ANAITASUNA

ABENDUA (12) 1966 XIV Urtea Zenb. 142

Dep. L. SS. 1092-1959

Zuzendaritza: Joan Azurmendi (Bermeo-n). Arantzazuko Irarkolan


Abadeak, eta... abadeak

AURRE APRAIZ-ek

Pentsamentu batzuk azaltzen

Gure arteko idazle ta euskaltzaleen artean elizgizonak izan doguz, oraiñarte beintzat, geienak. Geure gogakizun eta zaletasunak azazkau aal izateko erritik alde ta ango edo besteko adiskideekaz batu bearra be izaten da, nozik-bein, geure errietan, zoritxarrez, gitxi edo bat bere aurkitzen ez doguzalako.

Geure erritik urrunegiko ez dan abade jaun batek idaztirik egin dau, meaki, landaraki ta gizonaren azterren ta abar, euskera garbi ta jatorrez, azaldurik. Liburu bakan ari buruzko neure eretxi kaxkarra be jakin gura ebanez, eskuidatzia irakurri ondoren, beragana joan natxakon, bere guraria zanez, igande atsalde laiñotsu batez.

Benetan gei bitxia, aren, liburu aren mamiña, gure elederrean! Baiña nire egungo asmua ez da idazti ari buruz ezer esatea, aren, adiskide zintzo aren, bizikera apal eta baketsuak biotzean eragin eustan zarradeak gogoratu eustazan pentsamentu batzuk azaltzen baiño.

Abade askoren bizimodua

Abade-etxea alperrik galduta dagoalako-edo, gure abade au, mendi-mendiko basetxe zaar batean bizi da, bakartada itzelenean, eta egokia ez txukunegia be ez dan euskal-eskaratz illunean egiten dau bere bizimodua: Barriegi ez dan maitxu bat liburuz eta paperez beterik, idazteko, irakurtzeko naiz jateko emendioa egiten dautsala, balda zaar bat liburu arrotzez ganezka, suetea iru-lau bear-bearreko ontzi ta tresnak, eta kittu. Bera sukaldari, bera garbitzaille, bera erraztari ta bera guztirako. Dana otz eta motz, eta berbatxu bat aogaz egin bere ez.

Errukarria gure baserrietako abadeen bizimodua! Ezagutzen dodaz, urteetan aurrera doazan abadeak, euren etxe zaarkote ta aundietan bakartaderik gorrienean bizi diranak: Negua baldin ba-da otzaz kikilduta eta udan bere asko obeto ez, aroa barriztau ta barrua apur bat atsedendu aal izateko, euren eginbearrea bitarteetan eskubete berba nogaz egin ez dabela. Burua lorrintzeko lakoxe bizimodua! Ederra da bakartadea gizonarentzat, baiña, larregia kaltegarri be izan daiteke.

Baserrietako abade askok, irurogetaz urteak bizkarrean izanarren, ez dabe nagirik izaten, gaberdi naiz goizaldea izan, euri, ildriska naiz bisuts, bide oztopotsu ta illunak zear, oiñetako ta soiñekoak busti-busti eginda, baso-arteko basetxe bakartsuetara, gexoekana, joateko ez Kristoren morroitzako egingoetan aldatzak gora ta beera ixerdi-patzetan naiz maxkalez beterik ibilteko. Oneik, gure abade zintzo oneik ezagutu, ta praille, abade ta obispu belbil disdiratsuekaz egurazten dakustazanean, uri ta bitzabalak-zear, milla pentsamentuk zearkatzen dauste burua.

Bolada barriko abadeak

Erri txikietako abade batek baiño geiagok esan izan dauste, eurak ez diranean, beste abaderik ez daitekeala eurak dagozan eleizetarako. Abade gitxiegi ei-dira, ba. Eta, gañera, bolada barriko abadeak baserrietan apaiz izateko baiño apaiñago-edo doguz. Kristo'ren izenean arime alde lan egiteko ez ete da, ba, bardin Gernika'ko uria naiz Mahuma'ko mendia; Mundaka'ko itsas-ertza zein Bolibar'ko mendi-barrena; Bilbo'ko kale zaratatsuak naiz Albiz'ko bakartada ixiltsua? Gizonaren duintasunaz eta gizarteko auziekaz (konzilio aurretiz etziran gogoratzen, antza gizonik kaxkarrenak bere Kristo'ren atal zireala ez gizartean auzirik zanik, kristiñauok beti geure gogoetan irarrita izan bearreko oldozkizun eta arazuak izanarren) ba, gizaduitasunaz eta gizarte-auziaz abadeak buru-berotu yakuzanezkero, erri txartxarretako baserritarren gizontasun eta arimak ez dira aittatugarri, aurki. Baserritarrak be, arimajaube gareanezkero, ba-doguz, ba, geure duintasun eta gizontasuna, eta baita arima ta gorputzeko auzi ta arazuak be...

Abade gitxi ei dagoz

Leen iru abade ziran errietan orain bi edo bat baiño ez dagoz; bi ziran tokietan bat; eta bat zanetan. bat bere ez. Ez ei-daukaguz bear litzakezan beste abade! Esakizun onek oldozketa asko daragizkuz, sarritan. Ez dakit zetako ta ba-dakit zetako, praille batek bedeinkatu-ala idazkaritza ta abar ei-dira, or Bilbo-aldean, eta toki orreik abadez beterik ei-dagoz. Orreik, papel-sakela galtzarpean artuta kaleak betean ikusi daroaguzan abade apain, urizale ta urduriok "kristiñauak" benetako kristiñau egin aal ba-lebez, gaitz erdi; baiña abade modernuon alegin guztiekaitik bere era barriko santurik ez dogu ikusten, oindiño beintzat, urietako lugi (aspalto) gogorraren ganean.

Eta baserrietan geroago ta atzerago egingo dausku kristiñautasunak. Uri-zuloetan, kapillautzan eta abar, abade zaarrak ondo bete legikeezan egingoak oneintzat, edo osasunez ondo ez dabizenentzat, itxi ta baserrietako abade zaarren ondora, onei laguntzen urten ba-legikee, txarrago ez. Kristo gure Jauna poztu egingo litzakeala, nik uste!

Ondo da gizarte-auzia astintzea naiz Amerika-aldera mixiolari-ta joatea be. Baiña, andikoak atontzekotan emendikoak istea elegoke ondo, gero.

Benetako abadeak bear doguz

Abadeak eta abadeak doguz, ba. Batzuk, gaiztasunez inguratuta, bearrengo bearrizanak egiteko be laguntasunik, elizgizonak bear leukeen duintasunik ez begiramen barik, jaube bageko antzean, eta beste batzuk, goregi, euren duintasun eta ederritxusia jagoteko atondu dautseezan (edo atondu dituezan) tokietan, bekokia goi dabela, apalagoen gomuta ez ardura bagerik, ezer pei (palta) etxakeela, aukera guztiekaz: Bada. Batzuk jo ta su, arimen alde (eta baita soiñen alde be) eten bageko lanean, daben eta ez daben guztia emonez, eta besteak, mailla berezikoak, sabeltzaiñen antzean, euren buruen alde, norberekeriz. Ez uste, gero, oneik abade apalok ez direanik gei, ez besteak baiño gitxiago ikasiak direanik (geienak beintzat) goragoko tokietan jarteko; baiña bene-benetako abade doguz, eta gurago dabe elizate (parroki) apal eta txiroetan (diruz ezeuki baiña gizontasunez eta emariz eukitsuago direanen artean) euren jakituri, indar, kemen eta bizitza guztia ustu.

Kontzilioan bere esan ebenez, apezpikuak abade guztientzat bear dabe anaitasunezko portu (tratamentu) ta jokera bardiña. Aita baten seme izanik, ez da, ba, ondo, batzuk beste batzuk baiño kutunago izatea, ez oneik, beragoko maillako ezikasi ta baldrastzat-edo etsi, ta areik berarizko, goimaillako, jakitunago ta argiagotzat artzea.

Gizonaren duintasuna ainbeste aittatzen dan aldi onetan duintasunik ez laguntasun andirik barik, erdi bertan-bera itxita, jantzi barriak egiteko bere modu larregirik ez dabela, bakartada larrian dabizan abadeak alde batetik, eta, aukera guztien erdian, alperreko, edo erdi alperreko, lekuetan, goregitik begiratzen dabela, besteak barik, Ebanjelioak irakasten dauskun egiazko kristiñautasun zintzoz, alkarren artean eta eliztarren aurrean, jokatzen daben elizgizon on eta zintzoak gura ta bear doguz, ba, Euskalerria'n, eta ez abade lagunekaz eta erri leunagaz atzez dagozanak.

Aurre-Apraiz


Erriz erri

Durango-tik

Ederti-arauz balio andikoa izan arren, ez dakit zenbatek jakingo daben Durango-ko "Cruziaga"-ko kurutzearen barririk. Agian onezkero, iake-ta len egoten zan le kuan orain eztagon, egon dira baten batzuk itaunkeka non Jaungoiko sartu dogun durangotarrok kurutz bedeinkatu ori. Ba, aor daukazu erantzuna: kaleak edertu eta andiagotukeran kurutze au kendu egin bear izan zan. Gaur kaleen konponketak ia-ia bukatu badira be, ez da jarri ez len-egoan lekuan eta ezta beste iñun be. Noizbait kurutze onek aterpe txiki bat euki ei eban; baiña aspalditik aterpe barik ezagutu izan dogu; orregaitik, besterik ezin gertau zeintekezan da, naiko gertau zeintekezan da, naiko alperrik galduta egon da. Gaur, bada, ain bearrezko izan jakozan konponketak egiten dabiltzez. Konponduta gero, non jarriko ete dabe? Batzuk Berakrutzeko ermintxan, besteak Monterretas eta Kruziagako krutzeroan, nork Santa Maria eleizako eleizpean... t. a. Oraindik aiuntamentuak erabakirik ez daualez artu, gauza garbirik ezin esan ba.

Gorago kurutze onek ederti-arauz balio andikoa dala esan dot. Onetzaz 1864-an Delmas kondairatzalleak zera diño: "Orogarri eder au burdiñezko sare bategaz gorde bear litzakela iñork ez bearrezko ikuturik ez deion egin". Delmas bizi zanean kurutze au amairugarren gizaldikoa zala pentsaten zan; gaur, barriz, amabostgarrenekoa dala esan daikegu, uts egiteko bildur barik, Jesukristo-ren jantzi ta beste zertzeladak agirian erakusten deuskuen lez. Krutze onek luzeran 6 metro daukoz eta ta are-arriagaz eginda dago. Bizkaia-n krutze onen beste iru erreproduziño be ba dagoz: Bilbo-ko "Museo Arqueológico"-an, Portugalete-ko kanposantuan eta Gernika-ko "Casa de Juntas"-en.

Konponketa guztiak bukatuta ia lenbaitlen jagokon leku egoki baten ikusten dogun.

Lujua-tik

Erritarrok zai ta zai egon gara aspaldi ontan noiz bukatuko ete eben "Club Landachueta" ondoan dagon konbentu barri ori. Ba, ara or: igaro jakun illetik gure asmo oneek asetuta daukaguz konbentua bukatu bakarrik ez, monjak eurek be gure artean daukaguz da. Aurrerantzean, bada, egunero-egunero entzun bear izango doguz lekaide ontako kanpaien oiu garratza.

Danok dakigu Bilbo-ko alderdi batzuetan zelan dabizen planifikaziño bat egin guraz. Ba, orain arte "Calzadas de Mallona"-n bizi izan diran monjeri orixe bera gertatu jake: bizi izan diran konbentu zar eta inguruan etxe barri batzuk egin bear zirala eta, beraz, monja oneek beste leku batera joan bear izan dabela. Diñotan lez, erri ontan, Lujua-n egin dabe konbentu barri au. Oraingoan beintzat monja oneek ondo jokatu dabela emoten dau, benetan be beste leku aproposagorik aurkitutea ez litzakioe errez izango. Konbentua bera ederra egin dabe: alai, argitsu apainkeri bakoa. Gaur gauza bat polita ta atsegiñezkoa dala esateko, "ye-ye" dala esaten da edonon. Ba, neuk be konbentu barri au "ye-ye" dala esango dot orduan, euki be guk ezagututen doguzan konbentu geienen antz andirik ez dauko-ta. Egia esateko, orixe bera entzun neutsoen lengo egun baten: euren konbentu barria "ye-ye" dala. "Calzadas de Mallona"-n baiño txoko onetan bestela biziko dira bizi be, Bilbo-ko arrapalada, zarata ta bizi-eziña ez jatorkie ondo etorriko bakartade ta ixiltasuna billatu gura dabenentzat. Eta guk, errikoak be, pozarren geratu gara; pozarren aurrerantzean Jaungoikoaren bedeinkaziñoak ugariagoak etorriko jakoz ta.

Konbentu barri onen bedeinkaziñoa urriko lehengoko domekan izan zan, monjak eurak bizitzen ariñago etorri arren. Bizkai-ko Gotzain dan Pablo Gurpide Jaunak bedeinkatu eban domeka artako arratsaldeko bostetan izandako Meza konzelebratuaren ostean. Ta gero konbentuko ateak betirako itxi ziran. Betirako... Ni neu andra onen bizitzaren esan naia konprendidu eziñik geratu nintzan. Konprendidu eziñik... baiña euren bizitz ortan ain pozarren ikusiaz, kili-kili egin eustan barruak.

Galdakano-tik

Erri oneko "Peña Santa Cruz" lagundikoak oraingoan be fin ibilli jakuz. Indartsu ta idealista ikusten doguz edozein arazoeri ekitekoan agertu leitekezan oztopoakaitik bildurtu barik. Euren beste ekiñaldi guztiak alderdi bateri itxita, gaur oraindik orain eratu izan daben ziza leiaketaren barri esango dot beste zeozer.

Batek ba daki leiaketa au aurrera eroateko zenbat ibil-aldi eta gaiñerantzeko buru-auste eroan bear ez diran. "Santa Cruz"-koak ezergaitik be zur ta lur geratu barik, aurrera eroan dabe euren arazo au.

Iraillaren irugarren domekan izango zala leiake au iragarrita egoan lenengo. Domeka ortarako oztopo batzuek agertu zirala-ta, azkenean domeka bat atzerago egin zan egitekoa.

Zertzelada guztiak ez doguz emen esango, eziñezkoa da izan be ta. Nok kontatu an egoan beste perretxiku? Dana dala antolatzailleak esan dabenetik, 250 mota desbardiñeko perretxiku egongo ziran guztiz. Mordollo ederra, aurtengo urtea guztiz eskasa izan dala kontuan aukiten badogu. Leiaketan parte artu eben taldeak, barriz, ogei ziran. Gaiñerantzeko ikus-zaleak, zenbat gura. Irailleko azkenengo domekan erri ontako eskoletako portaletan egondakoak badakie seguru onen barri.

Sariak be ugariak izan zirala esan bear da. Ugariak eta onak gaiñera. Galdakano-ko taldeak Bizkai-ko leiaketa irabazi eban 96 perretxiku motagaz. Gazteiz, Algorta, Gernika eta beste erri batzuek be eroan eben bakoitxak bere sari berezia. Danetariko puntuaziñoa, barriz, aolan geratu zan: 1) Villafranea de Oria-ko Garmendia jauna 542 puntugaz; 2) Galdakano-ko "Peña Santa Cruz" taldea, 467 puntugaz; 3) Erandio-ko Jai-toki gizartea, 432 puntugaz; 4) Gernika-ko Mendi-miñ taldea, 330; 5) Gazteiz-ko Iradier, 234; 6) Arzentales-ko Rueda, 218; 7) Zeberio-ko Erentxun, 176... t. a.

Leiaketa ontara mota guztietako perretxikuak ekarri eitekezala esan dot eta ekarri zirala. Eta aolan gertatu zan gertatu be. Baiña niri neuri batek egin eustan impresiño geien, beren anditasunagaitik, Zeanuri-ko ariztegi baten Bitorio Arrate jaunak billatu eban sei kilo ta erdiko perretxikoa izan zan. Sei kilo ta erdi! Ia-ia ezer bez. Ikustekoa zan benetan, ikustekoa. Bear bada, jateko baiño ikusteko itxura geiagi eukiko ebala pentsaten neban neure kolkorako.

X. X.

Gernika-tik

Udazkenean naiko sartu-ta be ba gagoz da, urriko azkenengo astean ez deusku egin egualdi onik. Alan da guztiz be, erri ontan egun oneetan batek ba daki noiztik egiten izan diran idi-probak normalidade guztian jokatu dira. Jokatu bakarrik ez, ikusleak be igaro diran urteetan beste etorri dira, probaderua, nai-ta euri lanbroa ta otz egin arren, ia-ia dana beteta ikusi genduan da.

Bein da barriz, Berriz-ko Antzua-ren idiak urten dabe garaille 48 untzegaz; gero Itziar-ko Santuaren, 38 untze ta 4'10 metrogaz, Lujua-ko Martzel Zarraga 38-gaz... Lujuako Braulio Bilbao, Bermeo-ko Benjamin Alegria, Laukiniz-ko Jose Unibaso, Gamiz-ko Martin Lobas... urrengo. Ia, erregoitiarrak, urrengoan zuen idiak sendoago jokatuten daben, noiz-edo-noiz irabazten ikusi gura zaituegu-ta. Kinienalak bakarrik ez, sariak irabazten be ikasi bear dozue.

Errenteria auzoko Alkate ordezko dan Urrutia jaunak emon eutsoezan garailleri sariak; eta azkenenean "Chato" Urzak egin eban berba datorren urtean proba oneek zelan antolatu gura-dabezan adieraziaz. Baiña, egia esan, ez jakon arien be entzun, mikrofonua aldrebes artu eban da.

Bakoitxari berana eman bear jakonez, idiprobetan gaur-egunean Antzua-lakorik ez dagola emoten dau. Bere garai guztiak orixe adierazi gura deuskuela uste dot. Beste guztieri ez deutseet ezer kendu gura, Braulio, Bilbao, Zarraga, Santuaran, Ikeriya... t. a. be guztiz onak diralako. Baiña diñotena: bakoitxari jagokona.

Gernikarra

"Ez dok amairu"-koak Bermeo-n

Euskal ikastolak aurrera doaz. Bermeotar geienak dakie euskeraz berba egiten. Baiña irakurtzen eta idazten ez dakie, gitxi batzuek baiño. Orregaitik jarri doguz illuntzeko euskal ikastolak, adin guztietako euskaltzaleentzat, gure izkuntzan ez-ikasiak gitxitu daitezan.

"Ez dok amairu" abeslari-taldea gabonillaren 7-an etorriko da Bermeora, gaur eguneko ritmo barrietan euskerazko kantu-saio eder bat emoteko. Irrikitzen gagoz euskal artista barri oneeri entzuteko.

Arraintzale asko dabiltza Bermeotik joanda, Algeciras aldean. Gabonetarako etorriko dira euren familietara. Izan be, zelan igaro leitekez etxetik asago Gabon jaiak? Eta ainbeste bidar igaro bear izan dabez bermeotar askok, Oest Afrikara atun-arraintzura joanda, Gabonak etxetik urrun! Aurten ez dot uste. Geienak gure artean eukiko doguz.

Barriketari


Durango-ko azoka. Izar bat gabean

OARRA. — Lan au igazko zemendian idatzi eban egilleak, baiña ez eutsoen argitaratu, larregizkoa zala-ta. Guk ez dogu orrenbesteraiñokorik ikusten, eta aurten Durangon barriro "Euskal liburu ta diskoen Eguna" ospaturik egonarren, oraindiño be gaurkotasun-zati bat ba-daukolakoan argitaratzen dogu.

Euskerea zertarako?

Domu Santu inguruan Durango aldera ioan barik euskaltzale gitxi gelditu ziran. Egun areitako eleiz-lanak beartuta, pozik izango ziran asko, etxean gelditu baziran be, biotzez antxe egozan.

Arrigarria izan zan angoa. Ogei bat euskal argitaldari, euskera gure altxorraren agerpena erakusten; erosle ta ikusleetan, barriz, esan eziñeko beste. Erosleak onak gaiñera, asko saldu ei zan-ta.

An izandako batzukaz itzaldi aspertuak euki ta gero, bururakizun bada-ezpadako batzuk sortu iataz eta esan barik ezin deutsuedaz itxi.

Irakaspen bakana euskaldunak Durangon emon deuskuena benetan. Euskaldunok irakurri be gitxi irakurtzen ei dogu. Liburuak erosten, barriz, eztakigu. Irakurten iakin be liturji barria etorri arte, askok eztogu iakin-ta. Dana zan negarra.

Gure betiko negarrak azkenean lausoa sortu deusku begietan. "Euskeraz ezer eztaukagu" esan dogunok larregi gara. Unamuno-ri iarraituz, euskera gai batzuk erabilteko gauza eztala esan dogunok be ba-gabiltz. Laster il egingo ei da euskera, angoen ustez, ain dago zaartuta; birlobak eukiteko-edo ei dago, bestetarako gauza ez-ta.

Norbaiteri gau illun baten auxe gertatu iakon. Ibillaldi luze bat egin bear eta iretargia agiri etzalako negarrari emon eutson. Gero ainbeste negar-anpuluz izarrak ikusi eziña etorri iakon.

Gure gau au be luzea ta illuna da. Aspergarria egia esateko, baiña izar ederrak agiri dira banaka banaka. Ozta-oztaz baiño ezpada be, aurrera egin daigun, gaur banaka diranak laster milla izan dakiguzan.

Gerediaga, izar barri bat

 Gerediagak eratutako azoka au, izar argi izan dogu gau onetan.

Ama euskerari begiratuta, ez daigun poza galdu; burdiña su tan edertu oi dan lez, aspaldiko astiñaldi onetan edozetarako gai egin iaku-ta.

Poztasuna galdu barik, beste oneik zirikatu bearra dogu: (lotsatu gaitezan), gure alderdikeriak eta organizaziñorik-eza.

Liburu asko saldu ei ziran Durangon; irakurleak be nonbaiten ba-dira. Baiña asko ioan zan etxera gura ebana erosi barik. Egarri zan erria ta urik ez iturrian.

Argitaldarien artean, erdi-erdian, gure Euskaltzaindia geunkan. Ba-dakizue salgai zer eukan? Erderaz geiena; euskeraz, bederatziurren edo olako batzuk baiño ez.

Bestean be erderazkoak ziran ugariago. Batek esango dau eztaukagula ezer, baiña enago orretan.

Amaika lan eder ba-da bazterretan euskerarik ederrenan, gazte ta adiñekoentzat ernegarri, ikusgarri ta ikasgarri.

Eneban uste igazko urtean, Txomin Agirre-en eunurte bu-ruan, aren Kresala barriro agertuko etzanik. Egin ziran ainbeste goratzarre bai, baiña poz geiago ekarriko euskun aren lana eskuratzeak. Urteetan agortua dago, ta zenbatek ez eben eskatu Durangon? Ez egoan tamalez.

Kirikiño-ren "Abarrak", ume ta zaarrentzat aztu ezindako ipuin areik, gaztedi barriak eztauz ezagutzen. Lizardi-ren "Itz-lauz" idazti bikaña (guztion eritxiz); Lauaxeta-ren "Bide barriak"; Orixe-ren "Euskaldunak" eta "Barne Muñetan", ikusi be ez genduzan egin. Prensa-lege barri baten zai-edo dagoz ziurki.

Alan be, saltzeko egon ezta be, erakutsi bearreko dira. Libururik erosi ezin danean, begiz ikusteak be asko irakasten dau-ta.

Olako azoka baten egoki egingo litzake urrengoan, aipatutakoak eta beste asko erakustea, erriak ikusi ta gero zeren egarri dan iakin daigun.

Idealista gitxi, komertziante larregi

Donosti-an "Liburuaren Egun" aretan geien saldutakoak euskal-izti ta iztegiak izan ziran —euskera gaietan—. Durangon be Mujika-ren iztegia ondo saldu da. Urrengo azoka baterako agertuko al dira Azkue-ren "Morfología" ta Seber Altube-ren "Erderismos". Zenbat argi ta poz ekarriko leukeen egarri garan guztiontzat. Idazle askoren ioskera ez ei da iatorra, Basarri-k ederto esan deuskunez. Egia da bai euskal arloa arakatu ta sakontzeko nagi aundiak gareana be. Arinkeria iabetu da gure inguruaz, elburu argirik ikusten eztan gizarte guztietan iabetu oi dan lez. Idealista gitxi ta komertziante larregi sortzen dogu. Baiña Erria bizi da ta iakin egarriz dago Durangon erakutsi dauanez. Urrengoan ez deiogun ezetzik emon.

Lan barriak euskeraz etorriko dira, baiña atara daigun argitara daukaguna.

Guda aurretik agertutako aldizkarietan amaiko lan mamitsu ba-da; idazlerik onenak orduntxe loratu iakuzan-ta. Geienok, eztogu areik ikusterik be iñoiz izan.

Euskaltzaindiari, bizi bada, arrobi sakon ori azaltzea eta agertzea iñori baiño egokiago iakola uste dot. Beste argitaldariak alkartuta goimaillako lanik asko atara leike.

Azokako erakustoki baten onako au iazo iakun. Idazti sendo bat begiz io ta aurreratu giñan (lotsarren-edo ikusleentzat atzez iarria egoan). Alako zer barik artu gendun eskura ta "Artoladas" izeneko ori zan. Obea zan izan be aurrez baiño atzez ipinteko. Baiña asko saldu ei da atzez egonda be. Zentzunak bultzatuta Txomin "erre-katu" ta beste lagunak, zazpi bizi ba-daukez be, baztertu egin bear doguz.

Or dozue eretxi bat. Amets utsa ez al da izango. Iretargirik agiri ezpada be, egunsentiko izarra ikusten dot. Aurrera, ba!

Zorionak biotz-biotzez Gerediaga lagundiko guztioi. Asikera ona izan dozue ta amaikerarik ez daizuela izan.

Garitaonandia-tar Gotzon


Brasil

Brasileko seminariorik antxiñakoena, Mariana deritxona, Oscar de Oliveira gotzain jaunak itxi egin dau. Erabagi au, bertako 115 abadegaien eritxiak jakinda gero artu artu dau. Gotzaiñak eta seminarioko irakasleak gura izanda, eritxi-billaketa edo enkuesta bat egin dabe abadegaien artean. Erantzunak naiko gogorrak izan dira. Asko agertu dira abadeen ezkontza-ezaren aurka, eta seminarioan orain arte emoten izan jaken ezikera iñork be ez dau ontzat artzen.

Gotzaiñak, Kontzilioak seminarioetarako egiñiko dekretoak eskatzen dauzan aldaketa barriak apurka apurka sartzeko asmoa eukan, lengo ezikeratik oraingora tarte aundiegirik bage. Baiña abadegaien eritxi-erantzunak ezagutu ostean, abadegaitegia itxitea erabagi dau, aldakuntza barriak obeto egiteko. Aita Pauldarrak (Lazaristak) ziran seminarioaren zuzendariak. Datorren martia arte, gitxienez, itxita gelditzen da. Abade-ikasteak egiten egizan 115 abadegai orreek ez dakie gotzain jaunak barriro artuko dauzan, seminario irigiten danean.


U. S. A.

New York-en "Askatasuna-ren aldeko Alkartea Eleizan" izenekoa eraiki dabe abade, lekaide ta errigizon batzuek. Batzorde onen buruzagia, Queen's College-ko filosofi-irakasle, Eujenio Fontinell jauna da. Lagunarte au, Aita Daniel Berrigan josulagun ospetsuari jazo iakonaren ostean jaio da. Bere nagusiak Ego Amerikara bialdu eben, Vietnam-en amerikanoak daroen politika-jokareari kritika gogorrak agirian egin eutsozalako.

Batzordekideen artean, izen oneek agertzen dira: Aita William Clancy Pittsburgh-eko (San Felipe Neri-ren) Oratorio-koa: Aita Jose Walsh, Brandeis unibersidadeko kapellaua; Borrommée monjea; Daniel Callaham, Commonweal New York-eko astekari katolikoaren zuzendaria; Michel Novak, Stanford unibersidadeko zuzendaria, ta ab.


Zutunik

Zergaitik bateatu ez euskerazko izenakaz?

Ez dago eskandalurik

Ezkonbarriok, zeuen etxetxuetan maitasun bigunean murgilduta bizirik, gizaki barri bat sortu dozuela igarri dozuenean, buruausterik naiko izaten dozue zein izenez bateatu asmau eziñik.

Euskal aldizkari batek orrialde barren baten ekarren bein barri au: misiño lurretan. Peru aldean, "Bermeo" izena ezarri eutsoela kristiñaugai bateri. Naiko barre egin neban, au irakurri ondoren batzuk aitarenka ikusirik.

Sarri askotan legezkoetan be gaitzpidea, eskandalua aurkitu oi dogu. Gaitzpidea edonon dago egon be; baiña aldi batzuetan eta gai batzuei buruz sortzen danean, zirikada ederra be izaten da lokuluxkan dagozanak itxartuteko.

Izkiri-miri ori bide dala, ainbat dira bateoan izena ipintze orretzaz Eleizeak emonda daukan legea iakin guraz dagozanak.

Zenbat gorabera dauken euki be guraso barriak, izena ipinte ori dala ta eztala.

Naiz-ta Bateoko Sakramentuak daukan egikeretan kaskarrenetarik bat izena ipintea izan, ainbat kezka ta mingostasun sortuarazten dau guraso askoren biotzetan.

Ondiño urte bi eztirala, umetxoa, abadea, gurasoak eta aita ta amabitxiak Bilboko San Prantzisko eleizatik umea bateatu barik etxeratzen ikusita nago. Bearrezko ziran guztiak an ziran, ura be bai; baiña ango buru orduan egiten zanak ez eban gura Miren Itxaso-rik izentzat, Maria Mar baiño.

Politagoa bear bada azkeneko au San Prantzisko-koentzat, baiña ez umetxoaren gurasoentzat. Or dozue mingostasuna; etxean bateatu bear, ta aldi obeak etorri arte kristiñau barrien izen-lerroan aren izenik ez. (Zer ikusiko ete gendun Bermeo ipintea gura izan baeben!)

Argi dago Jesus-en agindua

Seminarioan geunkan Moraleko irakasleak —Leon-ekoa bera— ez eban ulertzen olako gurasoen siñiste epela. Euskalerria ain siñeskorra izanik, zelan izan eitekean, izena gorabera, umea bateatu barik guraso euskotarrak etxeratzea?

Nik ulertu eziña onako au da: "Zoaze ta bataiatu euziez..." Jesusen agindu gozoa entzunda gero, abade batek zelan itxi leike bateatu barik orretarako ekarri deutsoen umetxo bat, izena gorabera; izena ipinte ori gurasoena bakar bakarrik izanik. Non da Jaungoiko semeen askatasuna?

Ona emen Eleiz Legediak diñoskuna: "Alegindu beitez eleizgizonak kristiñau-gaieri kristiñau izenak ipinten; ori lortu ezin balebe, gurasoak eskatutako izenari santu baten izena erantzi beioe, ta izen biok iarri beiez kristiñau barrien izen-lerroan" (c. 761).

Bateatu barik itxi, ezin leitekena da Eleiz Amaren gurariz.

Kristiñau izena onela azaltzen dau Eleiz Legediaren irakasle dan Regatillok: "Martirienak edo egutegietan datozanak, kristiñauen artean oituten diranak, deunen izenak eztira naitanaiezko. Ezarri bear elitzakezanak lotsagarriak, barregarriak, sasi-jainkoenak eta olakoak dira. Baiña alanda be, gurasoak olako bat gura balebe, beste bat —kristiñaua— eraskin antzera ixillean esan eta aurrera"; baiña beti bateatu.

Or ikusten da Eleiz Amaren amatasun eztitsua. Ama ona, barriz, ume guztientzat bardin: Bermeo, Aitor, edo Aitzol izan; ari zer? Bein Kristo gizondu zan ezkero izadi osoa graziz beterik dago, Aren odolaz ezoturik, euskera be bai. Obena egoan lekuan, goieskerra ugariago izan da.

Argi dago beraz: Eleiz Amaren barik beste norbaitena de errua. c. 777-gnak. lengoari au erasten deutso: "... bateatu danaren izen abizenak ainbat ariñen eta zeatz ezarri bateatuen idaztian..."

Lengoa —761-gna.— aztu barik, gurasoak kristiñau izen bat gura ez badabe, lotsagarriena izanda be, eurak gura dabelako, idaztian ezarri bearrekoa da, jarraian, ixillean bateatzailleak berak ezarria, gero.

Lege onen aurka doakenik ezer agintzeko eskubidea iñok badauka, eskubide ori Jesusen esanetan oiñarriturik eta arimei on egin guraz datorrenik ezin dot siñistu.

Ba-dakizue, beraz, guraso izateko zagozenok, gai onetzaz guraso izatetik iatortzuen eskubidea; ez galdu arren, Eleizeak be onartzen deutsue-ta.

Erriko liburura zoazenean, barriz, ez aztu au: txokor eder batzuk eroanda, zerbait lortu dabenak ba-dira.

Garitaonandia-tar Gotzon


Erlijiñoaren eta estaduaren arteko artu-emonak

Ardura ta garrantzi aundiko arazoa dogu au. Beti euki izan dau inportantzi nagusia problema onek: Jesukristoren denporan eta bere ostean gaur arteraiño. Jesukristok bere aberria atzerritarren menpean ezagutu eban bere bizitza osoan. Eta bere erritarrak itaundu eutsoen bein: Ondo dago judutar batentzat Erromako Enperadoreari (atzerriko agintari bateri) bere menpekotasuna agertu bearra? Jesukristok erantzun eutsen: Emon Zesarreri berea ta Jaungoikoari berea. Beste berba batzukaz: Emon Estaduari berea eta Erlijiñoari berea.

Baiña Jesukristok judutar abertzaleari ez eutson erantzun argirik emon. Judutarrentzat lotsagarriena atzerriko agintari baten esanetara egon bearra zan. Jesukristok esan ebana ez jaken atsegin izan bere erritarreri.

Izan bere Jesukristok argi ta garbi itxi ebana auxe da: gizonak lur onetan bere agintarieri zor deutsen menpekotasuna gauza bat dala, eta Jaungoikoari emon bear deutsona, beste bat.

Gizonak erlejiñoa euki bear dau; eta bete erlejiño ori, bere kontzientziak erakusten deutson erara. Baiña egiazko erlejiñoa eta Jaungoikoaren atsegiñekoa bat bakarrik dan lez, gizonak alegiña egin bear dau egiazko erlejiñoa aurkitzeko eta beragaz konbentziduta egoteko.

Alegin ori beti egin ezkero ta konbentziduta egon ezkero, gizonak jarraitu egin bear deutso bere kontzientziari eta ezin leikio iñok libertade ta eskubide ori kendu, erratuta egonarren be. Erlejiñozko askatasuna, gizonak bere izatez daukon eskubide bat da; eta askatasun orren kontra joatea, gizonaren diñidadearen kontra joatea da.

Estaduak, gizonaren libertade ta eskubide ori errespetatu egin bear dau; eta gaur egunean edozein naziñotan, geiago edo gitxiago, erlejiño diferenteko gizonak bizi diran lez, daneri emon bear deutse.

Oraiñarteko historiak erakusten deuskun lez, Estaduak ez deu-Estaduak erea ta baibena norberaren erlejiñoa betetako. Orixe da Estaduaren zeregin bakarra, eta besterik ez.

Ez daitela asi Estadua gizonen eta Jaungoikoaren arteko artu-emonak konponduten, orretarako kapazidaderik eta eskubiderik ez dauko-ta. Ez daitela sarta Estadua erlejiñoko gauzetan eta ez daiala agindu zer bai eta zer ez irakatsi bear dan, orretarako ez da iñor-da. Ez deiola Estaduak erlejiño bateri besteeri baiño askoz geiago lagundu, naziñoko gizonen artean bakea galduko da-ta, eta azkenean pribilejiozko erlijiño orreri kalte aundia egingo deutso-ta.

Oraiñarteko historiak erakusten dauskun lez, Estaduak ez deu-erlejiño diferenteko gizonak bizi diran lez, daneri emon bear deutse bere probetxuagaitik.

Egiazko erlejiño bakarra dan Eleiza katolikuaren kasuan, esate baterako, Estaduak asko lagunduten deutsonean eta bere aldera larregi ekarten dauanean, kalteak mesedeak baiño askoz aundiagoak izaten dira beti: Eleizeak ez dau eukiten bear dan askatasunik; Eleizea Estaduaren txartoegiñetan erantzun bearrez agertzen da; Estaduko agintarien kontra dagozanak, edo Eleizearen kontra jarriten dira edo galdu egiten dabe Eleizako agintarieri zor deutseen begirunea ta konfiantzea.

Orregaitik, gaur egunean, Estaduaren eta Erlejiñoaren artean gauzarik onena auxe da: doala Estadua bere bidetik eta joango da Erlejiñoa beretik. Emon deioela Estaduak naziñoko gizon guztieri eta baiben, garantia bardiña norberaren erlejiñoa betetako; eta zenbat erlijiosoagoak gizonak izan, ainbat obeto beleko dabez Estaduagazko euren obligaziñoak.

Garbiñe Omar


Eleizearen politika

Izagirre-tar Felipe

Eleizea politikaren aurrean

Eleizearen politikari buruz zeozer entzun, edo Eleizeak politika berba au erabilten dauanean, asko bildurtu egiten dira; eta beste askok arrituta, eskuak burura eroaten dabez. Abadeak zetarako sartuten dira politika ta gizarte-gaietan —diñoe beste batzuk.

Argitu daiguzan, apur bat bada-bere, ideia oneek.

Italian jazorikoa da. Azkeneko munduko gerratea amaitu ostean, autaketak egozan. Eleizea, beste partidu asko legez, kalera urten zan "Kristiñau Demokrazia" partiduaren alde propaganda egitera. Ta barregarria dirudi, baiña erlijioso asko, seglar jantzirik, politika izlari ta propagandistekaz alkartuten ziran. Gotzaiñak-bere, euren berbaldi ta eskutitzen bidez, katolikoen batasuna eskatuten eben, Eleizeak gura eban partiduak boto geiago euki eiazan.

Politika au ete da Eleizearen benetako politika? Ez. Eleizeak ezin dau partidu politiku bat yagon eta zabaldu; ta gitxiago, partidu oneri edo areri botoa emoteko esan eta beartu, naiz-eta partidu batek "katoliku" izena eroan. Pio XI-nak garbi esan eban: "Partidu batek katoliku izena eroan arren, ez da Eleizearen izenean agertuten".

Eleizeak ezin daike taldeko politikarik egin; ez dau partidu politiku bat yagon bear, eta gitxiago, kalera zabalkundea egitera urten. Argi dago. Ta, era onetara jokatuten dauanean, orduan esan daiteke: Eleizeak berari ez jagokon politika egiten dauala.

Eleizearen eginbearrak

Baiña esan daigun Aita Chenu, dominikoagaz: "Ba-da Ebanjelioaren politika bat". Ebanjelioak oiñarriak, bideak, printzipio batzuek emoten dauz, Eleizeak agertu ta gaurko gizartean egi biurtu daitezan.

Jaungoikoa gizon egin zan, ez aingeru, gizona ta gizadi osoa salbetako. Baiña, ez gizonaren arimea salbetako bakarrik, gizon osoa baiño: gorputz eta arimea. Ta Eleizeak, Kristoren jarraitzaillea danez, gizon osoa eroan bear dau Jaungoikoagana. "Eleizearen lenengo eginbearra arimak santutasun bidean eroatea izan arren, gizonaren bizitza osoa salbatu bear dau" (Joan XXIII-nak. "Mater et Magistran"). Gizon osoa esan dot, eta gizonok mundu onetan bizi gara, famili bat egiten dogularik. Gizon oneek Bateoa ta beste sakramentuak Eleizan artzen dabez, baiña etxean, lantegietan, gizartean bizitzen dabez; euren eguneroko bizitzan.

Jaungoikoagaz ez gara aurrez-aurre aurkituten. Lenengo ta batez-bere Eleiza ta Sakramentuen bitartez; baiña baita bere mundu onetako gauza ta izakien bitartez. Orregaitik, Eleizeak gizoneri erakutsi bear deutse zelan jokatu bear daben lagun-urkoagaz gizarteko artu-emonetan. Ebanjelioaren irakaspenak agertu bear deutsez, Jaungoikoagana zein bidetik Joan bear daben jakin daien.

Or daukogu, Konzilioaren irakaskizunen artean "Eleizea ta gaurko Mundua" deritxon dokumentu sakon eta mamitsua. Eskutiz aundi onen lenengo berbak oneexek dira: "Gaurko gizonaren poza ta itxaropena, tristura ta kezka, batez bere pobreen eta sufriduten dabenenak, Kristoren ikasleen poza ta itxaropena, tristura ta kezkak dira".

Ta zenbat gauza erabilten dauz: "Giza Pertsonaren aunditasuna", "Gizonen Elkartea", "Giza lanaren sentidua gaurko munduan", "Eleizearen eginkizuna gaurko munduan", "Elkarte politikoen bizitza", "Ezkontzearen eta familiaren aunditasuna", "Kulturaren aurrerapena", ta abar.

Danok gagoz bat erakuskizun oneek aintzakotzat artutean, eta iñori ez jako bururatuten Eleizeak bide okerretik jokatu dauala esatea. Beraz, argi dago Eleizeak gizon usoa salbatu bear dauala; gorputz eta arimaz egiñiko gizona. Gizona ezin daiteke zati bitan apurtu.

Egiari arpegia emon deiogun

Esan doguna aurrean dogularik, argitu daigun gaur geure errian ainbeste bidar erabilten dan ideia edo esakera au: Gotzain edo beste eleizgizonak zegaitik sartuten dira politika edo gizarte gaietan?

Eleizgizonok mundu zabalean sakabanaturik aurkituten gara. Naziño danak ez dira bardiñak: izakeraz, oituraz, izkuntzaz, ta abar. Beraz, naziño oneetako gizonen prolemak ez dira bardiñak. Orregaitik, eleizgizonok gagozan errietan irakatsi bear doguz Eleizearen eta Ebanjelioaren erakuskizunak; erriko prolemak ezagutu, gero, erantzun zuzena emoteko. Osterantzean, arrisku bat daukogu: erria Eleizeagandik aldendutea. Geuk, eleizgizonok, Kontzilioak agertutako bide barri oneek erakutsi bear deutseguz gure erritarreri; Afrikan dagoan abadeak, afrikanoeri; Castillan dagoanak, erdalduneri; ta Euskalerrian dagoanak, euskalduneri. Zegaitik ez? Edo euskaldun batek ez ete dauz jakin bear bere eskubideak, bere erriaganako eta besteekanako betebearrak? Zegaitik ez dau abade batek berba egingo gizon baten edo erri baten eskubideak zapalduten diranean? Konzilioak eta Ebanjelioak gauza ederrak esaten dituala ta, or geratuten bagara, geure gizonak ez doguz Jaungoikoagana eroango. Gizon osoa salbatu bear dogu; gizon oso onek daukozan prolema guztieri erantzun bear deutsegu. Ez jat aztuten abade lagun batek esandakoa: "Guk, sarritan berba egiten dogu ezkonduen prolemeri buruz, eta ez ete daukogu eskubide ta obligaziño bardiña beste prolema askotaz berba egiteko? Edo gizonak prolema ori bakarrik ete dauko?"


Goimaitasunezko eginkizun barriak

Kristiñau-ikasbidean ikasi genduzan erruki-egintzak: geixorik dagozanak ikustera joatea, gose diranei jaten emotea, egarri diranei edaten emotea, giltzapean dagozanak ikustera joatea, billoisik dagozanak jaztea, ta abar.

Gaurregun beste erruki-egintza batzuek be ba-daukaguz. Ba-dakizue hospitaletan eta klinikaetan geixo askoei odol barria sartu bear izaten deutseela. Odola saltzen da, baiña karutxua izaten da erositako odola. Asko dira sal-neurri orreik ordaindu ezin leikeezanak.

Hospital edo klinika orreitan bear dabenentzako, urkolagunarentzako, anaientzako, al dogun guztiok, geure-geurea dan ori, odol apurtxo bat emotea, erruki-egintza ederra izango litzake.

Ba-dira itxuak, ikusmena galdu dabenak, operazio baten bitartez begiko nini edo angeru galdua kendu eta beste batena ipiñiaz ikusiko leukeenak. Ba-dira gultzurrun bat edo biak galduta daukezanak. Oneik euren gultzurrunak kendu eta barri batzuk ipiñi ezkero, osasuna barriztuteko eran aurkitzen dira. Urte oneitan entzuten dogu urliak, sandiak eta berendiak euren begiak edo gultzurrunak eta abar, hospitalerako edo klinika baterako testamentuan itxi dabezala. Lenago etzan entzuten orrelakorik. Baiña azkeneko urteetan gai onetan aurrerakuntza aundiak egin dabez. Lenago gure baserritarrak zugatzak, sagar-landarak, madari-landarak, okaran-landarak-eta, estitu, mentu egiten ebezan, igali edo ale onak emoteko eran ipiñiaz.

Ba, orrelaxe osagilleak be gorpuzki geixotuen lekuan osasuntsuak ipiñiaz, osasunik bako gorputzak osasuntsu biurtuten dabez.

Eta eztau iñok ezeztauko egite oneik erruki-egintzak diranik. Elitzake izango gauza zoragarria pentsatzea, biar, etzi edo etzilimo semeak, anaiak, lagun edo urko soillak bere begien bitartez ikusiko dabela, bere biotzaren bitartez bizirik jarraituko dabela, bere gomutaren bitartez gomutatuko dala? Semeagan, anaiagan edo lagunagan, berak emon deutsozan gorpuzkien bitartez, esate baterako, bere bizitzari darraikiola jakitea, elitzake gauza pozgarria izango?

Ia ba, egunen batean ezetarako bear izango ez dozuezan gorpuzki orreikaz erruki-egintzak egin, goimaitasunezko eginkizunak egin eta gizarteari laguntasun onuragarriak emonaz, zeruratuteko baliatuten zarien.

Aita IBABE


"Arzobispo Gorriak" irabazi dau lenengo burrukaldia

Helder Camara, arzobispo gorria

Brasilen ba-da gotzain bat, "arzobispo gorria" deituten deutsoena. Zegaitik? Konzilioko egunetan irabazi eban izengoitia, Paulo VI-nak agur egin eutsonean: "Oles, nire gotzain komunista". Gotzaiñak beingoan erantzun eutson: "Agur gure Aita Santu komunista".

Bi milla soldadu, Gouveia jenerala buru ebela, Recife-ko Katedralean mezea entzuten oraintsu egon dira, Brasil Errepublikako Lendakariak aginduta. Olan egin dira bakeak komandante militarraren eta "obispo gorriaren" artean. Eleizkizun onek emon deutso amaia, aldi baterako beiñipein, aste batzuetan iraun dauan militar eta obispo arteko mokoari (krisis bateri).

Helder Camara gotzain jaunak Recife-ko eleizbarrutian dauko bere artaldea. Brasileko jende pobreenak daukoz bere inguruan. Ogeta bost milloi gizon emakume, esklaboak lez, batzuek azukrezko kañabera-solo aundien jauntxo aberatsen menpean bizi dira, eta besteak "Sertao" deritxon lur legorretan. Lurralde oneri "egarriaren poligonoa" deituten deutse.

Helder Camara gotzaiñak jende oneen artean egiten dau bear. 57 urte daukoz. Pobre bat lez bizi da. Bere jantzi murriztuan ez dozu apaingarririk ikusiko. Atzamarrean ez daroa gotzain eraztunik. Bere ezaugarri bakarra zurezko (egurrezko) kurutze bat, galtzairuzko (acero) kate batetik eskegita. Bere bitaurrekoak (lenteak) burdiñezko armazoia dauke.

Bere etxeko atea beti irigita dago. Pobreak eta gaixoak egunero ikusten dira bere etxe barman. Gotzaiña eurakaz bizi da.

Militarrak kezkan

"Kolonialismurik txarrena —diño— gure dirudunen barruko kolonialismua da, euren dirua aberritik kanpora ipinten dabelako, emen berton jarri bearrean. Gure ardurarik aundiena auxe da: gizatalde oneeri benetako erri bat izaten lagundu".

Militarreri —indarra eskuetan daukeneri— naiko kezka emoten deutse Camara gotzain jaunak, sarri ta edonon esaten daualako: "Egunen baten, gizatalde (masa) oneek itxartuko dira, euren buruaren kontzientzia artuko dabe. Au nai ta naiez jazoko da, guk ez nai izanarren edo gure kontra, Eleizeak ez dauko eskubiderik arazo onetan parte artu barik egoteko. Gaur egunean, kristiñautasuna gizonaren aurrerakuntza ekonomikuaren alde dago".

Helder Camara gotzaiñak, oraindiño asko ez dala, beste 13 obispokaz batera dokumentu bat izenpetu dau. Agiri orrek krisis politiku bat sortu dau.

"Gaurko untze, gaiztasun, oneek agertuarren —idazten eben obispoak— beargiñeri eskatzen deutsegu euki daiela uste ona euren Sindikatuetan eta sendo ta gogor iraun daiela".

Recife-ko egunkari bat bakarrik be ez zan ausartu dokumentua argitaratzen. Camara gotzain jaunak Río-n zabaldu eragin eban obispoen agiria. Beingoan salatu eben Camara gotzaiña "komunista" lez Recife-ko militar agintariak, Gouveia jenerala buru zala. Recife-ko aldizkari eskuindar "Komerzio Egunkariak", erri-nastaletzat arakatu eban gotzaiñen agiria; jakiña, beti dokumentua azaldu barik.

Camara obispo jaunak orduan jakin arazo eban, agiria firmatu eben beste gotzaiñak batera prest egoala telebisiñoan agertzeko. Eguna be jarri eben.

"Arzobispo gorriak" Brasil-eko erlejiño guztietakoakandik jaso ezaban txaloak, beragaz egozala azaldurik. Abade askok eta beste obispo batzuek agertu deutsoe euren ederrespena alkartasunean.

Burrukea ez da amaitu

Baiña Erroman artegatasuna sortu dau. Brasilian, Gobernuak urre daukoz lendakari autakuntzak. Aita Santuak neurritasunean ibilteko kontsejua emon deutso Camara obispoari. Castelo Branco lendakari mariskalak "Obispo gorria" jaurlari-etxean artu dau, eta bion artean, "modus vivendi" esaten dan egokera bat lortu da. Gouveia jeneralak, Recife-ko militar komandanteak, atzera egin dau, bere errua autortu bearrez. Beste leku batera aldatuko dabe. Ejerzitoak lagunduko dau miseriaren kontra lan egiten. Bere aldetik, Helder obispo jaunak telebisiñoan agertu barik geratu bearko dau oraingoz.

Baiña burruka ez da amaitu, apur baten baiño. Ostera be azalduko da.

Azurmendi-tar Joan


Johnson-en ibillaldia

Bakezko berbak baiña gerrazko egintzak

Zer dala-ta ibilli ete da Johnson lendakaria eguzki-aldeko laterrietan zear? Zeren billa joan ete da aruntz: benetako bakearen billa ala laster daukozan autaketako botoen atzetik?

Australian urrezko boligrafoak jenteari emoten ibilli ei da. Zer pentsatu ete dabe australiarrak?

Sartu gaitezan arira. Norteamerikako Estadu Alkartuak zegaitik zigortuten dabe ain gogor Vietnam-go erria? Zetarako orrenbeste bonba ta apurketa? Arrizko biotza bear dau gizonak olan jokatuteko.

Ez dago zalantzik, Estadu Alkartuak gura izango bale-be, Vietnam-go gerra amaituta egongo litzakela. De Gaulle Frantziako lendakariak garbi esan eban au, azkenik periodisteri egiñiko berbaldian: "Vietnam-go gudaren amaitzea amerikanoen eskuetan dago".

Johnson-ek, asagoko Sortaldetik ebillela, onoko idazki au agertu zan bere begien aurrean, kaleko manifestaziño baten: "Bakezko berbak, baiña gerrazko egintzak".

Ipar Amerikako Estadu Alkartuak, gaur egunean gerrazko ekonomia daroe: ta ekonomia orrek aurrera urtengo badau, egiten diarduen armamentuak norabait urten bear dau.

Johnson epaitua izango da

Il onen (zemendiaren) 13-an Londres-en epaituko dabez Johnson lendakaria, Dean Rusk Estaduko Ordezkaria ta Mac Namara Defensako Buruzagia. Epailariak, Europako pentsalari idazle ta jakitun batzuek izango dira. Bertrand Russell izan da, bere 94 urtegaz, auzi onen asmoa lenen bururatu jakona, ta epai-batzarra eratu dauana. Berak bialdu deutse Estadu Alkartueri be, epai orretara ordezko bat agertu daiten inbitaziñoa.

Russell-ek Literaturako Nobel Saria euki eban 1950 urtean.

Vietnam-en egin dabezan txarkeri ta lege-ausketakaitik epaituak izango dira Johnson eta bere ministroak.

Russell-ek epai-batzar oneek Parisen ospatzea gura izan eban, baiña Frantziako gobernuak, osorik galerazo ezarren, batzar orreetarako erreztasunik ez ebala aginduten oar egin eban. Orregaitik, auzi-batzarrak Londresen ospatuko dira.

Russell jaunak emon dauz batzarkide izango diranen izen batzuk: Gunther Anders, Lelio Basso, Simone de Beauvoir, Lazaro Cárdenas, Carmichael, Josue de Castro, Vladimir Dedijer, Isaac Deutscher, Danilo Dolci, Jean Paul Sartre, Laurent Schwartz eta Peter Weiss.

Russell jaunak Pariseko "Le Monde" aldizkarian argitaratu dauan idazki batean diñonez, epai-maikoak "erreboluzio-tribunal batek lez jokatuko dabe, au da, auziko eztabaida ta erabagietan, gudako izugarrikeria eta injustizia mundu onetatik kendu gura daben guztien izenean epaituko dabe. Ez dago-ta eskubiderik, guda onetan egiten diarduen errazoigabekeri ta zuzenbagekeriak egiten jarraitzeko. Kontrarioak indar gitxikoak dirala-ta, gerra onen egille ta jarraitzailleak lurreko ondasun geienak euren eskuetan daukezalako, ezin daikee gizadiaren aurkako pekatu ori egin.

Urrean, bost azterketa-batzar jarriko dira, gai oneek epaitzeko: 1. Amerikanoek, erasotzaille; estaduen arteko elkargo ta itunak apurtu dabez. 2. Arma barrien saioak egin dabez. 3. Gaixotegiak eta hospitalak, eskolak, ur-nazak (ormak), eta erriaren serbitzurako bakarrik diran beste gauzak bonbardeatu dabez. 4. Menperatuak (presoak) zigortu ta oiñazetu, ta gorputzeko zatiak ebagi deutseez. 5. Erri-iltea, au da, giza-talde osoak beingoan jo ta il, erri-auzo guztia garbiturik; lan gogorretara bialdu, jendetzak pillotuta eukiaz.

Oneexek dira Russell-ek eta bere antzeko lagunak, Johnson eta bere ministro buruzagieri leporatuten deutseen oben edo pekatu nagusiak.

Seguru baiño ziurrago da, Estadu Alkartuen izenean, ez dala iñor agertuko, Johnson eta bere ministroeri egingo jaken epai orretara. Baiña ikusten danez, Londresen alkartuko diran batzarkideak be ez dira edonortzu. Ta euren asmoa ez ete dabe ontzat artu izango ta txalotuko gizon askok?

Guri, sartaldeko propagandearen menpean gagozanori, Ipar Vietnam-go gudariak inpernuko deabru gaiztoenak baiño be biotz-bakoagoak azalduten deuskuez, baiña zein ete da egia?

Vietnamgo bakea komedi bat da

Estadu Alkartuak Vietnam-en noiz arte egoteko asmoa ete dabe? Zer lortu gura dabe? Arerio guztiak garbitzea? Ta orduan zenbat vietnamdar geratuko lirake?

Ta Johnson ain bakezale agertu nai izanik, bakeaz ainbeste berba egin eta orrenbeste ibilli dan bitartean, zelan jarraitu dabe bere abioiak, gordelekurik eta defentsarik bako jente artera bonbak jaurtiten? Ze komedia egiten urten dau?

Argi erakusten deusku indar-legea daukola egiteetan, bakezko berbak erabilliarren bere berbetan.

A. Ion


Kale ertzean...

Uri bat zan, beste asko ta asko diran lakoa. Uri ertzean iru kale batzen ziran. Kale bat argia zan, aberatsena; beste bat illuna, ezeukienena; irugarrena, barriz, ez illuna ta ez argia, erdiz erdizkoa; onetan bear bada, erdiz erdizkoak edo aberats ta txiroen bitartekoak biziko ziran.

Ibilliz ibilliz niñoian, astiro astiro, ba, eneukan inora eldu bearrik, ezta be eginbear berezirik. Len esandako iru bide tara eldu nintzan eta antxe egoan bataren ertzean, gizon bat; bide-ertz guztietan egoten diran lako gizona bera.

— Eup! Urte barri on!, esan neutsan, neure barruko guzur-poza agertzeko. Urte barri, bizi barri!

Ez eustan beingoan erantzun, lo-edo egoan. Andik laster: "Bizitza barri, ona nai txarra, niri zer? Ondo bizitzea da bear dana". Arrausi luze bat ataraz, "Logure naz" esan eustan, "baiña ezin, ba, egutegiari azkenengo orria kendu bear deutsona nozu".

Orretan itxi neban. Ba-niñoian neure bidean. Kalean eta inguruetako bada-ezpadako etxeetan zarata, soiñuotsa, barre algara ugari zan. Amaikatxo ke ba-ioian zulo batetik bestera, ago batetik bestera, keia, garraztasuna, loia. Urte zarrari azken agurra. Agur nardagarria. Urte zarraren azken arnasak ba-ioiazan. Arenak egin eban. Gizakumeak asmakizunetan laburrak ez izan ta, amaikatxo jolasbide erneazi dabez egun onetarako.

Amaikaterdiak aspaldi jo eben. Amabiak laster?

Minutu bat, bi, iru... mats-garauak esku batean, bestean maitearena, amaikatxo... oraintx... ez... Larritzen asi ziran. Erloju danak geratuta egozan; zer ta nor daka guztiak. Ori oartuaz ariñeketan asi nintzan, kale bat igaro, enparantza, zugaztia igaro ta arin... arin.

Asi egoan nire gizona kale ertzean lo, lo; egutegia lurrean zetzan; azkenengo ogetamaikakoa erakutsiaz.

Eup! barriro. Urte barri! Aaa... esan eban, loak artu nau. Urte barria amar minutuko atzerakuntzaz dator. An uri artean matsa iruntzian ebiltzan batzuk amabiak zirala-ta.

IZADI


Taizé ta ekumenismua

Entzute aundia dauko mundu guztian Taizéko protestanteen monasterioak. Irurogetamabost fraille bizi dira bertan, ekumenismuaren alde lan itzala egiten. Ogetabost urte diardue lan orretan, monasterioa egin zanetik ona. Euretariko fraille batek, Aita Santuaren borondatez, parte artu izan eban, oserbadore lez, Erromako Konzilio Ekumenikuan. Ordurik ona azi zan Taizéko protestanteen izena gero ta geiago zabaltzen gure artean. Arrezkero, sarri agertzen izan dira periodiku ta errebista katolikuetan Taizéko frailleen fotografiak, eta leku apartekoa emoten izan jake ango notizieri gure aldizkarietan. Ez ori bakarrik. Kontaeziñak dira bertara doazan katolikuak —kardinalak, obispoak eta osterantzeko kristiñauak— fraille protestanteokaz berba egin eta euren kultuan parte artzera.

Neu be, asko ez dala, Taizén izan naiz. Joan dan zemendiaren (nobenbrearen) lenengo astean. Eguraldi otza zan, eldu nintzanean. Gau illuna, izar bakoa. Neu bakarrik bajatu nintzan estaziñoan. Estaziño etxea barri barria da, total polita; txiki txikia baiña. Ez neban orduan siñistuko, ainbeste jente bazter aretara joan leitekenik: urte onetan berreun milla lagun baiño geiago joan ei dira. Eta ez dira gero espaiñolak gitxien doazanak; eta interes aundiagaz gaiñera. Madrilletik autobus bat etorri ei da aurten, jentez beterik, ordu batzuk bakarrik bertan egoteko: ango kultuan parte artu, frailleakaz berba egin, eta buelta barriro etxera. Ni neu, egun pare bat egiteko joan nintzan.

Taizéko Frantziskanoak

Baiña ni ez nintzan joan, Taizéko fraille protestanteak ikusteko, bertako fraille frantziskanoakaz egoteko baiño. Bai, antxe bizi dira —eta au ez dakie askok— San Frantziskoren semeak, etxe txikitxu baten, etxe pobre baten, fraille protestanteen monasteriotik urre urre. Fraille protestanteak eurak eskatu eutseen frantziskanoeri, Taizéra etorteko, danok batera ekumenismuaren alde lan egiteko, otoitzaren eta alkarren arteko anaitasunaren bitartez kristiñau guztien batasuna ainbat ariñen lortuteko. Eleiza Katolikuko beste fraille klase askok gura izan dabe Taizéra joan; baiña ez jake posible izan. Protestanteak, San Frantziskoren Ordenea elejidu dabe orretarako. Ordena ori, bere izatez eta bokaziñoz, total ebanjelikua dalako. Eta Taizéko frantziskanoak, euren bizimoduagaz, erakutsi egiten dabe argi ta garbi, ori egia dala. Bizimodu ori ikusten joan nintzan ni, ainzuzenbe, Taizéra.

Frantziskanoen etxetxua beti dago zabalik bertara doazan guztientzat. Lau fraille bizi dira bertan, anaitasunik aundienean: bat polonesa, bestea belgikarra, irugarrena frantsesa ta laugarrena holandesa. Polonesa, nire aspaldiko lagun aundia; Canadan ezugutu genduan alkar, orain amasei urte direala. Laurak sazerdoteak izanarren, ez deutse iñok Aita deituten, Anai baiño, San Frantziskok gura izan eban modura. Abitu barik dabiltza, eta erriko edonoren antzera jazten dira. Ez dauke eleizarik, kapilla txiki txikitxu bat baiño. Olako frantziskanoak ikusita, zurtz eginda geratzen dira ara doazan geienak; baiña ez litzakez arrituko, San Frantziskoren Erregla irakurri ezkero, eta aintxiñako frailleak zelan bizi izan zirean jakin ezketiño. Gaur eguneko fraatziskanoen artean, batezbere Kontzilio Vatikanoaren ostean, mobimentu sendo bat sortu da, euren bokaziñoari autentikamentean erantzuteko. Orretarako joan dira frantziskanoak Taizéra, eta euren ejenpluak indar aundia dauko eta egunean baiño egunean indar geiago eukiko dau mundu guztiko fraille frantziskanoen artean.

Batasunaren pregolariak

Baiña ez dira joan orretarako bakarrik. Len esan deutsuedan lez, Taizéko frantziskanoak arazo aparteko bat dauke bertan: Ekumenismuaren alde lan egin fraille protestanteakaz batera. Komunidade bien artu-emonak total dira estuak. Sarri askotan ikusten da fraille protestanteren bat frantziskanoen maiean, alkarregaz jateko eta anaiak lez berba egiteko. Ni an nintzala, Anai Max Tourian, monasterioko bigarrena, etorri jakun, eta neure alboan jan eban bazkaria. Frantziskanoak egunean egunean joaten dira protestanteen eleizara, euron liturjiaren parte artzeko; protestanteak eleiza erdian egoten dira, eta frantziskanoak, orduan abituz jantzita, aurrerago, albo baten, altara ondoan. Eleizea aundia da, guztiz barria; eta eguneroko iru eleizkizunetara jente asko joaten da, batezbere uda denporan, Europako bazter guztietatik etorrita. Asko dira ara doazan katolikuak. Orregaitik, meza santua entzuteko eta komuniñoa artzeko, kapilla bat dago euren tzat eleiza azpian; eta antxe batzen dira, euren kultua egiteko, frantziskanoen zuzendaritzapean. Orrez gaiñera, kontaeziñak dira kristiñauak —katolikuak, protestanteak naiz ortodosoak— ekumenismuaren gaiñean berba egiteko, frantziskanoen etxetxura doazanak.

Taizéko frantziskanoen eta protestanteen alkartasun onek sustrai sakonak daukaz, fraille protestanteen Erreglak gauza askotan San Frantziskoren espirituari jarraituten deutso-ta, batezbere alaitasun, sinpletasun eta anaitasunean. Mundu guztiko protestante geienak zeredozer topetan deutsoe San Frantziskori, Eleiza Katolikuko beste edozein Santuri topetan ez deutsoena. Taizéko fraille protestanteak, esate baterako, Santu gitxi aitatuten ditue euren eleizkizunetan; San Frantziskoren egunean barriz, jai aundia egiten dabe euren eleiza nagusian, eta modelutzat ipintea dabe Asisko Santua, kristiñau guztien batasuna lortuteko eta Kristoren Eleizeari indar barria emoteko. Ondo konturatuta dagoz errealidade orregaz fraille frantziskanoak, eta orrexegaitik joan dira Taizéra.

Anai Imanol Berriatua

Frantziskanoa