ANAITASUNA

BIZKAIA

176 zenb. 1969, azaroak 15

Apartado 17 * GALDAKANO


ANAITASUNA

amabosterokoa, 5

Euskalerriko Anaia Txikarrak argitaratua, Durangon.

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Idazkola ta Banakola: Bengoetxe, 33-B Galdakano Tel. 396 ta 397

Banakakoa, 4 peseta, Urtekoa 100 XVII gn. urtea. 176 zenb.

1.969 azaroak 15

D. L. Bi 1.753-1.967.

IMPRENTA IDEAL-ek Irarria, GALDAKANO, Bengoetxe 70


Durangoko Kultura Azokea

Euskalerriko jakintzeari gaur egunean begiratzen asi ezkero, amaseigarren mendean* Etxepare olerkariak euskerazko lehenengo liburuan idatzitako itzak datorkidaz beti burura. Euskaldunok ez dogu ezagutzen euskal jakintzea, ez doguz ezagutzen gure idazleen lanak, gure olerkarienak, gure margolarienak, eta abar. Penagarria benetan, baina holantxe da. Norena errua?

Gizarte guztiak bezala*, geuk bere euki genduan berbizte bat, Urre Aro bat, emeretzigarren mendean* eta ogeigarrenaren lehenengo urteetan. Baina gerrea etorri zan, eta ebagi egin euskun berbizte hori.

Gerra ostean, nahikoa zan bizirik irautea, ez egoan jakintzarako astirik, beste gauza batzuek beharrezkoagoak baitziran*: lana, jatekoa, bizitzea, eta abar. Gizarte baten, erri baten, jakintzeak ezin leike aurrera egin, gizarte edo erri horrek beste ardura beharrezkoago batzuek baditu.

Baina, zorionez, larritasun aldi horreek joan jakuz, eta ebagitako landareari orri barriak urteten asi jakoz: hor idazle ta olerkari barriak, han abeslari ta dantzariak, hemen alkarte barriak, eta abar.

Honeen artean agertzen jaku "Gerediaga", Durango eskualdeko* jakintza aberastasunak zaindu ta eurei bizi barria emoteko sortu dan alkartea. Alkarte hau izan zan, Euskalerrian lehenengoz, orain lau urte, euskal disko ta liburuen azokea antolatu* ebana. Ekintza hau oso onartua izan zan; eta ordutik hona, bide horreri jarraituaz, beste toki batzuetan bere ugaritu egin dira holako azokak. Baina inon ez dabe izan Durangon besteko arrera ta indarrik.

Azoka honeek jakintzearen neurtzaile bezala* artu ezkero, jakintza gose bat ikusten da, bete ezin izan dan jakintza zaletasun bat, euskal liburuak ez baitira* edonon aukeran aurkitzen. Horregaitik, azokak oso atsegin jakuz, liburuen merkatua ugarituaz gainera, jendeari modurik egokienean euskal kulturea eskaintzen* jakolako.

Azoka honeek ugaritu beharra dago. Beste aldetik, etxe argitaratzaileak ahalegina egin beharko dabe, idazleen lanak argitara emoten, eta eskritoreok gai errikoi ta sakonak erabilten, erriak irakurteko gosea eta gose hori asetzeko modua euki daian, eta holan erri jakintsu bat izan daiten.

Joan Antonio Aroma


Erriz erri

Bilbo

Begoña Abaitua

Begoña Abaitua, 28 urteko neska lirain bat dogu, bilbotarra bera ta euskalduna.

Aparteko abotsa dauka, ta Bizkai-ko Konserbatorioan egin zituan musikako lehenengo ikaskizunak. "Txinpartak" taldean be, urte askotan lan egin eban, gure teatroa ta abestiak zabaltzen.

Orain, Munich-era joan jaku, bertako Musika Eskola Nagusian bere ikaskizunak amaitzeko. Horretarako, Bizkaiko Diputazinoak 50.000 pesetako beka bat eskaini* deutso, kontuan arturik, 1964-an Llangollen-en Lehenengo Saria irabazi ebala, eta baita Bilbon bere "Premio Ibáñez de Betolaza", beste sari askoren artean.

"Anaitasuna" mugaz handiko Euskalerrian

Hona hemen zer dinoan gure aldizkariari buruz Camblong idazleak, Baionako "Herria" astekarian*:

"Bizkaitarrak barriro asi dira argitaratzen euren amabosteroko ANAITASUNA. Izen ederra! Zenbait denboran isilik egon da, diru eskasez. Bizkai aberatsean, euskerearentzat diru eskasa!

ANAITASUNA-k errotik jokatzen dau batasunaren alde, Euskaltzaindiak eskatu dauan bezala."

Gero PRINCIPE DE VIANA ta ZERUKO ARGIA aipatzen* ditu. Azkenez, euskal kazeta* guztiei batasunaren bidean abiatzeko eskatzen deutse, "Euskera bat, Euskalerri bat" euki daigun, dei eginaz.

Bekelarre

Euskal kantariak

Elgoibarko Lurgabe irukoteak, laster argitaratuko dau bere lehenengo diskoa.

Ameslariak Madrilen izan dira, beste disko bat ateratzen.

Eubako Ibaiak eta Orominoko Epertargiak euren letrak Madrilera bidaldu ditue, diskoa ateratzeko behar diran baimenak eskatuaz.

Bittor Egurrola, bere bigarren diskoa gertatzen dabil.

Estitxuk, gabon kantakaz osoturiko disko bat preparatzen diardu.

A. Songer-ek, laster batean, disko txiki bi grabatuko ditu euskeraz.

Pasatu dan udako abestirik en-tzunena ta ospetsuena, Urretxindorren "NESKA ZAHARRAK" izan da.

Urrilean gehien saldu diran diskoak, eta gehienetik gutxienera, honeexek izan dira: Urretxindorren "AURRESKU", Erlak bikotearen "AMONATXO", Xabier Leteren "URRILAREN 28 EGUN", Benito Lertxundiren "GAZTE SENTIMENTAL".

Juan Manuel Ares

A. Zubikarai, saritua

"Toribio Altzaga" izeneko antzerki sariketea, urte birik behin izaten da, Bizkaiko Aurrezki Kutxeak jartzen dauan diruaz Euskaltzaindiak antolatua*. Aurten, lau lan presentatu dira; eta aho batez erabagi da, Agustin Zubikarai ondarroatarrak egindako "Mendu zaarrak" izeneko antzerkiari lehenengo saria emotea. Beioakioz Zubikarai jaunari gure zorionak.

Mahaiburua osotu dabenak: P. Larzabal, J. A. Arkotxa, P. Berrondo eta I. Beobide Euskaltzaindikoak izan dira.

Aurten, Euskaltzaindiaren urre ezteiak haintzat arturik, bigarren sariketa berezi bat be izango da. Batezbere, gaztetxoen mailako antzerkientzat izango da. Antzerkiok 14-tik 16 urterakoentzat eratuak izango dira, nagusiak (gizonak) errepresentatzeko eran eginak. Lanak bidaltzeko dagozanak, lehenbailehen bidaldu daiezala, kopia bigaz, Euskaltzaindira (Ribera, 6 - Bilbao).

Amabi Arrietatik

Dantzak

Beti izan da gure errietan dantzarako zaletasuna; eta bildur barik esan geinke, ez zala egongo gizon askorik, ezpata dantzea jakin ez dauanik, gurasoakandik ikasita. Baina, orain ba dakizue, gure gizartean arazo horrek ez dakar aberastasunik, gehien gehien buruko min batzuek; eta gu, dirua bitartean ez badago, ez gagoz denborea holan galtzeko prest.

Hala ta guzti be, gure errietan Quixoteren batzuek egon behar dabe nonbait; ze, joan dan Urilaren 5-an, Gernikako Umeen Euskal Jaian, han ikusi genduzan, Izurtza, Berriz, Abadino, Elorrio ta Durangoko taldeak. Ha zan ume piloa! Uste dot, egun haretan isil eta baketsu geldituko zirala gure erriak.

Egun berean amaitu ziran Igorretako jaiak; eta eurei azkena emoteko batu ziran Elizateko talde guztiak —Goiuri, Oromino, Arriaundi ta Igorreta—, danen artean alarde bat eginaz.

Ohitura zaharrak

Mundu guztiko erriak daukaguz ohitura batzuek, geure aurrekoakandik artuak. Ohitura honeek, itzaren nahiz idatziaren bidez eldu jakuz. Dakizuenez, gure erriak ez dau euki zaletasunik, bere gauzak idazkietan jartzeko; bai, ostera*, abestuteko eta jaiak egiteko. Eta askenengo bide honeri eskerrak ezagutzen doguz gaur daukaguzan ohitura asko. Horreetariko bat da, Elorrion Urilaren lehenengo igandean ospatzen dan jaia, "errebonbilo" izenagaz ezagutzen dana. Jai honek, uste danez, orain laurehun urte Lepantoko gudaketatik etorritako Elorriotarrak, euren erria ikustean, pozaren pozez jaurtigi zituen tiroetan dauka oinarria. Dana dala, hemen daukagu, gure egunotan, amaseigarren mendetik* datorren ohitura bat, oraindikan indartsu bizi dana.

Jaiak

Irailaren* azkenean eta urrilaren lehenengoan ospatu doguz Igorretan Mikel deunaren jaiak, Elizateko gaztediak antolatuak. Oso atseginak izan dira jai honeek; eta esango neuke, ez dala ezer bere falta izan, ze bertan guztirakoak euki doguz: bertsolariak, kantariak, dantzariak txapelpetak, eta abar. Baina utsune bat egon da, bai elizan eta bai kanpoan betetako erraza* ez dan utsune bat: gizon baten utsunea.

Durangok be ospatu ditu bere erriko jaiak, urrilaren 11, 12, 13 ta 19-an. Jaiei, berbena bategaz emon jaken asiera; eta bertan izentatu zan, aurtengo jaietako erreginea izan dan neskatila liraina Maria Jose Otxoa, erriko alabea. Benetan pozgarria berbena hau, ze lehenengoz aurten soinu taldeak euskeraz abestu euskuen. Ba dakigu pausurik errazenetarikoa dana, abeslariena. Baina zeredozer da, lokarturik ez geratzeko eta gure euskerea beste toki batzuetan be sartzen jarraitzeko.

Urrilaren 12-an, gure solo ta baserrietako madari, lore, oilasko ta landaren txapelketea euki genduan Andra Mariko elizpean, Bizkaiko Aurrezki Kutxeak antolatuta. Jendez gainezka egon zan, eta bertan agertu euskuezan gure eskualdeko* baserritarrak euren lanaren frutuak. Prezioak garesti* samar ibili ei ziran; baina kontuan artu behar da, han egoana gure eskualdeko* baserrietako jenerorik onena zala. Benetan txalogarria, Bizkaiko Aurrezki Kutxeak gure baserriaren alde egiten dauan lana.

Urrengo egunean, gazteen zalaparta ta zaratea ibili zan nagusi gure kaleetan. Taldeen eguna ospatu zan; eta mila jantzi zoro ta barregarri ikusi genduzan gure gazteen soinean. Batek baino gehiagok uste izan eban, karnabalak aurreratu egin zirala.

Joan Antonio Aroma

Lekeitio

Elizea da gure erria

"Nok arrazoia? Zeintzueri jarraitu? Zelan egoera bataz hain eritxi ezbardinak? Zegaitik batzuek isilik eta besteak dehadarka? Zer egin? Zelan jokatu, ze bide artu? Zein da Elizearen eginbehar berezia?"

Itaun* gogorrak, Xabier A. adiskideak ANAITASUNA-n jaurtigiten dituanak. Baina eztabaida horretan, erria galtzaile. Horixe jazo da gure bazter honetan.

Abadeak dirala ta, erriaren eskabidea agertu genduan. Baita itaundu be, zer ote dinoan gotzainak. Honen erantzuna etorri zan, abade gazte bat izentatuaz. Hala ta bere. abade barik geratu gara.

"Elizea", "erria", berba otzak eta abstraktuak ote dira?

Lekeitiok hauxe ikusi dau: erriko arazoak, gaur egunean, ez dirala Elizapean konpontzen.

Ikastolak

Lekeitiok ba daki erantzuten, benetako problemak agertzen jakozanean. Zarata barik, baina gogoz, alkartu dira umeen gurasoak; eta batzorde bat aukeratuaz*, eurakandu egin dabez ikastolen eta andereñoen ardurak.

Urrilaren 13-an, San Fausto egunean izan dogu Durangon erriko dantza askatuen lehenengo txapelketea. Bertan agertu ziran 10 bikote: 7 errikoak eta 3 kanpokoak (azkenengo honeek txapelketatik kanpora). Lehenengo saria irabazi eben Miren Zamakonak eta Pedro Ugarrizak; eta bigarrena, Pili Sarrionandiak eta Nikolas Alberdik. Zorionak!

Gizarte etxea

Gure Gizarte Etxeak erritarren alde gutxi egin daualakoan gagoz, danon laguntasunagaz egina izanarren. Eta gainera, handik edo hemendik, galtze aundiak. Lehen, toki asko ezetarako aprobetxatu barik: diru itugin makala! Orain, barra subastan ipini da. Danetariko barriketak kalean. Teila bat aldatu, teilatu osoa barriztatu behar dan tokian!

Italiar ingeneruak

Cerdeña-tik etorrita, zortzi ingeneru jaitsi* dira oraintsu Sondikako avioi zelaiean. Hemengo pinudiak ikusteko eta zer edo zer ikasteko gogotan etorri dira. Dinoenez, Italia aldean ez dauke pinudirik asko; ta preminazkoak dabez, batez be papera egiteko.

Bizkaian, Don Mario Adam de Yarza-k ipini eban lehenengo (1860 gn. urtean) "insignis" pinu klasea, Lekeitioko Zubietan, Californiatik landare* barri hori ekarrita. Harrezkero Bizkaia ta Euskalerri osoa pinuz bete da, baso arbola aberatsa dala ikusirik.

Zorrozua

Bilbo

Joseba Andoni Muxika il da

Urrilaren 17-an il zan, 78 urtegaz, aspaldi honetan Bilbon bizi zan gipuzkoar euskaltzale sutsu Joseba Andoni Muxika. Iru aldiz argitaratu zituan, "Apellidos Vascos de Iberia" eta "El vascuence ante otros idiomas" deritxoen liburuak. Goian bego!

Ilaren 18 eta 20-an Indautxuko Karmel Elizan ospaturiko iletan, bizkaitar eta gipuzkoar euskaltzale asko batu zan.

Azken aldi honetan, bera zan EDILI euskal liburutegiko zuzendari ta banatzaile. Berak egindako idazlan irakurgarriak, oraindino argitaratu barik dagoz.

Zeleta

Modesto Arana joan egin jaku

Modesto Arana, euskal musikalari ospetsua, il egin da.

Andia izan zan bere lana, euskal musikearen arloan. Beste lan askoren artean, esan daigun, bera izan zala iru urtean Euskal Abesti Sariketetako juradukoa, eta kanta askoren egilea.

Urrilaren 22an, meza bat eskaini* zan bere arimearen alde, Bilboko Jesuiten Residentzian, gaueko 8-retan. Antolatzaileak*: Residentziako Jesuitak (bertako organistea zan Arana jauna) ta Bilboko Korala (euren zuzendaria izan zan, orain urteak dirala).

Baina egia esan behar da. Meza hatatik triste urten genduala aitortu* behar dogu. Han gengozan gehienak, euskaldunak ginan. Modesto Arana bera be, euskalduna ta euskal musika egilea. Ba ikusi zer egin eben antolatzaileak: sermolariak, itz bat bere ez euskeraz; meza osoa erdera utsez, baita koruan abestutako kantu guztiak bere.

Zegaitik mesprezatzen gaituzue honenbeste? Zegaitik, jaunak?

Xabier Gereño

Eibar

Eibar Kultura Inmobiliaria, S. A.

Uda honetan, alkarte barri bat sortu da Eibarren, izen honekin. Zetarako da? Berorren sortzaileak zabaldu eben zirkularrean bilatuko dogu horren erantzuna: "Inmobiliaria honen elburua*, gure lehengo asmoetan agertu dan bezala, euskal kulturearen desarroilorako (ikastolak batezbere, euskera ikasguak, alfabetatzea) beharrezkoak diran lokal, terreno eta abar, erosi eta horretarako antolatzea izango da".

Alkarte honek, egin dau lehenengo erosketea. Ikastolea beste lokal baten preminan aurkitzen zan, eta lehengo lokalen aldamenean dagoana artu da, umeak erosoago* egon daitezan. Asteko bakarrik, miloi baten preminan aurkitzen dira; eta orainarte batu dana, ez da 300.000 pesetara ailegatzen. Batu dan kantidade hori, 90 bat pertsonaren artean batu da. Eta orain galdetzen dogu guk: ez ote dago larogetamar euskaltzale baino gehiago Eibarren? zeri begira gagoz? zeren zain? Ba gara ala ez gara? Eta ez deiskula gero inok bizkarra altzatu, dirua soltatze hori aberatsei dagokioen gauzea dala ta. Bakoitzak ahal dauan neurrian emon behar dau; baina lotsa apurrik geratzen bajaku, inmobiliaria horretan inbertidu barik ez gaitezala inor geratu. "Banco de San Sebastián"-era joan, eta alkarte horrek han zabaldurik daukan kontuan ezarri daikezu dirua. Ordainez, agiri bat emongo deutsue, bere bitartez eta garaia danean, akzino papera artu daizun.

Juan San Martin-en saiaera bat

LUR editorialak, Gabriel Arestiren zuzendaritzapean, oraintsu argitaratu dauan EUSKAL ELERTI 69 izeneko antologia-liburu ederrak, Juan San Martin gure adiskideak idatzi dauan "Euskeraren inguruan" saiaera* garrantzitsua dakar lehenengo tokian.

Industrialez, gerentez, teknikoz eta futbolistaz bakarrik arrotzen dan erri bati, bere izpiritu ahularen* euskarri* diran poeta eta intelektualak ipini behar jakoz eredu, exenplo. Ba, gure Juanito, poeta da, oraintsu arte Otsalar izenordepean izkutuan gorde izan dana. Poeta eta intelektuala eta langilea gutxi modukoa. Liburu honen argitaratzea dala ta, derrigorrezkoa dogu, erriaren zerbitzuan hainbeste dohako* neke lan eta ardura artu izan eta artuko dituan gure adiskide maite Juan San Martin-en izena goraipatzea. Hara zer dinoan LUR / HATSAPENAK / KRISELU editorialak, liburuari ezarri deutsan HITZ-ATZEAN:

"Bere poesia guztiak (orain aldizkariz aldizkari barreiaturik* daudenak) liburu bakar batean argitara ditezen egunean, euskal poematika berrian izan duen influentzia inportanteaz konturatuko gara. Beste aldetik, Euskaltzaindiaren Sekretaritzatik (hainbeste erreazio itsusiri kontra eginez) euskeraren batasunaren alde egin duen lan kementsua ez diogu inoiz behar bezala eskertuko. Baina gure iritzian, eskritore fin eta trebe honi bere kategoria merezia eman diona, hainbeste aldizkaritan agertutako bere mila eta bost saiaera* laburrak dira, orain artean euskeraz eta euskeraaz egindako pentsamentu-lanik interesgarriena. Honen mukuru eta azken gonburutzat bere "Euskeraren inguruan" honen horrialdeak hildotu zituen. San Martin ez da apaiza, baina gai hauetan azken hitza berea izan du".

Gure aldetik ez dogu besterik gehituko. Zorionak, Juanito! Asko gustatu jakuk "Euskeraren inguruan" hire lan eder hori. Danok irakurri behar geunke. Ea noiz eskaintzen* deuskuan beste holako lanen bat!

Pakori ongietorria

Hainbeste denboran etxetik eta bere erritik aldendua egon dan Pako Juaristi, gure adiskide elgoibartarra, etorri jaku gure artera. Ongi etorri!

Madrilera

Don Felix Bergara abade eta gure laguna, Madrilera joan jaku, hango klinika baten operatu daien. Joan aurretxoan esaten euskun, datozan akontezimentuetarako prest egon beharra dagoala, bai izpirituz eta bai gorputzez. Suerte on bat izan, eta bizkor eta osasunez etorri haitela desiratzen* deuagu.

MATESA

Don Jose Maria Echeverria, Eibarko alkatea eta Korteetan prokuradore dana, MATESA-ri emondako kredito ofizialak aztertuko dituan Batzorde Berezikoa izendatu dabe.

Egunkarietako ohar batez

Ostiral* eta larunbatean*, urrilaren 24 eta 25-ean, egunkarietan* Bilboko A.A.-ak argitaratu dauan oharra*, ez jaku bapere gustatu.

Presupuesto bat

Hona hemen, gure ustez, euskaltzaletzat bere burua daukan batek, ze aldizkari eta liburu artu behar dituan gutxien-gutxienez:

ANAITASUNA: 100 pta. urteko.

ZERUKO ARGIA: 190 pta. urteko.

LUR / HATSAPENAK / KRISELU-ko liburuak (12 liburu): 900 pta. urteko.

JAKIN, kultura aldizkaria: 100 pta. urteko.

Beharbada, bat baino gehiago egongo dira, diru hori asko dala eta premina asko dagozala eta gauza guztietarako ez dala dirurik ailegatzen eta halako mila eta bost mila atxakia ipiniko deuskuezanak.

Baina guk esango deutsegu, erderazko periodikuetan ia-ia horrenbeste gastatzen dabela (urtero 1.147 peseta); eta guzur ontzi batzuek baino besterik ez diran erderazko periodikuetan gaztatzeko gertu* dagoana, eta gure erriko kultureaz diarduen aldizkari eta liburuetan txakur aundi bat emoteko gertu ez dagoana, ze euskaltzale klasetakoa dan. Kontuan euki, hemen minimum bat bakarrik ipini dogula, lotsarik barik agertzeko, behar-beharrezkoa dan minimum bat. Tira ba, euskaldunak, izan gaitezan itxurearen jabe!

S. Basauri


Europa, Frantziako maiatzetik urtebetera

Orain urtebete luze dala, 1968-ko maiatz-bagilean*, Pariseko estudianteak politika postura bat artu ebenean, iraultza* mugimentu gogor eta indartsu bat sortu zan Frantzian. Mugimentu harek arriskuan jarri zituan, ez bakarrik Frantziako gobernua, baita errepublika demokrata eta burgesaren oinarriak bere.

Fromm, Gorz eta Marcuse-ren ideietan formatutako minoria baten bidez, estudianteen "kritikamentu" bat, burruka ideologiku bat izaten asi zana, proletalgoaren* iraultza* bihurtu zan laster, langile gazteak, sindikatu zahar eta. elbarrituak alde batera itxita, ideologia hori euren burruka iraultzalariaren oinarritzat artu ebenean.

"Betiko" sindikatu eta partidu iraultzalariak, parlamentuari jokoa eginaz eta euren lehenagoko elburuak* ahaztuaz, ez eben jakin, edo ez ziran kapaz izan, gertaera barrien aurrean jartzeko eta egoan errejimena aldatzeko.

Maiatz-bagilean* amaitu zan Frantziako ekitaldia. Europako errietan be, sortu ta il egin dira hainbat mugimentu gogor. Baina Frantziako maiatzak, Sartaldeko* Europan kontzeptu barri bat sortarazo dau kapitalismuaren eta sozialismuaren arteko burrukan.

Kapitalistak arnasa artu dabe. Ikarea galtzen asi dira, eta konpromisuzko soluzino txiki batzuek eskaini* ditue; esate baterako, langileak parte artu ahal daiela enpresan; oraintsukoa da oraindino, Frantziako estaduak Renault enpresako langileakaz emon dauan exenploa. Sozialistak indarra artu dabe, konturatu egin dira euren sendotasunaz eta baita kontrarioaren ahuleriaz* be, eta ondoen ezagutzen daben arlora eroan dabe burrukea: langile sindikatuetara.

Aurtengo udearen asikeran, langile sindikatuak, aurretiaz ezer adierazo barik, hainbat oporraldi edo huelga plazaratu ditue. Zurtz eginda gelditu dira bai enpresarioak eta bai gobernua, eta atzerantz egin beharra euki dabe, langileak integratzeko planetan. Huelga honeei, "basatiak" deitu deutsee.

Huelga basati honeek, Inglaterra, Alemania, Italia, Belgika eta Frantzian izan dira. Inglaterran Wilson behartua aurkitu da, nazino barruko politikea aztertzera eta gazteen ideiak eta kontsejuak onartzera. Frantzian ez da lortu politika arloan ezer konkreturik; baina gobernua egoera latz baten aurkitzen da bere ekonomiazko politikearen aurrean, eta beharbada aldatu edo gutxienez bigundu egin beharko dau De Gaullek asitako aunditasunezko abiadea. Alemanian Willy Brandt-en sozial demokrata partiduari gobernuan sartzen itxi deutsoe; partidu honek begi onakaz ikusten ditu Sortaldeko* gobernuak.

Baina huelga basati honeek zabalerarik gehiena eta iraultzazko* izpiritu baten seinalea Italian agertu dabe. Italiako langileen egoerea beste Europako erriena baino laburragoa izan da, baina estuagoa. Iparraldeko industri-langileak, egoaldetik datozan lur-langileakaz gehitu egiten dira. Lur-langile honeek, formazino elemental bategaz, arin parte artzen dabe sindikatuetako lanetan, eta talde bero eta bildurgarria egiten dabe, iparraldeko anaiakaz tartean lotuta.

Italiako langilerik gehienak, komunista partiduak zuzendutako sindikatuetan sartuta dagoz. Partidu hau izango da Europako beste partidu anaien artean zabalena, bizkorrena eta errikoiena. Partidu honek aspalditik euki dau jokabide libre eta diferente bat; hortik sortu dira "Italiako posturak". Honegaz esan gura da, partidu itzartu bat dala, eta ez dogmatikua.

Minoria taldeak —"kritikatzaileak"— situazino gogorrak sortarazo ditue; sindikatuentzat itxi dabe situazino horreek kontrolatzeko eta zuzentzeko beharra, eta langileen eskabideak aurrera eroateko arazoa. Hau da, minoria taldeak labea izetu dabe; eta sindikatuak behartuak dagoz ogia egitera, baina erre barik.

Martxa hau daroe huelgak. Enpresarioak behartuta dagoz, gauzak barriro pentsatzera eta euren interesei ondoen datorkioezan neurriak artzera; baina baita langilea kontentatzera be, ekonomian ondo jarraitu gura badabe. Dana lege barruan, baina klima atezu baten. Italiako sindikatuak lege barruko jokoa egiten deutsoe demokrazia burgesari, eta probetxurik onenak ateratzen ahalegintzen dira.

Gizarte mugimentu aundi honetatik, langileak soluzino onak ateratzeko itxaropena dauke, eta zuzendari politikuak langile klasearen batasun eta sendotasun aundiago bat lortuko dabela uste dabe. Hauxe dinoe Italiako sindikatuetakoak: "Erreformismua egiten diardugu bai, baina iraultzazko* erreformismua".

IBAR


Bertsolarien bilerea

Urtero bezala*, ta aurten zazpigarrenez, bertsolariak Markinan bildu* dira. Jai honek berezko zer edo zer dauka. Apartekotasun bat, bertso giro bat. Baina oraindik ez da bere osotasunera eldu. Nahizta biltzen diranen artean anaitasun eta berotasun bat izan, beste bertsolari guztiekin alkartasunik ez dago. Zegaitik hori?

Aldizkari honetatik dei bat, derrigorrezko ta beharrezko dei bat egin nahi deutset etorri ez diran: Uztapide, Basarri, Lasarte, Lazkao Txiki, Lizaso, Agirre, Lazkano, Lopategi, Azpillaga, Mugartegi, Muniategi ta ez dakit beste zenbateri. Dei bat, bildu* garean bertsolari guztien izenean.

Ez ote* dozue nahi bertsolarien alkarterik? Edota, buru makurtze bat dala uste dozue hona etortzea?

Ba dira atxakiak, baina egun horretako konpromisuak ez dira atxakiak noski*. Danok dakigu, jai hau, batasun hau, anaitasun hau urtero ta egun berean egiten dala. Ez dago, bada, konpromisuzko atxakiarik. Edo diruak gehiago balio ote dau holako alkar ezagutze, laguntze, osotze ta maitatze batek baino?

Jai hau berotu beharra dagoala argi ikusi genduan. Horretarako bertsolari guztien kolaborazinoa eskatzen dogu, bai etorri diranen eta ez diranena. Horregaitik bertsolarien eta bertsoaren egoera larri honetan, dei egiten deutsegu bertsolari guztiei, euren laguntasuna emon deioen jai eder honeri.

Baita Euskaltzaindiari be dei egiten deutsagu. Gaur egun kantatzen ari* diran askok ba dauke zetan eskerrik asko emon Alfonso Irigoieneri. Bere txapelketeari esker, bertsoa biztu ta bertsolari barriak sortu egin ziran. Gaur geroago ta erri gutxiagotan kantatzen da. Zegaitik? Ez deutsagu erriari erantzuten? Bertsoa modatik joan ote da?

Bertsolaria ezin daiteke modatik joan. Bertsolaria beti dago egunaren zain eta egun barria kantatzen. Bizi dauan eguna kantatzen. Baina geroago ta bertsolari gutxiago dator. Berotasun bat falta jako, laguntasun bat. Edo euskerearen indarbarritze honetan merituzko lekurik ez ote dauka bertsolariak? Badauka, zegaitik ilten itxi? Behetik asitako txapelketak zegaitik ez jarri? Euskaltzaindiak dauka erantzuna. Erria itxaroten dago.

Ba dago zer gehiago esanik, baina hori urrengorako.

ABEL


Eliza Gaurko Munduan

Eliza Sustraietatik barriztua

Itxi alde batera snobkeria guztiak, eta konbentzidu gaitezan, estilo barri bat sortu behar dogula, gagozan bertan itota gelditu nahi ez badogu. Gaurko Elizea ixtea ez da Elizea ukatzea; "gaurkoa" ez dala onartzen agertzea da. Eta hori ez da txarra, Kristoren Elizeari on andi bat egitea baino. Elizea barriztu nahi badogu, "gaurkoari" bere sustar guztiak kimatu behar deutsaguz. Lehengo sustarrak itxita, asiera barria emoten badeutsagu, denbora asko baino lehen, gaurko okerkerietara elduko gara barriko be. Horregaitik, hain mingarri jakuzan jokaera batzuek ez ote* dira, beharbada, Elizearentzat mesedegarrienak? Elizea itxiten dabenetaz ari* naiz; itxi, barri bat eta santuago bat egiteko.

Nonnahi, esperientzia barriak egiten ari* dira. Isilka, gutxika, Eliza ofizialaren begiratu okerraren zigorpean. Kristinau talde ezagunak eta eraginkorrak, abaderik bako kristinau taldeak. Ez ditugu hemen salatuko; gehiegi maite doguz, beste oztopo bat bidean ipinteko. Frantzian, Zistertarrak daroen bide barri baten urratzea aipatuko dot hemen; ez noski* Zistertar guztiak, talde batek baino.

Côtes-du-Nord eskualdean*, Boquen errian, 1936-an, ordurarteko bizikereaz aspertutako fraile batzuek. Erlijiosoak konturatu egin ziran, Elizearen istituzinoak eratutako bizikerea eta historiak erakutsiriko egia ez zirala bardinak; bien artean leza andi bat egoala. Zer egin? Barriztu. Zelan? Gehientsuen tentaldia izan zan, historia ahaztu eta asierako bizikerea onartu barriro sustarretik. Boquen-eko Zistertar honeek, ostera*, bide okerra zala erixten eutsoen, beste barik, asierako bizikerea onartzeari. Beste garai barri batzuetan bizi zirala konturatu ziran, eta garai barriari dagokion bizikera barri bat sortu eta asmatu behar zala.

Gutxi dira. Baina egia biziteko, bat bakarra ez ote* da asko? Zazpi baino ez dira, iru famili-alkarte osotuten dituelarik. Ugaritu? Tentazino utsa. Buru eta Aita bezala* egiten dauanak honela dino: " Asieran, gure bizitzeari eldu gura eutsoen guztiak artzeko asmoa, ba geunkan. Baina behingoan ikusi genduan, arrisku andiegia zala, hain aldakor ditugun garai honeetan, bizitza osorako gazte batzuek konprometidu eitezan. Zintzo jokatzea dala deritxagu inori aterik ez irigiteari: Eritxi bardina dogu abadegai eta monja bizitzeaz bere; askoz zintzoago jokatzea litzake, abadegaitegietako eta monjen etxeetako ateak itxita eukitea, harik eta bizikera barri baten oinarriak asmatu artean".

Bitartean, zer egiten dabe? Eta etorkizunari buruz zer egin?

Inguruan, kristinau alkartasun bat sortu da, fraileekin zelanbait alkarturik. Fraileen etxea, danen etxea da. Lanean eta maitasunean alkarturik, eukaristia egiteko prest dagoz.

Etorkizunari buruz, ostera*, beste kristinau alkarte txikien "animadore" bezala* izan gura dabe. "Animadore" horreek, ezkonduak nahiz ezkondu bakoak, alkarrekin biziko dira. Batzuek, denborarik gehiena horretan emongo dabe; beste batzuek, gutxiago; bakoitzak bere dohaiari* dagokionez. Batzuek, urte batzuek bakarrik; besteak, bizitza osoan; horretan bere, askatasun osoaz.

Jakina, "gaurko" tradizinoari jarraiturik, horrelako fraileak ez dira "monje" izango. Baina "gaurko" hori bakarrik ote da egiazkoa? Fraile bizitzea mundutik iges egitea —edo munduari agur egitea— bada, orduan ez dira fraile izango. Baina esperientzia hori aurrera daroenen Aitak dinoana entzun daigun: "Beharrezkoena ez da fraile izatea, gizon izatea eta, ahal bada, kristinau izatea baino."

Asmatu edo ez, ez deusku ardura. Aurrera egin nahi izatean dago egia, eta horretan eskertzekoak ditugu fraileok. Behin betirako ahaztu daigun gure politika txarra, egapean burua izkutatu* gura dauanaren politikea. Eskatologiaren testigantzarik ezin daikee emon, "ez gizon eta ez kristinau ez diranak".

Beraz*, urratu daiguzan gure ohitura eta tradizinoak, eta barriztu gaitezan sustraietik, geu lehenengo; eta Elizea bere, barriztua izango da.

Markox Amundarain


Eliza Gaurko Munduan

Bilboko bosgarren teologi astea

Orain asko ez dala, Bilboko V gn. Teologi Astea izan da. Gaur egun teologiaz mintzatzea*, uskeria irudituko jako askori. Zorionez, gaurko teologia eguneroko auzietara jaisten* asia da. Aurtengo gaia guztiz interesgarria izan da: "Kristinau bizitzea ta giza-konpromisua".

Itxurazko gauzea zirudian. Bertan mila ta bostehun personak aurkitu genduan alkar. Amar izketaldi, euren alkarberbeta ta guzti; honezaz gainera, 18 seminario. Ikusten dozuenez, astea ondo orniduta egon zan.

Izketaldi batzuen gaia, atsegingarria zan; adibidez, Giuglio Girardi-ren "Kristinau bizitzea ta iraultzazko* konpromisua".

Astean zehar, alkarrizketako giroa berotzen joan zan. Galdeak*, gero ta zorrotzagoak ziran. Jerarkiak menperatzaileekin daukan artuemona aipatu* zan. Hala ta bere, nahizta alkarrizketetan argi berba egin,

Arrigarria izan da benetan, Bilboko V gn. Teologi Astearen mailako gertaera batek, bertoko egunkarietan* une txiki bat ez aurkitzea, izan balitz... Eta irratia ta T.V., Futboleko Athletiaz itz egin beharra limitazinoak egon ziran, gure gaurko egoera sozio-politikuak dakazan limitazinoak, alegia*. Esate baterako, Aita Aranak, eguneroko orri informatibuan, Carlos Comín eta Mariano Gomis aipatzen* zituanean, espetxean egozala adierazoteko, "une txar" batean aurkitzen zirala esaten eban.

Teologi aste honek, ba, oztopo asko euki dau. Dana dala, era honetako asteak, bertan batu diranen gora-beheran dagoz. Eta hemen, kezka bat datorkit. Ez ote dira aste honeek erabilten, progresista deritxoenen barne-muinak kanpora botatzeko edo euren kontzienziak nasaitzeko?

obeto ez aipatu! Aurten, atzerritar asko etorri zan gainera! Itxi daiguzan gauza honeek.

Teologi aste hau, erriaren zerbitzurako izan ote da? Lehen bere esan dogu zelako oztopoekin aurkitzen dan holako aste bat. Frutuak gero ikusiko dira, batezbere, erriaren aldeko ekintza konprometidu batean.

Aste honetan aurkitu dodan akatsik aundienetarikoa hauxe izan da: Kristinau bizitzeaz eta giza-konpromisuaz jardun genduanean, ez ginan oroitu, Bilboko eliz-barrutiak eta Euskalerriak dauken problematika garratzagaz.

Andoni


Jakin Eta Ekin

Literatura Tradizinoaz

Erdaldunen artean topiko bihurtu da, euskereak literaturarik ez daukala esatea. Euskaldunen artean, barriz, beste topiko bat aurkitu daikegu: euskereak ba daukala literatura bat. Auzia ebazteko, korapiloa askatzeko, puNtu bat zuritu behar litzake lehenengo. Zer da literatura bat? Izkuntza batek, liburu batzuek izkuntza horretan izkribatu diralako, literatura bat badauka, orduan ba dauka euskereak literatura bat, dudarik bage*. Baina nahikoa al da hori, egiazko literatura batez mintzo* ahal izateko?

Ene ustez, literatura bat ez da liburu multzo bat. Zerbait gehiago behar da, izkuntza batek literatura bat daukala esateko. Literatureaz mintzatzeko*, tradizino bat behar da, hau da, kate etenbako bat, gizaldiz gizaldi. Tradizino honexek finkatzen dau literatura izkuntzea eta literatura izkuntzearekin bateari, izkuntzearen literatura berbera. Ez dauka, zoritxarrez, euskereak horrelakorik. Batezbere mugaz honaindiko euskalkietan.

Etxegarai jaunak ikusi eban bezala, ba dauka euskal literatureak berezitasun bitxi bat, osterantzeko izkuntzen literaturekin konparatzen badogu: euskal idazleak alkar ezagutu barik egin dabe lan, batak bestearen barririk ez ekiala. Baina puntu honetan, ba dago diferentzia andi bat mugaz honaindiko eta haraindiko euskal literaturen artean.

Urkixo jaunarekin batera, ez dot nik uste, Etxegarairen eritxia zeharo egiazkoa danik, mugaz haraindiko literatureaz mintzatzen* bagara: Pouvreauk agirian dauka Lizarraga, Oihenarte eta Axularren influentzia eta kutsua*; Axular Etxeberri Ziburukoa, Materre eta Harizmendiren arteko artuemonak ondo ezagunak dira jadanik*; eta XVIII gn mendean*, Etxeberri Sarakoa tradizino haren jarraitzaile bikain agertzen jaku, literatura euskerearen eredutzat Axular jartzen deuskunean. Idazle multzo honeri eta batezbere tradizino honeri eskerrak lortu dau Lapurdiko euskereak bere prestutasuna eta nagusitasuna euskal izkeren artean. Lafitte jaunak aitortu* dauan bezala, lapurtarraren aldeko joerea, tendentzia agiria izan da euskal idazle on guztien artean.

Ezin geinke beste horrenbeste esan bizkaierazko eta gipuzkerazko literaturetaz, tradizino hori benetan urria baita* gure artean. Artu daiguzan Kardaberaz, Arrue eta Mogel, eta konpara daiguzan Axular eta Etxeberri biakaz.

Baina lapurtar klasikoen tradizinoa apurtu egin zan XIX gn. mendean*, eta batezbere mende honetan, nafar-lapurtar dalakoaren bitartez. Honen ondorioz, errikeriaz eta txokokeriaz kutsatu da; eta gure literatura izkuntzea, formatzen ari zana, ahulduz* joan da, gaur egunean mostratzen dauan egoeraraino jaitsiaz*.

Gure mendeko euskal idazleen eginbeharrik beharrezkoena, galdu dogun tradizino hareri jarraitzea da. Hortixek etorriko da euskera idatziaren batasuna. Hortixek bakarrik. Errikoitasun faltsu baten espejismoak liluratzen bagaitu, barriz, ez dogu urte batzuen buruan ezer batu beharrik izango.

Ibon Sarasola


Jakin Eta Ekin

Kurso Barria

Udaldi bero ta gozoa igaro ondoren, ikasleak —txiki ta nagusiak— barriro asi gara eskoletara joaten, galtzarbean* liburuak, paperak eta boligrafua ditugula.

Aurretiaz, gutariko batzuek iraileko* esaminak egin ditugu, udan ikasitako apurrari suberte on batek lagundu deiola desiratuaz*. Kurso barria, ba, asi da: bederatzi ilabete luze ta astun gure aurrean; baina baita itxaropenak be, lanaren laguntasunaz, gure ahaleginak errealidade bihurtuko dirala uste dogu ta.

Egunotan gure arteko gazte askok ta askok erbesteetara urten dabe, ikasketak egitera. Euskalerri aberats honetan (?) ez dago, edozein ikaskintza aukeratzeko* erarik. Madrilera, Zaragozara, Salamancara-ta joan behar, zientzia bila.

Euskalerriak —askoren ustez eta antza danez hain aberatsak— ez dauka Universidaderik. Hemen gazteak ez dauke, euren bokazinoari jarraituaz, gura leukeen ikaskintzea egiterik. (Estaduaren eskolei buruz bakarrik ari* gara).

Goi mailako irakaskintzea bakarrik aztertzen badogu, urteetako ariari jarraituaz, hauxe ikusten da: Lehendik daukagu Ingeneru Eskola bat, gure industrigintzeak eukan premineagaitik egina. Gero, Ekonomiazko Eskolea eregi* da. Gauzak honetara izan doguz oraintsu artean. Azkeneko urteotan, hainbat mintzatu* da eguneroko izparringietan, Bilboko Universidadeari buruz. Berba asko entzun dogu, Universidadea Bizkaiarentzat behar-beharrezkoa dala ta. Baina berba guzti horreek, igaz zabaldutako "Facultad de Ciencias" en gelditu dira. Argi ikusten danez, daukagun guztia teknika alderdikoa da. Irakaskintza sailean gure errian gauzak honetara egotea, ezin geinke esan kasualidade bat danik; industriak ondo jarraitzea gura bazan, eskola horreek lortzea eginbeharrezkoa zan. Honetan, gure industri jabeak buru onez jokatu dabe.

Baina problema garratz bat sortu da era berean. Gure gaztediak gehienbat, bokazino bat baino ezin dau aukeratu* (teknika alderdikoa), erbesteetara nahiz Deustuko Jesuitetara joatea garestiegi* baita* jendearentzat. Teknika alderdiko ikaskintza horreek erriaren aurrerakuntzarako arduragarriak dira; baina ez nahiko, erritasun oso baten aurrerakuntzarako.

Beste alde batetik, beste ikaskintza batzuek gure errian, eta batezbere Bilbon, ez dagozan ezkero, erbesteetatik etorri dira gure artera horretarako preparatuta dagozan irakasleak. Esaterako, lege gizon, midiku, kazetari, eta abar. Gizon honeei errespetu ta eskerrona emoten deutsegu; baina ez egoan gauzak horretara egin beharrik, aurretiaz beste era batera antolatu* balira.

Azkenez, industri jabeentzat eratutako teknika eskolak, sobra antzera dagoz. Erraz* ikusten da, gure teknika eskoletatik urteten daben gazteak ezin dabela tokatzen jaken ofiziorik aukeratu ta bertan jokatu. Gure industriak ez dauka behar aina indar, gure gazte horreek bere kautan lotu ta enplegatzeko. Ta horregaitik, gure gazte asko erbesteetara doaz lan bila.

Hori holan dalarik, ta ondorio legez, ikusten dogu gure erriko industria moteldu egin dala zeharo, ez dala erabarritu, ta erria, aurrerantza barik, atzerantza doala, zoritxarrez. Gure industri jabeak une honetan euren diruak hemen erabilirik, ekonomia modernu batera joten ez badabe, laster batean Euskalerria erri pobre bat, erri atzeratu bat izango da.

Jon Otargi


Jakin Eta Ekin

Euskaldunentzat bakarrik

Euskaldun zarean horreri, arren eskatzen deutsugu, orritxo hau irakurri daizula. Ez da bapere luze, ta beharbada euskerearentzat onuragarri* izan daiteke.

Euskal kezkea, euskal kulturearen kezkea daukagu, zeuk bezala*; ta zelanbait aurrerakada bat emon guraz, zuregana joten dogu, alkarrekin joanaz zerbait lortuko dogulakoan.

Mila bider entzun arren, ez gatoz bat batzuek dinoenagaz, alegia*, euskal idazlerik ez dagoala, euskal irakurlerik ez dagoala. "Nik ez dot irakurten —dinoe askok— ganorazko ezertxo bere ez baita* aurkitzen euskeraz", edo "nik ez daukat idazteko zaletasunik, irakurlerik ez dago ta".

Gauzak honela dirala, ez dogu inoiz aurrera egingo. Goazan, beraz*, soluzino bat emotera. Hona hemen gure asmoak:

1) Irakurle Sail bat batu; eta idazle ta argitaldariei bultz egin, irakurleen eskuetara zernahi idazki eldu daiten.

2) Argitaratu ta zabalduko diran lan guztiak, EUSKERAZ BAKARRIK izango dira.

3) Liburu bakoitza argitaratzean, ondo gogoan eukiko dogu gure kulturearen alde lan egitea; burruka horretara lotuko gara.

4) Liburu honeek "txukun" argitaratuko dira, baina "lujoari" leku emon barik. Praktikoak izan daitezan saiatuko gara, ta ez liburutegietako apaingarri bakarrik.

5) Irakurle talde hau osotuaz, liburuekin sortzen dan kexa bat baztertuko dogu: liburuen garestitasuna. Ziur egon zaiteze, preziorik onenean eskuratuko dozuezala.

6) Aurretiaz ez da inoiz zentimurik kobratuko, liburuak eskuratuta gero baino.

7) Iraunbide bat eukiteko, Irakurle Saila osotuten dabenak prest egongo dira, ilero 60 pesetaren barruan sartuko diran liburuak jasoteko. Honek ez dau esan gura, liburu guztiei, txiki edo aundi, prezio bardina emongo jakenik, ilean ez dala gehiago ordaindu behar izango baino.

8) Egin nahi dogun Irakurle Sail hau osotuteko, gutxienez behar diran beste lagunek (salneurria egokia izan dadin) euren izena emoten ez badabe, baiezkoa emon daben jaun guztiei, eskutitz baten bidez, gertatuaren barri emongo jake.

9) Behar aina jende batzen bada, udazkenean ekingo litzakio liburu zabaltzeari.

Irakurle Sail hau egiteari onurakorra dala baderitxazu, zure ingurukoei jakin erazo eioezu, ta euren izen ta zuzenbideak bidaldu daiezala.

Mila Esker


Jakin Eta Ekin

Durango. Euskal Liburu ta Diskoen Laugarren Azokea

Lau Diputazinoak, lau stand barri ta aundi

Azilaren* batean, Domusantu egunean, goizeko 10-etan asi zan Euskal Liburu ta Diskoen Azoka* hau, Durangoko alkate ta diputadu dan Amorrortu jauna, J. R. Urkixo, Jesus Oleaga eta Gerediagako Batzordea presente zirala. Denbora onari esker eta euskal jendearen goseagaitik, lagun asko ta asko ibili da.

Azoka* honetan ogetazortzi editorial etxek parte artu dabe, guztira 870 liburu eta 136 disko ezbardin presentatuaz. Ogetazortzi editorial horreentzat, 24 stand polit egon dira. Lau Diputazinoak lau stand barri, besteak baino aundiagoak, izan dabez.

Azoka honeri oso interes aundia emon deutsona, ber-bertan estreinatu diran liburu barriak izan dira: guztira ogei bat, eurotatik iru euskera utsean.

Azoka izan dan egun bietan, liburuak 5.000-tik gora, eta diskoak 1.000-tik gora saldu dira. Bigarren egunean, lehenengo egunean baino gehiago. Salketa hori nahikoa da, azoka honen garrantzia ikusteko.

Euskerazko liburuentzat bat, eta erderazkoentzat beste bat, sari bi egon dira. Epaimahaikoak ez dabe oraindino erabagi zeintzuk izan diran saria irabazi daben liburuak. Dirurik ez da emoten, baina sari hori oso estimagarria da.

Aurtengoz liburuentzat bakarrik izan arren, uste da urrengo urtean diskoentzat be beste sari bat egongo dala. Halan izan dadila.

Tarteka, eta guztien alaitasuna beteagoa izan eiten, "Bozkari", Natxo eta "Txori Alai" kantariak egon ziran. Martitegi ta Alberdi, bertsolariak. "Durangoko Itsua", Eusebio Bilbao, soinularia. Igorretatarrak, Goiuritarrak eta Durangoko "Txoritxu Alai", dantzariak.

Azoka hau eratzeak, 200 mila bat pesetaren prezioa dauka. Zorrik ez da inondik bere partitzen; baina, urrengo urtean, ez ote* dogu erarik izango, zorrak garbitzeko? Jainkoak hala nahi daiala.

Ibilten dan jendeagaitik, editorialak agertzen daben interesagaitik eta bertan egiten dan salketeagaitik, azoka hau euskal kulturearentzat guztiz interesgarria dala ikusten da. Orduan, zegaitik ez egin holakoak Donostian, Iruñan, eta abar, eta abar tokitan, gauero inoiz beteko ez diran ametsetak egin beharrean?

Julian eta Angel Zelaieta


Abereak eta Burdinak

Lege sindikal barria

"Ley Orgánica"-ren atzetik, Lege Sindikal Barria ei da Espainiako errejimenaren ekintzarik garrantzitsuena. Ekonomia ta politika internazionalari jarraituaz, aipatutako* ekintza biok, Ley de Prensagaz batera, osotuten eben demokratizazino bidea. Lege honeen azterketeak eta euren erabilte moduak esango eben, benetako ala guzurrezko demokratizazino baten aurrean gengozanentz.

Lege Sindikal hau eratuteko, Tarragonan batu ziran, inkesta* bat egin ondoren, sindikalismuaren hainbat ordezkari, gehienak Mugimentukoak. Lege honen oinarriak jartzeko, konklusino batzuek atera ziran.

Asiera ona ez eban izan barriztatze honek. Espainiako gotzainak, Elizan aurreratuenak izan ezarren, ez zituen konklusino honeek kristinau jokabide jator baten barruan onartu. Elizearen dotrina soziala eta Tarragonan alkartutakoena ez ziran bardinak.

Handik urte betera osotu da Korteetara eroan dan textua; eta han guztiz arrituta geratu dira, balio andiko zerbait izango zala uste ebenak.

Isilune bat igaro ondoren, gero ta komentario gehiago agertzen asi dira eguneroko kazeta* guztietan. La Gaceta del Norte-n bertan irakurri genduan, Solis bera be ez egoala ados* egin danagaz.

Iruñako sindikatuetan dimisino pilo bat izan da, lege barri horreri euren ezetza agertu nahiez. Beste leku askotan (Bilbo, Sevilla, eta abar) kritika garratzak egin jakoz lege barriari, demokratizazinoa dala ta eztala, aukeratutako puestuak dirala ta eztirala, langileen interesak defenditzen ez dirala, ta abar.

 S. P. asterokoan, Garrigues-egaz alkarrizketa bat agertu zan, orain asko ez dala. Gizon honek, kapitalista liberal batek lez agertu eban bere burua; eta Espainiako situazinoa ikutu zanean, bere eritxiak honeexek ziran:

"Espainiako kapitalismua feudal giro batetik urten barik dago, eta aurrerakuntzeak beste giro bat eskatzen dau. Huelgarako eskubidea beharrezkoa da, eta horregaz batera lantegitik kanpora edozein langile bidaltzeakoa be bai".

Lege barrian, elezinozko karguak ez dira goiko mailetaraino eltzen, sindikatuaren ekintzetan muga asko ikusten dira, huelga arloa lehengo lez geratu da, eta, beste gauza askori begiratu barik, langileak lehen bezala* geldituko ote diran bildur gara.

Baina beharbada, arrigarriagoa izango da batzuentzat, kapitalistak eurak be konforme ez egotea. Eta hau honan dala argi dago. Garrigues kapitalistea dana bistan dago; legeari atxakiak ateratzen asi diran egunkariak* kapitalisten eskuetan dagoz; Tarragona prokuradorea, industrial aundi bat da.

Kapitalisten artean be, taldeak ote dagoz? Batak bestea iruntsi nahian ote dabiltz? Zerbait ba dago. Monopolioen jabe diranak —eskuko atzamarrakaz konta leitekezanak— euren ondasunei bakarrik begiraturik, ez dauke aurrerakuntzen beharrizanik. Monopoliora eldu ez diranak, barriz, aurrerakuntzearen atxakiaz, monopoliodunen aurka jokatzeko edo eurakandik defenditzeko, hor dabiltza, langileentzako obakuntza batzuek eskatzen.

Eta langile gizaixoak zer eskatzen daben inok jakin ez.

ANTON


Esperientzia bat

 Larunbat* arratsaldea da.

Bost t'erdietan, aurretiaz esan genduan legez Deustuko San Pedro plazan bost lagun alkartu gara: lau estudiante ta neu. Gure artean, gipuzkoarrak, nafarrak eta bizkaitarrak, baina guztiok euskaldunak.

Automobila artuta, Indautxuko seiretako mezatara joan ginan. Hara eldutakoan, ANAITASUNA aldizkari honen ale batzuek besapean artu, arpidedun barriak egiteko talonario bat, eta boligrafoa.

Eliz-atarian, jendearen zain jarri ginan.

Asi zan jendea etorten, eta ANAITASUNA-ra arpidetuteko eskatzen geuntsen. Banaka batzuek, euren izenak eskaintzen* euskuezan. Beste batzuek, lehendik arpidetuta egozala esan euskuen. Beste askok, ez ekiela irakurteko beste euskeraz.

Mezatatik urtekeran, lan bardina; eta jendea joan zanean, errekontua egin genduan: 12 suskritore barri.

Gero, automobila artu, ta Iralabarriko frantziskanoen euskal mezatara. Han, 8 arpidedun barri.

Gauean, ilun zalarik, Zurbaraneko sakramentinoen euskal mezatara. Arpidedun barriak, 9.

Gaueko bederatziak ziran, barriro Deustura eldu ginanean; eta ikusi zeintzuk izan ziran esperientzia honen ondorenak: 29 arpidedun barri ta 17 ordu lanean (5 lagun, bakoitzak 3,5 ordu).

Urrengo egunean, igandean*, Deustuko San Pedro elizan eta San Antonekoan ibili ginan. Lehenengoan 14 arpidedun barri, ta bigarrenean 29.

***

Eta ANAITASUNA-ren zabalkundeari jarraiturik, beste esperientzia bat egin dogu Deustun: etxerik etxe, euskaldun familia guztiakana joaten asi, arpidedunak egiteko asmotan.

Lehenengo aprobadea egiteko, amabi atetan jo dot; eta familia guztiak, amabiak, arpidedun egin dira (ordu t'erdiko lana).

Sarri askotan ibilten gara lamentazino utsetan: euskerea galtzen doala ta horrelakoak esaten. Baina hemen irakurri dozuen legez, zeuek be zeredozer egin zeinkee euskerearen alde.

Nik ez zaitut ezagutzen, irakurle. Ez dakit nongoa zarean, ezta nor zarean bere (andra ala gion, zahar ala gazte). Baina euskerearen alde ezer egin nahi badozu, egizu, zeuk bakarrik nahiz beste batzuekaz taldean, guk hemen Deustun egin doguna: euskaldunakana joan eta ANAITASUNA artzeko eskatu. Ehun pesetako suskrizinoa ordaindu ezkero, amabostero elduko jake aldizkaria, gai interesgarriak dakazana, erraz* ulertzekoa, bizkaieraz eta euskerearen batasunari begira idatzitakoa.

Gure elburuak* izan behar dau, ANAITASUNA euskaldun familia guztietan sartu dadila. Bizkaian, 50.000 arpidedun gutxienez lortu behar doguz. Ez doguz behar betikoak, euskera arloan lehendik arduratzen diranak. Besteak behar doguz, euskaldun epelak, otzak, eurengan euskerearen aldeko zaletasuna sortu edo indartu daiten.

Epelak eta otzak batzeko, eurakana joan behar dogu, etxerik etxe. Eurak ez jakuz berez etorriko.

Asi zaitez gaur berton lanean, irakurle. Egin zaitez ANAITASUNA-ren zabaltzailea, propagandistea. Zoaz ezagutzen dozuzan euskaldunakana, batezbere otzak edo epelak diranakana, ta eskatu eioezuz izen-abizenak eta zuzenbidea, ta gero ANAITASUNA-ra bidaldu (Bengoetxe, 33 B, Galdakano), Esan eioezu ez dabela aurretik ezer pagatu behar (errenboltsoz, hau da, karteroak kobratuko deutsez urtean 100 peseta), ta errebista on bat artuko dabela.

Guztiok lanean asten bagara, Gabonetarako 5.000 arpidedun eukitera eldu geintekez, eta gure ANAITASUNA hau koloretan argitaratu ahal izango geunke.

Ea ba, zelan lan egiten dozuen.

Xabier Gereño


Ikasi Zure Izkuntzea

I.—Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

AUKERATU, hautatu, elejidu.

AZOKA, merkatu, feria.

BAGE, baga, barik.

BAGIL, junio.

DOHAKO, gratuito.

EREGI, jaso, eraiki.

EROSO, cómodo.

EUSKARRI, eutsigarri, apoyo, agarradero.

GERTU, prest.

IRAIL, septiembre.

IRAULTZA, erreboluzino. (Berba barria).

ITAUN, galde, pregunta.

LOBEDAR, lo eragiteko bedar, adormidera.

OLA, fabrika.

ONURAGARRI, probetxugarri.

OSTERA, barriz.

SARTALDE, eguzkia sartzen dan aldea, Oeste.

SORTALDE, eguzkia sortzen dan aldea, Este.

URIGINTZA, urbanizazino.

Euskera bateratukoak

AHUL, makal, débil.

AHULDU, makaldu.

AHULERIA, makaltasun.

AIPATU, aitatu.

AITORTU, autortu.

ALEGIA, hau da, a saber.

ANTOLATU, eratu, atondu, organizatu.

ARI IZAN, jardun.

BAITA, bait da, da ta.

BAITIRA, bait dira, dira ta.

BAITZIRAN, bait ziran, ziran eta.

BARREIATU, dispersar, desparramar.

BERAZ, hori dala ta, horregaitik, por consiguiente.

BEZALA, legez, lez.

BILDU, batu.

DESIRATU, desiatu.

DOHAI, dohe, don, carisma.

ERRAZ, errez.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrezidu.

GARESTI, karu.

HAUTATU, aukeratu, elejidu.

HELBURU, fin, objetivo.

IFERNU, inpernu, infernu.

IGANDE, domeka.

IZKUTATU, ezkutatu.

JAITSI, jatsi, bajatu.

KOLPE, golpe.

KUTSU, contagio, resabio, dejo.

LARUNBAT, zapatu.

LILURATU, fascinar, deslumbrar, seducir.

MENDE, gizaldi, sekulu.

MEZU, mandatu, mensaje.

MINTZATU, berba egin, mintzo izan.

MOTA, mueta, klase.

NOSKI, ciertamente.

OHAR, nota, advertencia.

OSTIRAL, bariku.

OTE, ete.

XEHETASUN, detalle, circunstancia, pormenor.

Beste euskalkietakoak

ADOS, akort, konforme.

ARRAS, guztiz, zeharo.

ASTEKARI, asteroko periodiku.

AZIL, noviembre.

EGUNKARI, eguneroko periodiku.

ESKUALDE, comarca.

GALDE, itaun, pregunta.

GERTU, urre.

INKESTA, encuesta.

JADANIK, erderazko ya.

KAZETA, periodiku.

MINTZO IZAN, mintzatu, berba egin, itz egin.

OIHARTZUN, eco.

PROLETALGO, proletarioen gizartea.

SAIAERA, ensayo.

ZUZPERTU, berbiztu, revivir.

II.—Idazteko modua

TXARTO:

Ez dakit zer zarean, andra edo gizon, zahar edo gazte.

Gara edo ez gara?

Lege honen azterketeak esango dau, benetako edo guzurrezko demokratizazino baten aurrean gagozan edo ez.

Abade batzuek kalte aundia egin deutsoe euskereari eskualde honetan, asi Arrigorriagan eta Usansolorarte.

Maiatzaren zazpitik bederatziraino.

Animadore horreek, ezkonduak edo ezkondu bakoak, alkarrekin bizi dira.

Egizu zuek bakarrik edo beste batzuekaz.

Ohitura horreek eldu jakuz itzaren edo idatziaren bidez.

Hau ondo baderitxazu, bidaldu eiguzuz zure izena ta zuzenbidea.

Begoña Abaitua, 28 urtedun neskatila lirain bat dogu.

Ikusteko zelako aurrerakadea egin daben Basaurik, jakin daigun, 1860 gn. urtean, 831 bizilagun bakarrik zituala.

Kristiñau bizitzeaz eta giza-konpromisuaz jardun genduanean izketan, ez ginan oroitu Euskalerriko problematika garratzaz.

Indautxuko seiretako mezara joan ginan.

Hara hor kantantearen lan bat.

Zelako seme momorroa!

ONDO:

Ez dakit zer zarean, andra ala gizon, zahar ala gazte.

Ba gara ala ez gara?

Lege honen azterketeak esango dau, benetako ala guzurrezko demokratizazino baten aurrean gagozanentz (gagozan ala ez).

Abade batzuek kalte aundia egin deutsoe euskereari eskualde honetan, asi Arrigorriagan eta Usansoloraino.

Maiatzaren zazpitik bederatzirarte.

Animadore horreek, ezkonduak nahiz ezkondu bakoak, alkarrekin bizi dira.

Egizu zuek bakarrik nahiz beste batzuekaz.

Ohitura horreek itzaren nahiz idatziaren bidez eldu jakuz.

Honeri ondo baderitxazu, bidaldu eiguzuz zure izena ta zuzenbidea.

Begoña Abaitua, 28 urteko neskatila lirain bat dogu.

Basaurik zelako aurrerakadea egin dauan ikusteko, jakin daigun 1860 gn. urtean, 831 bizilagun bakarrik zituala.

Kristiñau bizitzeaz eta giza-konpromisuaz izketan jardun genduanean, ez ginan oroitu Euskalerriko problematika garratzaz.

Indautxuko seiretako mezatara joan ginan.

Horra hor kantantearen lan bat.

Hau bai seme momorroa!


Ezagutu gure erria (4)

Bilbo Aundia. II. Urbi Inguruko Erriak

Bilboko sarreran ibai bik, Ibaizabal eta Nerbionek, bat egiten dabe Urbi deitzen jakon tokian. Bere inguruan bost erri daukaguz, Bilbo Aundiko eskualdekoak*: Arrigorriaga, Basauri, Zaratamo, Galdakano ta Etxebarri. Izen kolektibu bat aukeratzean*, ibai bien alkartze tokia autatu* dogu: Urbi.

Eskualde hau olaz*, fabrikaz, josia dogu. Bost errietan daukaguz mota* askotako olak: laminazino, txapa, sukalde, edari, lejia, goma, plastiku, eta abar. Somorrostro aldea industria gehiagokoa baldin bada, hau desbardintasun ugariagoduna da. Lehen ortu ederrak ziranak, orain kez beteta dagoz. Askotan jazoten dana hauxe: orturako tokirik onenak olaz* beterik; baina kasu honetan, Bilbo ondoan eukitzeak bere baldintzak ditu, ta bat industria ezartzea.

69,09 km.2 ta 62.925 bizilagun ditu eskualde* honek, azkenengo kontaketeak dinoskunez (1965). Urbi eskualdeak nabarmenen agertzen dauana, urigintzarik* eza da; ta orain plan bat eginda egon arren —Bilbo Aundiaren Urigintza Plana—, zuzenketa hori berandu egina ta eskasa da, industriako jauntxoen azpikeriak euren burpila emon deutsoe ta.

Ibai biak bat egiten badabe, iru bide nagusiak bere bat egiten dabe: Irubide-n Orduñatik Gaztelarantz doanak; ta Urgoitiko Oilarraren ondoan, Donostiara ta Gazteizerakoak. Bidegurutze biok indar aundia emongo deutsoe eskualde honeri; ta laster Bilbo-Behobiako autobide nagusiak bere bai, bertan —Basaurin— asten dalako batetik, eta lehengo bide sarrerea Urgoitiko Oilarrean izango daualako bestetik.

Euskereak atzerakada aundia egin dau eskualde* honetan. Kanpotar uiol aundi bat sartu dalako? Nik uste, horrez gainera, bertako jendeak, batezbere euskaltzaleak, izkuntza kontzienzia motela edo okerra izan dabelako; eta euskerearen folklore eritxi bat izateak bere, berea egin daualako. Ba diardu euskeraz ikasten ume ta nagusi mordoxka batek, eta horrek berea egingo dau. Ezin dogu aipatu barik itxi, elizgizon batzuek zelako kaltea egin deutsoen gure izkuntzeari, asi Arrigorriagan eta Usansoloraino. Euren errua bere ez da makala.

Eskualde honen mendi nagusi biak, Ganguren iparretik eta Upo egoaldetik dira.

Arrigorriaga

16,36 km.2 ta 8.495 bizilagun. Bere auzoak, erriburuaz gainera: Agirre, Larrasko, Martiartu, Ollargan eta Arraizpe (La Peña). Bere barrutiak burdin-meatze* bat dauka, Montefuerte izenekoa. Horrez gainera, lantegi batzuek be ba ditu, nahiz eta beste erriak beste ez. Kondairegile batzuek dinoskuenez, 870 gn. urtean bizkaitarrak —Jaun Zuria buru ebela, ta Santxo Estigiz, Durangoko Jaunak lagundurik— Leondarrei irabazi eutseen, Padura eritxon tokian, gudaketa odoltsu baten. Arriak bere gorritu egin ei ziran ta hortik ei dator Arrigorriaga izena.

Erri honetako semea dogu, orain ehun urte, 1.869-an, Zarautzen il zan Aita Jose Antonio Uriarte, frantziskotar euskaltzale jakituna. Bonaparte Printzearen laguntzailerik onenetarikoa, eliz-liburu eder ugari egin zituan, batezbere Bibliaren zati aundi bat gipuzkeraz. Olerkaria bere izan zan. Gure izkuntzearen alde hainbeste lan egindakoa, tantai baten antzekoa agertzen jaku euskera arloan, bere garaian; benetan merezi dau bere erritarrak gomutatzea bere ehunurteburuan. Gizon prestuekin gogoratzea gizonena baita* arrigorriagatarrak, erri gizontasuna guztiz galduta ez badauke, gomutatu beitez aurten euren erritar ospetsu Jose Antonio Uriartegaz.

Basauri

7,16 km.2 ta 33.432 bizilagun. Arizgoiti (erriburua), Bidebieta, Urbi, Elexalde dira bere auzoak. Ze gorakada aundia egin dauan ikusteko, jakin daigun, 1860 gn. urtean, 831 bizilagun bakarrik zituala. Industria aundiko erria, Euskalerrian ugarienetarikoa: Basconia, Firestone, Edesa, Ceplastica ta beste asko. Bertan diardue egiten Merca-bilbao izeneko Bilboren azoka* barria; gure errietako baserri gauzak hara joan beharko dabe, inoren eskuetan ixteko gure baserritarrak alkartzen ez badira. Bertan ezingo dabe zuzenean erriari saldu. Gure izkuntza ia arras* galdua, gazte batzuen artean zuzpertzen* asia dala esan leiteke.

Zaratamo

9,99 km.2 ta 2.132 bizilagun. Erriburuaz gainera, Arkotxa, Burbustu-Altamira, Gutiolo ta Mayordin-Barrondo dira bere auzoak. Orain 130 urte inguru Basauri ta biok askatu ta aldendu egin ziran Arrigorriagatik. Zaratamo, eskualde honetako errietatik baserritarrena da; ba dauka auzo bat, Arkotxa, ola* ugariduna. Bertan bizi da beste auzo guztiak batuta baino jende gehiago.

Galdakano

32,20 km.2 ta 14.535 bizilagun. Bere auzoak, erriburuaz gainera: Agirre, Arteta-Bekoa, Bengoetxe, Aperribai, Elexalde, Gumuzio (Erletxes txarto deitua), Urgoiti, Usansolo ta Zuatzu. Eskualdeko erririk zabalena, urigintza* aldrebes bategaitik erri itxura ta batasun gutxikoa. Balio aundikoa, Andra Mari eliza zaharra, Bizkaian antzinako lehenena.

Ekonomia nagusia industria izan arren, oraindik baserri mordo ederra dauka Galdakanok.

Etxebarri

3,38 km.2 ta 4.331 bizilagun. Erriburuaz gainera, Legizamon eta San Antonio dira bere auzoak. Bilbotik erririk gertuena*. Industri erria izan arren —"Laminación en Bandas", Basconia ta Altos Hornos de Vizcaya-rena, bertan dago— erri inguruko urigintzea egoki samar eratu dau Etxebarrik, ta bide nagusiaren alboak polito apaindu.

J. L. Lizundia