposizioak; eta Institutoetan dauden irakaslerik gehienek interinoak bezala dihardute. Mota honetako irakasleen problema oraingoz alde batera utzita, azken urte hauetan Instituto berri asko Euskal Herrian sortu direla aitortu behar dugu; baina katedra asko edo ia guztiak, herrikoak ez direnek oposizioz hartu dituzte. Beste zenbait* herrialdetan* lizentziatu asko dira. Salamancan, esate baterako, lizentziatuen inflazioa dago, eta haiek ez dute beren herrian lan egiteko lekurik. Hori dela ta, hango lizentziatuek oposizioak egiten dituzte; eta irabazten duten lekua bizitza guztirako da. Ene ustez, guti garelako, aterabide bat geratzen zaiku: alferkeria lepotik kendu eta oposizioak irabazi.

Ene aldetik, frantses hizkuntza eta literaturaren oposizioak egiteko, inor prest balego, ahal dudan laguntza guztia emango nioke: programa, gaiak, eta abar. ANAITASUNAren bitartez idatz diezaket. Kontuan eduki behar da, hurrengo oposizioak, oraingo plan honetan, azkenak izanen direla.

Ikastoletako lana txalogarria eta beharrezkoa iruditzen zait. Baina ez garateke* inoiz damutuko Institutoei buruzko gaurko jokabideaz? Errealitatea bistan da: Institutoak hor daude, ikasleak hor daude, eta gu ez gaude.

Sartre-ren antzerki baten izena etortzen zait burura: «Les mains sales», hau da, «Esku zikinak». Batzuek garbi iraun dezaten, beste batzuek eskuak zikindu behar.

KARMELE ERROTAETXE

daduka, dauka

daude, dagoz

dezaten, daien

diete, deutsee

diezaket, deiskit, dezaidake

diogu, deutsagu

ditzakegu, daikeguz

gatzaizkie, gatxakez

gaude, gagoz

nioke, neuskio

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zait, jat

zazikie, jakez


Hau duk humorea

Euskaldunak

Euskaldunak klase bitakoak dira: bakoitza, eta beste guztiak.

Atsotitz* modernizatua

Ez dut gura, ba dut gura, LSDren ura.

Atsotitz amerikanoa

Gizona gizon, jabea Nixon.

Elkar hizketa

— Ez nauk eginaren damu.

— Ez ote duk txarrik egin?

— Ahaztu egin nauk.

Telebisioa

Televisioa «b» letrarekin idazten dugunean, antena kentzen diogu. (Ez da soluzio txarra, euskaldun programa bat eduki arte, behintzat).

ANTTON


Ikas zeure Hizkuntza

Hiztegia

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ADIN, edade.

AGIAN, nonbait, seguramente, probablemente.

AHULDU, makaldu.

AHULEZIA, makaltasun.

AHULKERIA, makalkeria.

AINITZ, asko.

AIPATZEKE, aipatu gabe.

AISE, aisa, erraz.

AITZINDARI, precursor.

AITZITIK, al contrario.

AKITGARRI, penoso, fatigoso.

ALABAINA, en efecto.

ALAJAINKO, pardiez!

ALBISTE, berri, noticia.

ALEGIA, esto es, a saber.

AMATA, amatatu, itzali, apagar.

AMATATU, itzali, iraungi, apagar.

ANITZ, ainitz, asko.

ARABERA, arauera, según.

ARAUERA, arabera, según.

ARDIETS, ardietsi, erdietsi, lortu (potentzialetan).

ARE, oraindik, oraindino.

ARETO, sala, salón.

ARGI, argitu (potentzialetan).

ARGITARATZEKE, argitaratu gabe.

ARI IZAN, jardun.

ARITU, ari izan, jardun.

ARO, época, período, edad.

ARRAKASTA, éxito.

ARRAS, guztiz, oso.

ARRUNT, corriente, común.

ASKI, nahiko.

ASTEARTE, martitzen.

ASTEAZKEN, eguasten.

AT, kanpoan.

ATONDU, antolatu.

ATSOTITZ, errefrau, refrán.

ATZEMAN, prender, detener.

AUSART, valiente, intrépido.

AUSARTKI, valientemente, intrépidamente.

AUSARTU, atreverse.

AZOKA, feria.

BAITA, bait da, da ta.

BANATAN, banazean, separadamente.

BAPATEAN, bat batean, repentinamente.

BATZORDE, comisión.

BEDEREN, gutienez, behinik behin.

BEHARGIN, langile.

BEHINEN, primordial, principal.

BEHINGOAN, berehala.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREBAT, orobat, igualmente.

BEREZIKI, batez ere.

BESTALDI, festaldi, jaialdi.

BIDE, nonbait.

BOLADA, unada, período de tiempo.

BUKATU, amaitu.

BURDIN, burdina. (Hitz elkarteetan, lehen hitzak, batzuetan, azken bokala galtzen du; beste batzuetan, azken silaban aldakuntza bat izaten du. Adibidez: anai maitasuna, arnas gaitzaldia, ekonomi arazoa, eliz agintaria, euskal kantaria, filosofi saila, giza eskubideak, itsas araudia, kultur gaia, literatur irakaskintza).

DASTATU, gustar, degustar.

DATXEKO, etxekitzen zaio. (Etxeki, atxiki, adherirse, estar adherido).

DEA, da + a. (Azken letra hau aditzari ezartzen zaio galdeetan).

DESENKUSA, escusa, pretexto.

DEUS, ezer.

DUKE, du nonbait.

EGOTZ, egotzi, bota (subjuntiboetan).

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKAIN, junio.

ELEBERRI, nobela.

ENPARANTZA, plaza.

ERA, ereti, abagadune, parada, ocasión.

ERABAT, guztiz.

ERAKARPEN, atracción.

ERAKUNDE, institución, organismo.

ERANTS, erantsi, añadir (potentzialetan).

ERAUZI, arrancar.

EREDU, modelo.

EREMU, barruti, terreno.

ERESTALDE, abestalde, abesbatza.

EROAN, eraman.

EROAPEN, pazientzia.

ERORI, jausi.

ERRESUMA, erreinu, estadu.

ERRUZ, eurrez, abundantemente.

ESKUALDE, comarca.

ESNATU, itzarri, itzartu, despertarse.

ESPANTU, jactancia.

ETSAI, arerio, contrario, enemigo.

ETSI, perder la esperanza, desesperar.

EUSKALKI, dialecto vasco.

EZARIAN, geldiro geldiro.

FROGA, prueba, demostración.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, substancia.

GAITZ, gatx, zail.

GARATEKE, gara nonbait.

GARNATA, carnada, cebo.

GOITI, gora.

GOMENDIO, recomendación.

GUTUN, eskutitz, karta.

HASTAPEN, hasiera.

HAUK, honeek (hauek aktibo, hauk pasibo).

HEDATU, zabaldu.

HEGI, ertz.

HEIN, grado, medida, proporción.

HELBURU, xede, fin, objetivo.

HERRIALDE, probintzia.

HERTSI, hestu.

HITS, triste.

HOIK, horreek (hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORREGATINO, hala ere.

HORTZ, hagin.

HOTS, a saber, esto es.

HURBIL, hur.

HURBILDU, hurreratu.

IGANDE, domeka.

IGORRI, bidali, bidaldu.

IHARROSI, sacudir.

IHARTU, igartu.

IKERTU, aztertu.

INKESTA, encuesta.

INOSTAN, ziostan, esaten zeutan, esaten zidan.

INOZOKERIA, boberia, bobada.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAKASLEGO, irakasletza, magisterio.

IRATZARRI, itzartu eragin, despertar.

IRAULTZA, revolución.

JADANIK, ya.

JAGOLE, guardián.

JAGON, zaindu.

JAITSI, bajar.

JAREGIN, librar.

JAZO, gertatu, acontecer.

KERMEZA, erromeria.

LAGA, utzi.

LANGILEGO, clase obrera.

LARREGI, gehiegi.

LARRI, grave, importante.

LAUTADA, llanura, planicie.

LEGEZ, lez, bezala.

LEGUTIANO, Villarreal de Alava.

LEHIAKETA, competición.

LEHIATSU, diligente, afanoso.

LEKUKO, testigu.

LILURAGARRI, encantador.

LOR, lortu (potentzialetan).

MARRAZKI, dibujo.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo; menpe.

MIRABE, criada, domestique.

MUNTA, muntatu, atondu, antolatu (subjuntiboetan).

MURRU, muro.

NABARITU, percibir, notar.

NESKAME, criada, domestique.

NOSKI, naski, ciertamente, claro está.

OHARTU, konturatu.

OHORE, honor.

OIHAN, baso.

OIHARTZUN, eco.

OMEN, ei.

ONURAGARRI, provechoso.

ORATU, amasar, forjar.

ORDEA, ostera, en cambio.

ORMA, paret.

ORO, guzti.

OROBAT, igualmente.

OROKAR, general.

OSTEGUN, eguen.

OSTERA, ordea, en cambio.

OSTIRALE, bariku.

OTSAIL, febrero.

OZEN, sonoro.

PATU, hado, destino.

POZARREN, pozik.

PROLETALGO, proletariado.

SALBATORE, Asentsio.

SALBUESPEN, excepción, salvedad.

SARRIEGI, maizegi.

SOFRIKARIO, sufrimentu.

SOIL, puro, mero.

SOILKI, solamente, meramente.

SOINUGAILU, instrumento musical.

TXOSTEN, comunicación escrita.

TXUNDITURIK, harriturik, estupefacto.

UDAL, ayuntamiento.

UDALETXE, casa consistorial.

UFAL, uhar, uholde, uiol, torrente, crecida.

UKAN, izan (aktiboa).

UKANEN, izango.

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero.

UZTAIL, julio.

XARMANGARRI, zoragarri.

ZAILU, zalu, ágil.

ZALANTZA, ezbai, duda.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERITZAN, erizten zion, deitzen eutson.

ZIN EGIN, jurar.


Espriu-ren eritzia Bernat Etxepareri buruz

Oso ona iduritu zait, ANAITASUNAren 211. zenbakian Arestik Etxeparerekin egiten duen elkar hizketa: «Bernat Etxepare» (XVI. mendekoa*). Poeta izan behar, hori egiteko.

Berak zirikatu nau, Salvador Espriu katalan poetak kartaz eman zeuzkidan eritzi batzuk argitaratzera. Jakingarriak, gure literatura zaharraren azterketarako. Baina lehen lehenik, Eibartarra naizenez, eskerrik beroenak Gabriel adiskideari, gure euskararen alde esan dituen hitz egokiengatik. Agirian dago, poetek hobeto konprenitzen dutela gure euskara klaroa. Honegatik dio Biktoriano Gandiagak ere, oraindik argitaratzeke* duen Hiru gizon bakarka poema liburu jatorrean:

 Ez dakit

 nongo euskara zala ona

 esan zidaten.

 Niretzat, egiten dana,

 edo

 Eibarrekoa.

***

Harira joan baino lehen, beste puntu bat ere argitu behar dut, irakurle asko konturatuak badira ere. Hemen aipatuko dudan Etxepareren edizioa bederatzigarrena da, 1968.ean «Txertoa»k argitaratua. Eta edizio honek huts handi bat du euskarazko testuan: «Ezkonduien koplak» poemaren azken bertsoa falta du (80. orrialdean), eta azken aurrekoa azkenaren zati batekin nahasturik aurkitzen da bere hirugarren eta laugarren ahapaldietan. Zuzenketa egin nahi duenak, bertso bat gehituz, honela jarri behar du:

Amoria ezein zentzuz ezin daite goberna;

Anhitzetan honesten du, guti behar duiena.

Arnoak bano gaizkiago ordi diro persona;

Sarri esteka, berant laxa hark hatzeman dezana.

Amoria itsu da eta eztazagu zuzena;

Eztu uste bertzerik dela, lekot maite duiena.

Suiak bano gaizkiago erra diro gizona;

itxasoak ez iraungi, eratxeki dadina.

(Amorea ezelako zentzuz ezin daiteke goberna;

Askotan onesten du, gutietsi behar duena.

Ardoak baino gaizkiago hordi dezake pertsona;

Laster du hark lotzen, berandu laxatzen, hatzeman dezana.

Amorea itsu da eta ez du ezagutzen zuzena;

Ez du uste besterik dela, salbu maite duena.

Suak baino gaizkiago erre dezake gizona;

Itsasoak ezin amata*, harekin biztu dena.)

***

Gure literaturaren hastapenetako* liburu honi buruzko eritziak beti izango zaizkigu jakingarriak. Eta Espriu-ren karta honek merezi du argitaratzea, zeren* lehen aldiz aipatzen baitauku ingles poeta zaharren kidetasuna, literatur jakintzaz hain hornitua den batek.

Arestik berean agertzen zuen bezala, Etxepareren poesiari Vinson-ek frantses forma aurkitzen zion; baina ez, ordea*. Dogson inglesak eta Schuchardt alemanak; hauek euskal kutsuduna aurkitzen zuten. Arestiren uste berekoa naiz, puntu honetan; eta Etxeparek, inorenik izatekotan, euskal koblakari zaharretarik anitz* duela esan behar. Baina honekin ez dut esan nahi, euskaldunok Europatik aparteko zerbait garenik, ez. Telesforo Aranzadik aspaldi esan zuen bezala, Euskal Herria ez da herri bitxi bat Europako okzidentean.

Dogson-ek ez dakit zer neurritan ezagutuko zuen Inglaterrako Erdi Aroko* literatura. Beharbada, ez zitzaion gogoratu konparazioa egiterik. Dakiguna da, Provenzal literaturak, poesian bereziki*, influentzia handia izan zuela Frantzian eta Euskal Herrian bertan (Zuberoko kanta zahar asko ditugu lekuko*). Baina Salvador Espriu-k oso ongi ezagutzen du Provenzal literatura zaharra; eta Etxepareri, inoren antzik aurkitzekotan, esan dugun bezala, Erdi Aroko ingles poetena aurkitzen dio. Jakina, Espriu-k hain ongi ezagutzen ez duena, Euskal Herriko bertsolaritza eta koblakaritza da. Guk geuk ere ez dugu material zahar gehiegirik, behar bezalako konparazio azterketak egin ahal izateko, zeren*, konparazioak egiterakoan, geroztiko herri kantekin gehiago baliatu behar gara, lehenagokorik urri dugulako.

Baina Espriu-ren eritzi hau, lehendik ditugunez gainera, beste bat gehiago izanen dugu, argi hobeago baten lagungarri. Hona hemen, hitzez hitz itzulia:

«Barcelona, 1969-2-10.

Ene adiskide:

Ba dakit erantzun neutzula, bidali zeneutan Etxepareren liburua hartu nuela aditzera emanez; baina ez naiz oroitzen, berari buruz ezer zehazki esan neutzunik. Aske interesatu zait bera irakurtzea. Poetagan —poeta handi bat noski, adierazteko eretan hain lotura borobilak aurkitzen ez badira ere— oraindik Erdi Aroko taxura nabari da; hain zuzen, lehenagoko ingles poeten kidetasuna du, haien pareko izan ez arren; hauxe da, behintzat, nire inpresioa. 'Judizio jenerala', 'Ezkonduien koplak', 'Amorez errekeritzia' eta 'Amorosen disputa' poema ikusgarriak dira. Liluragarriak*, 'Kontrapas' eta 'Sautrela'; ikaragarria, 'Mosen Bernat Etxepare kantuia'; oso sinpatikoa, 'Emazten fabore', hain ongi azertaturiko hamairugarren bertso horrekin. Bikainak dira, Mitxelenaren hitzaurrea, Lino Akesoloren itzulpena eta oharrak, eta orobat* Intxausti andereñoak René Lafon-en zuzenketaz egina. Donostiako Edili eta Txertoa argitaldariek, 'cuya vida guarde Dios muchos años', lan ederra lortu dute. Katalan honentzat bitxigarria, liburuaren inprimatzea 'Merced' egunean izatea, 1968-IX-23-ean, katalan naizenez gero.

Baliozko erregalu honengatik neure eskerrak igortzen* dauzkizut. Har zazu adiskide agurra.

 Espriu»

JUAN SAN MARTIN

dauku, deusku, digu

dauzkizut, deutsudaz, dizkizut

dezake, daike

dio, deutso

neutzun, neutsun, nizun

zait, jat

zaizkigu, jakuz

zazu, ezazu, eizu

zeneutan, zeunstan, zenidan

zeuzkidan, eustazan, zizkidan

zidaten, eusten, zeutaten

zion, eutson

zitzaion, jakon