ANAITASUNA

BIZKAIA

180 zenb. 1970, • Urtarrilak 15

Apartado 17 • GALDAKANO


ANAITASUNA BIZKAIA, Amabosterokoa, 1.

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b, Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVIII-gn. urtea. 180 zenb. 1970. Urtarrilak, 15.

D. L. Bi. 1.753-1967.

Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.


Idazleen batzarra Baionan

Euskal literaturearen kondairan*, Baiona garrantzi aundiko uria izan da. Urte askotan, bertako editorialak Euskalerri osoan zabaldu diran euskal liburuak argitaratu ditue; eta idazle ospetsuak laguntasuna ta arnasea bilatu dabe, Adur ibaiak maitekiro laztantzen dauan toki beneragarri haretan.

Euskal Idazleen Alkartea, orain dirala ilabete gutxi, Baionan sortu zan; eta bere bigarren batzar nagusia Baionan bertan euki dau oraintsu.

Zer da Euskal Idazleen Alkartea? Zetarako izan da sortua? Bere izenak dinoanez, idazleen, eskritoreen alkarte bat da. Baina nortzuk dira idazleak? Alkartearen araudiak* hauxe dino: Alkartean sartzeko, benetako idazlea izan behar da; eta horretarako, gutxienez 50 artikulu aldizkarietan argitaratuak nahiz liburu bat idatzia euki behar da. Hauxe da, Alkartean sartzeko eskatzen dan lehenengo baldintza edo kondizinoa. Baina Alkartean sartu eta alferkerian egoteak ez dau balio. Idazleen artean nagitasuna sortu ez dadin, urte birik urte bira, bakoitzak egin dauan lanaren azterketea egingo da, eta bertan ikusiko da nortzuk Alkartean iraun eta nortzuk baztertuak izan behar daben.

Horretarako, egindako lana ikusiko da; eta barruan jarraitu gura dabenak, urte barruan 12 artikulu nahiz 3 entsaio edo urte biren buruan liburu bat idatzi behar izango dabe.

Baina ba dago bigarren baldintza bat; eta beronek erantzuten deutso Alkartea zetarako sortu dan itaunari.

Euskera bateratuan idatzi beharra da bigarren kondizino hau. Egia esateko, Alkarte honen sortzearen indar nagusiena, euskera bateratua zabaltzeko nahia izan da, hainbeste oztopo, hainbeste azpiko lan batasunaren kontra erabilten zirala ikusirik.

Euskerearen batasuna derrigorrezkoa dala sentitzen dogunok, euskerearen historian garrantzi aundiko memento* baten gagozala pentsatzen dogunok, alkartu egin gara. Talde bat sortu dogu, alkarren indarra ta sua euskerearen onerako batzeko eta euskal literatura kulturea goi mailetara jasoteko asmoarekin.

Baionako bigarren batzar nagusi honetan, beste gai askoren artean, euskerearen batasunari zelan indar barri bat emon aztertu zan, sei ordu t'erdiko alkarrizketa luze eta sakonean. Mugearen alde bietatik etorritako idazleak, argi ta garbi agertu zituen euren eritxiak; eta artutako erabagien ondorenak, zeuok guztiok euskal literatura berbatuaren bitartez ikusi ta biziko dozuez.

Jaunak, euskerearen batasuna martxan dago; eta munduan ez da sortu indarrik, batasun hori geldierazoko dauanik, batasuna baita gure erriaren gurari ta beharrizan aundiena.

XABIER GEREÑO


Erriz erri

Egia erriari jakin eragiten

Joseba Arrietari

(Ikusi ANAITASUNA, 177 gn. zenbakia, 5 gn. orrialdea)

Jokalari trebeenak be izaten dabez euren utsak. Eta guk izan genduan bai geurea, Aita Fidelen iletak ospatukeran: zuk hain garratz dinozun utsune hori. Baina zer dozu zuk zure baitan*, uts hori agirian hain gogorkiro aterateko, ondo baino obeto jakinik, euskerearen alde zenbateraino lanean diardugun fraileok?

Aita Fidelen iletak, tamalez, erderaz izan ziran, bai. Baina, amabost egun barru, jaieroko euskal mezea bere alde egin genduan; eta ez dakit zer jazo zan, igande* horretan inoiz baino jende gutxiago etorri zan meza horretara, iragarrita egon arren.

Baina zure artikuluan gehien bihotzeraino eldu jakuna, zuk idatzitako hauxe izan da: "Euren anaia bateri holako ordaina emoten deutsoen elizgizonakandik zer itxaron geinke?" Erantzun bat emon beharrean gagoz, gure erriak fraileok euskerea baztertuta daukagula uste izan ez daian.

Begira, Arrieta adiskide: Euskereak ez bakarrik itxaron ona, baita asko be asko artu dau fraileokandik, lehen, orain eta beti. Eta karmeldarrok ez gara atzera gelditu arlo jorratze honetan. Ingurura begiratu baino ez daukagu.

Karmelotik bertatik asita, zuk eta andereñoak eta ikastolak erraztasunak, baietzak eta laguntasunak ugari ta beti izan dozuez gugandik. Zuk ondo dakizu, oso indartsu agiri jakuzala komentu honetako euskal taldeak. Igaz larogetamar asi ziran euskeraz ikasten, eta aurten irurogetamar bat. Eta irakasleen artean erdiak, geu bertako fraileok gozuz. Iganderoko* euskal mezearen gainetik, ileroko gazte meza bat be antolatu dogu, dan-dana euskeraz. "Gaztedi" dantza taldea, bertan sortua eta bertakoa dogu. Santutxuko ikastolea be, bertan asi zan. Beste barik emon jatzue oraintxe berton gure baimena, Gabonetan gure elizan euskal abesti jai bat egiteko. Agertu zeinke, noiz eta non emon jatzuen ezezkoren bat?

Etxetik kanpora, beste hainbeste. Horra hor Zornotza. Bertako ikastetxean, astean lau egunetan euskerea emoten jake ikasi gura daben batxileratuko mutikoei. Ta gehiagoko ezer eskatu barik. Eta fraile izateko diran guztiak be, euren euskerazko eskolak daukez. Zornotzako euskal alfabetatzea be bertan egiten da, bertako laguntzeagaz.

Horra hor Markina. Komentu zati aundi bat emon da, bertan ikastola barria jarteko. Bertako fraileak atera dabe aurrera ikastola hori. Itaundu osterantzean Markinan bertan. Urteroko bertsolarien batzar ospetsu hori be, bertako fraileak antolatuta eta komentuan bertan egiten da. Bertako fraile bi egunero joaten dira Merzedarien ikastetxera, euskerea irakastera. Zornotzako "Udabarri" dantza taldearen antzera, beste talde bat dauke Markinan be. Markina aldean euskal alfabetatzea aurrera eroaten be, bertako fraileak diardue.

Hor daukagu Larrea be. Ba ote dago Bizkaian, euskerea Larrako fraileak beste zaindu eta indartu eta erabili dabenik, bai liburuakaz, bai aldizkariakaz, bai inguruetako errietan sermogintzetan? Eta hau danau Bizkaitik urten barik, Bizkaian bertan.

Zetarako jarraitu? Hau danau eta zuk ondo dakizuzan beste asko ez dozuz izan gogoan, Joseba, honako elizgizonokandik ezin leitekela ezer itxaron esan dozunean. Baina ez naiz arritzen. Arlo guztietan, puntarengoei hauxe eskatzen jake: Beti gogor diarduelako, gogor eskatu eta, utsen baten irristatzen diranean, txibitea* gainetik.

Erriari egia jakin eragiteko idatzi doguz lerro honeek, eta honela artu. Gaur ta beti adiskideak izango gozuz karmeldarrok, eta euskal arlo guztietan laguntzeko prest. Besterik ez.

BILBOKO KARMELDARRAK

Bilbo

Txilardegi

Bordeleko* Unibersidadean, lehendik egoan euskal literaturearen katedra bat, Jean Haritschelhar jaunaren zuzendaritzapean.

Orain, euskerazko katedra barri bat ipini dabe, eta bere zuzendaritzea Jose Luis Alvarez Enparanza-ri eskaini deutsoe. Honek baietza emon dau, eta datorren ilean asiko da lanean.

Alvarez jauna, euskal literaturan Txilardegi izenordeagaz goi mailara igon dauana, Bilbon ondo ezaguna da, ingeneru ikasketak gure artean egin zituan eta.

Mitxelena

Luis Mitxelena, gaurko euskal linguistarik gorengoena Salamancako Unibersidadetik Pariseko Sorbonara joan da. Linguistika irakatsiko dau.

Mitxelena jauna be guztiz ezaguna da Bilbon, itzaldiak berton emoten sarri askotan euki dogu ta.

Andoni

Lehen Anthony Songer izenarekin ezaguna zan-bilbotar abeslaria, orain Andoni izenagaz euskeraz abestuten asi da. Bere lehenengo euskerazko diskoa oraintsu argitaratu da.

"Belak" taldekoekin dabil euskeraz eta beste izkuntzetan abestuten, dantza saletan batez bere.

Deustu

Deustun, euskerea aurrera doa.

Umeentzat, ikastola bi daukaguz, 200 ikaslegaz. Gauez, nagusiak doaz euskeraz ikastera.

ANAITASUNA-ren arpidedunak, 24-tik 132-ra igon dabe, bi ilabeteren buruan.

Orain, alfabetatze kanpaina bat falta jaku, hemen bizi diran euskaldunak euskeraz idatzi ta irakurten ikasi daien.

Euskerea egunkarietan

Bizkaian 300.000 euskaldun bizi gara, baina Bilboko egunkariak* ez dabe euskeraz ezer idazten. Zegaitik?

Gure ANAITASUNA hau 100.000 suskritore eukitera elduko balitz, eguneroko aldizkari bihurtzeko aukerea izango geunke.

Ea ba, bilbotarrok, ANAITASUNA-ren alde gogor lan egiten dozuen.

XABIER GEREÑO

Zornotza

Gazteak filme bat gertatzen

Aspaldi honetan, hemengo gazte batzuek ba dabiltza filme bat gertatzen, denbora gutxi barru argitaratzeko asmoz. Euren nekeak saria izango dabela uste dogu. Gure txaloak aurretiaz eurentzat!

Iraultza Kemenen Aurka

Joan dan abenduaren 25-ean, izugarrizko futbol partidu bat izan zan Zornotzako futbol zelaian, Amorebietako Iraultza, Elorrioko Kemenen kontra. Gutxitan ikusten dana: jokalari guztiak, neskak ziran. Zornotzarrak, iru ta bat irabazi eben. Kristina Mardarasek balore aundienak agertu zituan, baina jokatzeko amorru gutxi.

Amabi Arrietatik

Zuetariko batzuek, beharbada, oraindik ez dozue jakingo goiko Amabi Arrietatik izenburuaren esangurea; eta uste dot, itz horregaz aurrera jarraitu orduko, merezigarri dala berorren oinarria zuei agertzea.

Durango eskualdeko kondairan* asko sakondu barik (horrezaz nik baino askoz obeto idatziko deutsue Lizundia jaunak "Ezagutu gure Errian"-n) laburpen baten bidez azalduko deutsuet.

Gure eskualdean*, beste eskualde batzuetan legez, erriko gizonak euren batzarrak egiten zituen, euren arteko artuemonak eta gora-beherak erarik onenean erabagiteko. Batzar horreek, gure eskualdean, Gerediagako San Salbadoren ermita aurrean egiten ziran, bertan egozan eta orain bere han dagozan amabi arrien inguruan: arri bat eskualdeko ordezkari bakotxeko.

Eskualde hau osotzen daben erriak, honeexek dira: Ermua, Mallabia, Zaldibar, Berriz, Garai, Igorreta, Durango, Izurtza, Mañaria, Otxandiano, Atxondo (Apatamonasterio Axpe ta Arrazola) eta Elorrio.

Gaur egunean, Gerediaga Alkarteak oinarri berberagaz jarraitzen dau, eskualde giro bat sortu guran. Alkarte honen eskuduak berak bere, amabi arri ditu, zuhaitz* baten inguruan.

Horixe de Amabi Arrietatik izenburuaren arrazoia.

***

Gerediaga Alkarteak itaunketa bat bidaldu deusku bazkide guztiei. Oso interesgarria inkesta hau, eskualdearen onerako da ta.

Beragaz batera, Gabon inguruko batzar nagusirako deia eldu jaku. Batzar hau Astolako auzitegian izango da, urtarrilaren* 18-an, goizeko amaiketan.

Berriz-Zaldibar

Joan dan abenduan, Berriz eta Zaldibarren, jaialdi batzuek egin ziran, beharrizanean aurkitzen diranentzat: abeslariak, txistulariak, idi probak, eta abar. Jendeak ondo erantzun eban.

Durango

Neguko otzak agertzen asten jakuzanean, Euskalerriko pelota tokietan dabiltzan pelotariak, euren tresnak artuta, mundu guztian zehar joaten jakuz, dirua irabaztera. Honeetariko batzuek, Ipar Amerikako pelota tokietara joan aurretik, partidu bat jokatu eben Durangon, bertoko "Gaixoen aldeko Alkartea"-rentzat dirua batzeko. Pelotari honeen artean, Urtain ospetsuaren anaia batek jokatu eban.

Abenduaren 7-an, Astarloa zinetokian, Zortzikoteen IV Txapelketearen bigarren ekitaldia egin zan. Lehenengoa Tolosan izan zan. Berton lau zortzikote agertu jakuzan: Danok Bat, Portugaletekoa, Nora, Sangotzakoa, Zortzi Lagunak, Zaragozakoa, eta Astarloa, Durangokoa. Ekitaldi bion ondoren, bost zortzikote gelditu ziran azken saiorako. Berau Mondragoen egin zan, ilaren 14-an. Gure erriko Astarloa zortzikotea laugarren gelditu zan, Danok Bat, Ertizka ta Karnaba-ren atzetik. Txapelketa hau, Mondragoeko "Danok" euskal jakintza taldeak antolatu eban, Gipuzkoako Aurrezki Kutxearen laguntasunagaz.

JOAN ANTONIO AROMA

Txorierri

Azaroaren* 30-ean, eta Abadegai Etxean (Seminarioan), Gaztediaren Eguna ospatu genduan Txorierriko 160 gaztek. Larrabetzu, Lezama, Zamudio, Derio, Larrondo, Sondika, Loju ta Goierriko errietatik batu ginan. Eguraldiak lagundu ezarren, erantzuna ez zan hain txarra izan.

Elburua*, alkar ezagutzea zan. Erri guztietako gazte taldeak, lehenengoz batuta, alkartasun azia erein. Taldeak ezagutu: zelan sortu ziran, ea jarraitzen daben, ta aurrerantzerako ze asmo dituen. Ta danen gainetik, ea ze egin geinken Txorierriko lautadan*.

Erri bakoitzetik bi joaten ginan batzarretara, jai hau antolatzerakoan. Eta eskerrak emon beharra dago erriz erri ibili diran abadegai batzuei, egun hau arduraz atondu nahiez.

Kanpoan edurra ta otza egoan. Baina jai ostean, zeredozer enigaren poza izango genduan. Meza gaztetsu bat izan genduan, kitarra ta organuarekin lagundua: "Kanta dezagun danok", "Iltzaile bat bezala", "Gazte gera gazte"... Txorierriko gazteok inoiz ez dogu honako mezarik izan.

Gero, euskal abestiak, bi izkuntzatan presentatuak eta kontu aundiagaz landuak. Iru zati berezi eukazan saio honek: bat, erri bakoitzeko zerikusiak; bi, barregarri batzuek; eta iru, inbitaduak: Txomin Bengoa, Natxo, Maria Angeles galdakanotarra, Juanjo, Karmele Basterretxea, ta abar.

Gerokoa zan parterik gogor ta astunena, nahiz eta beharrezkoena: alkarrizketea. Gaiak: zelan doan zuen taldea, ze asmo daukazuen, zer egin geinken Txorierrin. Garrantzi aundiko gauzak sortu ziran, ta ikusiko dogu zelan ekintzara eroan geinkezan: Gabonetarako ekintza bat, ikastolak, alfabetatzea, personearen arazo bereziak, gizarte eskola bat, eta abar; oraintsuko abade karguak, eta guk aukeratze horretan parterik ez artzea.

Derioko abadegaiak ekintzetan parte artzeko asmoa agertu eben, ta orainarte egindako apurragaitik parka eskatu eben.

Txorierrin lore bat sortu da. Orain, aunditzen lagundu behar deutsagu, "kemena ta indarra" izan daizan.

ELAIA


El otro árbol de Guernica

 Luis Castresanak izen bardinarekin publikaturiko nobelatik jasotako pelikulea. Ikusi dogunez, pelikula honek ba dauka bere zirrarea. Pelikulan ikusten da, gerrartean zelan umeak, batezbere euskaldunak, Belgicara eroan ebezan, han gerrea amaitu arte egon ondoren, euren etxeetara gero bihurtzeko.

Sentimentalismo koipetsuzko giro batean eginda dago, erbesteratzeak dakarren erriminez gainezka. Gudua bera ez da analizatzen, ezta jendeak gudu horreri buruz zer uste dauan be. Bakar bakarrik gauza bat: mina ta samina non nahi. Esaterako, euretariko baten aita gerran il dala umeei esaten jakenean, danak batean negarrari emoten deutsoe; baina ez da bapere azaltzen, zeintzuen alde jokatu eban, ta are* gutxiago zegaitik joan zan gerrara.

Pelikulearen titulua zeretik dator: umeak, euria nahiz eguzkia zanean, arbolape batean egoten ziran, ta hareetariko arbola bateri "Gernikako Arbola" deitu eutsoen.

Gerra bukatzeak* umeentzat poz aundia dakar. Jendea etxeratzen da. Bakea egin da.

Zinetokitik ateratzerakoan, Oilarganeko langileen oinazearekin eta Bilboko familietan, gazteak falta diralako, gurasoak daroen gurutzearekin akordatu nintzan. Izan bere, kanpoan otz egoan.

ANDONI


Mundu biribila

Gazteiztik Gogaetak

"Eliz-ondoan" izenagaz orri bat atera da Gazteizen, eliz-barrutiko Euskal Kristinau Batzordeak* egina. Batzorde honen elburua*, Araba osoko euskaldun familia euskerearen bidez aurrera eroatea da. Talde hau, abade, fraile ta laikuak osotzen dabe.

Gaur euskeraz egiten diran agiriko batzarretatik ia ia batzar bakarra, elizetan egiten dan liturgiazko batzarra da. Zoritxarrez, erriaren aurrean ez da beste saiorik euskeraz egiten, antzerki lan batzuek eta bertsolari ta abeslarien agerketa urri batzuek kendu ezkero. Horregaitik, elizetan egiten diran liturgiazko batzarrak euskerea zabaltzeko garrantzi aundikoak jakuz, euskeraz egiten diranean behintzat.

Euskerazko liturgian utsune ikaragarria egoan Araban. Utsune hau betetzeko, eliz-batzorde hau eratu da aurten Gazteizen. Orain, Gazteizen, lau meza doguz jaiero. Euretariko bat gazteen meza da, euskeraz eta erderaz larunbatero* egina. Laster beste meza bat antolatuko dabe beneditanoak Estibalizen; meza hau bere, euskeraz eta erderaz egingo da.

Arabako beste errietan, giroa motelago dago, egon bere. Aramaion eta Olaetan polito doaz, bidea luzea izanarren; baina beste leku guztietan, guztiz txarto. Zegaitik? Abadeen aingerukeriagaitik batez bere. Aingerukeria hori Gazteizko abadegaitegian ondo baino obeto irakatsi dan gaia izan dala esan behar dogu. Aingerukeria horrek ondatu egingo gaitu. Adibidez, hor dozue Legutiano* inguruko egoerea, geure kezka aundiena gaur. Indarkeria ta nagikeriaz, aingerukeriaz (itz bategaz esateko) oso gaixotua dago euskerea eskualde* horretan; euskeraz gutxi mintzatzen* da, ia ezer bere ez.

Alde batetik, Araban euskera batua sartzea gauzarik errazana* jaku, bertoko euskerea ia ilda dagoalako. Gazteizen euskeraz berba egiten daben familiak, 2.000 baino gehiago dira. Gehienak Debako errekarrotik*, bizkaieraz egiten dan Gipuzkoatik etorriak dira. Araba ta Bizkaiko euskerea gauza bardina da, funtsean* eta itxuran. Horrexegaitik batez bere, askoz atseginago jaku ANAITASUNA beste edozein euskal aldizkari baino. Gazteizera etorri diran gipuzkoarrak ez dira konturatzen, euren izkuntzea bizkaierea dala; horixe da koskarik gogorrena. Baina ba dakie euskaldunak dirana, ta hauxe da behinena* ta oberena. Gazteizera etorritako euskaldunak eta euren seme-alabak, orain arabarrak dira, ta eurei eskerrak biziko da euskerea Araban.

Euskerazko ikastaroa, umeentzat egunez eta gazteentzat gauez, aurrera doa. Alfabetatze ikastaldiak bere asi dira. Gauza honeen garrantzia benetako neurrian artu behar da; erri giroa ia igartuta eukan erri baten neurrian, alegia*.

ARABARRA


Mundu biribila

Ez dok amairu, ez eta ez

Ba ote dago erririk, "Ez dok Amairu" ezagutzen ez dauanik? Horixe ez! "Ez dok Amairu" Euskalerri guztian ezagutzen da, bera izan dalako, gure artean, euskal kutsua* sartzen saiatu dana, gaurko abesti ta musika barriak geureganatzen ahalegindu dana. Danon gogotan dagoz Lurdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Laboa, Lekuona ta besteok. Gure txaloak benetan, gaurkotasunez eta baita sakontasunez be jantzita dagoan euskal kantarien familia barri horreri.

Baina familia guztietan bere, zerbait egoten da tamalgarri eta txalotzeko aina ez dana. Eta horixe berori jazoten da "Ez dok Amairu" euskal kantari taldearekin. Aspaldi batetik gentozan entzuten, "Ez dok Amairu", euskal abeslari talde onena izan arren, ez egoala Erriari egoki erantzuten, bere jokabidea diruari kondizionatuta etorrelako. Baina hori entzun arren, gor egiten genduzan gure belarriak.

Erriak arrazoia dauka, eta guk ez dogu aurrerapenik aterako, gorrarena eginda.

Azkenengo barriak dinoskue, "Ez dok Amairu"-k ehuneko irurogei (60%) eskatzen deutsela, euskal ikastolen laguntzarako jaialdien antolatzaileei.

Gauza honeen aurrean, legezkoak dira itaun honeek:

Dantza tokietan ta osterantzeko jaialdietan ehuneko irurogetabost eskatzea, bidezkoa da. Baina zuzena ote da, ikastolen laguntzarako nahiz Erriaren laguntzarako egiten dan jaialdi baten, ehuneko irurogei kentzea?

Behar beharrezkoa ote da, "Ez dok Amairu"-k aktuatzen dauanean, beste inok ez aktuatzea? Horrexeri bai ez neukela nik erantzuten jakingo, nahiz eta behin holako eskabideak niri iguin emon!

Gauza guztiok danon artean pentsatzeko dira, eta alkartasunez soluzino bide baten bila eroan behar gaitue. Baina gauza bat dago argi: Erriak ez dauala nahi, informazino ta turismoko talde bat lez, diru trukez eksibizino eder bat egiten dauan euskal kantari talderik. Erri sentitzen dan taldea nahi dau; eta ona bada, mila bider obeto. Ta Erri sentitzeak, bere konpromisutxoak daukaz; ez bakarrik euskerea sartzen dan arloan, baita diru arloan bere, eta gehiago oraindino euskerea, Erritasuna ta dirua alkartuta agertzen diranean.

IMANOL BADIOLA


Mundu biribila

Grecia, Europako kontseilutik kanpora

Giza-eskubide zale guztientzat, barri on bat izan da kanporatze hau. Bildur ginan, nazino arteko ohiturazko hipokrisia barriro be garaile izango ote zan. Uste genduan, Grezia menperatzailearen aurka ez zala ezer egingo. Baina, zorionez, ez da honelan izan aldi honetan.

Hain zuzen bere, Europako Kontseilua giza-eskubideak jaurri* eta zaintzeko sortu zan, 1949 gn. urtean. Europa guztia ikaratuta egoan Hitlerek egindako gaiztakerietaz. Beste horrelako tiraniarik ezelan bere agertu ez eiten, alkartu egin ziran Europako Estadu demokratak.

Euren lehenengo urratsa*, Erroman giza-eskubideen Kartea eratzea izan zan, 1950-ko abenduan. Lehenengo sortzaileetako bat Grezia izan zan.

Urte batzuekarrenean, Grezian bertan aldeketa aundiak gertatu ziran, guztiok dakigunez. Egoera barri honen aurrean, zelan izan leiteke Estadu zapaltzaile batek Europako Kontseiluan irautea? Halan bere, horrelako gauzak eta baita aundiakoak bere ikusiak ditugu ta, Kontseilua tutik esan barik gelditzea ez jakun bapere estrainagarri izango.

Frantziak batez bere, ez eban Greziako gobernuaren kontra ezer egin. Azkenean, isiltasun hau nabarmena zala oharturik*, Europako ministroen Biltzarrak zeredozer egin behar zala ikusi eban. Amazortzi Estaduetatik amaikak, Grezia kanpora botatzeko boza* emon eben. Pipinelis ministroak, muturrekoa artu baino lehen, Kontseilutik kanpora urten eban bere kabuz.

Aspalditik lehenengo aldiz, joko garbia egin da Europako Alkartean. Exenplo ona izan da. Beti honelan izan baldin balitz!

KARLOS SANTAMARIA


Eliza Gaurko Munduan

"Antibiotikuak"

Izen batek, kako tartean datorrenean, bere esangurea ez dau berezkoa; beste zerbait esan nahi dauala adierazoten deusku "Antibiotiku" itzarekin be, horixe berori gertatzen jaku. Hain zuzen bere, Gotzain eta Kardenal zaharren laguntzaileei emoten deutsee batzuek izen hori. Espainian batez bere oso ugariak dira horrelakoak. Noiznahi irakurten eta entzuten dogu, halako bat "obispo auxiliar" izentatu dabela.

Zegaitik "antibiotiku" izen hori? Ez ote da, urrean*, antiklerikalkeria baten seinale? Atsegin edo ez, ote horreri begiratu barik, izen horrek zer esan gura dauan bistan dago: gotzain batzuek, zahartu diranean bere, inoren artzain izateko gai ez diranean bere, gidari, zuzendari ta agintari izaten jarraitu gura dabela, alegia*. Ezinaren truke ordezkoak, "antibiotikuak" ipinten deutseez. Il ez daitezan. Eta horrela, azkeneraino, gotzain eta artzain iraun* daikee.

Elizako gauzetaz eta Elizako gizonetaz ez dago karikaturarik egiterik! Kontuz, sakrilegiorik egin barik gero! Baina, zoritxarrez, ez dago karikaturarik. Egia arrunta* eta soila*. Mingotsa.

Mito itxurazko "antibiotiku" anitz* ditugu gure kristinau errian. Adibidez, eta beste bakar bat aipatzearren, hauxe dakartsuet: Euskalerriko eliza batzuetan, otoitzak, oharrak*, itzaldiak, irakurgaiak, dana erderaz eginarren, halan eta guztiz be, gauza andi bat bezala, eta noizbehinka, abesti batzuek euskeraz egin ohi dira. Abesti horreek, il urren dagoan euskal Elizearen "antibiotikuak" dira. Ezaguna jaku horrelako elizgizonen pentsakerea: obe da zerbait, utsa baino. Baina ez ote dago errazegi* erantzunda? Ba leiteke obe izatea; baina okerrago izatea bere, oso posible da. Mezarik gehienak euskeraz diranean, eta atzerritarrei zor deutsegun begirunez erderazkoren bat ipinten dogunean, orduan abestiak euskeraz sartzea, oso egoki da. Baina, guztia erderaz egiten danean, eta euskeraz bere zerbait egiten dalakoaren atxakiaz, besteak iruzurtu* nahi baditugu, oker gabiltz. Inok onartu ezin leiken amore-emote itsusi bat baino ez litzake hori.

Itxi daigun hori, eta jarraitu deiogun asierako ariari.

Zetarako "obispo auxiliarrak"? Bere buruaren jabe ez dan baten laguntzaile izateko? Norbait, gotzain egitean, oso osoan da gotzain; edo ez da gotzain. Eta norbaiten "auxiliar" edo laguntzaile izatekotan, Erriaren laguntzaile behar leuke izan, eta ez bere kargua itxiteko kemenik ez dauan gizon baten laguntzaile. Gotzainak ez dira gotzain beste gotzainentzat, Erriarentzat baino.

Eta "gotzain laguntzaile" bat egiterakoan, ez daiela egia ez dan arrazoirik emon. Konkordatu txar batekin ez austeagaitik, eta berak ixten dauan tranpa bat erabiliaz, "gotzain laguntzailez" beteko deuskue Elizea. Hori, alde batetik, guzurrezko bidea da; eta bestetik, kobardekeria lotsagarria. Auxiliarrak egiteko Estaduaren oztoporik ez izatea ez da nahikoa, gero danak Estadu-Buruari zin* egin beharrean baldin badagoz. Itxurazko askatasuna, itxurea baino besterik ez da azkenean.

Gauzak dagozan bezala, itxaropen bakarra gelditzen jaku. Itxaropen tristea! Arnasa artzen dogu, gizon (emakumezkorik sekula bere ez) baliotsuakaz inguratzen dakian gotzain bat datorkigunean. Horrela, mila "eminencia gris" sartzen dira agintariaren burpiletan*. Horrela, Erriari atsegin izatea baino gehiago begiratzen da gotzainari atsegin izatea. Badaezpadan bere! Gauza andia gero, gotzainaren "representante oficial" izatea, konponketa batean!

Garai batean asko diskutitzen zan gotzaingoak zer erasten* ote eutson abadegintzeari. Hori gutxi bailitzan, orain klasifikazino barri bat erantsi* deuskue bien artean. Zetarako? Zegaitik?

Ez jaunak, ez. Ez, horrelako konponketarik. Itxi betiko diplomaziaren tximurkeriak. Gaur alergikuak gaituzue "antibiotikuei".

MARKOX AMUNDARAIN


Eliza Gaurko Munduan

Mezearen egitura barria euskera batuan

Esan behar dot, lehenengo ta behin, ez natorrela inoren aurka edo inori kontuak eskatzera; are* gutxiago, inor sumintzeko edo eztabaida bihurri bat sortzeko asmoz, nire eritxia adierazotera baino.

Ondo egin dana guztiz onarturik, aipatu daiguzan, horregaitino, zenbait* gauza. Lehenengo, egin dana; eta gero, egin ez dana.

Egin dana

1. Joskerea. Itzak esakune batean alkarrekin antolatze eta egokitzeari deitzen deutsagu joskera edo sintaxi. Ez da, ezelan bere, lanik errazena* eta bai garrantzizkoenetarikoa. Puntu honetan leialki jokatu dabela argiro ikusten da.

2. Neurria. Puntu honetan bere, buruausterik asko erabili dabela esango neuke; eta itzak arras* bardinak artzea ezinezko dala uste izan dabenean, gutxienez neurri bardineko berbak artu ditue. Adibidez, eman (gipuzkeraz), emon (bizkaieraz); erreinua (hemengoak), erresuma (mugaz handikoak), eta abar.

3. Zenbait esakera. Adibidez, lehen iru forma zituan "Dominus vobiscum" dalakoak: Jauna zuekaz - Eta zure espirituagaz (Bizkaikoak), Jauna zuekin - Eta zure espirituarekin (Gipuzkoa ta Nafarroakoak), Jauna zuen baitan - Eta zure izpirituan (beste aldekoak). Auzi hau bere, nire ustez, ondo ebatzi dabe.

Egin ez dana

1. Ortografia. Orain urtebete eta gehiago Euskaltzaindiak Arantzazuko batzarraldian arturiko erabagiak ez dira, ezelan bere, kontuan euki "Meza Santua"-n. Arantzazun, ikutu batzuek egin jakozan ortografiari, ikutu zehatzak noski*, eta mila "koska" bardinduaz, batasun bidera jatorki eroaten gaituenak. Bestalde, gaur egun, edonok, dala alfabetatze taldeko, dala andereño, dala idazle, nahiko ezagun ditu arau* horreek. Halan be, baño, baña, egiña, egille, oñaze, salbatzalle, eta abar, horrelantxe idatzirik aurkitzen ditugu itz horreek "Meza Santua"-n. Gainera, H-aren arazoa aparte ixten dogularik. Ez dabe H bat bere sartu, ezaugarritzat edo azitarako gutxienez. Bildurrez-edo, landarea erne eta frutua emongo ote dauan! Adibidez, "Aita gurea"-n, txori txikiak dinoenez, lehenengotan gogoa itza sartu eben, nahia itza ez sartzearren, nahia berez H-dun itza baita*. Orain, bigarren aldian ezarri dabe berba hori, baina naia, aholantxe, H barik idatzita. Beraz*, itz honek zenbat silaba dituan galdetu beharko litzake: bi ala iru? Bakoitzak nahi dauan beste, izan leiteke erantzuna.

2. Zenbait* itzen forma. Ez dogu ikusten ze kriterio euki daben puntu honetan bere. Adibidez:

a) Pakea, pekatua... horrelantxe idatzirik aurkitzen ditugu "Meza Santua"-n. Antzina guztian, euskal idazlerik gehientsuenak bakea eta bekatua idatzi izan ohi dabe; eta gaur egun oraindino, erriak holantxe esaten dau, Gipuzkoan ezik, euskal eremu osoan.

b) "Profeten agoz..." Ago itza ezarri dabela ikusten dogu Kredoan. Ago itzak ba ditu beste forma batzuek bere: ago, ao, au, abo, aho... Jatorrago ote da ago; eta, hain zuzen bere, berau alkarbiderik egokiena batasunerako?

c) Eta zegaitik, aurrera jarraituaz, bidaldu eta ez bidali, ixuri eta ez isuri, bildur eta ez beldur, alkar eta ez elkar? Ez dot ikusten zegaitik.

3. Deklinabidea. Izenaren jokoari buruz ari* naiz. Ikasleai, guztiakin, apostoluai... aurkitzen ditugu, nire eritxi apalean, ikasleei, guztiei, apostoluei esan beharrean.

4. Aditza. Ba dakigu aditzaren* arazoa koska gaiztoa dala euskaldunontzat batasun bidean. Halan ta guztiz bere, aditzaren zenbait* forma onartuta dagoz aspaldidanik gure artean; eta irakurleentzat bere, guztiz ezagunak dira forma horreek gaur egun. Zegaitik "Meza Santua"-n det, dezu, degu, eta abar, dut, duzu dugu-ren ordez? Det, Gipuzkoan bakarrik erabilten da; eta ez Gipuzkoa osoan bere, Debako errekarroan* dot erabilten baita*, eta dut, barriz, Bidasoaz hemendiko erri multzo baten. Ez dot ikusten zegaitik emon dan atzera-pausu hori. Atzera dinot, abagadune* honetan aurrerantz ez egiteari atzerantz joatea deritxat eta.

Zorionak, egin dozuenagaitik; baina txalorik ez, egin ez dozuenagaitik.

F. SETIEN JAXINTO


Jakin eta Ekin

Gure arpidedunak, 1969 amaitu danean

Urtea amaitzera doanean, ohiturea da balantzea egitea. Horixe egiten dabe fabrikak eta dendak, alkarte deportibu ta kulturalak.

Guk, joan dan urtea amaitzerakoan, holakoren bat egin dogu.

Zelan dago gaur ANAITASUNA?

Auzi honetan, iru alderdi aztertu beharko litzakez: argitaratzen doguzan idazlanen kalidadea, diru kontuak eta arpidedunak.

Lehenengo biak horretarako gai diranei itxita, nik orain irugarrenari ikutu bat egingo deutsat.

Dakizuenez, ilabete batzuetan isilik egonda gero, gure aldizkaria barriro lanean asi zan, lehenengo alea irailaren* 15-ean argitaratuaz.

Azaroaren* 30-ean artu neban fitxeroa eta zenbat arpidedun dagozan ikusi. Honeexek izan dira:

Araban 30

Gipuzkoan 371

Nafarroan 23

Ipar Euskalerrian 10

Bizkaian 3.004

Danetara 3.531

Orain amar aste, hau da, irailaren 15-ean, 2.020 arpidedun ziran. Honek esan nahi dau, 10 astean 1.511-ko gorakadea euki dogula.

Ikusi daigun orain, Bizkaiko arpidedunak zelan bananduten diran:

Arbazegi 17

Arakaldo 1

Areatza (Billaro) 11

Armintza 1

Arantzazu 13

Abadino 34

Aiangiz 3

Algorta 56

Amoroto 8

Apatamonasterio 5

Arteaga 8

Arrankudiaga 8

Arrazola 2

Arratzua 5

Arrieta 3

Arrigorriaga 7

Bakio 7

Barakaldo 17

Barinaga 2

Basauri 19

Bedia 4

Berango 4

Bermeo 214

Berriatua 10

Berriz 56

Bilbo 717

Bolibar 19

Busturia 32

Derio 19

Dima 34

Durango 184

Ea 10

Elorrio 27

Ereño 5

Ermua 27

Errigoitia 12

Etxebarri 3

Euba 12

 Fika 2

Forua 14

Fruniz 6

Galdakano 132

Garai 1

Gatika 3

Gaztelu-Elexabeitia 30

Gernika 129

Gizaburuaga 7

Gordexola 1

Gueñiz 1

Ibarruri 15

Igorre 38

Igorreta 21

Izpazter 13

Izurtza 2

Kanala 1

Kortezubi 4

Larrabetzua 5

 Laukariz 1

Larrauri 2

Laukiniz 3

Lekeitio 115

Lejona 12

Lemona 15

Lemoniz 1

Lezama 12

Mallabia 18

Markina 78

Mañaria 5

Maruri 5

Mendata 6

Mendexa 12

Meñaka 7

Morga 5

Mundaka 31

Mungia 73

Murelaga 11

Murueta 3

Muxika 38

Natxitua 3

Ondarreta (Las Arenas) 23

Ondarroa 202

Orduña 1

Orozko 1

Otxandiano 16

Portugalete 7

 Santurtze 3

Sestao 8

Sodupe 2

Sondika 10

Sopelana 8

Sopuerta 1

Sukarrieta 3

Ugao (Miravalles) 7

Urduliz 8

 Zamudio 9

Zaldibar 33

Zaratamo 7

Zeberio 12

Zeanuri 29

Zollo 4

Zugaztieta 1

Gure elburua* izan behar da, euskaldun familia bakoitzak ANAITASUNA artzea. Gure jomugea*, 100.000 arpidedun ta gehiago lortzea; baina horretarako zure laguntzea behar dogu. Zelan lagundu? Hara:

ANAITASUNA irakurrita gero, ez eizu apurtu. Artu eizu, ta zoaz zure lagunen bategana. Erakutsi eiozu, ta arpidedundu daitela eskatu. Artu eizuz haren izen-abizenak eta zuzenbidea, eta bidaldu eiguzuz.

Baina benetako lan aundia egin gura badozu, eskatu ANAITASUNA-ra propagandako orriak eta ale atzeratuak, eta joan zaitez etxerik etxe arpidedun bila.

Lortu daigun, danon artean, euskal aldizkari aundi ta indartsu bat. Euskereak gaur ezer behar badau, irakurleak eta ikastolak behar ditu.

Ekin gogor, ba, ANAITASUNA-ren alde.

XABIER GEREÑO


Jakin eta Ekin

Pentsalaria eta euskera bateratua

Benetan uste dot bai, oso irristakorra* dala, gaurko aukeratu dodan idazlan hau. Isilik egon, eta uts egiteko arriskurik ez; zerbait idatzi, eta norbaitzuei gustatu ez edo min emon leiken lana. Baina, arrisku guztiekin bere, egitea, idaztea erabagi dot. Ez inori min emoteko asmoarekin. Aurreregi joan leitekezanak eta atzeregi doazanak alkarrengana urbiltzeko* bultzadatxo bat emon nahian baino.

Euskalerrian pentsalari gutxi ta banatuak ditugu, hain euskal parlante gutxirentzako. Zoritxarrez, pentsalari honeetarik pentsalariena eta langileena, betirako aldendu barri dogu gure artetik. Berau zan, euskera bateratuaren beharrizana erriari ondoen planteatu eutsona. Orain bildur naiz, pentsalari honen izenean, batzuek aurreregi eta besteak geldiegi geratuko ote diran. Nire eritxian, berau zan olatu aserreak baretuten ekiana. Bere pentsakera sakon eta, batez bere bere apaltasun eta euskal langile ereduagaitik. Berau zan zahar eta gazte, ezker eta eskoialdekoekin itzalik gehien ebana. Hori garbi azaldu zan, euskal mota guztietakoak berari egin eutsoen azken agurrean. Egia esan, gizon honek bere pentsakerea eukiarren bere, bere ardurarik andiena ez zan "zelan esan", "zer esan" baino. Gaur pentsa daigun, berak alkartzea eskatzen deuskula; ta seguru nago, gure artean balitz, gertu izango litzakela, bere pentsakereari zerbait kenduaz, besteenarekin osotuteko.

Guztiok sentitzen al dogu euskera bateratuaren beharrizana? Alde batera nahiz bestera, batasuna guztiok nahi dogula esango neuke. Guztiok gura dogu euskera erraza* eta gauzak erabilteko gai dana. Baina nongo euskalkia? Bakoitzak norbereari eusten badeutsagu, lehengotan gelditzen gara. Eta hau eskatzen dogularik, ezin geinke batasunik aipatu. Batasuna baztertzea ta kondenatzea litzake hori.

Euskalki hau nahiz bestea dala gehien itz egiten dana, ta guztiok berori onartu behar dogula? Arrazoi horretan ezin geintekez oinarritu, geurea ez dan izkuntzan, ots*, erderan gehienok itz egiten dogunez. Bestalde, inok inorengana makurtu behar badau, zuzenago litzake nonbait, euskalki aberats edo gehien itz egiten dan horrek besteenari amore emotea. Asko ahal dauanak, asko emon leike; gutxi dauanari, dana ezin kendu.

Euskal lurraren erdiko izkuntzea aukeratu beharrean, bekokiaren erdikoa aukeratzea litzake bidezkoa. Egia da, euskerea erri xeheak erabili ohi dauala eta ez jende ikasiak. Hori horrela dalarik bere, ez-ikasiak erabilten dogun euskerea, ez da gai ikasiak erabilteko; eta ikasiak ez badabe euskerea erabili behar, gureak egin dau. Horrexegaitik dinot, edozetarako gai dan euskerea behar dogula. Euskaltzaindikoak, ots*, horretarako teknikuak jarri deuskuezan normak onartu ta jarraitzeari beharrezkoa deritxat.

Honekin ez dot esan gura, gaurtik, guztiok euskera batuan idatzi behar dogunik; baina bai, gure bekokian leku emonaz, batasun biderantz jo behar dogula. Ez, dana batera; baina bai, epe laburrera. Horretarako, lehenengo ta behin, idazlea bera konbentzidu behar da, gero irakurleak mentalizatu daizan. Lehendik euskeran, norbere euskalkian, idatzi dabenei, neketsu izango jake beharbada idazkera barrian edo bateratuan idaztea. Honeen artean egon leitekez, irakurle sail onak dituenak; eta batez bere honeexek dira, batasunaren mentalizatze lana arduratsuen egin behar leukeenak.

Nire oraingo idazkereak akats asko izango ditu; euskera batuan egin ezkero, gehiago oraindik; eta "h" sarturik, zer esanik bere ez. Baina halan bere, ni zeharo konbentziduta nago, euskera bateratura jo behar dogula. Nor naiz ni ba, bestera jokatzeko? Nor gara gu ba, ze bidetatik joan behar dogun esateko? Horrexetarako dago Euskaltzaindia, bere teknikuekin; eta gu ez gaitezan asi, ez daigun jarraitu (obeto esateko) euskalkiak alkarrengandik urrutiratzen, zatitzen, pikortzen eta ahultzen*, Akademiaren normak oinperatuaz. Kontuan artu daigun, gure zatiketa honek, kalterik aundiena, geuk eraturiko ikastoletako umeengan egotziko* dauala.

Ba dakit, aurrei* euren euskalkian irakastea pedagogikuagoa izango dana; baina, textu barriak sortzerakoan, gehien jota bere, gipuzkera, bizkaiera ta abar baino pikortuago ez dira azalduko.

Nire itauna: guk, bien artean bizi gareanok, nongoa aukeratu behar dogu? Gure euskalkia baztertu-behar honetan, ez al litzake egokia bateratua aukeratzea? Bakoitzak bere euskalkia defendidu gura dogula? Hori keari ura botatzea bezala litzake; eta benetako sua ikastolak diranez, guztiok apur bat burua makurtu daigun, eta izentatu deuskuezan urratsetan* jarraitu. Urrats horreek ez dagozala ondo emonda? Alkartu, diskutidu eta erabagi. Ta, gero, erabagi horretara makurtu. Euskera batua ez da "h" bakarrik; eta, "h" atxakiatzat artuta, ez gaitezan ari*, errian konfusionismoa sortzen; eta batez bere garbi jokatu daigun, ez batak besteari anonimo gisara* orriak eta abar bidaltzen. Hau guztia ikastolen onagaitik, ots*, euskerearen salbazinoagaitik.

Elgoibarren, 1969-ko abenduan.

FELIX ETXEBERRIA


Jakin eta Ekin

Txistua ta tanbolina

Erri bakoitzak bere izakerea dauka: bere ohiturak, bere jolasak, bere dantzak. Euskalerriak be, bereak daukaz: bere-bereak diran kantak, jolasak eta dantzak. Urteetan eta gizaldietan zaindu ta gorde izan dira, ta maitekiro gorde bere.

 Atzerritarrak, kanpotarrak eurak be asko goretsi izan dabez gure kantak eta dantzak, gure folklorea. Pozarren ikusi doguz goresmenok hainbat liburutan. Gauza ederra, izan bere, erriko jaietan eta meza ostean, iluntzean, aurreskua ta dantzak ikustea, erriko agintariak, neska-mutilak eta umeak, agure-atsoak, senar-emazteak alkar pozarren bat eginda. Atzerrian, kanpoan, urte mordoa eginda, barriro geure abia gozora etorrita, aurresku ta dantza garbia ikustean, pilpilka genduan bihotza. Hain sakon sartzen ziran! Zoritxarrez baina, gure ohitura garbiak galduz doaz: galduz aurreskua ta dantza garbia, galduz gure kanta zaharrak, errikoiak. Auzoko sagarra gozoagoa izan nonbait. Gure erriari bere izakerea kenduz goaz. Guztiok gara errudun honetan. Orain ogetazak* urteak, itsasoz harantz eginala, iguinez entzuten genduzan-kantak eta ikusten genduzan-dantza nabarrak sartu dira gure errian. Noraino jaitsi* eta beheratu garean! Barriro dinot: guztiok gara errudun honetan.

 Orain urte gutxi dirala, Gipuzkoako erri baten —Elgoibarren hain zuzen bere— jazoa. Gabon Zahar egunean, bertako txistulariak urten eben plazara, dantzea asteko. Bertan ziranak, txistuka, dehadarka: halako dantzarik ez ebela gura; dantza lotua nahi ebela, kanpoko dantzea. Ta dantza lotua egin zan. Ez al da lotsagarria hau? Hori eskatu ebenak, danak ez ziran euskaldunak; baina euskaldunak be, ba ziran eta ez gutxi be. Egite honek asko esan gura dau. Alde batetik barru baltza agertzen dau, bestetik erriko ohitura ta gauzak ardura gutxi daukela eurentzat. Gaurko gazteen eta gazteak ez diranen pentsamentu, gurari ta asmoen neurria da.

Gaztedia, beti be, libre-pentsalari da, gauza barrien zale; gehienetan, edo sarri behintzat, buruagaz barik barruko grinakaz pentsatzen eta jakotzen dau. Baina gazteak honelan gura izan arren be, non dagoz?

Betoz, betoz barriro be txistua ta danbolina gure errira. Tramankulu eder maitagarri honeen doinu gozoak entzun daitezala gure kale ta bazterretan. Utikan* gugandik kanpoko tramankuluak, doinuak, kantak, dantzak.

Geure gauzak, geure ohitura garbiak, geure kantak, geure dantzak zaindu ta gorde daiguzan.

GOIRIA


Abereak eta burdinak

Giro barria Madrilen

ANAITASUNA-n idazlan hau agertzen daneko, langileen alogeraz* Gobernuak artutako erabagiak ezagunak izango dira. Konbenio Kolektibuakaz batera, beste ekonomiazko neurri batzuek bere joan dira: euretarik inportanteena, inportazinoari jarri jakon oztopoa.

Azken amar urteotan, Errejimenaren elbururik* nagusiena desarroiloa izan da, batez bere Gaztelerriaren desarroiloa, Kataluniak, Euskalerriak, turismuak eta erbestera urtendako langileak produzitzen daben diruari eskerrak. Egia esan, esperientzia honek ondo urten dau, produzinoaren gehitzea ederra izan baita*.

Desarroiloaren ordaina, ekonomiazko izketa utsean, ekilibriorik-eza izan da. Dana ibili da alde batetik bestera; inflazino gogorrari, beste hainbesteko neurri baretzaile gogorrak jarraitu deutsoe; Ministerioak urte guztirako presupostua iru ilabetetan jaten izan dabe; eta inportazinoari sokea apur bat nasaitzen bajako, hor doa ankaz gora "balanza de pagos" dalakoa.

Horra hor zegaitik, oraingo Gobernu barriak, ekilibrioaren atzetik ibilirik, neurri ezbardin bi artu dituan: bat, igazko neurri geldieragileak nasaitzen dituana; eta bestea, datorren urteko inflazinoa ikustean, ekonomiari eusten deutsona.

Esperientzia honek, gauza bi ikusi eragin deutse agintariei argi ta garbi. Bata, desarroiloak, materialki ondo bizitzeagaz, erria integrazino batera daroala eta langile burrukea baretu egiten dauala. Bigarrena, desarroiloa aurrera eroatea ez dala bapere gauza erraza, tekniku on batzuekin kontatzen ez bada.

Guzti hau kontuan arturik, azken urteotan, Espainiako burgesia teknokrata talde bat sortzen ari* izan da, eta gero Gobernu barruan geldiro geldiro sartzen. Azkenengo Gobernua aldatu danean, teknokratok ia administrazino guztiagaz jabetu dira. Gobernu zaharreko noredonor artu badabe, politiku motelen bat izan da, lehengo taldean ondo sustraitu bakoa, mentalidade zabalekoa (teknokraten aldera, jakina), eta abar.

Teknokratok ondo dakienez, desarroiloak bere ondorenak dakaz, bere mesedeen ordainez. Edo, beste modu batera esanda: desarroiloak, benetakoa ta iraunkorra izan gura badau, gizarte barruan, askatasunaren arloan batez bere, sozial errelazino berezi batzuek eskatzen ditu (ikusi sartaldeko* nazino aurreratuak), minimum bat behintzat. Ministru izandako Fraga Iribarnek, Mugimentuko ministruagaz aserratu zanean, gizarte barruan behar ziran askatasun behinenak aipatu zituan, indar guztiak alkartu nahi badira eta ahalmen guztiak horretarantz bideratu.

Askatasun minimun horregaz datoz Lege Sindikala, konbenioen bidez alogerak* gehitzea, Madrileko periodistak berba egiteko dauken libertadea, eta abar. Fragak esan ebanez, oposizino bat beharrezkoa da, eta posible gainera (erditarra noski*). Madrilen, egunkari* batzuetan, lege gizonen kolejioetan, kristinau jokabide baten bitartez oposizino hau gorputz artzen asi da, edo, beharbada, aspalditik asita dago. Bere bideari jarraitzen itxiko ote jakon ala ez, erantzunik bako itauna da gaur; baina oposizino baten beharrizana ikusten dan bitartean, oposizinokoak bizirik dagoz behinik behin.

Euskaldunok joko honetatik kanpora gagoz, dudarik ez. Madrilen hainbeste gauza eskatzen dira: holako edo halako sindikatuak, alkarteak, giltzaperatuentzako araudi* berezia, eta abar. Baina gure kultura ta ekonomiaren alde ezertxorik bere egingo ez dabena, gauza jakina da. Euskaldunak ezer ez badinoe, obeto eurentzat.

Aztertu egin behar litzake, noren errua ote dan, euskaldunok jokabide honetan sartzen inoiz ez ikastea.

ANTON


Abereak eta burdinak

Pinudien etorkizuna

Gure basoak baltzitu egin dira. Mendiak, pinuaren berde ilunez jantzi dira. Lehen gure mendiak alaiak ei ziran, berde alaiez apainduak. Aritzak, gaztainak, pagoak. Hareek ziran zuhaitzak*, hareek!

Holan mintzatzen* diranak, uriburuetan bizi diranak izaten dira. Honeentzat, mendia, basoa, baserria, baserritarra ta antzinako ohiturak, kaletarrak mendira joaten diranean, mendiratzearen apaingarri izateko dira. Ta apaingarriak dira, izan bere, baina ez hori bakarrik. Itxura oneko emagaldua bere, apaingarria da; baina ez hori bakarrik.

Itxura eder baten barruan, tristurea aurkitu geinke sarri. Aholan jazo jaku antzinako basoekin. Aritzak eta pagoak, ederrak ziran oso; baina gaur, Bizkaia ta Gipuzkoan, balio gutxikoak dira. Pagoa, Araba, Nafarroa ta Zuberoko berezko pagadietan, interesgarria da. Aritzak ekonomiazko interes gutxi dauka gure errian, astiroegi azten dalako. Historiazko interesa ba dauka aritzak: horra hor Gernikako aritza.

Orain 150 urte, Bizkai ta Gipuzkoako basoetan, ez zan pinua ezagutzen. Konifera bakarra, agina* zan. Gipuzkoaren eskuduan dagozan iru arbolak, aginak dira; toponimian bere, agina maiz* topatzen dogu.

Pinua, Araba, Nafarroa ta Zuberoko eskualde* batzuetan, berezkoa da. Nafarroako Erronkari ta Saraitzun* eta Zuberoko Basaburuan, pinua "ler" izenagaz ezagutzen da. Izaia bere, hemengoen abeto edo beste aldekoen zapina, berez dator Saraitzun, Erronkarin eta Zuberoko Basaburuan. Hor daukagu, esate baterako, Zuberoa ta Biarnoko* mugan, "Izaitzeko oihana" euskeraz eta "la forêt d'Issaux" frantsesez deitzen dan basoa. Izaitzeko oihana*, izaiez beterik dagoan basoa da. Pinua ta izaia gure errikoak ez dirala esaten danean, txarto esaten da. Geure geureak ditugu.

Orain ehun urte baino gehiago, Adan de Yarza jaunak ekarri euskun Amerikako Californiatik "insignis" deritxon pinua. Pinu hau arras* geuretu dala esan geinke, gaur egunean Espainian insignisari Bizkaiko pinua deitzen deutsoe ta. Horrenbeste bizkaitartu da! Azken urteotan, asko sartu da pinu hau Gipuzkoan eta Araba ta Nafarroako iparraldeko aranetan*.

Insignisa modan jarri zan gure artean. Pinu hori oso errentagarria zala ta, urre berdea deitzen geuntsan, pinuak emoten eban errentea agitz* aundia zalako. Baina azken urteotan, egurraren prezioa izoztu egin da. Gaurko ekonomian gauza baten prezioa izozten bada, gauza horrek gero ta gutxiago balio dau. Eta pinudien jabeei pinuak gero ta errenta urriagoa emoten deutse. Iraunkorra izango ote da izozte luze hau?

ARABARRA


Ikasi Zure Izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

ABAGADUNE, ocasión propicia.

ADITZ, verbo. (Berba barria).

ALOGER, sueldo, jornal.

ARMADA, ejército. (Berba barria).

ARRO, cuenca de río.

BATZORDE, komisino. (Berba barria).

BEHINEN, printzipal.

BURPIL, errobeda.

ERAKUNDE, egitura, egitamu, estructura. (Berba barria).

ERREKARRO, erreka arro, cuenca de río.

ERLAUNTZ, colmena.

 IRUZURTU, engañar.

IRRISTAKOR, laban.

JAURRI, patrocinar, defender.

JOMUGA asmo, xede, objetivo. (Berba barria).

KONDAIRA, historia.

LAUTADA, toki laua, llanada.

OGETAZAK, veinte y pico.

OLA, fabrika, lantegi.

SARTALDE, eguzkia sartzen dan alde, occidente.

TXIBITA, mayal, palo mayor del trillo.

UDALETXE, aiuntamentu etxe.

URIGINTZA, planificación urbana. (Berba barria).

URLIA, fulano de tal.

URREAN, nonbait, seguramente.

Euskera bateratukoak

AHULDU, makaldu.

AITORTU, autortu.

ALEGIA, hau da, es decir, a saber.

ANITZ, asko.

ARAU, erregela, norma.

ARAUDI, reglamento.

AREATZA, Villaro.

ARI IZAN, jardun.

ARRAS, guztiz.

ARRUNT, común, corriente.

AZARO, zemendi, noviembre.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAN, barruan, gogoan.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREZIKI, printzipalki, aparteko moduan.

BIARNO, Bearne.

BORDELE, Burdeos.

EGOTZI, bota.

ERANTSI, añadir.

ERRAZ, errez.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

FUNTS, fondo.

GISA modu.

HAGIN, tejo.

HARAN, ibar, valle.

HAUR, ume.

HAUTATU, aukeratu, elejidu.

HELBURU, xede, objetivo.

HOTS, hau da, es decir.

HURBILDU, urreratu.

IGANDE, domeka.

IGORRE, Yurre.

IRAIL, septiembre.

IRAUN, durar.

ITZULPEN, traducción.

IZOZTU, izotz bihurtu, congelar.

JAITSI, jatsi, bajatu.

KUTSU, sabor, impronta.

LARUNBAT, zapatu.

LAUDIO, Llodio.

LEGUTIANO, Villarreal de Alava.

MAIZ, sarritan.

MEMENTO, momentu.

MENDE, gizaldi, sekulu.

MENDEBAL, sartalde, occidente.

MINTZATU, berba egin, itz egin.

OHAR, aviso, advertencia.

OHARTU, advertir.

OIHAN, baso.

OTSO, lobo.

SARAITZU, valle de Salazar.

SOIL, uts, mero.

URRATS, pausu.

URTARRIL, enero.

ZENBAIT, batzuek.

ZIN EGIN, jurar.

ZUHAITZ, zugatz, arbola.

Beste euskalkietakoak

AGITZ, guztiz.

ARE, oraindino.

BILDUMA, kolezino.

BOZ, voto.

BUKATU, amaitu.

EGUNKARI, eguneroko periodiku.

ESKUALDE, comarca.

NOSKI, ciertamente, seguramente.

UTIKAN, a paseo, al traste.

II. Idazteko modua

Txarto:

Erriak ez dau nahi, diru trukez eksibizino eder bat egiten dauan euskal kantari talderik. Nahi dau Erri sentitzen dan taldea.

Ez bakarrik euskerea sartzen dan arloan, baita bere diru arloan.

Mendiak, pinuaren berde ilunez jantzi dira. Gure basoak baltzitu dira.

Pinua ta izaia gure errikoak ez dirala esaten danean, txarto esaten da. Gure gureak ditugu.

Alde batera zein bestera, guztiok nahi dogula batasuna esango neuke.

Jarri deuskuezan normak onartu ta jarraitzea beharrezkoa deritxat.

Ni ez noa hemen nobela honeri buruz gehiago esatera. Irakurriko dozuenei kalte egingo neutsuen, misterioa aurretiaz argituaz.

Benetako zoroa nor dan zeuok erabagi: edo zorotzat eukitakoa edo besteak.

Hara hemen bere olerki baten zati bat.

Mitxelena jauna guztiz ezaguna da Bilbon, itzaldiak emoten sarri askotan euki dogulako hemen.

Ondo:

Erriak ez dau nahi, diru trukez eksibizino eder bat egiten dauan euskal kantari talderik. Erri sentitzen dan taldea nahi dau.

Ez bakarrik euskerea sartzen dan arloan, baita diru arloan bere.

Mendiak, pinuaren berde ilunez jantzi dira. Gure basoak baltzitu egin dira.

Pinua ta izaia gure errikoak ez dirala esaten danean, txarto esaten da. Geure geureak ditugu.

Alde batera zein bestera, batasuna guztiok nahi dogula esango neuke.

Jarri deuskuezan normak onartu ta jarraitzeari beharrezkoa deritxat.

Ni ez noa hemen nobela honeri buruz gehiago esatera. Irakurriko dozuenei kalte egingo neuskizue, misterioa aurretiaz argituaz.

Benetako zoroa hor dan zeuok erabagi, ala zorotzat eukitakoa ala besteak.

Hona hemen bere olerki baten zati bat.

Mitxelena jauna guztiz ezaguna da Bilbon, itzaldiak berton emoten sarri askotan euki dogu ta.


Ezagutu gure erria (8)

Arratia (1)

Aurreragoko artikuluari buruz, gauza bi. Bata: inprimatze errakuntza bat egon zala, Bilbo Aundiaren barruan Uribe-Butroe sartzeaz. Eskualde hau ez da Bilbo Aundiaren zati; beraz*, V (5) hori sobra egoan. Bestea: batzuek itaundu deuskue, ea nondik datorren Uribe izen hori.

***

Uribe, Bizkaiko merindaderik aundiena zan, ta mende* askotan erabili dan euskal izen jatorra. Joan dan mendean Gernikako Batzarrak eta Bizkaiko Foruak kenduaz batera, ehundazak urtetan erabilitako izenak bere kendu euskuezan; ta gero ahaztu egin jakuz batzuek, eta honeetariko bat Uribe. Elizeak bere, hainbeste mendez, Kalahorrako denboretan, bikariato bat eukan Uribe izenekoa, ta orain ez dau nonbait barriro jarri nahi. Bilbo Aundiak erri mordo bat kendu deutso; ta orain Uribe eskualde* zaharra, Butroe ibai arroagaz* bakarrik ornitzen da. Hor, bada, Uribe-Butroe izenaren arrazoia.

***

Bizkaiko merindadeetatik bat zan Arratia. Bediako kolazinoagaz bat eginda, bederatzi erri ta uri bat eukazan: Ubidea, Zeanuri, Gaztelu-Elexabeitia, Zeberio, Arantzazu, Dima, Igorre, Lemona, Bedia ta Areatzako* uria.

Gaur, beste honeek bere gehitzen jakoz, bai urigintzan* ta bai eliz-barruti zatiketan, eskualde honeri: Orozko, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo ta Ugao.

Arratia aran* bat legez joten da gehienetan, merindadearen izena daroan ibaiagaitik. Aranetik kanpora, eskualde historikuan, Ubidea, Dima, Bedia ta Zeberio dagoz, besteak baizen arratiarrak. Hortik ikusi leiteke, "valle de Arratia" konfusino bide bat dala; ta obe "merindad de Arratia" esatea, edo, gaurko erara, "comarca de Arratia": beraz*, Arratiko eskualdea*.

Guztira, 388,06 km.2 ta 21.824 bizilagun ditu eskualde honek.

Baserri ekonomiari lotuta, oraindik estruktura zaharretan aurkitzen da, beste eskualde guztiak bezala. Horregaitino, Igorren* dagozan "C.A.V.A." ta "Extensión Agraria" eskualde-erakundeak, era baten behintzat, ahalegindu egiten dira baserria promozionatzen.

Industria, Bediatik Igorreraino eldu da, Lemonatik zehar. Nerbion ibai arroan* bere, ba dira ola* batzuek, Ugao ta Arrankudiagan. Beste eskualde batzuen neurriraino ez bada bere, merezi dau Arratiak be industri-azitze bat eukitea.

Orain pilpil dago Arratian urigintza* arazoa. Eskualde osoaren etorkizuna jokatzen da bertan. Urigintza hori Arratiarrekin kontatu barik egin dala, agirian dago; baina aprobetxagarria izan leiteke, puntu batzuetan behintzat.

Uribe-Butroe eskualdean bezala, hemen be zeharreko komunikazinoak falta dira, Gaztelu-Elexabeititik Ugaora ta Orozkora; Durango aldetik (Mañaritik) Dimara, ta abar. Arazo honeri ikuturik bere ez deutsoe egin urigintzan.

Zeanuri ta Igorren, lantegiak eta bigarren mailako ikastetxe bana sortuak dagoz, erritarren eta Elizearen bultzadaz; eta lan onurakorra eragiten deutsoe eskualdeari.

Eskualde honek uriburu arazoa be ba dauka, norberekeria barik, inoiz planteatu behar izango dana.

Izkuntzea bizirik dago gehienbat eskualde honetan Ugaon egongo da txartoen. Lotsagarria da elizgizon batzuen jokabidea, Bedia ta Ubidean batez bere, arlo honetan. Alfabetatze kanpaina on batzuekin, Arratiko euskera aberatsa gaurkotu ta bizitu egingo litzake urrean*.

Artikulu honetan banan-banan azalduko ditugun erriak Arratiari gehitutakoak izango dira.

Orozko

102,42 km.2 ta 2.452 bizilagun. Bost parrokia ta amabost auzo ditu. Auzoak: Albizua, Andra Maria, Arbaitza, Arrugaeta, Bengoetxea, Beratza, Gallartu, Olarte-Ibarra, Murueta, Pagatzandu, Erriba, San Martin, Urigoiti, Zaloa ta Zubiaur (erriburua). Karrantzaren ondoren, Bizkaiko erririk zabalena. Mendi askoko erria, Gorbearen zati bat bere barrutian aurkitzen da. Ibai bi ditu: bata Altube izenekoa, Araba aldetik datorrena, ta bestea Arnauri, Gorbean jaioten dana. 1.785-erarte ez zan osorik Bizkaikoa izan, jauntxo batzuen feudo-jabetasunez egoalako. Larrazabalgo zelaian egiten ziran Orozkoko Batzar Nagusiak; ta orain bere, han dago Batzarre izeneko landa bat, Jauregi auzoan. Baserri erria, orain ehun urte 3.090 bizilagun zituan; gaur egun, beherantz doan erri bat da, industriarik ez baitauka, nahiz eta antzina ola* asko izan. Laudioren* influentziapean dago, Arratia aldera urteerarik ez eukiteagaitik.

Arakaldo

2,68 km.2 ta 210 bizilagun. Joan dan mendean*, Arrankudiagatik aldendu zan. Mendi bizkarrean, Nerbion ibaiaren gainean, Laudioko ekonomiari lotua. Gehienbat baserria da.

Arrankudiaga

15,62 km.2 ta 980 bizilagun. Bere auzoak: Arene (erriburua), Uribarri ta Zuloaga. Orduñarako auto ta trenbidea, bertatik igaroten dira. Baserri ta industri erria. Bere udaletxea* Bizkaiko politenetarikoa da, gure zibil arkitekturan jatorrenetarikoa.

Zollo

7,40 km.2 ta 193 bizilagun. Zollo-Elexalde ta Azpiuntza dira bere auzoak. Bizkaiko erririk txikiena. Hau bere, joan dan mendean*, Arrankudiagatik aldendua; orain urte bete, barriro beragaz bat egin dau. Baso erria da, baserrirako be pobrea.

Ugao

4,54 km.2 ta 2.918 bizilagun. Bizkaiko urietatik azkenengo sortua, 1.375-ko martxoaren 4-an. Ugao izena eroiana, Miravalles bihurtu da, arrotz izena artuaz. Izkuntzaz bere, zoritxarrez, arroztu egin da, ia dana. Industri erria da. Famadua da bere Udiarragako lapiko aundia; izen bereko Andra Mariaren ermita aurrean, irailaren* lehenengo larunbatean, lapiko horretan egindako jatekoarekin ikaragarrizko bazkaria egiten da.

J. L. LIZUNDIA