ANAITASUNA

203 zenb.

1971. urtarrilaren 15 ekoa

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12

Tel. 43 18 37


«ANAITASUNA BIZKAIA»

Zuzendaria: Anjel Zelaieta Gisasola

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1 Bilbao (12)

D. L.: BI - 1.753 - 1967

Imprimatzailea: Imprenta AMADO. Bilbao.

Irarlea: RALI, Bilbao.


Herri eta hizkuntza. Ikastolak eta euskera batua. Loiolako Agiria

Ikastoletako irakasleak, udako beren lehendabiziko eta bigarren ikastaldian, erabaki batzuk hartzera heldu dira zenbait* faltan.

Une honetan ez da garrantzi gutxienetako arazoa, Euskera Batuaren bidetik joatea. Beraz*,

a) Arantzazuko arauak*, erabakitzat hartzen ditugu eta batasunaren bideen oinarritzat.

b) Alfabetatze talde eta Idazleen Elkartearekin batera jo nahi dugu.

c) Liturgia taldearen batasunaren bidea

ez dugu geuretzat onartzen. Adibidez: Meza Santuak eta Kristau Ikasbideak markatzen duen bidea.

d) Pedagogiaren arloan batasuna urratzea, bereziki* gure lana deia uste dugu. Hala ere, nola eta zer mailatan batasun hori egin, gurasoekin eta gure hizkuntzari buruz ikasia den jendearekin kontatzeke* ez genuke aurrera eraman nahi.

Oharrak

Irakasleen Elkarteak agiritzat hartzen duelarik, bere artxiboan jaso du iskribu hau, ikastaldi bietan izan direnek izenpetu ondoren.

Honen berri adieraztearren, kopia bana Euskaltzaindira, Alfabetatze taldera, Idazle Elkartera, Euskerazaleak delakora, Gipuzkoako Gurasoen Federaziora, Iruñeko «Príncipe de Viana»ra eta Bizkaiko Ikastola Gurasoen erakundera* bidaltzea erabaki da.

Loiolan, 1970.

Ikastoletako Irakasleak


Herriz herri

Arratia

Gau otoitzak

Aspaldi honetan, jende asko dabiltza, zelan edo halan, Elizaren aurpegi berriaren bila. Asmo honek bultzaturik, elizara gauez joaten hasi dira.

Herri askotan dabiltza holan. Arratian ere holako esperientzia batzuk egin izan dira: Arteagan eta Igorren. Esan dabenez, jendea egunez baino zintzo eta jatorrago agertu ohi da. Eta hau dinoenak ez dira gazteak bakarrik, baita ezkonduak eta pertsona ondo helduak ere.

Dima

Dimatarrak propagandaren eske ibiliko balira, herriko sarreran honako edo antzerako letrero bat ipini beharko leukee: «Ondo jan eta hobeto edan nahi badozu, erdu* Dimako jantokietara». (Eta ez uste, propagandarik egitera noanik). Ipini barik ere, ikusgarria da zenbat jende doan hara, sabela betetzera. Han ez dago beste ardurarik. Eta txarrena: herritar asko ere eurekin nahastuta dabiltza.

Beste aldetik, Dimako zenbait* etxe hutsitu egin dira, eta, era berean, herbestetarrekin bete. Eta, honetara, Dima aberastuta gelditu da. Aberastuta esan dot? Jan eta edatera datozenekin eta bertoko oxigeno garbiagaz euren bularrak betetzera etortzen direnekin, aberastu beharrean, pobretu baino ez gaitue egiten. Euskerarik ez dabe egiten (batzuek, euskeraren beharrizanik ikusi ere ez), eta Dimatarren problema ta arazoekin ez dira arduratzen (San Antongo taldea kenduz gero).

Gabonak

Dimako gazteak, Gabonetan, etxerik etxe kantatzen irtetzekotan izan dira; baina alkate jaunak, betiko grina ukatzaileari jarraituz, ez dau behar dan baimenik eman izan.

Elgoibar

Artikulurik onenak

ANAITASUNA, 201. zenbakia. «Arestiar delakoaren mustroak direla ta», Mikel Arregirena.

Lan ona iruditu zaigu, eta aurreko Arestiarrena ongi aztertu eta azaldu duela. Hala ere, hau erantsiko genioke:

Gaurko gizarteaz eman nahi duen kontzeptua ez dugu onartzen. Gaur, munduan, kontsumoko gizartea onartzen ez duen gizartea ere ba dugu, eta horri jarraitu nahi diogu.

Gure artean premiazko zer den ba dakigula uste dugu. Izan ere, gaurko mundura begiratuta, nola ez gara konturatuko ba, gaitzen iturria non dagoen, eta soluzioen iturria non aurkitzen den? Ala Vietnam aldeak ez dauku garbi agertzen, beste lekuetan zer behar den?

Eta bukatzeko, ez genioke «berezko senari» toki gehiegirik emango; hori anarkismoa eraikitzea lizateke. Izan ere, zeinena: Arafati jarraitzen diotenena ala Nixoni jarraitzen diotenena? Guretzat bat.

Bigarren artikulua: «Hizkuntzaren alde egin beharko», Karlos Agirrerena.

Berri emaileetan, Zornotzako Barreski eta Zeanuriko Sebas aukeratzen ditugu.

Euskera irakasten

Denok dagigun legez, «euskerazko kursilloa» laga beharrean aurkitu ginen. Gaur baimena ba dugu, aurrera egiteko. Lehengoan esaten genuen bezala, metodo bategaz edo beste bategaz irakasteak bere garrantzia ba duela uste dugu. Izan ere, horretan dago gaur euskeraren aldeko burruka. Bizkaieraz zeln gipuzkeraz zein beste edozein euskalkitan egin, inportanteena euskeraz egitea iruditzen zaigu.

Berri bat: Elgoibarko ikastolarako legalizazioa etorri da. Honetaz beste batean jardungo dugu.

ANAITASUNA-ko banakolakoek jakin dezaten: Gure taldeko batzuei, 200. zenbakia ez zaie heldu. Guk ere ba genuen ba Urtaini emandako muturrekoa ikusteko gogoa!

TALDEKO BESTE MARISABEL

Algorta

Herri honek ba ditu ekintza batzuk: futbola, estropadak, abesbatza, ihizia*, arrantza, alpinismoa, ikastolak, eta abar.

Ekintza guzti honeen helburua*, herriaren promozionatzea da. Baina ez dut uste, zeregin hau inork betetzen dogunik, ez eta ahalegintzen garenik ere.

Esate baterako, orain gutxi dala, hauteskundeak* izan dira. Ba egoen herritar jator bat behintzat, erantzun bat emateko prest; baina... ez dabela merezi, ezin leitekela ezer egin, eta holako hitzak esan ditugu. Danak pasiboak.

Noiz hasiko gara, herriko, udaleko* arazoekin arduratzen? Orain arte legez pentsatzen ebiliko gara beti?

Gure zaharren esaera bat da: lan egiten dabenek zangoa sartu leikeela, eta ezer egiten ez dabenek... beti arrazoia.

Bilbo

Kaleak

Bilboko hainbeste kale asfaltatu barik dagoz. Bai Deustuan (Juan de la Cruz, eta abar), bai Santutxun (Santa Lucía, eta abar), eta bai beste zenbait* auzotan.

Bestalde, parkeak ere behar ditugu; eta ba dagoz horretarako leku egokiak. Bat, «Campa del Muerto» izan leiteke (ikusi dozue zein penagarri dagoen orain?).

Kalertzat ere ezin txarrago dagoz leku askotan. Adibidez, Deustuko «Ambulatorio»aren parean.

Zer egiten dau Aiuntamentuak? Zer, auzo horreetako kontzejalek?

Publizidadea

Aldizkari batentzako dirua harpidunetatik eta publitzidadetik dator. Azken hau guztiz inportantea da.

Euskal aldizkariek publitzidade, anuntzio gehiago behar dabe, diruz ondo ibiltzeko. Baina, horretarako, tirada haundikoak izan behar dabe.

Hori lortzeko, ahalegina egin behar dogu, harpidedunak ugaritu daitezen eta aldizkaria ezaguna izan dadin. Publizidadea bilatzeko, geure publizidadea egin behar dogu lehenago.

Eta orain, zuei irakurleei, hau esan gura deutsuet: Lagundu eiozue ANAITASUNA-ri. Egizuez harpidedun berriak, haren tirada haundiagoa izan dadin. Ipini eizue ANAITASUNA-ren letreroa zeuen autoetan, haren izena ezagunagoa izan daiten. Kontuan hartu, kalean egun guztian dabilen auto baten paretik ehundaka persona pasatzen direla, eta ANAITASUNA-ren aldeko propaganda egiteko ezin egokiagoa dala holako txartel bat ipintzea.

XABIER GEREÑO

Eibar

Ezkontza

Abenduaren 16an ezkondu jaku sudur motz espabiladu bat, Iñaki Sarasua gure adiskide ona. Odolean daroa musika zaletasun amorratua; izan ere, ez dau txikitatik alferrik entzun bere etxean musika baino besterik. Horrez gainera, Sarasua eta Gisasolatarrak senitartean dituanak ezin eikean beste zaletasunik euki.

Azitaineko ermitta zaharrean ezkondu jaku, Nieves Astiazaran, «Eibar Club Deportivo»ko dantzari liraina zanarekin. Bizarbako kristoak bat bihur daizala behin betiko. Gure aldetik ba dabe aurrez ezkonberriok gure ezkon sari txikia, ANAITASUNA-ren harpidetza hain zuzen, familia euskaldun bat sortzen eta hazitzen lagun deioen.

Txartelak

«Sloganak» modan dagoz, eta are* gehiago autoetan ezarritzen direnetariko horreek. Itxura danez, danok ei daukagu zer esatekorik. Herri txikienak ere bat ei dauka zertaz harrotu; eta hor nonbait irakurri ahal izaten dogu edozenbat* lelokeria: «Villa Cordial», «Villa Leal», eta abar. Luzetxoagorik ere ba dago, Iruñekoa alegia, «Iruña, zezenak udan eta apaizak neguan», eta aberatsagorik ere bai, jakina, gurea hain zuzen, «Eibar, artez Zuloaga eta foballez... Garate».

Zuloaga-zaletzat dogu geure burua, eta aspalditxoko Garateren lagunak gara. Hala ere, ez ote dogu ezer jatorragorik, mamiagorik, geure herri ziztrin honetan?

Zezenzaleak

Eusebio Arregi, «Zezenzale Elkarte Eibartarra» izenekoaren lehendakari izendatu berria dogu. Oraigoz, elkarte honen asmoen artean, zezen plazaren itzalpea egitea da berezienetakoa. Hamasei milioiko presupostua ei dauke (hilabetean miliotxo bat igan* jake), eta «Delegación Nacional de Deportes» dalakoaren laguntasuna eskatzea erabaki dabe. Beraz*, esanak esan eta iraganak iragan*, zezen plazaren arazoa aurrera doala dirudi, zeregin horretarako aukeratu dan batzordearekin hain zuzen: Inazio Larrarte, Martiniano Larrañaga, Cleto Unzueta, Antonio Iraolagoitia, Juan Gisasola eta Jose Maria Urizar. Dalako elkarte honek 650 bazkide ei ditu, eta Eibarren ezezik, baita Soraluze, Elgoibar eta Ermuan sakabanatuak ere.

Gabon jaietan hasiera eman jakon «Zezenzale Elkarte Eibartarrak» prestatutako zezen gaiei buruzko II Pintura Sariketari. Danetara, hogeitamalau lantxo azaldu dira, batzuk eibartarrek eginak, hau da, Arizaga, Arrizabalaga, Rementeria, Keller, Moreno eta Mandiola artistek eginak.

Txistulari berriak

Txistulari Banda Munizipala erdibituta geratu jaku, Luzio Bengoa zanaren heriotzarekin eta «Maria-ospitxaleko» Pedro Alberdik txistuari lagatzeko* agertu dauan asmoarekin. Hutsune honeek betetzeko, gazte bi izan dira aukeratuak, alegia*, Alberto Alberdi (Pedroren semea) eta Mireya Astiz, S.C.R. Arrateko Txistulari Taldean sortua eta ikasia. Zorionak bioi.

ALBISTARIAK

Mungialdea

«Artetxe» zortzikotea

Zaila* benetan herrian profeta izatea. Hauxe da, beharbada, zortzikote honi jazo jakona: herrian sortua, herritarrekin osotua, herriaren onerako eratua, eta gu Mungitarrok konturatu ere ez.

Danok dakigunez, Santa Barbara egunean «Artetxe» lantegiak bere jaia ospatzen dau. Bertako langileek, bazkari ederra egin ondoren, mus eta jota sariketak euki zituen, eta zortzikote honen saio eder bat. Oso txalotuak izan ziren. Laudagarria benetan zortzikote honen ekintza, lantegitik irten ondoren, abestiak aukeratu eta entsaioak egin behar ditue ta. Ezin utzi aipatu barik, orain hilabete batzuk atera eben diskoa, eta joan dan udan Jatabe, Laukiniz eta holako herri batzuetan egin zituen saioak. Horra hor herritar batzuen lan jarraigarria.

Pelota eta futbola

Laster dira urte bi, Mungiko «Club Deportivo» sortu zana. Harrezkero, hainbat lan egin dau: Igertokiak* egin, futbol taldea sortu, eta abar.

«Danok Bat» elkartea ere lanean ari* da. Elkarte honek hainbat urte daroaz, urteroko pelota txapelketa antolatzen. Baina jendeak zer dino edo zer egiten dau, ekintza hau dala ta? Futbol taldea lehenen doanez, danak doaz ha ikustera, eta frontoira ia inor ere ez. Non dago gure kirola* jatorraren zaletasuna eta «Danok Bat» elkarteari laguntza.

Sanantontxuak

Ba datoz gure jaiak. Hasi dira gure urteroko jaiak. Jai honeek zer izango diren azaldu da kazeta guztietan: odoleste ta lukainka onenen sariketa, dantza, berbena, pelota partiduak, eta abar. Non herri-kultura? Non herri-hizkuntza? Hainbeste dantza, hainbeste kirola, eta noiz pintura erakusketa bat? Noiz teatro saio bat? Noiz literatur saio bat? Zein ote da gure kultura?

Zorionak eta urte berri on

Postal mordo bat jaso dot, opari hau egiten. Eskerrik asko. Gabon zoriontsuak benetan, etxeko danak elkarturik egiten direnak. «Zoriontsuagoak», berriz, Gabon zahar egunean afalostean egiten diren «orgiak». Aurtengo jaiek ez ote deuskue hortik kanpo zerbait esan? Urte berri honek ez ote deusku eginkizun berezirik eman? Eman badeusku, jo ta ke aurrera!

Irakurleak

«La leyenda de Mungia, 37 tabernas y ninguna librería» esan eustan behin lagun batek. Hemen agertzen da, zenbat irakurtzen dogun. Gero ta gero ere, denbora gutxitan, libreria bi ireki dira. Hasi gara aurki*, zerbait egiten.

Eta, azkenez, neure postal mordoari erantzuteko, Urte Berri kezkatsu bat opa deutsuet Mungiko ANAITASUNA-ren irakurle guztioi.

JOSU

Amoroto

Umeak eskola barik

Gure herriko umeak, joan dan hilabetean, eskola barik egon dira. Zergatik? Ba, irakaslerik etorri ez dalako. Ispezioak, itxura danez, atxakia asko ipintzen izan dau, baina erantzun jatorrik batere eman ez. Azkenean, hasi dira eskolok, eta gaitz erdi. Baina herri txikiek ez al dabe besteek beste eskubide, era honetan baztertuta ez egoteko?

Txistulari berriak

Eskolako neska-mutil gazteakaz txistulari talde berri bat egiten ari gara. Egia esan, interes handia sortu da, eta txistulari gazteok polito doaz. Aurrera ba, eta gogoz jarraitu; baina gure euskaldungoa ez daitela folklore hutsetan gelditu. Hori barik, izan dadila bide bat, guztiok elkarturik, herria ezagutzen, maitatzen eta bere aide jokatzen ikasteko.

GAZTE


Gerra bako bolada Mendebalean?

Ba dira hogeitamar urte, azken gudu mundiala amaitu zala. Toinbee historiadorearen eritziz, mendeetan zehar aldizka agertzen dira berriro, munduaren historia osotzen daben egoera eta ekitaldi nagusiak. Dana dala, ez dot uste ideia hau, hitzen esangura hutsari kasu eginda, onartu leitekenik. Izan ere, Erromanoen inperioa eta Amerikanoena ez dira berdinak. Eta, nahiz eta biok sortu, hazi eta sasoira heldutakoan hil, euron arteko desberdintasuna handia da. Bestalde, kondairaren hariak daukan luzera guztian, oinarri antzeko berdintasun batzuk ez ikustea, gizonaren izaera berezia ukatzea lizateke.

Zenbat eta gizartearen mugimendua, denboraren barruan, hobekiago aztertu, berdintasun gehiago somatuko ditugu. Eta, azterturiko memento biok ekonomiazko sistema berdinean badira, bion arteko antza handitu egingo da.

Kapitalismoaren denboran izan diren gerrak, nazioen arteko sal-erosketa jokoak eta Estadu handien barruko krisiek eraginda izan dira. Azken guduaren oinarria, nahiz eta guztiz ezaguna izan, hemen ere aipatuko dogu. Gerra hau, 1930. urte inguruan sortu zan krisiari (krisi honek Europa osoari ikutu eutson) eta Alemaniaren espansio premiari zor deutsagu.

Ekonomiazko krisia

Urteak joan, urteak etorri, kapitalismoa bera ere aldatuz doa, eta, beste barik, ezin geinke esan, beste gerra bat beharrezkoa izango danik, kondairaren hurrengo ziklo edo haroa betetzen danean. Baina bai esan geinke, gaur egunean Mendebaleko* ekonomia guztia krisi baten barruan sartzen ari* dala. Bretainia Handian, gobernu berriak ez dau lortu prezioen gorantzako abiada lotzea. Ipar Amerikarrak Mills legea ezartzera doaz, euren larritasunean barruko ekonomia babestu nahirik. Ikaragarrizkoa da nazio honek beste nazioen ekonomian daukan influentzia. Adibidez, Mills legearen ondorioz, 4.000 milioren gutxitzea izango dau Espainiak esportazioetan. Oinetakoek eta larruzko produktuek izango dabe kalterik handiena.

Herriaren kontsumorako saltzen diren produktuetan, ikaragarrizko beherakada bat nabaritzen* da Estadu gehienetan. Bereziki* automobilen produzioa itzalean urritu da Amerikan. Nazio barruko salerosketa mailek gainezka egin dabe, eta orain arte harremanetan dabiltzan nazioetakoek ere bai. Soluzioa Hirugarren Mundua lizateke. Baina hangoak urrun aurkitzen dira Mendebaldarren mentalidadetik, larregi esplotatuak izan dira, pobreegiak dira, eta begikoago egiten jake Rusia nahiz China. Chinatarren teknika, berriz, hasi da agertzen Algerian eta Afrikako beste herri askotan.

Bestalde, Mendebaldarrek ondo ikusia ta ikasia dauke ez jakela batere komeni China aurrez aurre eukitea. Izan ere, China 700 milioi pertsonadun merkatua da, eta laster sartuko dateke* ONU erakundean*. Horra hor zergatik hainbeste Estaduk onartu izan daben Chinako gobernua, abiada guztiarekin, beragaz harremanetan hasteko.

Gure egoera

Guretzat ere, gauzak ez dagoz hain ondo. Lantegietako ugazabei egindako inkestan* nabarmen agertzen danez, eskariak normalaren azpitik dabiltza, eta aurrerantzean ere urriak izango dira nonbait.

Hain zuzen, altzeiru* bereziak lantzen dituen siderurgikoek astean lau egunez bakarrik lan egitea erabaki dabe. Neurri honegaz, merkatua gehiago ez asetzea nahi da.

Irailetik* hona, 600 automobil eginberriak saldu barik gelditzen aira egunero. Kristler-en krisia ikusi ondoren, SEAT etxeari, lantegi berri bat egiteko baimena kendu egin deutsoela entzuten da. Horren ordez, Kristler etxea erosteko esan ei jako. SEAT-ek berak 70.000 kotxe ditu salgai oraindino bere almazenetan. Eta bere produzioa gutxituko baleu, Euskal Herriko hainbat tailer eta lantegi egoera latzean aurkituko lirake.

Papelgintzan beste hainbeste gertatzen da. Azken urteotan, lantegi larregi jaso da, merkatuaren ahalmenari kasu handirik egin gabe; eta orain, produzioa erosteko, ez dago behar aina eskaririk.

Nekazaritzan ere, gauzak ez dira guztiz pozgarri gertatu. Zerealen uzta* asko hondatu da. Azken sikateak kalte handia egin deutso ganaduari. Laranjak ezin izan dira saldu. Eta abar.

Laborantza* eta industriaren beherakuntzak eurokin batera beheratu dau, zerbitzu izenarekin ezagutzen dan ekonomiazko hirugarren sektorea, batez ere trasporteak. Turismoko zerbitzu asko ordaindu gabe gelditu dira, Amerikako agentziek pezetaren balioa beheratu egingo dala uste dabe ta.

Gauzak honaino zelan heldu diren azaltzeko, puntu bitara zuzendu behar ditugu begiak: ekonomiazko estrukturen oinarrizko hutsetara, eta gobernuak, «Balanza de Pagos» dalakoa nibelatzeko, hartu dituan neurrietara. Estadistikek dinoenez, neurri honeek —Inportazioetan diru mordo bat bahituta* utzi beharrak, kredituak moztutzeak eta beste neurri batzuek— zuzendu egin dabe horrako «Balanza de Pagos» hori, baina ezin izan dabe inflazioa geldierazi.

Benetako soluzioa

Mundu guztian gauzak holan direlarik, ekonomistek eta politikoek nahiko lanik dabe, hain gaitz maneiatzen dan ontzi hau uraren gainean artezteko. Orain arte, gerraren bidez konpontzen ziren krisiak. Orain, beste era batera konpondu behar dira, mundua gidatzen daben digante* biek indar larregi baitabe*, gerraren bidea hartzeko. Oraingo gerra hotza, berriz, ez dogu inola ere azken soluzio bezala ikusten. Pozgarriago lizateke, estrukturen aldakuntza bat benetan ari* dala ikustea.

ANTON AZKONA


Irakurleak hizlari

Nahiz eta aspaldi hau txit alaia ez izan, zorionak esaten dautzut zeuri eta ANAITASUNA aldizkari horretan laguntzen dautzuten guztiei.

C. S. (Donostia)

Hiru hilabeteren belumenduarekin* bada ere, hartzen dot bai geure ANAITASUNA hau... Era askotara hobetu leiteke gure aldizkari polit hau; baina, nire eritziak ezer balio badau, harpidedunek zuzendaritzari egiten deutsoezan eskutitz batzuk agertzeak, aldizkari hau asko jantziko leukela uste dot: 25 bat hitzeko eskutitz laburrak.

U. (Korea)

Urtain ukabilkariaren fotoari nahiko sadikoa deritzat, baina eragin onekoa zela ere bai...

J. A. A. (Usurbil)

Ni hippien pentsakerarekin bat nator, eta datorren munduaren aintzindari* direla somatu dut. Betidanik, Txillardegizale bat naiz. Nire Txillardegitasuna 14 urte nituenetik dator...

J. Z. (Mondragoe)

ANAITASUNA-ren harpidedun naiz joan dan urtebetean, eta oso gustura irakurtzen dut. Baserritarra naiz jatorriz. Orain arte apaizgaia izan naiz. Apaiz bideari jarrai ala ez erabakitzeko daukat.

J. M. (Bergara)

Muy Srs. nuestros: Siento tener que manifestarles, que no interesa seguir suscritos a su revista ANAITASUNA, por tener la desgracia de desconocer la lengua vasca. Al mismo tiempo les deseo unas Felices Pascuas y un Próspero Año Nuevo.

EUSKAL DANTZA TALDE BAT (Euskal Herria)

Nire adiskide maitea: Gabon baketsu ta urte berri zoriontsu bat, Jainkoaren bedeinkapenez betea, opa dauzkizut. ANAITASUNA-n, garrantzi handiko lana egiten jarraitzen duzu. Neure zorionak!

Aldizkari hau asko gustatzen zait, batez ere oraingo tankeran*. Pozik irakurtzen ditut bertan agertzen diren irakurgai guztiak. Zenbaki bakoitzak berri pozgarriak dakarzkit.

Zuri eskerrak, orain arte, aldizkari hau pagatu gabe eskuratu dut. Ba dakizu, hemendik ezin dudala dirurik bidali. Niretzat mingarri izango lizateke, aldizkari eder hau hartu ahal ez izatea.

Osasunez ez nabil ondo... 72 urte bete ditut.

Zure menpeko,

NORBERT T. (Praga)

OHARRA: Eskutitz hau Txekoslovakiako Norbert Tauer jaunak bidali dio Imanol Berriatuari. Ez luke inork jaun jator horren diru ordainketa egingo?

Urte berri hau urte zoriontsu bat izan dadila, zuek guztientzako, bai eta ANAITASUNA kazeta gazte eta biziarentzako. Agian*, 1971. urte honetan, ainitz* ugarituko dira euskal irakurleak, eta agian zuen kazeta asteoroz ukanen* dugu geure eskuetan.

Gutun* honetaz baliatuz, zuen kazetaren kritika ttipi bat. Asko irabazten ari da, alde guztietarik. Niri gustatzen zaizkidanak gehienik: «Euskaldungoa»ko berri nasai* eta interesanteak lehen lehenik, literatur kritikak, hiztegia eta Kintanaren oharrak (azken zenbakian bezalakoak). Haatik* bildur naiz, ez den gehiegi «serioa». Dena dela, biba zuek eta jo aintzina*. Euskaldun guztientzat oso inportantea da jakitea Bilbaon egiten dela kazeta bat. Ikus arte. Bihotz bihotzez.

RAMUNTXO C. (Baiona)

Agur jaunak: Barrenean jarriko dudan izenetik ikusiko duzuenez, ANAITASUNA-ren harpidedun naiz. Azkenengo bi numeroak irakurri ondoren, eta azken boladako jokera ikusita, oso harrituta nauzue.

Azken boladako jokera, periodismo aldetik begiratuta, ez zait «etorkizuneko bidea» iruditzen.

Azkeneko bi numeroek mindu egin naute, ordea... Euskal Herriak 36.etik honera mementorik garratzenak bizi izan ditu. Nik bezala dakizue zuek. Periodikorik gehienetan honetaz zerbait hitz egin izan da. Berriak, nola edo hala, eman izan zaizkigu. Eta ANAITASUNA-k ez du gure berrien berririk eman. Zergatik ez? Beldurra duzuelako? Periodismo teknikarik eza? Ala abertzaletasunaren hotza?

Zuen lege berdinen pean izango da, noski, ZERUKO ARGIA ere. Baina, halaz eta guztiz ere, astekari honek bere obligazioa, zuek ez bezala, bete du.

Euskal abertzaleok periodiko sendoak eta profesionalak behar ditugu.

BAT

ZUZENDARITZAREN OHARRA: Legearen aurrean, gure zeregina «Información y divulgación religiosa» da. Eta hori, oraingo Zuzendaritzak hamabosteroko honen kargua hartu aurretik.

Adiskide on: 201. zenbakian, 5. orrialdean, idazkitxo hauxe dator: «Euskal Jaia Lekeition: Abenduaren 8an, argitasun gutxiko euskal jai bat izan da Lekeition. Galdakanoko «Andra Mari» dantzari taldeak eta Ondarroako Argoitia neba-arrebek jardun eben. Zertarako izan da jaialdi hau?».

Lekeition ez da egon jairik, ez zan egin Euskal Jairik igazko abenduaren 8an. Albiste horrek minik asko eman deusku guztioi. Horregatik, mesedez, arteztu eizu.

Gure taldeak, hiru hilabete baino gehiagotan, ez dau inon ekitaldirik egin. Geldirik dago, jaialdi bat ere egin barik.

Ba egoen asmoa, bai Lekeition eta bai Basaurin zertxobait egiteko, baina Burgosko auzia dala ta, jai horreek kendu egin ziren. Gure esker beroenak aurrez hartu eizuz.

Sabino Larrea


Euskaldungoa

Larrialdia

Gabonetan jai hartu ondoren, berriro hasi da lanean «SEAT» kotxe fabrika. Egunean 150 kotxe gutxiago egingo ditu. Lehenagoko batean, 1.250 kotxe egiten zituan egunero. Orain 850 inguru. Jakina dan bezala, «SEAT» etxeak 60 edo 70 milioi pezetaren balioa erosten izan dau Euskal Herriko lantegietan. Urtarril honen azkenetarik aurrera, erdi ingurura jaitsiko ei dira erosketok.

Iñigo ezjakitun

Joan dan abenduan, 20an hain zuzen ere, esaten eban Iñigo musikalariak Bilboko «La Gaceta del Norte» egunkarian: «Lluis Llach se presentó en Madrid... Cantaba en otro idioma (katalanez)... Lluis tiene, suponemos, sus razones para seguir erre que erre cantando en catalán». Horixe «uste dau» Iñigo jaunak. Ba, oraindik zu ere ikasi beharrean ote zagozan «uste dogu» guk ere.

Ekonomiazko agerkaria

Gipuzkoako Mondragoen agertzen da «T.U.» (Trabajo y Unión) izeneko hilabetekari* bat. Izenburuak dinoanez, gizonaren lanari buruz egina da. Jakina dan bezala, Mondragoen, gurpil* baten inguruan legez* bizi dira «Fagor», «Lana», «Caja Laboral Popular», «Danok» eta abar. Gure ustez, Mondragoen, ahal dana egiten da sozializatze bidean, egin behar lizatekenarekin beti ametsetan ibili barik. «T.U.» ezagutzeko: Apartado 23, Mondragón (Guipúzcoa).

Joannes Etcheberriren «Noelak»

Laburdiko Joannes Etcheberri Ziburukoak 1631.ean egindako «Noelak eta bertze kanta espiritual berriak Jesus Kristoren misterio printzipalen gainean eta sainduen ohoretan bestaburuetakotz» izeneko liburua argitaratu berri dau Donostiako «Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones» dalakoak. Oraingo argitaratze hau Lino Akesolo jaunaren ardurapean egin izan da.

"Atheka gaitzeko Oihartzunak" liburua

«Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones» etxeak beste liburu bat ere argitaratu dau: Dasconaguerre jaunaren «Les Hechos du pas de Roland» nobela, Parisen 1867.ean publikatua eta Donostiako «Euskal Esnalea» aldizkarian 1919.ean euskeraz «Atheka gaitzeko Oihartzunak» izenburuarekin agertua.

Nafarroako ekonomiari buruz

«Cámara Oficial de Comercio e Industria de Navarra» erakundeak* argitara eman berri dau 116 orrialdeko liburu bat, «Memoria 1968-1969» izenburuarekin. Iruñeko «Diario de Navarra» egunkariak esan dau liburu honetaz: «Es uno de los análisis mas interesantes publicados hasta ahora sobre la economía navarra».

Tafallako dantza taldea galzorian

Nafarroako Tafalla herriko euskal dantza taldea galzorian dago, ez baitauka ez herritarren gandik ez Udalaren gandik behar bezalako laguntzarik.

Julio Caro Baroja jaunaren liburu berri bat

Julio Caro Baroja Nafarroako Berakoa da. Eta. orain nafar etnologia eta etnografiari buruzko liburu bat argitaratzekotan dabil. Oraindik oraintsu eroan ditu inprimeriara 1.300 folio, eskumakinaz idatziak.

«Les bateaux de l'Adour» idazlana

Agertu berria dan Baionako «Bulletin du Musée Basque» hiruhilabetekarian*, F. Beaudouin jaunak lan luze bat idatzi izan dau, «Les bateaux de l'Adour» izenburuarekin. Itsasontzien arkitekturaren hasiera eta jarraipena jakiteko lan ona, batez ere Euskal Herria neurri handi batean itsasotik bizi da ta.

«Izu» pintura talde berria

Donostian sortu berria da pintura talde berri bat, «Izu» izenarekin. Talde berri hau osotzen dabenak honeexek dira: Manuel Jose Garcia, Iñaki Alvarez eta Kepa Zafra.

Zuloaga pintoreari buruz

Hona hemen «Banco de Guipúzcoa» diru etxeak argitaratu dauan egutegiak dinoana: «El Banco Guipuzcoano dedica este recuerdo de admiración y de homenaje al gran pintor vasco Ignacio Zuloaga, en el primer centenario de su nacimiento». Egutegi honetan Zuloagaren 7 pintura agertzen dira. Inprimatzailea «Industrias Gráficas Valverde» izan da.

"Estitxu" kantari

Lapurdiko Bezkoitzen jaioriko Estivaliz Robles Aranguiz, «Estitxu», bilbotarrak beste disko bat atera dau. «Movieplay» Madrileko disko etxeak grabaturik, Llevaré, Bakarrik, Nigarrez, eta Zeru Garbia izeneko kantak entzun ahal izango ditugu disko berri horretan. Estitxu anderea, erderaren bideetatik, Madrileraino joan izan jaku.

Matienako ikastola berria

Bizkaiko Abadiñon, Matiena izeneko auzunean, ikastola bat zabaldu berria da. «Parrokiaren babesean eta tokiaren jabeari esker (dino herritarren artean zabaldu izan dan orri batek) heldu da ordua, Matiena-Abadiñok hainbeste umek eskatzen eben ikastola izan daian». Eta geroago: «Matienako ikastola hau ez da bertako semeentzat bakarrik, bai eta herbestetik etorritakoentzat ere».

1 eta 0

Aurtemein* Madrilen jokatu izan dan partidu batean, «Opus Dei» izenekoak 1 eta enparaduak* 0 gelditu izan dira.

Urtain hizlari

Joan dan abenduaren 28an, inuzenteen egunean, Urtain ukabilkariak hitzaldi bat eman eban, Iruñeko «Peña Egulbati» elkartearen etxean, «Problemática del boxeo actual» gaiari buruz.

Gernikari buruzko liburua

Gernika sortu zaneko VI ehunurteurrena ospatzeko, Bizkaiko Diputazioak liburu bat argitara eman berri dau, «Tres estudios sobre Guernica y su contorno» izenburuarekin, Jacinto Gómez Tejada, Francisco Sesmero Pérez eta Manuel Llano Gorostiza erdal idazleek egina.

Etchegaray, Marsellako artzapezpiku

Roger Etchegaray, Lapurdiko Ezpeletan jaioa, Pariseko diosesian gotzain laguntzaile izana, orain Marsella huri haundiko artzapezpiku izendatu dabe.

«Historia de la Música Medieval de Navarra» liburua

Iruñeko Diputazioak argitara eman berri dau «Historia de la Música Medieval de Navarra» 462 orrialdeko liburua, oraindik oraintsu Erroman hil dan Higinio Anglés jaunak egina.

J. Amuriza («Virgilio») lanean

Jabier Amuriza, aspaldian Zamorako espetxean dagoena, A. Huxley ingelesaren «Un mundo feliz» nobela ospetsua euskeratzen hasi da, gero «LUR» etxeak argitara emateko.


Mundu biribila

Yugoslavia. Federazio kontzeptuaren krisia

Esan daigun bertanbehera, federazio-zaleak alferrik ez ikaratzeko, federazio kontzeptua ez dagoela gaur, beste politikazko kontzeptu gehienak baino krisi handiagoan. Erdikoikeria, esaterako, ez dago hobeto ikusita.

Aurreko idazkietan Jugoslaviari eman deutsagun begiraldi sistemazkoaren ondoren, amaitu daigun printzipiozko kritika bategaz.

Gaur egun ez dago jadanik*, bi fenomenook ikusi ta pentsatu barik geratzerik: lehenik, bai Erresuma erdikoiak eta bai federaziozkoak agiri dira euren egituren* krisian. Ekialde* komunistan legez hautematen* da hori mendebalde* liberal kapitalistan. Eta bigarrenik, gizarte arazo asko zuzentzeko, soluzio hau atsekabe baldin bada ere, beharrezkoa dateke* zentralismoa; eta berdin dezentralismoa, beste arazo asko burubidatzeko. Beraz*, arazo bakoitzari bere interesen autonomia eta honi dagokion askabidea bilatu beharra dago. Eta hori, gizarte arazoen mila aldeak elkarregaz sekula baino lotuago dagozelakoxe hain zuzen, besterik ba dirudi ere.

Geroari begira

Etorkizunari begira, erabatean* erdikoi edota erabatean federazio-zale izatea, etorkizuna modelu edo eredu zaharrakaz pentsatzea da. Artez eta banan banan erabaki beharko da zer erdiratu eta zer deserdiratu, eta herri bakoitzak bere erako plangintzak egin beharko ditu, norberak behar legez, eta arazo bakoitzari komeni bezala. Gauza asko dagoz, maila batzuetan udalaren* edo eskualdearen* esku utzi behar liratekenak, baina beste maila batzuetan zentralizatu. Beharbada, kultura da holako bat.

Hauzi konkretuok zelan antolatu esaterik ez dago aldez aurretik. Jeneralean esan ohi danez, Erresumako aginpide gorenekoari ez jako eman behar beheragokoek zuzendu ahal daben eginkizunik.

Printzipio honek baliagarri dirudi, nazio ezberdinak federazio batean lotzen dituen Erresumetan ere. Orain arteko Erresuma kontzeptua absolutismoari hartutakoa izan da, eta Erresuma bakoitzak bere aginpidea euki behar eban: Erresumari batasuna ematen deutson aginpidea. Holan agiri jaku Belgradon ere. Aginpide honek gobernatuta dagoz Jugoslaviako Errepublikak (nazioak), guduko gorabeheretan legez* kulturazkoetan, politikazkoetan bezala ekonomiazkoetan eta legezkoetan. Ba dauka Errepublica bakoitzak beregaintasun apur bat, baina ez USA-n State edo Alemania Federalean Land bakoitzak baino askoz gehiago. Puntu askotan gutxiago ere bai. Ez da nazioen autonomiarik gordetzen, edota beti dago hau arriskuan. Erresuma arrisku bat da nazioentzat, eta ez aurren-aurrenik laguntza ta garantia, izan behar leukenez.

Erresumaren ikusgunetik* eta haren funtzioan eratzen da nazioen bizitza. Eta ez aldrebes: nazioen funtzioan eta honeei komeni jaken legez Erresuma moldatu. Nazioak baitira* lehenengo, eta gero Erresumak.

(Erresumaren funtzioen textuinguru* honetan, nazioaren lehenengotasunari klasetasuna edo proletargoa* kontrajarri nahi leuskionak ez dau Marx batere ulertu. Erresuma ezer positibotzat hartzekotan, Bakuninismoan erori* barik, lehen-lehenik nazioaren zerbitzari legez pentsatu behar da, eta langileriaren zerbitzari bezala nazioaren baitan*. Proletargo unibertsala sailetan edo taldetan eratzeko, ordea*, naziotan taldezkatu behar da. Eta helburu edo betekizun bereziak daukaz taldekatze honek. Horregatik ez dago nazio-zaletasuna nazismo bihurtzerik).

Baina Erresumak ez dauka esistitzerik, nazioren bategaz bat egin barik. Erresumaren esistentzia zeharo ta erabat* proletargoaren kausagaz berdintzeak, horrexegatik, praktikan ezin dau abertzalekeria izaten amaitu baino. Stalinek, Ungariak, Txekoslovakiak eta egunotako kondaira guztiak erakusten dau hori ondo. Erresuma batean nazioaren aldeko betekizunak eta proletargoaren aldekoak berezi beharra dago, ez teorian bakarrik, erakunde* ezberdinakaz baino. Beti sortuko dira tentsioak, bion ekintza-esferak bakoitzarentzako erakunde propioz eta autonomoz bereizten ez badira. Hau da Jugoslaviak ematen dauan lezioa.

Federazio kontzeptuaren balioa

Jugoslavian aplikatuta ikusten dogun federazio kontzeptua ez ote dago, izan ere, zahartuta? Ez dirudi, federazio-gisa horrek naziotasunen egiazko berdintasuna ta askatasuna salba leikezanik. Beraz, ezta* naziotasunen arteko bakerik ere. Eta agintariek, Tito aurretik doala, gura daben borondate on guztia euki daikee, batasun eta bake hori sortzeko: ezin lortuko dabe estrukturek eman ezin daikeenik.

Sozialismoagaz ezabatu* egingo zirela Erresumak uste eban Marxek, baina ez erabat* (Bakunin-en kontra). Hori ezin dala ikusi da. Baina, lasai-lasai forma zaharrakaz geratu barik, ba dirudi, sozialistek, forma berriak sortuko zituela. Xelebrea ere ba da, sozialistak, eurek federazio-eredu berririk sortu barik, funtsean* federazio-molde kapitalistetako ereduak* hartu ta erabili izana. Baina federaziook geografia ta kondairazko arrazoiakatik sortu izan dira gehienetan, ez naziotasun ezberdinak elkartzen direlako.

Marxek gura eban legez, pentsa daigun Erresuma, aurrenik ezer ez dan eredu ideal bat. Beraz*. Erresumaren batasun kontzeptua ere ez dala ezer. Erresuma ta honen batasun kontzeptua suntsitu* ondoren, pentsa daigun aurrerago, nazioak (herriak) libre direla. Libre izanik, nazioak beretzat bakarrik behar dituan erakundeak* sortzen direla ondoren; eta holan sortutako «Erresumak» erakunde horreek bakarrik eukiko ditu. Hurrengo mailan, proletargoaren* nazio-arteko interesek eskatzen dituen erakundeak sortu beharko dira; eta honeek nazioen gainetikoak izan beharko dabe, euren naturalezagatik beragatik eta helburuakatik*. Eredu honegaz sortu eban Marxek proletargoaren Lehenengo Internazionala.

Eta pentsa daigun orain, federazio hori ez dala ezelan ere Jugoslaviakoa. Ze*, hemen ez dago maila bi horreentzako erakunde ezberdinik. Eta horixe da Jugoslaviako intelektual askori entzuten jakona: federazioa asmo legez* ederto dagoela, baina ez errealidadean. Eta federazioari errealidade onik eman ez jakolako da hori.

Konfederazioaren beharrizana

Erresumaren batasun kontzeptua orpo-orpotik berriztatu arte, ez jako errealidade onik emango federazio kontzeptuari. Hor dabiltza Jugoslaviako sozialistak, sozialismoaren eta nazio-zaletasunaren artean norako barik, Bi aulkiren arteko hutsunean jezarrita*, euren erakundeen bikoiztasunagatik. Nazio-zaletasuna ta Titoren federazioari leialtasuna (Alderdiaren diziplina) ezin konpondurik. Nazio-arteko sozialismoan pluralismoaren aldezkari gartsu direnok estatalismoan amilduta* dagoz eta. Eta kapitalistena baino sozialistenago ez dan Erresuma-batasunaren kontzeptuari amore ematen ausartu* ezinik dabiltza. Erdikoikeria bigun edo moderatu bat besterik ez dan federazio-eredu bati eutsi ezinik, baina derrigor eutsi nahi izanda. Horixe baita* Jugoslaviako federazioa bera ere: erdikoikeriari egiten jakon kontzesio bat. Edo erdikoikeria erreformatu bat. Hori izanik, konpromiso bat. Konpromiso legez*, problema bat. Eta ez soluzioa.

Suiza aipatu ohi dabe, aho betean, euskaldun federazio-zale batzuek. Baina Marxek berak ere ba ekian ondo, federazio (?) hau bapere gustatzen ez jakon arren, beste inon ezindako gauza asko posible dala Suizan. Bere egoerak, kondairak, naziotasunen berezitasunek eta abar kasu aparteko bat bihurtzen dabe Suiza. Euskal Herria edo Jugoslavia pentsatzeko, ezin asko lagunduko leuke. Suiza, asmoz behintzat, Confederatio Helvetica dala ahaztu barik...

Geografiazko arrazoiengatik federatutako Erresumak ere berdin utzi geinkez alde batera. Baina holakoen gisan federatu diren naziotasun ezberdineko Erresumek bietako batean amaitzen dabela esan geinke: Belgikaren kalamidadeetan, edo Ingalaterraren federazio formal hutsean. Zentralismoak jan egiten ditu nazioak, honeek garaiz errebelatzen ez badira. Azkenerako, federazioa ez da, materialki erlikia ohoragarri* bat baino, eta aministrazio kontu soila*.

Ba dirudi, ba, naziotasun ezberdinentzat ez dala beste elkarbiderik geratzen: Erresuma baten federazioa barik, nazio ezberdin bakoitzeko Erresumen konfederazioa.

JOSE AZURMENDI


Mundu biribila

Egunen batean guztiok hippi izan gaitezke

1966.ean edo leher* egin zuen hippi mugimendu zaratatsu honek norainoko garrantzia duen, ez dut uste behar bezainbat* hausnartu eta nabarmenerazi denik gure artean.

Baina nabarmenerazi behar da. Zeren, bistan dagoenez, produzioa aurreratzen eta emendatzen* den arauera*, mugimendu hau mundu guztira hedatuz* doa.

Nola ta nork uka, bestalde, mugimendu honen egiazkotasuna? Nola ta nork uka ere, arinki aztertu izan dugula fenomeno larri* honen funtsezkotasuna*?

Beronen iturburua «Beat Generation» delakoan aurkitu behar da. 1950. urtean edo, N. Brown, A. Watts, A. Ginsberg, L. Ferlinghetti-k eta, teoria mailan oinarritu zuten etendura iraultzaile* hau. Gure arteko nork, ordea* ezagutzen ditu kultura berriaren aintzindariok*? Nork E. Albee, J. Baldwin, S. Bellow, F. O'Connor eta N. Mailer, kritika zorrotz batez, amerikar gizartea kupidagabeki* larrutu zutenak? Gure artean nork, batez ere; J. Kerouac patriarka handiaren nobela gogoangarriak?

Arras* jakingarri da, nik uste, hauek dioskutena, esate baterako, N. Brown-ek. Mundua barbarismora doa. Zibilizazioa barbarismo bihurtzen ari* da. Hala ere, mugimendu honek bultzatuta, USAn milaka doaz ihesi hirietatik basora, naturarekin buruz-buruko harremanetan bizi ahal izateko. Eta joera hau beti gora doala, Mendocino-ko kibbutz-ak dira lekuko*. Homo oeconomicus homo ludens bilakatu* da, hain zuzen.

Gauza jakina da, USAko erreserbazioetan bizi diren indioekiko hippien kidetasuna, haien balore ta kulturaren babestaile suhar* bilakatu direlarik. Harrigarri al da, hortaz*, hippien zibilizazioarekiko ezinikusi hori, honen izenean obratu baita* indioen genozidioa? Harrigarri al da, zapaldutako guztien aldeko atxikimendua* hippien kezka nagusi bihurtu dela?

Hippien artean, joera bizia ta estimu sakona dago antzinako kultura eta bizimoldeen alde. B. Russel bera ere ados dago haiekin: «Kulturari buruz gaurko mundua berdintasun etsigarri* bat da», esan dauku.

Orain gure Euskal Herrira begira, niretzat argi ta garbi dago, euskeraren eta euskal kulturaren alde ez dagoena ezin daitekeela hippi izan, zenbaitzuri besterik iduritu arren ere.

Brown-en ustez, politikatik poesiara goaz. Politika da, hain zuzen, pertsonaren alienazioa, eta hau argi ta garbi salatu behar da. Sikologia mailan obratu behar da iraultza*; osterantzean* ez dago iraultzarik.

Haren ustez, Mendebaleko* zibilizazioarenak egin du, eta belaunaldi* berria guztiz eta zeharo bestelakatu da; ez dago bueltarik. Indiako filosofietara bihurtu gara. Orain arteko gizartearen kondaira, Eros-en errepresioaren kondaira da.

Kultura berriari gagozkiola, oso kontutan hartzekoa da A. Watts. Hau ta Brown haurride* dira funtsean, joera berbera ikusten baita* biengan.

Watts-en ustez, oinarrizko bost gauza daude, beste guztien aurretik irakatsi behar direnak:

- lurra lantzen, bere frutuak eman ditzan.

- nork bere jantziak iruten* eta josten.

- nork bere bizitokia eraikitzen.

- kuzinatzen.

- lagun hurkoa maitatzen.

2000. urtean zer izango ginateke, gure ikastolek, gaurtik bertotik eta eginetara pasatuz, bost gauzok irakastea erabakiko balute?

Zergatik ez, Fred Davis-ek dioena: Why, all of us may be hippies someday, hots*, bai, egunen batean gu guztiok hippi izan gaitezke.

Bai, horretara goaz, bai eta bai. Eta lehenengo zantzuak* aisa* igar daitezke, nik uste.

JOANES ZUHATSUKO

daude, dagoz

dauku, deusku

dioskute, dinoskue

ditzan, daizan

gaitezke, gaitekez


Herri bat, hizkuntza bat

Bizkaieradunen konplejoa

Gizona ezjakituna denean, eta gauza ona eta badaezpadakoa bereizteko gai ez den bitartean, jakintsu izenekoek eta boteretsuek esandakoa eta agindutakoa sinestuko du eta itsu itsuan egingo. «Hoiek guk baino gehiago dakite, guk ezagutzen ez ditugun mila gauza dagozke*», eta mota honetako etsipenarekin* bereganatzen du goitik behera ezarritako pentsaera ofiziala.

Hauxe berberau gertatzen da hizkuntza alorrean* ere. Ez nuke ezer berririk esango, euskaldunok, pentsaera ofizialaren eraginez, geure hizkuntza gutietsia* eduki dugula eta dadukagula esaterakoan. Kultura gaietarako erdera hutsa erabiltzera beharturik, gurea bigarren mailako hizkuntza bat dela erakutsi daukute, eta guk bai ongi ikasi ere.

Hizkuntza zapaldu honen barnean ere, nahiz eta hedadura* hestu eta leunagoan, holako zerbait jazo dela uste dugu, Gipuzkoa eta Bizkaiko euskaldien artean bederen.

Bizkaieradun bat, nahiz Bergarakoa, Bermeokoa nahiz Arratikoa, gipuzkoar batekin euskeraz mintzatzen ari* denean, erdi kikildurik eta lotsati antzean agertzen da. «Hoiek bai euskera garbia dakitela, gure euskera ez da inoren aurrean ateratzekoa», eta horrelakoak maiz* entzuten ditugu. Gipuzkoarrek ere gehienetan ba dute beren «nagusitasun» kontzientzia edo ustea. Sarritan barre egin izan dute, gure hizkera entzutean, eta, harrokeriaz eta guzti, ezer guti konprenitzen daukutela esan gainera.

Nondik norakoa ote dugu gezurrezko ahultasun* konplejo hau? Zalla benetan sustrai guztiak aurkitzea, baina, hala ere, batzuren batzuk bilatzen ahaleginduko gara.

Kultura bideetatik, irrati, publikazio, hitzaldi eta abarretik, gipuzkera heldu zaiku gehienetan.

Elizgizonak eta liturgia, Debako errekarroan* behinik behin, gipuzkerazkoak ditugu; eta apaizak, bertakoak direnetan ere, sermoiak eta abar gipuzkeraz egiten saiatu izan dira. Eta ba dakigu, apaizen esanak eredutzat* eduki dituela herriak.

Eta ba liteke, bizkaieraren barneko zenbait* gauzak ere bere influentzia izatea. Alegia*, bizkaiera gipuzkera baino zatituago dago noski*. Herri batetik besterako aldea, doinuan batez ere, igartzekoa eta gehiagokoa da. Euskalkiaren barneko bereiztasun honek, hizkera berean herri barrukoek bakarrik dihardugula ikuste honek, sikologia aldetik bere garrantzia duke*, konplejo hau sortzeko.

Eta bokalen artean sartzen dugun X horrek ere ba duke* berea, gure euskera garbia ez dela geure buruari sinestarazteko.

Beraz*, konplejo hau ez datza* bizkaieraren beraren hutsetan, bizkaieradunok, kanpotik apur bat lagundurik, bilatu nahi izan dizkiogunetan baino. Ez dago esan beharrik, bizkaiera beste edozein euskaldi ainakoa* dela. Eta, hizkuntza mailako arrazoiak aztertu ondoren, puntu askotan gipuzkera baino jatorragoa eta hobeto gordea dela dioskute hizkuntzalariek. Adibidez, A organikoa edo itsatsia* Bizkaian hobeto gorde da. Gauza bat, eliza bat, huskeria bat da jatorra, bizkaieradunek esaten dugun legez; eta ez gauz bat, eliz bat, huskeri bat, Gipuzkoan gaur entzun daitekeen bezala.

Aditzari dagokionean ere, bizkaiera aberatsagoa omen* da; bai eta gramatikazko beste zenbait* puntutan ere. Xehetasun* batzuk Larresororen «Sustrai Bila» liburuan bila ditzakegu.

Gaur, batasuna derrigorrezkoa dugun garai honetan, beste euskalkiak eta batasunerako oraingoz urratuta dauden bideak geureganatzen eginahalak egin behar genituzke; baina ez bizkaieraren lotsaz garelako, Euskal Herriaren eta euskeraren zerbitzuan, bide erakusleei amore ematen lehenik, eta gartsu saiatzen gero dakigulako baizik.

Eta euskaldien elkarren arteko berdintasuna onartzen badugu, inork ez beza aurrez esan, bere euskalkiko aditza* edo beste, batasunerako egokiena eta beharrezkoena denik, hizkuntzalariei entzunda gero, demokrazia bidez, euskalki guztietakoen artean erabaki arte.

JOAN MARTIN ELEXPURU

beza, bei

daude, dagoz

daukute, deuskue

dioskute, dinoskue

ditzakegu, daikeguz

dizkiogu, deutsaguz

zaiku, jaku


Herri bat, hizkuntza bat

Ermua, Chicago bigarrena?

Ermua eta beste herrietako gizasemeen artean sarri askotan entzun izan dugu esan hau: Ermua, Chicago bigarrena? Berdinkatze horrek bere arrazoiak ba dituela zalantzarik* ez dago. Beraz*, herria ezagutzeko, gertatu dena aztertu behar dugu.

Askok ere ba diote, Ermua ez dela lehen bezalakoa. Lehen herri polit eta ttipia zelarik, denak elkar ezagun ziren eta elkarrekin harreman asko zituzten. Orain, ostera, herri aspergarria da, bertan bizitzera etorriak ezezagun eta ezberdinak direlako.

Beste askok herriaren egoerari begiratzen diote. Kaleak hestu eta txarto amaituak daude. Etxeak, pilotuak, zatarrak eta edonola eginak. Ikastola gutti dago. Ura eskas dagoela, irol* eta pizalekuak behar den legez* ezin garbitu, zikin usaina dariela. Askok, herria erdaldundu dela diote. Euskera gutti entzuten da, eta dakiten askok ez dute egiten. Ekandu* on asko galdu da. Galego hizkuntza gehiago egiten da euskera baino. Arrotz larregi* bateratu da, izakera eta jakintza ezberdinaz, gehienbat galegoak.

Ezkongai seindun* emakumeak zenbatzen dituzte beste batzuek; baina zarata, haundiagoa da egia baino. Era horretako gauza asko dakusagu, eta lerro hauetan ezin esan guztiak. Chicagorekin berdinkatzea larregi esatea eta gehitzea dela esan beharra dago. Horregatik azterketa bat egin behar dela uste dut. Nik zeredozer agertuko dautzuet.

Lehengo eta gaurko egora

Ermuak Gernikako Biltzarre Nagusietan eserlekua zedukan.

1960. urterarte herri ttipi bat zen. 3.000 lagun ez ziren bizi. Ehuneko laurogeitamarrek langintza ttipi eta etxekoi zirenetan lan egiten zuten. Herritarrek, aspaldian bertan jaio ta bizi zirenek, eta familia gehienek urte asko zeramaten leku berean bizitzen.

Baina, bat batera, estabilizazio ondorengo lantegien gehitzeaz, Ermua bildurgarrizko herri haundi bat bihurtzen da, eta gaur egun 20.000 inguru bizilagun ditu.

Eibarren gehitzea eta herriko lantegien ugaritzea, Ermuren gehitzeko eta haunditzeko zioa* izan da. Ehundik gora langile dituzten lantegiak bat baino gehiago dira.

Etxeak edozela egin dira: batzuk bizitza gehiagokoak, besteak ttipiagoak, sekula ere ez neurri eta molde batean taxutuak. Etxeak perretxikoak legez ugaritu dira, edozein leku, aldatz eta tokitan.

Urko pean, Ego ibaiak inguratuta, zulo batean dago herria; eta egokiera haundirik ez dago, herria gehitu den legez gehitzeko.

Bat-baterako gehitze honek nahi ta nahiezko kalteak dakartza. Etxeetarako ur eta osasunbide, eta herrirako pizaleku, irol* eta osterantzekoak behar den legez ezin osotu daitezke.

Zio* honek, herriaren haunditze honek, bertakoen nortasuna gal eragiten du, eta herbestetik etorriak ezin dira sustraitu.

Euskaldunak beren izakera galduz doaz. Arrotzak, ostera*, beren jatorrizko izaera baztertuta, artzain gabeko artalde bat bihurtuz doaz.

Herriaren haunditze horren aurretik, Ermuarren harremanak iraunkor eta jakinak ziren. Orain, ostera, bertakoak eta herbestetarrak pilo batean nahastuta agertzen dira. Honekin ez du inork irabazi.

Ohar* guztiok, zeredozer adierazi nahirik idatzi ditut.

Etorkizuna

Zer ondoren ekarriko du herriaren gehitze honek gizarte arazoan? Zergatik ez ziren, behar den neurri eta planifikazio on batekin, etxe eta olen* arazoak zuzendu eta langileen gehitzea eratu?

Zergatik ez, ola ta lantegiak behar den lekutan kokatu*? Lehenago edo geroago lantegien aldakuntza etor liteke. Eta, orduan, Ermua zeta bertako bizilagunez zer gerta liteke? Hemen dago iltzea*.

Ermua ez da txarragoa edo hobeagoa bere aurpegi polit edo zatarragatik. Bere ekonomia gehitzeko erakundean ez du behar bezalako arduraz jokatu.

Gizonok ez dugu, baina, geldi egon behar, gauza asko ondo egin ez direlako. Herriaren loaldia esna* erazteko ekintzak hasiak dira. Garrantzitsuenak, «Arce» eta «Centro Gallego»ren ekintzak aipatu behar.

«Arce» herri guztiko gizakiei zuzendua da, eta bertan jaiotako gazteek eratua. Elkarte honen ekintzak zail eta gogorrak dira, herritar ardura gabekoak eta lo daudenak aurka daduzkatelako. Beraz*, gauza haundirik ezin lor. Futbolez eta Urtainez elikatuta* dauden gizakiekin zail da zerbait egitea. Haintzat hartu behar luketen arazoaz ez dute ezer jakin gura.

Baina, hala ere, ba dira batzuk, ekin eta jarrai diharduenak. Haiengan ba dugu itxaropen.

ZIARSOLO

daduzkate, daukez

daitezke, daitekez

dakusagu, ikusten dogu

daude, dagoz

diote, deutsoe; dinoe

zedukan, eukan

zeramaten, eroien, eroaten eben


Alemania. Hamar urteko sexu-bolada

Orain hamar urte eman zitzaion hasiera sexu-boladari*, eta, beronen zaleen ustez, «gure ezkontzari mesede egitekoa zen askatasun sexual hori». Dudarik ez zegoen horretan. Bestela pentsatzen zutenak atzeratu batzuk besterik ez ziren.

Hamar urte geroago inkesta* batzuk egin dira, sexu-bolada horrek eman dituen frutuak aztertzeko. Hona zeintzuk diren:

1970.ean, % 40 dibortzio gehiago izan da 1960.ean baino. Zergatik?

- Beste hainbat arrazoiren gatik ondoezak jota zeuden ezkontza askok, beren ezkontza haustean, lotsakizunik aurkitu ez dutelako.

- Ezkontza desegin nahi zutenei juzgaduek erraztu egin dizkietelako bideak.

Beste ondorio batzuk:

- Harreman sexualetarako eragozpenak zeduzkaten zenbait* ezkonduri bide eman die sexu-bolada horrek, gauzak garbiago jakiteko eta lotsatu gabe ezkontza-lagunarekin jarduteko. Haunditu egin da horrela zoriona hainbat ezkontzatan.

Kontuan hartzeko beste ohar* bat: gizonari baino mesede gehiago egin dio emakume ezkonduari sexu-aldi horrek. Batetik, bere buruaz hobeto jabetzeko aukera eman dio; eta gainera, lehen, ezkontzatik kanpora, «lagunekin» ibiltzeko libertadea gizonak bakarrik-edo zuen bezala, orain emakumeak ere berdin du. (Berdintasun tristea benetan hauxe). Horrek ekarri dituen ondorioak bi eratako izan dira:

- Batetik, hondatu egin ditu ezkontza asko ta asko.

- Bestetik, etxekonaren* «sagarrei» begira gehiegitxo zebiltzan gizon askori, etxekoari hobeto begiratzen lagundu die; eta sendoago egin dira horrela ezkontza bat baino gehiago.

Sendagileen eta osasun ministerioaren ustez, sexu-aldia dateke* azkeneko urteotan gaixotasun sexualek ukan* duten ugaltzearen zio* ta sorburu. Hona datu batzuk:

1966.ean ia desagerturik zeuden Alemanian sifilis eta blenorrea direlako gaitzak. Orain, lau urte geroago, gero ta ugariagotzen ari* dira. Dr. Preuyss, gal horretan espezialista denak bildu dituen datuei begiratuz, igazko urtean bakarrik, doblatu egin dira blenorrea gaitzak jotakoak.

Sifilis gaitzari dagokionez, Hamburgon 5.000 kasutan ugaltzen da urteko, gaitz horrek kutsatutakoen kopurua*. Munich-eko osasun erakundeak* 3.612 kasu apuntatu ditu azkeneko hamabi hilabete hauetan.

Baina horrekin ez da dena amaitzen. Gaitza bera egin da gogorrago eta sendatzen nekezago. Lehen, 150.000 penizilinazko unidade aski* ziren, gaitza sendatzeko. Gaur egun, 24.000.000 (milioiak, bai!) behar dira, gaitza menderatuko bada.

Sexu-bolada hasi zanetik eta hona, % 10-etan guttitu da jaiotzen kopurua. Pastillen eta gainerako jaiotza-eragozgailu guztien zabaltzeak % 60-tan guttitu ditu jaiotzak Alemanian 1961.etik 1969.era bitartean.

Sendagile ta sikologoek frogatu* dutenez, ba da gizonetan gehiegikeria sexualek sortarazi duten beste ondorio bat: gehiegikeria hori dela ta, aleman gizonetan % 75 ahalezinak edo inpotentziak jota daude; eta, beraz*, ez dira gauza, beren harreman sexualak behar bezala egiteko edo burutzeko*. Hau dela bide, problema latzak sortzen dira senar-emazteen artean.

Eta arazo guzti hauetako orkesta-maisua: negozioa ta dirua. Orain hamar urte, 5.600.000 marko (105.960.000 pezeta inguru) egiten zuen sexu-negozioak. Gaur egun, 35.700.000 marko (6.818.700.000 pezeta inguru) egiten du.

Datu hauen aurrean, gogoeta bi bururatzen zaizkit. Sexu-bolada horri hasiera eman zitzaionean, hala esaten zen: «Gaurko kontsumoko gizartean kateatuta, tabuen menpean dago gizona sexu aldetik; eta gizon horri bere buruaren kontzientzia ta jabetasuna emango bazaio, desegin beharrak daude tabuok eta erlijio ta gizarteak berekin antzinatik arrastaka ekarri dituen aurre-eritziok». Eta gizonaren askatasuna aldarrikatu* zen. Bitartean, zer eta beste kontsumokera bat sortzea besterik ez da lortu. Lehen kontsumoko gizartearen kateak lotuta bazedukan gizona, orain beste maila bat gehiago erantsi* diote lehengoari. Eta okerrena: sexu-grinaren kateetatik benetan aska dezakeen helpide* bakarra, deseginda eta eragabetuta utzi dute: maitasuna! Bai, maitasun benetakoaren zentzuna bera galdu dute. Eta hor ari dira deitura berriak sortzen: gorputz-maitasuna, sexu-maitasuna, lagunarteko maitasuna, gaualdi bateko maitasuna, eta abar. Benetako maitasuna, lagunagatik nork bere bizia ematea dela esan zuenak, maitasunkera materialista ta xelebre hoik baino zeredozer jatorragoa eskaini zuen horraitio!

FERNANDO MENDIZABAL

daude, dagoz

dezake, daike

die, deutse

dio, deutso

diote, deutsoe

dizkiete, deutseez

zaizkit, jataz

zaio, jako

zedukan, eukan

zeduzkaten, eukezan

zeuden, egozen

zitzaion, jakon


Ajuria

Ezagutu Ajuria. Behin Lizundiak esaten euskun, Ibarruriko auzune bat zala. Egia da. Baina Ajuria hori baino gehiago da.

Zugaztietatik hiru kilometrora aurkitzen da, «Balcón de Vizcaya»tik Lekeitiora doan kaminoaren hegalean. Barrio batua, hamar-hamabi etxe berbertan, berrogeitamar bizilagunegaz; inguruan beste horrenbeste.

Nire eritziz, auzune aurreratua, argi elektrikorik euki ez arren. Hauxe penagarria, garai honetan! Halan eta guztiz ere, iluntasunik ez daukagu, nahiz eta argi barik egon. Nonbaiten entzun dot, laster izango dogula. Holan balitz!

Aurreko lerroak parentesi bezala jarri ditut. Noan, auzune aurreratua dala azaltzera. Hara ezagugarri bat: Gure auzoko bost baserritarrek «cooperativa agrícola-ganadera» bat esplotatzen dabe, eta zelan! Urte bi dira, kortako obrak amaitu zituela; eta gaur korta hori gainezka dauke, ikusteko ganaduakaz. Diputazioak saritu egin ditu euren ahaleginak, obran eta tresnetan egin dituen gastuen ehuneko hamar emanaz. Diruaren ordez, lau arrazako behi eman deutsez.

Hainbat bisitari, izaten ditu granjak, eta gehienek hau esaten dabe: Benetan ederra dala, gutxi dagozela haren bestekoak, zeinek euki leian, eta abar. Baserriaren aurrerapena hor dagoela dinoe: elkartzean. Izan ere, haundia da ekipoan lan egitea, hartuemanak ugaritzea, andrazkoa baserriko lan gogorretatik askatzea... Eta emakumea aipatu dodanez gero, esan daidan eurei buruz ere zeredozer. Osotasuna lortu nahirik, kooperatibistok «economía doméstica»n gertatuta dagoen andereño bat hartu dabe laguntzaile. Astearte* guztietan etortzen jake, eta danak pozik eta gogotsu dabiltza.

Geure apaizaren eguna ospatu genduan abenduaren 26an. Beste urteetan legez*, ahal izan genduanik eta berotasunik gehienaz ospatu ere. Nahiz eta bera gugandik urrun aurkitu, zihur gagoz, gogoz geure artean dogula, eta egun horretan zer esanik ere ez. Ajuritik Zamorarainoko zorionak, Don Alberto, eta zure herritarren promesa hau: Ez zaitugula ahaztuko.

Azkenez itaun bat: Euskera batuan, zergatik Axuria eta ez Ajuria?


Zine ta teatru

"El Caserío"

Abenduaren 18an, Guridi musikalariak egindako «El Caserío» zarzuela berriro jokatua izan zen Gasteizen.

Eratzaileak: Subnormalen aldeko Elkargoa*. Antzezlariak: Bilboko «Agrupación lírica del Club Landachueta» delakoa.

Antzokia arras* beterik zegoen, antolatzaileen zorionerako.

Irakurlerik gehienek nik baino hobeto ezagutzen dute nonbait zarzuela honen doinua. Musika aldetik zer esanik ez dut, laket* zaitala baizik. Hala ere, gogora datorkit Guridi beraren beste zarzuela bat, «Mirentxu» alegia*, askoz helduagoa iruditzen zaitana.

Hizkuntza

Gaztelania erabili zuten, «baskoek» darabiltena, «casar nos haremos pues» eta honelako umekeriez baliaturik. Hori bai, beren jatortasuna zalantzan* ez jartzeko, honelako hitzak entzuten ziren: agur, ene Pantxiska, mozkorra, etorri, karramarro, eta abar. Nik behintzat askoz nahiago dut euskeraz egin, eta tarteka «adiós, señores; ¡ay de mí, Francisca!» eta honelako hitzak esatea.

Nire ondoan eserita* zegoen neskatilla batek galde egin zeutan: «Hau bilingue al da?» Nik, haserraturik, erantzun: «Ez, hau unlingue da».

Egilearen textoa haintzat hartu behar dela ihardetsiko* daut norbaitek, baina «Gaceta Ilustrada» aldizkariari eta «Chocolates Ezquerra» delakoari egin zizkieten aipamenek ere ez dute fideltasun izpirik erakusten inongo aldetik. Hau ikusitakoan, itxadoten nengoen ea telebistako anuntzioren bat ere antzezten zuten.

Antzezlariak

Ana Mariz jantzi zenak ondo samar bete zuen bere zeregina. Bere bozaren jabe azaldu zitzaikun batez ere.

Txominek, berriz, agertokian egoten ere ez zekien. Haren boza nolakoa zen, ezin diezakezuet esan, ez bainuen batere entzun.

Ondarroako arrantzaleen «Kaxarranka Dantza» delakoan, kutxa gaineko mutila ikustea aski* zen begiak ixteko. Hura zen oreka! Jendea aieneka hasi zen, noski*. Hitz batez, piztiak bakarrik falta ziren.

Orkesta

Orain artekoa biribiltzeko biderik pitxigarriena. Gai honetan —besteetan ere ez— ez naiz teknikoa. Baina, gurasoei esker, belarriak beren lekuan baditut, «Club Landachueta»ko orkestak, eta herriko jaietako deihadarrek antza handia dutela esan dezaket.

Egia esan, desegin baino ez dut egiten. Izan ere, folklore jatorraren hondatzaileak hondatzea ohorezko* dut.

«Gaztetxu» dantza taldeak, berriz, ondo zertu zuen bere zeregina. Taldea osatzen duten neska-mutilek, umeak izan arren, tankeran daudela ematen dute. Txalo beroak «Gaztetxu» taldeari.

EDUARDO

daut, deust

dezaket, daiket

diezakezuet, deiskizuot

zait, jat

zeutan, eustan

zitzaikun, jakun

zizkieten, eutseezan


Zine ta teatru

"El compromiso" edo "Ilusio baten amaiera". Elia Kazan filmegarriarena

Lehenengotik esan behar dot, Elia Kazanen zale bero bat naizela. Ez dakit zergatik, baina, «Viva Zapata», «La ley del silencio» eta «Al Este del Eden» ikusi nituanean, filme horreek barru barruan sartu jatazen, eta harrezkero egin dituanak ere interesgarriak iruditu jataz, bereziki* «Esplendor en la hierba» eta «América, América».

Filmegile ospetsuen artean, Elia Kazan oso diskutitua da. Batzuentzat ez dauka zereginik, goitik behera jausita dagoela ta. Besteentzat, berriz, oso habila da. Ene ustez, bere filme guztiak oso interesgarriak dira.

Egia da, filmeak egiten beroa dala, eta berotasun horrek neurria galdu eragiten deutsola; edo, argiago esanda, bere pelikulei barrokismo usaina darioela. Baina, halan eta guztiz ere, aparteko trebetasuna dauka, batez ere aktoreak zuzentzen.

Bere pentsaera eta ideologia hauxe dala esango neuke: era guztietako injustizien, elkar burruken eta zapalkuntzen kontra deihadar egitea, eta zintzo egin ere. Ez da gutxi!

Istanbulen jaio, eta, lau urte eukazala, bere familiarekin Ipar Amerikara joan zan. «América, América» pelikulan, bere gurasoen eta bere herritarren (Turkian bizi diren armeniarren) askatasun gose-egarria adierazten deusku. Armeniarrak pobreak ziren eta zapalduta bizi ziren; eta Amerika, diru eta aberastasun tokia baino gehiago, askatasun lurra legez* agertzen jaken. Amerikara heltzen danean, Stravos-ek mun egiten deutso lurrari: bere antzinako ametsa bete da, bere betiko poza Amerikara joatea izan da ta.

«América, América» filmea ikusi ez dabenek ez dabe behar dan legez ulertuko «El Compromiso». Zer da pelikula honetan agertzen jakuna? Amerikara ilusioz beterik heldu zan gizona, orain nazio horretako soka guztiekin lotuta aurkitzen da. Edozein medioz baliaturik, aginpidea, fama, dirua lortu dau, baina gizarte horretako tresna bat bihurtu da. Dana daukala esan leiteke, baina gizontasuna eta askatasuna falta jakoz. Benetako maitasuna ere urrundu egin jako. Eta mundu horretatik, erosotasunez* beterik dagoen mundu horretatik ihes egiteko, bide bat bilatzen dau: bere burua hil nahi ostean, zoro etxe batean sartu. Puntu honeek hausnartzen ez dituenentzat, pelikula hau ipuin bat dateke*.

Amerikako mundu hori egoki aztertzen dau Kazanek. Berotasuna dauka. Oraingoa eta lehengoa («flash-back» bide dala) ederki nahasten ditu.

Aktoreen aldetik, Kirk Douglas eta Faye Dunawey-ek lan bikaina egiten dabe; Deborah Kerr-ek, ostera, bere gozotasunean lan motela egiten dau.

Filme interesgarria!

BENITO ANSOLA


Euskaltzaindiaren batzarrea

Joan den abenduko 30-ean, goizeko 11-etan, Euskaltzaindia Iruñean batzartu zen, Nafarroako Museoan. Batzarre arrunta izan zen, hilabete oroz egin ohi duen hoietakoa.

E. Uranga jaun, «Príncipe de Viana» elkargoaren buru denak, ongi etorrizko hitz batzuk zuzendu zizkien batzarkideei, eta Príncipe de Viana-k euskeraren alde egiten dituen lanetan parte handiagoa hartzeko eskatu zien.

Batzarrean, euskaltzainburu den Aita L. Villasante jaunak txosten bat irakurri zuen, euskera idatziaren arauak estudiatzeko batzorde bat jarri behar dela esanez, eta batzorde hori osatuko dutenen izenak proposatuz.

Idazkari-ordea den J. L. Lizundia jaunak beste txosten bat irakurri zuen, batzarre arruntak egiteko era edo ibilpide-legea nola izango den adieraziz, eta Euskaltzaindiaren sail eta batzorde guztien organigrama erakutsiz.

Gero euskaltzainburuak beste azalpen labur bat egin zuen, Euskaltzaindi barruan sail berri bat sortu behar dela esanez. Sail honen egitekoa hau izango da: Euskaltzaindiari buruz berri zehatz eta zuzenak egunkari eta aldizkarietara bidaltzea. Hemendik aurrera zeregin hau Euskaltzaindiaren zuzendaritzak bere gain hartuko duela erabaki zen.

Batzarre horretan bertan «Andima Ibinagabeitia Saria» (mila dolarreko saria), irabazle gertatu den Aita Gillermo Larrañaga jesuitari eman zitzaion. Sari hau Caracas-ko «Euskera Lagunen elkarteak» jarria izan da, eta estrainako aldiz Aita Larrañagari eman zaio «Landare Jakintza» izena duen lanarengatik. Euskaltzainburu jaunak hitzaldi bero batean Sari Emate honek duen garrantzia eta irabaztunaren dohaiak eta mereziak aipatu zituen, Aita Larrañaga izadiko jakintzak euskeraz jartzen langile isil eta neka-ezina izan baita. Ondoren batzarreak aho batez laguntzaile izendatu zuen Aita Gillermo Larrañaga. Azkenik, batzarreak telegrama bat Estaduaren Buruzagi jaunari bidaltzea erabaki zuen, Burgosko auzipetuentzat erruki eske. (Euskaltzaindiko Prensa-bulegoaren agiria).


Ikasi zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ADITZ, verbo.

AGIAN, nonbait, hurrean, aurki, seguramente.

AGIRI, documento.

AHULTASUN, makaltasun.

AINITZ, asko.

AINAKO, besteko, bezainbateko.

AINTZINA, aurrera.

AINTZINDARI, aurrelari, precursor.

AISA, erraz.

ALDARRIKATU, proclamar.

ALEGIA, a saber, esto es.

ALOR, arlo.

ALTZEIRU, galtzairu, acero.

AMILDU, derrumbarse, precipitarse.

ARAU, norma, regla.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARE, oraindino.

ARI IZAN, jardun.

ARRAS, guztiz, oso.

ARRO, cuenca.

ASKI, nahiko.

ASTEARTE, martitzen.

ATXIKIMENDU, tenacidad.

AURKI, nonbait, agian.

AUSARTU, atreverse.

AURTEMEIN, arestian, oraintsu.

BAHITU, dejar en depósito.

BAITA, bait da, da ta.

BAITABE, bait dabe, dabe ta.

BAITAN, barruan.

BAITIRA, bait dira, dira ta.

BELAUNALDI, generación.

BELUMENDU, retraso.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREZIKI, principalmente, sobre todo.

BEZAINBAT, aina, beste.

BILAKATU, bihurtu.

BOLADA, aldi, unada, oleada.

BORDELE, Burdeos.

BULEGO, oficina.

BURUTU, amaitu, bukatu.

DAGOZKE, dagoz nonbait, egongo dira.

DATEKE, da nonbait, izango da.

DATZA, está, consiste (etzan aditzaren forma).

DEITURA, apellido.

DIGANTE, gigante.

DUKE, du nonbait, izango dau.

EDOZENBAT, zenbatnahi.

EGITURA, estructura.

EKANDU, ohitura.

EKIALDE, eguzki alde, Este.

ELIKATU, alimentar.

ELKARGO, elkarte, elkartasuna.

EMENDATU, aumentar.

ENPARADU, restante.

ERABAT, zeharo, completamente.

ERABATEAN, completamente.

ERAKUNDE, institución.

ERANTSI, añadir.

ERDU, zatoz.

EREDU, modelo.

ERORI, jausi.

EROSOTASUN, comodidad.

ERREKARRO, cuenca de río.

ESERI, jezarri.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

ESNA(TU), itzarri, itzartu.

ESKUALDE, comarca.

ETSIGARRI, desesperante.

ETSIPEN, resignación.

ETXEKON, coinquilino.

EZABATU, desaparecer.

EZTA, ez eta, tampoco.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTSEAN, fundamentalmente.

FUNTSEZKOTASUN, importancia básica.

GURPIL, errobeda, rueda.

GUTIETSI, menospreciar, subestimar.

GUTUN, eskutitz, carta.

HAATIK, hala ere.

HARAN, valle.

HAURRIDE, anaia.

HAUTEMAN, observar, verificar.

HAUTESKUNDE, elección.

HEDADURA, extensión.

HEDATU, extender.

HELBURU, fin, objetivo.

HELPIDE, recurso, socorro.

HERRIALDE, provincia.

HILABETEKARI, revista mensual.

HIRUHILABETEKARI, publicación trimestral.

HORTAZ, beraz, por consiguiente.

HOTS, hau da.

HURBIL, hurre.

IDORO, eriden, aurkitu, atzeman.

IGAN, igon, igo.

IGERTOKI, piscina.

IHARDETSI, erantzun.

IHIZI, caza.

IKUSGUNE, punto de vista.

ILTZE, untze.

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro.

IRAIL, septiembre.

IRAULTZA, revolución.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IROL, komun, retrete.

IRUN, hilar.

ITSATSI, adherir.

JADANIK, ya.

JAZO, gertatu.

JEZARRI, eseri, sentarse.

KOKATU, jarri, colocar.

KONDAIRA, historia.

KIROLA, deporte.

KONTATZEKE, kontatu gabe.

KOPURU, suma total.

KUPIDAGABEKI, sin compasión.

LABORANTZA, agricultura.

LAGA, larga, utzi.

LAKET IZAN, atsegin izan.

LAR, gehiegi.

LARREGI, gehiegi.

LARRI, haundi.

LAUTADA, llanada.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHER EGIN, explotar.

LEKUKO, testigo.

LORRATZ, rastro, vestigio.

MAIZ, sarri.

MENDE, siglo.

MENDEBAL, occidente.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

NABARITU, advertir, notar.

NASAI, ugari, abundante.

NOSKI, naski, ciertamente, claro está.

OHAR, nota.

OHORAGARRI, venerable, honorable.

OHORE, honor, honra.

OLA, fábrica.

OMEN, ei.

ORDEA, berriz, ostera.

OREKA, equilibrio con cierto movimiento.

OSTERA, berriz.

OSTERANTZEAN, bestela.

OSTERANTZEKO, bestelako, distinto.

PROLETARGO, proletariado.

SEINDUN, haurdun.

SOIL, simple, mero.

SUHAR, sutsu.

SUNTSITU, ezabatu, desaparecer.

TANKERA, taxu, estilo.

TEXTUINGURU, contexto.

UDAL, ayuntamiento.

URBIETA, confluencia de río.

UZTA, cosecha.

UZTAIL, julio.

XEHETASUN, detalle.

ZAIL, gatx.

ZALANTZA, ezbai, duda.

ZANTZU, barrunto, señal.

ZE, zeren, pues.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN, ze, pues.

ZIO, motivo, causa.


Ikasi zeure hizkuntza

II. Puntu batzuei erantzuna

XABIER KINTANA

Gazteen artean inork erabili ez arren, edo oso guttik, ez legoke gaizki berresatea, -tar hori oso xarto dagoela, eta Agirretar Begoña, kasu, ez dela ezer euskeraz, orain hirurogei ta hamar urte inguru, herriko usadio guztien kontra, asmaturiko berrikeria bat baizik. Izen-deiturak* esateko, lehengo garaietan, -ko atzizkia erabili da (Ikus Peru Abarkan, Peru Landetako), eta denbora modernoagootan izena eta deitura jarri dira bata bestearen ondoren sinpleki. Hala ere, -tar hori familiatasuna adierazteko enplegatzen da, baina beti bakarrik: Agirretarrak dira hoik, zu Agirretarra zara; baina oraino ez da jaio Ni Agirretar Manu naiz berez dioen euskaldunik.

Azkenik, beste puntu bat aipatu nahi dautzuet. Ba dira zenbaitzuk, sasietimologiaz baliaturik, gaztedi idazten dutenak. Hitza ez da gazte+di, baizik gazte+teria (umeteria bezala), kakofoniaz gazteria gelditzen dena, azkeneko -a organikoa delarik (beraz gazteria bat).


Ezagutu geure Herria

Hego-Ekialde Araba. Osingani

Ba da ibai bat Araban, Gorbean jaio eta Miranda ondoan Ebrorekin bat egiten dauana. Bere gaurko izena Bayas da. Izen hau urbietan* dagoen herrixkatik hartua da nonbait. Izen jatorra, hala ere, Baia da, X mendean* horrela agertzen baita*. Nahiz eta Ebroren ezkerraldean egon, Burgosko probintzia barruan aurkitzen da herri hori, antzina Arabakoa izan bazan ere.

San Millango Kartulario famatuan, ibai hau Osingani izenagaz agertzen da, eta orain estudiatzen hasi garen eskualdeko haran* eta herrixkak hartzen ditu, hain zuzen ere. Ibai hau ezagutzen dauanak ondo ulertu leike Osin izena, -gani hori argi ikusten ez badau ere. Gani, oraingo gain edo gane ote da? Metatesi bat egon ote da? Idazleen errakuntza ote? Ez dakigu; baina uste dogu, izen hori askoz egokiagoa dala ibaiarentzat Bayas baino, berau urbietako izena bakarrik dalako, eta beste izena zaharragoa eta Arabako kondairan* finkatuagoa dalako, gaur ahaztua bada ere, beste gauza askoren antzera.

Eskualde* honetako ibai arroan*, orain sei udal* aurkitzen dira: Zula, Urkabustaiz, Kuartango, Ribera Alta, Ribera Baja eta Salzedo. Lehenengo biak Gorbealde eskualdean sartu ditu Diputazioko planifikatze bulegoak*, baina probisionalki, autobidea nondik joango dan zain. Basauritik Mirandara joango balitz, Zuia ez beharbada, baina Urkabustaiz harana Osingani eskualdean sartuko lizateke.

Eskualde honi, autobide hori bertatik igarotzeak mesede asko ekarri leiskioz, lehengoa jazotzen* ez bada: nahiz eta Bilbotik Mirandarako trenbidea bertatik igaro, eta Izarra, Zuhatzu, Pobes eta Ribabellosan geltokiak izan, ez da ezer desarrollatu.

Ibai arroaren erdian dagoen harana Kuartango da, eta bertako herrixkarik handiena Zuhatzu. Errixka hau, zelai ederrean baitago, industriaren promozionatze egoki batekin, eskualde osoaren buru izan leiteke. Baita Zubilana ere, Gasteizerako bide gurutzean dago ta; baina herrixka honek ez dauka hain lautada* erosorik. Baita Ribabellosa, Ribera Bajako udalburua ere izan leiteke, industria gehitzeko toki egokian baitago, baina Mirandatik hurbilegi*. Esan egin geinke, ba dala eskualde honen huriburu berezko bat: Miranda; baina hau XV menderarte* Arabakoa izan arren, gaur zoritxarrez ez da; bestela, Uda eta Osingani eskualdeen huriburu egokiena eta eztabaida bakoa izango lizateke.

Osingani eskualdeak, Zuia eta Urkabustaiz udalak kenduta, 268,62 km.a eta 3.561 bizilagun ditu.

Industria aldetik, ba dago ola* handi bat Salzedo udaleko Komungoni herrixkan, «General Química» izenekoa. Ribabellosan ere ba dira ola batzuk, Pobesen igeltsutegi bat, Zubilanan harrobi bat, eta Kuartangon lantegitxo bat. Jendea urritu orduko, ondo letorke Diputazioak-edo zerbait egitea; baina, agintari eta enpresa gizonen ahultasunagatik*, dagoen eran aurkitzen dogu eskualde hau.

Baserria, ostera*. motel samar dago. Bere lurrak honetara dagoz banatuta: Lehorreko lur landuak 95,17 km.2, lur landu erregatuak 0,49 km.2, larre eta landa 107,20 km.2, basa larre 49,33 km.2, arboladun basoak 27,30 km.2, ezertarako ez diren lurrak, haltz eta abar 9,16 km.2 Patata eta azukre erremolatxa dira eskualde honetan gehien hartzen direnak.

Hizkuntza aspalditik erdera da, nahiz eta ibai arro guztiko toponimiarik gehiena euskalduna izan. Herri banaka batzuetan erdera antza harturiko izenak agertzen dira, bai eta erdaldun hutsak ere. Hemen arazo bat planteatzen jaku: erdaldun izena bakarrik dakigunean, bertanbehera utzi ala euskeratu? Gure uste apalez, lehenengo bidea agiri* zaharretara jotea da. Handik ikusten dogu askotan, gaurko izen «ofiziala» erdal kutsatuta dagoela; adibidez, eta eskualde honetan, orain Barrón dana, lehen Barboa zan. Hori ez daukagunean, analogia bidetik jo, eta antzerako izen-bukaeretan zer jazotzen* dan ikusi. Azkenez, erdal izena huts hutsean daukagunean, zer egin? Nire ustez, beste Herrietan egin dana egiteko eskubidea ba daukagu: txekoek eta polakoek egin daben antzera, lehengo hizkuntza ofizialetik Herri hizkuntzara itzuli, hori ere ezagugarri nazional bat da ta. Orduan, ez ote geinke egin, eskualde honetako Ribera Alta eta Ribera Baja udal bien izenak euskeratu eta Ibargoiti eta Ibarbeiti deitu? Nafarroan ere ba da udal bat Ibargoiti izena daroana, eta, euskal izena badaroa, euskeraz oraintsu arte egiten izan dalako izan da nonbait; eta ez zan berdin gertatuko, Arabako eskualde honetan aspalditik hizkuntza arrotza sartu ez balitz? Gainera, idazlan honeek saiakera batzuk besterik ez dira; eta, era horretakoak izanik, probisionalak dira, beste idazle nahiz erakunde batek zerbait esan edo erabaki arte. Eritzi batzuk jaso ditugu arazo honetaz, eta irakurleari gure jokamoldea agertu beharrezkoa zan.

Kuartango

85,069 km.2 eta 842 bizilagun. Hogei herrixka ditu: Anda, Andagoia, Aprikano, Artxua, Arriano, Etxabarri-Kuartango, Gillarte, Iñurrieta, Jokano, Katadiano, Luna, Marinda, Santa Eulalia, Sendadiano, Tortura, Uribarri-Kuartango, Urbina-Basabe, Urbina-Eza, Urimanka, eta Zuhatzu-Kuartango (herriburua). Udal hau, haran itxi bat da; Abornikano herritxoa igaro ondoren hasten da eta Atetxan (Tetxan) amaitu. Bizilagunez geroago eta urriago, herriak hutsituz doaz, zelai eder batzuk, ibai on bat eta trenbide nagusi bat izan arren. Bakarrik Zuhatzuko bainu-etxeak eman deutso, lehengo urteetan, zerbait entzute; baina ha ere, gaur fraile erdaldunen eskuetan dago. Hala ere, igaz, gizaldietan entzun ez dan euskera ugari mintzo izan zan Kuartangon, Bizkaiko ikastoletako umeek bainu-etxea hartu baiteben euren udaleku edo koloniatzat. Kuartangarrek ondo hartu zituen uhin* berriko, eurek askotan ez jakindako, Herrikideak.

Ibargoiti (Ribera Alta)

120,059 km.2 eta 1.087 bizilagun. Hogeitabost herrixka: Antezana, Anuzkita, Arbigano, Arreio, Artatza, Barboa, Baskongela (Basquiñuelas), Kaizedo-Axpe (Sopeña), Axkoeta (Escota), Hereña, Zierra, Leziñana-Oka, Minbredo, Morilla, Nubilla, Urbilana (Ormijana), Padul, San Migel, Zubilana (Subijana), Tuga, Biloria, Uribezana, Urimerosa, Villaluenga (Uriluzea?), eta Pobes (herriburua).

Pobes eta Zubilanak bakarrik ditue 100 bizilagunetik gora. Haran honetan ere, herriak hutsituz doaz. Jendea baserritik bizi da. Lehen beste udal bi ere ba egozen hemen, bata Zubilana-Morilla izenekoa eta bestea Lakozmonte (Lakozmendi), Barboa herriburu zala; baina, bizilagunen urritasunez, Ibargoiti haran honekin bat egin eben, gerrate ondoren. Udal honen etorkizuna oso beltz ikusten da.

Ibarbeiti (Ribera Baja)

25,475 km.2 eta 872 bizilagun. Sei herrixka ditu: Igaiegi (Igay), Meliete (Melledes), Kintaniela, Ribaguda, Manzanos (Sagarreta?), eta Ribabellosa (herriburua). Osingani edo Baia ibai arroaren behe-aldea da hau gehienbat, zeren* Manzanos eta Ribaguda Zadorra ibaiaren ondoan aurkitzen baitira. Manzanosek Irunerako trenbidean geltokia dau, eta Ribabellosak Bilborakoan. Herriburua da eskualde guztian gehien hazi dana, bertan jasotzen hasi diren lantegiakatik; baina Miranda hain hurbil* egoteak ez deutso ahalmen lar* ematen. Ribaguda, Errioxa eta Gaztelarako bidegurutze egoki baten inguruan egon arren, ez da asko desarrollatu. Ribabellosak ba dau Arabako kondairan zerikusi handia, bertan, 1463.eko urriaren 11-n, Batzar Nagusiak onartu baitzituan herrialdearen* Ordenantzak, Araba oraintsu arte gobernatuko ebenak.

Salzedo

38,012 km.2 eta 760 bizilagun. Sei herrixka ditu udal honek ere: Kaizedo-behekoa (Yuso), Komungoni (Comunión), Lizingana (Leciñana del Camino), Molinela, Torisu eta Salzedo (herriburua). Udal honetan, lehenago esan dogun legez, ba da ola* handi bat, Ebro Ibaiaren ondoan; baina hemen ere langileak Mirandara etxeratzen dira. Udal honen barrutian aurkitzen da Kabriana izeneko toki bat, Erromatarren garaiko lorratz* asko dituana; eta, orain dala aste gutxi ere, Burgosko arkeologoek lorratz gehiago idoro* dabe. Euskaldun jakitunak non ote dira ba? Bertatik igarotzen ei zan Bordeletik* Astorgarako galtzada erromanoa.

J. L. LIZUNDIA