ANAITASUNA

BIZKAIA

165 gn. zenb. — 1968, garagarrillak 30 — 4 pta.


ANAITASUNA

amabosterokoa

12

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5) — Tel. 241467

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 165 gn. zenb. — 1968'ko garagarrillak 30

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Gizonaren eskubideen XX gn. urteurrenean. Aita Arrupek diño

• Diruak bakarrik ezin leikez oraingo desbardintasun ekonomiku-sozialak kendu. Esate baterako, alogerak obatuta beste barik, gauzak bardin bardin jarraituko leukee.

• Alegin guztia egin bear dogu, iñori miñik ez egiteko, garratzak eta demagoguak ez izateko; baiña ez gaitezan arritu, «egia, danen gustokoa ez bada».

• Justizia soziala predikatzeko, geure bizimodu zintzoagaz eta geure ejenpluagaz sendotu bear dogu esaten doguna, Jesukristok egin eban lez. Bestela, gure alegin guztia utsa ta alperrekoa izango litzake.

• Justizia soziala betetako, ez da naikoa, noizik bein limosna batzuk egitea edo alogerak jasotea. Benetako erreforma soziala egiteko, erea emon bear jako gizon bakotxari, bere nortasuna ta izakera osoa obatuteko eta eginkizun euztietan bere pentzura* ta bere kabuz* jokatu al izateko.

• Gizonaren diñidadeak eskatzen dau, bakotxa bere egitaden jabe ta erantzule izan daitela. Beraz*, orren kontra doan ordenabide soziala, ez da zuzena, ez da arteza, okerra baiño, naizta aloger onak eta bidezkoak emon.

• Ez daigun pentsa gero, bear dogun erreforma sozial sakon orren eragille printzipalak goimaillako gizonak izango direanik. Ez dira iñoiz izan; eta eurak bakarrik ezin leitekez izan be, salbu bein edo bestetxotan.

• Gizarte zuzenago bat, bardiñago bat, gizonari jagokon lez egitea, lenengo ta bein, pobreen, beargiñen eta nekazarien eginkizuna da. Eurak euretara artu bear ditue oiñarrizko erabagiak, euren interesak zaintzeko. Eta beste iñok ez dauko eskubiderik, euren arazo orretan sartzeko, ezta eurak baiño obeto egiteko asmoagaz bere.

• Guk gura dogun gizarte barria ez da, gizonari ondasun eta zerbitzu geiago, orixe bakarrik emoten deutsona. Ori ez litzaken aikoa izango. Etorkizuneko gizartean, lortu al izan bear dau gizonak, gizonago izatea: ez bakarrik geiago eukitea, geiago izatea baiño.


Erriz erri

Elorrio

Joan dan illeko 29'an, San Pedro egunean, jai aundi bat izan dogu gure errian: 80 urtetik gorako zarrai omenaldia*.

Egunak ekarri euskun-beroaldiaz bildurtu barik, 56 atso-agura, txistulari ta ezpata dantzari artean, eleizara eldu ziran. Beste askok euren etxean geratu bear izan eben, etorri eziñik, gaixorik; baiña erriaren gogoa, danakaz egoan.

Asteko, meza eder bat amarterdietan. Onen ostean aurreskua, Monasteriok eta Arrietak dantzatua. Erriko talde biko neska-mutil txikiak be, dantzak egin zituen. Zorionak talde oneetako zuzendariai, Mari Lolo, Inmaculada, Sabin eta Josebari. Ba dakigu, egun gitxitan gertatu dituena txiki oneek, ederto gaiñera.

Dantza oneek amaitutakoan, beste jai bat izan zan Arriola teatroan: bertsolariak, abeslari gazteak, auspo soiñulariak. Jai orretan, zar bakotxak urregorrizko Berriotxoaren medailla bana artu eban, egun orren gomutagarritzat.

Pozik ikusi doguz gure zartxuak, baita jaialdi onen zuzendariak be. Ez goaz izenik emoten, baten bat kanpoan itxi ez daigun; baiña zorionak danoi.

A! Entzun dogunez, toki alai bat egiteko asmoa be ba dago, erriko andra-gizonai zartzaroa gozatzeko. Eta ori bai izango litzakela benetako omenaldia*!

BIOK

Igorre

Zeanurik, bertako barri azaltzaillea dau. Billarotik Galdakanorarte, gure errietako gertaera ta gorabeerak agertzeko, ez dot ikusten bizkortasunik. Eta Yurrebaso gaztea baita besteen batzuk lo dagozan artean, itsuen erriko alkate izateari jarraitzera noa.

Garagarrillaren* 14'an Aramotzetik Intxaurbizkarrera jatsi nintzan, meza entzun, ainbat lagun zar agurtu ta jai ondakiñak ikustera. Norbaitek esango dau bere kolkorako: Zer da edo non dogu Intxaurbizkar? Gaur egun San Kristobal eta Santa Luziagaz ezagututen dogun auzunea dogu, gure aurrekoak jarritako lenengo izena erritar geienak ezagutu ezarren.

Beti entzun izan dot, San Kristobal belarri min osatzaillea dala. Eskubide zar onek, berea izaten jarraitu daiala. Baiña ez daigun aaztu, eztul kentzaillea be ba dala: onen baseleiza dotorera meza entzuteko sartzen direanak, eztul egiteagaz aaztu egiten dira.

Bilbaoko San Antongo 11 ta erdietako mezea, Don Klaudioren itzaldi mamintsu ta Anai Iñaki nekatueziñaren irakatsiakaz, Bizkaian eta arantzago be ospetsua da. Baiña, Bizkaiko zein beste erritan, Intxaurbizkarren lako meza bizkorrik, eta Arantzazuko Amari abestuten dakien lako abesti gozo, belarri ta biotz betetzaillerik?

Txistu soiñuan zeiñek obeto egin, lau bikote plazaratu zirean. Lenengo saria, Billaroko bikotearentzat. Bigarrena, Garakoira joan zan. Eta auzunerako jarrita egon zana —ez naz gogoratzen tamalez mutillaren izenagaz— gazte eder batek irabazi eban, neskatilla zoli baten laguntasunagaz. Neskatilleak polito egin eban; baiña morroskoak, makilla aundi bi lako besotzarrak gora jasorik eta oiñakaz lurra atxurturik, barre zabalak egiñarazo euskuzan. Zorionak! Eta aurrera, gatza ba dozu-ta.

Egun onetako jaia, bigarren ekiñaldia zan. Etxeetako jan-edanak urrituta egongo zirean ala ez, ez nekian; eta ordu biak aldera, tximinietatik keerik ikusten ez nebalako, alde egin neban.

Agur guztioi. Eta txaloak zuen artean dozuen abadeari, eleizan eta kanpoan geurea dan izkuntzan gauzak azaltzen dakialako.

A. LANDAJUELA

Arratia

Asterik astera ZERUKO ARGIAREN orrialdeetara agertzen dan Basajaun adiskideak zabaldu deustan atetik sarturik, aurrera egitera noa, udea dala-ta zerbait azaldu gurarik.

Euskalerriko mendi tontor, atxarte ta muru ainbeste aldiz oinperatutako Galdakanotar eta Euskaldun zintzo au, Gorbeako Artzaiña ikustera joana dogu lentxuago baten, udan sartuta ete gagozan ala ez jakin guraz; baita, nire eritxiz, euskaldunai euskeraz jakiñarazoteko zelako uda, udagoien eta negua izango doguzan Ebroz onantz eta Bidasoaz arantz.

Artzaiñaren esanetara sasi mugearen goi ta be-aldeko euskaldun guztiok gagoz burua makurtutera beartuta, Arratia barruan Goapo Billarotarraren esanetara gagozan lez. Baiña udea benetan noiz asten dan eta udearen biotza noiz izango dan, neuk azalduko deutsuet.

Kukuak udabarria eta egaberak negua iragarten deuskuen era bardiñean, nire iru lagun lankideen jakeak esaten deuskue udea ta udearen biotza noiz direan. Iru gizonok, oneik dira: Sabino Dobaran, Begoñarra; Pedro Zuazo, Artaundarra; eta Txomin Errota (Bilbotarrentzat Txomin Etayo); atzeneko biok, Dimatarrak.

Lenen aitatu dodazan biak, garagarrillaren* 9'an jakea besoan txintxiliz ikusi genduzan; beraz*, udearen atetik sartu gara.

Txomin Etayok oraindiño soiñean* darabil jakea, beragaz jantzita jaio balitz lez. Eskuak, praka boltsatik ez dauz ataraten; eta aurrerantza jauste bat baleu, ai! ze musturretakoa artuko leukean. Beraz*, oraindiño ez da etorri udearen biotza.

Itxasozaleak eta bardin mendizaleak, ez dogu ba zegaitik negar egin, aurtengo uda onek onenak emon ditualakoan. Gorbeakoak esango deusku, Basajaunen bitartez, zelako egunak izango doguzan. Baiña Txomiñek jakea soiñean jantzita darabillen artean, ez daigun itxaropenik galdu; bai Gorbea inguruetan eta bardin Mugarrako landan etzunda zabal egoteko egunak izango doguz-ta.

A. LANDAJUELA

Mendexa

Mendexako gazteak, aurtengo Luistarren egunean, ez eben jaialdirik antolatu. Oraingo gazteak ez dira asetzen, idi proba, arri jasote ta olako jolasekin. Ori baiño jolas alaiagoak nai ditue: dantzari, txistulari, bertsolari ta abar. Baiña Mendexan orretarako baimenik ez dagoan lez, gazteak ez dabe bape jaialdirik antolatu. Ea datorren urtean izaten daben, eurak nai daben lako jaialdia egiteko baimenik!

Domeka ta jaiegunetan ba dator Mendexara jentea naikoa. Eguerdi aurrea Karraspioko ondartzan igarota gero, bazkaltzera igoten dabe Mendexako tontorrera. Emen, zugaizpean bazkalduta, itxasoko aize garbia artuaz, majo igaroten dabe arratsaldea. Tamalgarriena, toki gitxi egotea. Beste ainbeste balego be, bardin beteko litzake.

Laster pelota leku barria be egitekotan dira. Lengoa, zarra da-ta, ez da egokia, ainbeste jente datorren erri baterako.

Bagillaren 8'an ezkondu zan Etxebarri baserriko Mari Okamika, Berrituko Ramon Zabalagaz. Zorionak!

TXAKARTEGI'TAR JOSE

***

Ikusi 11 gn. orrialdean, izartxu bategaz agertzen direan itzen esangurea.


Diruaren Europatik gizonen Europara

Garagarrillaren* lenengoan, kendu egin ditue mugak Merkatu Komuneko sei Estaduen artean. Arrezkero, guztiz libre izango dira salerosketak, Frantzia, Italia, Alemania Federal, Beljika, Luxemburgo ta Holandaren artean. Gauzak, ezelango eragozpen barik igaro al izango dira Estadu batetik bestera.

Ez uste izan, orregaitiño, Europaren batasuna oso osoan eginda dagoanik. Pausu asko emon bear dira oraindiño orretarako. Inpostuen, legeen eta diruaren batasuna, esate baterako, oraindiñokarren egin barik dago. Alandaguztibe esan leiteke, diruaren Europa aurrera doala benetan.

Baiña urrun dago oraindiño gizonen Europa, eta politikazko Europa atan* be. Eta Europa bien arteko erreka orrek, uiolka dakaz milla ondoren txar, Euskal Erriarentzat batezbere.

Arbolearen gerizea

Europaren batasuna, berez gauza ona da. Baiña kontuan euki bear da, batasun orrek Estaduen arteko konkurrentzia geitu egiten dauala. Beraz*, aizeak sua lez, batasunak indartu egiten dau geiago indartsua, eta makaldu geiago makala.

Olan, gero ta nekezago ibilliko dira nekazari txikiak, langilleak, lantegi ta komertzio txikarrak, errialde urrunak.

Gilbert Declercq, Bretaiñiako sindikalariak oraintsu esan dauan lez, Europako aberastasunak erdiko lurraldetarantz doaz, eta Rhin, Rodano, Po ta Sena ibaien bazterretan batzen dira. Beste lurraldeetan, egunean baiño egunean aberastasun gitxiago. Burua gero ta aundiago, oin-besoak gero ta makarrago. Era txarra, luzaro ta ondo biziteko.

Zentralismua: min bizia

Ipar Euskal Erriak, naikoa sufritzen eban lendik be, Periseko zentralismuagaitik. Orain, ori gitxi balitz lez, Europaren erdikoitasuna edo zentralismua jatorku.

Diruaren Europak, gizonaren menpeko izan bear dau. Ekonomiaren edo bizibideen batasunagaz, politika batasuna be zertu bear da: errialdeeri lagundu, bakotxari bear dituan botereak* eta almenak itxi, Europako Estadu guztiak geldi geldiro batasunean onartu. Ez da gitxi.

Asmo guztiok, Merkatu Komuneko sei Estaduak onartu zituen, Erromako Tratadua izenpetu ebenean. Ez esan ba, amesetan bizi gareala. Asmo orreek, goiz edo berandu egingo dira. Geroari begira preparatu bear gara, beraz*, oraindixek. Frantzia, asi da. Euskaldunok be, sasoia da, atzera begira egon barik, aurrera joateko.

Probintzien autonomia

Seien arteko Estaduetan, Frantzian izan ezik, beregaintasun aundia dauke errialdeak.

Alemania Federalean, errialde bakotxak bere gobernua dauko, barruko ekonomia, kulturea ta aministraziñoa zuzentzeko. Bonn'ek ez dau gauza guztietan suurra sartzen; bere pentzutan* lana naikoa dauko: dirua, ejerzitua, kanpoko auziak, eta abar.

Errialde guztietan, bardiñak dira alogerak, seguruak eta erretiruak. Gaiñera, errialde aberatsenak lagundu egiten deutsee pobreagoeri, inpostuetatik ataratako diruagaz.

Italiak, oraintsu artu dau bide bera, Federalismuaren bidea, munduko Estadu aurreratuenak ejenplutzat dituala: Amerika ta Rusia aundiak, Suiza txikia, eta iruron arteko Yugoslavia.

Frantziak be, de Gaulle jaunak aurtemein* esan dauan lez, autonomia zabal bat emon bear ei deutse errialdeeri. Uxala, egia balitz! Baiña ni bildur naiz, barriro be Euskal Erria aztuko dabela, eta ez gareala errialde lez ezagutuak izango.

Bidasoa ez da itxasoa

Europaren batasuna eta probintzien beregaintasuna, bearbearreko pausuak dira. Baiña guretzat, ez da ori naikoa: txikiak gara, eta gugandik urrun dagoz iparraldeko industria indartsuak. Beraz, egoalderantz begiratzen dogu. Espaiñia ta Bidasoaz andiko Euskal Erria, Europan sartu bear dira. Baiña Francoren gobernuak dirauan* artean, ez dot uste sartuko direanik. Dana dala, ori be noizedonoiz etorriko da. Noizbait, biar bearbada.

Beraz*, prestatu egin bear gara iparraldeko euskaldunok. Eta lenengo ta bein, danok bat egin puntu premiñatsuenetan, edozein alderditakoak izanarren.

Baten beiñik bein, ejenplua emon deuskue gure buruzagiak. Martiaren 29'an, Errecart eta Inchauspe jaunak esan eben, gure errialdearentzat bearbearrekoa dala, egoaldea Merkatu Komunean sartzea.

Eleziñoen auzia, amaitu da. Orain, pasatuak pasaturik, ekin deiogun alkarregaz lanari. Ba dago danontzat zeregiñik.

J. L. DAVANT

(Baionako HERRIA aldizkaritik bizkaieraztua)


Zegaitik ez euskal ortografia?

Gaur, dana aldatu nai da. Txarto dagoana ta ez dagoana. Euskera kontuan be bai.

Txarto dagoana aldatzea, ondo dago. Baiña txarto ez dagoana, zegaitik aldatu bear da ba?

Zegaitik? Ba, euskaltzaleon artean len eztabaida gitxi dabillela-ta, geiago ipinteko, antza.

Itz internazionalak dirala-ta, artikulu bat ekarren lengoan aldizkari onek.

Auzi onetzaz egilleak diñoana, gaur geienok ontzat artuko dogula deritxot; baiña berak darabiltzan itz asko ez.

Bere izkera modua da, bere modukoen aurkako errazoirik andiena.

Gauza bat da, itz internazionalak erabiltea, euren esangurakorik euskereak ez daukanean; eta beste gauza bat, euskereak aspalditik daukazan itzak baztertuta, zabarkeriaz erderazkoak artzea.

Euskeraz argi ta garbi idazten, zegaitik ez gara arduratu bear?

Auzi onetan, gauza polita asmatu eben: zera, euskera garbi egiteak baiño, sintaxisak geiago balio ebala.

Baiña nok, geienetan, euskera loia darabillenak baiño sintaxis traketsagorik*? Aurpegia bear da, ori esateko!

Orain beste errazoi bat asmatu dabe, ta estropezu barik itz bi esateko erreztasunik ez daukan edozein asi da bera aitatzen.

Errazoi (?) orreri be, bere erantzuna emongo geunskio; baiña bere asmatzailleakaz eztabaida ta asarrerik ez dogu nai ta, ez aitatzea obe.

Idazlan au egiteko bidea emon deustan artikuluaren egilleak, itz internazionalak dirala-ta berba egiten asita, ortografiara salto egiten dau. Olan ba, geuk be jarraitu egin bear.

Izan be, auzi au dala-ta asi naz idazten geienbat*.

Artikulu orren egilleak, itaun batzuk egiten ditu: «Baiña zegaitik ez humiltasuna, humorea ta abar, h'gaz?».

Ba, apaltasun eta aldarte itzak, gure artean beintzat, iñoiz be h'rik eroan ez dabelako. Ze errazoi dago, euskal itz jator orreik ez erabilteko?

Baiña itzen kontuari laga, ta ortografiari eldu deiogun.

«Zegaitik ez v'gaz universidadea, errevoluziñoa, votoa, televisiñoa ta karta onetan agertzen diran itz batzuk?» —jarraitzen dau idazleak.

Zegaitik v'gaz idatzi ez: vertsoa, virgina, vorondatea ta abar? —itaunduten dot nik, itz orrein jatorria be erderazkoa da-ta.

Eta zegaitik c erabilli ez, gaurko euskal idazle punterengoetako bat asi dan lez? Zegaitik ch erabilli ez, aintxiñakoak egiten eben antzera? Zegaitik ez choria, quendu ta abar, len olan egiten bazan?

Jolasak alderdi batera lagata, neuk erantzungo deutset neure ta bere itaun bardiñai. Zegaitik ez? Ba, euskal literaturea koskortzen* joiala, euskal idazleak eurak letra orreik euskeratik jaurtiten asi ziralako; eta Euskaltzaindiak, lenengo aldiz euskal ortografiaren legeak emon zituanean, letra orreik eskubide osoz baztertu ebazalako.

Orra or errazoi osoa, nagusia, bakarra.

Txarto al dago, Euskaltzaindiak erabagi ori artzea?

Izkuntza bakotxak bere ortografia daukan lez, euskereak be ezin leike bere ortografiarik euki?

Orrexegaitik dago txarto, votoa, vertsoa ta abar idaztea. Erantzuna argi dagoala uste dot.

Izkuntza baten bizitzarako, olako edo alako ortografia erabilteak, garrantzi gitxi dauko. Euskaltzaindiak lenengotan v edo b erabilteko agindu, eta choria edo txoria idatzi bear zala esan: niri orrek ardura gitxi deust. Baiña agindua aginduta dago; ortik euskereari kalterik txikienik be ez jatorkola uste dot. Eta orregaitik, bape premiña barik aldaketak egin guran astea kaltegarritzat daukat, ortik asarrea ta naastea bakarrik sortzen dalako.

KAMIÑAZPI


Itz internazionalak, zeintzuk dira?

Bermeotik lengo zenbakian lagun batek esanei, zerbait erantsi* guran nator. Berak diñozan asko, ez dodaz bardin ikusten, edo ez dodaz ondo ulertu.

Itz internazionalak erabiltera dago Antonio Perez; eta neu be bai. «Prudentziaz» diño berak, nik neurri baten.

Itz internazionalak alan be, nik neuk zeintzuk direan ez dakit. Baten batek argituko baleust...

Lendik millaka bidar esanda dagoana baiño ez dot esango. Itz internazionalak artu bear dira, eta artzen doguz, euskereak berarenik ez daukonean. Geure bat izanik, auzoko bat billa zetan joan? Jazoten dana, etxean doguna ez dogula ezagutzen.

Antonioren idazkia ta lendik ANAITASUNAN idatzita dauzan lanak arakatu* dodaz, eta olako itz oneik aurkitu: eskas, falta, portua, kastigua, karu, prolema, suerte, progresu, diñidadea, persegidu, kostea, deskubridu, partea, kontra, akabatu, extremoa, prudentzia, eta beste ainbat. Ez luzatzearren bear dot bukatu*.

Itz orreik be, internazionalak ete dira? Nungo legez? «Kulturearenak» izan daitekez; baiña «kulturea» zer da? Ez al da kulturea, itzok euskeraz esaten jakitea? Zer ba? Itz orreik eta antzekoak erabilli barik, esan gura daben guztia esaten ta idazten dakienak, ez ete dabe kulturarik? Orreik dabena, kultura bat ez bada, gogolantze berezi* bat da. Era askotako kulturak dagoz, egon be. Euskereak eta beste zer askok, eusko gogoa osatzen dabe. Eta gogo ori, ekiñaren ekiñaz, eurengandu dabenak, ez dira erderearen menpeko, beste asko direan lez. Euskerea dabe euren azur eta mamin. Orreixek esan bearko deuskue, artubearreko dan itz internazionala zein dan. Orreik dabe euskal kulturea, beste batzuk erdalduna daben neurrian.

«Itz internazionalak erabilteak emongo ei deusku, fosil eginda ez geratzea». Ez dakit, «erri bat izan zan» gugaitik iñoiz esan bearko daben; baiña orra elduten bagara, nire ustez, ez da izango itz internazionalak artu ez doguzalako. Egoera orretara ez eltzeko, ori baiño premiñazkoagorik esango neuke; baiña zetarako? Guztiok dakizue ta.

Erdal itzak erabiltea ez dala lotsagarria? Ez benetan! Askoz lotsagarriago da, erdera utsez jardutea ta geure umeei be erderaz egitea. Bermeon au nok egiten dauan ondo dakigu. Onexek egingo gaitu «izandako zerbait».

Zer dala-ta ete diño Antoniok, euskerea oraindiño «zivilizatu» barik dagoala? Lar esatea dala uste dot.

Ortografia dala-ta be, esan dauz. Orain urte asko erabagi eban Euskaltzaindiak v'rik ez erabiltea. Ez dakit zegaitik, ezta bear be. Orrez gaiñera erabagi zan, c barik, k erabiltea. Ta nor gara gu orain, Euskaltzaindi baten oiñarriak baztartzeko? Antonek ba daki, Universidadea, votoa ta olakoak euren jatorriko izkuntzan v daroena; baiña ori zetarako jakin bear dabe gure euskaldunak? Ori ikastea ete da «zivilizatzea»? Euskerea gaur dogun era larrian izanik, ze on ekarri deikigu olako oiñarri-apurtzeak?

Azkenik, Antonen lanetan, c barik, k agiri da erdal itzetan. Zegaitik sartu gura ete dau v, ta c ez? Bein legeak apurtzen asi ezkero, guztia apurtu. Vatikano itza, olantxe dator. Zegaitik ez Vaticano?

Nire ustez, Antonio, oneik eztabaidok ez dira egokiak ANAITASUNARAKO. Gure lau irakurleak euskerearen oiñarriak nun-ikasi ez dabenean, idatzi daigun lengo eratara. Gaur baiño askatasun geiago zanean artuak dira-ta, benetako alkarrizketa bat izateko arora eldu arte ez daigun dagoan baiño naaste geiago ekarri. Iñoizkotan Euskaltzaindiko egiten zaituenean —jazo leiteke ta— atara angoen artean zure asmoa. Guztien edo geienen baietza irabazten dozunean, neuk be jarraituko deutsut.

BERMEOKO BATEK


Kaleko Gizonak Diñoana

Urre billa

Gizonak antxiñatik dauka urrezaletasuna. Bizkaian urre mueta bi ditugu: urrea edo urregorria ta urrezuria edo zidarra. Baiña, meatzik* ez.

Urregorria da barriren barri, munduan gorabeera aundiak izan dituana oraintsu. Eta izango dituana.

Nun dago urrea, gizona aren billa joateko?

Gu bizi garean legerrian*, nunbaiten, ba da zeozer. An, Almeria aldean meatz* koskor bat izan da, urre-abia urri ta ez ugaria ain zuzen. Eta meatz orretako lanak, bertan beera laga ditue. «Minas de Rodalquilar» deritxana geldi lotu dabe. Orain urte bi, 1966'an lanik-eza aitxakiaz zertu eben. Eta arrezkero, 1967gn. urtean be, ez dabe zirkiñik egin meatz orretan. Orraitio, oraintxe dira barriro asteko Tinto ibaieko meatzetan. Kobreaz gaiñera, urrea ta zidarra bere, atarateko usteetan dabiz; 70 milloi dolarren balioa edo.

De Gaulle

Gizon luze onek bere aldera jarri ditu barriro be, frantsesik geienak. Alan bere, egin dauana, errezena izan da. Emendik gorakoan izango ditu zeregiñak, ostera be. Erria ezin leiteke beti, norbaiten gogara* eroan.

Iru puntutan jokatu bearko dau, eta ez ain errez, bere menpeko gizaseme ta gizalabakaz. Ikasleen auzi garratza; langille ta ogibidekoen auzi garratzagoa: arazo bi oneik buruausterik naikoa ekarriko deutse.

Ondasunen egoerea ta erriarteko artuemonak, frankua makal biurtzeko arrisku gorrian jarriko dabe. Alogerak, zenbatean jasoko ditue? Bizimodua estututeak, eta neurri ain goran, ez dau ondoren baketsurik eratuko. Irugarren puntua, errialdeen eskubideak izango ei dira. Baiña eskubide kontu oneik, ez dira ain zeatzak ta naitanaiezkoak, berez oker ala zindoak izan arren. Deskontu-maillea 3,50%'tik 5%'ra jasoteak, ez ditu ugazaben begiak argitu. Couve de Murvillen praketan baiño nasaiago gagoz.

Kontribuziño agerpideak

Ezer ez daukanak, ez dauka kontribuziño paperik zetan bete. Orretan ez dau bapere buruausterik. Sabeleko zorriak emongo deutsaz, orraitio, bereak eta bi.

Amar zaldiko automobilla daukanak, barriz, ba dauka zetan arduratu. Eta orretarako ain zuzen laguntasuna bear dauan ezkero, liburuak be egin-barri ditue, kontribuziño paperak bete al izateko.

Izan be, ba dira gauza batzuk, gorde ezin leitekezanak: indarra, edertasuna ta ondasuna.

Eta ondasun aundiak dituenak, ez dabe aberririk mundu onetan. Sekulako abiadan iges egin eben diru-mordoak Frantziatik, maiatzeko ta bagilleko egun zaparradatsuetan. Aberriak, jende apalarentzat ta eziñarentzat izan oi dira. Aberatsak eta ijituak, internazionalak izaten dira, ostera.

Andrarik bikaiñenak

Or dabiz ibilli errialdeetan eta legerrietan andrarik azkarrenak aurkitu bearrez. Antxiñatxuago, Miss ortik eta Miss andik, katurik ugari ebillela esan oi eban «Kirikiño» maitagarriak.

Orduan, neskatillarik ederrenak eta lotsabakoenak izaten zireala, esaten genkian. Jakiña, gaur dan eguneko gonamotxik ez egoalako.

Oraingoan, etxekandrarik bikaiñenak billatuko ditue.

Orraitio, pena apurra sortuerazoten dau orrek gizonengan. Izan be, andrarik bikaiñenak, auzokoak dira beti, urrunekoak. Eta urruneko intxaurren kontua, ondotxu dakigu.

Andra bikaiñen ondoan oraingo «gizon bakarrak» jarri giñeiz. Tamalez, izen motza ta ezaiña* ezarri deutse bizi garean inguruetan; Errodrigez ain zuzen be. Asmakizun eskaseko gizonak asmaturiko berbea. Zegaitik ez esan euskaldunok, geure zeretik sorturiko berbaren bat? Esaterako, gautxoriren antzera jarrita, «bakartxori» edo?

U Thant jaunaren bildurra

Munduan gerra izugarriena sortzeko bide bakarra ez dala atomika indarra, esan barri dau gizon zintzo orrek.

Izan be, gaixo-kutsuz* eta gasez atara leitekean gerrea, ikaragarriagoa ta merkeago izan leitekeala.

Munduak gaur daukan artegatasunak* iruntsiko ete gaitu guztiok?

KALEKOA


Protestanteak euskeraz

Orain asko ez dala, «Protestanteak» esate utsak, izen berorrek bakarrik, kezka ta bildurra naikoa sortu eragiten eban. Sasoi atan, zearo gaiztotzat artzen genduzan, izen ori eroaten ebenak.

Eta gaur? Eritxi askotan, ez datoz eurak gugaz batera. Irakaspen batzuetan, alde aundia dauke katolikuokandik. Ukatzerik ez dago orretan. Baiña, zorionez, alde ori laburtzen, estutzen eta gitxitzen doa.

Batasunaren itxaropen barria

Batetik, katolikuon eritxi ta irakaspen guzti guztiak ez dira fedeko egiak. Batzuk bai; eta orreek, bete betean siñistu bear doguz. Beste irakaspen batzuk ostera, ez dira fedekoak; eta beraz*, ez dira utseziñak.

Ez ete doguz, bein baiño geiagotan, estuegi ta zorrotzegi artu eritxi batzuk? Fedeko ez direan gauzeri ez ete deutsegu, batzuetan, ardura geiegi emon?

Protestanteak barriz, ez datoz gugaz batera fedeko egia batzuetan. Baiña askotan bai; geienetan, esango neuke nik. Batezbere, euskeraz eta erderaz zabaldu daben eleizliburutxu barriari begiratzen badeutsagu.

Fedeko ez direan eritxi ta irakaspenetan, urruntxuago gagoz alkarregandik. Noizarte? Ez dakigu. Esan daigun, orregaitiño*, egia pozgarri bat: Joan XXIII'garrenari esker, kristiñau guztion artean batasun gogoa berbiztu egin dala, batasunaren itxaropen barria sortu dala.

Batasunerako bidea

Bestetik, bizitzeari ta egiteeri begiratzen badeutsegu, zer esan geinke? Protestanteak eta guk, danok eukiko dogula beti zetan aurrera egin. Beti izango dogula guztiok, zetan saiatu* eta zetan damutu. Eta arazo orretan, beti eukiko doguz guztiok geure utsegiteak.

Zetan asiko gara, beraz*, alkarreri erruak billatzen? Zetan jardungo dogu, batak besteari akatsak eta utsuneak aurpegira jaurtigiten?

Batasun giroa, indar artzen ari* da. Batasun orretarako, Joan XXIII'garrenak erakutsi deusku biderik ziurrena: begiratu deioegula, batezbere alkarregaz bardin eta kideko daukoguzan gauzeri; begiratu deioegula alkarren alderdi oneri; begiratu alkarren arteko batasun gogoari.

Protestanteen jokabide zuzena

Erakusten deuskue ezer protestanteak? Ba ete daukogu, eurakandik zerikasirik? Baietz esango neuke. Eta orretarako, gauza bi aitatuko dodaz labur labur.

Lenengo: Biblia Santuari deutsoen oneritxia*.

Biziro Biblia zaleak izan dira beti protestanteak. Gogoan daukat oraindiño: Dinamarkan izan zirean-gure baserritar batzuk, guztiz arrituta esaten eben, logela bakotxean Biblia bat aurkitzen ebela. Izanbe, guk Kurutzea artzen dogun besteko deboziñoagaz artzen dabe eurak eskuetan Jaungoikoaren berbea dakarren Liburua.

Bigarren: Erri izkuntzeri emon izan deutseen ardurea.

Guk katolikuok, ia oraintsu arte ez deutsegu bapere begirapenik agertu. Pentsa daigun, besteia, zenbat gizalditan iraun* dogun, meza osoa latiñez esaten.

Orain, zorionez, aldatu dira gauzak; eta pozarren entzuten dabe geienak, euren eguneroko izkuntzan irakurten jakena. Onetan, egia esateko, aurrea artu euskuen protestanteak aspalditik.

Donostiko ikasbidea

Baiña natorren arira. Maiatzaren 23'an, Asentsio egunez, eleiza barri bat sagaratu* eben Donostian. Nortzuk? «Salbatzaillearen Eleiza Ebanjelikua» deritxon protestante sektakoak.

Eta arrigarria! Euskeraz eta erderaz, bietara egin eben eleizkizuna; bietara, bai otoitzak eta bai Jaungoikoaren itza.

Zerbait aldatuta, aspaldiko euskal idazle zaarren itzulpenak artu ditue, Jaungoikoaren berbea irakurteko. Ainzuzen, lenengo euskal itzulpena, Lizarraga protestanteak egin eban 1571gn. urtean. Otoitzetako euskerea ez zan ain jatorra. Protestanteok, euskaldun barriak dira antza. Baiña txalogarria euren jokabidea.

Zorionak! Eskerrak, anaiok, zeuen ikasbide ederragaitik!

GAZTAÑAGA

(ZERUKO ARGIA'tik bizkaieraztua)


Johnson presidentea, katoliku?

Lyndon B. Johnson, Ipar Amerikako lendakariak, interes aundia euki dau beti erlejiñoko zeretan. Orain ardura ori geitu egin jako nonbaitebe, Etxe Zurira etorri danetik arrezkerokoan. Ez da arritzekoa.

Nortamerikako beste presidente askok be, euren kargu astuna artuta gero, erlejiñorantz jo eben, indarra ta adorea billatuteko.

Lyndon B. Johnson, protestante familia baten jaio ta azi zan. Alandaguztibe, bere inguruan bizi direanak diñoenez, aspaldion zaletasun aundia erakusten ei dau katolizismurantz.

Amazazpi urte zituala, Lyndon gazteak parte artu eban «Disciples of Christ» edo «Kristoren Dizipuluak» deritxon protestante sektearen batzar ospetsu baten; eta jarraian, sartu egin zan kristiñau alderdi orretan.

Ofizialki, sekta orretako bazkide* lez jarraitzen dau oraindiñokarren; eta lantzean bein joaten da, protestante alderdi orrek Washingtonen daukan eleizara.

Lady Bird bere emaztea be, protestantea da; baiña beste sekta batekoa. Washingtonen naiz Texasen eleizara doanean, beragaz joaten da bere senarra be.

Alandaguzti be, azkenengo bi edo iru urteotan, sarri joaten da Johnson, mezea entzuten, Washingtoneko Fraille Dominikuen eleizara.

Bere Texaseko rantxuan bizi danean, andik urre dagoan Stonewall errira joaten da, San Frantzisko Xabierkoaren eleizan mezea entzutera.

Lendakariaren inguruan dabiltzan periodistak, bere bizitza pribadua be ondo ezagutzen dabenak, sarritan esan dabe, atentziño aundiagaz egoten dala Johnson katoliku eleizkizun guztietan.

Katolizismuaganako interes au, asko geitu ei jako aspaldion, 1965'garrenean Lucy bere alabea katoliku egin zanetik arrezkerokoan.

Soegilleen* ustez, asmoa ei dauko Johnsonek, bidearen azkeneraiño joateko, eta katoliku izateko. Pausu ori lastertxu emongo ei dau, lendakaritzarako eleziñoak amaitutakoan, bere bizitza pribadura biurtzen danean.


Pariseko gertaerak direala ta

Pariseko erreboluziñoak, durundi ikaragarria euki dau mundu guztian. Ez da arritzeko. Erri bakotxean jazo edo sortu leitekena da ta.

Unibersidadea ta langilleak izan dira erreboluziño orren iturburu. Eta Unibersidadea ta langille arazoak dira Frantzian, gure errian eta leku guztietan, gure gizartearen oiñarriak.

Zelan orduan arritu, Pariseko gertaerak euki daben durundi orretaz? Edozeiñek, arrazoiagaz, pentsa leike: Gaur i, biar ni.

Merezi dau, beraz*, gertaera oneek astiro aztertzea.

Lenengo ikaskizuna

Jazoera orreetatik, ikaskizun asko atara geinke. Ona emen lenengoa: Azaleko bakea, naizta zabalkunderik aundienagaz egiña izan, itxurako bakea besterik ez da.

Iñok esatekotan, De Gaullek esan eiken, Frantziaren alde egin eban-lana, guztiz onuragarria izan zala, eta erria bakean zoriontsu bizi zala.

Azken amar urteotan telebisiñoan egin dituan itzaldiak entzun deutsaguz. Gai bi erabilli ditu beti: bera etorri aurretik, Frantzia ezkertarren menpean, gobernu iraunkor* barik, artega ta geraka* bizi zala, leza zulo aundi baten ertzean; eta bera 1958'an etorri ezkeroztik, ontasun aundiak irabazi dituala.

Lan onuragarriak

 Ez dago zalantzarik* orretan: Frantziaren alde lan guztiz onuragarriak egin ditu De Gaullek. Ikus daiguzan batzuk:

• Argeliako gudua —zorigaiztoko gudua— amaitu; eta bide batez, Frantzian nagusitu nai eben paratxutistak zapaldu ta menderatu. Eta zelako arriskuagaz! Gogora gaitezan, euki zituan atentaduakaz.

• Afrikako kolonia guztieri askatasuna emon, militar eta jauntxu askoren naiaren kontra.

• Frantses dirua, ezin da geiago aberastu.

• Frantziari, aspaldian euki eban errespetua irabazi atzerrian. Rusoakaz adiskidetasuna barriztu, eta amerikanoakandik askatasuna lortu. Bide batez, munduan nagusi zan «gerra otza» amaitu, errien arteko anaitasuna berbiztuaz. Eta ez zan gitxi sasoi atan!

• Urrea gaiñezka sartu erazo Frantziako Bankuetan, gerrako zorrak ordaindu ostean. Eta... eta... eta.

Langilleak eta ikasleak

 Orreek danak olan, frantses langillea, Europako beste edozein langille baizen ondo bizi zan tarte orretan.

Asko ta asko euren autoakaz, eta geienak euren telebisiño, frigorifiku eta etxe barrurako bear direan tresnakaz. Gaiñera, urtean urtean bakaziño atsegin-ederrakaz.

Ikasleak, euren aldetik, Unibersidadeko «la réforme Berthoin» euki eben 1959'an. Gobernua, asko kezkatu zan Unibersidadeko arazo orretaz; eta igaz, «la réforme Fouchet» agertu eban.

Mediziña ikasleak, «la réforme Debré» dalakoaren bidez, erreforma berezia* euki eben euren fakultadean.

Frantziako egokerea

Orixe zan, maiatzeko jazoeren aurretik, Frantziako egokerea. Itxuraz, ezin obea. Azalean, ontasun eta bakea besterik ez zan nabaritzen*. Baiña, barruan egoan arra. Eta zelako arra!

De Gaullek laster ikusi eban, beste iñok baiño lenago, Frantzia leza zulo baten ertzean egoala. Ez komunistak, eta bai bere gobernuak ordurarte egiñiko politikeak edegi eban leza zuloa.

Orregaitik, zera entzun geuntsan telebisiñoan azkenengo agerraldi bietan: «Ni erreboluzionario bat naiz» eta «gazteak aurretiaz begiztatu dituen erreformak, bearrekoak dira»; «Unibersidadea ta langille arazoak erreformatu bear dira».

Eta gure eritxia, auxe da: Erreforma orreek iñok egitekotan, De Gaullek egingo dituala.

Geroa izango da lekuko*.

HERNANDORENA


Jupp Elze boxeadorea

• Eriotza negargarria

• 180 ukabilkada buruan

• 50 boxeadore baiño geiago Europako hospitaletan

• Sueziak debekatu egingo ei ditu boxeoa

Burrukako 15'garren eta azkenengo ekitaldian*, supituan* jaso zituan Jupp Elzek bere ukabillak, eta bertanbera jausi zan konorte barik beearen gaiñera. Beingoan eroan eben Koloniako Unibersidadeko klinikara; alperrik baiña, ez eukan salbaziñorik eta. Buru barruko zauriak, aundiegiak zirean. Ez zan bere senera* atzera etorri, eta il egin zan astebetegarrenean.

Zenbatu egin zirean golpeak. Jupp Elzek, 180 ukabilkada artu zituan buruan. Eta medikuak bertatiko baten oxijenozko maskarea ipiñi ez baleutsoe, kuadrilateroan bertan ilgo zan boxeadore gixajoa.

Jazoera onen ostean, barriro sortu dira diskusiñoak boxeoa dala ta eztala. Ainzuzen, medikuak, periodistak, jimnasia maixuak, baita eleizgizon eta sikologuak eurak bere, aspalditik adierazo izan dabe, deporte au bigundu egin bear litzakela.

Koloniako ukabilkariaren eriotza trajikuaren ostean, zelan ikusten dabe deporte onen etorkizuna, boxeoa zer dan ondo dakienak?

Ona emen eritxi batzuk:

Peter Muller boxeadoreak: Jupp Elzek konfiantza larregi euki dau bere sendotasunean eta aundiegi eritxi deutso bere indarrari.

Arbitruaren aginduz, 12'garren ekitaldian amor emon* bear izan eban, eta geiagoko barik amaitu burrukea.

Ingemar Johansson munduko kanpeoiak: Boxeoa, deporte gogorra da. Guztiz osasuntsuak bakarrik jardun leikee, nire ustez, joko orretan. Epailariak eta medikuak adiago* egon bear leukee, eta amaitu erazo jokoa, zoritxarreko ezbearrik jazo orduko.

Otto Nispel arbitruak: Nire ustez, debekatu egin bear litzakez zortzi ontzako guanteak, eta erabilli lengo lez seikoak. (Izanbe, sei ontzako guanteak 170 gramoko luma-bitarte bat dauke; zortzi ontzakoak barriz, 228 gramokoa, eta olan euren zartadea askoz gogorragoa da.)

180 zartazo artu ebazan Jupp Elzek buruan. Eta buruak ez dauko beste defentsarik, boxeadorearen ukabillak baiño.

Orregaitik, burua bear dan moduan jagoten ez dakian boxeadorea, beti dago arrisku aundian, garaunetan zauritua izateko.

50 boxeadore baiño geiago dagoz Europan, hospitaletan eta neurokliniketan. Euretariko batzuk, tratamentu luzea daroe; eta ez dira oraindiño kapaz, berba bat esateko eta argi pentsatzeko.

Suezian, Parlamentura eroango dabe laster auzi au; eta geienen ustez, debekatua izango da boxeoa naziño guztian.

Bardin antzeko asmoak daukez inglesak bere.

Eta Suezian debekatzen bada, erabagi bera artuko dabe Noruegak eta Dinamarkak, olako gauzetan iru naziñook bat egiten dabe-ta.

Asko dira, izanbe, boxeoaren kontrako arrazoiak. Ikusi doguz batzuk. Gaiñera, danok dakigunez, boxeo profesionala diru negozio bat da; eta negozio orren zuzendariak, loi baiño loiago eta biotz barik jokatzen dabe sarri askotan. Berba egin deiskuela, bestela, ainbeste ta ainbeste boxeadore zaarrek. Or dabiltza gixajoak, uri aundietako kaleetan zear, ofizio barik, diru barik, aintxiñako adiskideren baten mesede eske.

Jupp Elze boxeadorearen eriotza negargarria, ez dakigula alperrekoa izan!


Eguzkialdeko barriak

Gaurko Korea

Ez dakit ziur, egia dan ala ez; baiña sarritan entzuna izan dot, ASIA munduaren azia izan dala. Ala ta be, azi ori ondo txikar eta eskasa dogu Asiako toki batzuetan. Oneetariko bat dala uste dot Korea be. Baiña azi ori, gaur egunean, landara itxaropentsu biurtu dala ezarri* bear, artez esango badogu.

Zortzi illabete zar naz Korean, laster bederatzi; ta zeredozer ikasi al izan dot denpora onetan, bai izkuntzan eta bai erriaren jokeretan.

Bein, Seoul'etik urre dagoan mendi baterantz egin neban. Oinbide sakon batetik gora niñoiala, an, bide ertzean, mendiaren ostean, aizetik gorde gordeta, Budisten tenplu bat, erreka baten ondoan. Tenpluari barrutik erretratu bat egiteko asmotan nengoala, galerazota egoala jakin neban: Ona emen Korearen irudirik egokiena.

Gizaldi ta urteetan zear, Korea, tenplu auxe lez, gordeta, munduaren bistatik ezkutatuta egon da. Begiluzeentzat galerazota.

19'garren gizaldiaren azkenean sortu zan Korea gaurko munduarentzat. Eta 50 urte luzetan, japonesen probetxurako bizi izan zan.

1945'ean Pazifikuko gerratea amaitu zaneko, Korea erdibituta egoan: goi aldean komunistak, eta beekoan errepublikano demokratikuak.

Urte gitxiren barruan, ostera be gerrate zorigaiztoko batek astindu eban burutik beera Koreako lurraldea. Asi barriak ziran oraindiño ango industria, ekonomia ta beste klase askotako aurrerapideak: dana geratu zan betiko ondatuta gerrate orretan.

Baiña Koreatarrak ez ziran geratu eskuak partikaran, etorriko zanaren pentzura*. Euren lau milla urteko historiak ondo erakusten deuskunez, amaikatxu bidar indarrez zapalduak izanarren, andik emendik egiñalak eginda, beti jaso dabe burua. Gaur berton ikustekoa da, beealdeko Korearen bost urte oneetako aurpegi argia.

Azkenengo ia ogei urte oneetan, jentea bakean eta alkartasunean bizi da, aberriaren onerako alegin guztiak egiten, askatasunean autaturiko* Gobernuaren menpean. Gobernukoen artean, ba dira gorabeerak eta eztabaidak; baiña ia beti askatasunaren alderako.

Erdibituta egotea mingarri jake. Goi aldekoak, odolez gura dabe batu euren aberria; beekoak barriz, industria ta ekonomiaren bidez.

Koreako aberriaren ereserkian* ondo igarri leiteke Koreatarren kemen eta adorea:

Sortaldeko* itxasoa legortu,

ta Pektu mendia auts biurtu arte,

Jaungoikoak gorde zaizala beti,

gure Aberri!

Ene lur —erreka kantari, mendi eder—,

zeu izango zara beti

ene Aberri.

Ego mendiko piñudiak,

iparraize ta edurtzetan beti berde;

baita gure kemena be beti eze*.

Gogo ta kemen onetatik sortu da Seoul, Korea zar eta barriaren ispillu. Berton topa leitekez, milla urtetan zartutako oiturak, jaio barri diranakaz batera: aintxiñako be-beeraiñoko gona luzeak gaurko gona laburren ondoan, esate baterako. Seouleko kaleak, beti jentez gaiñezka, edozein egunetan. Kale zaratatsuak benetan. Periodiku saltzailleak —oraindiño umeak— euren sama garramaztuakaz* aldarrika*. Autobusetako neskatillak, kaleak izentatzen. Zapata garbitzailleak pellikan*, nok nori garbituko; askotan or ikusiko dozuz bi bateri garbituten, gero dirua erdibana egiteko. Traperuak, euren artazi aundiakaz zarataka. Zenbat eta zarata geiago, ainbat eta diru geiago: auxe da legea.

Gaueko amabietan akabetan da Seouleko bizia, kalekoa. Korea guztia ixiltzen da. Neu be, emen ixiltzen naz; baiña beste egunen baten jarraitzeko.

J. M. URIAGEREKA


Gaurko jakintza bideetan

1970: Madrilletik New Yorkera ordu bitan

Norgeiagoka itzala sortu da Nortamerika, Rusia ta Europaren artean abiaziño kontuan.

Burruka onetan, bakotxak bere armak ditu: USAk, «SST» deritxon airezkoa; Rusiak, «TU-144»; Europak (Frantzia-Inglaterrak), «Concorde». Bakotxak konbentzidu egin gura dau jentea, berea dala onena.

Bien bitartean, munduko abiaziño konpaiñia guztiak ardura aundiagaz begiratzen dabe norgeiagoka au.

Iruron proiektuak dira onak; eta bakotxak bere errazoiak daukaz, onena berea dala esateko.

Aurrera doa abiaziñoaren desarrollua, siñistu be ezin leiteken moduan. Igaz, 5 milloi lagunek igaro eben Atlantiku itxasoa. Laster itxasontziak, atsegiñezko ibillaldiak egiteko bakarrik izango dira.

Etapak

Munduko naziño boteretsuenak*, alegiñak egiten dabiltza, abioi erosleak eurakanatuteko. Urrengo amar urteetan, burruka ikaragarria egongo da arlo onetan.

Oraiñarte Amerika bakarrik izan da nagusi, eta iñok ezin egin izan deutso kontrarik. Baiña gaur Rusiaren ekonomia asko indartu da, eta ia amerikanoen parean jarri da.

Onez gaiñera, Europako estaduak, bakotxa bere aldetik ibilli barik, alkartu egin dira: Frantzia ta Inglaterragaz jazo dana. Olan agertu da, lur zaar onetako zientzia ta teknolojia boteretsua* dala.

Ez da egongo beste industriarik, ain denpora gitxian, abiaziñoak beste aurrerapen lortu dauanik.

1950. «Super-G». 16 ordu airez ibilteko autonomia eukon. 22 tonelada gasolina artu bear zituan, orduko 470 km. egiteko.

1959. «Boeing 707». 47 tonelada keroseno* artzen ditu, 130 lagun eroan leikez, eta orduko 900 km. egiten dauz.

1970. «Concorde». Iru orduko ibillaldiak egingo ditu, jaitsi barik, orduko 2.350 km. korriduaz. 150 lagun eroan leikez, eta 48 tonelada keroseno* artu bearko ditu ibillaldi bakotxeko.

1974. «SST». 300 lagun eroan al izango ditu, ta orduko 3.200 km. egingo dauz.

Belozidade onegaz, abioiaren bornuan* 260 graduko beroa sortuko da. Berotasun orregaz, kerosenoak alperrik galtzeko arriskua dauko. Ta oraindiño txarrago litzakena: karburante pixka batek abioiaren azala ikutuko baleu, bat batean sortuko litzake esplosiñoa.

«Concorde»

Frantzia ta Inglaterrako teknikuak, azkeneko ikutuak egiten ari* dira «Concorde» egazkiñari. Azalean daroan materiala, titanioa da. Material berau daroe sateliteak eta kosmo ontziak bere.

«Concorde» airezkoak, aurten egingo ditu lenengo aprobadak. 1970'ean jarriko dabe salgai; banakoak, 900 milloi peseta balioko dau.

«Concorde» airezkoan sartzen direan 150 lagunak, Parisetik urtenda, denpora auxe bearko dabe:

- New Yorkera eltzeko, ordu bi ta 50 minutu.

- Moskura, ordu bete t'erdi.

- Rio de Janeirora, 5 ordu t'erdi.

- Tokyora, 10 ordu ta 25 minutu.

«Concorde» airezkoak, orduko 2.350 km. egiteko, 20.000 metroko alturea artu bearko dau. Altura orretatik, ondo ikusi al izango dira izarrak, baita egunez bere. Oraindiño iñoiz lortu ez dan rekord bat izango da... amerikanoen «SST» agertu arte.

«SST» abioia

«SST» edo «Super Sonic Transport» abioia, amerikanoak Europako «Concorde»ri emongo deutsoen erantzuna izango da. «SST»k, beranduago urtengo dau merkatura; baiña trankil dagoz amerikanoak, norgeiagoka onetan «Concorde»ri diferentzia naikoa atarako ei deutsoe-ta.

Nortamerika turdiduta geratu zan, «Concorde» proiektua jakin ebanean. Eta beingoan ekin eutson lanari, galdutako arloa barriro irabazteko.

USAko gobernuak, «Boeing» konpaiñia ospetsuari eskiñi eutson bere laguntzea, «Concorde» atzean itxiko dauan «SST» airezkoa egiteko. Abioi au, 1974'rarte ez da salgai jarriko. Galtzairuzko egazkin oneetariko bakotxak, 2.100 milloi peseta balioko ei dau.

«Concorde»k dituan karakteristika guztiak eukiko dauz «SST»k, baiña geituta. «Concorde»k, 150 persona eroan leikez; «SST»k, 300 eroan al izango dauz. «Concorde»k artuko dauan belozidadea, orduko 2.350 km. izango da; «SST»k, orduko 3.200.

Alde txarrak

«Bum» deitzen deutsoe, airezko reaktore batzuk ataraten daben zarata ikaragarriari. Abioiak segundo baten 340 metro korritzen dauanean, otsaren* mugea pasatu egiten dau. Au ez da teoria utsa gaur, errealidadea baiño. Une orretan abioiak ataraten dauan durundia, trumoiaren antzekoa da. Zarata au, abioiaren musturreko ta buztaneko dardara izugarriak sortu eragiten dau.

«Bum» supersoniku onek beeko etxeetako ormak lertu eragin izan ditu, ta lurrera bota be bai. Ta txarrena ez da, abioiak pasakerako momentuan egiten dauan zaratea; orrez gaiñera, abioiaren atzetik zaratazko alfonbra bat geratzen da.

Ori dala-ta, urrengo amar urteetan, atomu indarrak airean egin leiken kontaminaziñoa baiño kaltegarriagoa izan leiteke zaratearen gatxa.

Alde onak

Abioi barruan doazanak, ez dabe eukiko zaratearen arriskurik.

1922'gn. urtean esaten eban Louis Bleriot pilotuak: «Abiaziñoaren progresuan, eragozpenik aundienak gizonaren aldetik datozanak izango dira: bere aultasuna*, bere erresistentziarik eza».

Ordurik ona 46 urte igaro dira, eta gizonaren aldetiko eragozpen asko menperatu egin dira. Urte bi barru, superabioi orreetariko baten sartzen dan edonor, 20.000 metroko alturan ibilliko da. Au oraiñarte oso gitxik lortu dabe, pilotu batzuk eta astronautak ainzuzenbe.

Superabioi orreetan doazanak, arnasa artzeko, ez dabe aparteko tresnarik aurpegian jarri bearko, guztiz gora igonarren. Eta barrurako komeni dan tenperaturea lortzea, ez ei da gatx izango.


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNAREN zenbaki onetan izartxu bategaz agertzen direan itzen esangurea.

ADI EGON (B), atentziñoz egon.

ALDARRI (B), garrasia.

ALDERANTZIZ (G), iruntzitara, aldrebes.

AMOR EMON, ceder, darse por vencido.

ARAKATU (B), registrar, examinar, averiguar.

ARI IZAN (GLN), jardun, zerbait egiten egon.

ARRU, mendibitartea, trokea.

ASKETSI, parkatu.

ARTEGATASUN (B), gerakatasuna, egoneziña. Desasosiego, inquietud.

AULTASUN, makaltasuna, debillidadea.

AURTEMEIN (B), oraintsu, arestian, denpora asko ez dala.

AUTATU, aukeratu, elejidu.

BADAEZPADAKO (B), dudazkoa, segurua ez dana.

BAZKIDE, socio, miembro.

BERAZ (GLN), por consiguiente.

BERERATASUN (B), erosotasuna. Comodidad.

BEREZI (GLN), apartekoa, espeziala.

BEZKOIZTAR, Bezkoitze (Biscous), Lapurdiko errian jaioa.

BORNU (B), ingurua.

BOTERE (LN), poderea, almena.

BOTERETSU (LN), altsua, indartsua.

BUKATU (GN), amaitu.

DIRAUAN ARTEAN, irauten (duratzen) dauan artean.

EGIN BALEDI (B), egingo balitz.

EKITALDI, jardunaldia. Round inglesez.

ERANTSI (BGN), gaiñeratu, ezarri.

ERESERKI, himno.

ESKINDU (B), eskiñi, eskeiñi, ofrezidu.

EZAIN (B), itxusia, motza.

EZARRI (BG), gaiñeratu.

EZBAI, dudea, zalantzea.

EZE, berdea, igartuta ez dagoana.

EZTITU (B), mendua. Injerto, vacuna erderaz.

GARAGARRIL (B), julio. Gipuzkeraz junio.

GARRAMAZTU (B), enronquecerse.

GEIENBAT, batezbere, atan, atan be.

GERAKA (B), urduria, sosegu bakoa.

GERTAKIZUN, gertatuko dana, jazoko dana.

GOGARA (L), gustora, gogora.

IBAR-JAURERRI, merindadea.

INDARGETU (B), indargatu, indarra galdu naiz kendu.

IRAUN, durar, perseverar.

IRAUNKOR, duradero.

ITZAURRE, prologua.

JORITU (LN), aberastu, geitu, ugaritu.

KABU (B), iniciativa.

KEROSENO, indar aundiko gasolina espeziala.

KOSKORTU (BGN), azi apur bat.

KUTSU (GLN), ikutua. Contagio erderaz.

LANGA (BG), egur luze ta lodia.

LEGERRI, Estadua.

LEKUKO (LN), testigua.

LETXE (B), legetxe, legez, lez. Gipuzkeraz bezelaxe.

LORRATZ (BG), arrastoa. Rastro, huella erderaz.

MEATZ, minerala.

MENDE (LN), gizaldia, sekulua.

NABARITU (GLN), nabaitu. Advertir, notar.

OLDAR (LN), impulso, ímpetu.

OMENALDI, homenaje.

ONERITXI (B), estimaziñoa.

ORREGAITIÑO (B), orraitiño, orraitio. Sin embargo erderaz.

OTS, zaratea.

OZTOPO, eragozpena, sostorra. Obstáculo erderaz.

PELLIKAN (B), burrukan, erriertan.

PENTZU (B), ardurea. Cuidado, patrocinio, confianza erderaz.

SAGARATU, kontsagratu.

SAIATU (BGN), alegiña egin.

SENDI, familia.

SENERA ETORRI (B), konortera etorri. Volver en sí erderaz.

SOEGILLE (LN), so egiten dauana. Observador erderaz.

SOIN, gorputza.

SORTALDE, eguzkialdea, Iestea. Erderazko Este.

SUPITUAN (B), bat batean. Erderazko súbitamente.

TRAKETS (BGN), moldabakoa, ganorabakoa.

URREAN (B), nonbait, aurki, antza, itxurea.

ZALANTZA (G), dudea, ezbaia.

ZELATAN, acechando, espiando.

ZENBAIT (GLN), batzuk.

ZERGA (LN), petxua, kontribuziñoa.


Ezagutu zure erria

Berriz

Bilbotik Donostiruntz doan bide zabalak erdibituta, Durango ta Zaldibar bitartean naukozu. Alboetara, mendi garai bi dodaz: Oiz eta Anboto; sendoak bata naiz bestea. Mendi bion itzalpean sustraiak emonda, naiko zabal nagotzu.

Zelaiune gitxi dot. Menditsua naz, tontorrez betea. Tontorpe guztietan oi danez, arru* sakonak dodaz. Munak gora ta munak beera, guztia nago soloz betea. Baserri etxe, oso ederrak edonun. Auzotegiak ainbat, albotxu baten ermitatxua dabela.

Azken aldi onetan, bide ondoetan lantegiak be ba doaz jasoten; jantoki ta edari etxeak agertzen. Lana ta jana banatzerik, ez dau oraindiño gizonak lortu; naizta askok lanik egin barik jan, eta zenbait* langillek bear leukeanik ez jan.

Olakoxea nozu Berriz; ez dakit noiztik. Bizkaia aintxiñatean, ibar-jaurerritan* bananduta aurkitzen zan. Nunbaiten idatzi danez, lau ibar-jaurerri* zaarrenok, Arratia, Busturia, Durango ta Uribe gara. Ni neu, Durangoko orretan naukozu.

Ibar-jaurerritan* banatze au, Iturritza neure semeak idatzi ebanez, Espaiñiatik eldu izan jakun oitura bat da. Espaiñiar asko, Arabeei igeska, Euskalerrirantza etozan; orrein artean zuzentasunaren alderako ebatziak emoteko aukeratzen zan gizon bat, nagusitza ori eroateko. Ibar-jaun au, errialde bertokoa izaten zan, eta berton bizi bearra eban. Eskubide osoak ebazan; eta errizale porrokatua izaten zan. Batzar andietara erri bakotxeko jaunei deitzea, euren zeregiña zan. Gure jaurerriko batzar lekua, Gerediagako arexpea genduan. Antxe egiten ziran gure lege txikiak; andiak Gernikan. Berrizko jauna, Gerediagan, bigarren jarlekuan egoten zan. Antxe, aretxaren enbor barruan egoten nintzan zelatan*, adi adi; nire onerako esaten ziranak, erri askatasunaren aldezko ebatziak, adurretan entzuteko. Orain, an dira aretxa, basoeleizea ta jarlekuak be bai. Batzarrik ez da orain, edo bai: «San Blas» ostatuan, «legezkoak».

Barriro noiz ikusiko ete dot erriko seme bat, erriaren alderako agintaritzea artuta? Ba dago ba onen premiñea!

Erritarrak

Leen zenbat giñan? Iturritzaren aldian (1.787'garrenean), milla ez. Azkarragak (1.885'garrenean), 1.640 zirala diño.

Aldi aretan, ermita ondoetan batzartzen ziran-Berriztarrak, amabigarren gizaldian eleiza barri aundi bat egin eben, Lariz errekondoan, eta 1.550'garrenean barritu.

Gaur zer? Oraingo illunaldia garaituko baneu, betikoa izateko bildurrik ez neuke. A baiña! Baiñaka beti.

Gaur nire altzoan, 3.600 lagun inguru bizi dodaz. Neure erritxua! Orreitatik 2.550-edo, euskaldunak dodaz. Erbestetik etorriak, zenbat? Ziur, jakin be ez dakigu. Au izan da olatuaren baltza. Alan be, uts aundirik egin barik esan neike, 1.100 ba dodazala. Au da auziaren larria. Nik ondo dakit, edonok dogula berezko eskubide bat, edonun geure bizibidea aurkitzeko ta edonora biziten joateko. Baiña, onetan be neurri bat dagoana ez egizue aaztu. Nik, neure etxean, neuretzat eta beste batzuentzako beste badot, egoki da. larrean dodana emotea; larrean dodan ori billa arrotzak etortea be bai. Baiña Euskalerriagaz bidebagekeri aundi bat egin da onetan. Neuretzat bearrezkoa —neure bizitzea, gogoa ta biotza— usteltzeko beste erbesteko etorri ezkero, neu bertokoa galdu. Ta Erri bat ilteko eskubiderik iñok ez dau. Egarri naz, eta ezin ase. Ames, beti ames! Noizko, geure buruaren jaubeak izatea?

Izkuntzak

Neure gogoaren azaleratzea dodan izkuntzea, galbide gorrian aurkitzen da. Sendi* asko dodaz zintzo zintzoak. Onein etxeetan buruz jokatzen da. Ba dakie zer nintzan eta, alako barriz izatekotan, euskerea lakorik ezertxo be ez dagoana be bai. Eleizgizonen artean be, zintzo asko ikusia nozu. Leen be izan nebazan errizaleak. Eguno ez dot aaztuko Gorrotxategi'tar Esteban abadea. Il zan arren, nire erriko seme-alabak buru-biotzetan sartuta daroe aren lorratza*. A zan gizona! Bera betekoa. Gaur bizi izan balitz, biotzez ez zan iñoiz izango zaarra. Gaurko Eleizearen legeak onartzen eta betetan, askorentzat izango zan eredu, ziur. Goiko Aitak, beragaz izan dagiala!

Gaur Eleizeak alegin guztiak egiten diardu nire alde, eleizkizunetan eta kristiñau ikasbidea emoten. Euskaldunei euskeraz. Eskerrik asko barru barrutik bertoko abade zintzoei!

Euskalerriko abade askok zuen jokabidea onartuko balebe...! Zenbat erritan, nik baiño erdaldun gitxiago izanda, auzi au, guztiei erderaz eginda ebatzi daben! Tamalgarria! Ori, erri maitasunik eza! Ez eutseen erria maitatzen irakatsi: latiña sartu ta biotza kendu. Zoritxarreko eztitua*!

Zetatik eta zelan bizi?

Egia esan, lan asko eginda; eta gizonak baiño lan geiago, andrazkoak dabelakoan nago. Bai! Ara: gure artean askotan jazo dana da. Nekazaritza utsetik bizi izan ziran-erri askok, bea jo dabe. Lurrean ordu asko lan eginda gero, euririk ezak edo bero larri batek, urte guztiko izerdiak alperriko egiten dauz. Iñok maite izan badau, maitatu dau lurra nekazariak ba! Baiña ainbeste zerga* ta oztopo*, ta laguntasun txikienik bez gaurrarte agintarien aldetik, azkenik nekazari gaixoak beste bide bat artu bear. Nora, ta lantegietara. Olan joan dira lantegiak beteten, basetxeak utsituten. Berrizek onetan, auzi gogorra izan dau.

Gizonak, lantokian eta etxean diardu; eta an 8 edo 10 ordu lan eginda gero, lanari etxean lotzeko adorerik ez. Orduan andreak nekea. Au, beti etxean. Onentzat etxekoa ta solokoa. Urkatuta bizi jakuzan-emakumeak, asko dira. Gaurko bakeak ekarri deuskun kurutze au, astunegia ez ete da? Onexek galdu deutse gure alabei baserrietarako gogoa. Basetxeak, eusko gogoaren age* sendoen batek, amor emon* bearra izan dau.

Gaur, 740 langille inguru doguz Berrizen. Nekazariak? 60 inguru, guztiok 40 urtetik gorakoak. Koxka oneik, izango ete dabe urtenbiderik?

Urtenbide bat

Gure umetxuetan dot itxaropena. Ume asko dodazan erria nozu Berriz: asko ta ederrak, soin* eta gogoz. Begiak zabal, belarriak erne, emen dabiltz 445 baiño geiago. Ainbat ikastola dot auzotegi guztietan; orreixek dakartsoe adorea nire biotzari. Umetxuok ikasiko dabe alkar aituten eta alkar artzen. Euskaldunak dira asko, erdaldunak be ainbat.

Gurasoak ezin dira alkartu. Alde batekoak naiz bestekoak oztopo gogorrak dabez, lengo eritxi asko menperatzeko. Orrexegaitik dabiltz, erri alkartu bat egin ezinik. Umetxuok ez ete dabe lortuko nire amesa? Eurak bakarrik ez. Erri agintarioi guraso, maixu, monja ta abadeoi dei larri bat egiten diardue. Eskuak zabalik dagoz esaten: «Erri bat egitera zatoze. Nire lengo izatea ta nor nintzan gogoan izanik, zatoze bai, izadi legeak eta Jesusenak eskatzen dabena nigaz egitera».

Umeoi irakatsi bearra dogu: bertokoei. Europako erririk ospetsuen bateko seme-alabak dirala; ona etorriei, bertokotu bearra dabela, izkuntza ta alde on guztiak onartuaz. Ori egin baledi*, bide erdi eginda legoke, Europan gure erria bizirik sartu dedin. Beteko ete deuskue eginbear au, gidari doguzan gizonezko ta andrazkook?

Euroi laguntzera goazan

Berrizko erri orrek, onetan asko egin daikezu. Erri alkartu bat egin daigun. Gaurko arantzarik mingorrena auxe dot: banan gabiltz. Banan, guztiz geienetan. Banan ibiltea, indargetzeko* bidea. Bakotxa beretzat ibiltea, ez ete dogu alde batera bein itxiko? Errez ez. Barruraiño sartua dogu eritxi au: dirua dala dana. Aberastasuna dogu ames. Lur onetakoei osoan lotuta gagoz. Gizon egiten gaituen balioak barik, aberats izateko bideak doguz maite.

Gure gaztediak, au ez dau ondo ikusten. Erriari, taldeari, gogotsuago begiratzen deutso. Erriagaz geiago arduratzen dira. Zorionak zuoi, ames egiteko gai zareenoi! Erriko indarren gidariok, emon deioegun adore ta oldarra* gure gazteoi. Biotzetan daroen erri-zaletasuna. geure erruz galdu leitekioe askori. Uts asketsi* eziña!

***

Onenbestegaz, ezagutu nozue apurtxu bat. Erri bizi bat nozue oraindiño. Noizarte? Errikook dozue erantzuna.

Andikonako Amak zainduta, erriaren alde jokatuaz, iraungo dogu bake ona lortu arte.

SALATARI