ANAITASUNA

202 zenb. 1970

1970. abenduaren 30 ekoa

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12


«ANAITASUNA BIZKAIA»

Zuzendaria: Anjel Zelaieta Gisasola

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1 Bilbao (12)

D. L.: BI - 1.753 - 1967

Imprimatzailea: Imprenta AMADO. Bilbao.

Irarlea: RALI, Bilbao.


Bilboko euskaldunak

Hainbeste euskaldun Bilbon, eta hain euskera gutxi kalean. Zer egin geinke, oker hau zuzentzeko? Zer, batez ere urtearen mugan? Jarrai euskeraz irakurtzen, mesedez.

Irratiak entzuten

Bilbotar guztiok egon gara egunotan, Pariseko eta beste irrati batzuk entzuten. Notizien berri izatea ondo dago, baina hobe da notiziak egitea. Eta notiziak lan eginaz sortzen dira. Baina, zer? Zer egin? Jarrai, mesedez, euskeraz irakurtzen.

ANAITASUNA

Gure harpidedun guztiei (sei mila eta gehiago), ANAITASUNA-ren txartela bidaldu jaken, autoetan jartzeko. Ipini dozu txartel hori zeure autoan? Ipini dozu beste edozein lekutan, agirian? Mesedez, astindu eizu zeure nagitasuna, edo zeure bildurra, eta jarri eizu oraintxe berton.

Taldeko lana

ANAITASUNA aldizkaria hamabostero enfajatu behar da, korreora bidaltzeko. Lan hau egin ahal izateko, talde bat batzen gara. Nahi al dozu zuk ere talde honetako izatea? Deitu eidazu telefonoz eta emaidazuz zeure izena ta telefonoa; eta, lanerako eguna datorrenean, deituko jatzu. Nire telefonoa: 35 52 63 (eguerditan eta gauez).

Dei bat

Bilboko euskaldun guztiak ANAITASUNA-ren harpidedun izatea lortuko bagendu, hamabosterokoa izan beharrean, asterokoa izango lizateke. Dei berezi bat, ba, guztioi, harpidedun berriak bilatzen ahalegina egiteko. Bilbo eta huri handietako euskaldunak sakabanaturik gagozenez gero, lotura bat behar dogu, eta lotura hori ANAITASUNA izan leiteke.

Urte Berrirako

Urte Berri hobeago bat nahi badogu, lan egin beharko. Etorkizuna geuk egin behar dogu. Zeuk, zeuok eta neuk.

Euskeraren etorkizuna geure eskuetan dago. Zeure eskuetan.

1971. urtea aurrean dogularik, guztiok zutik euskeraren alde!

XABIER GEREÑO


Herriz herri

Gernika

Bertsolariak eta Markina

Apirilaren 12an, 8. aldiz, 8. urtez, ospatu izan zan bertsolarien batzarra Markinan.

Aurten, jai hau indarberritu nahian, hilabete aurreragotik hasi ginen gertakizunak egiten: bertsolari guztiei karta bana bidaldu, etorriko ziren ala ez jakin, hitzalditxo bat zeinek egin aurkitu, eta gainerako gauza batzuk antolatu. 189 bertsolariri egin geuntsen deia Gernikatik, eta guk zuzenbiderik ez geunkan 20 bat bertsolariri Iriondok Loiolatik.

Erantzunak? Bai. Polito erantzun eben. Bertsolariak, ohituraz eta nagitasunez, alferrak direla jakin arren. Laurogeitabatek baietz eta hogeitamaikak ezetz. Gainetikoek ez dakigu gure kartarik hartu eben ala ez, edo bizi direnentz. Hiru egun direla, bertsolari batek esan eustan, "hara joateko zaharra dala" esan ohi dauan bat oso sasoikoa dagoela oraindik. Sentitzen dot zure izakera, jauna.

Goizean meza, Lopategi eta Gorrotxategik bertso eder eta gaurkotasunez beteak eginaz. Eta Nemesio Etxaniz jaunak hitzaldi sotila* zuzenduz. Ondoren, Jose Mari Iriondok, guk bertsolariok loreak ura bezain beharrezko dogun aldizkari bat ateratzeko beharko liraken gai eta erak azaldu zituan. Aldizkari hau eratzen hasteko, probintzia bakoitzetik batzuen izenak eman ziren, honeek gero euren artean batzartu eta probintzia bakoitzetik bat aukeratu eien.

Gero, aukeratuok osotuko dabe hasierako komisioa.

Ondoren, bazkaria eta edozenbat* bertso. Baina ez edozelangoak, ezta edonork ere, nahi ebanak eta nahi ebanean baino. Gehientsuenek, zeredozer esateko eukenez, kantu bikain eta hitz neurtuz, euren barneko kezka eta arrazoiak azaldu zituen.

Garaia heldu zanean, gure urteroko Pedro Azkoitiak amaia eman euskun, oraindino puruak ketan geunkazala. "Agur Jaunak" abestuta, batak bestearen eskuak hestutuz, berriz nonbait ikusi arte, edo, luzeen ere, hurrengo urterarte agur eginaz etxeratu ginen, egun on eta onuragarri* baten gozotasuna gogo ta bihotzean genduala. Atsegingarria jai hau, jai atsegingarririk bada. Baina askozaz atsegingarriago lizateke oraindik, guri exenplo emateko etorri behar leukeen asko, euren gizontasuna eta batez ere euskaldun nortasuna agertuz, bertsolari guztion aurrelari izan behar leukeenak etorri balira.

Urte osoa dauke, nahi badabe, egun horretan libre izateko. Atxakia bakar bat ere ez dot onartzen.

DEUNORO

Tolosa

Jokatu da Tolosa eskualdeko* pelota txapelketa, eta irabazleak Saizar eta Aranzabe izan dira. Hauekin batean finalera Gabellanes eta Altuna iritxi* ziren. Txapelketa honetan, pelotazaleen iritziz, Galarza III.a izan da pelotaririk onena. Lastima, semifinala jokatzen ari zirela, bere anaia gazteak, atzelaria zenak, eskuma galtzea! Hala ere, horrela jarraitzen badu, bere anaia Bautistaren antzera laster profesionalen artean ikustea espero dugu.

Eguberrietarako Beotibar pelota lekuan erremontista famatuenak ikusiko ditugu: Lekunberri, Raul, Ayerbe eta Salsamendi III.a, Tolosako Ikastolaren alde jokatzen, batez ere Salsamendi III.a, egun horretarako propio ari baita* preparatzen.

Halaber*, munduko txapeldunak diren Camy eta Fournau, puntista frantsesak, hemengo pelotari batzuen kontra. Urteberri ondoren hasiko da, gure herrian, Euskal Alfabetatzerako saioa. Geure hizkuntza aurrera atera nahi badugu, kulturaren bidez izanen* da eta alor* honetan guztiok izanen dugu zerbaiten beharra.

Sondika

Igande* guztietan, 8 ta erdietan, euskeraz egiten da meza gure herrian. Eta orain itaun bat: Ez ote dago euskaldunik Sondikan? Edo ateoak ote gara euskaldunok? Osterantzean, ez dot hau ulertzen. Negar egitekoa da eta ez geldirik jarraitzeko. Mesedez, sondikar euskaldunok, 8 ta erdietako mezatara guztiok!

Larraun

1.

Bizi hobe bat aurki dezaten

ondorean datozenak,

gaurko gazteak jarri ditzagun

geroko bide zuzenak.

Argitasun bat eman deigula

gure Jaungoiko laztanak,

gure tartean aukeratzeko

komeni diran gizonak.

2.

Gaztedi egizalea ezin

dute ongi ikusi;

modu honetan ezin diteke

urte askotan bizi.

Ezinagaitik ez gintuzten

jakituriaz jantzi;

hau konpontzea ezin liteke

hauen eskutan utzi.

3.

Larraungo herritan gaur ba dago

hamaika gorabehera;

gure izate danak hamar

gizonen bastan dira.

Garaia dala, egin dezagun

komeni dan aukera,

anai maiteok; bestela hemen

betiko galduko gera.

4.

Egiten dana ez dezagun

utzi hauen eskutan,

bestela luzaro bizitzerik

ez dugu izango lur hontan;

sutan jartzen zait odola eta

naigabetzen naiz egitan,

baserriaren etsaiak jarri

nahi dituztela kargutan.

5.

Egia lagun zitala dute:

hori dugu aitormen.

Gaizki ikusten gaituztela:

hori dago nabarmen.

Okerrak konpontzea hobe

izaten da lenbailen,

derrior ere zerbait egin

beharra daukagu hemen.

6.

Radioa eta izparringiak

ari dira irainez;

baserritarren pazientzia

egina dago gainez.

Ongi bizi dan zuzendariak

hauxen digu ordainez,

kontseilu onak nonnaitik eta

laguntza berriz mingainez.

7.

Baserritarrak beti izandu

gera errukarrik;

lur lanean ari danentzat

gaur ez dute eskerrik.

Bizkarra ibai izerdiakin,

gehienean alferrik;

baserriak laguntza dauka

radiotikan bakarrik.

8.

Bide okerra jarri nezake

bide zuzenaren ordez;

beste norbaitek juzgatu beza

askoz ezagun hobez.

Larraungo lagun maiteak,

eskatzen dizuet mesedez,

esan zaidazue gai honetan

arrazoi dudan ala ez.

Eibar

Zuloagak Eibarren bete zuen arte lana

Inazio Zuloaga pintore entzutetsuaren ehungarren urteburuan, ongi iduritu zaigu berak Eibarren pintatu zituen lanen berri ematea. Eta, era berean, baita Arrateko elizarako egin zituenena ere.

Hemendik aparte, denok dakigu, gogoangarriak ditugula Euskal Herriko beste zenbait* lekutan egin zituenak ere, Zumaian batez ere, eta bereziki Bilbaoko Arte Berriaren museoan, Donostiako San Telmo museoan, Bermeoko kasinoan, Zumaiako Santiago etxean, eta abar.

Ba dakigu anitzek* esango dutela, Zuloagak, bere gaiengatik, pintore erdalduna dirudiela; baina, gure iduriz, euskaldun baten Espainia ikusteko era zela esango genuke. Aparte utzirik, Flores Kaperotxipik zioen bezala, pintore bat ez dela euskaldunagoa, euskaldungoaren barnean soilki* aritu* arren.

Artistak, artista den aldetik, libre du bere bidea hautatzea. Hala ere, aitortzen dugu, Zuloagak euskaldungoaren barnean bakarrik egin bazuen nahiago genuela. Baina bere tenperamenduak, beharbada, gai gogorragoak behar zituen hemen aurki zitzakeenak baino; eta artistak barne deiari erantzun zion.

Beste gauza batzuk ere ba direla? Bai noski*. Baina, hemen, gure asmoa ez da hori. Guk ere nahiagoko genuen, Picasso Gernika egiten ari* zen bitartean, Zuloaga ere inguruko izatea, eta ez Alcázar-ean aritzea. Baina... baina... ur joanak.

Eibarren bere lehen denboretan egin zituen lanak hauek dira:

1. Arrateko itsua, 1887.

2. Zaharraren burua, 1887.

 3. Apaiz bat otoitzean, 1886-1887.

4. Azken hagina, 1888.

5. Eibarko iturria, 1888. (Bere familiakoek gordetzen dute Zumaian).

6. Ukulu bat, 1889 inguruan.

7. Forjari zauritua edo Sutegian lanean zauritua, 1890.

8. Don Pedro ipotxaren* erretratoa, 1890. (Bruselasen, Van Custens-en kolezioan).

9. Don Plazido Zuloagaren erretratoa, 1892-1893.

10. Pintorearen amonaren erretratoa, 1890-1893.

11. Eibarko korridaren estudioa, 1899. (Etxebarrietaren kolezioan, Bilbaon).

12. Eibarko korrida, (Eibar-Segovia), 1899. (Lanckronsky Kondearen kolezioan, Vienan).

13. Naturaleza hila plater urdinean, 1907. (New Yorken, partikular baten kolezioan).

Hoietariko gehienak, gaur, ez dakigu non direnik ere. Eta hoietatik aparte, Arrateko elizarako egin zituen lau kuadroak, bere aidekoak modelo harturik eginak, Sevillan eginak dira, 1904.ean.

Eibarren, bere aidekoen artean eta Arraguetako etxe batean, dakigunez, guttienez bi kuadro gordetzen dira. Hau da pintorearen jaiotzako ehungarren urtea betetzean, bere herrian daudenen berria. Baina egunotan aukera ederra izango dugu bere lanak ikusteko, Armeriako Eskolan bere omenez egingo den erakusketan.

EGURENTARRA

daude, dagoz

zaigu, jaku

zioen, inoan, esaten eban.

zion, eutson

zitzakeen, eikezan.

Zuloaga

Iraganak iragan*, hamabost egun luze iraun ondoren amaitu berri dan erakusketan, Zuloaga ospetsua zanaren hogeitairu lan (kuadru eta dibuju) ikusteko eukera izan dogu.

Mota eta sasoi guztietako kuadruak azaldu dira. Txikiak eta handiak, ezagunak eta ezezagunak, baliodunak eta baliogabeak (Zuloagarenak ez balira), gaztetakoak eta zahartzarokoak, atmosferadunak eta atmosferabakoak, kontrastezko bereziak eta erditintazko ez horren famatuak. Berba batez, Zuloagaren edozenbat* kuadru berezi, aparteko, ospetsu, jator eta karakteristiko falta bazan ere (Zuloagak 600 bat kuadru egin ei zituan), ikusi ahal izan ditugunei aski* deritxoegu, Zuloagaren era eta tankeren* berri jakiteko ezezik, baita bere joritasunaren* barruan izan zituan aldaketa, eboluzio eta azken jokerak ezagutzeko ere. Horrez gainera, berak ikusi eban Espainia harrigarriaren kuadru errepresentatiboren bat edo beste ere bertan ikusi ahal izan ditugu.

Hona hemen agertu diren kuadru guztien zerrenda. Erretratuak: Ama, Etxeguren alarguna, Lolita Penaud, Plazido Zuloaga, Jose Orueta, Oruetaren emaztea, Basilio Igeldoko apaiza, Falla, Azorin, Angustias andereñoa, La Oterito, Jose Orueta kontrabajoa jotzen, Autorretratua. Paisajeak: Pancorbo, Motriku, Sena ibaia. Beste zenbait gai: Mantilladun andrea, Hiru dibuju margotuak, Eztisaltzailea, Juan Sebastian Elkano, Frailea, Merienda.

Laugarren monografia

Lehenagokoan esaten genduan, Eibarren hiru monografia ditugula. Honeexek: Gregorio Mujikarena, Pedro Zelaiarena eta San Martinen zuzendaritzaren pean laster irteteko* dana. Esan bagenduan, esan genduan. Oker gengozen oraingoan ere. Gazte ezjakinen okerra. Hala ere, okerrak ez gaitu isilduko, irakatsi baino.

Gutariko bat Juan San Martinengana joana zan bisitatxo bat egitera, etxe horretan zer ikasi beti dago ta; eta era honetan itaundu eutsan Juanitok:

— Hik idatzi ahal dok, Eibarren hiru monografia baino ez ditugula?

— Zer, ba? Orain be izan joagu hanka-sartzeren bat ala?

Erantzuteke*, liburu bat atera eban. Hona hemen azalean inoana*: «EIBAR. Monografía Descriptiva de esta Noble y Leal Villa Guipuzcoana. Pedro Sarasketa. Año 1909. Imp. de P. Orue. Eibar».

Hain zuzen, 1908. urtean, Uztaileko* Euskal Jaietan, bigarren saria irabazi eban liburua. Lehenengoa goratxoago aipatutako Gregorio Mujikarenak irabazi eban. Sasoi haretan, hamaikatxo eta bi linboan ginen; hala ere, ba ziren Pedro Sarasketa ainako eta Orueren mailako inprentak. Horrelakorik ba ote da gaur egun Eibarren?

Kafka

Kafka irakurtzea gauza bat da, eta Kafkaren lanak euskeraz irakurtzea ba dira bi. «Lur» editorialak argitaratu berri dauan «Itxura-Aldaketa» irakurri dogu. Aspalditxo ginen Kafka ezagutzeko; "inoiz ekin ere ekin izan deutsagu bere obraren bat irakurtzeari, gero, amaitzeke*, lagatzeko.

Erabat* alegratzen gara, Kafka euskeraz ezagutu dogulako. Ezagutu dogu; baina ez dakigu Kafkarekin bat gatozen ala ez, Kafkaren hariari jarraitzen deutsagun ala ez. Hala ere, ez gara Kafkaren bildur. Berriro irakurri beharko dogu; baina oraingoan. egunez, ametsik ez daigun egin.

ALBISTARIAK

Munitibar

Iberduerok Totorikarako eta Gerrikaizko San Migeleko kofradietarako egozen egurrezko argi poste zaharrak kendu egin ditu eta zementuzko berriak sartu euren ordez. Hariak oraindino ez ditue jarri, baina ea Urte Berriak dakarskun estrainatzeko aukera.

Eliza ondoko jardinetako obrak hasi jakuz eta aurrera doaz, amaitzeko epea noizko dauken ez dakigun arren. Herritarren batzuk kexu dabiltza, goizaldean kale osoan argi bat ere ez dagoelako. Gauez ordu batak inguruan amatatzen ditue, eta biharamunean ez ditue biztutzen. Goizean autobusera joaten direnek ilunetan ibili behar izaten dabe.

Azkenez, «Extensión Agraria» koei eta Gernikako Udalari* ohar bat egin gura geunskioe. Gernikan baserritarrentzako izan dan erakusketarako propaganda txartelak erdera hutsez egin ditue. Honek biotarik bat agertzen deusku: edo euskeraz ez dituela egin nahi eta euskaldunok ez gaituela haintzat hartzen, edo bestela otu* ere ez jakela egin; eta bigarren honek gauza txarragoa agertzen dau oraindino: barruko argirik eza eta talentu falta.

ERRAMON GERRIKAGOITIA

Bermeo

Gaztelugatxerako bide berria

Euskal Herri guztiko tokirik ametsezkoenean eta ikuspegi zoragarrienaren erdian dago Gaztelugatxeko San Joanen ermitatxoa, Matxitxako lurmuturraren ondoan, Bermeotik Bakiorako bidean.

Hara joateko, bide kaskar, neketsu eta ez arrisku gabe batetik ibili behar da. San Joanetan, ekainaren* 24ean eta abuztuaren 29an, Bermeotik eta inguruko zenbait* herritatik, hainbat erromes ausartzen dira bide horretatik behera lehenengo, itsas ertzeraino, eta ondoren igon behar diren ia hirurehun mailako harrizko eskaileratik gora, itsasoko olatuen zarata belarrietan dala, eta haize kresaltsuak birikiak* garbitzen dituala.

Erromes honeen artean, gazteak eta zaharrak ikusi zeinkez, alaitasunez eta fedez beterik, San Joanen ermitarako bidearen nekeak bulartsu igaroten dituelarik.

Orain, Bizkaiko Diputazioak 200.000 pezeta eralgiko* ditu, bide berri bat egiteko. Bide hori, erregebidetik eskailera hasten dan lekuraino izango da. Diru gutxi dirudi, baina traktorea lanean hasita dago. Autoak ere ibili ahal izango ei dira bide horretatik.

Gero, hurrengo asmoa, ermitari goitik beherako konponketa eder bat egitea ei da. Ba dauka, bai, beharrizana, eta Gaztelugatx zaleak poztuko dira.

Arrain habia?

Joan dan abuztuaren 20an, "Atalaya del Mar" 100 toneladako atunzalea, Coruñako portutik hurrean, beste ontzi batek jota hondora joan zan. Buzoen laguntzaz, eta neke askoren ondoren, berriro azalera atera ahal izan eben, eta atoian* Bermeora ekarri. Baina ontzia ez zan ezertarako gauza, zeharo kraskatuta egoen eta.

Motorra eta beste tresna batzuk atera eta aprobetxatu ahal izan zituen; baina kaskoa, harriz beteta gero, "Txilimanku" deritxon kalan hondoratua izan da berriro.

Zertarako? itaundu deutsat legazale* bati.

— Gure ustez, kaskoa arrainen gordeleku eta habia bihurtuko da denbora gutxiren barruan, batez ere legatz eta bisiguentzat. Bide batez, leku honetan legearen kontra dabiltzan arrasteroen sareentzako eragozpen bildurgarria izanen* da.

Pio XII

Abuztuaren 9an, Kanarias uharteetatik hurrean arraintzan ebilela, su hartzen hasi zan atunzale hori. Sua kuadru elektrikoan sortu zan, goizaldean, eta behingoan zabaldu ontzi osoan. Larrialdi mingotsa euki eben barruko hamabi gizonek. Hainbeste ur alde guztietan, eta ezin ezer egin. Azkenean, Las Palmasko ontzi txiki bat hurreratu zan, eta gizonak salbatu egin ziren. "Pio XII", garretan, eguerdiko ordu batetan, betiko hondoratu zan.

Zeruko Argia

Izen hori eroango dau ontzi berri batek. Kaskoa Lekeition egina da, oholezkoa; eta motorra, 630 H.P.koa, Bermeoko "Construcciones Echevarria" lantegian egina.

Bat joan, beste bat etorri.

Ontzidia etxera

Haginzorrotz* kosterari amaia emanaz, arraintza ontziak Afrikako kostetatik etxerantza etortzen hasi dira, banan banan.

Irailean* joan ziren gehienak, herriko jaiak eginda gero. Aurten, 110 ontzi izan dira Bermeotik kostera hau egitera joan direnak. Inoizkorik gehien. Zazpi ontzi bakarrik gelditu ziren Kantauri itsasoan.

110 ontziotan, 1.700 gizon. Herritik urrun, familietatik asago*, itzultzean diru apur bat etxeratzeko asmotan edo esperantzatan.

Baina aurten arraintza makala euki dabe eta eguraldi txarrak sarritan. Eta Kanarias uharteetako kontserbatzaileen antolamendu eskasagatik ere itsasoko egunak galdu eta beste ezbehar asko igaro behar izan dabe.

A. P. B.

Barakaldo

Betiko ohiturari jarraituz, hazilaren 27an, ostiralez*, kantaldi eder bat eman euskun San Bizenteko «Schola Cantorum» dalakoak. Barakaldotar jator asko bildu ziren entzuteko. Txalo ikaragarriak jo jakezen.

«Schola Cantorum» hau Euskal Herriko hoberenetarikoa da. Baina gutxitan abestu izan dau Barakaldotik kanpo.

Hazilaren 28an, larunbatez, Barakaldoko txistulari mordo galant bat bildu zan, urte guztietan legez, euren zaindari dan Santa Zeziliaren eguna ospatzeko. Gaueko 9etan, anaiarteko afari berezi bat egin eben, umorerik hoberenarekin; eta gero, txistua joka, kantuz eta dantzan ari* izan ziren, poz pozik.

Barakaldon 70 bat txistulari dagokez gaur egunean. Luis Torre Arejula da, aspaldi aspalditik txistu joten irakasten ari dana. Euskal Herri osoan ibili izan da 59 urtetan, txistulari eta txistularien maisu bezala ezaguna dalarik. Orain ere, hirurogetamar urte lepoan ditualarik, gizon gazte eta arduradun izaten irauten dau.

San Frantzisco Xabierkoaren jaia

Lehengoan esan genduanez, Barakaldon «Centros Regionales» dalakoak asko dira. «Centro Navarro» elkartekoek San Frantzisko Xabierkoaren eguna ospatu eben. Santa Teresa parrokiako meza nagusian parte hartu eben. Irteeran, Barakaldoko «Laguntasuna» dantzari taldeak Nafarroako dantza berezi bi jokatu zituan. «Alkartu» izeneko ikastolako umeek ere euren jaia ospatu eben.

Fermin Goti apaizaren omenez

Lutxana hauzoan, urte askotan ari izan da Fermin Goti, Zeberiotarra, «Buen Pastor» parrokiako erretore bezala. Hortxe berton dauka «Amaya» talde ospetsuak bere etxea. Orain Don Fermin, Orozkora bidaldu izan dabe. Eta, hauzotarren gomuta bero ta zintzoa izan daian, «Amaya» taldeak dantza, txistu ta dultzaina saio zoragarri bat eskaini* eban, abenduaren 8an. Azkenean, zidarrezko erregalu bat eman izan jakon, Lutxana hauzoak eskainitako oroigarri bezala.

Besteak

Ba dirudi, ale honetan folklorezko berriak bakarrik eman ditudala. Barakaldori buruz mintzatzean, kontuan hartu behar da, hemen atzerritar asko dagozelarik, herri erdaldun batean bizi garela. Kaleetan ez da euskerarik entzuten. Eta, horregatik, euskaldungoa bigarren maila batean dago. Euskaltasuna, berriz, folklorezko ekintzetarik sortarazi nahi da

Udalak* —gero eta gero ere— Gabon Euskal Kanta Sariketa bat antolatu izan dau. Kantuek euskeraz izan beharko dabe, lau bozetara. Sariketa, abenduaren 27an, igandez*, izango da, Barakaldoko enparantza nagusian.

JOAN MARI MENDIZABAL

Mungialdea

Esku pelota

Ba dira zenbait* aste, «Danot bat» pelotazale elkarteak eraturik, esku pelota txapelketa hasi zala. Zorionak elkarte horri, hain kostantzia handirekin, urtero txapelketa hau antolatzen ahalegintzen dalako, herritarren aldetik laguntza gutxi hartu arren. Eta, gure ustez, merezi dau ekintza horrek guk ere indarra ematea, presentziarekin baino ez bada ere.

Neska futbol zaleak

Mungiko neska futbolariak gora ta gora doaz. Abenduaren 13an, Sondikaren kontra jokatu eben, Garellano zelaian. Horrez gainera, Bilboko alkate «jauna» egon ei zan, ohorezko hasiera emateko. Juezak, Bilboko futbolari izandako hiru gizon ospetsu izan ziren.

Euskal alfabetatzea

Oñatibia jaunak gertaturiko monitoreetatik, hasi dira batzuk gure hizkuntza irakasten. Aurrera!

Euskaltzaindiaren alfabetatze lanak

Bizkaiko eskualde* gehienetan egiten ari* dira, Euskaltzaindiaren babesean, alfabetatze kanpainak. Mungialdea dateke, hain barik gelditzen dan bakarra. Geure eskualdean euskeraren egoera larria ikusirik, dei sutsu bat egiten deutsagu Euskaltzaindiaren Alfabetatze Batzordeari, hemen ere zerbait egiten saiatu dadin.

Gabonak eta inguruak

Gabon jai inguruan, ikastolaren alde zerbait atera ahal izateko, jaialdi bat egiten da Ibaigane zineman. Aurten ere, zerbait izango danaren zurrumurrua entzun dogu, baina ez ezer konkreturik. Ba leiteke, lerrotxo honeek irakurtzerakoan, zerbait egotea.

Gabonak direla ta, Udalak* herriko enparantza apaindu izan dau. Gabon zuhaitzak*, argiak eta abar jarri ditu. Baita, euskal letra haundirekin, «Zorionak» ipini ere.

Eta azkenez, egoera larritan egon arren, zorionak guztioi, datorren urtean jatorrago jarraitzeko.

I. J.

Hamabi Harrietatik

Abenduaren 1ean, Durangoko JAED elkarteak antolatuta, "El Caserío" zarzuela errepresentatu eben Landatxueta taldekoek. Nahiz eta sarrera garesti samarra izan, aretoa* jendez beterik egon zan. JAED elkarteak beharrizanean aurkitzen direnei laguntzen deutse. Bere zazpi urteko bizitzan, 6 milioi pezetatik gora banandu ditu herriko behartsuen artean; aurten 900 mila pezetatik gora.

1971.eko urtarrilaren* 10ean, Astolako Hauzitegian, Gerediaga elkarteko Batzar Nagusia izango da.

Ermuko "Arce" elkartekoek estalpetxo txapelketa bat antolatu dabe Gabon jaietarako.

Abenduaren barruan, Madrileko "Los Goliardos" antzerkilariak Bizkaitik zehar ibili dira ostera* bat egiten, Bertol Brech teatro egilearen "La boda de los pequeños burgueses" antzeztuz. Durangora ez ziren etorri, Geroa antzerki taldekoek eskatu izan arren.

Abenduan Durangon detenituak izan zirenei, hotza kenduaz gainera, 1.500 pezetatik 10.000 pezetarainoko diru zigorrak hasi jakez heltzen.

Durangoko arte-geletatik 12 mila pertsonatik gora igaro dira azkenengo sei agerketetan. Egun honeetan, Acebal Irigoras jaunaren zeramika erakusketa bat dago.

Abenduaren barruan eskualdean ospaturiko jaiak honeek izan dira: 21ean Santo Tomas Mendraka hauzunean, eta 26an San Esteban Berrio hauzunean. Biak Elorrion.

Ermuko Udalak* lurra eskaini* dau, "guardia civil" entzat etxe berri bat egiteko.

Abenduaren 2an, Durangoaldeko Udalen Mankomunidadea egia bihurtu da. Hau dala ta, eskualdeko* 9 udal, Ermua, Otxandio eta Mallabia izan ezik, batu egin dira, eskualdeko arazo eta premiazko gauzak elkarren artean erabaki eta konpontzeko. Lehen esan ditugun hiru udal horreek, nahi badabe, geroago elkartu leitekez. Asmo honen sortzailea eta lehenengo pausoak ematen saiatu zana, Gerediaga elkartea izan zan, orain dala lau bat urte, Berak antolatu zituan alkateen arteko lehenengo batzarrak, eta harrezkero bera izan da bultzada honen arima. Mankomunidade honen babesean egin ziren, Durangoalderako, zikinak erretzeko labeak Abadiñoko lurraldeetan. Eta orain, abere hiltegi bat, pertsona nagusientzako atseden leku bat, eskualderako ikastetxeak eta abar egiteko asmoa dauke.

JOAN ANTONIO AROMA


Komunismoaz idatzi

Euskal Herrian idazten ari* denak eskuetan daduka sozialismoaren problema. Nahi ta ez hori. Beren modura, batzuek isildu eginaz likidatzen dute arazoa. Beste batzuek nahiago dute problema horrezaz agiri jardun, eta, aukera haundirik eduki* gabe egin behar izan arren, saiatu ere egiten dira nolabait konpontzen. Utz ditzagun alde batera isilduaz mintzatzen direnak.

Baina sozialismoa, eta areago* komunismoa, ebidente behintzat ez dira orain arte: haren alde edo kontra egon liteke, eta ez dira kontra egote guztiak ere berdinak. Utz ditzagun, hala ere, kontra daudenak ere baketan.

Komunismoaren edo sozialismoaren alde egotea, ostera*, kontra egotea bezain zentzugabeko nahiz zentzudun izan daiteke, zein sozialismo edo komunismoren aldezkari izan argitu arte. Komunista izeneko Alderdiren baten barruan edo hurrean egonez gero, komunismoa bere Alderdiarena bakarrik dela erabakita dadukanak, problemarik gabe izendatuko du hau, eta, hala ere, gauza konkretu bat aipatzen du. Aitzitik*, inolako Alderdiren funtzioan hartu gabe aipatzen den komunismoaz (hots*, komunismo «soilaz») idazteari buruz, zehatz-zehazki berezi beharra dago bi jokabide behintzat.

Lehenengo jokabidean komunismoa beste argitasunik gabe ta soilik* aipatzen da, orokarki*, eta, hemen ere, komunismoaren barruko ezberdintasun eta «sektak» haintzat hartu gabe. Bistan dago antikomunismoz intosikatutako jende aurrean horrelaxe abiatu be-harra dagoela; eta 60-65. urteetako Euskal Herriaz ahaztu ez denak ba daki antikomunismoaren kontra zenbat lan egin beharra zen. Gero ere batzuek jokabide horrexekin jarraitu dute. Rikardo Arregik, adibidez, maila horretan burutu zuen bere lanik gehiena. Horregatik barka dakizkeo, bestela sinplekeria hutsa liratekeen esaldi asko ta asko. Horrelako lanak komunismoaren printzipioak adierazi nahi ditu ezeren aurretik, eta orokarki egin ere, kontzienzia sortzearen aldian dabil eta. Lan honen egitamua* eginbeharrak ezarrita dago, eta anti-antikomunismo baino oso guti gehiagorena de ezinbestean. Rikardo Arregiri manikeismoa salatu ziotenak, ondo igarri zioten haren puntu flakoa.

Beste jokabideak egoera konkretua hartzen du bere reflesioaren abiaburu. Eta komunismo konkretuaz jardutekotan, oraindik singularrean pentsatzea, edo apostolutza edo inuzentziaren mailarik altuena besterik ez da. Ez dago sozialismo edo komunismo batik, ez nazioartean eta ez naziobarnean, ez errealidadean eta ez asmoetan. Beraz*, problema konkretuak azterkatzekotan, ezberdintasun ezberdin horien barrura begiratuz egin beharko da. Nik ez dakit, komunismoaz-eta orokarki* mintzatzeko garaia honezkero arras* pasatuta ote dagoen gure artean; baina baietz iruditzen zait. Areago*: garai haren beharrik batere ez genuela edukiko uste dut, konkretutik abiatuz lan egiten asmatu izan bagenu. Nolanahi ere, jadanik* ezberdintasun konkretuekin ez konfrontatzerik ez dadukagula sinestuta nago. Eta, nire ustez, erreformismoaren edo errebisionismoaren problema da ezberdintasunotan inportanteena. Erreformismoak eta anti-erreformismoak elkar kondenatzen dute Europan (Europara muga gaitezen), eta biek ukatzen diote elkarri komunista izena. Hala ere, nik neure buruari baimena emanda dadukiot oraingoz biak komunismotzat hartzeko.

Oraingoz nire buruari emandako beste baimen bat, Alderdiren batean sartu gabe, alderdi hartzekoa da. Problema honetaz Non egon behar dau idazleak? artikuluan (ANAITASUNA, 194. zenbakian) eta beste idazlan batzuetan ere neure usteak azalduta nago. Zer egin behar du idazleak: komunismo soila* bakarrik predikatu, ala komunismoa Alderdiren baten zentzuan bakarrik azaldu eta irakurleari zer aukera ahora eman, ala hasieratik beretik, ezberdintasunak hor daudela ikusirik, problemak eta diferentziak dauden legez* erakutsi eta irakurleari utzi hautaera?

Azkeneko hau egiten duenari laster leporatuko zaio antikomunismoaren sanbenitoa. Zeren* eta problemak erakutsi eta kritikatu beharrean baitago*. Lan gaizki pagatua hauxe, antikomunismoaren itxura ta arrisku horixe beregain hartuta ibili beharko baitu* beti. Bere problemarik haundiena, hala ere, problema batzuk edo haien alde batzuk azalduz, beste asko isildu egin beharrean datza*. Eta isildu ere, dena batera esaterik ez dagoelakoxe besterik ez. Idazlea, bere gaiak hautatzekoan*, zenbat okasiozko kariren* artean dabilen, berriz, ezer idatzi duen edonork esperimentatu du. Eta ez da hori idazlearen mugadura bakarra.

Idazleak gauza bati ezin sekula amore emango dio: komunismoari komunismotik begiratuz egin beharko dio bere kritika (baina zer da komunismoa?). Komunismoaz orokarki* bakarrik diharduenaz ezer ez dakigun legez, honezaz ba dakigu zein komunismo konkretu nahi duen eta zein konkretu ez. Ez da komunismoaren akademiko edo obisporik. Gura ez duen komunismo horren antikomunista dugu, hortakoz*. Baina lehenengo maila abstraktuan geratuta, hurrengokoari antikomunismoaren akusazioa egitea logikan kabitzen ez den ipuina da. Ez gehiago ez gutiago. Zeren* eta praktikan harentzat komunismoa bat baldin bada, honentzat ez dago komunismo batik batere, ugari baino.

Eta zer esan euskal liburu ta errebista ofizialetako literaturari begiratuta? Gure anti-antikomunista gehienak inuzenteen linboan bapo lo hartuta daudela. Zeinek aipatu dio gure herriari inoiz, komunismoaren barruko XIX. mendetik hasi ta 1971. urterarteko problemarik eta eskola ezberdinik? Eta herri bakoitzak bere sozialismoa muntatu behar duela esaten da gero... Gure idazleek nahiago dukete* herriari zer egin diktatu, herria baino herriago baitira*. Edota gaztainak sutatik ateratzea besteren batentzat utzi.

Komunismo ezberdinak elkarri konfrontatuz diharduen idazlearen zoritxarra da, berak bere ikusgunearekin* eta bere modura kritikatzen dituen komunismoAK kritikatzekoan, beste ikusgune eta beste moduekin EDOZEIN komunismo kritikatzen dutenekin batera azaldu beharra. Itxuraz behintzat.

Irakurleak, artikulu hau zergatik idatzi den pentsatzen badu, berez hartuko du susmoa, ni neu itxura horren arabera* behin baino gehiagotan juzgatzen narabiltela. Baina gure literaturak, beti jeneralidadeen mailan ibili nahi ez badu, ez daduka jeneralidadeak baino zerbait gehiago esan beste erremediorik.

Jose Azurmendi

daduka, dauka

dadukiot, daukatsat

dakizkeo, daitekioz

daude, dagoz

dio, deutso

diote, deutsoe

ditzagun, daiguzan

zait, jat

zaio, jako

zioten, eutsoen


Euskaldungoa

Ipuinak

Bilboko "Cinsa" musika etxeak disko berri bat aterako dau laster, ipuinekin osotua Xabier Kintanaren ardurapean, "Txano Gorritxo" eta "Hiru Txarritxoak" deituriko ipuinak grabatu dira, Txabi Villaverde gaztearen musikazko laguntzarekin.

«Chiquito de Mallavia»ren desafioa

"Ni, Mallabiko Florentzio Sarasua, 44 urteko harrijasotzailea naiz. Hamar arroako harri kubikoarekin, Euskal Herriko edozein indartsuri jokatuko neuskio, berrogei urtez gorakoa bada, kondizio honeetan: ekinaldi bakarra, 30 minutuzkoa, lana denbora berean egiteko, batak hegal batean eta besteak bestean". Hauxe dino "Chiquito de Mallavia" harrijasotzaileak. Inor presentatzen bada, deitu Ermura, 736 telefonora.

Euskal aditz batuaren sariketa

«Herri Gokoa»k antolatu zuen euskal aditz* batuaren sariketara, bost lan presentatu dira. Eta Euskaltzaindiaren eskuetara pasatuak dira, lanik onena zein dan epaitzeko. Sariketa hau 100.000 pezetarekin horniturik dago.

Kantarien «cassette» berria

«Herri Gogoa»k prest izango dau laster bere lehenengo «cassete»a. Lekuona, Lete, «Oskarbi», Laboa, Lertxundi, Lurdes Iriondo, eta Irigarai abeslarien kantuekin osoturik etorriko da.

Eñaut Etxamendi eta Larralde kantarien disko berria

Laster agertzeko da baita Etxamendi eta Larralderen disko berria ere. Kantu honeek izango ditu: «Garaztarra naizela», «Kattalin», «Tiki taka», eta «Gerezi lore». Disko hau ere «Goiztiri» etxeak argitaratuko dau.

«Irakur Sail» lanean

«Irakur Sail» argitarazleak prest izango dau laster «Ludiaren Kondaira». Ondoren argitaratuko ditu: «Arrotza», Albert Camus-ena, eta «Atsotitzak» eta «Neurtitzak», Oihenarte zuberotarrarenak.

Gau eskolak Lekeition

Lekeition gau eskolak ematen dira, euskera ikasi nahiz landu gura daben neska-mutilentzat, astearte* asteazken*, ostegun* eta ostiraleetan*, iluntziko 9etan, umeen ikastolan.

Euskal Jaia Donibane Lohitzunen

Lapurdiko Donibane Lohitzunen, Euskal Jai bat ospatu izan da, ikastolari laguntzeko dirua batzeko. Parte hartu eben Ziburuko «Arrantzaleek», Sarasola, Eñaut, Larralde eta Benito Lertxundi kantariek, eta Xanpun eta Esponde bertsolariek. Ikastola horretan 22 haur* dabiltza.

Beñat Latxague jaunaren liburu berria

Aldudar inginadore* gazte honek liburu bat argitara eman berria dau, «Baigorriko Kantonamendua» izenarekin. Eskritore hau, aldudarra izatez, orain Donapaleun ari* da lanean.

«Gure almanaka 1971»

72 orrialde osotzen ditualarik, agertu berria da Baionan «Gure almanaka 1971» izeneko egutegia. Egutegiaz gainera, hainbat gauza jakingarri ditu. Eskatzekotan: «Musée Basque», 1 rue Marengo, Bayonne.

Norberto Almandoz musikalaria hil da

Norberto Almandoz Gipuzkoako Astigarragan jaio zan, orain dala 76 urte. Apaiz egin ondoren, musikako ikasketak egin zituan. Sevillako katedraleko kalonje* ta organo jolea izan da hainbeste urtetan, eta Madrileko «ABC» egunkarian musikazko kritikalaria. Sevillan bertan izan da lurperatua.

«Ardo ta ogi, Martxelin» liburua

Jose Maria Satrustegi euskaltzainak* euskeraturik, Jose Maria Sánchez Silva jaunak «Marcelino, pan y vino» izenburuarekin egindako liburua agertu berria da. Batez ere ikastoletako haurrentzat*, gogoko izanen* da liburu hau. Erostekotan: Plaza del Castillo, 28 Pamplona. Edota: Jose Maria Satrustegui, Urdiain (Navarra).

Egutegi bi

Etxe komertzialari ospetsu biren egutegiak* ditugu begien aurrean. Bata, «Sony» etxearena. Eta bestea, «Caja Laboral Popular» dalakoarena. «Sony» etxeak, Euskaltzaindiaren azken irakatsiei jarraituz, euskera berdintsu eta osotu bat darabil. Bestalde, teknikazko mundu moderno bat azaltzen deusku; beharbada gezurrezkoa eta zapaltzailea, baina modernoa. «Caja Laboral Popular» etxeak, ostera, euskera aldetik anarkia haundi baten menpean dihardu; eta, gainera, irudien aldetik, antzinako mundu ametsezko batetara eroan nahi gaitu. Inori irakatsirik emateko gurari barik, baina geure iritzi apala jakin arazi nahian, «Sony» etxearen jokoa begikoago dogu sail honetan.

Gabonak

Gabon jaiak ospatzerakoan, apaiz gazte bati igaz entzuna gogoratzen jaku: «Ez da berdin Kristoren jaiak ospatzea eta kristorenak egitea».

Erregeak eta ikastolak

Euskal Herriko zenbait* ikastolatan Erregeen arazoa aipatua izan da Gabon aurretxoan. Gurasoak, umeen poz eta ilusioari jarraituz, Erregeen alde dagoz. Irakasleak, ostera, jai horretako engainu, gezur eta harrokeriaren kontra dagoz. «Ilusioa —dinoe irakasleek— izan ere gozoa da. Egia, berriz, mingotsa, baina ederragoa».

Monzon eta Olasotar Telesfor

1904.ean jaio zan Bergaran. Beraz*, 66 urte ditu orain. Lege ikasketak egina da. Urrundik eta Gudarien Eginak olerkiak idatzi ditu. Baita teatro lan honeek ere: Lau kantari eta txori bat, Gure behia hila da, Menditarrak, Hazparneko anderea, Harpeko bozkarioa, Ur garbi, Behorraren ostikoa, Eneko Bizkai, eta Maria Lorka. Bere Itziarren Semea abestia oso entzuna da.

Larzabal apaiza

Larzabal apaiza Azkainen jaioa da, 1915. urtean. Orain, Sokoako erretore da eta euskaltzain*. 100 bat teatro lan eginak ditu. Adituek dinoenez, teatro egilerik hoberenetarikoa da, Monzon jaunarekin batera. Gainera, HERRIA aldizkarian idazten dau astero.

Euskal Herriko harrijasotzaileen txapelketa

Iragan dan abenduaren 8an, Euskal Herriko harrijasotzaileen txapelketa ospatu izan da Gipuzkoako Zarautzen. Parte hartzaileek, 5 minutuko txanda bitan, 100 kiloko harria leporatu behar eben. Gipuzkoako Arronako Urrestillak irabazi eban, 91 aldiz harria leporatu ondoren.

«Euskal Esku-Langintza» liburu berria

Izenburu honekin liburu bat argitara eman dau Jon Garmendia Larrañagak. Hitzaurrea, euskeraz hau ere, Jose Migel Barandiaran jaunarena da. Euskerazko textoaren alboan erderazko itzulpena dakar.

Euskal Kultur Mintegiaren oharra

Deustuko Euskal Kultur Mintegiaren* partez, hauxe jakin arazten dogu: "Deustuko Unibersidadean oraintsu arte eman ditugun klaseak eten behar izan dira, guztiok dakiguzan gertakariak* direla kausa. Alfabetatze eta kulturazko azken irakastaldiak, programa osoa bukatu* arte, urtarrilaren* 11tik aurrerantzean emanen dira. Ikasle guztiei erregutzen deutsegu, ahal izanez gero egun horretatik aurrerantzean, bertara joaten segi daitezen.

Monjak euskera irakasten

Erandioko "Nuestra Señora de la Compasión" deituriko kolejioan, euskerazko eskolak ematen dira. Aurretiaz inkesta* bat egin izan da, eta baiezkoa eman ebenak honenbeste izan ziren: Batxillerreko l.ean 33, 2.ean 20, 4.ean 35, 5.ean 9, 6.ean 8, 7.ean 7. Gaztetxoen kursoetan, l.ean 88, 2.ean 50, 3.ean 48, eta 4.ean 75.

«Frances de Javier» liburua

"Institución Príncipe de Viana" erakundeak* argitara eman berri dau, Jose Maria Rekondo jaunak "Frances de Javier" izenburuarekin egindako liburua. 355 orrialde ditu eta hainbat irudi, eta nafarrek azken hiru mendeetan* izan daben bizitza aipatzen dau.

Mondragoeko SUDC, ikastolaren alde

Mondragoeko SUDC erakundeak* bertako ikastolaren alde diru laguntza sendo bat eman izan dau. Honela, ikastolako gelak gehitu egingo dira laster batean.

Haizkolarien txapelketa

Joan dan abenduaren 13an ospatu izan zan, Nafarroako Donezteben*, Euskal Herriko Haizkolarien Txapelketa. Azpeitiko Jose Inazio Orbegozo (alias "Arria II.") izan zan irabazle.

Nafarroari buruz hitzaldia Parisen

Helene Gueraçague-k hitzaldi bat eman izan dau, Pariseko Euskal Etxean, Nafarroari buruz. Helenek, jaiotzez Donapaleutarra* eta orain Iruñean irakasle, esan eban nafarrei Ipar Aldekoekin harremanetan jartzea komeni jakela, eta Nafarroa "euskalduntzeko" ikastolak indartu behar direla.

Eloy Benito jaunaren mintzaldia Iruñean

Oviedoko Unibersidadean Espainiako Historia irakasten dauan Eloy Benito jaunak mintzaldi bat eman izan dau Nafarroako Unibersidadean "Lope de Estúñiga, un poeta navarro del cancionero castellano" gaiari buruz. Poeta hori XV. mendekoa* zan, eta gaztelauen alderako jokoa egin eban, Lopez de Ayalaren antzera.

«Euskal Herriko Meza»

Disko haundi bat aterako da laster, "Euskal Herriko Meza" izenburuarekin, Barturen pasiotarraren gidaritzapean. 300 pezeta balioko ditu, "Orfeón San Antón", txalaparta, txistulari eta abarren laguntzagaz egindako disko honek.

Maite Idirin berriz kantari

Urtea amaitu baino lehen, Maite Idirinek disko bi izango ditu salgai. Lehenengoan Etxepareren bertsoak agertzen dira, eta J. M. Arrizabalaga bizkaitarra da doinuen egilea. Kantuak honeek dira: «Euskera», «Emazteen fabore», «Judizio jenerala» eta «M. Bernat Detxepareren kantuia». Bigarren diskoa Maite Idirinek berak egindako kantuekin osotua: «Nere herria», «Zuek gazteok», «Izenik gabekoa» eta «Zigorra». «Goiztiri» euskal disko etxeak argitaratuko ditu disko biak.

Mondragoeko Euskal Liburu ta Diskoen Azoka

"Ba dakikezue*, Euskal Liburu ta Diskoen II. Azoka* ospatzeko asmoa genduala, abenduaren 20, 21 eta 22an. Baina, gaurko egoera dala ta, beste baterako uztea erabaki dogu. Konprenituko dozuelakoan, hartu eizue gure agurrik beroena" (Eratzaileek).

Jabi Agirre apaizaren aita hil da

ANAITASUNA honen laguntzaile ta idazlari dan Jabi Agirre jaunaren aita hil da abenduaren 12an, Bizkaiko Elorrion, 64 urte zitualarik (G.B.). Hileta meza Jabi Agirrek berak eman eban, eta mintzaldian eroapen haundiz esan eban: "Erregutu deiogun Jainko Aitari Demetrio gure anaia zanaren alde. Eta, Euskal Herriaren egoera mingots honetan, zuzen eta arduraz jokatzen jakin daigun".

Elkarrizketa

"Euskal neska batekin gura neuke korreoz elkarrizketan hasi. Hizkuntzalari eta botanikazale naiz. Nire zuzenbidea: Alfred Berglund, Viardp, S - 26091, Forslorsholm, Suecia".

«Vasconia Express»

«Vasconia Express» deportezko astekari* bat da, guztia erderaz egina, eta Jose Maria Martin de Retana jaunak zuzendua. Ekainetik* aurrera isilik egon ondoren, berriro agertu da eta bere 112. alea atera dau. Bere editorialean honela dino: «Nosotros estamos siempre con el Athletic, con el Club».

«Vasconia»rekin batera ba dago Bizkaian beste astekari bat, oso osoan deporteari buruzkoa, hau ere erderaz egina: «Stadium». Astekari bi honeek, egunkarietan deportea hain gutxi aipatzen danez gero, hutsune hori betetzeko agertzen dira, antza.


Zalantzak Uxatzeko, Gutun Irekia Martin Ugalderi

Martin adiskidea: oraintsu, "La Voz de España" egunkariaren Correo de las Letras sailean (1970-XII-6) dei antzerako ohar* bat izan duzu, zeure "Las tres caras de Dios"i buruz egin duten aipamenean. Erderaz anitz* ederrik emateko gauza omen* zara, eta bildur dira gure inguruan galduko ote zaren.

Erderazko literatoek beti pentsatu dute, euskeraz ez dela posible ezer interesanterik ematea. Guk, berriz, erderazko idazlerik, euskeratik erderara ondo itzultzeko gauza direnak anitz* nahi genituzke, eta ez euskeraz guk zer eta zelan idatzi behar dugun esaten duten horietakoak. Baina itzultzaileak bai, ilunpean ditugun zenbait* lan kanpora azaltzeko (ilunpean egotea bada, guk geure artean bakarrik ezagutzea). Zeren* hori bada mundutarragoak izatea, lan interesante asko behar bezala itzuli ahal duten erdal idazleak behar ditugu. Orduan bakarrik izango da posible gure literatura non dagoen ikustea, eta orduan konturatuko dira asko, herbesteetakoak behinik behin, hemengo gauzak erderaz ematen dituzten erdal idazleetatik aparte ere, ba dela zerbait merezigarri, eta gure hizkuntza jatorrean gainera.

Zuk behintzat, hartu duzun bidetik, gauza on asko eskaini* ahal duzula iduritzen zaigu. Erdal literaturak zerbait galduko luke beharbada, baina euskal literaturak ez du ezer galduko. Eta guk euskal literatura nahi dugu. Herria gorde nahi dugu, Euskal Herria, bere nortasun osoan gordeko badugu.

Gogoan izan, otoi, antzerki hari eman zenion izenburua: Ama gaxo dago. Eta lamien* deiei ez jaramonik egin.

Erderaz euskeraren alde esaten diren hitzak, gehienetan hitz hutsak. Zuk, euskeraz ahal duzu. Ondo ere ondo gainera. Eta guk exenploa eman behar dugu, Martin.

 Ama gaxo dago. Euskerazko osagarriak behar ditu. Euskerazko hiletarik ez.

Honenbeste ba dakizun uste osoa dut. Agur, adiskide bihotzekoa.

JUAN SAN MARTIN


S. Larreari erantzuna

ANAITASUNA-ren 200. zenbakian zuk izenpetutako artikulua irakurtzeak harriturik utzi gaitu. Gu, neska-mutil talde bat gara. Zure ideiak oso abstraktuak direla uste dogu, eta horrexegatik nahaste haundia sortarazi leikeezanak. Emakumerik gehienak ez dagozela zapaldurik, dinozu. Hau, aldrebes izango da. Guk gehienak alienatuta ikusten ditugu.

Zapalkuntza hau era bitakoa da: bata gizarte estrukturetatik, eta bestea gizonengandik datorrena.

Ez dogu ikusten zergatik gizarte sozialista bategandiko zapalkuntza haundiagoa izan leitekenik. Ez dozu esaten zapalkuntza hori zer puntutan agerten dan. Esaterako, zapalkuntza guztiak ez dira neurri berdinekoak, eta ez dabe kalte berdina egiten.

Emakume bat alkate izateak ez dau gizonik zapaltzen, emakume dan aldetik, kargu hori daukan aldetik baino.

Gizon eta emakumeak lan berdinarekin berdin ordainduak diren enpresa horreek guk behinik behin ez ditugu ezagutzen. Non dira enpresa horreek?

Azkenez, emakumeen horrako zapalkuntza hori egia ez bada, zertarako zure kontseilu hori: "Berriketak alde batera utzita, lanean hasten bagara, hobeto biziko gara"? Gure ustez, alienazinorik ez badago, ez dago lanean hasteko premiarik.

Baina alienazio hori badago, konpondu egin beharko dogu, eta konponbiderik onena ez da sekula ere errealidade triste hau izkutatzea izango.

Askatasuna sistema guztietan lortu leitekela, bai... Gizon bakoitzaren nortasuna non formatu behar da? Zeintzuk instituzio dira pertsona hori hezi* behar dabenak? Gure ustez, sistema konkretu batzuek zuzendu eta kontrolatzen ditue instituzioak, eta giro txar edo on horretan hezitzen gara, nahi ta nahi ez.

ARTAPE (Ondarroa)


Mundu biribila

Hogei urte, hogei. Emmanuel Mounier

Hogei urte, Emannuel Mounier hil dela. Hitzaldiak eta omenaldi gisako lanak leku askotan azaldu dira. Egun batzuk direla, Frantziako telebistak haren pentsaera eta jokaerak aztertu nahi izan zituen, beraren aspaldiko lagun batzuen iritziak bilduz*.

Oroikarri* hutsa ote da Mounier? «Esprit» mugimendu eta aldizkariaren fundatzailearen pentsamendua aski* ezaguna ote da? Ba ahal du Mounierek (eta pertsonalismoak) gaurkotasunik?

Baietzean nago ni. Mounieren bizitza, harrigarria zaigu. Historiagile batek telebistatik esan zuenez, Mounier «basati» bat izan zen: alegia*, gauza guztiak eguneratu nahi zituen, gehiegikeria guztiak baztertzen zituen. Oraindik ezagutzen ez ditudan Frantziako marxista batzuek esan dute, Mounieren pentsamenduak ez duela egun* bere gaurkotasunik galdu.

Bizitza

 1905, apirilak 1. Frantzian, Grenoble-n jaiotzen da Mounier.

 1924. Unibertsidade ikasketak hasten ditu. Baina ez, bere gurasoek nahi zuten botikario bideari jarraituz. Filosofia egiten du. Gero maisu izango da.

 1932, abuztua. Font-Romeuko biltzarrea. Biltzarre horretan sortzen da «Esprit» mugimendua.

 1932, urria. Mounierek fundatutako «Esprit» pentsamendu-aldizkariaren lehenengo zenbakia ateratzen da.

 1935. Paulette Leclercq-ekin ezkontzen da. Hiru alaba izanen* ditu.

 1941, abuztuak 25. «Esprit» aldizkaria debekatua da.

 1941, urtarrilak 15. «Combat» mugimenduan parte hartzeagatik, Mounier gartzelan sartzen dute. Barruan, 20 eguneko gose huelga bat egiten du. Liburuak ere idazten ditu.

 1945, urria. «Esprit» berriz ateratzen da.

 1950, martxoak 22. Gauez, bihotza gelditurik, Mounier hiltzen da.

Liburuak

 1935: Révolution personnaliste et communautaire.

 1936: De la propriété capitaliste à la propriété humaine.

 Manifeste au service du personnalisme.

 1939: Pacifistes ou bellicistes?

 1942: Traité du caractère.

 1944: Affrontement chrétien.

 1946: Liberté sous conditions.

 Introduction aux existentialismes?

 1948: L'éveil de l'Afrique noire.

 La petite peur du vingtième siècle.

 Le Personnalisme.

Pentsaera

Mounier pertsonalismoaren aita da. Hobeto esanda: pertsonalismo komunitarioarena. Mounieren pertsonalismo hau, indibidualismoaren eta totalitarismoaren kontra bezala sortzen da. Ezin da pertsona aldatu, estrukturak aldatzen ez baditugu. Alferrik da estrukturak aldatzea, pertsona ez badugu kanbiatzen. Pertsonalismoak, pertsona eta estruktura, biak besarkatzen ditu.

Mounier pertsonarengandik heltzen da pertsonalismora. Eta ez pertsonalismoaren bitartez pertsonarengana. Horregatik, haren pentsaera eta jokabidearen artean ez dago etenik, ez dago zulorik.

Mounierentzat, Hegel-entzat bezala, intentzioaren egia, ekintza da. Baina ekintzaren egia, intentzioa.

Mounieren pentsamoldean, pertsona etengabeko elkarrizketa bat da. Elkarrizketa Jainkoarekin, elkarrizketa gizartearekin, elkarrizketa norberarekin.

Ikusten da: Mounieren pentsaerak, ez bakarrik batasun harrigarria, osotasun miresgarria ere ba du.

Inguruko gizarteari buruz, «desordenu eratua» (desorden establecido, désordre établi) esaera famatuaren aita da.

Profeta

1930. urte inguruko krisia, moral krisia zela zioten* batzuek; beste batzuek, ekonomia krisia zela. Mounier sustraira doa: zibilizazio krisia dela erabakitzen du. Eta hala zen, gaur ikusten dugunez.

Ba dakigu Utopiak mugitzen duela historia. Mounierek utopia handi bat sortarazi du: gizona eta gizartea (biak batean!) berritzea Gizon berria gizarte berrian: hau da haren helburua*.

Faszismoaren, nazismoaren eta kapitalismoaren etsai* amorratua da Mounier. Amorratuenetan amorratuena! Gizon batek bestea menderatzea eta zapaltzea ezin du ikusi.

Mounier ezkertiarra da. Marxismotik asko ikasten du, berak dio. Baina antimarxista da. Marxismoaren kontra dago, ez honek baiezten duenagatik, ukatzen duenagatik baino. Marxismoaren traszendentziarik eza ez zuen onartzen. Beste izen bat datorkit hemen gogora: Rikardo Arregi!

Kristaua

Kristau bezala, izpiritu-bizitza sendoa zuen Mounierek. Haren bizitzaren alderdi hau ahaztuz gero, beraren giza-burruka eta ekintzaren sentidua eta baliogoa* husturik uzten ditugu.

Komunistekin eta ez-kristauekin zuen harremana ez zen ergelkeria, ez zen kobardekeriaren ondorioa. Eta bai ekumenismoa, sinesmen zabaltasuna. «Esprit» mugimendu eta aldizkariak danetatik bildu* zuen: fede kolore guztietakoak eta fedegabeak.

Mounierek zintzoki eta leialki sinesten zuen kristianismoaren «Berri Onean». Eta fede honen arabera*. bizi.

Eliza askatua eta garbia nahi zuen. Eta Elizaren azal-estruktura hori loturik ikusten zuenean, askatzera jokatzen zuen. Hain zuzen, Elizari zion maitasunagatik. Esate baterako, Espainiako Elizak garai hartan hartu zuen bidearen kontra zegoen. Eta abar...

Depierre apaiz-langile eta haren adiskideak esan duenez, Mounier bizi izan balitz, Kontzilioko lehenengo laikoa izango zen. Dudarik ez.

Mounierek dio

«Wall Street-eko diru beherapenarekin 1929.ean hasi eta bigarren gerra haundiraino jarraitzen den krisitik sortzen da pertsonalismoaren mugimendua. Bere pentsaera, 1932.ean sortutako «Esprit» aldizkariaren bidez azaltzera ematen du. Zerk behartu gaituen gure pentsaera agerraraztera? Krisiaren aurrean, askok sakontasuna ezkutatu egin nahi zuten, eta gehienez ere bi esplikazio ematen ziren.

«Marxistek hau zioten*: 'Ekonomiaren krisi ezaguna, estrukturen krisia. Egin ekonomia, bai, eta gaixoa sendatuko da'.

«Moralistek kontrara zioten: 'Gizonaren krisia, ohituren krisia, baliogoen* krisia. Alda gizona, eta gizartea sendatuko da'.

«Gu ez ginen pozik ez batzuekin eta ez besteekin. Izpirituzaleok eta materiazaleok gaitz eta okerbide berean erortzen* zirela iruditzen zitzaigun; alegia*: dudazko kartesianismo bati jarraituz, gorputza eta arima, pentsamendua eta ekintza, homo faber eta homo sapiens apetaz* banantzen zituztela. Guk hau genioen*: 'Guretzat, krisia, batera ekonomiarena eta izpirituarena da, batera estrukturena eta gizonarena'. Guk ez genuen Péguy-ren hitza bakarrik hartzen: 'Erreboluzioa morala izango da, edo ez da izango'. Guk zehazkiago esaten genuen: 'Moral-erreboluzioa ekonomikoa izango da, edo ez da izango. Ekonomia-erreboluzioa morala izango da, edo ez da deus* izango'».

JOAN MARI TORREALDAI

zaigu, jaku

zegoen, egoen

zion, eutson

zitzaigun, jakun


Mundu biribila

Osagileak, beharginak al dira?

Interbista hau ez dago abeslari edo artistaren bati eginda. Ba dago behargin legez kontsideratu barik dagoen behargin* talde bat: osagileen* saila.

Jende askok ez ditu "doktore" jaunok behargintzat hartu gurako. Nik egunero ikusten ditudanok, hala ere, edozein beharginek baino lan-egun luzeagoa ta gogorragoa daroe, kirofanoaren eta gaixoen ohe-buruen artean, atseden barik, arduraz beteta.

Gizarteko behargin taldeetan, bizitzarik prozentualki laburrenatakoa osagileek dauke Alemanian; eta horrek zerbait esan gura dau. Lan gogorra da...

Münster-eko Ortopedia Klinikan, ba dago zuriz jantzitako holako behargin euskaldun bat: Bitor Gaubeka, gudu aurrean euskerazko liburuen argitarazle legez ondo ezaguna zan izen berdinekoaren semea. Egunero, bere operazio bat edo biak, gaixoen bisitak, diktamenak; eta iluntzero, estudioa, bere umore ona ta kortesia inoiz galdu barik.

Doktore Gaubeka laster hasiko da Bilbon bere kontura lanean. Galdera batzuk egin deutsadaz, hemengo Osagile-Zuzendariak behargin zintzo ta lehiatsu* eta esku aparte trebeko* operatzaile legez goraipatu dauan bermeotarrari.

— Zuek, ikasle denboran, herriagaz zerikusirik barik bizi zaree jeneralean, klausura sozial batean legez. Zeintzuk dira zuen problemak, atzera herrian sartzeko eta herriagaz behar egiteko orduan?

— Lantegi ona bilatzea ta holakoak kenduz gero, herriaren hizkuntza jakitea da lehenengo problema. Osagile euskalzaleak egon dira eta ba dagoz orain ere. Baina, midizina ikastekoan, euskaldun mutil asko ta askok ahaztu egiten dabe euskera.

Gero, jendeagaz erraz berba egiten jakin behar da, konfiantza sortzeko, eta gaixoen idiosinkrasia ta pentsakerak ezagutu. Jende askok jaun bati legez begiratzen deutso osagileari, behargina dala ahaztuz. Eritzi horrek kalte asko dakartso herriaren osasunari.

— Eta ez al da egia, behargin baino jaunago zareela?

— Ez. Kasu batzuk aparte, eta zein ofiziotan ez dago kasu txarrik, osagilea aurren aurrenik behargina da. Horrek ez dau esan gura, osagileari ere bere lanak izakeraren tankera* berezi bat ezartzen ez deutsonik, munduko beste edozeini legez, berdin berdin.

— Zergatik utzi dozu Euskal Herria?

— Nik ez dot Euskal Herria inoiz "utzi". Nik egin gura dodan lanerako, Zaragozan ikasten egon ondoren, Austrian eta Alemanian jarraitu dot neure espezialidadea. Gizonak unidade izan barik ere, bakoitzak daki gizarteari zelan zerbitzatu behar deutson. Nik ortopediagaz egin gura neuke. Eta horretarako, hona etorri behar izan neban.

— Esango zeunke zer dan Ortopedia?

— (Erdi barreka). Zelan esango deutsut... Egoteko ta mugitzeko, organismoa azterkatzen eta zaintzen dauan jakintza da Ortopedia. Hezurretako, muskuluetako eta artikulazioetako gaitzek arduratzen gaitue gu. Esaterako, artrosiak (erreuma esaten jakona), gorpuzkeraren deformazioak, muskuluek euren arteko jokoa ez egitea, edo euren arteko koordinazioa galdu badabe, eta holan.

— Holako gaitz asko al dago Euskal Herrian?

— Alemanian baino gutxiago, uste dodanez, baina asko hala ere, Baina jende askok, lotsa dalako edo, ez dau osagileagana joan gura izaten. Jendea hezitzen*, lan asko egin behar da, eta eskolan batez ere. Osagileagana joan eta ezer ez daukala esango ote deutson lotsa dauka jendeak, horrexek gauza Pozgarria izan behar leukenean.

— Zer egin leiteke, gaitz horreek ez harrapatzeko?

— Profilasi jeneralik ez dago. Gaitz asko jaiotzatik, akzidenteetatik edo zahartzarotik dator. Horregatik, prebenitzeko midizina ere ezberdina da. Midizinazko herri-kultura zabaldu beharko lizateke, jendeak bere burua zaintzen jakin daian, eta hau ere eskoletako obligazio bat iruditzen jat. Baina hori midizina guztiaren problema da.

— Jendeak zuengana joan gura ez badau, ez ote da, zuek garestiegiak zareelako, eurak lotsa direlako baino gehiago?

— Hara: hemen Alemanian jende asko dabil lanean, Espainiatik etorrita, amaren edo senideren baten operazioa pagatzeko...

— Eta zer deritxozu?

— Penagarria dala, zer gehiago esango deutsut... Midizina sozializatu egin behar lizateke.

— Ingalaterran sozializatuta dago, baina ez doa ondo.

— Ondo ta ondoren artean diferentzia asko dago. Eta sozializazioa ere ez da, beste barik, soluzioa. Zelan egin jakin behar da,

 — Zer egin, hala ere, gauzak holan dagozen artean?

— De fakto, osagile bakoitzak jakin beharko dau bere lanaren sozializazioa egiten. Ez dago pobre bat zaindu barik lagatzerik, dirurik ez daukalako.

 — Asmo horrek daroazuz etxera?

— Neure ahaleginak egingo ditut, eta gehiago ezin leike inork egin.

J. A.


Herri bat, hizkuntza bat

Ipar Aldetik bi berri

Liburu berri bat, Luis Davant-ek egina

Hilabete honen lehen egunetan agertu zaiku liburu berri bat Ipar Aldean, Euskal Herriko Historiaz. Ez da euskeraz idatzia, erderaz baino. Ainitzek* esanen dute egileak, euskera zekienez gain, euskeraz egiten ahal zuela. Baina erderaz egin badu, uste dut gehiago hedatua edo zabaldua izan zedin egin duela.

"Histoire du Pays Basque" edo "Le Peuple Basque dans l'histoire" liburu berria, Luis Davant laborantzako* inginadore* ezagunak argitaratu dauku. Ipar Aldeko gazteek lehen aldia izanen dute, Euskal Herriko historia euskaldun batek eginik irakurtuko dutela. Eta liburu honek garrantzia haundia ba du, zeren* eta orain arte, eskoletan segurik, ikasten diren Historiak, gerlak irabazi dituzten erresumek* eginak baitira.

Interes haundiko lana beraz* eta errexki irakur daitekeena. Esan dezagun, Luis Davant Hazparneko ikasetxean erakasle dela eta bestalde* abertzale ezaguna.

Inkesta bat Baigorriko kantonamenduaz

Beñat Latxague sortzez Aldudekoa dugu eta ofizioz laborantzako* inginadore. Donapaleun eskola ematen ari da. Duela bi urte, liburutto bat agertu zeukun, "Herriko Batasuna" izendatu zuena. Orain beste lan bat argitaratu du, garrantzia haundikoa Baigorriko kantonamenduarentzako. Kantonamendu edo eskualde* hau arras* barnetik miatzen edo ikertzen* dauku, duen bizibidea xeheki argituz, azken hamar urte hauetan zenbat jende galdu dituen esanez, zenbat diru ateratzen eta sartzen den salatuz eta beste ainitz* ikertze mota irakurleari aipatuz. Inkesta horren bidez agertzen daukun gauza da, Baigorriko eskualdea husten ari dela, industria eskasez. Azken hamar urte hauetan bost ehun gaztez goiti* joan direla atzerrietarat, aldiz* zortzi ehun bat kanpotik sartu!

Ipar Aldean ere kantaldiak egiten dira

Ipar Alde honetan ere kantariak, eta bereziki kantari herrikoiak, abertzaleak, erne dabiltza herriz herri euskal kantu berriaren ezagutarazten eta maitarazten. Gero eta herri edo itsas hegiko* hiri gehiagok eskatzen dituzte kantari berriak.

Hala nola, abenduaren 5ean Donibane Lohitzunen, 13an Urruñan, 20an Ainoan, 22an Baionan eta 27an berriz Atarratzen izan dira kantaldiak. Beste bost edo sei herrik ere eskatu dituzte, baina ez dakigu oraino xuxen zein egunez emanen dituzten beren kantaldiak.

«Gure Herria» aldizkariaren azken zenbakia

"Gure Herria" da urtean sei aldiz, G. Eperre jaunaren zuzendaritzapean moldaturik, agertzen den agerkaria. Baionan argitaratua da. Aurtengo azken zenbakia eskuratu dugu eta iduritzen zaiku gai interesantak ba dakartzala bere orrialdeetan, hala nola Antonio Maria Labayenen artikulu bat Elizanburu-taz, P. Lafitteren beste bat, erderazko "voir" hitza nola euskeraz itzul. Eta beste zenbait ere.

GEXAN LANTZIRI

dauku, deusku

dezagun, daigun

zaiku, jaku

zekien, ekian

zeukun, euskun


Herri bat, hizkuntza bat

Juan Anjeli oharrez. J. A. Mogel, J. L. Vives eta beste

Etxebarriatar Juan Anjel adiskidearen lantxo bat irakurri dut ZERUKO ARGIA-ren 405, zenbakian (1970-12-6). J. A. Mogel, J. L Vives eta beste. Gogoz irakurri ere. Ohar* zorrotzak, ikusmolde zehatzez. Mogel eta Vivesek elkarren artean duten zerikusia adieraziz. Oharrok oso interesanteak iduritzen zaizkit, Peru Abarka hobeto ezagutzeko.

Baina gai honi buruz puntu bat argitu beharra dut, lehenago honetaz mintzatu garenon izenean. Zeren Juan Anjelek dio: «Euskerazale geienak, Mogelen «Peru Abarka» aipatzerakoan, zuzen edo zearka, ia danak esan digute Mogelek Vivesi jarraituz idatzi zula bere eleberri*-antzeko ospetsua».

Eta guk ez dugu dudarik, Peru Abarka beste era batekoa bada ere, lehen ideiak Vivesegandik hartu zituela, berak aitortu zuenez, geroago adieraziko dugunez.

Baina Juan Anjelek dio: «Vivesen aztertzaille ta irakur-zale ospetsu danak, zioten zaletasuna aitortu dute an ta emen, iruzkiñak* eta kritikak egiñaz. Mogelek, ordea*, nik dakidala, itzik ez ortaz.»

Ezetz? Ez ote? Ala batari edo besteari ez ote diot ondo ulertu?

Lastima Juan Anjel adiskideak Mogelen lan guztia ez ezagutzea. Ez da nire asmoa adiskide honen iritziak txartzat hartzea, baina bai gauzak argi jartzea. Eta adiskide honek konprenituko nau.

 Peru Abarka-ren 1881.eko edizioak erderazko hitzaurre luze bat du, eta hitzaurre horretan egileak aditzera ematen du nondikakoak eta zertarako diren bere asmoak. 1899.eko edizioa erdal itzulpenarekin egin zen; eta Azkuek Zer edo zertxu izenezko hitzaurretxo bat egin zion, eta bertan adierazten du erderazko hitzaurre luze hura zergatik kendu zion. Orain «La Gran Enciclopedia Vasca»k argitara berri duen edizioa gisa berean egina da eta Azkueren iritzia errespetatu da, egin nion hitzaurre berrian nioen bezala. Baina 1881 eta 1904.eko edizioak Mogelek berak erderaz egindako hitzaurre luze harekin argitaratu ziren. Hitzaurre hau, hara zelan hasten duen:

 «El célebre Juan Luis Vives dio a luz su aplaudida obra del ejercicio de la lengua latina, con el designio de que se ejercitasen los jóvenes en el buen gusto de ella, y aprendiesen sin fatigarse con diccionarios...» eta abar eta abar.

Hortik hartu ideia eta ondoren beste hau dio, bere lan nagusitzat dugun Peru Abarka-ri buruz:

«A ejemplo de tan gran hombre en la República literaria, he juzgado hacer un gran servicio a la Patria sacando al teatro público los primores de un idioma que sólo se ha conservado en su pureza original en los desiertos, a donde no han llegado sus corruptores. Estos diálogos no se dirigen a la instrucción de la juventud bascongada, sino a la de los que son tenidos por muy literatos». Eta abar eta abar.

Honenbestekin, uste dut argi gelditzen dela puntu hau. Elkarren lanetan izan daitekeen kidetasuna norainokoa den, hori beste kontu bat da; eta beste kontu honetara ba daiteke Juan Anjelen oharrak interes haundikoak izatea.

Juan San Martin

digute, deuskue

dio, dino

diot, deutsat

nioen, ninoan, esaten neban

nion, neutsan

zaizkit, jataz

zion, eutson

zioten, eutsoen


Herri bat, hizkuntza bat

Gure artistak gaur eta hemen. Remigio Mendiburu eskultorearekin elkarrizketa

Azken urte hauetan, azalduak dira gure artean zenbait* artista, pintore eta eskultore, atzerrian sarituak eta gure Herrian ezezagun ditugunak. Aho gaiztoek diotenez, holakoak burges, arlote bakartiak, orientalzale eroak* besterik ez dira... Baina, benetan zer dira? Nola bizi dira? Eta zer gogoeta darabilte, Euskal Herriko hari sozial-politikoetan murgilduta dabiltzan gizon artista hauek? Ezagunak izan daitezke; baina ulertuak, adituak, konprenituak?

Ondarrabia eta artea, biak batera ditugu; batera bait* daude Mendibururen eskulturak eta haiek begiratzen, ikustatzen dituen herria. Han lantegi bat, azkasi* enborrak, haizkorak eta zintzelak, denen erdian gizon bizardun bat eta zurezko* lana, obra.

Honela irakur daiteke bere obran:

Remigio Mendiburu.

1931.ean Ondarrabian jaioa.

1958.ean Diputazioak lehendabizikoz saria eman zionekoa.

Agerketak

1965.ean Barcelonan. Gaurko Eragina.

1966.ean Madrilen.

1966.ean Bilbaon. Museoan.

1966.ean Gasteizen. Museoan.

1966.ean Venezian. Bienal.

1966.ean March Fundazioan. Laguntza.

1969.ean Bilbaon. "Grises" deritzan aretoan.

1971.ean Madrilerako gertatzen. Gaurko Artea.

Eta, artistetan harrigarri: Mendiburu ederki mintzatzen da. Gora eta behera, harat-honat egiten du solas*, ez halakoetan klasikoa denez, gure erara baizik, bertsolariek bezala.

— Esaidazu, Remigio. Artistok ere, beste edozein taldek bezalaxe, gizartean sartu, xertatu* behar duzuela esan ohi da, nabarmen eta buhame eta betiko bakarti izaten aspertuta zaudetela, langileekin, periodistekin integratu egin behar duzuela... Zergatik, bada, urruntzen duzue zeuon burua?

— Artista, gizartean sartua ez badago, halako sartzearen aldeko ez delako da. Ez dut nik zertan sartu beharrik, nire iritzien aurka dagoen gizarte batean. Neure buruaren erantzukizuna* daramat, eta, gizarte horri zerbait eman eta aldatzeko, lan eta indar handi bat egin beharrean nagoela uste dut. Gaurko gizartean, ekonomi-ametsaren aurrean ez nuke etsi* nahi. Nire artelanek berri dezakete. Horrela izen da beti.

— 1966. urtean, Artisten Euskal Eskolatzat agiri* bat argitaratu zenuten. Egun taldean egin ahal duzue lana, ala, Txillidak esan berri duenez, sasoi eta toki berean une bateko bateratze bat besterik et duzue?

— Txillidak esandakoak bere sasoitik kanpora esan ditu, eta ez dute ezer argitu, argitzea ona izanik ere. Dena dela, beti egin izan dugu lana elkarrekin, ideietan eta asmoetan. Adibidez, Ondarrabiko aeroportuaren anteproiektua taldean egina da, Oteizak, Sistiagak, Zumetak eta laurok, gero bete ez arren. Baina, zer da taldean lan egitea? Denon arteko harremanaren ondoren baldin* bagabiltza, horrek honako arrisku hau du: batezkoz beste ez duela bakoitzak berea egiten. Talde barruan bakoitzari begirune zor zaio. Izanak eta herriak mugatzen dute taldea eta ez alderantziz*, sarritan uste ukan den bezala. Erromantkeria kaltegarri batetan erori* izan gara maizegi*.

— Eta zu zerori nola bizi zara? Pozik ahal zaude? Zuen taldea ongi bizi dela, Bidasoako hippy taldea zaretela esan ohi da. Eskultura hauek dirurik ekartzen ahal dautzute?

— Gaizki bizi naiz, zeren* hemen Euskal Herrian artista bizitza antiekonomikoa bait* da. Iheskeria* omen da. Hala motenak ekonomi-kategoriekin ari* dira erabakitzen. Hemen ez zaigu ezer erosten eta ematen, ematen duenak zerbait eskatzen bait du truke.

Gure Herrian ba dira ongi bizi garela uste dutenak, eta baita begitan hartuta gaduzkatenak ere, Gaur eta hemen —15 urte honetan halaxe nabil— ez daiteke artetik bizi. Haserre erantzuten dautzut, ukan* ere ez bait du inork gure ardurarik ez kezkarik. Ez dauku inork galdetzen, zuk bezala, nola gabiltzan diruz. Artistak garelako, ez dugu deus* edukitzerik geure, aldi berean gizonak ere ba garela ahantzirik*. Ni hestu bizi naiz. Euskal industrialarien ardura bakarra dirua da, ez dute besterik buru-muinetan: errotan alienatuak daude.

— Euskal artistek, herriari, orain bizi den sare sozial-ekonomiko honetan, koordinadetan ezer ematen diotela uste ahal duzu?

— Hori ez dut nik esan behar. Nik hala uste dut. Horretarakoxe ari naiz hamabost urte honetan, neure eskulturekin usteltzen. Naizena eta dudana ematen dut nik. Geroa herriak esan behar du. Nik Huxleykin batera honako hau besterik ez dut esaten, ni besteekin batera noa eta nago erantzunkidetua*. (Hauxe da artistaren definiziorik hoberena).

— Adizu*, Remigio. Zuek egiten ari zaretena herriak jaso eta ulertzen duela uste ahal duzu?

— Beha*. Herriak ez du arte-obra bat oilo bategandik berezitzen, itoa bizi bait da. Bizitzara zabaltzeak, bai amaren altzotik bai eskolatik... okerrak izan ditu. Dena besteena egitea da (imitazioa), hierarkia, hautamenaren pisua; baina norberak egitea, deus* ez. Eta halako itxura dugu...

— Nola adieraziko zenioke herriko bati zeure artea, zer begiz ikusaraziko?

— Nire interesa antzinako gauza herrikoietan eta orain karriketan* dagoenean dut, eta arte-lanen azken emaitza axola handikoa da beraien* ulertzeko.

Buruan bizirik dagoenaren eta ez inbentiboaren berdina axola zait. Argituko dautzut: Ba niharduen behin Bizkaian zuhaitzak* botatzen, eta non topatzen dudan oihan* guarda, Amorrortu jauna, baserritar hargina, neure aitarekin lan eginikoa; eta neure lana ikustatzera eraman nuen. Ikustean, honela esan zuen: Al uztarri bat dirudi. Gizon hark zerbait aditu zuen. Eta igurtzitzen hasi zen luzaroan. Nork bere begiz ikusi behar ditu holako gauzak. Zergatik zaio jendeari laket* gaua edo xoria, ez gauak eta ez xoriak esan gura dutenik ez dakitelarik? Hemendik sortzen dira printzak eta xirriskuak, estrukturalismo, sozialismo eta -ismo guztietan. Nork berak duen zabaltasunez eta libertatez uler daiteke edo ez daiteke hau; eta jendeak ez du hori ulertzen, bere burua ere ulertzen ez duelako. Eta ulertzeko aukeramenik ez badute, nolatan ukanen* dute erosteko? Jendea integratua dago. (Hemen Juan Ugarteren —Navarroren— oroitzapena egin nahi dut; asko ari* zait laguntzen).

— Eta, amaitzeko, Remigio: zer deritzazu gaurko euskal pinturaren egoerari? Izenak.

— Sortzeari buruz deus* guti. Vicente Ameztoy, Marta Cardenas, Carlos Sanz bezalako gazte batzuk benetan sortzen ari direnak izan arren. Hauk benetan ari dira.

Gracenearen pinturak —bere pertsonak ere— garbitasuna eta poetika ba du.

Baina goizegi dela uste dut inortaz deus esateko. Aldiak esamen du, eta ez logikak eta adimenak.

EDORTA KORTADI

Ondarrabian, 1970

daitezke, daitekez

daramat, daroat

daude, dagoz

dauku, deusku

dautzute, deutsue

deritza, deritxo

dezakete, daikee

diote, deutsoe; dinoe

gaduzkate, gaukez

zaigu, jaku

zaio, jako

zaude, zagoz

zaudete, zagoze

zenioke, zeunskio

zenuten, zenduen

zion, eutson


Eliza gaurko munduan

Ipar Vietnamgo eliza (2)

1955.eko uztailetik* aurrera, ez zen ezer mintzatzen Ipar Vietnamgo Elizaz. Ba zirudien, Erroma bera ere ez zela hartaz interesatzeri. Mendebaleko* egunkariek lerro batzuk ematen zituzten oraindik, hango Eliza bizi zela adieraziz. Baina inork ez zion inportantziarik ematen. Vatikanoko Kontziliokoek konturatu ziren, Ipar Vietnamgo anaiak han ez zirela. Baina, Kontzilioko arazoetan sartutakoan, laster ahaztu ziren beren anaiez.

1966. urtean, Ipar Vietnamen amerikanoen bonbak sailka erortzen* hasi ziren, Hego Aldera pasatutako vietnamdar katolikoek hain biziki desiraturiko bonbak, hain zuzen ere. Zer zentzugabekeria! Orduantxe hasi ginen, Vietnamgo Elizari buruz berriak ematen, "Vietnamgo Elizaren Oihartzunak" deitutako geure boletin ttipian. Berri hauk, hain erabatekoak* ez baziren ere, Mendebaleko jendearentzat ustegabekoak ziren, Ipar Vietnamen Jainkoaren berririk ia ez zela uste baitzuten.

1954. urtean, Ipar Vietnamen 822.500 kristau bizi ziren. Gaur, hasitze demografikoa kontuan izanik, 1.200.000 bat dirateke*.

1968. urterarte, 13 obispok gobernatzen zuten Eliza. Eta orain 12 baino ez dira. Beren tokietan bizi ziren 315 apaizetarik asko zaharrez hil izan dira; beste asko, aidekoek botatako bonbez. Seminariorik gehienak hutsik zeuden; eta normalki jarraitzen zutenak, 1968. urtean, bonbaz kiskailiak izan ziren. Memento* honetan, apaizgorako jendea bildu beharrak kezkatzen gaitu. Okerrago dena: apaiz zaharrak ba doaz, eta ez dugu ordezkorik.

Erlijio askatasunari dagokionez, Konstituzioak zaintzen du. Hala ere, Errejimenaren hasieran, zenbait* apaiz eta laikok tratu txarrak jasan* zituzten, betiko gorrotoaren gatik edota elkarren arteko haserre partikularren gatik, eta abar.

Ipar Vietnamdar gehienek bezala, katolikoek ere asko sufritu izan dute, bonbak direla ta. Baina, beren eginbehar herritar eta erlijioso betetzen, ez dago ezer kontra esatekorik.

Izpirituari dagokionez, behinolako pribilejio materialik gabe, askozaz libreago sentitzen dira, herriko gehienen antzera, bizitza normala eramateko, Ebanjelioko iturri garbitik edanez.


Eliza gaurko munduan

Bizkaiko Eliza

Apaiz berriak

Jesus Maria Llona, Jose Luis Villacorta eta Luis Maria Uribe.

Parrokia berriak

Algortan parrokia berri bat egin dabe, San Martinen zuzendaritzapean. Eta Bilbon, berriz, "El Salvador" izenarekin, Campo Volantín eta Tívoli izenekin ezagutzen dan hauzoan.

Kargu berriak

Antonio Maria Laburu, Algortako San Martin elizako parroko. Felix Arteaga, Lejonako parroko. Jose Cruz Gorostiza, Kristo Errege elizako kargudun, Bilbon. Eugenio Altazubiaga, Santurtzeko "Virgen del Mar" elizako parroko. Julen Gaztelu, Abadiñoko parroko. Jabier Zia Ziaurriz, Sanfuenteseko kargudun. Jose Manuel Elorriaga, Truziosko kargudun. Luis Pinedo, Santurtzeko San Jorge elizako parroko. Luis Otaño, Iturrigorriko parroko, Bilbon.

Jesus Maria Etxebarria, Munitibarko parroko. Lorenzo Salaberria, Erandioko San Agustin elizako parroko. Juan Bautista Fernández, Berangoko parroko. Ramon Larrañaga, Iorretako parroko. Luis Amiano, Mendatako parroko. Angel Maria Etxebarria, Tívoli aldeko parroko, Bilbon. Apolinar Martinez, Asisko San Frantzisko elizako parroko, Bilbon. Emilio Gondra, Mundakako parroko. Fernando Briones, Las Carrerasko parroko. Florencio Unzueta, Ubideako parroko. Pedro Pagonabarra, Kortezubiko kargudun.

A. Carlos Beraza, Pozokoetxeko kargudun, Basaurin. Enrique Aman, Zurbaran Barri inguruko kargudun, Bilbon. Mario Sarrionandia, "Nuestra Señora de la Asunción" elizako parroko, Bilbon. Domingo Bereziartua, Getxoko laguntzaile. Juan Jose Aranzamendi, "Inmaculada Concepción" elizako laguntzaile, Bilbon. Santiago Duo, Mundakako laguntzaile. Pablo Maria Laraudogoitia, Algortako laguntzaile. Eusebio Arregi, San Martin elizako laguntzaile, Algortan. Ignacio Murillas, Kristo Erregeko laguntzaile, Bilbon.

Luis Etxebarria, "Nuestra Señora del Rosario" elizako laguntzaile, Bilbon. Roman Landera, "María Madre de la Iglesia" elizako laguntzaile. Luis Maria Elzo, Lejonako laguntzaile. Juan Izagirre, Bermeoko Andra Mari parrokian apaiz taldearen buru. Jose Gandiaga, Bermeoko Andra Mari parrokiako apaiz taldeko. Eutikio Zulueta, Bermeoko Andra Mari parrokiako apaiz taldeko. Martin Olazar, Zeanuriko laguntzaile. Bernardo López, Corpus Christi parrokiako laguntzaile, Bilbon.

Rafael González, Bilboko San Bizente elizako laguntzaile. Felipe Gangoiti, Tívoli aldeko "El Salvador" parrokiako laguntzaile, Bilbon. Jose Luis Villacorta, Sestaoko San Migel parrokiako laguntzaile. Jesus Celso, "San Francisco de Paula" elizako laguntzaile, Santutxun. Alejandro Morales, Las Carrerasko laguntzaile. Javier Vitoria, Derioko Seminarioan hezitzaile. Francisco Ortuzar, monja Karmeliten eta "Siervas de Jesús" deituen kapellau. Celestino Solaguren, Durangoko Klarisen kapellau. Jose Maria Pastor, Crucesko kapellau.


Eliza gaurko munduan

Eusebio Ozerinjauregui Etxeratua

Semez Zeanuritarra dan Eusebio Ozerinjauregi jauna, Ekuador eta Venezuelan hogetabi urte lanean igaro ondoren, berriz ere etxeratu jaku. 1943.ean apaiz egin zan, Gasteizen. Arboledako mina herrian lehiatu zan bost urtean, batez ere irakaskintzan.

1948.ean Hego Amerikako misio lurraldeetara joan zan, euskaldun apaizen lehenengo taldean, eta lau urtez misiolarien nagusi izan da.

Bai gorputzez eta bai gogoz, gaztetuta etorri jaku. Era guztietariko opresiopean zapaldurik dagozen gizonak eta herriak ezagutu ta maite izan ditu. Errealidade hori ezagutu ta maitatzeak ondo erakutsi deutso, zelakoa izan behar lizateken gizonaren salbazio osoa.

Ez dau herriratu, lasai bizi ahal izateko asmoak. Orain, euskeraz mintzatzen dan herri batean sartu gura dau, berton antropologia bidetik lanean ari* ahal izateko: ikusi, entzun, ezagutu, ikasi. Euskalduna izan arren, eta euskaldunak ondo ezagutzen ditualarik, ez dau bere eskema ta ideiak goitik behera inori ezartzeko asmorik. Argiro ulertzen dau, Euskal Herria ez dala geldirik egon, bera kanpoetatik ibili dan bitartean. Ba daki, ostera, balore asko argitu direla eta arazo astunak sortu. Prest daukagu, herri giro honetan gizon izanik, sinesmena bizi nahi dabenentzat.

Eta, egia esan, ba dogu bai geure artean honako misiolarien premia gorria. Ongi etorria, Eusebio jauna, eta zorionak bere amari eta bere herritar guztiei.

BARRESKI


Ikasi zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ADITZ, verbo.

ADIZU, entzuizu.

AGIAN, seguramente, probablemente.

AGIRI, documento, manifiesto.

AHANTZI, ahaztu.

AINITZ, anitz. asko.

AITZITIK, al contrario.

ALDERANTZIZ, al revés.

ALDIZ, en cambio.

ALEGIA, esto es, es decir.

ALOR, arlo.

AMAITZEKE, amaitu gabe.

ANITZ, asko.

APETA, afán, ahinco. 

ARABERA, según, conforme.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARETO, sala, salón.

ARI IZAN, jardun.

ARITU, ari izan, jardun.

ARRAS, guztiz, zeharo.

ASAGO, urrun.

ASKI, nahiko.

ASTEARTE, martitzen.

ASTEAZKEN, eguasten.

ASTEKARI, asteroko periodiko.

ATOI, remolque.

AUTU, conversación.

AZKASI, acacia.

AZOKA, feria.

BAIT, pues.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAGO, bait dago, dago ta.

BAITIRA, bait dira, dira ta.

BAITU, bait du, dau ta.

BALDIN, kondizioari indarra emateko berba.

BALIOGO, baliotasun.

BEHA, begira.

BEHARGIN, langile.

BERAIEK, eurak.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BESTALDE, gainera.

BILDU, batu.

BIRIKI, pulmón.

BUHAME, bohemio.

BUKATU, amaitu.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait, jakingo dozue.

DATZA, está, consiste (etzan aditzaren forma).

DEUS, ezer.

DIRATEKE, dira nonbait, izango dira.

DONAPALEU, Saint-Palais.

DONEZTEBE, Santesteban.

DUKETE, dute nonbait.

EDUKI, euki.

EDOZENBAT, zenbatnahi.

EGITAMU, estructura.

EGUN, gaur.

EGUNKARI, eguneroko periodiko.

EGUTEGI, calendario.

ELEBERRI, novela.

EKAIN, junio.

ERABAT, guztiz, oso.

ERABATEKO, completo.

ERAKUNDE, institución.

ERALGI, gastar.

ERANTZUKIZUN, responsabilidad.

ERANTZUNKIDETU, corresponsabilizarse.

ERANTZUTEKE, erantzun gabe.

ERO, zoro.

ERORI, jausi.

ERRESUMA, erreinu, estatu.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

ESKUALDE, comarca.

ESNATZE, despertar, renacimiento.

ETSAI, arerio, enemigo. contrario.

ETSI, ceder, resignarse.

EUSKALTZAIN, académico de la lengua vasca.

GENIOEN, esaten genduan.

GERTAKARI, suceso.

GOITI, gora.

HAGINZORROTZ, atun klase bat, listado, rayado.

HALABER, igualmente.

HAUR, ume.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HEGI, ertz.

HELBURU, objetivo, fin.

HEZI, educar.

HORTAKOZ, por consiguiente.

HOTS, es decir, esto es.

IGANDE, domeka.

IHESKERIA, evasión, fuga.

IKERTU, aztertu.

IKUSGUNE, punto de vista.

INGINADORE, ingeniero.

INKESTA, encuesta.

INOAN, esaten eban.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRITXI, heldu.

IRTEN, urten.

IRUZKIN, comentario.

IZANEN, izango.

JADANIK, ya.

JASAN, jaso, soportar.

JORITASUN, ugaritasun.

KALONJE, canónigo.

KARI, causa, motivo.

KARRIKA, kale.

LABORANTZA, agricultura.

LAKET, atsegin.

LAMIA, lamina, erdi emakume erdi egazti (euskal mitologian).

LEGAZALE, pescador de merluza.

LEGEZ, bezala.

LEHIATSU, celoso, diligente.

MAIZ, sarri.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MENDEBAL, occidente.

MINTEGI, seminario.

NABARITU, advertir, notar.

OHAR, nota.

OIHAN, baso.

OMEN, ei.

ONURAGARRI, provechoso.

ORDEA, berriz, ostera.

OROIKARRI, recuerdo.

OROKARKI, de una manera general.

OSAGILE, midiku.

OSTEGUN, eguen.

OSTERA, berriz; ibilaldi, viaje.

OSTIRALE, bariku.

OTU, burura etorri.

SOIL, solo, mero, escueto.

SOLAS EGIN, berba egin.

SOTIL, fino.

TANKERA, taxu, estilo.

TREBE, leber, hábil.

UDAL, Ayuntamiento.

UKAN, izan, euki.

UKANEN, ukango, eukiko.

URTARRIL, enero.

UZTAIL, julio.

XERTATU, eztitu, injertar.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZIOTEN, esaten eben.

ZUHAITZ, arbola.

ZUR, egur.


Ikasi zeure hizkuntza

II. Puntu batzuei erantzuna

XABIER KINTANAK

Beste puntu baten inguruan ere, behin baino gehiagotan egin dautate galde: ea zergatik aspaldion dateke, dirateke, dukezu, dukegu eta gisa honetako esaerak azaltzen diren batzuen eskribuetan.

«Irakur Sail»ek publikaturiko Sustrai Bila liburuan, Larresoro jaunak puntu honi ikutu egiten dio trebeki; baina agian* Krutwig jaunak hobeki estudiatua du berau.

Azken honi segituz, hauxe esan dezakegu: Euskera klasikoan (eta oraindik ere Nafarroan eta Zuberoan) gauza bat bi modutara adieraz zitekeen. Bata zen objetiboa, hau da, gauza egiazki zen bezala, bat ere dudarik gabe. Honela esaten zen kasu honetan: da, dira, du, duzu... (aita etxera etorri da, Josek egin du).

Beste modua, baina, subjetiboa zen, hau da, egiaz nolakoa zen jakin ez arren, norberak horrela dela pentsatzen zuena. Gisa honetakoak ditugu dateke, dirateke, dukezu, zatekeen, zukeen eta abar.

Beraz, gutti gora behera, Aita etorri dateke = Aita, ene eritziz, etorri da; eta, Josek egin duke = Nik pentsatzen dudanez, Josek egin du noski.

Dakusagunez, lehen Gipuzkoan ere, eta oraintsu arte Bizkaian kontserbatutako forma polit eta aberats hauk oso praktikoak dira, eta indartu behar ditugu, euskeraren jatortasuna eta trebetasuna handiago egiteko.


"Falemos galego"

Ez da, ez, egunero ikusten dana. "Falemos galego" txarteltxo bat atzeko aldean dakarren auto batetik, lagun bi euskeraz hizketan atera dira. Baina ez harritu. Gero irten diren biei Galiziako hizketa goxoa darioe parra parra.

Bata, Coruñako kalonjea* da, Maisu Ikastetxeko irakasle, Coruñako Irakasle Katoliko Elkartearen fundatzaile ta laguntzaile. Apaiz gaztea oraindino. "Pedrón de ouro" edo "urrezko harri haundia" lortu dau oraintsu. "Harri" hori Galiziaren alde lan gehien egin dauanari ematen ei jako. Bera hasi zan Liturgia galizieraz jartzen. Grekotik zuzenean berak galizieratu dau Ebanjelioa. Baita, beste apaiz lagun bategaz eta katedratiko bategaz batera, galizieraz meza liburua atera ere. Manuel Espiña jauna dogu berau.

Autotik irtenda, ke pautada artean eta paitar apur bat aurrean genduala, autu* luzea izan dogu. Hizketan jarriz gero, hitz jario makala ez dauka euki ere Manuel jaun horrek.

— Zer dinoskuzu galego hizkuntzaren egoeraz?

— Joan dan mendearen* erdi inguruan, Galiziako hizkuntzaren berbizte agiri bat hasten da: Rosalia de Castro, Curros Enriquez, Pondal... Indar gogor bat nabaritzen* da galiziar literaturaren alde eta galiziar hizkuntza gorde eta zabaltzearen alde. Baita, gizarte gorabeherak zuzenagotzeko eta askatasunaren alde jokatzeko ere, egarri bizia sortzen da. Indar eta egarri hori gehitzen, sendotzen, frutuak ematen ari* zan; baina... zapla! 1936.eko gudu ikaragarria!

Orain oraindino, % 90ek beti erabiltzen dabe galego hizkuntza. Jakin, besteek ere ba dakie, baita "señoritoek" ere. Baina gehienek, hitz egiten badabe ere, erderaz ondo ez dakielako da. Lotsatu egiten dira, euren hizkuntzan mintzatzen direlako.

— Zer dala ta lotsa hori?

— Jauntxoek —aberats, agintari, apaizek— herriaren maila berdinean ez jartzearren, herriari, herri xeheari, beti egiten deutsoe gazteleraz, nahiz eta euren artean —jauntxoen artean— galizieraz egin. Eskoletan erdera hutsean irakatsi da beti, eta galiziera barregarrikeria legez hartu da. Horrexek argituko deutsu zergatik daukagun lotsa hori.

Beltzetatik hasi naizenez, geure egoeraren laino eta ilun batzuk aipatuko deutsudaz.

Galizieraz ez dogu aldizkaririk, nahiz eta galiziar gaiak eta artikulu bat edo beste galizieraz dakarreanak asko izan, Buenos Airesko "Galizia" eta Madrileko "Chan", esate baterako.

Liturgian ere, zuei baino urte bi beranduago heldu jakun baietza. Politika indarrak ez ziren ez lo egon, Galiziak "a filla humilde e sumisa" izaten jarraitu eian.

Orandino —eta hau beltza da gero!— ez dira berrehunetik gora galizieraz ematen diren mezak. Huri haundietan bat ere ez. Ezta herri txiki eta baserrietan ere. Esan behar deutsudana esateak min haundia ematen deust, baina izatez, praktikan, apaiz galegoa, herriaren zerbitzari eta herritar izan barik, gehiago da agintari eta aberatsen lagun, gehien batean. Egia da izan, herritarrek, lau mendetan* zehar hartu daben "lavado cerebral" dala ta, nahiago dabela erderaz entzun: "o entendemos millor", dinoe eurek. Jesukristok arameoz egiten eban, ez "señoritoen" hebreoz.

Ikastetxeak, kolejioak, baita Elizarenak ere —hau tamalgarria!— alienazio bide bat dira. Irakaslerik gehienak, edo kanpotarrak edo "intelectualmente castrados" batzuk dira (Espiña jaunaren hitzak dira).

Teoriaz, Kontzilioaren erakutsiakatik, giza eskubideen dotrinagatik eta abar, gehienek bide zuzena bai ikusten dabe. Baina bidea ikusteko bakarrik izan ez, ibiltzeko baino; eta alferkeriak, azken batean, ez deutse aldatzen uzten. Nahiz eta gurean zuenean baino eragozpen gutxiago izan, galiziera erderaren antzekoa da ta.

— Itxaropenik?

— Itxaropenez gainezka, bai mutil, eta ez hutsean, ba dago zergatik eta. Esnatze* haundia somatzen da azken urteotan.

Kontzilioa dala ta, 30.000 eskabide eta munduan sakabanatuta dagozen ehundakaz galiziar etxetatik telegramak joan jakozen Kardinalari, liturgia galizieraz jartzeko eskatuaz.

Egunkari* guztietan, lehen ohi ez zana, sarritan agertzen dira galizierazko artikuluak. Nik neuk ere igandero idazten dot "La Voz de Galicia" dalakoan (75.000 ale), "Outero de San Xusto" sailean.

Azken bost urteotan, herri ta huri nagusietan, galiziar kultura elkarte mordoa sortu da: Coruñan "O Facho", Santiagon "O galo", Orensen "Circulum auriense"... Euren jokabidea: hitzaldiak, antzerkia, kantaldiak, liburuak...

Baita editorial berriak ere sortu dira. Orain hamabost urterarte "Galaxia" baino ez egoen, nahiz eta hogei urtetan 500 liburu inguru atera, ia Buenos Airesko "Centro Gallego"ko lana gainduaz. Orain, "Sept", "Librigal" eta beste batzuk dagoz, erlijio gaiak eta beste ateratzen dituenak, galizieraz ugari, edota erderaz galiziar gaiak.

Kontra egon diren asko ta askori begiak ireki jakez, intelektualei batez ere. Honeen artean, "galeguismo" arazo hau borbor irakiten dagoela esan neike.

Institutoetan eta "Escuelas Técnicas" deritxoenetan, kultura elkarteetako bazkide diren ikasle asko dagoz kontzientziatuta, burruka jatorrean diharduenak.

Unibertsidadean, batetik galizierazko Hizkuntza ta Literatura katedra dago; eta bestetik, "Filosofía y Letras" sailean, tesina asko egiten da galizieraz. Eta hau pozgarriena: ikasle gehienek galiziera erabiltzen dabe euren hartueman guztietan. Katedratiko asko, eta Galiziako beste jakitun asko ere, "Universidade Galega" jator bat lortzeko, zintzo ta sendo jokatzen ari* da.

Nire zeregin guztien artean, Maisu Ikastetxean direnei Erlijioaren Didaktika irakasten deutset, galizieraz irakatsi ere, bidezkoa danez. Irakasleei hauxe adierazten deutset: "Ezin leitekela pedagogia eraginkorra izan, ezta kristau inkarnaziorik euki ere, herriaren hizkuntza ta kultura haintzakotzat hartu ezik.

— Galizia eta galiziar hizkuntzaren etorkizuna zelan ikusten dozu?

— Ondo oinarrituta dagoen optimismo sakonaz. Abiadura edo mugimendu hau mundu guztikoa da, eta ez herritxo batena edo besterena. Abiadura hori geldi erazi nahi izatea, kondairaren aurka jokatzea lizateke, eta baita izpiritu ta kulturaren kontrako genozidiorik haundiena ere, Kontzilioak dinoanez.

GADU