ANAITASUNA

Año II — Núm. 20

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Febrero 1955


Ezkontzea dala-ta

Obispo Jaunak eraginda, oraintsu —urtarrillaren azkenengo amabostan— idigi da Bilbon erlegiñozko eskola aparteko bat. Gura daben gazte guztiak, lortu leikee eskola orretan kristiñau ezkontzarako prestaera egokia. Orixe da eskola orren asmoa: atondu bear dan legez kristiñau ezkongeiak, preparaziñorik onenagaz matrimonio santura joan daitezan.

Barri onek asko poztu bear gindukez guztiok, ikastaro orrek gure kristiñau bizitzako utsune aundi bat beteko dau-ta.

Asko aurreratu garealako-edo, gure egunotan preparaziñoa bear da edozein bizibiderako. Karrera bat eukiteko naiz langille leberra izateko; etxea ondo eroateko naiz ondasunak ugarituteko; pelotari naiz futbolari ona izateko, preparaziño egokia euki bear dogu, gure asmoetan uts egin gura ez badogu.

Eta ezkonduteko, preparaziñorik ez ete da bear izango? Ezkontza on bat egitea, gauza erreza ete da? Matrimonioan ondo biziteko eta senar-emazteen obligaziñoak bear dan legez betetako, persona biren itsumustuko alkartasuna naikoa ete da?

Zetan esan-bere ez, gauza aundia da benetan kristiñau matrimonioa; eta orretarako Jainkoaren deia entzun daben guztiak, atondu bear leukee aurretiaz euren burua.

Eta preparaziño ori iñoizko bate bearrekoa bada, iñoiz-bere ez orai baiño geiago. Izan-bere, gaurko egunean asko dira kristiñau matrimonioaren arerioak. Kristiñau zintzoa eurak-bere sarritan aztu egiten dira, matrimonioa sakramentu bat dala; arimen batasuna barik, gorputzen alkartasunak gitxi balio dabela; alkarren arteko naibageak, atsegiñak baiño geiago izaten direala; eta Jainkoaren aginduen kontra joateko, matrimonioak ez deutsela eskubideri emoten.

Zoritxarrez, guzurra ta okerra zabal zabal dabiltz arlo onetan. Baserrietaraiño-bere eldu da gatxa. Eta gu, onen aurrean, besoak batuta egongo ete gara? Itxi egingo deutsegu arerioeri, gure familiak indargatu ta usteldu daitezan? Ez orixe!

Orregaitik, gauza guztiz ona egin dabe Bilboko eleizgizon jakitunak, eskola ori idigiaz. Zorionekoak, Bilboko ta inguruetako ezkongeiak, eskola orretara joan leitekezanak! Uxala Bizkaiko parroquia guztietan beste orrenbeste egingo balitz!

Bien bitartean, eskatu deiogun Jainkoari, euskal familiak zaindu daizala; senar-emazteak, euren obligaziñoak betetan, azkortu daitezala; ezkongei gazteak, kristiñau fedez eta espirituz beterik matrimonio santura joan daitezala.


Esaidazu!

Nor izan zan Santa Ageda?

Ageda, Sizilian —Kataniako errian— jaio zan irugarren gizaldian. Sizilia, Italiako isla aundi bat da. Agedaren gurasoak, aberatsak eta aundikiak zirean.

Sasoi atan, pagano asko egoan oraindiño Sizilian. Bertako gobernadorea ez zan kristiñaua, eta Agedagaz ezkondu gura izan eban. Dana izan zan alperrik, Agedak bere birgiñatasuna Jainkoari eskiñita eukon-da.

Gaztearen ezetza jakin ebanean, gobernadoreak Ageda kartzelan sartzeko agindu eban, kristiñaua zalako atxakiaz. Ikaragarrizko tormentuak sufridu eraginda gero, azkenean bularrak kendu eutsoezan. Gau atan, San Pedro agertu Jakon, eta guztiz osatuta itxi eban.

Urrengo egunean, ostera-bere gobernadorearen aurrera eroan eben. Agedak barriz, guztien aurrean, bildur barik autortu eban bere kristiñau erlegiñoa. Fedea ukatu eragiteko esperantzarik ez egoala-ta, punta zorrotzen eta ikatz gorien gaiñetik ibilli eragin eutsoen. Bitartean, izugarrizko lurrikara bat izan zan Kataniako errian; eta gobernadoreak, matxiñadaren baten bildurrez, kartzelan sartu eban barriro erdi ilda. Eta bertan, presondegian, egun gitxi barru il zan, zezeillaren 5'ean, 251'garren urtean.

Arrezkero millagru asko egiten asi zan; eta bein baiño geiagotan salbau eban terremotutik Kataniako erria. Bere jaia mundu guztian ospatuten da; eta suaren, tximistearen eta tenporalaren kontra erregututen deutsoe kristiñauak.


Zorioneko maitasuna [Bertsoak]

Mutillak:

Illuntzearen gerizpe baltzak

Ixiltzen ditu basoak;

Mendi-zelaiak ixilik dagoz,

Murmurka errekatxuak.

Une onetan gozaro diraust

Neure biotzeko suak

Etxe inguruan dirala oraingo

Nire maitearen pausuak.

Neskeak:

Gaurko eguna domekea zan;

Goizetik nintzan mezatan;

Arratsaldean jolas garbian

Gure erriko zelaian.

Illuntzerako etxera nator,

Garbi zaleen antzean,

Askoz obeto nagoalako

Gabera ezkero etxean.

Mutillak:

Maite bazaitut, maitatzen zaitut

Nik beti maitasun garbiz.

Sekula-bere ez naiz ni bizi

Loikerirako egarriz.

Lagunduteko gertu naukazu

Bardin gabaz eta argiz:

Ez zara txarto bizi izango

Nirekin beti bazabiz.

Neskeak:

Nire bizitzan garbitasuna

Beti izan dot gogoko;

Jaunari indarra eskatzen deutsat

Garbitasuna zaintzeko.

Maite bazaitut, maitatzen zaitut,

Garbi zale zarealako;

Eta biotzez esaten deutsut

Ez zaitudala itxiko.

Neska-Mutillak:

Abestu daigun biok batera,

Alkarturikan biotzak;

Bata-besteen maitasunean

Jarraitu daigun bakotxak.

Loraz jantziak izango doguz

Mundu onetako arantzak.

Zorioneko benetan dira

Onelangoen ezkontzak.

Balentin Enbeitak


Ba dakizu...?

Eukaristiako Sakramentua

Zuzen ala oker dago emen esaten dana?

1.—Eukaristiako Sakramentua, Mezako konsagraziñoan egiten da.

2.—Sakramentu guztien artean, Eukaristia da bikaiñena.

3.—Eukaristiako Sakramentua da bearrekoena.

4.—Jesukristok, mundu onetan bizi zanean, naibageak eta doloreak euki eikezan; orain barriz, Eukaristiako Sakramentuan, ezin leike sufrimenturik euki.

5.—Ogiagaz eta ardaoagaz izan ezik, ezin leiteke Eukaristiako Sakramentua egin.

6.—Ardao sintetikoak, balio dau Eukaristia egiteko.

7.—Bateatu barik dagoanak, komuniñoa artuarren, ez dau Jesukristo gure Jauna artzen.

8.—Komuniño on baten bitartez, pekatu benialak parkatu egiten dira, euren damua euki ezkero.

9.—San Pio Amargarrena etorriarte, ez egoan Eleizan sarri edo egunero komulgetako oiturarik.

10.—Txitean pitean pekatu arin bat egiten dabenak, ezin leike egunean egunean jaunartu.

(Erantzupenak azkenengo orrialdean)


Komuniño Santua

Eukaristiaren balioa

Newman Kardenala, protestante izan zan denporan, kargu on bat eukon bere erlegiñoko Eleizan, urtean eun milla franko kobretan zituala. Benetako erlegiñoa ondo estudiauta gero, katoliko egin zan. "Ba-dakik zer egingo doan? —esan eutsan bere lagun batek, konbertidu baiño egun batzuk lenago—. Katoliko egiten baaiz, eun milla franko galduko dituk urtean." "Ta niri zer? —erantzun eutsan Newman'ek erdi asarratuta—. Zer dozak ba eun milla franko komuniño baten aldean?"

Tomas Moro ta eguneroko komuniñoa

Kargu aundi bat eukon San Tomas Morok Ingalaterrako erregearen palazioan. Ori gorabeera, egunean egunean komulgetan zan, Jauregi guztiaren arrigarri. "Onelako gizon batek —esaten eben besteak—, ainbeste arazo ta zeregin daukon onek, ez leuke ain sarri jaunartu bear." "Aor ba! —erantzuten eutsen berak—. Alan bearrean, orrexegaitik komulgetan naiz egunero. Ainbeste eginkizunen artean, komuniñoak emoten deust aurrera egiteko adorea; Jainkoa ofedietako arriskuan nagoanean, eukaristiako Sakramentuak sendotuten nau tentaziñoari jarkiteko; eta gauza gatxen bat egin bear dodanean, komuniñoan aurkituten dot bear dodan argia ta burubidea."


Jakin ba...

Eukaristiako Sakramentua

(Itaunketak irugarren orri aldean)

1.—Zuzen.

2.—Zuzen.

3.—Oker. Bateoko Sakramentua da bearrekoena.

4.—Zuzen.

5.—Zuzen.

6.—Oker. Eukaristiako Sakramentua egiteko, benetako ardaoa —mats ardaoa— bear da.

7.—Oker. Bateatu barik dagoanak, artu artzen dau Jesukristo gure Jauna; baiña ez dau artzen Sakramentu moduan, bateatu barik Sakramentuak ezin artu leitekez-da.

8.—Zuzen.

9.—Oker. Aintxiña, kristiñau erlegiñoaren lenengo gizaldietan, sarri eta egunero komulgetan zirean kristiñauak. San Pio Amargarrenak, biztu egin eban aintxiñako oitura eder ori.

10.—Oker. Ain zuzen-bere, pekatu benialen ekandu txarra kentzeko, komuniñoa da lagunbiderik onena.

***

"Orrexetarako egin zituan Jesukristok Sakramentuak, gu kristiñauok beragaz bat egin gaitezan, batu gaitezan, alkartu gaitezan, berari inkorporatu gakiozan, arbola adarrak arboleagaz bat egiten daben antzera.

Batasunezko gure bizitza au bateo santuan asten da. Beste Sakramentuen bitartez, geitu egiten da. Eta Eukaristiako Sakramentuan azkeneraiño eltzen da.

Jesukristo berbera gure barruan artzen dogunean, bere gorputza ikututen dogunean, jainkozko janari ori jaten dogunean; orduan, bateoan asiriko gure alkartasun eta batasun ori gonbururaiño eltzen da, edo beiñik bein eldu leiteke, Eukaristiako Sakramentua orrexetarako eginda dago-ta. Orregaitik, zenbat eta obeto jaunartzen dogun, ainbat estuagoa da Jesukristogazko gure batasuna.


Kurutzegrama N.º 16