ANAITASUNA

210 zenb.

1971. apirilaren 30 ekoa

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1. Bilbao (12).

Inprimatzaile: Juan José García, Joaquín Jáuregui, Jesús María Tafalla, Gabriel García eta José María Belmonte, AMADO inprimerian, Bilbon.

Irarle: Gil Díez eta Manuel Barrera, RALI etxean, Bilbon.

XIX urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


ARABA (ALE BEREZIA)


Herriz herri

Legorreta

Arras* mugikor ikusten dugu gazteria, herriko jaiak direla ta. Izan ere, hain bidezko den gauzari ez zaio leku handirik ematen gure herri gehienetan, herri-gizon edo kontseilukoen aldetik; eta, ondorioz, gazteek ere hor konpon esan ohi dute, bestak antolatzeko garaian. Horretan ere ez ote du, bada, gazteak nortasunik?

Aurten, ordea*, urte gehiegitxo deus* egiteke* joan dira ta, parte hartzeko asmoz dabiltza eta biziki lanean dihardute legorretar gazteek. Eta hori eta gehiagorako gai direla ongi erakutsi dute, martxoaren azken astean kultur aste oso bat eratu dutelarik.

Apalki, zarata handi gabe, baina egoki moldaturik joan da astea. Egun oro hitzaldi bat, gure kulturaren puntu bat ikasteko; euskal liburu eta aldizkarien erakuspena; xehetasun argigarri asko, SIADECOk egin duen Goiherriko estudiotik harturik; eta, azken egunean, jaialdi jatorra. Bederen* idazleak «Oskorri» taldea aipatu nahi luke bereziki*, sortu berria delako ez baina, giharrez horniturik azaldu zaikun taldea delako baizik.

Aste hori bezain mamitsu daitezela aurtengo herriko besta egunak.

Lazkano

Eskola berriak

Lehen, duela bospasei urte jaso zen, zazpi aula dituen eskola; eta honen alboan ari dira orain obretan. Nola ari ere! Gau eta egun.

Diotenez, hamabi aula berri taxutu behar dituzte datorren ikastarorako, Lege Berriaren arabera*, eskola-multzo baten bilduma bertan eginez.

Eliz atariko zelaia

Hau ez da hain bizkorki burutzen* ari den obra, erdi bidean edo baitago. Pozik ikusi genuen, bada, egun batez parrokia ondoko ormatzar handi hura ankaz gora jausten*! Segur nago, egun hartan arnasa berri bat sentitu zuela zenbait lazkanotarrek. Askatasunaren arnaskada, noski*.

Hala ere, askatasuna irabazi bakarrik ez baina, landu eta jantzi ere egin behar da. Eliz atariari, horixe, jaztea eta apaintzea falta zaio. Parrokia eta Guraso Elkartea, ez ote gakoa* zuen baitan?

«Noiz» antzerkia

Aski* isilpean baina, jakinik dugu, jaialdi bat prestatzen ari dela gazteria hilabete honen 24erako. Bidasoaz handiko gazte talde bat datorkigu gurera egun horretan, «Noiz» antzerkia egitera. Sekulako mundua bildu zela esan daukute, martxoaren 2an Baionako antzoki* nagusira joan ziren lazkanotarrek.

Ongi etorriak daitezela Daniel Landart eta bere lagunak!

Segura

Aste Sandurako programa betea ikusten dugu guztiz. Esan gabe doa, inguru herrietako jendeak ba duela joera bat gure herrira egun handi hoietan; egin ohi den prozesioaren formaren gatik, noski*.

Gu ez gara nor, horretaz mintzatzeko; baina ez ote funts gabeko gauza gertatzen ari?

Munitibar

Oiz mendira

Lehengo batez, herriko neska-mutilak Oiz mendira joan jakuzen, apaizaren gidaritzapean. Ondo ta pozik ibili dira, elkartasun jatorrean.

Udalekoan garbiketak eta eliz ingurua

Udalak*, herriko bazterrak apaintzen eta zokoak garbitzen dihardu. Eliz inguru guztia garbi gelditu jaku; baina jendeak ez dau ondo ikusten, elizaren kontra jaso behar daben garajea, eliz ingurua itsusitu egingo dau eta.

Pelotariak

Florida aldetik etorri jakuz pelotari batzuk. Beste batzuk soldadutzara joan jakuz. Jose Lapitzeneko Jose Mariri Afrika tokatu arren, ez da herriaz ahaztuko, hurrean*.

Jaiak

Aurten jairik egongo ez ote dan ere entzun dogu, inor ez baitago prest, jaiak antolatzeko. Ea «Hor Konpon» taldekoak nonbaitetik agertzen jakuzen, zeredozer eginez.

ERRAMUN GERRIKAGOITIA

Itxasondo

Gertaera triste bat jausi* zelarik gure gain negu aurrean, zalantza bizian eduki gaitu geroz hilabete luzeetan. Gu eta Goiherri osoa. Hogei eta emerezi familiaren ogia jokatzen zen, Sarasola-Pizarradia deitzen den lantegia herstearekin*.

Azkenik, gorabehera guztien ondoan, eskuak garbi goikoek, beti bezala. INPek, makina multzo bat bahiturik*, diotenez, jaso du Segurantza Sozialari zegokiona, eta... langileak ogi apur batzuekin kale gorrira.

Hainbat urte eta osasuna han bertan eman dutenek zer erretiro ukanen dute orain? Eta lanerako gauza direnak? Beste lantegi baten bila abiatu behar berriro. Horra pobrearen abelera*, esango luke norbaitek.

Arratia

Herriko agintariak

Arratiako elizarik gehienetan, jai haundietan, herriko agintariak aurrerengo tokietan jartzen dira. Zergatik hau? Ohitura bat dalako? Lehenago ohitura horiek ere sentidurik baeukan ere, gaur ez dauka.

Herriaren ordezkariak direlako? Baina, oker ez banago, arratiarrok ez dogu izan, geure agintariak aukeratzeko eskubiderik.

Eta zer dino honetaz Arratiako Elizak? Apaizak jo ta ke dabiltza, bataioaren gaurkotasuna bilatzen. Ederto! Baina, berorregaz batera, edo lehenago, esandako problemari eta antzekoei aurpegia ematen ez badeutsee, ez dakigu, hareen planteamentu pastoralak norainoko sakonak diren.

Esne huelga

Arratian ere egin izan dabe esne huelga. Hobeto esan, batzuek bai eta beste batzuek ez. Arratiar guztiok saltzen dogu esne apurtxoren bat, baina gaur egunean industrian dogu geure etorkizuna. Horregatik, propagandarik ezagatik, bildurragatik edo danadalakoagatik, ez da elkartasunik izan gure artean. Berriz ere, batzuek bakarrik ipini dabe lepoa.

ZAMAKOLATARRA

Lujua

Gazte batek, «antzua» zer zan ez ekiala, eta Txori Herrin erabiltzen ez zan berba zalakoan, bere familian bertso honeek kantatu zituan:

Gizonak gura badau

bere deskantsua,

andrea hartu behar dau

zaharra ta antzua*.

Hartuten badau, berriz,

gazte umetsua,

sarri faltako jako

beretzat pentsua.

Errepublika denboran, bertsolari famatu bat bizi izan zan gure artean.

Bertsolari hori nor zan, eta beraren bizitzako gorabeheren berri jakin gurarik, hemen dato batzuk jarriko ditugu, inork lagundu nahi baleusku.

Bertsolari horri Eustakio Ulea (?) eritxon, eta Laukiniztarra zan. 1932. urtean, Ondizen (Lejonan) egin zan mitin batean honelako zerbait kantatu eban:

Orain daukadaz laurogeitalau urte

ta lau egun;

orain zaharra naiz, arnasea labur,

euskotar guztioi eiten'tsuet agur.

Handik urte batzuk barru hil zan. Ea, bada, Mungialdeko eta Txori-Herritarrek zeredozeren berri ematen deuskuzuen. Eskerrik asko aurretiaz.

L.B.

Zornotza

Orain asko ez dala, igande goiz batean, Jehovaren testigu bat etorri jat etxera. Euskalduna ez dala esan deust, gure herrian bizi eta bertoko fabrika batean lan egiten dauan kanpotar bat baino. Borondate oneko gizona dirudi, eta berba egiten dakienetakoa. Ondotxo ezagutzen dau Biblia, kultura asko euki ez arren. Dana dala, «konbertsio» batzuk ere izan dira herrian: Nork esan hori, orain hamar urte?

Seriotasun eta sakontasun gehiago eskatuko neuskioe hemendik, noizbehinka agertzen diren paper batzuen egilei. Konturatu zaiteze, ez goazela inora erderazko kritika merke batekin, ezer egin eta ezer proposatu barik.

Maiatzaren 2an, goizeko 10,30etan, 53 neska-mutilek hartu dabe lehenengoz gure Jauna. Hau, parrokiako euskerazko taldea da. Beste egunetan, talde bitan banaturik, 137 neska-mutilek egingo dabe erderaz.

Gure parrokia honetan, oso osoan dago onartuta bilinguismoa, elizkizun guztietan.

LEUNGANE


Baionako Kultur Astea

Baionako Kultur Astea antolatzeko, batzar bat izan da hiri* horretan, apirilaren 3an.

Hiru aste edo direla, Charritton apaiza etorri zitzaikun Bilbora, datorren udako aste horri buruz bere asmoa adierazteko. Egia esan, igaz egindakoa, batez ere araudia*, Bizkaiko lagun askok ez zuten orduan onartu; eta horregatik, aurten, antolatzaileek, programa prestatu baino lehen, gure eritzia jakin gura zuten, elkarrekin programa interesgarriago bat egiteko.

Ordutik hona, ahaleginak egin ditut, Bizkaiko lagunen ideiak biltzeko, Baionara eroateko* asmoz. Eta gauza jakingarriak ikusi ditut.

Gure kezkak

Lagun batzuek, nire bitartez, zein den Baionako aste horren helburua* galdetu diete antolatzaileei.

Batek baino gehiagok, programari buruz, gauza bera eskatu du: aste hori gai ugariz betetzea ez dela komeni. Zeren*, gehienetan, Euskal Asteak (orain arte ikusi ditugunak behintzat) oso antzekoak izan baitira.

Toki guztietan, gai batzuk eta ia berdinak agertzen dira: esate baterako, kondaira pixka bat, literaturari begiradatxo bat, hizkuntza problema, eta abar. Hori dela ta, entzuleek, parte hartu arren, ez dute lanik egiten, eta honelako aste batetik ondorio eskasa ateratzen dute. Lagun hoien ustez, gai asko izanik, gutitan sakontzen ohi da, gai guztiak azalez aipatzen direlako. Horregatik, beste modu batez jokatu behar litzateke; hau da: aste guztirako gai bat bakarra aukera bedi, sakonki- eta konkretukiago aztertzeko. Horretaz, urte batzuetarako planifikazio bat egiten bada, eta urtero monografia bat argitaratzen bada, zeredozer onuragarri* atera daiteke.

Lan egiteko moduari buruz ere, kritika ederra eroan* genien antolatzaileei. Igazko programak (eskola bi goizean eta beste zenbait* arratsean) ez zeukun astirik uzten, han bertan lanik egiteko. Eztabaidek ere (sortzen zirenean) ez zuten balio haundirik.

Kritika hori entzun nuenean, gauza bat gogoratu zitzaitan: zine-forum delakoetan gertatzen dena, alegia*. Hor ere, filmea bukatu ondoren, elkarrizketaren zuzendariak jendearen eritziak galdetzen ditu; baina, gehienetan, inork ez du tutik ere esaten, edo, inor hitz egiten ausartzen baldin bada, lelokeriaren bat esateko izaten da.

Kultur arazoetan eragozpen hau haundiagoa izaten da. Hitzaldi bat entzun ondoan, gai horri buruz pentsatu egin behar da, eztabaida batean sartu baino lehen; ba dirudi, «dekantazio» bat beharrezko dela.

Horregatik, eskola bakar bat goizetan eta gehienez beste bat arratsetan egitea proposatu genuen. Eskola bakoitza bukatu ostean*, taldeko lana egin behar da, eta jarraian elkarrizketa, bai mintzaldietan entzundako eta bai elkarrizketan bertan sortutako eritziak ikertuz*.

Gaiaren aldetik, hemengoek aipatu zeuzkiguten gaiak desberdinak izan arren, guztiok gai bat eskatzen zuten: Ekonomia. Honen hurrengo, ba dirudi, Kondaira (eta bereziki Kondairaren Filosofia) gai garrantzitsuenetariko bat dela gure artean.

Baionako batzarra

Hona hemen laburki, zer izan zen, Baionan apirilaren 3an egindako batzarra.

Datorren udan Baionan egingo den Kultur Asteak bi helburu* batez ere ditu. Alde batetik, zenbait* euskaldunek, aste horretan elkarrekin bizi izanik, beren arteko harremanak sendotzea. Beste aldetik, euskaraz euskal gai batzuk azaltzea, bereziki* gaurko gaiak.

Ene ustez, antolatzaileek ez zuten susmatu ere, lanari buruz (bai programa sakon bati eta bai lan orduei begiratuz) hainbeste eskatuko genukeenik. Egia esan, nekez joan gintezke hemendik Baionara, bertan berbaldi batzuk bakarrik entzutera. Hemendik joatekotan, lan egiteko joan behar da. Gure kezkak ondo konprenitu zituztela uste dut, eta lan orduak guk eskatu bezala izanen direla. Lanetik at*, ba zuten programa bat («Ama Lur» filmea, Donostiako ballet talde bat, eta abar). Hori egitekotan, gauez izanen da.

Astearen programa

Astea uztailaren* 3an hasiko da, orain arte dakigunez.

Uztailaren 4ean, igandez, elizkizun interkonfesional bat izango da goizean. Bazkalondoan, kermeza bat (gure erromerien antzekoa) izango da, kantari batzuekin. kanturi. Segurki, hori dena HERRIA astekarian azalduko da zeharo.

Larunbat* horretan feria bat izango da. Sari bat baino gehiago emango dira: liburu bati, ekonomiazko artikulu bati eta zenbait

Astelehenetik ostiralerarte, eskolak eta lana. Aurtengo gaia hau izango da:

Lehen bi egunetan, kultura, Zeintzuk dira kulturaren inguruan dabiltzan ideiak? Zer da kultura, naturalistentzat, marxistentzat, relatibista edo kulturalistentzat?

Beste hiru egunetan: Gaur, zer kultura sortzen ari da Euskal Herrian? Zeintzuk dira gaur kulturaren bide eta joerak?

Programa zaila benetan. Horregatik, Baionara orduko sakondu behar dugu guztiok gai honetan, uztailean benetako lana egiteko. Eta aipatu dugun gai baten bati buruz inor prest balego, adieraz lezake ANAITASUNAren bitartez.

Jean Paul Sartre-ek Frantziako filosofoak esan zuen: «Notre époque n'est peut-être pas la meilleure, mais c'est la nôtre», hau da: Gure aldia ez da beharbada aldirik hoberena, baina geurea da.

Udako aste horretan, gure aldi honen itxura eta barnea aztertuko dugu, etorkizunari begiratuz. Iragan* aldiko baloreez hainbestean arduratu gabe, orain egiten duguna eta egiten ez duguna, dadukagun indarra edo ahulezia* aurrez aurre arakatuko* dugu, orain, geure gizartean eta ingurukoan ditugun kondizioetan. Mito batzuk lurrera botatzen baldin baditugu, hainbat hobe. Kanta batek zioen bezala: «Mitoak... hitz hutsak...!»

KARMELE ERROTAETXE

diete, deutsee

genien, geuntsen

gintezke, geintekez

zeukun, euskun, zigun

zeuzkiguten, euskuezan, zizkiguten

zioen, inoan, esaten eban

zitzaikun, jakun

zitzaitan, jatan


Irakurleak hizlari

Ez noa andereñoen aurka. Andereño guztiak era berdinean baloratzearen aurka baino. Ba dakigu, herri batean, andereñoek izan behar dabela, herriari bizitza ematen deutsoenak, gizarte berri bat sortarazten ari direnak, euren arima, euren lana eta bizitza konprometituz.

Baina zenbat andereño dira horretarako gai? Ba dira batzuk, euren arlo berezian benetan lan egiten dabenak. Hareen esku artean dagoen haurra gero gizon bat izango da. Baina, hareen alboan, ez ote dira beste batzuk, «andereño» izenarekin bakarrik gelditzen direnak? Orduan, ez ote da okerkuntza bat, «andereño» hitzari, batzuek bakarrik dauken prestijioa ezartzea? Zergatik egin beste mito bat andereñoekin?

Ez da nire nahia, gogorra izatea. Baina, segurki, gauza gogorragoa izango da gero, gure herria konturatzen danean, andereño batzuk, eurek irabazi ez daben prestijio horrekin jabetu direla. Gogorragoa izango da gero, herriak, zintzo jokatu izan daben andereñoengan ere fedea galdu daianean, beste andereño horreen prestijio gezurrezkoarengatik. Orduan konturatuko gara, mitoak hil egiten direla. Baina egiak ez dira hiltzen.

Horregatik, ez dot nahi, gure ekintzaren inguruan mitorik egiterik, lehenagotik ere nahikorik dago ta.

B. G. (Larrabetzua)


Araba

Araban euskera?

Geroak esanen du hori. Baina erantzunaren zain egon gabe, gazte talde batzuk hasiak dira lehen urratsak* ematen. Lehen urrats hauk zer nolatan ematen diren ikus nahian, ikasleen artean egina dugun inkesta* baten berri emanen dugu.

200 bat inguru izan ziren inkestatuak. Jaso ditugun erantzunak 100 batenak izan dira.

Galde sail «A»

1. NON JAIOA?

Gasteizen 58

Araban 15

Gipuzkoan 7

Bizkaian 3

Nafarroan 1

Atzerrian 8

2. ADINA

Hogei urtetik beherakoak 57

20 tik 25 rakoak 28

25 tik 40 rakoak 8

3. AITAREN JATORRIA

Gasteiz 18

Araba 42

Gipuzkoa 13

Bizkaia 5

Nafarroa 5

Kanpokoa 9

4. AMAREN JATORRIA

Gasteiz 19

Araba 48

Gipuzkoa 14

Bizkaia 7

Nafarroa 2

Kanpokoa 13

5. SENIDEEK EUSKERAZ HITZ EGITEN DUTE?

Bai 39

Ez 45

6. ZERGATIK IKASTEN DUZU EUSKERA?

Beharrezkoa, euskaldun izateko 62

Aurrekoek hitz egiten zutelako 4

Atsegin dudalako 14

Salbatu behar dugulako 4

Gure hizkuntza delako 4

7. EUSKERA ZERGATIK DOA ATZERANTZ?

Opresio baten menpean gaudelako 45

Interes guti izan dugulako 27

Imigrazioagatik 11

Ikasten zail delako 2

Aurrera doala diote 13

8. EUSKERAREN IRAKASKINTZAN IKUSTEN DITUZUN HUTSAK?

Ordu guti ematen da.

Mentalizatze lan guti.

Harreman gehiago sortzeko, hitzaldi eta jaialdi guti.

Praktika guti klasetik kanpo.

Kolejioetan sartu behar da euskera.

9. EUSKERA, HIZKUNTZA KULTURALA?

Bai 75

Ez 6

Datorik interesgarriena zera dateke*: Ikasten ari direnetatik gehienbat Gasteizkoak ditugula. Baina ikus daiteke ere, hauen gurasoak Arabako herrietatik etorriak direla. Hizkuntza galdu arren, nolabaiteko euskal kontzientzia ba dutela dirudi.

Ikasten ari den jendea ez dago hain oker, euskaldun izateko, euskera beharrezko dela dioenean. Honek adierazi nahi du, ikasten ari diren hauk* ongi pentsaturik ari direla. Hala ta guztiz ere, ezin uka, bat baino neska buruarin gehiago ba dela; euskera «modan» baitago.

Galde sail «B»

1. EUSKAL HERRIA ZER DA?

Zazpi probintziek osatua 76

Hegoaldeko hiru nahiz lau probintziek osatua 16

Erantzun teorikoa (arraza, nazioa, herri zapaldua...) 19

2. ZER DIRA FORUAK?

Pribilejio batzuk 51

Gobernu ta probintzien elkargo* bat 23

3. ZER GAITAZ ARDURATZEN ZARA?

Kondaira*, literaturaz 71

Folkloreaz: musika 34

 dantza 60

 kirolak 40

4. EUSKAL IDAZLEAK

Iparragirre (?) 10

Txomin Agirre 4

Altuna (?) 4

Axular 3

Lete 3

Azkue, Aresti, Oñatibia (?), Olabide 2

Sail honetan argi ikus dezakegu, jendea euskal kulturaz oso guti jabetu dela. Beste aldetik, ohartzekoa da, langilegoaren* arazoez hain guti axolatzea*. Kondairaz eta folkloreaz arduratzen baitira gehienak. Teoria, kultura, euskera...; eta bitartean, gizartearen ardatza den langilego hori, Euskal Herriaren etorkizuna zertuko duen langilego hori, ia erabat* zokoratua.

Guk irakasten dugun euskerak langilegoari ezer esaten ez badio, alferrik ari gara; geroa ez da euskeraz mintzatuko.

Galde sail «C»

1. EUSKALDUNTZAT DUZU ZEURE BURUA?

Denek bai

2. EUSKAL NORTASUNA IZATEKO, ZERI EMATEN DIOZU GARRANTZIA?

Euskerari 58

Folkloreari 1

Biei (euskera eta folkloreari) 18

Kontzientziari 4

3. ZER EMATEN DIO EUSKERAK EUSKAL HERRIARI?

Nortasun berezi bat 47

Batasun etnikoa 21

Herriaren eta kulturaren iraupena 13

4. ZURE USTEZ, GASTEIZEN ZERGATIK DOA HAIN JENDE GUTI EUSKAL KLASEETARA?

Laguntza guti dugulako (irakasle guti, propagandarik ez) 25

Axolagabekeria, inorantziagatik 26

Euskaldunok minoria garelako, imigrazioa handia delako 13

Euskerak utilidaderik ez duelako 6

5. ZER DERITZAZU EUSKERAREN BATASUNARI?

Herriaren batasunerako beharrezkoa 25

Euskerak iraun dezan eta zabal dadin 8

Euskaldun berrientzat oso egokia 7

Oso ongi 42

Berrehundik gora ziren ikasleak, ikastaro honen hasieran. Irakasleen taldea 15 batek osatzen dute. Hauetatik oso guti ongi gertatuak; gehienak oraintsu hasiak. Guzti honek asko kondizionatzen du ikastaroaren martxa, erakusketaren aprobetxamendua, jendearen kontzientziatzea, eta abar.

Bide eta egokitasunik guti dugu euskera aurrera eramateko. Zail zaiku jende honekin, gehienekin behintzat, sarritan elkartzea; eta nahitanahiezkoa da, euskera klasetik kanpora ateratzea. Horretarako, gazte gehiago behar genuke, ikasle jende honen tartean sar ledin.

Hala ta guztiz ere, orain dela bi-hiru urte ereindako hazia gehitzen doakigunik ezin daiteke uka. Eta, oraingoek ezin badute ere, beren seme-alabek ikasiko dute; eta esperantza honek ematen dauku indarra ta adorea lan egiteko.

IRAKASLE TALDEA


Araba

Arabako euskal idazleak

Prudentzio Santuaren jaialdiak direla ta, Gasteizko «Excursionista Manuel Iradier» taldeak liburu erakusketa bat antolatu du. Apirilaren 24etik maiatzeko 3ra. Erakusketa honek hiru sail izango ditu: Araban argitaratutako liburuak, Arabako idazleen liburuak, Arabari buruz idatzitako liburu eta aldizkariak. Bigarren sail horretan sartzen dira Arabako euskal idazleak. Arabak ere ba dituela bere euskal idazleak, edonork daki. Baina, egia esan, arrazoi askorengatik gure artean ez dira behar hainbat ezagutuak.

Idazle aipatuenak

Lehen aldiko euskal idazleen artean gogora ditzadan aipatuenak, bata bestearen ondotik:

 Pedro Inazio Barrutia Basagoitia (1682-1759). Aramaionan jaio zen eta Mondragoen bizi. Honi zor diogu, Euskal Herrian, lehenengo euskal antzerkia: «Gabon gaberako ikuskizuna edo Acto para la Noche Buena», Euskera aldizkariak argitaratua (1960). Kritikoek balio haundiko antzerkitzat dadukate.

 Jose Pablo Ulibarri Galindez (1775-1847). Okendon jaio zen eta Bizkaiko Sabandon bizi. Txikitatik egiten zuen euskeraz. Idazle bero eta bizia. Honen lanen artean hor dituzu «Egunari eusquerazcoa, erderazcotik itzuliya, Vizcai, Guipuzcoa ta Arabaco Provinciarentzat, 1815 garren urteraco», eta batez ere «Gutun liburua», oraindik argitaragabea, zati batzuk ezik.

 Joan Bautista Gamiz. Hau ere XVIII mendekoa*. Arabako Sabandon Jaioa. Txikitatik zekien euskeraz. Gero Iruinean bizi izan zen. Jesuita. Honen euskal lanen artean ezaguna dugu «Dabilcenchoak» olerki sorta. Baina da ditu beste lan batzuk ere, oraindik argitaragabeak.

 Erraimun Olabide Carrera (1869-1942). Gazteizen bertan jaioa. 27 urteko zela ikasi zuen euskera. Honen lan ezagunenak «Giza-soña» eta «Itun Zar eta Berria» dira. Olabideren Biblia osoa da Hego Euskal Herrian argitaratu den lehenengoa eta bakarra.

Lau idazle hoik* dira Arabako aipatuenak. Baina hiru lehenengoen bizitza eta lanak ez ditugu osorik ezagutzen. Hoien lanak lehen bai lehen argitaratu behar genituzke.

Ba dira ere beste euskal idazle on batzuk, esaterako: Jose de Palacio Viteri, legutianoarra eta legegizona, «Don Quijote» euskeratzen lehenengoz saiatu zena; Serafin Askazubi, Legutianoko* apaiza, hau ere Cervantesen nobelaren zati batzuen euskeratzailea; Federico Belaustegigoitia, Laudioko* semea, liburu eta artikulu askoren egilea; Gabriel Jauregi Uribarren (1845-1945) aramaionarra, «Pisia» eta «Kimia» liburuen egilea; Rafael Eriz, Roman Jauregi eta Txomin Krutzeta, hirurak aramaionarrak; Luis Gonzalez de Etxabarri, eta abar. Hauk ere guti ezagunak dira; gaurko euskal literatur kondairetan hoien berri haundirik ez duzu aurkituko. Eta Bilbon 1596. urtean argitaratu zen «Doctrina Christiana en romance y bascuence»ren egilea ere, Betolaza, ez ote zen arabarra?

Gaurko eta biharko idazleak

Gaurko idazleen artean, hona hemen talde bat: Odon Apraiz, Euskaltzaindikoa, Andoni Urrestarazu (Umandi), «Gramática Vasca» egin duena, Peli Martin eta Imanol Urrestarazu, Euskaltzaindikoak, Andoni Agirrezabal, Sabin Salaberri, Florencio Unzueta, Emiliano Ozaeta, Leon Aranguren, Antonio Unzueta, Francisco Uribarren, Pedro Pujana, Enrike Knörr, Xabier Knörr, eta beste batzuk, orain hasi berriak. Denak arabarrak. Ba dira ere, Araban bertan jaio ez diren idazleak: Eusebio Osa, Kepa Enbeita, Isidor Baztarrika, Agustin Apaolaza, Inazio Oñatibia, Luis Larrañaga, Juan Jose Uranga, Pako Eizagirre, Rafa Etxegarai... Bai ZERUKO ARGIAn, bai ANAITASUNAn eta bai beste aldizkari askotan, izen hauk maiz ikusiko dituzu. Zoritxarrez, Araban bertan gaurkoz ez da aldizkari edo asterokorik, idazleek elkarren beroan lanak argitaratu eta zabaltzeko. Horretan pentsatu beharko da zerbait. Bide ona litzateke, euskaltzaletasunari arnasa emateko.

Hoik*, gaurko idazleak. Eta biharko, berriz, ba da esperantza onik. 30 gazte taldetik gora ari baitira Gasteizen bertan, euskera ikasten.

Ba dira beste idazle batzuk, gehienik erderaz idatzi dutenak, baina euskal gaiei buruz, esate baterako, euskal toponimiari buruz. Horretan aipagarriak dira Gerardo Lopez de Guereñu eta Julian Olabarria.

Bertako euskera eta euskera batua

Zer euskera erabiltzen den Araban? Bai gipuzkera, bal bizkaiera bai bertako euskera. Bertakoa, hots*, Aramaiona eta Legutiano aldean egiten dena. Batzuek diotenez, Arabako euskera euskalki* berezia da. Bizkaieraren antza duena, baina ez berdina. Hori ondo ageri omen* da Landuchio-ren hiztegian, toponimian eta herriko euskera bizian. Nire eritziz, gai hori ez da behar aina* aztertu eta argitu. Horretarako interesgarria litzateke, bertako euskera bizia, toki izenak, esaera zaharrak, kanta eta ipuinak lehen bai lehen bildu eta aztertzea. Gazte talde bat ari da Gasteizen, Arabako euskeraren mapa egiten. Lagungarri ona izango da beste lan horretarako.

Gasteizko gaurko euskal ikasleek, hala ere, euskera batua nahi dute, euskera batua eskatzen dute. Ez dute gipuzkera eta bizkaieraren artean aukera egiten jardun nahi. Ez eta bertako euskerarekin gelditu gura. Eta arrazoi dute. Hemen Arabako lurralde honetan, beste inon baino gehiago somatzen da euskera batuaren behar gorria.

ISIDOR BAZTARRIKA


Araba

Gasteizko hirigintza

«Xori bakoitzari eder bere ohantzea*» (Lapurdiko atsotitza*)

Hirigintza*. Gauza asko du hitz honek bere barnean, jakintza zahar honek bere baitan. Ezagun eta famatua da, esateko baterako, Mileto-ko hirigintza, Asia ttipian. Hiriak* eta hiriaren alderdiak egin behar dira. Bai eta kontserbatu behar ere. Egin eta kontserbatu, inguruko legeak kontuan harturik. Ez bakarrik etxe hau edo hura, kale hori edo beste hori begien aurrean izanik, baizik eta auzoak ere, Walter Gropius aleman etxagile ospetsuak eskatzen zuenez, abangardista bazen ere. Edo Ludwig Weiss austriar etxagileak Europako Biltzarrean zioenez: «Hirigintza eder bat, ongi kontserbatua, dinidadearen erakusgarri bat da hiriko bizilagunentzat, hiritar-izpirituaren seinale bat, elkartasunaren ezagugarri bat».

Berehala kontura gaitezke, hirigintza-gizonek zeregin haundia dutela. Eta arrazoiz esaten du Alexander Mitscherlich-ek, gizon hoik* urrikalkizun* direla. Alde batetik, lekuko kondaira eta izaera, geografia, ekonomia, jendetza eta abar kontuan hartu behar dituzte. Beste aldetik, interesekin topo egiten dute, lurraren jabetza gehienetan behaztoparri delarik. Eta puntu honetan ados* daude, arazo honetan ari diren guztiak.

Baina utz ditzagun aintzin-solasok*. Arabaz ari gara, buru haundiko probintzia honetaz, eta Gasteizko kasua aipatuko dautzuet, bera ezagutzen baitut hobetoen.

Harrokeria dela esanen duke* norbaitek; baina gauza batean bat zetozen hemengo eta kanpoko jendeak orain arte, alegia*, joan den mendeko* Gasteiz xarmangarria* zela, eta J. M. Hiribarrenen liburua lekuko* («Vitoria y los viajeros del siglo romántico»). Garai hartan euskaldun zen Gasteizko herri xehea (Mallarmé frantses poetak bere maiteari gutun batean esaten zion, 1840.ean: «Gasteizko ostatu-neskameekin ikasi dut euskaraz»); eta dozena bat aldizkari argitaratzen ziren hiri unibertsidadedun honetan (euskarak ere ba zuen bere lekua) zeheki antolatzen zuen Aiuntamenduak orduko hirigintza. Behin baino gehiagotan protestatu zuten hiriko bizilagunek «Aiuntamenduaren diktaduragatik». Aiuntamenduaren erantzuna: hiritarrek «etxe barruan» egin zezaketela nahi zuten guztia (konponketak, berriketak, eta abar).

Baina gizon haiek ez zuten behar beste jarraitzailerik izan. 1919.ean Santo Domingoren komentua suntsitu* zen, eta 1930.ean San Frantziskorena, hiritarren eskandalu handiaz. Hala ere, hirigintza biziki ongi egin zen. Aldi txarrak guduaren ondoren hasiko ziren.

Azken 20 urte hauetan, jakina denez, Gasteiz haunditu egin da. Baina haunditze horri ez zaio neurririk jarri. Horrez gain, gudu aurreko planak utzi egin ziren, gorrien kutsua zutelako edo. Arrazoi gabe suntsitu ziren etxe, zuhaizti eta alderdi baliotsurik asko (gogoan dugu San Martin auzoa), eta auzo berriak eraiki.

Auzo berri hauetan, beste hirietan ikusten diren hutsak nabaritzen* dira: etxe garestiak; batzuetan, planoan baino ttipiagoak, kontatu dautatenez; kalefaziorik eta maiz* dendarik ez dutenak. Eta hori dena, etxeak multzoan izanik, kaleak hestu eta ilun, eta zenbait* kasutan lantegietako kea harturik.

Parkeei nagokielarik, hauxe esanen dautzuet: gero eta parke gutiago dugula, hiria ainitz* haunditu egin bada ere. Harritzeko da, esate baterako, Amarika pintoreak utzi duen haurrentzako parkea, berriki* auto-geltoki bihurtua izan dela. Parketarako lur zati batek ez omen* du dirurik ematen. Hori bai, suntsitu* ziren dorreak eta arkuak berriro egiten ari dira.

Jendearentzako trasporteak ere gaizki dira. Zirkulazioren plan berria Madrilen egina da. Madrilen hobeki omen dakite hemengo berri.

Hau guztia, noski*, aldez edo moldez* justifikatu behar da. Hona hemen alkateak esan omen zuena: «Gasteiz hiri haundi samar egin zaiku, eta ezin daiteke erosoa* izan». (Eta laket* ez bazaitzue, alda zaitezkete», dio Santxo nafar erregeak, Gasteizen fundatzaileak. Amen.)

Beste problema asko ere ba dira, artikulo honetan ezin uki* ditzakedanak. Esate baterako, etorri berrien integratzea eta horretarako behar diren bideak. Baina beldur naiz, alferrik ari ez ote garen, geure buruen jabe ez baldin bagara. Eta ez naiz botere* politikoaz bakarrik mintzo. Benetan alienaturik bizi baikara, geure kondaira eta izaeraren inorantzia gorrian.

D. H.

daude, dagoz

dautate, deuste, didate

dio, dino

ditzagun, daiguzan

ditzaket, daikedaz

gaitezke, gaitekez

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zaitezkete, zaitekeze

zaitzue, jatzue

zezaketen, eikeen

zioen, inoan, esaten eban

zion, eutson


Euskaldungoa

Loiola inguruko ikastolak

Loiola inguruko ikastoletan jarraiko haur talde honeek dabiltza. Sei urterartekoak: 102 Azpeitian, 101 Azkoitian, 12 Urrestillan eta 30 Zeztonan. Sei urtetik hamar urterartekoak: Azpeitian 27, Zeztonan 50. Ikastola guzti horreetako gastuak 2.294.802 pezeta izan ziren igaz. 16 maisu-maistra dabiltza eskolak ematen, eta haurrak autobusez biltzen dira.

Euskal ikastola eta Loiola

Udaberrian perretxikoak baino aldizkari gehiago agertzen dira euskal alorrean*. Gure artean, mila jokaera eta asmotako aldizkaririk gehienak erderaz egiten dira, nahiz eta, hori bai, «Araba», «Gipuzkoa» eta holakoak jarri. Batzuek dinoe, euskal arazoetaz gauza jakingarriak esaten direnean, erderaz ere esatea komeni dala, askok euskeraz ez dakielarik, mundu guztiak «gauza interesgarriok» ulertu daizan. Gure ustez, horregatio, kopla gutxiago eta, gaur edo sekula ere ez, euskera gehiago egin behar dogu.

«Fiestas Euskaras» Durangon

Urte honetantxe ospatuko dira Bizkaiko Durangon «Fiestas Euskaras» izeneko jaialdiak. Sariketa bi eratu dira. Bata, «Primer Centenario Julio de Urquijo», Julio de Urkijo zanari buruz edozein hizkuntzatan egiten dan estudioarentzat. irabazleak 40.000 pezeta jasoko ditu. Bestea, «Premio a trabajos periodísticos sobre Julio de Urquijo»; hau ere edozein hizkuntzatan egin leiteke, eta irabazlearentzat 15.000 pezeta eskaintzen dira. Zelako aurrerakuntza erderari! Argitasun gehiagorako: Comisión Organizadora. Santa María, 4. Durango, Vizcaya.

«Kardaberaz» bazkuna

Euskeraren alde lan egingo duen elkarte berria sortu da. Berria eta zaharra. Aintzinatik, gerra aurretik baitzen «Kardaberaz» bazkuna delakoa: Gasteizko apaiztegian hainbat lan eginiko bazkuna, alegia*.

Orduko apaizgai haiek, jende heldua egun*, urte luzeen etena jasan ondoan, ekin diote berriro bideari. Aski* polita da araudia*, eta honela geratu da zuzendaritza: Don Manuel Lekuona eta Don Anastasio Arrinda lehendakari eta lehendakari ordeko, Don Pedro Berrondo idazkari*.

Aita Kardaberazi zor zaion slogan ezaguna hartu du beretzat bazkunak: «Euskerak burua jasotzea Jainkoak nahi du». Eta helburutzat*, berriz, «Euskeraren bizitza, Euskalerriaren onerako, kristau pentsamenduaren barrenean, euskal izkuntza bati begira».

Beti da estimagarri, ezkerretik zein eskuinetik herriari bultzatuko dion jendea. Bazkuneko izen zerrenda ikusirik, gehienbat jende heldua dela iduritzen zaiku. Beharbada helduegia, gaur egungo gatazkan* kristau pentsamendua eta euskera lotu ahal izateko.

Bizkaiko seminarioko zuzendaritza osotzen dabenak

Bizkaiko seminarioko zuzendaritza jaun honeek osotzen dabe: Miguel Sáez de Cabezón, lehendakari; Juan María Isasi, irakaskintzaren arduradun; Jesús Martínez de Osaba, diruzain; Domingo Larrauri, idazkari*. Horrez gainera, ordezkari bezala hautatuak izan dira: Javier Vitoria, etxe barruan bizi diren arduradunen aldetik; Juan María Lechosa, etxetik kanpo bizi diren arduradunen aldetik; Joaquín Perea, teologi irakasleen aldetik; Rafael Belda, filosofi irakasleen aldetik; Carmelo Arrizabalaga eta José Miguel González, teologi ikasleen aldetik; Francisco Javier Prats, filosofi ikasleen aldetik. Jakina dan bezala, seminarioko arduradun nagusia Gotzain jauna da.

SIADECO eta Goiherriko estudioa

Multikopiaz idatzitako estudio bat dugu esku artean. Zera da: «Soziologiazko Lehen Estudioa», Gipuzkoako Goiherri deitzen den eskualdeari* buruz. Dato eta xehetasuna galanki eskaintzen duen lana, SIADECOk egin duen estudio bipil* hau!

Beste parte bat eman lezakeela dio, Ekonomi Ekintzari dagokiona alegia*, presaz burutu* behar litzatekeena. Orduan emango ditu Goiherriko eskualdeaz egin den estudio honek benetako ondorioak, baldin eta geroaren planifikazio jator bat egitea nahi bada behintzat.

Hiru puntutan banandurik agertzen da estadistika lana: Zer eboluzio jarraitu duen Goiherriko jendeak; zer-nolakoa den gaur eskualde honek duen nortasuna; eta, bereziki*, imigrazioren emana estudiatzen da hirugarren puntuan.

Lan txalogarria hauxe, SIADECO, soziologo gazte taldearen elkarteak eman daukuna! Ez dadila inola ere horretan gera.

Euskal ikastolak eta Loiola

Igaz bezalaxe, gure ikastoletako irakasleek lekua eskaturik zuten, Loiolan jesuita eta monjetan udako ikastaroa egiteko. Hitzarturik bezala ziren elkarrekin.

Orain, «tokirik ez duzue hemen» esanaz atera zaizkie. Hala ere, Elizaren bidetik joaten balira, onartuak izanen lirateke.

Gure andereño-maisuen arteko esamesa* askoren artean (eta guztietarikoak dira) hau da bat: Irakasle organizazioak, elkarte bezala, kristau, katoliko edo Eliza bezalako etiketaren bat eraman behar ote du? Ala, kristau izatea bizitzako eginkizunaren gorabehera ote da?

Iruineko ikastola eta geografia

Zer lan ederra egiten ari diren Iruineko San Fermin ikastolako gurasoak! Nafar lurreko paraje eta monumendurik egoki eta ezagunenak filmatu dituzte, beren haurrei geografia irakasteko.

Jo dezatela gogor nafarrek, ea horrela beste herrialdeetan ere itzartzen garen!


Araba

Gure kondairaren orrialde bat

Julien Vinson euskalariak esan zuen, euskal jakintzan Conte-ren hiru haroak* izan direla. Alegia*, teologi haroa (euskaldunen leinua* Jainkoagandik zetorrela uste zuena), metafisika haroa (frogatu* gabeko gauzak esaten zituena) eta positibismo haroa (gauzak jakintzak eskatzen duen moduan azaltzen dituena). Uste dut, urte hauetan azken haro honetan sartu garela, kondairari dagokionez.

Berriki* argitara eman da positibismo haro honetako kondaira liburu bikain bat. Liburuaren izenburua, «El Carlismo alavés y la guerra civil de 1870-1876», eta egilea, Julio Aróstegui erdal historiadore gaztea, Andaluzian sortua eta Gasteizen irakasle dena. Zalantzarik* gabe, gai honetazko liburuetan hoberenetako bat da Aróstegui jaunarena.

Oraintsu arte, karlismoari buruz idatzi ziren liburuek ez zuten balio haundirik, batez ere sintesi bat bilatzen zituenentzat. Zeren* liburu hoiek gudaketa hau edo hura kontatzen daukute, edo alde bat defendatzeko idatziak dira, apologetikoak dira.

Akats hoik aldez* erremediatzera datorkigu Aróstegui jaunaren liburu lodia (362 orrialde) eta sakona. Aldez esan dut, zeren* karlismoaren inguruan ez zaie oraino galdera guztiei ihardesten*. Baina hasiak gara. Egileak ba du bere merezimendua, eta haren liburuan geroko finka gaitezke.

Lehen galdera* eta nagusia hau izaten da: nor zen Karlosen alde eta nor liberal? Arósteguik diosku:

Laborantza eskualdeetan*, Karlosen alde, nekazari xeheak, apaizak eta jabe haundi feudozaleak. Liberalen alde, lurjabe haundiak, «desamortización» delakoari esker aberastuak.

Arabako Herrioxan garbi ikusten da klase burruka bat. Alde batean nekazari liberalak, «desamortización» delakoarekin aberastuak. Eta bestean nekazari kontentagaitzak, Karlosen alde zeudenak.

Gasteizen, karlistak, beheko klasekoak, apaizak, ikasle-irakasleak. Liberalak, erdiko klasekoak eta beheko zenbaitzuk.

Jakingarria da nola desegin zen Gasteizko Unibertsidadea. Gobernadoreak harmak hartzeko agindu zien irakasleei, eta, hauek ezetz ihardetsi* ziotenez gero, harek Unibertsidadea hetsi* zuen.

Behin baino gehiagotan aipatzen ditu Arósteguik karlismoa eta euskalduntasuna: «Puede decirse... que el carlismo acentúa su superioridad en las zonas de más acusada etnia vasca, para ceder progresivamente a medida que entre la población avanza la influencia castellanizante».

Hala ere, konklusioak emateko tenorean* agertzen zaiku Arósteguiren liburuaren parterik ahulena*. Zeren* egileak, azken finean, ez daki zer esan; ez daki karlismoaren fenomenoa nola esplika. Baina aski* egin duela uste dut.

Gauza bat, ordea*, ikusten du irakurleak: foruzaletasunaren indarra, alegia*. Foruzaletasun hori Arabar liberal askok ere ba zuten (Belascok, Morazak...). Hargatik, hain zuzen, konpromiso baten bila ibili ziren bi parteak, «Bakea eta Foruak» konsignatzat harturik, lehen karlistadan Muñagorri notarioak hartu zuen bezala.

Arabako karlista eta liberalak, foruak galtzeko arrisku gorrian zirela ohartu* ziren. Puntu honetan interesgarri da, Belasco Gasteizko alkateak Vidalginea karlisten justizi idazkariari* idatzi zion gutuna*, bi parteen foruzaletasuna, foruak galtzeko arriskua eta konpromiso baten beharra behin eta berriro ager eraziz. izan ere, Cánovas lehen ministroak, guztientzako lege berberak nahi zituela aditzera eman zuen.

Penagarria da, atzerazale edo erreazionario asko karlismoan sartuak zirela. Lehen ikusi dugunez, nekazari xeheen ondoan jabe haundi feudozaleak ere Karlosen alde ziren. Zumalakarregiren guduan bezalaxe, ordukoan ere herria absolutisten alde agertu zen. Absolutismoa liberal guztiek kondenatzen zuten, eta ez foruak. Arabako liberal haik*, Madrilek emandako libertadeaz ez baitziren fidatzen. Lapurdiko bertsolariak bezala esan zezaketen:

«Liberté, egalité, fraternité,

hitz polit hoik egia balite!»

Orduko Arabar gehienak, jakina denez, Madrileko agintzapean askatasunean bizi zitezkeela uste zuten. Eta haien Euskal Herria «Irurac Bat»ekoa zen. Ez dugu ahantzi* behar, sasoi hartan Xenpelarrek berak ere «gu gera hiru probintzi» kantatzen zuela.

Zorionak Aróstegui jaunari, gure kondaira ezagutzen lagundu daukunari.

DANIEL HIBARGOITI

dauku, deusku, digu

daukute, deuskue, digute

zaie, jake

gaitezke, gaitekez

zaiku, jaku, zaigu 

zeuden, egozen

zezaketen, eikeen

zien, eutsen

zion, eutson

zioten, eutsoen

zitezkeen, eitekezen


Araba

Arabako diputazioa eta ekonomia

Orain dela urte guti, industrializazio aurreko garaian bizi ginen Araban. Gaurko egoera, berriz, beste bat dela esan daiteke, nahiz eta oraino lehengo garaiko zenbait* ezagugarri agertzen den. Izan ere, probintzia hau nekazaritzatik industriara pasatu da, alderdi batzuek oraino mugidura motelago bat eduki arren. Lehen Gasteiz huriburu artisanal eta burokratiko bat zen. Gaur hiri* industrial bat bihurtu da, Bizkai eta Gipuzkoako hiri eta herrien antza edukirik. Lehen patatak bezala, orain tornuak etorri zaizkigu, baina besterik ez. Hala ere, ba ditu Arabak, beste euskal probintziek ez dituzten erraztasunak, kapitala eta teknika berriak ekartzeko. Eta, jakina denez, aipatutako bi gauza hoik (kapitala eta teknika) beharrezkoak ditu Euskal Herriak. Tornuak etorri ondoren, kimika, elektronika, abioigintza eta abar etorri behar dira.

1950-1970 urtebitartean muntatu dira Araban, Gasteizen batez ere, Gipuzkoa eta Bizkaitik etorritako lantegiak. Etortze honen arrazoiak asko dira. Hona hemen nagusienak. Lehenik, gure bi probintzia hoietan «Gasto Público» delakoaren urritasunak (Estaduak bi probintzia hoietatik ateratzen dituen irabaziak baino askoz gutiago, noski*) herbestean baino koste haundiagoak ekartzen zizkien lantegiei. Bigarrenik, lantegien muntatzeari buruz diskriminazioa erabiltzen zen, honek ere Euskal Herritik kanpora kapital esportazioa eraginez. Hirugarrenik, eskoletatik irtendako langile espezializatu ainitz* zegoen. Laugarrenik, Gasteizko Udalak* lantegiak muntatzeko lur merkeak eta egokiak zituen, eta abar. Harritzekoa bada ere, lantegietako jabe gehienek diotenez, Arabak duen sistema fiskal berezia ez da izan haien etortzearen arrazoi nagusia. izan ere, industrializazio aurreko interesei loturik zeuden zenbait lagunek maneiatzen zuten Diputazioa, eta honek ez zuen horregatik industrializazioa zuzendu. Hala ere, egia esan, hemen muntatzen ziren lantegiei zenbait* abantaila fiskal eman zien.

Industrializatze honek nekazaritzatik irtendako langileak ekarri dauzkigu Gasteizera, Euskal Herriko zenbait tokitatik eta Peninsulako beste askotatik. Guretzat, ekonomi arrazoiak aparte, garrantzi haundiko dela esan daiteke, Gipuzkoa eta Bizkaiko langileen etortzea, bai euskal kultura aldetik, bai politika eta sindikalismo aldetik, giza alderdi hoik inoiz egon ez diren mailara goratu baitituzte.

Gure probintziak (berdin esan daiteke Nafarroaz), Bizkaiak eta Gipuzkoak galdutako ekonomi tresna bat daduka, lan ekonomiko-politiko egoki bat egiteko. Ekonomi tresna horrek, hots*, «Concierto Económico» delakoak, 1977. urterarte du iraupena, oraingo egituran* behintzat. Beraren bidez, Arabak ia libre jokatzen du bere sistema fiskalean. Zenbait arlo, esate baterako, erregebideak, nekazaritza, mendi-basoak, abelazkuntza*, «gastos compensables» deritzenak, Diputazioaren babesean daude zuzenki; Bizkaian eta Gipuzkoan, ostera*, Estaduarenean.

«Concierto Económico» honek, nahiz eta ekonomia kapitalista batetan sartuta egon, zerbitzu onuragarriak* ekartzen ditu gure herriarentzat. Eta beraren erreforma hurbil* izanik, guztiz beharrezkoa da, ekonomi tresna hori defenditzea, Diputazioan oraintsu sartu diren zentralisten interesen kontra. Aldi berean, «Concierto» horren aldeko diputaduek azkarki jokatu behar dute alde guztietatik (kultura, teknologia, ekonomia aldetik), probintziaren eta Euskal Herriaren interesak zaintzeko.

URKIJO

daduka, dauka

daude, dagoz

dauzkigu, deuskuz, dizkigu

zaizkigu, jakuz

zeuden, egozen

zien, eutsen

zizkien, eutsezan


Araba

Arabako elizaren aurpegi ilun bat

Apaiz mailatik abiatuko naiz, Arabako Elizaren alderdi batzuk gaingiroki* azaltzerakoan. Ez Elizaren alderdi nagusia apaiz eta erlijioso mailan ikusten dudalako, maila nabarmena eta agiriena hori delako baizik. Ba dakit, Elizaren egiazko mamia ez dagoela klerikal mailari lotua, baina egiazko mamia periodikoratzea zail da.

Apaizak

Goazen numeroetara. Arabako elizbarrutiak 405 apaiz ditu aurtengo urte honetan. Hoietatik 188 Gasteizen bizi dira. 188 hoietatik 40, haundien eta ttipien seminarioetan.

Oso apaiz gazte gutti dago Gasteizen. ia gazte denak herri eta auzo koxkorretan daude. Apaiz «geldigor» gehienak, asko ez badira ere, herri ttipietan bizi direnak dira. Ez dago gehiago esan beharrik, Gasteizko parrokia gehienak oso tradizionalistak direla jakiteko.

Seminarioa

Teologia eta filosofiako urteak batera doaz, igaztik hasita. Sei urte dira guztitara. Sei urte hoietan, 121 ikasle dira orain. Hoietatik 57 kanpoko, eta 64 Arabako. Joan zen urtean 8 apaizgai apaiztu ziren.

Erlijiosoak

Erlijiosoen komunidadeez ere zerbait esateko, 89 dira gaur Araba osoan, eta hoietatik 51 Gasteizen bertan.

Seglar mugimenduak

Carlos Abaitua apaizari galdetu diot: «Nola ikusten dituzu Arabako seglar mugimenduak?» «la ezer ez dago» erantzun daut. «J.O.C hil zen. Oraintxe berriz ere zerbait egin nahian ari dira batzuk. H.O.A.C. mugimendutik ia hondarrik ere ez da gelditzen. Cursillos de Cristiandad-ekoak dira, zerbait mugitzen direnak. Baina hauk* ere gainbehera datoz. 40 urtetatik gorakoak dira gehienak, eta burjes mailakoak gainera. Escuela Social delakoa zerbait egiten ari da, eta ondo xamar doa».

Baina, dena dela ere, mugimenduak lozorroan daude, eta itzartzeko itxurarik ez dute.

Euskarazko mezak

Gasteizen hiru meza ematen dira gaur egun euskaraz, larunbat* eta igandeetan. Eta beste meza bat larunbatero, euskara-erdaraz.

Euskarazkoak, Brigidetan, Marianistetan eta «Jesús Obrero»n ematen dira. Bi hizkuntzetakoa, berriz, Reparadoras-etako elizattoan.

Jendez ongi hornituak ikusten ditugu meza hauk. Batez ere gazteen meza. Gitarra, euskal kanta, euskal giro, irakurgai eta hitzaldiak atsegin ditu gazteri sail on batek. Fedea eta bere euskaldun izatea bat egin nahi dituenak ez du Gasteizko parrokietara joaterik. Parrokia eta komentu eta kolejioetako eliza guztiak zeharo espainol dira, ez hizkuntzaz bakarrik, bai eta gaiz eta planteamenduz.

Hori dela ta, fede aldetik euskal arazoaren erantzun bat bilatzen duten gazteak, euskara-erdarazko meza horretara doaz. Gazte hoietatik gehienak, euskara ikasten ari direnak dira.

Eztibalizen ere ba da meza bat bi hizkuntzetan, igandero, goizeko hamaiketan. Goiz pasa nahiz egun pasa doazen mendizaleak eta beste zenbait* Gasteiztar izaten dira meza horretan. Eta hilabetean behin, azken igandez, hamaiketako meza horretan, euskarazko bataioak izaten dira. Orain arte izan diren denak, Gasteizkoak izan dira.

Legutianoko krimena

Herrian oraino euskara barra barra entzuten delarik, apaiz guztiak erdaldunak dira, eta meza bakar bat ere ez da euskaraz. Biharko egunez Legutianon* euskara zeharo galtzen bada, Arabako gotzainak eta Legutianoko apaizek ezingo dituzte, Pilatosek bezala, eskuak garbitu. Betirako errudun geldituko dira, eta geroaren barkamenik ez dute lortuko. Herriaren gaizkile eta hiltzaile bezala sartuko dira Arabako historiaren gurpilean*.

Guk ere Gasteiztik zerbait gehiago egin behar genuke, hango egoera aldatzearen alde. Oraindik ez dakigu nondik has. Lehenengo urratsa*, Legutianoko jende gazte talde bat iratzarri eta protesta bidean ezartzea izango litzateke, beharbada.

Katedral berriko dorreak gero eta gorago

Katedral berriko dorreak gorantz doaz. 50 milioitik gora emango dira, hoik* jasotzeko. Baina zu, inuzente hori, horrelako huskeria bategatik eskandalizatzen bazara, burugabea zarelako eta hemengo elizgizon azkar batzuen kriterio azkarrago batzuk ezagutzen ez dituzulako da, segurki. Hoietako batek honela azaldu zuen behin bere kriterio sakona: «Estaduak 50 milioi ematen dauzkigunez gero, zergatik ez dugu aprobetxatu behar laguntza hori?» Beste batek honela erantzun zion: «Hori esatea, Etikaren alfabeta ez ezagutzea da; eta berdin litzateke, beste hau proposatzea: emagalduen etxera ekarri nautenez gero, zergatik irten hemendik, denbora eta emakumeak ondo aprobetxatu gabe?» Baina alferrik! ikusia dadukagu, Etikak ez duela kasu hauetarako balio.

Katedraleko apaizak ere ez omen dira dorretan hainbeste gastatzearen alde. Baina, hala ere, harako izendatu zituztenen, ez zuten ezetzik esan, eta orain ez dute handik alde egiteko asmorik agertzen. Apaiz talde batek hitzemana du, katedral berrian inoiz ez sartzea. Seglar batzuek ere ez dute onartzen parrokia horretako izatea, eta parrokiarik gabe daude, Zerbait da.

EUSEBIO OSA


Ondarroako «Artape» taldeari

«Artape» izenagaz, Ondarroako neska-mutil talde bat ezagutzen da.

Hareei, gaur, berandu xamar izan arren, erantzunak dakartsedaz nik.

Hiru-lau aldiz emakumeen gaiak erabili nituan igaro dan urtean. Emakumeen urtea zan, eta nazio guztietan egin zan lan berdina: emakumearen askatasun jatorra, berezkoa, aipatu.

Ni ez naiz filosofoa, ikasle makal bat baizik; eta honetariko harremanakaz asko ikasten dot, eta alderdi honetatik pozik nago.

«Artape» taldearen hiru galdera garrantzitsuenentzat beste hiru erantzun biribildu ditut.

Neska-mutil horreek harriturik utzi nituan, ideia abstraktuakaz eta nahaste haundia sortaraziaz.

Horixe da gure gizarteko arazo latzena: nahasteak, iluntasunak; eta danon artean argia bilatu behar dogu, gizarte hobeago batentzat bide berriak arakatuz*.

Argizalea izan nahi neuke; eta bildur naiz, neure eritziz egia erabili beharrean, egia ez dana erabiliko ote dodan. Bai, orain arte, sarritan oker egon naiz (inoiz, gure gizartean alienaziorik ez dagoela esan dodanean); eta ez neuke gura, hemendik aurrera, holako okerkuntzarik esan.

Lehendabiziko erantzuna

Lehengoan esaten neban, zapalkuntza asko dagoela, ez emakumeen gizartean bakarrik, bai eta gizonen gizartean, gizonen alderdian ere. Eritzi hau ezin leiteke ukatu. Neure artikuluan esaten neban, emakume batzuek alkate mailaraino igoteko eskubidea dabela, eta guk gizonok ez. Beste gizon batzuek ba dabe eskubide hori, baina beste askok ez. Honegaz esan nahi dot, gizon guztiok eskubide hori ez daukagula.

Eskubide horretaraino heltzeko, kondizio batzuk* bete behar ditugu; edo bestela, arlo honetan, politikaren arloan, betiko marjinatuak biziko gara, bai gizonak eta bai emakumeak.

Bigarren erantzuna

Gizon eta emakumeek, lan berdinagaz, sari berdina hartzen dabela esaten neban neure artikuluan.

«Non dira empresa horreek?» galdetzen deuste Ondarroatarrek «guk behinik behin ez dogu ezagutzen horretariko lantokirik».

Horretariko enpresak dira, esate baterako, bankoak edo diruetxeak, seguruak, dendak eta honetariko enpresak, hirugarren arloko lantokiak batez ere.

Espainian, igazko abuztuaren 20an hartu zan erabaki garrantzitsu bat, emakumeek lanerako dituen eskubideak arteztuz; eta esan geinke, gaur egunean, sozialisten gizartean, emakumeek ez daukela hainbeste eskubiderik lantokietarako.

Ingalaterran ere gauza berdina erabakia izan da, «Equal Pay Act» dalakoaren bidez. Lege berri hori, 1970.eko maiatzaren 29an, bertako erreginak izenpetua izan zan.

Honetariko lege guztien oinarri orokarra*, hau izan da: «Lan berdinari sari berdina dagokio». Oinarri hau ez da orain arte onartua izan, eta horregatik zapalkuntza berezi bat egon da emakumearentzat lanaren arloan.

Lege horren ondore guztiak ez dira agertuko 1975.eko abenduaren 29rarte, Ingalaterran. Hemen, gure gizartean eta guk ezagutzen ditugun lantokietan, emakumeek, lan berdinagaz, sari berdina hartzen dabe; eta, gainera, eskubide honeexek, beste askoren artean, daukez:

Ezkontzen direnean,

- enpresa berdinean, lanean jarraitzeko eskubidea.

- lan ituna* hausi, dotea hartu eta enpresa uzteko eskubidea.

- bat edo hiru urteko oporrak* hartzeko eskubidea.

- gizonaren herrira joan behar izanez gero, herri horretan lan berdina hartzeko eskubidea eta erraztasunak.

- seina* egin orduko, oporrak hartzeko eskubidea.

- egunero ordu bat libre, umeari ugatza* emateko.

- lantegietan, lanerako kondizio onenak emakumeentzat izango dira.

Mendebaldeko* nazio askotan eskubide berdinak aurkitzen dira; Ekialdekoetan*, ostera, ez horrenbeste.

Hirugarren erantzuna

Askatasuna sistema guztietan lortu leitekela esaten neban. Bai, hori egia da. Sistema batzuen babesean askatasun hori astiroago lortzen bada ere, beste estruktura egokiago batzuekin, berehala zabaldu leiteke askatasun berezi hori gizartean. Estruktura egoki horreek lortzea gure eskuetan dago, ez ehuneko ehunean, baina bai ehuneko hogetamarrean gutxi gorabehera; eta, ehuneko hogetamar hori betetzen badogu, irauli egin geinke geure gizartea. Mirakuilurik ez da eskatzen, gure eguneroko lana egitea baizik. Gure eguneroko lan bat, beste askoren artean, gizonaren eskubide jatorrak aipatzea da; eta horixe egiten dot gaur, besterik ez.

Gizon edo instituzio txarren erantzupidea zenbatzen ari bagara bakarrik, ez dogu gauza haundirik lortuko. Baina, hori bai, erantzunkizun hori aipatzea zilegi* da, eta behar beharrezkoa gainera.

Konkretua izan naiz gaur, ez da?

S. LARREA


Ikastola

Haur ttikien heziketa

Hiru urte, Haur Baratzeetarako adina*; sei urte, oinarrizko irakaskintza hasteko sasoia. Umeen bizitzarako garrantzi handia duten garai bi. Lehenengoa —Haur Baratzeetara bidaltzea— gurasoen esku geratzen bada, bigarrena —oinarrizko irakaskintza hartzea— derrigorrezkoa da; baina bata zein bestea oso garrantzizkoak, batez ere gaur egun irakaskintza on batek eskatzen duenari erantzun jator bat eman nahi bazaio. Guraso askok, lehenengoa bazterturik, bigarrenari bakarrik ematen diote inportantzia; baina kontuan izan behar dugu, elkarren artean hestu hestu lotuta daudela, nahiz eta azalean arazo desberdinak legez* agertu.

Umea adin* batean zein bestean ikastolara hasten denean, lehenengo egunek duten inportantzia hobeto ulertzeko eta arazo honi hobeto erantzuteko, gurasoek jakin behar lituzketen zenbait* dato azaldu nahi nituzke hemen. Integrazio horren lortzeak sortarazten dituen eragozpenak gainditzeko laguntza bat eman nahian, artikulu honen jarraipenetan ukituko* ditugu umearen eskolaratzeak dituen alderdi batzuk.

Lehenengo egunen garrantzia

Kontuan izan dezagun, benetako integrazio bat lortzeko, eskolako lehen egun hauek aparteko garrantzia dutela; lehen egun hauetan entzungo duen soinuaren arauera* dantzatu beharko baitu umeak. Umearen etorkizuna, irakaskintzari buruz, lehen egun hauetan hartutako bideetatik zehar joanen da; eta, hori dela ta, arreta handiz jokatu behar da.

Batek baino gehiagok, Haur Baratze bateko umeak beren zereginetan su ta ke ari direla ikusten baditu, denbora ematen dabiltzala uste izango duke*; baina, bai zera! gerorako, ikasketa sakonagoak egiterakoan beharko dituzten garairako oinarriak jartzen dabiltza.

Haur Baratzeetako sasoi honetan, gurasoek, bereziki* amek, berek izaten duten iaiotasun berezi horren bidez, zuhur jokatu behar dute; eta andereñoekin, heziera* on bat lortzeko beharrezkoak diren harremanak izan behar dituzte. Harreman zintzo eta jatorrak, mesfidantza gabeak. Horrela, umeak, gorputza haziaz doazen neurrian, adimenez ere haziaz joanen dira.

Umeak Haur Baratzeetara bidaltzeko edaderik egokiena hiru urtekoa da. Inoiz urte bi ta erdikoak ere hartu dira, baina hau ez da normala. Hiru urte bete gabeko umeentzat beste leku batzuk daude: Haur Zaintegiak. Haur Zaintegi* eta Haur Baratzeetako zereginak oso desberdinak dira, bakoitzak bere betebeharrak baititu. Ez ditugu gauza biok nahastu behar.

Gaur egun, Haur Baratze batera sartzerakoan, hainbeste gaixotasunen kontra ematen diren xertoak* hartuta egon behar du umeak. Zorionez, umerik gehienak ttiki ttikitatik xerto hauk* hartuta egoten dira, eta, hori dela ta, kondizio hori ez da derrigorrez eskatzen; baina gizarte barruko eskaera hori betetzen ez duten gurasoei, eskatu beharra dago. Kontuan izan, inoren umeari egin lekiokeen kaltea. Eta guretzako nahi ez duguna, besterentzako ere ez dugu nahi izan behar.

Etxeko giroaren jarraipena

Haur Baratzeak, hiru urtetik sei urterarteko haurrek behar duten guztiari ahalik eta ondoen erantzuteko gertatzen dira. Benetako ikastola bat izanik, Haur Baratzea etxeko giroaren jarraipen bat da. Holako giro batean, haurrak zoriontsu aurkitzen dira, eta era* izaten dute, beren baitan dituzten gauzen zergatia jakiteko egarri bizia asetzeko. Eginkizun berri batzuen bidez, benetako nortasun batera irixteko* bideetatik abiatzen dira, eta, etxean girorik aurkitzen ez dutelako, landu gabe edo oso gutti landuta geratzen diren ahalmenak jorratzen dituzte. Eginkizun hauen artean aurkitzen dira: ore* moldaketak, paper mozketak, pintura, marioneta jokoa, eta abar. Erdi jolas diren eginkizunak, eta biharko gizonak behar izango dituen oinarriak jartzeko lagungarriak.

Haur Baratze batek guztiz onuragarri* den beste alderdi bat ere ba du: lagun arteko bizitzaren esperientzia. Azken hau garrantzi handikoa da, batez ere seme bakarrentzat eta etxeko umeen artean urte askotako aldea dagoenean, zeren* eta adin berdineko umeen arteko harremanak behar beharrezkoak izaten baitira.

Elkarren arteko bizitza

Umea, bere bizitzako lehen urteetan, bere baitan mundu hitxi* bat eginda egoten da. Apurka apurka bere inguruan bizi direnei zabalduaz doa, batez ere amari, aitari eta neba-arrebei.

Adin honetan, bere «gauzatxoak» ondo egiten eta garbitasuna zer den ikasten ari da; eta hizkuntza eta pentsamoldea oinarritzen hasten dira. Umearen bizitzan hain garrantzi handiko den une honetan, amaren beharrizana premiazkoa da. Baina, umea behin hiru urtetara helduz gero, bere inguruaz arduratzen hasten da: nortzuk, zer eta nola diren, eta abar. Sarri askotan, umearen inguruan guztiz kaltegarri den giro bat egiten dugu; beraren eta etxetik kanpoko munduaren bitartean «orma» bat jartzen dugu, eta hori ez da bidezkoa. Umearen etxeak ez du hesi* hitxi bat izan behar, munduaren ta umearen arteko elkarbide bat baizik.

Orain arte ezagutu ez dituen bere edadeko beste laguntxoekin harremanetan hasteko eta umeek osatzen duten «gizarte berezi» horretan sartzeko garaia da.

ARANTZA

daude, dagoz

dezagun, daigun

diote, deutsoe

lekioke, leitekio

lituzkete, leukeez

zaio, jako


«Gorutz» izeneko artista taldea sortu da Eibarren

Eibarren, azken urte hauetan goraka zetorren arte giroak bere bide berriak ireki ditu. Izan ere, Zuloaga eta Olaberen denboratik lo zegoen arte kezka; eta ba dirudi, azken boladan* kementsu iratzartu dela. Aspalditik ari ziren artista gazteak beren lanen erakusketak antolatzen; «Club Deportivo» eta «S.C.R. Arrate» ren babespean urtero bi edo hiru erakusketa egin izan dira herriko semeentzat, eta maizago* herbestekoei tokia utziaz.

Ekintza honek, bere ondorengo frutuz, nahi eta nahiezkoa zuen, artea errealidadearen kopiatzailetik estetika berrien sorketazko mugetara eramatea. Beti hala gertatu baita*.

Bere barneko kezkak egon ezinera bultzatzean, artistak plastikaren bide berriak urratzera jotzen du eta sorketa hartzen du helburu*. Eta Eibarren ere ezin zitekeen bestera gerta. Eta honekin, Eibarren, artea zorioneko bideetatik abiatu den eritzia dugu. Honetan ez dugu dudarik, eta beren erabakiz «Gorutz» taldekoek hartu duten bidea txalotu beharrean gara.

Lehengo talde orokarretik* eten dira —artearen jokabidez eten dira, elkarren arteko adiskidetasuna hautsi gabe— eta bost laguneko talde berezi bat osatzen dute, «Gorutz» izenez. Hauk* dira taldea betetzen dutenak: Paulino Larrañaga, Fernando Beorlegi, Iñaki Larrañaga, Mario Plaza eta Daniel Txopitea, beren adinezko* ordenan.

«Gorutz» talde honek bere bultzatzaileak izan ditu —Eibarren artea aski* heldua aurkitzen denez, kasik beharturik baitzeuden holako erabaki bat hartzera—: zenbait* arte-zaleren kontseiluetatik aparte, Antton Sarasketa Pike's-eko zuzendaria batez ere.

Bostok, elkarren artean, berezko izatez eta formazioz desberdin dira. Izan ere, ez dute elkarren antzerakoak izan beharrik; bakoitzak bere era eta bidea lantzen dute gorunzko jo-mugetara. Elkarrekin biltzeak* elkarri-laguntzea dakar: barnetikako kritikak egiteko, eskola librezko giroa indartzeko, erakusketak antolatzeko, eta abar. Eta horrela landu, bakoitza bere bidean eta bakoitzak beretik urrutiagoko bideak era esperimentalean aurreruntz urratuaz.

Beren lanak, eginala*, «Astelena» izeneko snack-barrean edo Pike's-eko diskotekan jartzen dituzte. Gainera, Deban Koldo Azpiazu antolatzen ari den arte-eskolaren laguntzaile dira.

Hara, taldea osatzen dutenen bereizkuntzak:

Paulino Larrañaga da taldeko zaharrena (edo nagusiena, Eibarren esan ohi den bezala). Pintura eta zurezko* taillak egiten ditu. Adinak* ere horretaratzen duelarik, guztietan klasikoena da; Arteta eta euskal eskola haren geroztikoen eraz ari da. Esku azkarra benetan; eta bere lanak, ondo bukatuak baino gehiago gustatzen zaizkit erdiz bukatuak, zeren* halakoa baita* bere trazo bizkorra, maiz*, lana bukatzean, tapatzen duena. Kolore ilunak ditu; gorriskaz edo urdinez inguruak giroturik egiten dituenean, hobea iduritzen zaiku. Ba daiteke, zurezko tailletan dohain* hobeekin agertzea. Estudio bat beretzat aparte jarri du, Bidebarrieta kalean; eta izan daiteke hau bere kaltetan, zeren*, besteengandik banatzean, elkarren girotik urrutiratzeko arriskua baitu.

Fernando Beorlegi, taldeko eskolatuena, saiakera berriekin zeharo arduratua, beti bide berrien kezkak eraginda, urtetik urtera aldakor. Bere azken saioetan begien bistarako teknika era berriak estudiatzen ditu, op-art eta pop-art delakotik hasi eta harat abiatuaz. Bere lanak buruzko nekearen pisua nabari* du, eta bere tenperamenduari ez dio honek kalterik egiten.

Iñaki Larrañaga isilik baina optimismoz beterik ari da; bere lana abstrazio hutsa da, sentsibilidadez beterik. Bere saiakerok aurrerapenezkoak ditu. Maiz* pinturarekin eskultura nahasten du, bere estetika berrien bilaketan.

Mariano Plazak pintura eta eskultura egiten ditu. Lotsatia eta bere buruari guttietsia* da. Ez da artean eskolatua, eta ez da ausartzen bere gisako bideetatik abiatzera, eta ba du honetarako dohainik; sentsibilidade handikoa denez, haur-girozko gauza fiñak egiten daki. Baina batez ere modelatzeko esku berezia du, eta, gure iduriz, honetara gehiago itzuli behar litzateke.

Daniel Txopitea, guztietan gazteena; kementsua ere bai noski*. Etorkizun zabala du bere aurrean. Adorerik* ez zaio falta. Ba daki artearen berri, eta estudiatzen jarraitzeko gogo bizia du. Danetatik entregatuena da, eta, gainera, bide seguru batean goruntza ari da. Herriak ulertzeko erara lan egin nahi du; irudi bidez jardun arren, abstrazioz inguratzen ditu irudiok. Bere sentimenezko ideiak adierazteko koloreak eta hauk eramateko erak gama baten barnean giroturik ager erazten ditu. Ondo ari da, eta, hala ere, bere buruarentzat kontenta gaitza da. Beretzat hobe. Honek erakusten baitauku, artista gazteak etorkizun oparotsua duela. Ona bada ere, frutu hoberik espero dugu beragandik.

«Gorutz» talde honek, Pagei kaleko ganbara batean du bere estudioa. Udalarena* da. On asko egiten diete toki txiki hori uztean; baina uste dugu, hori baino toki handiago eta egokiago bat merezi dutela.

Bestalde, talde honek bere erakusketekin Eibartik irten beharra du. Beretariko batzuek parte hartu izan dute Donostia, Bilbo eta Gasteizko zenbait* erakusketatan, sarituak ere sarri izan dira; baina beren indarra gartsuki agertzeko ordua dute, eta beharrezkoa zaie, talde bezala, hiri* hoietan eta beste batzuetan erakusketak egitea; beren dohainak ezagutzera emateko, mundu zabalera azaldu beharra dute, zeren* profesionalik aski* ba dira bazterretan hauk baino askozaz txarragoak direnak. Beti txoko zuloan jarduteak ez dio onik egiten artistari. Artistarentzat hesirik* altuena, mugarik gogorrena, bere herrikoa da: inor ez omen* da profeta bere herrian.

JUAN SAN MARTIN


Euskaldungoa

Ipar Aldetik bi berri

Bi lantegi berri Baionako eskualdean

Baiona eskualdean* lan gabezia izugarria dela berriz esan baneza ere, egia latza baizik ez liteke. Joan den bospasei hilabete honetan, lan eskasia emendatu* baizik ez da egin, zorigaitzez; eta den tenorean* hiru mila langilez goiti* lanik gabe daude.

Arrabotsik* haundiena egin duen lantegia, ez da dudarik, «Biarritz-Shoes» izan dela, zeren* eta lantegi honetako 860 langile bat batean lanik gabe gertatu baitira. Langileak ez direlakotz lo egon, eta herrigizonak mugierazi dituztelakotz, oraingo zeru ilun honetan argi izpi bat agertu zaiku, bi lantegi berri Baionako eskualderat etorriko direla jakitean.

Lehen lantegia zapatagintzarako muntatuko da. Muntatze erreza izanen du, zeren* eta «Biarritz-Shoes» eko lantegi batean hasiko baitzaiku apiril honen hamahiruan, lantegi zaharreko 100 langilerekin. Urte hau burutu orduko, 400 langileri irabazpidea emanen diela hitzematen du lantegi berri honen nagusiak.

Bigarren lantegia Mugerren eraikia izanen da. Lantegi honetan su hiltzeko tresnak eginen dira. Hemendik bi urte barne, 400-500 langileri lana ekarriko diela dio honen buruzagiak.

Bestalde, aspaldiko urte hauetan Angeluko lurretan dugun Breguet deitu* lantegiak, heldu* den abendua aitzin* 120-150 langile hartuko omen* ditu. Lantegi honetan airekoen zati batzuk egiten dituzte.

Beraz, berri hauek esperantza eder bat ematen diote Baionako langileriari. Gauza jakina da, haatik*, berri on hoik* ez direla oraino obratuak, eta, obratuak izanen direlarik ere, oraino bi mila langile lanik gabe geldituko dela, anartean* ez bada beste lantegi berririk etortzen eta tokian diren bakar hauk* ez badira haunditzen.

GEXAN LANTZIRI

baneza, banei

daude, dagoz

die, deutse

dio, dino

diote, deutsoe

zaiku, jaku, zaigu

Euskal erakunde berri bat Baionan

Joan dan martxoaren 1ean eraikia izan da Baionan «Euskal Elkargoa» izeneko erakunde* berri bat. Haren zuzendaritzarako hautatuak izan dira: Paul Legarralde, lehendakari, Ximun Haran, idazkari*, eta Iñaki Hernandorena, diruzain. Hona hemen elkargoaren* helburuak: euskal arazoetaz arduratzen diren pertsona eta erakundeen zerbitzuan egon, euskal liburu ta diskoak zabaldu, eta euskal jaiak antolatu.

Haritschelhar jauna alkate

Mugaz handik arrabotsa* frango ibili da, Kontseiluko (Udaleko*) herri gizon berrien hautatzea dela ta.

Larramendy jaunak ez du irabazi Donibane Lohitzunen. Baigorrin, ostera*, Haritschelhar jauna, Euskaltzaindiko lehendakari orde dena, auzapez edo alkate izan da hautatua. Gure zorionak!

«Denak Argian» aldizkaria

Bi hilabeterik behin agertzen da Ipar Euskal Herrian «Denak Argian» izeneko eliz aldizkari bat. 48 orrialde ditu. Gehiena frantsesez dator eta pixka bat euskeraz. Bere salneurria 5 franko dira; eta bere 45. alean dino, Donibaneko Urdazuri auzoan laster eliza bat eraikiko dala. Urdazuri horretan ba dira hainbat apaiz, hemendik ihesi joanak.


Anaitasuna-ren bigarren inkestari erantzunak (I)

Euskal aldizkarien irakurleak euskaldunen elite bat badira, zuek, gure inkestari erantzun diozuenok, elite honen elitea zarete, ekintzarako gertu zaudetela adierazten duzuelako. Mila esker zuoi, eta aurrera!

Jaso ditugun erantzunak 132 izan dira, eta haiei dagozkien zehaztasunak hauk dira:

Urteak

20 urtetatik beherakoak 42

21-25 urte bitartekoak 36

26-30 » 15

31-40 » 22

41-50 » 6

50 urtetatik gorakoak 11

Ikusten denez, gazteak dira gehien erantzun dutenak. Zergatik?

Denbora gehiago dutelako? Euskeraz idazten hobeto dakitelako?

Euskeraren alde zaharrak baino kontzientziatuagoak direlako? Gai interesgarria, behar den moduan sakontzeko.

Sexua

Gizonezkoak 109

Emakumezkoak 23

Gizonak, lau bider gehiago. Arrazoiak: Euskeraren alde zaletasun desberdina? Emakumearen benetako promozioaren falta? Nork jakin!

Burgosetik, 23 urteko gazte batek hau erantzun du: «Ez gaitezen sexistak izan».

Ikasketak

Zein mailatako ikasketak egin dituzte gure erantzuleek? Hara:

Lehen mailakoak 15

Bigarren mailakoak 54

Unibertsidadekoak 63

Ogibidea

Profesioari bagagozkio, honela banatzen dira erantzuleak:

Esku-langileak 18

Ikasleak 38

Buru-langileak 76

Ezkonduak?

Bai 33

Ez 94

Maitasun librekoak 5

Eta orain goazen, erantzunak azaltzera.

1. Non eta norekin ikasi duzu, euskeraz idazten eta irakurtzen?

Etxean, inoren laguntzarik gabe 85

Seminarioan 14

Alfabetatze kanpainetan 28

Euskal ikastolan 5

Fraile eta monjen kolejioetan 0

Eskola nazionaletan 0

«Alfabetatze kanpaina batetan ikasi nuen idazten eta irakurtzen, Andoainen» (18 urteko neskatilla ikasle batek).

«Neuk bakarrik, Juan Anjel Etxebarria irakaslearen laguntzarekin eta Euskerazaleak elkarteak eraturiko ikastaro batean» (inginadore* ikasten ari den 20 urteko mutil batek).

«Euskera batuan alfabetatzen ari naiz orain» (30 urteko aparejadore batek).

«Txikitatik etxean. Horretaz gainera, euskal ikastoletan ibili naiz, lantegian sartu arte» (18 urteko mutil batek).

«Inorekin ere ez. Nor berak egindako irakurketekin» (42 urteko arrantzale batek).

2. Zure eritziz, beharrezkoa da euskeraren batasuna? Eman arrazoiak

Bai 128

Ez 4

«Bai, beharrezkoa da. Ez da behar arrazoirik: Euskera bat baino ez dago» (35 urteko bulego*-langile batek).

«Bai. Euskeraren batasuna beharrezkoa dugu: Euskal Herriaren batasuna adierazteko; heldutasun edo maila zientifiko serio batera irixteko*, gu diferenteak ez gara ta; bat egin ezik, Espainia eta Frantziako hizkuntza jiganteek laster zeharo zapalduko gaituztelako» (35 urteko irakasle batek).

«Bai. Liburu gehiago eta merkeagoak izateko. Aldizkariak eta beste, denok uler ditzagun. Ikastolek Euskal Herri osoan hizkuntza bakarra izan dezaten» (21 urteko neska unibertsitari batek).

«Bai, oso beharrezkoa da. Arrazoiak? Hizkuntza bultzatzeko, euskal aldizkariak haunditzeko, euskaldun guztiok elkar ulertzeko! eta abar» (Madriletik, 35 urteko inginadore* agronomo batek).

«Batasuna beti da ona. Baina, zer da batasuna? Niretzat, oraingo «batasuna» benetako batasunetik urrun dago» (40 urteko inginadore tekniko batek).

«Ez naiz behin ere euskera batuaren aldekoa izan. Neure gazte denboran, zuen aurretik alegia*, gogor jokatzen nuen euskalkien* alde, euskeraren aberastasuna han zegoela iruditzen zitzaitalako. Baina, euskerak iraun dezan, batasuna behar bada, betor ordu onean batasuna. Baina, behar bezala. Batua izan dadila. Ez batzuen kasketaldi eta jauntxokeriaz egina» (68 urteko jaun batek).

«Hizkuntza bateratuaz, herri bat garela konturatuko gara, eta gure harremanak sendoagoak izango dira. Euskaldunen arteko lingua franca ez dadila, aurrerantzean ere orainarte legez, erdera izan» (23 urteko ekonomi ikasle batek).

«Bai. Euskera desberdinaz, ezjakin guztiok erderan aurkitzen dogu batasuna, eta baztertu egiten dogu euskera» (35 urteko arotz batek).

3. Zer deritzazu ANAITASUNA-ko euskerari?

Egokia 101

Aldatu beharra 31

«Nahiko ondo doa gaurkoz. Baina argi egon behar du, aurreratzen diren pausoak hartzeko» (28 urteko nekazari batek).

«Hartutako bideari jarraitzen dio, eta bide hori batasunaren lehen urratsetatik* doa. Atzeko hiztegitxoak asko laguntzen duelakoan nago» (24 urteko perito industrial ikasle batek).

«Errazago izan behar leuke. Danok, euskaldun berriak ere, ulertzeko» (37 urteko analista batek).

«Erdal hitzak gehiegi, bai eta hitz berri asko, denbora gutxian sartuak» (17 urteko neska eta 25 urteko gizon batek).

«Ona deritzat. Herrietako kronika batzuk, motel samarrak» (39 urteko kalderero batek).

«Herrikoitasuna falta jako, artifizialkeria asko dauka. Alde ona: lehengo hitz zaharrak bizitu» (17 urteko ikasle batek).

«Noizean behin gaiak zail samarrak iruditzen zaizkit. Hala ere, euskera klaroa erabiltzen duzue, eta hori txalogarri da» (25 urteko andereño batek).

«ANAITASUNAn asko ari naiz ikasten» (22 urteko maisu batek).

4. Zer proposatzen duzu, Anaitasuna-ren harpidedunak gehiagotzeko?

«Kiosko, saltoki edo herrietan saltzen jartzea, eta harpidedun direnak zabalbide gehiago egitera bultzatzea. Horretarako, harpidedun txartelak eta autoetan ipintzeko letreroak behar ditugu» (gazte talde batek).

«Harpidedun bakoitzak propaganda gehiago egin ezagunen artean» (50 urteko kimikari batek).

«Lantegietan, Unibertsidadean, eskola eta kultur erakunde* guztietan, euskaldun nahiz erdaldunetan, kanpaina bat egin» (18 urteko ekonomi ikasle batek).

«Jaialdi eta antzerkiak egiten diren tokietako ateetan zabaldu» (23 urteko ikasle batek).

«Harpidedun gehiago egiteko, gogoa eta zaletasuna behar du gizonak, eta horixe lortu behar dugu guztiok» (25 urteko ikasle batek).

«Bakoitzak, lagun baten izena emanik, haren ordaintza egin dezala» (etxegintzan ari den 62 urteko gizon «gazte» batek).

«Lan asko egiten duzue propaganda aldetik; orain behar da, euskeraz eta mamiz aberatsago atera ANAITASUNA» (irrati lanetan diharduen 23 urteko gazte batek).

«Ez da erraza, baina nahiko ona da daramazuen bidea, alegia*, nonnahiko bertsolari jaialdietan edo beste euskal giroko tokietan egiten duzuena; baina, horrez bestalde*, gure lan pertsonala dela mediorik interesgarriena deritzat» (bulego* batean lan egiten duen 25 urteko emakume batek).

«Harpidedun gehiago eukitzeko, ANAITASUNAk herriaren problematikan sartu behar du» (22 urteko mutil unibertsitari batek).

«Euskal jaialdi guztietan txartelak banatu, bai eta ANAITASUNA aldizkaria ere» (20 urteko ebanista batek).

(Hurrengo zenbakian jarraitzen da)

Xabier Gereño


Ikasi zeure hizkuntza

Hiztegia

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ABELAZKUNTZA, abere hazkuntza, ganadería.

ABELERA, abere era.

ADIN, edade.

ADORE, kemen.

ADOS, conforme, de acuerdo.

AHANTZI, ahaztu.

AHUL, makal.

AHULEZIA, makaltasun.

AINA, beste, bezainbat.

AINITZ, asko.

AINTZIN, aurrean.

AINTZIN-SOLAS, preámbulo.

ALDEZ, en parte.

ALDEZ EDO MOLDEZ, de una manera o de otra.

ALEGIA, esto es, es decir, a saber.

ALOR, arlo.

ANARTEAN, bitartean.

ANKER, krudel.

ANTZOKI, teatro.

ANTZU, estéril.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAKATU, aztertu, ikertu.

ARAUDI, reglamento, programa.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARDIETSI, lortu.

ARRABOTS, zarata.

ARRAKASTA, éxito.

ARRAS, guztiz.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo.

ATSOTITZ, refrán.

AUSART, valiente, intrépido.

AXOLATU, arduratu.

BAHITU, embargar.

BAITA, bait da, da ta.

BARATZE, jardín. Haur Baratze, Jardín de Infancia.

BATZUK, zenbait (batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, gutienez, behinik behin.

BEREZIKI, batez ere.

BERRIKI, oraintsu, arestian, aurtemein, recientemente.

BESTALDE, gainera.

BILAKATU, bihurtu.

BILDU, batu.

BIPIL, recio, sólido.

BOLADA, unada, período de tiempo.

BORTIZKI, sendo.

BOTERE, poder.

BULEGO, oficina.

BURUTU, bukatu, amaitu.

DATEKE, da nonbait.

DEITORATU, deplorar, lamentarse de.

DEITU, deitutako.

DEUS, ezer.

DOHAIN, dohai, don.

DUKE, du nonbait.

EGINALA, egin arauera*.

EGITEKE, egin gabe.

EGITURA, estructura.

EGUN, gaur.

EKIALDE, eguzki alde, Este.

ELKARGO, elkartasun, elkarte.

EMENDATU, gehitu, aumentar.

ERA, parada, ereti, abagadune.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, institución, organización.

ERASO, atacar.

ERIZPIDE, criterio.

EROAN, eraman.

EROSO, cómodo.

ERRESUMA, erreinu, estadu.

ESAMESA, habladuría, comentario.

ESKUALDE, comarca.

ESNATU, iratzarri, despertar.

ETSAITASUN, etsaigo, enemistad.

EUSKALKI, dialecto vasco.

FROGATU, probatu, demostrar.

GAINGIROKI, superficialmente, ligeramente.

GAKO, kako, giltza, clave.

GALDERA, galde, itaun, pregunta.

GATAZKA, disputa, debate, lucha.

GOITI, gora.

GUDALOSTE, gudari oste, ejército.

GURPIL, errobeda, rueda.

GUTTIETSI, subestimar.

GUTUN, eskutitz, carta.

HAATIK, hala ere.

HAIK, hareek (haiek aktibo, haik pasibo).

HARO, época, período.

HASTAPEN, hasiera.

HAUK, honeek (hauek aktiko, hauk pasibo).

HAZIL, zemendi, noviembre.

HELBURU, fin, objetivo.

HELDU, helduko, próximo.

HERTSI, hetsi, hitxi, cerrar.

HESI, valla, cerca.

HETSI, hertsi, hitxi, cerrar.

HEZIERA, educación.

HIRI, huri, ciudad, villa.

HIRIGINTZA, planificación urbana.

HITXI, hetsi, hertsi, cerrado.

HOIK, horreek (hoiek aktibo, hoik pasibo).

HOTS, a saber, es decir.

HURBIL, hur.

HURREAN, agian, nonbait, harenbaten, aurki.

IDAZKARI, secretario.

IHARDETSI, erantzun.

IKERTU, aztertu, arakatu.

INGINADORE, ingeniero.

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAULTZA, revolución.

IRITXI, heldu.

ITUN, contrato, convenio.

JAUSI, erori.

KONDAIRA, historia.

LAKET, atseginezko, agradable.

LANGILEGO, clase obrera.

LARUNBAT, zapatu.

LATZIKARA, pavor.

LAUDIO, Llodio.

LEGEZ, lez, bezala.

LEGUTIANO, Villarreal de Alava.

LEINU, linaje, estirpe.

LEKUKO, testigu.

MAIZ, sarri.

MATXINADA, levantamiento, revolución.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

NABARI, notorio, patente.

NABARITU, notar, percibir.

NOSKI, naski, ciertamente, claro está.

OHANTZE, habia, nido.

OHARTU, konturatu.

OHORE, honor.

OMEN, ei.

ONURAGARRI, provechoso.

OPOR, vacación.

ORDEA, berriz, ostera, baina.

ORE, masa.

OROKAR, general.

OSTEAN, ondoren, ondoan.

OSTERA, berriz.

SARRI, maiz.

SEIN, ume, haur.

SUNTSITU, hondatu, desegin, destruir.

TENORE, ordu.

UDAL, ayuntamiento, municipio.

UGATZA EMAN, amamantar.

UKI, ukitu, ikutu (Inperatibo, subjuntibo eta potentzialetan).

UKITU, ikutu.

UNADA, bolada, período de tiempo.

URRATS, pauso.

URRIKALKIZUN, errukarri.

UZTAIL, julio.

XARMANGARRI, zoragarri, encantador.

XERTO, vacuna.

ZAINTEGI, guardería.

ZALANTZA, ezbai, duda.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZILEGI, lícito.

ZUR, egur, madera.

Imanol Berriatua


Saioak

Tupamaroen hastapenak

Azken unada* honetan, sarri* irakurri ahal izaten ditugu egunkarietan «tupamaroen» kontuak eta gorabeherak.

Baina, non erabili zen lehenengoz izen hori eta noiz?

Jakingarria da jarraiko historia, euskaldunontzat batez ere, ikusiko dugunez.

1740. urtean jaioa zen José Gabriel Condorcanqui perutar indioagandik datorkigu «tupamaro» izena. Indio hau matxinada* buruzagi egin zen, Tupac-Amaru izenordea hartu zuen eta izenorde horrekin ezagutzen da kondairan*.

Herriz herri egiten zituen ibilaldietan, Inka erregeen leinukoa* zela esanez, indio sinesberak berotzen zituen, agintari kolonialen kontra matxinada egiteko, beren lurren jabe berriz izan zitezen.

Handia egin zen Tupac-Amaruren eragindura. Catari hiru anaiek lagundu zioten, Peru Garaian matxinada zabaltzen. Aldi berean, beste herritar batek, Julián Apasa-k Boliviako lurretan ziharduen, bere emazte Bartolina Sisa-ren laguntza ausartarekin*. Potosí, Charcas, La Paz eta Cochabamba gudu zelai bilakatu* ziren.

Matxinada 1780. urtean hasi zen. Tupac-Amaru «guztiz sendoa eta altua zen, gartsua, herrikide ezikasien gain eragintasun nabarmena zuena», sasoi hartako kronikalari baten eritziz. Bere burua katoliko eta monarkikotzat zuen.

1780. urteko hazilaren* 4ean, Tungasuca herrian, Peruko birreinatuan, bazkari handi bat egin zen, errege Carlos IIIaren ohoretan*. Zarata eta bizitasun gorenean zirela, José Gabriel Condorcanqui zutitu zen, eta, bere jarraitzaileen laguntzarekin, Antonio de Arriaga korrejidorea, euskalduna, preso egin zuen. Arriaga hori «gizon gogorra zen, ankerra* eta diru zalea».

Arriaga berehala epaitua izan zen, eta Tupac-Amaruk urkamendira bidali zuen. Holaxe jaso zuen Tupac-Amaruk iraultzaren ikurrina. Milaka jarraitu zioten indioek —10.000 inguru izan omen* ziren aldi batetan— eta alderdi hartako errejimen koloniala kili-kolo jarri zuten.

Indioek, Amerikako semeek, lurraren jabetasuna eskatzen zuten, bidegabekeriaz harrapatua izan zitzaien lurra, hain zuzen.

Mende* bat iragan* eta gero ere, Peru Garaiko herriek, Espainiagandik independentzia lortuta eduki arren, eskari berdina egiten jarraitzen zuten, Mariano Melgarejo-ren gobernupean (1870) eta Ismael Montes liberalaren denboran ere (1904-1909), feudala baitzen gobernuaren jokabidea.

Gaur egun ere, lelo berori entzuten da Bolivian eta Uruguayen, eta beste erresuma* batzuetan ere. Horixe dateke* tupamaroen berpiztearen arrazoia.

Esan dezagun, amaitzeko, Tupac-Amaruk arrakasta* zerbait ardietsi* zuela, bere gudalostearen* ugaritasunari eta Andes-etako orografia nahastuari esker.

Cuzco hiriari* erasotzeko* ordua heldu zela ta, alde guztietarik setiatu zuen. Baina garaitua izan zen, eta bere emazte, bi seme eta zenbait* seniderekin preso egina. Haren anaia Diego Cristóbalek bakarrik ihes egin ahal izan zuen mendietara, eta iraultza* iraun erazi zuen une batean, Buenos Aires aldean.

Tupac-Amaru, bere zortzi jarraitzaile nagusiekin batera, Jose de Areche erregearen komisarioak prozesatu zuen. Hau ere euskalduna, lehenago aipatu dugun Arriaga korrejidorea legez*.

Mihia moztu eta lau zaldiren artean tiraka zatitua izan zen Tupac-Amaru, 1783. urteko apirilaren 19an. Beste guztiek barkazioa lortu zuten.

A. PEREZ BILBAO

dezagun, daigun

zitezen, eitezen

zitzaien, jaken

zioten, eutsoen


Saioak

Picasso eta gu

Jendeak Picasso esaten dauanean, izen honekin, askotan behintzat, oraingo artea adierazi nahi dau. Picassok kezkak esnatzen* ditu beti. Batzuek honela dinoe: «Ez dozu ikusten, Picassok gure bizkarretik barre egiten dauala?» Baina Picasso ez da bakarra holako zeretan. Rembrandt eta Leonardi da Vinci ez ziren hainbeste izan, baina eurek ere ba ekien jendea amorratzen.

Herriaren bizkarretik barre egiten dauala ematen dau askotan Picassok. Hain itsusi dira egiten dituan irudiak, gure ikuspegiz! Eta, jakina, holako zatarkeriek jendeari amorrua ematen deutsoe. Baina, askotan, irudipen hutsa baino ez da. Zertzat dauka, ba, herriak Picasso?

Orain zeredozer esan daigun beraren «umoreari» buruz. Artista honen umorean, gai erromantiko, gogatsu nahiz adimenezko, danak berdin sartzen dira. Horregatik, ba dira «espainiar kubismoaz» hitz egiten dabenak. Baina ez dago ondo esana. Horrelakoak ez dira Juan Gris-en kubismoaz oroitzen. Honen kubismoa dana neurri ta geometriazkoa da. Baina hau esan behar dogu: Picassoren kubismoa burukeria baino ez dala. Bere umorearen irteera berri bat; bestela, bere umorearen jokera bat. Beti ibilian eta egonezinean dagoela esan geinke.

Horregatik esan leiteke, nahiz umore onerako nahiz hasarrerako, aurpegi asko hartzeko trebe dala.

Bestalde, Picasso kubismoaren asmatzaile dala uste dabe askok. Ez dakit, oso segurki esan leiteken hori. Picasso edozein mugimenduren aurreneko tokian sartu daiteke. Picasso «modernismoa» da, «fobismoa», «espresionismoa» eta gehiago. Berak esan eban legez*, bilatu ez dau egiten, aurkitu baino.

Bere indarra sortzea da, eta bere jo-muga betikotasuna. Zer esaten deusku arte eta koloreaz Picasso honek? Lehenengo ta behin, artea «subersiboa» dala. Artea eta askatasuna mementoko* legeen kontra ibiltzeko dira. Artistak eta poetak berez gizartearen aurka burrukatu behar dau. Artistaren eta Estaduaren artean etsaitasun* osoa dago.

Hona hemen bere beste gogamena: pintura hil da. Pintoreak bakarrik bizi dira. Gaur egun pintoreak, gogoak emandako guztia egiten dau. Pintore bakoitzak bere arau eta bihotz-ikarak ditu.

Printzipio honekin pintorerik ez dago, pintoreak bakarrik. Ezin leitekio pintoreari erizpide* objetiborik egotzi. Vincent van Goghengandik hasita, pintore gehienak autodidaktak dira. Pinturak arau berri bat behar dau, piztuko bada.

Hitzaurre txiki hau egin ondoren, Picassoren lan garrantzitsu ta haundienetako bati buruz zeredozer argitaratu nahi neuke. Picassok, kuadro edo irudi honen bidez, berri on bat bidaldu nahi deutse munduko guztiei. Berri honek munduari bira egin deutso. Ez dakigu ordu haretako Picassoren arimaren berririk; baina seguru nago, gertaera izugarri honen aurrean Picasso saminduta geldituko zala. Aberekeriaren aurka bortizki* dehadar egin nahi izan eban. Horretarako, Picassok alde batera utzi dau bere abstrazio dana, eta onaren, askatasun eta zuzentasunaren aldetik jaikitzen jaku.

Denbora gutxi eroan* eutson «Guernica» bere kuadrorik haundiena pintatzeak. Irudien egoerak dramatismoaren seme dira.

«Guernica»k ez ditu gudazaleak goraipatzen. Heriotzak saminez deitoratzen* ditu: hilak, hil-zorian dagozenak, eta eurakatik negar egiten daben biziak. Bakar-bakarrik zezen hementsu batek jasotzen dau indartsu burua. Bere esannahia askotan eztabaidatu da; baina agerpenak, bere gizon-antzeko buru ederrarekin, herri zindo baten garaitza iragartzen deusku.

Zer ondorio aterako dogu? Deni Bergarek bere azterketaren azkenean idazten dau: «Guernica gure oharmeneraino heltzen dala ondoegi dakigu. Baina haunditasun gehiago dauka. Latzikara* santuz betetzen gaitu. Bertako mamuek ikaratzen gaituen eran, irakatsi egiten deuskue».

Kuadroa, sinbolo izanik, gure etorkizunaren ezagugarri legez* asaltzen jaku.

R. BADIOLA

deusku, dauku, digu

deuskue, daukute, digute

deutse, die

deutso, dio

deutsoe, diote

eutson, zion

geinke, genezake

jaku, zaiku, zaigu

leitekio, lekioke