ANAITASUNA

MARTIA (3) 1966 — XIII URTEA — N.º 133

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: Bilbon. — Arantzazuko Irarkolan.


San Martin de la Ascension, Bizkai-koa ete dogu?

Au be markakoa da ba. Euskal-errian santuak parra-parra bagenduz be, baiña bi baiño euki ez ta oraindik olan ibilli bear. Burua gogorra ez ete daukagun benetan be gero...! Zer iruditzen jatzue bildots andi ta eder bat bagendu? Zera iruditu, ederto legokela, apari on bat egiteko edo. Baiña jan bearrean, beren jabetasunari buruz burrukan asiko bagiña, bildotsa alperrik galtzen dagoan bitartean? Ez al deritxazue galtzea baiño danok aprobetxatutea obe litzaizkigula? Bai benetan!

Ba... San Martin de la Ascension-egaz orixe berbera gertatu jaku. Or ibilli gara batek ba daki zenbat denporan Bergara-koa edo Beasain-goa dan jakin naian. Bai batzuk eta bai besteak be saiatu dira bakoitzak bere arrazoiak ataraten. Baiña zer lortu ete dogu? Eztabaida zorrotz orreek izan ezik ez dot uste besterik. Baten batzuk Ibarrangelu-koa izan leitekeala be esan dabe. Nik orain ez dotaz ekarriko bakoitzak atara dauzan arrazoiak. Bakar-bakarrik esan gura neuke San Martin-en jaioterriaren gain aspalditik diskutidu dala iñoiz gauza argirik egin barik. Begiratu Aita Uriarte, igaro dan gizaldiko baskologo ospetsuak zer diñori:

"San Lorenzoren jaioterriaren ganian dagozan leguez ezbai eta disputac..., alacuac aurquituten dira San Martin de la Ascensionen jaioterriaren ganian. Vergaracuac diñue ango zemia dala, Beasainguac bertacua dala, eta Ibarranguelucuak ango semia dala, Acordatik Ibarranguelura guazala bidiaren bee aldian daguan baserri "Aguirre" derichon baten jaiyua dala. (Ez da au nere amesa, burutaciñocoa. Alanche esan eban San Martinen denporako erligioso bere lagun batek)".

Ta bien bitartean San Martin zorakeri orreek entzun nai ez ta, belarriak itxi eziñik. Naiago leukez ba otoitz beroak eta batez be, bere ejenplu ederraren jarraille sutsuak, bere jaioterriko zaleak baiño.

Mixiñoeri begira

San Martin euskaldun jatorra genduan. Ez jaiotzez bakarrik, baita izatez be. Buruz azkarra izan bear zan. Erbesteko jenteen izkuntza ondo jakin ez arren, arin eta ondo moldatuten zana. Ta batez be... biotz eder baten jabe. Aolan genduan gure euskaldun jatorra.

Euskalerrian gaur be mixiolari faltan ez gagoz. Bai! ba daukaguz eta ainzat gañera. Baiña zertan asi naz. Mixiolariak ba daukaguzala-ta arrotuten! Poztutekoa da izan norberen errian ainbeste mixiolari eukitea. Baiña ori ez da naiko. Bakoitza izan bear dau mixiolari, lagun urkoeri lagunduaz.

Gizonak izan gaitezan. Kementsua ta trebea dana, izan daiala kristiñau. Kristiñau izateak egin-bear oneek emongo deuskuz. Baiña gogoan euki kristiñautasuna trebeentzako bakarrik egiña dala.

Ez da naikoa San Martin angoa edo emengoa dala defendidutea. Garrantzi andiagokoa dogu bere erakutsiak jarraitutea. Ta San Martinek kristiñau izaten erakutsi gura deusku. Naiko trebeak al gara kristiñau izateko?


Arrospide-tar Jon-en oroimenez

1965-grgo. martiaren 8-an Euskalerriak ta euskaldun guztiok glzon ospetsu bat galdu genduan. Munduan zear eta gure errietan batez be ain ezaguna jakun Arrospide-tar Jon medikua. Lerro onen bitartez bera eriotza gogoratu gura dogu, erabat Jaungoikoari otoitz bero bat eskeinduaz bere animen alde.

Eziñezkoa litzaikigu Euskalerriaren eta gizon guztien alde egin ebana adieraztea. Ainbeste gauza eder egiñekoa dogu izan, batez be osalaritzan. Ezaurritzat or dagoz bere liburuetan itxi dauzan 45.000 azterketa kliniku.

Zelako ezpala aiako egurra esan oi da. Ta egia. Bere gurasoen tez, izaeraz oso ona zan, txeratsu ta maitekor, edozeñeri biotza errez irabazten eutsona. Kristau eta sineste andiko gizona zanez, bere arazo eta eginbearrak zeatz beteten ebazan.

Arrospide jaunak ba eban beste alderdi bat be, ixildu eziña: bere euskal-zaletasuna. Jaungoikoak eta berak bakarrik dakie zenbateri eskeiñi eutsan laguntasuna euskal gauzetan lan egiteko. Maite eta ezagututen ebazan euskal aldizkariak eta euren alde sendo ta zintzo lan egin be bai. ANAITASUNA aldizkari onek berba egiterik baleu, Arrospide-n alde zeozer osan bearko leuke. Arrospide-k ba ekian ANAITASUNA-ren barri; ta ain txiki, errikoi, ariñ eta pitxi ikusiaz, grazi emoten eutson seguru, aittitte zartxo bateri loba txikienak emoten deutson lez. Orregaitik maite ta zabaldu eban ainbeste.

Gizon zintzo, osagille errukior eta euskal-zale benetako izan zan Arrospide-tar Jon jaunaren alde euki daigun danok otoitz bero bat.

(Zazpigarren orrian Enbeita-tar Balendin bertsolariak Arrospide-n oroimenez egin dauzan bertsoak ikusi zeinkezuz).


Erriz erri

Galdakano-tik

Euren aberrietatik urrun dagozan emigranteak, geroago ta geiagotzen doaz mundu zabalean.

Bizkaian diranetatik geientsuenak, bertokoak Españikoak doguz, danok dakigun lez. Baiña ba-da beste aberri batzuetatik etorrikorik be. Guzti oneik 400 inguru dira, ta aberri danetarikoak: Europako, Ameriketako, Australiarren batzuk, eta baita be Txina-ko bat.

Oneik danak ez deuskue buru-auste andirik emongo, ze leku egokietan dagoz enplegauta. Españi barrukoak daukaguz txarrago. Zer jango datoz, ta guk ez deutsegu eskeintzen ez jaterik, ta ez begirapenik; ta bai ikusi-eziña sarri. Erri onetan be ba dagoz onetariko batzuk, geienak bertokoak izan arren. Neure lantokian be ezagututen dot tekniko bat, Kuba-ko bera. Oneri danari eskeñi ez bear geinkioe laguntasun beroago bat, geuk euren aberrian billatura gura geunkelekoa?

X. X.

Bermeo-tik

Batasunaren Zortziurrena egin genduan, fraille frantziskanoen eleizan, urtarrillaren 18-25. Illuntzeko zortziretan astea zan "paraliturjia" deritxoen eleizkizuna.

1. Sarrerako kantua abestuten zan, iru fraille klerikuak altarara eldu bitartean. 2. Batzarburuaren lenengo berbak, eguneko asmoak eta eskariak azalduteko. 3. Testamenta Barriko irakurgeia. 6. 105 salmoa kantuz. 7. Batzarburuaren berbaldia, irakurgeietako ikaskizuna agertuteko. 8. Erriaren otoitza: batzarburuak eguneko intentziñoak agertuten ditu. Erriak otoitz egiten dau, monitoreak esandako eskarieri kantuz erantzunik. Otoitz aparteko bat, batzarburuak aurretiaz esanik, erriak errepetietan dau. "Aita gurea" danak batera. Ta azken otoitza.

Paraliturjiaren ostean, Mezea. Egun batean euskeraz eta bestean erderaz egin genduan.

Jenteak ondo erantzun dau, lenengo aldiz izateko. Eleizea ez zan betetan, baiña etorten izan direnak, pozarren egon dira. Atsegin izan jake Batasunerako Zortziurrena. Gizon gitxi ikusi dogu. Total gitxi, emen esaten dan lez.

Azkeneko egunean mezea bakarrik euki genduan. "Meza konzelebratua", Obispo ta guzti. Obispoa Bermeotarra, Mons. Karlos Anasagasti. Boliviako Beni deritxan Bikariatuko Gotzaiña da. Beragaz dagoz ogei mixiolari euskaldun. Zortzigarren egun onetan eleizea ondo bete zan. Bosteun bat persona jezarri leitekez eleizako beheko bankuetan.

Obispo jaunaren aurretik urten eben beste lau mezaemoilleak, konzelebranteak. Mezea guztiz ederra izan zan. Eleizearen Batasunaren alde eskatuteko dagoan Meza apartekoa zelebratu zan. Obispoak euskeraz egin eban sermoia edo homilia, papera eskuetan artuta. Asikeran esan eutsen entzule guztieri zelan Aita Santu Paulo VI be leidu egiten dauan beti, jenteari berba egiten deutsonean, eta berak be bardin egiten ebala esan eutsen, orregaitik lotsatu barik.

Jenteari asko gustatu jakon dana. Konturatu barik pasa jakon ordu bete. Pozarren urten eben eleizatik. Dana euskeraz egin zan. Uts bat ikusi genduan: gizonak gitxi. Ain gitxi. Eta egun oneetan gizon asko dago errian, arraintzale geienak be etxean aurkituten dira-ta.

Esperientzia ona izan da aurtengoa. Urrengoan obeto ta geiago.

JOAN AZURMENDI

Gernika-tik

Aspalditxotik erri polit onetan bizi naz. Erri polita benetan, bere jardin, edategi, trabena ta beste txukuntasun ainbategaz. Nik esango neuke Gipuzkoan Donosti letxe Bizkaian Gernika do gula: ain da polita...! Orain berton Muxika aldetik dagoan Gernika sarrerea konponduten diardue, azereak barriztatu ta apainduaz.

 Erriko obreak. Badabiltza norbaitzuek lati onetan be. Unez une ikusten dira etxe barriak jasoten, edo barrutian edo kanpo aldean. Oraintxe berton Madariaga barraren aurretian jarri deutse eskeletoa sei pisuku etxe barri bateri. Galanta etxea, bai bizi ta bai ilteko be (asko ez dala il zan langille bat bostgarren pisutik jausita).

Kanpo aldean, obra barriak jasoten, obra apain eta egokiak. Orain peskaderi barriak jaso dituez, Bermio-koak baizin eder.

 Instituto barria. Agustinoen konbentu zar orretatik —olan emoten dau beiñipein— ikastetxe barri apain barri bat sortuko jaku bereala. Eztago nonbait terreno faltarik... inguru zabalak eta eratsuak inguratuten dabe konbentua izaneko etxe zar ori. Zati bat atondu eben, eta orain makiñatxo bat gazteen jarri dituez beren estudioak ikastetxe barri onetan. Baiña konbentu zarraren zati andiena oraindiño zuzen dago, ta ointxe asi dira lurreratuten. Presupuestoa, barriz, ez ei da izango 14 milloetik berakoa, zuzendariak iñoanez. Lana ta diruaren ondakiñ asko ez jake sobratuko, seguru be!

 Erriko ainbientetxoa. Gain ontzaz luzetxu egin bearko neuke tajuzko gauzarik esan gura baneu. Anbiente kontua ez da gauza erreza esaten, arpegi asko ditu-ta. Gaurkoz ez dot ia ezer esango, gauza jenerala azaldu besterik, naiko dot eta. Niretzat —aitu ondo!— anbientea alegretxua da, edariaren bizkortasunez motibua. Basuak egunero izaten dabez euren iraulteak —ta kontuixu— basua irauli ta gizona bete. Gero aldrebezkoak egiten dabe: basua sutundu ta gizona irauli. Gerniken domeketan eta astelenetan ez da gauza zailla an ikustea.

LURGORRI-K

Santurze-tik

Egun zoragarri bat pasatu eben Errege-bezperean, Santurzen dagon Benefizentzi-etxeko umeak. Santurze aldean tokaten dan Amerikanuen flotako gizonak euki eben biotzkada zabal bat. Urtero eukiten dabe gañera. Amerikanuei ez iake asko kostaten poltzikoa piska bat ustutea, emetik emoten baiake. Eta, ara! 18.000 peseta golpean emon ebezen flota orreko gizonak Benefizentzi-etxeko umetxoentzat. Gero, nabierako empresak be ustu eban piska bat poltzikoa eta aolan, 22.000 pesetazko pilloa egin zan.

Umetxoak ofizialidadeko jantokira joan ziran. Antxe, amerikano aundiak eta Benefizentziko umetxuak, alkarturik jan eben. Ondo jan be gero! Bankete eder bat izan zan. Alaitasun eta anaitasun ederragaz poztua izan zan izanbe bankete denpora guztia. Etorri daitezala olako amerikanoak sarritan Santurze aldera!

Zorrontza-tik

Konzilioan egon ondoren, bere aidekoak eta jaiotetxea ikusteko, Zorrontza-ko auzotegira egin dau Abasolo-tar Anbrosio Obispu jaunak.

Orain, barriro be India-ra bear dau egin.

Bere ardurapean dagozan lurraldeak zer-nolakoak diran galdetu deutsoeneri erantzutean, aulakoxea dala esan deutse: Ia bi milloi biztanletatik bere artaldikoak 54.000 dira bakarrik. 800 mat milla ondiñokarren jentillak dira. Zismatikuak 261.000, ta 174.000 protestanteak.

Alan da be, abadeki asko daukazala-ta pozik dager Abasolo gotzaiñ karmeldarra.

Abadiano-tik

Abadiano-n Santa Ageda jaietarako, beste gauza askoren artean, aurten idi-probak antolatu ziran. Aurten proba oneek aparteko garrantzi bat euki dabe gaurko probalarik onenak eta famatuenak parte artu ebelako: Mendata-ko Ikeriya, Berriz-ko Antzua, Azpeitia-ko Arantzeta, Bermeo-ko Pedernales, Markina-ko Sarrabe, Busturia-ko Lezamiz, Larrauri-ko Zarandona, Lujua-ko Zarraga, Iziar-ko Manzisidor... t. a. Probalariak ezezik, periodistak, fotografoak eta orretarikoak be ba ziran naiko. Ta jentea —zertan esanik be ez— pilloka egon zan, probak egunero iru bider izan arren. Proba oneek Santa Ageda egunean bakarrik ez, aurreko egun bietan eta osteko domekan be egon ziran.

Kinielak be ez ziran falta. Eduardo Urcelay saiatu zan kiniela oneek preparatuten; eta ondo preparatu be gero. Osterantzean esan daiala Garitaonandia pelotariak. Irabazi ebazan 15.000 peseta zeozer esan gura dabe seguru. Antonio Barrutiak be atara eban bere partidotxua, orrenbeste izan ez arren.

Eta probak interesgarriak izan ziran benetan. Berbakaz ezin daiteke esan ordu orretan Abadiano-ko plazan egoan berotasuna. Nik neuk beintzat onetariko proba bat gaur arte ez dotela ikusi esan bearrean nago. Idiak be majoak izan ziran. Areek bai egozala naiko pentsu ta baba jan-da. Askorik ulertu ez arren areek eukezan ipurdi biribillak ez deritxot lasto ta galtsuagaz ataratakoak diranik. Ez gero! Ni —egia esan— urte asko dira kalean bizi nazala. Baiña, ume nintzanetik gogoratuten dot zelan neure aitak beti eukiten ebazala atze-biko txal bi edo, korteari itxure apur bat emoteko. Ordutik dakit orretariko ipurdiak ez dirala ataraten galtsuagaz.


Santimamiñe. 50 urte agirian

Aurtengo urtarrillaren bian igaro dira 50 urte Santimamiñeko artzuloa aurkitu zala. Gure aurretikoen bizimodua jakiteko oso interesanteak ditugu artzulo onetan agiri diran margo edo pinturak ezagututea.

Oso antxiñetik zan ezaguna Santimamiñeko artzuloa, baiña iñork etzekian ezer, an barruan gorderik eukazan aberastasunen barri.

Pintura oneek aurkitu ebazana jose F. de Bengoetxea dogu. Onek, beste mutiko batzuekin artzulo onetara arratzalde bat pasatzen joanik aurkitu ebazan ango margoak.

Euliak eztira lez, jakitunak laster asi ziran artzulo onen barri jakin naian. Jesus Guridi izan zan lenengo artzulo onen inportantzia azaldu ebana. Egun gitxi barru, Frantzi-ko jakitun batek, Breuil'ek, baieztu eban artzulo onen inportantzia, ta lenengo ikustaldian esan eban "AZILENSE" kulturako gizona, artzulo ortan bizi izan zala, au da, orain dala 10 milla urte.

Au ikusita, Bizkaiko Diputaziñoak Santimamiñeko artzuloa erosten dau ta Arantzadi, Barandiaran, ta Eguren jakitun ospetsuen ardurapean izten dau. Bizkaiko artzulotik auxe dogu inportanteena, ta baita be Europako inportanteenetakoa.

Barandiaran-ek artzulo au ondo ikusi ta ikasi ondoren ta beste euskal-erriko artzulo geienak ikusita, ogei urte inguru lanean igarota argitaratzen dau nolakoa izan dan gure preistoria.

Orain dala 20 milla urte

Barandiaran-ek diñoanez, orain dala 20 milla urte euskal-erriko mendietan ebillen gizona. Neanderthal deritxogun gizona dabil garai onetan. Onen ondoren Cro-Magnon arrazako gizona ikusten dogu, ta onen azurrak billatzen ditugu Santimamiñen.

Millaka urte batzuk geroago "Arri aroko" azken aldean ikusten gara: "Magdaleniense". Denpora au orain 15 milla urte inguru azten da. Garai onetan be gizona Santimamiñe-ko artzuloan bizi da. Garai onetakoak dira bertan ikusten doguzan margoak; danak pintura baltzaz egiñak: zezen bat, basurde bat, otso bat, bas-auntz bat, iru auntz, lau saldi ta 21 bisonte.

Ikusten danez ba zan garai artan pizti ta animali gaur egun euskal-errian ikusten ez diranak. Aro onetako karakteristika bat dogu gizonaren irudirik ez ikustea.

Santimamiñe-n ikusten ditugu baita be orain 10 milla urte gizonak erabillitako tresna batzuk. "Pirenaicus" deritxogun gizona bizi izan zan aro onetan. Arraza auxe dogu euskal arrazaren oñarria.

Orain 5 milla urte inguru asten da ludi ontan beste aro bat, "neolitikoa", "arri-labanduaren aroa". Aro onetan asmatzen da Txirrinkolea, errubedea. Ludi onetako inbentorik aundienetakoa dogu asmakizun auxe. Aro onetako gorpezurrak be ba ditugu ta oraingo euskal gorpezurren antz izugarria daukee.


Raimon. Askatasunaren eske garrasika

Raimon'en izena danok entzun dogu abeslari gazteen izena aitatu danean. Raimon gazte jatorra eta zintzoa da. Jativa'n (Valencia) jaio zan 1940'ko Abenduaren 2'an. Bere ogeitabost urteagaz alde batetik bestera dabil gizonen pentsakerea aldatu guraz. Raimon'ek bakea, bizitza, mixeria, ezbardintasuna, injustizia, gosea... erabilten dauz bere abestietan. Gizon guztientzat bakea, garrasi egiten deutse bere entzuleeri. Eta lenengotik auxe esan gura deutsut: dan-dana katalanez abestuten dauala.

Raimon'ek alde batera itxi maitekerizko berbak eta gizon guztienganako egiazko maitasuna eta errespetoa eskatuten dau. Gazte maiteminduen berbak berak entzuten. Baiña Raimon'en berbak biotzik gabeko gizonaren espiritua be jaso egingo leukee.

Eta bere musikari buruz nik ezin dot esan tajuzko gauzarik. Ni neu beintzat enaz iñoiz be aspertuten. Eta ez dot uste neu bakarra nazenik. Madrid'en, Paris'en eta beste toki askotan amaika txalo jaso dauz Raimon jatorrak. Jendea bereganatu egiten dau Raimon'ek eta batez be zeu konturatu barik bere sentimenduak sentiduarazi. Orregaitik Raimon'en entzulea ixil-ixilik egoten da geienetan abestia amaitu arte bere arnas-soiñua be ez galduteko, eta amaituten dauanean txaloa eta "viva" besterik ez da entzuten.

Eta bere musika, musika ariña da, gure egunetako musika. Baiño musika bikaiña, jatorra, batez be berbarekin batean entzuten danean. Dena katalanez abestuten dau. Berak diñonez orain erderaz kantatutea, bere erriari traiziño bat egitea litzake. Denpora gitxian 70.000 disko saldu dauz Raimon'ek.

Gazte zintzoa eta txalogarria benetan geure Raimon jatorra!

***

Euskaldun gazteok, itxartu!

Euskalerrian orrelako abeslari bat bageunke! Gaurko gazteak dana erderaz kantatuten dabe musika ariña edo ritmo modernoa bada beñepein. Zergaitik Euskalerrian be euskerazko musika nago geure gazteren bat musika ariña egiten eta euskeraz kantatuten asiko ba-litz, Euskalerriko gazterik txalotuena eta maitatuena izango litzakela.

Aurrera musikalari gazteok, Euskalerria zeuen zain daukazue!


Il da geroko problemak

Bai irakurle!, eta ez txantxetako problemak. Ba dira bost bat kilometro inguruetakoak Muxika-Ariatza-n gertatzen diranak. Jentea arrituta dago zelan izan daitekean, eta abadeak trankil ostera. Bai ba... lepoko minik be etxake egiten eta...

Eta beti problema au arakatu edo atara naian. Illak ainbeste indar ete dauke? Edo illari lepoan bost kilometro egite gustatzen ete jake? Ariatza-n bat ilten danean, naita berton eleiza ederra euki, Muxika-ko Parroki-ra eroan bear izaten da eleizkizuna egiteko, eta lepoz gaiñera. Abadea aurretik arin; andariak lepoko miñagaz aurretik ikusten ez dabela; atzo zarrak tatarrez-tatarrez aurrera begira noiz elduko eta gizon-mutillak euren tertuletxuen kontuak kontetan, aurrean zer doan konturatu barik.

Ta atzetik ekin, ez dagoala deretxorik. Abadeak be ondo dakie problema onen barri, baiña eurek be lepoan ibilteko gogoa edo... kasu gitxi egiten dabe.

Ta ez da problema gatxa ba! Ara atara eta erresultadu bakarra ta egokia. Bat il da Ariatza-n eleizkizuna. Ostean artu automobillean eta Ortu Santura.

Ez da erreza. Ia ba ikasten dozuen ariatzatarrok!

IRRINTZI


Kristiñau munduan zear. Aita Imanol Berriatuak ortik eta emendik baturiko Barriak

• Ez daigun itxi bakarrik Paulo VI-garrena! —diño Frantziako periodiku batek.

• Desterrua ta koakziñoa, totalitarismoaren instrumentuak dira!

Vietnameko bakearen alde

Urtarrillaren 8-an esan eutsen Paulo VI-garrenak, Sede Santuagaz artu-emona dauken diplomatikueri: "Eleizaren indar moralagaz gobernueri lagundu geinkioela uste dogun bakotxean, prest gagoz, Jaungoikoa testigu, eta edozein alegin egingo dogu, bake justu bat mantenietako eta aurrera eroateko, oraiñarte Eleizeak gordetan izan dituan protokolozko oiturak alde batera itxi bear badoguz bere".

Orixe egin dau Aita Santuak Vietnam-eko kasuan. Munduko naziño guztieri, eta batezbere Vietnameko gerran zerikusi gein daukeneri eskatu deutse bein ta barriro, bakearen alde lan egiteko. Aurretiaz jakin dau berak, jente askok ez zituala bere alegiñak ontzat artuko. De facto Aita Santuak errekonozidu egin dau Txiñako gobernua, eta pausu au ez da danen gustokoa izan. Avvenire d'Italia periodikuan irakurten dogun lez, Eleizea ez da orain kontentetan lengo nota diplomatikuakaz; orain dei egiten asi da gizonen kontzientziari; eta olan Eleizeak benetan kunplietan dau bere eginbear profetikua.

***

Vietnameko amaika eleizgizon

Saigonen, urtarrillaren 8-an, amaika sazerdote katolikuk dokumentu bat argitaratu dabe; eta bertan eskatuten deutsee Vietnam bietako agintariei, "al dan guztia egin daiela, gerra au amaituteko". "Ezin geinke ontzat artu —diñoe— gure erriaren zati biak batzeko naiz etorkizun oba bat billatzeko atxakiagaz, anaien arteko guerra iltzaille au geiago luzatu daitela".

***

Aita Santua bakarrik?

"Ez daigun itxi bakarrik Paulo VI-garrena!" Aolan asten da editorial bat, urtarrillaren 6-an, Témoignage Chrétien, Frantziako periodikuan. Egia esateko, gauza gatxa da jakitea, ze neurritan jarraituten deutsoen Aita Santuari kasu onetan katolikuak, euretariko zenbat dagozan bere kontra, eta zenbat direan trankil ikusten dabenak, Aita Santua bakarrik konprometidu daitela katoliku guztien izenean. Ez dago zetan esan: situaziñoa ez da bardiña katoliku erri guztietan, Vietnameko gerran batzuk besteak baiño zerikusi geiago dauke-ta.

Eun eta ogetazortzi amerikano

Iparramerikako Estadu Alkartuetan, joan dan abenduan, deklaraziño inportante bat agertu da naziñoko periodiku askotan. Deklaraziño ori Bakearen aldeko Katoliku Mobimentuak argitaratu dau, eta bertan agertzen dira 128 personalidaderen firmadak. Personalidade guztiak, katolikuak dira; batzuk eklesiastikuak eta beste batzuk laikuak. Deklaraziño orretan, protestau egiten dabe Washingtoneko politikuen kontra, Saigonen olako gobernu klasea sostenietan dabelako, bakea billatuteko ardura gitxi artzen dabelako, eta gerrea bera bear dan moduan egiten ez dabelako. Abenduaren erdian, Vietnameko gerrearen gaiñean diskutietako, Washingtoneko Unibersidade katolikuan batzar bat egon da; eta Aita Philip Berriganek, jesuita famaduak, argi ta garbi berba egin dau ango gudu madarikatuaren kontra. Manchesterren, Pittsburghen eta beste leku askotan, bakearen aldeko manifestaziñoak egin ditue katolikuak erriko katedralaren aurrean.

Gabonetan, Spellman Kardenala, New Yorkeko artzobispoa eta ejerzituko bikario jenerala, Vietnameko soldadu amerikanoeri bisita bat egitera joan da. "Gu katolikuak gara —esan deutse soldadueri—, eta orregatik maite izan bear dogu Kristok erakutsi euskun bakea; ezin geintekez egon odolaren, gorrotoaren eta opresiñoaren alde. Naziño gaixo au defendietako etorri da gure erria ona"

Alandaguztibe, kapellau militar baten zeregiña, Obispo naiz Kardenal batena izanarren, ez dabe danak begi onakaz ikusten. Abenduaren 31-n, Brooklyneko abade batek, Power jaunak, karta bat argitaratu dau New York Times periodikuan bere Obispoak egindakoaren kontra. "Antza danez —diño abadeak—, Spellmam Kardenala Vietnamera joan da soldaduen fusillak bedeinkatuteko, Aita Santuaren borondatez betiko ixilduta egon bear litzakezan fusil berberak".

***

Euskaldun katolikuak zer?

Ez dot uste, Vietnamen pasetan dana bear dan moduan sentietan dogunik. Ortik diñoe, munduko katoliku zintzoenetarikoak garela. Egia ete da. Sarritan esaten dogu euskaldunok, Vatikanoak diplomaziari jaramon larregi egiten deutsola. Or daukogu orain Aita Santua, diplomaziari kasu aundirik egin barik, Eleizaren zeregin profetikuan sartuta. Bakarrik itxiko dogu geuk be Aita Santua? Lan egin daiala berak gure izenean, eta konpondu daitezala eurak euretara Vietnamekoak, etxeko problemakaz naikoa daukogula-ta?

***

Ixildu egin ditue

Abenduaren 4-an, gazte talde batek, Fordham Unibersidade katolikuko estudianteak geienak, desfile bat egin dabe New Yorkeko Artzobispuaren aurrean, eta euren pankartetan aolako sloganak agertzen zirean: "Artezidadea gura dogu Eleizan!", "Desterrua ta koakziñoa, totalitarismuaren instrumentuak dira!", "San Paulo errebelde bat izan zan!"... Abenduaren erdian, Eleizaren Askatasunaren aldeko Istitutoak karta agiri bat bialdu deutse New Yorkeko Artzobispoari eta Jesuiten Probintzialari, eta karta ori milla ta zazpireun personalidade katolikuk firmetan eben.

Zergatik ori? Zemendiaren azkenetan, Aita Daniel Berrigan, jesuita ondo ezaguna, poeta, profesore ta eskritore ospetsua, bere nagusiak Sudamerikara bialdu eben. Aita Berrigan, kopresidentea zan Vietnamen aldeko Eleizgizonen Komitekoa. Beste presidente biak ez zirean katolikuak. Bat protestantea zan, eta bestea judegua. Euron ustez, Aita Berrigan desterrura bota dabe, Vietnameko gerrearen kontra gogor berba egiten ebalako; euron eritxiz, New Yorkeko artzobispoak presiñoa egin dau, eta Jesuiten Probintzialak atara bear izan dau Norteamerikatik bere menpekoa. Iru periodiku katolikuek, The National Catholic Reporter, Commonweal eta Ave Mariak, zarata aundia atara dabe asuntu onen gaiñean, abendu osoan eta urtarrillaren lenengo astean.

Aita Daniel Berriganegaz batera, eta motibu berberakaitik antza, beste jesuita bi ixildu ditue: Aita Keating eta Aita Kilfoyle. Euren aurretik, azken illabeteotan, bardin ixildu ditue: Aita O'Brien, Albanyn (kuestiño razialakaitik), Aita Groppi, Milwaukeen (kuestiño razialakaitik, baiña obispoak, Konziliotik etorri-ta gero, atzera emon deutso "libertadea"), Aita Philip Berrigan (Danielen anaiea, kuestiño razialakaitik eta Vietnameko asuntuagaitik), Aita Kenny, Lucas eta Meagher, Californian (kuestiño razialakaitik), Aita Mullaney, New Hampshiren (Vietnameko asuntuagaitik), Aita Coffield, Halloran eta Dubay, San Franciscon (kuestiño razialakaitik), Aita Ouellet, Alabaman (kuestiño razialakaitik)...

Zenbat bildurpean?

Aitatu doguzan sazerdote oneek, zelan edo, danak bear egiten eben sendo justizia sozial, razial naiz internazionalaren alde. Periodikuetako komentadoreak arrituta agertzen dira, ez ainbeste "ixilik egoteko" aginduagaitik beragaitik, santziño ori emoteko moduagaitik baiño. John Leo periodisteak, The National Catholic Reporter asterokoan diño, prozedimentu ori burla bat dala Vatikano Bigarrenak emon deuskun esperantzearen kontra. "Mundu osoan —diño berak— nekez egongo da beste istituziñorik, justiziaren zentzua ain urri eta errekursurako bidean ain estu daukonik".

Eta beste leku baten diño: "Sazerdoteen libertadea, erantzun bako kuestiño nagusienetarikoa dogu Amerikako Eleizan. Eta, Aita Santuak eta teologuak esan leikeezan gauza guztiak gorabera, kuestiño ori erantzun barik geratuko da, ariketa katoliku amerikano talde on batek libertade ori aldarrika eskatuarte".

Eta periodista orren pentsamentua, periodiku berean barriro agertzen da izen bako editorial baten: "Aita Berrigan bat desterrura bota badabe, zenbat sazerdote bialdu ditue ixiltasunera? Zenbat errelijioso bizi dira bildurpean, beti kontuz Ordenako nagusiak ez ofendietako, euron eskubide kuasi-absolutuak ez zapaltzeko? Zenbat sazerdote dagoz seguru, Eleizan profetak izateko Jaungoikoak deitu deutsela? Ze Eleiza klase bizi leiteke olako atmosfera baten?"

"Dana dala, nagusiok adore euki bear leukee, euren erabagia espliketako eta motibuak azaltzeko. Eta esplikaziño ori ez leukioe emon bear sazerdoteari berari bakarrik, Jaungoikoaren Erri osoari baiño, sazerdote baliente bateri agoa itxi eragiten jakonean, asuntu orretan danak baitauke zerikusia".

***

Goiko ta bekoen artero dialogua

Nortamerikako Obispoak komisiño episkopal bat izandatu dabe, katolikuen arteko dialoguari bide egokia emoteko.

"Gaur egunean —diñoe komisiñokoak— Nortamerikako Eleizan ez daukogu ezelango estrukturarik, goitik berako dialogua gure artean egiteko. Laikuak (eta diosesi askotan eklesiastikuak) ez dauke bide normalik, euren bearrizanak, euren ideiak eta asmoak obispoari presentatzeko eta jakin eragiteko. Eta bardin pasetan jake obispoeri, euren menpekoakaz alkarberbeta probetxugarri bat eukiteko. Benetako bearrizana daukogu, ainbat ariñen olako estrukturak kreatzeko".

Komisiñoaren ustez, gauzea ez da erreza izango; eta alegin aundia egin bear izango da, obispoen autoridadea Konzilioak gura dauan lekuan ipinteko.

***

Aita Congar eta Dialogua

 Informations Catholiques Internationales amabosterokoan, urtarrilleko lenengo numeruan, berba oneekaz amaituten dau Aita Congarrek bere artikulua: "Sarritan esan da, katoliku erriaren barruan dialogoa eta ekumenismuaren antzeko zerbait egon bear litzakela. Guztiz konforme nago orregaz; eta nik, gizaixo onek, naikoa astirik eta indarrik baneu zeregin orretan lan egiteko prest egongo nintzake. Nire ustez, zeregin au, Konzilio osteko arazoen artean, premiña guztiz aundikoa da".

Saint John Unibersidadeko profesoreak huelgan

Saint John Unibersidadea New Yorken dago, eta bera da naziñoko Unibersidade katoliku guztien artean inportanteena. Zuzendariak, Aita Pauldarrak dira.

Urtarrillaren 3-an, bertako profesoreak huelgan jarri dira. Bi illabete lenago, berreun profesorek protestazko manifestaziñoak egin zituen Unibersidadean pasetan ziren gauzen kontra. Euren ustez, salarioak eskasak zirean, zuzendarien paternalismua larregia zan, profesoreak ez euken irakasteko libertaderik eta lanean irauteko segurantzarik.

Esploziñoa Gabonetan etorri zan. Unibersidadeko Kontseillu Aministratibuak, profesoreakaz berba egin barik, ogetamar irakasle kanpora bota zituan, euron artean Aita O'Reilly, Unibersidadeko profesoreen Sindikatuko presidentea eta teolojia irakaslea.

Aita Cahillek, Unibersidadeko presidenteak, akusatu egin ditu ogetamar profesoreok; eta esan deutse, olako gauzetan sartzeko eskubiderik ez daukela. Irurogeta bederatzi profesore, protesta modura, huelgara Joan dira; eta euren diskonformidadea agertu dabe, Unibersidadeko gauza asko zentzun bako kriterioagaz egiten direalako eta kargu barriak ukipetako Aita Pauldarrak preferentzia itzala daukelako.

Parte biak laguntziñoa eskatu deutsee Unibersidadeko 12.500 ikasleeri, euren alderdiari eusteko.

Eztabaida onek zarata aundia atara dau katolikuen artean, eta periodikuetako orri asko bete ditu. Zabaldu egingo ete da tirabira au naziñoko Unibersidade katoliku guztietara? Aita O'Reillyk, posible dala uste dau.

Aita O'Reillyren kontra

Urtarrillaren 25-ean, Aita O'Reillyren izena aitatu barik, beronen kontra jarri da Estadu Alkartuetako Delegadu Apostolikua.

Monseiñor Egidio Vagnozzik, diskursu baten, guztiz gogor kritikatu dau Aita O'Reillyk egin dauana. "Seguru nago —esan dau Aita Santuaren errepresentanteak— Saint John Unibersidadean jazo dana danak txartzat artuko dabela. Sazerdoteak ez dira sartu bear, militante modura. Sindikatuetako eztabaida laboraletan. Gauza orreek ez dira, euren konpetentziakoak. Sazerdoteak, ordenaziño egunean, obedientzia ta erreberentzia agindu deutsee euren nagusieri; eta eurak euretara ezin leikee zeregin tenporaletan errespontsabilidaderik artu, euren nagusien baimena euki ezik".


Sujestibua be ez dan zeozer

Lengo batean, zemendiko zenbakian titulu beronegaz idazten neban, etsita, ezeren ardura barik bizi garata salatu guraz. Oraiñ, itzuli, ta orri beraren beste alderdia begiratu guraz natortzue.

Zenbaki batzuk

Goi-Amerikakoak dira. 19.000.000 gizasemek lotarakoan sendakin-pildorak artzen dabez. Ezin ba, osterantzean lorik egin. Zaiñak menpetuten gaitue bai, ta gu urduri.

Goi-Amerikan bertan amar milloi zaiñ-eri edo neurotiko agiri ta izentatuak bizi dira; ta txartel ori bagekoak beste 20.000.000 diralakoa.

Erruak

Beti gabizala urduri, presaka ta ernegaten, gure ioran, lor, biotzkada ta tamalak bultzatuta. Gure asabak bizitza osoan ikusten edo entzuten eben beste ustekabe ta itsumustu egunero somatzen doguz guk, radio, telebista ta egunerokoen bidez. Orduko 500 kilometroka ibilli geinkez. Mundu-txoko guztietako barri danak dakiguz. Ogeta lau orduk geiago eziñean, buruko miñez ipinten gaitu. Bizitza osoan —sarri konturatuten be ezkarela— fabrika ta motor zaratatsuekin bat bizi gara.

Batez be —ta esan dodan guzti orregaitik bear bada— lotu barik ta estu, une bakoitxean gure bizitza ta indar guztiak jokatuko bageunkez bezela, itxo bearrean gabiz.

Ondoreak

Eukiten doguzan buruko-miñetatik euneko larogei, larritasun eta bildurretik jatorkuz. Eztarriko miñak —irentsi eziñik ibiltzeak-ta— gure ioranak ekarten deuskuen estutasunetatik, euneko larogetamar biderrez. Gure urdaillak jasan bear izaten dabezan gaixotasunetatik gitxienez erdiak jatorri berauxe daukie: tripariñ, minbizi, ta abar. Guztiok dakigu biotzean zelako erantzunak izaten dabezen artegatasun oneik.

Au dana ezta neuk asmaturikoa; dakitenak, sendagilleak-eta, diñoskue.

Beste ondore batzuk, geuron almenetan banatzen deuskuz gure biziera onek. Gure pentsamentu ta aolkuak, gure irudimen ta asmoak, galga bageko dantza zital batean dabiltza lasterka. Gure ioran ta sentimentuak eztabe gure asabetan euken jaserik. Gure naimen ta erabakiak, taupadaka, gure ondoan entzun daikegun edozeiñ muxikaren arauetara dagie.

Gatx biak batera

Pentsa eitekean ezin daikezala emon botera, lenagoko aretan adierazten neban ajolagabekeria, ta gaur dakartan artegatasuna. Baiña zoritxarrez bat-batera aurkituten doguz.

Ta zeintzuk izan daitekez gertakizun onen sustrai sakonak? Segurutik gaurko bizitzak emolen deuskuen arauetara mogitu, ta bere soñura dantzatu bearrak.

Baiña baita be, ta batez be geure norberekoitasunak. Geure zillera gagoz begira —esan leiteke— ta geure buruarengandik kanpo ez jaku ezer inporta. Ostera, geure arazo ta bearrak garbituteko itxo be egingo giñake. Ta gure bierrizate orreik geroago ta geiago diran lez, gure estutasun ta erneguak be geroago ta andiagoak doguz.

Ezin dogu —egia da— era batera mundu guztia aldatu; eziñ, andanadan dagozan motor guztiak lotu; eziñ, ixiltasunean ta patxadan bizi. Eziñ. Ta gaiñera txarto legoke olakorik egitea. Baiña eziñ ete dogu ba, geuron bizimodua aldatu? Bear gendukenari sendo eutsi, ta egoismo gitxiaugaz bizi; auxe izango genduke sendaki-pildorarik onena.

Ara Jesus-ek zer diñon: "Ikasi nigandik, biotz otsan ta apala naz ta".

ALMIKE


Bilbo'n eskola geigo bear dira

Zezeilleko zenbakian titulu bardiñegaz agertu genduan artikulu bat. Ille ontan San Iñazio, Altanara eta Otxarkoaga-ko barrioetan gertatuten dana adierazi gura dogu, azaletik ezpada be. Numeroak arritzekoak dira izan. Baiña bear bada iñor ez da arrituten askorik beintzat bakoitzak norberen arloak konponduta daukazalako. Norberen tripea bete ta or konpon!, ori da askotan berbaz ezpada be, egiteekaz esaten doguna. Bien bitartean, millaka ume eskola barik.

San Iñazio auzotegian zer?

San Iñazio'k 18.000 lagun ditu. Orretako 3.500 eskolarako garaiean dagoz. Iru sailletan 1.500'eri eskola emoten deutsee. Sail orreetako bi, San Frantzisko Jabier ta San Iñazio, osasun-giro andirik bakoak dira. Alan be, oraindik asko gelditzen ziran eskola barik, ta eliz-barrutiak jarri eban beste bat, 50 ume artzen ebazala; eta beste bat "Patronato de Juventudes"-ek, beste 100 umeentzat.

Leku oneetara beste auzo bateko umeak be etorten dira, "Bakerito"-koak; onek be 800 lagun ba daukoz; beraz, ume batzuk be eukiko dauz.

Alan da ze, inguru oneetako gaztetxoenak eskola barik gelditu bear. Gaiñera, eskolarako automobillik be ez dago. Erabakita dagona betetzen danean, dana zuzenduko dala pentsatzen da.

Otxarkoagak eskolarako 8000 ume

Otxarkoaga'n alegin asko egin dira prolema au garbitzeko. 21.000 lagun dira, eta eskolarako 8.000 ume, lautik amalaurako urteak dabezenak. Urteko 650 aur bataiatzen dira.

Esan dotan lez, ainbeste lan eginda gero be oraindik prolemea garbitu barik dago. 4 eta 5 urtetako 1.200 umeek ez daukee eskola-lekurik. Eta ori, naiz "Sección Femenina"-k 5'tik 10 urtetarako 250 neska txiki artu; eta gaiñera, bi txandetan, goiz eta arrasti, beste 600 neska eta mutiko supermerkatu-leku batean, "19 de junio" izena daukana. Eskola oneetako zuzendariak esan euskunez, "Sección Femenina" oneri txanda artutea oso biarrezko ei da.

Prolema oneek gozatzeko "Ramón y Cajal", beste eskola batzuk, be jarri dabez, eta eskolara umeak automobilletan-ta eroaten saiatu be bai.

Akademi eta kolejio sortu barriak ezezik Vera Cruz-eko Patronatua dago, lau monjak zaintzeri dabela. Eskola primariko lau gradutan 228 ume daukeez leku egokietan. Enseñantza Media bat be ba da, iru kursotan 80 ume dauzana.

Baiña Otxakoaga'ra kanpotar asko dator, eta prolema ori asko gurituko da oraindik. Ez litzake txarra izango egitea pentsatuta dagozan eskola orreek al dan azkarrena egingo balira.

Altamira'ko eskolak

 6.500 bat lagun ditu; eskolarako, barriz, 1.400 ume, 4'tik amalaurako urteak daukazeenak. Urtean, zear 140 bat aur bataiatzen dira. Eliz-barrutiko sei graduetako eskalatara 239 ume joaten dira. Eskola onek argi onik ez daukee, umedade asko aize gitxi.

Umeak ez dabe ezer ordainduten. Ayuntamentuak eskolarako maiak eman dauz; maixuek 475 pezta daukez eskola eta bizitzeko etxe bakarra pagatzeko. Argia eliz-barrutiak ordainduten dau. Eliz-barrutiak 4 urtetatik 6'rako aurtxoentzat beste eskola bi be ba daukoz. Oneek illeko amar ogerleko emoten dabez. Onekaz bizi dira Estaduak ordainduten ez deutsen maixuak.

Aurtengo matrikulak 102 peseta balio dau. Beraz, urte oneetako ume askoek etxean gelditu biarko dabe. Prolema au gero ta gatxagoa izan bide da. Basurto ta Olabeaga'tik aur asko oiñez doaz. Laister egitekotan diran 4.500 bizitzek oraindik geiago gogortuko dabe prolema au. Esaten dabenez, eskolak be egingo ei dabez.


Jon Lopategi, bertsolaria

1. Enbeita izan dau bere maixu plaza-gizon egin arte.

2. Naiago dau konkursoetan jokatu.

3. Irabaziakaitik bertsoetara ezin daitekela joan —diño.

Izan be bertsolariak beti ta ugari euki doguz euskalerrian. Ezagunak jakoz edozeñeri atzoko Arrese-Beitia, Enbeita-tar Kepa, Iparragirre, Bilintx, Pello Errota t.a. Orain, barriz, gaurko baten izena dakargu gure orrietara —Yon Lopategi dogu bera— Bizkaiko onenetarikoa bai da.

Lopategi 1960-an agetu zan lenengoz plaza-gizon, Mungia-ko txapelketan irugarren geraturik. 1951-an Mungia-n txapeldun; 1962-an Gernika-n ta Bilbao-n txapeldun; 1962-an Donostian ospatu zan Euskalerriko txapelketa nagusian bederatzigarren geratu zan; ta, azkenez, 1964-an Bizkai-ko txapeldun ostera be. Merituak, bada, ez jakoz falta Lopategi-ri.

Bere jaioterria, Araitza, Muxikako auzoa.

Ogei ta zortzi urtegaz bertsolarien txapelagaz lenengoz jaso zan.

Ogei ta amar orain, eta txapela bere mendean dago, eta sendo. Noiz arte? Ez dakigu. Baiña egia auxe: Muxikek txapel-jaste asko daroaz; eta ze dotore emon be! Len Enbeitatarrak, ta oin Lopategi. Berriatuko erria, uste dot, bake-pozian ez dala jarriko, bere almenean txapel ori ikusi arte. Erri ontan be ba dago bertsoetarako griña ba! Or dagoz, bestela, Mugartegi, Azpillaga ta abar, Muxika-ren aurrean jarrikoak bat baiño geiagotan. Eta eldu leiteke eta lasterkoan, noski, aldi pozgarri ori Berriatuko errira. Gu iñor ez, ori ukatzeko.

Aurrera mutillak eta ekin!

Da goazen aurrera gure txapeldunagaz.

Gaztea ta bizkorra dogu. Luzeran ez andia. Ona emen zer diñon berak: "Bertso zalea beti izan naiz. Enbeitaren bertsoak eukitzen nituan nik danak. Idatzi be bai apur bat egin dot lantzemin".

Ogeita bi urtegaz, Sakramentinoakaz bere estudioak egin da gero, etorri zan Villaro-tik. Oin Gernike-ra ezkonduta dago. Bere lantegia Elorri-on dago. Untxe dira zazpi urte konkursoetara azaltzen asi zana.

"Asko agertzen naz errietan bertso-kantari. Alan da guztiz ere, diño, naiago konkursoetan ekin". Arrazoia: "Konkursoetan lotu bai, baiña idea emon be bai".

Eta au be diño: "Irabaziagaitik bertsoetara ezin daiteke joan".

— Bederatzi puntuko bertsoa oso gatxa dala diñoe.

— Gatxa? Idea goitik bera eroaten da or gatxa.

Ta bereala asmatu eta bota eban bederatzi puntuko au:

Bederatzi puntuan

bear dot oin ekin

naiz-ta gauza orretan

asko ez jakin.

Zelan nagoen emen

praille kuadrillakin

zerbait asmatuko dou

beingoan eurakin,

buru argiakin,

gaztetasunakin,

nire indarrakin

eta goguakin;

alan da guzti ere

gauza asko ezin.

"Bizkaitarrak, diño Lopategik, beti sartzen doguz gipuzkerak, idatzita dagozan bertsoak (Xenpelarrenak eta) ia danak gipuzkeraz dagozalako, eta bertsolaria ibiltzen da beti orreek irakurtzen eta orreetatik ikasten. Ortik dator ori".

Au da Lopategik diñozkuna.

Zorionak eta urte askotan, Lopategi.

Eta azkenez berein bertso batzuk: "Neska aberatsarekin dabillena", ipiñi eutsen bein puntua. Eta gure Lopategi olan apaindu zan gitxi gora-bera:

Neska batekin ibiltzen naiz

pasiatutzen pozikan.

Oso dotore gorputzaz eta

diruz ezta billosikan.

Aingeru ori maitatutzeko,

zeñek ez du biotzikan?

Aren eskutik nijoanian,

bizkarrak eztu otzikan.

Beste baten lau rima auek ipiñi eutsezan: fama, dama, ama, darama. Eta bera modu onetara atondu zan:

Bizi guztian euki izan dot

konkistadorien fama,

naiz-ta asarrez euki arren

etxian aita ta ama.

Erri onetan ezaututzen dot

maitatutzen dotan dama,

baiña ni pobre arkitzen naiz ta

aberats batek darama.

Beste bein amaitukeria ipiñi eutsen: "kaltez". Eta onela konpondu zan:

Ezkondu nintzan egun batean

neska dotore ta maitez.

Zelako tranpak ibilliko nitun,

orain konturatu zaitez.

Ondo pozikan eongo nintzake

andra ortatik apartez:

guzur guziak izandu ziran

neure buruaren kaltez.

ETXERRE


Arrospide'tar Jon il jaku [Bertsoak]

Frutu onen emolle

Genduan zugatzak

Danontzako zituna

Bardin bere emaitzak,

Zazoirik onenian

Bere eriotzak

Tamalez itxi gaitu

Txiro ta aberatzak.

Ozalari-lez aundi

Geiago gizona.

Borondatez indartsu

Maitasun zakona.

Neurri bako ongille

Apal ta zuzena,

Ezin leike azaldu

Bere nortasuna.

Baserri eta kale

Mar mar bardiña da.

Askok tamalez diño,

Arrozpide il da!

Amaikatxo mesede

Egiñik juan da.

Beralango gizon bat

Izango ete da?

Itxi dozuz munduko

Zeure arazuak.

Emazte sendi lagun

Senide ta auzuak.

Zeruetan daukazuz

Zabalik besuak

Aurretik juan ziran

Zeure gurasuak.

Agur Jon Arrospide

Agur, agur ta erdi.

Zeru goietan Jaunak

Atzedendu bedi.

Irakatsi eder bat

Ba dogu zugandi,

Beti zaindu dozula

Egian alderdi.

Enbeita'tar Balendin


Europa. Filosofiaren Kondaira - I

Aspalditik maite dot JAKIN aldizkaria: ezagutu neban une beretik. "EUSKAL GAZTEDIA KULTURA BIDEETAN". Bai lema ederra. Baiña pozgarriago da oraindik JAKIN-ek ez dauala lo artu lema-berba polit orreen gainean ikustea.

JAKIN, gaurkoz Euskalerrian inprimatuten dan kulturazko errebistarik bikaiñenetako bat dogu duda barik. Errebista bizia, gartsua, fina. Berba bitan: gazteak egiña dogu JAKIN. Ez da gramatikako uskerien zale, mamira doa xuxenik, Axular-en esaera zaharrari jarraiki: ..."euskara eta euskararen mintzatzeko eta eskiribatzeko moldeak eta diferentziak utzirik: zeren hek azala ta lorea bezala baitira: har ezazu liburutto hunen fruitua, barreneko mamia"...

Kulturazko erreboluziñoa

JAKIN-taldeak —eta taldea aitatzeari JAKIN mogimenduaren euskarri ta pizgarri diran ainbat euskal gazte jator aitatuten doguz— euskal kultura benetan artu dau. Euskalerriaren kulturazko erreboluziñoa artu dau JAKIN-ek bere gain: zeren ikusi dau-ta ikusi erri baten erreboluziñoa ezin daitekeala airoso aurrera atara, erriaren izakera eta pentsakera, bere kultura, arrotu ta sasoitu barik. Kulturak emongo deutso erriari nortasuna eta berez determinatzeko indarra, libertadeaz baliatzeko eldutasuna.

Or dauko, ain zuzen, JAKIN-ek bere egiteko garrantzizkoa: euskaldunok beste erriek letxe kultura bizi bat izan daigun alegindu. Xede txalogarria!

Europa ta Filosofiaren kondaira - I

Euskera gai dogu Merkatu Komuneko "sei" andiekin tratu eta artuemonetan sartzeko be... Ekipoan, taldean egiñikoa da Europa liburu interesgarria. Europeismuari buruz idea garbi bat emoten dau. Gaurko euskal literatura berpiztuan etorkizun dizdiratsua dauken gazteak parte artu dabe bertan. Eta onek dira liburuaren atalak: Itzaurrea, Europa gure erria, Europa-ren izaera edo ideia, Europa-ren alkartu naiak ixtoria zear, Europa-ren bidekurutzetan, Pio XII-gna. eta Joanes XXIII-gna. eta Europa Alkartua, Minorien izkuntza eta kulturak Europa Alkartuan, Txina ta Japoi Europa-ren dirdaripean, C.E.E. ta laterkideen eskubideak, Politika estrukturak europear alkartasunean...

229 orrialde ditu, eta salneurria: 55 peseta.

"Euskal soroan liburu asko falta zaizkigu oraindik", diñosku Zabaleta jaunak itzaurrean. Dana egiteko dago. Baiña, bein da barriz, JAKIN-talde gazteari ez iakoz ausardia eta kemena falta biar astunari ekiteko. Eta, gaur au eta biar bestea, Filosofiaren Kondaira oso bat eratuteko asmoa dauko, euskeraz. Oraingo au lenengo alea dogu. Monografi gisan dator. Euskera jatorrean emona dago eta terminologia ere naiko politto. Egilleak gazteak doguz, bat ez beste. Sail oneek ditu liburuak: SOKRATE AURREKO FILOSOFIA, LEN ESKOLASTIKA, BARUCH ESPINOZA, eta HENRI BERGSON.

143 orrialde, 55 pesetan salgai.

Euskera gai da jakintzarako be

 Baztertu daiguzan geure artetik, eta bein betirako, edozelango sasi-profetaen mito pesimistak. Gero ta ausartago ta gero ta nor-ago agertuten iaku euskera. Euskera gai dogu gaurko gizarterako, espirituaren barrutiak urratuteko, jakintzaren korapilloak askatuteko eta animaren ondoak aztertuteko. Ori da JAKIN-ek argitaratu barri dituan euskal liburu sakon bi orreek adierazi gura deuskuena. Ez dogu tituluetan begiak ezarri besterik: "EUROPA", "FILOSOFIAREN KONDAIRA".

Ikusten dozuenez, ba ditugu euskal liburuak. Baita be euskerak eta erriak iraun daien aleginduten dan gaztedi sendo bat. Baiña ez da naiko. Erriak, euskaldunok daukogu erantzuna. Asi gaur bertatik zeure euskal liburutegia osotuten. Irakurri euskeraz. Eskatu adierazi doguzan liburu barri eta sakon biok zuzenbide ontara: Dirección de JAKIN. Arantzazu. OÑATE. Guip.

Eta, bitartean, biba zuek, JAKIN-eko gazteok. Ba dogu entzutea beste liburuen batzuk be gertu daukozuezala publikatuteko. Ekin eta jarrai ondoezik barik!

ERLAIZ

***

ERLAIZ-ek aitatu deuskuzan "Europa" eta "Filosofiaren Kondaira-I" oneetaz gaiñera, JAKIN-taldeak ba ditu bere ardurapean beste liburu batzuk be oso interesgarri zeure euskal liburutegirako.

1. Jainkoa —Kristau Fedearen Sustraiak—

luis villasante.

207 orrialde, 40 peseta.

2. Ipuin-barreka —Euskaltzaindiak saritutako ipuin-txorta—

felix bilbao.

280 orrialde, 40 peseta.

 3. Lau Ebanjelioak

mendizabal-goitia.

48 peseta plastikoagaz, 42 plastiko barik.

4. Euskal-Aditza Gipuzko-bizkaierak—

joseba intxausti.

40 peseta.

5. Gero —euskeraz eta gazteleraz—

axular. a. villasante-k eratua.

783 orrialde, 250 peseta.

6. Euskera

i. omaetxebarria.

230 orrialde, 70 peseta.

7. Elorri —1964'ko Jose Antonio Agirre Saria—

bitoriano gandiaga.

225 orrialde, 64 peseta.

8. Elorri

a. anasagasti-k erderara itzulia

135 orrialde, 25 peseta.

9. Unamuno ta Abendats

xalbatore mitxelena-ren liburu "ezezaguna".

Bialdu beti zuen eskariak zuzenbide onetara:

JAKIN — Arantzazun

OÑATE — (Gipuzkoa).