ANAITASUNA

Año II — Núm. 15-16

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Septiembre-Octubre 1954


Familien indarra

Mundu onetako gauza guztiz zoragarriren bat gogoratu nai dodanean, familia zoriontsu baten irudia etorten jat burura. Eta irudi ori, geienetan, aspaldiko euskal familiaren irudia izaten da.

Zoriontsuak zirean benetan lengo euskal familiak. Baserrietan naiz urietan, orain baiño gitxiago zirean familiaren arerioak, eta eskasago arriskuak. Eleizearen inguruan batuta, bakean bizi zirean gure asabak. Lantzean bein, Ameriketara naiz gerrara joateko, semeren batek agur egiten ebanean; edo etxekoren bat kanposantura eroaten ebenean, orduantxe bakarrik sartzen zirean etxean negarra ta naibagea. Aspaldiko familien bizitza laua ta zoragarria!

Urteak joan, urteak etorri, asko aidatu dira gauzak gure Euskalerrian, eta aldatu bear. Gaurko bizimoduak, gaurko kristiñau ekanduen nasaitasunak, kili kolo ipiñi dabe euskal familia. Semea eleizara ez doala, alabea nabarmena dala, aita-amak ume geiagorik gura ez dituela, progresua dala ta ez dala, euskal familiak egunean baiño egunean indar gitxiago dauko.

Zer egin, gauzak olan iraun ez daientzat? Oraindiño sasoia da. Entzun Pio XII'garrenak, Jesukristoren ordezkoak diñoskuna:

"Familiako guztiok, errosario santua batzan errezetan badozue, bakean eta batasunean biziko zaree. Otoitz egiten daben familiak, bizitza zoriontsua izango dau beti.

"Errosario santua familian errezetan dogunean, indarbarritu egiten dira gure kristiñau fedea ta itxaropena, eta geitu egiten jaku Ama Birgiñeaganako konfiantzea. Batzan otoitz egiten dogunean, danok siñisten dogu bardin, danok itxaroten dogu bardin, danok uste dogu bardin. Familien batasunerako, bear bearrekoa da danok fede bat, itxaropen bat eta uste on bakar bat eukitea.

"Familien benetako bizitzea, arimen bizitzearen, antzera, Jainkoari egiten deutsagun otoitzaren bitartez etorten da. Eta orretarako biderik onena, errosario santua da.

"Ze gauza zoragarria, gaubean, lana amaituta gero, familia osoa batuta, errosario santua errezetea!

Danok gura dogu zorionekoak izan. Danok nai dogu bakean eta batasunean bizi gure familietan. Orretarako, errezau daigun guztiok batzan errosario santua. Errezau daigun egunero. Ama Birgiñeagaitik, gure familiakaitik, mundu ederrago bategaitik!


Ba dakizu...?

Konfesiñoko Sakramentua

Faltsoa ala egia da emen diñoguna?

1.—Bateatuta dagoan persona batek, ilteko arriskuan bakarrik artu leike Konfesiñoko Sakramentua.

2.—Bateoa artu aurretik egin direan pekatuak, ezin leitekez parkatu Konfesiñoko Sakramentuaz.

3.—Pekatu mortalik egin ez daben persona batek, ezin leike artu Konfesiñoko Sakramentua.

4.—Ama Birgiñeak ezin eiken artu Konfesiñoko Sakramentua.

5.—Pekatuen damuak, Jainkozkoa edo supernaturala izan bear dau. Osterantzean, ez deuskuz Konfesiñoak ezelan-bere pekatuak parkatuko.

(Erantzupenak azkenengo orrialdean)


Esaidazu!

Familien bakea ta batasuna lortuteko, zegaitik da ba errosarioa otoitzik egokiena?

 "Errosarioa errezetan dogunean, Jesus eta Mariaren bizitzako misterioak gogoz ausnartuten doguz gure arima barruan, kristiñau erlegiñoko otoitzik ederrenak —Aita gurea, Agur Maria ta Gloria— agoz esaten ditugun bitartean.

Beste edozein oraziñotan baiño obeto, familiako errosarioan egiten dira bat gure burutaziñoak, sentimentuak eta asmoak. Ain zuzen-bere, familien batasunerako, bear bearrekoa da arimen alkartasuna. Jesus eta Mariaren bizitzako misterioen bitartez, batzan errezetan dan errosarioak, pentsamentu, asmo ta sentimentu bardintsuak sortu eragiten ditu familiako lagun guztietan; eta onelan, lotu egiten dauz euren arimak maitasun eta sakrifiziozko lokarriakaz, eta aseguratu egiten ditu familiaren batasuna ta iraupena."

Pio XII

***

"Bat eginda errezetan daben familia, beti bat eginda biziko da."

Aita Peyton


Danak negarrez, bera irribarreka

Bein baten, arrapaladan deitu eben abadea, andra gazte ta aberats bat konfesetako. Seiña eginda gero, ilteko zorian egoan emakume errukarria.

Joan zan ariñeketan abadea emakumearen jauregira. Sartu zan barrura. Naibagez beterik egozan etxeko guztiak. Ezin eiken iñok siñistu, emakume ain gaztea, ain zoriontsua ta ordurarte ain sendoa ilgo zanik.

Joan zan aurrera abadea. Sartu zan gaixoaren gelara. Gauza miragarria! An dana zan alaitasuna. Zurbil egoan andrea, ta odol baga. Baiña bere begiak bake ta posez beterik agertzen zirean. Guztiz arrituta geratu zan abadea.

— Jauna —esan eutsan gaixoak—, ez nau Berorrek ezagututen?

— Neure alabatxu —erantzun eutsan eleizgizonak—, orain ez naiz konturatuten nor izan zeintekezan.

— Ez da akordetan, beiñola an kolegioan lenengo komuniñorako Berorrek preparetan zituan neskatoakaz?

— Bai.

— Ba, neu naiz areetariko bat. Berorregaz egin neban lenengo komuniñoa, ta arrezkero sarritan joan naiz Berorregaz konfesetan.

— Bai, bai —esan eban abadeak—, ondo gomutetan naiz.

Eta gazteak:

— Ba-dakit txarto nagoana, eta laster ilgo naiz. Ez deust ardura baiña. Pozik nago, Jauna. Gaztea naiz. Negarrez ikusten dodaz nire guraso maiteak. Senarra, atsekabez erdi zoratuta. Umezurtz koitadu bat ixten dot munduan. Alan ta guzti-bere, zoriontsu nago, Jauna, guztiz zoriontsu. Ta esango deutsat zegaitik: Lenengo komuniñoa egin nebanean, azkenengo berbaldian, Berorrek auxe esan euskun:

— Umeak, errezau egunero errosario santua. Egunean egunean egiten badozue, seguru seguru joango zaree zerura. Auxe esan euskun. Ez da gomutetan?

— Bai, ondo-be.

— Emon beistaz orduan zorionak —esan eban gaixoak—. Laster joango naiz zerura, lenengo komuniñoa artu nebanezkeroztik, errosario santua egunean egunean errezau dot-eta. Berrogetamar bidar esan deutsat egunero Ama Birgiñeari: "Erregutu eizu gu pekatarion alde orain eta gure eriotzako orduan." Zelan itxiko nau ba bertanbera Ama maite orrek une onetan?

Eta au esan ondoan, agoliñan sartuta, beingo baten il zan. Artu eban Ama Birgiñeak bere arimea, eta aingeruz inguraturik eroan eban zerura.


Jakin ba...

1.—Faltsoa. Bateatuta barik dagoan personeak, ezin leike iñoiz artu Konfesiñoko Sakramentua.

2.—Egia. Bateatuta gero egin direan pekatuak, orreexek bakarrik parkatuten dira Konfesiñoko Sakramentuaz. Bateo aurreko pekatuak, Bateoagaz beragaz parkatuten dira.

3.—Faltsoa. Pekatu astunik euki ezean, persona orrek pekatu ariñak konfesau leikez.

4.—Egia. Ama Birgiñeak ez eban iñoiz pekaturik egin, ez astunik, ez ariñik. Orregaitik, ezin eiken artu Konfesiñoko Sakramentua.

5.—Egia. Gure pekatuen damuak, Jainkozkoa edo supernaturala izan bear dau. Jainkoa ofendidu dogulako atsekabea euki bear dogu biotzean. Bestela, gure damua naturala izango litzake. Esate baterako: noredonor ofendidu dogulako edo bere aurrean izen ona galdu dogulako edo onelako beste errazoi gizonezko bategaitik damutuko bagintzaz, Konfesiñoko Sakramentuak ez leuskiguz pekatuak parkatuko.

***

"Gure indar guztiak geitu ta batuteko ordua etorri da. Egin daiguzan alegiñak, Bizkaiko familia guztiak Errosario Santua egunean egunean errezetako inbitaziñoa artu daien, eta oitura eder au, galdu dan etxeetan, barriro biztu daiten."

Kasimiro, Bilbaoko Obispo Jauna


Kurutzegrama N.º 12