ANAITASUNA

APRILLA (4) 1966 — XIII URTEA — N.º 134

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: Bilbon. — Arantzazuko Irarkolan.


Gure folklorea "ye-ye"-kin naastu?

Denpora asko ez dala periodiku baten artikulu amorratu bat ikusi neban. Artikulistea bildurrez egoan ia gura euskal-dantza galduko ete iakun "ye-ye" dantza orren aurrean. Pregunta batzuk egiten abazan: "Zer egin bear da gure euskal-dantza folklorikoagaz? "Ye-ye"-kin naastu? Garbi itxi?"

Ara or artikulu aretan egiten ebazan preguntak.

Eritxiak

Batzuk diñoe naastu egin bear dala. Naaste onek on asko ekarriko leukela. Baiña geienak ezetzera joten dabe. Eta askok —piska bat ernegatuta ziur— ori disparate aundi bat besterik ez dala diñoe.

Donostiko eszenariora eroan nai izan da euskal-dantza eta "ye-ye"-ren naastea, au da, euskal-dantza "ye-ye"-aren ritmo piskagaz naastu eta aolan dantzatu. Jenteak periodikuetan olako notizia ikusi dabenean karraxika jarri da. Eta diñoe ori egingo balitz euskal-dantzaren profanaziño bat izango litzakela. Eta gaiñera entzun da: "Euskal-dantzak ez dauka "baltzen" ritmoarekin zer ikusirik.

Zure eritxia?

Eta zuri, irakurle, zer irudituten iatsu naaste au? Zelan ikusiko zenduke Wilson jauna euskal-abarka, blusa ta txapelagaz jantzita zortziko bat Inglaterran dantzaten? Euskal-personalidadea galtzen ari gara akaso onelako naasteagaz? Pregunta batzuk besterik ez dira oneik, zeuk zeuretzat erantzuteko eta zeuk zeure buruz materia au kritikatuteko.

Beste baten iritxia

Gaurko egunean gauzak arin baño ariñago dabiz. Europa batasun bat egiten ari da, naiz ideetan naiz beste gauzetan. Esate baterako: Alemanian pasatea dan gauza inportante bat derrepente —edo denpora baten— Euskalerrian ikusten dogu telebisiñoan. Gaur dana ikusten dogu. Dana eta danok gaiñera. Ez dago sekreturik. Eta Euskalerriko gazteak be edozer naiz ikusi naiz egiten dabe, komunikaziñozko medioak ariñak eta onak diralako.

Esate baterako: "Ye-ye" dantza ori Aprikako lur puntan sortu bada be, minutu gitxi barru emen daukagu. Eta jenteari gustetan baiako, telebisiñoan edo erradioan mille bider dantzatu eta entzungo da. Azurretaraño sartu arte, jo eta ke? Eta nork kendu gero euskal-gaztedian "ye-ye"-ren influenzia leku guztietan orixe besterik ikusten eta dantzaten ez daba? Iñork bez. Ontan ez dago zer egiterik.

Gaurko euskal-gaztedia ez da joan diran 30 urteko lakoa, itxia, ez. Gaurko euskal-gaztedia alboko nazioetako prozeso-istorikoetan sartuta dago. Eta ortik ezin leikio iñork atara bere burua.

Baiña guk darabilgun kuestiñoa beste bat dala uste dot: ia euskal-dantza, "ye-ye" ritmoagaz piska bat naastu bear dan edo ez, alegia. Eta ezezkoan gagoz. Ez dago zertan naastu bearrik.

Euskal-dantza dantzaten dogunean, dantza daigula euskal-dantza garbi, ez "ye-ye"-gaz zikinduta. Eta "ye-ye" dantzaten dogunean, dantzatu daigun "ye-ye" garbi, ez euskal-dantzagaz naastuta. Euskal-dantzak "ye-ye"-k baiño sustrai sakonagoak daukaz eta uste dogu merezi dabela gure errespeto osoa.

Ez dogu "ye-ye" ori bastartu nai, ez; "ye-ye" Euskal-errian be bear dogu gaur, beste naziñoetan bear daben lez. Baiña ez daigun naastu euskal-dantza "ye-ye"-gaz aolan geiago aurreratuko dogulakoan.

Karmel


Gernika ensayo saria

Gernika sortu zanetik seireungarren urtea ospatzeko eskeintzen da.

Antolatzaille, Euskaltzaindia da, Bilboko "Radio Popular"-eko Euskal Folklore ta Kultura Taldearen laguntzaz eta Gernika-ko Ayuntamentuaren babespean.

Oiñarriak oneek izango dira:

1. Euskeraz edozein euskalkitan egindako ipuiñak sarituko dira. Sekula argitaratu gabeak izan bear dabe eta luzeera, geienez folio neurriko amabi orri alde bakar batetik makiñaz idatziak eta lerrotik lerrora uts bat utziaz.

2. Lanak Euskaltzaindiaren etxean artuko dira (Ribera, 6 — Bilbao) 1966 agostuaren 31-rarte.

3. Iru kopia bialdu bear dira lema bategaz firmatuta, lemaren giltza estalki itxi batean dagoela, au da, autorearen izena eta zuzenbidea.

4. Juradu bat izendatuko da eta artutako lanak ikusi ondoren urrengo sari oneek, Gernika-ko Ayuntamentuak eskeiñiak, emongo ditu:

 1. 10.000 Pta.

 2. 6.000 "

 3. 4.000 "

 4. 2.500 "

5. Saritutako lanak argitaratu egingo dira.

6. Antolatzailleak erabakiko dabez sortu daitekezan dudak.


Arrate: Umeentzako ipuin sariketa

Eibar'ko S.C.R. Arrate'k, aurtengo mayatzarako gertatuten ari dan UMEEN BIGARREN EUSKAL JAI barrurako Umeentzako Ipuin Sariketa bat antolatuten dau.

Baldintzak

1.—Euskeraz idatziak, argitaratu gabeak eta errian jaso gabeak. Ipuiñak asmatuak izango dira. Nor-naik egiñak.

2.—Neurria: txikiena folio batekoa, eta aundiena lau foliokoa. Makiñaz idatzita, bi lerrotara. Bakoitzetik bi ieki edo kopia.

3.—Epea: apirillaren azkenerako zuzentza onetara bialdu:

S.C.R. ARRATE. — c/Los Zuloaga, 3 — EIBAR.

Comisión de Cultura Vasca Para el Concurso de Cuentos Infantiles.

Ipin bakoitzak firma ordez ezizen edo lema bat ekarriko dau, eta estalki itxi batean lema ori egillearen izen eta zuzentza osoagaz.

4.—Maikoak: Euskalzaindiko bi eta S.C.R. Arrate'ko beste bi.

5.—Erabagia: 1966'ko mayatzaren 19'an, S.C.R. Arrate'ko Antzokian arratsaldean egingo dan jai baten barruan.

6.—Saria: bat eta bera bost milla pesetakoa.


Erriz erri

- 600 urte Gernika sortu zanetik

- Ori dala-ta aparteko jaiak antolatuko dira

- Dantzari, txistulari ta euskeraren egunak, bertsolarien kanpeonatua, ipuin ta ensayo sariketak t.a.

Oraingorako ezta egongo bizkaitarrik Gernika sortu zanetik seireungarrengo urtea aurten ospatuten dogula jakingo ez dauanik. Ille oneetan egunerokoak be or ibilli dira zarataka jai orreek dirala-ta zeozer esan gura naian. Egunak zear ainbeste artikulu agertu dira, baiña oraindik ez da agiri tajuzko barririk. Gernika-n berton be erritarrak beintzat ez dakigu oraindik kontuxu ezer be. Ori bai, sortu zanetik seireungarrengo urtea ospatuteko aparteko jaiak antolatuko dirala, ta ia-ia besterik ez. jentea luzarotik itxaroten dago, ta arrazoiagaz gaiñera egon be, baiña antza antolatzailleak ez dabe egin gura berbarik. Zer dala-ta? Bear bada, eurak gura dabena egiteko, edo jai orreeri eurak gura daben sentidua emoteko. Batek ba daki.

Ordua be ba zan da, azkenean asi gara zeozer entzuten, askorik izan ez arren. Agostuaren 22-garren egunean "Día del Txistulari" ospatuko ei da. Egun orlan Euskal-erriko Txistularien lagundikoek 400 txistulari batuko ei dabez erri onetan. Goizeko eztakit zer ordutan alboradea eukiko dogu "Alkate soñua"-gaz. Meza Santuaren ostean, beste alarde bat.

Maiatzeko egunen batean "Día del Dantzari" jaian Euskal-erriko dantzaririk ospetsuenak batuko ei dira. Seguruenetik auxe be jai ederra izango da ezer izatekotan. Egunerokoak eztabaideetan sartuta dagoz euskal dantzak beti oraingolakoak izan bear dabezan ala ez. Nik neuk onen gain ezin dot esan aparteko gauzarik ulertu be ez dot egiten askorik eta. Bear bada egun ori izango litzake egokienetariko bat eztabaidak argi ta garbi jartzeko.

Noiz jakin ez arren, beste egun batzuk be bai ei dagoz antolatzailleen gogoan seigarren urtebetetze au ospatuteko. Onetariko bat "Día del Vascuence" deritxona da. Izan be, zentzu bakoa litzake gure izkuntz zarrari garrantzirik ez emotea, euskal-erriko uriburuaren jai batzuk ospatutarakoan. Euskaldun geranok geiagotan zintzoago artu bear genduke bertso zar aaren erakutsia:

Eguzkiaren

argi bage

ezer eztauan lez

bizirik,

gure euskera zar

maite barik be

ezta euskotar

ezirik.

Egi biribilla bertso onek adierazten deuskuna ta zoritxarrez gaurko euskaldunak askotan gogoan eztaukena. Ortarako, Euskal-erri osoan eta gure uriburutzat daukagun Gernika onetan euskerea sendotu ta zabalduteko egun au primeran etorriko dala deritxot. Ainbeste dago oraindik euskerearen alde egiteko egon be!

Egun ortan "euskerearen eguna" ezezik, beste aparteko gauza batzuk be egongo dira: Euskal-erriko bertsolarien kanpeonatua, ipuin eta ensayo sariketak, euskal-komediak t. a. Ez dakit —nik beintzat ez dot entzun ezer— euskal liburuen feriarik egongo danik. Oraindik asko eztala Durango-n Gerediaga-koak antolatu eben euskal libruen azokeak ikaragarrizko arretea euki ebala edozeiñek daki. Gernika-ko jai-aldi onetan zergaitik egin ez beste ekinaldi bat eusko kulturea zabalduten? Antolatzailleak jakin bear leuke gaurko euskaldun gazteok ez garata konformetan euskal folkloreagaz bakarrik. Zergaitik, bada, aztu eta desegin gure erriko gaztediaren eskari au?

Beste aldetik jarri daiguzan gauzak garbi: geure euskerea geroago ta indar gitxiago aukiten badoa, ez ete da izango orain arte kontuxu folklore utsagaz beti bizi bear izan dogulako? Txistua, tanboliña ta dantzak ondo dagoz, ondo baiño obeto. Baiña ez dira naiko. Orixe da antolatzailleak kontuan euki bera leukeena. Kontuan euki bakarrik ez, baila orren alde zeozer egin be. Gure Gernika onetan ospatuko diran jai oneek ez daitezala geratu folklore utsean!

Eztago zertan esanik jai oneek euskaldun guztiotzako zer-esan berezi bat euki bear dabela. Sentida ori antolatzailleak argi agertu bear leukee guztion aurrean. Penagarria izango litzake izan be sentidu ori aztutea, eta penagarriago beste batzuekaz konfundidutea.

Ea-tik

Ea, izango da Euskalerriko erririk txikiena, izenez. Bere ondoan, Ibarrangelu, Elantxobe ta abar, zitiak dozuz izenez. Izatez be, Ea, ez da aundia. Zenbat ba... ? Lareun? Geien botata be orixe. Udan iru millara be eltzen eida. Zer dala-ta? Zorioneko plaia ba..., eta zorioneko bilbotarrak. Izen barria be ipini deutse-ta: "Bilboko kunia". Bilboko ume zostor guztiak, udaz, bertan batzen diralako.

Baña..., ez umeak bakarrik, antza, ye-ye orrek be eltzen eidira noizean bein.

Lengoan, talako ermintxara joan nintzan. Paseo polita, sekulo bada, beste iñok joan nai badau. Ain polito ikusirik: tellatu barria, orma konponduak, aterpe barri ta abar, baniñotson bateri, ietarrak oraingoan baliente porta dirala. Ermitatxoa ezin obeto ipiñi ebela. Eta ara zer erantzun eustan ietar arek:

— "Bai bear be...! Zer ba... ? jentemodu lotsabakoa dau gaur".

— "Lotsabakoa...? Zer ba...?

— "Jumm...! Zuk bear bada ez dozu jakingo, baña neuk esango deutsut: bilbotar asko etorten da ona, umeak batez be. Baña umeak ez diranak be bai; eta ez ume ez gizon ez diranak be bai. Eta onetakoak eizerian, or, gure ermintatxoan egitekoa egin ebenak: ermintxaren tellatu ganean, yenka edo dalako ori ez eben dantzatu ba...! Eta tella guztiak txikitu. Nik ez dakit, baña... ye-ye orrek eiziran.

— "Ez da izango..."

— "Bai, eta gaur tella barrigaz ikusi badozu, orrexegaitik da. Guardi zibil batek ikusi ebazan, eta orduan danak anka. Baño alperriko izan eben burua bezin ankak arin eukitea... Zibillak bat ezagutu egin eban, eta andik atera beste guztiak. Baña... kastigua izan zan onena: iru milla tella jaso bearra izan eben danen artean. Ederto bota eben izerdia...! Urrengo egunean, batzuek ogean ei-egozan..."

— "Modu ona deritzat, gaztien odol berotasunak otzituteko..."

— "Bai, orain pozik gagoz Ean, ermintxa ye-ye daukagula-ta.

Egia esan..., polito ipiñi dabe, ipiñi be, eatarrak ermintxatxua. Arpegiz, bauka ye-ye etxura apur bat be. Astirik badaukazu, joan zu ikustera, baña ez bere ganean dantzarik egin gero..., bestela zuk be izerdia bota bearko dozu.

Lurgorri-tik (Gernika)

Muxika alderantz egiten dan Gernikako ausoa da Lurgorri. Lurra ez da gorria, baña Lurgorri deituten deutsie. Ez dakit zergaitik. Baña bardin da.

Gauza aundi bat egin dabe, denpora gitxian, lurgorritarrak.

Gernika erri aundia be badan lez (8.000), eta parroki bat baño ez daukon lez, erabaki bat artu dabe: Ermitxatxo bat daukie, an, euren ausoan, Santa Luzia izenekoa, futbol zelaiaren ondoan, ba... bertan mezea ipintea. Ez pentsa bakarrik, ipiñi be imini dabe.

Orretarako, lenengo, obrak egin dabez: tellatua, altarea, argia, pinturea ta abar. Domeka ta jai guztietan eukiten dabe euren mezia, eguerdiko amabietan. Foruko praille bat joaten da. Ogetamar milla pesetatik gora kosta iake.

Baña ez dira ikeratu. Diruz bai eidago. Santa Ageda egunean, ango morroskeriak, lau milla pesetatik gora batu ebazan ermintxarako. Lau kasulla barri be erosi dabez kopoia erregalau egin dabe, eta orain, tellatu guztiari, azpiko aldetik, tablex josi gura deutsee. Eta josi egingo deutse gañera. Ikusiko dozu. Amar milla peseta kostako eiake, baña... dirua bai eidago.

Lareun bat persona batzen dira jaiero ermintxatxo oretan. Serio artu dabe euren ermintxea: mezak abestu, kantuak ikasi, konfesateko tokia.

Juntia be badaukie, eta beunek zuzentzen dau ango egiteko guztia.

Antonio Zubizarreta

Baldatika-tik

Foruko ausoa da Baldatika. Jente ona ta azkarra. Amaika aize ta euri artunekoa. Baña biotz onekoa. Orrexek... idi proketako tongoak ez balira, ia akatzik bakoa.

Gure baldatikatarrak, azpaldi onetan, asmo eta gurari bizi bategaz dabiltz. Danak beti itaun bardiña: ia euren kamiñu edo bide barria noiz egingo ete daben. Auxe da Markos eta Lukasen betiko itauna. Ez pentsa gero, Markos eta Lukas onek ebanjelistak direanik, baldatikatarrak baño.

Baña..., beeko aizeak diñoenez, problema aundi bat sortu eiaku: ia kamiñua nundik pasaku dan. Au izaten da, geienetan, gure erri askotako betiko leloa: kamiñua bai, baña nire lurretatik ez gero. Beste ainbat pasa da Nabarnixen.

Baña... ez ikeratu baldatikar, nabarniztar eta antzeko guztiak: elikoteruak datozenian, dana konponduko da-ta. Bitartean, eutsi lurrari.

Ermua-tik. Txindurri il jaku

Gillermo Bengoetxea ziran bere bataio'ko izen abizenak; baño Euskalerrian "Txindurri"-gaitik ezaguna zan.

Lerro onek idazten ari nazenian oraindik bere illetak eginbarik dira. Oraintxe bertan jakin dot bere eriotza. Au naigabea! bere gau-bela'ra jun eziña. Gaur bertan dira bere elizkizunak. Gizazeme onetan Ermu'ko Euskalzaleak ikusten genduan, Euskal erriko gizonaren irudia, bera zan; ez mutilkotia, baño bau Euskalzalea eta erritar sutsua.

Mendiz mendi Euskalerri guztia inguratu eban eta bere ibillerak oso aitatuak izan ziran. Bilbotik urten eta lau-bost egunien baño geiagotan egiñ ebala diñote, Donosti'tik, Iruña eta Gazteiztik ozteria.

Pelota jokuan, txiki txamarra zanez, ez eban almen aundirik izan bizibidea pelotatik ateratzeko, baño Ermu guztian zabaldua da zelako arteza zan, eta nola "lau perro"-ko pelotariekin Artazo pelotari ikusgarriaren aurka jokatu eta irabazi eban.

Zenbat Euskal-jai eta Euskal abesti bere Apaiz adiskide Don Ramon Leborda tarraz. Euskaldunik bazan, eta Euskalduna izatea, Euskalerria maitatzea bazan auxe beintzat, orixe bai zala.

Txindurrin eriotzarekin, esan leike J. San Martin'ek Kayetano Kareaga'tak esan eban antzera: "Gure erria ibai batek ebakia izan degu, oitura zaarrak Txindurri'kin jun dira aruntza, eta erdelagaz oitura berriak onuntza". Orain gure galdera ¿Noiz agertuko ote da beste Txindurri bat Ermuko errian?

Goian Bego Gillermo, Jaunak gerturik dotzu leku eder bat bere Jauerrian. (Otoitz bat arpidedun guztieri Euskalzale onegatik)

Aranberria


Esnea ta okelea

San Blasak dirala-ta, Abadiano inguruan gabiltz. Feriya ba inoizkoa bertan da! Eta an ikusitakoa, egia, bai seguru.

Luguna aurrez ebillen, urtero bezela. Oingoan, ordea, iñoizko geien. Nor ez ain toki apañera? Bai ikustekoak Durango inguruko alderdiak! Andik ermitak eta baserriak, mendien sabelean jarrita, erakutsi guraz edo, nundik dagoan bakea; emendik erriak, leunaren eta zabaleraren zear.

Jai-anbiente ortan, feriya egoan aurren. Eta giz-aldraren españetan itaune au: beiak zelan joango ete ziran. Jakiña, feriyara etozanentzat, ia geyenak, eta beste iparraldeko ganaderu eta baserritarrentzat, au zan ardurazkoena. Ba, jakiña dogu ortik dabillen illuntasuna. Ara: esnearen etorri-kontuak bapezkoak edo txikiak dira —diñoe ganaderu eta baserritarrak. Eta olan jasotzen da, ikusten gagozana: esne artzea alde batera itxi, eta beiak antzitu edo agortu. Eta alan izan bear. Ba, kontu egunean agirian jartzen jake, bai diru-galtzea, askotan beiñepein, bai lan gogorraren bapeza edo ez ordaintzea. Eta emen, ondore andiko gaitz sakon bat dago. Gure alekuntzan edo alimentaziñoan esnea ta okela oñarriak dirala esan geinkez kontuxu. Eta beiak berantz, esnearen eta okelaren produziñoa bardin, beien giñoan. Eta au gure kaltez dator. Batez ere umien, gaixoen eta zarren kalterako.

Or ikusi leike, baita be, erri baten biziera-malla.

Erantzun argia

Sal-erosketaren erantzuna, barriz, argia da: denporatxoa zan izan be alako feriyarik Abadianon ez genduela ikusi. Ogeita bost milletik berrogeita amar millera bei egunekoak edo korrienteak ebiltzan. Eta kalidade onekoak, jakiña, askosaz be geiagoan.

Fenomeno onen aurrean, arrituta gelditu gara. Nundik ba, orraitiño, beiak iñoizko geien eta karuen saldu, ganaderuak eta baserritarrak garraxika dagozanean, esanaz: esneagaz eta txaltxikiekaz ez dagola irabazbiderik?

Emen erantzuna:

Lenengo arrazoia: Kortaren garbiketak

Esne bei faltan gagoz. Gañera bearrezkoa zan garbiketa au. Ganaderuen eta baserritarren galtzea ementxe be ba egoan: bei gaixoetan (tuberkulosis eta antzekoak). Eta garbiketa au ederto batean etorri. da.

— Esnea ta okela, produziduten dabenentzat, izango ete dira ba rentableak gero?

— Ez. Beste gauza askoren bearrean gagoz. Esate baterako:

a) Pentsuen kontua

Pentsuen "miraria". Orretan dagoz batzuk, mirarien bat sortzen ete dalakoan asunto onetan. Ba, siketa edo edurtze bat ganean daukogunean, pentsuen prezioak gora ta gora doaz, akabu barik. Eta au ezin daiteke izan. Bearrezkoa izango litzake almazenajeari, prezioari, eta pentsuen suministroari neurri bat jartzea.

b) Okelea

Emen be mirariak edo mirari antzekoak ba dira. Esate baterako, txalak eta saldutera goazanean, okelaren prezioa beera dator; karnizerietan, ordea, erosleak erostean, gora. Gauza polita gero! Eta alantxik diferentzi makala jarri be, guk artzen dogunen artean, eta erosleak pagatu bear dabenen artean, etorri ori okela egiten dabenari, bape ere etorri barik.

Problema onen erabakia

Problema onen soluziñoa dago, nik uste dotanez, estudio lasai eta sakon baten, bear au jausten jagokenen artean. Eta au txar aundiagorik etorri baiño len. Ba, ezin geinkez ukatu, orraitiño, gure erria ez dala aproposkoa ganadua esiteko. Begira ostantzian. Nun olako bedar edarrak eta...?

Etxerre


Gernika ipuin saria

Gernika sortu zanetik seireungarren urtebetetzea ospatzeko eskeintzen da.

Antolatzaillea Euskaltzaindia da, Bilboko "Radio Popular"-eko Euskal Folklore ta Kultura Taldearen laguntzaz eta Gernika-ko Ayuntamentuaren babespean.

Oiñarriak oneek izango dira:

1. Euskeraz edozein euskalkitan egindako ensayoak sarituko dira. Sekula argitaratu gabeak izan bear dabe eta luzeera, gitxienez, folio neurriko ogetabost orri alde bakar batetik makiñaz idatzita eta lerrotik lerrora uts bat utziaz.

2. Lanak Euskaltzaindiaren etxean artuko dira (Ribera, 6 — Bilbao) 1966 agostuaren 31-rarte.

3. Iru kopia bialdu bear dira lema bategaz firmatuta, lemaren giltza estalki itxi batean dagoela, au da, autorearen izena eta zuzenbidea.

4. Juradu bat izendatuko da eta artutako lanak ikusi ondoren urrengo sari oneek, Gernika-ko Ayuntamentuak eskeiñiak, emongo ditu:

 1. 10.000 Pta.

 2. 6.000 "

 3. 4.000 "

 4. 2.500 "

5. Saritutako lanak Gernika-ko Ayuntamentuak argitaratuko ditu eta gero autoreak izango dira lanen jabe.

6. Antolatzailleak erabakiko dabez sortu daitekezan dudak.


EE.UU.-ko unibersidade baten euskeraz

Urte beronen zezeillean asi dira linguistika eskolak, elburutzat euskera daukela EE.UU.-ko GEORGETOWN UNIVERSITY deritxakon Unibersidadean. Eta ez dira, gero, asi, lendik ezer be eztakienari zeozer erakusteko asmoakaz; lenagotik be ainbet dakieneri geiago erakustekotan baiño. Inbestigaziñoetarako ondo gertauta atarako dira —alan gura dabe beintzat— or ikasiko dabenak.

Georgetown University au, Jesusen Lagundiko prailleen ardurapean dago, ta EE.UU.-ko Unibersidade katolikuetatik zarrena dogu.

Pentsa daikegu ze, Ameriketa-ko lurrek opa bear eutsoenela euskalerriari orrenbeste ta geiago be. Amaikatxo euskaldunek emon dabe euren bizitza bertan, izan be. Ostera, bertan entzun eta irakurri daitekezen abizenak lekuko.

Eta zelan ezkara ba, baita be poztuko Jesusen Lagundikoen ardurapean eme dala erabaki au jakitean! Izan be euskalerriko azi baten ondoreak, Iñazio deunaren semeak doguz. Lenagotik be asko zor deutso Euskalerriak Jesusen Lagundiari, baiña baita be Lagundiak Euskalerriari; sormena ezik, santu batzuk be emon deutsoz-ta.

Lenagotik be, egin da ainbat alegiñ euskeraren etorburua ta aidetasunak aurkitu guraz, bai euskalerrian berton ta ametik kanpora be. Ta baita aide antzekoren batzuk aurkitu be; baiña ondiñokarren eldu barik dago gauzea.

Ia ba, akabuko, zeozer argitasunik egiten dan.


Berekoetxea aizkolarien txapeldun

Martiaren 6-an Anoeta-ko belodromuan Españia-ko aizkolarien irugarren txapelketea izan zan. Aizkolari guztiak euskaldunak, ori bai. 10.000 ikusle, zaletasunak eraginda.

Onetariko lenengo txapelketea 1950-eko martiaren 3-an izan zan. Orduan be napar bat txapeldun, Garziarena; naiz-ta segiduan Luxia-ren kontra galdu egin bear izan. Bigarren txapelketea, barriz, igez, urtarrillaren 17-an. Polipaso irabazle. Aurten, ostera, irugarren txapelketa onetan Berekoetxea izan dogu txapeldun, ta bigarren Aztibia —au be naparra—, Españia-ko neskato guztiak ondoren jabilkozana, noizbait Uzkudun boseolariak Españia ta Frantzikoak ebilkezan antzera. Beste noiz ibilli ete da jente ori euskaldun baten atzetik...

Ona emen zazpi aizkolarien edade, neurri ta beste jakingarriak:

1.—Migel Berekoetxea, Gorriti-koa (Naparro) 23 urte, luzeran 1'78, 85 kilo.

2.—Patxi Aztibia, Leiza-koa (Naparro) 23 urte, luzeran 1'78, 83 kilo.

3.—Isidro Astigarraga "Errekalde", Azkoiti-koa (Gipuzko) luzeran 1'91, 90 kilo.

4.—Migel Irazusta "Polipaso", Hernani-koa (Gipuzko), 40 urte, luzeran 1'81, 95 kilo.

5.—Marzelino Zeberio, Ataun-goa (Gipuzko) 33 urte, luzeran 1'76, 80 kilo.

6.—Antonio Arretxea, Sunbila-koa (Naparro) 27 urte, luzeran 1'80, 82 kilo.

7.—Jose Mari Galparsoro "Alberdi", Beizama-koa (Gipuzko), 32 urte, luzeran 1'90, 75 kilo (Neurri polittak).

Bakoitzak 12 pago-gerri eukazan: lau kanaerdiko (54 pulgada 1'25 metru) lau 60 pulgadako ta beste lau 72 pulgadako. Denpora oneek biar, izan ebezan tronku orreek ebaitteko:

1.—Berekoetxea: 44-29

2.—Aztibia: 49-25

3.—Errekalde: 50-22

4.—Polipaso: 52-53

5.—Zeberio: 53-33

6.—Arretxea: 53-40

7.—Alberdi: 60-29

Igez saritan 260.000 peseta emon ziran. Aurten, barriz, 350.000 eta adian banatuak: lenengoari: 100.000; bigarrenari: 75.000; irugarrenari; 60.000; laugarrenari: 50.000; bosgarrenari: 40.000; ta azkenengoeri ogeta bostna milla peseta bakoitxari.

Uste bakoak naiko ondo egin eben. Polipaso geiago egingo ebala uste zan. Geroago jakin zan zergaitik ibilli zan ain txarto: 15 egun aurretik anjina ta gripeagaz egon zalako. Jentea, barriz, Errekalde-k irabazi bear ebalakoan egoan. Berekoetxea-gaz ez ziran fiatzen: besoak jaso ta geiago eziñean geratuteko kapaz zala iñoan Polipaso-gaz milloia jokatuten ikusi eban batek. Baiña "beso jasotze" orren arrazoiak be azaldu ziran: Berekoetxea be, orduan, zortzi egun aurretik gripeagaz egona zan. (Aizkolariak gripea errez arrapatuten dabela emoten dau. Kontuz gero, gripe orrekaz...!)

Errekalde-n erakustaillez aldatua dau: Yurrebaso da oraingokoa, aizkolari ona au be noizbait. Yurrebaso Errekalde-ren alde egon ei zan. 7.000 pesetako apustu bat firmaten ikusi ebenak be ba dira. Latasa-ren desafiua artzeko idean egoalako egin ebala ain txarto esaten dabe batzuk. Noiz emongo ete deusku azkoitiar onek atsegiñen bat...?

Dana dala, Berekoetxea-k errez irabazi eban. Denpora guztian aurretik ibilli ta bigarrenari bost minutu kendu. Alan da be trankil bukatu eban, naiz berez naiko nerbioso izan.

Aztibia-k bere ustegabea emon eban. Azkenengo egunetararte iñork ez ekian etorterik izango ebala ala ez. Etorrita be, nok pentseu soldaduzkan egoan mutil bat ain ondo preparatuta egon zeitekeanik! Ain ondo ta bigarren egin gaiñera, Polipaso ta Errekalde-ren aurretik. Españia-ko barrenetara aizkora zaletasuna eroateko aukera ba dauka onek.

Azkenik, Alberdi be nasai ibilli zala agirian dago. Izan be, ille ontan Arruiz-ko Txikito-ren kontra beste apustu bat dauko, ta, gaiñera 25.000 peseta seguruak eukazan. Ondo etorri izango jakoz bear dan lez apustu orretarako preparaziñoak egiteko. Bai seguru be...!

Joxe Mari Arzallus


Kristiñau munduan zear. Aita Imanol Berriatuak ortik eta emendik baturiko Barriak

Politikarik ez daukenak, ez dabe soziedadeari zor deutsoen eginbearra betetan

Periodiku ta errebistetan irakurritako notiziak eta esanak, ez dodaz itzez itz bizkaieraztuten. Baiña al dodan guztia egiten dot, nire traduziñoetan egiari kalterik ez egiteko.

Katolikuak eta Politikea

Zer da politikea kristiñauentzat? Asuntu onen gaiñean artikulu interesante bat agertu da Pariseko ESPRIT illerokoan, urtarrilleko numeruan. Bere egillea, Robert de Montvalon da.

Beste gauza askoren artean, auxe diño: "Kristiñauak begi barriakaz asi dira politikea ikusten. Fedeak diñosku, munduaren historia gizonak egiten dabela, eta egikera orretan eurak bakarrik ez dagozala. Orregaitik kristiñauak bete betean siñistuten dabe, politikako gauzak Jaungoikoagaz zerikusi aundia daukela. Jaungoikoak ardura aundia gugaitik artzen badau eta guk Jaungoikoagaitik ardura aundia artzen badogu, naitanaiez lur onetako goraberetan ardura aundia artuko dogu, eta olan munduko erritar benetakoak izango gara".

Robert de Montvalonen ustez, zeregin orretan katoliku guztiak sartu bear dira. "Gizonak, edo batera biziko gara edo batera ondatuko. Politikeak ezin leike beste eginbearrik euki, auxe baiño: emon gizonen arteko bizitzeari benetako diñidadea, biztu gizonen artean alkartasunaren kontzientzia. Politikea orixe da: jakin zer gura daben besteak, euron alde lan egiteko.

Politikea ez gara gu, besteak baiño. Politikea gizon guztien arazoa da, ez bakarrik kristiñauena. Guretzat gaiñera, berez lez urtetan deuskun gauzea izan bear litzake".

Euskaldunen eritxia

Euskalerrian be ba dagoz, Robert de Montvalonen antzera pentsetan dabenak. ZERUKO ARGIA asterokoan, zezeilleko bigarren numeruan, ideia oneek azaltzen ditu Saizarbitoriak: "POLITIKARIK EZ DAUKENAK, EZ DABE SOZIEDADEARI ZOR DEUTSOEN EGINBEARRA BETETAN. Olako gizonak soziedadetik aparte bizi dira, politikarik euki barik gizartean ezin bizi leiteke-ta.

Politikea, munduko gauza bat da; eta munduan pasetan direan gauza guztiak lez, politikeak beti dauko zerikusia munduan bizi gareanokaz. Tontuena da begiak itxitea.

Politikea, gizarteari lagunduteko jokabide bat da: lan egin, naziñoak bere elburua alik ondoen lortu daian.

Politikea, bearrezkoa da. Egin daigun politikea. Benetan sentietan dogun politikea. Soziedadeari lagunduko deutsola barru barrutik siñistuten dogun politikea".

Dialoguaren bearrizana

Aspaldion, berba asko egiten da dialogua dala ta eztala. Eta zer da dialogua? Ona emen, ZERUKO ARGIA asterokoan, len aitatu dogun numeruan, Ibalanek diñoskuna: "Dialogua da norberaren asmo, eritxi ta ideiak alkarreri agertzea. Orretarako, alkarregaz zindo, argi ta garbi berba egin bear da. Zuzen, fede onez eta errezelo barik. Begirune ta errespetuagaz entzun alkarreri, norberaren ideiak diferenteak eta kontrarioak izanarren".

Egian, justizian eta maitasunean biziteko, dialogua da lenen lenengo egin bear dan gauzea. Euskalerrian asko dira, ideia diferenteak eta kontrarioak daukezanak. Batezbere politika ta ekonomia kontuan. Bakean bizi gura badogu eta Batikano Bigarrenak erakutsi deuskun bidetik joan bearbearrekoa dogu alkarren arteko dialogua. Benetako dialogua. Nire ustez, oraiñarte monologua bakarrik egin dogu. Monologua kalean, monologua etxean, monologua periodikuetan, monologua eleizetan. Eta monologu orrek kalte aundia egiten deusku. Sasoia da gure jokabide ori aldatuteko, beste erri askotan egiten asi direan antzera.

Yugoslavian pasetan dana

Jeografia apurtxu bat dakienak, ba dakie non dagoan Yugoslavia. Gaur egunean, Yugoslavia komunisten menpean dago; eta Tito da bertako diktadorea. Kroazia ta Serbia dira Yugoslaviako lurralde nagusienak. Alderdi bi oneetan bizi dira Estaduko habitanterik geienak.

Serbiarrak ortodosoak dira; euren territorioan dago Belgrado, Yugoslaviako uri burua; eta komunistak etorriarte, eurak izan dira Estadua kontrolatu dabenak.

Kroaziatarrak, katolikuak dira; eta nazionalistak gaiñera. Azkenengo gudu mundialean, euren erriaren askatasuna lortuteko, alemanakaz batu zirean eta gerra izugarria egin eben Serbiakoen kontra. Gerra zibil orretan, Serbiarrak izan zirean geien sufridu ebenak: euretariko berreun millak galdetu ei eban bizia.

Zeintzuk dira, gaur egunean, erlejiñoaren aldetik erri bi oneen arteko errelaziñoak? Pregunta oneri erantzuteko, Informations Catholiques Internationales amabosterokoak periodista bat bialdu dau Yugoslaviara bertara; eta urtarrilleko bigarren numeruan argitaratu dau arek ikusi ta entzundakoa. Ona emen, beste gauza askoren artean, periodista orreri Yugoslavian esan deutsoena:

Periodista katoliku batek: "Kontzilioari eskerrak, Eleizeak artu-emona euki gura dau mundu guztiko gizonakaz. Geuri toketan jaku orain, asmo orren aplikaziñoa gure errian egitea. Eta lan orretan, beste iñor baiño lenago, ortodoksoak euki bear doguz kontuan".

Belgradoko obispo katolikuak: "Nik ez dot iñoiz difikultaderik euki ortodoksoakaz. Nire artu-emonak, anaia batenak izan dira beti eurokaz. Al dodan guztia egiten dot, alkar obeto ezagutu, obeto artu, obeto ta geiago maite izateko".

Abade katoliku batek: "Alde bietako eleizgizonen artean, errelaziñoak ez dira oraindiño onak; baiña asko aurreratu da puntu onetan. Len, abade katolikuak eta ortodoksoak kalean alkar topetan ebenean, albora begira joaten zurean aurrera; orain barriz, agur egiten deutsoe alkarreri".

Ortodoksoen patriarkeak: "Aztu lengoa, ez gorde gorroto ta asarrekuntzarik, alkar ulertu, zabaldu barrua alkarreri: orixe egin bear dogu, Eleiza bien batasuna lortuteko".

Profesore ortodokso batek: "Oraingo situaziñoa aldatuteko, katolikuak emon bear ditue lenengo pausuak. Gure ustez, Eleiza katolikuak, beste edozer gauza baiño lenago, benetako damua agertu bear leuke, katolikuak gerra denporan egin euskuen persekuziñoagatik. Gure artean asko dira, orduan sufridutako gogortaden seiñalea euren gorputzean oraindiño daroenak; eta askoz geiago dira, orduko gauzakaitik katolikuen kontra erresentimentu aundia euren biotzetan gordetan dabenak; joan direan urteetako historia triste au sakon sakon idatzita daroagu geure barruan. Orregaitik, historia baltz ori Yugoslaviako Eleiza katolikuak kondena balei, argi ta garbi erakutsiko leuskigu bere borondate ona. Obispu guztiak batera, eta ez arek edo onek banazean, olako deklaraziño bat egingo balebe, berbertan obatuko litzakez katolikuen eta ortodoksoen arteko errelaziñoak".


Kapellau Militarren jantzia

 Joan dan urtarrillean, Holandako ejerzituko kapellau protestante batek esan dau, berak ez dauala ofizial gradurik euki gura, eta aurrerantzean ez dauala militar ezaugarririk eroango, ez uniformerik, ez galoirik, ez izarrik, gauza orreek eleizgizon baten zeregiñagaz iñondik inora konpontzen ez direalako.

De Niewe Linie asteroko katolikuaren ustez, eleizgizon protestante orren erabagiak "meritu aundia dauko, ejerzituko kapellauaren alderdi biak —zeregin pastorala ta autoridade militarra— eztabaidan ipiñi ditualako; eta katolikuak, sartu egin bear dira eztabaida orretan".

Aita Wentholt kaputxiñoa, periodikuak esandakoaren kontra jarri da. Aita Wentholt, kapellau kapitana da, eta Pastoral Militar Zentruko presidentea. Bere ustez, gauzak ondo dagoz oraiñarte lez, eta ez dago zetan eztabaidarik sortu eragin asuntu onetan. "Ejerzituan —diño berak— oso gitxi dira, kapellauen uniforme ta galoien kontra dagozanak. Soldadutzea egin daben guztiak ondo dakie, gu militarrak ez gareana. Ejerzituan inportantzia aundia emoten jake militar graduen eta bakotxaren autoridadeari. Kapellauentzat gauza normala da, militarren mentalidade ori ontzat artzea. Ori egingo ez bagendu, geitu egingo litzake Eleizaren eta militarren arteko distantzia, eta Konzilioaren espirituaren kontra joango giñake". Aita Wentholten ustez, berak lez pentsetan dabe Holandako kapellaurik geienak. Ori gorabera, katoliku asko ez dagoz konforme Aita Wentholtegaz. Ona emen zer diñoan De Gelderlander egunerokoak, urtarrillaren 12-an: Euren bokaziñoz eta euren ofizioz, elezgizonak ezin leikee uniforme militarrik eroan. Ortxe dago problemaren untzea". Eta urtarrillaren 21-ean, pentsamentu berau agertzen da editorial baten De Tijd egunerokoan: "Gure eritxian, kapellauen uniformeak naastu egiten dau jentea, eta orregaitik askoren aurrean bat eginda agertzen dira sazerdozioa ta ejerzitua. Kapellauen militartasunari euren abadetzeari baiño inportantzia geiago emoten badeutsoe, orduan militarren mentalidadea ez da zuzena, ez da arteza. Eta kapellauak euren uniformea, euren galoiak eta izarrak alde batera itxiten ez baditue, ez dabe iñoiz militarren mentalidade oker ori aldatuko".


Udan peregriñasiñoa Jerusalen'era

Jesukristo Gure Jauna jaio ta bizi izan zan lekua ta an inguruko bazter zoragarriak ikusteko gurari aundia izan da Kristoren jarraitzailleen artean. Antxiña leku santu ariek ikusteko etzegoan gaur lako aukera eta egokitasunik. Erromeslariak euren gurariak beteteko bide luze eta neketsuak egiñ bearrean agertuten ziran. Gure egunetan bide orreik egiteko aukera aundiak daukie erromeslariak; trenak, autokarrak, itxasontziak, avioiak, eta abar. Gure asaba en bide-aldi neketsuak atsedenez beteriko eta lilluragarriak biurtu dira. Gaur orrelako erromes pozgarri bat egiteko naikue da diru mordoska bat eukitia. Gaur olagintzan dabiltzan biargiñak be, urte osoan diru apur bat aurreratu, eta euren oporraldietan, uda partean, edo erri barrutik edo erritik kanpora, euren bide-alditxoak egiten dabiez. Eta ondo egin be egiten dabie, irabazita be badaukie ta. Askok erromes luzetxoago bat egiteko lau edo bost urteetan ibillaldirik egin barik dirua aurreratu eta ibillaldi luze bat egiten dabie. Badakit euskaldun askok Jaungoikoaren Semea gizon egiñ eta bere ibillaldi, egite eta mirariekaz deundu ebazan lekuek ikusteko apeta aundia, gose aundia daukiela. Ointxe daukazue ba gura dozuen danok aukera edo okasiño ederra. Bilboko Prantzizkotarrak Jerusalen'erako erromeri bat gertatuten asi dira. An erromeslariak zenbat leku santu eta zenbat oroigarri ikusten badiezan esan be eziñ leike.

Jesus jaio zan lekua, Egipto'tik biurtu eta Maria eta Josegaz ogetamar urterarte bizi izan zan lekua. Ama Birjiñaren iturritxoa eta bertatik ura eran be bai. Karmelo mendia, Tabor mendia, Jesus aintzalduta zeruetara igon eban eleiza, Cenáculo edo Jesusek bere azken afarian ogia eta ardaua bere aragi eta odolean biurtu eta Eukaristia trazan edo fundatu eban eleiza, Espiritu Santua Ikasleen gañera jatxi zan eleiza. Getsemani, Oliboetako ortu santua, an Jesusen neke eta eriotzaren lekuko edo testigu izan ziran olibo zaarrak, bi mille eta geiago urte dabiezanak oraindik olibo-aleak emoten dabiezanak. Jesusek Lazaro bere lagun aundia berbiztu ebien eleiza, Jesusek Jerusalen'en aurrean oni gertatuko jakozan kastigu eta gertaera negargarriak gogoratu eta negar egiñ eban eleiza. Jesusek bere Ikasleei Aitagurea erresetan erakutzi eutzen eleiza. Santo Sepulcro eleiz aundia eta onen barruan Jesus obiratu ebien eleizatxoa. An erromeslariak itzal edo errespeto aundi bategaz banan-banan belaunikatu, auzpeztu eta muñ goxoak emoten deutzie obi ganeko arri santuari eta orduan euren barruan sentituko dabiezan biotz ikutzeak eraginda ixuriko dabiezan negar malko goxoak ez dabiez aaztuko euren bizitza guztian. An ikusten dabiez Jesus epaitu ebien lekua, Jesuseri zigorkadak emon eutziezan zutoiña, Jesusek egiñ eban Kalbarioko bidea eta barikuan Prantziskotarrak kalbarioak egiñ be bai. An Jordan ibaia, Jesus bataiatu zan lekua, eta abar eta abar.

Au gutxi bada ibillbidean, aruntzerakuan eta onuntzerakuan ikusten diran monumento eta oroigarriak eta an eta bidean ikusten dan gendetza zer da? Enda edo arraza guztietakoak, kolore guztietakoak, jantzikera guztietakoak, berbaketa guztietakoak. Orrelako ibillaldietan jakintza edo kultura ugaritu egiten da eta gizakunde guztiagaz alkartasun edo anaidade aundi bat egiteko gurari edo gogoak sentitzen dira.

AITA IBABE

***

Peregriñaziñoa Jerusalen'era

Bi erromes-talde. Lenenguak Irun'dik urtengo dan Garagarrillaren 26'ean (julio 26) eta iraungo dau 31 egun. 26.000 peseta kostako da.

Bigarrenak Irun'dik urtengo dau dagonillaren 30'ean (agosto 30) eta iraungo dau 24 egun 23.000 peseta kostako da.

IBILBIDEA: Irun, Marsella, Nápoles, Atenas, Haifa, Carmelo, Nazaret, Tabor, Tiberiades, Jafa, Tel-Aviv, Cenáculo, Ain-Karem, Paso de Frontera, Jerusalén, Samaria, Emaús, Jericó, Mar Muerto, Betania, Olivete, Getsemaní, Damasco, Beirut, Alejandria (Cairo), Nápoles, Marsella, Irún.

Izena emon edo ezer itaundu gura dabienak idatzi:

R.P. Comisario de Tierra Santa, PP. Franciscanos, Irala, 8. BILBAO.


Neska-laguntzen arloak

Urtero-urtero, kristiñauen artean famili barri asko sortzen dira. Ta egunero andra-gizon asko ezkontzak, bear dan moduan bizitzeko, zer esan gura dauan jakin naian ibilten dira.

Ezkonbarriak lenengo egunak pozik eta ederto igaro dabez, prolema bat be ezta euren artean sortu, bizitza. guztia eztiz betea azaltzen jake. Baiña, egunak joan eta prolemak etorri, konpondu batzuk eta... ara bestelako batzuk be!

Zelan ba lenengo momentutik ezkontza bidea pausu seguruakaz asi?

Ta semetxuen biotzetan zelan sortu erain Jaungoikoaganatzako jokerea? Eziten gatxa dan semeari zer egin?

Amalau-amabost urteko gazteeri ze modutan lagundu edade ortako prolemak ondo konpontzen?

Lagun denporan edo ezkongaietan bear dan moduan alkarren artean ibilli daitezen zelan lagundu semeeri?

Ta sarri, auzoan edo, ikuste doguzan prolemaz beteriko andra-gizonek aurrean ze aktitude artu bear ete dogu, kristiñau garean ezkero?

Etxean bear dan batasuna, aitaren eta amaren artean, guraso eta semeen artean, zelan indartu eta sendotu? Gaur egunean asko bai-dira epel-epel bizi diran andra gizonak, eta baita beste asko alkar ikusi eziñik dagozanak!

Gaur beste problema gogor bat agoxtu jaku semeen kontuan be. Zenbat seme euki bear ete dira ba? Ta zer egin bear geiagorik ez eukiteko, besterik ez eukiteko arrazoiak euki ba-daukaguz? Metodu guztiak eztira onak, ezta intentziño guztiak be. Zelan jokatu bear ete dau gaurko egunotan benetako kristiñau dan batek prolema onek aurrez-aurre topetan dabezanean?

Famili baten sortzen diran exijentziak asko ta gogorrak izaten dira. Obligaziño askoz beterik topetan dira andra-gizonak bata besteari buruz, gurasoak semeeri buruz, eta semeak gurasoen eta alkarren alde. Kristiñautasuna prolema onetatik aparteko zeozer bat eta da gero? Elizan egin bear dan asteroko ordu erdia bakarrik? Kristiñau benetan izateko etxean eta soziedadean bete bear diran obligaziñoak Jaungoikoaren maitasunagaz batu edo bat egiten jakin bear dogu. Kristiñauontzat mundu ontan gauz guztiak kristiñau izan bear dabe. Ez gauz batzuetan kristiñau ta besteetan ez!

Prolema guzti orren aurrean ze aktitude artzen dogu? Ze soluziño emon bearko jake? Ba-dagoz ba amaika milla errebista edo liburu prolema orren buruz! Leidutea gatxa dala? Ta, zer da erreza ba? Gañera, jakin gura dabenentzat beste modu asko be ba-dagoz egin. Jakin nai dabenak, jakiteko bideak topetan ba-daki!

Jesus Mari


Euskerea dala-ta. Galdakano'ko «Basajaun'eri» erantzuten

"ZERUKO ARGIA"-ren 154'garren zenbakian, euskerea zelan indartu ta zabaldu daikegun edierazo guraz idatzi dozun idazkaitxoa, atsegin ixan yat.

"Orain eun da bat eta bi urte —diñozu— jayo ziran Azkue ta Agirre, ta gerotxuago Kanpion, Kirikiño, Orixe ta abar'ek, bultzada andia, ikeragarrija emon eutsen gure izkuntzari".

Bai, alantxe ixan zan, ixan be, "Basajaun" idizkidea; baña, zeuk idazkia orretan ederto diñozun lez, euskal-idazle jakitun areik orduan egin ebena, lan andija izanagaitik, ezta ixan naikua gal-bidean aurkituten dan ele bat, izkuntza bat gaizkatu edo salbetako.

Baita be, zeuk diñozu: "Euskeldun eta euskeldun eztiran euskotar guztiak egin geinke, ta egin biar dogu, zerbait, Euskerea'ren alde; dakianak egin da irakatsiten aleginduaz, da eztakionak ikasiaz". Ederto esana, dago, ori be.

"Kirikiño" zanak erabitzen eban idazkera ber-bera darabizu, zeuk be, zeure idazlan orretan, eta neuk be olantxe idatzi ixan neban, edo ointxe lez, giputxa ixanagaitik, "Kirikiño" berari ikasita, bizkaieraz idatzi ixan nebanetan edo bizkaitarrak, bizkaieraz; gipuzkoarrak, gipuzkeraz; naparrak, naparreraz eta Bidasoa'z andikoak andiko eraz idazten ebenian.

Oin, baña, naste-borraste andija sortu dogu, batzuk eta besteok, eta olan, nori irakatsi biar dautsogu euskeraz zelan idatzi? Bide barrijak urratzen ibilli barik, zegaitik ez euskeraz idazten irakatsi euskuen jakitun agurgarri aien bidetik jarraitu, izki edo berba batzuek aldatu biarra ba'dogu-be?

Baña, oingoz ez-nua arazo laban au sakonduten ekitera, ortaz jardunik ezer on lortuko dodan usterik eztaukodalako eta batzuk eta besteok bakotxak aldogun eran gai-jakingarrijak idazten jarraitutea obe ixango dala uste dodalako, ezbaida azpegarrietan denboria alperrik galtzen jarduteke; baña, ni, —entzun ondo— "KAMIÑAZPI"-k gai-netzaz esan debanaz nago!

Aipaturiko zeure idazlantxo ori, "Basajaun" begiko orrek izneurtu edo bertso-eder-irakasgarri batez amaituten dozu, beroi Arantzazu'ko lekaide agurgarrien batena ixan biar dabela adierazoaz; baña, oker zagoz orretan. Bertso ori, ta ostantzekuok, bizkaitar olerkari andija ixaniko Enbeita'tar Kepa ospetsuarenak dozuz ta nire "EUSKERA'REN IRAUPENA" deritxon idaztitxoan daukozuz:

Gure asaba zarren odola

daukogun arte zañetan,

agertu daigun euskeldun antza

gure arazo danetan,

EUSKERA ZARRA egarriz ito

ez dedin legarte onetan.

Egarri ori ase-dayogun,

maite ba'dogu benetan!

Itzak bakarrik indarge dira,

egipenak ziñaldari;

nor zelako dan bere egipenak

erakusten dabe argi.

Euskaldun batek Euskalerria'n

beti ERDERAZ ba'dagi...

alperrik esan "SOY VASKONGADO":

erdeldun utsa da ori!

Jainkoak nai-dau mintza gaizala

bakoitza bere izkeraz:

Doitxen'n, doitxeraz, egiten dabe,

baita Prantzia'n, prantzeraz.

Gaztela'n barriz, erderaz beti,

zegaitik ez guk EUSKERAZ?

Gure ele maite onek ezpadau

zer ikusirik bestegaz?

Ez dago emen "zuri" ez "baltzik",

ez dago "politikarik"

Euskeldun orok euskera-alde

egitia da bakarrik.

Ez daigun iñork ostikopetu

Jaungoikoa'ren gurarik.

Euskeltzaletu gaizan, ba, denok,

iñor be geratu barik!

Ikasi daigun erdera, prantzes,

naiz inglesaren elia,

ikaste ori ontzat daukogu,

baña lenago GEURIA.

Izkuntza danak gurgarri dira,

aitortu nai dot egia:

guretzat, baña, gurgarriena,

EUSKERA MAITAGARRIA!

ZELETA


Telebisiñoa bearrezkoa dogu

Onik ete dakarkigu gero telebisiñoak? Batzuen erantzuna: Txar eta kalte askotxo ta ugari gañera. Dana dala, gitxienak izan arre.n zarata ta auts pilloa ateraten dabe. Ez dira ixiltzen bear ez litzaken gaien bat agertu bada, edo ta zeozer irakurri ba-dabe euren lez konforme ez dagon batetik. Liburuak be idatziko ditue noizik beiñ euren pentsa erak errespetatu daien. Barruan ikusi ezin zorrotz bat daroe eta derrigor azaldu bear zelan alan. Ez da asmakizun bat, ez. Gaur gure artean gertatzen ari da.

Oker ibilli ete dabiz gero? Guztiz oker ez dagozala uste dot. Igerrien da ezkerreko begia "aundituta" dabela. Illuntasun asko ikusten dabe; bear bada geiegi. Ez dago ia argirik. Pertsona onetaz kaleko jentiak "kukupate" denporakoak dirala esango leuke, ondo esanda egon ez arren. Alan da guztiz arrazoi apur bat daukee. Ipar-Amerikan gertatzen dana euren esaeratara dator izan be ta. Ez dakizula Vietnam buruz zelan pentsatu, ze partidu artu? Biztu telebisorea ta laster eukiko dozuz gauzak argi ta garbi; olan pentsatu bear dozu, ez bestera. Komerien bat ikusten ba-zagoz ez daukazu zergaitik zur-zur egon bearrik barregarri edo txisteak arrapatu ta santzo batzuk botateko. Ez, egon nasai. Telebislariak aztertuko deutsu barregarri guztia; ta gero esango deutsu: eik orain barre!

Siñistuko ete deustazu? Aolan makiñatxu barregarrizko gauzak gertatzen dira mundu ontan. Izatez Telebisiñoa oso sartuta aurkituten da Ipar-amerikan. Famili asko dagoz bizimodua telebisiñoak adierazten duan lez eratuak. Naiko izango da telebislariak esatea: jatordua da, famili orreek jaten asteko; lotordua da, oera joateko, eta era berean beste gauzetan. Au dok izatekoa izan be!

Jainkoari eskerrak aldi argiak geiago dira oraindik. Gogoratuko balitxaku telebisiñoak kalte edo on geiago egiten badau itauntzea poz-pozik erantzungo geunke on asko be geiago sortuten ditula. Bestela txistik barik baztertu egin bearko geunke. Eta gaurtik gaur ez gagoz orretarako.

Telebisiñoa bearrezkoa da gaur egunean, eta ia esan daikegu guztiz bearrezkoa dala. Bearrezkoa dala ederto adierazten deusku Batzar Nagusiak. Orregaitik gai onetaz —telebisiño, irrati, teatro, prensa ta abartaz— azaldu da dekreto eder batekin gaurko teknika ta aurrerapenak aipaturiaz. Eleizak bereganatu nai ditu aurrerapen oneek kristiñau edukaziñorako, animak salbatzeko erabilliaz. Gure Aita Santu Paulo VI'garrenak izatez arrano baten begiak bai ditu. Eta gauz guztien ganetik bere betebearra lortutzeko ez dau erreparorik barri-bide oneek erabiltzeko. Ortik dei egiten deusku dekreto onekin apurtxo bat izartu gaitezan. Ezin daikeguz alboratu daukaguzan aurrerapenak naiz edukaziño, naiz jakintza, naiz sozial kontuetarako. Eleizak begi onekin ikusten ditu aurrerapen oneek. Onartzen ditu. Geiago oraindik: Ugari daitezela opa dau.

Benjamin-ek


Gure baserritarrak alkartze bidean

Baserria ankaz gora

Zenbat aldiz entzun deutseegu gure baserritarreri euren bizimodua lakorik iñork ez dauala eroaten. Ni neu be ortan nago. Uste dot gaur baserritarrak daukeezan problemak, kezkak da biarrak ikusita, onetariko bizitzak ez dauala bizitzerik merezidu. Izan be baserritarreri bizitza eziñezkoa eginda dago aspalditik. Baiña eziñezkoa gaurko ortako martxan segidu ezkero.

Eziñezkoa egiten dabe ainbet problema latzak. Solo ta baso batzuekaz, 6 edo 8 bei kortan dabezala, 5 edo 6 klase ereiten dituela, baserri baten bizi daiteke zelan edo alan, auzokoekaz da iñoiz zerikusirik euki barik. Baiña ortara gaur arte pasa dana igaro jaku aurrerantzean be: irabazirik-eza eta atzerapenak ugariak izango dirala, ezin-bizi oneri iges egiteraiño.

Ta ez da ori bakarrik. Gogorragoak dira oraindik beste ondore batzuk: semeak eskolarik ez, andrak etxetik kanpora gizonari jagokozan biarretan, mutil gazteak ezin ezkondurik baserrian ezkondu gura dauan neskarik ez dabelako billatuten; edo desgraziren bat gertatuten bada be, laguntza barik; urte guztian lan ta lan kaletarrak daukeezan atzeko bakaziño-barik t.a...

Alkartasuna: baserriaren soluziñoa

Baiña egoera onek ba dauko urten bide bat gaurkotik naiko luze ta gatxa izan arren. Duda barik baserritarrak gure balebe, egin leukee euren bizi-modua kaletarrena baiño erasoago ta nasaiagoa. Baiña gura izatea, ez da bakarrik miñagaz baietza emotea. Gura izateko, lenago beste kondiziño asko bear dira, gaur benetan be kontuxu iñondik be ez diranak agertuten. Beste au egia da: baserri-etxe asko beste mundura joan bear dira derrigorrez. Zenbat baserri mendi tontorretan edo batek ba daki non! Onek danak ez daukela zeregiñik esaten dot ta, beraz, lenbait ariñen beste bide bat artuten badabe bear bada obeto izango jakela.

Alkartasuna bearrezkoa dala esan gura dot, gaurko baserria aurrera atarateko. Ekarri daigun ejenplu bat. Gogoan daukaguz danok oraintsu esnearen gain izan diran zaratak. Diskusiño oneek dirala ta, begira zer esan dauan BILBOKO BASERRITARREN ADISKIDEEN taldeko presidente dan Gardoki ta Mandaluniz-tar Jon jaunak: ..."Esnearen benetako kostea 7'39 pta. dira. Denpora ale-goretan ta litroko balioan baserritarrak galtzen dauna 3'39 pta. dira. Ta bei-jaube dan aldetik galtzen dauana jarriko ba'gendu, galtzea aundiagoa izango litzake. Alan da guztiz be baldin baserritarrari lagunduko bageuntso, ta au benetan ta ondo, esate baterako, bei bakoitzetik zelan lortu urtean 4.000 litro esne, bereala ikusiko genduke kostea 6'30 pesetakoa izango litzakela, baiña au bei jaube dan aldetikakorik babe.

Beraz, prolema onek alderdi bi ditu. Lenengoa, esnearen benetako ta legezko saria, au da bera kostatzen dana. Bigarrena, baserritarrari emon bear jakozan irakaste ta azalpenak ta baita tresna ta laboratzeko bide barriak bere, esne-ugaltzea lortu daian, ta 3.200 litrotik 4.000'taraiño igaro daiten".

Izan be, esneak zergaitik balio dau ain gitxi, litroko koka-kola batek, esate baterako, 15 peseta bailo dauan bitartean? Esneagaz ain gitxi kobretan bada —okela ta beste edozetariko produktoegatik be beste orrenbeste esan bear da— gaurko baserriak txarto organizatuta dagozalako da, duda barik. Ta orrek esan gura dan beste era bat billatu bear dala baserritarrak eureri jagokezan deretxoak lortu gura ba dabez. Era ori, alkartasunetik sortu bear dauala derrigorrez esan bear.

Agrariazkoek lanean

Danok dakigu "Servicio de Extensión Agraria" deritxoen baserritarren aldeko mobimentuaren barri. Baserritarren aldekoa dala esan dot, ta alan da. Izan be, baserriko prolemakaz jabetu eta eurak eskatuten dabezan erremedioak billatuten bai dabilz gogoz lanean. Gernika, Mungia, Markina ta beste erri askotako ekiñaldeak ezagunak jakuz danontzako. Pasa dan illean —martian— Agraria-koek, "Cámara sindical agraria", "Obra sindical de cooperación", "Delegación de sindicatos", "Cooperativa Beyena" ta beste entidade batzuen laguntzagaz baserritarren artean alkartasuna lortuteko ekiñaldi sendo ta zabal bat egin dabe Mungia, Markina, Gernika ta Yurre aldeko erri ta auzo geienetan. Irurogei erri ta auzoetan egindako kanpaña au sekulakoa izan da izan be.

Baiña ez uste izan ekiñalde oneek propaganda utsa izan diranik. Orain arte egin diran onetariko ekiñaldiak emon dabez euren ondoreak. Or dagoz agirian ejenplutzat 11 kooperatiba orreek euskal-erri osoan banatuta. Asteko txarto ez dagoala esan bear; baiña asteko bakarrik, ze 11 kooperatiba ainbeste errietan bromazko gauza bat baiño ez da izan.

Arruti-tar Florentino-k