ANAITASUNA

Garagarrilla (7) 1966 XIV URTEA N.º 137

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: J. A. Elustondo (Bilbon). Arantzazuko Irarkolan.


Barzelona-ko abaden gertaeren barri. Egia ete zan periodiku geienak esan ebena?

Barzelona-ko abade ta praille talde batek ango kaletan egindako agerketari buruz ainbet gauza txarto ulertuak esan dira, jentea periodiku ta telebiziñoak esandakoagaitik apur bat arrituta geratu zan. Baiña, zintzoki, zeintzuk ziran agerketaren benetako arrazoiak? Madrilleko VIDA NUEVA asterokoak, 1966-ko maiatzaren 28-an agertutako zenbakian, egin eban berba naiko argi. Arrezkero, beste periodiku batzuek be jokaera bardiña arta eben. Guk Madrilleko asteroko ortan agertutakoa, euskeraz jarriko dogu. Artikulua oso luzea da ta orregaitik, parrafu batzuk baiño ez doguz emoten. Ara:

Gertaeraren irizpideak

..."Maiatzaren 12-ko periodiku aundi guztiak, Espaiñia osoan, barri labur bat ekarren: Berzelona-n, eguardi inguruan, apaiz talde bat katedralean bildu ondoren, Via Layetana-ko Polizi Etxera joan zala, bertako Polizi Nagusiari karta bat emoteko asmoz. Eskutitz ortan ikasle bateri emondako jorraldi gogorrak aitatuten ebezan".

..."Gerta zanari era askotako irizpideak emon jakozan: katalanismoa, separatismo-etenkeriakin politikoa, Gonzalez Arzobispo Laguntzaillarearen kontrako agirikada... tabar... Ignazio Agustin jaunak irrikoi artuten eban agerketea "Tele-Expres"-en René Clair pelikula baterako aukeratua zala esanaz. Apaizak egindakoa edozein enbajadore kalera kantzontzillo utsik urtetea lez zala be esan eben baten batzuk; ta eskandalorako bidea izan zala be bai. Larogei apaizek ikusi ebezan polizi ta jenteari eskandalo bizia sortu eutsoen, beren ustez"...

..."Muñoz Alonso-k ARRIBA-n be, konbentu-erretzeak gogoratuten ebazan, eta zelan apaiz batek mitin-eran berba egiten eutsoela eun bat apaizeri kalera urte eitezan be bai. Muñoz Alonso bildur zan, separatismoak edo politika listorrak gertaerea puztu ete eban"...

Madrilleko ABC-ek, maiatzaren 13-an, bere editorial batean iñoan: "erri bizitzan eleizako gizonak, pilloka, ekiñez, eskanbillaka astea, gaitzetsi bearrean gagoz. Abade ta prailleak, beren eleiz-soiñeko ta San Frantziskoren jantzietan babestuak erri-astoratzaille ta erronka bidez kalera urten jakuz, iñoan gerotxuago. Eskandalo-bidekoa ta barkatu eziñekoa deritxogu, persona itxutu batzuek, euren "izaeraz" eta aukera obeaz baliaturik, neurritik urtetzeari". (Orregaz, "Concordatoak" abadeeri eskeinduten deutseen, lege-eskubideak, eleizen gordeleku eskubideak eta soldadutzarik eza ta abar adierazi gura ebazan).

Romero-k, 13-ko PUEBLO-n beste au iñoan: "Barzelona-ko eskandaloa, ain penagarria dalarik, ezta ikasbide jatorra... ez da guretzat poztutekoa".

"YA"-k, 13-ko argitaldarian, aitortuten eban ez zala erreza gertaera orren gaiñeko irizpidea. Baiña, ori bai, geienen sentipena arripen mingarrizkoa izan da ta Barzelona-ko abadeen jokarea desegokitzat artuten eban.

Apaizak eurak diñoena

Gure eskuetara eldu dira apaizak eurak Arzobispoari ta Polizien Nagusiari bialdutako eskutitzak. Au egunean bertan eta ura illaren 14-an 250 apaizek izenpetua. Ona emen, apur bat laburtuta zer diñoen:

- Agerketaren asmoa au zan: Barzelona-ko Polizi-Buru Creix jaunari agiri bat emotea, Joakin Boix ikasleari poliziak emon eutsoezan tratu txarra jakinaraziaz. Eskutitz onek, oso begirapenez idatzita, aolan diño: "Jokaera orren kontrako gure iritzia agertu gura dogu, ta gure gogoa au da; borondate oneko gizon guztiak ontzat artu daiala gizonaren izateari jagokon eran beti jokatutea, Eleizak erakusten deuskun lez". Eskutitzak Pacem in terris-ko esan batzuek aitatuten dauz, "Gizonaren Eskubide agiriak diñoena" eta Erromako Eleiz Batzarraren esanak bide batez.

- 130 bat apaiz —beste iturri batzuek 80 zirala esan dabe— katedralean bildu ziran. An irakurri ebezan Creix jaunari ta Arzopispo jaunari bialdutako eutsiezan eskututzak. Agiri oneetan apaizak garbi jartzen eben "euren iritzi begirapenezkoa agertu gura ebela gertaera orrek okertzat emonaz"...

- Katedral barruan apaizetako batek, San Pablo-k Tesalonikatarrari egindako epistolaren zati batzuek irakurri ebazan, adieraziaz, "apaizen lanbidea, otoi egitea, eskeindutea, opaldutea eta erakustea zala". "Gure asmoak beti artzain asmoak ta erligiño asmoak izan bear dira, iñoan. Guztiak gure anai-arrebak badira, ez dogu iñorentzat gorrotorik, naiz ta ba dakigun gu ikusteak askori gurekiko gorrotoa sortuten deutsoela... Izlariak aitortu eban orduko euren agertekea ez zala zuzen ikusiko orain, baiña bai geroko denporetan, eta "anai-arreba guzien alde eskatuaz bukatu eban".

- Agerketa baketxu ta ixillean, Modrego jaunari eskutitza itxi ta —au ezegoelako, Bikario Nagusiari emon ondoren— katedraleko ateetatik urten ziran. Polizi batzuek an bertan agindu eutsoen banatuteko. Talde osoa ordenan joan zan Pou kaleko ertzetik, kaleko joan etorria galarazi barik. Polizi etxearen aurrean, eskutitz bat eroaten ebela jakin-arazi eben Creix jaunarentzat. Iñork ez eutsoen artu gura eskutitz ori. Aldegiteko deadarreri erantzun eutseen "Eskutitza itxita aldegingo ebela". Poliziak orduan, "La Vanguardia"-k esaten euskunez, aisa banatu ebezen. Taldea San Frantzisko eleiz alderuntz joan zan. An bildutea pentsa eben, baiña eleizea itxita aurkitu. Azkenean, ikusleen begi arrituen aurrean banatu ziran.

Zapatuan, illaren 14-an, 250 bat —apaizen agiritik artuten dogu barri oneek— Arzobispadu jauregian bildu ziran, eta Batzorde batek Monseñor Mondrego-ri eskutitz bat eskuetan itxi eutson, zorzi ataletan, txartzat emonaz ikasle, naiz apaiz, naiz edozeiñen kontra indarkeria erabiltea. Bide batez Eleiz Legediko 2343, 8 legea aitzat artuteko. (Lege onek Eleiz-gizonen kontra indarkeririk egiten dauanean zigorrak aitatuten dauz).

Bukatuteko au eskatuten dabe: euren agerketea epaitzeko, "ez daiela artu Barzelona-ko eleiz-barruti barruko, naiz Kataluña-ko lez, ezta Espaiñia-ko Gotzaiñen Batzorde Eragikorraren egitekoen barruan be, mundu guztiko eleizaren argi ta Erroma-ko Eleiz Batzarraren Erakutsiean aritan baiño".

Euren zuriketa-agirikian, apaizak euren miña agertuten dabe Albistari ta Irrati ta telebisiñoaren bidez gertaerak okertu diralako. Baita be guzurrak joten dabe, aitatu diran "separatismo" ta "Monseñor Gonzalez-en" kontrako asmoa. Bein da berriz diñoe, euren asmoa erligiñoko ta gizabidezkoa izan zala. Gogora ekartzen deuskue beste errietan, onetariko gauzagaitik, apaiz eta Obispoak be ikusi izan dirala kaleetan. Aolan gertatu izan dala Ipar-Ameriketan eta Frantzia-n. Eta indarkeririk sortu ete dabenik, guzurra dala.


Erriz erri

Bermeo-tik

Españia-ko porturik garrantzienetarikoak euskalerrian daukoguzala esatean egian nagola deritxot. Pasai, Ondarru, Lekeitio, Bermeo-ko kaiak aitutea baiño ez dago. Baiña —egia esan— portu oneek ez dira oraindik naiko, Kantauri aldeko arraintzale guztiak zenbat diran konturatuten bagara. Ori dalata, portu onetan barrizte egiteko asmoak zelan dagozan aspaldi batetik entzun da gagoz, batetik ainbeste enbarkaziñuentzako lekurik ez dagoelako; ta bestetik ekaitz aldietan enbarkaziñu askok Bilbo-ko errixora joan bear izaten dabelako. Iñork ez dakiana barrizte oneek noiz elduko diran da. Dana dala, nik neuk, numeroari kasurik egin gura badeutsagu, Bermeo-ko portuak biar oneek egitea merezi daula uste dot. Igaro dan urtean, esate baterako, gitxienez bertatik sartu bai ziran 230 milloi peseta.

Oraindik asko ez dala, Bizkai-ko portuen injeneru-zuzendari dan Javier R. Marquina jaunak esan dauan lez, lenbailen zeozer egin bearra dago portu au aunditu ta barriztatuteko. Bermeo-k —esan dau Marquina jaunak— bere 2.500 arraintzalekaz Españi-ko porturik onenetariko bat merezi dau eukitea, gizon kementsu orreeri jagoken lez.

Egunerokoetan be agertu da zelan "Ministerio de Obras Públicas"-koek aspalditik dauken aprobeta plan bat. Onetariko gauzak papeletan-eta arin jartzen dira, baiña gero zeozer igaroten da, ze egiteak sarri ez dira agertuten da. Au idatzikeran gogoratu jat Gernikan entzundakoa: Nabarniz-ko erri puntan-be aspaldi batetik badagola bide barri bat egiteko plan bat, diputaziñoak aprobeta ta guzti. Baiña oraindik bide barri ori egiteko ei dau.

Almike-ko

Galdakano-tik

Perretxiku eta onetariko setak ugari egoten dira uda azkenean gure pagodi ta piñudietan. Askorentzako "chanpiñoiak" izan ezik, beste klase guztietako setak txarrak ez baiño jateko beintzat merezi bakoak ei dira.

Edozelan be, erri onetan "Peña Santa Cruz" deritxoen alkartekoak badakie seguru seta onen barri. Igaro dan urtean Tolosa-n antolatu zan "II Concurso interprovincial Micológico"-an parte artu ebenetik batez be, "Peña Santa Cruz" alkartekoak zaletasun berezi bat agertu dabe. Aurtan, orain arte probintzietan eratuten zan leiaketa ori, Bizkaian egitekoan dagoz; egitekoan bakarrik ez, leiaketa orren eguna be jarri dabe ta. Seta zaleak askotan eiztariak amorrotuak be izaten diralata, eizea galerazota dagon denporan egitea akordatu dabe. Tolosa-n "III Concurso Interprovincial" ori iraillaren 25-ean egingo dan lez, erri ontako alkarteak euren leiaketea aste bat ariñago egitea erabakita daukee. Aolan lenengo egiten dabenak, Tolosa-ko leiaketara joateko eran geratuko dira. Leiaketa orren epai-maikoak Angel de Goiri farmazeutikoa, Arriortua ta Yurrebaso izango dira seguruenetik. Ia, ba, Arrigorriaga, Ondarroa, eta Sollube aldeko seta zaleak Galdakano-n iraillaren 18-an ospatuko dan leiaketa onetan zeozer egiten daben.

Peña Santa Cruz

Mañaria-tik

Jakiña dan lez, euskaldunok aurton ospatuten dogu KIRIKIÑO idazlari ospetsua jaio zanetik eun urte betetea. KIRIKIÑO erri onetan jaio zan 1866-garrengo urtean eta orain bere gorputza bertoko kanposantuan jasota dago, alan zalako beren azkenengo gogoa. Baiña gaurkoz ez noa ezer esaten gure KIRIKIÑO aundiaren gain, nik baiño beste batzuk askoz obeto egingo dabelako. Ain zuzen, Durango-ko Merindad-eko alkartekoak omenaldi bat gertatuko deutsoela entzunda nago. Gerediaga-koak, ain euskal-zale zintzo ta jatorrak diralarik, ba dakit KIRIKIÑO-ren oroimenez bere maillako euskal idazlari bateri jagokon omenaldi antolatuko deutsoela.

Gaurkoan gure erriko kanpatorreko erlojuaren gain zeozer esan gura neuke, erloju au bere aintxinetasunagaitik baliokoa dalakoan nago ta.

Lenago oituten zan lez, ilten ziranak, eleiza edo ermitxe batean barruan jartzen ziran. Mañaria-n kanposantua, oitura oneri jarraituaz, "San Vicente" izeneko ermitxan egoan. Ermitxa onek kanpatorre txiki bat eukan eta kanpantorre ortan egon zan luzaroan gaur parrokiko eleizan dagon erlojua. Zergaitik ekarri ete eben "San Vicente"-ko ermitxatik parrokiko eleizara? Antza ermitxa oneri bein parrokiko eleiza egin zanean, ordurarte eukan garrantzia galtzen Joan jakon; eta jakiña, parrokia erloju baten premiñan egoan lez, ermitxa ortako erloju berau eroan eben. Geroago, apur-apurke, ermitxa ori jausi egin zan eta an egoanaren ordez, beste kanposantu barri bat egin eben erriko agintariak. Gaur ermitxa onen rastrorik be ez da agiri; baiña alan da be, Eibar-ko fotografu izan zan Ojanguren-eri eskerrak, parrokiko artxiboan ermitxa orren erretratu bat dago, erlojuagaz da guzti. Artxibo beretan dagon manuskrito bategatik dakigu "San Vicente"-ko ermitxan 1788-garren urtean jarri zala. Parrokian dagon erlojuan, barriz, inskrisiño baten auxe dakar: "Fabricado en Durango por Matea Eustaki Iparraguirre, siendo Fiel don Miguel de Barázar. Año de 1816. Número 15". Inskrisiño oneri jaramonik egin ezketiño, "San Vicente" ermitxako erlojua eta gaur parrokian dagon erlojua ez dira bardiñak. Baiña orduan zer egin ete eben "San Vicente" erlojuagaz? Saldu egingo ebela? Ba leiteke; baiña iñok ez daki gauza ziurrik, dokumenturik be ez dago ta.

J. L. B.

Elorrio-tik

Maiatzaren 20-an ospatu zan "Valentin de Berriochoa" altaretara egon eben irurogeigarren urtea. Ori dala-ta, akto berezi batzuk antolatu dira bai Bilbo-n (Feria de Muestras-ko saloietan) bai erri ontan be. Akto orretan berba egin dabe, beste batzuen artean, Vietnam-go Gotzain dan Truontg-Cao-Dai, Bilbo-ko alkate dan Javier de Ibarra y Berge eta erri ontako agintari dan Luis Beraza de la Rica Jaunak.

Truontg-Cao-Dai gotzain jaunak "La iglesia en el Vietnam de hoy y ayer"tzaz berba egin eban. Gotzain onek gogoratu ta argi ta garbi guztion aurrean jarri ebazan Vietnam-go aberrian aita dominikuek egindako lan txalogarri guztiak, bai bertako gudea asi baiño lenago ta bai geroago be. "Orain arte —esan eban— izaneko lau vikariatoak eta aurrerantzean eleiz-barrutiak izango diranetan bosteun bat milla kristiñau dagoz dominikuek egindako biarrari eskerrak".

Gero Bilbo-ko alkate jaunak berbea artu eban. "Jalones de historia y efemérides de la Beatificación"-tzaz. Beste gauza askoren artean, Trountg gotzain ospetsuari agurtuaz, adierazi eban zelan Bizkai-ko agintariak alegin guztiak egiten dabizan Valentin donearen gogo bereixek egiztatuz, santu mailletara goratutearren. Danok dakigunez, "Valentin de Berriochoa-k" mixiñoetara joan baiño ariñago esan ei eban zelan gura eban "santu izatea, Bizkaitarrok bat euki al gengian". Ba zan gero kapritxosoa gure Valentin. Bear bada, beti lez, giputxak orduan be atxakiz beterik ibilko ziran santu bat eukeela eta guk, barriz, ez genduala ta; ori ikusiaz Valentin-ek zeozer egitea pentsa eban seguru, giputseri ixilduteko edo...

Ondorean, erriko alkateak "Centenario del Martirio" pelikularen agerpena egin eban. Pelikula onek oso ederto adierazten dau Valentin de Berriochoa-ren bizitz eta eriotza.

Biramonean Elorrixon berton Santa Ana-ko monasterioan beste akto batzuk be euki genduzan. Dana bukatu zan erriko plazan egindako aurresku eder bategaz. Aurresku a ikusi nebanean, goratu jatan Valentin de Berriochoa-k bere gazte denporan eta mixiñoetan egon zan denporan be bai egin ebazan aurresko aldiakaz. Bai zala gero aurreskulari fina gure donea...

Toki-alai-koak

Berriz-tik

Maiatzan Eibar-en izandako euskal liburu ta diskoen ferian ezagutu neban lenengo Arantzazu-ko praille frantziskotarrak ataraten daben "Anaitasuna" aldizkaria. Ikusten ikusiaz, konturatu nintzan bigarrengo orri orretan Bizkai-ko erri batzuen barriak zelan agertuten diran. Ori ikusiaz, neu be apur bat animatu egin naz zeozer idazteko, patxadazko gauzarik esango badoten bildur naz baiña. Gaurko onetan, bada, ANTZUA idi-probalari famatuaren gain zeozer esan gura neuke.

Bere benetako izena ez da Antzua, Benigno Azpitarte baiño. Danok Antzua izenordezko orregaz ezagututen badogu bere baserriak izen ori daroalago da bakarrik.

Niri neuri beti izan jatez atsegingarriak idi-probak, ganadu kontuan askorik ulertu ez arren; orregaitik idi-probalarien barriak beti jakin gura izaten dotaz zeatz-meatz, danak ikusteko erreztasunik ez dot eukiten da. Ta Nire ustEa balio askoa izan ez arren, gure ANTZUA proba-lari onenetarikoentzat daukot. Osterantzean ikusi daiguzan zer egin dauan azkenengo bi probetan: 1) Aprilleko 28-an, San Markotxu jaiak zirala-ta, Gatika-ko idi-probetan probalaririk famatuenak urten eben: Mendata-ko Ikeriya, Erandio-ko Larrasate, Lujua-ko Braulio, Derio-ko Zamarripa, Mallabia-ko Aranburu, Busturia-ko Lezamiz, Bermeo-ko Alegria, Larrabetzua-ko Villa... ta erri ontako ANTZUA be bai (guztiz 26) Danetik ANTZUA-ren idiak egin eben geien 46 1/4 untze ta 4'50 metrogaz; atzetik Bermeo-ko Alegri 44 untzegaz; gero Mendata-ko Ikeriya 42 1/2 ta 2'10 metrogaz... 2) Urduliz-en, maiatzaren 25-ean, egin ziran probetan oraindik ANTZUA-k diferentzi aundiagoak atara ebezan. Urduliz-en 28 idi-bikotetik Antzua urten eban garaille ostera be 47 untze ta 6 metrogaz; ondoren Erandioko Iñiguez 44 untze ta beste 6 metrogaz; gero Bermeo-ko Pedernales, Busturia-ko Lezamiz, Urduliz-ko Garitonaindia ta Markiña-ko Gisasola 44 untzeagaz. Ez da gitxi.

Juan Martin


Batzar Nagusia eta erri-gaztedia

Batzar Nagusi barrian deiak, Jon XXIII'garrenak aizatuaz, mundu guztia dardaratu eban. Bakoitxak, bere barruan eukazan gogotasunakaz, Kristoren dotriñean buruz, ebangelioaren buruz, eta Eleiza barruan orren erarotasuna edo aplikaziñoa aditurik, azi ebazan uste alde batzuek. Eleiza-dotriñaren iraulketa edo erreboluziño osoagandik azitakoak baziran; beste batzuek —beti ezkorrak— uste izaten eben, siñisgaitzagaz, ez zala ezer bere aldatuko.

Gure erri gaztedia, gure errietako lokartu gaztedia, nekez arduratu zan, ain gertaera aundiaren aurrean; bear bada ekin eban abadeak edo pralleak ezkondu al leitekesan. Nire ustez, au zan bere izketa-gaia Batzarraren aurrean.

Gero, gotzañen bearrak aurrera yoyazala, eguneroko periodikuak izan ziran gu azpertuteko zirigarriak, eta alan gure ardurak apurbat biztu. Apurka-apurka konturatu barik geu be izartzen asi giñan.

Deporte orria irakurri ezkero, errietako gazteak asi gintzazan, baita Batzarraren barriak irakurten. Baña kontuan artu bear doguna da, Euskalerriko jente-gazteak bardin ez dabela sentitzen aurrerabide txikienetakorik, ezta periodikuak irakurtzeko be. Ez erderaz ez euskeraz. Or azmakisun edo problema sakona, jakiña.

Benetan gauza lotsagarria eta tristea, baña egia esan bearrekoa. Euskal gazte askok ez dau ikusten beste ondorenik Batzar ostean: Eleizak barrikatzea eta bearbada, euskeraz entzuten doguzan meza banakak; eurak be oso gutxi eusko erriaren guraria betetzeko.

Nik uste, erakuski barregarria dala jasoera aundi batentzako, eta bertan gogoratu ziran problemak eta artu ziran erabaki sakonentzako. Ze bear egin da, jakin-erazo eta arduratuteko gure gaztedia? Ezertxo bere ez dala, esan geinduke.

Problema aurrerakoak dagozala Eleizan gu gazteon buruz? Izan leitekez. Batzarraren ondorenak ez dirala oraindiño egokitu? Ondo. Baña alan be nik ez dakit zergaitik Euskal baserrietako gazteak ez dabela sentitzen gaurko egunean ardura aundirik Batzarraren ondorenatzaz, bearrezkoa dot esatea. Gelditu leitekez zar-barri batzuekaz, baña bein edo bein, ikusi barik egizko sakontasuna edo Eleizeak artutako bide barria.

Erriak ez dau ulertutzen ori, asmo zorrotzen mundu ori. Ezin siñesterazi. Egiñak bai. Bestela aldatz gora egiten yaku olako gaietan sakontzea.

Ez gagoz gertatuta eta orain itaun bat, nork errua?...

Bada gure errietan beste alderdi bat: Kulturadun eta kezkatsu gazteak badoguz gure basetxetan be. Oneik jakin dabe (euran arasoen bidez) Batzar ori ez dala batu mundu guztiko gotzañak barriketan eta nonsebarri ibilteko. Ez da esateko be: O! gure erria bai zintzoa... "Kristotar jarraibidea arena". Ori ez. Alkar-izketa gogorrak izan dituez. Baita argi aundia ikusi-erazo. Argi orren bitartez iruditu yaku Eleizaren arpegi gazte ta indartsua. Zintsotasun guztiagaz agertu da Erroman. Erdiikusi dogu maitasun bat, jokabide barri bat.

Baña emen be eragozpenak aurkitu. Ez txikiak. Erroman amaitu zan. Mundo zabalean azi bear ekintza. Eta gure Euskalerrian jaso diranak jaso, Batzar ori ezkero, eta itanduten dogu: Nun dago Eleizaren dotriña barri ori? Nun errigizonen jokabidea erlijiñoretzaz? Nun askatasuna, nun maitasuna ta karidadea? Zelan salbatu norberen nortasuna? Beti izango al gara umiak Eleizan? Noiz izango gara ondo ikusiak Eleiza eta munduaren aurrean? Orain arte Batzar orren ondorenik oartu alda Euskalerrian?

Aurki barriro be oker izan gara. Ze egiaz, badira eginketak erakutsi gurian, ez dogula jakin azalduten iraulketa barri ori... Ez gara egon gertatuta...

Sugar txikia biztu zan gure barruan eta sugin apur bat bota bearrean, uragaz amatau gura dabela esan leike. Kristiñauen gauzak ez dira atonduko, eleizak barrizteagaz ez euskal meza batzuekin. Danak apainduteko denpora asko bearbada, noski. Gizonen asmotasunak aldatu bear apurka. Eta guk gazteok lasterka egin nai. Baña ez ete dira beste gauza asko leitekezenak? Zergaitik itxi? Baleiteke guk bearreskoak ikustea, eta arduradunan iritxia Euskalerrian orain arte legez ondo dagozala izatea. Eta guk, amen. Orrela Batzarra etzan izango bear bada Euskalerriarentzat, Aprika edo Rusiantzat baño. Orduan be guk, amen.

Ekintzale


Barzelona-ko abade bat berbetan

Aita Monserrat Barzelona'ko gertakizun onetan kokoteraiño sartuta egon dan abade jator bat dogu. Eta ara Madrilleko "Pueblo" egunkarian zelako deklaraziñoak egin dauzan:

— Momentu ontatik Marzelo Gonzalez Gotzain Jaunaren artzain-lanetan bere laguntzaille naz. Ezta zeatza gotzain katalendarra eta katalenara berba egiten dauana bakarrik gura genduala esatea. Gura genduan izkera bietan egiten dauana, au da, erderaz eta katalenaraz, abade guztiak egiten dogun lez, predikatu daikena".

"Barzelona-ko eleizbarrutian izkera bietan berba egiten da; orregaitik kualidade ori daukan gotzain bat gura gendun. Esate baterako, nik neuk, eundik larogei berbaldi erderaz egiten dotaz".

Periodistak itaundu eutson: — Azkenengo gertakizunetan ikusi al da separatismoaren rastrorik? — "Grupo txiki eta itsu batzuetan bear bada bai. Baiña geienen posturea ez da separatismoan ispiratutakoa. Berba ta konzeto ori gure alkarberbetatik kendu ta aldendu ta baztertu egin bear genduke. Gure postura ori katalantasun garbienean sortua da, au da, gure istoria, gure izkera, gure personalidadea, gure instituziñoakaz giza-talde berezi bat osatuten dogula jakitearren kontzientzian sortua, azia ta tinkatua. Geienak ez dabe gura izan egizko katalandarrak izatea baiño".

"Katalandar abade ta apaiz askorentzat lez, neuretzat be obedientzia ez da neure deretxoeri eskubideeri uko egitea, eta bearrezko danean ez kritikatzea. Nik kritikatu egiten dot, eta obeditu be bai. Neure kritika onek esango dau, gañera, zelangoa dan neure obedientzi au. Obeditutzea eta kritikatutzea Eleizarekiko serbizio bat da neutzat".


Jainkoak eztaki euskeraz

Bagillaren 5-ean Orozkon egon nitzan. Egun artan herriko umeen leenengo Jaun-artzea zan. Plazako eleizan, aingerutxoen parean, baegozan neskato-mutiko galantak ama guztien pozerako.

Orozko, ta au guztiok dakigu, Bizkaiko herritxo euskaldun bat da, beraz, bertako berbetea, geien bat, Euskerea da.

Eleiz-atean mutikoak Euskeraz ta erderaz egiten eben berba, amak-eta jantzi barriakaz kontuz ibilteko esatean ostera, beti Euskeraz esaten eutsien.

Abade guztiek ba ei ekien euskaldunon berbakuntza ta inguruetakoak ziran gañera.

Mezatara Joan ta urteteko asmotan egon nintzan luzaroan. Auxe mezea!

Siñistu daustazu irakurle? Dan-dana erderaz izan zan. Mezea, sermoia ta baita abestiak bere. Arri ta zur geratu nintzan. Alan be!

Herriko gazteriak ondo polito kantatzen zituan abestuak, ikaragarria!

Orduan gomuta neban nik Nafarroako Kanpion'ek egindako liburu batean irakurria, zelan Gartxot'ek, napar zintzo bat, il egin eban bere seme bakarra, abade frantzesak Jainko-abestiak erderaz kantatzen eroan gura eutsenean, "Euskaldun baten agoa Euskeraz kantatzeko da ta, ez erdera zikiñez" esanaz.

Negargarria benetan Orozkon ikusia. Ango gazteak zelango gazte-edo dira? Izenetan euskaldun baiña izatez ta arimaz Otxarkoagan bizi diranen baiño erdaldunago, beronek atzerrian jaio diralako ta areik Euskal-Herrian jaioak doguzalako.

Baiña asi gaitezan esaten: Leenengo ta bein abadeak dotriña erderaz irakatsi eutsien umetxoai. Euskerazkoa ez edo dau Jainkoak ulertuten.

Mezatan esan ziran itz eta berba guztiak bere, dan-dana erdera utsa. Ume gaixoak ezeben ezer garbi atara alako erdal-oxiñetik.

Korukoak, leen esan dodan lez, etziran, izan, Nafarroako Gartxot zintzoaren eretxikoak. Erderea zan euren Jainkoarentzako kanta-letrea.

Urtetean txartel baten gaiñean baziran berbok: Día del clero indígena, ta baltz batzuk ikusten ziran. Barregarria gero!

Gero, kanpoan gengozanean, mutiko bateri itaundu neutsan zer esan eban abadeak ta ezekiela erantzun eustan.

Koruko abade zuzendaria nongoa zan itaundu nebanean, Arratiko seme jatorra zala erantzun eusten ta pulpitoan egoana nor zan ta abade euskaltzale ta "abertzale" zintzoa zala.

Ago zabalik geratu nintzan, parrokoa ta beste guztiak euskaldunak, euskal-herri batean ta "abertzaletasun" edo abertzalekeri orren gora-beera erdaltzale amorratuak. Andiagorik bere!

Batikanoko bigarren kontzilioa, Aita Santuaren berbak: "Egizue beti Herriaren berbetaz", Pacem in Terris ta orrenbeste zarata aundiko azken barriak ez dira oindiño Orozkoraiño eldu.

Baiña nik eztot uste borondate txarragaz egin dabenik abade zintzuok, ez eurek pentsatu bide dabe, nik bere leen susmatu dodana: Jainkoak eztakiala Euskeraz.

Oni buruz baderitxat Euskal-kanta bat txarto dagoala: "Agur jaunak" izenekoa. Bai ba, abesti orrek badiñosku: "Danak Jainkoak eiñak gera, zuek eta bai gu bere". Orregaitixek bada! zer aita-edo dogu Jainkoa, Euskeraz egiten dautsogunean bape ulertuten ezpadausku?

Edo bestelan pentsatu egin bear da Orozkoko abade orrek borondate okerrekoak dirala. Baiña ez, ori eziña da. Zelan baiña, zelan izan leiteke ori abade ta Jainkoak deituak izanaz?

Kintana'tar Frantzisko Xabier


Gure idealak

Zerbait eskribidu bear eta ezdakit nundik asi. Ez zer esanik eta zer astindurik ezdagolako. Baña zertarako eskribidu? nork irakurtzeko? Geure izena goraltzeko?

Alan da guzti be ezin naz ixillik egon.

Makiña bat gauza eskribitzen da. Sarritan norberak sentitzen ez dabezan gauzak be esan egiten dira. Gauza artifizial asko dagoz anuntzio ta propagandapean bizi dan mundu onetan. Bai; danok gagoz itsututa eta ondo ikusten dogula uste dogu. Illunpean bizi gara eta ez dogu argi premiñarik sentitzen. Ez, ezdogu argirik bear. Billosik gagoz eta argitan lotsatu egingo gara.

Idealik bako mundu bat espantagarria da. Ez, ez egizu barrerik egin, irakurle, ain "modan" dagoan berba ktase oneik darabiltzazalako. Biotzetik diñot diñodana.

Ikaragarria da izan be sarritan gure bizi au bakotxak "bere txarrikortan" igaro bearra. Gure maitasuna ugertzen ikusten dot. Maitasunik-ezari eta zimentu bako etxeari alkarren antz aundia artzen dautsiet nik. Zer pasauko ete ekaitza datorrenian?

Gure idealak. Jan ondo, edan obeto, dantzan egin, gizon ospetsua izan, aregaz eskondu...

Gure inteligentzia "huelgan" dago. Ez dauka bearrik. "Ondo bizi gara".

Bistan dago; gauzak txarto eginda dagoz. Zertarako ete daukagu bakotxak buru baña? Zertarako biotz baña? Alperriko dira. Guk ez daukagu zer egiñik; ba-dago nork pentsau; orduan, arek agindu eta guk aginduak bete. Ez dogu idealik bear. Oba dogu gure burua deporte eta ziñeagaz bete.

Gure idealak dirala-ta eskribidu gura izan dot. Gauza polit asko idatzi leiteke "idealak" dirala-ta, baiña alperrik izango litzake guztia, gauza artifizial bat izatekotan. Gazteok lo bagagoz, ezin leiteke esan itzartuta gagozanik. Gazteok aspertuta bizi ba gara, ezin geinke esan biotzeko poz aundi batek indartzen gaituala. Geienok nora-ezian bizi bagara, geienok zaartuta bagagoz, egia dan lez azaldu bear, latza izan arren be.

Gaur triste nago, minduta nago. Eta askok ez daustiela siñistuko jakiteak min geiago emoten daust. Baiña itxaropenik ez da falta. Sufritzea da itxaropenaren ezaugarririk onena.

Anjel Ugarteburu


Zergaitik arritu?

Arratsaldea zan, gaba iya, nik artu neban neure motorra ta runbo-runbo barik, nire erritik alde egin neban. Ispasterren gelditu egin nintzan. Etzegoan zer galdu aundirik. Domekea be bazan da, geyenak, gazte gendea batez be, Lekeitiora.

Irakurriko zendun, irakurle, nor izan dan aurtengo "Vuelta a España'n" leñen: Gabika, ta baita jakingo dozu Gabika Ispasterrekoa dana be, ta aurten upilako errezibimentua egin dautsena be. Orregaitik Ispasterren sartu baño ez, frase asko ikusi nebazan bidean idatzita, bera goraltzen. Extrañatuz poztu egin nitzan.

Olako izkriziñoak sarritan ikusi dodaz Euskalerrian zear. Ikusi dot batzuetan "Aupa Loroño! La afición te saluda". Ta beste onelako batzuk zuk be ikusiko zenduzan.

Baña Ispasterreko frase areek, bat baño geiago ziran, zeozertxo berezi bat euken niretzat: euskeraz egozan.

Niretzako pozgarria izan zan detallea.

Enuan sekula alakorik ikusi.

Baña, neure barruan itaun au sortu yatan, eta oindik ez dautsat erantzunik emon. Zer dala ta extrañatu Gabika txirrindularia goratzen Ispasterren euskerazko fraseak ipiñi dabezala-ta?

Zer dala-ta iruditzen yat gauza normal-normala Barakaldoko jai programak gazteleraz ikustea ta auxe berau Gainkon euskeraz egiteak extrañatu?

Edo zergaitik iruditzen yaku gauza bidezkoa pelota partidu bat anunziatzean Markiñako komarkan edo Gernikakoan gazteleraz egiteak?

Zergaitik extrañatu Santanderren gazteleraz ikusten badoguz anuntzio ta gañontzeko guztiak?

Zergaitik orduan Euskal erri batzuetan onelako gauzak euskeraz egiten ba dabez?

Baserri baten gaua eldukeran, txakurrak etxeko ugazaba etartera bialduko baluke, zer esango genduke? Danok ikaratuko gintekez. Ez dot esan nai onegaz gaztelera etartera bialdu bear dogunik, au sinplismo bat litzake. Baña uste dodana da ze: Euskal erri bateko jaiak euskeraz anunziatzen dituan programaren aurrean arritzen garan bitartean ez dogula ezer egiten. Nire etxeko jaubetza nire aitak eroaten dauala ta, enaz ni sekula arritu; orduan, len aitatu dodan ori ikustean zergaitik extrañatu? Neuk be ez dakit. Baña badaukat ziurtasun bat: onelako zeozer euskeraz ikusitzean extrañatuta, lelotuta erdi negarrez geratzen garean bitartean ez dogula aurrerakada aundirik egingo. Uste dot euskaldunok ez daukagula zetan arriturik euskerazko gauzak ikusten badoguz euskal errietan. Esku pelota partidu baten esku pelotako pelotakaz jokatzen da, eta ez futbolekoakaz... eta iñor be ez gara arritzen.

Aranburu'tar Joseba Andoni


Euskal zinerik bai?

PARIS-etik GOTZON ELORTZAK

1.º Euskal-zinea ames zoro bat al da? Zer egin da eta zelan erantzun dabe euskaldunak?

Ez dot uste txakuramesa danik euskal-zinea. Au euskeraztu ezpada orainarte geure itxitasunagaitik da. Noski, askotaz errezagoa dana futbolera joatea, gau eta egun geure kulturaren alde lan egitea baño!... Eta gaiñera, kultura zertarako? Orrek ezpadeu dirurik emoten!... Lotsatzekoa da ikusten danean zenbat ordaintzen dan ostikolari bat, eta diru orrekin egin leiteken lana izkuntza eta kulturaren alde.

Erriaren erantzuna ezin obekoa izan da, eta gaiñera, beren erakutsia emon dau, euskeraz entzuteko egarriakin dagoala. Zeri begira egon dira euskalerriko kulturadunak, orainarte, erriari ez emoteko kultura pizkat mintzaren bitartez? Zergaitik itxi dabe geure izkuntza eleizarako eta bertso-txapelketarako bakarrik? Lotsatu bearrean gagoz kultura pizkat daukagunok, ikusirik zelan itxi dogun geure izkuntza baztartuta eta ago-lotuta beren eriotzako orduari begira. Ala kulturaren izatea eta lotsagabeko euskaldun izatea bat ete dira? Zergaitik gure erriak ez dau izan eskubiderik beste erri guztiak legez bere izkuntzaren bidez kulturatsuago izateko? Erriaren lelotasuna "beste batzuen" aberastasuna.

2.º Ba al dago Euskal-zinegillerik? Geroari itxaropenez begitu geinkio?

Euskaldunak, diru-etorrerarik ez dagoan lekuan, lan gitxi egiten dau; orregaitik, arik eta euskal-zinea dirua emoteko bidean ipiñi arte, lan gogorra daukagu egiteko. Gero, dana izango da gainbera, baiña. Nork emongo dau leenengoko bultzekada? Ez dot uste orainarte iñork egin dabenik benetako lanik asmo onen buruz, beiñik-bein erri-aurrera eroatekotan.

Itxaropena beti euki bear da ze, andik, ortik eta emendik, gaur bultzaka eta biar sakaka, ekarriko doguz gauza guztiak, geuk nai dogun zuzenbidera.

Izkuntza eta kulturaren alde, ez da larregi egin orainarte, eta piskat aldenduta dagoz bata-besteagandik. Ez dot uste gure gurasoak au ikusi dabienik, baiña bear dana da, biar gizon izango direnari aitu-arazotea, kultura eta izkuntza neba-arrebak direla, eta batak besteakin joan bear dabela, beti.

3.º Zeuk zer lortu nai izan dozu zeurean eta zer egiteko ustea dozu aurrerantzean?

Nik neure eskuetan egon dana egin dot; euskaldunak izartu; euskerazko zinea egin leitekela erakuspena emon; beste erri batzuk, zer zelan eta zenbat egiten dabien euren izkuntza eta kulturaren alde, adierazi neure aberkideari.

Amaitzeko esango dotzut, nire elburua ez dala bakarrik zinea egitea, "emtzun-ikustekoak" euskeraztu eta oneri jaiotza emotea baño. Onek euskeraztu ezik, gure arima erdelduna izango da laster. Au aitu bear dabe gure urrengokoak. Zertarako da erriari kultura pizkat emoteko gauza ez dan izkuntza?

Gotzon Elortza


Askatasun barik bakerik bez

"Autarkietan eztana nor, deadar egiteko be ezta iñor".

Egunkari batean, goian jarri dotazan berba orreek gaitzak artuaz Carlos Santamariak egin eban artikulu bat irakurri izan dot.

Alvaro de Ors jaunari artuak ziran berbok. Onek, ikaslerik geienak 21 urtetik berakoak zirala kontuan artu ta, eureri buruz iñozan.

Ara, arrazoirik aundienarekin zer erantzuten deutson C. Santamaria-k: "Ikasleeri maixu batek legearen aurrean adiñean ume dirala gogora-araztea ezteritxat ondo; eta gitxiago gizarteko arlo zabalegiak betidaniko umeak lez begiratuak diran gurealako lurraldeetan".

Eta azkenik, iñok izatekotan autarkietan botorik eztabenak euki bear dabela oju egiteko baimena esatera doia. Izan be, besteak ba dabe euren guraria adierazteko bideren bat, baiña oneek ez.

Barzelonan gertatu diranetaz aburu batzuk

Eztakigu aldizkari bat bera be geldituko ete zan ango gauzetaz zeozer esan barik. Idatzi dan guzti orretik gauza bat atara geinke gitxienez argi: 80-tik 30-era arteko apaiz talde bat kaleetan joan zala.

Zergaitik? "Vida Nueva" asterokoak, beste aldizkari batzuetatik artunda, aburu mordo bat batu dau.

Akabuan apaizak eurak esan dabena dakar. Diñoienez, Joakin Boix ikasleari emon eutsen trato txarrakaitik Creix jaunari idazti bat eskeintzea zan euren xedea. Ta kale egaletatik, zirkulaziñuari bape ostoporik ipiñi barik egin ei eben bide osoa.

Beste aldizkarien batzuk be bardin edo antzerara iñoen. Beste askok barriz, —TVE euren artean— ezeben uste, orren baketsua izan zanik. Ta gaiñera politika egitearren zala iñoen.

Gertatu zana zer izan zan ondo jakitea ezta izango orain ezkero bearbada ain erreza. Baiña aldizkari ta kaleko gizonak izan dabezan aburu ta usteak jasotea ezta izan ain gatxa.

Aldizkari andietatik ia guztiak, bat artunda lez gertatu zanaren aurka jaso ziran. Ta zelako berbakaz!

Gure kaleetako gizonak, —erdiak beintzat— aldizkariak-eta olan zebiltzazan ezkero zer gertatu zan ondo jakin ezin eben arren, abadeen alde ebizan marmarrean, an gertaturikoa ontzat artunda.

Griñaren lagun egia makal.

Gaurko gure España onetan apriorismu larregi dala uste dabenak ainbet dira, ta ni be euren artean nago.

Aldizkariek-eta geiagoko barik, Barzelonako abadiena politika zala-ta astean, apriorismua deritxat. Ta ori ezpada ainbat txarrago; orduan borondate txarra-edo litzakelako.

Erriak, orretariko une baten, irakurri ta entzun dauanaren kontra bere ustea eukitea be, apriorismua bear dala izan uste dot nik. Baiña ez beti ta danetan, ze berba gogorrak, destañak, eta berba baten esateko griña ikusten danean, jendeak susmo txarra artzen deutso gauzeari. Izan be, griñaren lagun geienetan egia makal ta guzurra luze aurkituten dira.

Egitan ta benetan esan eikezan C. Santamariak —len aipatu dotan artikuluan bertan— berba oneek: "Danen aurrean berba egiteko era au ez jat bapere bidezkoa iruditu —eta niri lez beste askori be. Eta ez olakoak, edo pentsakera ontakoak edo artakoak diralako; ezta be katolikuak izan edo abitu au edo bestea dabelako be, pertsonak diralako bakar-bakarrik baiño".

ALMIKE


Eun urte Kirikiño jaio zala

Ebaristo Bustintza Mañari'ko semea da. Euskal-idazle jatorra benetan. Bere idazti guzien ondoren "Kirikiño" izenordea ipinten eban. Orregaitik Kirikiño'ren ipuiak ain ezagunak doguz.

Aurki bera jaio zanetik eun urte izango dira. Mañaria'n mundura etorri zan gizon ospetsu au, ta bere jaioterrian eta Durango'n egin ebazan lenengo ikaskintzak. Gero Almansa'ra joan zan "Bachiller" egitera, La Mancha'ko erri ortan beer anai Paulino artzipreste egoan-da. Madrillen Matematikas ta Fisika ikasi ebazan. Danetatik ondo urten eban gure Bustintza, basarritarra izan arren.

Sigüenza'n apur batean irakasle izan ondoren. Bilbo'ra jo eban periodista lez lan egiteko. Euskeraz eta erderaz sarritan idazten eban aldizkarietan. Azkue Jaunak bere laguntzaille izatera deitu eutson, "Diccionario" ospetsua idazteko. Bilbao'ko Instituto'an, Azkue Jaunak itxi ebanean, berak artu eban Euskera'ren katedra.

Artikuluak eta idazti laburrak gogoko ebazan, baiño liburu eder bat be atera eban "Abarrak" izenegaz. Liburu bikaña, gatzaz eta saltzaz betea. Kirikiño'ren ipuiñak bezin gogoz gauz gitxi irakurriko dira euskeraz, ta baita erderaz be. Bere ipuiñak, ipuin mamitsuak, ederrak, sakonak bait-dira. Ta bere euskeratzaz ez noa ezer be esaten, ni ezpainaz iñor Bustintza epaitzeko. Bakarrik esango deutsuet Azkue Jaunak onartu ebazala eure idaztiak.

Bilbo'n antolatu ziran 1901'ko "Jai Loretsuetan" sari eder bat irabazi eban Kirikiño'k. Jai orreetan Miguel de Unamuno ospetsua epailleen artean egoan.

Bustintza'ren gauzarik txoragarriena bere euskera da. Euskera erreza, garbia, errikoa. Etzan euskera ulertu-eziña idazten daben purista edo garbizale oietakoa. Euskera errex ori saiatuta aurkitu eban. Sarritan ibilli oi zan basarritik basarrira agureen esanak eta ixtoriak etzuten. Aolan ikasten ebazan euskeraren esakuntza eta esaerarik berezienak, basarrietan gordetzen bait-da euskeraren mamia, euskeraren antziñako aberastasuna. Berak pozik entzuten ebazan zaar aien ixtoriak eta esanbear guztiak. Olantxe bakarrik bereganatu eban euskera eder, txukun eta jator ura. Kirikiño'ren Abarrak irakurten asten bazara, aspertu barik azkeneraiño jarraituko dozu. Bere berbeta gatzaz betea da, errikoa, aspertu ezin leikean berbetea.

Bustintza bere egunetan famatua izanda be gizon apal eta umilla zan. Albazete'ko bere ikasaldietan titulo goragarria atera arren, iñori ez eutson titulo ori aitatu, bere izena eta jakituria ixillean gordeteko. Periodiku baten zuzendaritzatik, amasei urte igaro ondoren, bota ebenean, bere barrenean samin zorrotza sentidu arren, auxe besterik ez eban esan: "Bota banabe, balio ez nebalako botako ninduen". Ta eriotz-aurretik bere gorputza beste illen artean lurperatu eben, illobi eder baten estaltzea ez eban berak gura izan-da. Orain bere azurrak besteen artean naastuta dagoz.

Aurki Bustintza jaio zanetik eun urte ospatudo doguz, eta Gerediaga Batzarrekoak omenaldi eder bat egin gura deutsoe Kirikiño aundiari. Bejondeizuela Gerediaga'ko euskal-zale jator orreri.


Zer pasaten da Vietnam-en

Karmel Aulestia

Komunistak be pakea nai dabe. Bai; Errusik pakea nai dau, pakeagaz Txinaren influenzia Asia aldian gitxitu egingo litzake-ta. Errusiarentzat Asia aldean pakea lortzea Txinari mallukada bat buruan emotea izango litzake. Ez dan akaso Errusiak pakea nai izan Taschkent-en? Eta egitez lortu be egin eban!

Auxe izan zan Chelepin-en misioa Hanoi-en. Baiña Hanoi aldetik U.S.A.-tarrak agresore batzuk besterik ez dira. Ho Chi Minh-entzat, Viet-cong bere lurra defenditzen ari da "intruso" baten kontra eta gobernu legezko ez dan baten kontra. "Ginebrako paktoak apurtu dauz U.S.A.-k" diño Ho Chi Minh-ek. Paktoak betetea eta elekziño jeneralak egitea nai dauz orain. Baita Amerikanuen ejerzitoak Ego-Vietnam-etik anka egitea be.

Baiña Amerikanuek ez dabe nai etxeruntz egin; au gauza argia da gaur. Amerikanuek diñoena da, eurek ez daukezela zertan bete Ginebrako akuerdoak, komunistak izan ziralako akuerdo arreen lenengo apurtzailleak-eta. Augaitik Vietnam-eko pakea gauza gatxa da. Origaitik eta Ho Chi Minh-ek bere bizitza Vietnam-eko nazionalismoaren alde ipiñita daukolako. Ho Chi-Minh-ek ez dau sekula santan onartuko Vietnam erdibituta itxiko dauan pake bat.

Burruka negargarri onen kontra arrika egitea gauza erreza da; baiña, egitez, nor da erreduna?

Eleizea Vietnam-eko pakearen alde

Eleiza katolikoa be sartu gai onetan. Bere papera egiten ari da. Eta ziur, paper ori ez da txikiena; printzipalena esango neuke. Vatikanoko diplomazia ez da geldi egon.

Pablo VI-garrenari min emoten deutso benetan Vietnam-eko kasuak; eta eskuak sartu dauz kasu orretan. Aita Santuak ez dau nai izan iñori errazoirik eman; eta ezta iñori konbenzidu nai be. Errazoia baliteke edonork eukitea; baiña errazoiak ez dau justoa egiten Vietnam-eko gizon-iltzea. Gabonetako mensajean auxe iñoan: "Baliteke barriro bide txarretik astea. Pakean dago egizko jakintza". Eta guda orren erresponsabilidadea azkenean, pakea lortzea nai ez dauanarentzat izango da.

Aita Santuak ba-daki parkaziñoagaz, umildadeagaz eta norbera uko egiñaz lortuko dala bakarrik pake au. Ez da naikoa bakarrik borondate ona. Eta Aita Santuak ba-daki gañera geiegi eskatzen dabela; beren itzaldien sustraietan desesperaziño moduko gauza ikusten dogu. Pakea gauza eziñezkoa ete da ba? Ez, Paulo VI-garrena pake batean itxaroten dago; baiña ez gizonen pake bat Jaungoikoarena baiño. Eta, idazten dauan bitartean, otoitzean ari da Vietnam-en alde.


De Gaulle eta Ipar-Amerika

Beste erri bateri eskar-ona zor dautzan erririk munduan bada erri ori Prantzi da Ipar Amerika-ri.

Mende onetan ezagutu doguzan guda bietan (sekula munduan izan diran gudarik garratzenak) Amerika-k bere semeen odola ixuriaz atara izan dau Prantzi alemandarren menpetik.

Lenengo gudan ia Paris-eraño sartu ziran alemandarrak ta ameriketarren era guztietariko laguntza ez izatera Prantzi-k ez eban bere areriorik kanpora jaurtiko.

Azkenengo gudan Prantzi guztiagaz alemandarrak jaubetu zirana danok dakigu, ta amerikar gudariak Europa-n oiñak ipiñi ez balitue Prantzi gaur alemandarren menpe egongo zan.

Ta Amerika-k Prantzi-ri egindako on guztia ezta arerioen menpetik azkatzea. Guda ostian Prantzi (ta Europa guztia be bai) ondatuta egoan, asko birrinduta ta zer janik ez eukela, ta Amerika-k esku zabalez lagundu eutsan ta burua jaso aal izan eban. Buru bakoa edo eskar txarrekoa eztan prantsezak, bizi dan arte guztian Amerika-ganako eskar ona sentidu bear leuke, laterri onek Prantzi-ri egindako mesedeak andienetarikoak diralako.

Baiña De Gaulle jaunak eskar-onaren ordez iraiña ta etsaitasuna agertzen dautso. Europa-k Amerika-ren menpe eztaukala zertan egon esaten dau berak.

Bere jokabideari errazoi itxura emon nairik asmautako barriketak baiño eztira De Gaulle-ren itzak. Bestela orren itsuak al dira Amerika-gaz batera jokatu nai daben Europa-ko ainbat laterrietako agintari ta politikuak, ala Amerika-ri salduta dagozan etoi edo traidoriak al dira?

Ez bata ez bestea dirala esango genduke.

De Gaulle burubakoa danik eztogu esango baiña beste guztien artean artutako erabagiak zuzenago izango dirala gizon bakarrarenak baiño uste dogu.

Ta Europa-ren ona nai izatean De Gaulle baiño askotaz aurrera jartzen doguz Amerika-gaz batera dagozan europar politiku orreik. De Gaulle-k Europa-ren ona baiño Prantzi-rena aurrerago jarten dabena iñork ukatu eziña da.

Beste orreik, ostera, Europa-ren alde dabiltz; alkartuta dagoz Merkatu Alkartuan ta baita O.T.A.N.-en be.

Jakiña, eztabiltz euren errien aurka ta zertan ibilli be eztauke, euren erriakaz Europa osatzen edo egiten dalako ta Europa-ren ona billatzean bakoitzaren errien alde dabiltz.

Europa-k bere burua zainduteko Amerika-ren bearrik eztaukanaren itxura egiten dau De Gaulle-k. Baiña iñor baiño obeto daki, berak, ori egia eztana.

Azkenengo guda bietan Europa-k Amerika-ren bearra izan baeban gaur bearrezkoagoa dau. Amerika-ren laguntza barik katuak saguakin lez jokatu daike Errusi-k Europa-gaz.

Eztakigu Errusi-ren Europa-gazko asmoak zeintzuk diran, eztakigu Amerika-ren laguntza barik Europa aurkitzen dalarik Errusi-k beregandu naian guda egitera joango litzaken. De Gaulle-ren ustean, bear bada, Errusi eztua ezelan be Europa-n guda biztutera ta uste orregaz seindoturik Amerika-ri ostikadak jaurtiteko eran aurkitzen dala, ikusiko dau berak.

De Gaulle egundo ezta konpondu Ipar Amerika-gaz.

Alemandarren igesi Prantzi laga ta Ingalaterra-ratu zanean be, aliauen aldeko prantzez gobernua bertan sortu ebanarren, ezin ta otzagoak izan ziran Amerika ta bien arteko artu-emonak.

Eztakigu zergaitik zan ori. Eukan indarrari egokion baiño eskubide geiago beregandu nai ebelako ete?

Orduantxe sortu zala esango genduke De Gaulle-ren Ipar Amerika-renganako ezin ikusia.

Baiña lengo kontuai alde batera lagata, gaurko gora berari bakarrik begiratuta be komeni al yako Prantzi-ri bere lengo lagunak alboan lagaterik?

Munduko politika arazoetan muturra agertu nai daben laterririk ezin leiteke bakarrik gelditu, derriorra dau lagunak aukeratzea. Ta lengo lagunakin ezer ez badau nai nun aukeratu gitxi gelditzen yako De Gaulle-ri. Irugarren mundua geitzen dan taldea ta komunistak. Irugarren mundu izeneko taldeagaz gauza on gitxi atarako dau. Ta komunistakaz be ez asko. Prantzi kapitalistia ta komunisten artean eztago ezkontza onik; geienez be denpora gitxirako sasi ezkontza.

Erazoi askori begiratuta dauke gobernuan De Gaulle prantzesak; baiña errien arteko politika baiño beste konturik ez balitz jai eukiko leukela laster uste dogu.

Kamiñazpi


U. S. A.-ko artzaiñak diñoe [Bertsoak]

Bertso oneek Nevada-n (U.S.A) artzaintzan dabillan Arriola-tar Gregorio-k Markina-ko gazte jatorrak bialdu dauz Anaitasuna-n agertu daitezan. Eskerrik asko, Gregorio, eta aurrerantzean be agindu gura dozuna.

Asko dira denpora gitxian dolar ugari irabazteko asmoan arantza joan diranak. Idaho-n, esate baterako 8.000 euskaldun inguru egongo dira; euretatik 500 bat artzaintzan. Baña antza an be txakurrak oin-utzik dabiz. Orrelako bat esan gura deusku beintzat Arriola-tar Gregorio-k.

Milla bederatzireuna eta

irurogeta lau-urtian,

Ameriketan gertatzen naiz

ta Nevada-ko partian.

Bertso batzuek jarri gogua

gogoratu zait golpian,

esatearren garbi artzaien

istoriak nola diran.

Artzaiak ondo bizi gerala

askok ala dute uste:

nai dan bezelako jana eta

jornala beste ainbeste.

Baiña ori esaten duanak

bururik ez dau batere:

lan ona balitz amerikanok

egingo luke oik ere.

Amerikano bat oraindikan

nik ez det artzain ikusi;

iñork nai ez dun lana egiten

gu euskaldunok nagusi.

Alakoren baten geurok ere

egingo degu ikasi,

ta geure buru-jabe gerala

aieri adierazi.

Artzaiaren istoriak dira

kontatutzeko tristiak:

bere ondoan katu, koiote,

leoiak eta guztiak;

danen izena ezdakit eta,

beste gaiñezko piztiak.

Emen irabaziko dolarrak

ez dira gutxi kostiak.

Mendiak nolakuak diraden

batek ezin leike esan,

arri tartean ezin pasatuz

miña artutzeko gisan.

Asko jendeak ikusko balu

zein lekuetan gabiltzan,

esango luke emen ez dala

Jaungoikorikan bein izan.

Artzaian etxea nolakua dan

nik esango det garbira:

toldoxka zatiren bat lau sokaz

lotutzen da lau tokira;

eta tente gogor egon deian

ziri bat jarri erdira.

Artzaiñarentzat adelantuak

onelakuak oi dira.

Salto ederra egin genduan

dolar orreen gatikan,

geure gustora etorri giñan,

iñork ez du kulparikan;

bañan iñork etorri nai badu

pentsa dezala lendikan:

artzaiak diruk biltzen ditula

ondo kostata-Amerikan.

Gure moduan etorrikuak

Europa-tik asko gara;

urtiak aurrera duaz baiña

oraindik ba-da denbora.

Alako baten urtengo degu

len jaio giñan txokura,

ta mendi zarrok danok utziko

amerikanon kontura.

Ontaz gaiñera, mendi urriñan

artuko bagendu miña,

edo bestela, gaitza txarren bat

geurok sendatu eziña,

bertan il biar anparo gabe,

ori daukagu jakiña;

lan ontatik libratuko giñan

bertan izango bagiña.

Iñork ez daki ardien lanak

zeiñen gauza txarra duen;

askotan artzaia burutikan

txarto ikusten da emen.

Neronek ere nik esango det

iñork esan baiño leen,

aspaldi ontan txarto nabilla

aundiak iduki arren.

Oso nortera egonagatik,

naiz Nevada-ko partian;

bero galantak botatzen ditu

negu asiko artian,

gero barriztik nolako otzak

udabarri bitartian;

baiña guztiak sufritzen dira

osasuna degunian.

Asi dedana bukatutzeko

au da amabigarrena,

apelliduaz Arriola ta

Gregorio det izena.

Iñork esango balu gezurra

dala nik jarri dedana

gizon orrekin konponduko naiz

bialdu nerorengana.


Eibar-ko euskal jai eta euskal liburu ta diskoen feriari begira

J. M. Arzallus

- Eibar-ko disku ta liburuaren ferian erosle ta kultura ardurezkoak baiño erromerilariak askotaz geiago.

- Seiñale bat: R. Herrero Tornadijo-k bilinguismoari buruz egindako itzaldian bederatzi entzule zirala bakarrik.

Euskal jaia tabar

Maiatzaren 19-tik 22-ra izanak dira Eibar-en zenbait euskal jai. "Sociedad Cultural Recreativa Arrate" alkartea izan da antolatzaile.

Jaia illaren 19-an goizeko bederatzietan idi zan, leen Arrate alkarteko txistulariak erri guztitik egindako kale-jiragaz. 11'30-etan, barriz, euskal liburu ta diskoen feria idi zan Untzaga-ko plazan. Bitartean Arrate alkarteko umeak dantzatu eben.

Noizbait adierazi genduan lez, ipuin-sariketa be izan zan. Egun orretan erabaki zan nor izan bear zan irabazle: Salbador Garmendia; beretzat 5.000 peseta. Ipuiña "Harri Iraluz" izenekoa zan.

Ondoren euskaldun bik egindako zine bi be emon ebezan: "Pelotari" eta "Alquezar" zineak. Bastarretxea ta Larrukert dira bien egille. Orreek berak orain beste bat egiten ari dira. Aitatuko orreek osatuten dabe. Orain egiten ari diranak "AMA LUR" dauko izena eta ordubete ta erdi beteko ditu. Erdia-edo egiña ei dago.

Arrastian, Untzaga-ko plazan barriz be, euskal olinpiada egin eben. Egun ortan, Deba-ko ume taldea Eibar-en izan zan jaia ospatuten.

20 eta 21 egunetan ez an egon barri askorik. 20 arrastian barriz "Pelotari" ta "Alquezar" bota eta, ondorean, Idoeta bilbotar jaunak, AMA LUR orren asmoak adierazi zituan. Beste batean adieraziko doguz asmo orreek eta AMA LUR zer dan. Gabaz, egun berean, Teatro Amaya-n, Andoain-go "Larramendi" taldeak Cassonaren "Txalupak jaberik ez" emon eben, oso ederto euskeratua eta egiña be bai.

21-ean, zapatua, Naparro-tik eta Zarauz-tik ume txistulariak etorri ziran. Arrastiko bostetan Untzaga-ko plazan jo eben danak.

Gabaz, Arrate alkartearen saloiean bertan, kantu saio bat izan zan. Oñati-ko Villar gaztea "Arrasate" jazz-taldeagaz. Gero, Villar berau gitarrea laguntzat eukala, Nemesio Etxaniz-ek kantatu eban. Bera da jazz-etik ataratako kantu berrien egille. Gero, Eibar-ko Antonio Sarasua pianoan zala, Donosti-ko Karlos Mungia-k euskal kanta zar eta barri batzuk abestu ebazan. Eta azkenik, Eibar-ko "EGO" zortxikote barriaren lenengo agerpena.

Gau au kantuz ez zan egon txarto.

22, azkenengo egunea, domekea zan. Goizeko bederatzietan ume guztiak Untzaga-ko plazan bildu, ta andik, prozeziñoan lez, karmeliten parrokira joan ziran. An euskerazko mezea. Meza ondoren, beste bide batetik, beste kale-jira bat, ostera be Untzaga-ko plazara eldu arte.

Oraindik beste kale-jira bat izan zan: karrozaena. Sei karroza ziran guztiz, eta danak sarituak. Beste errietatik etorritako dantzariak eta umeak tartean ebazala enrian bueltaka ibilli ziran.

Sariak aolan emon ziran. Lenengokoa: "Sardaundeixa" (Sagardotegia) karrozarentzat. Bigarrena, "Artaintza"-k. Laugarrena, "Damaskiñaua"-k. Bosgarrena, karmeliten "Euskalerria"-k. Eta seigarrena, txistularieri omenalditzat egindakoak.

Arrastiko bostetan talde batzuek dantza saio batzuek egin ebezan. Eta azkenean, txistulari guztiak "Segura-ko alborada", Gernika-ko Arbola" eta "Agur jaunak" joaz amaitu eben jaia.

Baiña jaia ez zan Eibar zuloan bakarrik kabitu; Arrate gaiñeraiño zabaldu bear izan zuan. Bazkalondoan, Arrate-n, euskeraz ondoen irakurri eta idazten eben umeentzat be sariketa bat izan zan, Peli Aldazabal-en izenean. Lenengoari, Javier Aguirre, 5.000 peseta; bigarrenari, Miren Azkarate, 2.500 peseta; irugarrenari, Juan Anjel Arrese, 1.000 peseta; irurek donostiarrak ziran. Eta urrengoeri, 30-garrenera arte, 100 peseta bakoitzari. Atzerengoeri, barriz, berrogeitamarna peseta.

Liburu ta diskoen feria

Liburuak euskerazkoak eta erderazkoak ziran. Euskeraz eskribitutako guztiak; eta besteak, erderaz eskribiduta, baiña euskalerriko gauzaeri buruz edo euskaldun famatuen batek eskribidutakoak. Diskoetan beste ainbeste.

Aolan, Pio Baroja-ren liburu guztiak an zegozen; Zunzunegi-renak be bai. Unamuno-renik ez neban ikusi, baiña ez ziran urruti ibilliko.

Euskalerriko mapak be ba-ziran. Firestone-ko orretako bat ikusi neban. Arrapatutako guztia eroan eban jendeak. A zan euskalerriko gauzak erakutsi bearra...

Alan be ez zan askorik saldu. Batzuk iñoenez, jendea Durango-n eukitako beste feri artan liburuz eta abar beteta egoan. Beste batzuk, barriz, Eibar dala orrelako gauzak maite ez dituana iñoen. Ba leiteke. Jentea nobelatxo, kontu ta bertso eske ebillen geien. Ez dakit zergaitik izango zan, diru askorik gastau ez arren ala kulturako gauzetzaz jentea arien be arduratu barik dagoalako.

Diskoak, bai, ori ainbet saldu ziran, naizta ain merkeak ez izan. Eibar-en nunbait be musikea entzuten da, telebiziño ta radioan entzuten dan ezeze.

Azkenengo egunean bakarrik, liburuetan eta diskoetan beste iru egunetako beste saldu izango zan. Bear bada egun orretarako kanpotik jente asko etorri zalako izan leitekean.

Eibar-en diru asko dago, baiña jenteak ez daki bakoitzak bere dirua bear dauan lez gastatzen. Beintzat alan emoten dau.