ANAITASUNA

BIZKAIA

170 gn. zenb. — 1968, urrillak 15 — 4 pta.

Torre, 3, 1.º - Bilbao (5). Tel. 24 14 67


ANAITASUNA

amabosterokoa

17

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5) — Tel. 241467

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 170 gn. zenb. — 1968, urrillak 15

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


"Humanae Vitae". Katolikuen eritxiak

«Humanae Vitae» entziklikeak, askotariko eritxiak sortu erazo ditu mundu guztian zear. Ez da izan arritzekoa.

«L'Osservatore Romano»k diñoanez, eskutitz asko eldu dira Vatikanora, Aita Santuaren entziklikea laudatzen eta goratzen dabenak. Gutun* orreek bialdu dituenen artean aurkitzen dira: Urbani kardinala, Italiako obispoen ordezkaria, Gilroy kardinala, Sydneyko artzobispoa, Boston, Los Angeles eta Washingtoneko artzobispoak, Manilako Santo Tomas Unibersidadeko irakasleak eta abar. Baiña asko izan dira izan be, mundu guztian zear entziklikeak sortu erazo dituan ezbaiak eta kritikak.

Gaur egunean, interes aundia dauko edonon jaiotzen auziak. Orregaitik, Aita Santuak gizon guztieri zuzendu deutse bere eskutitza. Eta mundu guztitik eta gizamailla guztietarik* etorri dira eritxiak. Eritxi batzuk alde, beste batzuk kontra. Jente asko, pozaren pozez, atsegin urtika*; beste asko, ez otz ez bero, «eguna beioa* ta gaua betor»; beste enparaduak, siñistu eziñik, turdiduta.

Katolikuen artean be, desbardiñak dira eritxiak. Eta desbardintasun onetan, ba dauka zerikusirik geografiak. Nongoak direan katolikuak, alakoxeak dira gitxi gorabeera eritxiak. Errialde anglo-saksonetan, sakon sustraituta dago aspalditik jaiotzen kontrola, bai gogoetan eta bai ekanduetan*. Errialde orreetarik* etorri dira kritika gogorrenak entziklikearen kontra. Errialde latinoetan barriz, bete betean jarri dira geienak Aita Santuaren alde; batzuk, erdizka; beste batzuk ostera*, badaezpadan-edo, ixilik geratu dira. Irugarren munduko errialdeetan, gobernuan dagozanak esan dabe, Aita Santuaren dotriñea guztiz estimagarria izanarren, eurak aurrera eroango dituela, oraiñarte legez*, jaiotzak neurtzeko planak; erriko jentea barriz, zuur eta begiratu agertu da, auzi onetan argi geiago egiñarte.

 Obispoak, jakiña, entziklikearen alde dagoz; euretariko batzuk, orregaitiño*, argi ta garbi autortu dabe, gauza gatxa izango dala erriko jentearen obedientzia lortzea, Aita Santuaren irakaspena gai* onetan utseziña ez da ta. Teologuak, «zabalenak» beintzat, auzia oraindiño ebatzi* barik dagoala diñoe. Bardin esaten dabe abade askok eta askok. Baiña laikuak izan dira, mundu guztian zear kritika gogorrenak egin dituenak, auzi onetan beste iñok baiño geiago eurak jokatzen dabe ta.

 Beste kristiñauak, arrituta geratu dira Aita Santuaren intransigentziaren aurrean, euren arritasuna neurrizko berbakaz adierazo dabe baiña. Prentsea barriz, polito baliatu da auzi onegaz, al danik zarata ta probetxurik geien atarateko. Gobernuak, ia danak, ixilik egon dira eta oraindiño ez dabe agertuki* emon eritxia. Medikuak, geienak, kontra jarri dira.

Auxe da, gitxi gorabeera, «Humanae Vitae» entziklikea dala ta, oraiñarte agertu direain eritxien egoerea.


Erriz erri

Nabarniz

Ezkontzak

Agostuaren 2'an, Enekuriko Ama Fatimakoaren oiñetan ezkondu ziran Onaindi baserriko Maria Luisa Goiriena ta Aiangizko Jose Olaeta.

Agostuaren 24'an, bertoko eleizan, Maria Bitoria Ikazuriaga ta Busturiko Sekundino Mestraitua.

Iraillaren 14'an, bertoko eleizan, Eufrasia Ikazuriaga ta Belendizko Iñazio Arrien.

Zorionak danoi, eta luze luzea izan dakizuela artu dozuen biziera barria!

Gaixorik

Bilbaoko Anduiza osategian aurkitzen da Bitoriano Etxebarria, Nabarnizko errementari entzutetsua.

Ainbat ariñen osatu daitela opa deutsat, eta bere seme-alabai laguntzen deutset naibage onetan, batezbe bere alaba Natiri.

Jaiotzea

Onaindi baserriko Andresa Arrate ta Emilio Goirienak, semetxu bat izan dabe, zazpigarrena. Lau seme ta iru alaba ditue. Txikitxuari, Mikel euskal izen polita ipiñi deutsoe.

Zorionak, senar-emazte adiskideok! Goiko Jaunaren onespenak zuekin dozuez, olako lora sorta ederra ornidu dozuelako.

Errirantz

Ipar Amerikatik etorrita, emen agurtu dogu Alejandro Arriola. Betiko lez, mutil ederra etorri da.

Ondo etorria ta zorionak. Ta kontuz ibilli, zeuk nai baiño len neskatillaren batek sarea bota ez deizun.

Habitu jaztea

Iraillaren 3'an, Zarautzen izan dira Merikaetxebarriatarrak, euren semetxu Anjel Mari, fraille jantzi zan eguna ospatuten. Pozik etorri dira.

Zorionak, Anjel Mari! Aldatz gora zoaz, gazte. Baiña ez zaitez jarri atzerantz begira. Beti aurrera ta gora. Goian dago zelaia ta atsedena. Ara eldu arte ekin, egunen baten zeure abots polita entzun daigun, erriko eleiza eder onetan «Jauna, zuekaz» esaten dozula.

Arantzazuko Amari ta Aita San Prantziskoari eskatuko deutset, euren seme zintzoa izan zaitezala; baiña euskerea aaztuta itxi barik izan daitela.

Erriko jaiak

Beti bezela*, iraillaren* 8 ta 9'an ospatu doguz erriko jaiak.

Andra Mari egunean, amaika ta erdietan izan genduan meza nagusia. Aita Gotzon Urrutia, erriko semea, izan genduan meza emoille ta izlari; laguntzailleak, Morga ta Belendizko abade jaunak; Don Rikardo, erriko abade jauna, meza zuzentzaille; eta Pedro Mari Garatea, organua joten.

Bigarren egunean, Morgako abade jaunak emon eban mezea; baita itzaldi ederra egin be, egun orretan arimen eguna ospatzen dogu ta.

Eleizatik kanpora ez dago zer esanik. Igaz, Gernikatik bialdu euskuezan ezpata dantzariak eta baita bertsolariak be; aurten, eguraldi ederra bakarrik. Baiña bera uste dot goitik etorri jakula, beetarrak bialdu barik. Zorionez, emen egoan Roman, Arratzuko txistularia; ta naita goitik berotu, dantzan egin eben batzuk meza ostean.

Gero, «La Unión» orkestea be emen izan dogu.

Astillas'ek ederto abestu eban. «La, La, La» be, Massielek berak baiño obeto. Baiña, tamalez, ez neutsan euskal abestirik entzun. Lertxundi, Ormaetxea, Amilibia ta abarrek kantetan dituen euskal abesti batzuk, pozik entzungo genduzan guk Nabarniztarrok; baiña, ulertu ezarren be, erdal izkuntzaz asetu bear belarriak.

Iraillaren* 15'ean, omenaldi* bat egin deutsee probalari zaarrai: Teodoro Artiatx, Jose Benito Urtubi (Rubio) ta Martin Ondarzari.

Teodoro Artiatxen beiakaz, meza ostean, proban egin eben iru zaarrok, baita 24 untze egin be. Orretarako, jakin egin bear da lanean.

Gero, euron omenez*, Gernikako «Elai Alai»ko gazteak dantzan egin eben. Zorionak, zaar eta gazteok!

Eriotzak

Iraillaren* 13'ean, bere bizitzako 80 garren urtean agur egin deusku Andresa Gerrikagoitiak. Goian bego!

Bere senar, seme alaba ta familiako guztiak artu beie nire agur samiña.

Egun bi geroago, joan egin jaku baita erriko zaarrena be: Hilaria Urberoaga, 92 urtegaz. Goian bego!

Neure dolumiñak bere seme-alabai.

Ez daiguzan aaztu emen munduan ain zintzo jokatu daben emakumeok. Euren alde otoitz bat eskatzen deutsuet.

LORETXU

Markiña

Agurra

Iraillaren leenengoan izan eben euren agur egitea, Arenillas deritxon misiñora joan diran iru misiolariak: monja mertzedetar bi eta Abeletxe baserriko neskatilla gazte bat.

Misiño ori, guztiok dakigunez, Bilbaoko diosesiaren ardurapean dago.

Erdotzako jaiak

Bezperatik entzun ziran bolandera ta kanpai zaratak ugari. Goizean goiz, Andra Mariaren jaiotza egunari asiera emoteko, txistulariak soiñu gozoakaz ibiltaldia egin eben inguru aretan. Meza abestua amaiketan; polito bete zan eleizea. Meza ondoren tanboril-txistu soiñuagaz gazte taldea batu zan, eta aurresku ta dantzakaz gogoz jolastu ziran danak. Gero, guztieri eskerrona agertzeko, mama gozoa ta janaria ugari eskiñi eben toki aretako zuzendariak. Txaloak guztieri; eta aurrerantzean be, jarrai orrela.

Santa Eufemia

Euri eguna benetan, mendirako ezegokia. Baiña alandabe, banaka banaka igon eban jenteak eta eguerdirako mordotxua batu zan. Errian bolandera baten zaratarik ez zan izan egun guztian. Egia esateko, tresna orreik alaitasuna emoten deutsoe erriari. Ea ba datorren urtean ez dan jazoten beste orrenbeste.

Arratsalde ta gauean, pelota jokoak jarri ebezan. Gauez batezbe, pelotazale ugari batu zan erri aldean.

BAKEZALE

Arratia

Ona emen Arratiko iru erri: Arantzazu, Igorre, Dima. Bertoko gazteak gaurko eran bizi gura dabe, alkartuta, bat eginda; poz eta atsekabeetan alkarreri lagunduten deutsoe, bizitza barriak sortzen dauan egarria asetu nairik.

Lenengo erri biak, ez buruauste barik, bakotxa bere batzokitxuagaz jabetu zirean; eta ze maitekor batzartuta ikusi izan dodaz, batez bere Arantzazuko «Arantzak», zapatu arratsalde ta jai aurreko illunabarretan, urrengo egunerako mendi ibillera edo beste edozelako jolasen* gertakizunak* egiten, bular bategaz aziak balira lez. Zatoz, irakurle, edozein zapatu arratsaldez Arantzazura, ordu bat naiz bi pozik igaroko dozuz eta; batez bere Puri Ipiñaren miin zolia arteko danean.

Dimatarrak, emendik jo naiz goitik edo beetik, ezin lortu dabe eperdi bete leku, auzotarren antzera batzartuteko. Oztopo ta eragozpena besterik ez dabe. Eta aretarako edo orretarako asmorik izan dabenean, laster etorri jake txistadea*, kontuz ibilteko. Abade errikoi eta gaztezaleagaz adiskidetasun beroan biziteagaz be, naikoa buruko min sortu izan jako bati baiño geiagori. Au dok plagea, mutillak!

Gaur, lurrean direan erri zapalduak, indar pitin bat dabenak, danak dabiltza, buztarri* edeak* apurtu gurarik. Dimako gazreak ostera, indar obeto egiteko, buztartuta ikusi gura dabez euren biotz eta gogoak; baiña dana alperrik: askatasunik ez, eta eskatuten daben buztarria gitxiago. Gaurko gizon elduak, euren era bakarrean eta setati* erria zuzentzen dabenak, eleiz-ondoko «ormarte baketsura» joaten direanean, nor izan leiteke orduan erri zuzentzaille, eskubidea zer dan ez dakiela gizonduten direanen artean? Erri atzeratuen etorkizun illuna besterik ez da ikusten.

A. LANDAJUELA

Ermua

Margarita Pedratxa il jaku

Margarita Ormaetxea (Margarita Pedratxa) il da. Ermuko euskaltzaleak oso samindurik gagoz; ain zuzena, ain apala ta langillea zan, guztiok maite genduan. Gazterik alargunduta eta ondorengorik bage, maitasun bi ebazan: eleizea ta euskerea. Noiznai eleizara joan ezkero, an egoan bera zeredozertxo gertetan*. Esan geinke, egunagaz batera bear onak egiten asten zala, ze berak eukan arazoa, goizean goiz Aramaitakoa* joteko; eta azkenengo ordurarte, utsik egin barik bete eban ardura ori. Euskal zaletasunean ostera*, erri guztiak daki zenbat sufridu eban. Euskaldunik bazan, a bai beintzat. Orregaitik, euskaltzale guztieri eskatzen deutsegu, arren, otoitz bat bere arimearen alde.

Barri on bat

Uste dogu, urria bukatu ordurako, gure erriko umeak euren ikastolea prest eukiko dabela. Orretara aleginduten gara. Ea egia ete dan barri eder au.

ARANBERRIA

Zeanuri

Erriko jaiak

Erri geienetako jaiak, udaldian izaten dira. Zeanurin be, gure erriko jai nagusiak izan doguz: Andra Mariak.

Jaietan batez be, erritik kanpora bizi direan erritar asko etorten dira euren jaioterrira. Emen ikusi doguz guk be zeanuritar asko. Erritik kanpora bizi arren, euskal aldizkarien bitartez bertoko barriak jakiten dabezala esan deuskue; eta barri geiago jakin gura leukeela-ta, aurrerantzean be idazteko eskatu deuskue.

Zeanurik, beti euki dau abade erriaren izena; eta ortik zear dabizan eleizgizon asko agurtzeko erea izan dogu jaietan: abadeen artean, Victor eta Fermin Etxebarriatarrak, Fidel Sagarna ta Ander Manterola; frailleen artean, Zuluaga anaiak, Ozerinjauregi, Añibarro, Astondoa, Egiluz, Gorostizagoiza, eta abar.

Erri gizonen artean, Basilio Pujana, Bilbao aldean EGOSI izeneko lapikoak egiten dituana. Arratiko bertsolaririk ospetsuena dogu berau. Orain dala urte batzuk, Bilbaoko Erri Irratitik entzuten genduzan bere bertsoak; baiña «Euskal Ordua» kendu ebenetik, ez daukagu orretarako be erarik.

Eta, ze jaialdi izan dogun? Betikoak gitxi gorabeera: pelota joko batzuk, euskal dantzak, bertsolariak. Bertsolariak direala ta eztireala, zeredozertxu esan gura geunke. Zeanuriko agintariak eratu dabez jaiak, eta bertsolariak be ekarri dabez. Ondo ikusten dogu. Baiña egun batzuk leenago, Zeanuriko auzune bateko jaiak be ba zirean: San Lorentzoak. Auzune onetako gazteak jaialdi txiki batzuk eratu gura ebezan, eta bertsolariak be berbatuta eukezan. Alkateagana joan zirean baimen eske, eta ukatu egin eutsen. Geienean be, bertsolariak etortekotan, idatzita eroateko aurrez, bertsoetan esango ebena. Onen aurrean, zer esan be ez dakigu. Parkatu, alkate jauna, baiña ez dakizu bertsolariak zer direan.

Ibiltaldi eder bat?

KILI KILI aldizkariak sari bat jarri eban, euskeraz idazten punturik geien lortuten eben umeentzat. Iru eguneko ibiltaldia zan sari nagusia. Zeanuritik, Mari Carmen Emaldik irabazi eban sari ori. Oso pozik etorri zan, Euskalerriko txokorik politenak ikusi ondoren.

Ze bide ederra Kili Kilirena, euskerea indartzeko! Zorionak eta jarrai!

Udazkena

Udagoienean jente askok igoten dau Gorbearantza. Batzuk mantzanillea batzen, perretxikotan beste batzuk; eta azkenez beste askok, mendirako garairik* onena udagoiena dalako.

Perretxikotan doazanak ez leukee Gorbearantz igon bear, German Axpegaz egon barik. Berak emongo deutse barri ondo be ondo perretxiko zaleai, nondik nora ibilli bear daben asko batzeko.

Ezkontzak

Ipiñaburuko Juanita Gortazar, neska jatorra, Billaroko Jabier Etxebarriagaz.

Iturbetar Mari Carmen eta Mari Begoña aiztak, Zeanuriko Jose Mari Izagirregaz eta Ondarrabiko Arcadio Jaime Kanpandegigaz.

Eriotzea

Bere bizitza guztia Zeanurin igaro ondoren il jaku Ramon Manterola, Zeanuriko botikarioa. Atsekabean lagunduten deutsegu bere alargun eta seme-alabai.

GORBEATARRA


Leen eta gaur. Eleizearen indarra ta influentzia

Azkenengo artikuluan ikusi genduan, Frantziako Eleizeak sekula euki ez dauan itzala eta errespetua eukala gaur, bai Errian eta bai Erri orren agintarien aurrean.

Eta gaur bururatzen jakun itauna auxe da: Ondo dago kanpoko jazoerak jakitea; baiña ez al dago obeto etxekoakaz jabetzea?

«Nosce te ipsum», esaten eban aspaldiko gizon jakintsu filosofuak: «Ezagutu zeure burua».

Orretan saiatuko* gara gaur. Gaiñera, etxean ikusten ditugun jazoeren ondoren, bearrezkoa dogu ezagutza ori.

Iñon eta iñoiz Eleiza batek «indarra ta influentzia» euki badau, Espaiñiako Errian izan da. Monarkia, betidanik*, urteetan eta urteetan Estadu katoliku bat izan da.

Estadu orretan, Eleizeak ez eban iñongo eragozpenik ezagutzen bere lanetarako. Laguntza eta askatasun osoa eukan, edonon eta zelangura komeni jakon zabalkundea egiteko, Jaungoikoaren dotriñea irakasteko.

Bestalde, Eleizearen arerioak iñongo eskubiderik ez euken, erlejiño katolikuaren aurka ezer egiteko.

Bide zabal aundia eukan Eleizeak, mundu guztia, zaar eta gazte, gizon eta emakume bereganatzeko.

Ez da beraz* arritzeko, garai* atako itzaldi eta egunkarietan* esatea, munduan ez egoala Espaiñia baiño Erri katolikuagorik. «Aranzazu» aldizkarian irakurten genduan: «...nuestra España católica... hijos predilectos de la Iglesia... nuestro catolicismo tradicional...», eta abar.

Egia ete zan itxurazko edertasun ori? Ikus daiguzan jazoerak.

Langilleak eta Eleizea

Zelakoak izan zirean «indar eta influentzia» orren ondorenak langilleen artean?

Erantzuna Gil Robles, Espaiñiak ezagutu dauan gizon katolikuenetariko batek emongo deusku, aurten berton argitaratu dauan «No fue posible la paz» izeneko liburuan.

Irakurri, siñismendun gizon orrek idatzi dauana (IV gn. kap., 63 gn. orriald.):

«Al advenimiento de la República la población proletaria de los grandes núcleos industriales y de las ciudades populosas vivía totalmente apartada de la Iglesia, y sumida en la miseria moral más espantosa, derivada en gran parte de su propia miseria física. Ese cuadro de dolor y de miseria se ha desarrollado durante años y años, a unos cuantos centenares de metros de los barrios elegantes, donde la vida ofrecía atractivos a los privilegiados de una sociedad que abandonaba a sus hermanos, sin dejar de llamarse cristiana».

Egoera triste ori erakusten deuskuen itz gogor orreen ostean, guk zer esan geinke?

Gil Roblesek autortzen dauana, guzurra dala ezin esan. Gizon siñismendun katoliku zintzoegia da, ez dan gauzarik esateko.

Zelan orduan esplikatu, langilleen Eleizatik urruntze ori?

Zelanik baliatu* zan Eleizea bere «indar eta influentzia» aregaz, ondoren penagarri orreek eukiteko?

Tristea da; baiña berba bat jatorku burura: frakasua!

Eleizea eta eskoitarrak

Gil Roblesen itz gogorrok, uri edo errietako langilleakaitik esanak dira.

Eta lurlangilleekin, kanpo laneko langilleekin zer gertatzen* zan?

Gauza iakiña da, langille orreek ikaragarrizko miserian bizi zireala, eta euren ugazabak, geienak beintzat, eskoitar katolikuak zireala.

Gobernuan egon zanean, sentitzen eban-katolikutasunak eraginda eta Eleizearen dotriñeari jarraituz, zerbait egin gura izan eban Gil Roblesek.

Berak diñosku (III gn. kap., 54 gn. orriald.): «Cierto es que la Iglesia en España estaba necesitada de una hondísima reforma que le acercara a las legítimas corrientes dominantes en el mundo moderno, que al mismo tiempo le aproximara a las puras fuentes del cristianismo, poniéndola en estrecho contacto con las masas desheredadas y convirtiéndola en motor espiritual del cambio indispensable de unas estructuras económicas y sociales, intrínsecamente injustas».

Eta lurlangilleakaitik bereziki* esaten dau (IX gn. kap., 173 gn. orriald.): «Hay que hacer una Ley para proporcionar el acceso de los colonos a la propiedad, comprando el Estado las tierras por su justo valor, para dárselas a los colonos, quienes las pagarían en cuarenta años, constituyendo así un patrimonio familiar que no se puede embargar ni transmitir».

«Pero esto que parece tan razonable, tan cristiano, tal social y tan justo, y que hemos venido propugnando día por día en nuestras propagandas, será, sin duda, mal considerado por muchos hombres que se llaman de derecha y que son más revolucionarios que nosotros».

«A esos yo les diría: «Qué pretendéis? ¿Que no demos un aliento de justicia social a esas masas desheredadas del campo y de la ciudad, en las cuales prendió una propaganda suversiva que sólo lleva el germen de la destrucción? ¿ Es que queréis precipitaros de nuevo en la vorágine revolucionaria? ¡O justicia inspirada en Cristo o revolución inspirada en el odio!» (Granadako Armilla uriko mitiñean, 1935-eko martiaren 14-an).

Ori esan eban Gil Roblesek 1935-ean. Eta aurten, 1968-an, Lercaro kardinalak Ameriketako buruzagieri buruz esan dau: «La revolución sangrienta será inevitable, si las condiciones sociales no se modifican».

Urteen buruan, 33 urte ondoren, beste berba batzukaz, Gil Roblesen gogaketa berberak errepikatu* ditu kardinalak.

Eskoitarren erantzuna

Ona emen, Gil Roblesen liburu beretik artuta (IX gn. kap., 179 gn. orriald.), Lamié de Clairac, diputadu tradizionalista katolikuak emon eban erantzuna:

«Como el Ministro de Agricultura siga citando encíclicas de Papas para defender sus proyectos, yo le aseguro a usted que terminaremos haciéndonos cismáticos griegos».

Erdi broman esandako Lamié de Clairac-en erantzun orrek, garbiro adierazoten deusku, eskoitarren berekoitasun edo egoismua, Eleizearen dotriñeagaz buztartu ezin eiteken berekoitasuna zala.

Orrelakoak zirean, katoliku izenagaz agertzen zirean eskumatarrak!

Ezkertarrak eta langilleak, Eleizeagandik urrunduta egozan.

Eskumatarrak, ez eben Eleizearen dotriñea beteten.

Non dagoz orduan, Eleizeak izan zituan-«indar eta influentzia» aren ondorenak?

Eta ondoren onik ez bada ikusten, non dago falloa? Ez dotriñan. Dotriñea, garbi ta zuzena da. Non orduan?

Etorkizunari begira, oarpen gogor bat

Arazo onetan be, Gil Roblesek berak emongo deusku erantzuna (III gn. kap., 54 gn. orriald.):

«Con la guerra civil el catolicismo español se hizo plenamente militante, y en el periodo subsiguiente se ha producido una auténtica inflación religiosa».

«Si la sinceridad de las nuevas generaciones y la vitalidad del magisterio conciliar no logran rectificar la dirección de esa corriente, el catolicismo español conocerá en el futuro días muy amargos. ¡Quiera Dios que, si el triste pronóstico se confirma, sean días de dolor purificador y vivificante!» (1968-ko martiaren 14-an).

Euskal Erria

Ez litzake egoki izango, amaitu orduko, gauza bat esan barik ixtea: Euskal Erriak zintzo gorde ditu, urteen buruan eta oraindiño, bere siñismena eta Kristoren dotriñea.

Ez dogu uste, beraz*, Euskal Erriak ikusiko dituanik Gil Roblesek pronostikatzen dituan egun garratzak.

Ez dogu uste.

HARIZPE


Euskal abeslarientzat. Abrako Leenengo Sariketea

Iraillaren 24an, gaueko 8retan, Ondarreta (Las Arenas)eko Gran Cineman egin zan sariketa au.

Gaua zan, eldu nintzanean. Kaleetan, musika bandak soiñua joten, jaiak ziran eta. Aurreko egunetan euria eginda gero, arratsaldea polito geratu zan, eta jenteak kalera urten eban.

Gran Cinemaren inguruetan, ez egoan automobilla ixteko lekurik. Au izan zan leenengo nekea; ta bigarrena ta andiagoa, automobilla itxita, zelan eldu atera. Inguruak ientez beterik egozan, teatrora sartu guraz; baiña txartelak aurreko egunetan saldu ziran guztiak. Deustuko adiskide batzuk esan eusten ordu bi egozala an, ea ezagunen bat agertzen ete zan, barrura sartzen itxiko eutsena.

«Zelan itxiko doguz ba kanpokoak sartzen, bertokoentzat be lekurik ez badago?», erantzuten eben organizatzailleak.

Asi zan jaialdia. Ni, bazter baten zutunik. Jezarterik pentsatu be ez. Nire inguruan, beste asko zutunik, eta pasilluetan beearen gaiñean jezarrita mutil asko. Ainbeste jenteren artean, bero aundia ta guztiok izerditan.

Jaialdi onen leenengo zatian, sariketan parte artzen eben bost abeslari ta bikoteak jardun eben. Erdiunean, entzuleak emondako botoen batzea. Bigarren zatian eta botoak kontetan ziran bitartean, beste abeslari ta taldeen ekiñaldia.

 Abrako Leenengo Saria, Irune ta Andoni Argoitiarentzat izan zan. Euneko 50 boto lortu zituen eurak; eta beste botoak, beste taldeen artean banandu ziran.

Argoitiarrak, sari onegaz, indartu egin dabe euren oraiñarteko izen aundia. Maitagarriak egiten dira Irune ta Andoni. Abesti ondo aukeratuak, ondo esanak, graziaz abestuak, kitarraz ederto lagunduak, irribarrea ezpanetatik darioela*. Au guztia ikusi ta jasoten dau jenteak eurakandik.

Auxe da Argoitiarren exituaren sekretua, bai Ondarretan eta bai abestuten daben edozein lekutan.

Eta aurrera joan baiño leen, zabaldu daigun barri au: ANAITASUNAREN ale* au zuen eskuetara eldu orduko, Irune ta Andoniren bigarren diskoa kalean egongo da, lau kanta oneikaz:

Maite, Maite;

 Bakartadea («Una tontería», Frank eta Nancy Sinatrarena);

 Mundu Bat (Pilar Zarragarena);

 Jauna, zergaitik («Los dos tan felices», Bonner eta Gordonena).

Bigarren zatian, Estitxu, Urretxindorrak, Oskarbi ta abar.

Baiña esan daigun zelakoa zan teatroko giroa*.

Beti uste izan dot, Ondarreta jente aberatsen abiea zala, euskal kutsu* bako erria. An ez da iñoiz egin, oraiñarte, olako jaialdirik. Au guztia jakinda, poz aundia artu neban, ainbeste jente ikusiaz, eta geiago oraindiño barruko anbienteagaz.

An egozan-guztiak, ez ziran urrean* Ondarretakoak, baiña bai geienak; eta ori, edonor berotuteko beste zan.

Jenteak, txaloka eroaten eban abestien erritmua, abeslariak olan eskatuten ebenean; eta beste abesti batzutan, estribilluak kantetan ebazan, eta gustora gaiñera, batez be Argoitiarren leenengo diskoko «Ames, ames» abestu zanean. Olakoxe kantak —erriak parte artzen ebanekoak— izan ziran txalotuenak.

Azkenean, abeslari guztiak igon eben ezenariora, eta Romero jaunaren zuzendaritzapean abestu eben «Agur Jaunak». Jentea, zutunik, ezenariokoakaz batera kantetan.

Euskeraz kantaturiko abestiak mesede aundia egiten deutsoe euskereari, askok uste daben baiño aundiagoa. Gure abeslariak lotu barik dabiltza leku batetik bestera, domeka ta astegun askotan. Esan daiela Argoitia neba-arrebak (ia berreun kontzertu), Oskarbikoak (atzo euren eungarren ekiñaldia), Estitxuk, Maite Idirinek, Lertxundik, Mari Lurdesek, Letek.

Gure abeslarien artean, klase bitakoak dagoz. Batzuk, eurak egiten dabez doiñu ta itzak (Bittor Egurrolak, Lertxundik, Letek). Beste batzuk, munduan zear fama artu daben doiñuai euskal itzak ipiñita kantetan ditue abestiak (Argoitiarrak, Beti Alaikoak, Maite Idirinek). Beste batzuk, erdiko bidea artzen dabe (Saenz anaiak). Euskerazko kantak, danak dira interesanteak eta bearrezkoak; eta desbardiñak badira, obeto, entzule guztiak eritxi ta gusto berekoak ez dira izaten eta.

Euskal abeslari barriak, guztiak, gure txalo beroenak merezi dabez, eta aurrera joateko laguntzea.

Gran Cinemako gazteak (euneko larogetamabost, ogei urterik beerakoak ziran) pozarren parte artu eben jaialdian, eta emendik etorriko jake (edo, leendik baeuken, indartuko jake) euskereaganako interesa ta maitasuna.

Betoz olako jaialdiak ugari, euskerearen onerako.

XABIER GEREÑO


"Humanae Vitae" entziklikearen ostean

Euskal Herrian. Guraso baten eritxia

Katolikutasuna sentitzen dauanak, ba dauko gaur zegaz kezka izan. Protestante saillak Eleizatik alde egin ebanean be, orain aiña* naaste izan ete zan gero?

Kontzilio aurretik, eleizagintarien agindu ta irakatsien aurka, erresponsable zan iñok ez eban berbarik jasoko. Orain edozein abade, edozein idazle Aita Santua aiña* ba dala dirudi. Eleizearen irakatsi ta jokabideetan edozer barrikeriren sarrerea eskatzeko aiña* jakitun eta eskubidedun gara danok. Aita Santuaren beraren aginduen errazoia ta indarra ankapera jaurtigiteko bape bildurrik ez daukagu.

Diñogun au, besteak beste, «Humanae Vitae» eskutitza dala-ta ikusi dogu.

Aita Santuaren eskutitz onen aurka, katoliku askok jaso dabe berbea.

Eleizearen kondairan, gaur ontzat emon ezin leitekezan agindu ta jokabideak aurkitu geinkez.

Baiña orain Eleizeak alegiñik naikoa egiten dau, ondo ez dagoana zuzentzen. Gure egunetako Aita Santuak, Eleizan egin bear diran aldaketak egiteko, iñok bultzatu bearrik ez dauke.

Baiña Eleizeak, Kristoren Eleiza izaten jarraitu bear badau, oiñarrizko irakatsietan zer aldaturik ez dauko.

Azkenengo bi-iru urteetan, jaiotzen neurtzea dala-ta, eztabaidea naikoa izan da katolikuon artean. Ta zorioneko (zoritxarreko esango neuke nik) pildorea dala-ta, Aita Santua berba egitera beartua izan da.

Emon dauan erabagia, ez dau itsumustuan* artu; ez orixe. Urteetan egon da jakitunen eritxiak aztertzen.

Ze erabagi emon dauan ba dakigu: gatxena.

Bere errazoiaren errazoi andia ortxe nabarmentzen* da, nire ustez.

Danok, erreztasunera daukagu griñea*; eta jentearen erreztasun zaletasunari amor* emonagaz, Aita Santuak pildorea ontzat emon baleu, makiña bat txalotuago izango zan, izan dan baiño. Ori, ba ekian Aita Santuak. Baiña jokabide ori artzea Jaungoikoaren aginduen kontra dagoala uste izan daualako, jente askoren aurrean txarto lagako eban erabagia artu dau.

Zegaitik ba orren* asarre, eleizgizon ta eleizgizon ez diran ainbat jente, «Humanae Vitae» eskutitza dala-ta?

Orren* burubako jokatu ete dau ba Aita Santuak, erabagi ori artzean?

Pildorea erabiltea ondo ikusten dabenak, ainbat errazoi atara dabez; baiña bat ez besteak, sasi errazoiak baiño ez dira.

Mundua, doan lez joanda, bertako bizilagunentzat txiki egingo dala; auxe bakarrik, aintzat artzeko errazoia.

Baiña oraindiño ez gagoz estura orretan. Mundua bear dan lez antolatuta*, makiña bat geiago bertan bizi geintekez. Iskillotan* eralgiten* diran dirutzak errien onerako ipiñiko balira, gaur gosez bizi diran askok ogia oparo* jango leukee.

Ta gerokoa, geroak aginduko dau.

Beste errazoi guztiak, nasaikeria baiño ez dira. Gure gurasoak, guk baiño aukera gitxiagogaz, familia ederrak azi ebezan.

Irabazi urriakaz familia larri-larri aztea zer dan, iñok esan bearrik ez daukat. Ta aingeru papera egitera ez nator. Baiña, geure erosotasunagaitik*, pekatua pekatu ez dala edo ez litzakela izan bear esan edo eskatzea, deabrukeria iruditzen jat.

Gaiñera, familia bakantzeko* bideak ba dira, pildora ta bidebakokeri barik.

Ala, bide orrei be gitxi erixten al deutsegu?

Katolikuok (eta kristiñau guztiak be bai) jainkobakoen eta jentillengandik zerbait ez ete gara berezi* bear ezkonduen arteko artuemonetan?

Erlejiñoko aginduen esanetara sakrifizio txikienik be egiteko ez bagagoz, polita gure erlejiñoa!

Senar-emazte askok, eleizgizonen baimenagaz, pildorea erabilli ei dabe. Ori da danak be, arinkeriz jokatzea!

Aita Santua erabagirik ezin artuta ainbat denporan egoala ikustea, auzia eurak uste eben baizen argi ez egotearen ezaugarria ez ete zan ba? Zegaitik ez egon, Eleizako buruaren erabagiaren zain*?

Gai* oneri leenago be ekinda nago, eta ez noa sasi errazoiak aztertzen astera. Orraitio* azkenengo atara dabenari ikututxu bat egingo deutsagu.

Ezkonduen leenengo ardurea ez ei da ondorengoak munduratzea, alkar maitatzea baiño.

Ezer esan nai ez daben olako berbak asmatuaz, dana erabagiten dabela uste dabe gaur. Arrautzea ala oilloa leenagokoa zein dan eztabaidan ibiltea baizen alperrikakoa da esakera ori. Bai, alkarrenganako maitasunak, ezkontzara eroaten ditu neska-mutillak. Baiña ezkontzea, berez, ondorengoak ekarteko bidea da.

Ta seme-alabak senar-emazteen maitasunik ez dabe otzituten, ezta asko izanda be; geitu bai.

Zenbat senar-emazte konpondu ezinda, umerik ezagaitik!

Ta zenbat familiatan seme-alabak dira gurasoak alkartzen dituan kate bakarra!

Gai* onek zer esana ugari dauko; baiña luzeegi joan barik, amaia emon bearko deutsagu.

Gure azkenengo berbak, biotz-biotzez esandako oneik izan beitez: Gora Seigarren Paulo Aita Santua!

KAMIÑAZPI


"Humanae Vitae" entziklikearen ostean

Inglaterran. Ekatx gogorra Eleiza barruan

Inglaterran, «Humanae Vitae» entziklikeak ikaragarrizko eztabaidea sortu eragin dau erritarren artean. Prentsa neutralak eta katolikuen aldizkari geienak parte artu dabe burruka onetan. Eleizgizonen eta laikuen artean sortu dan artegatasuna*, egunean baiño egunean aundiagoa da.

Asoziaziño eta persona askok, ondo artu dabe Paulo VI garrenaren erabagia.

Baiña beste katoliku asko, eleizgizon eta laiku, ez dagoz konforme Aita Santuak bere entziklikan irakasten dauanagaz. Ori dala ta, protesta gogorrak jaso ditue. Eta naziñoko periodiku ta aldizkari aundiak eten* barik azaltzen dabez, entziklika onek ekumenismuari eta irugarren munduari ekarriko deutsezan kalteak.

Obispo batzuk, bigundu eta baretu gura dabez eleizgizonen arteko burruka biziok.

Beste obispo batzuk ostera*, kastigu gogorrak emon deutseez, euren diskonformidadea jentearen aurrean agertu daben abadeeri. Obispo oneek, euren jokabide gogorragaz, geitu egin dabe abadeen deskonfiantzea eta eleizagintarien kontra bultzatu ditue.

Monseiñor Cowderoy, Southwark-eko artzobispoak artu ditu neurririk geien eta gogorrenak bere abade batzuen kontra. Guztiz tamalgarria* dala esan dau, bere abade ta eleiztar protestatzailleen zentzunbakotasuna.

Paul Weir abadeari, bere abadetzako eskubide ta zeregin guztiak kendu deutsoz. Bardin egin deutso Aita Brocard Sewel, Aylesford-eko Karmeldarren nagusiari. Beste asko be ixildu erazo ditu, edo parrokietatik aldatu.

Agostuaren 23an, zera agertu zan «Catholic Herald» astekari* famaduan: «Aita Santuaren entziklikea kontzientzia osoan onartu ezin daben abadeen taldea, egunean egunean ugaritzen doa». Orain asko ez dala, irurogei bat abadek izenpetu dabe, laikuak entziklikearen kontra idatzitako karta agiri bat.

Aita Harris eta Hinde teologu famaduak esan dabe, obispoen jokabide gogor onek ez deutsola Eleizeari bakerik ekarriko, mingostasuna ta dibisiñoa baiño.

Dana dala, asko ta asko dira, prentsan, batzarretan, idazkietan, Aita Santuaren dotriñeagaz konforme ez dagozala adierazo daben laikuak; eta obispoen kontra, euron jokabide gogorragaitik, protestatu dabenak.

Eleiztarren artean, alderdi bietan dagoz fanatikuak, entziklikearen «alde» naiz «kontra» agertzen direanak. Adibidez*, Londresen Westminster-eko katedraletik urtekeran, aldarrika* ibilli dira, alkarreri «traidore», «hipokrita» ta olakoak esaten.


"Humanae Vitae" entziklikearen ostean

Alemanian. Mukertasun ikaragarria

Agostuaren azkenetan, batzar bat egin dabe Alemania Federaleko obispoak, «Humanae Vitae» entziklikea estudiatzeko, eta katolikueri zuzenbide batzuk emoteko. Ona emen, berba gitxitan, zuzenbideok:

 Katolikuak ardura aundiagaz estudiatu bear dabe entziklikeak irakasten dauana, eta euren kontzientzian prest egon, Aita Santuak diñoana onartzeko.

 Eleizgizonak aparteko obligaziñoa dauke, Aita Santuaren entziklikea zintzotasun guztiagaz azaltzeko.

 Abadeak, konfesiñoak entzuten dituenean, errespetatu egin bear dabe, senar-emazteak serioski* eta euren kontzientziaren arabera* artu daben erabagia.

Obispoak prisa aundia euki dabe, zuzenbide orreek zabaltzeko. Euren batzarra be, illabete leenago egin dabe, ainbat ariñen katolikuen kontzientziak argitzeko eta jentearen artegatasuna* sosegatzeko. Izan be, azken illabeteotan, egunean baiño egunean aundiagoa egin da entziklikearen kontrako eritxien korronta*, benetako uiola* biurtu arte. Diosesi bereko eundakada abadeak, katoliku alkarteak, mediku taldeak, alde guztietako millakada laikuak, ago batez errefusetan* dabe entziklikea.

Euretariko geienak, dei egiten deutse obispoeri laguntasun billa. Esate baterako, beste gauza askoren artean, auxe diñotsoe euren obispoari Paderborn-eko diosesiko katolikuak, 4.265 lagunek (271 abadek) izenpetutako karta baten: «Geure indar guztiakaz eskatzen deutsegu obispoeri, geuri laguntzera etorri daitezala eta euren berba zintzo eta kementsuakaz argitu gaiezala; bestela, iñok ez dakizan zoritxarreko ondorenak etorri leitekez eta».

Leen aitatu dogun obispoen deklaraziñoa ikusita, katoliku askok itaun auxe egiten dabe euren barruan: Ze balio dauke orduan Aita Santuaren kondenaziñoak, jaiotzak neurtzeko bideak gurasoen errespontsabilidadepean ixten badira?

Beste aldetik, obispoak ez dabe esan, noraiño eltzen dan auzi onetan Aita Santuaren aginpidea.

Katoliku askoren ustez, Aita Santua ezin leiteke seksualidadearen arlo pribaduan sartu. Orregaitik, gero ta geiago dira, Heinrich Böll, katoliku idazle ospetsuaren itzok onartzen dituenak: «Entziklika au ez da aintzat artuko. Eta gaur egunean, eskomuniño automatikuaren amenazu barragarriak iñori bildurrik emoten ez deutsan ezkero, desobedientziak leunduko dau askatasunaren bidea».

Diosesietako astekarietan* izan ezik, beste aldizkari guztietan eta radioan, katolikuen eritxiak entziklikearen kontrakoak dira.

Entzun zer diñoan «Frankfurter Allgemeine Zeitung» egunkarian*, beste 29 abadegaz entziklikearen kontra jarri dan Frankfurteko apaiz batek: «Kontzilioak aintzat artu eban Jaungoikoaren Erriko semeen askatasuna, eta orain Aita Santuak libertade orreri izugarrizko golpe bat emon deutso».

«Kölnische Rundschau» aldizkarian, Karl Breuning jesuiteak, alkarren parean ipinten ditu gaur eguneko kristiñau zentzundunak, Erromaren eskupe gogorretik urten gura dabenak, eta demokrazia erritarrak, Moskuren menpetik iges egin nai dabenak.

Walter Dirks idazleak eta beste askok uste dabe, entziklika onek goiz edo berandu krisi ikaragarri bat sortu erazo leikela, ez Aita Santuaren aginpideari buruz bakarrik, baita fedeari buruz bere.

Egindako inkesta* batek erakusten dauanez, katolikuak arlo onetan ez dabe euren oraiñarteko jokabidea aldatuko, entziklikeak diñoana diñoala.


Mugaz andik

Bizi leitekez Euskal Errian euskaldun guztiak?

Leengo baten aitatu genduan, euskaldun nekazari* asko lan billa doazala uri* urrunetara. Ikusi be egin genduan, ori ez dala Euskal Errikoa bakarrik eta, gaiñera, geuk be ez dogula bear geunken guztia egiten, gure gazteeri Euskal Errian bizibidea aurkitzeko.

Baiña ez dira oker guztiak euskaldunen gaiñera bota bear.

Arrotzak*, gero ta geiago sartzen dabe suurra gure arazoetan, eta ez beti modurik onenean. Batzuk, ez dira benetan arduratzen gure bearrizan eta gurariakaz. Batezbere, goiko aulkietan dagozanak.

Gure lurretan zear dabiltza, gu iñurri abien gaiñetik ibilten garean lez; eta ez dira konturatzen, euren oinkadakaz zapaldu egiten gaituela. Ondorenak, geuk sufridu ta sentitzen doguz gero.

Ezin danak labrantzatik bizi

Danak ezin leikee lugintzan* jardun. Seme bat, naikoa da baserrirako. Alandabe, asko dira, etxaguntzea ixten dabenak: lur eskasagaitik, aurrerabide urriakaitik, eta abar.

Baiña uri* aundietara joatea, beste gauza bat da. Labrantzatik urteten dabenentzat, zegaitik ez dago industriarik gure Errian? Zegaitik ez da lantegi barririk sortzen gure artean?

Bein baiño geiagotan esan dogu, zelako kaltea ekarten deutsen errialdeeri —eta batezbere gureari— Frantziako sistema erdikoiak*: podere guztiak Parisen, ondasun eta langille guztiak Parisera.

Ori ez dago zuzen, orrek ez dakar gauza onik iñorentzat.

Joan XXIII garrenak argi ta garbi esan eban, lantegiak langilleakana ekarri bear direala, eta ez eroan gizonak urruneko uri* aundietarantz.

Euskal Erriko ondasunak, txarto bananduta

Geiago dana: gure gazteak Parisera lan billa doazan bitartean, Euskal Erriak ba ditu lantegi ederrak eurrezean*... Bidasoaren beste aldean. Beraz*, euskaldunak ez leukee erbesteratzeko arrazoirik eukiko, Euskal Erri osoko ondasunak ondo zuzenduta eta bananduta balegoz.

Alkar buztartuta* egon bear litzakez ego aldeko industria eta ipar aldeko labrantzea.

Ango lantegi batzuk, etorri egin bear leukee onantza; eta emengo lurraren emoitzak*, geiago eroan bear geunkez arantza.

Zoritxarrez, ez da ori gure gaurko egoerea. Baiña noren erruz? Guk euskaldunok, ez dogu Euskal Erria zati bitan moztu.

Arrotzak*, oker asko egin dabe —eta oraindiño egiten diardue*— gure Errian. Eta ez deutsoe kalte txikia gure bizibideari egiten.

Irakaspen baliotsu bat

Ez daigun aaztu, erri txikien alde Joan XXIII garrenak itxi euskun irakaspena:

«Argi ta garbi esan bear dogu, minorien bizia ta aurrerakuntzea trabatzen dituan edozein politika muetak*, injustizia aundi bat egiten dauala; eta oker ori oraindiño aundiagoa dala, traba orreek minorien eriotzea elburutzat* badauke.

«Izan be, zuzentasunak bete betean eskatzen dau, gobernuak minorien alde lan egin daiela, eurori laguntzeko, batezbere izkuntza, kultura, oitura ta ekonomia kontuan» (Pacem in terris, 95-96).

Gurea geuretzat, eta danok bat

Jaungoikoak, emon deusku Euskal Errian biziteko bear dogun guztia. Geuk ez dogu ondo zuzentzen Euskal Erria. Geure erruz. Baiña baita arrotzen* erruz bere. Jakin daigun «mea culpa» bat egiten, gerorako obeto gertuta egoteko. Jakin daigun, baita arrotzak euren lekuan ipinten be: ez nagusiaren aulkian, ez pobreen errenkadan —eurak egiten gaituen lez— lagunen artean baiño. Gure etxean nagusi izateak ez dau gizonen batasuna urratzen, sendotzen baiño. Gure umeen amorearren, ez gaitezan tontoegiak izan!

J. L. DAVANT

(Baionako HERRIA aldizkaritik bizkaieraztua)


Kaleko gizonak diñoana

Isabel II bota ebenean

Eun urte bete dira, Espaiñiako erregiña zabal ori bere tronu ederretik bota ebenetik. Amaitubarri dan iraillean*, egin-egiñean* be.

Orduan be, zalapartea ta erreboluziño usaiña ba ebillen beekoen artean. Baiña baita goikoen artean be.

Oargarri* da, orduan ezpatadunak erabilli eben jokabidea.

Mailla garaiko* militarrak ez eben alkar ondo artzen, eta ortik sortu eben sekulako matxiñadea.

Topete asaldatu* zan Cadiz aldean, menpean zituan itxasontzi gerrakoakaz, eta gobernukoak estu ta larri jarri zituan praketan.

Itxasgudari nagusi ori gora-goraka asi baizen laster, erbestera bialdurik egozan-Serrano ta Prim generalak, euren aberrirantza biurtu zirean.

Burruka batzuk egin zituen; eta Pavia izarduna menperatu eben-burrukaldi ostean, Isabel II, Espaiñietako erregiñak, anka egin bear izan eban, ain zuzen orduan Euskalerriko lurretik Frantzi alderaiño.

Oraintsuago be, ikusi izan ditugu errege batzuk euren aberrietatik jaurtiten. Berbarako*, Egiptokoa eta, oraintsuago, barriz, Greziakoa.

Turistei agur

Aurtengo udeaz batera joan dira turistarik geienak inguru oneitatik.

Legerri* osoan guztitara jota, urtearen leenengo zortzi illabeteetan 14.000.000 turista gitxi gorabeera agertu izan dira.

Joan dan urteaz gain, 6,2 %.

Ala ta bere, kanpotarrok igaz baiño esku zabalagoak ez dira izan. Ba leiteke errua eurena ez izatea, euren sakelak aurten tximurragoak ibilli direalako baiño.

Beste askori bere, orixe berori jazo jake. Eskuarterik* ugari ez bada, otzago ta geldiago ibilli bear.

Turistak aurten eralgi* dabena, igaz baiño 5 % gitxiago izan da. Lagunak bai ugariago, baiña ezkurra* meatzago* bere bai.

Urte guztiak ez dira bardiñak, izan bere. Meko-meko* ibiltekoa, aurtengo au. Zera, gerriko laburragoak bere, balio deuskue oraingoz.

Dana dala, «barruko turistak» bere, aizatu* egin bear direala aitatu eban norbaitek aurtemein*.

Lanbakoak eta etxebizitzak

Europari begira jarri ezkero, lanbakoen egoerea bere, aitatugarria da.

Joan direan urte biotan, ekonomi-zabalketea* makalagotu egin izan da, egitamu* barriak, makiñeria ugaritutea ta buru-eraketak* direala ta.

MEC errietako aginpidedunak, naikoa buruausterik dabe arazo orrezaz.

Beste aldetik, etxebizitzak bere, ez ditue iñun be naikoa egin, ez egiten. Amar-ogei urte urrengoetan etxegintzan jardun arren bere, ez da errez izango premiñea asetuterik.

Ondasun bideak meaztu* guraz dabiz amerikarrak eta ingelesak. Orraitio*, Frantzia ta Alemania Sartaldekoa ekonomi-neurriz aurrera ta gora egin nairik ikusten ditue orretan adituak direanak.

Urez andikoen bultzada makalagoari geiago egingo ete deutse europar erri bi orrein alegiñak? Ekonomi-erizle* batzuk orixe agertu deuskue.

Esanak esan, gaiñeko illabeteetan susmatu al izango dogu europar errion gorakadea; egiazkoa dan ala ez.

Katujabeak

Aiko! Gure katu nabarraren billa naiabik.

— Etxakiat nik ezer, ire katu orrezaz.

Aiko! Gure katuaz zer egin dok?

— Egin-egiñean* bere, etxakiat ik zer diñoan.

Aiko, aiko! Ire jokabide makurraren saria artuko dok.

Aiko...! Isildu egin al aiz betiko?

Eta «Aiko»ren gorpua*, jakiña, isildu egin zan betiko.

KALEKOA


Vaticanoko Radioak esan dauana

Egintzak bear dira

Aita Santuari Colombian egin jakon ondoetorriak benetan poztu gaitu. Pozgarria da izan bere, bertako jente txeratsu* ta lauak* Aita Santuari ainbeste txalo, gora ta laudorio* egin deutsola jakitea.

Baiña ori dana, egun batzuetako adorea ta alaitasuna igarota gero, benetako egintzarako eragingarria izan daitela gura geunke.

Berbak, beti dira errezagoak, egintzak baiño. Zeredozer pentsatu eragin deusku, fotografietan ikusi dogunak: ainbeste ertzain*, ainbeste polizia ta soldadu, arma eta makilla! Zenbat indar, Aita Santua zaintzeko!

Kristiñau Sindikatuak liburuxka bat atara dabe, «Aita Santuak ikusiko ez dauan Colombiaren benetako aurpegia» azaltzen dauana.

Beste liburu bat be agertu da; eta bertan irakurten dogu, Kontzilioko irakatsiak eta Colombiako Eleizan ikusten direanak ez datozala bat.

Bere aldetik, bertako prentseak diñosku, Erlejiño Libertadeaz Kontzilioak irakasten dauana ez dala osorik betetan Colombian.

Konkordatuaren kontra berba egiten dabenak be, ba dagoz. Eta ez dira gaurkoak, kritikatzaille orreek.

Analfabetismua, gitxitu bearrean, euneko ogetamabostetik (35 %) euneko berrogeira (40 %) geitzen ei doa.

Egunero entzuten da Colombian, errenta nazionalaren euneko larogeia (80 %) euneko seiren (6 %) eskuetan dagoala. Auzi au ondo zuzentzeko, jo ta kee alegiñean ikusi gura geunke Kongresu Eukaristikuan agertu dan adore ta zaletasun guztia.

Bestela, Kongresu orren ondorioa* eskasa ta beinbeiñekoa izango litzake.

Autortuten dogu bai, alegiña naikoa egiten dala, Colombian eta beste leku askotan, justizia sozialaren alde.

Baiña or dagoz numeruak: naziño osoan euneko sei lagunek (6 %) dauke euren eskuetan labrantzako aberastasunetarik euneko larogeia (80 %).

Colombiako Osasun Ministerioak agertu dauanez, millakaz ume dagoz abandonaturik Bogotan bertan. Eta ez da Colombia, ezta gitxiagorik be, Latinamerikako naziñoen artean gauzak txartoen daukozana. Eta ez litzake egia izango, orrelako miseriak eta bearrizanak Latinamerikan bakarrik dagozala esatea.

(Agostuaren 23an irakurria)

Baiña, ze biolentzia?

Entzun dozue, entzule adiskideak, Aita Santuak biolentzia kondenatu egin dauala. Jakiña, kaleetako erreboluzionarioen, «Che» Guevara ta bere antzeko gerrilleroen, terroristen eta Txekoslobakiako zapaltzailleen biolentzia kondenatu dau Aita Santuak.

Baiña, ez ete dago beste biolentziarik munduan? Gogora daigun edozein lekutako Estaduren bat. Estadu orretan, agintzen dabenak egiten dabez legeak. Euren eskuetan daukez agintzeko bear direan «legezko» indar guztiak: ejerzitua ta polizia, Prentsea, Radioa ta Telebisiñoa.

Estadu orretan, erritarren batek gobernuok jarritako legeak onartzen ez baditu, beingoan jatorko zigorra. Baiña berak ez dau parterik euki, lege orreek egiterakoan edo ipinterakoan. Bere burua defendietako, alkartasun bat eratu gura badau, legetik kanpora dabillela esango jako. Batzar bat organizetan badau, galerazo egingo deutsoe. Karta edo artikulu bat periodikuetara naiz radiora bialtzen badau, ez deutsoe kasurik egingo. Bere ideiak zabaltzen asten bada, gobernuaren eta erriaren kontrakoak direala esango deutsoe.

Itaun bat orain: erritar au ez ete dago biolentzia baten azpian?

Eta pazientzia galduta, jarritako legeen kontra badoa, gaiñera jatorkoz «ordenabide publikuaren indarrak», ta bere libertadea ta integridade personala arriskuan dagoz.

Ez ete gagoz, legezko biurtu dan biolentziazko kasu baten aurrean? Naiko argi dago.

(Agostuaren 24an irakurria)


Alemaniako demokrazia erritarra

Berlinera doanak, Marienborn'eko mugearen bildurra daroa: zenbat ordu itxaron bearko ete dogu? Ze, ordaindu bear izan doguzan milla ta ogei pesetagaz, ez dago dana eginda. Marienborneko mugan ez dauke prisarik.

Marienbornen dago gaur Alemania bien arteko mugea: polizgizonak, mitrailletak, papeleo amaitueziña, errusitar komisarioa.

Basoan erdi ezkutaturik dagozan torreta artean doa Hitler'ek egindako autobidea, Marienbornetik Berlineraiño. Orduko 100 kilometrotik beera ibilteko agindua dago. Oraiñarte, ondo ekarri doguz 140 kilometro orduko.

Alemania komunisteari buruz, ez dago zeresan barririk. Esanda dago esan leiteken guztia. Gaiñera, ikusi daikeguna be ez da asko. Autobidean, gizonakaz batera lanean dabiltzan emakumeak arritu gaitue: emakumeak pikatxoiakaz. Penagarri iruditu jaku. Patata soloetan bearrean ikusten doguz emakumeak, ogei inguruko taldeka: danak bardin jantzita.

Gaur olakorik esatea be, lotsagarri da. Baiña gaur be olakoxeak ikusten dira ta, ez dago zetan ixildu.

Eta ezer onik ez? Baita: Magdeburgoko industria izugarria. Gizonak industriarako bear dira, azaldu deuskuenez. Alemania komunistako erri industriatsuenetakoa da Magdeburgo.

Leenago be, Münster'en nengoala, Alemania komunistako jente asko topatu izan dodaz. Iges egindakoak zirean. Baiña ez nintzan, eurak esaten ebenagaz larregi fiatzen.

Alemania komunistan bizi direanetakorik gitxi ezagutu dodaz, eta ez dabe politikaz berbarik egiten.

Travemünde'n ikusi neban leenengo aldiz mugea: torretak, sareak, txakurrak, mendi guztian. Ontzi armatuak jagoten eben itxasoko mugea. Urre egoan andik Rostock'eko portua.

Kopenhagen topatu neban bein Rostockeko mariñel talde bat. Polito edaten eben garagardaoa*; baiña Ulbricht'en gobernua ez eben aitatu be egin gura. Espaiñiako «toreroakaitik» itaundu gura eben bakarrik.

Beiñola Bermeoko lagun batzukaz Berlinera joan nintzanean be, ea toreroak giñean itaundu euskun polizgizon gazte batek.

Bermeotarrakaz inpernuraiño joan ei leiteke. Alandabe, Berlin komunistara bein, eta azkeneko aldiz. Berlinen, izanbe, leendik be nonbaiten ezagutu doguzan gauza larregi ikusten dira. Argi esanda: Diktadurea. Eta ez deusku ardura koloreak.

JOSE AZURMENDI, Münster


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNA-ren zenbaki onetan izartxu bategaz agertzen direan itzen esangurea.

B = Bizkaia, G = Gipuzkoa, L = Laburdi, N = Naparroa, D = danak

ADIBIDE (B), ejemplo, ilustración.

AGERTUKI (L), agirian, públicamente.

AIÑA (BG), beste, tanto como.

ALDARRI (B), garrasia, grito.

AIZATU (B), indartu, eragin, promover.

ALE (D), garaua, banakoa, ejemplar de publicación.

AMOR EMON (D), ceder.

ANTOLATU (GLN), eratu, atondu, organizar.

APAR (BGN), bitsa, espuma.

ARABERA (L), según, conforme.

ARAMAITAKO (B), Avemarietakoa.

ARGITALDARI, editor.

ARI IZAN (GLN), jardun, zerbait egiten egon.

ARROTZ (D), kanpotarra, atzerritarra.

ARTEGATASUN (B), sosegurik eza, inquietud.

ASALDATU (G), amotinarse, rebelarse.

ASTEKARI (L), asteroko periodikua.

AURTEMEIN (B), oraintsu, denpora asko ez dala.

AUSARTU (GLN), atrebidu.

BAKANDU (D), espaciar.

BALIATU (D), servirse.

BARRUTI (BG), terreno acotado.

BEIOA (B), joan bedi, joan beite.

BERAZ (GLN), por consiguiente.

BERBARAKO (B), esate baterako.

BEREZI (GLN), separarse, distinguirse.

BEREZIKI (L), aparteko moduan, especialmente.

BETIDANIK (LN), desde tiempo inmemorial.

BEZELA (GLN), legez, lez.

BURU ERAKETA, racionalización.

BUZTARRI (BLN), yugo.

BUZTARTU (BLN), uncir, unir.

DARIOE (B), erioten jake, les mana.

DIARDUE (B), jarduten dabe.

EBATZI (B), resolver.

EDE (D), correa.

EGIN EGIÑEAN, EGIN EGIÑEAN BERE (B), exactamente.

EGITAMU (B), egiturea, estructura.

EGUNKARI (L), eguneroko periodikua.

EKANDU (B), oiturea, costumbre.

EKATX (BLN), tempestad.

EKONOMI-ERIZLE, economista, crítico de economía.

EKONOMI-ZABALKETA, expansión económica.

ELBURU (D), fin, objetivo.

EMOITZA (BL), producto.

ERALGI (B), gastar.

ERANTZUPIDE, responsabilidad.

ERDIKOI, centralista.

EROSOTASUN (BG), bereratasuna, comodidad.

ERREPUSATU (L), rehusar.

ERREPIKATU (L), repetir.

ERTZAIN (B), errizaiña, polizgizona, policía.

ESKUARTE (D), recursos económicos.

ETEN (D), romper, interrumpir.

EURREZEAN (B), eurrez, oparo, ugari.

EZKUR (D), bellota; dinero.

GAI (GLN), geia, asunto, materia.

GARAGARDAO (B), cerveza.

GARAI (GN), sasoia; (D), altua.

GERTAKIZUN (B), atondu bear dana, preparativos.

GERTATU (GN), suceder; (B), preparar.

GIRO (GLN), aroa, ambiente.

GORESLE (LN), goretsi edo goratu egiten dauana, el que alaba.

GORPU (B), gorputz illa, cadáver.

GRIÑA (BG), pasión, inclinación del ánimo.

GUTUN (L), carta, misiva, escrito en general.

GUZTIETARIK (B), guztietatik.

INKESTA (L), encuesta.

IRAIL (B), septiembre.

ISKILLO (B), arma. Aintxiñako berbea.

ITSUMUSTUAN (B), itsu itsuan, irreflexivamente.

JOLAS (BG), olgetea, diversión.

JOSKERA (BG), berbak josteko modua, sintaxis.

KORRONT (B), corriente.

KUTSU (GLN), contagio, dejo, sabor, aire.

LAU (B), sencillo, llano.

LAUDORIO (LN), alabantzea.

LEGERRI, Estadua.

LUGINTZA (B), nekazaritzea, labrantzea.

MANDATU (D), mensaje.

MEATZ (B), urria, bakana, eskasa.

MEAZTU (B), urritu, gitxitu, bakandu.

MEKO MEKO (B), makala, indarbakoa.

MENDE (L), gizaldia, sekulua.

MUETA (B), clase, género.

MUKERTASUN (B), resistencia, oposición.

NABAR (D), pardo, abigarrado.

NABARMEN (D), sobresaliente, destacado.

NABARMENDU (D), sobresalir, destacarse.

NEKAZARI (D), lugiña, labrador, agricultor.

OARGARRI (L), digno de atención.

OMEN (LN), honra, honor, renombre.

OMENALDI (D), homenaje.

ONDORIO (LN), ondorena, consecuencia.

OPARO (B), ugari, abundantemente.

ORRAITIO (B), orregaitiño, orraitiño, sin embargo.

ORREETARIK (B), orreetatik.

ORREGAITIÑO (B), orraitiño, orraitio, sin embargo.

ORREN (D), tan.

OSTERA (B), barriz.

SAIATU (BGN), alegiña egin, bermatu.

SERIOSKI (L), seriotasunagaz.

SETATI (D), terco, tercamente, obstinado, obstinadamente.

TAMALGARRI (B), lamentable.

TANKERA (G), erea, modua.

TXERATSU (B), cariñoso, acogedor.

TXISTADA (B), llamamiento con un sonido inarticulado.

UIOL (BG), riada, diluvio.

URI (B), erria.

URREAN (B), nonbait, aurki, antza, itxurea.

URTIKA (BG), lanzando, despidiendo.

ZAIN EGON (BLN), itxaroten egon.

ZALANTZA (G), ezbaia, dudea.

ZENBAIT (GLN), batzuk.

ZURTU (B), zur biurtu, arritu.


Euskal Erriko kantari barriak

Euskal kantua, gora ta gora doa. Gero ta obeago. Kantariak be, gero ta ugariago ditugu; eta zalantza* barik, gero ta obeagoak be bai. Ikusgarria izaten da euskal jaialdi bakotxa. Gogoan ditut orain, Mondragoekoa, Bilbaokoa, Gernikakoa, Zarauzkoa: jentea irakin bearrean, olan berba egiterik badago. Seiñale ona.

Azkenaldi onetan suertez ibilli naiz. Euskal kantari batzuk ezagutzeko erea euki dot, eta ez dot alperrikaldu.

Erlak

Neska polit, gaztetxu ta atsegin bi dira oneek. Ez diñot guzurrik; erretratua ikusi, bestela. Lurdes kitarreagaz. Biak kantariak. Etorkizuna ba daukela euskal abestian uste dot. Biak, Joseba Gotzon Legorburugaz dabiltza bazterrik bazter. Joseba Gotzon, Lurdesen osabea da. Lurdes, andereño ikasten dabil. Irurokin mintzatzen* naiz.

— Nongoak zaree?

— Pasai Donibanekoak.

— «Erlak» izenorde ori nondik jatortzue?

— Arrain zuri baten izena da. Pasaikoak gara ta..., ulertuko dozu.

— Noiz asi ziñeen kantetan?

— Bost edo sei illabete dala.

— Non leenengo aldiz?

— Legazpian.

— Ta gero?

— Leku askotan entzun ditue gure abestiak: Errenderian, Oriako Alegrian, Amezketan, Lezon, Eibarren, Zarautzen, eta abar.

— Ta Bizkaian egon zaree?

— Baita, asko ez dala, Getxon.

— Sari arazoan ondo zabiltze?

— Txarto be ez. Oriako Alegrian, Euskal Abestiaren leenengo saria eskuratu genduan. Eibarko Sanjoanetako norgeiagoka nagusi aretan be, azkeneraiño eldu giñan. Ta oraintsu, Bilbaoko beste sari ori.

— Ze kanta mueta abestuten dozue?

— Batzuetan gureak, eta beste batzuetan kanpokoak.

— Ta zuk, Joseba Gotzon, zer egiten dozu bikote onen artean?

— Itza ta doiñua, neuk egiten ditut; eta iñondik doiñua artzen dogunean, letrea ipintea neure kontura doa.

— Ondo da. Ta zein jatzu atsegiñago, «amodiozko» letrea ala «gogorra»?

— Bietarik erabilten dogu, zegaitik ez. Baiña gure Erriaren gaurko egoerea ikusirik, diñozun letra «gogor» ori jat begikoena.

— Diskorik?

— «Hegosa», Donostiako etxe barri orretan ataratekotan gabiltz.

— Euskal kantuaren barrutian*, ze mandatu*, emon gura dozue?

— Guk, musika zaarra gaurkotu egin nai geunke, ta oraingoa euskaldundu. Baiña batez be, gure Erriaren Bizkuntza ori sortu erazoten lagundu gura geunke.

— «Bejondaizuela», Gipuzkoan esaten dan moduan.

Itzal Urdiñak

Erderaz, «Sombras Azules». Erderazko izena emoten dot emen, oraiñarte erderaz ibilli dira ta. Euskal doiñuetara etorri barriak dira; ez dira euskal musikeagaz jaioak. Zarauzkoa da talde au. Lau dira taldean.

— Noiz asi ziñeen kantetan?

— Igazko Sanjoanetan, erderaz, Zarautzen. Gero beste erri batzuetan egonda gagoz: Beasainen, Bergaran, Zumarragan, Usurbilen, Orion, eta abar.

— Euskeraz asko kantatu dozue?

— Leenengo jaialdia, gaurkoa. Illabete pare bat dala-edo asi giñan Benito Lertxundiren kanta batzuekaz Orion, bere errian ain zuzen be.

— Ta?

— Tomaterik ez egoala ikusirik, animatu egin giñan.

— Ze musika klase abestuten dozue?

— Benito Lertxundirenak eta Estitxurenak.

— Euskal abestian aurrera jarraitzekotan zagoze?

— Osorik ez bada be, euskeraz kantetan jarraituko dogu, dudarik be ez.

— Bizkaian izan zaree?

— Ez, baiña Naparroa aldera, euskeraz kantatuaz, Gabonaldian joateko gara.

— Zer ekarri gura zeunkee zuek euskal musikearen arloetara?

— Euskerazko kantuakaz, Inglaterrako talde baten antzekoak izan gura geunke.

Nire ustez, ba dauko inportantzia, talde au ta onen antzera erderaz asi diran onelako beste talde batzuk, gurera etorteak. Onek asko esan gura dau. Gure musikea, ikusten danez, eskeko erropak erazten doa apurka apurka. Ta uste dot, emendik aurrera, artistak ez dabela euskeraz kantatuko, erriko prolemak edo abertzaletasuna sentitzen dabelako bakarrik, baita euren buruak eta izenak goian ikusi gura dituelako bere. Komertziala egingo da euskal kantua; exitu bidetik abiatuko da laster barru.

JOAN MARI TORREALDAY