ANAITASUNA

BAGILLA (6) 1966 XIII URTEA N.º 136

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: J. A. Elustondo (Bilbon). Arantzazuko Irarkolan.


Euskal jakintzaren astea Mondragoen

Bagillaren 16-tik 26-ra

Arrasate zaarrean be esnatu dira euskaldunen jakintza gogoak. San Juanetan oi dira erri artako jai nagusiak. Orreen barruan aurten euskal jakintza egunak jaieratuko dira.

Jai orreek Bagillaren 18-tik 26-ra luzatuko dabez. Illaren 18-an Salbe abestuak asiera emongo deutso Euskal Asteari erriko eleiz nagusian. Urrengo egunean Bagillak 19-an Antonio Valverde Jaunak bere itzaldia eskeiñiko deutso erriari. Ta egun ortan berean, Euskal Liburu ta Diskoen Erakustea zabalduko da.

Illaren 20-garrena, Euskal-Antzerkiari eskeiñiko yako; 21-garrena, Euskal Musikari, Abesaldi eder bategaz. 22-garrenean, Gurea izeneko zine-lekuan, euskal-gaietako pelikula batzuek erakutsiko dira; euren artean, "Pelotari" mintza, Bastarretxea ta Larrusquet jaunak adierazia. Illaren 26-garrenean azken jaia ospatuko dabe. Meza Nagusia eleizan. Gero Aurren ipuin-sariketa. Ipuiñak gitxienez folio bat ta geienez bost foliodun luzera izango dau. Makiñan alde batetik idatziak eta tarte bat itxiaz lerroen artean. Dantza-Leiaketa Euskal dantzarien artean izango da. Ta aur-jai eder bat gaiñera; Lore-gurdien leiaketa eta azkenean Euskal erromeri alaia. Ipuiñak sariketarako Bagillaren (junio) 8-rako bialdu bear dira, zuzenbide onetara: Jose Ignazio Etxeberria, Jose Maria Bezusta kalea, 47 Mondragon.

Umeentzako ipuin sariketa

1966-ko Bagillaren 18-an asi ta 26 bitartean, Euskal Jakintza astea ospatzeko asmoa dago Mondragoen. Jaialdi orreek antolatuten daben Batzordeari beste gauza askoren artean UMEENTZAKO EUSKERAZKO IPUIN SARIKETA bat antolatutea gogoratu jako. Sariketa ortara aurkeztu gura dabenentzako baldintzak oneek dira:

1.—Gai bakarra: UMEENTZAKO IPUIÑAK euskeraz idatzita ta bakoitzak gura daben euskelkian. Aurkezten diran idazlanak, asmatuak eta iñoiz argiratu bakoak izan bearko dabe.

2.—Neurria: Ipuin txikiena folio bikoa izan bearko dau, eta aundian bost foliokoa. Bakoitzetik mesedez len-idatzia beste iru ieki edo kopiekaz eskatuten dira.

3.—Sariak: sari bi jartzen dira, lau milla lauerlekokoa bata, ta milla bikoa bestea.

4.—Epea: Idazlan guztiak lerro-une bat utzirik makiñaz idatzita, 1966-ko Bagillaren bosta baiño lenago zuzenbide onetara bialduko dira:

D. José Ignacio Etxeberria

Calle José María Rezusta

Mondragón—Guipúzcoa

Ipuin bakoitzak, egillearen izenaren ordez, izenordezko edo dema bat ekarriko dau eta estalki itxi batean lema ori eta egillearen benetako izena ta zuzenbide osoa.

5.—Maikoa: Epai-mai EUSKALTZAINDIKO iru gizonek osatuko dabe.

6.—Erabagia: Sariketaren erabagia eta sari-banaketa, Bagillaren 26-an Mondragoen izango da.

7.—Orrezaz gaiñera, Sariketa ontara aurkeztu gura dabenak 14 urtetik beerako umeendako, beste sari berezi bi jartzen dira: 750 lauerlekokoa bata eta 500-enekoa bestea.

Umeendako Ipuin neurria, folio batekoa izango da txikiena eta folio bikoa aundiena. Beste gaiñetiko baldintzak bardin-bardiñak.

(Zeruko ARGIA-tik artua)

BATZORDEA


Euskal azokak zertarako?

- Euskal liburuak saltzeko

- Euskal kultura zabaltzeko

- Baiña azoka oneek ez dira naiko

Euskal liburuen azokak modan dauz gaur. Zorioneko moda! Durango-n izan zan lenengo biderrez. Gero Eibar-en. Laster —ille ontan— Mondrago-en. Ta gitxi barru, Gernika-n. Ta gero, Durango-n ostera be.

Erriak arrera abegitsua egin deutse orainarte. Ta bai, arrazoia daukee Feri oneek, ta biar polita egiten ari dira. Izan be, euskal liburua, gure zoritxarrerako, ez-ezagunatzat euki dogu gure errian. Ta liburuak ezagutzen ez badira, jakiña, ezin erosi. Ta ondo pentsatuaz, iñork ez ba dauz erosiko, zetarako atara? Dirua galtzeko? Gañera, ataraten diranean be, zenbat egiten dira ba? Gitxi ta gitxiegi. Orre-gaitik, azoka oneetan elburu bi lortu bear doguz gaurkoz: irakurleak egin ta irakurle oneek ugaritu. Ta uste dot, Azoka bide egokia dala orra allegateko.

Aterik-ate ibilten ziran len euskal liburuen saltzailleak. Ta norberaren etxera ez bazetozen, bat ez zan enteratu be egiten libururik bazanik be. Gero asi giñan euskaldunok librerietan be saltzen, erderazko liburuekaz egiten dan lez.

Baiña ez da naikoa. Ze libreriak gitxiri serbitzen deutse, eskolatueri bakarrik. Zenbakiekin ekin daigun; industriaturiko erri baten, erriko 70% leiduteko kapaz diranean ori, egiazko irakurleak 15% edo 20% dira, eta eskolatuak (esan dogu oneek dirala librerietara doazenak) 3%. Oneek ez dira euskalerriko lumeroak, mundu osokoak baiño. Gurera etorriz, txarrago da oraindikarren, arrazoi askogaitik. Bada ezpadan be, —iñor ez daidan desanimatu— ez dogu ortaz enkuestarik egin gura. Baiña uste dot bearrezkoa ta interesgarria litzakela olako zeozer egitea, etxea ariatzan ez baiño atxaren gaiñean egin gura badogu. Ez-ikusiarena egin arren, problemak ez dira berez konpontzen.

Libreriak ez dirala naiko esan dogu, ta orregaitik asi giñan Liburuen Euskal Azokak egiten. Azoketan, librerien aldean jende asko dabil, ta jende orrek liburuak, ikusiaz, ezagutu egiten ditu. Asko da.

Auxe da, esango neuke, Azokaren elburua: dogun liburu-jeneroa erakutsi. Begien aurrean imiñi ta erakutsi, ta orretara, merkatua zabalerazi. Azoka baten astiro ikusi leiteke liburua ta autatu; ez itsuan eta erosteagaitik erosi lenago lez.

Azoketan, gañera, ezagutu egiten da jentearen eskaria, ta erriaren liburu-guraria nondik nora doan jakiñaren gaiñean, errezago da saltzeko moduko liburuak egitea. Kasu bat bakarrik adierazteko: Durango-n euskal gramatika, iztegi, euskerea ikasbideak ta olakoak izan ziran geien salduak.

Ikusten danez, Azokak onugarriak jakoz euskereari. Obeto, Euskalerriari ta, nire ustez, momento punterengo baten etor jakoz zorionez. Goiazen ortixik aurrera.

Baiña... azokak be ez dira naiko. Zergatik? Bide obeagoak be ba dagozelako. Ara:

Orain estranjeriko erri batzuetan kamioi-liburutegiak erabilten dabez saltzailleak errietan liburuak saltzeko. Gure artean heladeruak egiten daben antzera. Feri bat baiño errezago da ori antolatzea eta errietako edozein jai aprobetxatu lei orretarako. Liburuak artu ta bertara. Erreztasun polita litzakigu. Errusian, bestalde, abioi-txikietan eroaten ditue liburuak erri kaskarretara.

Nun ikasi ba daukagu, gura ezkero.


Erriz erri

Berritxu-tik

Berritxu-ko sagardoa Bakio-ko txakolin gorri, Deusto-ko tomate edo Sopelena-ko sardin-zarrak ain famatuak izan dira. Baiña gaur, oraindik naiko fama euki arren, Berritxu-ko sagardo gozoa bajan dagoala esan bear. Ba dagoz oraindik sagardoa egiten daben baten batzuk; baiña sagardo au ezta lenago lakoa, autsekaz egiten bai da geienetan. Zeozergaitik emetiko baserritarrak "kimikaz" egindakoa dala diñoe. Orain urte batzuk baserri geienak —erri onek 130 baserri daukoz— eukezan bakoitzak bere toladea. Orain barriz, 25 tolade baiño ez dira egongo guztiz. Onetatik be zenbat izango dira ainbet sagardo egiten dabenak... Dozena erdi bat edo...? Bota daiguzan amar bat inguru asko botata. Besteak urtean zear etxean edateko beste baiño ez dabe egiten. Zergaitik etorri dan gitxiagorantz ain famatu izan dan sagardo au? Ba antza sagarrak piñuak baiño biar geiago emoten daualako. Ain zuzen be, len sagaztiak baiño ez ziran leku askotan, gaur piñudiak ikusten dira parra-parra. Baiña ez uste izan Berritxu-an ez dala geratu sagaztirik. Oraindik ba dagoz, ta ainbet egon be.

Sagarrak piñuak baiño gitxiago emoten dabela esan dot. Begira zergatik. Esate baterako, igaro dan urtean sagar asko egon zan, ia larregi; baiña ez egoan batu eikeanik, gaztedi guztia kanpoko labriketan biar egiten dabelako. Tekniko batzuk, jateko sagarrak piñuak baiño geiago emoten dabela diñoe. Len eitekean. Baiña gaur sagar oneek batuteko eztakit zelako jornalak ordaindu bear diranean, aolan ez dala esaten dabe bertoko baserritarrak. Izan be lanago, —orain dala 10 bat urte edo— famili guztiak baserrian biar egiten eban; baiña gaur, gaztedi guztia kanpora joan da dago lez, beste kuku batek kantaten dau.

Oraindik ba dago beste arrazoi bat be: zera... jenteari ardoa Rioxa-koa ain ona izan ez arren, geiago gustatzen jakola. Izan be sagardoak eldu daiken graduaziñorik altuena sei gradu dira, geienetan bi edo iru baiño euki ez arren. Eske gaurko jente-modua euren eztarriak asetzeko ez dira konformetan edozelando garraztasunagaz. Orrelako jente moduarei obeto etorriko litzaikio bear bada amoniato usin apur bat, ia baten naiko garraztasun topetan daben.

Berritxu-koak

Markina-tik

"Antxia" apellidua euskal-errian edozeiñentzako ezagun jaku seguru, abizen onek ainbet gizon ospetsu euki doguz euki be ta. Esate baterako or dago Longa Antxia —au be Markiña-ko semea ta Klaudio Antxian sendikoa gainera— Valencia-ko kapitan jeneral izanekoa. Baiña gaur gogoratuten dotan Antxia ez da kapitan edo orretariko graduaziñoko gizonak. Alan da be, Klaudio Antxia —markiñarrok Australia izen-ordezkoagaz ezagututen dogu— kapitan bat izan bazan baiño be ezagunagoa da gure artean. Zergaitik ete da? Begira: Australia —ango naziño batean luzaroan zeozer irabazten egon zalako jatorko ez-izen ori— mendizale bat dozu. Ia-ia esan leike mendi gallurretan emoten dauzala egun geienak. Australia-tik etorri ondoren amar bat urte "La Esperanza" fabrikean egin eban lan. Gero, jubileoa artu ebanetik, euskalerriko mendi altuenetik altuenetara dabiltsu, bere irurogei ta amabost urte euki arren. Gure errietako gallur nagusienak igon dauz eta orain, egindakoa gitxi balitz lez, Españia guztia oñez buelta bat emotea ez jako burura etorri bat gure Australia-ri... Olakorik! Baiña —diñoenetik— ortarako lagun bat gura dau, irurogei urtetik gorako lagun bat. Orain arte laguntzak txakur txiki ta zuri bat euki dau beti; antza oiñ ibillaldi au egiteko gizon bat geiago gura dau gure Australia-k. Bere indarrak obeto neurtuteko izango ez ete dan nago.

Klaudio-ri batek baño geiagok itaundu deutsoe ia nondik ataraten dauzan joan-etorri orreek egiteko naiko gaztetasun. Bere erantzuna beti da bardiña: "benetako zarrak zartzaroan sartu gura ez dabenak dira; besteok —naiko urte euki arren— ez gara oraindik zarrak". Klaudio-n gaztetasuna bai dala gero benetakoa...!

Aulestia

Ermua-tik

Ermu-ko antzerki zallaren barri: Ermua-k beti izan dau antzerki zaleko talde bat; eta beti izan ditu noski antzezlari onak.

Gaur egunean be ba dira aldizun (valore) aundiko antzezlariak. Eta zar da gazte alkarturik gertatuko dabe Guridi-n "El Caserío" deritxon zazi-txiki edo erderaz deituten jakon "zarzuela".

Lau atera-aldi izan ditu antzerki onek; lelengo agertu aldian abeslari aurren (Diboa esango dogu euskera gaiztoan) izan zan Orozko-tar Joxe Erramon; baiño itxura dagonez ez zan Jaungoiko an gogoa mutil zintzo eta aali onek gaindutzerik Ermua-n, eta eguna azaldu zanean gaixorik etorri zan; eta esan bearrik eztago itxura orrela dagonean bat, ez dala bere mallan egoten. Orregaitik bigarren eta irugarren ateraldietan bere baimenarekin eta berak emondako zuzenbidearekin, antzerkilariak abeslari-aurren Mungia-tar Karlos ekarri eben. Laugarren agertu aldian be Orozko izan zan abeslari.

Esan bearrekoa da, bai Orozko ta bai Mungia, oso ederki egon zirala bakoitza bere maillan; baiña esan bearrekoa be badogu Ermua-ko antzerkilariak, antzerki zaleak baiño ez dirala eta euren lana batak baiño besteak obeto bete ebela. Bai Ana Mari-k, Txomin, Manu, Euztakia, Shanti, Inozenzia, Apaiza, erdelduna, abeslari taldekoak, Ezpata dantzariak eta abar da... danok ondo baiño obeto. Danori bada, zorionak!

Oso txalogarria da ba antzerkilari orreek egin daben lana, antzerki orren sarrera-saria destinatu dabelako "EIBAR-ko BURUMENTS ALKAR-LAGUNTZARAKO (Patronato Eibarres de subnormales).

Orozko lelengotik izan zan arte antzerki au gertatzen eta irakasle eta orregaitik Ermuarrok oso pozik gagoz berarekin. Mungia-tar Karlos-ek jakin ebanean zertarako zan sarrera-dirua, ez eban ezertxo be eskuratu, beste agertu aldi batzuetarako bere eskeintza eiñik baizik. Ez da ludia oaindik lodokeriarekin bakarrik betea!

Goratu bear doguna be bada Gorozabel-tar Moises errezkintza (orkestea) bere menpean dagola egin dauan lanagaitik, ain ederki eta ain ondo alkarturik antzerkilari-arekin.

Gure txaloak be ixillian lana egin dabenari, Mallagara-tar aita semeari eta bere ingurukoeri, Zinema Ermua-ri ta abar...

"El Caserío" sarri ikusi dabenak eta orrelako gauzetan aituak diranak esan dabe bizi-biko (profesionalak) askok baiño obeto egiña izan dala eta leku askotan gogokoa izango hikela eta ez dabela ardurarik euki bear edonun agertzeko. Poztu, ba, zoriontsuak izan zaitezala eta EKIN ETA JARRAI!

Aranberria

Muxika-tik

APRILLAK, 20: Egun oneitan Gorozika, Ibarruri ta Muxika-ko erriak ayuntamentu batean batuteko biarrak egin dira; aurrerantzean erri bat izango dira, MUXIKA izenagaz ezagutuko dana. Alan da guztiz be, Gorozika ta Ibarruri-koak ez dabe galduko jaiak eta orretariko gauzak antolatuteko autoridadea. Beste aldetik izendatuko dan ayuntamentu barrian orain arteko erri bi oneek komiziño berezi batzuek eukiko dabez, euren premiñak bear dan lez azalduteko.

Arrastiko bost eta erdietan etorri jakun Muxika-ra Bilbo-ko gobernadore dan Guillermo Candon Calatayud Jauna, batasun au ospatzeko asmoan. Ibarruri ta Gorozika-ko ayuntamentukoen aurrean batasun onen dekretua irakurri ondoren, gobernadore jaunak ayuntamentu barriaren nagusiak izendatu ebezan. Barriro be orain arte Muxika-ko alkate izandakoa geratu zan presidente, Elorriaga-tar Tomas Jauna; Ibarruri ta Gorozika-koen partetik konzejal bi jarri ziran. Datorren zemendian alkate ta konzejal barriak izendatuko dirala diñoe.

Geroago danok joan ziran "Vista-Alegre" deritxoen lekura, Ayuntamentuko etxe barria, ia bertan egin daiken ikusteko. Illuntzean, gobernadore jaunak Bilbo-rantz egin eben.

Azkenengo ille oneitan erri txikien artean onetariko ainbet batasun egiten asi dira. Izan be, kasu askotan batasun au bearrizkoa egiten da erri oneen premin guztiak bete gura badira. Danon onerako bada, batasun au izan daiala ondo etorria.

T.'tar ANDONI


Gernikek seireun urte sortu zanetik

Tello Jauna ta Gernika

Urton ospatuten dogu Gernika-ren VI-garren eun urtebetetzea. Ori dala ta, lerro labur batzuetan gura neuke azaldu zergaitik Bizkaiko Jaun zan Tellok erabaki eban, bizkaitarren baimenagaz, Gernikeko uria sortzea.

Mundua beti doa aurrerantz, sekula be ez atzerantz. Istoria aztertzea baiño besterik ez dago. Eta denpora bakotxeko errealidadeak estruktura barriak eskatzen dituz. Ori da aurrerapen guztien mami eta une.

Beztelaz ezin leiteke izan. Ze... gauza bat agertzen jaku argi eta garbi egiteak aztertzen badoguz. Errealidadea, geienetan edo beti, estrukturen aurretik joaten dala. Beraz, errealidadearentzat alde bat dago. Alde ori zuzendu bear da estrukturak barrituaz. Baiña laster ber-bera gertatuko da: errealidadea beti aurretik eta estrukturak barrittutea eskatuko dau. Biak parean ipintzen badoguz beste pausu aundi bat emon dogu. Eta ezisi geitekez geldi egon eta ekilibrio ortan geratu, errealidadea gauza bizikorra baita. Eta beti aurrera...

Gernika euskaldunen buru

1366-ko urtean Euskal Errian zer zan? Zelan bizi ziran euskaldunak? Geienak baserritarrak edo arrantzaleak. Ez eben artu-emon askorik bata-bestearen artean, alboko errikoekaz izan ezik. Baiña apurke-apurke jendeek ikusi eben ona zala besteekin artu emonak izatea. Salerosketak eta obeak izango litzazkela era ortara. Zer egin bear zan estrukturak errealidadearen parean ipintzeko? Orretarako onena leku egokienetan, eta Bizkaia osoan, erri-merkatu batzuk ipiñi. Eta laster or daukaguz Bermeo, Balmaseda, Gernika eta ainbeste geyago.

Beraz, bearrezkoa zan momentu artako estruktura ekonomiko eta sozialak barreneko errealidadearen eta bear-izanaren orduan jartzea. Ez uste bizkaitar guztiak gauza oneri buruz bat zirala. Ez. Erri txikietan, batez be kontra zegozen. Eta alde batetik errazoia be bai. Bildur ziran jauntxuak eta aberatzenak almen larregi izango ebala eta. Euskaldunak betidanik askatasun zaleak izan gara. Uri barri orretan ikusten eben jauntxu eta aberatsen indarra.

Gernika askatasuna lortuteko sortu zan

Betiko kontradiziñoaren aurrean gagoz. Ikus daigun: erritxia sozial eta askatasun gaietan aurreratuagoa izanaz, jauntxu ustel eta aberatsak aurrerapen zaleagoak ziren beste alde batetik. Ori bai, erri barri orretan ikusten ebelako auren jabetasuna anditzeko biderik egokiena.

Eta kontradiziño onen bitartez mundua aurrera doa eta gizona gauzak ikasten. Atzo egin bear gendukena (gu eta gure asabak bat gara) baita gaur be au da: jauntxuren idea eta asmo zuzenak onartu eta guganatu, gure kutsua emonaz. Orduan bai izango dirala gure onerako eta ez jauntxu eta aberatsen gusturako. Orretara kontradiziño orretatik egizko erabakiak atarako doguz, erabatera kontradiziño illaz. Barriak be laster izango dira eta guretzat izango dira biderik ederrenak zuzentasuna eta anaitasuna gure errian ezartzeko.

Au da nire ustez seireun urtebetze ontan ikasi bear doguna. Gernika Bizkaiko utsune bat betetzeko jaio bazan argi eta garbi agertzen jaku zein dan Gernika-ren eginbearra Bizkaia eta Euskal Errian onerako: zerbitzuko izan. Eta ez uste zuen burukomiñak zuenak bakarrik dirala Bizkaia eta Euskal Erri osokoak baiño. Bakotxak jakingo zer egin.

(Brisas guernikesas-etik)

Otsolarre


Gernikarrok ez gagoz konforme

Erdi-jaiak —benetako jaiak be bai— Gernikarrok sarritan eukiten doguz. Domeka ta astelen arrastietan Gernika-ra bazatoz naiko jai-usain billatuko dozu kale guztietan. Gero traberna ta dantza lekuetara joaten bazara, zertan esan bearrik ez.

Aurton erri au sortu zanetik seireun urte beteten diralata, jai bereziak eratu dira. Lenengoko egun jaia aprilleko 28-an euki genduan. Geroko ille bakoitxetarako be ba dagoz onetariko ainbet gauza izatez euskaldunentzat atsegingarriak izango jakuzanak. Baiña alan da be gernikarrok ez gagoz konforme.

Ba dakigu jai onek Gernika euskal-erriko preistorian istorian erririk garrantzienetarikoa dalako eratu dirala. Izan be, gure preistoria apur bat urratuten badogu, laster ikusiko dogu Gernika-ko ibaian bizi zala Euskalerriko gizonik antxiñekoena. Pruebatzat or dagoz Barandiaran, Aranzadi ta Aranguren-ek Santimañe (Arteaga-n) eta Atxeta-ko (Forua-n) atx-zuloetan egin dabezan agerpenak. Billatutako pinture, azur, arri-azkora eta onetariko beste tresna batzuegaitik dakigu zelan ibai ontan bizi zan gizona orain amabost milla bat urte. Erri onen sustraiak billatuteko naiko sakondu bear da, arraitiño.

Gero, 1300-gn. urtean Tello Jaunak sortu ebanetik erri onek istorian zear oraindik garrantzi bereziago bat euki ebala derrigorrez esan bear. Euskal agintariak zenbat batzar ez ete dabez egin Gernika-ko ARBOLAREN gerizpe zabalean?

Gernika-k euskaldunontzat daukon sinbolismoa kontuan euki ezketiño, eratu diran jaiak benetako sentidu sakon bat daukee; baiña —ortik dator gure diskonformidadea— jai onek ez dira eratu puntu guztientzat beintzat erritarrok gura izango genduan erara. Oraindik geiago esatearren nago: erriaren gogoa zein zan susmatuarren, gogo orreeri kasu askorik ez deutsoela egin emoten dau. Ba leiteke nik trabenetan eta entzundakoa erritar geienen gogoa ez izatea. Dana dala, or dago niri neuri ta beste ainbesteri deritxoguna. Beste batzuk jai orrekaz konforme badagoz, euren eskubide osoan dagoz. Ni neu puntu batzuetan enago, eta enagola esan gura izan dot.

Renteri-ko,

KOLDOBIKA-K


Igez Oromiño-n. Errian sartu ta erriari erantzun. Gizon izan eta gizonei erantzun, bestela, zelan izan abade?

Abade gaiak kezkan

Bai... oin iru urte Aulestian, oin urte bi Gollibarren eta igez Oromiñon.

Abade izateko bidean gagozan gazte batzuk orrelaxe azaldu dogu gure erriratzeko egarria.

Badago zerbait jokabide onen azpian gure ilusiño guztia ortaratzen dauana; ez da au berez jazo.

Lenago abadegeiak bere etxean pasatzen ebazan bakaziño guztiak; gentiagaz alik gitxien tratauta gañera! Orain, gure odol gaztearen bizkortasunak eraginda edo gure bakaziñoak alik ondoen aprobetxatu naian milla era billatzen gabiltz. Erriratzea moda jarri dalako edo...

Barri-zalekeri bat baño ez ete da gero? Eretxi zuzen bat emotekotan gure jokabide onen iturburuetara begiratu dagigun, gero jokabide onen orainarteko ondoren edo frutuak neurtzeko.

Oin iru urte ipiñi gengike onen asiera. Erri batera joatea erabagi genduan amar abadegeik alkarregaz baserrietan lan egin eta gentiagaz artu-emon sakon bat eukiaz gure abadegintzarako arazoa sakonago ikusi naiean. Bear bada idealismo suster bako bategaz emon genduan lenengo pausu ori, baña naiko izan zan pausoa emotea bera be; gero erriak berak erakutsiko euskun gure beraganako egoera, alde askotatik begiratuta, penagarria.

Zergaitik artu ete genduan erabagi ori? Ara... nik ez dakit gu baño aurretik abadegei izan diranak zelan konpondu diran euren bokaziño goraberak soluzionetan, baña guk beñipein alako artagatasun minbera bat sentitzen dogu gure bokaziñoan pentzatzean. Abade izateko borondaterik ez? Ez dot uste ori danik. Zintzotasun egarri bat dagoala uste dot gure artegatasun onen biotzean: Erriari benetan erantzuteko egarria; personari erantzuteko egarria. Gure eginkizuna probetxugarri ikustea nai dogu.

Abadea erriarentzako egiña da

Izan be, gure bizitzako sentiduaren problemia bizi-bizian badaroagu ezin gara geratu azalean. Eta ara nik zer ikusten dodan! Eleizea ta eleiz-gizonak ezer gitxi gariala gure errietako "gizonen" problemari erantzun jator bat emoteko. Amairu urte seminarioan igaro eta eleiztar-malla sentidu bako baten sartzen gara. Sotania dogu malla orren adieraztzalle. Abadea be mito biurtu?

Beste mundutik bialdutako aingeru baltz batzuk lez agertzen gara erriaren aurrean eta ez gara errian buru-biotz sartzen. Dotriña eder bat daroagu, baña... zelako iritzietan? Ba ete gara "gizon" abade baño lenago? Bizi doguz gizon lez yagokozan problemak? Ala gure abadetzakoak ito egin dauz gure problema jatorrak, sustraizkoak? Zelan izan modu ortara abade? Abadea "gizartean aukeratua" izan bear da; au da, gizarteko problema guztietan kokoteraño sartuta dagoana, problema guztiak bere aragian sentitzen dabezena. Eta "gizarteari begira jarri da Jainkoari yagokozan gauzetan". Gizarteari begira. Gizonak gizarte barruan ikusi bear dauz, beraz.

Abadea "gizon" ez bada, au da, gizonen problemak berak be ez badaroaz, ezin abade izan. Kristau dotriñari mesede baño kalte geiago egingo dautso. Kristauak egiten asiko da gizonik ez dagon tokian edo gizona soñeko astun bategaz jazten.

Bear bada alderdikerian jausi naz neure eritxia azaldu nairik. Izan be, abade geienak sentitzen dabezen erriaren problemek azaletik bada be. Baña estruktura baten gaixoa azaldu nai dot, agirian ipiñi nai dot. Asko dira gaur egun estruktura orren gogortasuna sentidu ta negar dagienak. Nik be neure garraxia.

Lortu gura doguna

Abadegeiok erriaganatu eta badaukagu zerbait esateko; alegia erria gure dotriña teorikoagandik urrun dabillela. Geu gara urrundu garienok Ezin geinke teoriku-jolas baten denpora geiago paseu. Gure teoria orrekin erria zapaltzera goaz sarritan, geuk uste barik.

Gure eleiz-dotriña azalean geratu da. Gure artu-emonetan au geroago ta argiago ikusten dogu... gizon bat dago, bere gizatasuna azaldu nairik sasi-kristautasunezko erropa astun bat soñean dabela.

Kristautasunagaz be ez ele dogu "folklore" bat egin? Ez ete gabiltz tellatua apaintzen zimentua artu orduko?

Gure erriraganatzeak ekarritako frutuak onetxek dira: Gure egoeragaz kontuan jausi. Erriak bide bat daroa, guk beste bat. Gure kristautzea azalezko erantzuoi bat da mundu onetako personen egarri larriari.

Persona aitatu dot. Orixe da gaur egun zapalduen ikusten dodana. Azala apain euki ezkero ez ete gara nasai gelditzen persona negarrez egon arren?

Neuk ba dakit zer nai dodan esan, baña ez dakit ondo adierazoten dodan... Azala jaungoikotu dogu eta barruko indarra ito. Bestela, ikusi jantziari emoten dautsagun garrantzia: Sotana, eleiz-jantziak, prozezioak, eleiz ederrak ta ab. Itxura zaindu! Orra or gure sarritako artzaintzagoa.

Personari begiratu bear bear dautsagu. Personea ez da biziaren larritasunean negar egin ta Jainkoagana biurtzeko Jainkoak egiña, ez. Personak zeregin aundi bat dauko munduan, iñok debekatu eziña. Benetako kristautasunak mundu ontako arazoetan parte artu eragiteko akullu bat izan bear dau.

Ezin geinkez lo egon

Ze ondoren atara geinke orain? Gure egoeragaz kontuan jausi gara. Ez da gitxi, baña zerbait egitera eroan bear gaitu konturatze orrek. Eta onexek dira bat-batean atera geinkezan ondorenak: Errira ezin geinkezela joan "experentzi" batzuk egitera oraindik aurrera. Lotsagarria da erriaren serbitzurako egon bear dogunak urtean amabost eguneko erriratze bategaz konforme izatea. Ori ondo dago. Pausu bat izan da. Eta aurrerantzean be ondo egongo da, baña ez or gelditzekotan. Ori sasi-apostoladu bat litzateke. Suburbiotara astero limosnatxoak eratea joaten diran burgesen apostoladuaren antzekoa.

Ekintzalleok! Lagundu egiguzue gure malla ontatik jeisten.

Abade egin aurretik erriagaz, artu-emon sakon bat euki bear dogu. Gure siñismena egi kontsolagarri bat da, eta ezin geinkez lo egon indar ori erriratu daigun arte.

Ostondolo


Gaztedia deadarka

Gaztearen amesak sakratuak dira; ez amesak diralako, "egia" diralako baño.

Nik ezdakit lenagoko gaztedia (orain zaartuaz doazanak) zelako gazte aroa igaro eben. Ez dakit iñoiz gazte izan al izan dabenik be. Baña uste dot, danok ain antzerako garean aldetik, gure aurretikoak be izango ebezela euren ilusiño ta amesak.

Gaztearen indarrak, gaztearen itxaropenak, gaztearen sua bere maitasunetik dator. Mutil edo neska bat nagusituaz, bere barman daroazan indar itsuak zuzentzen asten da, eta indar ori azpiratu nai daben estruktura batek baditeke bat edo beste (bear bada asko edo geyenak) erne-eziñik geldi-azotea, baña gaztediaren anima ezta iñoiz ilten. Bizitza da bere janari. Udabarriaren pare irribarretsu negu gogorraren eraso aldietatik len baño jatorrago sortzen da gaztearen arnasa.

Munduaren deiari erantzun bearra somatzen dau gazteak bere odolean. Ugaritasun egarria da gaztearen ezaugarri. Gazteak ume-trazak itxiaz munduko "protagonista"-trazak artzen dauz. Gorputzaren legeak eurak erakusten dabe gaztea dala munduaren itxaropena.

Umetan, gizona "contemplativo" dala esango nuke. Bestela kontu artu egizu ume batek zenbat pregunta egiten dabezan, zelan arritzen dan edozer utskeri ikusita, zelan poztuten dan edozergaitik, zelan edozerk min emonda negar egiten daben. Orra "gizontxua" edo "andratxua". Baña ezneuke esango nik bere sentimentu bizi orreik debilidade baten ezaugarri diranik. Bizitzari merezi dauan inportantzia emoten dautso. Gure bizitzaren "misterio au" berak sentitzen dau ondoen.

Gero, gaztetuaz, gizon egiñaz umea indartsu ta adoretsu aurkitzen da. Bere adimenaren argiak biztu eta bide bat ikusten dau begi aurrean. Maitasun bidea, itxaropen bidea.

Umea "activo" biurtuaz "gazte" egiten da. Arduradun egiten da. Ori da, izan be gaztea: arduraduna. Begiak eta besoak zabalik daukazana. Mundu au malte eta guztion onerako lan egiteko prest dagoana.

Badagoz gazte "zaarrak", euren amez ta ilusiñoakaitik lotsatzen diranak, eguzki ederretan koba zulora sartu eta janian eta lotan euren bizitza igaro daroenak.

Ba dagoz zaar "gazteak", larogei urtegaz amabost urteko baten antzera itxaropenean bizi diranak eta gazteen lana euren irribarre maitagarriagaz gozatzen dabenak.

Maitasunean dago kakoa. Maitekeri asko ikusten dira edonun, baña benetako maitasuna ez da aurkitzen errez. Gazteen maitasun indarra bidetzea mundu onetako lanik ederrena.

Zaarren kontsejuak onartuko dauz gazteak benetako maitasunetik datozan bitartean. Iñolaz be ez bildurrak eragindakoak ba dira. Erreza da lengoan gelditzea indar barririk ez dagoanian, maitasunik ez dagonian, itxaropenik ez dagoanian! Orduan gazteak zoroak dirala errez esan laiteke... Maitasuna zoroa da izan be. Baña maitasunik-eza otza da!

Angel Ugarteburu


Politikea bai, baiña politikeririk ez

Politikaren alderdiak

Bearrezkoa dala politikea lenago idatzi genduan.

Izan be alantxe da. Gobernatu bearra dauke erriak, lege ta agintariak bear ditue erriak.

Orixe da jatorriz politikea; ta iñor eztago politikearen izate onen aurka anarkistak edo izan ezik.

Baiña beste alderdi bat be ba-dauko politikeak: gobernatzeko moduatzazko iritxi ezbardiñak. Danok nai dogu erriak ondo gobernatuak izan daitezan, baiña ori lortu al izateko bide desbardiñak aukeratzen doguz.

Jakiña, obe litzake eztabaida barik danok iritzi batekoak bagiña erriak gobernatze arazoan. Baiña ori sekula ezta gertatuko ta iritzi ezbardintasuna gizadiaren kalterako izan ez daitean alegindu bear giñake.

Politikan gizontasunez jokatu ezkero, iritzi ezbardintasun au kaltegarri barik onerako be izan leiteke.

Demokrazia ondo eroaten dakien errialde aurreratuetan gobernuaren lana aztertzeko ondo izaten dira beste alderdiak be... Baiña politikea bearrezkoa izanarren, alderdi politikoak askotan lan ona egiñarren zenbat txarkeri mundu zabalean politikearen erruz, zenbat guda, zenbat eriotz, zenbat gorroto, zenbat gose ta miseri politikea data ta bide!

Asko, politikara, ez doaz asmo onez; erriaren onaren billa bearrean euren buruaren olde jokatu naiak eroaten ditu zeregin orretara.

Ta, asmo onez asten diranetatik asko be politikako ekiñak berak okertzen ditu.

Politikea, geienetan, ekonomiaren eragipenez dabillela ezin ukatu leiteke, edo ta abertzaletasun erlegiñoi edo abarrenez. Baiña askotan politikea politikeri uts utsa dala be egia da.

Danok ikusi dogu mi gurt errietan; kartista ta liberalak zirala edo Rodas ta Aznar jaunak diputadu nai izan ebela edo Patxi ta Peru-k biak alkate nai izan ebela, zenbat asarre ta zenbat gorroto erlegiñoi ta malla bereko gizonen artean!

Politikea gizadearen onerako

Gizadiaren ona billatu naiak bakarrik eroan bear gindukez politikara. Ondo egiten dana edozeiñek egiten badan be, politikako gure arerioak egiten badau be, ontzat emon, ondo ikusi.

Politika alderdiak beraz erriaren ona billatzeko bideak izan daitezan sortzen dira edo sortu bear lirake.

Baiña gauzak eztira olan gertatzen sarritan.

Gure arerioa (beste asmokoa esan nai dot) agintzen badago gauzak txarto egin daizala nai izaten dogu, erria ondamendira eroan daiala naiago dogu agintaritzatik baztartua izan daitean, bere jaustea gure jagitea dala-ta.

Partiduak bidetzat barik azken elburutzat artzen doguz.

Ez, eztogu zintzoki politikan jokatzen, politikeri geiegi egiten dogu.

Eztaigun uste izan erregetza bearrekoa dabela munduak; eztaigun uste izan geu errepublika zaleak bagara errepublika barik munduak eztaukala konpontzerik; komunistak bagara eztaigun uste izan komunismoak bakarrik mundura zoriona ekarri daikezala; eztaigun uste izan fazismoak lakorik eztagola mundua ondo ipintzeko; eztauka munduak naitanaiez olako edo alako erakutsien bearrik; munduak bakea, aurrerapidea, zuzentza ta azkatasuna bear ditu. Oneik gauzok edozer kolorekin etorrita be onak dira.

Egin daigun kontu nik gizartearen eratzeatzaz iritzi edo nai batzuk daukadazala ta nire gogaien etsaitzat neukan alderdi batek, gobernuratu danean, nai ta iritzi orreik mamindu dituala. Olakorik gertatzen dalarik poztu egin bear giñake nai genduana egi biurtu dalako.

Baiña ez, ez gara poztuten, atsekabetu baiño. Geuk egitea nai genduan-ta.

Egia, nire barruan ezta sartzen olako politikeririk.

Arri arora biurtu nai ezbadogu politikea. Modu batera edo bestera erriak alik eta zerikusi geien euki daiala gobernatze kontuan ondo baiño obeto dago; ta gobernatze kontuan erriak esku artzeko alderdi politikoak baiño beste bide oberik gaur ezbadago, ondo artzen doguz alderdi politikoak be.

Baiña, Jaungoikuarren, uxatu daiguzan ezinikusi ta gorrotoak. Ogeigarren mendean zenbait gauzatan ainbat aurreratu garanean basatiak lez ez daigun jokatu politikan. Gizontasunez jokatu daigun politikan.

Kaminazpi


ANAITASUNA, sozial-zabalkunde bide

— I, ikusi dok telebiziñoan Konzilioaren amaia?

— Bai nik. Gauza ederra! Baiña ori be joan dok...

Alako gauzak entzuten doguz gaur kristiñau artean. Ementxe berton, geure errietan. Bear bada zeure etxean bertan. Paulo VI'ak, barriz, untxe asten dala Konzilioaren atalik inportanteena, garrantzirik aundienekoa. Nori sinistu? Paulo VI'garrenari, jakiña. Baiña ez Aita Santua dalako gero. Kardenal ta obispo guztiak joan dira barriro be bakotxa bere lekura, baiña ez bakarrik, eurak jaso deuskuen mundu barri onegaz baiño. Gure konzilioa, euren dotriña eder au betetan astea dogu. "Astea".

Eta zein da dotriña au? Zabalegia orri oneitan argitaratzeko. Augaitik ba, arira joaz, gaur modan dagon gauzatxo bat gogoratuko deutsuet bakarrik: sozial zabalkunde bideak. Nori ez jako gustetan ba telebiziño edo ziñe ganean, berba ondo egitea? Euren alde itz egitea esan gurot... zuri?

Ba, orreixek dira beste batzuen artean, konzilioak, on bidetik doazenean, jakiña, ontzat artu dauzan sozial-zabalkunde bideak. Esaidazu ia ez dagozala modan? Eta ez gitxiago gaur eguneko errebistak. Danok gagoz prest ziñe edo telebiziñoaren apologi bat egiteko, baiña ez ainbeste edozein errebistena egiteko, Anaitasuna esate baterako.

Nere ustez telebiziño, ziñe, radio, errebista, liburu... onek danak baiño lenago dago beste zabalkunde bide bat: Izkuntza.

Ez da radiorik sortzen ixilik eukitekotan, ez libururik ezer ez idazteko. Eta idazteko edo berba egiteko bearrezkoena da izkuntza, ze ondiño ez dausku aurkitu iñok berba bako izkuntzarik...

Eta erri bakoitxak bere radio eta bere izkuntzak ditu, bakotxak bere-bereak. Prantzez ez dakianak ez dau bere errebistarik irakurko edo radio Paris ipiñiko musikea entzuteko ez bada beintzat. Erriari bere izkuntzan jakin arazo bear jakoz munduko gauzak. Erdeldunari erderaz, eta euskalduneri euskeraz.

Or daukozu ba, zelan Anaitasuna egiazko zabalkunde bide dan guretzat, euskaldunontzat. Patxadazko errebista. Mundu guztiko notiziak aurkituko dozuzan errebista. Erri euskeraz idatzia. Izenetik asi ta azkenerarte errebista garbi ta edarra: konzilioak diñon errebista.

Zure errian ez da barririk? Bialdu Anaitasunera, besteok be jakin daiguzan gauza eder orreik, Anaitasunak "ZABALDUKO" deutsuz erririk-erri, idatzi billur barik ze Anaitasunean danak dauke zabalik atea. Zuena da "Anaitasuna".


Gazte jator baten idealak

Alejandro Bordalera joan dok

Gure erriko jaiak ziran, ta artsaldeetan be izango zan naiko zaparrada ta gendetza erri-plazan. Ni be ara joan nintzan, genteak tiraturik, imitasiñoz, baña ez nere erabagiz.

Gazte kuadrilla batekin alkartu nintzan. Bat falta zan: Alejandro. Alejandrok amazazpi urte eskaz ditu. Ez da altua, bai biribilkotea. Alegre txamarra da, ta eskolan oso argia, puntarengoa.

— I! Alejandro juan dok...! goizeko trenian abixau dok, ez berak eta ez etxekoak nora doian ez dakiela. A zelako bakia, gizona!... Gazte ori zoratuta dagok... Etxeuskuan baketan be ixten bere jardunakin!...

Gauza oneik esaten ziarduana majadero negargarri bat da. Baña ba dau bere toke aparta gauzak kontatzen. Barregarria da. Ogeitik danok barrezka bota genduazan. Nik be barre egin neban, ta gero tabernara sartu giñan, edatera, neskatillari iru-lau zorakeri esatera, jaiari asiera emotera.

Alejandro nere lagun zintzoa da. Obeto esan da, ez gara lagun aundiak. Justo-justo ezagutzen gara. Baña berak neri asko laguntzen deust eta nik berari be baietz uste dot; origaitik diñot lagun gariela.

Alejandro nora joan zan, edo nora eltzeko idean abixeu zan, nik ondo nekian. Frantzi-ko Bordalera olan. Zertara? Ori berak be ez daki ziur-ziur. Nik, alare, antza damotsat.

Nere lagun ori amesez gañezka dago; ideal aundi baten jabe da. Oraindik ez dau gizonen maltzurkeririk sentidu, ez gaiztokeririk probatu, ezta deabrukeririk ezagutu. Eta gazte orrek ideal aundi bat dauka: Soziedadea barriztau, bere ta bere ingurukoen jokaerea, bizi-moldea, erabarritu.

Ori dala-ta, gure Alejandro, joan dan udako oporaldietan, Bordalera joan zan, gizonak ezagutzera, ambiente barriak ezagutzera, aprobak egitera.

Ideal baten indarra

— "Sozialismua zer dan eta zer probetxu daukan ezagutzea nai juat", esaten eban berak. Baña Alejandrok ez daki sozialismua zer dan, ez bizitzan zelan jokatu bear dan, amesez bizi baita. Bear bada, apurka-apurka, ikasiko dau profeta edo kijote edo intelektual izatea zer dan.

Zuk ba dakizu, Alejandro, zure erriko lagun gazteak zorotzat artuko zaituena; eta zure martxa izan be ez da normala. Zure bidea aparta da, gogorra, eta sailla. Gañera, azkenean triunfauko bazendun gatx-erdi!

Zure erriko gazteak barre ta burla egingo deutsue. Zetarako nekatu orretan? Zer irabazteko? Juan zaite zestu-pelotan egitera, edo fubolera edo txirrindulari jokatzera. Fama aundia irabaziko dozu, aberastuko zara, ta iñori ezertan kontrarik egin barik.

Osterantzian, egin baite ingenieru edo aparejadore... Ortik dator dirua, entzutea, osasuna, monumentoa... dana!

(Ba dago Eibarren gizon azkar bat, oraindik asunto au konprenitu ezin duana: Txirrindularieri monumentuak egiten ausartzea, ta Alejandro-ri geien be burla egitea. Gaixoa! Ikusten ez dana siñisteko fede sutsua bear da; baña ikusten dana siñisteko balore makal bat baño ez).

Ni neu, Alejandrori esker aundian emon bearrean nago. Enoia "milla esker" esatera: tontokeri bildurgarri bat izango litzake da berak be eleuskit siñistuko. Ni bere laguntzalle izatekotan nabil, edo bere disipulu.

Berak beñipein asko lagundu deust. Origaitik deitzen deutsat nere laguna. Iñoiz, bidean noiala, nekatzen naizenian, bere giñean jarten naz berak eusten deust. Eta berak animatzen nau jarraitzera. Alejandro neretzako kamiño-ertzeko iturri freskua bezela da: bere alboan jartzen naz, freskatzen naz eta aurrera jarraitzen dot.

Milla esker Alejandro! Edo ez, parkatu eidazu; zuri jarraitu ta laguntzeko alegiña egingo dodala itz emoten deutsut.

Zer egiten dogu beste gazteok

Diruaren ta "kidarraren" otz ta zaratak entzuten ditu, baña bere ideala ta bere amesa gauza guzti orreik baño geiago da. Indartsuak, dirudunak, tira egiten deutsie, kopau goxuak eskeintzen deutsiez, baña berak esten zorrotza sartzen deutsie, ta iges egiten dau bere ideala galdu ez dagioen.

Alejandrok, gazte guzti orreik poteltzat artzen ditu. Ta, bere burua argituaz, jentea erre dimitzea nai dau, guzur orretatik apartatzean gura dau.

"Bordalera joan da sozialismua ezer probetxurik badauka ikustera". Gero, barriro be jenteari predikatzen jardungo dau, burrukan egiten, gizonak gizontzen.


Nezka-laguntzaren arloak

Nobio batzuk sarri alkar ikusten dabe, esate baterako, auso bateko edo errixka batekoak badira. Beste batzuk, barriz, ezin ain sarria alkar ikusi, mutilla soldautzan dagoalako, edo bata edo bestearen ofizioak galazo egiten deutselako, estudianteak dirala-ta alkarregandik urrun dagozalako ta abar. Baiña, alkar ikusi ezin ba dabe, kartak bai alkarreri bialdu! Ta korrespondentzi au be alkar ikuste bat dala esan geinke. Au gazte guztiok ondo baiño obeto baidakigu.

Baiña, alkar ikuste onetan ze ete da inportanteena? Sarri alkar ikustea ete da edo beste garrantzi aundiagoko balore bat? Zeuetariko gazte batzuek diñoena dakartzuet: "Inportanteena ezta sarri alkar ikustea, alkar ikuste onen kalidadea baiño".

Ara ba emen gazte batzuek euren bizitzan ikusi dabena eta pentsetan dabena. Interesgarria dala esango neuke gazte guztiontzat.

"Egunero ikusten giñan"

"R. ta biok estudianteak gara, kale batean bizi gara. Nobio moduan asi giñanetik egunero alkar ikusten genduan, erreza ba-zan alkarregaz egotea. Baiña gure ikasteak probetxo aundirik ezeben ataraten alkarregaz egunero pasetan genduan denporiakaz. Orduan, alkar ikuste onek gitxitutea erabaki genduan, ta ondo egin be egin genduan. Egun batzuetan asko kostatzen jak neure buruari R. iru egunetan eztotala ikusiko esatea, baiña erabaki au artu genduanetik; gure alkar ikusteak len baiño probetxu aundiagoa dakarzkuela esango neuke".

Ta mutil batek: "gitxitan alkar ikustea ezta gauz txarra be"

"Isabel da nire andragaiaren izena. Enfermera ikasten dabil bera. Ta bere ikasteak dirala edo nire ofizioa dala, beintzat domekarartean alkar ezin dogu ikusi. Lenengo asteetan asko sufridu bear izan genduan ezin ikusteagatik, baiña apurka-apurka konformatu gara. Gitxitan ikusten garean lez, egun orretarako ondo preparatuten gara, alperrik astero daukaguzan orduak ez galtzeko ta gure ezkontza preparatzeko. Ta biok pozik gagoz. Guretzat sarri alkar ezin ikustea ezpaida izan be suberte txarra izan!"

Gure alkar-ikusteeri finalidade bat emon bear geunskio

"Nobio egin giñanean alkarregaz gengozan denpora guztia eztizko berbak alkarreri esaten pasetan genduan. Ain maite genduan ze alboan genduan leguna! Baiña, laster konturatu giñan olan gure alkar maitasuna okertu ta desegingo genduanagaz eta gañera benetan probetxuzko gauza positiborik ezkenduala egiten. Orretarako bakarrik ezkiñan lez nobio egin, mogiduten beingoan asi giñan. Ta gaur, gure alkar ikuste guztieri finalidade bat emoten eta, baita, merezi daben gauzetan gure interesa ipinten aleginduten gara. Arrezkero, gure arteko maitasuna sendotu ta indartu, ta gure alkar-ikusteak aberastu egiten gaituela pozik esaten dogu. Orain bai alkar maite gareala!"

"Bakarrik gure buruari ezteutz begiratu bear"

"Ezkongaietan gazte bi asten diranean, batez be lenengo asteetan edo illetan, guri geuri pasatu jakuna ikusi-ta, auxe dala esango neuke: ezta pentsetan norberak sentiduten daben pozean baiño eta ze guztora egoten dan lagunaren ondoan! Igerri barik egoismo polit orretan jausten gara! Nobioak alkar ikusteetatik frutu bat atara gura ba-dabe, etapa au atzean itxi bear izango dabe, bakoitzak bere barrutik urteten ikasi, maite danaren poz eta negarrak norberarenak egiten alegindu eta, biak batera, euren alboan dabizan beste gizikien arduera izaten ikasi. Ta meta ontara egun bat batean ezta allegatuten gero! Jakin dakigulako esaten dogu, bizitzan zear ikasi bearra izan bai dogu!"

Berba onek eztira lau neska-mutil batzuenak baiño. Bear bada, zuek eztozue bardin pentzauko. Alan da be zeozer esan gura dau gazte oneek diñoenak. Ta konforme dagoz alkar ikustea eztala inportanteena esateko. Bear dana, ezta ba sarri alkar ikustea eta biotz barruan kili-kili gozoa sentidutea. Alkar ikuste onek bata bestea ondo ezagututzea eroan bear gaitue, alkar ondo ezagutu eta biarko famili barriaren oñarriak sendo ipinteko serbidu.

Jesus Mari Aregita


Emakumea duintasun bidean

1 Emakumea berez zer da? Izakera desbardiñeko persona bat

2 Zer izan da? Askotan gizon arduraren galgea.

3 Zer izan bear dau? Gizonaren maillako persona bat.

Emakumea menpetasun gogorrean

Azpiratuta egon izan da emakumea munduan.

Gizona gorputzez emakumea baiño sendoagoa dalako nagusitzaz jaubetu izan da. Ta origaitik, lege egille bere bera izan da ta menpetasun gogorrenian emakumea jarri izan dau.

Pekatuan aurkitu ebala-ta judeguak emakume bat Jesus-en aurrera eroan ebenekoa gogoratzea naiku dogu menpetasun ori aldi batea noraiñokoa zan jakiteko.

Emakume arek pekatua egin baeban gizonagaz egin eban. Baiña emakumearentzat eskatzen eben eriotza. Gizonarentzat ez zan pekatua, ta bear bada gizon a, pekatuaren eragille izan zeintekean gizon a, emakumearentzat eriotza eskatzen ebenen artean egongo zan.

Kristautasunari eskerrak, emakumearen menpetasun au asko arindu zan.

Egia, gaur bere, legearen aurrean gizonaren menpeko da, bere eskubideak gizonarenak baiño laburragoak dira, bai sendi edo familian, bai lan tokian ta bai beste gauza askotan bere.

Emakumea ta gizona parean

Gaur emakumea gizonaren pare egin nai da, bere eskubideak gizonarenak aiña izan daitezen alegiñak egiten dira. Geuk bere begi onez ikusten doguz ta txalotu bere bai emakumeen alde egiten dan guztia.

Baiña batzuk beretzat lortu nai daben azkatasuna neurriz kanpokoa dala esango genduke, emakumeen izakerari ez dagokiona.

Aurten baten gai onetzazko artikuloa ekarren euskal aldizkari batek, EMAKUMEA DUINTASUN BIDEAN izenekoa, ta len esan dodan geiegikeri batzuk bertan aldeztuten ditu idazleak.

Berak emon dautsan asieratik asiko gara geu bere.

"Nere andrea" esaten ei dogu gizonak, emaztearen jaube lez agertuaz.

Esakera bat baiño ezta ori. Emakumeak eurak bere bardin itz egiten dabe gizonatzaz; "Nire gizona".

Ara bere esate bat:

"Gizonaren borondateak bakarrik agintzen dau semeak sortzeko, etxea saltzeko edo erosteko, semeak asitzeko. Emakumea gizonaren menpean. Eta askotan menpetasun gorria".

Legeak olan aginduko dau kontixu, baiña, zorionez, oituraz, gauzak eztira olan gure errietan. Arazotik geienetan gizonaren borondateak aiña indar eukiten dau emaztearenak bere gure pamilietan.

Umeen sortzeari buruz auxe diñot:

Berez da gizona, naturalezaz da, emakumea baiño aragikeri zaleago ta zaletasun ori ase naian asten da geienetan ta ez aurrak sortu bear dituala edo dirala ta.

Jakiña, ondorena umeen sortzea da ta emakumearentzat izan oi da kargarik aztunena. Baiña gizonak ez dau beti abere lez jokatzen, bien arteko akorduz geienetan egiten dira gauzak.

"Tristea emakume asko gizonaren laguntza gabe ezki bizi izatea..." esaten dau.

Emakumeak geienetan iñork beartu barik gizonagaz lotzen dira, amatasuna ta gizonaren adiskidetasuna atsegin yakozalako.

Egia, neskazar gelditzen diran emakume beartsuak, beartsuago izan oi dira urteetan sartzean. Ta beartsutasun orren bildurrak bultz egin deikio gizonaren babesera.

Baiña ori bardin edo antzera gertatzen da mutilzarrakaz bere. MUTIL ZARRAREN DESPEIDA izeneko bertsoak esaten dabe ori polito.

Emakumea ez da ama izateko bakarrik

Ara beste errazoi bat:

"Idea okerra deritxat emakumea ama izateko batez bere dala ustea. Ama izateko da, gizona aita izateko dan bezelaxe".

Errazoi galania azkenean diñona. Baiña ama izateak eta aita izateak biai zeregin desbardiñak emon deikioz naita zeregin desbardiñok azken batera zuzenduak izan.

Nire ustez, bai emakumea ta bai gizona orretarako batez bere dira; ama ta aita izateko. Munduak jarraitu egin bear dau, alako edo olako kulturakaz, baiña, orixe, jarraitu.

Egia, abereak bere aita ta ama izaten dira; baiña gizonaren ta emakumearen aitatasuna ta amatasuna abereena baiño askotaz gorago dago bear dan moduko aita ta ama izaten badakie.

Gizonaren eta emakumearen zeregiñik bikaiñenetarikoa dala deritxat bear dan moduko aita ta ama izan ezkero.

Ondoren diñon au, oso osorik ontzat emoten dogu:

"Asiera da emakumeak legearen aurrean gizonak bezelako eskubide ta deretxuak izatea".

Alan da be gizona ta emakumea ez dira bardinak

Baiña nik neuk ez dautset opa emakumeai danean gizonakaz bardintzea. Ez litzake ondo izango emakumeentzat gizonak lez neguko gaberdian oetik jagi ta besapean otzara (otarra) dabela itxasora joan bearra, edo miñetara jatsi ta atxur ta pikotxagaz ekin bearrik edo gudan fusilla eskuan dabela tiroka jardun edo kañoi andi bateri lokatsetan bultzaka ibilli bearrik.

Nik ez dakit, gauza garbirik, legeak zer dion emazteetzaz; bikarioak ezkontzean esan euskuna besterik ez dakit. Baiña niretzat lege guztiak sobre dagoz. Katoliko izaten dakien senar emazteen artean emazteak ez daroa menpetasun gorririk. On ta txar alkarregaz eroango dabe.

"Emakumeak gizonaren deretxu berak behar ditu lan saritzan, ikas-bideetan, erri agintaritzan, ekonomi arazo guztietan, etab."

Bai orixe. Ez naz ni orren aurko jagiko. Baiña amatasunaren zeregiña lenengoa dabelarik; berezkoa dabelako ta emakumeari duintasunik andiena orretxek emoten dautsalako.

Kamiñazpi