ANAITASUNA

BIZKAIA

167 gn. zenb. — 1968, agostuak 30 — 4 pta.


ANAITASUNA

amabosterokoa

14

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5) — Tel. 241467

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 167 gn. zenb. — 1968, agostuak 30

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Aita Santuak barriro berba egin dau

 «Humanae Vitae» Entziklikea, kalean dago. Abade eta laiku, kristiñau direanak eta ez direanak, danak interesatu dira dokumentu garrantzitsu onegaz, naizta uda sasoia izan.

Orain egun gitxi dala, zera esan eustan abogadu batek: «Baiña Entziklika ori gogorregia da, ate guztiak zarratuta ixten ditu, uts emon deutse esperantza guztieri.

«Eleizearentzat eta kristiñauentzat ez ete zan egokiago eta obeago izango, bide erreza Ebanjelio maillara jasotea?

«Era onetan, pekatu asko galerazoko lirake; eta mesede aundia egingo litzakio, gero ta habitante geiago daukan mundu barri oneri. Bide orretatik, bide gatxetik zelan jo dau ba Aita Santuak?»

Beste aldetik barriz, kristiñau askok aspalditik artuta euken eragabia, Entziklikeak esan eta agintzen dauanaren kontrakoa, bein baiño geiagotan eleizgizonen kotsejua bitarteko dala.

«Ta orain askatasun ori zelan barriro kendu? —galdetzen* dabe askok. Zelan orain jenteari barriro atzerantz joan eragin? Gauza errezagoa da askatasunik ez emotea, emonda gero kentzea baiño».

Bai, guzti ori olantxe da. Guk baiño argiroago ikusten dau bere Entziklikan Aita Santuak berak.

Ta alandaguztibe, Paulo VI garrenak bide gatxetik jo dau, iñoren zeresanaren bildur barik.

Baiña pentsa daigun apurtxu baten. «Humanae Vitae» deritxon Entziklikea, oraingo gizartearen espirituaren kontra ete doa, askok uste daben lez?

Nire eritxiz, gure denporeagaz batera doa. Ona emen nire arrazoia:

Gure denporak, demokrazia denporak dira, edonon, lurralde guztietan, Estaduetan eta ikastetxeetan, familietan eta abar.

Arrokeria ta zarata aundiagaz milla bidar esaten da, gure zibilizaziñoaren asierea, erdia ta azkena gizona dala; ikusten direan izakien* artean, gauzarik aundiena ta sagraduena, gizona dala.

Munduan zear, millaka eta milloika gazte ta gizon eldu prest dagoz, demokrazia onen alde, bear bada, euren odola ixurteko*.

Demokrazia, ori bada —ta orixe dala esango neuke—, orduan Aita Santuaren Entziklikea demokrazia onegaz batera doa.

Entziklikea, gizonaren alde dator. Personearen alde jokatu gura dau. Baiña ondo ulertu, irakurle. Ez kalean dabillen gizonaren alde. Gizon orrek ba dauko, bere bizi, izate eta eskubideak aurrera atarateko indarra ta kemena.

Entziklikeak indar bako gizona defenditzen dau, erru bakoa, oraindiño bidean datorrena, izan bear dauan gizona. Ta au bai dala urrezko demokrazia, benetako demokrazia!

Zera be bai defenditzen dau, mundu onetara bizitzea ekarri bear daben senar-emazteen osasuna.

Ez da ori benetako demokrazia? Lege gogorra, legea baiña. Ondo dator emen, aintxiñako erromatarren esaera jakintsua: «Dura lex, sed lex».

JOSE LASA

(ZERUKO ARGIA aldizkaritik bizkaieraztua)


Euskerearen batasunaz barriro

Euskera idatziaren batasuna egitea, gure izkuntzearentzat sendagarri eta indargarri on bat izango dala uste dogu. Bateratuta dagozan izkuntzak, bestelako dizdira bategaz agertzen dira, bai erxeko eta bai kanpokoen aurrean bere. Liburuak errezago argitaratzen eta zabaltzen dira. Euskera batua errezago sartu leiteke eskolan, errezago ikasi eta irakatsi be bai. Sendo eta mardul bizi direan izkuntza guztiak, bide orretatik jo dabe beintzat.

Orain kontua au da: euskerearen batasun ori zelan egin? Izan be, arrisku aundiko puntua da au, nire ustez. Okerreko bidea artu geinke; eta orduan, mesedea barik, kaltea egin leitekio euskereari. Bizia eta osasuna ekarri bearrean, eriotzea ekarri leiskio sasi batasun batek. Ardura aundiko arazoa da au, iñondik bere. Ze moduzko batasuna egin gura dan, ondo ikusi eta aztertu bearra dago.

Uste oker bat

Batzuk uste dabe, onako au izango litzakela batasuna egiteko erea: bildu* daitezala sei-zazpi edo amabi euskaltzain eta euskaltzale, euskera mueta* guztiak ondo dakiezanak; eta euskalki guztietatik gaiak* artuaz, emon deiskuela euskera barri, osotu edo batu ori. Praka edo jake bateri adabakiak* eta ipinkiak* zelan jarten jakozan? Ba gitxi gorabeera olantxe. Onako au bizkaieratik artu, beste ori alako lekutik, beste a ez dakit nondik, eta orra euskera batua eta bakarra eginda. Ikasi daiela gero danak au, danak idatzi daiela euskera onetan, irakatsi daitela eskolan, eta orra dana eginda. Bapo! Baiña olan egiten ete dira gero gauza oneek? Ez dot uste. Nik beintzat ez dot ezagutzen, era orretara egindako literatura izkerarik*.

Orrelan, naaste bat egingo geunke. Laboratorioko izkuntza artifizial batek urtengo leuke. Uste oker au, gitxi asko zabalduta egon da —eta dago oraindiño— gure aroko* euskaltzale eta idazle askotxuren artean. Jokabide lez be erabilli izan da idaztean. Ara zer diñoan Mitxelena jaunak jokabide onetaz: «Ez ete da bearrezko, orrelako naaste baten izkuntza biziaren kemen eta jatortasuna urtutea eta desegitea, argizaia sutan lez».

Euskera oneri akats bat topetan jako: asmatua, artifiziala izatea. Ez da jatorra. Ez da guztiz benetazkoa. Euskaldunak ez dau berea lez autortzen. Barruko izerdia, odola, bizia falta jako. Literatura izkerak* ez dira taiu* orretakoak. Neurri baten, gizonen obrak dira, bai; baiña ez era orretara egiñak. Gizarteko frutu gozoak dira. Tradiziñoz eta oituraz geldi geldika sortuak eta umotasunera* elduak.

Sasi batasunaren arriskua

Onegaz ez dogu esan gura, andik eta emendik artutako kutsuak* eta ikutuak* ezin egon leitekezanik. Baiña gauza bat da, ango edo emengo kutsu zerbait izatea; eta beste bat, alde guztietako gaiakaz* naaste ikaragarri bat egitea.

Domingo Agirrek, gipuzkeraz egin nai eban «Garoa»; baiña ba ditu, alan be, makiña bat gauza, bizkaieratik artuak. Eta euki bear, egillea bizkaitarra zan ezkero. Iturriagaren alegietan* be, ezagun da Lapurdi aldeko euskerearen kutsu* edo ikutu* zerbait. Eta bardin Lizardigan; onek be, Lapurdiko itz eta esakera batzuk sartzen ditu bere idaztankeran.

Orrelako artuemonak, beti egon izan dira idazleen artean. Eta azkenik, idazleen egitez, zenbait* itz, esakera eta abar, andik edo emendik karreatuak* izanarren, literatura izkeran* onartu eta sustraituta gelditu izan dira.

Baiña izkera osoa toki danetatik artutako gaiakaz eratu gura danean, ba dakigu zer sortzen dan: laboratorioko umea, izaki* artifiziala, guzurrezkoa, gozo bakoa. Aragi-azurrezko gizakientzat* balio ez dauana.

Literatura izkerak zelan sortzen direan

Gauza miragarria dira literatura izkerak. Gizonak egindako tresnak direala esan leiteke, gura badozu; baiña au, ondo ulertu eta neurtu bear da. Ez dira laboratorioko izakiak*. Ez dira artifizialak. Oitura eta tradiziñoaren lana dira. Eta ainzuzen, orrexegaitik dira gauza jatorrak, egiazkoak: berez lez sortu, erne, eldu eta umotu* direalako. Eta orrexegaitik nabari* da eurotan biziaren taupadea, erri arimearen oiartzuna*.

Jakiña, erri eta izkuntza guztietan, gauzak ez dira bardin gertatu. Baiña gorago esan dogun au, edonongo literatura izkeretan gertatu izan da: izkera orreek, tradiziñoz eta oituraz sortu, azi eta indartu direala.

Esate baterako, orra or Italia. Italiar izkuntzea, modu askotara mintzatzen* zan (eta mintzatzen da orain bere). Baiña errialde bateko izkerea —Toscanakoa— asi zan gaillurtzen*, idazle argi eta ugariak izan zitualako; eta geldi geldika italiar guztiak areen erara idaztera jarri zirean; eta orra batasuna eginda.

Orrelako zerbait jazo zan aintxiñako Grezian bere. Asieran, errialde bakotxeko dialektuan idazten eben. Baiña Atenaskoa gaillurtu* zan; eta azkenik berau gelditu zan nagusi, ortik eta emendik artutako kutsu* apur bategaz. «Koine» izena emoten jako greko era oneri, au da: greko arrunta*, danona, orokarra*. «Koine» onetan idatzi zirean Testamentu Barriko liburuak.

Jakingarri eta gogoan eukitekoak dira gauza oneek. Batez bere, sasi batasun bat egitetik gorde gaitezan.

L. VILLASANTE

(ARANTZAZU aldizkaritik bizkaieraztua)


Irakurleen eritxiak

Eritxiak eritxi

Itz internazionalak edo universalak direala-ta, aldizkari onetan argitaratu zan nire idazkiari buruz, erantzun zorrotzak eta zentzunez beteak jaritxi* dodaz Kamiñazpi eta Bermeoko Bategandik.

Bieri, aurretiaz, nire begirune ta itzal oso osoa, naiz eta euren izen-abizenak agertu ez.

Aldizkari onetan Garitaonandiatar Gotzonek bein esan eban lez, «arria jaurti eta eskua gorde» egin dabe oneek be. ANAITASUNA'k arautzat* euki bear leuke, izen-abizen barik idazkirik ez argitaratzea sail onetan. Nik, argi eta garbi emon neban nire eritxia; eta ori, beste edonok be egiteko eskubide bardiña dauko. Zegaitik nortasuna ezkutatu? Ni neu, poztu egin naiz ikusirik, nire idazlantxua ainbeste adipenez* irakurri dabela, eta ainbeste nekez eta arduraz jardetsi* deutsoela. Arabere* geiago, Altuna jaunari, nik baiño lenago gai onetzaz idatzi ebanari, jaramonik egin ez deutsoen ezkero!

Ainzuzenbe, nire idazlan txiki guztiak olan irakurten badira, eta ain oiartzun* aundia lortzen badabe, Bermeoko Batek uste dauan baiño lasterrago egingo nabe Euskaltzaindiko!

Eskerrik asko, biotzez, nire jardeslari* izenge* bieri, batez be erritarrari.

Baiña bildur naiz, bai!, nire idazlanaren gogoa eta erixpena* ondo ulertu ez ete daben, eta orrexegaitik emon izan ete deutsoen ain garrantzi aundia. Ze, eritxi soil* bat besterik ez zan nire idazkia. Orrexetarako daukoz ANAITASUNA'k irakurle guztientzat bere orriak ain maiteki edegita.

Zuek be, emon dozue zeuena; eta or amaituko litzake dana, okerrune batzuk sortu ez balira. Okerrune orreek zuzentzera beartu nozue, eta emen nago barriro bere. Labur labur:

 Bermeoko Bateri: Erritar agertzen zarean ezkero, zeuri lenengo.

1. Itz internazionalak edo universalak, eta orrenbeste ez direanak be, ANAITASUNAko orri guztietan ikusten dodaz nik. Baita

ZERUKO ARGIA'n eta beste idaztietan be. Ez da, ba, nik orain asmaturiko gauzea; eta ez dozu euki, nire idazlanak arakatuten* zetan nekatu.

2. Non esan dot nik, «euskerea oraindiño zivilizatu barik dagoala»? Neure buruari arriak jaurtitea litzake ori, neu be euskeraz ari naizan ezkero.

Ondo irakurri eizu, arren, nik idatzitakoa; eta euskerea zivilizatua dala diñot nik, adiskide: «Beste izkuntza zivilizatuen pare» ipiñi bear dogula diñot nik. Olan ba, euskerea be izkuntza zivilizatua da, besteen artean. Onelako minberatasuna, euskereaganako konplejuetatik sortzen da; eta orrek bai dakar nastea ta asarrea. Euki daigun gertasun ona, iñoren eritxiak entzutean; eta orduan izango dogu alkarrizketarako askatasun guztizko aroa*.

Bestaldetik, izkuntza bat zivilizatua izango da, darabillenak zivilizatuak direan artean. Eta or, bakotxak daki bere barri.

3. «C» erabilteaz be esan leiteke zeredozer. Ainzuzenbere, ANAITASUNA'n berton ikusia dot VATICANO, olan idatzita, eta izki* aundiakaz gaiñera. Eta ez zan nik idatzitako lana.

Kamiñazpi'ri:

1. Dana aldatu nai bada, izan leiteke dana txarto egotea. Ez aaztu, txarto edo ondo zer dagoan be, eritxizkoa dala. Batzuen eritxiz, Kontziliorik be ez zan egingo, dana egoan ondo ta. Ala ez?

2. «Humiltasuna» eta «humorea», h ta guzti, idaztearen alde zegaitik nagoan esango dot: Erriak darabiltzalako. Erriak, egunean-eguneango jardunaldietan beretu eta onartu dauzalako. Eta neu be, errikoa naizalako eta erriarentzat idatzi gura dodalako. Ez nago, orregaitik, beste itz jatorragoak edo garbiagoak baztertutera, ez olakorik. Nire eritxiz, itz biak («loia» eta «garbia») erabilli leitekez, izenkide (sinonimo) antzera, bakotxa bear danean. Batak ez dau bestea kentzen. Ez dago munduan izkuntza «garbirik». Eta euskereak be ezin leike lege ori urratu. Lengo kartan esan nebana diñot: extremoak, txarrak dira. Eta garbizalekeriak, zabarkeriak besteko kalte egin leiskio euskereari.

3. Ondo idazten dozu «vertsoa», «virgiñea», «vorondatea». Zuk, ikusi dozu nire teoriaren sustraia. Baita «valioa», «verbea», «virtutea» ta beste asko be «v»gaz idatzi bear litzakez, nire eritxiz, jatorriak (etimologiak) olan agintzen dau ta. Itz orreek, euskaldunak dira eta izango dira «v»gaz be, gure erriak aspaldi beretu eta euskaldundu ebazalako.

4. Ba dakit Euskaltzandiak erabagita daukona, «b» bakarrik erabilli bear dala; eta neu be orretara moldatzen naiz. Errazoia naikoa da, aginpidea daukonaren errazoia. Baiña orrek ez dau bidea austen, eritxi ezbardiñak gogartu eta iruzkinduteko*. Eritxiak, eritxi. Ortografia, joko baten antzera, danok arau bardiñean ados* izatea besterik ez da. Baiña izan leiteke, arau ori estuegia izatea, eta jokoa gazatasun* aspergarri baten jaustea. Ainzuzenbe, etimologiak bere gatza emoten deutso izkuntza bateri eta bere ortografiari.

Eritxiak emonda dagoz. Agur.

ANTONIO PEREZ BILBAO

Bermeo

 Idazlan onegaz amaitu gura geunke eztabaida au. Sasoia da, euskereazko eztabaidok bein ta betiko bukatzeko*, aldizkarietan beintzat. Eta eritxi emoilleak ez beie aaztu lendik esanda daukoguna: idazlanak, laburrak izan daitezala.

ZUZENDARITZEAK

***

Ikusi 11 gn. orrialdean, izartxu bategaz agertzen direan itzen esangurea.


Jose Arteche'ren "El Punto Cero"

 «El punto cero alguna vez tenía que llegar...!»

Donostira joaten gareanean, noizean beinka gure aspaldiko lagun zaar dan Jose Artecheri bisitatxu bat egiteko oiturea daukagu, bere Diputaziñoko lantokian. Alkarregaz poz-negar asko egiñak gara denporetan; eta beste askok lez, La Voz de España'n argitaratzen dituan artikuluak atsegiñez irakurten ditugu.

Aspaldion ixilik egoan, ixiltasun arrigarri bategaz.

Lengo baten ikusi genduanean, «aspaldion ixilik ago; mututu egin aiz ala?», esan geuntsan, erdi broman.

Eta berak erantzun, beste barik: «Irakurri eik urtengo dauan El Punto Cero».

Gure gai* orretako alkarrizketea, ortxe gelditu zan.

Garrantzi andiko artikulua

Arrezkerokoan, egunak joan eta egunak etorri, eta Artechek agindutako artikulu ori ez zan azaltzen. Azkenean, egun baten (garagarrillaren 20'an), or ikusten dogu La Voz de España'n «El Punto Cero», Jose Artechek izenpetuta.

Berantetsiak* giñean artikulu ori irakurteko; eta argitaratzeko izan eban-luzapenak, gure zaletasuna oraindiño geiago anditu eban.

Irakurri ostean, ondo ulertzen dogu belumendu* ori. Gauza gatxa da, izan be, egia batzuk argitaratzea!

Irakurle danentzat, baiña bereziki* idazleentzat, garrantzirik aundienetarikoa da, gure ustez, Artecheren «EI Punto Cero».

Agertzen deuskuzan kezkak, idazle guztien kezka berberak dira, neurria danontzako bardiña da-ta.

Idazlearen kezkak

Kezkati ta goibel* azaltzen jaku Arteche artikulu orretan. «Ya no acierto con el lenguaje periodístico», esaten deusku.

Eta artikulu orretan bertan, or dabil bidebazter batetik bestera, mozkor baten antzera, ezker-eskuma, zuzen joan gura, eta eziñean.

Igarri egiten jako, bere barrua utsitu nai dauala, kezkatzen dauan zerbait garrantziko esan gura dauala. Berba erdiakaz biribiltzen dauan pentsamentua, guk bear dan moduan ulertzea nai dau. Gatx egiten jako, antza; eta azkenean, irakurleen laguntzea eskatzen dau: «pido al lector que colabore conmigo; no es difícil adivinar...».

Bai, kezkati agertzen jaku Arteche. Eta artikulu ori irakurri ondoren, bildur gara, Euskal Erriko idazlea ez ete jakun oraingoz ixildu. Egunkari lanetarako beintzat.

«Ya no acierto con el lenguaje», diñosku beste leku baten.

Artechek, ez daki idazten! Ainbeste liburu eta artikulu eta itzaldi idatzi ta emon dituan gizon argiak, ez daki eskribitzen!

Ikus daigun zegaitik.

Barruko askatasuna gorde nai

«El Punto Cero» artikuluaren mamiña, au da, daukon egokitasun guztia ondo ulertzeko, gauza bat bear da jakin: Arteche euskaldun idazle liberal bat dala, eta lenengo ta bein kristiñau euskalduna.

Euskalduna, au da, euskal sentimentuak beste iñok baizen ondo sentidu, aztertu eta azaltzen dakiana.

Liberala, au da, sentimentu zabaleko gizona, besteen eritxiak entzuten eta errespetatzen dakiana, iñorentzako berba gogorrik barik bere eritxiak azaltzen dakiana.

Kristiñaua, au da, sentitzen dauan siñismena, etxean eta kanpoan, eleizan eta lantokian, adiskideakaz eta ezezagunakaz, nonnai eta noiznai siñismen ori bizitzako egintzakaz buztartzen* dakiana. Arlo onetan eredutzat* ez geunke beste iñor aukeratuko.

Eta orain, edonori bururatzen jakon itauna, auxe da: Zelan izan leiteke, gisa orretako gizon batek idazten ez jakitea, bere pentsamentuak argitaratzeko eragozpenak aurkitzea!

Entzun berak emoten deuskun erantzuna: «...si el hombre liberal... por todas partes tiene cepos tendidos, trampas escondidas, dispuestas a cazarle..., necesita estar ojo avizor para salvaguardar su íntima libertad, su independencia de criterio».

Gure atsekabe ta esperantzea

 Orra or Artechek emoten deuskun erantzuna. Erantzun garbia. Askatasuna dagoala esaten dan lekurako, erantzun gogorra.

Itz orreetan dago Artecheren kezka eta goibeltasun guztien iturburua. Ortxe dago artikuluaren sustraia. Esan gura, eta ezin! Zepuaren bildur!

Artikulu osoan, asieratik akaburaiño, intzirika ari* da idazlea. Eta azkenean, «...no es difícil adivinar», diñosku.

Izan be, ez da ulergatxa berak esan gura deuskuna. Eta gure lez, beste irakurle guztiak be ondo ulertu dituela uste dogu, danontzat oarpen* osasungarri direan kezkok.

Bego orretan beraz*. Garbi ikusten dan arazoan, alperrekoa da esplikaziño larregi emotea.

Bakarrik eta amaitzeko, gure atsekabeagaz batera gure goresmen eta agurrik beroenak zuzendu gura deutsaguz aspaldiko lagun zaarrari.

 «El punto cero alguna vez tenía que llegar...!», esaten deusku.

Baiña «punto cero» ori, beste arlo askotarako «punto de partida» izango dala espero dogu.

Arteche ezin leiteke ixilik egon.

HERNANDORENA


Europa barriari begira. Servan-Schreiber eta Amerikaren axuta

 «Amabost urte barruan, munduko irugarren potentzia industriala U. S. A. eta U. R. S. S.'en atzetik, baleiteke Europa ez izatea, Amerikanoen Europako industria baiño».

Itz oneekaz asten da «Le Défi Américain», liburu bikaiña, Frantziako L'Express asterokoaren publikatzailleak, Jean-Jacques Servan-Schreiber'ek egiña.

 «Amerikaren Axuta*» edo aupadea deritxon liburu onegaz, agirian ipiñi dau Servan-Schreiber'ek, zelako urkamendi ekonomikua dauken Iparramerikako enpresa gizonak Europaren gaiñean ezarrita. Eta ori lortzeko, iru indar erabilten ditue: inbestigaziño industrial ikaragarria, enpresa organizaziño parebakoa eta kapitala. Egia esan, kapital ori, Europatarrak aurreratua da geienbat*.

Periodiku publikatzaille baten semea, Servan-Schreiber'ek kaza egazkiñak erabilli zituan Munduko Bigarren Gerratean, Frantziaren alde. Gero aeroplano konpaiñia bateko saltzaille egin zan; eta azkenez, 1953'an, L'Express ezkerraldeko astekaria* fundatu eban. Bere 42 urteakaz, Frantzia barri baten aldeko abots* zolia da; eta politika bidean, entzute aundia lortzen ari* da.

«Gu Europatarrok, gerra ekonomikua egin bear deutsagu Iparramerikari eta, batak bestea gorrotatu barik, alkarren leian ibilli bear dogu industria kontuan».

Oneek eta beste azalpen interesgarri batzuk egin ditu Servan-Schreiber'ek Amerikanoentzat, Life aldizkari ospetsuan.

Ona emen batzuk:

«Maiatzeko erreboluziñoan, jente asko egon da larri Frantzian, bizitza sozialean etorri leitekezan aldakuntzen aurrean. Erria ez zan fidatzen ezkeraldeko partiduakaz. Gobernuaren eleziñoetako garaipenak, geiago zor deutso erriaren bildur eta mesfidantza orreri, De Gaulleganako zaletasunari baiño.

«Guk maiatzean egin doguzan lako esplosiñoak, naitanaiezkoak dira errialde industrializatuetan. Europako beste naziño batzuk ez dira De Gaulleren Frantzia baizen gogorrak, ez politikan, ez ekonomian eta ez gizarte bizitzan. Naziño orreetan, eboluziñoa erabilkorragoa da. Baiña elburua, bardiña izango da: erantzun egokia billatu, gero ta indartsuago progresu industrialak —batezbere uri aundietan— erriari egiten deutson presiñoari.

«Frantzia da oraindiñokarren, Europa gidatu* leiken naziñoa; baiña orain eta illabete askoren barruan, ez da egongo, gidantza ori egiteko bear dan egoera ekonomikuan. Onek esan gura dau, Europaren eragintzea* denpora onetan lotualdi batera eldu dala. Gaur dan egunean, Amerikaren desafioa iñoiz baiño gorragoa da. Europa gidatu leiken bigarren erria, Alemania litzake. Baiña ez da oraindiño sasoia eldu, erri orren gidaritzea onartua izateko.

«Vietnameko gerratea bukatzen* danean, orduantxe konturatuko dira Amerikanoak euren indarraz. Vietnameko gerratea izan ez balitz, Amerikako negozioak Rusia gainduta* eukiko leukee gaur berton, Europa dauken moduan. Rusia zueri (Amerikanoeri) laguntziñoa eskatzen egongo litzake, orain Frantseseri refrijeradoreak eta Italiatarreri autoak eskatzen dabillen lez. Auxe da Rusoen teknologiaren paradojea: Sputniak egiten ditue, eta ezin dabe etxerako zerik egin.

«Gerrate ekonomikua, gerrate interesgarria da. Jenteak ez dau ikusten «panzerrik» etorten. Ez dauka ezeren ikararik. Baiña euki bear leuke. Amerikako enpresak Frantziaz jabetzen direanean, «panzerrakaz» baiño leunkiago, samurkiroago ibilliko dira. Baiña jabetza orrek luzaroago iraungo dau.

«Ez dago kulturarik, ekonomia aldetik makal dan gizartean. Berrogetamar urte barruan, zeredozer egiten ez bada, Amerikak eukiko dau monopolio kulturala edozetan, jakintzatik musikaraiño. Edertiak*, il egingo dira Europan.

Konputadoreak dira, 20gn. gizaldiko aurrerapen garrantzitsuena. Ba daukagu bonba nuklearra; baiña bonba orrek ez dau gure bizitzea aldatuten. Konputadoreak bai. Konputadore bako soziedadea, atzeratuta geldituko da. 65.000 konputadore dagoz Amerikan. 5.000 bakarrik Europan; eta euretariko euneko 80, Amerikatarrak dira. Asko dira emen, konputadoreen bildur direanak. Erdi Aroko* siñiskeriak! Demoniño bat balitz lez artzen dabe orreek konputadorea, Afrikatarrak automobilla artzen eben lez. Baiña konputadorea, gizonaren gogoaren zerbitzaille bat baiño ez da.

«Gure aldiaren maitemiñean nago. Intelektuaren garaitasuna, osoa da gaur lenengo aldiz; eta industria arloan, gizonaren egoerea sustraiz aldatzea posible da orain. Gero ta gero be indarrik aundiena, garaun indarra da.

A. PEREZ BILBAO


Alemaniatik. Berlingo milla ta bat gau gorriak

Alemania Federalak, orban* asko daukoz. Batzuk, emen ANAITASUNAN salatu* doguz; eta aurrerantzean be, salatuten jarraituko dogu.

Alan be, ba dago beste Alemania bat: DDR, edo Alemaniako Demokrazia Erritarra deritxona. Alemania komunistea.

Orain asko ez dala, joan-etorri bat egin aal izan neban bertara, Bermeoko lagun batzukaz. Gure inpresiño ta eritxiak? Ezin esango dogu, onak zireanik. Gure pasaporteak ez deusku ixten, Berlin baiño besterik ikusten. Berlineri buruz jardungo dogu, ba.

Berlin, nik Euskal Erriarentzat ezelan be gura ez neukenaren argazki* bizia da. Berlin, Euskal Erri osoa baiño andiago dan uri zoritxarrekoa da. Berlin, Alemania komunistearen erdian dago, ugarte* bat lez. Aragian sartuta daukogun «arantza» bat lakoxea da. Eta arantza orrek min emoten dau, Europak zirkintxu bat egiten dauaneko.

Berlin, Euskal Erria lez, bitan zatiturik dago. Eta besteen interesak eta indarrak iraun erazoten deutsoe egoera triste orretan.

Berlin, orregaitik, naziño arteko interesen Bankaetxe bat lakoxea da: bere interesak, amerikanoen eta rusoen interesakaz batera goititzen eta beititzen dira. Eta orregaitixek, Berlinen polizgizon larregi ikusten da. Berlinen, gudari arrotzak dabiltz, ikurrin arrotzak dagoz. «Amerikanoen lur zatian zagoz», irakurri zeinke. Edota, «Rusoen lur zatian zagoz»; «Amerikanoak, erri iltzailleak dira».

Berlin, erri bat izaten galerazo deutsoen gizarte apurtu bat da.

Eta Berlinen, orma penagarri bat dago. Ormearen alde batari, Berlin Askatua esaten jako. Orma orreri begira ibilli gara gu, Kurfürstendamm kalean gora ta beera. Eta guk ez doguz Euskal Erriarentzat gura, ez Berlin Askatuko egunak eta ezta gauak bere.

Ormearen beste aldea, Alemania komunistearen uriburua da. Galerazota dago, andik onantza etortea. Iges egin gura dauanak, mitrailleten, poliztxakurren eta mina ezkutuen kontu artu bear dau. Ormea igaro bearko dau. Baiña, seguru asko, ez dau askatasuna Berlin federalean aurkituko: lenago bialduko dabe «Vopoak» zerura edo inpernura.

Berlin komunistan, propaganda asko dabil kalean: beste aldeko alemanen (federalen) kontra, amerikanoen kontra. Rusiaren alde. Vietnamen alde. Pragako «errebisionisten» aurka.

Berlin komunistara sartzen direan guztiak, eguneko bost marku (90 peseta) gastetako obligaziñoa daroe. Geuk be, zeredozertxu erosi bear ba! Nire lagunak, denda batera sartu zirean. Ni kalean geratu nintzan, Berlineko planoari begirada bat emoten. Jezarri nintzan, eta ba nengoan ni bake bakean planoa begiratzen. Bertatiko baten azaldu zirean polizgizon bi, eta: zer egiten dozu emen? Ikusten dozuena, erantzun neutsen. Turista nintzala ta olakoak argitu neutsezanean, geldi ez egoteko agindu eusten, eta ibilteko norabait. Orduantxe agertu zan nire lagunetariko bat, eta aren zain nengoala esan neutsen polizgizon bieri. Txokolatea erosi gura genduala. Sartu giñean ba dendara, eta polizgizon biak atean geratu zirean, guk txokolatea erosi arte.

Berlin Askatuko politikan gauza asko dagoz txarto, zalantza* barik. Baiña ori igarteko, estadistikak begiratu bear dira, eta erakundeak (gizarteko «estrukturak») aztertu. Kalean dabillenak, gitxi ikusi daike. Berlin komunistan ostera, ziur nago gauza on asko egongo direana: trolebusik ez dago beiñik bein. Eta alan be, gauza txar larregi agertzen jakoz, kalean ibilli dabillenari. Nik neuk, egia esateko, nekez siñistu neike, kaleok eratu dituen estrukturak onegi direala.

Esan leiteke, Berlin komunistan ez dagoala iñora begiratzerik, polizgizonen bat ikusi barik. Polizia larregi dago, eta ori ez da seiñale ona.

JOSE AZURMENDI, Münster


"Humanae Vitae" Entziklikea. Ez dira danak eritxi bateko

Pozarren onartu ei dabe mundu guztiko katolikuak Paulo VI garrenaren «Humanae Vitae» Entziklikea. Albista* ori, Espaiñiako Agentziaren batek zabaldu ei deutse egunkarieri*. Eritxi au indartzeko, Agentzia orrek diño, Holandako Gotzaiñak be erabat* anartu ei dabela Aita Santuaren erabagia.

Jakin gura neuke, Agentzia orrek zeri deritxon mundu guzti.

Alemanian, ago batez eraso* deutsoe Entziklikeari Prentseak eta Radio-telebisiñoak. Bardintsu, katoliku direan eta ez direanak. Orixe berori, izen ospetsuko teologu askok. Ez dogu jakin, zabalkunde aundiko publikaziño bapere egon danik, Entziklika barria kritika barik onartu dauanik.

Inglaterrako «The Tablet» astekari* katolikuan irakurri daikegunez, ango Prentsarik zabalduenak eta jatorrenak be, txaloka barik, kritika gogorrakaz ekin* deutso eleizidazti oneri. Uste bardiña geratzen jaku, BBC radioari siñisten badeutsagu. «Sunday Telegraph»en agertutako Gallup-eritxibillaketa batek erakutsi deuskunez, Inglaterrako katolikuak, erdiak inguru, Entziklikearen kontra dagoz.

Holandako Gotzaiñak ez dabe oraingoz Entziklikea onartu, ezta baztertu bere. Batzar baten aztertzeko guraria agertu dabe. Agostuaren azkenetarako itxaroten da Alemaniako Gotzaiñen azalpen bat.

Amerikako Estadu Batuetan, Unibersidadeko irakasle katoliku talde batek eskabidea egin dau, Entziklika guztia ainbat ariñen ikusbarritzeko. Alemaniako zientzilari katolikuen artean, alkarte bat sortu da, Entziklikearen kontra jarduteko, Bochum'eko Unibersidadea buruzagi dala. Inglaterrako laiku akademikuen Newman* alkarteak be, asmo bardiñak daukaz.

Aita Santuak berak autortu deusku, kezkaz eta arduraz bete dabela Entziklikeak sortu dituan erreaziñoak. Apur bat geroago adierazoten eban Vaticanoko radioak, erreaziño gogor au euki ebenak, Aita Santuaren asmoak zuzen ulertu barik irakurri ebela Entziklikea. Eta ba leiteke. Izan be, orain esaten danez, erri erdiazieri* jaiotza kontrolaren bidez bakarrik lagunduteko tentaziñoari esi* bat ipiñi gura ei eutson Aita Santuak.

 «Osservatore Romano»k berak be ez dau ezkutatu, zelan, katoliku ez direan tarteetan, Entziklika barriak kritikea baiño ez dauala sartu erazo.

Espaiñiako Agentzia dalako orrek, «Osservatore Romano»ren eufemismuetatik jaso dau, seguru asko, bere albistea*. Baiña ondo diño «The Tablet» astekari* katolikuak: «Guzurra zabalduz lagundu gura deutsoe Entziklikeari».

Ikaragarrizko kritika galarren* gogorra sortu da «Humanae Vitae» Entziklikearen inguruan. Eta oraindiño ez da baretu. Orixe da egia. Zer billatzen dabe, asarre guzti au ezkutatu gura deuskuenok?

Eta Entziklika onek noraiño lotzen gaituan neurtzerakoan, zegaitik azaldu ez beronen alderdi baltz eta illunak? Kristiñau zintzoena ez da, «amen»ik biribillena emoten dauana.

Kritika oneek zek biztu dituan argitu gura badogu, ur geienak iturburu batera joten dabela ikusiko dogu. Andi-andika* esateko: a) jatorrizko* legea ez da, puntu guztietan, Aita Santuak egiten deuskun lez ulertzen; b) teologuen artean ez dago argi, Eleizeak zenbateraiñoko esku daukon, jatorrizko* legea eta beronen esangurea adierazoteko.

Zer? Ez dogu zer oldozturik* izango, Upsala'ko Ekumenismu Batzarrean egun oneexetan 466 Gotzain anglikanok Aita Santuaren erabagia ago batez ezetsi (kondenatu) badeuskue be?

JOSE AZURMENDI, Alemania


Pildorea

Aita Santuaren «Humanae Vitae» Entziklika orrek, munduari emon deutson zartadea ikusgarria izan da. Lo dagoan bateri, kolkoan asun* berdeak sartzea lez izan da. Benetako astiñaldia!

Danok, itxaropen gozotan gengozan. Esan be, asko esan da or zear, bearbada lar, gai* onetzaz. Teologu, moralista, konferose ta soziologu askok ziurtzat euken pildorearen legezkotasuna. Prensa ta olakoak be, barri asko ekarri deuskue ori dala-ta: USA'n euneko 66 andra katolikuk artzen dabela, eleizgizonen baimenez; Frantzia ta Holandan be bai. Berton be, pildora onak eta ez ain onak egozan; frantsesak ei ziran onenak.

Eta... ara nun, goizetik gauera, dana auntzaren eztul biurtzen jakun. Aita Santuak ezetz. Benetan ezetz. Bere Entziklika ori irakurtea baiño ez dago.

Alandabe, jakin danez, Aita Santu, teologu ta moralistak ez ei dira izan pildorearen areriorik gogorrenak. Mediku ta soziologuak izan ei dira, ameseta orreek ezereztu dabezanak. Zer dala-ta? Ondorengoen bildurra. Atea edegiteko bildurra.

Aita Santuak, berak diñoanez, egun eta gau larriak igaro ei dauz, Karta ori argitaratu orduko. Bildurra berak be; munduak txarto artuko ete ebanaren bildurra. Eta alan izan da. Batzuek ontzat artu dabe; besteak kaltegarritzat. Zorioneko Entziklika ori dala-ta, mundua erdibituta dago. Zorioneko pildorea! Batzuentzat, euren fedearen «test» bat lez izango da. Burubakotasun aundia, baiña batek baiño geiagok itxiko dau bere erlejiñoa, ori dala-ta.

Aita Santuak, ostera, ba ekian ori dana. Alandabe, or dago «Humanae Vitae».

Eta... orain zer? Bonbea bota da. Batzuek pozik, besteak erneguz. Protestanteak, Anglikanoak batez be, asarre dagoz. Judeguak eta Ortodoksoak ontzat emon dabe. Katolikuok, erdizka gabiltz. Or entzuten da beintzat, Aita Santuaren Entziklikak be ez dirala utsezkorrak, eta abar. Obedientzia be ez dala itsua. Oneek gauzok, zeredozer esan nai dabe.

Eta guk? Argi esan daigun, gure fede ta katolikutasunarentzat be «test» bat dala. Zelakoak garean, alan artuko dogu. Baiña ez daigun aaztu, olako gauza bat ez dala epaitu* bear gero... komenentziaren aurreran. Kristok askotan esaten eban: «Entzuteko belarriak dituanak, entzun bei»; «zeruetako Erreiñua irabaztea, gauza garratza da».

A. Z.


Ama Lur

Victoria Eugenia teatrotik urtenda, Basterretxea eta Larruquert jaunak agurtzera joan nintzan ariñak arin. Ama Lur pelikulea amaitu zan. Baiña ez alperrik. Gizatalde aundia egoan txaloka teatroko eskillara nagusian.

Gaiñera, zinegille ospetsu biak Astoria zinera joiazan prisa andiagaz. Astoria zinean barriro emongo eben pelikulea.

Zer esan neike Ama Lurraz, esan ez danik? Ikaskizun aundi bat daukola guretzat pelikula onek. Biaramonean legegizon argi batek esan eustana:

— Ikusi dozu Ama Lur?

— Bai. Eta zuri, zer iruditu jatzu?

— Niri? Zer gara gu euskaldunok?

Gure erriaren izakera aberatsa adierazo gura eustan nire lagunak bere erantzun-itaunagaz. Izakereari begiratuta, gure erriaren aberastasuna arrigarria da benetan.

Alkarren begirunea ta maitasuna erakutsiko al deusku Ama Lurrek! Naparroa aundiaren izakerea ez dala Bizkaiarena lakoa. Gipuzkoa eta Araba desbardiñak direala Laburdi eta Zuberoaren aldean. Paisajeak, au da, eguneroko ikuskizunak egiten gaituala garean lakoak. Baiña geure izatearen azpirik ezkutuenean, euskaldun guztiok bat gareala. Eta paisaje orrek, geutarrak egingo dituala kanpotik gure artera datozanak be.

Basotik illobira gorpua lepoan daroen lau gazteak, eta Uxue, Naparroako aintxiña aintxiñako baseleizara, kateak arrastaka doazan marraoak* alkarren anaiak dira.

Senidetasun bardiñekoa, Uxueko katearen soiñu izugarria eta Peñafloridako Kondearen Aitagureak arimeari egin erazoten deutson dardarea.

Zuberoko eleiztorre irukotxak eta Arantzazuko oraiñaldiko torre goitarra, antzekoak dira.

Bardin bardiñak, Naparroako zezenketa errikoi alaiak eta emen urreko beste zenbait* festa. Nok esan leike, zezen festa orreek geure geureak ez doguzala?

Gure erriaren oitura aberastasun arrigarria!

Ikasi Ama Lurren bidez erria obeto ezagutzen eta maitatzen, batetik besterako oitura aldatuetan.

Oitura orreek, gure erriaren irudi orreek, sakondu daiguzan barreneraiño. Zer esan gura deuskue, aintxiña aintxiñatik jatorkuzan geure ezaugarriak?

Ezaugarri orreek, emen bizi gareanori, modu batera itz egingo deuskue. Kanpoan urrun dagoan euskaldunari, beste era batera. Baiña azkenean, bai batzuek eta bai besteak, biotz zarraztada bardin batek erabilliko ditue.

Euskaldun guztiok alkartu gaitezala geuretiko sentimentu bakarrean. Alkar obeto ezagutzen ikasi, eta alkar geiago maitatzen be bai. Alde batekoak eta bestekoak, Euskalerriaren punta batetik besteraiño.

Auxe danau pentsetan neban neure barruan, Ama Lur ikustean eta ikusi ostean.

JOSE DE ARTECHE

(Z. ARGIA aldizkaritik bizkaieraztua)


Kontzilio osteko aldakuntzak

Kontziliotik arrezkerokoan, ba dago egon be aldakuntzarik asko. Eleizan eta eleizgizonetan. Ta oraindiño egongo direanak!

Bearrekoenik ez da aldatzen; ezin aldatu leiteke. Berrogei egunetan berrogei traje barri jazten badoguz bere, gure gorputza lengoa da. Trajeak aldatzen dira, gorputzik ez.

Auxe berau gertatzen da eleiz-arazoetan be. Gaiñeko gauzak, azalekoak, aldatzen dira; baiña jatorrizko zimenduak ez.

Era barriak

Era barriak, molda barriak, arrigarri egiten jakuz askotan.

Jaio giñeanetik ona, beste molda batzuetara oituak gengozan.

Azkenengo bost urteotako aldakuntzak zar askoren burutan sartu ezin badira, eskerrak 2.000'garren urterarte biziko ez direala.

Bestela, zer pentsatuko ete leukee!

Batezbere, Jose Mari Jabierre jaunak esandakoak egiaztuten badira. Ta ni, ziur samar nago egiaztuko direana.

Biarko abadeak

Gu ikusten oituta gagozan abadeen bizimodua, zearo aldatuko da, Jabierre jaunaren eritxiz. Denpora gitxi barru aldatu bere.

2.000'garren urtean, abadea beste edozein lez agertuko ei da. Lanari emonda egongo da, osterantzeko gizasemeak letxe*.

Nekearen eta lanaren bidez irabaziko dau eguneroko ogia. Dirua aurreratzen eta pillatuten ez da aleginduko.

Bere denporea, bere indar eta almenak, Eleizearen onerako enpleatuko ditu, ta Ebanjelioaren zabalkunderako.

2.000'garren urtean, alan nai daben abadeak, ezkongaiak izango dira. Ezkondu gura dabenak, ez dabe eragozpenik eukiko.

Ezkongai ta ezkonduak, alkar arturik egingo dabe lana Barri Onaren zabalkundean.

Apaltasunera

Apaltasun eta pobretasunera doa Eleizea. Auxe da beretzako egiazko bide bakarra. Aundikeriak eta aberastasun guztiak, bazterrera itxiko ditu. Alde batera lagako dauz aginteak eta agintezko gogorkeriak.

Burua makurtuko dau; erregaluz jatorkozan ainbat bereratasuneri*, «ezetz» esango deutse. Langa* aundi bat jarriko da politikuen eta eleizgizonen artean. Bakotxa bere barrutian ibilliko da, iñorenean sartu barik.

Indarrean eta derrigorrean ez dau ezer egin gura izango Eleizeak. Onean dana. Benetako Eleizea lez agertuko da, ainbat kalte egin deutsoen aundikeriak zearo lurperatuta.

Obispo barriak

Obispo barri adoretsuz osotuko da Eleizea.

Jose Mari Jabierreren eritxiz, balio aundiko obispo orreek munduan zear zabaltzen direanean, abadeen oztasun guztiak bapeztu egingo dira. Benetako bakea egongo da abade ta obispoen artean. Kristok, orduantxe eukiko ditu benetako jarraitzailleak.

BASARRI

(Donostiko LA VOZ DE ESPAÑA egunkaritik bizkaieraztua)


Kaleko gizonak diñoana

Gizontasunari dagokiona

Madrilleko Auzitegi nagusiko salatari* gaillenak*, agindu garratza banadu deutse menpekoai.

Gizonari dagokion berezko zintzotasunaz diardu, ta jokabide lardats* eta endekatuak* txarresten* ditu.

Arlo batzuk argiro erakutsi ditu. Gizonaren izakerea aberetu ta doillor* biurtzen dabezanak izentau bere.

Droga gauzak, isilpean ara-onako tratuetan, osasunerako galgarri direan drogen saldu-erosi ugariagoa, egunetik egunera. Zaarrak iñoiz botika maillako direanon zale izan baldin badira, oraingoan gazterik asko drogazale itsu biurtu direalako.

Zatarkerian jausi direanak eta egunero jausten direanak, gazteak betiko ondatuaz, emakumerik asko betiko lorrinduaz*, norbere gorputza tratu-gauza biurtuaz, aragijoko uts besterik ez bailitzan.

Eta oraingo okerrik aundienetarikoak, gizonen alkar-bearra ta edarikeri ikaragarria.

Orra or, salatari nagusiak agertu dituan okerretarik asko.

Gizabide modernuaren etorri onenak, orreik ete dira?

Itxaropena bear dogu

Ez dago, ostera, beti negarretan zetan ibilli. Gure eskuan dagoana zuzen bete ezkero, Egilleak ez deusku besterik eskatuko.

Mundu osoa urte gitxiren buruan lorrindu* eta zuzituko* dala uste dabe batzuk.

Arrokeriak esan erazoten deutsez orrelako ao zabalkeriak.

Zera, munduaren zil* eta ardatz* geu bagiña lez. Gure aurretikoak ainbat eta ainbat izan dira. Eta ondorengoak be, bearbada, ez dira gitxiago izango.

Gaztea danean, amesak galantak izaten dira. Eta baita bear bere. Izan be, udabarrian loratsu ez bagagoz, lorarik geienak galdu egiten direan ezkero, lora urri dan tokian, garauak be, ainbat urriago izango dira.

Erein ba azi ona, berba osoz ta gozoz. Baiña batez bere, egitada onak izango ditugu betiko bidelagun.

Norbere zerak kontuan izanaz, besteenak be izango bagenduz, ortik letorke bakebiderik egokiena. Baiña gorrak direan tokian, ez dabe gaitasunik* izango, auzokoaren premiña ta gurariak jakiteko.

Bai, ba. Or konpon esanaz bakarrik, ez dira gauzak... konponduko.

Artu eta emon

— Zuri zer jatzu atsegiñago: zorrez beterik ibiltea, ala artzekoak izatea?

— Zorra ez da zer ona. Zorra, astuna da berez, karga astuna.

— Orduan, zuk artzekoa naiago, zorra baiño, ezta?

— Jakiña! Beti nasaiago, artzeko dagoana.

— Tira ba! Emoidazuz berrogei milla ogerleko, ta patxadaz biziko zara urte luzeetan.

Betikotasuna

Pintore ospatsu bateri egindu auxe emon eutsen: irudi egokia aukeratu egiala, kuadru baten, «Betikotasuna» pintura bidez ezarteko.

— Ta? asmau al dozu zetariko irudiak ezarri?

— Bai. Emakume bi barriketan.

KALEKOA


Munduko bearrizanak

Garia

Udan albista* onak entzun doguz, aurten izan dan uzta* ugariaz.

Gari soloetan igaz baiño lur ta azia gitxiago erabilli arren, legerri* osoan, igaz baiño gari geiago artu da, euneko 2,2 inguru geiago. Guztiz, 57,2 milloe kintal metriku, garitan bakarrik.

Beste laboreak* bere, mardoago izan dira. Esaterako, garagarra 25,3% geiago. Untzegaria* bere, 18% geiago; ta oloa*, 11%.

Ba al da garau guzti orreik nun gorderik?

Artoa

Abereen* janari ta pentsurako, Espaiñiako gobernuak artoa ekarri dau kanpoetatik, eta ugari ekarri bere: 3.860.000.000 pesetaren balioa.

Jakingarri da, dirutza orixe izan dala ain zuzen, lenengo bost illabeteetan, laranja ta limoetan atzerrietara bialdu izan dana: 4.000 milloe gitxi gorabeera. Igaz baiño 233.000 tonelada urriago.

Ortik agiri da, emendik gorakoan, gobernuak garaun jatekoaz ardura aundiagoa izango dauana.

Beste janari batzuk

Orio gaiak ondo ei datoz; eta oker aundiren bat izan ezik, 600.000 tonelada lortuko dituela diñoe. Atsegiñago jaku orio ori, urrunagoetako soja ugariagoa baiño.

Maasti ta ardantzak igaz baiño beteago ta zindoago datoz; eta edari kontuan, urrialdi ta ezunerik* ez dala izango uste dogu.

Okelea edo aragia zeozer merkeago dabil, legerri-lurrak osotara ikusita. Batez bere, ardi aragia dabil merkeago. Txarrikien salneurria*, ostera, bardin samar.

Laneko gauzak

Industri gauzetan, egindakoak ugariegi dagoz pillatuta, tegi* aundi ta txikietan. Salgai gauza asko, ta nok erosirik ez. Oraingo esakeraz, stock mardoak gai askotan.

Aintziretan* indar-gai dan ura 65,2% dago egon, tokien artze osoaren ikusian. Baiña ur gordeak urrituaz doaz; eta udeak legor samar iraun ezkero, udazkeneko euriak eldu arte, estura apurren bat izan leiteke.

Turismo beribillak*, aurreko urtean baiño 7% geiago egin ditue azken aldian. Seat etxeak iñoizko geien saldu ei dau, joan dan garagarrillean.

Kanpoetara bialduriko gauzak 12,9% geitu dira aurtengo urte erdi onetan, igazkoak ikusirik.

Diru arloan

Bagillaren azkenean 972 milloe dolar maillea egoan, kaltetan, merkantzi dendunean*. Au da, kanpora bialduriko gauzak gitxiago izan direala, balioz, ekarririkoak baiño.

Ordainketa galgearen* egoerea, maiatz azkenean, 948,9 milloe dolar urretan eta atzerri-diru* aldagarrietan.

E. E.


Eleizearen izakerea. Len eta gaur

Atsegiñez irakurten ditugu, Jose Lasak «Zeruko Argian» astero argitaratzen dituan artikuluak.

Azken orreetako baten, Eleizearen izakerea ikutu dau: Beiñola* zer izan zan, eta gaur zer dan.

Gogozko jaku gaia*. Izan be, Eleiza egoki eta zuzen bat, gure siñismenaren oiñarria lakoa da. Orregaitik, ez dogu uste siñismendun irakurlerik izango danik, gai* onetaz arduratzen ez danik. Bidezkoa da beraz*, gure gogaketakaz batera sentitzen dogun eritxia azaltzea.

Beiñolako eleizearen indarra ta influentzia

«Garai* bat izan zan, diño Jose Lasak, aberats, aundiki, erregeak eta Unibersidadeak Eleizeak bere menpean izan zituana.

«Orduan bai eukan Eleizeak indarra ta influentzia gizartean!»

Baiña guk, Jose Lasari zintzoki erantzunaz, autortu bear doguna, auxe da: Zelan erabilli eban Eleizeak «indar eta influentzia» ori?

Gogora gaitezan, garai* aretakoa zala Inkisiziñoa, «indar eta influentziagaz» Eleizeari onore aundirik ekarri ez eutsona.

Buruan daukagu danok, Aita Frantzisko de Vitoriak Ameriketako indioen alde jokaturiko gudaketea, bere Enperadorearen eta orduko Aita Santuen kontra.

Jose Lasaren artikulua agertu zaneko egun areetan euretan, il onen batean eta bian, Donostiko «La Voz de España» egunkariak*, Ismael Herraiz'ek izenpetuta, artikulu batzuk argitaratu zituan, Italiako Eleizeak Mussolini eta fazismuagaz euki ebazan artuemonak aztertuaz.

Artikulu orreek irakurri ostean, gitxienez esan geinkena da, artuemon orreek, indarra emon baeutsoen bere, ez deutsoela Eleizeari ez ondoren eta ez onore aundirik ekarri.

Proba edo argibide txiki bat: «La guerra de Abisinia (el Vietnam de entonces), irakurten dogu «La Voz de España»n, concitó el entusiasmo delirante de la Iglesia italiana. Las parroquias recogen el oro, organizan colectas y desde el púlpito y los periódicos se ensalza la belleza y el heroismo civilizadores —en suma cristianos— de la empresa; y en el momento de la victoria, el Santo Padre comparte el júbilo de un gran pueblo».

Berba bi bakarrik gure aldetik: Azken gerratea amaitu zanean, munduak lenen lenengo egin eban-lana, Haile Selassie Enperadorea bere tronuan ezartea izan zan.

Orregaz, dana dago esanda. Egin eikeen justiziarik aundiena egin eben ainzuzenbe.

«Asko galdu eta geiago irabazi»

Lasak idatzitako artikulu orretan bertan, «Eleizeak (gaur) asko galdu eta geiago irabazi dauala» irakurten dogu.

Leku batzutan bai.

Gai* oneri buruz gogaketa bat. Pariseko «Cité Universitaire»ko eleizan entzuten genduzan-meza eta sermoi entzungarri areetako baten, onelan mintzatu* zan bertako Erretore jauna: «Gaur, len baiño katoliku gitxiago gara Frantzian. Gaiñera, Estaduagandik artzen genduan laguntzarik ez daukagu. Eleizea, pobrea da. Alandaguztibe, benetan esan geinke, Eleizeak sekula izan ez dauan askatasuna daukola, iñoiz izan ez dauan itzal eta errespetua daukola, bai Errian eta bai Gobernuko agintarien aurrean».

Orrelan mintzo* izan jaken ikasleeri «Cité Universitaire»ko Erretore jauna. Gero Aita Santu izango zan Roncalli jaunari —Joan XXIIIgn. agurgarriari— bere kardinaletzako kapelua, Frantziako presidenteak ezarri eutson, ezkertiar sozialista zan Auriol jaunak.

Eleizearen «irabazi» oneri buruz, barriztu gura doguz emen, goi goiko idazle ezagun eta Pax Romanako sekretario izan zan Carlos Santamariak Donostiko «El Diario Vasco»n idatzitako lerroak be.

Onelan mintzo* zan: «No olvidemos que, si en nuestra época histórica y en gran parte de las naciones occidentales la religión católica ha adquirido una situación de prestigio y respeto, de la que no había disfrutado nunca durante el siglo XIX, esto se debe principalmente al hecho de haber renunciado a jugar papel político privilegiado, caído ya en desuso.

 «En la época posconciliar una línea de acción más comprensiva y abierta hacia la libre actividad política de los ciudadanos se le impone a la Iglesia, no sólo desde fuera, sino desde dentro de ella misma. Y esto por una exigencia de perfeccionamiento interno y de progreso espiritual».

Carlos Santamariaren berba oneek, Pariseko «Cité Universitaire»ko Erretore jaunari entzundakoakaz bat datoz.

Beste Erri askogaitik, gauza bera esan geinke?

Harizpe


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNAREN zenbaki onetan izartxu bategaz agerten direan itzen esangurea.

B = Bizkaia, G = Gipuzkoa, L = Lapurdi, N = Naparroa, D = danak

ABERE (D), animalia, pataria.

ABOTS, boza.

ADABAKI (B), ipinkia, txapela, remiendo.

ADIPEN, atentziñoa.

ADITZ, verbo.

ADOS IZAN (L), konforme egon.

AINTZIRA (L), embalse.

ALBISTA (B), notizia, barria.

ALEGIA (LN), fábula.

ANDI-ANDIKA (B), a grandes rasgos.

ANTOLAMENTU (L), ituna, arreglua.

ARABERE GEIAGO (B), oraindiño geiago.

ARAKATU (B), registrar, examinar, averiguar.

ARAU, (L), norma, regla, ley.

ARDATZ (D), eje.

ARGAZKI, erretratua, potreta.

ARI IZAN (GLN), jardun, zerbait egiten egon.

ARO (D), ambiente, tiempo.

ARRUNT (LN), korrikoa, corriente.

ARTEZ (BL), zuzena.

ASAGO (B), urrun, urruti.

ASTEKARI (L), asteroko izparringia.

ASUN (D), ortiga.

ATAN, ATAN BE (B), batez bere.

ATZERRI-DIRU, kanpoetako dirua, divisa.

AXUT (LN), aupadea, desafioa.

BEIÑOLA (B), lengo denporan.

BELUMENDU (B), belu edo berandu ibiltea, tardanza.

BERANTETSI (LN), impaciente.

BERAZ (GLN), por consiguiente.

BERERATASUN (B), erosotasuna, comodidad.

BEREZI (GLN), apartekoa, espeziala.

BEREZIKI (GLN), especialmente.

BERIBIL, automobilla.

BILDU (GLN), recoger, reunirse.

BUKATU (GN), amaitu, akabatu.

BUZTARTU (BLN), unir, uncir.

DENDUN (B), equilibrio. Merkantzia denduna: balanza comercial.

DIRAUSKUNEZ (B), diñoskunez.

DOILLOR (B), ruín, villano.

EDERTI, arte.

EGUNKARI (L), eguneroko izparringia.

EKIN (BGL), atacar.

ENDEKATU (B), enteco, degenerado.

EPAITU (BGL), juzgar.

ERABAT (G), guztiz.

ERAGINTZA, promoción.

ERASO (BG), atacar.

ERDI ARO, Edad Media.

ERDIAZI, subdesarrollado.

EREDU (BL), modelo, ejemplo.

ERIXPEN (B), opinión.

ESI (D), seto, valla.

EZUNE (B), escasez, crisis.

GAI GLN), geia, asunto, material.

GAILLEN (GL), prominente, superior, supremo.

GAILLURTU (G), gaillendu, sobresalir, triunfar.

GAINDU (N), dominar.

GAITASUN (GLN), geitasuna, capacidad, disposición.

GALARREN (BG), galerna.

GALDETU (GN), itaundu, preguntatu.

GALGA (L), nivel. Ordainketa galgea: balanza de pagos.

GARAI (GN), sasoia, denporea.

GAZATASUN (B), insipidez, sosez.

GEIENBAT (G), batez bere.

GIDATU (GLN), guiar.

GIZAKI, individuo.

GOIBEL (GLN), tristea.

IKUTU (BG), kutsua, aire, contagio, dejo, sabor.

IPINKI (B), adabakla, txapela, remiendo.

IRUZKINDU (B), comentar.

IXURI (D), derramar.

IZAKI, creatura, ser.

IZENGE (B), izen bakoa, anónimo.

IZKERA (GN), lenguaje.

IZKI, letra.

IZOTZ (D), hielo.

JARDESLARI, jardestaillea, erantzulea.

JARDETSI (LN), erantzun.

JARITXI (B), lortu.

JATORRIZKO (BG), natural, original.

KARREATU (BG), acarrear.

KUTSU (GLN), ikutua, aire, contagio, dejo, sabor.

LABORE (D), cereal.

LANGA (BG), egur luze ta lodia.

LARDATS (G), naastatua, híbrido.

LEGERRI, Estado.

LETXE (B), legetxe, legez, lea.

LORRINDU (B), ondatu, galdu.

MARRAO (B), enmascarado.

MINTZATU (LN), mintzo izan, berba egin.

MINTZO IZAN (LN), mintzatu, berba egin.

MUETA (B), klasea.

NABARI (N), evidente, notorio.

OARPEN, advertencia, aviso.

OIARTZUN (LN), eco.

OLDOZTU (N), pentsatu.

OLO (D), avena.

ONDORE (GLN), resultado.

ORBAN (B), mancha, defecto, mácula.

OROKAR, universal.

SALATARI (D), acusador, fiscal.

SALATU (D), acusar, denunciar.

SALNEURRI, prezioa.

SOIL (D), mero, simple.

SORTALDE, eguzkialdea, lestea, Este.

SOSTOR (B), oztopoa, eragozpena, obstáculo.

TAIU (BG), traza, porte, estado.

TXARRETSI, desaprobar.

TEGI (D), gordeteko tokia, almacén, depósito.

UGARTE, isla.

UMOTASUN (D), madurez, sazonamiento.

UMOTU (D), madurar, sazonar.

UNTZEGARI (B), centeno.

UZTA (GLN), cosecha.

ZALANTZA (G), dudea, ezbaia.

ZENBAIT (GLN), batzuk.

ZIL (B), ombligo.

ZUZITU (D), desegin.


Arraintza kontuak

Donibaneko arraintzaleen egoerea

Danok dakigunez, arraintzearen egoerea guztiz txarra da Donibaneko portuan. Eta orain urte asko ez dala, Donibaneko portuak fama aundia eukan nonnai. Atunetan, ez zan ba bera lenengoa Frantzia guztian? Sasoi atan, Donibaneko arraintzaleak alkartu egin zirean, batu egin zituen euren lanbideak; eta beste portueri irakatsi ederra emon eutseen, miseriaren errekatik urteteko.

Eta gaur zer pasetan jake? Nondik jatorke gaurko ezinbeste ta noraeza? Aurrerantzean ze jokabide artu bear leukee, gaurko zulotik urteteko?

Beti aurrera

Mundua beti dabil aurrera. Len ogei urtean beste, orain bost urtean aldatzen dira gauzak. Donibaneko portuak, orain ogei bat urte, aldeketa aundi bat euki eban. Ordurarte, arraintzale bakotxa bere aldetik ebillen. Arrezkero, alkartu egin zirean danak; eta lanari, bat eginda ekin eutsoen.

Alkartasun orren bidez, salerosketa etxeak montatu zituen, izotz* fabrikak, itxaseskolak, seguruak eta abar. Batezbere, itxasontzi aundiagoak erosi zituen, eta arraintzako molda barriak Amerikanoakandik ikasi. Afrikarako errunbua artu eben. Eta eratu be bai bertan, arrain-kontserba kooperatiba bat.

Eta orain

Aitatu doguzan aurrerakuntzok bearrezkoak zirean, eta eurena emon dabe. Baiña, len esan dogun lez, mundua beti doa aurrera; eta atzoko ona zana, zaarregi da gaurko. Gure atunzale ontziak zaartzen ari* dira, eta erretirua eskatzen dabe. Txikiegiak dira, urrun ibilteko; eta aundiegiak, portu barruan egoteko.

Gure itxasgizonak zera ikusten dabe, beste naziño batzuetako arraintzaleak —Amerikanoak esate baterako— eurak baiño tresna askoz obeagoakaz lanean dabiltzala, eta neke erdiagaz doble urari kentzen deutsoela.

Egokera onetan, gure arraintzaleak zirt edo zart egin bear dabe jokabide biren artean: edo alan olan segidu, eta erreka ondoa jo; edo, obeto tresnatuta, bide barrietan sartu.

Gure arraintzearen geroa

Gure ustez, Donibaneko portuan ba dago bizibiderik, urreko arraintzatik bizi direan ontzi koxkorrentzat. Polito irabazi leikee dirua, atrapetan daben arraiña freskotan salduta. Baiña olako arraintzatik, lagun gitxi bizi leiteke. Gaiñera, arraintza au ez da naikoa, kontserba lantegieri bizia emoteko eta portuko istalaziñoak bear dan moduan aprobetxatzeko.

Orregaitik, bearbearrekoa da gure itxasertzeko arraintzaleentzat, ontzi aundi ta ondo tresnatuen bidez, arraintza industrial bat montatzea. Olako ontziak bakarrik dira egokiak, urrun joateko, komertzio burrukaldietan ondo urteteko, gure arraintzaleeri eta kontserba fabriketako langilleeri bizibidea emoteko.

Beraz*, gure arraintzea salbatu nai badogu, aunditu egin bear doguz gure ontziak, eta gaur bear direan tresnakaz ornidu.

Asmo barriak

Noizbait elduko dan Europa alkartua eta oraingo tresnatze barria kontuan eukirik, arraintzako ofizioak zabaldu egin bear ditu bere ikus- eta ibilpideak. Alkartu egin bear geunkez, ez bakarrik Donibaneko arraintzaleak, baita, Bilbaotik asita, Baionaraiñoko arraintzale guztiak bere. Gure Kantabria itxasoko portu guztiak alkarreri lotuta egon bear leukee, danok batera neurri aundiko asmo batzuk lortzeko.

Gauza bera esango dogu gure kontserba lantegietaz be. Mugearen alde bietako kontserbategi guztiak alkarreri josita egon bear leukee, orretarako bear direan antolamentuak* eginda gero.

Denporea naikoa bear izango da, asmo oneek aurrera eroateko. Baiña ez deistala iñok esan, obratu eziñak direala. Ez ete da ori, gizonen arteko egitekoa? Eurak gura izan ezkero, or ez dago egin eziñik.

Oraiñarte, Euskal Errian bertan, lur jota ikusi doguz ainbeste lantegi, euren ugazabak, bear zirean aldakuntzak denporaz egin ez zituelako. Bardin gagoz arraintza kontuan be. Gure molda zaarreko arraintzea amaitu da. Orain, bidekurutze baten aurrean aurkitzen gara: edo alkarren arteko koxkorkerietan ibilli, eta danok galdu; edo alkarreri eskua emon, eta danok irabazi.

KOSTATARRA

(Baionako HERRIA aldizkaritik bizkaieraztua)


Arraintza kontuak

Arraintzale baten eriotzea

Joan dan illaren azkenetan, Koldobika Anduiza Etxebarria il da. Bermeotarra. «Torrontero» ontziko tostartekoa.

52 urte zituan. Alarguna ta seme-alabak itxi ditu munduan. Gizon ona. Euskaltzale zintzoa. Bere ontziko gizonak eroan dabe gorpua Mendiluzeko kanposantura. Erritar asko joan zan bere illetara. Arraintzaleak batezbere. Goian bego!

Ez da izan besteak lako eriotzea. Koldobika, itxasoan il da. Itxaso urrunean.

Bermeoko ontziak, asagora* doaz. Gero ta urrunago. Algeciras, Canarias, Azores aldera. Edonora. Egaluzea azaltzen dan edozein lekutara. Kantabria itxasora txiki biurtu da euskaldun arraintzaleentzat. Donibane Lohitzunetik asita, Bizkaiko azkenengo porturaiño, gure arraintzaleak, eguneroko ogia irabazteko, erbesteko itxasoetara urten bear dabe.

Bizitza gogorra, gaur batezbere, oraingo ontziak ibilkera gogor orretarako ez baitagoz bear dan moduan orniduta. Bizimodu gogorregia, noizik noizera eriotzeagaz beragaz ordaintzen dana.

Koldobika Anduiza, gaurko egoera gogor orren sinbolu bat da.

Semeak itxi ditu munduan. Eurak be, aitaren antzera, itxasora joango dira. Ez joatea, kobardekeria bat izango litzake. Baiña orduan —seguru gagoz orretan— arraintzaleen bizimodua obea izango da. Izan bear dau, mundua aurrera doa-ta. Aurrera gauza guztietan: teknikan, tresnetan, irabazietan, gizonaren diñidadean.

Artu beiez euskaldun arraintzale guztiak, batezbere bermeotarrak, gure dolumiñak; eta era batera, artu beie gure aupadea, oraiñarteko norberekeriak alde batera itxita, danok alkartu daitezan, eta kooperatibismu indartsu baten bidez gaurko egoera larria ainbat ariñen aldatu daien. Euren familien eta Euskal Erri osoaren onerako.