ANAITASUNA

BIZKAIA

158gn. zenb. - 1968ko Aprillak 15 - 4 pta.


ANAITASUNA

amabosterokoa

5

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5)

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 158gn. zenb. — 1968ko Aprillak 15

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Sekulako izketaldia. Mirari bat Habanan?

Gutariko askoren ustez, Cubako buruzagi bizardoa izan da oraiñarte, Mundu Barriko, batezbere Latiñamerikako gizonik galgarriena. Fidel Castro, komunistea, uniforme berdeko morroia, Amerikanoen kontra amaibako berbaldiak egiten dituana, Eleizea errotik atara gura leukena.

Aspaldion, gitxi jardun da Fidel Castro dala ta eztala. Cubaren izena, bein edo beintxotan agertzen izan da egunkarietako lenengo lerroetan. Baiña ixillaldi au, usterik gitxienean amaitu da.

Arestian, Vatikanoko diplomatiku batek, obispo batek, Cubako Nuntzio jaunak, izketaldi bat eskiñi deutso periodiku ajentzia aundi bateri; eta alkarrizketa orretan, zeruetaraiño goratu ditu Fidel Castro ta bere gobernabidea. Birritan irakurri bear, arek esandakoa siñistuteko.

Bere senean egon ete da jaun ori, orrelakorik esateko? Vatikanoak laster kenduko deutso nonbait Nuntzio kargua, orretariko deklaraziñoak egin ditualako. Ez ba!

• Gauzak asko aldatu dira Cuban, diño Cesare Zacchi jaunak, Inglaterrako «Interpress Service» ajentziari eskiñitako izketaldian.

• Alde bietatik, asko gitxitu dira alkarren kontrako susmoak, bai kleroaren eta bai gobernuaren mandatik.

• Giroa guztiz obatu da, naizta oraindiñokarren eleizgizon batzuen artean Fidel Castroren jokabideari buruz mesfidantzea naikoa egon.

• Gobernua len baiño zabalago agertzen da abadeakaz eta Castroren oraiñarteko arerio politikuakaz. Justizia sozial jatorrago ta garbiago bat egin gura da, gaurrarte ikusi ez doguna.

• Cubako Eleiza Katolikua konturatu egin da, lengotara biurtzerik ez dagoala eta sozialismua, beinbeiñekoa barik, luzarorako errealidade bat dala. Orregaitik, Eleizeak alkar konpontze on bat billatu gura dau gobernuagaz eta leku egoki bat euki Erriaren sozialismugintzan.

• Beiñola, erreboluziño aurrean, abadeak eta obispoak erdiko maillako jenteagaz euki oi zituen artuemonak, eta influentzia aundia euken mailla orretako politikuen artean.

• Baiña au, betiko joan da. Gaur Cuban, ez dago kasik erdiko maillako jenterik, euretariko geienak erbestera iges egin dabe-ta. Orain, langilleak dira batezbere. Erria egiten dabenak. Eurokana jo dau orain Eleizeak, eta era batera aldatu egin ditu bere oraiñarteko politikazko pentsabideak.

• Ez dira gitxi elizgizonak, euren gaurrarteko ikusieziña, lagata, Castroren alde jarri direanak.

• Gobernua bera be, konturatu egin da Eleizearen aldaketa onegaz. Eta ori dala-ta, Nuntziaturearen bitartez, alkarrizketan asi gura dau Vatikanoagaz. Fidel Castrok berak emon dau lenengo pausua, oraintsurengo Habanako Nuntziaturara etorri danean.

• Onelan, konfiantzazko bizimodu barri bat ernetan asi da Cubako ugarte osoan, komunisten eta katolikuen artean.

Oneexek izan dira, Cesare Zacchi, Cubako Nuntzioaren deklaraziñoak.


Erriz erri

Bermeo

Azkenengo «ANAITASUNA»ren zenbakian auxe irakurri dot: euskal izena baiño euskal izana dala bearrago. Ume asko dagoz Euskalerrian, ta baita Bermeon be, euskal izena daroenak; baiña euretarik asko, euskal izanagaz aztu egin dirala esan bear. Bermeoko ikastolan gabiltzan neskato ta mutikoak auxe erakutsi gura geunskioe, geure lez ume diran euskaldun guztieri: txikitarik asi bear dogula benetako euskaldunak izaten; ta orretarako euskeraz ondo ondo idazten eta irakurten asi bear dogula.

Euskeraz idazten eta irakurten ikasteko batuten gara astean iru bidar frantziskanoen kolejioko eskoletan. Edade guztietakoak gabiltz ikastola onetara: guztiz, eunetik gora. Mutil andieri Mañuko Gotzon abadeak irakasten deutse. Bardingoeri Iñaki frailleak; ta gaiñerantzeko beste guztieri Santi ta Lurdes neskato-mutillak, eta Juan eta Karmelo fraille gazteak. Oneetariko beste ikastoletan ez dakit zer ikasiko daben. Gu, euskeraz idazten eta irakurten gabiltz batezbe. Lenen lenengo, zeozer irakurten dogu euskeraz. Gero, idazkizun bat eta euskal kantuak abestuten doguz. Gertakizun polit politak be, sarri kontetan deuskuez: Triskilli ijituarenak, Pantxiko baserritarrarenak, Don Fakundo sermolari ospetsuarenak eta abar. Onez gaiñera, domeka batzuetan mendira be joaten gara, egun gozo gozo bat igaroten. Sariak be, lantzean bein emoten deuskuez.

Auxe da, berba laburrakaz esanda, guk ikastolan egiten doguna. Oraintxe egin dabe Bermeon beste ikastola barri bat, zazpi urterarteko umeentzat bakarrik. Baiña ikastola onen gaiñean, datorren zenbakian esango dot zeozer.

Ta amituteko, ikastolan gabiltzan mutil eta neskato guztiok dei egin gura geunskioe Bermeoko lagun guztieri, euskeraz irakurten eta idazten ikasteko, ikastolara etorri daitezala.

Agur, eta datorren zenbakirarte.

XABIER ORMAZA, 12 urte

Zarautz

Martiaren 18, gabaz. Omenaldi bat izan genduan Zinema frontoian: «Oleskariak», Basarri ta Maiz goratuteko ta eskertuteko, erriak egin dauan omenaldia. Jai ederra. Pelotalekua, bete beterik. «Karnaba» zortzikoteak abestu ebazan asieran kanta batzuk. Gero, Lasarte bertsolariak, bertso eder batzuk eskeiñi eutsozan Basarri bere lagunari. Onen ostean, bertso-azkenekin berbaldi luze baten, «Oleskariak» taldearen eta Maizen birtute ta egintza batzuk azaldu euskuzan Basarrik, berak dakian lez.

Jenteak, bitartean, txalo ta txalo.

«Zarauzko Gaztetxuak» be ezin falta ba, ta an abestu euskuezan euren abesti batzuk. «Oleskariak» taldeak, Manolo Urbieta zuzendari ta animatzaille zalarik, iru-lau abesti kantatu ostean, iru txapelduneri, Manolo, Basarri ta Maizeri, oroigaillu bana emon eutsen Alkate jaunak.

Ta amaitzeko, Maizeri, errifa baten lortutako diruagaz erosiriko automobil baten giltzak emon eutsoezan. Amaiera polita, apartekoa. Ala maite dauz Zarautzek bere gizonak.

Urrengo egunean, San Jose egunez, Maizen omenez Cross bat egin zan bertako ondartzan. Mutiko askok parte artu eben, eta ikustekoa izan zan. Egia esan, kopak be ez ziran falta.

Ta azkenik, erri-bazkari bat izan zan Euromar hotel famaduan, iruren omenez. Jente asko. Danak pozik.

Joan Mari Torrealday

Mungia

Adiskide, oraingoan ba dot barri polit bat zuretzat. Guraso gazte bazara barriz, poz geiago artu egizu. Edozelan bere, euskalduna zara. Zeure erria maite dozu. Umeak ikusita, poztu egiten zara. Egia da. Eurak dira gure Erriko landara barriak.

Gure erriko ume txikiak ikastola bateri asiera emon deutsoe. Lenengo negarrak aztuta, pozik doaz. Zer ikasi, zer egin, zer abestu euki dabela diñoe, etxera eldukeran.

Laster, jaiera bat egingo da «Ibaigane» antzokian. Ederra ziurki. Ta gaiñera, ikastolearen laguntzarako.

Ez daukat ezpairik, atsegingarri izango dala.

Egieder


Euskerazaleak. Euskerea Erabilte Aldeko Alkartasuna. Lenengo Zintzotasun Sariketea. Bizkaiko Aurrezki Kutxearen babesean

Bilbaoko «Euskerazaleak» Alkartasunak sariketa bat eratu dau, Bizkaiko euskal ikastoletara doazan amar urterik gorako neska-mutillen zintzotasuna sarituteko.

Bizkaiko ikastola guztien zuzendarieri bialdu jakez Zintzotasun Sariketa orretarako oiñarriak.

Sariak, datorren bagillean emongo dira. Era onetara:

 1. Amabost milla pesetako sari bat, punturik geien eukiko dauan ikasleari.

Ikasle bat baiño geiago bardiñean egon ezkero, ta ikasleok amar baiño geiago ez balitzaz, lenengo sari ori euren artean puska bardiñetan banatuko litzake.

Amar baiño geiago izan ezkero, bakotxari zenbaki bat emongo jako; eta zotz eginda, amar izentatuko dira, esandako lenengo saria euren artean puska bardiñetan banatua izateko.

2. 1.000 pesetako sari bat, 750 pesetako sari bi eta 500 pesetako amabost sari, puntu gitxiago daukenen artean zozketa bidez banatzeko.


Irakurleen eritxiak

Euskera garbia dala-ta

«Pozik eta gogoz ikusi dot zuen aldizkarien bigarren orrialdean irakurleen eretxietzaz dakarrena. Oso labur izango naz oraingoan. Guztiz gogoko izan iat bizkaierazko argitalpen ori; nire eretxi makalez onenetarikoa izan da, bai gai zakon-ederraz, baita euskeraz be.

»Gaur eguneko gure Erri egarriari, bear dauana emon bear iako. Izpar utsean geratzen dan aldizkari bat, niretzat, laburra da, motza, asetzen ez dauana. Erriak zer ikasi bear dau. Ta euskerari buruz zer esango ete dot?

»Benetan arrituta geratu nintzan azken ale orreitan erabilten dan euskeraz. Arrituta ta saminduta. Ez dot uste euskeraz idaztean edozein eratan egin leikegunik. Gitxiendik lotsa apur bat izkuntzari. Ale oneik, erdal itz gaiztoz ta ezegokiz goi-goraño dagoz. Badakit izkuntza iator egiten dauana ioskera (sintaxis) dala; baña, arren, erdal itzak be neurtu, bear direanean iarri, ez norberari «caprichoan» iatorkonean. Ez daigun itxuragabetu izkuntza. Mordollokerian ez dago ez edertasunik, ez euskera iatorrik, nasaikeri bat dalako.

«Enoatzue itz ezegokiok emen iarriko, gitxi asko ale osoa bertaratu bearko neukelako. Nasaikeri orretan enator bat, ta nire borondaterik onenagaz ezetz esaten deutzuet, garratz esan be. Izkuntzak be bere eskubideak daukoz».

Juan J. Pujana, Bilbao

«Parkatu eidazue, erderaz eskribietan badeutsuet. Idatzi dot iñoiz gure izkuntzan; baiña orain egingo baneu, bildur naiz, nire berbetearen joskerea jatorra ete litzaken. Enteratu egin naiz, euskerazko aldizkari bat argitaratzen dozuena, bizkaieraz gaiñera. Azkenengo onexegaitik artu gurako neuke. Oraiñarte «Zeruko Argia» artzen izan dot; baiña aldizkari ori, «garbiegi» eta gatxegi topetan dot.

«Estudiantea naiz...»

Juan A. Tamayo Iturregui, Barcelona


Ondarruko Saenz Anaiak

Asi dira Bizkaian euskaldun abeslari barriak agertzen, ez bakarrik aintxiñako kantak abestuteko, baita orain egiñiko abestiak bere: abesti barriak, euskal kutsudunak, edo euskeraz abesturiko modazko ritmoak.

Oneexetarikoak dira Josu ta Joseba Saenz Ortuondo anaiak. Kitarra ta pillarmonikea artuta, gertu dagoz edozein lekutan abestuteko.

Ondarrutarrak dira. Josebak 22 urte daukaz eta Josuk 16. Anai zarrenak, erriko ferreteria baten lan egiten dau; eta gazteena, Bilboko Atleti ekipoan, jubeniletakoa da.

Aurtengo Gabon egunean jaialdi bat ospatu zan Ondarrun, abeslari bikoterik onenak sarituteko. Eurak izan ziran, Lenengo Saria irabazi ebenak.

Ordutik ona, Ondarrun bertan beste jaialdi baten abestu dabe, gero Durangon, Larrabetzun eta Berrizen.

— Zelako abestiak kantetan dozuez?

— Geuk egiñikoak geienak.

— Protestakoak?

— Geiegi protestetan da. Soluziño pratikoak bear dira.

— Ia zuen abesti batzuk...

— Emen dozuz batzuen itzak.

— Ondo. Baiña alkarrizketa au amaitu baiño len, eta abestuteko iñok deitu gura badeutsue...

— Auxe da gure zuzenbidea: Ondarroa, San Ignacio, 27. Tel. 364.

— Eskerrik asko.

Eta orain, ona emen Saenz Anaien abesti baten itzak:

Lo pakean

Erdal izena: «Nena Marinera»

Erdal egilleak: Javier del Río ta Rodolfo Chamarella

Euskal moldaketea:

Doiñuan: Saenz Anaiak

Itzetan: Joan Anton Zubikarai

Zure aitatxo joan ta urten da goizean,

beragan arturik itxas mosua.

Zure aitatxo joan da, itxas gizona danez,

ta zu aingerutxu, zeruko usoa.

Lo egizu, umetxo, lo egizu.

Lo egizu, lo pakean.

Zure aitatxo itxas erditik

zu zaintzen dago biotz berogaz.

Zu be egun batean, itxas zabalean,

jarraituko dozu zidar bidea.


Bertsolari sariketeari buruz

Entzun entzunda gero

Bertsolarien lenengo txapelketea Bizkaian ospatu zanetik, aurten dira zortzi urte.

Txapelketa arek be, arrezkerokoen antzean, zeresana ugari emon eban, batezbe Muxikako bertsolari artean.

Zorioneko «rima» ta neurria zirala ta dirala, ia asarratu be egiten giñean. Orduan, eta orain be bai, gipuzkoarren egikerearen aurka gengozan. Gaur, orduan baiño zigur eta siñistuago.

Bertso rimak billatzen dabiltz bertsolariak, olan zorroztasuna, esatea, irudimena, mamiña ta ugaritasuna illundu ta eskastu oi diran arren. Balentin Enbeita zan, egikera orreri buruz eritxi onik ez ebana. Guk, beste guztiok, apur bat edo al genduana, gipuzkoarren erara jo genduan.

Arrezkero, Basarriri be irakurri deutsat berau baieztuten: rima estuegiak, geienetan, bertsoaren esana kikildu egiten dauala. Ondo rimatu eta ezer gitxi esan.

Gero, txapelketa nagusietan, bertsolaririk onentzat geunkazanak atzean gelditzen zirala ta sariak zelan eta nortzuri emoten jakezan ikusiz, eta juezak gizon artezak izango zirala siñistuz, arrazoia euren alde (Gipuzkoako egikerearen alde) egoalakoan jarri giñean. Baiña barriro be, lengoratuak gagoz.

Aurten, sariketa nagusian, ondo agirian gelditu da esan nai dodana. Azken ekitaldirako gelditu ziran-iru bertsolariak, egin ebezan-gai bardiñetan, iru burutasun, iru era, iru egikera, iru bertsolari ezbardin agertu ziran. Bat, rima onekoa, eskola zarreko bertsolaririk onenetarikoa; baiña gaiak azal, esatea urri ta burutasun barri gitxikoa. Bestea, rima eskasagokoa, eskola zar eta barriaren bitartekoa; baiña gaiak sakontxuago ta barritasun geiagokoa. Ta irugarrena, rima eskasekoa, sarri puntuak ia alkar ez dabela josten esateko modukoa; baiña gaiak sakon, esateak zorrotz eta irudimena luze darabiltzana.

Sariak emotean, juezak au edo bestearen alde ez dabela egingo, zigur nago. Oraiñarte au uste izan badot, gaur zigur nago: juezak olan egin dabe, bertso egikera ori (gipuzkoarrena) onena dala uste izan dabelako.

Baiña apurka apurka, Bizkai, Lapurdi ta Zuberotarren erea, mamintzen doa. Onegaz, ez neuke iñor mindu gura, eritxi bat argitu baiño.

Puntu ta rimen «almazenak» burutik kenduta, gaiak kolkoratzen ikasi bear da (baita bakarrik ari izaten danean be), norbera gaitu bear da (norbera gai egin) eta, rima onegian pentsatu barik, gaiari guna aurkitzen ikasi. Bestela ez da bertso-sortzaillerik aterako, bertso zarrak abestuten jarraituko dogu, edo geien be zar-barritzailleren bat agertuko jaku.

Olan, gure bertso-sortzaillerik onenak aitu, bear dan neurrian aintzat artu ta saritzen ikasiko dogu.

Deunoro Sarduy


Bertsolari sariketeari buruz

"ANAITASUNA"ren zuzendariari

Jaun agurgarria:

Zuen aldizkariaren azken zenbaki bietan (155 eta 156 zenbakiak), ez dodaz ain gogoko izan Bertsolari Sariketari buruz idatzi diranak. Eritziak libre dira, ta beti entzun bear izaten dira andik edo emendik norberaren eritziakin bat ez datozen gauzak. Ori ala da; ta ala danez, gutxi edo asko zerbait oituak gare lanean muturra sartuta ibilten garanok. Ezertan laguntzeko eskeintza gutxi izango dogu, baiña egiten dogunagaitik jardutzeko asko izango doguz.

Abel Enbeitari ondo eritziko jako, bearbada, foballistak eta ziklistak aberastea; baiña bera bertsolari izanarren, asko deritxo 100.000 pezetako saria. Neri ez, nork emon edo nundik lortu badago. Ze, nere ustez, ta batez be nere gogoz, iñor aberastekotan be, naiago neuke bertsolaria aberastea, foballista edo ziklista baiño. Sariketarako onenak aukeratu ziran ala ez, ori beste kontu bat da. Ni ez nintzan orretan sartu, nere eritzia eskatu bazeusten be; ta ez noia gauza orri ikutzera. Berengo maillakoetan aukeratze zeatzagoa egin al baleikean be, gorengoak barruan egozenik ezin ukatu. Baiña epaimaikoen lana arako aukeratuen artean saritzea zan, ta ez arako aukeratzea. Ta ez noia gauzak nastatzera.

Baiña bai Abel Enbeitari ta batez be Zabale'ri (ez dakit jauna ala anderea) esan bear deutsiet juraduan gipuzkoar geiago falta zala, gauzak obeto bardintzeko (au da, bertsolarien proporziñoz egoteko). Zabalek, ez dakit nundik kontau ebazan iru gipuzkoar epaimaian. Ni, bi geundelakoan nengoan (gaiñera, ni be giputx lez sartu bear banaiz): J. M. Lekuona ta ni. Ze, besteak, Satrustegi naparra, Itzaina mugazandikoa, eta Aita Martzel bizkaitarra ziran (lenengo domekan Amuritza, baiña bigarrenean Aita Martzel bere ordez). An, irugarren gipuzkoarrik ez zan, aintziña izaten ziran ikusi eziñezko espirituren bat ez bazan. Ta ez dot uste. Oin, ikusi eziñezko asko izaten da, baiña ez espiritu utsezkorik. Ta letanien premiñan gare, baiña mentalidade pobreetatik ikusi eziñak uxatzeko letaniena.

Zabale dalakoak, gogorra naizala esango dau; baiña gogorra izan bear, kontatzen ikasi bagerik, kontuak artzen asten danarekin.

Gaiñera, zer nai da erabagi? Probintziatasuna ala sariketa bera? Ta erabagia, euskeraren bidez ala probintzi politikaren bidez? Nere ustez, euskeraren bidez izan bear leuke. Eta orretan justuak izateko, arestian esan dodan lez, gutxienez beste gipuzkoar bat bear zan maiburuan. Euskalerriko atlas linguistikoari begiratu, ikusi L. L. Bonapartek ta bere ondorengoak euskalki banatzea zelan egin eben, eta andik ikusiko da nere euskalkia nungoa dodan: Bizkaikoa. Ta, maiburukook ortik juzgatzeko, Bizkaiko bi, giputx bat, napar bat eta mugazandiko bat egozen maiburuko. Ta iñork txarrera artzekotan, gipuzkoarrak artu bear eben ta ez bizkaitarrak.

Baiña euskalki edo probintzi txikikeria orreik aintzat artzeko gogorik ez da izaten maiburukoen artean. An, naikoa lan izaten da gauzak aldanik ondoen eroaten, aurraz dakigulako, ondo eroanda be, nekeza dala erabagi zuzen-zuzena artzea. Ta zuzen jokatzeko lenengokoa entzundakoa zuzen artu bear danez, nik nere aldetik ez daukat eragozpenik bizkaitar bati gipuzkoar bati baiño askoz be obeto ulertzeko. Ta au kontuan izanda, ez daukat dudarik maiburuan gipuzkoar bat geiago egon bear zala. Zuzendari jauna, naiago neban olako idazki memelueri ez erantzun. Nere denporak, ori baiño geiago balio dau gure euskeraren alde; baiña uste oker orreik oindiñok okerragoak ekarri leikiezelako beartu naiz. «ANAITASUNA»ren zuzendaria zaranez, zeure esku gelditzen da jakiñaren gaiñean ipinten deutsudana; zuzendari lez okerreri bidea emotearren, urrengoan olako zaparradaren bat zeure burura joan ez dedin.

Beartua ez zare argitaratzera, baiña zeure esku lagatzen dot gutun au argitaratu nai badozu be; ola, uste okerrak zuzentzeko bidea emongo zenduke.

Juan San Martin


Zer jazo da Cuban?

Walter Christian idazlariak, artikulu interesante bat argitaratu dau Cubari buruz, Alemaniako «Neue Bildpost» asterokoan, martiaren 17an. Ona emen zer diñoan.

Kontzilio ostean, sarritan irakurten izan doguz obispoen deklaraziñoak, Eleizearen jokabidea azaltzen dabenak. Baiña azalpen guztion artean, gure ustez, Cesare Zacchi, Cubako Nuntzioarenak izan dira oraiñarte arrigarrienak Beronen bitartez, Eleiza Katolikuak bere oneritxia agertu deutso antza Fidel Castroren sistema politikuari.

Seguru segurutik, jaun orrek ez dau bere kabuz berba egin eta ez dau bere eritxi personala bakarrik azaldu.

Eleizako diplomatikuak ez dabe ori iñoiz egiten, publikuarentzat itz egiten dabenean, eta batezbere ajentzia inportanteetako periodistakaz alkarrizketa bat daukenean.

• Zein da Eleizearen aldaketa orren motibu sakona? Zein da izugarrizko pausu orren zioa?

• Asi egin ete da Eleiza Katolikua esperimentu peligrosuak egiten?

• Bigundu egin ete da Vatikanoaren antikomunismua?

• Ala ez da emen ezer barririk jazo, eta gauzak lengo letxe geratu dira?

• Dendatzen ete dabil Eleizea, Cubako gobernuagaz al danik ondoen konpontzera, ango komunismua diferentea dalako, eguzkialdekoa baiño askoz obea eta ez ain ateoa?

 Izanbe, Cubatarrak fededunak dira funtsean. Geienak siñisten dabe eriotza osteko bizitzan, eta era batera onartu ta sustengatu egiten dabe zelan edo alan Fidel Castroren gobernua.

Ezin esan geinke, Cubako sistemea komunismu «klasikua» danik. Cuban, sozialismu gogor bat dago, zirtedozarteko sozialismua, besterik ez. Eta sozialismu ori, gaberik goizera, konturatu egin da, Kontzilio osteko kristiñau dotriñea guztiz dala zuzena; eta biok, Habanak eta Erromak, batera lan egin leikeela Latiñamerikako sozialismugintzan.

Alde biak —Eleizeak eta Castroren gobernuak— gero ta argiago ikusten dabe, funtsean ez direala alkarren arerio eta zein batak zein besteak gauza bera nai dabela: justizia soziala. Orrexegaitik esan dau Zacchi jaunak, «konfiantzazko bizimodu barri bat ernetan asi dala Cubako ugarte osoan, komunisten eta katolikuen artean».

Bearbada Cubako Nuntzioak, esajeratu egiten dau gitxi-gei an jazoten dana, zuritu egin ditu arriskuak eta etorkizun lar ona iragarten deusku.

Alandaguztibe, egia izan leiteke, Vatikanoak bide barriak edegi gura dituala, eta prest dagoala Fidel Castroren gobernuagaz eta beronen antzekoakaz gizarteko justiziaren alde lan egiteko.

Olan balitz, ezin siñistutekoak izango litzakez, nonbait, ortik letorkezan ondorioak. Bearbada, Marx eta Lenin aztuak eta baztertuak izango lirake, eta munduko historian beste unada barri bat asiko litzake.


Gizarteko gauzak

Ezkonduen arteko gorabeerak

Ia ezkontza guztietan egoten dira noizik noizera okasiñoak. Kasik beti, uskeria batzukaitik asten dira senar-emazteak diskutietan; eta okasiño ostean, ordu pare bat-edo egoten dira alkarregaz berba egin barik. Eztabaidea gogorra izan bada, egun bat edo bi iraun leike euren mukertasunak.

Baiña batzutan, ixiltasun ori askoz luzeagoa izan leiteke, jarraian ikusiko dogun lez.

Nortamerikako Denver errian, arratsalde beranduan, ba doa Mister Kilgore bere etxerantz, guztiz nekatuta, fabrikako lana amaitutakoan. Sartzen da etxean, joaten da eskaratzera, eta ikusten dau bere andrea leixibea egiten, makiña elektrikuaren aurrean trankil trankil jezarrita, oesteko nobela bat irakurten, senarrarentzako afaria oraindiño atondu baga.

Zer izan zan ba, gizonaren asarrea eta an sortu zan eskandalua! Gerotagerobe, etorri zan baretaldia; baiña Kilgore senar-emazteak, 21 urtean alkarregaz berba egin barik bizi izan zirean.

Bardin antzekoa jazo jakon Los Angelesen Mister Wilmarreri, bere emazteari ezkontzako anibersario egunean erregalu bat egiten aztu jakolako. Andreak ez eutson parkatu uts ori; eta 9 urte igaro zituen biak, alkarregaz berba tautik-bere egin barik.

Manchesterreko Pierce senar-emazteak, 18 illabete egon zirean, alkarren artean ez erdu ta ez merdu esan barik. Gizonak, txartel batzun bitartez itz egiten eutson andreari. Azkenean, aspertu egin zan emaztea, eta dibortzioa lortu eban.

Gustetan jatzu zure izena

Gauza guztiz peligrosua izan leiteke, edozein izen ume bateri ipintea. Auxe uste dabe, beiñik bein, sikologuak eta sikiatrak. Robert Nicolay Doktoreak, USAko Loyola Unibersidadeko katedratikuak esan dau, izen raroak daukezan personak, euren eguneroko bizitzan difikultade ta neke geiago igaroten dabela, usadiozko izenak daroezanak baiño.

Orrako jakitun ori konklusiño orretara eldu da, sikiatria istituto ta kliniketan 15000 gaizkilleren kasuak aztertuta gero. Persona orreen arteko ainbestek, izen raro bat euken.

Neskatilla bateri, esaterako, «Crystal Ball» (Kristalezko Bola) eritxon. Ogetalau urtegaz, mozkorti etxe batera eroan bear izan eben gizaixoa. Robert Nicolay Doktorearen ustez, «Kristalezko Bola» izen nabarmen orrek euki eban errurik andiena, neskato koittaduak edanari emon baeutson eta bizitza galdu bat eroan baeban.

Inbestigaziño sakon bat egin dabe oraintsu Inglaterran izeneri buruz, eta erresultadu onetara eldu dira: Iru andratarik bik ez dabe maite euren izena eta beste bategaz pozarren aldatuko leukee. Motibua: euren izenak lar ezagunak iruditzen jakez, esate baterako, Maria, Juanita, Pilar, Carmen eta antzekoak.

Ingles sikologu batek deklaratu dauanez, «ori diñoen emakumeak ez dira konturatuten, ze pozik egon bear leukeen euren bateo izenagaz». Seguru asko, deklaraziño au egikeran, gogoan euki dau Doktore orrek, Nortamerikako bere lankideak izen raroakaitik esan dauana.


Euskal pelikula (III). Ama Lur

Zeintzuk dira kondiziñoak, pelikula batek bete bear dituanak, euskal pelikula izateko?

Ba ete da Ama Lur euskal pelikula?

Euskalerriko pantailletan agertzen danean jakingo dogu ori. Orduantxe azalduko dabe euren eritxia periodikuetako kritikalariak eta baita kaleko gizonak bere. Olako zeretan beti jazoten dan lez, desbardiñak izango dira eritxiak, seguru segurutik. Gustu guztietako eritxiak. Batzuk pelikulearen alde, batzuk kontra, beste batzuk ez bata ez bestea.

Bien bitartean eta pelikuleak urten orduko, gauza ona izango litzake orientaziñoren bat eukitea, eritxia bear dan moduan emoteko. Nire ustez, oneexek izan leitekez euskal pelikula batentzako kondiziñoak:

Lenengo ta bein, pelikulan erabilten direan gai, musika ta izkuntzeak, euskaldunak izan bear leukee. Jakiña, au baiño geiago eskatu geinskio olako filme bateri; baiña kondiziño au betetan bada beintzat, ondo lortuta dago euskal pelikula baten lenengo elbuurua.

Kaleko gizonarentzat, erriko gaiak erabilli bear litzakez: gai ezagunak naiz ezezagunak; baiña ori bai, gai eragikorrak, gure Erria alderdi guztietatik ezagutarazoten dabenak.

Gizon eskolatuarentzat barriz, kulturazko zerbait agertu bear litzake pelikula orretan. Estetika modernuak, gaur eguneko arteak tokia naikoa euki bear leuke bertan. Gauza oso osoa egin ezarren bere, erakutsi beintzat aurrerantzerako posibilidadeak. Zirikatu euskaldun jakitunak eta artistak, alkartu ta dendatu daitezan, euskal kultureari bide barriak edegiteko.

Nire ustez, ba leiteke Ama Lurrek baliotasun geiago edo gitxiago eukitea, arrakasta aundiagoa edo txikiagoa izatea, kritika gogorragoak edo bigunagoak sortuarazotea, bere elburua txartoago edo obetoago lortutea. Baiña dana dala, nik entzun dodanez, gauza on bat dauka, gauza guztiz txalogarria: sentimentu ta kulturazko mandatu bat, mezu bat eskinten deutse euskalduneri, eta ateak zabaltzen deutsez atzerritarreri, gure Erria ezagutzeko. Auxe da Ama Lurren meriturik aundiena; eta orrexegaitik esan geinke bildur barik, Ama Lur funtsean euskal pelikula bat dala.

Ori dala-ta, artu beiez nire oparik onenak filmearen egilleak eta euron laguntzailleak, Ama Lur Soziedadekoak, eta pelikulea ikusiko daben guztiak. Ni neu, oraindixek nago txaloak joten eta pelikuleari arrakastarik aundiena desiratzen.

Jose Luis Bengoa Zubizarreta


Urrearen gorabeerak

• Dolarra, makaldu egin da.

• Urrearen ordez, beste diru-oiñarri bat jarriko ete da?

• De Gaullek, aurrera eroan gura ditu bere asmoak.

Gizonen arteko artuemonak erreztuteko, dirua asmatu edo ekarri euskuen Feniziarrak. Diru orren gaia, nekez eta urri aurkitu leiteken zerbait izan bear zala-ta, urrera jo eben: urre, zidar edo beste metal berezi batera.

Artuemonak erreztuteko asmatu bazan bere, bide egokia izan da dirua aberastasunak gordetako; eta orregaitik, jaungoiko txiki bat izatera etorri da.

Artuemonak geiagotzen ziran bitartean, ez zan urrea neurri bardiñean ugaritzen, eta bere zati eder bat orma-zuloetan eta leku ezkutuetan gordetan zan. Egokera orretan, beste zerbait asmatu bear zan. Orduan eratu euskuen paperezko dirua, ez baiña edozelan: paperetan zabaltzen zan diru aiña urretan gordeta euki bear zan; eta edonok edonoiz eta edonon dirupaperen ordez urrea gura izan ezkero, diru-etxeetara joan bear eban, urre ori atarateko.

Auxe erabagi zan; baiña akordu au ez da beti oso osoan bete izan. Azkenengo 34 urteotan, esate baterako, 35 dolarren ordaiñez ontza bat urre eskuratu eitekean. Baiña egia ete zan? Egia benetan? Ez, ez da egia osoa izan. Izakera onen gorabeerak azalduko deutsuedaz, al dodan argien, idazlantxu onetan.

Salerosketen aunditzeagaz, diru geiagoren bearrizana sortu zan eta dirupapera ugaritu. Gaur, USAtik erbestera zabaldu dan papertzea, kutxetan dagoan urrea baiño iru bidar aundiagoa da.

Iñoiz, danok burutapenen batek eraginda, geurea dala uste dogun diruaren eske bankuetara guztiok batera joango bagiña, ez leuskigue askorik emongo, dirutan orrenbeste ez dauke-ta. Bankuetako dirurik geiena kanpoan egoten da: iñori zorpean emonda, edo etxeak, lurrak eta lantegiak erosteko eralgita. Bankuak eurak, zorrak eta arturenak egiaztuteko liburuak eukiten dabez geienbat.

Modu berean, munduko dolarpaper guztia urretan aldatzera joan ezkero, USA zordun agertuko litzake; eta bardin jazoko litzakioe Erri geieneri, euren dirupaperagaz beste orrenbeste egingo balitza. Danon artean dauken urrea, berrogei milla milloi dolar aiña ei da; eta paperetan zabalduta dauken dirua, irurogetamar milla milloi dolarrera eltzen ei da. Au, sortaldeko Errien urrea kontuan artu barik, urre ori zenbateraiñokoa dan ez dakigu-ta.

Urrearen eta dirupaperaren desbardintasun au ontzat artu izan dabe oraiñarte Erri guztiak; eta euren arteko artuemonetan, aaztu be egin dabe urrea dala paperaren oiñarria. Eta olan iraungo eben, beste zerbaitek eragin ez baleutse. Ona emen beste zerbait ori:

Dolarra bera, makaldu egin da. Aspaldion, USA zordun geratzen etorren bere artuemonetan. Guztiz aundiak dira, izanbe, Ipar Amerikak egin dituan zorrak, lenengo Europan, bertako lantegiak erosteko, eta orain —eta auxe da okerrena— Vietnamen, ango gudua aurrera eroateko. Aurreko amabost urteetan, ondo etorten jaken Europako Errieri USAko dirupapera, gudu osteko ondaketak zuzentzeko; orain barriz, Erri orreek aberastu egin dira, eta naiago dabe urretan zorrak kobratzea.

Diru zaleak edo diru erosketatik aberastuten diranak, dolarra laster beeratuko dala uste izan dabe, eta oba zala urrea erostea, ontzea 35 dolarretan egoan bitartean. Olan, zenbat eta urre geiago erosi, ainbat eta ariñago dolarra merkatuko litzake. Eta urre ontzea ogetamabost dolarretik eunera-edo eldu ezkero, izugarrizkoa izango litzake irabazia.

Egokera onetan, estu ta larri batu dira Washingtonen, diru-oiñarria urreak izan bear dauala uste daben zazpi Errietako Banku Nagusien ordezkariak. Euren asmoa aurrera eroateko, lau bidetik bat aukeratu bear izan dabe.

Lenengoa: oraiñarte lez jarraitu. Baiña bide au alperrekoa zan; ainzuzenbe, beste bide bat billatzeko Washingtonera joan ziran-eta.

Bigarrena: urrearentzat neurri barri bat jarri, 100 dolar-edo ontzako; au da, beeratu dolarra urrearen aurrean. Baiña USAk ez dau bide au ondo ikusten. Ona emen zegaitik. Beste Erriak neurri berean euren dirua beeratuko balebe, USA zordun geratuko litzake len bezela; eta urrea bakarrik goian geratu ezkero, orduan USAren gogoko ez diran Ego Afrikak eta Rusiak urtengo leukee irabaztun, lurpetik urre barri geien ataraten dabenak eurok dira-ta.

Irugarrena: urrearen ordez, Erri bakotxak bere lanetik ataraten dauan aberastasuna, diru-oiñarritzat jarri; eta geratu daitela urrea, berez daukan balioagaz. Baiña bat-bateko urre baztartze onek eragozpen aundiak ekarriko lituke-ta, beste bide bat billatu bear.

Laugarrena: urrearentzat neurri bi jarri. Lengo neurria —neurri merkea— Errien arteko zorrak Banku Nagusien bitartez ordaintzeko izango litzake. Eta beste neurria —neurri altuagoa— or zear bitxigille ta lantegi-jabeen artean eguneroko eskeintza-eskabideak neurtzeko.

Laugarren bide au izan da aukeratua; baiña, diñoenez, ez luzarorako. Nonbaitebe, lurpetik ataratako urre barria, zazpi Bankuetara barik, irabazi geiago dakarren urre-saltokietara joango da; eta Errien arteko salerosketak goruntz doazala, Banku Nagusien urrea ezin geitu izango da. Orrez gaiñera, urre bion artean alde aundia balego, Erri txiki edo txiroak Bankuon bidez lortua beste Errieri saltzen asiko lirake eta olan kalte aundia egingo leuskioe dolarrari eta beronen laguneri.

Urrea dala-ta, Errien arteko artuemonak garratz dabiltz. Ez da baiña, urre gose orretan, ori bakarrik azaldu. Alde batetik ikusten dogu, ezin gaitekezala aberatsen antzera bizi, Errian danok lan egiten ez badogu; iñoren kolkotik bizi izatea aintxiñakeria bat biurtu da-ta. Beste aldetik, zati bitan ebagita —zenbakarrenez?— agertzen jaku gizadia. Eta geure geurea dogun Europa onetan, guztiz garratz azaltzen jaku ebagite ori, ain nekez lortu dan Sei Errien arteko batasuna arriskuan dago-ta.

Alemania, Italia, Holanda ta Beljika urre merkearen Alkartasunean sartuta dagoz, USA, Inglaterra ta Suizagaz batera. Frantziak barriz, Alkartasun orretatik alde egin dau, eta Europako bere lau lagunen aurrean jarri da. Ainzuzenbe, Epaillaren 15ean, beste lau Errietan urre saltokiak itxita egozan bitartean, Parisen 100 tonelada urre or or saldu ziran; eta bildurra dago, bertako Banku Nagusikoak ez ete ziran toneladok.

IBUR


Kaleko Gizonak Diñoana

Errege-aulkia

Palomino jaunak argi ta garbi berba-egin dau.

«Errege-aulkiak, au da, tronuak diru-mailla bat dauka: zintzotasuna. Karlistak ez dabe beinbere zintzotasun ori eten. Errepublika denporan bere, karlistak ez zirean banandu. Leenago ta arrezkero, karlistak, euren asmoak, jokabidea ta erregegaia ez ditue iñoiz ez iñoiz bertan beera laga».

Gomutan dogu 1936-39 gerratearen azkenaldera, ordurarte egiten zan euren diadarra «Viva el rey», galerazoa izan zala.

Eta alderantzira, E. Romero idazleak artikulu luzean, Falange alderdia, leenetan trinkoa zana, geroago ur-antzekoa, orain aize biurtu dala esan deusku.

Mentalidade zaarreko gareanok, ezin errez aitu onelako gorabeerak. Orraitio, etorkizuna argi dagoanik ez deutsagu iñori siñistuko. Munduko gorabeerak aundiak izan be-ta, giza-burrukak eta diru-burrukak gero be, jarraituko dabe, seguru be.

Irakurgarriena

Komentario naikoa sakona egin dau, laburkiro egin arren, J. M. Alonso idazleak Bilboko «eusko-kultura asteari» buruz.

Gure gauza jatorrak ez ei doguz zetan galdu: kultura, pentsabide, izkuntza, oitura, kirolak, jokoak, bizimodu, ta abar.

Mediterraneu barria agertu dau idazle orrek, sekula bada.

Baiña tira!

Esaera zintzoa ta argia beti da goragarri. Alde baiño kalteko lanak ugariago ikusi oi ditugun ezkero, Alonsoren lan ori eskergarri bere, ba dala autortu bear.

 Asteleneko Orrian azaldu eban artikulu ori. Emen egunerokorik ez asterokorik ez dogu-ta, barri ta albistak, jakiña, erderaz irakurri bear. Egokia da eguneroko papera, izkuntza bat sasoian jarteko. Noiz izango ete dogu barriro?

Radio Popularreko euskerea

Goizeko zazpiretarik zortzirak arte, euskal esanaldi banakak izaten dira, «Egunon, Bizkaia» atalean. Umore ona ta baikorra agertzen dabe... baiña, mutillak, zelako euskera modua! Orrelakoari eibartarrak euskal-gaiztoa edo orrelako zeozer erizten deutse.

Esaterako, gaur goizean «Radio popularrien» entzun dogunetarik zerbait: «Gaur udaberria, illeko 21. Denpora txarra, baiña ez ainbestekoa. Euria botaten dau... Itxi andrieri oien...»

Andrieri oien zer, kafesne berotxua, ala?

Auntz-euskerarantz ete goaz, ba?

Aita Santua eta bakea

Berbaldi mamintsu ta beroa egin deutse Paulo VI gnak. italiar mendi-soldau izan direnei. Ainbat argibideren ostean, auxe geitu deutse:

«Bakearen soldau izan zaiteze; gogoen batasunera doan benetako bakearen zaleak. Eta gauza oneek zaindu bear dozuez: zuzentasuna, askatasuna; eta ondrau ta biotz zabalak izan».

Aita santu maitagarriak zer geiegi eskatzen deutsez bearbada, oraingo gizon eta emakumeei.

Dirua ta indarra ta biurrikeria ugari direan mundu onetan, apalen eskuak eta zuzenen errazoiak lotuta sarriegi. Indarrik ez baldin bada, eskubiderik bere, ez da errez izaten.

KALEKOA


Baiña egia beste au ei da

Au esan da:

«Vida Nueva» aldizkariak esan dauanez, Espaiñian mezako kanona gallegoz be egiten da.

Baiña egia beste au ei da:

Erromako eleiz-agintariak orretarako baimena emon izanarren, oraindiño ez da sartu gallego berbetea Liturjiako zeretan. Gallego asko dagoz zain, ea noiz elduko jaken sasoia, Jaungoikoari euren izkuntzan otoitz egiteko eta kultua emoteko, Espaiñiko beste errialdeetan egiten dan bezela.


Urrutikuskiña: "Urkoa ikusi eziña"

Ez zaitez asarratu itz barri bat edo beste emen dakartsudazalako, Beste edozein izkuntzetan be, itz barriak egunero sortzen dira. Gurean, zergaitik ez?

Urrutikuskiña ez dozu gaur, ba, auzoko zerbait. Urte asko dala, asi ziran ortik esaten, ez dakit nun be, ba zirala tresna batzuk, edonun jazoten zana, olako zer bateri ikutu bat egin eta drast! ikustekoa. Edozer: antzerkia, zinema, mezea, kirolak: guztiak ederto. Tresna orreri, gure albo errietakoak «televisio» eritxoen. Guk, edozer ondo artzen dogun lez, atzerritik etorria batez be, traste ori gurera eldu zanean, ez geunkan bateatuten ibilli bearrik. «Televisio» erdaldunak, ba guk be bardin antzean: telebisiñoa. Ederto. Baiña ederto norentzat? Gerkera ta latiña ikasi dauzanarentzat. Ikasiak dakie bakarrik, tele urrun dala gerkeraz. «Visio» ori, latiñez, ikusi dala. Onexegaitik, «television» itz ori, euskaldun utsak ulertu daien, urrutikus kiña asmau eban norbaitek.

Nik ez dakit ondo ala txarto asmatua dan. Itz orrek, neuri beintzat, geiago diñost. Zoritxarrez edo zorionez, euskeraren eztena beste izkuntza biona baiño sartuago daroat-eta. Asikera baten illun samar irizten jatzun itz ori, azalpentxo onegaz argitu jatzulakoan nago. Televisio = urrutikuskiña.

«Urkoa ikusieziña» azalduko deutsut orain. Onetan dogu arantza ta koxka. Esandako traste orreri, izena gaur jarri bear baneutso, auxe bururatu jat itz egokia: urkoa ikusieziña.

Parkatu, atsegin ez bajatzu. Ez noa itzera, ortzera baiño. Lucia Bose, gaur ain ago-miiñean darabilgun Luis Migel zezen-eraillearen emazteak esan dau: Españarren urrutikuskiña, moldabakoa ta oso txarra dala. Ez jakola atsegin. Ni neu zeugaz nozu orretan, Luzi.

Baiña, ez dakit zer esango leuskizuen beste millaka lagunak: euskaldun eta erdaldun.

Geienak, poz-pozik dagoz; euskaldunak, lar pozik. Traste orrek esana, erakutsia: Jainkoak esana ta erakutsia.

Pozik dagoz euskaldunak: agertzen diran barriak, naiz sarritan nastauta edo illunduta emon: edo bertakoak (onenak eta arduratsuenak) bapez emon.

Pozik, naiz eta, daroaguzan urte guztietan, euskeraz, orduerdiko itzalditxu bat ez entzun andik.

Etxe askotan, ogitarako bear dabena aurreratzen diardue; gero umeen aurrean, lotsabakokeri andienak an agertuarren.

Pozik, gure erriko jazoerak, abesti, kirol eta dantza, andik ia iñoz emon ezta be.

Euskaldunok, beti pozik. Ondo esan eban batek: abeslari ta ameslari giñala.

Baserri zokondo andienetan, teillatu gaillurretan, or doguz orratz-arrapatzailleak; barruan biotz-lapurretan diarduan tresna orren lekuko.

Len, dana zan itzaldi ta sermoi, ziñe zantarra ta dantza lotua txartzat bota gurean. Orreen billa joan egin bear zan. Gaur etxean dozuz, gura dozun orduan, eta iñok ez diño ezertxo.

Ezagutzen dot etxe bat, euskaldun utsa. Gurasoak ogera ioan eta gero, amabi urteko umeak antxe gelditzen dira sutondoan, azkena ikusi arte. Lagundu guraz-edo, zerbait esan neutsenean, auxe izan zan erantzuna: Aita Santua ta obispoak be or ibilten dira ta, txarra ez da izango.

Gure Erriaren biotz onegia. Zer esan orreri! Luze ekin bearko neutsan, eta bear bada, egoera txarragoan itxi. Zer egin ez dakit, baiña zerbait egin bearko.

Katoliku deritxoen agintari batzuen ardurapean dagoanik ezin leiteke esan gaur, urrutikuskin dalako ori.

Bertan ikusten diranai buruz, Eleiz artzaiñak ezer esan barik, zelan egon daitekezan be ez dot ulertzen. Ulertu edo...

Dakidana auxe da: mesedegarri iñorentzat ez bada, gure umetxoentzat bi bider galgarri dala, urrutikuskiña. Eta besteak ezer egiten ez daben artean, lergarri bat, leku egokian, ordu onean ezarten ez dan bitartean, urrutikuskiña, urkoa ikusieziña danean, bakotxak geure barruak eskatzen deuskuna egin bear dogula. Ez dozu entzuten zeure barruaren dei larririk?

Deia entzuten badozu, iñok esan barik dakizu zer egin. Ezer entzuten ez badozu, ondoegi bizitzeak eta bakeak il zaitue.

Bizirik ilda dagozanen zorionkeria, zauri gordin biurtu egizu, Jauna.

ZABALE


Uste izan

Erromantizismoa

Rikardo Arregi

Gaztedia idealista dala esatea, topiko bat biurtu da. Batzuetan orrek, gaztediaren jokabideak eskusatzeko balio izaten dau; beste batzuetan barriz, onen oker jokatzea kondenatzeko.

Gaztedia erromantikoa edo onelako zerbait dala ukatzerik ez dago. Nire asmoa ez da orretaz mintzatzea. Beste zerbaitetaz gura neuke jardun. Aaleziña adierazoten dauan erromantizismoaz mintzatu nai neuke.

Artu daigun, esate baterako, Che Guevara edo Vietnameko gudua. Gazte diranak euren baitan sentitzen dabe, beretu egiten dabe, Che Guevara eta Vietnameko Erriaren heroismoa. Ez dago txarto, ezta gitxiago bere. Baiña gerta daiteke, guk gizon orreekin egin dan injustiziagaitik protesta egiterakoan, zerbait egin dogula-ta, gure kontzientzia trankil ixtea. Gure errebeldia guztia orretan amaitzea.

Izanbe, Che Guevararen jokabidea, vietnamdarren burrukea, erromantiko azaltzen jaku. Emen barriz, ba dirudi orrelakorik ez dagoala egiterik; eta ez dauala emengo burrukeak, emengo lanak, atentziñorik merezi. Zenbatek pentsatu ete dabe, Vietnamen egon balira, orain dauken heroismoaren gosea asetuko ebela! Orretan dago arrisku. Ori baita aaleziña adierazoten dauan erromantizismoa.

Emengo lanak, egunerokoak noski, ez dau betetan guk erromantizismoaz daukogun eritxia ta ustea. Ta betetan ez daualako, gizon asko, eskuak tolestuta, gelditzen dira.

Bestaldetik, ez dira gauzak argi ikusten nunbait —ezin bestela izan—; eta guztiz garbi ez ikuste orrek, ba dirudi eskusea naikoa emoten dauala, garbitasun eta argitasun utsaren izenean ezer ez egiteko.

Danak diñoe —beste topiko bat da— topikoak baztertu egin bear dirala. Konforme. Topiko orreen artean bere, gazteen idealismoa baztertu bear geunke. Idealismoa esan bearrean, oba izango da ideakeria esatea. Onen bitartez gazteak, edo beste edozeiñek, bere asmoen irudi bat egiten dau; eta errealidadeari iges egin guran, irudi orretan kontsolatzen da. Jakiña, orrela ezin leike ezer egin, bere buruarentzat arrotz biurtzen baita.


Arraintza kontuak

Euskalerria Espaiñiko arraintza estadistiketan

Arraintza arazoetan beti izan dira euskaldunak trebeak, eta sarritan aurretikoenak bere, historiak erakusten deuskunez (baleatan, makaillotan, eta abar).

Gaur egunean be, arraintza industri zer-ikusikoa daukogu Euskalerrian itxasertzeko probintzietan.

Baiña, zelakoa da industri onen inportantzia? Zeintzuk dira produziño-numeruak? Zein da bere egokerea Espaiñiko beste arraintzale probintzien artean?

Artu barria dot, 1966 garreneko Arraintza Estadistikea, Madrilleko Dirección de Pesca Marítima'k argitaratua. Berau da Espaiñiko azkenengo estadistikea. Bertotik artuko dodaz, irakurleen informaziñorako bear ditudan numeruak.

***

Liburu onetan, Espaiñiko itxasertz luze ta ezbardiña sei lurraldetan banakatzen da. Oneexek dira: Kantabria, Iparroestea, Egoatlantikua, Egomediterraneoa, Levantea ta Tramontanea. Oneeri beste iru geitu bear jake: Baleares, Canarias eta Afrikako Probintziak.

Ez dago zetan esan bearrik, Euskalerria Kantabrian sartzen dala. Eta lurralde ori, Sanandere ta Asturiasegaz osotuten dala.

Ikusi daigun ba, leenago, zein dan Kantabria lurraldearen inportantzia besteen aldean. Ona emen 1966 garreneko estadistikea:

 Itxas-lurraldea Toneladak Milloi pesetak

Kantabria 194.784 3.633

Noroestea 387.760 5.486

Egoatlantikua 234.695 3.801

Egomediterraneoa 49.840 745

Levantea 39.324 896

Tramontanea 36.359 879

Baleares 5.585 158

Canarias 132.150 662

Afrikako Probintziak 6.669 59

Itxasoan ontzirik ontzira pasatua 40.600 214

DANA 1.127.767 16.535

Espaiñiko arraintza kontuetan, ba, leenengo itxas-lurraldeak daroe produziñoko % 72,5 eta dirutako % 78,1. Canarias lurraldeak agertzen dau zeredozer bere burua produziñoan; baiña arraiña merkea izanik, beera doa peseta aldetik. Eta edonok daki, onexek daukona inportantzirik geiena naziñoaren ekonomirako.

Aitatu dogun Ekonomi Jaun onen begietatik, Iparroestea ikusten da danetatik garaille. Bere atzean, alkarregandik urre urre, Egoatlantikua ta Kantabria. Irugarren goaz, ba, Espaiñiko iparralde onetako arraintzaleak. Eta ez da toki makala, bere atzetiko urrena, laurenera be ez baitxako eltzen.

Azaldu daigun orain, Kantabria itxas-lurralde onen barruan zein dan Euskalerriaren kontribuziño mamintsua. Arraiñaren balioari bakarrik begituko deutsagu.

Euskalerriak, Kantabriako % 63,7 emoten dau. Eta Euskalerriaren barruan, lau portuk emoten dabe % 86,7 eurak bakarrik. Oneexek dira: Pasaia, Bermeo, Zumaia ta Ondarroa.

Eta azkenean, jakingarria da zein dan portu oneen egokerea Espaiñiko beste portu guztien artean. Ona emen zerrendea:

 Portuak Milloi pesetak

lgo. Huelva 1.271

2gn. La Coruña 1.118

3gn. Vigo 878

4gn. Algeciras 642

5gn. Pasaia 595

6gn. Cádiz 502

7gn. Las Palmas de Gran Canaria 377

8gn. Bermeo 350

9gn. Málaga 325

10gn. Barbate de Franco 284

11gn. Zumaia 232

12gn. Puerto de Santa María 230

13gn. Ondarroa 211

Baiña ez neuke argitasun osorik emongo, azalduko ez baneu, portu bakotxeko ontziak ez dabela beti euren portuan arraiña saltzen. Batezbere, azaleko arraiñetan dabiltzanak —arrastreroak baiño geiago— arraiña nora, eurak be ara joan bear izaten dabe-ta. Oneetarikoak dira danak Bermeon; eta gitxiago Pasaian, Zumaian eta Ondarroan, oneetan arrastrea be inportantea izanik. Asko da ba, Bermeoko ontziak olan saltzen dabena Bermeotik kanpoan, Vigo, La Coruña, Algeciras, Las Palmas de Gran Canaria, ta olako portuetan. Eun milloitik gora estimatu leiteke saltze ori.

ARTZA


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNAREN zenbaki onetan agertzen direan berba batzuk.

ARESTIAN (BGN), denpora gitxi dala, oraintsu.

ARRAKASTA (L), urtenbide ona. Erderazko éxito.

ARTUREN (B), artzekoa, kobratzekoa, kreditua.

AUL (GLN), indarbakoa, debilla.

AURRAZ (B), aurretiaz, aurrez.

BAGERIK (B), bagarik, barik.

BEINBEIÑEKO (B), betiko ez dana. Erderazko provisional.

BEREZI (GNL), apartekoa, espeziala, berarizkoa. Berbeta berezia.

DENDATU (B), alegiña egin. Zein batera zein bestera, dendatu bear gara, erdera usaiñak itxirik, nekezari euskaldun utsak irakatsi deuskuen gisan garbiro berba egitera: sea de un modo, sea de otro, tenemos que esforzarnos, dejando barbarismos a un lado, a hablar castizamente, como nos han enseñado los artesanos vascos de pura sangre (Peru Abarka).

DESIRATU (L), opa izan, deseatu.

ELBURU (L), lortu gura dan guzea. Erderazko fin, objetivo.

ERALGI (B), gastatu. Dirua eralgi.

FUNTS (L), barrua, ondoa, oiñarria. Zoaz funtsera, eta ezagutuko duzu ez dela ageri dena: vete al fondo, y verás que no es lo que aparece.

GEIENBAT (G), batezbere.

GITXI-GEI (B), gitxi edo gei. Erderazko poco o mucho.

GIZADI, munduko gizon guztiak. Erderazko humanidad. Berba barria.

GUN (B), barruko mamiña. Erderazko tuétano, meollo. Eguzkialdeko euskalkietan HUN esaten da, eta Bizkaiko leku askotan UN. Duda barik, aintxiña berba au H-gaz esaten zan gure artean bere. Azur andiak, una andia: el hueso grande, grande el tuétano (Refranes).

GUTUN (L), kartea, eskutitza.

KABU (B), erderazko iniciativa. Neure kabuz: por iniciativa mía. Bere kabutan: espontáneamente. Berba au, latiñezko caput itzetik dator.

MANDA (B), aldea. Portu mandakoak: los de la parte del puerto. Berba au, asko erabilten da Bermeon.

MANDATU, mezua, iñoren enkarguz esaten dana. Erderazko mensaje.

MINTZATU (LN), berba egin, itz egin. Gizon ori ondo mintzatu da. Amari mintzatu natxako: le he hablado a la madre.

ONDORIO (LN), ondorena. Erderazko consecuencia. Mozkorkeriaren ondorio, biaramonean buru aundi: la consecuencia de la borrachera, al día siguiente la cabeza pesada.

OPA (BGN), iñorentzako guraizana. Erderazko deseos, votos.

ORAINTSURENGO (B), oraintsu baiño oraintsuago.

SEN (B), juizioa, konortea. Senera etorri: volver en sí.

SUSTENGATU (L), sostenidu, eutsi.

UGARTE (BG), islea. Izaroko ugartea.

ZAIN EGON (B), itxaroten egon.

ZIO (B), motibua, errazoia. Au zala zio esarratu zirean: se enfadaron, siendo este el motivo.

ZIRTEDOZARTEKO (B), zirt edo zart egiten dauana, azarria. Erderazko resuelto, decidido.


Ezagutu zure erria

Ziortza-Bolibar

Udabarriari berea emonaz, mendiruntz noa oraingoan. Bizkaiko mendi garaietako bat, Oiz dogu; ta araxe. Oiz azpitxuan dago «Bizkaiko balkoia» deritxona: Bidaztien Andra Mari dago berton. Ari agur bat esan, Oiz tontorrean irrintzi zoli bat jaurti ta Ziortza zaarrera noa.

Au da arnasa artzea! Au usaiña! Aberri Ama, bere egunerako jantzi ebazan lore ta margoz apaindua, ederra baten.

Oizetik beerakoa, atsegiñez. Idiak illuntzean, solotik etxerantz doazanez, iñok «aida» esan barik noa, barrua pozez eta gosez.

Aurrean, Ziortza ta Bolibar: auzo bi ta erri bat. Erri txikerra ta ona; jatorra ta bizia. Gernikatik Markiñarako bidea bertotik zear doa. Inguratzen daben erriak: Markiña, Munitibar, Aulestia ta Mallabia.

***

Zenbat auzo ta bizi-lagun? Auzoak: Iruzubieta, Arta, Zeinke, Ziarregi, Ziortza t'abar. Udal-etxe bat guztiok, paperetan, Zenarruza izenaz. Bizi: 800 bat lagun.

Eleiz-parroki bi dira errian. Zaarrena, Ziortza Andra Mari. Aurten dira milla urte, au egin zala. Ikusgarria ta balio andikoa da. Barriztatzen diardue orain, barriro be praille-etxe izan daiten.

San Tomas, beian. XVIgarren gizaldian barriztaua. Ederra da. Erriko enparantzan arrizko irudi eder bat: Venezuelako askatzaillea, Simon Bolibar'tarra, gogoratzeko. Emengoxea zan, odolez eta egitez. Onez gaiñera emon dau erri onek seme ospetsurik naiko, bai eleiz-gizon eta bai gudari.

An ertzean, pelota-leku ederra: mutilko batzuk jokoan diardue. Tabernetan, edale ta abeslari, neska ta mutil; gaztedia, Abadea an euren lagun.

Euskal-Erririk iñon izatekotan, ementxe da. «Euskaldunak» Orixe'ren lan bikaiña, gozatzeko beste euskera baserri sutondoan artu gendunok, olako erri baten auxe buruan: poema a, bizia dala. An esana, emen bete.

Erri euskalduna

Erri oneri, aro barriak eta aldi barriak ekarri dabezan aurrerapenak, ez deutsoe kalterik egin. Ziortza'tarren izkuntza bakarra, euskera da; ez dot besterik entzun. Etorri diran erdaldun apurrak, euskaldundu egin dabez.

Eleiz-gizon jatorrak ementxe, iñun badira. Agiri da euren lana; onetan ezin aztu, oraintsu il zan parroko jauna. Gizona, Jainko-zale ta erri-zale. Eleizkizun guztiak euskeraz dira; umeen kristau-ikasbidea bardin. Zorionak abadeoi. Zeuoi eskerrak biziko da Erria.

Askotan entzun izan dot au: «Bizkaiko euskerarik ederrena Markiñan». Ez beitez asarretu Markiñarrok, baiña esakera ori, aldatu egingo dot apur bat. Bizkaiko euskerarik ederrena, Markiña aldekoa balitz, Ziortzakoa ez ete da nagusi. Emen ikutzen da eusko gogoa ba. Neskak be, guztiak euskeraz ziarduela ikusi dodaz. Benetan, zuentzat nire txalorik beroenak.

Erri langillea

Erritxu onetakoak, edozein bizi-bide artu daroe; trebeak dira. Oraintsurarte, beste erri askotan lez, nekazari ziran geienak; gaur ezta olan. Nekazaritzan diarduenak be, len lez ez. Aurrerakuntz andiak egin dabez emen. Baserriak alkartu, lana alkarregaz egin eta arnasa artu. Pausu garrantzitsua auxe, gure etorkizunari begira. Leenago egin deutsoezanen erruz, baserritarra leku askotan eztago alkartzera. Baserritarren lepotik, ainbestek egin dabe barre leen! Baiña, nekazaritza artzen daben gazteak ikasita datoz gaur. Alako bildurra goitu, ta erriaren alde lan egiteko batzen dira alkartasunean.

Inguru oni, Markiñako ikastola onurakorra izan jako. Ara doaz gaur gazte geienak. Alkartzeko be, ikasiak izatea naitanaiezkoa da. Ikasteak zabaltzen dauz begiak. Ikasteak zentzuna dakar.

Ba dira errian, eskopeta-egintzan diarduenak. Ameriketara diru apur bat egitera doazanak be ez gitxi; lengo urtean ainbat joan ziran. Lekoiz'ko arriolatan be argin asko dabil.

Beste toki askotan lez, gazteak asko aldatu dira emen be, ta akats batzuk gora bera, onerako izan dala autortu bear.

Gazteak, iñoz ez lez daukoguz gaur, erriaren alde lan egiteko gertu. Batzuk ikasi, besteak irakatsi. Euskera idazten ta irakurten diardue umetxoak be, «kili-kili» sariketan. Gazteak, eusko-dantzak, abestiak, gizatasun gaiak sakontzen. Gure edestia ta nortasuna oiñarritzen. Dirua ez dala dana, konturatu dira antza. Diruaz gaiñera ba dirala beste aberastasun batzuk, diruaz erosi ezin diranak, eta diru-truke ukatu eziñak. Euskal-Erriak une larri onetan, ba dau Bolibar'en, odol barri, bizi ekarlea.

Eta salatu zer?

Oraingoan be ezin itxi nik, neuretxoa egin barik. Txalo lar be ezta ona ta. Arantzok agertu bear:

• Ziortzako kolejiatara, praille erdaldunak dirala etorteko, esan deuste. Egia esan, erdaldunak an izatekotan, oba kolejiatea erre. Ez al da oba kolejiata bat galtzea, erri bat ondatzea baiño.

Bigarren, erritarrak ondiño ez deutsela alkarri bear leukeen maitasunik. Bakotxa bere onaren billa ba dabiltz; baiña ortik, guztiok alkarturik burua atara bear dogula ikustera, alde andia dago. Banan ibiltea, geure uts eta alde ona dogu. Norbere burua atara bear aurrera, besteak zapalduta bada be.

***

Onenbestez, agurtzen zaituet, baiña geroarte esanaz. Aurten Jainkoa lagun, urte egokia be ba da ta, emongo dogu zuen barri sakon eta zabalago. Gora Ziortza! Aupa Bolibar!