ANAITASUNA

1

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzenbidea: Irala, 8 — Bilbao-12

GRAFICAS BILBAOK inprimatua

1968 urtarrillak 15

D. L.: BI 1.753-1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


"Euskerazaleak" Alkartasunaren lenengo batzarra. Bilbaon Carlton Hotelean

 Urtarrillaren (ilbeltzaren) 23an batu zan Bilbaon, Carlton Hoteleko saloi baten, EUSKERAZALEAK Alkartasunaren lenengo batzar nagusia.

Maiburuan, Jesus Oleaga jauna; ta bere inguruan, oraiñarte Alkartasun au bere lenengo pausuetan zuzendu dabenak, legepean sartu arte. Saloian, 290 andra-gizon, au da, bazkide guztiak.

Oleaga jaunak emon eutson batzarrari asierea, erderaz eta euskeraz agurra irakurriaz. Gero, irakurri egin ziran Araudia (estatutoak), Gobernadorearen Alkartasunari emoniko baietza ta Akta fundazionala. Jarraian, Josu Atxak, euskeraz eta erderaz irakurri eban Alkartasunaren lenengo deia, Bizkaiko euskaldun guztiai egiña, euskereari eutsi ta Alkartasunean sartzeko.

Urrengo, Montiano jaunak irakurri eban oraiñarte egin dan lana. Egia esateko, orain egun gitxi lortu da Alkartasunarentzat legearen baietza; baiña olan ta guzti be, garrantzi andiko gauza bat egin da: euskera ikastaldiak zabaldu Bilbao Erri Irratian eta egunkari bitan: El Correo Español - El Pueblo Vascon eta Hierron. Bizkaiko Ahorro Kaixeak eskeiñi dau orretarako dirua; ta Coca Colak zabaldu dauz bere kontura 15.000 euskal gramatika, ezer kobratu barik, eta guztiak agortu egin dira.

Gero, Jose Luis Bengoak irakurri dauz diru kontuak. Lenengo illabete oneetan, ez dira kuotak kobratu, Alkartasuna oraindiño lege barruan sartu barik egoalako; ta bere gastuak ordaintzeko, eskupeko batzuk artu dira (nagusiena, Bilbaoko Gotzaiñarena: 10.000 peseta).

Irakurte oneek amaituta gero, Artezkari Batzordea edo Junta de Gobierno izentatuteko ordua eldu zan.

Oleaga jaunak, oraiñarte Alkartasuna zuzendu dabenen izenean, kandidatura bat irakurri eban, 25 izenegaz, eta galdetu eban ea onartzen zan. Bazkide asko jagi ziran, euren eritxia emoteko.

Beiztegi jaunak esan eban, 25 geiegi zirala; eta 25 izen orreetatik 13 arturik, beste kandidatura bat proposatu eban, izenak irakurriaz. Argitu egin eban, izen orreek batzean, alde batetik ez ebala izen barririk sartzen; eta bestetik gogoan euki ebala Alkartasunaren eginbearra, izparringiak, ikastolak, eta abar kontuan arturik.

Onen atzean, Garaizabal, Albisu, Zelaia, Bizkarra ta beste asko jagi ziran, kandidatura baten edo bestearen alde itzegiñaz. Gonzalez Sasia jaunak eskatu eban abade ta prailleren bat sartzea, kontuan arturik eurak izan dirala euskerea geien landu dabenak eta zeregin orreri aurrerantzean be geien ekingo deutsoenak.

Gero beste asko jagi ziran, euren artean Burgoa, Makua, Bengoa.

Oleaga jaunak, eritxiak argi ez egozala ikusirik, 10 minutuko deskantsua emon eban, alkarren artean itzegiteko, autarki edo botoak emon baiño len.

Esandako denporea igarota, barriro batu zan batzar nagusia. Andra bat jagi zan (ez eban izenik emon, baiña izlari on baten moduan egin eban berba), eta beste lau-bost bere atzean, eritxi desbardiñak emonaz.

Oleaga jaunak ebagi eban diskusiñoa, eta esan eban argi egoala kandidatura bi agertu zirala ta botoak emoteko ordua zala.

Jagi ziran botoak emon gura ebenak; eta paperak kontatuta gero, au agertu zan:

Zuzendarien kandidatureak: 46 boto.

Beiztegirenak: 90 boto.

Batzarra amaitu baiño len jagi zan Patxi Ansola, eskatuz Alkartasunaren bazkideak ejenplua emon bear genduala euskerea ikasten (ez dakienak) eta urrengo batzarrak euskera utsean egiten. Txalotua izan zan.

Oleaga jaunak ederto eroan eban batzarra; eta itzegin eben guztiak, iñor mindu barik emon ebezan euren eritxiak. Asiera on bat. Eta orain, lanera. Ea guztion artean emoten deutsagun euskereari bultzada on bat aurrera Bizkaian.

***

Bizkaitar irakurleak: Euskerazaleak Alkartasunean sartu gura badozue, idatzi, eskribidu zuzenbide onetara:

EUSKERAZALEAK

Vda. de Epalza, 12, 2.º dpto. 1.º

BILBAO (5)

Urteko kuotea: gitxienez 100 peseta (emendik gora, norberak emon gura dauana).

Xabier Gereño


Erriz erri

Arratiatik

— Bai, Yurrebaso. Itxartu, Billaro! Baiña Billaro bakarrik? Zeuk eta Arratiako ballara osoan bizi garan guztiok, guztiz garbi dakigu, ez dala Billaro bakarrik itxartu bear dauana. Arratia guztiak itxartu bear dau.

Begiratu zer esan eusten Arratiako gazte batzuek: amar urte oneitan Arratiakoak ez badira euskal problemaren jabe egiten, guztiz gatxa ikusten dabela, Arratiako euskaltasuna ta euskera bizirik eukitea emendik amar urtera.

Baiña zer? Itaun bat egiten deutsat neure buruari: au entzunda, geldi egon bear ete gara? Bestetan lez, berba utsetan amaitu bear ete dogu?

Neuk beintzat, neure ikusmen kaxkarra lagun dodalarik, gatx guztien artean ikusten dodan aundienetako bat auxe da: euskaltasun eta euskeraganako zaletasun gitxi dagola Arratiako abadeen artean; geiago, euskera ez dabela erabilten eta ez dabela ikusi gura, batonbat kendu ezkero.

Zertarako gura dogu erlejiñoa, bera dala-ta, geure kultura, herritasun eta gizatasunaren aurka badago? Zertarako emon bear deutsegu dirua abade orreeri, euren eguneroko ogia erosteko, egunero eurak geure gizatasuna zapalduten eta ilten badabiz? Zertarako umeak fraille etxeetara bialdu, erdal herrirako badira, ta ordez, ia euskeraz ez dakien abadeak ona bialduten badabez? Dotriña gaiñetarikoa da, ez bada pratikan ifinten.

Itxartu, Arratiako mutil eta neska euskaldun zareenok eta gogor jokatu, egia geugaz dago-ta.

Ikasle batzuk

Bermeotik

Bermeon be asi dogu urte barria. Ze ederra dan Bermeo, gizonak etxean diranean. Gure Bermeo, gizonak barik, ez da Bermeo-ta. Gabon aurretxutik ona, itxastarrak datozanean, gure erriaren biotza goraka asten da.

Ondo egin doguz jaiak. Naiko ondo. Orain, emen dator eguneroko aldatz gora. Ba dakizue... len asko ekarri ez, ta ekarri genduana be «erregiek» eroan dabe. Zer egiteko gagoz orain, San Josetararte? Gure amak ba dauko zeregiñik naiko, gu lako semeakaz. Ondikarren garrikoa istututeko esango deuskue... Txo, ba nik neuk aspaldian daukot azkenengo zuloan.

Ta, Basauritar barriak zer esango dabe? Olako markarik! Bermeotarrak, Gabonetan Basaurira. Neska ta mutil gaiñera.

Gure amak esaten dau, euren denporan Gabon Gabean etxean guztiak; kanpora iñor bez. Orain aize barriak datoz. Zorionak!, an egon zarien kuadrillakueri.

Urtarrillaren 7an, txapazko arrain ontzi barri bat bedeinkatu dau Mañuko D. Gotzonek. Itxas-gane dau izena. Erramon Larreategi'tarrak eta lagunek ontzi ederra egin dabe. Zenbat kosta iaken nok daki? Egin bearko da lana.

Barru ta kanpo ikusi gendun, eta ederra baten. Dakar aldetik suerte on bat izan daizuela Itxas-ganeko guztiok.

BURGO MENDI

Mungiatik

Jaia izan zan.

Urte zarra amaitu zan. Guk aurten poz aundi bat izan dogu.

Beti ta edonun ez dira gauza ederrak ikusten. Jai kutunak ez dira nonai sortzen. Nekez, baiña oraingoan bai, egiz, jokatu dozue Mungiar gazteok. Gogoz saiatu zaree geure abesti ta dantzetan. 1967ko Abenduaren 31an, goizeko amaika ta erdietan, «Ibaigane» antzer-tokia gaztez beterik egoan. Iñoz ez lez. Olakorik ez dot ezagutu.

Oraingoan bai, egiz, gazteak gazteeri dei egin eutsen. Erriko bizia artzera gaztedi ederra suspertu zan. Aurrera gazteak! Aurresku gogotsu baten bidez Atxuriko Aitorrek erri barria agurtu eban.

Txaloka, bat eginda egoan gaztedi zoragarria. Garaitasunaren asikerea zan. Ondoren, gazteak irunaka, biñaka ta banaka agertu ziran, gitarraz, erriaren gogoko abesti samurrak esaten.

A zan giroa. Bizla ta poza agertu zan txaloen indar gogorrean...

«Artetxe zortzikoteak» biotz girorik gorenenagaz lilluratu eban jendea. Aurreraka ederra egin dozue, gizon ta gazteok. Ta erriak be ondo ezagutu eban. Orregaitik eskatu eutsuezan abotsez eta txaloz abesti barriak. Entzungarri izan jakuzan. Zuen abeskera biguna, batasun eder baten, eztiki sartzen zan belarri barrura.

Neskatilla ta mutil dantzariak, asko jo bear izan dozue. Gogoz saiatu zaree. Baiña zuen alegiñak erti biurtu ziran «Ibaigane» antzetokian. Zer gauza ederragorik, erriaren seme-alabak, erriaren sena dantza bidez agertzen ikustea baiño? Bai. Bidea ba dakizue.

«Aurrak ikas eizue...» Ori be entzun gendun, neskatilla ta mutil biren artean gitarraz esanda. A zan jaza! Ondarruko gatza, Bizkaiko gogoa, guztia zan bizitza barri bat lez erne-miñetan.

Azkenez, Jokin agertu jakun. Soiñua paparrean ekarren. Zazpi urte ta begiak zoli agertzen zituan. Geure bizitzaren arnasa soiñu bidez biztu eragin euskun. Lau abesti jotaldiz barrituta itxi ginduzan. Egia da ori. Ta zu, Jokin, olerki polit bat zara. Zorionak zuri ta zeure etxekoeri.

Oraingoan, agur bero bat gaztedi bizi oneri. Egille ta begiratzailleak, guztiak bat izan ziñeen. Maitasun bat. Argi bat. Itxaropen bat. Guztiori batera zorionak. Gero arte. Agur.

EGIEDER

Lazkaon

Andima zanaren gomutaz, Lazkaon

Belu bada be, aditzen emongura deutset ANAITASUNAREN irakurleeri: iragarrita egoan lez ospatu izan zala, Lazkaoko Aba Beneditarren eleiz andi ta eder ederrean, guztiz andikiro, Abenduaren 17an, gure Andima idazle gomutagarriaren gogo aldezkero euskal illeta meza ospegarria, bertoko lekaide agurgarrien laguntza eskergarriaz, euskal idazleok ederto eraldua.

Bizkaia ta Gipuzkoako euskal idazle aldra andia eldu zan anai maitasunezko eleizkizun unkigarri onetara, prakadun, kapadun, gonadun eta abar, eta euren artean, antxe, pozarren ikusi ta besarkatu genduzan: Ortuzar'tar Imanol (90 urtedun abadea), Onaindia Aba, Akesolo Aba, Gereño, «Aurraitz», San Martin, «Ibalan», «Uxola», «Bitaño», «Bordari», «Amillaitz», «Erri-zale», Aierbe eta abar eta abar, beste antxiñako euskaltzale ezagun askogaz batean.

Eleizea, andia ta dotorea, goi ta be, aurre ta atze, ezker eta eskuma, dana egon zan entzulez bete beterik, eta ezin obeki abestua ta ospatua izan zan Olaizola jaunaren euskal meza zoragarria, emoille ta laguntzaille zazpi lekaide, apainki jantziak izan ziralarik.

Euskerazko meza zoragarri aretzaz, eta berton gure Onaindia Aba agurgarriak egin euskun itzaldi luze ta biotz-unkigarriaz, ez gara iñoz aztuko —ez orixe!—, Andimaren illeta eleizkizun aretara eldutako zorion andia izan genduan euskaltzale ta euskal idazle minduok.

GOIAN BEGO, elantxobetar biotzekoa!

ZELETA


Protestanteak, gure anaiak, Euskalerrian

Protestanteak, ez dira landara barriak Euskalerrian. Euskerearen aldeko euren ardurea be, ez da gauza barria gure artean. Aurten ospatuten da eunurtekoa, Eleiza Ebanjelikua Espaiñian finkatu zala. Historiak diñoskun lez, mobimentu protestante erreformatzaillea naikoa zabaldu zan XVIgarren gizaldian Nafarroako erreiñuan, Joana de Albret Erregiñearen bidez. Ordukoak doguz Testamentu Barriaren euskerazko lenengo itzulpena eta beste idazki batzuk, Protestantismuaren aldekoak.

***

Natibitate egunean, auzoan daukoguzan anai protestanteeri Gabon zorionak emotera joan giñean. Kapillako atea —etxe bizitza bat— zabalik aurkitu genduan; eta pozik emon euskun Artzaiñak bostekoa, alkar izketa mamintsu baterako prest.

Gelatxu baten gitarra soiñua entzuten zan, umetxuen abesti alaieri lagunduten. Natibitate egunez, Umeen Jaia ospatuten zan; eta arratsaldeko Festibalerako kantak ikasten egozan.

Len esan dot, protestanteak ez direala gure artean gaurrarte ezezagunak; eta gure izkuntzea be, ez jakela eureri ezezagun egiten. Oraintsu atara dabez gipuzkeraz orritxu bi, Siñismen Aitorketa (Kredoa), Amar Aginduak (Eksodutik eta Mateorenetik batuak) eta Aitagurea ekarten dituenak. Au, asikerea baiño ez da. Joanen Ebanjelioa be euskeratuten dabiltza. Euren artean, ba dagoz euskeraz ondo dakienak; eta oneek egiten dabe itzulpena Artzaiñen ardurapean.

***

— Ba daukozue Testamentu Barria, Leizarraga kalbiñotarrak 1571garrenean ain ondo euskeratua, Joana de Albret Erregiñearen aginduz. Ezin zeinkee barriro argitaratu?

— Bai. Baiña... non aurkitu ediziño zar ori? Alegindu gara billatzen. Banako batzuk bearko geunkez, ekipuan alkarturik lan egiteko. Baiña oso gatxa da orduko libururik aurkitzea. Bat, bai ei dago Gipuzkoako Diputaziñoko liburutegian. Ikusi be egin doguz fotokopiatuta, Leizagarraren itzulpen jatorrizkoaren zati batzuk, Zallako Paulistak argitaratu daben liburu eder baten.

— Ederto. Baiña zegaitik artu bear dozue ardura ori? Asko zarie euskaldunak?

— Ez asko. Baiña guk, Eleiza garean aldetik, ezin aztu edo baztertu geinke euskeraz egitea naiago daben ainbeste baserritar eta mariñel. Guk, guztieri zerbidu gura geunskioe.

***

Euren artean, gitxi dira euskaldun utsak; baiña misiolantzeak, beartu egiten ditu erriaren izkuntzea ikasten.

Zerbitzu onez gaiñera, berbeta beraren baliotasuna be ikusten dabe. Jakin egin dot, Donosti ta Bilbaoko Artzain biak euskeraz ikasten asi direala. Testigantza ederra danontzat!

Eleiza Ebanjelikuko protestanteak, Alkarte bat egiten dabe lurralde bakotxean. Euskalerri barrukoak euren artean bakarrik Euskal Protestante Batasuna egin bear leukeela dirudi. Baiña ez da olan. Espaiñiako beste probintzia batzukaz alkarturik dagoz: esate baterako, Zaragozagaz, Logroñogaz eta abar. Puntu onetan ez dabe eurak prolemarik ikusten. Diñoenez, errien batasuna eskatzen deutse euren ekumenismuak. Eleiza Ebanjelikua ekumenismu zalea da, eta errien muga gaiñetik dago.

Ba leiteke. Baiña, nire ustez, batak ez dau kentzen bestea. Alkartu leiteke besteakaz, norberaren etxea ondo jagonda gero baiña.

Euren batzarretan pozik egingo leukee euskeraz, erriak beti alan egingo baleu; baiña ez ei dabe iñor beartu gura euskeraz egin naiz entzuten. Katalunian liturjia geiena bertako izkuntzan egiten ei da, erriak bizitzan be alan egiten daualako. Euskerea gizonarentzat, eta ez gizona euskerearentzat.

Olan pentsetan dau, euskeraz ikasten dabillen Bilbaoko Artzain protestanteak, Espaiñiako Iparralde guztiko Alkartearen buru danak.

***

Mai gaiñeko liburueri begira nengoala, bi ikusi nebazan interesgarriak; «Sincero para con Dios» (Honest to God), John A. T. Robinson obispo anglikanoarena, eta «La Comunidad viva». Dietrich Bonhoeffer Artzaiñarena, nazitarrak Alemanian il ebenarena.

— Ez deutsezue janari txarra emoten zeuen ardieri!

— Danetarikoa emoten deutsegu, egia sakondu daien. Liburu katolikuak be, ba daukoguz emen: De Lubac, Congar eta abar.

***

Agur eginda, kalerakoan neure barruan esaten neban: «Oneekaz guztiz ondo konpondu geintekez. Borondate txarra euki bear, oneekaz anaiak lez ez jokatuteko».

Nire ustez, ez da gatxa alkar konpontze au. Lendik be, batera gatoz gizatasun, humanismu ta siñismenaren oiñarrietan. Ez jaku besterik falta, errealidade au kontzientzian sartu ta onartzea baiño. Orretarako eragozpenik andienak, ezjakintasuna ta sasi katolikutasuna dira.

Asko dira oraindiño katolikuen artean, protestante baten etxetik ni urtekeran, olan berba egin eustanaren antzekoak: «Baiña zelan zabiltze zuek protestante oneekaz artu-emonetan?»

Erlejiño libertadeari buruz eratutako lege barriaz, zer? Eliza katolikuak bai egin dauala pekatu, lege orren aurrean ixilik geratuaz, gizonak berez daukon eskubidea ta —oraindiño geiago— erlejiñoari zor jakon errespetu ta libertadea lege orrek zapaltzen ditu-ta. Anaien erlejiñoaren alde urteteko adorerik ez daukon Eleizeak, bere erlejiñoari be uko egiten deutso. Nire lagun Artzaiñak ez eban esan au; baiña bere begietan ikusi neban asko sufritzen ebala, Espaiñian euren Eleizeari, au da, Ebanjelioari eskubide sagraduena ukatuten jakolako.

Ze politto amarra leiteken erlejiñoa legeagaz!

JOAN ZULAIKA


Bilbaoko albistak

Erregeen egunean, Urtarrillaren 6an, meza eder bat egin gendun Bilboko euskaldunok, San Anton eleizan.

Igande guztietan dogu meza, euskera utsean, 11,30etan. Baiña egun aretako meza aparta izan zan.

Uriona'tar Balendin txirrindulariaren alde eskeiñi gendun, batez be.

Alako betekadarik ezta sarri ikusten. Eleizea ez zan gauza orduko jendetza artzeko.

Abeslari, San Anton Orfeoia. Bastidaren meza abestu eben, txistusoiñuz lagundua. Iai orretan abestu eutsen lenengoz zortziko barri eder bat Begoñako Amari. Abesti samurra, sarkorra. Eresia, Intxausti iaunak egiña; itzak barriz, Gallastegi'tar Klaudio abadearenak.

Izlari ta mezaemoille, Don Klaudio, bertoko txaunburua, Elorrioko semea, izan gendun. Euskera txukunean goraldu eban, Berrio-Otxoa ta Uriona lako semeak emoten dauzan Euskalerria.

Albo errietatik meza aretara ioanak arrituta egozan, alako mezarik gure errietan ez dalako ikusten.

Zorionak! milla bider Don Klaudiori, erriaren alde aspertu barik diardun lanagaitik. Gure errietan, meza bat euskera utsean egiteko bildurrez dagozan abade ta prailleai irakatsi ederra damotsezue.

ZABALE


Deustuko euskal katekesiaren urteroko jaia

San Pedro eleizako saloian batu ziran Deustuko 300 ume, bertako euskal katekesiaren urteroko jaia ospatuteko.

«Gizon bikaiñak» euskal antzerkia, euskal abestiak (ikusi argazkia), abesti zar eta barriak (gitarra ta guzti, oraingo modeari jarraituaz), euskal dantzak, txistulariak, et abar. Dana, umeak eginda. Jai pozgarria benetan, euskerea umeen artean zelan erabillia dan ikusirik.


Euskerazko klaseak radiotik

Urtarrillaren 20an asi dira Jon Oñatibiaren euskerazko metodu radiofonikuaren bigarren kursua emoten, Donostiko «Radio San Sebastián » bitartez.

Kursua 6 illabetekoa izango da, egunean egunean ordu-laureneko ikastaldia emoten dala. Orretarako laguntza osoa Gipuzkoako Ahorru Kaja Probintzialak ipinten dau; bera beti dago prest Euskalerriko gizarte ta kultura lanean lagunduteko.

Kursu onek ondo urtengo dauala seguru gagoz, lenengoa be ikasbide jatorra izan da-ta, euskerea zabaldu ta indartzeko zelako interesa sortu dauan ikusteko.

***

Arabako Diputaziño Forala konturatu da euskerazko erri kultureak bere laguntza benetakoa merezi dauala. Esaterako, euskereari ta folkloreari jagokozanetan, proietu ederrak daukoz. Asmobide orreen barri emongo deutsegu gure irakurleeri datozan banakoetan.


Alemanian. Siñistu eziñezko aldakuntza bat

Eboluziño aundia ikusten dogu aspaldion Alemania Federaleko katolikuen artean bakearen alde. Aldakuntza orren seiñaleak, asko edo gitxi, orranemen agertu dira Errepublika osoan. Baiña seiñalerik argienak, Pax Christi deritxon mobimentuak emon ditu. Oraintsurarte, mobimentu orrek ez eban gauza andirik egiten izan bakearen alde. Bere arazo printzipala zan, medikamentu, diru ta erropakaz lagundu gerra tokietako pobre ta gaixoeri. Orain barriz, lengo zeregiña itxi barik, beste abiada indartsuago bat artu dau: sendo ta bildur barik lan egin bakearen alde. Ona emen lan orren ejenplu bat: Pax Christikoak, beste iñok baiño lenago emon dabe aurpegia Eleiza katolikuan kontzientziazko kontraegilleen alde.

 Kontzientziazko kontraegilleak dira, Estaduaren agindu baten aurka doazanak, agindu ori —esate baterako, gerrara joatea— euren ustez justiziaren kontrakoa dalako.

Alemaniako Pax Christiko presidente barriak, Doepfner Kardinalak, mobimentuko Komite Internazionalaren aurrean esan dau, katoliku alemanak bakearen alde lan geiago egin bear dabela. Jarraitu egin bear dabe sakrifizioak egiten, erri atzeratueri lagunduteko. Baiña gauza guztien gaiñetik prest egon bear dabe, Alemania Federalean gaur egunean sortzen asi dan nazionalismuari kontra egiteko, nazionalismu orrek bakea peligruan ipiñi leike-ta. «Beste edozer baiño lenago —esan dau Kardinalak—, obatu egin bear doguz artu-emonak Alemania ta Poloniaren artean; auxe da gure oraingo zeregiñik aundiena».

Pax Christiren memorandum bat

Katoliku periodiku batzuk esan dabenez, Pax Christikoak, Doepfner Kardinalagaz batera, memorandum bat egiten ari dira momentu onetan. Dokumentu orretan, benetako adiskidetasuna eskatzen da alemanen eta polonesen artean; eta ori lortuteko, gauza batzuk proposatzen dira, orain urte bi «aleman jatorrentzat» tabu zireanak: esate baterako, obligaziñozko soldadutzea kendu, aleman katolizismua ezkerretarantz bultzatu, Alemaniaren zati biak onartu, itxi betiko Poloniarentzat Oder-Neisse ibaien beste aldeko territorioak.

Memorandum orren kontra aleman katoliku gitxik protestatu dabe. Antza danez, euretariko geienak edozer sakrifizio egiteko prest dagoz, bakea gordetekotan. «Ikusi egin bear dogu Alemaniako errealidadea, bera benetan dan lez», esan dau oraintsurengo Municheko eleizgizon ospetsu batek. «Egon dago or, gure aurrean, Alemaniako Errepublika Demokratikua; eta zutunik dagoz, Alemania bien artean, Oder-Neisseko mugak, gure gobernua eta aleman asko errealidade orren kontra egonarren».


Frantzian. Profesore ospetsua abade langile

Joseph Folliet, profesore ospetsua, Europa guztian ezagututako soziologu ta periodista frantsesa, laster abade egingo da.

Irurogetalau urte daukoz; eta azkenengo urteotan, soziolojiazko profesore izan da Lyoneko unibersidadean. Bere bizitza guztian, periodismuari ekin deutso; eta sendo lan egin dau, Frantziako katoliku prentseari indarra ta entzutea emoteko. Orrez gaiñera, liburu asko argitaratu ditu filosofia ta soziolojiari buruz.

Orain, bere erdi zartzaroan, abade egingo da «Pradoko» apaizen artean.

«Pradoa», abade alkartasun bat da, langilleen alde batez-bere arduratuten dana. Abadeak eurak, eskulanagaz irabazten dabe eguneroko ogia, euren Erregleak aginduten deutsen lez.

Abade alkartasun onen nagusia, Lyoneko obispo laguntzaillea da: Alfred Ancel, unada baten abade langille izan zana eta Kontzilioan parte aundia artu ebana.


Suezian. Geienak ez dabe siñistuten geroko bizitzan

Sueziarrak, gero ta gitxiago siñisten dabe eriotza osteko bizitzan.

Denpora asko ez dala argitaratu dira, naziño guztian zear egindako itaunketa baten erresultaduak. Itaunketa orren arabera, 1947garrenean euneko 47k siñistuten eben geroko bizitzan; orain barriz —ogei urte geroago— euneko 43k bakarrik. Alandaguztibe, euneko 99k naiago dabe, eleizgizon batek euren enterruan parte artu daiala eta illobia bedeinkatu.


Manolo Urbieta. Gizon bat. Biotz bat. Erri baten alde

Euskal musikalari bat dakargu gaur ANAITASUNAREN orrietara. Manolo Urbieta, Zarautzeko semea. Zarautzen bere balioa sobran erakutsi dauana. Ez Zarautzen bakarrik. Euskalerri guztian be bai. Ta batez be Gipuzkoa aldean. Emen da entzute andikoa. Baiña ez bear litzaken beste. Auxe da Euskalerriko gure pekatuetatik larrienetarikoa: baliozko asko ez dirala ezagutuak. Au, bat.

Bilbon, zezeillaren 25an agertuko da, Santiago zineman. An izango dezue musikazale ta euskaltzaleok, bere balioa neurtzeko (ta txalotzeko) une aproposa.

***

Danok dakigu, euskal arloan gabiltzanok euskeratik ez dogula irabazpiderik. Orregaitik ikusten zaitut «Caja laboral» onetan bierrean. Euskera barrutia ez da dirubidea, baiña bai espiritubidea. Dirubideak barik, Euskalerriaren aldeko lanak itauntzen deutsudaz orain.

— Zuk diñozuzan nire «euskal espiritubideak» oneexek litzakez: «LOS NAYA», «OLESKARIAK», «ZARAUTZEKO GAZTETXOAK», tabar.

Goazen banan banan. Lenengo, «Los Naya». «Los Naya» zer da?

— «Naya» dantza etxearen betiko orkesta tituluduna. Doñu tresnetan-da oso aurreratuak gagoz. Abeslari nagusia, Donato Larrañaga da, etorkizun andiko mutilla.

Parkatu, baiña au, «Los Naya» taldea, txarto ez banago, ez dago berez beintzat, Euskalerriaren alde lan egiteko.

— Berez berez ez dago. Baiña kontuan eukizu euskeraz be emoten doguzala dantza kanta batzuk. Ta baita orkesta orretaz baliatzen dirala umetxoen norgeiagoka ta beste euskal jai batzuk.

Zer zara zu or?

— Fundatzaillea. Ta zuzendaria.

«Oleskariak», esan dozu bigarren. Talde au bai, entzunagoa da euskal munduan. Zergaitik?

— «Oleskariak» taldeagaz erriz erri ibilli garealako. Ta azkenengo aldiz Mondragoen Euskalerri osoko zortzikoteen lenengo saria irabazi gendualako. Ta beste arrazoi askogaitik.

Testigu naz. Ba dakit zuen zortzikote au erriari atsegin jakola. Zer diñozu?

— Baietz. Begi onez ikusten gaitu beti erriak. Bizkaian dagon ezkero, Lejonako gertakizuna: naizta lenen saria beste bateri emon, geu geratu giñan erriaren biotzean irabazle. Ta beti ola. Asikeratik gaiñera. 1964an sortu giñan zortzikote moduan. Urte orretako norgeiagokan 4garren urten arren, entzuleentzako gogokoen zan zortzikote lez presentatu ginduzan antolatzailleak. Beste adibide bat: zezeillean presentatu giñean lenengoz, ta aprillean «Columbia» disko etxeak kontratu bat eskiñi euskun.

Zeri zor deutsazue zuen arrera abegitsu ori?

— Arrazoi askori. Baiña batezbe, erriaren ondoan egoteari ta beste iñok abesten ez dituan abestiak kantetan doguzalako. Orregaitik egin dodaz erri abestien konponketa, musikaegite ta beste lan batzuk.

Musikagille lez zer egin dozu?

— Armonizaziño asko, abesti asko.

— Ezagunenak?

— Ara izen batzuk: Sorterritikan urruti.—Mendien deia. Amodiotan.—Binbili.—Euskera, oi euskera.—Gulu-gulu.— Euskaldunak euskeraz.—Zein ederra.—...

Puntu onetan, azken itauna: zure bierrean zein ipinten dozu lenengo: artea ala mensajea?

— Eginkizun askotan, arlo baten alderdi bi direala uste dot, artea ta mensajea. Ez dagoz asarre. Baiña aukera bat egin bear baneu, mensajearen alde jarriko nintzake. Arteari baiño mezuari, emoten deutsat inportantzi geiago.

Diskorik bai?

— «Columbia» etxeagaz bi daukoguz ta «Pax» etxeagaz bat. Eta orain zalantzan gagoz «Hispavox»-egaz atara edo ez atara.

Aurrerantzerako asmorik?

— Ondo goazelakoan, jarraitzea ta obeagotzea. Orretarako, «Oleskariak» zortzikote lez il egin dogu. Orain «Oleskariak» amaseikotea da. Elburu ta lorkizun bardiñak daukoz, zortzikotearenak. Orain indar eta kantu ots geiago emon deutsagula, bakarrik. Errez izan jaku amaseikote au eratzea, zaletasun itzela dago-ta. Barriz diñot: zortzikotearen xede bera dauko.

«Oleskariak» talde barri onegaz urten dozue iñora?

— Bai, ta ez baten bakarrik.

Esate baterako?

— Abestalde onegaz izan dogun jardunaldirik nagusiena Frantzia aldean izan dogu. Mont de Marsan eta Saint Sever errietan abestu gendun. Esito zaratatsua, ango egunerokoek ekarrenez. Eta Landesko uriburuko (Mont de Marsan, alegia) Gobernuan be egon giñan kantu kantari, ta bertan, Euskalerriko enbajada bat bagiña lez artu ginduezan. Pozik gagoz.

Goazen aurrera. «Zarauzko gaztetxoak». Pasa dan urteko abenduaren 24an neu be Zinema frontoian izan nintzan. Ba dakit zer dan a. Ta gertakizun zoragarria dala esan neike. Zarauzko ainbeste ume ta mutiko, bai kantuz eta bai deklamaziñoz, an agertu jakuzan. Danak eta dana euskeraz. Norgeiagokan, nor txapeldun urten. Urtero ospatzen da, ta merezi dau jarraitzeak.

 Esaistazu, Manolo, zelan sortu zan norgeiagoka au?

— Orain amar urte Euskeraren Eguna antolatu zan Zarautzen. Urrengo urtean Lizardi zanari goratzarre, omenaldi lez. Ta ez dakit zelan otu jatan konkurso ori, norgeiagoka ori antolatzea: abestiak, olerkiak eta ipuiñak sartzen dira or.

Ta gaur arte jarraitu dau?

— Bai. 1.000 ume-mutiko pasako ziran ortik. Zeaztasun batzuk izan ezik gaiñera, dana dago asikeran lez.

— Zergaitik sortu zendun norgeiagoka au?

— Euskera salbatu guraz, orduko alegin desesperatu bat izan zan. Umeen ao goxoan euskera ez eitean gal.

Ta fruturik ikusten dozu?

— Zein neurritan ez diñot, baiña euskeraren alde giro apropos bat sortu dogula bai. Zarauzko ikastola, ein batean, sortutako giro orren frutu lez ikusten dot nik. Ta auxe da gure saririk estimagarriena.

Ikusi zaitut nik iñoiz errietan emon dozuzan jaialdietan ume ta guzti. Zeintzuk dira umeok?

— Ementxe Zarauzko norgeiagoka onetan presentetan diranetatik autatuak dira. Batzuk kantuan, beste batzuk olerkian, beste batzuk ipuiñetan. Nagusi diranak-edo. Oneekaz, «Oleskariak» taldeagaz ta «Los Naya»-gaz ibilli gara an ta emen.

Nun?

— Plazenzia Armetakoan, Mondragoen, Donostian, Arantzazun, Legorretan, Eibarren, Azpeitian eta Getarian.

Bizkaia aldean ba zarie ezagunak?

—Zortzikote lez bai, ostantzean oraindiño ez. Zortzikoteagaz, Bilbon, Lejonan, Durangon eta Markiñan egon gara.

Zuen urrengo jardunaldia nun da?

— «Oleskariak» amaseikoteagaz Gazteizera goaz il onen 27an edo 28an. An Euskalerriko konkurso bat daukagu, Arabako musikalarien musikalanak interpretatuz.

Irabazi baietz, diñot. Ta gero Bilbora, ezta?

— Bai, Bilbora! Zezeillaren 11an an izango gara, Santiago zinema lekuan. Bizkaian itxaropen andiak daukaguz.

Nortzuk zoaze?

— Daukogun onenagaz goaz ara. Esango deutsut: «Oleskariak» erabarritua, Luis Amilibia, Donato Larrañaga «Los Naya»-gaz, «Zarauzko Gaztetxoak», Zarauzko Txistulariak.

Ederto. Jai nagusia izango da axe. Ba dakit zer diñodan, bein baiño geiagotan entzun deutsuet-eta. Bilbok ulertuko ta eskertuko zaitue. Seguru nago: Zarauzko itxas aizeak garbituko dau Bilboko auts zikiña.

 Zori on!

 Agur. Manolo. Erritik urbil ta urren dagoan gizona, bere denpora ta dirua Euskalerriaren alde eskeintzen dauan gizon bat agurtu dot.

joan mari torrealday


Jakingarriak

Erleak dirala-ta, ba zenkian...?

- Erlauntza bakotxean irutariko erle dagozala: langillea, erregiñea ta erlemandoa?

- Erregiñeak egunero iru edo lau milla arrautza egin daikezala?

- Erle langilleak iru edo lau aste besterik ez direala biziten?

- Erlemandoa erregiñearen senarra ta berau ernarituteko baiño ez dagoala?

- Kilo bat erle, amar bat milla (10.000) direala?

- Argizaria tripa azpitik botaten daben koipe klase gogor bat dala?

- Kilo bat argizari egiteko zazpi kilo ezti jan bear dabezala?

- Eztia, loretan batuten daben eta gero agotik botaten daben gozo bat dala?

- Udazkenean, eztia urritu egiten jakenean, ezten kolpez langilleek erlemando alperrak ilten dituela?

- Langilleak eztenkadea egiten dauanean, eztena galduaz bizia-bere galtzen dauala?

- Erle bakotxa bost kilometroraiño joaten dala ezti billa?

- Erlemandoak eztenik ez daukola?

- Langilleak dakarren lora uruna kumeentzako janari bikaiña dala?

- Erregin bi batera jaioten diranean, batak bestea ilten dauala?

- Nafarroako toki askotan, erle jaubea ilten danean, erleeri, eurak be il ez daitezan, auxe esaten jakela: «Erletxuak, egizue argizaria, nagusia il da».

- Euskal Herriko toki askotan erleak diruz ez dirana erosten, beste gauzen truke baiño?

- Eztia, giñarretikoa danean, oso lodia dala ta paper batean eroan daitekela?

- Eztirik fiñena zelaietako dala?

- Erlauntza on batek urtean 40 kilo ezti emoten dituala?

- Eztia onenetariko janaria dala ta osagille askok aginduten dabela?

- Erleak berbeta berezi bat daukela, dantza bidez, lorak nun dagozan alkarreri esateko?

- Debora izena hebreo izkuntzan «erle» dala?

- Erleari latiñez «apicula», frantsesez «abeille», italieraz «api», inglesez «bee», alemanez «biene», galixieraz «abella» ta esperantoz «abelo» esaten jakola?

- Erleen artean, batzuk garbitzaille ta beste batzuk eztiekarle, argizarigin, begiratzaille, atezain, gudari, urekarle, urunekarle ta masajistak dirala?

- Zugatzetan dindilizka lotuten diran erlakumeetan guztitariko erleak dirala, zaharrak, gazteak, erregin bat edo bi ta erlemando batzuk?

- Erlakumeok udako beroakaitik urteten dabela ordurarte euki daben etxe estutik?

- Eztenkada baten miña ariñagotuteko zaurian eztia edo lesiba ipiñi daitekela?

KINTANA


Zumarragako egun zoragarria. Xalbadorreri omenaldia

Joan dan abenduaren 10ean, illaren bigarren domekan, omenaldi itzala egin eutsoen Xalbadorreri Gipuzkoako bertsozaleak.

Goizeko amarterdietan, Meza santua Urretxuko Aita Pasionisten eleizan. Meza ederra, Jaungoikoari asko gustetan jakozanetarikoa, arimeak eta gorputzak, izate osoak parte artzen dabenekoa. Txistulariak, bertsolariak eta abar batu zirean. Predikua, dana bertsotan, Aita Agustin, olerkari bikaiñak. Eta zelako predikua!

Eguerdiko 12etan, Itzalo zinemako salan, omenaldia. Xalbadorrez gaiñera, an ikusi genduzan Ustapide, Lopategi, Lazkao Txiki, Mattin, Lasarte, Basarri ta Azpillaga. Bertsolaririk onenak, euren lagun aundiari ospe egitera etorriak.

Bosteun-seireun persona batu zirean teatroan; eta, Xalbador bere lagunakaz salearen erditik barrura sartu zanean, danak asi jakozan goraka ta esku zartaka. Baiña egun au, erreparaziñozko egun bat lakoxea zan gure anaia giputzentzat. Orduan, ixiltasunik aundienean gengozala, magnetofonotik entzun genduzan, Donostian Xalbadorreri egindako txistuak eta beronek bertsoz emoniko erantzuna. Barriro txaloak eta txaloak. Basarrik edegi eban jaialdia, eta Xalbadorreri bertsotan saludu bero bat egin eutsan.

Gero bertsolari guztiak, Luzio Gabiria buru, bakotxak bere omenezko saludua egin eban. Danak adierazo eben, ze estimutan euken gure Urepeldarra.

Sei urteko mutiko txiki batek, bertso polit batzuk, guztiz unkigarriak, kantatu eutsozan. Euskal eskola bateko 150 umeetariko bat zan bera. Ze ondo egiten direan gauzak Gipuzkoan!

Omenaldi bazkaria, Urola ostatuan; eta an be, bertso ederrak entzun genduzan.

 Felix culpa, edo zorioneko pekatua! Xalbadorrek berak esan eban lez, «doblezka eta erredoblezka erreparatu dute gure mugaz haraindiko anaiek Anoetako afruntua». Tesia, antitesia, sintesia: olan ei doa mundu onetako bizia. Orain lenengo biak igaro direan ezkero, ez dago dudarik, alkar obeto konprenitzera, estimatzera eta maitatzera goazala euskal probintzia guztietako anaiak.

Baxenabartarra

(Herria asterokotik artua)


Anai Berriotxoa'ren atalak. Euskeraz ondo ikasteko bide erreza

Eskutartean daukat Anai Berriotxoa prallearen azken liburua, bizkaieraz idatzia. Ta irakurten egon nazan bitartean, ainbat pentsakizun etorri yataz burura.

Zenbat irakurten dogu euskeraz? Zenbat idatzi? Ta euskeraz leidu ta eskribidutea bearrezkoa dogu gure izkuntzan ondo berba egiteko.

«Atalak» da Bitaño (au da, Anai Berriotxoa'ren izenordea) bizkaitar idazleak eskiñi dauskun azken liburua. Ta benetan atalak dirala, andik eta emendik artuta. Ez da liburu sakon bat, ariña baño. Ez da filosofia, jolasa baño. Baña jolasean be beti ikasten da zeozer, eta «Atalak» idazti ontan badago zer ikasi. Lenengo, idazkeran, bizkaiera jatorran. Gero, ainbat barri interesgarrietan.

Liburuaren asikeran, iru itzaurre edo presentaziño. Egilleak: Erkiaga, aita Lino Akesolo ta San Martin.

Nik, liburu bat eskutartean artzen dodanean, alboan daukat papera ta boligrafoa, ta irakurten dodazan itz eta esate sakonak eta poliltak, markau egiten dodaz. Eta gaur, idazti onen balioa zuen aurrean iminteko, egoki izango da markau dodazan esana batzuk kopiatea.

Lenengo, Erkiaga'ren iritzi bat: «Idazlearen arimea agertu deusku oraingoan, eta erriaren izkerea naiago dauala, gramatika-arauz zeatz eta estu ibiltea baiño».

Ikusi orain Lino Akesolo'ren itzaurreko olerki zati polita:

Onek onan ikusiz

eztana biguntzen,

zelango galtzaidua

izan bear daben!...

Akesolo'k berak diñosku aurrerago: Euskal izena baño euskal izana dogu bearrago. Eta izate au ez deusku ez lurrak ez odolak emongo, geure arimearen ordezko lez dogun euskereak baño.

San Martin'ek, bere itzaurrean, olan esaten dau: Anai Berriotxoa'k ondo daki jakintzak eta lanak bakarrik azkatuko gaitula. Eta egia da. Alperrikakoak dira asmo onak eta itz politak. Lana da bear doguna, euskera ta Euskal Erria goraldu ta zabaltzeko.

San Martin'ek berak, aurrerago, olan diño: Ordua da, gure aberkide euskaldunak erdera apaiñean euren buruak luzitzea uzteko. Tamalez, ori jazoten da euskotar askoren artean. Euskera ta Euskal Erria maite dabela esan, eta gero erderaz egin. Ordua da komedi ori amaitzeko.

Eta orain goazan liburuaren barrura, au da, Anai Berriotxoa'ren lanera.

Len esan dogunez, ez da lan sakona, ariña baiño. Ez dau Aresti ta Lete'ren tristura. Anai Berriotxoa irribarrez yatorku idazti ontan. Eta nire ustez, bietarikoak, au da triste ta sakonak, eta irribarrezkoak, bietarikoak bear doguz. Eta ori, ezin garelako bizi edo betl triste edo beti barrez. Bizitza da alde illun eta alde argikoa, jai-egun eta lan-egunetakoa.

Esan dogunagaitik, Berriotxoa'ren liburu ontan, esana sakonak baño esana politak dagoz. Ara batzuk:

 Agatxak (areitzak) gorri-gorri eta pagoak ori-ori, neguan edurra jausten dan moduan jausten ziran orriak lurrera.

Dana gorri eta baltz, sua eta eriotza. Odolez ganezka ibarreko ibai baketsua.

Dana gorri-gorri eta baltz-baltz. Dana negarra, sua, odola eta eriotza.

Esana ontan ba dago sakontasuna: Ba-ote dauka azkenik, neurririk, olerkaria bizi dan munduak? Eta beste onek: Munduko ixillezko bide guztiak dagoz zabalik...

 Arantzarik ez itxasoan? Munduko arantzak bigundu itxasoak?

Euskotar askori, Euskal Erria'n bizi diran askori, galdera au egin bearko geuntsien: Gure euskaldun arima ta izkuntzaren jabe izan baziña zu Perse...

Eta galdera orreri jarraituaz au esan leiteke: Tamal-emote, lastima au, otoitz biurtzen iata. Ta otoitz onegaz batera, lan andi bat, guztion artean, euskera ta euskal kutsua gure errian zabaltzeko.

Juizioa zabaldu yako gaur folkloreari. Batzuk kontra, besteak alde. Anai Berriotxoa'k bere iritzia emoten dau: Ezta galduko gure txistularia, gure mendi-ibarrak Euskalerri diran artean. Komeni be ez txistularia galtzea. Sustrai zarretik datorren deia, txistulariarena. Eta nik diñot: Amen. Au da, osorik konforme.

Eta azkenez, geyegi ez luzatutearren, au kopiauko dot «ATALAK» liburutik: Geldirik egotea baño obeto izango da zeozer egiten astea.

Eta zeozer egiten aste ori izan leiteke ATALAK liburu au irakurtea, leidutea. Bizkaieraz, edozeñek ulertuteko, entendiduteko moduan. Tamalez, ez daukaguz bizkaeraz liburu asko idatzita. Irakurri daiguzan daukaguzan apurrak, gure euskera landu ta apañagoa izan daiten.

Xabier Gereño


Parisen, euskaldunen batzar bat

Joan dan abenduaren 15ean, osterantzeko egunetan baiño mobimentu geiago egon zan Eskual Etxean. Lafitte jauna etorri jakun, konferentzia bat emotera.

Egia esan, bere itzaldiaren geia ez zan egoki egokia, entzule asko ekarteko: «Pentsamentu korrontak oraingo euskaldun idazlarien artean».

Lafitte jaunak euskaldun idazlari guztiak euki zituan begien aurrean, euskeraz naiz erderaz idazten dabenak, Euskalerrian naiz atzerrian bizi direanak. Euretariko 193, esate baterako, euskaldun amerikanoak dira.

Asko ikasi genduan ara joan giñeanak, ainbeste euskaldun jakintsu egoanik be, gutariko geienak ez genkian-da.

Lafitte jaunaren presentatzaillea, Legarralde jauna izan zan; goresmen aundiak egin eutsozan izlariari bere konferentzia ederragaitik. Jarraian, parte artu eben alkar izketan Manuel de Irujok, Maury jaunak, J. K. Abeberrik eta batezbere Roby-Lattes andreak. Berrogei bat lagun batu giñean. Gero moltzo bat errefreskatzera joan gintzazan alboko ostatu batera: beste askoren artean, an egozan Dunate jenerala, Borthayre kantari famadua, Irigoyen abadea, Dokelar, Belascain, Michel Irigoyen irakaslea eta abar.

Dana dala, arratsaide on bat pasatu genduan an egon giñeanak; eta eskerrak emoten deutsaguz Aita Lafitte adiskideari bere euskal jakituria ain ederto azaldu euskulako.

An egon zan bat

(HERRIA asterokotik artua)


Urte barrirako liburu barri bi

Asi dogun urte onetan erosi al izateko, liburu bi aitatu gura neukez, biak guztiz eder eta baliotsuak, biak Euskalerriari jagokozanak, naizta biak erderaz idatzita egon: bata frantsesez, Navarre Romane deritxona; bestea, Pintura Vasca deitua, espaiñolez.

Navarre romane

Lenengoa, Zodiaque koleziñoko 26garren liburua da. 37 franko ta erdian salgei. Georges Guillardek, Sorbonako irakasleak emon deutso itzaurrea; eta liburua bera, Aita Luis Maria Lojendiok, Leireko beneditanoak egin dau.

Naparroako erreiñua, XI ta XIIgarren gizaldietan, bere betean eta gorenean egon zan denporako jazoerak jakin gura dituanak, irakurri leike liburu au. Bertan agertzen direan fotografia aberatsak eta inguruko xehetasunak erakutsiko deutsoe, ze sakon sartuta egon zan orduan Euskalerria Europako artearen eta kulturearen gorabeeretan. Geiago dana: liburua irakurrita gero, ez dogu uste iñor egongo danik, Naparroako aberastasunak bere begiz ikustera ta mirestera joan barik geratu gura izango dauanik.

Gure eskerrak biurtzen deutseguz lan eder onegaitik Aita Lojendiori ta Naparroako Diputaziñoari. Bakar bakarrik eskatuko geunskioe, alik lasterren bigarren liburu bat atara leiskuela, eta bertan erakutsi Naparroa Aundiko, au da, Euskalerri guztiko aberastasunak, Zuberotik asita Arabako puntaraiño.

Pintura vasca

Bigarren liburua Bilbaon agertua da, eta 1400 pesetan salgei. Diru asko dala esango leukenari, prezioa ondo ipiñita dagoala erantzungo geunskio. Naparroaren historiak erakusten badeusku, Euskalerria —aintxiñako sekuluetan— Europako kulturan ondo sustraituta egoala, orain liburu onek agertzen deusku, gaurko gizaldian be historia berak jarraitzen dauala.

Liburuaren egilleak, Manuel Llano Gorostizak, gauza on bat argitaratu deusku, Baionako euskaldun pintoreak guztiz bazterrean itxiten baditu bere.

Gizaldi onetako pintoreen lanak ezagutu nai dituanak, irakurri egin bear dau Gorostizaren liburua; bertan ikusiko dau gaiñera, euskal artearen oldarra beti aurrera doala, gerra osteko artista barrieri, Oteiza, Basterrechea, Chillida ta euren lagun guztieri esker.

P. C.

(HERRIA asterokotik artua)


Euskal Abestiaren IV Jaialdia

Kantuak bialtzeko bigarren deia

Asko izan dira, Laugarren Jaialdi onetarako bialdu direan abestiak. Juradu batek aukeratu egin bear ditu euretariko onenak, gero Festibalean abestuteko. Juradua, abenduaren 9an batu zan; eta oraiñarte eldu direan abestiak aztertuta gero, ago batez erabagi eban, kantu orreekaz ezin eitekela Euskalerriko publikuarentzat kontzertu on bat antolatu, bear dan besteko balio ta kalidaderik ez eukelako. Eta orregaitik, Juraduak eskatuten eutson Organizaziñoari, bigarren dei bat egiteko, eta luzatu epea euskal musikalarieri, kantu geiago bialtzeko.

Organizaziñoko Komite Nagusiak onartu egtin dau Juraduaren gomendioa. Orregaitik, martiaren 31rarte bialdu leitekez kantu barriak. Konkursurako kondiziñoak, igazkoak dira; eta ezagutu gura dituanak, eskatu leiskioz CINSA etxeari, Avenida del Ejército, 18, Bilbao (14), edo irakurri leikez Anaitasunan, 1967an iraillaren 23an agerturiko numeruaren 10garren orrialdean.

Martiaren 31tik aurrera, Juraduak aztertu ta estudiatu egingo ditu kantu barriok; eta eurokaz batera, barriro esamiñatuko dauz lenengo plazuan bialdutakoak.

Luzabide au dala-ta, agiriko kontzertuak datorren urrian izango dira gitxi gorabeera.


Easo Abestaldea ta Mari Lurdes Iriondo Bilbaon

* Buenos Aires teatroan, kontzeziño eguneko kantu jaialdia

* Guztiz ondo San Antongo Orfeoia

* Euskal Mezaren akatsa

* Mari Lurdesek gauza batzuk ondo, beste batzuk txarto

* Easo Abestaldea ez da lengoa

Ba dakizuen lez, Kontzeziño egunean, Kantu Jaialdi eder bat izan zan Bilbaon, Buenos Aires teatroan. Jaialdi au, urtean urtean atonduten izan dau Gillermo Asteintza jaunak, Maquinaria Eléctrica Bilbaoren jerenteak. Aurtengo Jaialdia zazpigarrena da. Anaitasunaren aurreko numeruan esan geuntsuen lez, artikulu onetan geure eritxia emongo deutsuegu Jaialdi orren gaiñean.

Teatroa, bete beteta egon zan. Bilbaoko Radio Popularrek, Jaialdiaren erretrasmisiño diretua emon eban. Presentaziñoa barriz, Francisco Javier Garciaren kontura egon zan.

Lenengo partea

Lenengo parte osoa, Jose Maria Gonzalez Bastidaren Euskal Mezak bete eban. Bastida Maixua, Bergararra da; eta bere mezea, lenengo aldiz entzuten genduan Bilbaon.

Andoni Arregi koru zuzendari zala, parte artu eben mezan: San Antongo kantariak, txistulari batzuk eta Bilbaoko «Gaztedi» taldeko lau dantzarik.

Orfeoiak, guztiz ondo abestu eban. Koruko sail bakotxak ederto bete eban bere zeregiña; eta koru osoak, partitureak agintzen eban legez jardun eban. Dantzariak eta txistulariak tankera onean egon zirean, Arregi Maixuaren ziñueri beti adi. Berau, ondo egon zan: mobimentuetan neurridun, agintaritzan zeatz, matizaziñoan sakon.

Meza ederra, ondo landua, armonizaziño baliotsu bategaz ornidua; alandaguztibe, nire ustez, akats aundi bat daukona. Bastida Maixuak geiegi erabilten ditu erriko soiñuak, euskaldun guztiok lar ondo ezagututen doguzanak. Bere garako musikagille batek, euskal melodia barriak asmatu bear izan zituan, eta eskiñi euskaldunori benetako Euskal Meza barri bat.

Bitartea

Bien bitartean, Mari Lurdes Iriondok jardun eban, gittarra ta guzti.

Euskeraz ulertzen ez dauan edozein kritikalarik esango leuke, Mari Lourdes ez zala ondo egon. Nire ustez, bere abestiak ez dauke teknikarik, ez dabe gauza aundirik balio musikearen aldetik. Nire eritxiz, bere abestien balioa, musikan barik, beste leku baten jarri bear dogu: euskeran, euskeraz azaltzen direan pentsamentuetan, Mari Lurdesek berak berba bakotxean ipinten dauan emotibidadean. Ortxe dago euren balioa, eta orrexek berotuten dau publikua.

Beste ereti baten gura izango neuke, Mari Lurdesen estiloaren gaiñean berba egin. Estilo personala benetan. Ondo merezietan dau berak, bere abestien benetako bidea danon artean erakutsi deiogula.

Txalo asko entzun eban, eta erregalu eder bat egin eutsoen azkenean. La Casillako Umezurtz Asiloko ume bik lora txorta bana eskiñi eutsoen; eta euretariko batek —neskatoa bera— euskeraz egin eutson mikrofonotik saludua.

Bigarren partea

Bigarren partea, dana izan zan Easo Abestaldearentzat eta bere zuzendari Bastida Maixuarentzat.

Entzun dozue iñoiz esakera au: «Egin fama lenago, eta lo egin gero»? Gure ustez, orixe egin eban Bilbaon Easo Koruak. Aurtengo jardunaldi onetan, ez zan egon lengoetan baizen ondo. Abeslariak eurak be, iñoizko gitxien etorri zirean.

Kontzertuan bertan, gero ta indar gitxiagogaz abestu zirean kantuak. Alde makala «Amak ezkondu ninduen» lenengo abestia eta «Gernikako Arbola» azkenengo abestiaren artean! Abeslariak ez euken batasunik; eta uts aundiak egin zituen gaiñera, bein baiño geiagotan. Kantu batek bere, ez eban errepetiziñorik merezidu. Alandaguztibe, asko gustatu jakun Bastidaren «Maite Miña», Chocarro baritonuak kantatua.

Donostiko Abestaldeak otz itxi ninduan. Ba dakit, gauza erreza ez dana, kategoria altu bat beti eukitea. Baiña Easo Korua beartuta dago orretarako, dudarik baga.

Entzuleen artean be, aurkitu nituan persona ikasiak, neure eritxi berberau daukenak. Gauza txarra da, izen ona galtzen astea. Nekez eltzen da tontorrera; ondora barriz, ez da luzea izaten bidea.

Eskerrak

Neure izenean eta Anaitasunarenean, eskerrak Asteintza jaunari eta bere laguntzailleeri, euron artean Koldo Larrañagari, urtero alako kontzertu ain ederrak entzuteko erea eskinten deuskuelako. Eskerrak eta datorren Jaialdirarte.

Jose Luis Bengoa Zubizarreta


Ezagutu zure erria

Mundaka

Nor nazan esan bearrik ez dot nik. Euskaldunok, eta erdaldunak be, ondo dakie nor nazan eta nun nagon. Izan be, ederra naz gero, Mundaka.

Nire altzotik, urtero zenbat igaroten diran. Datozan guztiak artzen dodaz ondo. Edonundik, Europako errialde geienetatik iatortaz, neugaz udaldi on bat igarotzera.

Bizkaiko izadi edertasunak ikusi nai leukeezanak, aurrez datoz ona. Ain toki onean nago...

Alde batetik, or dot Gernika; ni baiño uri galantagoa, iolastokiz eta iantokiz betea. Itxas aldetik emen dot Bermeo. Erri langille ta neure auzo erria. Ni neu, bion bitartean, itxasoko kresaletan erri-barrenak umelduta. Oiñak otz eta burua bero.

***

Auxe da egia. Oiñak otz dodaz eta burua bero. Olan dagoana, ba dakizue, ondo ez dago. Oiñak otz, bizitza urri dodalako. Burua bero, bizi gura neukelako eta eziñik nagoalako.

Nire goraberak sarri agertzen dira ortik erderaz, zabaltzen diran izparringietan. Ona etorteko diñotse guztiai, turismu eratzailleak, ni lakorik ez dagoala-ta. Nire itxasertza, kresal gardena, sukaldari onak eta abar, aitatzen dabez.

Nire izatea azalez erakusten diardue. Baiña biotza, emen barruan negarrez daroadana, au eztabe iñon erakusten.

Onexegaitik, maiteok; benetan maite nozuenoi zerbait esan bear dautsuet, barrutik ezagutu nagizuen.

***

Len nik neban bizitza gogoratuta, iota gelditzen naz. Ai ni len... Ez egizue aztu au: Gernikako Batzarretan lenengo iarlekua neurea zan. A emoteko, gaur baiño geiagotxu nintzalakoa dot.

Itxasoa ta ni be aspaldiko lagunak izanda, zenbat gizon eder emon dodazan lemarako. Itxasoak asko lagundu dausku.

Orain eun urte, ondo gogoan dot. 2250 errilagun nebazan. Or dozue nire lengoa, laburrean.

Gernikan azkenengo batzarrean izan nintzala, ogetamar urte ointxe igaro dira. Ezta gitxi ni lako batentzat. Arrezkero gure uri ta mendi asko, garretan ikusi dodaz.

Nire biotzeko zauria, zarra ta txarra da.

***

Gaur erritarrak 1.500 dodaz. Udaldian 5.000 ingurura elduko dira. Baiña udakoak, areik ez dodaz neureak. Bizitza emotera barik, dodantxoa kentzen iatortaz. Neure-neureak zeuok zaree; uda ta negu, ementxe amaren ondoan bizi zareenok.

Ez dozue uste, baiña ondo ezagutzen zaituet; eta ementxe esan bear dautsuet «donfragak» iñoz esan ez dautsuena.

Nire bizia zeuok zaree, mundakarrok. Eta ara: orain eun urte baiño 700 lagun gitxiago dodaz. Olan ez noa ondo.

Etxe barri asko egiten diardue emen; baiña orreik niretzat ez dira. Urtean iru illabeterako baiño zabaltzen ez diran etxeok, neure eriotza dira. Txori bako kaiolak. Etxe apaiñak, arroak; baiña biotzik ez dabe. Orrein iaubeak, ez nabe asko maite. Ez datoz nigaitik, zeuokaitik be ez. Eurak, ondo bizitzera datoz. Or urrago Benidorm balego, ara ioango litzakezala uste dot. Batzarrak Gernikan egitea debekatu euskuenetik, ez goaz ondo.

Nik dodan miña, zeuok maiteok, bearlekurik emen ez dozuelako; egunero ortik zear, Bermeora, Gernikara, Muruetara ta ioaten ikustean.

Udan etorten diran eukitsuak, illobi dirudien etxe gangarrok egin bearrean lantoki on batzuk egingo balebez...

Agintari diralakoak, nire kaieko ondarrak atara, len egiten zan lez, eta ontzi andiak be sartzeko lako tokiak egingo balitzaz...

Egunero ortik, lanera ta ikastera zoazenok, emen ori egiteko lekuak izanik, emen izango baziñee...

Orduan negu zein uda, bizi geiago izango neuke. Orain noanez ioan ezkero, laster izango naz bigarren Biarritz. Iru illabetean bizi; beste bederatziak, gorpu.

***

Euskera dala-ta, apur bat lotsa naz ezer esaten be. Ez dakit errua nori bota. Guzurrik ez dot esan gura ta ara...

Inguru guztiko errietan, euskeraz gitxien egiten daben seme-alabak, neuk, Mundaka onek, dodaz. Erdaldun utsak 108 zaree. Besteok, apur bat baiño ezpada be, guztiok dakizue, baiña egin nok?

Matraillak be gorrituta nago; au da buruaren beroa. Ni, Mundaka, erdaldun erria. Gaixo au gaurkoa ezta. Len be, euskera iakinarren, nire semeak olantxe ziarduen erdera. Nire erritarren gaixo bat beti izan da, andi izan gurea, arrokeria. Atzerritik datozanak egiten daben guztia egin bear. Eta iakiña, iñor ez dator Mundakara euskera egiten.

Itxasgizon ikasiak txarrenak izan dodaz; abade ta monjak bardin. Zeozer ekiela uste eben guztiak, erdera beti. Azkenean guztiak.

Gatx au oso zaar egin da. Zelan edo nok osatuko dau? Au lotsaria! Erriko agintariak, ezer ez dabe egingo. Geienak, euskera eztakielako, eta gura be eztabelako.

Abade ta monjak, zer? Au ezin daiteke ixildu. Iru abade dagoz errian. Irurak euskaldunak. Ta zer? Ba, Mundakako eleizan, euskera baiño geiago egiten dala erdera. Umetxo guztieri, kristau ikasbidea, erdera uts-utsez emoten dautseela. Abade ta monjak: lotsagarria. Zein da, ba, zuen lana?

Entzun dodanez, or dabiltz abade asko lantokietara-ta ioan bearko dala esaten. Mundakakoak ez dira ioango. Errezago dana, euskaldun umeai Katekesia euskeraz emon gura ez dautseenean?

Berreun ume baiño geiago dabiltz neure ikastoletan: euskera, ulertu beintzat geienak; eta gure abadeak ori be ukatu? Mundakan «Aita gurea» dakien umeak, etxean irakatsita dakie. Burua bero ta oiñak otz badodaz, orain ba dakizu zergaitik dan. Zigorra erabilterik baneu...

Neurea izan neban Etxeita'tar Jose Manuel. Euskeraz liburu ederrak itxi euskuzan. Gaur Mundakatarrak ez dakie nor zanik be. Berak egindako liburuak, iñok eskuan artu bez.

Azkue andiaren ama be emengoa neban. Gaurko Mundakako amak ezingo dabe egin alako semerik. Ordu larriak, nireak.

Auxe da gure burruka gaur. Nik bizi gura dot. Nik Euskalerri bizia izan gura dot. Baiña ni ori, zeuok zaree, seme-alaba maiteok. Nire osasuna gura badozue, urte batzuk barru erri il bat, erdal erri bat izatea gura ezpadozue, itxartu! Erdaldunentzat itxi euren gauzak. Zaindu egizue doguntxoa. Ez bizi atzerritarrei begira. Geure esku izateko, Gernikako 1.º iarlekuan barriro iezarteko, bizitzea nai ta naiezko.

Zeuek dozue eskuetan nire bizia.

SALATARI