ANAITASUNA

MAIATZA (5) 1966 XIII URTEA N.º 135

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: J. A. Elustondo (Bilbon). Arantzazuko Irarkolan.


Euskal Liburu ta Diskoen Bigarren Azoka, Eibar-en

Maiatzeko 19-an asita, Euskal Liburu ta Diskoen Azoka ospatuko da Eibar-en. Lenengoa Durangon egin zan. Bigarrena da Eibarko au.

Organizaziñoa "Arrate" Alkartearen lepotik doa. Alka-te au "Sociedad Cultural Recreativa" da. Astero, "zineforum" bat emoten dau. Ekonomi, Politika, Erligiño ta beste kultura-gaietako konferentziak be sarri. Ontan, laister barru antolatuko dau 4 egunerako "Emakumearen Astea". Euskal-klaseak be antolatuten dauz, oraintxe be eun dabiltza ikasten.

Indar aundikoa da. 350 kide ditu, 3 pixuko etxea, ta zile-leku bat be bai.

Azoka au egiteko Komisiño bat eratu dau. Ta guk, talde ortan bierrean dabillen Xabier Zubiaurre-ri egin deutsaguz itaunok ANAITASUNA-rako.

— Zer lortu gura dozue Euskal Azoka onegaz?

— Guk gure doguna da Euskalerriari bertoko liburuak erakutsi, ta, bidebatez, liburuok saldu daitezala.

— Laguntasunik izan dozue Azokaren antolaketarako?

— Bai. Ta asko. Erriak ederto erantzun deusku. Esate baterako, beste urteetan lez, Umeen Euskal Jaierako, domekean, 22-an, 600 ume inguru etorriko dira kanpotik. Ba, oneeri danari etxe partikularretan emongo deutse jaten.

Ayuntamentuak be lagundu deusku. Diruz gitxi, "presupuestos llenos" daukozalako. Estorburik ez.

— Durangon ba dakizue zein ederto antolatu eban Azoka Gerediaga Alkarteak. Izan dozue eurekin artuemonik?

— Bai, gauza bat dala ta bestea dala. Euren "stand"-ak edo erakuslekuak ekarri doguz ona be, gaiñera. Pageta, ori bai.

— Zenbat argitaldari edo editorial ekarriko dozuez? Durangon 25 ziran.

— Emen be bardin. Ta batzueri. eurek ez datozen lez, "Arrate" Alkarteak salduko deutsez liburuak.

Zelan erantzun deutsue argitaldariok?

— Ondo. Pozik gagoz.

Nobedaderik ba dakarre?

— Baita ori be. Liburuetan, Durango-kotik onako ediziño barriak. Eta Diskoetan: Edilik 169 disko. Columbiak 100. Danera: Durangon baiño zatia geiago.

Lau egun aukeratu dozuez Azokarako. Zergaitik? Durango-koa laburregia iruditu jatzuen ala?

— Ez da orregaitik, ez. Asentziño eguna 19-an izanik, eguenez asi bear gendulako baiño. Barikua egun txarra dala ba dakigu, baiña Azokak zabalik jarraituko dau. Olan domekerarte.  — Nun izango da Azoka?

— Untzaga plazan. Plaza au "18 de julio" da orain. Len "Republika"-koa zan. Lenago "Alfonso XIII"-rena. Baiña eibartarrentzat "Untzaga" beti be.

Azoka lekura jentea erakarteko, zertariko "reclamo" edo dei, edo jaiak, imiñiko dozuez? Durangon orduero imiñi eben zeozer; ta zuek?

— Guk oindiño programa zeatz-meatz egin barik daukogu. Baiña izango dora, dantza taldeak, txistulariak, euskal-pelikulak, antzerkiak, etabar. Gauza onak ba dagoz, bai.

Nun izango dira jaiok?

— Azokako plazan bertan dantza ta euskal jaiak. Filmak eta konferentziak "Arrate" Teatroan (Untzaga-tik 200 metrora), eta Cassona'ren "Txalupak jaberik ez" komeria "Amaya" Teatroan (plazan bertan). Andoain-go "Larramendi" taldeak egingo dau drama au.

Azoka ontarako neiko propaganda egin dozuelakoan zagoze, edo geiago egiteko esperantzarekin oindiño?

— Mille "mural" edo ormetan iminteko orri aundiak atara doguz, Euskal Probintzietan zabaltzeko, mugaren ango ta emengo partetik. Euskaldunak dagozen Unibersidadeetara be bialduko doguz, Valladolid-era, Barzelona ta Madrillera, tabar. Oindiño be aldizkari ta periodikuetan geiago egin bear dogu.

Beste urteetan be Azokagaz aurrera jarraituteko itxaropena daukozue? Urtero  ala?

— Bai, jarraituko dogu. Urtero, seguruen. Baiña oinkarren ori ondo pentsatu ta erabakitu barik dogu. Bearbada, bi urtero be izan leiteke.

Umeen euskal jaia be organizetan zabizela dakigu. Ta ANAITASUNA-n argitaratu genduanez, Umeen Ipuin Sariketa bat preparatu dozue. Zelan doa ori?

— Amabi ipuin alleatu jakuz, ta oindiño elduko dira. Sari ori "Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián"-aren ardurapean dago, gastuak eta abar. 19 eguerdian erabakiko da len-Saria, Arrate teatroan.

joan mari torrealday

***

Egitaraua-ren laburpen bat

eguena 19

Txistulari ta dantzariak.

Meza euskeraz.

Amabietan, "Arratesaloian" Umeen Ipuin Sariketaren Erabakia.

Deba-ko mutiko-talde batek euskal jolas eta dantzak egingo ditu.

Gabaz: Pelotari ta Alquezar, euskal-filmak, eta "Ama-lur"-en propaganda.

barikua 20

Azokak zabalik jarraituko dau.

Gabaz: Andoin-go "Larramendi" taldeak Cassona-ren "Txalupeak jaberik ez" antzestuko dau, euskeraturik.

zapatua 21

 Bilingüismoari buruz Raimundo Herrero, Donostiko maixuaren Konferentzi bat.

Euskal-Musika: Karlos Mungia, Jose Antonio Villar bere Orkestina ta guzti, Mari Lurdes Iriondo kitarrarekin, ta Eibar-ko Merced kolejioko Rondalla.

Atzera, Pelotari ta Alcazar.

domekea 22

Txistularien kalejira.

Meza euskeraz.

600 ume inguru kanpotik Umeen Jairako.

Arratsaldez, Euskal Dantza.

Karrotzak.

Azokaren amaiera.


Erriz erri

Markiña-tik

San Jose egunez Markiñako frontoian jai polit bat egin zan. Bertoko alkateak organizaten dauz urtero baserritarrentzako aulako euskal-jaiak.

Frontoia beteta egoan —geiago eziñean— errementau bearrian.

Lenengoz, bertsolariak egon ziran euren betiko grazi espezialakin: Azpillaga, Lopategui, Mugartegui eta Mitxelena. Ederto!

Urrengo, Antonio Ansola edo "Irunaso" arrijasotzaillea. Eun kiloko arri biribil batekin gogor ibilli zan, talde bitan, 27 eta 29 bider jasoaz. Ondo txalotua benetan!

Eta gero etorri zan postrea: Polipaso, Españiko kanpeoi, pasa zan urtean, Simon Salaberria eta Candido Churrukaren kontra aizkorapoztu ikaragarri batean. Polipaso aspalditxon entrenatu barik egoan anjinazko gaixopean egon zalako. Baiña, onek, galduarren be, apostu ederra egin eban. Beste aldetik, Churruka espaziala egon zan egun artan. Txaloak amaitu eziñean entzun ziran!

Azkenekoz, bertsolariak barriro. Ederto ostera be!

AULESTIA-K

Valmaseda-tik

Aurtengo Bariku Santuan erri onetan aparteko krutz-bide bat egin genduan erritarrok. Krutz bide au 15-garren gizaldian asi zan egiten. Ordutik ona urtero-urtero egiten da ta geroago ta obeto esan bear. Aurten ia-ia 300 persona izan dira parte artu dabenak. Irureun persona errez esaten dira, baiña zertan esanik be ez danok batuta pillo eder bat dirala. Danontzako erropa bereziak billatuteko be bearko da diru apurren bat seguru.

Krutz-bide ontan parte artu daben guztiak bertokoak, errikoak dira. Jesus-en papela Ansuetegi-tar Manuel dan mekaniku gazteak egin eban. Guzurra dirudi arren, urte guztian bizarra ebai barik euki dau, aurtengo krutz-bide onetan Jesus-en papelari jagokon lez egiteagaitik. Mariaren papela bigarren aldiz Aizpurua-tar Maria Begoña-k egin eban. Maria Begoña —edo Bego, errikoak esaten deutsagun lez— gaztea ta oso liraiña da ta Bilbo-ko ofizina baten egiten dau biar. Telletxea-tar Fernando-k egin eban Arimatea papela, Pilatos-eri permisoa eskatuta Jesus Krutzetik jatxi ta guzti. Monasterio-tar Jose Maria-k, joan dan urtean Jesus krutzean jostekoan negar egiten ebanak, aurten Zirineorena egin eban, Kurutzea eroaten lagunduaz. Izan be krutzeak 54 kilo daukoz ta lurrean arrastaka eroatekoan izugarrizko burrundadea ataraten eban. Ez burrundadea bakarrik; eroaten ebenentzako pisua be naiko andia eukiko ebala deritxat.

Eztago esan bearrik egilleak egizko gogogaz egiten dabela. Askok negarrez amaituten dabez euren biarrak, lantzien bein ganberroren bat egoten bada be. Bariku Santuan gertakizun au ikusteko batuten dan jenteak agertuten daben lez, errikoeri be gustaten jake. Zelan atsegin ez beste aldetik, egilleak errikoak ba dira eta danen artean antolatutako gauza bat bada?

Barregarriak be egoten dira lantzian bein euren artean. Joan daneko urte batean batek "Agur, Maixu" esan bearrean, "Barkatu, Maixu" esan eutson. Beste batean, Krutz-biderako preparatuten ari ziranean, bizardun bi etxe batera joan ziran gauza batzuk eroaten. Bertako etxeandreak bizardun areek barruan ikusi ebazanean, poliziari deitu eutson, lapur batzuk ziralakoak edo. Joan dan urtean lotsa ta burla ugari pasa ebazan Valmaseda-ko futbol ekipoko defensa batek, bizarra kendu barik utzi bai eban urte guztian.

Krutz-bide au erri guztiak lagunduta egiten dala zertan esanik be ez. Batzuk jantziak preparatuten dabez, besteak peluka klase guztiak ta aolan dana. Akabuko eginbearrak Bariku Santu goizean San Juan-en eleizan egiten dira; ta arrastian, ia dana listo dagonean, orduan asten da ainbeste denporan itxarotako gertakizun eder ta berezia.

Bilbao-tar Edurne-k

Etxebarria-tik

Etxebarria-ko idi-probak

Idi pareak be plaza-gizon izatera eldu jakuz-ta. Leno abere lotsati auek etziran agertzen plaza txikietan eta auzotegiaren aurrean ezik; ta orduntxe be bera begira, otsan. Egia esan oraiñ be makur ebilten ditue muturrak, baiña gauzak otan badoaz laster arrotuko dira. Izan be oraiñ mundu guztiaren aurrean dakite euren estropadok egiten.

Ondiño ointsu Etxebarria-ko proba-lekuan bederatzi buztarrik ekin dabe iru saiotan.

Sapatu illuntzean egin zan lenengo saioa, Markiña-ko Basaibar, Barinaga-ko Maguregi, ta Etxebarria bertako Aldeko baserrietako idi pareakaz. Euria ta aro txarra egiten eban, ta urrengo gaubean egingo ebena baiño ainbat gitxiago egiñ al izan eben. Geien egin ebana be 31 untze ta laurenera be etzan iritxi.

Urrengo arratsaldeko ekiñaldia Berriatua-ko Txikiñe, Barinaga-ko Ezpilla ta Mallabia-ko Gamekoetxe baserrietako idi bikoteak jokatu eben; ta egualdi obeagoa, ta baita be aro obea egiten eban arren etziran orrenbestean be portatu, Basaibar-koen atzetik gelditu ziran irurok-eta.

Akabuko ekiñaldia gaubean jokatu zan. Lenengo Barinaga-ko Azabel baserriko pareak jokatu eban, ta 33 untze goitu ebazan. Ta diñoienez geiago be egingo eban idi-pareak itzulen ebillenak zurrago jokatu izan baleu.

Bigarren Mallavia-ko Zubitegi baserrikoa atera zan, eta gogor ekiñ eben idiak. Azabel-goeri errez onduko eutsela emoten eben. Baiña 30 untzera eldu ziranean pott egiñ eban antza idi-pareak, ze lotu ta aida, 32 ta iru lauren baiño ez eben egiñ. Azkenengo atera zanak egingo eban lenengo. Markiña-ko Txasio baserrikoak ziran. Eurek irabazi eben dana: lenengo untzea ariñen egiten ebenentzat egoan pentsu-sakua; lenengo ordu laurenean geien egiten ebanarentzat egoan kopa be eurek jaso eben; ta 9.000 pesetako zaria be bai. Ederto baten joango dira diruok Txasio baserrira; izan be olako idi ederrak mantenduteko baiño be geiago bear da amaika seme-alabari jaten emoteko.

Zelan gero, idiok bapo-bapo plazara danen begi aurrera. Egia esateko otz egoan, ta etzan jende larrei be apostua ikustera joan. Sapatuan euria eginda egoan, ta domekako ipar-aize otzak sorgiñ itxureko arpegia ipinten eutsan edonori.

Barriro be Paskuetarako demak eratuteko asmotan ei dabiz. Nork egingo dau lenengo? Onako ontak autan bukatu eben bederatzi buztarriek. Lenengo Txasio baserria 34 untzegaz. Urrengo Azabal, 33 untze ta 2,25 metrogaz. Zubitegi 32 ta iru lauren untze ta 4,45 metrogaz. Basaibar 31 untze ta 4,85 metrogaz. Bostgarren Txikiñe. Seigarren Ezpilla. Zazpigarren Gamekoetxe. Urrengo Maguregi, ta azkenengo Aldeko baserrikoak 18 untze ta 5,30 metrogaz.

Barrena-k

Lekeitxio-tik

Lekeitxion turista asko gelditzen dira udan erri polit bat dalako eta plaia eder bat dauakolako be bai. Baiña problema bat sortzen da derrepente emen udako denporan: zelan sartu eta tolostu ainbeste turista erri txiki onetan?

Au dala-ta proiekto batzuk paperetan dagoz:

1) Erriko etxegintzak ugaritu.

2) Bilbotik Ondarrurako bidea Lumentxa mendiaren atzeko partera aldatu. Aolan erri oneko trafikon aixetuko litzake.

3) Obetu orain dagon Ondarrurako bidea.

4) Beste kale zabal bat edegi (8 metrokoa zabaleran, alboak konta barik) Santa Katalinakoari paralela egiñaz.

Lekeitxioko biztanleak arin doaz goraka. Etxeak ez dira egiten nai alan. Uda ona bada, Lekeitxio guztia turistaz beterik egoten da eta ez dago etxerik oneintzako. Ori dala-ta, oraingo plan-probintzialak zeozer lasaituko dabelakoan gagoz gaurko situaziño estua.

Papereetako proiektoak egiteetara biur beitez!


Euskal jakintzaren txapelketea

Gure Gernikeko Gizarte-Etxean antolatu zan ilbeltzeko 23-an sariketa bat 15 urtetik berako neska-mutillentzat. Benetan pozgarria dogu txapelketa au, ze berak azaldu dau gure umeen artien oindiño euskerea bizirik dagoala. Batzuen artian beintzat. Amasaspi baiño ez ziran batu. ¿Ez ete dira neiko asteko?

Danak egin ebezan alegiñik aundiyenak euskeraz idatzi, irakurri eta asmeu be albokoak baiño obeto egiten. Alan dala, or daukazuez gernikar umetxoak idaz eta irakurri-lanean.

Nagosiyen artean, bederatzi urteko neskatetxu batek irebazi eban sariye: ALAZNE AURRE. Dotore be dotore atonduta moldatu eban bere gaia. Onen arteko sailketa alan jarri zan: 1. Alazne Aurre. 2. Sardui'tar M. Lurdes. 3. Abaitua'tar Joseba Iñaki. 4. Mirari Azueta. 5. Arrien'tar Ane Miren. 6. M. Karmele Azkarreta.

Irakurle gaztiena bost urteko mutiltxu bat agertu zan Ander Aurre. Onek bai gixontxu bat legez irakurri.

Sei urtetik sortzi urterañoko neska-mutil artean ba bateratu ziran lenengo puestoan: Begoña Basanez ta Gorka Aurre. Bigarren geratu zan Itziar Ortuzar.

Aurretarrak bai jatorrak: benetako euskaldun nebarrebak. Baiña, gernikarrak, konturatu zaiteze: onek umeak iturriya dariola daukie etxe barruan... Len be esan dogu: azteko ondo ete dago? Baiña ezin gara onegaz konformatu. Euskerea etxe-barrutik atara bear dogu: "Euskera, jagi adi plazara". Bai. Ba orretarako derriorrezkoak doguz ikastolak, eta ortan gure agindariak be badauke zer esanik. Ta zeozer egiñik be.


Euskerazko filmak

Gabonetan ikusi dozuez Gernikan Gotzon ELORZA'k egiñeko pelikula txiki batzuk. Eta askok onelako pentsamentuak erabilli dozuez buru barrenean: Ze gustora entzuten dira azalpenak euskeraz... Askotan pentsetan dogu ezetarako be ez dala gauza. Eta orduan, zer egiten dogu? Umeeri edo txakurreri euskeraz egin, baita baserritarreri be. Ostera, gutartean, kaletarren artean, erderaz.

Eta ori badakizue zergaitik gertatuten dan? Ba... euskeraz ez dakigulako. Lotsa eta bildur gara euskeraz egiteko, ikusten dogulako gure euskera (kaletarrena) laburra eta txikia dala. Baiña ez uste errua euskerana dala. Gure errua da. Eta orrela kalte bi egiten doguz erabatera: Alde batetik, euskeraz egiten duena kikildu eta areri lotsatu. Baserritarrak eta ez-jakiñak kaletarreri begira bizi dira. Ikusten badabe euskeraz lotsatuten garela, eurek be apurken-apurken lotsatuten asten dira, eta askenean semeeri ez erakusteko alegiñak egingo dabez. Orrela sartuten da erdera, euskera baztertuaz. Beste aldetik, kaletarrak eta erdi-jakiñak erderaz egiten badogu, zelan aberastuko dogu euskera, zelan landu eta apaindu? Izkuntzak orretara onduten dira: ERABILLIAZ. Zergaitik esaten dogu ba euskeldunak gerala? Guzurra eta guzur madariketua. Zuelakoagaitik ilko da Euskalerria. Ori uste dot esan gura izan daula Gotzon Elorzak beran filmakaz. (Brisas Guerniquesas-tik).

J. M. B.


Eskontza Ariatzan [Bertsoak]

Ezkontzera zoiazen

Bikote zintzuak

Zuentzako dira gaur

Lorazko bertsuak.

Kantuz eskeintzen gatoz

ZORION sutsuak,

Izan dagizunean

Urte eztitsuak,

Onetsi zagizela

Alta kurtzekuak.

Neska mutillak biak

Diranian onak

Orren ezkontzak dakaz

Fruturik onenak

Maitasunezko arantzak

Loratzen dauz Jaunak

Saritzat emonagaz

Aurtxoen laztanak

Olangorik ez daki

Guraso ez danak.

Senar eta emazte

Alkarri lagundu,

Garbitasun bidetik

Ez iñoiz aldendu.

Aurtxorikan badator

Goiz edo berandu

Jaunaren bildurrean

Azi eta zaindu

Orretarako zare

Egiten ezkondu.

Lorarik gabe fruturik ez da

Zuek zarie gaur lora.

Euskal erria urduri dago

Zuen frutuari begira.

Euskal fedea eta oiturak

Indartuteko badira,

Orduantxe bai zuen frutuak

Ederrak izango dira. (bis)

Umetxoaren odol garbiak

Gauza eder asko aldu

Bigun dagozan artean ondo

Egin ezkero atondu.

Gure artean diran okerrak

Onek dagixen zuzendu.

Jaiotza lurra maite izaten

Umetxoari lagundu. (bis)

Gazte maiteok zuek zarie

Biarko loraren aldun.

Ongille onak izan daitezan

Beti egiagaz jardun.

Denpora pasa eta ez esan

Ai! lenau egin bagendun.

Sasoi danetan beti agertu

Guraso zintzo fededun.

Enbeita-tar Balendin


Nekazaritzaren egoera larria

Ez dot uste nire idaztitxo onek gaurko estrukturak aldatzeko ainbat indar eukiko dauanik; ez nau asmo orrek idaztera eragin, "gauzatxo" batzuk adierazteko gogoak baiño. Azpaldiko gogo onek adieraztera ortaraxe natortsu ba.

Baserri baten jaio ta nire lenengo urteak bertan igaro nebazalako izango da segura nire biotzeko taupada onen ixildu eziña. Baiña auxe da, nire ustez, prolemaren erraiñetara eltzeko biderik egokiena. An ta emengo liburu ta errebistetan artutako apuntetxo batzuk osatuko dotaz laburki.

Asteko, nekazari ta industrial biergiñaren lan-sari minimo edo txikienak ikustera goazen. (Industrial sektore ortan nekazaritza ezik beste guztiak sartzen dotaz). "Acción Social Patronal"-ko estadistikari siñistu bear ba-deutsagu, nekazariaren lan-sari minimoa industrial biergiñaren 75% edo geienean, 80% baiño ezta. Ia obeto aittuten ba-gara: industrial biergiñ baten lan-sari minimoa esate baterako 100 peseta balitz, nekazariaren egun osoko bier orren produktoa dirutan jarrita 75 peseta izango litzake. Au da, industrial biergiñak baiño 100'eko 20 edo 25 peseta gitxiago jasoten dauz gure baserritarrak. Eta zergaitik au? Ala karretilla ta pikatxoi baten manejua baiño besterik ez daukan orrek, espezialidadean irabazten ete deutso nekazariari, naiz ta gizajoena izan? Zergaitik ordun? Ba dira onela diñoenak: Baiña kalearen ondoan nekazari bizitza merkea da gero! Arrazoitxoa emon daiketsut; neu be konporme nago baserria kalea baiño merkeagoa dala esaten ba-deustazu. Baiña argumentuak apur bat zorroztuta, nun dagoala uste dozu baserri bizitzako merketasun orren iturria? (Iturri parebakoa ezta? Begira ia zure eskuetan ez daukazun). Egia da porruk eta azak eta abar plazan erosi bearrik ez daukala. Itturri mea daukagu oraindik. Ia ba iturriko urak apur bat loditzen ba-ditugu: baserri geientsuenetan ez dago bañurik; butanozko koziña edo berotegirik be ez; ezta telebista edo frigorifikorik; eta abar... Aor iturri bete-betea! Merkeagoa izango ezta ba?

Nekazaritzako produtoen sal-neurriak ikusi daiguzan orain. Cortes'ko alpalpagaz gertatzen dana naikoa izango da. Cortes, Naparru be-aldeko erri bat da. Urtero urtero amar milla tonelada inguru ateratten dauz. Cortes'ko nekazariak 1.400 pesetan saltzen dau alpapa toneladea. Ez dakit nik asko edo aiñ asko ezpada; baiña auxe da nik dakitana: Santander edo Madrilleko almazen edo biltokietan tonelada alpalpa berori 3.100 pesetan saltzen dala. Nortzuen artean banatu diran 1.700 peseta orrek? Begira: Cortes'ko tratanteak 1.400 pesetan erosi, ta fardutan ipiñi ondoren, 2.300 pesetan saltzen dau toneladea (Urre zatiak edo naastau ete deutsoz ba?) Cortes'tik Madrillera eroatea, toneladako 500 peseta. Madrilleko almazenistak ba, 2.800 pesetan erosten dau alpalpa toneladea. Azkenengo onek be zeozer bear dau antza, ta onek 3.100 pesetan saltzen dau toneladea.

Eta zer esango dogu oraiñ; nekazaritzak gitxi emoten dauala? Ez dakit nik asko ala gitxi emoten dauan; baiña emoten dauan erdia baiño geiago beste batzuentzat izaten dala ikusi dogu. Eta geiago zer? Ba lapurketa lotsabako onen ondorea, penagarria benetan, egunetik egunera geitzen dioan nekazaritzaren "exodoa" dala.

J. L. Belaustegui


Zer da politikea?

Sarri ao minean ibilli arren ia ez dakigu politika zer dan.

Denpora igarogarri dan zaletasun alperrekoa dala uste dogu politika, batez be odol beroko diranen aututarako gai bat. Origaitik askorek entzun be ez dabe nai izaten politika konturik.

Ta ez, politika ez da utskeria; politika bearrekoa da gizartearentzat, gizonarentzat airea bezin bearreko.

Gizona, antxiña, abere antzera bizi zanean besteakaz alkartu barik bizi aal izango zan; ardi narruz jantzi, eizean artzen ebana jan eta aitz zuloetan bizi. Bizitza ori eroan aal izateko ez eban premiñazkoa beste gizonekazko artu emonik.

Baiña denporagaz aurreratzen joan danean gizonen arteko artu-emonak geitzen joan dira.

Gaur ezin leiteke bakarka bizi gizona. Danok bata besteen premiñan bizi gara. Ni be ez naz bizi izardirik jaurti barik, baiña nik jaten dodan eta jazten dodan guztia besteak egiña edo sortua da, ta bardin nire etxe ta biziteko bear doguzan tresna guztiak be.

Gaurko bizimoduak gizona gizartean eratzea eskatzen dau: derriorrezkoa da Laterri edo Estaduen organizaziñoia.

Milla gauza dira Estaduaren zeregiñak diranak.

Adibidez ara batzuk:

Bide zabal edo kamiñoak premiñazkoak dira. Bideak ezin leitekez arenak edo onenak izan, bideak danontzat izan bear dira. Beraz, bide orreik egiteko bearrekoa da Estadua.

Politikea bearrezkoa dogu

Diru barik be gaur ezdago bizitzerik. Danok ez gara zerbaiten jaube geuk bear dogunaren ordaiñez trukateko. Gaiñera danok zerbaiten jaube bagiña be makiña bat errezago da saldu eroste guztia diru bitartez egitea. Ta danontzat balio daben dirua egiteko be Estadua bear.

Bakoitzaren eskubideak zainduteko eta txarkeriak albaitean galerazoteko errizaiñak bear dirala iñork ezin ukatu daike, ba danok ez daukagu gaizkilleai arpegirik emoteko bear aiña indar ta adorerik.

Edo ta txarto egiñak zuzendu bearra izaten da, epailleak bear dira.

Ta orreik guztiok Estaduaren zeregiñak dira; ta beste milla kontutan be Estadua bearrekoa da.

Bai, erriak zuzendu edo gobernau egin bear dira.

Ta zeregin onek zer izen dauko ba? Jolasa ez, ertia be ez ta ez beste ezer be politika baiño.

Erriak gobernatzeko zeregin onen izena politika da.

Iztegi edo dizionariuak be orixe dala esaten dau politika itzaren esanaia.

Politika zeregiña gizonona da, ez aingeru edo makiñena. Geu gizonok arduratu bear gara politikaz.

Egia, danok ez gara erri agintari izango, baiña erriari ikutu egiten dautsen arazoetan danok arduratu bear giñake.

Asko dira politikak ez dautsela ardurarik esaten dabenak. Baiña olakoak be ez dabe egi osorik esaten. Danoi izaten dausku ardura semeak soldadutzan denpora asko edo gitxi egin, geure erria gudan sartu edo ez; gasolina merke edo garesti izan; Estaduak erligiñoiari azkatasuna emon edo makilka erabilli. Ta olan milla arazotan ontzat emoten dogu edo txarto iruditzen yaku Estaduaren jokabidea.

Beraz kontu orreik eta orrelakoak arduratzen dituan guztiai (ta nor ez da arduratzen?) politikak ardura dautsoe naita aurak ez uste izan. Ba, politika jatorriz orixe da; erri problemarekin arduratu, gizarteko buruauste ta gora berakin arduratu.

Ta politikaren ondorenak danok arduratzen bagaitu, politika arazoari bizkarra jaso ta iges egin nai izatea baiño zuntzunagokoa da arpegia emon ta erriko goraberak alik-eta ondoen erabagi daitezan geure alegiña egitea, berba baten politikan sartzea.

Egia, politika berez zeregin bearrekoa ta danon egitekoa izan arren bere alderdi guztiak ez dira txalogarri. Makiñabat asarre, gorroto, ta odol ixurtzeren sortzalle izan da politika!

Kamiñazpi


Politikea zertarako?

Atxarteondo

Bai, askontzako politikea uskeri bat baiño ez da; ez garrantzi bakoa dalako, ainbet buruko miñen iturburua besterik ez dalako baiño. Zertarako —pentsaten dabe— sartu orrelako arazoetan norberaren kalterako bada? Gure artean be ba dira onetariko ainbeste gizon. Oneek laiño gaiñetiko mundu bat egin gura dabe; eta gure "erligiñoa" loitu ez doian —aolan diñoe eurak beintzat— gizarteko arazo gogorretik anka egiten dabe, bada ezpadan be. Diñoen "erligiñoa" edo euren narrua trankil eukiteagaitik ez ete dan nago. Dana dala sagarraren arako kontu ura: sagar onak aparte, ez daitezan usteldu ustelen aldamenean.

 Egia da politikan sartzeak —politika berba au bere esangura zabalean artuten dot, au da, administraziño publikoa eta ekonomi, sozial ta politikako erakundeak— egia dala diñot politikan sartzeak arrisku andiak ekarri deikiguzala. Baiña onetzaz begira zer esan dauan Pio XII-garrenak: "Derrigorrez eta betiere giza-bizitzak —bai partikularrak baita sozialak— Kristoren lege ta espirituagaz topo egiten dau. Ortik datoz, aolan bearrez, apostolutza erligioso ta egintza politikoarekiko artu-emonak. Politika berbak —bere esangura zuzena— ez dau esan nai erriaren onerako kolaboraziñoa besterik. Erriaren onak, barriz, edatze zabala dau eta, beraz, erri alorrean garrantzi andiko legeak eztabaidatu ete emon be oi dira; ezkontzari, familiari, umeari eta eskolari jagokozenak, adibide batzuetara xoillik mugatzearren. Ez dira, gero, arazo oneek erligiñoari interesa jagokozanak batez be?"

Politikako arazoetan egintzara beartuten gaitu, bada, gure kristiñautasunak. Or eztago bueltarik. Aolan da guztiz be orregaz ez dogu esan gura danok politikalariak izan bear dogunik. Politika-joera bokaziño bat da, ta beraz, danok ez gagoz beartuta gradu bardiñean. Baiña —ori bai— bakoitxak bere lekutik danok egin bear dogu al doguna gizartea geroago ta obeto egon daian. Ez eskuak pratikeretan sartu ta or konpon esan. Onetarikoak aztu egiten dabe PACEM IN TERRIS-ek diñoskuena, zera, gaur mundua ta gizartea aldatuteko "barrutik egin bear dala lana eta ez azaletik".

Beste au be euki bear da kontuan: gizarteko instituziñoetan tajuz lan egiteko, derrigorrezkoa dogula, beste edonork lez, "jakitez eta teknikaz" ondo preparatuta egotea. "Katoliko" titulu utsak ez dauala emoten naiko indarrik gizarteko erakundeetan bearrezko sarrera bat egiteko. Len bai, naiko zan indarrak euki ta katoliko izatea, norberari eritxona egiteko. Esate baterako, zenbat partida politiku ez ete dira egon munduan —zoritxarrez gaur ba dagoz baita— katolikuak dirala esaten dabenak eta, gero, gizarteko artu-emonetan eurak gura daben lez konportatuten diranak? Orregaitik da gaurko gizarteak politika arazoetan partidu katolikuak baiño, benetako politiku katolikuak bear dauzala.


Euskal-artzaiñak EE. UU.-en

Artzaiñak joan dira... baiña orain barriro Bilbo-tik urten dabenak, euskal mendi gallurretan ez dozuz ikusiko, ez. Bai urrun: Kaliforni, Idaho, Nevada, Utah, Oregon, Wyoming eta Montanako mendietan. Alderdi orretan be entzungo dira entzun euskal txistu ta irrintziak. Eta ain ots goxoa! Bai, gure artzaiñak lur zabalekoak dira, goietako artzaiñak.

Arako bideak

Euskaldunak entzute ona eta unibersalidadea beti bizirik eutsi dabe. Euskalduna guztientzako izan da. Gaurko egunean, ordea, eboluziñoari jarraituaz, erabarritu egin da, apaindu oraingo aldietara. Lengoan, Ameriken lur barriak aurkitu, exploratu eta uri barriak jaso ebazan. Gaur Ameriken eta Australian artzaintzan dabil. Terranova-ko eta Aprika-ko ur gazietan arraintzautan, eta pelota jokoan Florida-n. Danak or-emen, euskaldun azia munduan zear zabaldu naiez.

Esatekoa, urte batzuk onantz, Ameriketarako emigraziñoaren urritzea. Eta au gure industria eta lurrearen balioagaz konturatu garalako. Alan da guztiz be ba-doa berea aruntz.

Eta oin artzaiñen buruz zeozer barririk ba-dago. Izan be, EE. UU.-era artzaintzan doazanak, gauzak zorrotz antolatuta daukoiez. Esate baterako, ezin dabez, bederatzi urtetik gora pasau lur aretan. Eta bederatzi urte orreek, iru alditan, aldi bakoitzeko, iru urtetan zatituta. Eta au bukatutakoan Españi-ra betiko biurtu bear dabe. Beraz, era ontan artzaiñak iru joan-etorri egin bear dabez (iru urtetik iru urtera), eta gastu andiakaz aurki. Orragaitik Españi-ko gobernua, Washington-go buruekin lanean asi da, ia beste era batera konpondu leitekean gai au. Españi-k eskatzen dabena auxe da: bederatzi urtekoa izan bearrean, amar urteko egonaldia izan daiela. Eta bost urteko aldi bitan zatituta. Olan joan-etorri alde bat egin bearrean gelditzen dira.

Gaur egunean gaiñera, euren bizitza guztirako be joan daitekez, beintzat euren patronoak alan gura badabe, bertako agintariakaz alkar artuak eginda gero. Amar urteko egonaldia egin ezkero, EE. UU.-eko Seguro Sozialean be sartu leitekez.

Euskaldunen zabal-egarria

Joan Olartekoetxea, Estados Unidos-etako konsuladoan, emendik joaten diran langilleen buru da. Eta onek diñoanez, gure lurretatik alderdi aietara zazpireun bat artzai joaten dira urtero. Azkeneko taldea eunda lau gaztek osatzen eben. Onek ziran Pirineos bi alderditako euskaldunak. Baita be Naparra eta Santander aldekoak be ba ziran. Norteamerikako artzaintza oso eramankor biurtuta dago. Artzain bakoitzak illero 225 tik 275 dolarrera (13.500 tik 15.500 pesetara) irabazten dauz, janaria ta lotokiaz gaiñera.

Euskaldun erri barria: Idaho

Euskal artzain asko aurkitutea dira Idaho-n. Begira: Inglesagaz batera, euskerea ei da bertako izkuntza ofiziala. Izan be, euskaldunagandik jaioak asko dira. Baiña jatorretan jatorrenak be bai. Bertako gobernadoreak aitortu dabenez, gertatu diran asesinatoetan edo burrukaldietan, ez ei da ikusi bear orretan euskaldun atzamarrak. Bear fin eta zintzoetan, bai ordea. Eta, azkenez, ikusteko ze erriko eta erriaren begiko dogun euskerea eta euskalduna Idaho-n, esan daigun New York-ko Feria Nagusian edo Mundialean euskaldun dantzariak izan zirala Idaho-ko ordezkariak.

Dionisio Etxerre


Uriko aguazilla eta txoferra [Bertsoak]

Belbil batekin nabil

Aspaldi guztijan

Eta aguazil bat

Beti dot jarraijan

barritan geratu nau

Kalien erdijan

Zer nai dun ezagun dau

Bere aurpegijan.

Aguazil au dabil

Nigaitik ekitten

Karnentik ez dodala

Bidan lez ibiltten

Gaur ere etorri yat

Atzetik birritten

Nire kontura nai dau

juan bazkaritten.

Karneta ondo daukat

Nausiak emon da

Aguazillak ezetz

Or dogu demanda

Nai badu jakingo dau

Lekura juanda

Ez inoren kontura

Bazkaria janda.

Eskuak zabal eta

Guante zurijak

Bajuak arrapatzen

Daukaz malizijak,

Antza ezkazak dira

Bere-irabazijak

Tranpara kentzen ditu

Mueltarik erdijak.

Dama gazterik bator

Auto ederrakin

Nasai geratuko da

Izketan eurakin

Ez da konturatuko

Atzekuarekin

Gustora egoten da

Ezpangorriakin.

Korneta jo ezkero

Orrua eitendu

(La ley de silensio)

Laster esaten du.

Ezker eta eskubi

Ezin ditu zaindu

Bear ez daben askok

Ogia jaten du.

Turruta joten bada

Bizkorra mutilla

Baña lekua zaintzen

Ez da ain abilla.

Obeto ez badabil

Gure aguazilla

Asi bearko dogu

Barriaren billa.

Barria bator ere

Kontuz bada ezpadan

Mueltarik baldin bator

ez asi demandan,

Indarrez juztizia

Zelan egiten dan

Baztertuko zaitue

Lenengo oztikadan.

Gizon zintzua beti

Zuzen eta ernai

Etxian ta kalian

Lanian ere bai,

Guzurragaz polito

Bizi leike nunnai

Egiak daukan arte

Toki danetan jai.

E. B.


Bakio-ko idi-probak

19 idi pare bildu ziran Bakio-n San Josetan, ta onenetarikoak bildu be. Artean Bakio-n garrantzi ortako probarik ez da izan, baiña gauzak zuzen-zuzen gertatu ziran, antxiñatik aolan egin oi balira lez. Orregaitik eskerrak emon bearrean gagoz Sabino Muruaga-ri, gaurko probalarien Mezenas bera dogulako. Gauzak ondo ta zuzen joan eitezan ekipo osoa bilduta eukan Sabino-k. Ondo antolatuta euki be gero.

Abadiano eta beste leku batzuetan lez, kinielak be izan ziran. Ta ia Karlos Barrena-k milla pesetako pillo bat jaso be bai. Nok esango eban periodista batek onetariko gauzetan be ulertuten dauala!

Bakio-ko plazak 25 metro daukoz. Arri andiekaz egiña da eta, beraz, eztago zertan esan bearrik oso garbia izan bear dauala. Egun orreetarako Gatika-ko arria ekarri zan ta 100 kilo geiagoaz erabilli. Alan da be, marka ederrak atara ziran, naiz ta idiak —geienak beiñepein— naiko txikiak izan.

Probalariak

Asko zirala-ta egun bitan jarri ziran saioak, eta egun bakoitzean iru alditan: goizean, arrastian eta illuntzean.

San Jose egunean bigarren plazara urten ebana Mendata-ko Ikeriya izan zan, Bakio-ko Renteria-ri erositako idi pareagaz. Pareja onek oso ondo jokatu eban, Atxuri itzai eukala. 25 minutuetako 42 utze ebazan. 55 baietz be esaten zan; baiña bide erdian ustel bat egin ta galditu egin bear derrigorrez. Urrengo untzean be beste orrenbeste igaro jakon. Aolan Ikeriya 45 untzetik ezin urten eban. Bakio-koeri be guztatuko jaken bertatik erositako idi pareak irabaztea, baiña Antzuak marka ori estali egin eban. Ustel aregaitik seguruenetik.

Illuntzean betiko txapelduna azaldu zan, Berriz-ko Antzua. Onek idiak be ondo jokatu eben, ta gero ta obeto egiñaz gaiñera. Aolan, azkenengo minutuetan, naiz larri ibilli. Ikeriya-ren markea estali eban. Onek be beste ustel bat ba eban ez pentseu gero Ikeriyak baiño asko geiagorik egingo ebanik. Dana dala —suertez edo izatez— oraingoz Antzua-ren idiak onenak eta seguruenak dirala emoten dau.

Bermeo-ko Pedernales-ek —tratantea au— idi pare koxkor bat atara eban. Baiña egun artan irugarren tokian geratu zan. Urrengo egunean beste batzuk be estaliko eben marka au. Jabeak iñoenez, oraindik Bermeo-ko beste idizaleeri naiko biarra emon bear deutsoe idi oneek.

San Jose osteko egunean —domekea zan— Bermeo-ko Benjamin Alegria-k ekarri eban uste bakoa. Idi txiki batzuk atara ebazan ta tika-tika 43 untze bete. Barrasate-k 50.000 edo 60.000 pesetan erosi gura eutsozan, baiña Alegria-k 100.000 eskatu. Ez eban gura gitxi!

Braulio Bilbao-k be ez eban egin askorik. Erraldene-koagaz Gamiz-ko idi ezkerra ekarri eban. Txarto ibilli ez arren, zazpigarrengo lekuan geratu zan. Mantak irabazteko naiko urrun.

Illuntzean "ondu ezetz" kantatuz, ain aipatua izan dan txapeldunak urten eban: Erandio-ko Barrasate-k. Baiña onek be —egia esan— ez eban egin aparteko gauzarik 37 untze bakarrik atara ebazan da. Azkenen urten ebanak naiko ondo egon zan. Izan be Lujua-ko Marzelino Zarraga-ren idiak oso txikiak izan arren 41 untzereiño eldu ziran.

***

 Aolan, bada, geratu ziran:

 untzeak metroak

1.—Benigno Azpitarte "Antzua" (Berriz) 46 4

2.—Antonio Esturo "Ykeriya" (Mendata) 45 ta 1/4 3,95

3.—Benjamin Alegria "Kantara" (Bermeo) 43 ta 1/4 4

4.—Marzelino Zagarra "Arzubiaga" (Lujua) 41 3,80

5.—Luziano Lezamiz "Zabale" (Busturia) 39 3,10

6.—Nikolas Pedernales "Bizkerrota" (Bermeo) 38 5,60

7.—Braulio Bilbao "Larrabarri" (Lujua)

8.—Isidro Basarrate "Larrinaga" (Erandio) 37 4,30

9.—Jose A. Zamarripa "Kale" (Derio) 36 4,15

10.—Rafael Zarandona "Larrauri" (Mungia) 34 3

11.—Martin Furundarena "Lobas" (Gamiz) 32 ta 1/2 6

12.—Marzelino Derteano "Boroa" (Amorebieta) 31 ta 3/4 2,50

13.—Antonio Mendizabal "Elorrieta" (Bakio) 29

14.—Luis Olano "Ezkiaga" (Bermeo)

15.—Jerardo Gana "Aretxabaleta" (Lejona) 24 2,85

16.—Fermin Aurrekoetxea "Etxebarri" (Meñaka) 21 ta 3/4 5,80

17.—Jaime Alegría "Landabaso" (Bermeo) 20 6

18.—Santiago Rentería "Gaubeka" (Bakio) 17 2,90

19.—Braulio San Seberino "Katxuena" (Bakio) 11


Nora goaz?

Zergaitik goaz galtzen gure arrazea

Gure enda edo arraza galtzera doa.

Naiz-ta askok alan uste, gure arrazaren prolema ez da alboko endakin naasten doala, eta orregaitixek galtzen. Naaste ori berezkoa da, ukaeziña dan neurri berean. Gaiñera, gaurko munduaren billakaera edo eboluziñoan, zentzudun batek ezin leike kontrakorik defendidu, egunean eztagolako "ghetto" edo mundu aparte bat egiterik. Idigiak izan bear gara.

Ta bein da betirako ondo buruan artu daigun: Euskaldunak izango bagara, ez da izango odola olakoa edo alakoa dogulako, euskeraz berba egingo dogulako baiño.

Diñotanez, gure errazaren galbidea beste eskiña batetik jatorku. Ta ez gara konturetan. Eta-ta konturetan bagara, ez deutsagu erremediorik iminten. Ta azkeneko au txarrago da. Txarragoa ta errudunagoa.

Alkoolak dauko erru guztia

Gure errietan asko edaten da. Larregi. Txikiteoak galdu bear gaitu. Aldizkarietan irakurri dozuez seguru txikiteoaren zenbakiak-eta, ez noa, ba, atzera orreek ekartera. Neiko dot esatea, gaurkoz, zenbakiok biribillak eta luzeak direla.

Nik, iñor banintz ortarako, dei bat egingo neuskioe euskalduneri: Jainkoarren, gure erria ezer maite badogu, itxi daiogula edateari, gorrotatu daigun txikiteo usantza madarikatu ori!

Ba dakit ez dala erreza: telebista, irratia, periodikua, dana dago gure kontra ta alkoolaren alde bere propagandan. Soberano dala, Veterano dala! Orretara, edaria, agotik baiño ariñago, begietatik sartzen jaku. Lenengo buruan, gogoan, egiten jaku egarria ta guraria, ta geroago gorputzean! Orren aurka egotea ez da olgetakoa.

Mediku batek zer esango ete leuskigu alkoolaz?

Alkoola (ardaua, koñaka, eta beste alkooldun edozein edaria) gorputzarentzako txarra da. Batez be nerbioentzako: auldu egiten ditu. Ta ausi be bai, sarri.

Orain bi urte, Donosti-ko Sikiatria-ra euneko 75 joan ziran alkoolagaitik.

Kamiñoetako akzidentetan, geienak alkoolaren erruz izaten dira. Urte baten, Frantzi-an, eunetik 75 izan ziran orregaitik. Bierreko akzidentetan be bardin. Ta ez mozkortuta dagozalako, ez. Alkoola edan ostean txarrago ikusten dalako baiño. Eunetik 4 bider arrisku geiago ei dagoz edan ostean. (Bi ikusi bearrean bat bera be ez da ondoegi ikusten, antza).

Batzuen ustez, edariak indarra emoten ei dau. Ez da egia. Momentu bateko euforia bai, baiña ez besterik. Ta, egia esan, medikuek esaten dabe, alkoolak indarra kendu ta makaldu egiten dabela apurka-apurka.

Ardaua, apur bat, ona da jatorduetan. Bierrean ibilli ta 20 urtetik 50-ra dituanarentzat litro-erdi da neiko. Beste guztiak gitxiago bear dabe.

Goazen bidetik, arima, gizontasuna, ta euskalduntasuna kaskartzen ari gara.

joan-mari torrealday