ANAITASUNA

BIZKAIA

166 gn. zenb. — 1968, agostuak 15 — 4 pta.


ANAITASUNA

amabosterokoa

13

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5) — Tel. 241467

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 166 gn. zenb. — 1968'ko agostuak 15

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Biafra eta Katolikuok

Orain asko ez dala, entzute aundiko itzaldi bat egin eban Londreseko Heenan Kardinalak, ango eleiza katedralean.

Otoitz giro* bero baten, lagun asko batu zan berari entzuteko: katolikuak eta protestanteak.

Gaur esaten dan lez, Kardinalaren berbaldia guztiz «edegia» izan zan.

Heenan Kardinala, eleizgizon ospetsua da, karguz eta jakituriaz, Inglaterrako Eleizan.

Bere izenak, Inglaterrako beste eleizgizon ospetsu askoren izenak dakarstaz burura: Neivman, Wiseman, Manning, Faber eta abar.

Arreta" aundiagaz irakurri dot bere itzaldia; eta bertatik pentsamentu bat jaso dot, emen agertzeko.

Ona emen pentsamentu ori.

Gure denporako kristiñauak —diño Kardinalak— gizarteko prolemak begi argiz eta zorrotzez gura ditue igarri, epaitu eta zuzendu.

Puntu onetan aurrerapen aundia egin dogula, ezin ukatu.

Baiña emen be, arrisku aundi bat dago —diño Kardinalak—: prolema batzuk aintzat artu, eta beste batzuk baztertu.

Izan be, Vietnameko gerreari buruz berba asko egin dabe katolikuak, beti asmo onagaz eta bakearen alde.

Zegaitik ori?

Lagun asko an ilten direalako. Ango zibilizaziñoa, bonbakaz zatituta, goitik beera datorrelako. Geroari begira, gerra luze onen azkenik ikusten ez dalako.

Vietnameko gerrearen kontzientzia beintzat, ba daukogu katolikuok.

Baiña katoliku batek, beti jokatu bear dau katoliku lez; ez bakarrik Vietnameko jazoeren aurrean, baita mundu guztian gertatzen danaren aurrean bere.

Vietnameko gauzakaitik arduratzea, ondo dago. Baiña Biafrakoakaitik zegaitik ez?

Vietnameko gerrea bildurgarria bada, bildurgarriagoa da oraindiño Biafrakoa.

Urte betean bakarrik geiago il ei dira Biafran, iru urtean Vietnamen baiño.

Biafrako gudua, urrunago ete dago? Ez dot uste. Edo Biafrako gizonak gitxiago balio ete dabe Vietnamen ilten direanak baiño?

J. M. LASA

(Zeruko Argia aldizkaritik bizkaieraztua)


Erriz erri

Nabarniz

Errirantz

Guineatik etorrita, emen agurtu doguz Vicente Bollar, bere emazte Maria Garatea, ta euren alabatxu Maribi.

Emen dauke beste seme bat, Bilbaon ikasketak egiten, mutil alai ta apala.

Aberria, erria ta euskerea ez ditu aztu familia onek: euren oporraldia igaroten, beti etorten dira ona.

Ondo etorriak! Atsegin, bake ta osasuna izan daizuezala, gure artean igaroten dozuezan egunetan. Biotzez ori opa deutsuet aldizkari onen bidez.

San Kristobal eguna

Garagarrillaren 14'an ospatu genduan San Kristobal eguna.

Erri onek ba dauko aren baseleizatxua, emendik Gabikara bitartean, erriko bide nagusi ondoan. Len, aretx eta pagoak zituan lagun; orain, piñu baltzez inguratuta dago. Ikusi nai dauanak, bertara joan bear dau. Orixe egin genduan guk egun orretan.

Amaika ta erdietan izan zan mezea. Aita Bitor Anasagasti izan genduan mezaemoille ta sermolari. Itzaldi mamintsua egin eban, beti lez; baita meza ostean sakristauak agindutako guztiak be, apal apal egin zituan: illen aldeko otoitzak eta abar. Zorionak, Aita Bitor!

Gero zelaian, eztarria busti ondoren, ba zan alaitasuna. Baldatika aldeko gazte batek, farra andi bategaz alaitzen eban gaztedia.

Alderdi batean dantzariak eta bestean edariak. Baita jakiak be. Amaikatxuri kendu eutson gosea gure Alejandra tabernera bikaiñak.

Zorionak danori, ta datorren urterarte, Goiko Jaunak nai badau.

Ur deposituak

Garagarrillaren 20'an bedeinkatu zituen Zabaljauregiko lurretan egin dituen ur depositu barriak.

Elizondo ta Merika auzuneeri ura ekartekotan dabil erria. Deposituak eta urbideak gertuta dagoz. Baiña ura noiz? Ez galdu itxaropenik, gero ta urrago dozue-ta.

Ura datorrenean, beste jai erdi bat euki daizuela biotzez opa deutsuet.

Santiago jaieguna

Ba dogu erri onetan beste baseleizatxu bat be: Santiagorena. Santu au bere egunean ospatzen da, jai zarratua dalako.

Baseleizatxua Lekerika auzunean dago, Aulesti aldetik. Bertatik bazter asko ikusten dira, oraindiño piñurik sartu ez dabelako. Ba zan an automobil, motor eta abar. Edariak be, automobillez eroan zituen; an be izan eben lana gure Alejandra ta lagunak.

Lekerikatarrak eskatuta euki eben lakoxe eguraldia egin eban. Ba zan an jentea. Soiñularia, giputza zan: langillea, benetan gizona. Baita dantzariak be, alakoxeak. Ba zan an, dantzan egin bearra.

Jakin dodanez, gauean, gau txoriak be ikusi ditue, buruan txapel ta guzti. Yeye biurtu ete jakuz ba txoriok?

Azkenerako itxi dot mamintsuena.

Ez dira gero agertzen, emen lez, fraille bi edonun: bata mezaemoille ta izlari bestea, Aita Adrian Zabalgojeaskoa ta Aita Antonio Zubizarreta, Frantziskotarrak biok eta erritarrak, orain Bermeon bizi diranak.

Aita Zubizarretak emon eban mezea. Aita Zabalgok, erriagaz batera abestu ta itzaldia egin. Pozik geratu zan erria, arek egiñiko itzaldi ederragaz.

Meza ostean, biak alai ebizan: amaiketakoa egin, lagunak agurtu, ta gero Ormaetxe baserrira bazkaltzera, ama Agustiñak gertutako oillaskotxuak eta abar bapo garbitzera.

Bermeotarrak ez ei dabe Larrauriko monjetako arrautzarik jan gura, arrautzok erdaldunak ei dira-ta. Baiña Ormaetxe baserriko oillaskoak euskaldunak izan, eta Bermeotarrak bildur barik jan.

Zorionak ba, erritar adiskideok! Jarraitu olantxerik, entzun dodanez, arrautzak ezeze porru euskaldunak be Bermeon izango dozuez-da.

Biotzez agurtzen zaituet.

LORETXU

Zeanuri

Gazteak Gorbeara

Orain dala illabete inguru, egun eder bat izan zan Gorbean Arratiar gazteentzat. Bedia, Igorre, Dima, Arantzazu, Arteaga, Billaro ta Zeanuriko neska-mutil talde ederrak igon eben Gorbea mendira, Arratiar gaztedia alkartzeko lenengo pausu bat emon guran. Lemonatarrik ez genduan iñor ikusi. Ez ete dago, ba, Lemonan gazterik? Ala ez ete dira Arratiarrak?

Ordu batetan, erri-meza jator bat izan zan. Meza ostean ikustekoa zan ango txistu, dantza, abesti ta abar. Eguerdian, bazkaria Egiñako landan.

Beera jatsi aurretik, Iruarrizagatar Klaudio, Igorreko mutil jatorrak, berbalditxu bat egin eutsen bere Arratiar gazte lagunai. Urteiera onen azkena, euskal erromeria eder bat izan zan, Zeanuriko San Justoko landan.

Pausu eder bat emon dozue, gazteok. Ez gelditu bertan, mesedez, Arratia zeuei begira dago-ta.

Erriko jaiak

San Pedroak Undurragan eta Santiagoak Ipiñaburun. Jaialdi bi oneik, euskal usaiñean prestau dabez bertako gazteak. Euskal mezak, abeslariak, antzerkiak, bertsolariak, ugari izan doguz jai oneitan. Luistarren egunagaitik be, beste orrenbeste esan geinke. Jenteak —zaar eta gazteak— benetan be, bere beretzat artu ditu jai oneik.

Laster datoz erriko jai nagusiak: Andra Mariak. Pelota joko bat edo beste kendu ezkero, ez dogu uste, zoritxarrez, beste euskal jai andirik izango danik. Oba litzake, oker bagengoz.

Meza barria

Garagarrillaren 28'an emon eban Meza Barria gure erriko seme dan Etxebarriatar Joantxuk. Sakramentinoa bera. Alkarteko meza, euskeraz abestua. Meza ostean, Enbeita aita-semeak, egunari jagokozan bertso mamintsuak abestu ebezan.

Gure zorionik beroenak abade barriari, praille biren ama dan ama alargunari eta familiako beste guztiai.

Ezbearra

Automobil bik alkarjote gogor bat izan eben Zeanuri erdi erdian. Auto txikienean joiazan-Estanis karnazerua eta Luzio Goikuria, zaurituta gelditu zirean, lenengoa batez be.

Lenbailen osatuta ikusi gura geunke gure Estanis gaztea.

Eriotzea

Agarregoikoan, Zeanuriko bizilagunik zaarrena il zan. Rafaela Zubero, larogetamabi urtekoa. Goian bego!

GORBEATARRA

Galdakano

Igaro dan illaren 29'an ospatu zan, gure erri onetan, ikastola barri batzuen inauguraziñoa. Lengo eskolak, Bengoetxen egozanak, ez ziran naikoa. Euren alboan, erriko enparantzan bertan jaso dira eskola barriok, eta irakasleentzako bizilekuak be bai.

Zio* ori dala-ta, suzko ziri edo bolande otsa entzun zan ugari, eta inguruak kolorezko zapiz alaitu ta apaindu ziran, erriko eta goragoko agintariai arrera ona egiteko asmoz.

Egia esateko, bearbearrekoak ziran eskola orreek, gure izkuntzea irakasteko izan ezarren. Eskolak bear doguz, ez dakigun gauza asko ikasteko. Euskerazkoak balitzaz, obe. Gure txaloak, gauza ain ederra egin deuskuen guztiai.

BASAJAUN

Begoña

Zertxu au idazten diñardudan une onetan, gogoz gaur be Arratian nago, oraingo astean ango barririk izan ez badot be. Bai, ba! «Almeria ta Albacetetik» izan nintzan, ainbat euskaldun agurturik, garagarrillaren 25'gnean. Eta errialde oneitako barri labur batzuk azaltzeagaz gogoratu naz oraingoan.

Euskaldunak «Almeria ta Albaceten»? Bai, egia da. Arratiar banakak be ikusi nebazan; baiña zoritxarrez, neuk uste neban baiño urriago zirean euskaldunak.

Aldi bateko Bilbao zelan aundiagotu, alan prakak laburtu. Begoña ta Deustu iruntsi ebazan, praka motzak luzetuteko; baiña barriro laburtuta ikusi dauzanean, Txorierriri egin deutsa aginka, begiak Galdakanoraiño luzeturik. Egoak geroago ta zabalago, gorputza ziztriñago. Eta nigaz bat ez dagoanak, igon bei Karmeloraiño, jarraitu aurrera, jo eskumatara, ta an aurkituko dauz bata zein bestea. Zegaitik jarri ez ba, kale barriai, Iruña, Baiona, Lapurdi, Durango, Markiña naiz Larrauri? Pelotariak, berak daki zelan jo pelotea; ta nagoan ixilik.

Astoen ariñeketea be ikusi neban, Platerok jaso eban lenengo saria. Bigarrena, Bajamontesek, Loroño txirrindulariaren erritarra, Bitoriano Villa gaiñean ebala. Perikok, irugarrena, Sabinoren eperdipean. Gabika, Anquetil eta Gandariasek, porrot.

Toki askotan entzuna dot, Karmelotar gaztedia eusko mamin lodiduna dala. Noren esku izan zan jai erakundea*? Altabozak, agozabal arraioak, itz erditxo bat ez eban izan, gintzazan euskaldunentzat. Badajozen izan ete gintzazan? Sarriegi jo nabe belarrietan esaera oneik: «Alkateak ez deusku itxi onako edo alako jairik egiten. Txapelokerrak debekatu deuskue», eta abar. Ezin esan neike, egiak izango ez direanik; eta bai ostera, baten baiño geiagotan, polito astindu doguzala soiñeko euliak, auzokoaren eulorriagaz*.

Landa lagun zarragaz aurrez egin eta agurtu ondoren, Arratiko astoak non zirean itaundu eustan erdi adarjotzaille, eta erantzun au artu eban: Arratiko azkeneko astoa, gaur Bilbaon bizi dan Anton Lemonatarra da, ta gaiñera ostikari ona. Parkatu, Anton, batengoagaitik; baiña ANAITASUNAREN arpidedun ez bazara, ainbat lasterren egin zaitez, andiak eta lodiak entzutea gura ez badozu.

A. LANDAJUELA

***

Ikusi 11 gn. orrialdean, izartxu bategaz agertzen direan itzen esangurea.

***

Bermeo

Arraintzaleak eta arraintzea

Garagarrillaren lenengo egunetan asi dira egaluzetan* emengo arraintza ontzi guztiak. Oraiñarte, ez da agertu ugari arrain ori. Aitatu dogun illaren lenengo egunetan eta il erdi inguruan, ontzi batzuk zerbait arrapatu dabe; beste batzuk barriz, oso gitxi.

Barku andiak, Frantziako itxasbazterrean antxoba txikia artuta, gure erritik milla ta berreun millara inguru zabaldu ziran, Lesterantz. Lau edo bost eguneko bidea, arantza; eta beste orrenbeste, onantza. Ain asago* dagozan itxasoetan, eguraldi oso gaiztoak euki ditue. Lau edo bost egunean, aparejurik uretaratu barik aurkitu ziran, Oesteko aize gogorrakaitik.

Aurten, desbardintasun andiak dagoz arraintzan. Ontzi batzuk, 20.000 killo ta geiago be ekarri dabe errira. Beste askok —geienak— erdia be ez. Eta 5.000 killora eldu ez diranak bere, ba dagoz.

Lebazale izenagaz ezagutzen doguzan ontzi bardingoak, garagarrilla ez dabe izan pobrea egaluzetan*. Olako ontziak, amabost edo ogeiren bat dagoz, portura etorri barik, iru edo lau egun itxasoan geratu leitekezanak. Arrapatzen daben egaluzea, izoztokian* ipinten dabe. Eta gero datoz errira. Iru-lau ontzi oneetarikoak, 10.000 killo be saldu ditue Kofradian.

Prezioa, 33, 34 eta 35 peseta killoa. Garagarrillaren azkenengoko egunetan eta agostuaren lenengoetan, prezioak 38 pesetara igon dau, egun orreetan portuan arrain oso gitxi sartu da-ta.

Arraintza ontzi barriak

Iru arraintza ontzi barri ikusi doguz uda onetan. Euretariko bi, asi dira itxas lanetan aurtengo egaluze* aroan.

Batek, «Pujana barriye» dauko izena. 21 tonelada inguruko ontzia da, lebatzetako, besegutako eta egaluzetako egiña. 100 zaldi inguruko Diesel motorra ipiñi deutsoe.

Bestea, aundiagoa da. Izena, «Dios Te Salve». Toneladak, eunetik gora. Eta Diesel motorra, 400 zaldi baiño geiagokoa.

Ontzi barri biok, Bermeoko ontzitegietan egiñikoak dira; eta orregaitik, egurrezkoak, olezkoak.

Irugarren ontzia, aundia da, burdiñezkoa, Bilbaoko ontzitegi baten egiña. 450 tonelada daukoz, eta 960 zaldiko Diesel motorra. Izena, «Gure Campolibre». Barku au, Oestafrikako itxasoetan ibilteko da: egalabur eta serrutxotan. Arraintza onetarako berebizikoa* da, barruan arraiña izoztuteko* toki aundiak ditu-ta. Bermeotarrak dira barku aundi onen jaubekideak.

Iru barku orreek bedeinkatuak izan dira San Joan Gaztelugatxeko itxas inguruan. Bermeotik ordu erdiko bidean, Matxitxako eta Bakio erdi inguruan dagoan zoragarrizko itxasune gozoan.

Bastero Eleizalde

Illeta eleizkizunak egin dira erri onetako Santa Eufemia eleizan, garagarrillaren zazpian, Eulalia Eleizalde Urrutia eta bere seme Javier Bastero Eleizalderen arimen alde. Bermeotarrak biak, eta Zaragozan bizi ziran.

Zorigaiztoko ezbear baten galdu dabe bizia, igaro dan bagillaren amazazpian, Salvatierra ondoan, euren automobillak euki dauan azidente baten.

Jente asko joan zan illetara, ama-semeok oso ezagunak ziran-eta.

Lagun gara, familia guztiaren atsekabe sakonean.

Jaiobarria

Igaro dan garagarrillaren 20'an jaio da, Antonio Perez Bilbao eta Maria Isabel Gervasio Luzarragaren ezkontzako irugarren umetxua.

Santa Eufemia eleizan bateatu dabe, eta Iñigo izena ipiñi. Jaiobarriaren amabitxi, Albiñe Maturana izan da; eta aitabitxi, Jose Luis Luzarraga, umetxuaren osabea.

Zorionak.

ANTONIO MOTXELA

Lekeitio

Bagillaren 16'an, Altuna zanaren omenaldia zala-ta, Gernikako arbolearen landara bat sartu genduan.

Meza nagusia amaitu zanean, parroko jaunak bedeinkatu eban landarea; eta begira egon giñeanok, Don Domingo abade jatorrak asiera emonda, Gernikako Arbola abestu genduan.

Baiña, beste akats batzuen artean, au be ikusi genduan: Ainbeste milla bizilagun euskaldun daukazan erri baten, kan potik etorritako langille erdaldun batek sartu eban landarea. Arrituta geratu giñean guztiok.

Ondoren Durangoko Tronperri dantzari taldeak, dantza batzuk dantzatu zituan. Berau dantzan asita laster, gazte talde bat agertu zan, makilla biren puntan oial bat ebela; baiña laster etorri jakezan errizaiñak, eta oiala lurrera bota eraginda, iges egin bear izan eben gazteak.

Iñok ez eban euki astirik, oialean idatzitakoa irakurteko. Askatasuna eskatzen ei eben gazteak; ori dala-ta, kartzelara eroan zituen euretariko batzuk, bizkarreko ederrak artuta gero.

Azkenean, txistulari talde batek Gernikako Arbola ta Agur Jaunak jo zituan, eta olan amaitu zan jaialdia.

JOSE TXAKARTEGI


Eskerrik asko, Estitxu!

Estitxuren disko barria entzun dot, eta txaloak merezi ditu Bezkoiztarrak*. Abots atsegiña, orkesta bizkorra, lau aide entzungarri.

Euskal kantua ederto abiatu da, eta ba daukogu orretan euskaldunok zetan poztu.

Orain amar urte, Nemesio Etxaniz abadeak euskal kantuaren geldikeria bizkortu gura izan ebanean, ez zirean danak bere alde jarri. Mixel Labéguerie jaunak be, kritika gogorrak entzun bear izan zituan ondoko urteetan, gaurko kutsuko kanta barriak kitarra bategaz kantetan asi zalako. Orain eun urte Iparragirrek euki eban eskubidea, gaurko euskaldunok ez daukogu nonbait.

Zorionez, unada triste ori igaro da. Betiko urrean*!

Azkenengo urteotan, ugaritu egin dira gure «artista euskaldun» barriak. Estibalitz Robles, zerrenda luze baten buruan ipiñi leiteke. Beragaz batera Mikel Laboa, Lekuona, Mari Lurdes Iriondo, Lertxundi, eta abar eta abar.

Euskal kantua bizi bizirik dago. Iñoizko bizien, antza danez. Euskal gizaldi barriak, merezimentu aundiak ditu arlo onetan be. Zeuok, euskaldun gazteok ainzuzenbe, joritu* dozue, nagiturik eta gogorturik egoan euskal ekintza sail au. Eskerrik asko, euskaltzale guztion izenean!

Ez doguz gure eginkizunak beti zuzen ikusi. Gorago esan dodan lez, euskalduntasuna ta aspaldikeria gauza bakar bat zala iruditzen jaken, zoritxarrez, gure arteko askori. Euskaldun izateko, atzerantz begiratu bear ei zan: abarkak jantzi, folkloreari ekin, albokea entzun, gure oitura zarreri eutsi, eta... dantza lotua kondenatu. Larramendiren gizaldian letxe*.

Gaur egunean, zorionez, pentsabide au igarota dago. Gaurko gazteria, aurrerantz begira jarri jaku.

Baiña onetan be, arrisku bat dago: mustur batetik bestera joatea. Eta arrisku au ez dogu guztiz baztertu.

Len, joandakoa bakarrik ikusten eben batzuk, besterik ez. Orain, lengo gauzak aitatu be ez ditue gura beste batzuk, erri guztiak aurreko gizaldietan sustraituta dagozala kontuan euki barik.

Euskal kantatzaille barriak erakusten deuskue bidea, mustur bietatik erdiunean egoteko: sustraiez unibertsalak izan, eta moduz euskaldunak. Erri bat ez da esentzia bat, forma bat baiño.

Euskaldun izateko, beraz*, gaurko munduaren lekuko* izan bear dogu, eta euskeraz; eta ez alderantziz*, XVI'gn. mendeko* sasilekuko, eta erderaz. Sartu egin bear gara oraingo kulturan, eta ez urten; baiña euskaldun modura sartu, Sueziarrak zuezieraz eta Italiarrak italieraz sartzen direan lez. Sasoia izan da, au ulertzeko!

Orretarako guztiz egokitzat daukat, besteen artean, Estitxuren diskoa.

Zorionak, Estitxu, eta ekin! Eta ea urrengoan, lau rock euskeraz entzuteko atsegiña emoten deuskuzun!

LARRESORO

(ZERUKO ARGIA'tik bizkaieraztua)


Batasunaren arrazoiak

Batasunaren aldeko arrazoiak eskatzen zituan Kamiñazpi jaunak bere idazlan baten (Ikusi ANAITASUNA, maiatzeko lenengo zenbakia). Berak ez dau gura, dialektuen eriotzea lekarken batasunik, euskerearen bizitzeak alakorik eskatzen ez badau beintzat. Euskerearen egoera larria ez dator, Kamiñazpiren ustez, beronen desbardintasunetik, eskolatik kanpoan egotetik baiño. Moda bat dala ta beste barik, ez gaitezala bide oneri lotu, esaten deusku.

Nik ez daukat eztabaidan sartzeko gogorik. Gaiñera, garbi ikusten dot, gai labana ta irristakorra dala au. Geiago esango deutsut: zuri gertatu jatzuna gertatu jatala neuri bere; zaartzen asia naizalako-edo, ez nagoala lenago baizen sutsu.

Dana dala, Kamiñazpi, batasunaren arrazoiak eskatzen dozuz; eta or joatzuz, neuk ikusten dodazan letxe*. Asmo au ez da, ez, moda zoro bat. Auzi premiñatsua da euskerearentzat. Bearbada, il edo biziko gauzea.

Ori ikusteko, izkuntza landu guztien jokabidea ikusi besterik ez dago. Izkuntza danak, euren pentzura* itxita dagozanean, etenbarik aldatuz doaz, zatikatuz doaz. Desbardintasunak, geroago eta aundiagoak sortzen dira. Eta jakiña, bakotxa bere txokoko erara idazten asten bada, naastea geroago eta aundiagoa izan bear. Baiña izkuntzearen joera orreri draga zerbait jarteko, gizonak zer egiten dabe? Idazteko, literatura zeregiñetarako, izkera* molde bardin bat autatu*, eta onelan lortzen dabe batasuna. Ba dira millaka urteak, txinoak bide ori artu izan ebela. Baita arabitarrak be. Eta izkuntza landu guztiak, goizago edo beranduago, bide orretatik sartzen dira. Eta egia esateko, auzi oneri ez jako beste urteierarik billatzen.

Gauza bat da itz egitea, eta beste bat idaztea. Itz egin, jakiña, oraiñarte lez, bakotxak bere alderdiko erara egingo dau. Baiña literatura zeregiñetarako, euskaldun guztien artean lokarri izango dan euskera mueta* bat bear dogu. Literatura euskera ori, eskola bidez ta abar zabalduko litzake.

Zuk diñozunez, euskerearen zoritxarra ez dator desbardin izatetik, eskolan sartuta ez egotetik baiño. Alantxe da. Baiña emen, gauza bi oneek ba dauke zerikusirik alkarregaz. Zelan gura dozu, bateratuta ez dagoan izkuntzea eskolan sartzea? Euskereak ba ditu sei-zazpi dialektu eta ez dakit nik zenbat subdialektu. Gauzak orrelan dagozala, zer irakatsi bear dau maisu errukarriak? Eta zelan argitaratu liburuak, orrelako izkuntza bat irakasteko? Eta bakotxari bere txokoko euskerea irakasten bajako, areek idazten asten diranean, zelako naastea!

Baiña izkuntzen kondaireak* zerbait irakasten deusku onetan. Izan bere, desbardintasunak izkuntza danetan gertatzen dira. Latiña be ez zan, zuk uste dozun lez, bardiña eta batua. Idaztekoan bai; baiña mintzatu, era askotara egiten zan; eta ain zuzen, latin mintzatutik sortu zirean gaurko izkuntza erromanikuak. Guri gertatzen jakuna, izkuntza dan daneri gertatzen jake: desbardintasunak, dialektuak ta abar eukitea. Eta istillu* ori garaitzeko, bide bat bakarra dago: literatura arazoetarako, izkera* molde bat autatzea*.

Dialektuak iltzerik, guk ez dogu nai. Gaiñera, nik uste dot, gaurkoz eta luzarorako, mailla batzutan beiñik bein, dialektuak landu egin bearko direala. Baiña euren gaiñetik, euskaldun guztien artean lokarri izango dan tresnea be bear dogu autatu* eta indartu.

Izkuntza bat sendo ezarrita ez dagoanean, bere gauzak kilikolo daukazanean, eta idatzi be zelangura edo gitxi gorabeera egiten danean, alako izkuntzea motz eta lotsagarri agertzen da erriaren begitan. Ez dauka prestigiorik. Eta ortik jatorko (besteak beste) atzeraka joatea bere. Orrelako izkuntzea, erriarentzat beti izango da «patois» bat, «dialektu» bat. Askotan entzuten dogu erri zeiaren* agotik: «El vasco es un dialecto». Eta eurak euren gogoa esplikatzen ez badakie be, onetan ez dagoz utsegiñak. Euskerea beti izango da dialektu bat, izkera* batu ori lortzen ez dogun bitartean.

Katalanak, orain dala irurogei bat urte egin eben literatura batasuna. Eta ondorenak, guztiz izan dira onuratsuak. Ba dakit, areen eta gure zirkunstantziak ez direala bardiñak. Baiña izkuntza landu guztiak artu daben bidea, zelan ez dogu artu nai izango, artu al bagengi* beintzat?

L. VILLASANTE

(Zeruko Argia aldizkaritik bizkaieraztua)


Batasuna dala ta

Azkenengo illabeteotan, BATASUN itza zenbat ezpan eta idazkitan darabilgun euskaldunok! Ames eder, egiazko biurtzeko, gorriak igaro bearko dituan ames ederra! Iñoiz biurtuko ete da baiña? Ez deusku ardura andirik emoten badaezpadako* gertakizun* onek. Bete daiguzan bizi garean une onetako zeregiñak, eta gaiñerakoak berez berez etorriko jakuz.

ANAITASUNA'ren 163 gn. zenbakian, San Martiñek batasunari jagokona argi ta garbi aztertu dau. Bere idazlana irakurri ondoren, ez dogu ezbairik*, batasunaren arloa esku onetan dagoala.

Oker bat zuzentzeko, ez da naikoa, oker ori nun dagoan jakitea. Orrez gaiñera, ezagutu egin bear da zek jokatzen dauan oker: ikusi lengo, oraingo ta —al bada— geroko eragozpenak, eta gero komeni dan lez jardun. Ta orretarako, zeintzuk egokiagoak San Martin eta Euskaltzaindi osoa baiño? Oneik izango dira, ereindako batasunaren soloa jorratuta eskinduko* deuskuenak, gero geuk —al dogun neurrian— solo ori zaindu ta joritu* daigun.

Euskaldun bakotxak euskalki bi jakin bear leukezala, San Martin herari itzaldi baten iaso neutsan. Onela izanik, ta ez deritxot asko eskatzea danik, batasunezko makiñatxo bat prolema konpondutzat baztertu bearko geunkez. Eta zeintzuk izango ete litzakez euskalki oneik?

Zentzuak berak diñosku: Geurea ta geurearen urrena. Esate baterako, bizkaitarrok geurea ta giputzena.

Orixek, bere «EUSKALDUNAK» poemearen itzaurrean*, euskalkiei buruz erriaren jokerea azaltzen deusku: «Eguzki aldera jotzen du erriak ere». Ta pizka bat lenago: «Napar euskera, Lapurdin eta Gipuzkoan ez da arrotz egiten». Onela jardunaz, bizkaitarrok eguzki aldera joten badogu, uste dogun baiño errezago ia Goierri bertaraiño sartuko gara, len be aspalditik, Gipuzkoako erri askotan sartuak gara-ta. Gaiñera, napar euskerea Lapurdin eta Gipuzkoan etxeko dala egia bada, errez lortu leiteke batasuna, euskalki giputz-naparra nagusi dala.

Azkuek, «EUSKALERRIAREN JAKINTZA»ren itzaurrea* amaitzerakoan, beste argitasun bat emoten deusku: «Itzaurre au (euskaldun geienentzat errezena dalako) gipuzkeraz irakurtean...».

Askok, ganorazko batasun batera eltzeari, ia eziñezkoa eritxiko deutsoe; baiña ez da orrelakorik. Erri-berbetak batu bearko bagenduz, tira... orduan ba leiteke. Baiña euskera idatziaren batasuna, batez be goimaillakoarena, lortu gurarik gabiltzanontzat ez dago eziñik, izugarrizko premiñea baiño. EZIÑA, EKIÑAZ, EGIÑA. Gogoan izan daigun ba.

AMATIÑO


Ez gara eritxi bereko

Espaiñiako egunkari* ta idazle geienak, eritxi bateko dira, Frantziako gertaeretaz mintzo* direanean.

Esate baterako, Donostiko «El Pueblo Vasco» egunkarian, eta Federico Olivak izenpetuta, auxe irakurri dogu, orain asko ez dala:

 «...el vandalismo... el caos... la anarquía... agitadores profesionales... agentes de la revolución nihilista». Geiagoko barik.

Ez gara eritxi bereko.

Parisen sortu eta Frantzia guztira zabaldu zan erreboluziñoa, sakonagoa izan da. Ez da azaletik epaitu bear.

Eritxi ta jazoera batzuk

 «L'Express»eko zuzendariak, Françoise Giroud'ek diñosku: «Ba dira, maiatzeko krisi onetan, azaleko naaskeria baiño beste gauza sakonago bat ikusten dabenak».

 «Le Monde», Pariseko egunkari zentzundunak, «Les révolutions de l'Institut Catholique de Paris» titulatzen dan artikulu baten esaten dau: «Maiatzaren 13'an, teolojiako ikasleak eta profesoreak huelgan jarri zirean. Eta euretariko asko Place de la République'ra joan zirean, estudianteen manifestaziñoa egitera».

Eta guk galdetzen dogu: Istitutu Katolikuko profesore ta ikasle teologuak, plaza orretara joan zireanak, «agitadores profesionales, agentes del nihilismo revolucionario» ete zirean?

Istitutu Katoliku orretan bertan, bagillaren 21'ean, batzar aundi bat egin eben profesoreak, ikasleak eta ikasleen gurasoak. Eta Blignières jaunak, literatura ikasleen lendakariak esan eban: «Unibersitario guztiak, ago batez, Unibersidade monolitikua ta zentralistea baztartzen dabe».

Istitutu Katolikuan ikusten ditugun eritxi ta ekintza guztiok, Pariseko ikasleen erreboluziñoaren ondorenak dira. Orretan ez dago zalantzarik.

Orduan, zelan esan leiteke, Frantziako gertaerak «caos, vandalismo y anarquía» direala?

Anarkistak tartean

Autortu egin bear da, ori bai, anarkistak izan direala, ordurarte Unibersidadean eta langilleen artean gordeta egoan ondoezari «sua» emon deutsoenak.

Baita, eurak izan direala, poliziaren gogorkeriari geien buru egin deutsoenak. Ikurrin gorri-baltzak, an emenka, Unibersidadean eta Fakultadeetan zabaldu dituenak.

Baiña orrek ez dau esan gura, anarkistak biztutako suari jarraitu deutsoen guztiak, anarkistak zireala, esate baterako, «Place de la République»n batu zirean 800.000 personak.

Frantziako Unibersidade guztiak eta 9.000.000 langillek eskatu ditue erreformak, Pariseko erreboluziñoa bide dala.

Nok esan leike, Unibersidade guztiok eta langilleok, «el caos... el vandalismo» eskatzen eben anarkistak zireala?

Asteko, ez da fabrika baten be lantresna bat bakarrik be apurtu. Danak oso osorik gorde ditue, lanean jarraitzeko.

Ministru aldaketak

Pariseko mobimentuak, ministruak aldaerazo ditu: Fouchet, Pierrefitte, Joxe... lenengo. Gero, eleziñoen ostean, Pompidou bera, bere Gobernuagaz. Orain, Gobernu barri bat dauka Frantziak.

De Gaullek esan dau, bera be «erreboluzionario» bat dala, eta gazteak aurretiaz begiztatu dituen erreformak bearrezkoak direala.

Gobernuko lenengo ministru zan Pompidouk be, gauza bera autortu eban.

Eta orain Gobernuko lendakari barri dan Couve de Murvillek, Parlamentura presentatu danean esan dau, lenen-lenengo Unibersidadea erreformatu bear dala.

Eta guk diñogu:

Ministru aldaketa orreek, Gobemu barri ori, eleziñoak, De Gaulle ta bere ministruen esanak, zer dira? «...el caos... el vandalismo... la anarquía» dalako orren ondorenak al dira?

Agindu direan erreformak, orrako «agitadores profesionales... agentes de la revolución nihilista» orreeri atsegin emotearren egingo ete dira?

Allo, allo! —frantsesak esango leukeen lez. Ez gara eritxi bereko. Eta nik ba dakit zegaitik.

HERNANDORENA


Egia jakiteko eskubidea

Espaiñiako egunkariak* eta radio-telebisiñoak, gauza asko esan deuskue Frantziako erreboluziñoari buruz. Baiña, prejuizio politikuakaitik-edo, ez deuskue geienetan egiazko informaziñorik emon.

Ez deuskue azaldu, esate baterako, Frantziako obispo guztiak erreboluziñoaren alde jarri zireala.

Ainzuzenbe, Frantziako Eleizeak parte artu eban, bete betean, ango erritarren —batezbere pobre ta beartsuen— alegrantzian, esperantzan, tristuran eta atsekabean.

Alde batetik obispoak, Ebanjelioko dotriñearen bidez, argitu egin zituen frantsesen buru-biotzak, erreboluziñoa artez eta zuzen eroateko; eta beste aldetik, katolikuak kalera urten eben eta erriagaz batu zirean, oraingo estrukturen aldakuntzea eskatzeko.

Obispoen deklaraziñoak, eurrez agertu zirean naziñoko periodiku ta aldizkarietan. Pozarren argitaratuko geunkez emen euretariko garrantzitsuenak, Frantziako LA CROIX egunkari* katolikuak eta Madrilleko VIDA NUEVA asterokoak egin daben lez.

Ori eziñean —lekurik ez daukogu-ta—, Pariseko Artzobispoaren berba batzuk bakarrik jarriko doguz emen: «Danok gara mundu onetako gizonak. Eta orregaitik, danok parte artzen dogu mobimentu onetan. Zuen obispoa, zeuekaz dago ordu onetan. Zeuekaz benetan, gau ta egun, neure indar eskasak itxiten deusten giñoan».

Gure aldetik, gauza bat gaiñeratu gura dogu: Edozein gizonek dauko eskubidea, ondo informatua izateko eta egia jakiteko. Informatzailleak ez dauke deretxorik, guzurra esateko, egia estalduteko, iñor engaiñatzeko. Ustekeria politikuak eta beste edozein prejuiziok ez dabe eskubiderik emoten, egiaren kontra joateko. Gauza guztien gaiñetik, egia. Beti egia, lantzean bein garratzegia izanarren.


Neuk ikusi neban neure begiokaz

Biafra, Nigeriako sudestaldeko probintzia bat da. Probintzia onek, bere askatasuna lortu gura izan dau. Orretarako, bere arrazoi aundiak izan ditu. Emen ez doguz aitatuko. Orain urte t'erdi dala, gerran asi zan Nigeriako gobernuaren kontra. Lenengotan, ondo joan jakozan gauzak; baiña orain, alde guztietatik arerioz inguratuta, bere azkenetan dago. Bere 14 milloi habitanteak —Ibo arrazakoak geienak katolikuak— kasik ez dauke zer jan; eta egiñalak egiten ari dira, eriotzatik eskapetako.

Biafran oraintsu egon dan batek —Ruth Bowert periodisteak— idatzi dau kronika au. Kronika ikaragarria.

Biafrako eskola bat. Iñoizko baten eskola bat izan zana. Beste millakada eskoletan lez, an ez da ikusten orain ikaslerik. Danak dira errefujiaduak.

Alboan, etxe bat. Bertan bizi zirean len maixuak. Antxe dagoz orain, guraso barik geratu direan ume gaixoak.

Burdiñezko oge batetik, begi aundi bik begiratzen nabe. Zortzi illabeteko ume txiki, aurpegi tximurtu baten begi bik.

Bere atz-beatzak*, jaiobarri batenak besteko lodiak. Eskuak, gardenak*, ia zuriak.

Umeak ez dau zirkiñik egiten. Begiratu bakarrik egiten dau. Begirada tristea, beti bera.

Eztul egiten dau, eztul zorrotza, meea, samiña.

Ez da bera bakarrik. Millaka dira Biafran olako umeak, urrengo illabeteetan proteina falteagaitik il bearko dabenak!

Bearbada ez dira ilgo, bularra artzeko subertea daukenak.

Baiña ama askok, edadekoak atan, ezin deutsoe umeari iru urtean zear bularra emon, len egiten eben lez. Ama gixajoak makalik dagoz, eta sarritan bi ta iru ume txiki daukez ugatza* emoteko.

Jezarrita dagoz eskolearen gerizpean, ume txikiak altzoan, azitxuagoak alboan. Negar egiten dabe ama koittaduok. Euren umeak zaldarrez beterik dagoz. Aurpegiaren kolorea, egunean baiño egunean oriago. Sabela, gero ta aundiago. Eriotzea, gero ta urreago.

Alandaguztibe, Biafrako emakumeak ez dabe amor* emoten. Otzarak egiten diardue, penike pare bat irabazteko, fruta apur bat edo arrain siku batzuk erosteko.

Sustrai bategaz, uruna egiten dabe. Eta urun orregaz eta palmera orioagaz opiltxu batzuk, gosez ez ilteko.

Medikuari itxaroten dagoz. Onek ezin dau gauza askorik egin. Lantzean bein, hospitalera eroaten dau umetxuren bat edo esaten deutse gurasoeri, eizan* ibilteko, sugalindara* ta muskerretan.

Ez dira minduten, periodistak fotografiak ataraten badeutseez. Izanbe, mundu guztiko periodistak joaten jakez; eta dirurik ezarren, esperantza apurtxu bat emoten deutsee.

Biafrako gobernuak, neurri guztiak artu zituan aurretiaz, gosetea galerazoteko. Igazko urtaroa, guztiz ona izan zan. Nekazariak azi asko gorde al izan eben, urrengo urtean ereiteko. Gaiñera, prentsa-radio-telebisiñoz, propaganda aundia egin zan, labrantzeari ekiteko.

Diru asko zabaldu eban gobernuak zorretan, ereiteko azia, oilloak eta auntzak erosteko. Eta sari onak eskiñi zituan, produziñoa geituteko.

Baiña, zoritxarrez, aundiegiak zirean sostorrak* eta oztopoak, bide orretatik nasai ibilteko.

Igazko urte asikeran, milloi bi zirean Biafrako errefujiaduak, Ipar- eta Oestnigeriatik etorriak.

Azkenengo 20 illabeteotan, guztiz blokeatuta geratu da lurralde osoa, legorrez, airez eta itxasoz. Denpora orretan ez da egon, kanpoko ezer eskuratzeko modurik. Orrez gaiñera, barruko alderdi askotara eldu da gerrea. Eta alderdi orreetatik, nekez atara al izan da ezer, gerra bako alderdietara bialtzeko kamioien eta bide egoki ta seguruen falteagaitik.

Iges egin ez dabenak eta euren lengo errietan bizi direanak, eginalak egiten ditue, errefujiaduen zoritxarra arinduteko.

Gobernuko paperetan, 600.000 errefujiadu bakarrik agertzen dira. Baiña euren egiazko numerua, askoz altuagoa da. Lau milloira allegatzen ei dira, or an emen, erri guztietan, kale gorrian bizi direanak.

Gobernuak ez dau iñor beartuten, errefujiaduak etxean artzeko. Alandaguztibe, erriko jenteak bere kabuz* eta pozarren artzen ditu, etxean tokirik badago. Neuk ikusi dodaz 30 errefujiadu familia baten biziten.

Etxekoak, dauken guztia emoten deutsee: jatekoa, jantzia, dirua, ta gosea bere bai. Ez deutsee itaunduten, nondik datozan edo ze tributakoak direan. Gerrea zenbat eta gogorrago, euren arteko batasuna estuago. Asmo bakar bat dauke danak: bizi, ez il, erri lez iraun*.

Orretarako, al daben guztia egiten dabe. Ona emen euren zeregin batzuk:

Bideak zaindu.

Gudarientzako jatekoa gertatu. Diruzko laguntasuna billatu. Hospitaletan odola emon.

Sarri askotan, bide luzeak egin bear izaten ditue, hospitalera joateko. Len, odola emoteagaitik, katillu bete kafe emoten eutseen. Orain, ezer bere ez; jezarri egiten dira apurtxu baten, eta barriro etxera, goseak ilda egonarren.

Gaixotegi batzuk, gerra lekuan bertan aurkitzen dira. Alandaguztibe, hospital guztiak bete beterik dagoz, ogeak len baiño bi ta iru bidar geiago izanarren. Eta zelako ogeak sarritan! Palmera lastozko oial bat beearen gaiñean, eta kitto.

Gaixoak eta zaurituak —soldaduak eta zibillak— asko sufrietan dabe bero ta umedaziñoagaitik.

Dana dala, Biafrako jentea bete betean dago, burrukea aurrera eroateko. Ziur dakie, Nigeriaren garaipena euren eriotzea dana; eta bizirik geratu leitekezan bakanak, esklabutasunean eta askatasunaren esperantza barik biziko direana. Orregaitik, gobernuak ez dauko zetan propagandarik egin, jenteak gerreari eutsi deion.

Azkenengo asteotan, munduko naziño guztiak alegiña egiten ari dira, ikaragarrizko gerra au geldierazoteko. Geroak esango dau, zelan geratuko direan gauzak.

(Alemaniako NEUE BILDPOST aldizkaritik euskeraztua)


Opor egunak Lapurdin

Urte osoan lan eginda gero, ondo datoz bakaziñoak, oporrak. Len, amaika egun igaro nebazan, uste ustebagean eta doan*. Orain, zazpi egun —oneik neure kontura— Donibanen.

Urtero nator ona. Atsegin izaten jat emen egotea, emengo euskaldunakaz itz egitea.

Azalez, ezbardiñak dira ni bizi nazan lurraldea ta emengoa. Bilbon, gaztelerea nagusi; emen, frantses izkuntzea. Baiña ba dagoz euskaldunak bilbotarren artean, baita Donibanen be. Eta sarritan ikusten dogu alkar.

Zelan dago Donibane?

Asi da uda sasoia. Asi dira turistak etorten. Egia esateko, beste urteetan baiño askozaz gitxiago. Urrengo egunetan, bearbada, geiago etorriko dira; baiña emen bildur dira, maiatzeko barrikada ta huelgen kontura, beste urteetan baiño gitxiago izango ete diran. Olan bada, galtze andia erri oneintzako, emengo bizibide nagusiena turismoa da-ta.

Mendi ta zelai aldeak erdi utsik; ondartzetan barriz, jente asko ikusten da.

Beti lez, «basque» izena nunnai. Komertzianteak ba dakie, ortik jatorkezala irabaziak. Ori dala-ta, edonun ikusiko dozuz «souvenirs basques», «linge basque», «gâteau basque» ta olakoak ugari, baita ikurriñak be. Baiña euskerea?

Ez dago euskal ikastolarik. Euskerea ez da eskoletan irakasten; eta au ez da gauza ona. Euskerea gaztetatik landuten ez bada, txarto. Ba dagoz, nagusiai euskerea irakasteko kursoak; baiña ori ez da naikoa.

Uda guztietan lez, asi da Radio Côte Basque egunero itz egiten. Frantsesez egiten dau; bost minutu bakarrik euskeraz egunero. Folklorekeria?

Folkloreari buruz, barriak obeagoak dira. Txistulariak asko geitu dira, ta gero ta geiago zabaltzen doaz. Baionako Konserbatorioan emoten dira irakastaldiak; eta aurten be, 17 txistulari barrik urten dabe andik.

Euskal dantzak landuteko, «Oidurak» organizaziñoa dago. Bi milla gazte daukaz. Orrez gaiñera, beste 20 talde dagoz.

Lana, len esan dogun lez, eskasa: turismoa; ortik kanpora, gero ta gitxiago.

Eleziñoak emen igaro dodaz, bigarren txandakoak. Ez da bape zaratarik ikusi. Dana betiko lez, baketsu.

Emengo egunkariak* esaten dabe, azken eleziño oneik ez dirala bape fiatzekorik. Jenteak, maiatzean ikusitakoen bildurrak eraginda, De Gaulle'ri emon deutsoz botoak; baiña onek ez dau esan gura, bere politika zaleak diranik. Kaos baten bildur izan dira.

Bai telebisiñoak eta bai egunkariak, detaille askogaz azaldu dabez Parisen maiatzean igarotako zalapartak; baita Nanterreko Unibersidade barruan jazo dana be, moralaren aldetik estudiante batzuen bitartez egin diran aldrebeskeriak batez be.

Baiña Frantzian, politikearen etorkizuna ez da argia. Pariseko kaleetan maiatzean ibilli ziranak, seguru asko barriro neguan be ibilliko dirala. Vietnameko gerreak dauka orretan zerikusi andia, berak ipiñi baitau* modan Txinako erreboluziño kulturala.

Politikea alde batera itxita, goazan orain prezioetara. Garesti dagoz gauzak guretzat. Alde batetik, emengo prezioak gora igon dabelako; eta bestetik, pesetearen debaluaziñoagaitik. Donibaneko Banku baten kanbiatu nebazan pesetak; eta kanbioa, au izan zan; franko bakotxeko 14,50 peseta.

Laster, etxera joateko maletak gertatu bear dodaz, datorren urtean barriro etorteko asmoz.

Ai Donibane! eder baizen euskaldun baziña!

XABIER GEREÑO


Uste izan

Esperantzea

RIKARDO ARREGI

Duda barik, gaur eguneko gauzarik gatxenetarikoa, gizona posible dala siñistea da. Ikusirik zelan nonnai desarrazoia dan nagusi, indarraren legea nagusi ta ez legearen eta arrazoiaren indarra. Ikusirik zelan alegiñak ezereztuten doazan. Ikusirik, toki guztietan, bizitzak galduak, ainbeste jenteren etorkizunak ittoak. Ikusirik... Zetarako jarraitu? Gizarte gizontiar* baten aldeko burrukan eltzen da une bat, bakotxak bere buruari galdetzen deutsona: Zetan ari* naiz? Zetarako? Ez ete naiz alperrikan ari*?

Topikoa da; baiña topikoa izateagaitik, ez dauka esangura txikiagoa: Gizonak, gizatasuna posible dala siñistu nai dau. Ez aberastasunaren gizartea, buruzagiak, burokratak, jakintsuak eta jente ofizialak laudorioz* betetan dabena. Ori tranpa bat da, agiri agirian. Umea negarrez ari danean, karamelu bat emoten jako, ixildu daiten. Aberastasunaren gizarte famadu ori, esandako jente orreek ainbeste famatzen daben ori, karamelu bat besterik ez da, burrukarako prest dagoana ixildu dadin. Izan zan Frantzian kristiñau pentsalari bat, Mounier izenekoa, au esan ebana: «Erreboluziñoa, ekonomiarena izango da; edo bestela, ez da erreboluziñoa izango. Erreboluziño ekonomikoa, erreboluziño moral bat izango da; edo bestela, ez da erreboluziñoa izango». Txanpon batzuk geiago poltsikuan eukiteak, beste barik, ez dauko bapere sentidurik.

Munduko Estadu batzuetako gidarien xedeak*, ori baiño besterik ez dala dirudi: «Sakela bete, ta ixilduko dira». Jakiña, oraindiño be —eta zoritxarrez martxa onetan ez dogu amairik ikusten— iru gizonetik birentzat, sakela betetea da prolemarik nagusiena ta, nagusiena ezezik, prolema bakarra.

Eta zer orduan esan erri subdesarrollatuen esperantzeaz? Erri oneek bai dagozala zearo menperatuta! Eta sermoi egiten jake, biolentzia bazterru bear dabela esanaz! Vietnameko erriak emon dauan ejenpluak bakarrik iraun* erazoten dau esperantza ori.

Antza danez, iñoiz baiño gatxago da gizonagan siñistea, gizarte gizontiar* baten siñistea. Proudhon'ek XIX gn. gizaldian esan ebana, egia da gaur be: «Ez gaitezan engaiñatu. Europa, ideiaz eta ordenaz gaixo dago; indar utsaren eta printzipioen desprezioaren garaietan* sartzen ari gara».


Kaleko Gizonak Diñoana

«Lizardi»ren umore ona

Errez-zaleen ta gaitz-zaleen auziaz, orain 35 urte, «Gure bideko mugarriak» idazlana idatzi eban «Lizardi» zanak.

Gaur dan egunean, andik eta emendik, izkerearen goimaillako batasunaz diardugun ezkero, ez da ezegokia izango, aren asmoari orraztaldia egitea.

Puxketa batzuk agertuko ditugu, berberak idatzi zituan zituanean; beraz, giputz. Ona emen aren esanok:

«Ara. Ba det nik laguntxo bat. Errez-zale purrukatua* da, iñorena irakurtzekoan. Baiña bera idazten asten danean, luma biurritzen zaio, ta iñork ez dio kolperik konprenditzen».

Laguntxu orrek ez eban ulertzen berbere gatx-idazte orren zegaitia* zein zan. Baiña alakoren baten, bertso jator errikoi baten egilleari bostekoa estutu ta zorion-agertzerakoan, olerkari onek erantzun eutsan:

«Eskarrik asko, eskarrik asko... Zuek bezela ez dakigu, baiña..., amaren bularretik aziak gaude beintzat... Zuek berriz, iñork ba al daki nongo errapetik edoski* zenuen?...

«Ateraldi* aretxek argi eman zion nere laguntxoari. Bereala, gorri-gorri eginda, izkide* errikoiari aitortu bear izan zion baietz, bera etzala txikitan amarenetik aritua*..., biberoiakin azia zala!».

Beste argibide batzuk geitu zituan Lizardik artikulu aretan; eta amaiera esana, oso-osorik erraldatuko* dogu oraintxe:

«Argatik, bada, bide artan eserleku* bakarra izatea baiño lenago eskatuko nuke nik lege ok jartzea:

«Lenengoa: danok iskribatu dezagula con sintaxis esaten dana.

«Bigarrena: irakurtzekoan erreza nai dunak, idaztekoan ere aJa nai izan dezala, Trigonometriaz ari balitz ere.

«Irugarrena: biberoiez azitakoeri mugarri koxkor baten eskubidea eman dezaietela; ta ori euskerari txarkeria egitea dala aproatuko balitz, lenengo eskolara baiño len, lepoa* biurritu ta ibaira bota ditzatela.

«Legeok bear bezela kunplitzen baditugu, pake santuan bizi gaitezke guztiok».

Irakurle zuurrak egin lei bere maxiaketa* sakona. Ez daiala, ostera, Lizardiren umore fiña aintzat ez artu.

Sindikatuen izaereaz

Espaiñiako obispuak oraintsu izan daben batzarrean, sindikatuen izaerea zelakoa dan argitu gura izan dabe, ta orrezaz, arean* bere, idazkia egin.

Edu* orretako azalpenok, beranduegi datoz, gure ustez. Urte luzeak iges egin dabe, gai ori bear dan moduan azalduteke*. Ba dirudi, sindikatuen izaerea bardin samarra izan bearko dala alderdi guztietan. Eleiza katolikuaren eretxia be, orixe izango dalakoan gagoz.

Gizonaren eskubideak jasean* eta egokiro jagonik, sindikatuak bere, askatasun bidez eratuak eta jaurriak* izan bear dabela, adierazo deuskue argi ta garbi. Belumendu*, ostera. Belumendukeri orrek kalterik sortu dauala, askoren ustea da.

Sindikatu bakar, soil ta goitik-beerakoa besterik ez dogu ezagutu aspaldion. Menpekoak, ez dabe ezagutzen sarri askotan, euren ordezkari goikoa. Artu-emonik bein bere ez dabe izan. Eskariak goian sortzen dira ta erabagiak bere bai. Labur-bidea ba da izan; zuzen-bidea danik, ezin baieztu. Oporregiteko* eskubideak be zutunik irauten dau, gotzaiñen esatez, ogibideko eskubideak zaintzeko danean, ain zuzen.

Sindikatuen legeak aldatuak izango ete dira? Solis jaunak eztenkada zorrotza bota deutse berba laburretan obispu jaunei.

Erriaren ederra

Eleizeak, erriaren ederra egin* guraz, noizbait dotriña ori agertu baldin badau, legegilleak bere, erriaren ederra egin guraz, bankeru aundiei mugak jarri deutsez. Zera, Bankuetako aolkari* direanak, ezin leitekezala beste baltsu* batzuetako aolkari izan. Legerriko ekonomiaren alde egiteko sortu daben lege barri orrek, dirudunak miñarturik laga ditu. Eta asarre gordiña agertu bere bai, euretariko askok.

Paper-albistariak alde ta aurka agertu ditue euren eretxiak, norbereak azalduaz. Errazoiak, beti bere, orrelakoak izaten dakie gizonen artean. Nor, noiz, nun eta zelan, itaunebideak dira izan be; eta gizonen eretxiak be, edu* orretan izan oi dira.

Lege ori traba ikaragarria da, urliaren* esatez; baiña sandiaren* eretxiz, makalegia da, gatxaren susterrak sakonagoak direalako. Tarragona jaunak aldakuntza tutarrezkoak* egin bear litzakezala esan dau, soziedade irabazpidekoen izaera ta arauak* aldatuaz eta barriztauaz, oraingo egoerea azpikoz gora jarrierazota.

Egia da, oposiziño-lana beti bere, errezagoa izan oi dana. Egitea, ez ain errez. Ta orregaitik ondatuten dira gizonen asmo onik asko.

Gose eta ase

Bien bitartean, Afrikako sartaldean*, Nigeria ta Biafrako gizonak guduan diardue; eta erritarrak, batez bere (nundik arraio asmau dabe idazle gazteak «guztiz ere» esaera erdaldun ori?), eta batez bere, diñogu barriro, umeak saillean il doaz, goseak lorrinduta.

Batzuetan goikoen aurka burrukan egin bearra, ta urrengoan alkarren aurka; ta eriotza-bidez gaiñera! Gizonaren aberekeria! Dirua maiteago, urko laguna baiño!

«Euskerazaleak» toki barrian

Alkartasun onek, bere asmo ta egikizunak obeto bete dagizan, etxebizitza aundiagoaren premiñea izan dau; eta emendik gorakoan, Colon de Larreategi kaleko 14 gnean., 2 gn. oiñean* izango dau bere toki barria, bere egoitza.

Bazkideak pozarren jasoko dabe albista atsegin au, toki aundiagoa ta egokiagoa izango dabelako. Laster gertauko dabe, bazkide guztientzat ateak zabaltzeko. Ori ondo!

KALEKOA


Eguzkialdeko barriak

Gaurko Japoneri begiratu arin bat

Ipar alderantz, ba ditu Japonek mendi andiak, edurrez zurituak. Ego alderantz, arbolak, euren kolore bizi biziakaz, sekulako paisajerik zoragarrienak eskinten deuskuez. Urte barruan, lau estaziñoak, udabarri, uda, udazken eta neguak, argi ta garbi erakusten dabe euren aurpegia.

An emenka, Budisten eta Sintoisten komentu aundi ta zabalak. Antigualeko eleizak, euren otoitz soiñu ta kanpai otsakaz. Eskiadoreentzako leku ederrak. Igeri* egiteko toki egokiak, musika ta guzti. Japongo aintxiñako komediak, dramak, abestiak, dantzak, jaiak. Europa ta Amerika aldeko musika, teatro, liburu, aldizkari ta abar: dana aurkituko dozue emen. Orra or Japon, Asia andiaren azken ertzean. Orra or Japon, guztiok begiz ikusi gura geunken lurra!

Trenak, areoplanoak, autobusak, automobillak, edozein ordutan, edonora, ariñak. Munduko trenik ariñena, Tokyotik Osakara. Europa ta Amerika, Japonetik urrun egiten dira. Alandaguztibe, edozein bazterretatik ogetalau ordutan etorri leiteke ona. Kanpoko turistak, milloi erditik gora.

Eletrizidade kontuan, Japon da txapeldun. Telebisiñoa ikusteko tresnak, amasei milloi, kolore ta guztikoak. Telefonoak barriz, mendi bazterreko edozein baserri etxetan.

Dana ikusi ta dana ikasi nai

Emen dagoan kultura gosea, ez zeunke siñistuko, irakurle. Liburu ta aldizkaritan, berreun milloi ale urtean argitaratzen dira. Amuma zarrak, korbatadun gizonak, orioz beteta dabiltzan mekanikuak, soloan arroza ereiten dabiltzan gizon eta emakumeak, neskatilla gazteak, oraindiño begia ezin zabaldu daben ume koskorrak, danak, edozein ordutan eta edonon —trenean batezbere— danak irakurten. Ona emen Japonek gerra ostean egin dauan aupadearen sekretua!

Kultura zar eta barria, aberrikoa ta atzerrikoa, edonongoa, dana ikusi ta ikasi, ausnartu* ta iruntsi. Bere izkuntzeaz gaiñera, atzerriko izkuntzak, bi edo iru, ikasteko amorrua daroa zazpi urtetik gorako japonesak. Jakiña, danetan ezin sakondu: geien sakonduten dabena, inglesa da. Kuriosidadea? Eunetik eun, bai. Dana ikusi, dana aztertu ta barriztatu gura. Odolean daroa japonesak inbestigaziñorako gogoa.

Zar eta barri, dana naste

Japongo historia barruan sartu gura badogu, bederatzi milla urteetan gora igon geinke. Historia onetatik jaio diran tresna, tramankulu, kultura, arkitektura, oiturak eta abar, oraintxe berton be maitatu ta besarkatzen ditu japonesak. Gauza zarren eta barrien artuemona —askotan nasteborrastea— siñistu be ezin leiteke, ikusi barik. Orretarako, japonesak aproposak dira. Oitura oneetariko batzuk, munduan be zabaldu dira.

Jai kontuetan be ez dabiltz atzean. Batean, iru-bost-zazpi urte betetan dituen umeen jaiak. Bestean, urteetan aurrera doazan zarren jaiak. Arrozaren jaiak. Udabarri, uda, udazken ta neguko sarrerearen jaiak. Ildakoen jaiak. Urtebarri eguneko jaiak, eta abar. Orrezaz gaiñera, fabrikak, ofizinistak, konpaiñiak eta abar, euren lagun arteko jaiak antolatu oi* ditue. Ikasleak, beargiñak, auzokideak ara ta ona egiten dabezan eskursiñoak be, azkenbakoak dira, udabarri ta udazkenean atan* be.

Jan-edanak

Janari ta edari kontuan be, Japonek ba daukaz bere bereak diran oiturak. Euskaldunak asko edaten dabela? Japonesak be, polito egiten dabe ba! Ikusi egin bear euren aurpegi biribiltxuak, tomatea besteko gorriak. Bertoko janari ta edariez gaiñera, Europa, Amerika ta Txina aldeko jan-edanak be, eurrez* ikusten dira. Edonon ikusiko dozuz restaurante ta hotel ederrak. Asiako hotelik aundiena be, berton daukogu, Tokyon.

Langintzak

Itxasontzi ta astillero kontuan, Japon lenengo maillan jarri da. Milloi bi tonelada urtearen barruan.

Galtzairu kontuan, Japon irugarrena da mundu guztian: 28 milloi tonelada. Egia esan bear bada, bide barri kontuan apur bat atzeratuta egon da; baiña momentu onetan, jo ta kee, gau ta egun, ekiñalean dabiltza.

Radio, transistor, telebisiño, kamara, seda, perla, jantzi, umeen jostaillu*, andrakilla* ta abar, Japon, gaur egunean, lenengoetarikoa da mundu guztian. «Kimomo» deritxon jantzia, danok ezagutzen dozue; kolore askotakoak ikusten dira. Lanerako ez da ain aukerakoa; baiña kale bazterrak alaitzeko, apartekoa da. Gaur egunean, gazteen artean batezbe, jantzi politt eta bizi ori galduaz doa. Mundu guztian lez, emen be modan jarri da zorioneko gona laburra. Kontzilioaren errua ete da, ba, ori be?

Eskolarako amorrua

Eun milloitik gora dira, isla txatxar oneetan bizi direanak. Eta non dago erri onen sekretua? Eskolan! Japonesak, danak, bederatzi urte gitxienez egin bear dabez eskolan. Zazpireun millatik gora dira, Unibersidadean ikasten daben gazteak. Ikasteko amorru aundia! Larregi bearbada! Esate baterako, esamiña egunetan, ume ta gazteak ezezik, baita gurasoak be, makiña bat buruauste, zotin, negar ta malko* iruntsi bear izaten ditue. Txarrena: ustel urtetan dabenak, askotan euren burua urkatu ta «mundu onetako bakea» be egiten ba dakie.

Ekonomia kontuan be, Japon aurrera doa. Pobre gitxi. Edo obeto esateko, arean be ez*. Edonok dauka bere autoa. (Nik ez daukat oraindiñokarren).

Orra or gaurko Japon. Orra or ogetabost urteko lana. Orra or gerra ostean lurra jota gelditu zan Japon. Orra or, guk misiolariak kristoganatu bear dogun erria. Eguzkialdeko erria!

XABIER IDOYAGA


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNAREN zenbaki onetan izartxu bategaz agertzen direan itzen esangurea.

ALDERANTZIZ (G), iruntzitara, aldrebes.

AMOR EMON, ceder, darse por vencido.

ANDRAKILLA (B), muñeca.

ANTOLAMENTU (L), ituna, arreglua.

AOLKARI (L), kontseillaria, kontsejerua.

ARAU (LN), norma, regla, ley.

AREAN BE EZ (B), ezer be ez.

AREAN BERE (B), ciertamente, justamente.

ARI IZAN (GLN), jardun, zerbait egiten egon.

ARITU (GLN), ari izan.

ARRETA (BG), ardurea, atentziñoa, interesa.

ASAGO (B), urrun.

ATAN, ATAN BE (B), batez bere.

ATERALDI (GL), urtenaldia. Salida, ocurrencia erderaz.

ATZ-BEATZAK (B), miembros del cuerpo.

AUSNARTU (BGLN), rumiar, considerar.

AUTATU (GLN), aukeratu, elejidu.

AZALDUTEKE (B), azaldu barik.

BADAEZPADAKO (B), dudazkoa, seguru ez dana.

BAGENGI (B), artu al bagengi: artu al izango bagendu.

BAITAU (GLN), dau-ta. Ekarri baitau: ekarri dau-ta.

BALTSU (B), soziedadea, alkartasuna.

BELUMENDU (B), belu edo berandu ibiltea.

BERAZ (GLN), por consiguiente.

BEREBIZIKO (BGL), guztiz egokia.

BEZKOIZTAR, Bezkoitze (Briscous), Lapurdiko errian jaioa.

DOAN (B), doarik, debalde.

EDERRA EGIN (B), txera egin, zuritu, palaguz bete.

EDOSKI (LN), mamar.

EDU (B), modua, erea.

EGALUZE (BG), atuna. Erderazko bonito.

EGUNKARI (L), eguneroko periodikua.

EIZAN (BGLN), kazan.

ERAKUNDE, organizaziñoa.

ERRALDATU (B), beste leku batera aldatu. Trasladar erderaz.

ESERLEKU (G), jarlekua, jezarlekua.

ESKINDU (B), eskiñi, eskeiñi, ofrezidu.

EULORRI (B), euliak kentzeko zera. Mosquero erderaz.

EURREZ (B), oparo, ugari.

EZBAI (BGLN), dudea, zalantzea.

GARAI (BGLN), aldia, denporea, sasoia.

GARDEN (B), transparente.

GERTAKIZUN, gertatuko dana, jazoko dana.

GIRO (GLN), aroa. Ambiente erderaz.

GIZONTIAR, erderaziko humano.

IGERI EGIN (BGLN), uger egin. Nadar erderaz.

IRAUN (BGLN), durar, perseverar.

ISTILLU (BG), apuro, dificultad, trance.

ITZAURRE, prologua.

IZKERA (GN), lenguaje.

IZKIDE, interlocutor.

IZOTZ (BGLN), hielo.

JASEAN (B), egokiro, ganoraz.

JAURRI (B), gobernatu.

JORITU (LN), aberastu, geitu, ugaritu.

JOSTAILLU (GLN), juguete.

KABU (B), iniciativa.

KONDAIRA, historia.

LAUDORIO (LN), laudoa, alabantzea.

LEKUKO (LN), testigua.

LEPO (GLN), samea.

LETXE (B), legetxe, legez, lez. Gipuzkerazko bezelaxe.

MALKO (BG), negar ampulua. Lágrima erderaz.

MAXIAKETA (GN), kritikaziñoa, kritikea.

MENDE (LN), gizaldia, sekulua.

MINTZO IZAN (LN), mintzatu, berba egin.

MUETA (B), klasea.

OI IZAN (BGLN), soler.

OIN, pisua.

OPOR EGIN (B), huelga egin.

PENTZU (B), ardurea. Cuidado, patrocinio erderaz.

PURRUKATU (LN), amorratua, zale-zalea.

SANDIA (BGLN), erderazko zutano.

SARTALDE, Oestaldea.

SOSTOR (B), oztopoa, eragozpena. Obstáculo erderaz.

SUGALINDARA (B), lagartija.

TUTAR (B), sustarra, sustraia.

UGATZ (BG), bularra.

URLIA (BGLN), erderazko fulano.

URREAN (B), nonbait, aurki, antza, itxurea.

XEDE (LN), asmoa, elburua.

ZEE, ZEI (BGLN), menudo, sencillo.

ZEGAITI (B), motibua, zioa.

ZIO (B), motibua, zegaitia.


Andres Gandarias

Izen aundia egin dau mutil onek Frantzia aldean. Ondo joan jako, antza. Berari itauntzea da onena. Ez, baztarrik baztar dabiltzan periodista batzueri jaramon egitea, itsu itsuan siñistuaz.

Ordu bitan egon naz beragaz berbetan, bere ta neure lagun Bixente alboan nebala.

— Nun jaio ziñan, Andres?

— Ibarruri-Magunan, orain neure familiagaz Durangon bizi arren.

— Zenbat urte daukozuz?

— Ogetabost. 43'ko aprillaren 24'koa naz.

— Zelan joan zan zure txikitako bizimodua?

— Ango baserrietako beste ume mutiko guztien moduan. Gero anditxuagoa egin nintzanean be, bardin; an nenbillen, piñuak bota, bedarra ebagi, ta abarrean, goizetik goiz jagita. Domeketan be, 5'etan jagi, ganajatekoa egin, gero mezea entzun, ta ostean trutxatara. Arratsaldean bizikletan, ori bai.

— Bizikletea esan dozu. Asko ibilten ziñan?

— Beti gustatu jat niri bizikletea. Ta karrerak ikustea be bai; Durangora ta Gernikara-ta joaten nintzan orretarako.

— Noiz euki zenduan lenengo bizikletea?

— Ez dakit. Nik 11 urte neukazala, nire anaia abadegaiak bizikleta bat erosi eban; baiña orduan ez eusten ixten an ibilten. Mezea emon ebanean, neuretzat geratu zan bizikleta a.

— Noiz asi ziñan korriduten?

— Korriduten, korriduten, ba,1961'ean. Gernikan ta Durangon korridu neban, beste ainbeste gaztek lez. Gero anaia injiñeruak bizikleta bat erosi eustan.

— Ta gero?

— 1962'an «501» ekipoan sartu nintzan. Ta urte orretan, lau-bost karrera irabazi nebazan.

— «KAS»era etorri aurretik, beste ekiporik izan zenduan?

— Bai, 1963'an, «MUNGIA-OLARRA»n korriduten neban. Orduantxe egin neban Inglaterran, bigarren mendian eta amaikagarren danetara. «KAS»era pasatu nintzan gero, 1964'an, afizionadu lez.

— Baiña ordurik ona euri asko egin dau, ta zure izenik ez dogu larregi entzun aurton arte.

— Arrazoia daukozu, bai; baiña azalpena erreza da: soldadutzan egon nintzan, urte bi Marinan.

— Beste puntu bat ikuturik, egia da, umezaroan apaiz bokaziñoa izan zenduala?

— Bai zera! Nik ez dot egundo be olakorik esan. Anaia bat dodala apaiz, esan dot bakarrik.

— Eta batxilleratuan, bosgarren urterarte eldu ziñan?

— Ezta! Nik ez daukot estudiorik. Periodisten ipuiña izan da ori dana, ez nik esana.

— Periodikuak egia esaten ete dabe, zuek ortik zear zabizenean? Periodistakaz eurakaz berbarik egiten dozue zeuok?

— Ba ori... telebisiñoan ikusten dan moduan. Gu bateri berba egiten bagagoz, an datoz beste batzuk be euren mikrofonoakaz. Baiña gero, euren kontura ipinten dabe gauzea; ta batzutan geitu, ta beste batzutan inbentatu be bai. Esate baterako: frantses batek itaundu eustan, ea ze desarrollo eroango neban erloju kontrakoan; 54,13'koa erantzun neutsan nik. Desarrollo au, txirrindulari danak daroe. Baiña ikusi zenduan, zelako zaratea atara eben emengo periodikuak.

— Berba egin daigun apur baten Tour au dala ta eztala. Pozik zagoz egin dozun Tour onegaz?

— Bai, oso pozik. Asikera baterako, zeozer ba dala uste dot. Suerte ona izan dot gaiñera, lenengo etapan galdutako minutua ta olako uskeritxu batzuk izan ezean. Periodistak be, oso ondo artu nabe.

— Zuk oraingo onetan erakutsi dozun indar au, momentukoa dala uste dozu?

— Nik martxa onetan, gora segitzeko esperantzea daukot, Jaungoikoak osasuna emoten badeust.

— Zer joatzu obeto: etapa bakarreko karrera bat ala nagusi orreetarikoa?

— Etapa askoko karrerak, dudarik barik.

— Ekipo lez, ze esperantza eroan zenduen Tour'era?

— Tour'a irabazteko joan giñan.

— Nok irabazi, baiña?

— Pérez Francés'ek.

— Ta azken orduan, nok pentsetan zenduen irabaziko ebala?

Bracke'k edo Van Springel'ek. Baiña Janssen'ek, uste baiño erloju kontrako etapa obeagoa egin eban.

— Arazo interesgarri bat ikutuko dogu orain. Doping orrena. Zu antidoping kontrolaren alde zagoz ala kontra?

— Ni, alde; bearrezkoa da.

— Zegaitik?

— Arrazoi askogaitik. Nire ustez, droga orreekaz txirrindulari onenak ez dau irabazten, botikalari onenak baiño; ta kontrol ori barik, beste desgrazia asko ta asko pasatuko litzakez.

— Tour'en izan dozuen kontrol ori, benetakoa izan da?

— Bai, benetakoa; ta beste karrera batzuetan libre euki doguzan bizkorgarri batzuk artzerik be ez dogu euki. Kafea, ori bai, zenbatgura.

— Zure eritxiz, munduko txirrindularirik onena zein da?

— Gaurkoa? Merckx; baiña Anquetil'en maillakoa ez da.

— Espaiñiako onena?

— Batzuetan indarrak uts egiten badeutsoe be, klase geienekoa Pérez Francés da.

— Euskal Errikoa?

— Gabika, gero Perurena.

— Saririk ekarri dozu Frantzia aldetik?

— Bai. Orra or «katamotz» bat, klasifikaziñoan saiorik andiena egiteagaitik. Beste bost «Vittel'eko azkonar» be bai, profesional egin barrien artean lenen egiteagaitik.

— Ta kontraturik?

— Baita. Amabost bat. Oraintxe, agostuaren 3'an goaz Frantziara San Miguel eta biok. Aurelio González, bertan geratu zan.

— Ederto, ba, Andres; ta jarraitu daizula gero ta gorago.

JOAN MARI TORREALDAY