ANAITASUNA

2

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzenbidea: Irala, 8 — Bilbao-12

GRAFICAS BILBAOK inprimatua

1968 zezeillak 15

D. L.: BI 1.753-1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Numeru onetan

- Irakurleen eritxiak (2gn. orrialdean)

- Igaz, Alemanian, 70.000 umek galdu eben euren gurasoen etxea (9gn. orrialdean)

- «Talidomida» pastillea ta lepradunak (10gn. orrialdean)

- Aberastu zure euskerea (11gn. orrialdean)

- Migel Unamuno SARIA (4gn. orrialdean)

- Euskerazko Mezak Bilbaon (4gn. orrialdean)


Izkuntzeagaitik burrukak Lovainako Unibersidadean

Urtarrilleko bigarren amabostaldian, barriro biztu da Beljikarren artean izkuntza burrukea. Flamenku estudianteak huelgara joan dira, eta ukabilka ibilli dira frantses egiten daben estudianteakaz. Periodiku guztiak zutunik jarri dira. Sozial-kristiñau partiduko flamenku diputaduak protestatu egin dabe parlamentuan. Polizaiñak zafratu ta arrestatu egin dabe ainbeste lagun. Bildurra dago, ez ete datorren ezinbesteko dibisiñoa Beljikako katolikuen artean.

Izkuntza kontuan, danok dakigun lez, zati bitan bananduta dago Beljikako territorioa. Lovaina, flamenkuen alderdian dago; eta legez ango ikastaldi guztiak flamenkuz egin bear litzakez. Alandaguztibe, Beljikako obispoak, Lovainako Unibersidadea zuzentzen dabenak, ez dabe kendu izan gura frantses izkuntzea ikastetxe aundi orretatik. Erabagi au artu eben 1966gneko maiatzaren 13an, flamenkuen gogoaren kontra.

Erabagi ori oiñarritzat arturik, joan dan urtarrillaren 15ean batu da Unibersidadeko Frantses Kontseillua; eta dokumentu baten argitaratu dau bere asmoa, frantses sailleko programea geitu ta osotuteko, eta orretarako bear direan medio guztiak ezelango traba barik erabilteko.

Asmo orren kontra, indar guztiakaz jaigi dira Unibersidadeko flamenku estudianteak. Estremista komanduak asaltatu egin ditue ango lokalak, zatitu profesoreen maiak, eta Molotov bonbakaz su ta keetan ipiñi Unibersidadeko auditorioak. Frantses izkuntzako estudianteak ez dira kikildu, eta ukabilka ibilli dira flamenkuakaz. Oneetariko bat klinikara eroan bear izan dabe astun zaurituta. Etorri da polizia, atara deutsoz autsak jenteari zartazo ta idizilka, arrestatu estudianteak dozenaka, eta sakabanatu bostetik gorako persona moltzoak.

Flamenku periodikuak adierazo egin dabe, eurak ez dabela iñoiz onartu obispoen 1966gneko deklaraziñoa, eta orregaitik errefusatu egiten dabela Unibersidadeko Frantses Kontseilluaren asmoa.

Sozial-kristiñau partiduko flamenku diputaduak eskatu egin dabe parlamentuan, joan daitezala ainbat ariñen Lovainatik frantses izkuntzako estudiante guztiak. Bardin eskatu dabe Unibersidadeko Flamenku Kontseillukoak eta izkuntza orretako profesoreak.

Urtarrillaren 21ean batu da Unibersidadeko Kontseillu Nagusia, alderdi bietako errepresentanteak bertan dagozala; eta gorabeera guztiak aztertuta gero, komunikadu bat argitaratu dabe, zera esaten dala, «alderdi bietako eritxiak oso desbardiñak izanik, ez dala posible izan akordu batera etortea».

Obispoak dauke orain azkenengo berbea, Unibersidadeko zuzendaritzea euren eskuetan dago-ta. Presiñoa egiteko, automobil komandu bat urtarrillaren 20tik 21erako gauean Malinasko Kardinalaren palazioaren aurrean lotu da, eta arrika zatitu ditu lenengo pisuko leioetako kristalak. Obispoak estualdi gorrian aurkitzen dira, Beljikako katolikuen dibisiñoa gauza guztien gaiñetik galerazo nai dabe-ta.


Erriz erri

Fruniz

Urtarrillak 28

Egun onetan gertakizun eder bat izan genduan errian. Izan be, aspaldi onetan, euskal alfabetizaziñoaren alde ekiñaldi bat egiten asita egon gara ango eta inguruko umeen artean. Konturatuta gagoz umeengan asi bear dogula gure ekiñaldia, eurak dira-ta biarko gizonak. Umeak alde batera ixten doguzan bitartean gure euskalzaletasunak ez dau eukiko ez sustrai ez sustantziarik. Umeak baitira erriaren lore. Erriak itxaropen bat euki daike, ames bat egin daike, izangura bat izan daike, baiña nun izango dau itxaropena, nun amesa, nun iraupengura ori, umeak azturik daukazan artean?

Gai au iñungo aldizkarietan izan da ikutua. Ainbat negar egiten dogu, bear bada. Baiña gaur ez da negar egiteko aroa. Atxurra artu bear dogu soloa jorratu gura badogu. Egiteetara joan bear dogu. Gure arloak azala lodi dauko; gure umeak ikastola baten bearrizana dauke. Eta ikasketa ori umeeri emoten ez deutsegun bitartean guk ez dogu merezi izango ez izenik ez iraupenik. Guztiz argi dago.

Ondo esan euskun abade orrek, D. Martiñek. Umeak etxean euskeraz egiten dabelarik eta eskolan erderara beartuta dagozalarik, atzerapen ikaragarri bat izanaren gaiñera, konplejo ikaragarri bat artzen dabe eta euren berbakerearen gauzaeza oso barruan sartzen jake. «TA AU OSO KALTEGARRIA DA». Konplejo au, bear bada, umeak barik andiak be barruan sartuta dauke. Zergaitik baiña? Txikitarik ez deutsielako euren berbakerearen alde ezer esan eta gitxiago oraindiño ezer irakatsi. Punto neuralgiko baten gagoz emen eta argia zabaldu bear geunke. Barriro be geuk erruak eta ez euskereak. Sarritan entzun dodaz onelako esakera batzuk: «Zetarako euskerea! Bizkargitik arantza ez dau balio!» Ez, ez dau balioko geuk ezer ez badogu balio. Guztiz argi dago. Zer balio dau bere buma estimatzen ez dauan gizonak? Zer balio dau bere nortasuna estimatzen ez dauan erriak? Guztiz argi dago.

Gure balioetzaz konturatu gaitezan, alfabetizaziño kanpaña bat egiteko premiñea daukagu. (Izan be gure erriaren zati on batek ba dauko alfabetizaziño kanpaña baten bearrizana...). Ta zergaitik ez da egingo beste errietan be Frunizen egin dana, au da, euskeraz irakurten eta idazten irakatsi? Naikoa litzake erri bakotxean borondate oneko gazte bat edo abade bat aurkitzea. Uste dot, erri askotan, klero indigena daukagula orretarako, maixurik ez badaukagu be. Eurak batu al izango leikiez, astean bein beintzat, erriko umeak bai eskolan bai beste toki egoki batean, eta euskera zer dan eta euskaldunak zelan idatzi bear dogun irakatsi. Lan au, oso sinplea izanik, muiñ andiko lana litzake.

Besterik ez zan egin Frunizen. An batu ziran bertako, Botiolako eta Ganbe auzuneko umeak. Ume talde ederra. Examiña bat egin jaken Alfontso Irigoyen Euskaltzaindikoa, D. Javier bertako abadea, Ines erriko andereño txalogarria eta au idazten dauana laguntzaille zirala.

Ba leiteke ango examiñak sinbolu bat baiño besterik ez izatea. Baiña gu ondo konturatu giñan zenbat egin eta noraiño elduko giñaken bear dan askatasunagaz eta laguntzeagaz bultzatuta lan sistematiko bat egingo bagendu.

Sariak Bilbaotik etorri ziran. Ai, Bilbao aberatsa da! Baiña ez uste aberatsakandik etorri zanik festaketa ori egiteko dirua. Nik ez jakin nun dagozan eta zetarako diran Bilbao arro onen diru andiak! Frunizeko sarien dirua, perretxikoen antzera, Jainkoaren graziz lagunarte batetik sortutako dirua izan da. Gure alfabetizaziñoaren zabalkunderako sortutako dirua. Eta, diñoenez, urte guztietan egongo da diru ori erri bat edo besterako, noiz eta nun umeak gertuteko indigenaren bat egoten bada. Eskerrak ba, lerro oneen bitartez, alkartasun oneri eta ia nun sortzen diran orain lan sakon au egiteko prest dagozan gure gazteak. Zeuek daukazue berbea.

BILBAO'tar ANTONIO


Irakurleen eritxia

Non dago anaitasuna?

Eztabaida bat entzun edo irakurri ezkero, naitaez euki bear da eritxi bat. Baiña oraingoan, neure eritxia emon gura dot, ez bakarrik eztabaida orren gaiñean, baita aldizkari orren gaiñean bere.

Izanbe, «Ume lapurretan»eri ez jako erantzupen zuzenik emon. Gaiñera, aurpegira irakurriko ez ziran idazlanak, aldizkari bidez, erri osoaren eta esamesan ipiñi dira. Ta au, zuen kultura ta guzti. Nik, biok baiño astakeri geiago esatea, ez zan mirari; baiña... zuek? Eta zuen eskuetan dago gure erriaren kultura ta ikasia? Ez bata zagoze konsultan, ez bestea pulpituan. Ori, tabernan be, asko edan barik ezin egin leiteke. Jesus Maria! Prailleak olan errazoitzen diranean, zer esango dogu besteok?

Bestea, Otsolarre ta Sabiñen arteko eztabaidea. Emen, batezbe Sabiñen azkenengo erantzunari, ez deritxat aldizkari baten argitaratzeko erakoa danik. Gizonak euren eritxiak alkarri agertzeko, olako izketa erabilli bear zanik, ez neban siñistuko. Baiña... non dago anaitasuna? Ori baiño nortasun geiago ez ete daukagu euskaldunok? Ta zer esango dot «Anaitasuna»tzaz? Ez dago idazlerik, idazlanik ala? Idazten dan edozer argitaratu bearrean ete dago?

Gizonak, batezbe praille, abade, osalari ta kulturadunak: Erri ezikasiak zeredozer ikasi ta ikusi daian be, zeuen eztabaidetan gizon portatu zaiteze.

Deunoro Sarduy


"Eman ta zabal zazu munduan frutua"

Ez dakit noiz eta ez naiz gogoratuten non, baiña aldizkari edo eguneroko baten idazlan garratz eta mamintsu bat irakurri neban. Bertan, egilleak, euskaldun guztion ereserkia «Gernikako Arbola» zala esaten eban. Gero, euskaldun askoren pentsamentuaren aurka jartzen zan, «chauvinismo cavernícola», «mentalidad aldeana», «ideología de campanario» ta beste orrelako «lorak» botatzen ebazala.

Amaitzeko, gitxi gorabera, auxe esaten eban: Iparragirrek bere kantuan esan eban lez, Euskalerriak beste erri askoren ama izan bear dauala, ta egiazko euskalduntasuna, gure ekanduak, gure oiturak eta gure izakerea (izkuntzeagaitik ezebez) mundu guztian zabaltzea zala, «eman ta zabal zazu munduan frutua».

Gerotxoago, Españiko eginkizunetan «aundi» egin diranen euskal izenak emoten ebazan; «kurutzea ta ezpatea» alkarregaz ebiltzaneko denporako edertasunak abestuten ebazan. Ego Amerikan eta beste errialde batzuetan garrantzitsu izan diranen izen eta abizen euskaldunak goraltzen ebazan. Ainbat gudari, politiko, misiolari, obispo ta lendakari. Erri orreetako edestia euskal izenez beterik dago.

Baiña ni, «cavernícola» zorro orretan sartuarren, ez nago eritxi orregaz konforme; beste era batera ikusten dodaz nik Euskalerriaren problemak, eta batezbe, etorkizuna.

Nire ustez, euskaldunak euren errietatik ateratzen diranean, bigarren edo irugarren jeneraziñoa orduko galtzen dabe euren euskal gogoa (danak ez baiña, bai geienak). Judutarrak, esate baterako, millaka urteetan gorde izan dabe erbestean euren judutar nortasuna ta gogoa; guk ez, zoritxarrez. Euskaldun gurasoetatik jaiotzen diran seme-alaberi sarritan entzungo deutsezue: «Yo soy mexicano», «yo soy peruano», ta orrelakoak. Noizik bein, bat edo beste etorten da bere jatorrizko etxea ezagututen, baiña ez euskal gogoaren indarrez, kuriosidadeak edo arrokeriak sakatuta baiño.

Ego Amerikan, euneko asko ei dira «sasiko seme-alabak», aitarik ezagutzen ez dabenak. Orregaitik, politikan edo negozioetan goi mailletan egon ezkero, polita izaten da norberaren jatorrizko sustraiak erakutsi al izatea.

Baiña euskalduntasunagaitik... ez, ta ez.

Adibidez, jazokera bi adierazoko dodaz: Ludi onetako nire lagunik onenetariko bat Bolivian dago, mixiolari (bere borondatez joana ta pozik dagoana gaiñera). Lagun onek, igez esaten eustanez, oso gitxi ei dira Bolivian euskaldunak. Boliviara ez ei da emigraziño aundirik egon...

Baiña lengo egun baten, Vicente Talonek Correo Españolen egiten eban artikulu bategaz arrituta geratu nintzan. «Che Guevara»ren eriotzako goraberatan bakarrik ainbat euskal izen ikusten ziran, batzuk aldeko ta beste batzuk kontrako. Eta egilleak iñoan lez, ez ei ekien euskaldun jatorrizkoak ziranik. Zer esan gura dau onek? Erbesteratuten dan euskaldunak, nortasun aundikoa ez bada beintzat, bigarren edo irugarren jeneraziñorako, galdu dauala bere izakerea.

Eta orain, bigarren gertakizuna. Gau baten, baserri batera joan bear izan neban atso zartxo geixo bat ikustera. Zortzi seme-alaba ederrak eukozan; batzuk Bilbon, beste batzuk erbestean, baiña zorioneko edo zoritxarreko dirua edo herentziak dirala ta ez dirala, bakar bakarrik egoan, mutil zar bategaz. Geixorik, zikiñez beteta, aragiak bizirik usteltzen asita. Seme-alaba ederrak eukozan, batzuk gaiñera aberastuak, baiña bera il zorian, bakartade osoan egoan, txirotasun gorrian.

Ez ete da au, gaurko Euskalerriaren irudi bat? «Eman ta zabal zazu munduan frutua», bai, baiña adar barri orreek bizi izateko, arbolea legortuten bada, zer?

Zaindu daigun ama gaixoa, gogortu daigun bere biotza dan euskerea, gorde daiguzan geure oiturak eta izkerea. Emon daigun, bai, munduan frutua, baiña ondo gorderik badago lenengo arbolea.

ARENAZA'tar JOSU


Migel Unamuno Saria. 1.go euskeraz idatzitako ipuiñen txapelketea

Eratzailleak:

EKONOMIKA ZIENTZIETAKO irugarren ikastaroko ESTUDIANTEAK

bizkaiko AHORRO KAIXEAREN babesean

Txapelketa au urrengo arauok zuzentzen dabe

1.—Nai daben persona guztiak bialdu leikeez euren lanak, euskerearen edozein dialektutan.

2.—Idazlanen gaia, agertu bako ta ezezaguna izanezkero, libre itxiten da.

3.—Lanok sei orrialdeko luzerea eukiko dabe geien geien, alde bakar batetik eta lerro biko tarteagaz makiñaz idatzita.

4.—Parte artzaille bakotxak iru lan bialdu leikez, geienik.

5.—Idazlanaren iru kopia, egillearen ardurapean bialduko dira Bilbaoko «Facultad de Ciencias Económicas»era (Avenida del Ejército, 87) 1968ko martiaren 11garren eguneko 12 orduetararte; eta beste idazki baten, sobre baten sartuta, egillearen izen-abizenak, zuzenbidea, eta lanaren titulua.

6.—Juradukoen izenak eta euren erabagiak denporaz adierazoko dira uriko periodikuen eta radioen bidez.

7.—Maiakoak, euren puntuak emoterakoan, lanen balore literarioak bakarrik aintzat artuko ditue.

 SARIAK

lenengoa: 3.000 peseta ta zidarrezko oroigarria

 bigarrena: 2.000 peseta

 irugarrena: 1.000 peseta

8.—Epailleak emon barik itxi leikee edozein sari, eta baita beste batzuk emon be, lanen ontasunari begiraturik; eta euren erabagiak beintabetikoak izango dira.

9.—Sari bako idazlanen biurtzea Ekonomika Zientzien Ikastetxean egingo da, txapeldunen izenak adierazota illabete geroago.

10.—Eratzailleen Komisiñoak eskubidea dauko, agertu leitekezan eta araudi onetan aitatuten ez direan goraberak ebazteko.

11.—Txapelketa onetarako bearrezkoa da arauok onartu ta betetea.

Eratzailleen Komisiñoa

1968gneko urtarrillean


Bertsolariak atara ala itto?

Ez dakit ondo nagoan, egian nabillen. Baiña neure eritxi bat danez, barruak agintzen deustana agertu gura neuke. Bertsozaleeri erantzun bat eskatzen deutset, euren eritxi ta pentsakerea azalduaz, neure utsak kritikatuaz.

Bertso artean jaio nintzan. Odolean bizi dot bertsoa. Bertsolari izan gura dot. Bai, bertsolari. Baiña zer eta zelakoa da bertsolariaren lana, eginbearra? Egiten ete dogu ezer ori jakin eta praktikara eroateko? Oneexek nire itaun biziak...

***

Joandako zortzi urterik onantz urretik jarraitu deutset bertsolarien ibillaldi ta txapelketa guztieri, asi Bizkaian eta Doñostiraiño. Irakurri dodaz txapelketetako bertso liburu guztiak. Eta ez nago konforme. Bai liburuekaz, baiña ez epai edo justiziagaz.

Epaimaiak, juraduak, ezjakiña ez danez, ba daki urterik urte gizon bat danen gaiñetik egon dala, baiña ez dauko kezkarik, kontzientziako miñik. Bertsolariak lau probintzietatik joaten dira, baita juezak be. Baiña beste probintzietatik epaimaiko edo juez bat badoa, Gipuzkoatik zortzi edo amar, eta jakiña botaziño batera eltzean...

Probintzia bakotxak bere nortasun bat dauko ta duintasun ori kentzea, ta gaiñera arpegiz kentzea, ez da legezkoa. Bai, ori olan da ta ba dakigu txarto dagoana, baiña... orixe jazoten da.

Bertsolaria galduko balitz, Euskalerriak beso sendo bat galduko leuke. Ta ori egi biurtzeko pausu gogorrak emoten ete gabiltzan nago.

Zer da, ba, bertsolaria? Ze mailla edo aulki merezi dau Euskalerrian? Noiz eta zegaitik sortu zan? Ta zetarako?

Galdera oneek egin ete doguz iñoiz? Ez dakit.

Euskalerriak, sortzetik, erri bat danez, gorabeera batzuk izan dauz. Gorabeera orreekaz batera bertsolaria dator. Bere munduko, Euskalerriko, sorkunde aretako problemak abestiz diñotsaz erriari. Aintxiña, atzo ta gaur auxe izan da bertsolariaren lana: momentuko, abestuten ari dan sasoiko gorabeerak erriari esatea. Ta gaur zetan gagoz? Atzoko ala gaurko problemak abestuten...? Edo tabernako kontuak esaten...?

***

Beste barri batek, naizta alde batetik poztu, ittun itxi nau. Donostian txapelketa bat sortu dabe. Oñatibia jaunak, «Onena» pentsu etxearen bitartez, diru pillo bat batu, sari eder batzuk jarri, bertsolari batzuk aukeratu ditu, EUN MILLA pesetako txapelketa jokatzeko. Oraiñarte txarto ordaindua egongo zan (egon da) bertsolaria, baiña olako larregikeri batek ez dot uste partuko dauanik. Naizta Oñatibia jaunaren lana txalogarria izan, ez nago konforme txapelketa orregaz. Alde batetik ez da zaintzen probintzien nortasunik. Gipuzkoak zortzi bertsolari, ta guztiz amasei. Ez diñot beste probintzietan bertsolari obeak dagozanik edo txarragoak diranik. Baiña bai indarrik, laguntasunik eta bardintasunik ez dagoalako, bertsolari asko, ta onak, etxean gelditzen dirala. Euren bertsolaritasuna iltzen doa. Beste alde batetik ba dakit txapelketa onetan parte artuko daben bertsolari asko txapelketa ofizialetan, berezkoetan, parte artu barik egon dirala luzaro. Zuzentasunik egon ez dalako edo eurak jakingo dabe zegaitik. Ta orain zegaitik? Eun milla pesetagaitik ala erriari erantzun bat emoteko? Gaurko bertsolari izateko? Dudan nago. Ta erriaren alde, bizi dogun momentuko erriaren alde, azaltzen ez danak, ez dau betetzen bere eginbearra, bertsolariaren eginbearra. Bertsolaria artista bat da. Beste erri batek ez daukon artista. Baiña artistatasun ori erriak emon deutso ta erriari deutso zor; bizi daben momentuko erriari, inguruari. Bertsoak ondo josiko dauz, neurtu be bai ta rima berezian eroan, baiña erriak bizi dauzan gorabeeratatik aparte badabil, bertsolaritasunaren berezko deiari uko egiten deutso.

Beste itaun bat: Oneek iltzen diranean zer? Bertsolaria ilko ete da. Il ez daiten zer egiten da? Gaurko bertsolari gazteari, erria osoan eta momentuan sentitzen dauanari emoten jako oportunidaderik? Bertsolari gazteeri jarri jake txapelketarik? (Loyolakoa aparte, ezagunak eta aukeratuak izaten dira). Laguntasunik ez dabe ikusten eta ez dabe alegiñik egiten bertsolaritasuna landuten. Euskalerriak beso bat galduko dau, mutilduta geldituko da. Erantzun bearrean gagoz momentu au eldu ez daiten.

Norbaitek esango dau amesetan nabillela, izarretatik. Bai, izan leiteke; baiña izarrak be ez deuste erantzun. Zuk, bertsolari edo bertsozale, erantzungo ete deutsazu nire kezkazko itaun oneri: Bertsolariak ataratzen ete gabiltz, edo bertsolariaren berezko izakerea ittotzen?

Gaurko egoera onegaz ez nago konforme. Ez ete dogu obetuko?

ENBEITA'tar ABEL


Aundikeriak ondoren onik ez [Bertsoak]

Aundigureai beren atea

Irigi nai izatea,

Esango neuke dala lapurrai

Atea edegitea.

Arrokerizko aundigureai

Itxi deioegun atea,

Bestela sarri izango dogu

Mesede ordez kaltea.

Aundizaleak ez dau izango

Apalak daukan bakerik.

Iñor menpean euki gurea:

Ez dago gaixo txarraorik.

Bide ortatik ez dau lortuko

Bere zorion osorik.

Aundikerizko egarri orrek

Ez daualako aserik.

Aundizalea baldin bazara,

Orra nire erantzuna:

Aundigureak galduten deusku

Sarritan gure zentzuna;

Aginpidean jarten badogu

Zentzunik bako gizona,

Orren eskuan ez dago ondo

Errien etorkizuna.

Arrokeria, aundikeria,

Ekatx guztien sustarra;

Zuzenzaleen arantza miña,

Menpekoaren negarra;

Gizonak alkar aitu eziña,

Gorrotoaren sukarra:

Auxe da egiz arrokeriak

Dakarren bide bakarra.

Aukeran bizi gura dauana

Bere arazo danetan,

Beti ezin lei ondo ibilli

Gizabideko gauzetan.

Aundizaleak biotzik ez dau,

Beti bekaizkerietan.

Miiñez uso, barrutik otso,

Umea egikeretan.

Aundizaleak ez dau izango

Menpekoen errukirik.

Orretarako arrokeriak

Ez deutso emoten lekurik.

Errien ona nondik datorren?

Ez dau orren ardurarik.

Gura dauana, aukeran bizi

Eta sakela beterik.

Zenbat erreiñu jagi izan dira

Arrokerien indarrez.

Besteen gauzakaz jaubetu eta

Zigortzen biotz gogorrez.

Bakezaleak gudan ipiñi,

Guraso asko negarrez.

Jauntxokerien kaltea zer dan

Azaltzen ez dogu errez.

Enbeita'tar Balendin


Besteak diñoena

Eleizea ta burgesia

Eleizearen eta kapitalismuaren arteko artuemonak direala-ta, auxe diño Monseiñore Ancelek, Lyoneko obispoak: «Langilleen artean, konbentziduta dago jentea, Eleizea kapitalismuagaz bat eginda dagoala. Konbentzimentu au guztiz sakona da, ia unibersala da; eta orregaitik, langille klasea antikapitalistea da». Kapitalismuak, gauza guztien gaiñetik, bere interesak zaindu gura ditu; eta orreterako, bere dialektikearen bitartez edozein maniobra egiteko prest dago. Espaiñian, orain eundaz urte, kapitalismuak kendu egin eutsozan Eleizeari ondasunak; eta orain, Eleiza berorregaz alkartuta bizi gura dau, bere burua obeto jagoteko.

Alkartasun ori dala-ta, Espaiñiko burgesak eleizara doaz sarri; eta olan, estaldu gura dabe euren bizimodu okerra —eskandaluzko gastuak, diru irabazketa loiak eta abar—, erriko jentea miseria gorrian bizi dan bitartean. Baiña langilleak ez dira tontuak. Laster konturatu dira katoliku aberats askoren aurpegi biko jokabide orregaz. Ikusi egin dabe alde batetik, eleizara doazan burges asko beargiñen kontra dagozala, euron promoziñoaren eta aspiraziño zuzenen aurka jokatuten dabela. Eta beste aldetik, burges berberok Eleizagaz ondo konpontzen direala. Au ikusita beste barik, konsekuentzia lojiku bat atara dabe langilleak: Eleizea bera be, beargiñen arerioa dala.

Erriari ez deutso ardura, lantzean bein Eleizeak justizia sozialaren aldeko pastoralak publiketan baditu. Erriko jentearen ustez, jokabide ori, sustraian demagojia polit bat da. Pobretasunean bizi direanak, izugarrizko intuiziñoa dauke; eta beingoan igarten dabe, zer dan barriketa utsa ta zer mamiña, zer itxurazko ekiñaldia ta zer benetako aziñoa; aziño radikala, zirtedozartekoa, salbaziñozkoa; bertatiko baten susmetan dabe, zer dan erreformismua ta zer erreboluziñoa.

(«Proyección», Granada, 57gn. num.)

Erreboluziñorik ez

Munduko naziño pobreen desarrollua lortuteko, naitanaiez aldaketa aundiak egin bear dira, errenobaziño sakonak, erreforma bearbearrekoak. Orregaitik, problema ain astun onen aurrean, ainbat ariñen artu bear dau bakotxak bere gain, berari toketan jakon arloa. Kontzilioak daneri esan deutse —persona partikularreri ta agintarieri—, kontuan euki daiela aintxiñako kristiñau esakera au: «Janaritu eizu gosetia; bestela, zuk zeuk ilgo dozu-ta». Eta jarraian diño, bakotxak bere neurrian eskiñi daizala bere ondasunak naziño pobreeri laguntzeko, alik lasterren eurok eurotara konpondu ta desarrollatu daitezan.

Eleizeak oiñarriak ipiñi ditu, benetako errenobaziño bat egiteko. Eta orretarako ez da bear indarrezko erreboluziñorik, erreboluziñoak injustizia barriak eta bearbada lengoak baiño aundiagoak ekarten ditu-ta.

(«Ecclesia», Madrille, 1371gn. num.)

Kristiñau erreboluziñoa bai

Zorionez, gauzak bide zuzenera aldatzen ari dira. Urte asko ez dala, Eleizako jente askoren begietan peligrosuak zirean, erdi erejeak zirean Europako teologu andi batzuk. Orain barriz, lengo peko txarrak geldi geldika bapeztu egin dira; eta teologu andiok, benetako estimaziñoa ta eskerrona lortu dabe nonnai.

Egiak beti urteten dau nagusi, naizta orretarako milla traba, milla eragozpen eta oztopo igaro bear.

Teologu orreen artean, Aita Congar dominikua daukagu. Eta beronek, denpora asko ez dala, erreboluziñoaren teolojia, aitatu dau bere idazkietan. Orrek esan gura dau, duda barik, kristiñau erreboluziñoa posible dala, eta bearbada derrigorrezkoa dala.

(«Dirigentes», Bartzelona, 219gn. num.)


Bakea dala-ta

Bakearen eguna alperrekoa izan ete da Espaiñian?

 «Garbitu daiala lenengo bakotxak bere etxea», — diño Madrilleko Nuntzioak.

Urtarrillaren lenengoan ospatu zan mundu guztian, Aita Santuaren eskabidez, Bakearen aldeko Eguna. Ez dakit zelan egin zan zelebraziño ori estranjerian. Gure artean beiñik bein, ez zan ikusi berotasun apartekorik, interes andirik egun orregaitik. Neuk entzunda daukat, esate baterako, Bilbaoko apaiz batek bere menpeko bateri esandakoa: «Gaur, ez eizu aitatu Bakearen Eguna mezako berbaldian; asuntu orrek ez deutso ardura erriari». Jentearen epeltasun au ikusita, errazoi aundiagaz esan dau «Pax Romanako» sekretarioak, asmo orrek —mundu guztiko bakearen alde lan egiteak— ez daukola bizi andirik espaiñolen artean.

Izanbe, mundu guztiko bakearen zaleak izateko, lenengo geure naziñoko bakearen zaleak izan bear geunke. Espaiñiko bakeagaitik interesik ez badaukagu, zelan euki geinke mundu guztikoagaitik!

Periodista batek itaundu deutso Madrilleko Nuntzioari, ea zer egin leiteken Espaiñian, bakearen aldeko sentimentu ori errian sartzeko.

«Nire eritxiz —erantzun deutso Nuntzioak—, kanpaiñia indartsu bat organizatu bear litzake bakearen alde naziñoko kanpo guztietan, kanpo moralean, sozialean, kulturalean eta abar. Ekiñaldi aundi bat egin bear litzake, bakea, tolerantzia ta kolaboraziñozko espiritua espaiñol guztien artean zabaltzeko, projimoaren eskubideak eta aspiraziñoak errespetatzen eta defenditzen danak ikasi daien. Espaiñol guztiak—goikoak eta beekoak— alegin aundia egin bear leukee, naziño barruko bakea billatu ta sendotuteko. Ba diño ingles esakera batek: «Bakotxak bere ate aurrea garbituten badau, erri osoa garbituta geratuko da». Etxeko gauzak ondo konponduta gero, orduantxe egongo giñake prest, mundu guztiko bakearen alde lan egiteko».

S. P.

Justiziazko bakea

Gaur, gizon ondradua izateko, kristiñau zintzoa, benetakoa, hipokresia bakoa izateko, ez da naikoa ordenatsun zalea izatea, justizia zalea izatea baiño. Jakiña, gauza biak maite izan eta billatu bear doguz. Baiña justizia lenengo. Eta au egiten ez dogun bitartean, gitxiago egin daigun berba bakearen gaiñean.

(«La Verdad», Murcia, 1967-XII-21)

Eleizeak aurrea artu bear dau, gerrea galerazoteko

Mexicon, Cuernavacako obispoa, Monseiñore Mendes Arceo, Italiako Lercaro Kardinalagaz bat egin da, bakearen alde lan egiteko; eta biok eskatu dabe, Eleizeak argi ta garbi kondenatu daiala gerra modernua.

Gerrea, bearbearreko gatxa ei da. Norberaren burua defendietako ei da. Errazoia eukiezkero, bidezkoa ei da. «Argumentu orreek —diño Cuernavacako obispoak— bearbada len balio izan eben; gaur egunean barriz, ez dabe ezer balio, eta kristiñau moralaren kontrarioak dira. Alde fundamental bat dago, lengo ta oraingo guduaren artean». «Vietnameko gudate luze ta alperrekoa ikusita —gaiñeratu dau Monseiñore Mendes Arceok—, sendotu egin da mundu guztian gerrearen kontrako sentimentua. Naziñoetako gobernuak oraindiño prest ez badagoz, ago batez gudua gaitzesteko, Eleizeak aurrea artu bear deutse eta Jaungoikoaren izenean kondenatu gerra modernu guztiak, Eleizearen dotriñea profetikua baita eta bere irakaspenak Jaungoikoaren borondatea adierazoten dabe-ta.

Amerikanoen eritxia

Nortamerikan egindako azkenengo eritxi billaketan, erresultadu au agertu da Vietnameko gudua dala-ta:

63 % eskaladearen alde, 37 kontra;

63 % bonbardamentuen alde, 24 kontra;

58 % ekiñaldi gogorrago baten alde, 24 % kontra;

49 % Goiko Vietnam inbaditzeko asmuaren alde, 29 % kontra.

Alandaguztibe, 41 % amerikano poztu egingo litzakez, Unokoak naiz beste komisiño internazional batekoak bakezko soluziño bat aurkitzeko enkargatuko balira.


...baiña egia beste gauza bat da

Auxe esan da:

 Persiako Enperadoreak asmoa dauko, Soraya bere lenengo emaztea be Erregiña lez koroatuteko.

Baiña egia beste gauza bat da:

Pakistanen, korreo seillo batzuk inprimatu ditue, Persiako Enperadorearen koronaziñoa ospatuteko. Eta seillo orreetan, errakuntzaz, Soraya agertzen da Enperadorearen alboan, Farah Dibaren ordez.

Auxe esan da:

Vatikanoak protestatu egin dau, ango aire mugak errespetatuak izan ez direalako. Italiako abioi batek, ainzuzenbe, Vatikanoaren gaiñetik egaz egin eban, eta bertako jardiñetan dibortzioaren aldeko paperak bota zituan.

Baiña egia beste gauza bat da:

Propaganda orrek, barre eragin eutson Vatikanoko jenteari; eta Monseiñore sonatsu batek irribarrez esan eban, Vatikanokoak ezkonduta egon bear izan ebela, dibortzioaren aldeko propaganda ori egin orduko.


Kirikiño euskal idazle ospetsua

Bere bateo izena Ebaristo zan, baiña ezizentzat «Kirikiño» artu eban.

Lenengo ikasketak bere errian, Mañarian eta Durangon egin zituan, baiña amabi urtegaz Albacetera joan zan bere familiagaz, eta bertan amaitu eban batxilleratua. Gero Madrillera joan zan bide injenieru ikasteko asmoagaz eta azkenez fisiku-matematiku jakintzetan lizentziatu zan.

«Kirikiñok» beti eukon ames bat buruan: bere jaioterria. 1899an Bilbaoratu zan, eta emen Azkuegaz adiskide andia izanik, ainbat bearretan lagundu eutsan. Euskerazko ikastolak be emon ebazan. Euskeraz tautik be jakin barik, zenbatek ikasi eben errez eta nasai berba egiteko bestean. Euskera irakatsiaz, Bilbaotarren biotzak euskal maitasunean iziotu ebazan.

1909garren urtean ezkondu zan bere loba Basili Bustintzagaz. Oraindiño be bizi da Mañarian «Kirikiñoren» alarguna. Andra ona, euskaldun jatorra ta kristiñau obea. Ez eben seme-alabarik izan.

Baiña gure ustea batez be, bere euskereari buruz berba egitea da.

Bere euskera bizkorra, erreza, gozoa ta errikoia da beti. Euskera garbi zaleen kontrarioa izan zan. Bere denporako jokerea euskera apaintsu bat egitea zan, erriagandik urrun egonarren. Oneek, gizaldi bat aurreratuta bizi zireala esaten eban «Kirikiñok». Eta «Kirikiñoren» idazkiak sakonak eta gorengo maillakoak beti ez izanarren, pozpozik irakurten ditu jenteak, eta Bizkaiko idazleetatik geien irakurrienetariko bat bera izan dogu.

Bere lanik inportanteenak ABARRAK eta BIGARRENGO ABARRAK dira. Liburu biotan, aldizkarietan idazten ebazan kontuak, ipuiñak eta alkar izketak batuta dagoz. Onetan maixua dogu. Euskera bizi bizi eta argi argia darabil. Alkar izketan batezbe, bere biziko grazia eta gazitasuna dauko. Euskaldunen alkar izketea beti izan da apur bat ziritsua eta eztentsua. Au argi ikusten dogu bertsolarietan, eta Euskalerri osoak dauko bere barruan bertsolari usaiña. «Kirikiñok» be ba eukon, bearbada iñok baiño geiago, euskal arima au, eta bere meriturik andiena, au liburuetan azaltzea izan zan. Eta orregaitik bere nortasuna ezagutu nai badogu, bere idaztietara joan bearra daukogu, ze, «Kirikiño» oso osorik, zan letxe daukogu bere idaztietan.

Beste aldetik, egundo be ez zan ibilli buruausten zeren gaiñean idatziko ete eban. Bere inguruan jazoten zirean goraberak, zirean lez eta bizi bizi idatzita ipinten zituan. Merezi be ez dau izan gitxiagorik, baiña erriak asko maite eban «Kirikiño» eta bere eriotzeagaz, 1929an, asko mindu zan.

Baiña «Kirikiño» ez zan konformetan Bizkaiko euskerea jakiteagaz bakarrik, ze, gipuzkeraz eta lapurteraz be oso errez idazten eban. Ikasbide ederra gaurko euskaltzale askorentzat, geureagaz bakarrik konformetan gareanontzat. Eta emendik asi bear dogu euskerearen batasuna lortu nai badogu. Danak ezagutu ta ikasi ondo zein dan biderik onena batasunerako.

«Kirikiño» idazle lez ona izan bazan be, gizon lez ta kristiñau lez ez zan gitxiago. Arantzadik diño: «Gizon ona, onik emen bada, gizon apala, ixilla, goitik iñori begiratuten ez ekiana, diruari eta aberatsari bakarrik ekian bekoki baltza jartzen».

***

Ona emen Ebaristo Bustintza. Asko deutsagu zor euskaldun guztiok eta batez be bizkaitarrok. Berari irakurteagaz egingo deutsagu omenik onena.

Jose Antonio Yurrebaso ta Anizeto Ajuriagojeaskoa


Alemaniatik. Igaz, 70.000 umek galdu eben euren gurasoen etxea

Bederatzi minutu bakotxeko, ezkontza bat austen da Alemania Federalean. Oraindiño ez dira egin estadistika osoak; baiña oraiñarte egin direanak diñoskue, igaz 60.000 dibortzio gitxienez egon direala.

Beste urteen aldean, 1967garrenean sekulako geien izan dira ezkontzausteak; eta iñoizko geien, gaiñera, edadera eldu bako ume abandonatuak. Irurogetamar milla umek, gitxi gorabeera, galdu bear izan dabe euren gurasoen etxea.

Geienetan, dibortziatu orduko, gurasoak batera etorten dira, umeak asilo naiz internadu baten sartzeko. Ori dala-ta, asiloetako umerik geienak, benetako umezurtzak barik, bizi alargunen seme-alabak dira.

Olako neska-mutil gaztetxuak, gaberik goizera, bakarrik aurkitzen dira; eta euren bizitza barriko milla gauza, eurak euretara egin bear izaten dabez, persona anormalak izateko peligru aundiagaz.

Soziologuak diñoenez, olako gaztetxuak, sarri askotan, aldatu egiten dabe derrepentean euren izakerea, guzurtiak biurtzen dira, uts egiten dabe sarritan eskolara, ogean txiza egiten asten dira, eta olako beste gauza asko.

Geienetan, urritasun edo inferiortasun konplejuan jausten dira, bertan bera etxe barik geratu direalako eta gurasoen maitasuna galdu dabelako. Orregaitik, medikuak diñoñenez, olako gaztetxu asko arimaz gaixotu egiten dira; eta gero, nagusitan, nekez izaten dira guztiz normalak.

Etorkizun illuna benetan naziño batentzat, eta erantzunbear itzala biotzbako gurasoentzat!


Sukondorako

Umeak zelan ondo azi

Aspaldiko urteetatik ona, umeak jagoten eta ondo azten aurrerakuntza aundiak egin dira. Uriburu eta erri andietan, gaurko amak illero eroaten dabez euren umeak osagilleagana, zer jaten emon jakiteko, eztitsuak noiz ipiñi jakiteko, neurriak artzeko ta abar.

Baiña erri txikietan, eta batezbere baserrietan, ez dago olakorik, oso atzeratuak dagoz oraindik.

Baten baiño sarriagotan entzun deutsegu «amama» bateri baiño geiagori gure konsultorioan: «Nik bular utsagaz zazpi ume eder azi dodaz, orrenbeste kopla barik».

Egia zan eta errazoia eukon baiña... erdi egia, erdi errazoia. Antxiña baserriak eta uri txikiak bakartuta bizi ziran, ez euken alkarregaz gaur besteko artuemonik eukiten, eta gitxiago erri nagusietako jenteagaz. Gaur trenak geitu, automobillak ugaritu eta jente arteko relaziño guztiak be geitu dira. Onen bitartez batak besteari geixoak nastetako arriskua be asko erreztu da. Baiña alandaguztibe, askoz be ume gitxiago ilten dira gaur, bai jaiobarriak eta bai andiagoak. Zegaitik? Len esan doguzan «kopleri» eskerrak, jateko obeari eskerrak, eztitsu edo bakuneri eskerrak, eta abar. Gaur geixo asko osatzen doguz eta beste batzuk betiko zapaldu dira.

***

ANAITASUNAREN bitartez, amabostero lagundu gura deutsegu ama barrieri. Guk esango doguzanak jente askok dakiz, baiña ez guztiak Orregaitik, laburki, garrantzitsu diran kontsejuak azalduko doguz.

Eta pozik ikusiko geunke alkar izketa bat sortzea. Zuek itaundu ta nik erantzungo neuskizue.

Gaurkoz, umeak «kalenturea» daukonean, zer egin bear dan esango deutsuet.

***

Kalenturea edo berotasuna aintzat artzeko, umeak 37 gradutik gora euki bear dau. Zer egingo?

1.—Supositorioak etxean beti euki (microsup antitérmico, cibalgina, ta abar), eta lenago, orreetariko bat ipiñi. Gero osagilleari deitu, baiña lenengo kalenturea bajatu, atakerik edo alakorik etorri ez dakion.

2.—Errebesarik edo bomitorik ez badauko, berak nai dauan beste ur emon umeari; utsik edo mantzanilla memeia, bularrekoa bada. Utsik edo naranja ura edo antsekoa 6 edo 8 illabetetik gorakoa bada, ta berazkorik ez badauko.

3.—Soiñeko edo erropa larregi ez ipiñi. Ez daitela otzitu, baiña betiko erropeagaz euki. Bestela izerdiak be ur asko galdu egingo deutso.

4.—Nai ez dauala, ez jatekorik sartu. Ura emon ezkero, naiko da egun bategaitik.

5.—Osagilleari deitu.

OSAGILLE


"Talidomida" pastillea ta lepradunak

• Gomutetan zaree Talidomida pastilleagaz?

• Pastilla orrek atara eban ba zaratea mundu guztian!

• Deskubrimentu barria: pastilla ori ona ei da leprosoentzat.

Urte batzuk dira, Talidomida dalako ori asmatu ebela. Zetarako? Andrak, umegintzan, umeak dolore barik ekarteko. Zelako zaratea sortu zan orduan pastilla ori dala ta eztala! Ume egiteko aroan aurkitzen ziran andra asko ta asko, pastilla orreek poz pozik artzen asi ziran.

***

Baiña zer gertatu zan? Lenengo eguraldi zoragarria, eta gero odei baltz baltzak. Lenengo danak pozarren, eta gero danak negar zotinka. Ume normalen ordez, mamu batzuk etorten ziran mundura. Orduan negarrak. Eta eztabaida sutsuak, ea bidezkoa zan ala ez, itxurabako umeok amaren sabelean galtzea.

Batzuk kontra jarri ziran, eta beste gauza askoren artean esaten eben: «Itxurabako umetxuok Jaungoikoaren semeak dira, arimadunak dira, personak dira. Ezin leitekez galdu. Ori egingo bagendu, Jaungoikoaren legearen kontra joango giñake. Itxurabakoak izanarren, eskubide osoa dauke mundura etorteko eta gizartean biziteko». Beste batzuk barriz, borondaterik onenagaz erantzuten eutseen: «Nire eritxiz, Jaungoikoaren lege ori astunegia da, eroan eziñekoa da. Nik ezin neike ume mamuxka ori maite izan. Nik ezin neike aragi zati ori azi. Beti berorren ondoan, beti berorri begira, zoratu be egingo nintzake».

***

Pastilla au dala ta eztala, zer ez zan esan, zer ez zan idatzi orduan! Telebisiño ta irratiaren bitartez, eguneroko ta aldizkarien bidez, argi izpi baten abiadeagaz zabaldu zan mundu guztira. Gobernuak asi ziran pastilla ori eragozten, debekatzen. Ta ordu onean. Bestela ez dakit zer izango zan. Bai gobernuen eragozpenakaitik bai medikamentu beraren ondorengo txarrakaitik, jentea aztu egin da pastilla orreekaz.

Baiña osagilleak, ibilliaz ibilliaz, beste zerbaiterako onak dirala ikusi dabe. Zetarako dira onak pastillok? Leprosoeri laguntzeko. Lepradunak, aldiak eukiten dabez urte barruan; eta orduan jasan eziñeko min aundiak izaten ditue. Osalariak proba asko egin dabe pastilla orreekaz lepradunen artean; eta ikusi be bai, doloreak gozatuteko oso onak dirala. Izanbe, min dana kentzen dabe eta ez dakarre ondorengo txarrik. Begitu zelan sortu dan leprosoentzako medikamentu barri ta onurakor bat.

***

Joan dan udan, Guadalajarako Trillo errixkan izan nintzan. An dago lepradunentzako gaixotegi barri barri ta aundi bat. Menditxu baten gaiñean dago, erritik bost kilometro urrun. Medikuak, pratikanteak eta san Frantziskoren seme-alabak —mojak, enfermera lez; frailleak, kapellau bezela— auzo bat egiten dabe gaixoakaz batera. Antxe bizi dira danak alai eta pozik anaitasunik aundienean. Antxe ikusi nebazan lepradun gizaixoak, «erreaziñoa» deituten jakon sasoian, miñaren miñez kikilduta, doloreak jasan eziñik. Zorioneko pastilla orreek ze ondo etorriko jakezan!

A. Ibabe


Aberastu zure euskerea

Ona emen, «Anaitasuna»ren numeru onetan agertu direan berba ta esakera batzuk:

ARI IZAN (G), jardun, zerbait egiten egon. Irakurten ari da.

ASKI (GL), naikoa.

BAGA (B), bagarik, barik.

BAILITAKE (L), izango litzake-ta.

BALAKI (L), baleki.

EUNDAZ (B), eun ta geiago. Erderaz cien y pico.

HAR (DITZAGUN) L, artu daiguzan.

HITS (L), triste. Itxura hitseko gizona.

HISTU (L), tristetu. Gogoa histu zaio.

IDUZKI (L), eguzki.

IDUZKILORE (L), eguzkilora. Erderaz girasol.

ITAUNDU (B), preguntatu. Gipuzkeraz galdetu.

JAUZI (L), saltu/bultzada.

JOS (GAKIZKION) L, josi gakiozan, josi gaitezan norbaiteri naiz zerbaiteri.

MAIZ (GL), sarri.

OZTOPO (G), eragozpen, enbarazu.

PEKO (B), susmo, errezelu. Peko txarrari siñistea emon deutsat.

PITZ DAKIGUN (L), biztu dakigun, biztu daiten gugan.

SO (L), begirada. Begietako so batek arrobatzen du bihotza (Axular).

SONATSU (B), barre eragille. Gizon sonatsua.

ZAIN (GL), zan. Zainetako odola.

ZOIN (L), zein.


Euskal poesia

Mendiz bertzaldeko [Olerkia]

Mendiz bertzaldeko Eskual Herria

Ezin geiago zait xoragarria.

Ba du bihotzeko Su pizgarria,

Zainetan indarra, soan irria.

Alde huntako Eskual Herria

Ez zait gutiago maitagarria.

Ez du bertzean den suzko jauzia,

Bainan bai: Goxoa eta Neurria.

Indarra eta sua ez ote dire

Denen pizgarriko iduzkilore?

Goxoa, neurria ez ote dire

Zeru urdinaren soaren pare?

Bai, han ba da neurri, bainan ez aski:

Ai, hotzik argitzen suak balaki!

Bai, hemen ba da su, bainan ez aski

Ai, zeruan beti balitz iduzki!

Su neurrigabeak zoin maiz dituen

Gogoa, neurria itoarazten!

Neurri sugabeak zoin maiz dituen

Indarrak titiltzen, gogoa histen!

Hangoek balute suan neurria,

Guk aldiz baginu su pizgarria,

Mendiz bi aldetan zer Goizargia,

Salbu bailitake Eskual Herria!

Eup! Euskaltzaleak, altxa burua,

Erdal espantuka utziz mundua.

Gainez gain elgarri eman eskua:

Pitz dakigun berritz elgarren sua.

Ez dadila izan, gure galgarri,

Lokarri gabeko bi Eskual Herri;

Har elgarren ganik bai su, bai neurri,

Jos, eskual indarka, denak elgarri!

IRATZEDER


Iribar

• Bost urte Atletigaz

• Penalty bi, geldituak

• «Aurten, gitxienez 4gn. Geldituko gareala uste dot»

• «Niretzat, ikusteko, deporterik atsegingarriena, atletismua»

 Mutil jatorra zala, sarritan entzunda neukan. Orain, Iribar bera ezagutu ostean, arrituta geratu naz, uste neban baiño be zintzoagoa dala ikusirik. Gizonaren apaltasuna, sentzillotasuna...

Santiago Apostolu Kolejioan aurkitu genduan Iribar lagun biok, Olabeaga Iñaki Anaiagaz frantsesa ikasten. Maixuak diñonez, ikasle saiatua da Jose Anjel. Auxe da bere arratsalderoko entrenamentua. Goizean Pirugaz San Mamesen, arratsaldean Iñakigaz frantsesean. Mutil fiña izan bear orretarako.

Frantsesezko ikastaldia amaituta gero, ba goaz bere etxera. 6gn. bizitzea.

Asentsoretik urten eta beingoan, amar urteko mutiko bat —ez dakigu nondik— eskuan papertxu bategaz or agertu jako. Iribarren firmadea, autografoa gura dau. Beingoan egiten deutso. Pozik doa umea. Bera be egunen baten... nok daki. Futbolzalea da beintzat.

Bere etxean lagun zarrak lez sartzen gara. Ez da arritzekoa. Bat azpeitiarra ta bestea auzokoa. Asikeratik euskeraz gatoz, ta azkeneraiño olantxe jardungo dogu. Izkuntzeak berak irigi deusku adiskidetasun bide on bat.

Butaka eder zabal batean irurok. Iribar lapur biren artean... azpeitiarrak diñon lez. Mertxe Iribarren emaztea be gugaz dago.

***

— Bilbaora eginda, oituta?

— Ni aintxiñatik —diño Iribarrek—. Nik urteak daroadaz emen. Emen edo inguruan beintzat. Basaurin.

— Zenbat urte Atletigaz?

— Bost egin dodaz.

— Orain 24 urte daukozuzala, gazterik asi ziñan futbolean.

— 17 urtegaz, Zarauzko jubenilletan.

— Ordurarte zer egin zenduan?

— Zarauzko Mekanika Eskolan nebillen, eta «Oficialía industrial» titulua daukot. Maestria egiteko astirik ez neban euki.

— Ta asikeratik porteru?

— Bai, beti atezain. Beste edozein lekutan ez neuke ezertxo be egingo, rejionalen batean ez bada.

— Zenbat partidu internazionaletan jokatu dozu?

— 20 partidutan.

— Ze biaje izan da atsegingarriena, ederrena zuretzat?

— Chicagora egiñiko joan-etorria. Ikusgarria, Chicago bera. Gauez eldu giñan, baiña Chicagon sartukeran, eguna zala zirudian. Dana argiz beteta. Uria, ikusgarria, aundia. Trafiku itzela, gaua izanarren. Iru egun egin genduzan. «Estrella Roja»ri 3-1 irabazita itzuli giñan, Chicago uriaren alderdi ederrenak ikusita gero.

— Zenbat penalty gelditu dozuz?

— Partidu ofizialetan, bi. Bat, Collarreri.

— Zeu utzita, jakiña, gaurko porteru onenak, zeure ustean?

— Emen, euskaldunen artean, ba dira onak. Arakistain bat niretzako oso ona da. Gitxitan jokatzen dau baiña. Zubiarrain be oso ondo dabil. Yarza be oso ona. Urteak daukoz, eta orrek ez dau parkatzen.

— Ta Atletin daukozuzan ordezkoak?

— Zamora ta Deusto, biak dira onak. Zamora, danok baiño ikusgarriagoa da.

— Zein da edo zein izan da zuretzat, ezagutu dozun futbolistarik onena?

— Duda barik, Pele.

— Bizimodu latza futbolistearena?

— Berez ez da gogorra, niretzat beiñipein. Bakarrik, jai bat ezin dala artu etxean. Lotuta bizi bear. Astelena daukogu libre.

— Ze entrenamentu daukozue?

— Goizero orduterdi.

— Kanpuan jokatu bear dozuenean, joan-etorria zelan egiten dozue?

— Peninsula barruan danean, autobusez edo trenean. Las Palmasera ta estranjeriara, abioian.

— Atrebitzen zara esaten, aurten zenbatgarren geratuko zarien Ligako txapelketan?

— Zelan ez! Ba, gitxienez laugarren, uste dot, lenago ez bada.

Gu apur bat arrituta gelditu gara, baiña Iribarren arpegian ez da ikusten izan duda seiñalerik. Ta errazoia euki leike.

— Zuretzako deporterik atsegingarriena, ikusteko?

— Joku Olinpikuak bertatik aurrez aurre ikustea izango litzake niretzat atsegingarriena. Klase guztietako atletismua gustetan jat.

— Pelotari?

— Pelota zale bai beintzat. Neuk lenago geiago jokatzen neban. Ikusteko, eskuzkoa jat atsegiñena.

***

Aurrez aurre, liburutegi polit bat. Diskoteka dotorea, tokadisko eder bategaz.

— Musikazale?

— Bai, baiña batezbe klasikoena maite dot.

— Liburu guztien gaiñetik, erdian bakarrik, Biblia eder bat daukozu or goian.

— Ori erderaz dago, baiña ba daukogu beste txikiago bat, Mertxek eta biok egunero irakurtzen doguna. Auxe da.

Eskuetan ixten deust.

 ITUN BERRIA. Orixe - Kerexeta - Zugazti, irakurten da azalean.

Arrituta geratu giñan Iribarren erreztasunaz, euskeraz itzegiteko. Jakiña, Zarauzko euskerea, ez Bizkaikoa. Bilbaon geiago entzungo balitz, bearbada Iribarrek be ikasiko leuke, baiña onetan, zoritxarrez, Bilbaoko euskaldunak ejenplu kaskarra emoten dabe.

***

Deporte munduan fama aundia daukon gizonagaz egon ostean, fama orren menpean ez dala bizi agertu deusku berak. Gizona aundi egiten daben beste balio batzuk, fama utsa baiño estimagarriagoak, daukozala ikusi dogu. arrigarria benetan.

Beloki ta Joan