ANAITASUNA

Año II — Núm. 21

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Marzo 1955


Garizima

Penitentzia ta mortifikaziñozko denporea. Sasoi onetan, mundu guztiko kristiñauak, barau ta bigilien bitartez, mortifikau egiten dabe euren burua; eta gorputza astindurik, iratzarri ta bizkortu egiten dabe euren fedea.

Beste ezetan baiño, arima barruko biztualdi onetan dago garizimearen baliorik aundiena. Jainkoak gurago ditu mortifikaziñoaren bitartez egiten doguzan fede biozkadak, laztasunak eurak baiño.

Txikia izanarren, penitentziaren bat fedez egiten dogunean, benetan siñistuten dogu gure pekatuakaitik mundu onetan naibageak eta ezbearrak igaro bear ditugula, gure nekealdietan Kristo alboan daukogula, gure salbagillea bera dala, beragaz batera sufridu bear dogula, gure mortifikaziño mirrizak beraren sufrimentuen balioa artzen dabela, gure pena ta dolore guztiak Jesukristorenakaz batera Aita Jainkoari eskiñi bear deutsaguzala.

Aintxiñako gizaldietan, garizima denporan penitentzia aundiak egiten zituen kristiñauak. Baiña baita orduan-bere, arima barruko penitentzia zan euren arazorik beiñena, euren zeregiñik printzipalena.

Sasoi orretan, sarriago batu oi zirean eleizetan, sarriago entzun oi zituen sermoiak, bakeak egin, zorrak ordaindu, pekatuak autortu.

Denpora orretan, gogoz ikasten zituen kristiñau erlegiñoko egiak, ardurarik aundienagaz atonduten eben euren burua, Pazko egunez bateo santua artzeko edo lenengo komuniñoa egiteko.

Aintxiñako kristiñauak baiño gaixotiagoak garealako-edo, oraingo bizibideak lengoak baiño geiago nekatuten dabelako-edo, gorputzeko penitentzia askoz gitxiago egiten dogu gaurko egunean.

Ori dala-ta, aparteko alegiña egin bear dogu garizima denporan, arima barruko mortifikaziñoak egiteko, eta gure penitentzia txikien bitartez gure kristiñau fedea bizkortuteko.

Siñistu, gure pekatuakaitik zerbait sufridu bear dogula. Siñistu, gu kristiñauok mundutarrak ez gareala, eta munduko bizimoduari ezin beti jarraitu geinkiola. Siñistu, Kristo gure Buruaren antzekoak izan bear dogula, eta beragaz batera Aita Jainkoaren asarrea baretu bear dogula.

Gure kabuzko penitentziarik egiten ez badogu-bere, eskiñi deiogun Jainkoari gure egunoroko bizitza garratza. "Zorionekoak pobreak, zorionekoak naibagetuak, zerua eurena da-ta." Gure arteko geienak egunean eguneango lan gogorretik bizi gara, eta gaixoak edo ezbearrak sarri askotan joten dau gure etxeko atea. Zorionekoak gu, baldin gure derrigorreko sufrimentuak fede biziz eroaten badoguz!


San Malakias

 San Malakias, Irlandako Obispo beneragarria, Frantziara joan zan bein, San Bernardori bisita bat egitera. Zoritxarrez, gaixotu egin zan bidean.

Komentura eldu zanean, deitu zituan Fraille guztiak bere gelara, ta esan eutsen: "Nire biotzeko anaiak, laster urten bear dot mundu onetatik eternidadera; eta eleizakoak ainbat ariñen artu gura dodaz, ara joateko bidaririk onena orixe da-ta. Azken komuniñoa ta Untziño Santua: ona emen nire biotzeko guraria!"

Asi zirean Frailleak gaixoaren kuartua atonduten, sakramentuak bertara ekarteko asmoaz Santuak ez eutsen itxi baiña.

Jagi zan ogetik, eta zelan edo alan joan zan eleizara, eta antxe artu zituan deboziñoz beterik azken sakramentuak.

Illunabarrean, oso txarto jarri zan, eta bere ondoan egozaneri auxe esan eutsen, azkenengo agurra baillitzan:

"Poztu zaiteze nire eriotzeagaitik, eta erregutu eizue nire alde ilten naizanean. Neuk-bere, zuen alde otoitz egingo dot Jainkoaren aurrean Nire fede ta uste osoa beti Jainkoagan ipiñi dot. Jainkoagaz batera beti maite izan zaituet, nire anaia laztanok. Eta gure arteko maitasuna ez da iñoiz ilko."

Gaberdi inguruan, polito polito il zan, 1148'garren urtean, Domusanturu egunean.


Ba dakizu...?

Azken Oleaziñoko Sakramentua

 1.—Zetarako da Untziño Santua edo Azken Oleaziñoa?

2.—Nun berba egiten dau Eskritura Santuak Azken Untziñoaren gaiñean?

3.—Zer egiten deutso arimeari Untziño Santuak?

4.—Esan, emen diñoguna egia danentz:

a) Azken Oleaziñoa ez litzakio emon bear, oraintxe berton ilten dagoanari baiño.

b) Untziño Santuaren bitartez, gorputzeko osasuna, konbeni bada, derrepentean, millagru moduan, lortuten da.

5.—Urliak, eriotzako arriskuan egoalakoan, Azken Oleaziñoa artu dau. Baiña benetan ez eukon ilteko peligrurik. Sakramentu orrek balio ete deutso?

(Erantzupenak azkenengo orrialdean)

***

"Gure Salbatzaillea, osatu eizu, arren, Espiritu Santuaren graziaz, gaixo onen gatxa; osatu bere zauriak, parkatu pekatuak, aldendu eiozuz gorputz eta arimako gatx guztiak; ta zure errukiz, emoiozu gorputz eta arimako osasun betea, zure ontasunez bizkorturik, bere lanbidera biurtu daiten."

(Untziño Santuko otoitza)


Illeko Ipuiña

Otsoa artzain

 Bein otso bat bizi ei zan Euskalerriko mendi baten gaiñean. Zarraren zarraz, ankak okertuten asi jakozan eta agiñak jausten. Gazte denporan kazari bizkorra izan zan: amaikatxu ardi ta bildots narrutu ta jan zituan! Baiña zartzaroa, gauza txarra da danentzat, batez-bere eiztarientzat.

An egoan otso gaixoa, goseak ilda, azurrak narruaren barrutik agiri; pentsetan ziarduan, besterik ez bazan-bere, artxo txiki bat atrapetako asmoz, Baiña otsoa urrunetik ikusi orduko, ardiak eta bildotsak iges egiten eben; eta gaiñera, artzaiñak eta txakurrak ez eutsoen itxiten, berak gura ebana egiten. Zer egin biziteko?

Ona emen gogora etorri jakona. Egun baten, artalde guztia gerizpean etzunda lo egoala —ardiak lo, artzaiña lo, txakurrak lo—, geldiro geldiro urreratuten da; ostuten deutsoz artzaiñari soiñekoak, oiñetakoak eta makillea; jazten ditu artzaiñaren piztiñak; eta zutunik, gizon batek legez beso biak makillearen gaiñean ipiñita, bere kolkoari esaten deutso:

— Au bai burutasuna! Eta oraiñarte zelan ez deutso beste iñori senak emon, otso batentzat, oparo ta bildur barik biziteko, biderik onena artzain egitea dala?

Pozik egoan gure otsoa, agotik adurra eriola. Arrezkero aberatsa zan, eta egunean ardi oso bat iruntsiarren-bere, ba-eukon oraindiño zer jan. Baiña ederto baiño edertoago gauzak egin nairik, ardiak batuteko, artzaiñak legez txistu egin bear ebala otu jakon. Eta agoa zabaldurik, txistu ordez, orroi ikaragarri bat bota eban, inguruetako atx guztiak dar-dar eragiteko bestekoa.

Zetan esan-bere ez, ardi guztiak, artzaiña ta txakurrak bertan bera itzartu zirean.

— Ze deabru dogu au? —diño artzaiñak, bere burua billoixik eta otsoa bere soiñekoakaz jantzita ikusirik.

Baiña jantzi azpitik otsoaren buztana agiri zala konturatu zanean, bildur barik bertara joan eta otsoari makillea kendu eutsan.

— Eutsi, otso zarra, eutsi! Eta makillakadaka, zinpi zanpa eio eban.

 Ardiak, mendirantz igesi joan zirean. Eta txakurrak, zaunkaka ta aginka otso gaixoa odoletan eta burua makurturik itxi eben.

***

Orixe berori jazoten jake, goiz edo berandu, kristiñau itxurea bakarrik dauken andra-gizoneri.


Jakin ba...

(Itaunketak bigarren orrialdean)

1.—Aonexetarako da Azken Oleaziñoa: Sazerdotearen errezuen eta Orio Santuagazko igurtziaren bitartez, eriotzako peligruan dagozan gaixoeri arimako osasuna emoteko, ta konbeni bada, gorputzekoa-bere bai.

2.—Santiago Apostoluaren Epistolan berba egiten dau Eskritura Santuak Azken Oleaziñoaren gaiñean. Auxe diñosku Santiago Apostoluak: "Zuetariko norbait gaixorik dagoanean, deitu eiozue sazerdoteari; eta onek otoitz egin bei gaixoaren alde, Jaunaren izenean Orio Santuagaz igurtziten daben bitartean. Onelan, fedezko otoitzak sendotu egingo dau gaixoa, eta Jaunak obarantz eragingo deutso; eta pekaturik badauko, parkatu egingo jakoz."

3.—Untziño Santuak sendotu egiten dau arimea, eriotzako orduan bere arerioen kontra ekiteko; eta bide batez, grazia geitu, pekatuak parkatu eta pekatuen oste txar guztiak kendu.

4.— a) Ez da egia. Eriotzako arriskuan egon ezkero, edozein gaixori emon bear jako ainbat ariñen Azken Oleaziñoa.

b) Ez da egia. Sakramentu onek, geienetan beintzat, ez dau naitanaiez, millagru moduan, osasuna emoten. Ori barik, naturalkiro kentzen deutso indarra gatxari eta osatuten dau gaixoa.

Orregaitik, persona bat txarto txarto balego, eta bera osatuteko millagru bat bearrekoa balitz, Azken Oleaziñoak ez leuskio, geienetan beintzat, osasunik emongo. Ori dala-ta, ainbat ariñen artu bear da Untziño Santua, osasuna guztiz galdu arte egon barik.

5.—Ez deutso balio. Persona orrek ezin eiken Sakramentu ori artu, Untziño Santua eriotzako arriskuan dagozanentzako bakarrik dalako.


Kurutzegrama N.º 17