ANAITASUNA

211 zenb.

1971. maiatzaren 15 ekoa

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1. Bilbao (12).

Inprimatzaile: Juan José García de Mardones, Joaquín Jáuregui, Luis María Tafalla eta Gabriel García de Andoin, AMADO inprimerian, Bilbon.

Irarle: Gil Díez eta Manuel Barrera, RALI etxean, Bilbon.

XIX urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Anaitasuna-ren bigarren inkestari erantzunak II

Aurreko ANAITASUNAn, inkestako* lau lehen galderei emandako erantzunak azaldu genituen. Oraingo honetan, bostgarrenari emandakoak azalduko dauzkizuegu.

ATSEGIN DUZU ANAITASUNA-REN LINEA IDEOLOGIKOA? EGIN KRITIKA ZEHATZA. Hau zen gure galdea.

Dakikezuenez*, 132 erantzun jaso genituen. Eta haien artean batzuk aukeratu ditugu, tendentzia guztiak errepresentatzen dituztelakoan.

Erantzun hauk* hemen zuentzat kopiatu aurretik, hau argi jarri nahi dugu: erantzun guztiak behar den errespetuz irakurri ditugula, gure lanaren gidari izan daitezen. Geure herria zerbitzeko gaude, eta zuekin batean lan egin gura dugu.

Eta beste hau ere esan nahi dugu: erantzun batzuetatik ikusten da, gure irakurleen artean ba daudela ondo idazteko gai direnak. Hauei idazlanak eskatzen dizkiegu, ahal denik eta gehienen boza plazan entzun dadin.

Eta gehiagokorik gabe, hona hemen hautatu ditugun erantzunak:

«ANAITASUNAn linea ideologiko bat ez dut nik aurkitzen. Edo ez naiz oraindik konturatu linea ideologiko horretaz. Linea argirik ez dut ikusten. Ezkerrera gehiago jotzen du behinik behin, eskuinera baino. Hori atsegin zait» (34 urteko ofizinista batek).

«Gaur egun kontu handirekin ibili behar da gai honetan. Ez da gutti, jendeak aldizkari euskaldun bat irakurtzea; eta hori behinik behin defenditu egin behar duzue» (30 urteko aparejadore batek).

«Horri erantzutea, zaila da. Baina, orain aldizkari horren linea 'información y divulgación religiosa' dalarik, ez dago txarto. Aurrerantzean, lege horretatik irten egin behar dauala uste dot, eta sozialismo, kapitalismo eta beste politikazko gaiekin jarraitu» (20 urteko inginadore ikasle batek).

«Langilea naiz, eta gauza gehienetan ados* nago ANAITASUNArekin. Kontserbadore askorekin eten gabe bizi beharko degu, gure herriaren onerako sokatiran, baina ukabilka hasi gabe» (39 urteko kalderero batek).

«Beste aldizkari batzuen linea, egokiagoa iruditzen zaigu. Legearen aldetik hoiek dauzkaten erraztasunak irixten* ahalegintzea eskatzen degu» (gazte talde batek).

«Nire ustez, ANAITASUNAk ez dauka linearik. ANAITASUNAk ez deusku emon behar, beste lekutan agertzen dan informazioa, agertzen ez dana baino. Herriaren problemak azaltzea (ekonomikoak eta sozialak batez ere) izan behar dau ANAITASUNAren lineak» (22 urteko goi mailako ikasle batek).

«Legearen aurrean aldatu egin behar duzue. Relijioso aldetik atera, bestela oso lotua dago» (20 urteko ebanista batek).

«Gutxi idazten da herriaren problematikaz. Beste aldeko gai gehiago erabili behar litzateke» (ekonomia ikasten ari den 22 urteko batek).

«Nik onartzen dot ANAITASUNAren linea ideologikoa, aldizkari horren mugak kontuan eukirik» (26 urteko filosofi ikasle batek)

«Bai. Baina uste dot, gutxitu egin litzatekela notizien alderdia, hau da, herri bakoitzeko berriak. Eta gehitu entsaioak edozein temaren gainean, baina batez ere Euskal Herria zelakoa izan dan eta dan ikusten lagunduko deuskuenak. Esate baterako, Euskal Herriaren kondaira, literatura, pentsaketa diferenteak, eta abar» (19 urteko ikasle batek).

«Bi hilabete ez dira aski*, ideologia ezagutzeko. Harpidedun berria naiz eta. Egia esanen badut, oraindio ideologia handirik ez diot aurkitu. Artikulu baten kritika ausarta* ez da aski, aldizkari osoaren ideologiaren bizitasunari eusteko. Nire eritziz, berri labur gehiegi dakarzki. Erraz irakurtzen dira, eta hori bentaja handia da; baina, bestetik, beste gaien erabiltzeko lekua lapurtzen dute. Artikuluen neurriari oso ona dirizkiot. Utikan* artikulu luzeak!» (27 urteko fraile batek).

«Ez, horretan ez nator bat. Somatzen dut, ZERUKO ARGIAk oztopo berdintsuak izanen dituela; eta, hala ere, ausartago*, herrikoiago eta ezkertiarrago jokatzen du. Hau guztiz nabaritu* da, iragan* diren hilabeteetan» (38 urteko inginadore batek)

«Ez. Herriak gura dituan gaiak ez dituzue erabiltzen. Uste dot, herriagaz kontuz ibili behar dala, ze ez dago gertatuta, ANAITASUNAn agertzen diren mailako artikulu asko irakurtzeko» (26 urteko teologi ikasle batek).

«ANAITASUNAn ez da ideologia koherente bat inondik ere nabaritzen*. Temak arinagoak izan ditezke, baina transfondo garbiago batekin zuzenduak. Aldizkari herrikoia, baina herri horreri benetako kultura ematen saiatzen dena» (ekonomia eta filosofia ikasten ari diren 20 eta 21 urteko mutil bik).

«Nik ANAITASUNAri ez diot ideologia berezi bat ikusten. Bai, zabala da, lanak publikatzeko eta kritikak hartzeko. Nire ustez, gaurko postura hau behar du honelako periodiko batek behintzat, herri osoari zuzendua dagoenez» (35 urteko maistra batek).

«Konprenitzen ditut zuen oztopoak, bai legearen aldetik eta bai idazleen aldetik ere, ezin difinituagoak izateko. Dena dela, gaur egun egin daitekeena egiten duzue. Ahal baduzue, joan zaitezte apurka apurka, politika arazoetan zentzuzko bideak idekitzen» (24 urteko irakasle batek).

«Hizkuntza alderdia erabiltzen da asko. Oso ondo iruditzen zait; baina uste dut, Euskal Herrian beste arazo asko daudela ikutu beharrezkoak. Hitz batez: kultura alderdia uste dut garrantzitsuena zaitzuela» (24 urteko emakume ofizinista batek).

«Atsegin zait; baina huts batzuk aurkitzen dizkiot. Langileen problemak gutxi aztertzen dira; eta esango nuke, aipatu ere ez direla egiten. Hau, aldizkari honen situazio legalagatik izan daiteke. Ez ote da pentsatu beharko egoera hau aldatzea?» (22 urteko inginadore batek).

«Nire ustez, aldatu beharra dago legearen aurrean, ze ANAITASUNAk helburu haundiagoak euki behar leukez. Jendea gose danean, jaten emon behar jako» (28 urteko langile tornero batek).

Pozarren* kopiatuko genituzke 132 erantzunak, baina luzeegi litzateke. Hauekin, bada, amaitzen dugu bostgarren galdera; eta datorren numeroan besteak azalduko ditugu.

Xabier Gereño


Herriz herri

Munitibar

Amaitermin jaunak Markinako eskualdeko* hurigintzaz ANAITASUNAn egindako artikuluak, bai eta Gaceta del Norte-n argitaratutakoak ere, zeredozer pentsa eragin deusku. Lehendik ere ba genkian, Amaitermin jauna honelako gauzetan oso ikasia dala; eta mila esker ematen deutsagu, gure eskualdeaz hartu dauan arduragatik eta idatzi dituan artikuluakatik.

Artikulu horreetan oinarriturik, azken urteetako geure herriko gorabehera batzuk agertu nahi ditut.

Ba dakit, lan honetan gauza asko ez direla agertuko eta beste batzuk erdizka, nik ondo ezagutzen ez ditudalako. Baina nik hemen zeredozer aipatzen ez badot, edo ondo esplikatu barik zerbait agertzen bada, nahi neuke, besteren batek ANAITASUNAn nire hutsak betetzea eta okerrak zuzentzea.

Batzuek esan deuste, geure herriko alderdi txarrak sarriegi aipatzen ditudala, eta ea gure herrian gauza onik egiten ez dan. Egingo ez da, ba! Dudarik ez egin horretan. Baina, askotan, hutsak agertzea probetxugarriagoa izaten da. Baina ondo eginak ere agertu behar dira, bai; ze, bestela, ez litzateke egia osoa agertuko, ez eta justiziazkoa izango ere.

Sasoi bateko Munitibarrek Udaletxe* zahar bat eukan, herri honi ez zegokion legezkoa*. Orain, patxadazko Udaletxe berria jaso dabe.

Irakaskintza kontuan esan daikeguna hauxe dogu: Lehen sagutegiak zirudien eskolak genduzala, eta orain hareen ordez eskola berriak ditugula. Dana dala, ez dot uste, behar dan moduan zaintzen direnik. Auzo eskolez ez dakit zer esan, ezagutzen ez ditudalako; baina oso abandonaturik dagozen eritzia daukat. Inoiz ikastaro osoa egin dabe maistra barik.

Munitibarren, urik ez dauken etxeren batzuk egongo dira, baina oso bakanak. Honetan, auzokoak ditugun Aulestiarrei urte mordo baten bentaja daroatsegu. Ur depositu bi dagoz, bata Munitibarrentzat eta bestea Gerrikaizentzat, toki biok bata bestea baino altuago dagozelako. Aparteko baserriek depositu partikularrak daukez.

Midikuak, sei bat urtez geroztik, midiku-etxea dauka. Kaleko etxeak apaintzeaz, asko irabazi dau herriak; eta, egiteko diren jardinak amaitutakoan, gehiago irabaziko dau.

Komunikazio eta bide kontuan, honetara gagoz: Lau bide printzipal ditugu, Markinara, Lekeitiora, Gernikara eta Durangora. Lekeitiotik Gernikarako autobusa betidandik dago: goizean joan eta arratsaldean itzuli. Astelehenetan Ondarroatik Gernikara joan-etorria egiten eban autobusak, orain egunero egiten dau; honetan asko irabazi dogula uste dot. Durangotik Lekeitiorako zerbitzua betetzen eban autobusa ere ba genduan, orain urte bi inguru; baina udan baino irabazirik ematen ez ebala ta, kendu egin eben. Uda sasoian baino ibiliko ez balitz ere, hutsa baino hobe litzakigula uste dot.

Gure herriko soziedadeak honeexek dituzu: Baserritarren Hermandadea, euskal deportez baino arduratzen ez dan «Hor Konpon» elkartea, eta «Danon Etxea» izeneko taldea, azken hau Elizaren ardurapean eratua, baina antza danez total galdua. Errekako arraintzara dedikatzen zan elkarte bat ere egon zan.

Sasoi bateko herriko jaiek eta oraintsukoek ez dauke elkarren antzik, lehengoak oraingoak baino hobeagoak eta animatuagoak zirelako. Jai kontu honetan ere, auzoko herrietan berdintsu jazotzen dala esan geinke.

Baserrietan jarduten ez dabenak Aulestiko Meabeko harrobietara*, kaminero piontzara, edo Gernika, Ermu eta Eibarko lantegietara doaz. Banaka batzuek, herrian dogun okindegian* lan egiten dabe. Lehen tailer batzuk, aroztegiak eta serra bi genduzan. Udan kontserbagintzan ari dan enpresa batek egun batzuetako lana ematen deutse herriko emakume batzuei, arraina garbitzen. Arrain. hau gehienbat Lekeitiotik etortzen da. Ameriketara artzain eta itsasora doazen gazteak hainbeste ditugu.

Tabernen gutxitzeak zeredozer agertzen deuskula uste dot Gerrikaizen ba ziren taberna bi, eta orain bat dago. Munitibarren bi hitxi ditue eta bat zabaldu. Zabaldu izan dana, herriko taberna izan da.

Apaizak ere, tabernak bezala, gutxitu egin jakuz. Oraindino oraintsu Munitibarrek apaiz bi zituan eta Gerrikaizek bat; eta orain parrokia bietarakoa apaiz batek egin dau.

Eskola berriak egin aurretik, maistra bat eta maisu bat genduzan. Eskola berriak maisu eta maistra birentzat egin ziren, eta horrela ibili ziren urte batzuetan; baina orain maisu batek eta maistra bik betetzen dabe irakaskintza kontua.

Euskal deporte kontuan, Bizkai aldeko eskualderik indartsuena dala esan geinke. Probak, asto probak batez ere, sarri ditugu hemen. Bizkaiko frontoirik hoberenetarikoa dogu, eta albo alboan proba tokia. Bolatokia ere izan genduan, orain midiku etxea dagoen lekuan. Igertokia* egiteko asmoak ba zirela entzun genduan, baina oraindino ez da ezer egin. Horretarako, Errotako aldapadan zeredozer egin leitekela uste dot, eta asko kostatu barik gainera.

Azkenez, turismoa aipatuko dogu. Toki osasuntsuan eta Lekeitiotik hurre samar egoteak ematen deutso gure herriari turismorako jokera. Bilbotik etortzen diren familia batzuk eta Lekeitiotik frontoira datozen udatiarrak dira turismo iturririk printzipalenak.

Turismoa eta deportea aipatu ditugunez gero, ene eritziz herrian egin dan taketkeriarik haundienetariko bat aipatuko dogu. Dagoeneko ez dau erremediorik, baina zeredozer pentsa eragingo deuskun ustetan esaten dogu. Orain frontoia dagoen tokian ba egoen jauregi eder bat, euskal herrietan hain bakan ditugun horreetarikoa. Baliorik ez ebalakoan, bota egin eben eta frontoia eta proba tokia jaso haren tokian. Ez ote egoen beste tokirik herrian, frontoia egiteko? Ez dot uste, Munitibar terrenuz hain eskas dabilenik.

ERRAMON GERRIKAGOITIA

Eibar

«Euskera Lagunak» elkartea

Mundu zabaleko Unibertsidade askotan, euskara irakasteko tokiak sortzen ditue, antzinako kultura, hondasun bizia eta baliotsua dalako. Geure herrian, ostera*, hainbat mendetan* bizirik iraun dauan euskara, berbeta bizi legez*, galtzeko arriskuan daukagu.

Gorabehera ezegokiek kalte haundia egiten deutsoe, baina gure zabarkeriak ere bai, euskara zaintzeko inor baino behartuagoak garen arren. Gauza hain ederra galtzen laga* dogula gure ondorengoek bekatutzat salatu ez deiskuen, geure laguntasuna eskaini deutsegu, euskararen aldeko lanean jo eta ke lehendik dihaduenei.

Horretarako sortu berri da Eibarren «Euskera Lagunak», euskara erabiltzearen aldeko elkartea, ez lehendik diharduenen ordezkotzat, ahal dauantxoan hareei laguntzeko baino. Elkarte honek, gure berbetaren alde lan egin gura daben guztiak batzandu nahi ditu, euskaldun izan edo ez. Bere lan asmoak honeexek ditu:

- Herri agintarien gandik euskararen ganako begirapena eta laguntasuna lortu, bai irakaskintzan, bai herri bizitzan.

- Gure berbeta irakasteko tokiak gehitu, eta orain horretan diharduenei lagundu.

- Gure umeentzat, berbeta bitariko eskolak sortu eta sortu erazi, eta dagozenei lagundu.

- Euskara ikasteko metodu berriztatuak eta egokiak argitaratzea lortu; eta beste ikasgai guztiak ere bai.

- Irakasle berriak behar dan bezala gertutzeko laguntasuna eskaini, irakasle egokien premia haundia dagoelako.

- Euskal kulturaren aldeko joera guztiei indarra eman: hitzaldiak, teatro jaiak, zine erakusketak, literatur lehiaketak*, liburuak, aldizkariak, eta abar.

- Eta, gainera, gure hizkuntza maite hau indarberritzeko, legeen arauera* egin leiteken guztia egin.

Egingarri diren asmo guztiak batu eta eginbidean jarri nahi ditu elkarte berri honek. Bidezko diren modu eta era guztiak erabili nahi leukez, eta, herriak laguntasuna ukatzen ez badeutsa, ahaleginak egingo ei* ditu, horrelantxe jarduteko.

Euren asmook haintzat hartzen dituen guztiak sartuko ditue euren artean, nor nor dan begira ibili barik. Hori lortzeko, bete daikezu, irakurle, bazkide izateko eskabide txartela. Gura izanez gero, bete eizu eta mesedez bidaldu edo eman eioezu arduradunei.

ALBISTARIAK

(«Euskera Lagunak» elkarteko bulegoak zabaldutako hainbat horritatik)

Tolosa

Bukatu da aurtengo «Desfile Euskaro» delako txapelketa. Urrezko txapela, Tolosako «Hijas de Jesús» ikastetxeko umeek jaso dute. Zilarrezko* txapelak, berriz, beste hauek: Erandioko Jose Miguel Oleaga dantzariak, Donostiako «Amigos» kantari taldeak, Bergarako Juan Ramon Unamuno abeslariak eta Baionako Michel Nesprias txistulariak.

Euskal alfabetatzea ahal den gehien zabal dadin gure artean, ikastaldiak antolatu dira Berrobin, Ibarran, Altzon eta Tolosako ikastolan.

Alegiko ikastolaren laguntzarako eratu da, Tolosako «Leidor» zinetokian, bertsolari, dantzari eta abeslari saio jator bat, Lopategi, Azpillaga, Udaberri eta «Oskarbi» taldea tartean direla. Gainera, «Ez dok Amairu» taldea laster etorriko omen da, berriro «Baga, Biga, Higa» sentikaria kantatzera.

«Vuelta al País Vasco»ko txirrindulariak hemen ere izan dira. Ezin ote litzateke «Vuelta» berdina egin, izen egokiagoarekin?

Ez genuke gaurkoa amaitu nahi, Isaac Lopez-Mendizabal jaunak 92 urte bete dituela aipatu gabe. Jainkoak beste urte asko eman diezola, euskal kulturaren onerako!

Maiatzaren 2an ospatu izan zan, Ibaigane antzokian, urtero ikastolaren alde egin dan jaia. Orain arte, Gabon inguruan egiten izan da jai hau. Aurton, danok ezagutzen ditugun arazoakatik, egun honetararte atzeratu da.

Bilbo

Manuel Ramila jauna

Jaun hau, Santanderen jaioa, Bilboko San Frantzisko Xabier elizako parrokoa da.

Hamasei ume euskaldunen gurasoak joan jakoz, euren semeen jaunartzea euskaraz egin dadila eskatuz.

Parroko jaunak ezetza eman deutse, lehenago euskarazko meza bat eskatzera joan jakozenei bezala. Gurasoek beste parrokia batean egin dabe euskarazko elizkizun hori, nahiz eta Ramila jaunaren parrokiakoak izan.

Bilboko egunkari bat hasarre

Dakikezuenez*, apirilaren azken egunetan egin izan da, Deustuko Unibertsidadean, II Euskal Antropologi Astea.

Bigarren eguneko gaia, euskara izan zan; eta libre jarri zan, hizlariek euskara nahiz erdara aukeratzea. Guztiek, batek izan ezik, euskaraz berba egin eben, eta jokabide horregatik Bilboko egunkari bat sutan jarri zan.

Baina, gauza harrigarria: Egun berean Bilbon bertan egin eban Euskaltzaindiak bere hilabeteroko batzarra; eta, beste zenbait* gauzaren artean, Bilboko egunkariei dei bat egitea erabaki zan, euskaraz idazteko eskatuz. Baina egunkari horrek, batzarraren berri ematean, ez eban argitaratu Euskaltzaindiaren erabakia.

Egunkari horrek galdetzen dau ea zergatik hitz egin zan euskara hutsez Deustuko Unibertsidadean, han ziren erdaldunak aho zabalik utzita. Guk eskubide berberarekin galdetzen deutsagu berari: Zergatik idazten dozue zeuen egunkari horretan erdara hutsez, Bizkaiko 250.000 euskaldunak aho zabalik utzirik?

XABIER GEREÑO

Azpeitia

ANAITASUNAren irakurle, agur.

Hemen gatoz gazte talde bat, euskal kulturaren alde lan egiteko asmotan bildu* dena. Helburu* hau gogoan dugula eta gure herriko kultur zaletasun eskasak bultzatuta, «Herriz Herri» sail honetan idazteari heldu diogu.

Ba dakigu, lan hau ez dela erraza, bereziki guretzat, gazteak baikara eta oso berriak era honetako lanetan. Segur gaude, ba dela gure herrian lan hau egiteko gu baino prestuagorik; baina, gaurkoz haiek egiten ez dutenez gero, geure eskasean hastea pentsatu dugu.

Gure herrian euskaraz asko hitz egiten bada ere, oso guti irakurtzen da eta idatzi gutiago. Lotsagarria izango litzateke, zenbat euskal aldizkari eta liburu sartzen den hemen jarriko bagenu.

Arazo hau ikusita, gure helburu ta xede* nagusia eta funtsezkoena*, irakurtzeko zaletasuna piztea izango da. Ondoren, kultur talde bat garenez, euskara eta euskal kulturaren alde lan egiteko prest gaude. Gu ere, erdal kultura burjesa jan duten hoietakoak gaituzue. Baina, euskal arazoez arduratzean, euskeraren beharraz eta euskal kulturaren gabeziaz konturatu gara. Beraz*, gure bigarren xedea, euskaraz idazten ikastea eta saiatzea izango da. ANAITASUNAren bidez geure herria informatzen dugula.

Ez dugu berri emaile soil* izan nahi, baina ez gara kritiko huts bihurtuko. Bi bideak ahalik eta zuzenen erabiliko ditugu. Baldin* norbaitek kritika egin nahi badauku, guztiz bidezko zaio; baina jakin beza, zeintzuk diren gure helburuak eta ez garela idazle profesional batzuk.

«Baga, Biga, Higa» sentikaria

Larunbat ilunabarrez, eta igande eguerdiz, apirilaren 24 eta 25ean, «Ez dok Amairu» kantari taldea izan genuen geure herrian.

Esan dezakegu, lan asko egin dutela, «Baga, Biga, Higa» sentikaria aurrera eramateko; eta lan horren frutua bistan dago, gauza berria eta oraindaino ikusteko zoririk* izan ez dugun jaialdia izan baita.

Herrian harrera ona izan duela ikusi dugu, jende asko joan baitzen eta oso pozik irten ere. Baztango gizonaren dantzarekin hasi eta bukatu ere egiten da. Artista bakoitzak du bere eginkizuna, eta ondo ikasia daduka.

Euskal kantuaren aurreko giroa

Apirilaren 22an, hitzaldi bat izan genuen «Antxieta» etxean, hau ere Ikasketa Elkarteak antolatuta. Gaia, euskal kantuaren aurreko giroa, edo euskal musikaren historia. Hizlaria, Bello Portu jauna. Oso jende gutti bildu zen.

Lehendabizi esan behar dugu, euskaraz emateko zela eta gaztelaniaz azaldu zuela. Esan zituen gauza batzuk: R.M. Azkue folklorista izan zela; Iztueta, Espainiako lehen dantzaria; tradizioa piztu behar dugula; XV mendean* Tafalla inguruetan euskaraz hitz egiten zela; Etxegaraik zioenez, euskaldunok ez dugula euskal musikaren historiarik egin.

Gero, hizlariak Europako musikalari klasiko guztiak aipatu zituen. Gizon jakintsu eta oso eruditoa zela erakutsi zuen; baina herriarentzat ez zuela hitz egin iruditzen zaiku, erdaraz eta goiko maila batean mintzatu baitzen. Bestalde, gaurko musika azaltzerakoan, ez zuen aipatu ere egin «Ez dok Amairu» taldea eta beronen inguruan sortutako musika.

EUSKARAZALEAK

Bermeo

Kostera pobrea

Beti izan dira arraintzaleak «negartiak», edo horren fama dauke behintzat. Baina, oraingoan, arraintzaleren batek esaten badeutsu, aurtengo bokart kostera ezin pobreago dala, sinestu eiozu, egia da ta.

Martxoan agertu zan bokart* apurrak egun gutxi iraun eban; eta, gero, sardina eta berdela harrapatzen izan da. Eta ugari harrapatu ere. Egun batean bakarrik milioi kilotik gora saldu zan Bermeon, arrain mota bi horretatik. Baina gehiena arrain urun* fabriketarako saldu zan, 1.75 pezetan kiloa. Eta fabrika honeek ere (Bermeon bi daukaguz) ezin izan eben gehiago erosi; eta egun batzuetan itsasora joan barik egon behar izan eben arraintzaleek.

Bokarta apirilaren erditik gora agertuko zala uste eben gure itsas gizonek, igazko kontua ikusirik, orduan ere apirilaren 16an izan baitzan lehenengo «kostera eguna». Baina, neure kronika hau idazten nagoela, ia hilabetea joan da eta esperantza hori ez da kunplitu.

Ontziak, bokart bila, oso urrutira joan dira, eta portutik hamabi ordu eta gehiagoko bidean dabiltza, eta, Frantziako sei miliako mugatik hurre, Bordeleren* parean bokart sarda* batzuk topatu ditue. Baina ez dira hain ugariak, eta bokarta ere oso zehea da. Horregatik, ontzi asko arrainik harrapatu barik dagoz oraindino; eta harrapatzen dan bokartak ez dauka prezio onik.

Ontziak Afrikara

Bokart kosteraren atzerakada hau ikusirik, apirilaren lehen egunetan, hamabi ontzi joan dira Bermeotik Afrikarantz, Canarias uharteetan «etxea» hartu eta haginzorrotzetan* eta hegalaburretan* ibiltzeko. Uste dabe, Bermeo aldean bokart-zaleek egingo daben beste egingo dabela eurek ere Afrika aldean.

Bermeoko arraintzaren historia txikian, ondo seinalatu beharreko kontua izango da hau, eguno ere ez baita* holakorik jazo*: bokart kostera utzi, eta beste itsaso batzuetara joan behar arraintzan. Suerte ona euki daiela hareek, eta hemen gelditu direnek ere bai.

A.P.B.

Andoain

Azurmendi, Zelaieta eta Arestiren artikuluak

Zoritxarrez, denbora faltan izan ohi gara gehienetan, denbora hartu ezinik, ANAITASUNA irakurri ahal izateko ere. Hala ere, irakurri ahal izan ditut artikulu hoietako batzuk.

Lehenik, «Jesus, mutilzaharra ala ezkondua» izenarekin agertzen zena irakurri dut, eta beronek izan duen arrastakada ere; eta benetan tamalgarria deritzat, honelako artikulu batek izan duen erantzunari. Gertakari guztiak beren kontextuan aztertu behar dira, baina gure hezitasun urriak ez gaitu horretarako kapaz egiten.

Irakurri ahal izan dudan beste artikulua «Oraindik gehiago» izan da, eta erabat* ados* nauzu, Zelaieta jauna, zuk azaltzen duzunarekin. Honi buruz hauxe bakarrik esan nahi nuke: batzuetan hobekiago, besteetan txarkiago, ANAITASUNA irakurtzen dugunon barrenetan bide bat argitzen ari zaretela; eta hau ez da gutti. Eta hau hala dela adierazteko, Gabriel Arestiren artikulua lekuko*. Benetan horrelakoak behar genituzke hamabostero. Nolanahi ere, ez litzateke hauxe bide desegokia izango, gure hezitasunaren osakuntzarako.

Kantariak eta «mini-short»

«Beti Abeslari» taldeko abeslariok, zer nondik jakin dudan, zuen agerraldietarako soineko zuri luzeak dituzuela eginak. Benetan nik, soineko luzeak ez baina, «mini-short» jantziko nuke. Ez al zarete gaurko eta etorkizunari begira lanean ari, ala?

Euskara ikasten

Gure herri honetan, ba dago talde bat, euskara irakasten ahalegin guztia egiten duena. Hori dela ta, gure hizkuntza ikastea norbaiti interesatuko balitzaio, azal bedi «La Salle» ikastetxera, astelehen-ostegunetan, gaueko 9etan. Ongi hartua izanen da.

«Disco-forum»

Berri pozgarri bat, herrian hippi talde bezala ezagutzen dugun taldearen gandik datorkiguna. Talde honek, zerbait egin nahian, beste zenbait gauzaren artean, «disco-forum» delako bat antolatu du, eta benetan oinarri on batean finkaturik eta helburu jator batekin.

TALDEKO A. L.

Lazkano

«Esparru» soziedadea

Guraso gazte eta jende helduaren tripaleku hoietakoa da berez. Alabaina*, soziedadeko batzuk direla medio, bultzada ederrik jaso du herriak zenbait alditan. Ezin uka, euskal arnasari eusten lehiatzen* direla. Hala ere, hau aski* ote, herria benetan azkartu ahal izateko?

Apirilaren 17an, ilunabarrean, «Esparru» soziedadea afaldarrez gainezka beterik zen: bildots errea afaltzen, Lasarte eta Lazkao Txiki bertsolarien ihardun atsegina, eta mus txapelketako sari banatzea.

Hona saridun berezienak: Pedro Gurrutxaga eta Diego Gurrutxaga, txapeldun. Erloju bana, Edox etxeak emanik, eta 500 pezeta bakoitzak. Hurrengoak: Kepa Goenaga eta Jose Atorrasagasti, Pedro Otaño eta Patxi Izagirre, Leon Bazterrika eta Andres Barandiaran, Martin Naldaiz eta Joxe Mari Arkarazo, Ramon Murua eta Joan Peña.

Eta oraino beste multzo handi batek jaso ahal ukan* zuen saria. Jakina, ia oso osoki Lazkanotar dugun Igoa adiskideak ekarririko «Cinzano» boteilak (hogeitamar, diotenez) ongi etorri ziren, sariak eta saridunak ugaltzeko.

Esan behar da, bereziki, afaria Lasarte bertsolari jatorraren omenez eta ohorez antolaturik zegoela; eta gu berarekin, beti bezala, pozik gelditu baginen, bera ere gurekin hala gelditu zelakoan gaude.

San Prudentzioetan, herriko bestak

Ez dakigu, gure asaba zaharrek noiz eta zergatik ezari zituzten San Prudentzioetan herriko jaiak, San Migel herriko zaindari izanik. Soziologiazko arrazoiak atera ote ziren nagusi? Alegia*, nola San Migeletan, hala San Prudentzioetan, bietan, egingo zuten jai aintzinakoek; eta gero, bata ezkutatzen bezala, bestea gailentzen joan da. Ba liteke.

Soziologiak eta bizi-legeak besterik ere erakutsi dauku Lazkanotarroi azken urteotan. Zera, San Prudentzio auzoa, aintzina, ermita eta bizpahiru baserrik osatzen zuten bezala, auzo trinko eta jendetsua bihurtu dela gaur egun: hiri* kaskoa bezain handi eta borobil, hain zuzen.

Ba du bere nortasuna, bere apaiza; eta nahiz Lazkano parteko nahiz Olaberriko zenbait baserrik ere erosoago* dadukate hara joatea. Horregatik, ez da batere harritzeko, denbora asko baino lehen, parrokia bihurtzea. Guztiz egoki litzateke.

Eta orduan ere San Prudentzioetan jarraituko ote du Lazkanoko herriak herriko bestak egiten?

Mungialdea

Ikastolako jaia

Asko gustatu jakun Mungiko ikastolako haurren jardunaldia. Hau ikusirik, ezin isildu Mungiko ikastolako eta «Eusko Amets» taldeko andereñoen lana.

Gero, Zarauzko «Oleskariak» agertu ziren eta Joseba Zarraga Mungiko mutil gaztea. Atsegin izan genduzan kantuak, nahiz eta hareen hitzak nahiko hutsak izan.

Azkenez, Zarauzko «Haur kantariak» plaza gizonen pare agertu jakuzen. Nortasun ederrarekin egin eben euren lana. Akats bakarra, Gipuzkoako euskaraz egin ebela. Tamalez*, Mungiko ikastolako haurrak, eta beste jende guztia ere, ez dagoz horretara ohituta.

«Concordia» eta «Agur»

«Euskalduna, fededuna ala ez» izenburuarekin Mungiko «Concordia» aldizkarian agertutako artikuluak nahiko astrapalarik* atera dau inguruetan, batez ere Mungi aldeko fede zaindarien artean. Azkenez, azalpen bat-edo eman nahirik, kritika gogor bat ikusi dogu «Agur» aldizkarian, nahiz eta bertan patxadazko oinarririk ikusi ez.

Alfabetatzea

Maiatzaren 9an hasia izan da Mungian alfabetatze kanpaina bat, bertoko euskaldunak euskaraz irakurri eta idazteko gai izan daitezen. Orain arte Bizkaiko herri gehienetan eman izan dira holako klaseak, Gernikan, Durangon, Arratian, eta abar. Azkenez, Mungiko premia ikusirik eta eskari batzuk entzunda gero, berton hasi gara lan honetan. Gaia batez ere gramatika izango da. Hitzaldi batzuk ere emango dira euskal literaturaz, historiaz eta geografiaz.

Holako kanpainen ondorenak ikusgarriak izan dira beste herrietan; eta ez dogu uste, Mungi aldean gutxiagorik izango direnik. Ikastaldi honetan inork parte hartu nahi badau, deitu bei arratsaldeetan telefonoz Mungiko 18. zenbakira, edo joan beite iluntzietan Andra Mari elizako «Eusko Amets» taldekoen dantza tokira, bere izena ematera. Ikastaldiak zapatu arratsaldeko 7etan izanen dira. Sarri entzun ohi dan legez, «kulturak askatuko zaitu». Bestalde, geure hizkuntza ondo ezagutzen eta erabiltzen ez badogu, ez dogu inoiz benetako «herri kulturarik» izango. Hori dala ta, gazteei dei sutsu bat egin gura neuskioe, ikastaldi honeetara etortzeko.

Ikastaldi honeek egin ahal izateko, toki berezi bat lortu genduan «Nuestra Señora de la Compasión» izeneko monjen etxean. Baina, azken orduan, toki hori ukatu egin deuskue monjok, itxura danez, mota honetako alfabetatzerik nahi ez daben batzuen ohar-aginduz. Ukatzeko izan daben motibo argirik ez jaku eman izan. Lerro honeek eguzkiaren argia ikusi orduko, beste toki bat lortuko ahal dogu!

Olabarriko jaiak

Olabarri, Mungitik Gernikara bitartean dagoen auzunetxo bat dozu. Bertan, urtero bezala, jaiak izan ziren maiatzaren lehenengoan. Euskal arloa osotu ebenak: Bittor Egurrola, Joseba Zarraga, «Ibaiak» bikotea, Jose Angel Goienaga eta Lekeitioko ikastolako haurrak. Hain aro txarra egin beharrak bere alaitasuna kendu eutson jaiari; bestela, giro ona susmatzen zan.

San Markoak Gatikan

Apirilaren 25 eta 26an, bai eta maiatzaren 1 eta 2an, ospatu izan dira Gatikako San Markoak. Aspaldiko urteetan ohitura dan legez, idi probak bete eben programako gehiena. Aurton, berriz, Bizkaiko Txapelketa izan da. Gero, iluntzietan, erromeria «Ortiz» orkestarekin. Jendea, batez ere San Markos egunean bertan, ugari izan zan.

JOSU

Beasain

San Martin Loinaz

Besteak beste (Bergararrak adibidez) Beasaindarrok handitzera emateko asmotan gaituzu San Martin Loinazen santutegia. Txoko apalean kokaturik* egon arren, edonork ikus lezake laster egokiago inguru hura.

Euskal astea

Herriko jaien biran aurten, jakin dugunez, euskal aste bat antolatzen dihardute, horretarako baimena aski* erraz lortu delarik. Gisa honetako gauzen organisatzeko beste alditan zenbait oztopo ipini ohi dela ikusirik, herri agintariek hartzen duten interesen baitan dagoela gakoa* pentsatzera eramaten gaitu honek.

Ikastegiaren berriztatzea

Herriko Institutoari hegal berria ezartzeko behar den lurra oraintsu eskainia omen dio udalak Estaduari. Oraino hasi baizik ez den ikastegia, berriro berehala hazi, handitu beharrean! izan ere, zer ume jendea edo zer-nolako haur multzoa datorren ikusiz gero...

Eta Lizeoan zer?

Hau ere ikastegi bat da: Goiherri eskualdeko* euskal ikastolek lehen mailaz gorako haurrentzat muntaturik dadukaten ikastegia. Ezinegona frango* ba zen aspaldiko hilabeteetan, gure eta inguru herrietako ikastoletan, Lizeo hau dela ta.

Esku bortitz* batek (agian* bortitzegiak) zenbait ukitu* ezarri eta eman ditu. Ez dakit, hau den modurik egokiena, gauzen zuzentzeko. Barnean dagoenak, hala ere, ikus lezake kanpotikoek bezain ongi.

Dena dela, hau bai, garbi dakigu: denok elkarreraturik gaitza non dagoen ikasi eta problemaren konpontzeari lotu orde, beren haurra Lizeotik atera eta beste ikastetxe batera daramaten gurasoekin zereginik ez dago. Horretan ez da batere dudarik.

Sondika

Herriaren bihotz bihotzean, Gurutzeko ermita polita daukagu. Orain dala hamar urte, ermita hauxe izan zan Sondikako eliza. Gero, eliza berria egindakoan, ermita hitxi egin zan. Hala ere, urtero meza bat izaten genduan Gurutze egunean, eta hara joaten ginen. Orain, dinogun bezala, hitxita dago eta ez da zabaltzen, ez jaietan ez inoiz. Gure apaizentzat lan larregi ote litzateke, ermita horretan urtean behin gutxienez meza bat ematea? Ez dot uste, geure gauzak bertan behera utzi behar ditugunik.

«Tiro al plato» txapelketa bat euki dogu herrian. Oso ona eta garrantzizkoa izan da txapelketa, hau. Jende asko batu zan, eta eguraldi ederra izan genduan. Hau dala ta, edantoki bat ipini eben herriko gazteek bertoko landan.

Edantoki honetan hartu dan dirua «pro excursión de jubilados» izango da.

Uste dogu, gazte honeek lana oso polita izan dala. Ea, aurrerantzean ere, horrela jarraitzen dozuen, mutilok!

ROSI IBARRONDO

Idiazabal

Herriko «Axari» taldea, lehenago trebea izan bada ere, orain ez da guttiago. Ikus, bestela, nolakoa den aurten egiten ari den lana.

Talde hau, diotenez, ez da bakarrik folklore hutsean ari, baizik eta beste helburu sakonago batzuekin. Alde batetik, gaur gizarteak bizi duen arazo berezi bat salatu nahi du, eta aldi berean jende bat hezi; eta bestetik, herriko ikastolak duen diru arazoari erantzun bat eman.

Oraingoan, helburu hoik* aurrera eramateko, «Itzulera» antzerkia aukeratu dute, Tolosako «Uxola» jaunak eratua. Antzerki honen gaia hau da, gutti gorabehera:

Familia aberats batean gertatzen da. Gurasoek eta bi seme-alabek osatzen dute familia hau. Aita, fabrika bateko nagusi langile-esplotatzaile bat da. Semeak, mutilak, hippy dotrinaren jarraitzale izanik, gaizki ikusten du aitaren jokabidea, eta, asko diskutitu ondoren, alde egiten du etxetik. Alaba, berriz, aitari kasurik egin gabe, langile batekin ezkontzen da; orduan aitak etxetik botatzen du. Azkenean, fabrikak kiebra egiten du eta aita ezer gabe gelditu; orduan seme-alabek oso jator jokatzen dute aitarekin.

Antzerki hau nolakoa den eta «Axari» taldeak nola antzesten duen jakiteko, galde zenezakete Idiazabal, Zaldibia, Segura, Zegama, Oñati, Ataun, Araotz eta Bergaran, hoik baitira orain arte antzerki hau egin den tokiak.

Beti aurrera begira, gure talde honek maiatzaren 8an jardungo du Mondragoen, 19an Zumaian, eta, geroago, Eibar eta Urnietan.

Beraz, lan hau ikusita, zorionak eman beharrean gaude. Zorionak lehendabizi «Uxola» jaunari. Berriro ere horrelako antzerkiak idazten jarraiki dezala. Zorionak, antzerkia aukeratu dutenei, eta, azkenik, «Axari» taldekoei.

EGURTZA

Arratia

Alkate berria

Apirilaren 15ean, Areatzan*, alkate berria izendatu eben. Jaun honen izena Jose Mari Garibi Undabarrena da. Jaun hau oso ospetsua da eta oso Areatzatarra. Herritar gehienek berri on asko itxaroten dabe beragandik.

Patxo txapeldun

Apirilaren 18an, «III Festival de la Canción del Abra»ko finala izan zan. Areatzako Patxo geratu zan txapeldun, eta diferentzia haundia atera eutson bigarren geratu zanari. Entzule guztiak harritu geratu ziren haren ahotsagaz* eta abestiakaz.

San Isidroak Zeanurin

Zeanurin, San Isidroko jaiak gazteen eskuetan dagoz aurten; eta uste dogu, jai oso onak eukiko ditugula. Maiatzaren 15ean eta 16an dira, eta han ikusiko ditugu kantariak, herriko txistulariak, albokariak, pelotariak, eta abar.

XIRI


Irakaskintzaren sistema ofiziala eta irakasleak

Euskal Herriko ikasleek, ikastolatik irtenda gero, bide bakar bat dute, kultura edo kultura esaten zaiona hartzeko: «Institutos Nacionales de Enseñanza Media» deitzen diren tokiak.

Herriko gazteak milaka joaten dira instituto hoietara; baina toki hoietan irakasteko, herriko maisu guti edo bat ere ez egoten da. Nahiz eta ikastolak zaindu, ene ustez, beste toki hoik ere kontuan ukan* behar ditugu. Egia esan, urtero gazte gehienak Institutora pasatzen dira, eta luzaroan geratzen dira bertan. Orain hiru urte direla, Bilboko Correo Español-ek estadistika bat eskaini zeukun bigarren mailako irakaskintzari buruz. Han esandakoa sinesten badugu, bigarren mailako ikaslerik gehienak Bizkaikoak ziren, Kataluniakoak baino gehiago. Normalki, horrenbeste ikasle izanez gero, Bizkaiko irakasleek ere asko izan behar lukete. Baina hori ez da gertatzen.

Ikus dezagun problema pedagogiaren aldetik.

Ikasle eta irakasleen arteko harremanak, behar beharrezkoak dira. Hortxe datza* edozein pedagogiaren oinarria.

Bestalde, oraintsu jarritako sistema berrian (enseñanza básica, conocimiento del alumno, eta abar) irakasleok ez ditugu nota hutsak bakarrik emanen. Horrez gainera, ebaluazio bat egin behar dugu. Hau da: ikasle bakoitzak zenbat balio duen jakin behar dugu; eta balio hori neurria izanen da, ikaslea maila batetik bestera (eskola batetik bestera) pasatzeko. Guti gora behera, ebaluazio hori egiteko, parametro bi ukan behar dugu kontuan: aplikazioa eta jakintza.

Azterketa baten bitartez edo test batzuen bitartez, nahiko erraz ager* daiteke, ikasle batek dakiena.

Aplikazioari buruz, zer? Hementxe dago iltzea*.

Egia esan, aplikazioa zintzoki neurtzeko, oso ondo ezagutu behar dugu ikaslea, eta ez azalez. Irakasleak sikologo behar du izan, eta sikopedagogia ez da arlorik* ttikiena pedagogia jeneralean. Ikasle bati nota bat ematen diogunean, irakasle asko oker egoten gara behin baino sarriagotan, eta, hain zuzen ere, sikopedagogia falta zaikulako. Sikopedagogiak, teknikatik aparte, ikaslea ondo ezagutzea eskatzen dauku, ezagutze hau derrigorrezkoa baita*. Eta, noski*, «deficiente, recuperable edo irrecuperable» geure ikasle bati ezarri baino lehen, ahulezia* horren arrazoiak bilatu behar ditugu: ikaslearen bizimodua, mugitzen den kondizioak, eta abar. Irakasleak oinarrietaraino behar du joan.

Egia esan, ikasle guztien honelako ezaguera, ezina ez bada ere, oso zaila da irakaslearentzat. Baina edonork uler lezake erraz gauza bat: irakaslea eta ikaslea herri berean bizi badira eta biak gizarte berekoak badira, gizartearen kondizio berberak ukanen* dituzte biok, eta bion izakera ere antzekoa izanen da. Ez du inork ukatzen gauza bat: herri bereko irakasleak kanpokoak baino askoz hobeto uler* ditzakeela ikaslearen erreazioak, kezkak, egoera, eta abar. Bretainia Handiko nahiz Frantziako nahiz, zer esanik ez, Alemaniako irakasleei sarritan entzun diegu kexa bera: hemengo ikasleak ulertzea gogor egiten zaiela. Izan ere, atzerritar irakasle haien ohiturak ez dira guk ditugunak; bizi diren zibilizazioa ez da gu bizi garen zibilizazioa: ttikitatik eman dieten heziera* ez da guri eman daukuten heziera; haien gizarteko balorerik premiatsuenek ez dute, beharbada, hainbeste garrantzirik guretzat (baloreen eskala ez da bat bakarra). Hitz batez: haiek beste modu batetara ikusten dute mundua.

Azkenik, sarri askotan, harremanak ez dira sortzen irakasle eta ikaslearen artean, edo doi* doi sortzen dira. Gaur egun ez da erraza irakaslearen lana, bortizki* agertzen den belaunaldi* krisiagatik batez ere. Eta krisi hori gainditzeko, irakasleak bereganatu egin behar du ikaslea; eta hori ez da gertatuko, irakaslea ikasleari lagun bat bezala agertzen ez bazaio.

Eskolan ikasleak bere gain hartu behar du estudioa; horixe da haren eginbeharra, gizarteari zor diona. Irakasleak, berriz, irakaskintza zintzo bat eta, batxileratuaren kasuan, ebaluazio on bat zor dizkie ikasleari eta gizarteari. Bien arteko harremanak elkar zor eta eskubide dira. Horregatik, maisu eta ikaslearen artean, baitezpadakoa da elkar laguntza. Elkar ulertze hau lortzeko, gaztelaniazko* esaera batek dioenez, «cada oveja con su pareja» joan dadila komeni da.

Ene ustez, ez dugu txantxetan ibili behar, oso problema sakon eta interesgarri baten aurrean baikaude. Institutoetako irakaskintza geure eskuetan hartu behar dugu.

KARMELE ERROTAETXE

ditzake, daikez, dezazke

dizkie, deutsez

lukete, leukee

zaie, jake

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zeukun, euskun, zigun

dauku, deusku, digu

daukute, deuskue, digute

dezagun, daigun

diegu, deutsegu

diete, deutsee

dio, deutso

diogu, deutsagu


Ikastola eta liburutegiak

Aspaldidaniko arazo larria konponbidean hartua dute oraintxe ikastolek: testo liburuena, alegia*.

Kezkaturik zeuden gurasoak. Irakasleok are* gehiago. Editorialak eta euskalzale jendea ere zerbait egin nahirik agertzen ziren. Ez da harrigarri, zeren* eta denok ohartzen baikara, inportantzia haundia dutela ikastolek herriaren etorkizunean.

Bestalde, ikastolak edo euskara biziko baldin badira eta aurrera egin, ezineko lukete, behar den tresnarik gabe. Nora joan gaur egun, ibilgailu egokirik ez badute? Eta, hain zuzen, material ugari eta oparoa (liburuak, irakurgaiak...) derrigorrezko dute, heziketa lan taxuzkoa egin nahi izanik. Hau edonork daki, baldin* eta ikastolak hurbiletik* ezagutzen baditu behintzat.

Ez da, ez, gako honek bihurria non duen berehalako batean hatzeman edo ikusi; eta, ikusi arren ere, ahal izatearen problema zegoen gainean. Ahal izatearen mailan, ordea*, problema bikoitza: bata, izkribuzko euskara bakarra ez edukitzearen oztopo makurra; eta, ondorioz, liburuak bi euskalkitan edo hirutan (Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdikoan) egin beharrean gertatzen ginen.

Eta bestea, guraso askok eta editorialek konprenitzen ez duten oztopoa: ezin litekeela gure ikastolentzat edozer liburu argitara eman alegia*, erderaz den onena ere ez baita* on, beste gabe, guretzat. Zergatik hori? Alde batetik, aski* bide berezia markatua dutelako ikastolek; eta enziklopedia edo «unidades didácticas» deituriko liburuak atzerapen seinale direlako, bestetik. Erdal editorialek berek ere ba dute lanik asko, Irakaskintza Lege Berria eman denez geroko memento* honetan.

Dena dela, konponbidea nondik den eta nola urratu den aipatzea interesgarriago jotzen* dut, eta, beraz, zehazki horixe agertzen saiatuko naiz.

Ikastoletako irakasleek (eskualdeetako* arduradunak esan nahi da) batzar bi egun osokoak egin dituzte, bata martxoan eta apirilean bestea, lehenagotik arazo hau herri bakoitzean eta eskualde mailan estudiatu delarik. Ikus hortik, inportantea den ala ez arazo hau.

Gorago aipaturiko korapilo hoietaz aparte, beste bat zen irakasleentzat nagusiena: metodologiarena. Emeki* emeki ikastolan ekintza-metodoak edo metodo biziak sartzen doazen heinean*, ez ote diren, alegia, beharrezko, liburuak. Eta, egia, gisa honetako metodoekin lanean diharduten andereño-irakasleek gero eta gehiago egiaztatzen dute arrazoi honen egia praktikan.

Hala ere, ez dugu inola ere uste, kasu batzuk salbu, hain gol mailan dagoenik ikastolen errealitatea; eta, funtsean, errealitatearen arrazoiak bentzutu du. Horregatik, beste zenbait urtetan zehar, sakonki ihardunik ere, derrigorrezko ditugu liburuak.

Haurrek behar dute sortu, egin, bildu* materiala; eta berek moldatu behar dituzte ikastoletarako liburuak: ipuin, elkarrizketa, bertso, irakurgai, ikasgai... Hau da bidea, hau da jokaera jatorra; eta bide hau konprenitzen ez duen guraso edo editorial edo idazle orok* poto joko du egun* edo bihar.

Baina, jatorra izanik ere, ez da bide bakarra. Haurrak, gisa oneko materiala sortuko baldin badu, naturaleza ikusi, ukitu* edo eskuratzea ere ez luke aski* izanen. Horrez gainera, bere mailan eta adinera* moldaturiko liburuak ere behar ditu, gaiak aztertzeko edo ikertzeko, sakondu eta osatzeko. Hau da beste bidea, inola ere lehengoaren kontrako ez dena, parean-edo dena baizik. Horregatik, oinarri hauetan finkaturik abiatu gara, ikastoletarako liburuak, hobeto esan, liburutegiak sor ditzagun.

Hurrengo baterako uzten dugu, zer-nola den gure plana gai honi buruz.

BARKAIZTEGI


Euskaldungoa

Juan San Martin, «Criba» aldizkarian, euskarari buruz

Madrilen argitaratzen dan «Criba» aldizkariaren 45. alean, «Las ikastolas deberían ser apoyadas oficialmente» izeneko artikulu batean, Juan San Martin jaunarekin egindako elkarrizketa bat agertzen da. Beste gauza interesgarri batzuen artean, hauxe dino: «... se observa una viva inquietud en el incremento del desarrollo literario».

Zirarda jaunaren idazkia maiatzaren 1ean

Maiatzaren lehenengoa dala ta, gogoz irakurri izan da, Jose Maria Zirarda Bilboko apezpikuak egindako idazkia. Beste gauza jakingarri batzuen artean, zera dino: «... pero la Iglesia no quiere que desaparezcan aquellas características que el día 1 de mayo tuvo siempre y que quedaron sublimadas por la doctrina y ejemplo de Cristo».

Zoritxarrez, zer bazkari eder eta betekada nagusiak egin izan diren maiatzaren 1ean, umeen Lehendabiziko Jaunartzearen atxakiaz!

«Ez dok Amairu» Barakaldon

Apirilaren 30ean, «Ez dok Amairu» kantari taldea izan dogu Barakaldon, herri industrial honetako ikastolaren alde «Baga, Biga, Higa» sentikaria jokatuz.

Gabriel Aresti idazlearen liburu berria

Horretarako behar dan baimena lortzen bada, hilabete honetan argitaratuko dau «Lur» etxeak Gabriel Arestiren «Harrizko Herri Hau» liburua. Hiru H...!

Zarauzko ikastolaren alde

Lehenago famatuak ziren futbol jokalari batzuek partidu bat izan eben Zarauzko zelaian, apirilaren 24ean. Bertan izan ziren Carmelo, Maguregi. Artetxe, Etxarri, eta abar. Batu zan dirua, oso osorik Zarauzko ikastolarako izan zan.

«Ez dok Amairu» Azpeitian

Loiola inguruko ikastoletako Batzordeak* antolaturik eta Soreasu zinetokian, «Baga, Biga, Higa» sentikaria abestu eben «Ez dok Amairu» taldekoek, apirilaren 24 eta 25ean. Lehen egunean gainezka egon zan teatroa, baina ez horrenbeste hurrengo egunean.

Bertsolariak Zarautzen

Apirilaren 25ean bertsolarien jai itxurazko bat izan zan Gipuzkoako Zarautzen, Patxi Barbero jaunaren zuzendaritzapean. Parte hartu ebenak: Oiartzungo Uztapide, Orioko Lasarte, Azpeitiko Lizaso, Lazkanoko Lazkao Txiki eta Azpeitiko Agirre. Jendea ugari, bertsolariak ondo eta Patxi Barbero itxura batean.

Euskal jaia Tolosan ikastolen alde

Tolosako «Leidor» zinetokian ospatu izan da euskal jaialdi bat, apirilaren 25ean, Alegiko ikastolaren alde. Parte hartu ebenak: Lopategi eta Azpillaga bertsolariak, «Udaberri» dantzari taldea eta «Oskarbi» kantariak. Jende gutxi eta giro epela.

Joseba Intxausti eta Jose Azurmendiren liburu berriak

Laster batean argitaratuko ditue liburu berri bana Joseba Intxausti eta Jose Azurmendi fraile frantziskanoek. Lehenak euskal historiari buruz jardungo dau, eta marxismoari buruz bigarrenak, biok euskaraz.

Joaquín Perea, Bilboko apezpiku berria?

Bilbo aldean zabal zabal entzuten da, Joaquín Perea bilbotar apaizak Gotzaingoa jasoko ote dauan, Bilbon bertan jarduteko. Joaquín Perea jauna etxe oneko semea da, eta jakintzaz hornitua. Ez daki euskaraz.

«Noiz» antzerkia Atarratzen

Zuberoko Atarratzen jokatu izan da, maiatzaren 2an, Daniel Landart gazteak idatzitako «Noiz» antzerkia.

Euskal Astea Beasainen

Maiatzaren 25etik 30erarte izango da, Gipuzkoako Beasainen, Euskal Astea edo Euskal Liburu eta Diskoen Azoka*. Beste ekintza jakingarri batzuen artean, Luis Villasante euskaltzainburuak berba egingo dau 26an, iluntziko 8etan. Hurrengo egunean, ordu berean, Iñaki Larrañaga jaunak «La situación y futuro socio-económico del País Vasco» gaiari ekingo deutso. 29an, goizeko 10etan, «Ez dok Amairu» taldearen jardunaldia, Usurbe zinetokian. 30ean, igandez, 600 dantzari eta 150 txistulari bilduko dira bertara.

Beste meza bat euskaraz Iruinean

Iruinean, Burlada auzuneko San Martin elizan, euskarazko meza bat jarri dabe, jaiero, goizeko 9 ta erdietan.

Euskal kantarien jaialdia Ermuan

Bizkaiko Ermuan ospatu izan da kantarien jaialdi bat maiatzaren 9an, «Arce» elkartekoek eraturik. Parte hartu ebenak: Txomin Bengoa, Gau Txoriak, Txairo, Oskorri, Oñats bikotea, Sarobe eta Ermuko dantzari taldea.

Romualda Zuloaga Artetxe hil da

59 urte zituala hil da Galdakanon Romualda Zuloaga Artetxe, pandero-jotzailea. (G.B.). Romualda zanak, panderoa joaz gainera, bertsoak kantatzen zituan, trikitiari lagunduz eta azkenean santzoak eta irrintziak emanez. Galdakanoko «Andra Mari» dantza taldekoekin Euskal Herri osoan, eta Europan zehar ere ez gutxi, ibilia izan da.

Bertsolariak Hernanin

Maiatzaren 1ean, Xalbador, Uztapide, Lasarte, Lopategi, Azpillaga eta Arozamena bertsolariek jardun izan dabe Gipuzkoako Hernanin, «Galarreta Jai Alai» frontoian.

Jose I. Tellechea jaunaren mintzaldia Azpeitian

Apirilaren 27an, Jose Ignacio Tellechea Idigoras jaunak mintzaldi bat eman izan eban Azpeitian, «Antxieta» etxean, «Guipúzcoa vista por el Padre Larramendi» gaiari buruz.

«Zigor» dantzatokia Ordizian

«Zigor» izenarekin, Bazko igandez, dantzaleku bat ireki da Gipuzkoako Ordizian. Molde herrikoietan taxuturik jaio zaiku, ez izenez bakarrik, giroz ere bai. Horregatik, askotxo ote da, gizarte usteldu honetan zorne* anpuluak zulatzeko ezten izanen dela pentsatzea? Bai, noski*. Ez da dudarik, beste guztiak bezalaxe, gazteria lokarrerazi* eta lerrabidean* murgilerazteko leku bat gehiago ba dela oraindik gure geografian. Noizbait joko ahal du ozenki*, gazteok itzartuko garen orduak!

Xabier Kintana hizketan Motrikun

Apirilaren 26an, Xabier Kintana bilbotar gazteak mintzaldi bat eman izan dau Gipuzkoako Motrikun, «Goizeko Izarra» etxean, «Euskal Literatura gaur» gaiari buruz. Bai hitzaldia eta bai hitzaldirako deia euskaraz egin ziren.

Bertsolariak Elizondon

Nafarroako Elizondon bertsotan ari izan dira, maiatzaren 16an, Mattin, Lasarte, Lazkao Txiki eta Agirre bertsolariak, Klemente Ezkurdia eta Mariano Izeta jaunen zuzendaritzapean.

«Gaur SCD» elkartea

«Gaur SCD», Donostian lanean diharduen jakintsu batzuen elkartearen izena da. Jaun horreen zeregina, eurek dinoen bezala, «Estudios de economía y sociología aplicadas, y organización de empresas» da. Euren lanik sonatuenak jarraiko honeek dira, guztiak erdaraz eginak: Estudio socio-económico de Elgoibar, Estudio socio-económico de Rentería, Id. de Pasajes, Plan parcial del polígono 7 del plan general de ordenación urbana de San Sebastián, Plan parcial del polígono 21 del plan general de ordenación urbana de Azpeitia, Equipamiento social del barrio de Erguín (Mondragón), Equipamiento social del barrio de Belascoena (Irún), Equipamiento social del polígono 13 (Herrera), El sector público en Guipúzcoa, La pesca de superficie en Guipúzcoa y Vizcaya, Los últimos 50 años de industria eibarresa, Así está la enseñanza primaria, La enseñanza en Lasarte-Usurbil, Necesidad de viviendas en Tolosa, Demanda de viviendas en Lasarte, Estudio estadístico sobre el actual empleo del vascuence, Planificación de la asistencia a los subnormales en Guipúzcoa, Los ancianos enfermos en Guipúzcoa, Primeras jornadas de sociología aplicada, eta abar.

Udaleku edo koloniak

Esan daukutenez, gure gure direnek eta gure giroan haurra hartzen duten udalekuen organizazioak ikastaldi bat eduki du Bazko astean, begiraleak* prestatzeko asmoz. Entzunik dugu ere, oso ongi joan dela eta lan asko egin dela ere. Besteak beste, zer lan interesgarria hauxe! Merezi luke zinez*, indar handia har dezan erakunde honek; baina apal eta sakon hobe da, noski. Aurrera, honetaz arduraturik zabiltzatenok!

«Marinelak» debekatua

«Marinelak» musikadun euskal antzerki bat da. Hitzak Ondarroako Zubikarairenak dira, eta doinua Azpeitiko Jose Maria Altuna jaunarenak. Antzerki hori Ondarroako talde batek ikasi izan dau Imanol Orueamezaga apaiz gaztearen zuzendaritzapean. Apirilaren 24ean Durangon eta 27an Galdakanon jokatzekotan ziren; baina ezin izan dabe egin, horretarako behar dan baimena ez eben lortu eta.

Euskaltzaindiaren Literatur Sariketa

Bizkaiko Aurrezki Kutxak babesturik, berorren berrogeitamar urteburua dala ta, 25.000 pezetako literatur sariketa bat jarri dau Euskal Akademiak. Idazlanak euskaraz eta literaturari buruz izango dira, eta gutxienez 50 folio euki beharko ditue. Datorren uztaila* baino lehen bidaldu behar dira Euskaltzaindiaren etxera (Ribera 6, Bilbao).

Arantzeta jauna hil da

Apirilaren 22an hil izan da Gasteizen Paulo Arantzeta jauna, 73 urte zituala. Semez Gipuzkoako Elgetakoa zan jaun honek, hainbat probaleku egin izan ditu Bizkai ta Gipuzkoan. Abadiñokoa ere, berak egin eban.

Juan Antonio Zunzunegiren mintzaldia

Apirilaren 30ean, Juan Antonio Zunzunegi jaunak mintzaldi bat eman izan dau Bilboko «Sociedad Bilbaina» etxean, «Galdós y la tierra vascongada» gaiari buruz. «Sociedad Bilbaína» horretan Bilboko burjesiakoak batzen dira.

Autoetarako «Anaitasuna» txartela

ANAITASUNA izenarekin, beste txartel tirada bat egin da, autoetan. jartzeko. Fondoa zilar* kolorekoa, eta letrak gorri gorriak.

Eskatu nahi dozuen beste ANAITASUNAren zuzenbidera. Saiatu gaitezen geure aldizkariaren izena zabaltzen. Arantzadi ta Agirre bertsolariak Ezkiogan.

Maiatzaren 8an ari izan dira bertsotan, Gipuzkoako Ezkiogan, Arantzadi ezkiogatarra eta Agirre azpeitiarra.

Bertsolariak Eibarren

Eibarko ikastolen laguntzarako eta «Euskera Lagunak» izeneko elkarte berriak antolaturik, bertsotan ari izan dira Eibarren, maiatzaren 2an, Uztapide, Agirre, Azpillaga, Lopategi, Lasarte eta Lazkao Txiki.

Jose Maria Setien apaizaren mintzaldia Azpeitian

Apirilaren 30ean hitz egin izan dau Azpeitian, «Olimpia» etxean, Jose Maria Setien apaizak, «El compromiso del cristiano ante el mundo de hoy» gaiari buruz. Jaun hau entzute eta eragin haundikoa da gaur eguneko teologo aurrerazaleen artean.

Patxi Altuna jaunaren hitzaldia Errenderian

«Ereintza» elkarteak eraturik, Patxi Altuna Jesuitak hitzaldi bat eman izan dau euskal hizkuntzari buruz, Errenderiako «Gaztedi» etxean. Patxi Altuna jaunak, «euskera» barik, «euskara» esaten dau aspaldion, hizkuntza batuan berba egiten dauanean.

«Argia» dantzari taldea Legazpian

Donostiako «Argia» dantzari taldeak ekinaldi bat eskaini izan dau Gipuzkoako Legazpian, maiatzaren 2an, eliza barruan, herri meza batean parte harturik.

«Oskarbi» Eibarren

Apirilaren 30ean, «Oskarbi» kantari taldeak ekinaldi bat izan dau Eibarren, «S.C.R. Eibar» etxean.

Telebisioa Bilbon

Maiatzaren 24ean hasita, Espainiako Telebisioak etxe berezi bat zabalduko dau Bilbon, gure inguruetako berriak hobeki jaso ahal izateko. Zer indar haundia daukan telebisioak!

Gipuzkoako Asteasun, «Kukute» antzerki taldea lanerako prest

Alfonso Sastre-ren «La Mordaza» antzerkia euskaraz jarri izan dau Asteasuko Olatz Usabiagak. Zazpi hilabetean ibili izan dira Asteasuarrak, antzerki hori entsaiatzen. Zenbait eragozpen gainditu ondoren, Amezketan, Tolosan eta Asteasun bertan jokatu izan dabe. Apainketa Agustin Gonzalok eta zuzenketa Karlos Otegi jaunek egin dabe. Errealismoz beteriko teatro lan hau edonon eta edonoiz jokatzeko prest dagoz Asteasuarrak.

Bittor Egurrola Gernikan

Apirilaren 11 eta 12an kantatu izan dau Bittor Egurrola gazteak Gernikako «Ametsa» dantzatokian.


Hau duk humorea!

Lana

Lana, oso gauza egin-erraza eta entretenigarria da. Proba: jar zaitez, lanean ari direnei begira, eta ikusiko duzu zein ondo pasatzen duzun.

Letra protestatuak

Bilboko Komertzio Kamararen estadistikek azaltzen dutenez, 1970.ean Bizkaian letrarik protestatuena H izan da.

Atsotitz* ekonomikoa (ugazabaren aldetik)

Enero, Febrero, Marzo, Abril,

Aloger* minimoa habil dabil.

Moda

Nazio batzuetan, moralaren izenean, mini-gona debekatu dutela irakurri dut. Beste batzuetan, ostera*, marxi-gona.

Euskara

Gaztelaniazko Akademiak «euskera» hitza onartu omen du ofizialki bere hiztegian. Ez dakit, orain euskaldun bizardunek moztuko ote duten bizarra.

ANTTON


Pentsatzeko egoera

Euskal Herriak bizi duen egoera, garbi dagoela uste dut. Ez dago inor, hemen dadukagun egoera larriaz, berorren problematika bereziaz eta egoera horri ematen zaizkion erantzunez ohartzen* ez denik.

Jakina, egoera hau aztertzea (produkzio indarren mailatik hasi eta errealitate horri buruzko kontzientziaraino) izango litzateke gure lehenengo ekinaldia, gure lehenengo etapa, errealitatea epaitu eta ondorioak atera ahal izateko.

Euskal Herriak gaurko egoera honi buruz ba du kontzientzia. Eta gaurko errealitate honek eragin dio Euskal Herriari, urte askotan burrukatzera. Gaur ere burrukan ari da, ostera* ere. Gaur jendeari galdera hau bururatzen zaio: Ba ote du irtenbiderik gure problemak? Hori galdetzean, garbi dadukagu erantzuna: «Gaur ez dut irtenbiderik ikusten... Gauzek daramaten bidea ikusita, ez diot geure problemari irteerarik ikusten».

Europaren zoria* ikusten dugunean, «per capita» errenta maila handiekin, norberaren kontzientzia guztiz ttikiarekin, propagandak menperatutako eta sisteman integratutako langile klase batekin, Europa den errealitate horretan —horrantz goaz, gainera, nahi eta nahi ez— ez dugu ikusten inondik sozialismoaren posibletasunik. Ikusiko ez dugun amets bat iruditzen zaiku. Roccard-en mintzaldiak nahiz Krivine-renak entzuten ditugunean, jendeari eragiten ez dion problemaz hitz egiten dutela iruditzen zaiku, Unibertsitatean dauden estudianteek bezalatsu. Izan gaitezen zentzuzko! Ez diogu sozialismoari posibletasunik ikusten.

Ikusten dugun gauza bakarra zera da: P.C.F. (Frantziako Komunista Alderdia), ezkerreko indarren lokarri eta eragile gerta litekeen abanguardia iraultzaile* batekin, ez dela ezeren abanguardia eta bera ere erreformismoan gelditzen dela. Hau izaten da beti aukera bakarra, P.C.F. berak ere ez baitu sinesten sozialismoan, mintzaldietan behin eta berriz baietz badio ere.

Argigarria da Servan Schreiber-en jokabidea, azkeneko hauteskundeetan*. Nahiz eta kapitalismoaren aurpegi berriaren —teknokraziaren— errepresentatzaile izan, orduan esan zuen, lehenago emango zuela bere botoa, bigarren bueltan, P.C.F.ren alde, U.D.R.ren alde baino. Izan ere, beretzat, P.C.F. askoz arrisku guttiagokoa zaio Frantziari (sistemari, jakina) U.D.R. baino.

Gu, nahi eta nahi ez, egoera horretara goaz. Lehenago edo geroago, errenta maila handiagoekin aurkituko gara, gero eta despolitizatze handiagoarekin. Nekazarien, langileen eta estudianteen egonezina eta matxinada* zaletasuna gero eta ametsezkoagoak iruditzen zaizkigu. Zer ondorio atera hemendik? Ez ote dago ezer egiterik? Ez ote du hemen sozialismoa inork nahi? Sozialismoa, langilea goseak hilda bizi denean edo 18 ordu lan egiten duenean bakarrik ote da soluzioa? Desarroilo kapitalistak, mila dolarreko «per capita» errenta mailara heldutakoan, ez ote du kontradiziorik? Gure epaitzeko eskemak ez ote dira pasatuta egongo?

Euskal Herrian egoera horixe berori ikusten dugu. Hemen errenta maila, bere errelatibotasunean (Europarekin konparatzea pentsatu ere egin gabe), nahiko handia da; baina, hala eta guztiz, eten gabeko konfliktua dago. Euskal Herriak lau gerra jasan ditu, eta berriro ere burruka sortzen da. Zein da honen konklusioa?

Euskal Herrian kondizio objetiboak ikaragarriak dira. Hala ere, eraman* duen burrukari ez diogu irtenbiderik ikusten. Azken hamabost urte hauetan izan dena, hemen diren kondizioen espresio bat izan da. Ez irtenbide egoki bat —eta gero eta garbiago ikusten da—, ez problemaren soluzioa, ez irteera duen bide bat, ez amaia ikusten zaion bide bat.

Gogoan hartu eta pentsatu egin behar dugu honetaz. Zintzoak bagara, ondorio horretara helduko gara, edo, guttienez, konklusio horretan zerbait egiazkorik ba dela ikusiko dugu.

Belarrondoko baten ondoren, beste bat. Begien aurrean orma* bat, apur ezin daitekeen orma bat.

Aldaketaren beharra zergatik den eta giza mailen burrukari zer eginkizun dagokion esplikatzea beharrezkoa da.

Aldaketaren beharra, aurrerapena bide razionaletatik zuzentzearen beharra bezala sortzen da.

Teoriak, aldaketaren sustraira irixteko* balio behar du, errealitatean bertan sakontzeko eta gizonaren onerako eta osotasunerako den indar produktiboen aurrerapen razional bati kontra egiten dioten oztopoak aztertzeko.

Horrantz zuzendu behar da, ene eritziz, politikalarien betebeharra. Hori da giltzarria*, ene ustez. Aldaketaren sustrairaino iritxi, historian razionalki parte hartu, eginkizun historikoa ezagutu, ikuspide historiko bat ukan* eta gaur irrazionalki mugitzen den eta lainopean dabilen errealitate hori ezagutu.

Arretaz* begiratzea behintzat merezi duela uste dut.

AURTIZ

daramate, daroe

dio, deutso; dino

diogu, deutsagu

diot, deutsat

diote, deutsoe

zaizkinu, jakuz

zaizkio, jakoz

zaiku, jaku

zaio, jako


Euskal poesiaren erakusketa

Bernat Etxapare (XVI mendekoa)

Hasarratu hintzena* enekin, lagun jaupari* hori, ene erakusketaren lehen partea irakurri huenean? Hilabete bete honetan heure samurtasuna*, heure hasarre pronto eta bidezkoa amatatu* eta iraungi* ote zaik. Kaxka gogorra duk, bai, baina bihotz bigun eztia-darion bat, eta oraingotz neure orduko bekatuxka hura* barkatu dautaala ba diakiat. Argia eta iluna omen gaituk, baina denbora bateko Arlote eta Dotore haik* bezala hain diferente izanik, ezin bizi garateke* bata bestea gabe, eta nonbait, geure zezio* eta errierta* sutsuak baldin baditugu ere, benetan maite diagu elkar.

Ea bada, abia gaitezen berriz ere bidaje atsegingarri eta eder honetan geure poesiaren inguruan. Begira iedazak, nola neure irudipenaren hegaletan esku artean dudan H.G. Wells hark asmatu zituen denbora-makina hoietatik bat. Ezar hadi horko zizelu* horretan, atxeki* gogorrik horko euskarri bortitz* horri, begiak herts* itzak. Nik, giltza eta orratz hauen bitartez, denboraren eta despazioaren* koordinatuak bilatuko ditiat, palanka honetatik tira, eta, bidaje on digula*, begira non gauden orain: 426 urte aurreratu gaituk denboran eta 200 kilometro inguru mugitu gaituk despazioan; 1545. urtean giaudek, eta Nafarroako Donazaharren, Donibane Garazitik Maulera goazela aurki* ahal dezakegun lehen herrian, gure denboran frantsesez Saint-Jean-le-Vieux eritziko* zaiona, eta orain, lau mende* lehenago, Sancti Michaelis Veteris deritzana latinez (dirudienez, jaundone* santu zaharrek alderdi honetan urteekin eta mendeekin izenez aldatzea eta birbataiatzea atsegin diate).

Hemen aurrean dadukaan agure agurgarri hau, hi jaio haizeneko, haragi eta hezur hauts bihurturik egonen duk. Utz* iezadak niri, harekin mintzatzen.

 NIK. Barka nazazu, mosen Bernat, baina zure izena nola esan behar dugu euskaldunok?

 ETXAPAREK. Hire galdera konprenitzen diat. Bai. Neure liburuan hirutan eskribatu diat neure izena, eta hiruretan hiru manera diferentetan: Liburuaren azala eta izenburua latinez jarri diat; beraz, Bernardus Dechepare dieriztak* latinez. Neure ararteko* eta aldezkari on Bernat Leheteri eginikako gutunean, euskaraz idatzi arren, dotore* egiteagatik, manierismoz, Bernard Etxeparekoa jarri nion. Baina euskara klaroan, euskal garbi batez, neure gartzelamenduaren kantuan esan nuen bezala, Bernat Etxapare nauk. Halaxe dieriztak*.

 NIK. Zure ondoan etorriko den beste euskalari bati berdin gertatuko ziaiozu. Hau herejea izanen duzu, baina zuen Jesus Kristoren Ebanjelioa eta Testament Berri guztia translatatuko dizu euskarara. Hau frantsesez Liçarrague esaten zuzun, baina euskaraz Leizarraga. Atzerritar jakintsuren artean eztabaida gogorra izanen duzu. Vinson-ek chauvinismo hutsez frantses forma ematen zizun legezkotzat, baina Dodgson ingelesak eta Schuchardt alemanak euskarakoa defenditzen zizuten. Gezurra zirudizu, euskaldun batzuek, euskaraz eskribatzen dutenean ere, Dechepare eta Liçarrague eskribatzeak. Baina barka ezazu, Euskal Herriko parte honetan, zure ondoan, anitz* euskal idazle egonen dituzu: esandako Leizarraga hori, Axular, Etxeberri biak... Zuek, euskaldun frantsesok, zergatik landu duzue hainbeste gure hizkuntza naturala?

 ETXAPAREK. Ez haizen* ergel, gizon. Ni ez nauk frantses, nafar baizik, edo, hobeki esanda, euskaldun. Nafar jaio ninduan eta nafar hilen nauk. Nafarroa Gaztelari saldu zion nafarra* hil bada ere, Frantziari salduko diona, jaio-berri* diagok. Ai Nafarroaren, Nafarroaren, heure semeek zergatik saldu behar haraukote* atzerriari?

 NIK. Artzapoeta* baino goragoko poetak* ere horrela esan zizun bere italiano ozenaz*: «Benedikatu hintzateke hi ere, Nafarroa, inguratzen hauen mendiaz ezkutatuko bahintz». Ez zuzun ezkutatu; ez dakizu zuk nolako fin gaitza ukanen duen. Baina ene asturua* apaizak hasarra-eraztea dela iruditzen ziaidazu. Gure denboran halako susmo itsusi bat barreiatu* dizute zutzaz, ez zinela hain apaiz prestua izan. Zer diostazu horretaz?

 ETXAPAREK. «Bekatutik libre dagoenak jaurtiki beza lehen harria», esan zian Maisuak. Nik, bai, bekatu egin nian, baina gero neureak eta neure etsaienak* penatu nitian. Aski* pagamendu izanen dela espero diat. Baina orain ene pentsamenduak Jainkoari dioazkiok; ene Judizio Jeneralaren zenbait kopla entzuk*. Hark...

Manamendu igorten du, — mundu guztietatik

jende oro bat dakion — Josafaten bildurik,

inon ere inor ere — eskapatu gaberik.

Zeru eta lur guztia — daude ikaraturik.

 NIK. «Igorri» eta bidali bat dituzu. Ez dea*?

ETXAPAREK. Bai. eta «oro», guztia bezalakoa.

Gure artean hau dakusat — Itsutasun handia,

nola dugun zerbitzatzen — hainbat gure etsaia;

Jangoikoa deskonozi — geure salbatzailea,

eta orok ezagutzen, — dela bidegabea.

 NIK. Hain euskara bikainik ez dizute ene belarriok inoiz aditu. «Bikainik» esan duta*? Bakanik esan nahi ukan nizun. Zer arraio ote da «deskonozitu»?

 ETXAPAREK. Hire herrian ez dea* egiten euskaraz? Ez dela aitortzen, ukatu egiten dela.

Anitz gauza behar dira — judizio handian:

Jujeak duen potestate — parte ororen gainean,

demandantak esan dezan — bere kausa egiaz,

bai eta ere defendentak — bere defentsioa.

 NIK. Honekin hau esan nahi ukan duzu, judizio edo hauzi batean juezak (jujeak) agintaritza (potestate) eduki dezala parteen gainetik. Demandanta fiskala duzu, eta defendenta abokatua, ez dea? Oso euskara zaharra duzu zurea.

 ETXAPAREK. Ez inola ere; hirea baino laurehun urte gazteago duk. Baina noan aitzina*:

Non dirate egun hartan — hemengo jaun erregeak,

duke, konde, markes, zaldun — eta beste jaun nobleak,

eta haien harmadako — gizon sendoen balentiak?

Ordu hartan baliako — guti haien potentziak.

Jurista eta teologo — poeta eta doktoreak,

prokurador', abokatu — uje eta notariak:

Ordu hartan ageriko — klarki haien maliziak,

eta guti baliako — kautela eta parleriak.

Aita Santu, kardinale — apaiz eta prelatuak...

 NIK. Bai, non dirateke, non egonen dira orduan boteretsuak, aberatsak, jakintsuak, burjesak, kapitalistak, esplotatzaileak?

 ETXAPAREK. Adi ezak:

...eta berdin juzgatuko — handia eta xipia.

 NIK. Bizirik haiek ez bazituzten zizare* berberak jan, batzuek fruta usteletako zizareak eta besteek Aginagako zizareak jan bazituzten, hilda gero, janak izan daitezela zizare berberen aspergaiztasunaz!

 ETXAPAREK.

Eta lurra izugarri — oro ikaraturik,

zuhamuek dakartela — odolezko izerdi;

tenpestatez, igortziriz* — aire oro samurrik*,

mendi eta harri oro — elkar zatikaturik.

 NIK. «Zuhamuak», arbolak direa?

 ETXAPAREK. Bai, zuhaitzak.

Dagoenean jende oro — aitzinean bildurik,

jauginen da rigoroski — santuekin zerutik.

Bekatoreei eginen die — arrangura* handirik;

haren hitzak ezarriko — oro erdiraturik*.

 NIK. «Jaugin» zer da?

 ETXAPAREK. «Jin» elearen* forma luzea: etorri, heldu.

Handik hara, ez da izanen — bi erretatu* baizik:

Damnatuak ifernuan — beti dolorerekin,

salbatuak Jainkoarekin — beti alegeraki;

Jangoikoak dagiela — gure partea hoiekin.

 NIK. Hala gerta dakizuela.

 ETXAPAREK. Nik hala deseo diat neuretzat.

Zerua ez da ibiliko — handik hara jagoitik*;

eguzkia egonen da — Orienten geldirik,

ilargia Okzidenten — begiz begi jarririk.

Egun honek iraunen du — hemen eta jagoitik.

 NIK. Poto* egin duzu, baina nork edukiko luke halako egun bat, atsegin nahiz atsekaberik gabekoa!

 ETXAPAREK. Izan litekek, bai, zuen denboretan dioana gertatuko litzatekeenik. Baina, bestek esanda, ba diakiat kontzilioetan gertatua. Ni kontzilioen aurrekoa nauk, Trentokoa baino aurreragokoa, eta gu, ez bakarrik kontzilioen artekoak baino, bai eta bi kontzilioen ondokoak baino ere kristauagoak gaituk. Bekatuak ditugunean, publikoki gogoz konfesatu eta hitzez aitortzen ditiagu. Hola egin diat neuk neure liburuan, lehen euskal liburuan, hamaika bertso-bildumatan: Amorosen gaztigua, Emazteen fabore, Ezkonduen koplak, Amoros sekretuki dena, Amorosen partitzea, Amoros jelosia, Potaren galdatzea, Amorez errekeritzea, Amorosen disputa, Ordu galtzarekin horrat zakitzat eta Amore gogorraren despita. Orain ene disputatik zenbait kopla entzun itzazue. Zenbait hitz zuen euskara mordoilokoak ez badira. Eibartar jator batek esanen lukeen bezala, izorra* zaitezte eta euskaraz ikas.

Damak

Amoreak*: Otoi, — parti* gaitezen,

jendeak diradela — hasi bekaizten.

Laidook* hartu gabe — geldi gaitezen,

jendeen irrigarri — gerta ez gaiten.

Bekatu honetan — hilen bagina,

Damnatu lukezu — ene arima.

Ez zaitela engoitik* — nitan engana,

niri forogurik* — ez didazula.

Galaiak

Nola diostazu — horlako hitza?

Beti dadukazu — tema bortitza*.

Joan* darautazu — lehen bihotza,

gero gatibatu — neure gorputza.

Damak

Pitxer ibilia — hautsi dihoazu*.

Zuk ni laido* handiz — beteko nauzu.

Otoizten natzaitzu, — niri uztazu.

Nitzaz atseginik — ezin dukezu.

GALAIAK

Jainko-beldurturik — jarri zarea*?

Hala despeditu — nahi nauzua*?

Hemendik joan gabe — ene burua,

egin behar duzu — ene nahia.

Damak

Orain egin duzu — nahi duzuna.

Eman darautazu — ahalgeizuna*.

Madarikatzen dut — neure fortuna,

zeren jin bainendin* — egun* zugana.

GALAIAK

Amore*, ez zaitela — orain despara*.

Honat begitartez — itzul zakitzat*.

Ni baitan dukezu — adiskide bat.

Balia dikezut — senar gaixto bat.

Bai, hoik ziren ene bekatuak, eta batere lotsarik gabe aitortzen ditut. Eta bekatuok, eta beste batzuk, eta are* gainera eneak izan ez diren beste anitz* ere, ongi pagatuak eta ordainduak ditut. Zeren, «Mosen Bernat honek jakin banu gauza nola jinen* zen, Biarnora gabetarik* egon ahal nintzaden». Eta orain entzunen duzuena, bai, hau da euskara, eta ez zuen denbora baino lehen Lizardik, Orixek, Agirrek eta gainerakoek erakutsiko dautzuetena:

Jaun erregek mezu* nenzan*, — joan nenkion bertatik*.

Gaitzez legoela entzun nuen, — baina nik ez hogenik.

Izterbegiei* ez neien — malizian lekurik,

joan nendin*, ez negien — hogen gabe ihesik.

Balinetan* joan ez banintz, — hogenduru* nintzaten.

Ene kontra faltseria — beti sinetsi zaten.

Justizian entzun banintz, — sarri* jalki* nintzaten.

Haren faltaz hasi nauzu — jaugiteaz dalutzen.

Faltsu testimoniotik — ezin inor begira.

Hala kondenatu zuten — Jainkoa ere hiltzera.

Bekatore gara eta — mira ez dakigula,

balinetan bide gabe — akusatu bagara.

Jangoikoa, zuk begira — etsaiaren menetik.

Nik eneak ba dakuskit* — ene gaitzaz bozturik.

Zure eskuaz dakuskidan — haiek gaztigaturik,

ene gainean ez dagiten — uste duten irririk.

Beraz batzuk hil dirade,  — ni are*nago bizirik,

ongi egin uste baitut — ohorezki jalkirik*.

Gaitza nola ona ere — jauginen* da bertatik.

Gaitz ikusi ez duenak — ona zer den ez daki.

Mosen Bernat, pentsa ezak,  — gartzel' hori gaitz bada,

nonbait ere ifernua — are gaitzago dela.

Hemen hik ba dukek, baina — haiek ez nork kontsola.

Penak hemen fin dik sarri*; — haienak ez sekulan.

Libertatea nola baita — gauzetan hoberena,

gatibutan egotea — hala pena gaitzena.

Ni bezala ez dadila, — otoi, inor engana,

ez eta ere hitz orotan — fida ere gizona.

Baina ez ezazue inola ere pentsa, mundu honetan bakarrik haragizko atsegina eta hezurrezko atsekabea ukan dudala. Nik ere euskararekin zenbait entretenigarri ukan dut. Ikus eta entzun:

 Euskara: Jalki hadi kanpora.

 Euskara: Jalki hadi plazara.

 Euskara: Jalki hadi mundura.

 Euskara: Jalki hadi dantzara.

 Euskara: Habil

 kanpo,

 plaza,

 dantza

 eta

 mundu

 guztira.

GABRIEL ARESTI

1. Komunzki* erabiltzen diren aditz formak

beza, bei

dadukak, daukak

daude, dagoz

dautak, deustak, didak

dautzuete, deutsuee, dizuete

dezala, daiala

dio, deutso

diok, dinok

ezak, eik

ezazu, eizu

iedazak, eidak, ezaidak

itzak, eizak

itzazue, eizuez

nazazu, naizu

nion, neutson

zaik, jak

zaio, jako

zion, eutson

2. Hiketazko aditz formak

diagok, dago

diagu, dogu

diakiat, dakit

diat, dot

diate, dabe, dute

dik, dau

dioazkiok, doakioz, doazkio

ditiagu, ditugu

ditiat, ditut

duk, da

gaituk, gara

giaudek, gagoz, gaude

nian, neban, nuen

ninduan, nintzen

nitian, nituan

zian, eban, zuen

3. Zuketazko aditz formak

dituzu, dira

dizu, dau, du

dizute, dabe, dute

duzu, da

lukezu, litzateke

nizun, neban, nuen

ziaidazu, jat, zait

ziaiozu, jako, zaio

zirudizu, dirudi

zizun, eban, zuen

zizuten, eben, zuten

zuzun, zan, zen

 Oharra: Euskaldun irakurle, Arestiren idazlan hau irakurri ondoren, ikus ezazu Larresororen «Sustrai Bila», 118; eta kontura zaitez, euskararen etorkizunerako, Lapurdiko aditz sistemak duen abantailaz.


Liburu berria "Lau gartzelak"

Jende artean marmara* zebilen aspaldi honetan LUR editorialaren etenaldi horretaz; eta askok galde egin zuten ea zergatik, lehen bezala, ez zen aurtengo lehen hilabeteotan libururik atera. Suskriptoreek, garaiz, editorialaren gutun* bat jaso zuten, horren kausak argituaz. Hala ere, ba zegoen gogo nabaria*, aurtengo lehen liburua nolakoa izanen zen jakiteko.

Azkenez liburu hori agertu da: «Lau gartzelak», egilea Nazim Hikmet, Turkiako poeta famatua, delarik.

Famatua esan dugu; baina, egiaz mintzatzeko, Arantxa Urretavizcayak, hitzaurre gisa*, egindako sarrera bikain hori irakurri arte, ez genekien nor zen Hikmet. Baina hain zuzen ere, horrexegatik ere, famatua dela diogu, guk oraintsu arte ezagutu ez arren. Argiro dago, mundu honetan, toki askotan behintzat, poeta, idazle eta artista askok merezi duten baino fama eta ospe ttipiago bat hartzen dutela, fama emateko tresnak boteretsuen* eskuetan daudelako.

«Papillon»ek, inondik ere idazle ona izan ez arren, ohi ez zen bezalako entzutea lortu du lauzpabost egunetan, horrexegatik, boteretsuei minik ematen ez dielako. Nazimek, ordea, egia garratzak esaten zituen, poesia harma eta burruka tresna bezala zerabilen; hortik ukan* zuen pagua: bat, bi, hiru lau... gartzela.

Turkiako gobernu diktatoriala, Nazim herbestera hiltzera jaurtikita gero, ongi saiatua da, Turkiako poetarik nabarmenena ezkuterazteko*. Eta ia lortua zuen. Alderdi honetatik eskertzekoa da, beraz*, LUR editorialak eskaintzen daukun liburu hau, beroni esker Hikmet nor zen eta nolakoa zen jakiteko era* eduki baitugu.

Poesien itzulpena Gabriel Arestik egin du. Ez da oraingo hau, Arestik poesia arloan egin duen lehenbiziko itzultzaldia, ez eta, agian*, azkena ere. Saiatua den aldetik, Gabrielek poliki euskaratu du textua. Itzulpen lanetan egon ohi diren oztopo guztiak gaindi* ezinak izan arren, lan bikain bat egin duela esan daiteke. Hala ere, nik uste, zenbait* tokitan hitzen aldetik pertsonalegi agertu da; baina berau, hizkuntza guztiz batua ez dugunez gero, oraingoz oso bekattu barkagarria da. Halako zerbait aipa daiteke, J. M. Agirrek Camus-en «Arrotza» izeneko nobela euskaratu berrian ere. Baina utz ditzagun loreak eta azalak, eta gakizkion* mamiari.

Nazimen poesia, hasiera batean arrotz egiten zaiku, estrainio xamar. Hitz guztiak aditu, bai; baina loturak, maiz* askotan, oso arraroak izaten dira. Hala ere, irakurlea laster jabetzen da hitz joko eta itxurazko nahaspilaren esanguraz*. Adierazpen latz, mingarri eta odola darion bat, Nazimen bizitza bera bezalakoxea. Oso liburu egoki deritzogu honi, 1971.eko editorial programazio bati hasiera emateko. Ea urte osoan bide beretik ibiltzen segitzen duten.

Azala eta presentazioa, LUR-ek orain arte ekarri duen famari jarraikirik, oso atseginak. Akats bat; 12-13 orrialdeetan inprentakoek lerro aldaketa nahaspilatu nabari* bat egin dute. Ea hurrengoan begi gehiago dagoen!

PATXI URTIAGA

dauku, deusku, digu

die, deutse

zaiku, jaku


Bertsolari txapelketa

Lau urte luzeko isiltasun baten ondotik, Euskalzaindiak aurten bertsolari txapelketa bat eratzea erabaki du. Eta ondo deritzagun erabaki horri buruz zertxobait esan nahi dugu.

Donostian Lasarte bertsolariari egin berri den omenaldian, bertsolari denak oso ondo aritu* ziren; eta, zenbaiten* iduriz, hori gertatu zen, bertsolariek, neurketa baten larritasunik gabe, lasai lasai abestu zutelako.

***

Beharbada, ez dugu ezetzik esaten. Batez ere txapelketa edo neurketa batean, bertsolariak asko larritzen direla ez dago zalantzarik*.

Baina, halaz eta guzti, guk okasio honetaz baliatu nahi dugu, askotan esan duguna berrizteko, hau da, beste gai denetan —olerki, antzerki nahiz kirola— neurketak beharrezkoak diren eran, berdin berdin bertsolarien artean ere neurketak beharrezkoak direla, bertsolari giroa herrian sortu, indartu eta gordetzeko.

Egun hoietan Basarri kexu zen, bertsolari gazterik ikusten ez duelako; eta arrazoi osoarekin esaten du: «Gazteen artean neurketak antolatzea komeni duk».

***

Bertsolari batzuk ez dira eritzi horretako, batez ere gol mailan aurkitzen direnak. Ikusi dugulako esaten dugu. Arrazoi batengatik edo besterengatik ez dira neurketa zale.

Baina ezin uka litekeena da, beste edozein saioketak sortzen ez duen kezka eta giroa sortzen duela entzuleengan neurketa batek.

Irabazle nor izango den zalantza horrek zaletasun haundia pizten du; batzuetan gehiegi, Donostian ikusi izan den bezala.

Horretaz gainera, bertsolariek ulertu behar duten beste arrazoi bat ere: Atzetik datozenek goi mailara irixteko* eskubidea dadukatela, eta horretarako ez dagoela txapelketa beste biderik.

***

Bestalde, bertsolarien larritasuna apaltzeko, gauza bat esango dugu: Txapeldun izan edo ez, herriak ondo ezagutzen dituela goi mailako bertsolariak, eta hauek, egun batez maila bat jaitsiagatik*, ez dutela horregatik herriaren estimazioa galtzen.

Nork uka lezake, esate baterako, nahiz txapela galdu, Basarri, betiko denboretan ezagutu den goi goiko bertsolaririk bikainenetako bat bezala jotzen duela herriak? Bertsolari honekin guk pena bat dadukagu: bota litzakeen bertsorik unkigarrienak* kolkoan gordeta daduzkala. Eta denok dakikegu* zergatik.

Nork uka lezake ere, nahiz txapeldun izatera iritxi* ez, herriak, Euskal Herrian ezagutu den bertsolaririk haundienetako bat bezala dadukala Xalbador? Ez al dio, behin baino gehiagotan maitasunarekin batera, nagusitasun hori ezagutu?

***

Denok dakigu, egunak eta aldarteak* ez direla berdinak bertsolarientzat, eta egun bateko neurketa hutsa ez dela nahikoa, bertsolari bat epaitzeko.

Horregatik, nahiz egun batez mailaz jaitsi*, herriak ez dio ez nagusitasuna ukatuko, ez eta estimaziorik ere kenduko.

Adibidez, egun hoietan ikusi dugu exenplu egoki bat: Lasarte ez da behin ere, gure ustez, txapeldun izan; baina herriak ongixko* erakutsi dio bere onginahia, Donostian egin zaion harrera* ederrarekin.

Beste exenplu bat: Neurketetan, Mattinen aurretik gelditutako bertsolariak ba ziren Astoria antzokian*; baina, heldu* den urtean egingo den omenaldirako, entzuleek bera aukeratu zuten, txapelketetan «zenbatgarren» gelditu zen jaramonik egin gabe.

***

Honekin esan nahi dugu, bertsolariek ez dietela muzin* egin behar, sor* litezkeen neurketei, adibidez, orain Euskalzaindiak eratu nahi duenari.

Baina nola antola*, herriak eta bertsolariek onar* lezaketen txapelketa bat?

Hori besterik da!

HERNANDORENA

lezakete, leikee

litezke, leitekez

litzake, leikez, lezazke

diete, deutsee

dio, deutso

lezake, leike


Iparraldeko idazleei

Euskararen batasuna oso aurreraturik dabil. Neke eta izerdi guti ez da faltatu, alafede*! Baina, balio duten gauzak egiteko, honetara jokatu behar da, lan haundiaz.

Azken puntutxo batzuk falta izan arren, batasunaren bidea, guti gora behera, argiro ikus daiteke nondik doan. Euskara batua Lapurdiko eta Nafarroako euskara bera dela esan dezakegu, Gipuzkoak eta Bizkaiak emandako aberastasun ugariekin hornitua. Hizkuntzaren batasunak, hain zuzen ere, euskaldun arteko bihotz batasuna nahi du, Herri batasuna, espirituz behintzat. Apurka apurka den dena erdietsiaz* doa. Zorionean.

Bizkaiko eta Gipuzkoako idazle gehienek, borondate onez eta bihotzez, euskara batua hartu dute, eta, beren euskalkietakoak izan ez arren, hainbat hitz eta esaldi sartzen dituzte beren lanetan, bai eta aditz* batua ere.

Memento* honetan, ba dirudi, euskaldunon kontzientziak uko egiten diola, Euskal Herriaren onean, bizkaitar, arabar, nafar edo gipuzkoar izateari, eta inportantzia guztia ematen, ordea*, euskaldun izateari. Laster, euskaldunok ez gara gehiago probintziar sentituko, euskaldun euskaldun baizik.

Baina Hegoaldekoon aldetik hainbat adore* ikusi arren, ba dirudi, Iparraldeko batzuek ez dutela batasunaren kezka nabariegi* sentitzen, zeren* ez baitute inongo erregelarik betetzen, probintzialismo edo kantonamendukeria batean eroririk*.

Uste dugu, ez dela zilegi*, bertako kazetetan* idazten diren hitzak eta aditz formak idaztea. Ez, bertakoak direlako, ez; baizik eta aurreko eta oraingo literatur tradizio guztiaren kontra doazelako. Axular, Leizarraga edo Etxeberri Sarakoa irakurri eta oraingo HERRIA irakurri, eta lasterki dakusagu* nolako diferentzia dagoen. Axular eta Etxeberri euskaldunagoak ziren; hitzetan eta aditzean gugandik hurbilago. HERRIA, batzuetan, frantsestuagoa dela dirudi.

Hona hemen kasu batzuk:

Kultur hitzen ortografia, euskaldun gehienon kaltetan, eta frantses hizkuntzaren fonetikari kasu handiegi eginaz, itsustu* eta aldatu egiten dute askok; esate baterako: zozializta. Pakiztan, komunizta, Izrael, zenatur... Jaunak, hau ez dago ongi, zeren* euskaraz beti idatzi eta esan baita: sozialista, Pakistan, komunista, Israel, senatore... Z hoik* gaizki jarrita daude; eta, froga* bezala, ikus ezazue 1971.eko apirilaren 1-eko HERRIA, 7. orrialdean, G. E. jaunak nola jarri duen Sarasola izena: Zarazola. Hori ezin daiteke permiti, ez baita* euskara, frantseskeria bat baizik.

Bestetik ere, hitzak, maiz* askotan, itxuraldatzen dituzte, bat-ere tradiziorik gabeko formak jarriaz, hala nola: Abendo, soldado, aboztu, aphirila, zoin, hogoi, eskualdun, eskuara, Eskual Herria, zauku, ditake, ditaike, litake, zaizku, dauzku, ditutzu, niz, zizte, gire, dazkote, ginuen, gagozi, doatzi... Zuen eta gure klasikoek ez dituzte gauzak sekula honela idatzi. Hobe duzue, eta guk ere hobe dugu, klasikoaren eta batasunaren izenean, forma hoik* gabe, abendu, soldadu, abuztu, apirila, zein hogei, euskaldun, euskara, Euskal Herria, zaiku, daiteke, liteke, zaizkigu, dauzkigu, dituzu, naiz, zarete, gara, dizkiote, genuen, gaude, doaz eta abar idaztea. Ba dakigu, jendeak hor zenbait* tokitan horrela esaten duela; baina forma hoik ez dira zuzenak ez jatorrak. Gainera, diferentzia haundia ez delarik, laster ohituko da jendea forma jatorrago hoietara.

Deklinazioak oso ondo darabiltzazue, datiboetan izan ezik. Klasikoei jarraikirik, hobe litzateke, gizoneri edo gizoner gabe, gizonei idaztea, datibo plurala beti -ei eginaz. Eta aitarendako idatzi gabe, aitarentzako hobe. Bizkaian ere, zenbait tokitan, -rendako esan arren, ia guztiek -rentzako idazten dute.

Diminutiboak gehiegi usatuk dira (Bakaian bezala, noski*); beraz, hobe litzateke neska, neskato, komunista, poliki, zahar idaztea normalki, eta nexka, nexkato, komunixta, polliki, xahar eta honelagoak maitasuna edo ttipitasuna adierazteko.

Frantsesetik oraintsu etorritako hitz asko baztertu beharko lirateke, euskerazko ordain jatorrak daudenean; esate baterako, erreusitu gabe, lortu, edo erdietsi, paia gabe, orrialde.

Beste hitz batzuetan (bertze, bortz, ortzegun...) ez legoke gaizki, pittinka pittinka gure modura (beste, bost, ostegun...) idazten hasiko bazinete, hizkuntzaren eboluzioak horretara baitaramatza*; gainera, Zuberoan eta beste zenbait tokitan horrelaxe esaten dira.

Honelako pauso batek asko eta asko erraztuko lieke bertoko euskaldunei zuen kazetak* irakurtzea, eta batasuna hobeki eta erraxagoki sartuko litzateke. ANAITASUNAk hainbat eta hainbat hitz eta aditz forma ezartzen ditu horkoak direnak; ez duzue zuek ere, pixkana pixkana bederen*, gure faborez, beste horrenbeste eginen? Baiezkoan gaude. Ea, bada!

XABIER KINTANA

daude, dagoz

dezakegu, daikegu

dio, deutso

ezazue, eizue

gaude, gagoz

lieke, leuskioe


«The Beatles» kantarien etendura

Gure artean, eta itxura guztien arauera*, ez da haizu*, The Beatles kantariak aipatzea. Horretarako, ausartzia* behar da! Izan ere itsusia da nonbait, zentzua duen batek bitxikeria snobista hoietaz axolatzea*. Gauza inportanteagorik ez balego bezala! The Beatles hoik zer dira, ba, kalakari* zoro batzuk baizik?

Egia besterik da, ordea*, ene ustez; eta hori aitortzen ez naiz lotsa.

The Beatles —eta ezin daiteke hau inola ere uka— azken urteotako fenomenurik garrantzitsuenetarikoa da. Gure artean, hala ere, garrantzi hori zein funtsezko* den ez dakit behar beste konturatu ote garen.

Musika arinaren aldetik, The Beatles-en aportazioa denetan inportanteena da. Horretan ez da dudarik. The Beatles-ek markatu dute azken bolada* guztia. Horretan ere ez da dudarik.

Bestalde, The Beatles izan dira gure garaiko gazteriaren oihartzun* eta ahots*, ispilu eta lekuko*. Kultura berriaren gidari bilakatu* dira. Eta horretan da haien arraskastaren* gakoa*.

Haien eztarrietatik gu geu mintzo ginen, eta bat gentozen osotara. Horregatik diegu gorazarre* egiten. Haien kanta ukigarrietan* geure amets asko aurkitzen dugu oraindik ere!

Nork uka, beraz, The Beatles-en eragin sakona?

Gure adiskideen kanta produzio harrigarria hitz bitara bildu* nahi izanez gero, mundu berri bat kantatzen dutela esango nuke nik: amodioa, hots*, etorkizuneko paradisua. Paradisu horretan sartu ahal izateko,

 «amodioa behar duk bakarrik

 amodioa behar duk bakarrik

 amodioa behar duk bakarrik

 amodioa

 amodioa

 amodioa

 ta amodioa bakar bakarrik».

Horra hor, azken finean, gure adiskideen mezuaren* funtsa*, kanta ezagun batean bildurik.

George-k bultzaturik, Indiara jo eta hemen biziaren sakontasuna bilatzen saiatzen dira. Eta ez zait hau batere xelebrekeriarik iruditzen; zeren*, Indiara jo behar hori, lehenxeago edo geroxeago, guztioi etorriko baitzaiku. Ene ustez, Ekialdeko* jakituriarekiko zaletasun horrek neurtzen du gehienbat The Beatles-en gizatasun maila. Budismoaren alde egotea, nik uste, goratasunaren seinale da.

Baina Paul arras* mendebaldar* izanik, ezin zitekeen inola ere John eta George-rekin bat etor. 1970. urtearen azkenetan haserretu egiten dira. Taldea hautsia da. Paul alde batetik, John eta George bestetik, etendura* guztizkoa obratu da. Eta nik diot: Mendebaldea* eta Ekialdea ezin adiskide izan daitezkeenez gero, ez dugu hortik bilatu beharko Paul eta beronen lagunen bereizketaren gakoa?

Ez dut nik Paul erdeinatuko*, ordea. Ez da hain itsua, eta ba daki gaurko joeren berri. Paulen arauera* —eta ni bat nator berarekin, beste artikulu batean hemen azaldu dudanez— hippismoa da gure egunotako fenomenu nagusia. Hippiei esker, gizarte mota hau pikutara joanen da halako batean. Beharbada urrun dago hori oraindik; baina horretarantz ari gara, eta egunen batean oraingo zibilizazioaren hondamendia obratuko da.

Hala izan dadila, Paul!

Ohore zuei, John eta George!

Agur, The Beatles. Eta eskerrik asko, adiskideok!

JOHANES ZUHATSUKO

daitezke, daitekez

diegu, deutsegu

zaiku, jaku, zaigu

zitekeen, eiteken


Atzera ezin jo

Grina txarrak ditugu gizonok. Ez baikara burdinazkoak; hezur eta haragizkoak baizik. Bai eta nahimen bat ere ba dugu. Baina grina txarrak gizonaren jabe egiten baldin badira, gizon hori galdua da. Nahimena giltzapean sartu du, eta ez dio haren deiari jaramonik eginen.

Nahimenaren giltzaperatze hau, ordea*, ez da bat batean gertatzen dena. Grinak doi* doi jabetzen dira gizonaz. Jokalariak, adibidez, hasieran, aldian behin egin ohi du apustua. Gero maizago*; eta, azkenik, egunero du apustuaren beharra.

Mozkorra ere berdin. Zertxobait bakarrik edaten du lehendabizi, egarria kentzeko; eta zertxobait hori emeki* emeki joanen zaio zerbait, pizka bat, asko eta puska bat bihurtzen.

Hala ere, grina batetik bestera ba dago aldea. Jokalaria bere hondasunen kaltetan ari da. Alkoholak, berriz, hondasun eta osasunaren desegitea dakarkio mozkorrari.

Bestalde, ez da onartzekoa, akats hauk* dituenaren ganako gure jokabide makurra. Esate baterako, bere burua zutik eduki ezinik, gizon bat kalean ertz batetik bestera doala ikusten dugunean, farra* egiten diogu. Bai eta, bere ohitura gaiztoa baztertu nahiz, mosto eskatzen duenean ere. Alegia*, mosto eskatu eta guk farra egiten diogu, alkoholik edaten ez duelako; eta, gu baino hogei bider gehiago edan eta horditua* dagoenean, orduan ere bai, orduan ere farra. Gizartearen txarra!

New Yorken, azken mailara iritxi* diren mozkorrak leku berezi batera* biltzen dira. Kale batzuek osatzen dute toki hori, eta «The Point of no Return» deritza. Atzera jo ezin daitekeen tokia, alegia.

Elefanteak, heriotza ordua hurbiltzen* zaienean, hilerrira inguratzen diren antzera, alkoholak erabat* jotako gizonak bazter hartara joaten dira.

Beste batzuk* (ez mozkorrak segurki) munduko diamanterik onenetakoak erostera doaz «The Point of no Return» auzora. Diamante saltoki famatu bat baitago hantxe.

Igande goizetan, saltokiak hitxirik egoten dira, eta jendea lo edo «week end» delakoa pasatzera hiriko zaratatik ihes eginda. Hordi* porrokatuak, ez. Haik*, kaleko atarietan eseri* edo etzanda egon ohi dira, boteila alboan dutela. Kalean edan (jan ezin esango dugu) eta kalean lo egiten dute.

Hertzainek*, sendatzeko gai direnak jasotzen dituzte gaixotegietara; baina besteak, sendatu ezinezkoak, han gelditzen dira karrika* erdian, heriotza ordua etorri arte.

Zurrutak kutsatuak*, berrogei bat urtekoak dira gehienak. Aurpegiaren morea eta eskuetako dardara nabarmentzen zaie guztiei. Atzera-aurrera dabilen jendeari eskua luzatzen diote, limosna eske. Moskatel izeneko edaria erosteko nahi dute dirua. Puerto Ricotik ekartzen duten edari merke bat. Ozpina* baino txarragoa; baina alkohola daduka, eta gizon errukarri haientzat behar beharrezko mana zoragarria da.

Noiz behinka, lurrean etzanda, gorputza bihurrituta, astoak garagarrak* irabazten bezala, bereak eta bi ikusten soma* daiteke gizagaixo haietako bat, gibeleko minak eraginda.

Beraz*, azken maila horretara ez irixtearren*, mosto eskatzen dutenei, ez diezegun farrarik egin; lagundu baizik. Eta ez txikerdi bat bera ere eskaini, «batek ez dauk* kalterik egingo» esanez. Ez baita* egia. Zeren*, lendabizikoak bigarrena eta beste asko dakartza ondoren, alkoholkeria, grina ezezik, gaitz bat delako.

IÑAKI AZKUNE

dakartza, dakaz, dakarzki

diezegun, deioegun, dezaiegun

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

zaie, jake

zaio, jako


Ikasi zeure hizkuntza

Hiztegia

 Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ABELGORRI, ganado vacuno.

ADIN, edade.

ADITZ, verbo.

ADORE, kemen, ánimo.

ADOS, konforme.

AGER, agertu (inperatibo, subjuntibo eta potentzialetan).

AGIAN, nonbait, probablemente, seguramente.

AGIRI, documento.

AGURAIN, Salvatierra.

AHALGEIZUN, infamia, deshonra.

AHOTS, voz.

AHULEZIA, makaltasun, deficiencia.

AINTZINA, aurrera.

AINTZIRA, pantano, laguna.

ALABAINA, hala ere.

ALAFEDE, a fe mía!

ALDARTE, humor, disposición.

ALEGIA, esto es, es decir.

ALOGER, jornal.

AMATATU, itzali, iraungi, apagar.

AMORE, querida, amante.

ANAIARTE, hermandad. Arabako errixkek elkarren artean egiten eben erakunde* politikoa.

ANITZ, asko.

ANTOLA, antolatu (aditz* laguntzaile gabeko galderetan).

ANTZOKI, teatro.

ARARTEKO, bitarteko, mediador.

ARAUERA, según, conforme a.

ARE, oraindik.

AREATZA, Villaro.

ARITU, ari izan, jardun.

ARLO, sail.

ARO, edad, época.

ARRAKASTA, éxito.

ARRANGURA, recriminación.

ARRAS, guztiz.

ARRETA, ardura, detenimiento.

ARTZAPOETA, archipoeta.

ASKI, nahiko.

ASPERGAIZTASUN, insaciabilidad, incansabilidad.

ASTRAPALA, kalapita, alboroto.

ASTURU, suerte, destino.

ATSOTITZ, refrán.

ATXEKI, eutsi, oratu.

AURKI, aurkitu (potentzialetan).

AUSART, atrevido, valiente.

AUSARTZIA, osadía, valentía.

AXOLATU, arduratu.

AZOKA, feria, merkatu.

BAINENDIN, bainintzen, nintzen eta (arkaismoa).

BAITA, bait da, da ta.

BAITARAMATZA, bait daramatza (daramazki ta, daroaz eta).

BAITEZPADAKO, beharbeharrezko, derrigorrezko.

BALDIN (ETA), kondizioa indartzeko berba.

BALINETAN, tal vez, acaso.

BARREIATU, zabaldu, esparcir.

BATERA, ikus «Sustrai Bila», 149.

BATZORDE, comisión.

BATZUK, zenbait (batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, gutienez, behinik behin.

BEGIRALE, monitor.

BEHINEN, principal.

BELAUNALDI, generación.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREZIKI, batez ere.

BERTATIK, inmediatamente, pronto.

BIDE, agian, nonbait.

BIDEGABE, injusto.

BILAKATU, bihurtu.

BILDU, batu.

BOKART, antxoba.

BOLADA, unada, período de tiempo.

BORDELE, Burdeos.

BORTIZKI, indartsu, poderosamente.

BORTITZ, indartsu, sendo.

BOTERETSU, poderoso.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSKIT, ikusten ditut.

DATZA, está, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DAUK deusk (deua), dik. (Ikus «Sustrai Bila», 118).

DEA, da + a. (Azken letra hau aditzari* ezartzen zaio galderetan).

DESPARA, desparatu, desesperar.

DESPAZIO, espacio.

DIERIZTAK, derizt, erizten zait, me llamo.

DIGULA, eman diezagula, emon deiskula.

DIHOAZU, doa, suele.

DOI DOI, justo, apenas, poco a poco.

DOTORE, elegante.

DUTA, dut + a (azken letra hau aditzari* ezartzen zaio galderetan).

EGITURA, estructura.

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

ELE, hitz, berba.

EMEKI, geldiro.

ENGOITIK, aurrerantzean, oraindik aurrera.

ENTZUK, entzun ezak, entzun eik.

ERA, ereti, abagadune, parada, ocasión.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, estructura, institución.

ERAMAN, eroan.

ERDEINATU, despreciar.

ERDIETSI, ardietsi, lortu.

ERDIRATU, partirse de dolor.

ERITZI, deitu.

ERORI, jausi.

EROSO, cómodo.

ERRETATU, estado.

ERRIERTA, zezio, disputa.

ESANGURA, esannahi.

ESERI, jarri, jezarri.

ESKUALDE, comarca.

ETENDURA, rotura.

ETSAI, arerio, enemigo.

EZKUTERAZI, ezkuta erazi, ezkuta eragin.

FARRA, barre algara, burla.

FOROGU, froga, proba, prueba.

FRANGO, franko, asko.

FROGA, prueba, demostración.

FUNTS, meollo.

FUNTSEZKO, importante en el fondo.

GABETARIK, gabe, barik.

GAINDI, gainditu, superar.

GAKIZKION, gakiozen, ekin deiogun.

GAKO, giltza, clave.

GALDE, galdera, itaun, pregunta.

GANORA, kanore, habilidad, destreza.

GARAGARRAK IRABAZI, ganarse la cebada, dar corcovos tumbándose de espaldas en tierra.

GARATEKE, gara nonbait.

GAZTELANIA, Gaztelako hizkuntza.

GILTZARRI, piedra última que cierra un arco.

GISA, legez, bezala, a guisa de.

GORAZARRE, elogio.

GUTUN, eskutitz, carta.

HAGINZORROTZ, rayado, listado (pez).

HAIK, hareek (haiek aktibo, haik pasibo).

HAIZEN, izan hadi.

HAIZU, permitido, lícito.

HARAN, valle.

HARAUKOTE, hautsoe (haue hari, haute hari).

HARRERA, acogida.

HARROBI, cantera.

HAUK, honeek (hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTESKUNDE, bozketa, elecciones.

HEGALABUR, cimarrón (pez).

HEIN, medida, proporción.

HELBURU, xede, fin, objetivo.

HELDU, helduko, próximo.

HERTS, hertsi, hetsi, hitxi, cerrar (inperatiboetan).

HERTZAIN, herrizain, policía.

HEZIERA, heziketa, educación.

HINTZENA, hintzen + a. (Azken letra hau aditzari ezartzen zaio galdeetan).

HIRI, huri, ciudad, villa.

HOGEN, erru, bekatu, falta.

HOGENDURU, hogendun.

HOIK, horreek (hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORDI, mozkor, mozkorti.

HORDITU, mozkortu.

HOTS, es decir, esto es, a saber.

HURA, ha.

HURBIL, hur.

HURBILDU, hurreratu.

HURIGINTZA, ordenación urbana.

IGERTOKI, piscina.

IGORTZIRI, trueno.

ILTZE, untze.

INKESTA, encuesta.

INOAN, zioen, esaten eban.

IRAGAN, igaro, pasar.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRAUNGI, amatatu, itzali, apagar.

IRITXI, heldu; lortu.

ITSUSTU, itsusitu, afear.

IZORRA, izorratu, preñarse, «fastidiarse» (inperatiboetan).

IZTERBEGI, etsai, enemigo.

JAGOITIK, aurrerantzean, en adelante.

JAIO-BERRI, Nafarroako erregea, gero Frantziako Henriko IVa izango zena.

JAITSI, bajatu.

JALKI, atera, irten.

JAUGIN, jin, etorri.

JAUNDONE, santu.

JAUPARI, sacerdote.

JAUSI, erori.

JAZO, gertatu, suceder.

JIN, jaugin, etorri.

JO, estimar, juzgar.

JOAN, eroan, eraman.

KALAKARI, charlatán, parlanchín.

KARRIKA, kale.

KAZETA, agerkari, periodiko.

KOKATU, situar.

KOMUNZKI, comunmente, ordinariamente.

KUTSATU, contagiar.

LAGA, utzi, itxi.

LAUTADA, llanada, planicie.

LAIDO, afrenta.

LEGEZ, lez, bezala.

LEGEZKO, bezalako.

LEHIAKETA, competición.

LEHIATU, empeñarse, poner ahínco.

LEKUKO, testigu.

LERRABIDE, resbaladero, tentación.

LOKARRERAZI, adormecer.

MAIZ, sarri.

MARMARA, marmario, cuchicheo, rumor.

MATXINADA, revolución, levantamiento.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MENDEBALDAR, occidental, pro occidente.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MEZU, mensaje.

MEZU, mezutu, avisar.

MUZIN EGIN, mirar con desagrado.

NABARI, notorio, evidente.

NABARITU, advertir, notar.

NAFARRA, Leringo kondea.

NAUZUA, nauzu + a. (Azken, letra hau aditzari ezartzen zaio galderetan).

NENDIN, nintzen (arkaismoa).

NENZAN, ninduen (arkaismoa).

NOSKI, ciertamente, claro está.

OHARTU, konturatu.

OIHARTZUN, eco.

OKINDEGI, panadería.

OLA, fabrika.

OMEN, ei.

ONAR, onartu (inperatibo, subjuntibo eta potentzialetan)

ONGIXKO, ondotxo,

ORDEA, ostera, berriz.

ORMA, paret.

ORO, guzti.

OSTERA, berriz.

OTSAIL, febrero.

OTU, bururatu, gogoartu.

OZEN, sonoro.

OZENKI, sonoramente, vibrantemente.

OZPIN, vinagre.

PARTITU, separar.

POETA, Dante Alighieri.

POTO EGIN, hacer ripio.

POZARREN, pozik.

SAMURRIK, hasarraturik, enfurecido.

SAMURTASUN, hasarre.

SARDA, banco de peces.

SARRI, pronto.

SOIL, mero, simple.

SOLO, soro.

SOMA, somatu, barruntar (inperatibo, subjuntibo eta potentzialetan).

SOR, sortu.

TAMAL, lástima.

UDAL, ayuntamiento.

UDALETXE, casa consistorial.

UKAN, eduki, euki, izan.

UKIGARRI, emotivo, expresivo.

UKITU, ikutu.

ULER, ulertu (inperatibo, subjuntibo eta potentzialetan).

UNKIGARRI, ukigarri, emotivo, expresivo.

URUN, irin.

UTIKAN, a paseo, al traste!

UTZ, utzi (inperatibo, subjuntivo eta potentzialetan).

UZTAIL, julio.

XEDE, helburu, fin, objetivo.

ZALANTZA, ezbai, duda.

ZAKITZAT, zakidaz, zakizkit.

ZAREA, zara + a. (Azken letra hau aditzari ezartzen zaio interrogazioetan).

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZEZIO, errierta, disputa.

ZILAR, zidar, urrezuri.

ZILEGI, lícito.

ZINEZ, benetan.

ZIZARE, lombriz.

ZIZELU, txitxilu, escaño, todo banco con raspaldo.

ZORI, fortuna, suerte.

ZORNE, pus, materia.

Imanol Berriatua


Ezagutu geure Herria (30)

Ekialdeko Lautada

Arabako zatirik handienari «La Llanada» deitzen deutsoe. Izan ere, lautada* bat da; eta ez da harritzekoa, euskera galdurik, izen horregaz ezagutzea. Guk euskaraz «Lautada» deituko deutsagu.

Bestalde, Lautada hau, handiegia izanik, zati bitan banatzen da: bata Ekialdekoa*, Agurain* buru dauana; eta bestea Mendebaldekoa*, Gasteizeraino eta Badaia baso ertzeko herrietaraino heltzen dana. Oraingoan, beraz*, «Llanada Oriental» edo Ekialdeko Lautada ikusiko dogu.

Eskualde honek 393,733 km2 hartzen ditu, eta bertan 9.112 bizilagun bizi dira, 67 herrixkatan, 8 Udaletan* elkarturik: Asparrena, San Millan, Agurain, Zalduondo, Iruraiz-Gaona, Dulantzi, Burgelu eta Barrundia.

Eskualde* hau, Aratz, Arantzazu eta Elgea mendikateek mugatzen dabe Iparraldetik; Entzia basoek eta Egileta lepoak, Hegoaldetik; Ekialdetik, Nafarroako Burunda haranak*; eta Mendebaldetik, Gasteizko udal mugek eta Ganboako aintzirak*.

Madriletik Irunerako trenbide eta erregebideak zeharkatzen dabe. Bide aldetik ondo hornitua dago, bai eta herritxoak ere.

Eskualdearen huriburutzat Agurain jo geinke. Bertan dagoz notaria, bankuetxe eta eskualde zerbitzurik behinenak*. Agurain Gasteiztik 25 kilometrora dago eta eskualdearen erdi erdian. Industrializatzen hasia da, eta horretarako ba ditu dohai bereziak.

Elizaren zatiketan ere, eskualde honek artziprestalgo bat osotzen dau; eta bertan fraile etxe bat dago, Agurainen, eta sei monja etxe, erdiak Agurainen, eta bana Araia, Dulantzi eta San Millango Barrian. Azkenengo hau aipatzekoa da: XII mendekoa* ei da, baina beraren izena lehen aldiz 1275. urtean agertzen da agirietan*. Euskal Herriko monja etxerik zaharrena izango da. Udalekutzat hartuta dauke gipuzkoarrek, eta ikastola umeak hantxe egoten dira udan.

Zadorra ibaia hemen jaiotzen da, eta Ganboa haranean aintzira handi bat eginaz uzten dau eskualdea. Aintzira honek, gehien, 120.000.000 m3 hartu leikez. Horrexegatik udal bat galduta dago, Ganboakoa hain zuzen ere, urpean gehiena; eta salbatu diren lurrak, Barrundiako udalera pasatu dira. Hemen, toki jaso batean, Gebarako gazteluaren orma zahar zatiak ikusten dira oraindik, lehengo Oñaz-Ganboarren burruken ezagugarri.

Ekonomi aldetik baserria da ia dana, Agurain eta Araiako ola* edo lantegiren batzuk kenduz gero. «Concentración Parcelaria» izeneko solo* batzeak ahalmen gehiago emango deutso nekazaritzari, baina berau oraindik egitura zaharretan aurkitzen da. Patata eta gari lurrek, abelgorrietarako* joera hartuaz doazela dinoe. Entzia basoetan, bai eta Arantzazu alderantz ere, artalde asko dago oraindik. Industriak, batez ere Agurainen, azken batean bertako «poloa» ganoraz* jartzen badabe, aurrerakuntza beharrezko bat emango deutso Ekialdeko Lautadari.

Euskara oraintsu arte entzuten izan da, eskualde honen Iparraldean, mendiko herritxo batzuetan. Gainerakoetan, XVIII mendean galdu ei* zan.

Agurain, Araia, Dulantzi eta Ozaetan jarri dira eskualderako lau eskola kontzentratu horreetakoak, eta bertan euskara ematen hasiko dira noizbait. Seguru gagoz horretaz; eta Aguraingo industriaren gehitzeak, ikastola bat jartzeko gogoa ere sortaraziko dau bertako jendearen artean.

Eta orain goazen herririk herri.

Asparrena

62,012 km2. eta 2.016 bizilagun. Asparrenako 11 herritxoetatik, 10ek osotzen dabe udal hau. Hamaikagarrenak, Zalduondok, berak bakarrik egiten dau aparteko udal bat. Honeexek dira 10 herrixkok: Albeniz, Ametzaga, Anduain, Araia, Arriola, Egino, Gordoa, Ibarguren, Ilarduia eta Urabain. Huriburua, Araia. Anaiarte* honek ondo daroa bere izena (Asparrena = Haitz-barrena). Hain zuzen ere, haitz baten barrenean dago. Udal baserritarra; baina artzainena ere bai, zeren 4.875 ardi ba dira udal honetan. «Forjas de Araya» eta «Goliath Ibérica» lantegiek aditzera ematen deuskue, oraindik fabrika asko ez badago ere, industria gorantz doala. Hamargarren herritxoa (Urabain) aipatutakoan, danoi etorriko jaku burura kanpai jotzaile dohakabearen heriotzea.

Zalduondo

12,137 km2. eta 242 bizilagun. Huritxo hau baserri-baso eta ardietatik bizi da; eta beraren etorkizuna Asparrenara jotzea izango da, harekin elkartuaz. Antzina herri hau Oñatiko kondeen, Gebaratarren, menpean egoen; eta hareek izendatzen eben alkatea.

San Millan

89,800 km2. eta 1.496 bizilagun. Lehen Hegiraz edo Egilaz izenagaz ezagutzen zan anaiarte honek, gero eliz promesa bategatik San Millan izena hartu eban. Gaur, udal honen barrutian, 15 herritxo aurkitzen dira: Adana, Axpuru, Txintxetru, Egilaz, Galarreta, Luzuriaga, Mezkia, Muniain, Narbaitza (Narvaja), Okariz, Ordoñana, San Roman, Uribarri-Jauregi, Bikuña eta San Millan-Zuhatsu. Anaiarte desberdina: herrixka batzuk mendian, beste batzuk zelaian, bata besteagandik urrun batzuetan. Hemen dago Egilazko dolmen entzutetsua, bide nagusiaren ertzean edonork ikusteko moduan, baina ez asko zainduta. Baserri herriak dira danak. Ordoñana da huriburua. Udal honen barrutian aurkitzen da Barriako monasterioa.

Agurain

37,856 km2. eta 2.411 bizilagun. Agurain huriburuari beste herrixka honeek dagoz elkartuta: Alangua, Arrizala, Egileor, Iturrieta eta Opakua. Agurain da Ekialdeko Lautadako herririk nagusiena, kondairan garrantzitsuena, bidez eta lekuz egokiena eta erdirena; beraz, eskualde honen huriburu naturala. Elizaz, komentuz eta etxe zaharrez ondo hornitua. Andre Mariaren eliza gotikoa, errenazimentu hasierakoa, oso ederra da. Gaur industriarako joera bat hartuaz doa, eta ba ditu dozena bat ola* eta lantegi txiki; eta, uste danez, «Orbegozo» ola handia ere bertara joatekoa da. Hurigintza* egoki bategaz, Arabari Ekialdetik falta egiten deutson herri dezente bat izatera iritxi* leike Agurain. Huri hau antzinako Arabaren zazpi taldeetariko baten burua zan.

Dulantzi

20,019 km2. eta 669 bizilagun. Dulantzi (Alegria de Alava) eta Egileta dira udal honen herri biak. Baserri herria, bide nagusiak pizka bat baztertuta utzi dau, eta beherantz joan da. Bere solo* ederretan patata eta gari ugari hartzen da, eta lehenengoagatik ezagutzen da batez ere. Dulantzi, huri legez, Alfonso XIak sortu eban 1337.ean. Hauxe inoan* erregeak agirian*: «...tenemos por bien que la dicha villa haya nombre Alegria de Dulanci». Beraz, egin leike bertako Udalak izen aldaketa, Gipuzkoako Villafranca de Oriak Ordiziarekin egin eban antzera; gutxienez, «de Alava»ren ordez «de Dulanci» jarriaz.

Iruraiz-Gaona

47,094 km2. eta 1.033 bizilagun. Azilu, Alaitza, Arrieta, Erentxun, Ezkerekotxa, Gazeo, Gaona, Gereñu, Jauregi, Langarika eta Trokoniz herrixkek osotzen dabe udal hau, lehenengoa huriburu dalarik. Lehen Gaona eta Erentxunek beste udal bat osotzen eben; baina kondaira zaharrean, Dulantzi eta Burgelurekin batera, Iruraizko anaiartekoak ziren. Ekonomiaz baserri hutsezkoak eta bizilagunez urrituaz doazenak dira herritxo honeek.

Burgelu

23,30 km2. eta 341 bizilagun. Añua, Arburu, Argomaniz, Gazeta, Ixona eta Burgelu (Elburgo) huriburuak osotzen dabe udal hau. Baserri herriak, besteen antzera. Udal hau Gasteiztik hurbil* dago, 11 kilometrora; baina hurbiltasun honek ez deutso asko lagundu, beherantz doa ta. Gasteizek lehen alkateak ere berak izendatzen eutsozan, eta orain bizilagunak ere kendu, albo herri legez* hazten lagundu beharrean.

Barrundia

101,515 km2. eta 904 bizilagun. Audikana, Daillo, Etxabarri-Urtupiña, Elgea, Etura, Garaio, Gebara, Heredia, Hermua, Larrea, Marieta-Larrainzar, Maturana, Mendixur, Ozaeta, Urizar eta Zuazola. Huriburua Ozaeta da. Anaiarte haundia, urpean gelditu ez ziren Ganboako lurrakaz haundiagotua. Mendikate biren artean aurkitzen da; beraz, Barrundia izena ondo daroa. Zadorra ibaia bertatik igarotzen da. Kondairan, Gebara izena asko entzun da. Antzina, judeguak ere bizi ei* ziren herritxo honetan. Oñatiko kondeak bertakoak ziren, eta hemen euken, oraindik ia dana jausita* ikusten dan gaztelu entzutetsua. Gebaratarrek hainbeste burruka egin eben Erdi Aroan*. Ba leiteke, herentzia legez* eta gaur egunerako ezagugarri bikain bezala, Che Gebara iraultzailea* utzi deuskuela. Baserri herria, industriarik bakoa, azkenengo kontaketan 5.826 ardi eukazan udal guztiak. Hain zuzen ere, Arantzazu eta Aizkorriz bestaldean dagoen haran* honek, ba ditu toki egokiak horretarako; baina, seguru asko, gaur egunean ardi gutxiago izango ditu.

J. L. LIZUNDIA