ANAITASUNA

156gn. zenb. — 1968ko Martiak 15 — 4 pta.


ANAITASUNA

amabosterokoa

3

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5)

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 156gn. zenb. — 1968ko Martiak 15

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Euskal pelikula (I). Ama Lur

Sarritan eta leku askotan egin deuste pregunta au: Zer pasetan jako Ama Lurreri? Noiz ikusiko dogu pelikulea?

Orixe berori itaunduten deutset neuk be besteeri, eta danok gabiltza alkarreri preguntaka; danok jakin gura dogu, Ama Lur izeneko filme ori zelan asi zan, nortzuk egin daben, zelan amaitu dan eta noiz agertuko Euskalerriko ziñe tokietan.

Orrek esan gura dau, interes aundia dagoala, pelikula ori ainbat ariñen ikusteko. Erria gose da, izanbere, euskal gaiak erabilten dituen pelikulak miresteko. Ama Lur dala-ta, bildur barik esan geinke, danok gareala filme orretan azionistak, batzuk diruagaz, gustiok biotzagaz.

Pelikulea amaituta dago. Ori ondo dakitsuet. Madrilleko zentsurea gogortxua izan da, eta orregaitik pelikulan aldakuntza txiki batzuk egin bear izan dira. Ama Lur Soziedadeko diretibuak interes aundia dauke, alik lasterren pelikulea zabaltzen asteko. Geiagorik ezin neiskizue esan, egia osoa ez baitatik.

Dana dala, artikulu onetan eta urrengo beste bietan, zeredozer esango deutsuet Ama Lurren inguruan, zeuen gogokoa izango dalakoan.

Leenengo ta bein esan daigun, ziñea arte bat dala. Baiña orrezaz asko idatzi dan ezketiño, ez dogu emen zazpigarren artea oraindiño geiago laudatuko.

Arteaz gaiñera, informaziño bide bikain bat da ziñea; eta pelikulak indar aundia dauke, gizona formetako edo deformetako.

Geiago oraindiño. Ziñea, gaur egunean, gizartearen bearrizan bat da. Eta premiña orreri modu egokian erantzuteko, aurrerapen izugarriak egin ditu teknikeak azkenengo urteotan, ziñeko gaiak asmetako, personak eta gauzak aziñoan ipinteko eta gero obra atsegingarri bat presentatzeko.

Ziñea gizarteko balore bat da, aprobetxatu barik ezin itxi leitekena. Orregaitik euskaldunak, euren erriaren eta beste errien onerako, eskubidea ta obligaziñoa dauke, euskal zinematografia egiteko.

Ziñe kamaren begi fotografikuak arakatu egin bear dabe euskal lurraren eta bizitzearen esentzia: gure itxaso ta lur bazterrak, gure oiturak, gure pozak eta atsekabeak, gure andra-gizonak, artistak, jokalariak eta abar. Auxe ta geiago agertu bear litzake gure euskal pelikuletan, eta zabaldu mundu guztian zear.

Oraiñarte oso gitxi egin dogu. Gure ziñea oraindiño, asikera barri barrian dago. Ozta ozta ezagutzen doguz euskal ziñegilleen izenak: Nestor Basterretxea, Fernando Larruquert...

Difikultadeak, aundiak dira; eta euren artean ez dira txikienak ekonomiaren aldetik datozanak. Dirua aitatu dogun ezkero, obeto izango da arlo au urrengo artikuluan ikututen badogu.

Jose Luis Bengoa Zubizarreta


Erriz erri

Bermeotik

Asko dira KILI-KILI-rako idatzi daben ume Bermeotarrak. Orain euskera ikasten fin dabiltz; ez umeak bakarrik, aita ta ama be bai. KILI-KILI-ren mirariak. Monjak ezer alde egin barik, sarri aurka eginda be, gure umeak euskera ikasten. Onelakoak dira Joan XXIII-ren benetako lagunak; bestea, barriketea da.

***

Frailleak be ba dabiltz. Oraindik aurrera domeka arratsaldeko mezea euskeraz izango ei da. Ederto, egia bada. Oraiñarte manda bitara ibilli dira, amantal bategaz aurrea ta atzea tapau eziñik. Gero ikusiko da. Santa Mariako martxea be, ori da: oraintxe euskeraz, laster erderaz, gero latiñez. Ba, guretzako ori eta bapez, bardin. Formalidadea artzen ez bada, arriskua dago, batera ez joateko.

***

Urten dabe gizonak itxasora. Pozik etorri zaitezela, eguen illuntzetan etxe egun egitera.

***

Balendin Urionaren bizitza dakarren liburua 140-ik erosi dogu Bermeon. Pozik irakurri dot nik, eta ulertu be bai. Zorionak Karmengo Abadeari, eta olako beste bat alik ariñen.

***

Amaituteko, agur bero bat emendik, aurten soldadu joan zareen guztiori: Arakakoeri, Ferrolekoeri, Afrikakoeri. Ondo izan.

Burgo Mendi

Mungiatik

San Antontxu... Aintxiñako jai bizi au moteltzen ete joaku... San Antontxu goizez ezer be ez. Egun ituna, irudian. Naparraiak zigortuta egozan abereak, ta peririk ezin egin. Baserritarrak be euren etxeetan gelditu ziran, alkar ikuste atsegiñera etorri barik.

Arratsaldean partidu jatorrak egon ziran. Gogor jokatu eben. Lagun asko batu zan ta oso gogotsu egoan ingurua.

Poltsearen gora-beran, batzuk, gogotsu, bero bero, ta pelotarien jokabideari igarri ez eutsenak, urrengoari itxaroten...

Egun onek, lenago ba eban bere jit eder bat. Bisigu bizi biziak, dindilizka ebezela gizonak, xera ederrak egiten batak besteari, negu illunean, arpegi alaiagaz. Neska-mutil bikoteak edonundik agertzen ziran, irribarrez, egun oneri bere itxura berezia emoten.

Oraingoan ez dogu olako zer andirik ikusi.

***

Paben Ormaetxe, abeslaria, Milandik etorrita, etxean izan da.

Adiskide, ondo joan jatzu, zeure bazter onetan egin dozun aldia?

Gazte onek lengo urte zarrean urregorrizko medailla irabazi eban. Aurrera! Etorkizuna zabaltzen joako.

Lagunak eta Larrauritarrak pozik dagoz, gazte onen aurrerapideak bein entzuteko erea izan eben ta. Larrauriko eleizea gora-gora joiala ei irudian. Aupa gazte! Zeure guraria da gurea. Goienera elduta ikustea.

***

Aurten uriolakaz inguratuta gabiltza. Beste biderik artzen ez badau norbaitek, kaxa andi batzuk eginda, gertu egon bearko dogu ur gaiñetan arin-aringak egiteko. Angula asko etorten bada, guztia ez dogu galduko.

Egieder


Itzak, utsak. Sabiñeri

Ez dakit nundik asi. Gure euskeratik «H» baztertuteko, zure errazoiak izango zenduzala uste neban; baiña ez dot orrelakorik aurkitu zure idazlanean. Itzetan galduten zara. Non dago, bada, zure formalidadea? Nire formalidaderik-eza agertuteko, zirikada bat botaten deustazu: «Orrenbeste astakeri izki ori goraltzeko... ta zeuk bat bera be sartu ez idazlan (?) orretan!!!».

«H»ren alde nagon onek, «H» ori ez dot neurri barik sartuten. Gauza bat da euskera literarioa, euskera osotua, eta beste bat erria mintzatzen dan euskera, bere euskalki ta guzti.

Euskera literarioan, euskera osotuan, «H»-ren alde nago. Baiña GAURKO EGUNEAN bizkaitarrok eta beste batzuk ez daukagu zertan erabilli «H» ori, bizkaieraz-eta idazten dogunean. Ori dala-ta, nire lantxoan ez neban «H»rik sartu. Erriak nire euskera ulertutea gura dot, eta orregaitik al dodanik errezena erabilten dot. Erabatera erakutsiaz gure elburua ezin dan: euskera oso batera eldutea.

Beste batzuk, ostera (eta geienetan «H»ren kontrakoak izaten dira), ez dagoz euskera osotuaren alde, eta euren euskalkia bakarrik ikusten dabe. Ba dago pentsakera orretan alako barruko «txobinismoa», eta euskera gauza sakratu bat legez ikustea. Sakralizaziño orrek euskerari kalte andia egin deutso, baita Euskalerriari bere. Euskera erri baten izkuntza da; baiña zoritxarrez, ez dau emon bere neurria, oraindik landu barik dagoalako.

Beraz, nire asmoa ez da izan Bizkaiko euskeran «H» sartutea, ez-eta Euskaltzaindia ankaz gora botatea. Euskaltzaindiak ba ditu bere zeregiñak (len esan dot gure arloa landu barik dagoala, oraindik utsune asko daukozala, gure etxearen teillatuak zulo asko dituala, eta itogiñak ondatuteko arriskuan dagoala).

Zure «Txomiñen Nekaldiak» saritua izan bada bere (Zorionak!), ez dau esan gura orrek Euskaltzaindia «H»ren kontra dagoanik, ez-eta zure euskera txarra danik. Baiña alandaguztibe, euskaldun ikasi batek ezin dau bere jakituria neurtu eta mugatu. Orain euskeraz idazten dogunok, ez bagara aurrelariak (vanguardistak), gure erriak ez dau denpora askoan euskera erabilliko. Euskera erabiltea, euskeraz idaztea, gaurko egunean aurrelaria izatea da.

Gure erria, euskaldun erria, geienbat analfabetoa da. Beraz, lenengo pausua au da: erriari idazten eta irakurten irakatsi. Eta bitartean erri ezikasi baten eritxia eskatutea, eta bear barik, demagogia utsa egitea da. Eta guk, Sabin, orrelakoren bat egiten dogu, erriari galdetuaz «H» onen inportantzia edo inportantziarik-eza. Lendik erriari azaldu eta agertu bear jako, zer esan gura dauan «H» orrek. Osterantzean, alperriko galdera da. Ezjakitearekin ez da jokatu bear, euskal arloan ardurazko zerbait egin gura badogu beintzat.

Eta, sentidu onetan, itz andiak erabiltea kaltegarria da eta ganera alperriko lana. Gure ezjakintasuna ezkutetako, askotan, itzak eta berbak erabilten doguz. Eta euskal kulturak ez dauko leku askorik (iru-lau aldizkari doguz), eta daukagun apur ori maiz alperrik galduten dogu. Zure azkenengo idazlanean 479 berba ezarri dozuz, alperriko 479 itz. Ze... oiñarrizko prolemen errazoirik ez dozu emoten. Egia da JAKIN eta EZAGUTU gauza bi direala, baiña alkarren ondokoak. EZAGUTU ori «reconocer» legez ipiñi badozu, beste bat bere ba dogu, kasu onetarako egokiena: ONARTU.

Zergaitik, bada, ez dozu onartuten «H»? Zergaitik alperrikoa? Errazoiak bear dozuz, ez itzak. «H» euskalduna da, gaur erabilten dan letra, doiñu bizia eta berezia daukona. Zergaitik, bada onartu ez? Erdaldun batzuk erabilten ez dabelako? (Patagoniakoak be erdaldunak dira). Eta zer? Inglesak-bere dauken soiñu bat adierazoten dau letra orrek, eta «H» gure euskeraren aberastasun bat da.

Erreztasunagaitik alde batera itxi bear badogu «H» ori, itxi daigun euskera bere. Gaurko egunean edozein erderan berba egitea, euskeraz egitea baiño errezagoa da.

Eta ori bere ez badozu onartuten, «euskara» eta «euskera» izkuntza bi dira zurelakoentzat. Orduan euskaldunen arteko batasunaren kontra zagoz, izkuntza saillean beintzat. Eta noizbait batasun bearra izan badogu, gaur da eguna. Eta batasunerako, zabaltasuna eta idekitasuna bearrezkoak doguz.

Eztabaida onek ez dakit gauza onik dakarren. Ezetzean, ez nago gerturik beste batzuek bear daben toki preziatua ostuteko.

Onela balitz, prest nago ixillik egoteko.

OTSOLARRE


Mesias barri bat

Aintxiñatean, Kristoren aurreko urteetan, etorteko zan Mesias barri bat Igarleak eta predikulariak predikatzen eben. Bearra be ba egoan. Gizarte guztia lurra jota aurkitzen zan. Dana jauntxokeria. Milla edo bi milla jauntxo eta beste danak euren menpean.

Gizonak eta andreak ez euken ezetarako eskubiderik. Emakume danak gizonen atsegiñetarako. Andra eta gizonak erdibillosik, goserik, bear gogorretara beartuak. Jauntxoen gogoa naikoa zan il arte zigortuteko edo beste jauntxo bateri salduteko. Gizona eta andrea ez ziran gizakiak, personak, abereak baiño. Abereeri baiño begirune gixtiago eukiten jaken. Mundu obeago bat bear zan. Mundua salbatuko eban Salbatzaille bat bear zan. Igarleak Mesias barri bat predikatuten eben: Mesias munduan agertuteko egunak ia bete zirala eta laster gizartean, euren artean ikusiko ebela. Israel zan, Jaungoikoak bere erri izateko aukeratu eban erria. Judutarrak irrikitzen egozan Mesias ori noiz agertuko zan. Euren predikuetan, euren otoitzetan eskatuten eutsoen Jaungoikoari bialdu eiala ainbat ariñen Mesias ori. Uste eben Mesias ori, iñoiz izan ez zan lako gudagizon aundiren bat izango zala eta munduko lege danak aldatuko ebazala eta danak askatuak eta zoriontsuak izango zirala. Ordutik ona bi milla urte eta abar igaro dira.

Iru Mesias barri

Gaur be orduko antzera ete gabiltzan bildur naz. Ainbeste alkar ikusiezin, ainbeste alkar menperatze, ainbeste jauntxokeri. Ainbeste emendik, ortik edo andik aberastasunakaz jabetzea. Gogoari begiratu barik, materialismu utsa. Besteen premin, estutasun, gose ta bizieziñagaz milloika ta milloika ume ta zaar gosez ikusi eta bapere ardurarik eza. Eta bear bada, bear dan moduan langilleeri ordaindu ez eta paternalismu andi bategaz, lurbira guztian entzuteko moduko txilin otsaz, danak txapela kendu eta makurtuta agurtu daiezan, limosnak egitea. Ta oraindiño be, Kristoren irudi diran gizon andreeri lagundu ez, eta egurrezko, arrizko edo burdiñezko alako Kristoren eta alako Ama Birjiñearen irudieri limosna baliotsuak, asko eta asko kostatako pitxiak erregalatzea. Onelakoa izan da MESIAS KAPITALISMUAREN jokerea. Kapitalismu orretan, dirutan, aberastasunetan murgilduta, amaibako aberastasunen itxaso zabalean ugar egin dabenak eta aurrerantzean be egitea gura dabenak. Oneexek dira MESIAS KAPITALISMUA predikatzen deuskuenak. Baiña alderdi politiku au eta bere ondorenak larregi ezagunak dirala eta oso gitxi izango dirala ontzat artuko dabenak ikusirik, zertxo bat aldatuta, utsune edo akatsen batzuk kenduta predikatzen deuskue. Au da Mesias Kapitalismua.

Mesias komunismua

Beste alderdi politikalari batek beste MESIAS bat predikatzen deusku: MESIAS KOMUNISMUA. Onen ideak dira: Dana danentzat eta ezertxo bez bakotxarentzat. Erria izango da gauza guztien jabe. Erriak aginduko dau. Erriak bananduko dauz gizartean janariak, jantziak eta bear diran gauzak. Gobernua erriaren ordezkaria izango da. Erriak botaziñoaren bitartez aukeratuko dauz agintaritzarako gizon aukerakoak. Oneek, erriaren ordezkari lez, legeak egin eta aginduko dabe. Eta euren betebearrak ondo betetzen ez dabezanean, kendu eta barriak ipiñi. Orrela, danak izango dabez eskubide bardiñak. Danak askatasunik andienean biziko dira eta danak zoriontsuak izango dira. Au be ideia utsa, prediku utsa. Bein agintaritzaz jabetu ezkero, jauntxokeririk gogorrena, zigorra eskuetan eta eurak gura dabena egiten beartu. Alderdi au be urte luzeetan probatua izan da. Baiña eskinten ebazan frutuak ez ditu emon. Eta orain Errusian bertan be kapitalismu bidera joten asi ete diran itxurea dago.

Mesias kristianismua

Irugarren alderdi politikalaria Mesias Kristianismua da. Or dabiltz Kristiñau Demokrazia eskumatarra ta Kristiñau Demokrazia ezkertiarra, eta abar. Oneek be ba daukez euren akatsak. Ez Kristoren ikasbide edo dotriñearen aldetik, baiña bai bertan sartuta dabiltzan gizonakaitik, Kristoren dotriñea oso osorik onartzen ez dabelako. Kristiñau faltsoak diralako, sasikristiñauak diralako, erriari begiratuten ez deutselako. Giza eskubideeri begiratu, erriaren zoriontasuna billatzen saiatu, erriak ipiñiak, erriaren onerako aukeratuak diralako, erriaren onerako aukeratuak diralako, erriaren ordezkariak diralako. Auxe litzake euren bearra.

Batikanoko II Batzar Nagusiak erri agintarientzako naiko kontseju on emon dauz. Baiña ez dakit danak alperrikakoak izango ez ete diran. Orain arte beintzat zeru azpian, ortzian bake izarrik ez da agiri. Danok bake billa eta bakerik ez; bakearen izpirik be ez. Guda itzala, biotz-unkigarria Vietnamen. Antzerakoak Yemenen, Biafran eta Sudanen. Gaurko gure itauna auxe da: zein Mesiasek garaille urtengo dau, eta bakea eta zoriona mundura ekarriko dauz?

ENEKO KORTAZAR


Gogo jardunak euskeraz

Martiaren 4tik 9ra emon dabez, Santiagoko Eleiz nagusian Aita Jose Galarragak, eta Indautxuko Karmengo Amaren Eleizan Fermin Goti abade jaunak.

 Iralabarriko Frantziskanoen Eleizan

Gabeko zortziretan.

Martiaren 11tik 17ra.

Zuzendari: Aita Sabin Zubieta, frantziskotarra.

 Bilbao Erri Irratitik gaixoentzat Garizima azkenean beste urteetan lez.


Euskal Kulturearen Astea Bilbaon

Bilbaoko Ikastetxe Nagusietako ikasleak antolatuta, gagozan il onen 11an, astelenean, asi eta 15ean, barikuan, amaitzeko, bost itzaldi emon dira Santiago Apostol Ikastetxeko Auditoriumen, arratsaldeko 7,45 ean.

 Astelena, 11.—Barandiaran tar Jose Migelek: EUSKAL LEEN GOGOETAK (euskeraz)

 Martitzena, 12.—Aresti tar Gabrielek: EUSKALDUNTASUNA OLERKIETAN (erderaz)

 Aguaztena, 13.—J. San Martin: EUSKAL KULTUREAREN PROBLEMAK

 Eguena, 14.—Etxebarria tar Juan Anjel:

 Barikua, 15.—Mitxelena tar Koldobikak: EUSKAL ERRIA TA EUSKERA (euskeraz)


Gotzain urrezko ezteguak

Euskaldun guztiontzat barri pozgarri bat: urte batzuetan, lenengo Naparroan eta gero Gazteizen, Gotzain izaniko Mateo Mujika Urrestarazu apezpiku agurgarriak, aurten ospatzen ditu bere gotzain urrezko ezteguak. Berrogetamar urte, obispo egin ebenetik.

ANAITASUNA bitartez jaso beiz euskaldun guztion agurrik eskertsuen eta sutsuenak.

Larogeta amazortzi urte betetzen ditu aurten. Azken urte oneetan —urte askotxutan— bistea galduta, Jaungoiko zerbitzuan, pazientzia aundi bategaz daroa Zarautzen, gogoko jakon bizitzarik apal eta ixillena.

Bejondeizula, Gotzain agurgarri orreri!


Musika Jaialdia

Zezeillaren 25an, esanda egoan lez, Musika Jaialdi eder bat ospatu zan Bilbaoko Santiago Apostoleko zinetokian. Bertara joan zireaneri ez jaken damutu. Pozarren egon zirean entzuten eta ikusten. Pozik urten eben.

Eratzailleak bildur andia euken, jente gitxi etorriko ete zan jaialdi onetara. Orretarako ba egozan errazoiak. Beste musika jaialdi bat asten zan Bilbaon goiz orretan bertan eta ordu berean. Josu Loroño ainzuzenbere, bere soiñulari trebeakaz.

Gero gaiñera, guztiz berandu asi giñean propagandea egiten. Azkeneko egunetan egin zan ia dana, eta bera be gitxi. Zoritxarrez, ez deuskue asko lagunduten orretarako direan medio indartsuenak.

Alandaguztibere, erdia baiño geiago bete zan zinetokia. Ba egoan jentea. Txalo beroak eta luzeak entzun zituen Oleskariak. Ondo mereziak. Luis Amilibiaren abots eztitsua guztien atsegingarri izan zan. Salgai ipiñitako bere disko guztiak amaitu zirean.

 Zarauzko Gaztetxuak agertu euskuen zelako artista gaitasuna dauken, abestuteko naiz olerkiak esateko naiz alkar izketak egiteko.

Donato Larrañagak Naya taldeagaz, auzoko telebisiñoan azaltzen direan abeslari asko ta askok baiño lebertasun geiago daukola erakutsi euskun.

Bergara jaunak ederto presentatu zituan abeslari ta gaiñerako artista guztiak. Azkenean Basarri.

***

Bilbaoko euskaldunak arrituta gelditu dira zuekaz. Ez eben uste orrenbeste ziñeenik. Pozik gelditu dira. Barriro entzuteko gogoagaz. Urrengoan beteko ei da Santiago Apostoleko Saloia.

***

Basarri jaunak, Jaialdiaren amaikeran egiñiko bertsoak

Pozik gatoz Zarauztik

Bizkaiko lurrera

Besarkada anaikor bat

Zuei ematera.

Eta konsejutxo bat:

Anaiak aurrera!

Erriaren anima

Baitegu euskera,

Ori galdu ezkero

Danok galdu gera.

Gure uri ta erri

Txukun ta garbiak,

Gure soro ta baratzak,

Baso ta mendiak.

Gure itxaso ederra,

Baserri txuriak,

Gure lantoki eta

gure industriak

Euskera galdu ezkero

Alperrik guztiak.

Itzegin bear dizut

Gaztetxo kuttuna,

Entzun zazu Basarrik

Esango dizuna.

Lan izugarria da

Egingo dezuna,

Baiñan izan zaitia

Beti euskalduna,

Zure eskuan dago

Gure etorkizuna.

Gure arbola zarrak

Zenbat txertu berri,

Neguaren ondoren

Dator udaberri.

Gaztetxo oiek dira

Guretzat pozgarri;

Bildurrik gabe jarrai

Bide eder orri,

Zuen mende dezute

Biar Euskalerri.


Uste izan

Katolikoak Vietnameko guduan

Rikardo Arregi

Vietnameko guduak zalantza ta kezka garratzak sortu eragiten dauz, politikan uste konkretuak dituan katolikoaren kontzientzian. Arazo onetan, beste zenbait arazoen ejenplu ta personifikaziño balitza lez, katolikoa katolikoaren etsai edo arerio gertatzen da. Ez edozein etsaigoan, gaiñera; gudua tarteko dan etsaigo baten baiño. Jaungoiko bardiñari otoitz egiten deutsagunok, asarre bizian. Kontradiziño au ezin daikegu baztertu.

Ginebrako trataduaren ondorenean, Vietname erdibitu ebenean, komunistak gobernatzen eben Ipar Vietnametik, eun millaka izan ziran ego aldera jatsi ziran kristiñauak. Oraindiño geiago esan daiteke: oneek izan dira antikomunismo gogorrenaren eta indartsuenaren bizkar-azurra osotu dabenak. Gertaera au guztiz inportantea da. Katolizismoa, frantsesak Vietname euren menpean eukenean, ozidenteko erlejiñoa lez azaltzen zan vietnamdarrentzat. Kolonizatzailleen erlejiñoa lez. Itxurea baiño besterik ez bazan bere, gatx galanta. Vietnameko komunistak ez eben bereizten oraindiño, «erlejiñoa erriaren opioa da» esaten ebenean, esangura bi oneen artean: «erlejiñoa berez erriaren opioa da» eta «erlejiñoa askotan erriaren opioa izan da». Beraz katolizismoarentzat, au kolonizatzailleen erlejiñoa lez azaltzen zalako eta komunistak orduan puntu onetan itxiak egozalako, vietnamdar komunistak mesfidantzarik aundiena azaldu eben, eta baita batzutan gogor jokatu bere. Bestetik vietnamdar katolikoen artean propaganda gogor eta sendo bat egin zan, Ipar Vietnameko zuzendariak deabruaren morroiak zirala eta iges egitea zala onena siñistu eragiteko. Eta asko ta asko euren apaizakaz batera ego aldera joan ziran. Eta ez da aaztu bear gotzain bat izan zala bere katolikoekin ejerzitu bat prestatu ebana, «vietminh»eri —vietnamdar abertzaleak euken organizaziñoari— gudu egiteko.

Ego Vietnamen zenbait katoliko dira amerikanoen adiskiderik aundienak eta «vietcong»en areriorik gogorrenak. Zenbait soldadu amerikano katolikoak dira. Ipar Ameriketan katoliko geienak guduaren aurrean pasiboak edo gobernuaren aldekoak dira. Gotzaiñak beste orrenbeste. Ezin aaztu Spellman kardenalak esandako berbak. Eta ba dago marmar bat, agirian azaltzen ez dana, baiña eten barik entzuten doguna: alegia, katoliko amerikanoak ei dira Eleiza katolikoaren eustaille indartsuenak diruaren aldetik, eta orregatik Aita Santuak ezin dituala gogorregi kondenatu amerikanoen bonbardeoak eta gudua. Alandabe, Johnson lendakariak ez dau abegi ain ona euki, azkenengo aldiz Erroman Aita Santuagaz mintzatzeko izan danean.

Baiña ba dagoz kristiñauak, abadeak eta gotzaiñak, Ipar Vietnamen gelditu ziranak. Amerikanoen bonbak katolikoen eleizak eta semeak ez ditue errespetatzen. Ipar Vietnameko katolikoak euren aberriaren askatasuna defenditzen dabe amerikanoen kontra, budistak eta komunistak lez. Ba dira katolikoak Estadu Batuetan —gitxienak, egia esateko—, Vietnameko guduaren kontra dagozanak.

Sozialista dan katolikoarentzat pentsakizun garratzak planteatzen dira gudu onegaz.

Ba dira, munduan zear, sozialismogintzan dabiltzan katolikoak. Oneek, euren fedea ta sozialismogintzea ez dirala arerio demostratu nai dabe. Erlejiñoa ez dala erriaren opioa. Ez dala berezkoa, historiaren gertakizuna ta ebanjelioa aaztutea, kristiñauak aberatsagaz, indartsuagaz eta abar alkartuta egotea.

Vietnamen barriz kristiñaua kristiñauagaz, anaiea anaieagaz dabil tiroka. «Alkar maitatu zaiteze» bizitu bear dabenak, alkar il naiean. Izugarrizko kontradiziño baten aurrean aurkitzen da kristiñaua. Bere fedearen eta bere usteen eragiñez sozialismogintzan sartuta dagoanez, ezin daiteke aingerukerian jausi, eskuak tolostuta gelditu. Biolentzia gatx bat da. Ezarritako biolentzia ostera, ezin daiteke errespetatu. Erreboltatu bearrari derrigorrezkoa deritxo.

Otoitza, duda barik, leenengo. Baiña geiago bear da. Bakea billatzen alegindu, eskuak tolostu barik. Kontzientziaren garraztasuna sufrimentuan bizitu. Fededunentzat, onek bere balioa ta indarra ba dauko-ta.


Bertsolariak Donostian

Zabale

Zezeillaren 4an eta 11an, egun bitan, bertso sariketa eder bat ospatu da Donostian. Agertu ziran bertsolarien izenak, ona emen: Agirre, Arozamena, Azpillaga, Basarri, Garmendia, Lasarte, Lazkao Txiki, Lazkano, Lizaso, Lopategi, Mattin, Mitxelena, Mugartegi, Xalbador, Uztapide ta Xanpun. Guztitara 16. Mordo ederra, jaialdi bikaiña.

Egun bietan an izateko zoriona izan genduanok, ez dogu damurik. Anoeta pelota lekuan batu zan jentea erruz. Zenbat? Lenengo egunean 4.000tik gora; azken egunean, jarleku ta bitarte beterik guztiz. Nunbaiten ba da oraindiño euskaltzaletasuna. Zaar eta gazte, danak naste.

Bertsoak, guztitarikoak. Oso onak be bai; alan bear ta eskasak be bai. Txaloa jo zan ba. Entzuleak eztitan gengozan.

«Onena» pentsu etxeak zorionak merezi dauz. Jaialdi ederra eratu eban eta diru asko galdu barik. Onenak irabazi, ospe ta diru. Bertsolariak bardin. Entzuleak be asko irabazi genduan: eusko gogoz eta izkuntzaz be bai. Guztiok irabazten, guztiok pozik. Guztietan pozan: gure euskera. Euskera zertarako? Besterik ezean, bertsoak egiteko ta areek entzuten guk geure nortasuna aurkitzeko bai beintzat. Euskera dan artean, bertsolariak be izango dira.

Bizkaiko pentsu etxeai noiz bururatuko ete jake olako jaialdi bat antolatzea? Zergaitik ez ba?

Akatsik jai orrek izan ete eban? Baietz uste dot. Epaimaikoentzat lan gatxa da, ondo epaitzea. Mai orretan, Bizkaitik eta mugaz-andik epaille bana baiño ez egotea, ez da zuzen. Entzutea bide dala, batzuk puntu mordotxoa artu eben asikeran. Beste batzuk ainbarik joan ziralako, beti beetik. Bizkaikoei baiño geiago emon eutseen baton batzuei, asko geiago egin barik. Ez zan egongo asmo txarrik, biotza buruaren aurretik bear bada, Gipuzkoatik 3 epaille egozala.

Lopategi bikain egon zan, gaiez eta soiñuz. Azpillaga ona. Nik puntu geiago emongo neutsan.

Mugartegik ba dau biotz eta buru. Ez eutsuen larregi emon.

Aurrerantzeko zenbakietan, ango zuen bertsorik onenak emongo doguz.

***

Azken egunean, iru bertsolari geratu ziran buruko: Xalbador, Lasarte ta Basarri.

Azkenik, emen jarritako bertsoak bota eutsezan, alkarrenak entzun barik, gizona zer zan esateko jarri eutseen gaiari.

Xalbador

Munduko lehen oihua ere

Gizonak baitzuen entzun;

Gizona, oroit ote zira gaur

Jaunak zer agindu zizun?

Eginbideak orde dauzkazu

Nola len eta bai egun;

Ondo begira, agindu hoiek

Ondo betetzen dituzun.

Jainkoak egin zuen gizona,

Hain izaite atsegina.

Gure izenaren arabera

Beti biziko bagina!

Bainan ez degula unik pentsa,

Hau ikusten det laxtima:

Gorputzaz gira maizenik oroit,

Ahazturikan arima.

Entzun dezala Eskual Herriak,

Entzun beza Gipuzkoak.

Gauza horiek adierazi

Behar lituzke gaurkoak.

Gizona zer den jakinda, ixuri

Izan ditut nik malkoak.

Gero betiko beraganako

Eginak gaitu Jainkoak.

Basarri

Kanta bear nittuzke

Al dan xamurrena.

Ola alaituko da

Basarrin barrena.

Emen biarra daukat

Gizon aitormena:

Biotzaren onduan

Anima duena,

Jainkuak egin duen

Gauzik aundiena.

Bigarrena ere daukat

Nik berialako,

Unetxo ontan ala

Komeni dalako.

Gauzak egin dituzu

Klase guzirako;

Jauna, nik esker ona

Daukat zuretzako:

Eskerrak bai, gizona

Sortu zendulako.

Gure pekatua da,

O Jauna, aundiña,

Nik esan gabe ere

Munduak dakiña.

Gurutze batian il

Zu baiziñan fiña,

Guk bista ederra eta

Ikusi eziña.

Ondo biar genduke,

Kristauak bagiña.

Lasarte

Amaika bertso len-e ba dira

Lasartengandikan junak,

Da oraingua ez dira izango

Nere iritziz txukunak.

Ba dakizute guk dauzkagula

Ain eginkizun astunak;

Gizatasunik ez du izaten

Kontzientzirik ez dunak.

Beti ez degu oso xamurra

Gaiak ondo eramaten,

Baiño al dana egin bearra

Onelako txoko baten.

Anai-arrebak, iñola ere ezin

Aspertu naike esaten,

Nai dun guziak ez baitu emen

Gizatasunik izaten.

Karga aundiak artuta dauzkat;

Au da ezin eramana,

Baiño siñistu gizatasunak

Ortaraxe naramana.

Ba dakizute lenengo zein zan

Emen gizon egin zana:

Biotz barrengo Jesus maitea,

Txit kurutzean il zana.


Kaleko gizonak diñoana

Aspaldiko gauzak eta oraingoak

Berba orreekaz, «Aspaldiko gauzak» izenaz agertu eban liburu bat, donostiar idazle G. M. Laffite-k. Arean bere, 1936 gn. urte aaztu-eziñean.

Ba dau liburu orrek atal bat, beste askoren artean sasoiaz eta sentoraleaz diarduana. Gaztelaniaz, euforia berbea ezarri eutsan idazleak. Aren lerro batzuen mamiña azaldu giñei emen, euskerazko jantziaz.

***

«Umore onaren aldekoak gara, ta beti agertu izan dogu orixe. Baikor izatearen agerpena da eta ganera, osasunaren aldekorik onena.

»Umore ona, birtutea da; antziñako esangura jatorrean, indarra.

»Umore oneko gizonak, izadiak ondo orniduak dagoz; ta orretxegaitik, ganetiko gizonak baiño goragokoak dira.

»Bizitzan, burrukaldiak eurrez izango ditugu; ta umore onekoa danak, errez gainduko ditu erasoaldiok.

»Baiña, zer da, zeatz esateko, umore ona?

»Eguneroko gorabeera latzei aurre emoteko era bat; eta orrelan, lagun urkoaz artu-emon samurragoak izateko modu egokia.»

Orra or, Laffiteren errezoi batzuk.

Bizarra moztu

Aldizkari batek, gaur dan egunean, gai barriak edota barritzakoak eta idazle gazteak bear ditu, ta eurrezean ganera. Gai barriak dira jentearen gogoko, albistak eta abar, asmauak izan arren.

Gauza ikaragarriak baldin badira, gogozago irakurten ditue. Izugarri unadan gabiz, egin egiñean be. Tremendismuaren menpe jausi gareala dirudi.

Alan bere, mundukorik geienak, eguneroko boladak eta aizealdiak ez darabiz. Nagiak eta egonzaleak garealako.

Geienok, bizarra mozten ikasi genduan, ta garbiago ta apaiñago dala uste dogu.

Bizartsu ta bizardun ibilli gura dauanak, ostera, bere esku dauka.

Zikin ibilli nai dauanak, beste ainbeste.

Ez aaztu, orraitiño, eskekoei, txakurrak eurak be, ausi ta zaunka egiten deutsela.

Legepean

Guk geuk, aspaldiko gauzak gomutateari zuzen deritxagu ta komenigarri.

Izan bere, Estoria, bizitzako irakaslea izan oi da.

Estoria itz ori, Gaztelako Alfonso X gn. errege jakintsuak erabili eban; eta baita gure amamak bere, estoria berba orixe berori sarri askotan azaldu euskun. Amama gureak, barriz, ez ekian erderarik. Jazorikoa ez da ipuiña, ta gogoangarri izan bekigu.

Estoria ta Estoril gogoan izateko zerak ditugu, nunbait be, ganeko urteetan. Orraitio, Estoril eta Montejurra esangura bardiñeko ez direana, begien bistako zera da.

Orixe agertu izan dau egunokaz abogadu batek, ain artez esan ezarren. Ez da naastau bear, orraitio, legepean egotea ta lege-barruan ibiltea.

Jakituria

Eguneroko bizitzan, gazteak emen jabilkuz au galde ta ori itandu; onen azterrenak jakin eta urliaren ibillerak susmau guran.

Bai, enetxuok. Ain urte asko lepoan izan arren, gorabeera naikoa ikusiak gaituzue. Gaztetxu giñeala, errege ezagutu genduan Madrillen agintari goren. Arean bere, errege orren alargun anderea eldu izan da zaartzaroan, aitatu dogun uri aundi orretara.

Jazoera orrek, bapatean, arbindu egin ditu batzuen gibelak; kezkaz ta artega jarri; ames zaarrak birloratu.

Errege orren jaustea, urrengoan aztertu giñei. Arrezkero, errepublikako urte gerakak be, ezagutu genduzan. Ta jarraian izan zan guduak, ariman eta gorputzean utzi euskuzan ondakiñak eta zauri-markak.

Bai, onuragarri da Estoriari begiraldiak egitea noizean bein.

Madrilleko azken-errege izan zana, Romanones kondeak ezik besteak, bakar bakarrik laga ebela be, ezin ba aaztu.

Beste gizon baten esan barragarria be, gomutan dogu: «Errege bako monarkikoa naiz ni» —esan eroian Ossorio y Gallardo zanak.

Gaur dan egunean bere, Ossorio-rik naikoa ba dala bazterretan, azaldu giñei.

KALEKOA


Alemaniatik

• Neskatillak ez dabe baserrira joan gura

• Kaleko emakumea luzaroago bizi da

Asko idazten da Alemania Federalean, ea kalean bizi dan etxekoandra naiz ama batek etxetik kanpoan lan egin bear dauan ala ez. Baiña orrezaz asko idatziarren, baserrian bizi dan etxekoandrea ez da apenas kontuan eukiten. Alandaguztibe, Schelsky jaunak, soziolojiazko profesoreak diñoanez, «baserriko etxekoandrea baiño persona lanpetuagorik, nekez aurkitu geinke Alemania osoan».

 Baserriko emakumeen artean, euneko 85ek ez dabe iñoiz bakaziñorik artzen (kaletarren artean, euneko 33 bakarrik geratzen dira ainbarik).

 Uda denporan, 8 ordu baiño geiago lan egiten dabe labrantzako zeregiñetan, etxeko bearrak aparte.

 Euneko 62k daukez bost lagun ta geiago etxean, jaten emoteko.

 Euneko 32k daukez 3 ume ta geiago (kaletarren artean, euneko 19k). Alemaniako seme-alaben batezbestekoa 1,9 ume da familia bakotxeko (bost koma bederatzi ume); baserrietakoa barriz 2,3 ume.

 Euneko 61ek aprobetxatu bear ditue domekak eta jaiegunak, etxeko zeregiñak egiteko.

 Euneko 3 baserrik dauke kalefaziño zentrala (euneko 11 da Alemaniako batezbestekoa).

 Euneko 7,2 baserrik (zazpi koma bi baserrik) dauke ura berotzeko aparatua.

 Euneko 50 emakumek egiten dabe eskuz leixibea.

 Euneko 85 etxekoandrak ez dauke bape istruziñorik edo beiñik bein ez dabe artu istruziño konpleturik. Formaziño sozialean, baserriko katoliku neskatillak azkenengo lekuan dagoz Alemania osoan.

Orrez gaiñera, baserrian gogorregi lan egiten da, ez dira orduak errespetatzen, nekez irabazitako dirua bitarteka etorten da eta beingoan sartzen da barriro labrantzako gauzetan.

Baserriko neskatillak inbidiagaz ikusten dabe, zelan doazan obeto jantzita kaleko neskalagunak, fabriketan naiz ofiziñetan lan egiten dabenak. Ori dala-ta, euneko 42 etxekoandrak kontsejua emoten deutsee euren alaberi, baserritar bategaz ez ezkontzeko.

Baserri mutillak —mutil sanoak— sarri joaten dira kalera, ea topetan daben neskatillaren bat, gero beragaz ezkontzeko. Baiña geienetan, kaleko neskak kondiziño gogor bat ipinten deutsee: baserria laga ta urira etortea.

Baserriko emakumeen situaziñoa, osasun kontuan bere, guztiz txarra da. Euren bizia, kaletarrena baiño laburragoa da. Euren lanerako indarra, ariñago gitxituten da. Gaixotuten direanean, ez dira guztiz osatuten. Sein egin aurrean naiz egin ostean, ez dauke oporraldirik. Gatxondoko bakaziñoak, ezta pentsatu bere.

Baserriko alimentaziñoa osasunarentzako kaltegarria da: bitamiña bakoa, albumiñaz betea, koipe ta azukara larregiduna, egosiegia, ekilibrio bakoa. Aolan atonduten dabe baserritarrak euren jatekoa, ez borondate txarrez, iñorantziaz eta astirikezaz baiño.

Araketak egin dira eskoletan; eta konprobatu egin da, baserriko neska-mutillen osasuna askoz txarragoa dala, kaletarrena baiño.

Zer egin leiteke egokera onetan?

 Kindergarten bat ipiñi auzotegi bakotxean, etxekoandren lana arinduteko.

  Auzotegi guztiak asistente sozial bana euki daiela.

  Amak direanak, joan daitezala noizik noizera, eurentzat jarrita dagozan sanatorioetara.

  Obligatu baserriko neskatillak, etxe ekonomiarako formaziño on bat lortzen.

 Dana dala, seguru gagoz urte asko igaroko direala, kaleko neskatillak ezkontzearen bidez baserrira joan orduko. Zegaitik ori? Baserriko emakumeak, gorputzaren aldetik naziñoko lanpetuenak direalako; eta espirituaren aldetik, pobreenak eta beartsuenak, duda barik.


Sutondorako

Rh odoleko gaixoa

Danok entzun dozue geixo oneri buruz zeozer.

Gutariko bakotxak, klase bateko odola dauko: obeto esateko, lau taldetan bananduta gagoz: A, B, AB ta O edo danontzat balio dauana.

Baiña onez gaiñera, batzuk Rh positibua ta beste batzuk Rh negatibua daukogu. Munduan, arraza guztiko gizon eta emakumeak, 100tik 13 bakarrik dira negatibua daukenak. Beste guztiak positibua dauke.

Baiña ona emen gauza jakingarri bat: Bakar bakarrik geuk euskaldunok eta Australiako beste erri batek daukoguz negatibu geiago (euneko amazortzi ta geiago). Au da jakintza aldetik eta, nire ustez, beste albo erriakaz daukogun ezbardintasunik andiena. Neure ustez, euskerak berak baiño be garrantzi geiago daukona. Baiña itxi daigun au beste baterako.

ANAITASUNARA Goti jauna osalari ospetsuaren alkar izketa bat ekarriko dogu. Bera ta beste erbestetar ospetsu batzuk egindako lana zoragarria izan da.

Baiña gaur guk esan gura doguna au da: zenbat eta Rh negatibu geiago euki, odoleko geixo geiago dago. Ama negatibua bada ta aita positibua, eta sabelean dagoan umeak, aitaren moduko odola badauko, amaren odolean aglutininak esaten jaken gauza batzuk sortzen dira, ta ondoren datozan umeentzat kaltegarri izan leiteke.

Esan dogunez, geixo au agertzeko, amak Rh negatibua euki bear dau eta aitak positibua. Biak positibua, biak negatibua edo amak positibua ta aitak negatibua badauke, ez dago arriskurik.

Olan ba, ona emen gaurko kontsejua: Ama barri, ezkongai eta ezkontzeko amesa dauken emakume guztiak, euren Rh zein dan jakin bear leukee, denporeagaz neurriak artu ta umerik ez galtzeko.

OSAGILLE


Zarautz, euskal musikearen indar bat

Euskalerria benetako alegiña egiten ari da, kantu modernua dala-ta beste naziñoen parean egoteko. Ori, begien bistan dago. Alandaguztibe, ekiñaldi orretan gauza batzuk ondo egiten dira; beste batzuk barriz, ez ain ondo. Gure ustez, momentu onetan, guztiz zorrotz eta zeatzak izan bear geunke geure buruaz, entusiasmu errez baten jausi ez gaitezan eta lurrezko idolurik egin ez daigun,

Euskal kantu modernuaren arlo onetan, oso bizkor lan egiten diardue Zarauzko talde batzuk, Manolo Urbieta, zuzendari bikaiñaren ardurapean.

Joandako domekan, zezeillaren 25ean, era ederra euki genduan, talde orreen gaitasun artistikua konprobatzeko. ANAITASUNA ta JAKIN aldizkariak antolatuta, euskal musika jaialdi eder bat emon euskuen Santiago Apostol kolejioan Oleskariak, Nayakoak eta Zarauzko Gaztetxuak.

Abegi guztiz ona emon eutsen publikuak asikera asikeratik. Areanbere, gose da erria olako jaialdiak entzuteko. Saloia, orregaitiño, ez zan guztiz bete. Gure ustez, zarauztarrak ezezagunak zirean; eta orregaitik, ez zan etorri jente asko askorik eureri entzutera.

Etorri zireanak barriz, pozarren urten eben saloitik. Jenteak ez eban uste izan, ain gauza ona izango zanik. Zarauztarrak, ezagunak dira orain Bilbaon; urrengo baten bertora badatoz, beste entzunaro oba bat aurkituko dabe nonbaitebe.

 OLESKARIAK. Erderaz, Coral de Cámara deituten jakon abestaldea. Kantoreak, amazortzi. Zuzendaria, Manolo Urbieta. Orain gitxi dala, leenengo saria irabazi dabe Gazteizen euskal musika txapelketa baten.

Leengo domekako festibalean, euren jardunaldiak bete ginduzan geien. Euren kantakeran, matizaziñoa ikusi genduan, enpastea, erritmua, afinaziñoa. Abestalde ona, akats txiki batzuk eukiarren bere. Euskerazko kantak eskiñi euskuezan: batzuk aspaldikoak, letraz eta soiñuz euskaldunak; beste batzuk ostera, modernuak, euskeraz jantzitako atzerri abestiak, erderaz canción ligera moderna deritxoenak.

Gure ustez, azkenengo estilo onetan abestuten dau obetoen talde onek. Guztiz ondo jagoke tankera au abeslarieri. Eta oraindiño obetoago abestuko leukee, nota sakonetan durundi geiago atarako balebe. Eta gura izanezkero, errez atarako leukee, orretarako gaitasuna ba dauke-ta.

Euskal abestietan, gizontasun geiago ikusi gura izango geuntsen, tasun ori euskal musika guztiari —baita maitasun musikeari bere— jagoko-ta. Tenoreen abotsa, apurtxu bat faltsoa iruditu jakun, emakume abotsaren antzekoa; eta detaille orrek zer bat emoten eutson kantu guztiari, kolore espezial bat, gure musikeari txarto jatorkona.

Modu aparteko baten aitatu gura dogu Paco Olazabal, baritonu solistea, guztiz ondo interpretatu baitzituan bere kantuak, batezbere «canción ligera moderna» dalakoari jagokozanak. Gatza ta nortasuna dauko mutillak bere kantakeran.

«Oleskariak», sekulako talde bat da. Gure ustez, abots batekoen eta bestekoen artean ekilibrio apurtxu bat geiago balego, talde au laster izango litzake onenetariko bat musika klase onetan.

 NAYAKOAK. Zarauzko «Naya» dantzatokiko orkesta gizonak. Abeslariak, Donato Larrañaga ta Luis Amilibia.

Ederto Donato Larrañaga. Ondo ezagutzen ditu, ezagutu bere, abesti modernuaren bideko zirkillu-mirkillu guztiak. Beronen antzeko abeslari gitxi ikusi dogu oraindiñokarren. Lastimea, mikrofonoen indar larregia, gura betean ezin entzun izan genduan beti-ta.

Luis Amilibiak barriz, Frantziako Pauen abeslari solista lez leenengo saria irabazi izanarren, uts emon euskun. Ez zan egon bere famearen pare. Otz aurkitu genduan, beti bat, bariaziño gitxiko, abots meegi, aberastasun bako.

Orkestea ederto, lantzean bein erritmua bateriaren aldetik ondo ibilli ezarren.

 ZARAUZKO GAZTETXUAK. Presentatzailleari siñistutekotan, numeru au ei zan interesgarriena. Egia esan, laburregia izan zan, saillik-sail, beste jardunaldien aldean.

Zarauzko umeak kanta polit batzuk eskiñi euskuezan eta, gaiñera, deklamaziño batzuk. Lan bikaiña egiten ari dira umetxuok. Zarauzko erriak gure txaloak merezietan ditu, orrenbeste arduratzen baita, euskal kulturearen azia umeen arimetan ereiten. Ugaria izango da, nonbaitebe, ereintza orren frutua. Uxala, beste erriak eta batezbere «ikastoletako» zuzendariak ejenplu au imitatuko balebe!

Milla esker Zarautzeri, geienbat Manolo Urbietari, bera baita ekiñaldi guzti onen arimea. Ea noiz zatozen barriro Bilbaora. Zeuen zain gagoz.

Felix Ibarrondo


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNAREN numeru onetan agertzen direan berba batzuk.

ALEGIA (G), au da, au esan nai da. Erderazko a saber.

ALBISTA (B), barria, notizia.

ARAKATU (B), aztertu, errekistatu.

AREAN BERE (B), izan be, ain zuzen be. Erderazko ciertamente, justamente.

BAPATEAN (B), bat batean, bertatiko baten, derrepentean.

BERAZ (GLN), ori dala-ta, orregaitik. Erderazko por consiguiente. Bizkaierazko BEGAZ ez da gaur egunean erabilten, guk dakigula beintzat. Begaz, maldezinoe egitea berez pekatu mortala da (Aita Bartolome, 1-145-27).

ETSAI (GLN), arerioa.

ETSAIGO (LN), areriotasuna.

EURREZ, EURREZEAN (B), oparo, ugari.

EZ BAITAKIT (GLN), ez dakit-eta.

GAZTELANIA (G), Gaztelerriko berbetea.

GAINDU (N), garaitu, goitu. Erderazko dominar, vencer.

GEIENBAT (G), batezbere.

GERTAERA (GN), jazoerea, jazokerea, jazo dana.

GIZARTE, gizonen alkarren arteko bizia. Erderazko sociedad. Berba barria.

GUDU (B), gudea, gerrea. Aintxiñako berbea da. Biotza ta zentzuna guduan dira bearrago iskilluak baiño (Refranes, 7).

JAREGIN (B), libratu, libre egin, askatu.

LAUDATU (BLN), goratu, alabatu, alabantzak emon. Mundakan erabilten da edo beiñik bein erabilten zan.

MESFIDANTZA (L), konfiantzarik eza.

MIRETSI (GL), pozez arrituta ikusi naiz entzun.

NUNBAIT BE (B), nunbaitebe, urrean, aurki. Erderazko seguramente, probablemente.

OROIT IZAN (L), gomuta izan, gomutatu, akordatu.

PREMIÑA (B), bearrizana. Ez oi naz sartu ardantegietan, noraezean, premiñaz ta ezin bestez baiño (Peru Abarka, 43-15).

SENTORALE(Z), osasun bete betea. Erderazko euforia.

UNADA (B), aldia, denporadea. Erderazko época, coyuntura.

ZALANTZA (G), dudea.


Joxe Migel Maiz

MAIZ txapeldunagaz berbetan nago. Mutil aundia bere txikitasunean, jigantea bere l,64an. Apala, umilla dalako da aundiagoa MAIZ. Deportistea baiño gizona da nagusiago MAIZegan. Bere erantzunak ez dira erabatekoak, biribillak. Ez dauko arrokeririk. Euskeraz ba dago esakera labur bat, nire ustez, MAIZ bere luze-zabalean zertuten dauana: MAIZ oso osokoa da.

Danok dakigu zein errez (gauza andi danak erreztasunagaz egiten dira, itxuraz) irabazi eban Lasarten. An egozan onenak. Ta danok dakigu: onenen aurrean onena.

***

— Joxe Migel, labur esanda jakin gura geunkez zure korrika karrerarik onenak-edo.

— Lasarteko au; joandako urtean 2gn., «Cross de las Naciones» orretan 6gn. Puesto oso ona da au be. «Euskalerri Naparroako Txapelketan» nagusi urten dot birritan, azkenekoetan Gazteizen eta Zarautzen. Gipuzkoako txapeldun be izan naz. Ta Espaiñiako kanpeonatuetan txapeldun-urrengo bi aldiz. Eta denpora zarrak aztertuaz, debutanteen artean Gipuzkoako ta Espaiñiako kanpeoi izandakoa naz.

— Ta aurten zer?

— Ikusiko dogu. Lasarten zeozer egin genduan. Orain asi naz ostera be entrenatzen, ze gaixorik egon naz, kalentura apur bategaz aste bete inguru. Ez da beste munduko gauzarik izan, baiña egonean eta geldian beti galtzen dogu erritmua.

— Laster dozu Euskalerri Naparroako Kanpeonatua. Amorebietan izango da, il onen 18an. An ikusiko zaitute bizkaitarrak. Ori izango da, ezta, zure urrengo korrikaldia?

— Bai, orain ori, ta martiaren 3an Espaiñiako Txapelketa Torrelavegan. Ta urrengoa «Naziñoarteko Cross» izango da, martiaren 16an, Tunezen.

— Nun joko dozu gogorren, irabazteko?

— Espaiñiakoan. Terrenoa ordeka da, leuna, eta alde onetatik ez jat komeni; or dagoz Alvarez Salgado, Haro ta Aguilar, baiña ba daukot kanpeonatu ori irabazteko gogoa, ze Naziñoarteko Cross ori, berak esan ebanez, Gammoudi tunezitarrarentzat emoten dot nik, bere etxean dagoalako.

— Ta Mexikora? Ori da deportista guztien jomuga ta elburua gaur. Zu ba zoaz?

— Gaurkoz ez noa. Ez naz preselekzionatua izan. Zegaitik ez dakidala. Entrenatzailleak be arrituta dagoz. Joandako urtean an ibilli giñan (beti batzuk!) jo ta ke izerdia emoten, Espaiñia errepresentatu bear zala-ta, eta orain autatu ez. Lotsagarria ez balitz, barre egitekoa litzake. Arrituta nago. Aguilar be bardin, ez da aukeratua izan.

— Zegaitik ez ba?

— Ori itaunduten dot neuk be. Egia esan bear bada, Federaziñoak bearrezkoan eta ezinbestez artu bear izan gaituala beti, esango dot, ez kariñoz, beste batzuek lez. Ori ondo dakigu. Eta orrexegaitik danagaitik gura neuke nik orain, preselekzionatu barik, eskatzen daben «minima» marka ori egin, goikoeri erakustearren.

— Ze ordu neurri da ori?

— Amar kilometrotan 29 minutu. Ta nik 29 minutu ta 28 segunduan egiten dodaz. Orretarako entrenatzen-eta jarri ezkero, lortuko neukela uste dot. Baiña lan egin bearra daukot-eta...

— Nun egiten dozu lan?

— Adolfo Aranoa deportezalearen lantegian.

— Bear gogorra?

— Ez, gogorra ez, baiña auts asko iruntsi bear, eta ori guretzat txarra da, esan bearrik ez.

— Goazen orain beste gai bategaz. Zu, Joxe Migel, ta egia da zu atsegiñago zabiltzala lokatza ta basatza dagoanean?

— Bai. Lokatza alde bitatik jat niri bentaja. Bateko, besteeri oso kaltegarri ta desesperagarri jakelako. Ta besteko, neu orretan gozatu egiten nazalako, txikitatik oituta nago-ta. Sikologia aldetik azi egiten naz ni basea ikustean.

— Sikologia diñozu. Baten batek kulpatu deutsu esanaz, ez dozula zuk zeure karrera egiten, besteen neurrian joan baiño, et aorrek galtzen zaituala.

— Bai eta ez. Baiña batezbe ez, ez da ori egia. Karrerea barrutik eta kanpotik ikustea ez da bat. Ardura dana, barrutik ikustea da.

— Zuk barrutik ikusten dozu, jakiña. Ta uste dozu ba daukozula korriduteko «burua» esaten dana?

— Bai, pentsetan dot baietz, karrerako goraberak igarteko ta asmetako begi ona daukot. Beste batzuk be igarri deuste ori.

Baiña batez be, diñodana da, naizta zu taktika onegaz joan, indarra, indarra dala nagusi an.

— Sikologi arloan oraindiño. Sarritan desanimatzen zara karrera barruan?

— Ez, ez. Orixe daukot nik ona, naizta besteak aurrea artu, ni ez naz desanimatzen, azkenerarte jo egiten dot, neure barruan atzera egin barik, neu fakultadez ondo banago beintzat.

— Zenbat urtegaz asi ziñan zu korriduten?

— Berandu. Soldadutzan, 1964an 22 urte neukozala.

— Zelan?

— Jimnasia ez egiteagaitik.

— Ez da izango! Ori da markea deportista batentzat! Siñistu leiteke?

— Egia da. Kapitanak ea boluntariorik ba egoan korriduteko galdetu eban, eta jimnasia mobimenduak ez egitearren, alkar animatuaz, an azaldu giñan lagun batzuk. Kapitanak, txikia nintzala-ta, ez eukan nigan konfiantzarik; eta orregaitik guzurtxo batzuk esan bear izan neutsazan, len be bost edo sei karreratan ibillia nintzala-ta... Baiña irabazi egin neban karrera a. Aurrerantzean kapitanaren begi onetik ibilli nintzan.

***

Joxe Migel MAIZ euskalduna da. Benetakoa, topikorik barik, ta guzurrik bape barik. Esan deust: munduan zear ibilli naz, baiña Euskalerria nik guren. Euskalerria ta euskaldunen joerak gustetan jakoz, berak esan deustanez. Euskeraz diardu beti.

— Nun jaio ziñan, Joxe Migel?

— Ayan.

— Aya au Zarautz alboan dagoan erri txikia baizen polita da. Orain, aspaldi onetan, Zarautzen bizi da, Salegi tabernan. Salegi ori da gaiñera bere entrenatzaillea. MAIZek, dakigunez, ez dauko bere Zarautz saltzeko. Ta Zarauztarrak be maite dabe. Ez ala, Joxe Migel?

— Bai, geiegi gaiñera. Nik be asko maite dodaz. Jeneralean, danak maite nabe merezi dodan baiño milla bider geiago.

— Eta zuk?

— Nik ez dakit jenteari zelan nire maitasuna erakutsi, zelan apreziatu jakin ez-ta ibilten naz beti. Edozein dot lagun, ez deutsat iñori be gorrotorik.

— MAIZek ez dauko Barnard osagillearen bearrizanik: biotza ondo baiño obeto dauko. Ta orregaitik ainzuzen da ain errikoia, maitatua. Berak kontatu deustan jazoera onek argi ta garbi diño: Lasartekoa irabazi ta urrengo egunean, Donosti zarreko «Bodegón Alejandro»nean egoan. Basarri ari jakon interview bat egiten. Gizon bi urreratu jakozan ta berbetan ziarduen. Orduan, areetariko batek itaunduten deutso: «Ez ete ziñake, gauza bat eskatuko baneutsu, asarratuko?».

MAIZek diñost berak ez ekiala zer eitekean-eta, ezetz esan ei eutsola. Ta orduan arek: «ni ez naz millonarioa, baiña ba dakit oso gitxi irabazten dozuela zuek, ta 1.000ko txeke au firmetan deutsut, eta bankura joan eta jaso daizula eskatzen deutsut.»

— Besterik barik. Esan deutsat MAIZeri: MAIZ, admiratua ta goretsia korrikalari ona zaralako izango zara, baiña maitatua, gizon ona zaralako zara zu maitatua.

Ta MAIZ konforme dago.

joan mari torrealday

Azkenengo barri.—Alkarizketa au eginda gero, MAIZ korrikalariak barriro irabazi dau irugarren aldiz segiduan— Eusko Naparroako Cross deritxon norgeiagokan. Aurten Amorebietan ospatu da txapelketa au. Igaz Zarautzen eta igazlenean Gazteizen. Bere nagusitasuna garbi ikusi da oraingoan bere.