ANAITASUNA

URTARRILLA (1) 1966 — XIII URTEA — N.º 131

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: Bilbon. — Arantzazuko Irarkolan.


Prensako lege baten eske

Ministroen Billerak Prensako Lege-proiektua Kortes-etara eroan dabe, oneek aztertu eta erabakiak artu daiezan. 1938-tik onuntz izan da orren gosea.

Ecclesia berbetan

"Orain dauke aldizkariak eta danon onerako diran gauza oneetariko eskua dauken personak, beren iritzi agiriaz-edo berak lana egiñaz, legegilleeri lagunduteko ordua. Emondako legea bete bear dauanari jagoko egiten ari diran legea aztertu eta dizkuziñoan jartzeko eskubidea, eta batzuetan, ori bere lana izango da benetan. Ortarako doaz urrengo lineak" (Ecclesia-tik, urriak 30, 1965).

Linea oneitan auxe esaten da gitxi-gora-bera:

1.—Etorri datorken lege orren bidez aldizkari-enpresak egin daikee. Eta oneek beren zuzendariak askatasun osoz aukeratu daikeez. Ez jagoke Gobernuaren zensurarik, eta alan ezkero, juzgaduetara joan daiteke.

2.—Baiña legeak beren akatsak baditula emoten dau. Zabaldu baiño ordubete lenago aldizkariaren ale batzuk Goiko Ofizinetan itxi bear dira (12-gn. art.). Erbesteko jakin-bideen lanak ajentzi bakarrik emoten ei jakoz (49'gn. art.) Aulan jakin-bide orrek Gobernuaren menpean gelditu bear dabe.

3.—Gaiñera, ez ei dago askatasunik geure gizarteak daukana legea eta Gobernuaren lana bear dan moduan juzgetako (2'gn. art.) Onek ez dau emoten Aita Santuaren iritziarekin bat dagonik. Burruka gogoak biztutea Prensaren lana ez da. Baiña bere iritziarekin aginduten, ondo aginduten noski, asko lagundu leikioe Goikoeri.

4.—Aldizkari bat atara gura daben instituziño guztiak, ortarako beste ikazera bat —empresa informativa deritxoana— osatu bear dabe (16'gn. art.). Legekeri geiago litzake, ta dana lana zaillagotute-ko besterik ez.

5.—"Teknika, zientzi edo profesiño-errebisteeri" ez jake lege au bete erazten (21'gn. art.). Baiña edukaziño, erlijiño edo sozial-gaiak ez ei dagoz or sartuta.

6.—Askenik, Eleizaren gai berezieri ez ei jake jaromonik emon: Morali jagokonez, lokarri gitxi jarri ei dira.

Ori da ECCLESIA-ak diñona, labur-labur eginda.

Guk zer deritxogun?

Buru auste onek aspaldikoa dala emoten dau: 1938 ezkero gure artean ei dabil ibilli. Beste naziñoetan lez goiz jaioa. Baiña erbestean lege onek zabalik dago; azpaldi ontan. Gauza bien artean bada aldea: gu zai egon gara; arrek egin eben.

Alan be, bien ondoreeri begiratuta, gureak be bere alde ona izan daike. Lege oneek alan dagozala, erbestean abusoak izan dira ugari. Lege au erabiltzeko artean prestatu barik ete egozan? Guk, barriz, legea erabilli baiño lenago preparatuta egoteko aukerea izan dogu. Ondoreak ikusita gero esan aal izango dogu zein dan bidezkoena: ekiñez ikasi, ala ikasitakoan ekin.

Dana dala, bildur apur bat badala emoten dau. Osterantzean ez ziran izango orrelako baldintzak jarriko legean. Oraindik preparatu barik ete gagoz...? Geroari itxi deiogun erantzuna. Gu, bada ezpadan be, zai jarri gaitezan, jenteak nundik nora jotzen dauna ikusteko zai, gero bear dan lez jokatuko be beti zai.

Dana gure asmo onek, gure jatortasunak, bide orretik eroan daikee. Gure gizartearen jabe alkarrenganako maitasuna dala adierazi daigun. Gure gizartearen normak lagunurkoa izan bear dau. "Maite eta egin gura dozuna", iñoan Agustin Deunak bere urtekera jator batean. Maitasuna oiñarritzat badaukagu, ez dogu lagunurkoagandikako bildurrik euki bear.


Erriz erri

Bermio-tik

 Manuas-ko auzonean —Irazabaleta baserrian— bizi da euskal-erriko amomatxorik zarrenetariko bat, zarrena ezpada. Bere izen abizenak: Eskolastika Mendizabal Imaz. Eskolastika izen onek ba diñosku gure amonatxo zarra benetan be urteduna izan bear dauala. Gaurko neskatoak deskuidoan be ez dabe olako izenik eukiten da. Nik beintzat ez dot ezagutuen izen aro daukon iñor. Eta ain zuzen eun da iru urte beteak daukoz. Liburu santuak badiño Matusalen luzaro bizi zala edo olako bat. Baiña ez pentseu Irazabaleta-ko amomatxo zartxoak baiño osasun askoz gogorragorik eukiko ebanik bizitzaa zear. Bai zera...! Oraindik be ikustekoa da izan gure amomaren sendotasuna. Sollube magaleko aize garbiak badirudi aparteko kemen bat daukeela.

Lengo batean Bizkai-ko "Caja de Ahorros-ak" amonatxo oneri omenaldi bat egin eutson. Eta ain zuzen aparteko aparteko omenaldi bat. Omenaldi ortan alboko errietako beste amazazpi andra larogeta zortzitik eun da iru urteraiñokoak eta beste amazortzi aittitte zar larogeta irutik larogeta amabi urterartekoak. Jai ortan bizkor agiri zan gure amona Eskolastikaren alaba bat be larogei urtekoa.

Onetariko jaialdiak sarritan ez dirala ta edo, aparteko grazi bat euki eban danontzako. Jatordu a bai izan zala pelikuletan be ikusten ez dalakoa. Baiña gauza bat falta izan zala esango neuke nik: dantza apur baten falta. Asko eztala Santurze-ko ta Bermio-ko sardiñeraren dantzak Sopelena-n ikusiteko zoria euki neban, marmitako apustua egiten zaa bitartean. Ikusi barik ez da izan ain erreza sardiñerak dantzarako dauken grazia adieraztea. A bai zala dantza egitea. Eta Bermio-ko amona ta aittitte zarrak badakie seguru zer dan dantza egitea. Baiña, zoritxarrez, orduan ez eben euki dantza egiterik, azurrak ia apur bat gogortuta eukeezan da. Osterantzean bai izango zala gozoa orretariko dantza bat ikustea. Ikusteagaitik ni neuk eztakit zer emongo neuken be. Bai... egia benetan be!!

Guk be —berandutxu izan arren— jaialdi artan parte artu gura geunke. Beraz, Irazabaleta-ko amomatxo zartxoari gure asmo beteenak bialduten deutsaguz.

Deusto-tik

Deusto-ko Unibersidadeak Bizkaiko Diputaziñoaren baimena zuzendu dau ikastola ortan euskeraz irakasteko. Zorionez erri barruan irabazten doa euskerak bearrezko indarra. Izan be lotsagarria zan euskerazko katedrak Salamanka-n eta Zaragoza-n euki ta, ostera, euskal-errian iñundik be ez eukitea.

Baiña euskereantzako unibersidadeetako ikastolak ez dira bear bada inportantzikoenak. Euskerea gorde gura bada, erriko eskoletan irakatsi bear da euskerea. Osterantzean antziñako izkuntz zarrari pasa jakena —esate baterako, griego ta latiñari— gertatuko jako euskereari be: instituto eta unibersidadeetan erakusten dala ondo baiño obeto erakutsi be, baiña erriak ez dauala jakingo izkuntz orren gain arien be.

Ondarru-tik

Erri onetakoa aspalditik eusko eskola bat egiteko amesan egon gara. Atzoko amesa laster errealidade bat izango dalakoan gagoz. Beintzat orretarako alegiñ guztiak ipinten gabiltz. Ain zuzen oraintxe zabaldu doguz erriko etxe guztietara orri batzuk laguntza eskatuaz. Izan be eskola bat sortutea ez da edozelako arloa eta iñoz be batek bakarrik egin daiken biarra. Orregaitik zabaldu doguz erriko etxe guztietara papel orreek. Eztago zertan esan bearrik eskola batek erriko laguntasuna bear dauala, zergaitik, umeak eskola ortara ez badira bialduten, edo dirua eta propagandea ez bada egiten, bistan dago ezer be ezta daitekela egin Askok pentsaten dabe euskereak ez dauala balio ezertarako, eta, gaiñera, eusko eskoletara doazen mutil-neskak ia-ia derrigorrez atzeratuta gelditu bear dabela. Tontekeri oneek bañetan be tontekeriak dirala denporeak erakutsiko deusku. Eske eztago egon iñori derrigorrezko lege bat jarri bearrik. Gure eusko eskolarako borondate oneko euskaldunak gura doguz. Besterik ez da bear, borondate ona baiño.

Gernike-tik

DANTZA BARRIEN ESKE: Egunerokoetan agertu dira artikulu batzuk euskal dantza barriak geituteko seriketa baten barria zabalduaz. Orain arte —irakurri dogu— antxiñeko rentatik bizi izan gara. Erriak eta gaztediak edozein lekutan —bai mendian edo bai kalean— dantzatu ta abestu daikezan kanta ta dantza bearrean gagoz. Baiña dantza ta kantu oneik euskal-erriko usaiña eroan bear dabe. Orixe bera da kantu ta dantza oneik euki bear daben gauzarik bearrezkoena.

Asmo au lenengoz Bilbo-ko "Radio Popular-etik" sortu zan. Geroz, Bizkai-ko "Caja de Ahorros"-ek, "Junta de Cultura"-koek eta "Asociacion de Txistularis Vascos"-koek parte artu dabe euren laguntza eskeinduaz. Sortuko leitekezan dantza oneek irri-dantza edo barre egiteko dantzak izango zirala esaten zan lenengoz. Baiña geroz klase guztietako dantzak presentatu daikezala jakin dogu. Izan be euskal-folklorea olan errezago geituko da.

Dantza barri oneek ez dakiguz zelakoak izango diran; sariak beiñepein interesgarriak dirala esan daikegu, guztiz irurogei milla peseta bananduko ba dira, medalla, diploma eta onetariko beste gauza batzuk ezezik.


Idi-proben Kanpeonatoan "Antzua" nagusi

• Bigarren, Alejandro Braulio, 46 untzegaz.

• Irugarren, Braulio Bilbao, untze bardiñekaz.

Antzua nagusi

Azkoitin, San Andresetan Españia-ko 13-garren kanpeonatoak izan dira. Lau egunetan zertu ebezan indarketak: zemendiaren 27, 28, 29, 30-ean.

Eta bai, gizona ¡sekulakoak izan be!

31 pareja onenetarikoak bata ziran. 20 Bizkaitik; 11 Gipuzkoatik.

Proba-lekua benetan galania. Laguna eurrez joan da bertara, eta lau egunetan. Zer geiago gura...?

Azkoitiko idi-probak zarata andia zortu izan dabela, ze esanik bez. Ortik 31 bikote orrek. Baiña nor manta-jabe egingo ete zan? Benetan gozoa izan be, kanpeoi-mantapean lo zabal egitea; ba, bai manta-jabe, bai 16 izera, txapel bat ta kopa bi-jabe, "Antzua" jaso zan.

Goazen aztiro.

Ikeriya gartsu

Probak, esan dogunez, lau ekiñalditan izan ziran. Lenengo egunean, zapatuz. Ikeriyak jokatu zuan beren basia. Eta ez txarto gero; besteak urduri ta ortega jartzeko moduan ekin be.

Marka onegaz amaitu eban beren jarduna: 46 untze. Irabazteko txiki, orraitiño; baiña domekaraiño eztitan egoteko lain.

Garaitz merezia

Domekan 11 idi-bikotek neurtu eben euren indarra.

Ikeriya nagusi geldituko ete zan domekan be? Edota, B. Bilbaok, edo Antzuak "Ikeriyari baietz ondu"? Alan izan be, eta biak. Baiña ezatekoa da zerau: B. Bilbao-ren idi-tudankoak eta bai beste bikoteak be, ez zirala eldu ekarren famara. Eta esatekoa da au bestea be: gitxintzat egoala Antzuan idietan Azkoitiko irabazlaria. Gentia orretan egoan.

Baiña esanak esan, Antzua 49 untzeraño eldu zan. Eta izan be, esan agertu besterik marka ori ezeztu leikeanik. Agirian geratu da, Antzuaren idiak sekulakoak dirala. Ostera, B. Bilbaok 46 untze ta 1'35 m. bakarrik egin zituan.

Zarandonak potx

Astelenean bost bikote euren arri-eroateak egin zituezan. Espillak 33 untze. Zarandonanak 35 untze egin-egiñik bete ebazan, ikustera emonaz lengo idi kanpeoien akabue. Gero jo ta ke ekin eutsan Markiñako Asabelek, polit batean bukatuaz: 43 untze. Gabean, "Arantzetak" bakarrik marka ori ondu zun 46-ean jarriaz. Asteleneko azkena, Markiñako "Illaspe". Ez eban zer andirik egin: 35 untze.

Laguna eurrez

San Andres egunean, proben laugarren eta azken eguna ain zuzen, beste amaika idi-parek euren ekiñaldiak egin ebezan.

Laguna parra-parra egoan emendik eta andik. Egun ontan be, euria botalean jarraitu zuan. Goizean ekin eutsen Pedernales-enak, Bermio-koa, 40 untze egiñik. Arratsaldean Iturraranek 36 untze. Ostean, lengo kanpeoien aldia eldu zan: Basarrate, Erandiokoa. Onek ederto batean ekin eutsan, marka oso ederra ipiñiaz: 46 eta 3'05 mts. Eta alan Españiko subkanponatuagaz altza zan. Eta pena, proba-lekua euriakaz aro txarrean ziarduala, bestela...

Gaberantzian, euria botalean aurrera zala, proba-lekua txartuaz, Benjamin Alegria, Bermiokoa, agertu zan bere idi txikiakaz. Txikiak izetez, baiña antza baba zarra parra-parra janda-edo. Izan be, 40 untze ederrak egin ebezan. Ostean, Marzel Zarragak, Leoiko apaindutzaille andiak, 30 untze. Eta azkenez, Elustondo 28-gaz.

Alan ba, "Antzua" nagusi. Beren 49 un-tzeakaz Españiko kanpeoi egin da. Bere bizitzako lenengo kanpeonatoa.

Doian urtean proba onek eskuratu dauz: Abadianokoak, Zaldibarkoak, Gatikakoak, Getxokoak, Mallabikoak eta Elorriokoak; azken une bi onetan 200.000 ptas, irabaziaz gitxi gora bera.

Ezin ukatu "Antzua"-ren idiak apartekoak dirala, ta gero ta jatorrago agertzen dirata. Olan beite beti.

Kanpeoi txapela Bizkaira ostera be. Eta nun Giputxak?

Etxerre

***

Azkoitiko idi probetan zarituak

Untzeak Metroak

1.—Benigno Azpitarte "Antzua", Berrizkoa 49 1,50

2.—Alejandro Basarrate, Erandiokoa 46 3,05

3.—Braulio Bilbao, Lujuakoa 46 1,35

4.—Jose Urbieta "Arantzeta", Azpeitikoa 46 0,00

5.—Antonio Esturo "Ykeriya", Mendatakoa 46 0,00

6.—Antonio Iturbe "Sorarrain-zar", Asteasukoa 44 2,95

7.—Luciano Lazamiz, Busturikoa 44 2,15

8.—Jose Guisasola, Markinakoa 43 2,00

9.—Javier Idiakez "Santuaran", Iziarkoa 43 0.00

10.—Braulio Bilbao, Lujuakoa 41 0,10

11.—Gregorio Irastorza "Egi-eder", Renteriakoa 40 2,95

12.—Nikolas Pedernales, Bermeokoa 40 0,20

13.—Soraluze "Korta", Lasartekoa 40 0,00

14.—Benjamin Alegria, Bermeokoa 40 0,00

15.—Juan Urresti, Arronakoa 39 3,90

16.—Domingo Erkizia, Ibaeta (Sn. Sn.)-koa 39 0,90

17.—Braulio Bilbao, Lujuakoa 39 0,30

18.—Marzelino Zarraga, Lujuakoa 39 0,00

19.—Antonio Sarrabe, Markinakoa 38 2,70

20.—Mikel Lasa "Otzaka", Iraetakoa 36 3,90

21.—Jose Gandiaga, Markinakoa 36 2,10

22.—Rafael Zarandona, Mungiakoa 35 0,15

23.—Gregorio Bascaran, Markinakoa 35 0,00

24.—Juan Aguirreamolloa, Markinakoa 33 0,00

25.—Antonio Barrutia, Azpeitikoa 33 0,00

26.—J. M. Juaristi "Usula", Azkoitikoa 30 3,40

27.—Braulio Bilbao, Lujuakoa 30 2,40

28.—Jose Elustondo, Zarauzkoa 28 1,15

29.—Juan Maguregi "Laitu", Markinakoa 21 3.50

30.—Toribio Guarrotxena, Rigoitikoa 18 2,60

31.—Luis Olano, Bermeokoa 16 2,00


Muxike kantari

Muxike: txoko kaxkarra, bai, baiña bertsotan ez makala. Eta ori, barriz, len eta orain. Lengoan, or daukogu Kepa Enbeita, gure "Urretxindorra". Noren gogoan ez dago gero, gure Kepa andia? Ziur nago, denpora artako aren entzule guztiak, biotz barrenean pil-pillean daroela orain be, bai aren gizon-tankera zintzoa, bai aren bertso egokiak, bete ta alaitsuak.

Eta orain? Ain ugari perritxikoak be ez dira. Sikeran, au ikustean biotza poz-saltoka jarriten da. Eta ikustea nai, barriz, orixe bera, beste erri askotan. Bai, perretxikoak baiño ugariago.

Arritzekoa da benetan Muxikak daroan errestasun au bertsoak egiteko. Eta bai arritzekoa be gure erriaren doai au, ontasun berez au. Eta benetan estimagarria. Gure erriaren berezitasunen artean, auxe da, noski, jatorrenetako bat.

Geienetan gizon oneek kontuxu, ez jakin edo eskolabakoak dora. Alan Muxikako geienak be. Eta danok galdeturik gagoz, zelan asmatu daikeen, bat-batean eta aurretik pentsatzeko asti barik ain bertso ugariak eta ain bertso egokiak... Doai au benetan arritzekoa da izan be!

Goazen orain Muxikeko bertsolarien izenak emoten. Emen bakar-bakarrik konkursuetan presentaturikoak jarriko dotaz. Ara:

Lopategi, Bizkaiko txapeldun. Balentin Enbeita, Abel eta Jontxu semiak. Gero Iturri anai biak, sei. Sardui, zazpi. Ajuria, zortzi. Ta Ibarguengoitia, bederatzi.

Tire! moltzo politte, e?

Urrengoan edo bakoitxaren barri.


Mundua mundu

Ille oneitako gertaerarik nagusitxoenak Errodesi-n —erderazko Rodesia-n— gertatu dira. Ezta gaurkoa onen entzutea. Aurrean daukot orain urte bi egunerokoak zabaldu eben fotografi bat: inutil baltz galanta erdi makurtuta, aieneka, polizi-txakur batek atzekaldeko bigunean ainke egiten deutsolako. Fotografi barrenean alan diño: Salisbury-n, Norteamerikako Birmingham-en lez, gizon zuriak polizi-txakurren laguntzaz eutsi nai deutso baltzen gaiñ daukon aginteari. Salisbury, jakiña, Errodesi-ko (garai batean Errodesi Azpiko) kapitala dogu, uriburu.

Errodesi izena ekarri deusku ba oraingo ontan be, Afrika-ko aize beroak. Lurralde ori Afrika bekaldean daukozu: Espaiñia-ren lautatik iru bai luze-zabalean bere ia lareun kilometro kuadradokaz; bizileku zabaltxoa or bizi diranentzat: ia irureun milla gizon zuri ta lau bat milloi baltz. Nolabaiteko bakean ziarduen beren biarretan, zuriak nagusi ta baltzak esaneko, Inglaterra etxejaun ebela.

Aspalditxotik etorren baietza ta ezetza. Ian Smith-ek, Errodesi-ko gobernu-buruak, baietz, emon ezean artu egingo ebala askatasuna Errodesi-k, eta zuriak len lez agintari iraungo ebela. Inglaterra-k barriz, "begira gero olakorik egin", aginpideak zuri ta baltzen, danen gogora bear ebala izan-da.

Ibilli dira Wilson inglesa ta Ian Smith batean emen, bestean an, auzi nonola konpondu naian. Nai bai! Azkenean, aspertuta, Errodesi-ko Smith-ek "gu garala emen erabateko jaun-da jabe" esan dau ta kitto. Askatasuna txampan-da guzti ospatu dabelako otsa be izan da ta! Etorkizunak dakarrena txanpan edatea balitz bai majo! Bildur naz ordea ala izango ez ete dan. Ara zergaitik.

Zuriak, mordoska besterik eztira ta alan be ganadurik geiena berea dabe, berea lur-langintzarik aberatsena (amalau milloi ektarea dauzkez); industri barri dana, zuriena; gizon zuriak bakarrik egin daitekez bere gogora Unibersidadeko ikasketak, ta gertatzez ia beti aginte-makilla bere eskuetan dauko. Baltzak barriz, lau milloi izanarren, lurretan ogei milloi ektarea dabez bereak eta esanera bizi dira, gobernuan zerikusi aundi barik, beartsu ta ez-jakin ein diralako.

Ikusten danez, betiko kontua. Zibilizatze-lana norbere pratikera betetzea da lenengo, ta urrengo, lagun-urkoari on egitea. Baltzak eztirala oraindik beren burua gobernatzeko gauza? Zertan ibilli dira ba oraiñarte orreen maixutza artu dabenak? Unibersidadeko ateak ia erabat itxi ta politika-arazoetan ia tutik erakusten ezpajake, gero be jarraituko dabe gaurrarteko ez-jakintasun eta gauza-ezean.

Egia da, eginduten egoteko gai eztanak lenengo gai izatera iritxi bear dau, ta iñoiz nagusitzara allegatzen bada, orduan erakutsi bear dau gaitasun ori, beste edozeiñen eskubideak —egizkoak baldin badira beintzat— zapaldu ez baiña gordeaz, alik eta ondoen begiratuaz. Orregatik, arinka ibiltzeak kalte egiten deutso naziño barriak norbere eskuko biurtzeari: aor Kongo oraintsu. Gogoan euki bear da ordea, onen errua mutikoak —esate bat da— beti beren mutikotasunean euki gura izatetik datorrela. Ori eztago ondo: mutikoak gizon bear dau egin, eta naziño batek bere eskuko, zuri gutxi batzuen eta lau milloi baltzen onerako, danen probetxurako. Ala gertatuko al da Errodesi-n be.

A. ZURUTUZA


Apaiz-biargiñak barriro

Pasa dan illeko eguneroko, asteroko eta beste errebista klase askok gai onetaz beterik ikusi doguz. Erradioak be egin dau ondo majo berba barri onetaz.

Lenago be ba-ziran

Orain dala zazpi urte Erromako mando nagusiak alto bat emon eutsen apaiz-biargiñ oneri. Zergatik? Apaiz baten biarra obreru-biarra ez zala ta? Txarto informatuak euezelako? Diskutidu leiken gauza bat da au. Dana dala, kritikatuak izan ziran parte onetatik. Komunistak iñoen: "Elizaren espiak dira oneik". Baiña ez ziran bakarrik komunistak apaiz-obreruen kontra euezenak. Eleizaz barrutik be ba-zan alkar ezin-ikusia. Erromako konserbadoreak laster makillatu ebezan apaiz-biargiñ oneik euren kritika gogortxuekin. Azpijan aundia egin eben eta azkenian lortu eben fabriketatik ataratea.

Asarretuta?

Eun bat apaiz ziran alto egiñirikoak. Apaiz-biargiñ oneik Erromako deiari obedituko ete utsen?

Egun itunak areek, batez be, barruz ziren apaiz eliz-gizonentzat. Geienak jaso eben abotsa ezebela ontzat ikusten esanaz eta "ESKUBIDE EBELA BIARGIÑAK DAROAN BURRUKA ZUZEN. ORTAN BAT EGITEKO". Geienak entzungor egin eben Erromako aginduei eta euren gotzaiekin urratu ebezen artu-emonak. Egia esateko apaiz-biargiñak be ez ziran ain ondo portatu. Batzuk komunisten atzetik joiazan. Ideiak ez ebillezen ain garbi, batez be apaiz-biargiñ ez formatuetan. Ronkalli bera be bildurtu egin zan eta bildur ori Erromara bialdu eban. Au dala-ta, ba, ezin geinke "alto" egitearen kulpea goikoari bakarrik bota.

Gaur, barriro

Emen be Konzilioko aizeak ondo ikusten doguz. Uste dogu gauza ondo pentzatua izan dala au. Eta azkenean ara, emen esperientzi barriaren aspekto sustraitsuenak:

1) Apaiz mordotxo batek libre dauke eguneroko jornada guztian fabrika aundietan biarra egitea.

2) Eguneroko biarra, jornala irabaziaz, iru urte barrurako da bakarrik. Esperientzi moduan emoten da baimen au.

3) Apaiz-biargiñak Ebanjelioa zabaldu bear dabe lenengoz fabrika-bierra eginda. Au da apaiz-biargiñen lenengo biarra eta misioa.

4) Augaitik apaiz-biergiñ onen aukeratzea esijentzi aundiak izango dabez: formaziño ona, biarrian oituak eta Eleiza asko estimatzailleak. Komunidadean biziko dira. Acción Católica-rekin ondo lotuta egongo dira.

5) Apaiz-biergiña alkartu edo sindikatu leike, baiña ez da izango akziño sindikal baten buru edo erresponsable. Erresponsabilidade ori militantientzako da.

Berbiztuera

Esperimentaziño bat lez ipiñi bada be, uste dogu aurrerapen aundi bat emon dabela Eleizak pastoral kontuan. Eleizaren bildurrak uxatuten ari dira.

Baiña permiso au emotean gauza kurixoso bat ikusten dogu: erresponsabilidade barri au artu dabenak Frantziko obispoak izasi ei dira, ez Erromako Kuria. Erromak permititu egin dau, eta konforme egon da materi onetan, baiña zirikatu dabenak Frantziko obispoak izan dira. Eta onek esan nai dau Obispuen kolejialidadea —Konzilioan aprobatutakoa— egitez bizi dala, errealidade bat dala. Erromako Kuria modo barrietan obraten asi da. Au dala-ta asko poztuten gara.

Ondoreak

Orain Eleizak esperientzi on bat izango dau. Ona eta argia. Eleiza geroago eta geiago pobreentzat izango da. Esperientzi onekin Eleiza aberaztu egingo da pastoral eta obreru kontuan. Eta erabaki igerriagoa emongo deutse problema onei.

Uste dogu baimen au, apaiz-biargiñen baimen au, Konzilioaren frutu eder bat dala. Eta oraindiño onelako frutu asko gagoz itxaroten.

Karmel


Pararraioak baserrian

Oraindik asko ez dala, ez dakit nun, artikulu pikantetxu bat irakurri neban. Ta pentsatzen ta pensatzen, artikulu aretxen gain beste artikulotxu bat zuentzat idaztia pentsatu neban.

Artikulu arek auxe iñoan: Euskal-errian ez egoala baserririk onezt-orratzik (pararrayos) eukanik; edo beintzat, berak ez ebala iñun ikusi. Eta nik be auxe diñotsuet: ainbeste baserri ikusi arren ez dot sekulan oñezt-orratzik baserri etxe gaiñean ikusi. Zuk bai, irakurle? Ikisu badozuz be, esku bateko antzamarrakin kontatuko neukezala uzte dot. Ez al da egia?

Auxe dala ta burutaziño batzuk egingo dodaz: Oñeztarriak zenbat eta zenbat kalte egin ete dau gure baserrietan! Oñeztarriaren bidez zenbat eta zenbat baserri erre ete dira Euskal-errian!

Oraintxe dala sei bat urte oñeztarri bat jausi jakun geure kortan eta pozik geu bertan tragau ez genitunian, baiña kortako txal ederrenak bertan siketu ebazan.

Ba, irakurle, atzeratasun bat deritxat gure baserriak oñezt-orratzik ez aukitea.

Oñezt-orratz bat ez da asko kostaten. Ta gaiñera bein baten ipiñi ezkero ez dauko beste kasturik. Orratz miragarri onek ez dau sekulan txakurtxiki bat gastatzen.

Gure baserrietan milla bider ikusiak gagoz orratz au baño gausa garestiagoak. Baserri guztietan ikusiko dogu txakur ederra; ta sarritan baten ordez bi edo iru. Ta ez uzte gero txakor bat debalde erosten danik! Jakiña da zelan txakur batek, gizon baten aña jaten dabela. Ta kontuak etara baten ordez bi edo iru edo geiago badira.

Nik uste oñezt-orratza txakur bat baño onuragarriagoa dala baserri batentzat ta au asko be gitxiago kostata.

Zenbat motor ete dagoz gure baserrietan? Danok dakigu asko dirala. Baña konturatuten zara motor bat zenbat kostaten dan? Motorra bearrezkoa da baserri askorentzat eta poztuten naz eurek ikisita, baña esan gura dotena da, oñezt-orratza be bearrezkoa dala ia ain merke izanik, lastimea da gure baserria bere magal pean ez egotea.

Ta azkenik, gure baserria oñazt-orratz baten aspian badago, baserritarrak, bere etxean, ez dau oñeztarriaren bildurrik izango. Trankil eta patxada osoan jarriko da sutondoan, ekaitza kanpoan orruaka ta trumoi-otska dabillen bitartean.

Barrenetxea


Urte bat joan eta bestea etorri

Urtero, zori txar eta onak, bakotxak bere partetik, ainbat barri ekarten deuskuez.

Joan jakun urte onetan be, munduan egunero atara al izan dira aldizkariak erruz, ta bete-beteak. Beti euki dabe zeozer esateko antza.

Besterik ez bada be Vietnam-go gertakizunok beintzat ez dira, emoten dauanez, iñoiz be agortu bear. Bertan zer gertatuten dan iñok be aituko ez dauan arren, —nik neuk beintzat ezin dot— idatzi dira idatzi, toneladaka papelak munduan bera dala-ta.

Santo Domingo-ko ixtilluak, Grezia-ko gora-berak, Errusi ta Txinan arteko akiakulak, Rhodesia... Zenbat gauza urte bakar baten ta bakotxean.

Aztu ez dakigun emon daiogun begirapen bat amaituteko daukagun urte oneri. Zer ekarri deusku?

Egun gomutagarri batzuk

Uztarrillak 24: Estadu-gizonik onenetarikotzat eukia izan dan "Churchil" ilten da.

Zezeillak 20: "Ranger 8" sateliteari eskerrak, itargiari beste arpegia be ikusi deutsagu. 7.000 erretratu atara jakoz.

Epaillean: Illaren 3-an, Españi guztiko unibersitariuak oporketan. Emeretzigarrenean, Ruso bi satelite barruan lurrari jira-biraka. 25-ean beste "Ranger" bat illargiratuten da. 29-an Chile-ko lur-ikara bildurgarri baten 400-bat ilten dira.

Bagillak 2: "Geminis IV", beste gizon bigaz munduaren biran.

Garagarrillak 17: "Mariner IV"-garrenaren bidez Marte-ren lenengo erretratua atara al izan da.

Egun onetan bertan, Greziako gobernuaren ixtillu luzeak asten dira.

Iraillak 14: Konzilioak azkenengo saioari ekiten deutso. Eztakigu ondiñokarren noiz arte iraungo dauan.

Urrillak 4: Paulo VI-garrena ONU-ra bidean.

Abenduak 8: "Vatikano II" amaitu egiten da.

Astera goazen urtean

Bestietan lez urte onetan bere, ordu atsegingarri ta atsekabetsuak igaro bearko doguz.

Egun alaiak izango jakuz —Jaungoikoak gura badau— esatebaterako, norbere urte eguna; erriko jaiak; aidekoren baten eskontza edo jaiotze egunak, ta beste amaikatxo.

Beste batzuetan agiñetako miña dala, edo tripetakoa; arazoren batek estututen gaitula... Batek daki zer, baiña atsekabetan ibilliko gara.

Atsekabe guzti oek poztasun biurtu al izango bagenduz!

Ta badakigu —esate baterako ama batek— bearrik gogorrenean izan da be, semienganako maitasunak eraginda-edo diardunean, ez dabiela samintasunik artuten? Eta zuk ezin izango ete dozu ba zeure nekietan iñor maitatu.


Agraria-koeri dei bat. Erri-bidea ala tren-bidea?

Nik bestean entzungo zenduezan berba oneek. Gaur eguneko programa ta errebista guztiak bere eko eginda dabiltz. Bai, antza badago jentea lagundu guraz edo...!

Gure artean baserriak auki dabe lagundu bearra. Ikustea baiño eztago zelan dagozan baserri asko. Bizitzeko etxeak baiño askotan beste zeozer baten antza eukiten dabe seguru. Gaur be oraindik ainbet egin leiteke, gizonari jakozan kondiziñoetan jartzeko.

Zorionez baserriak —astiro eukita be— geroago ta laguntza geiago dauko. Egin diran alegin txalogarriak agirian dagon egon or-emen. Baiña batzuetan utsunek be egoten dira; ta gaur onetariko bat adierazten natortsue. Ara.

Muxika'n bada auzone bat (ta ez ipuin moduan, egiz baiño) aspaldi bere bide zabalerako bidea zabaldu naiari. Aratu ditu baster guztiak laguntza eske eta esku utsean agertu da azkenengo orduan.

Bide au "erri-bide" edo "anda-bidea" da. Iñok ez daki zenbat urte dittuan. Metro bi ta erdi bat zabalera eukan eta auzonetik bera zortzireunen bat metro. Beti basatzan ibilli bearra zegon euri apur bat egin ezkero eta batez be neguan ezin eikean pausu bat seguru emon.

Derrigorra zala eta baserritarrak iñok lagundu gurarik eztuala jakiñik, eurak euretara egitea erabaki eben. Eta bai tan egin be! Iru egunean zabaldu eben lau metroraiño eskabadora bategaz. Danak pozik egozan aurtengo neguan taxis'ak etxera etorteko moduan egongo zala bidea ta. Baiña gauzak txarto urten dabe. Arria botateko egozala ara nun datorren tren-bideko kapataz edo nik ez dakit zer. Agur itxaropenak! Bidea itxi egin bear zala metro ta erdian.

Len baiño basatza aundiagoa eta boltzikua zulotuta gelditu dira baserritarrak. Zaarrak diñoenez "erri-bidea" amalan oiñ ei da eta amalau oiñ lau metro dira ta ez metro ta erdi. Ta "erri-bidea" trena baiño ariñagokoa da. Lenago gizon bat egoan paso aretan tren orduak zaintzeko, baiña gerorantz kendu eben. Ordutik ona burdi batzuk arrapatu dittu trenak, baiña ez automobillik. Badakigu arriskuan dagoana, baiña ez automobillentzat bakarrik.

Arriskua dago, bai, badakigu. Baiña ezin leiteke arrisku barik ipiñi? Ezin legike gizon bat jarri lengo antzean? Edo ezin leiteke estaziñotik semaforo bat ipiñi, edo tablero bat tren orduakin?

Nik eztakit ze soluziño izango dan onena. Bakar-bakarrik itaunduten dot "erri-bide" au ez obetutea baiño beste soluziño obeagorik billatu ezin leiteken.

Bai tren-bideak ta bai baserriak be, bakoitzak bere deretxo ta bete-bearrak daukoz. Au ikusiaz, nik itaunduten dot: derrigorrezkoa ete da "erri-bide" au orain arte lez itxitea, tren-bideko deretxo ta bete-bearrak gordeteko? Ezin leiteke beste soluziñorik billatu?

Bear bada arlo au borondate apur bategaz arabagi daiteke. Ni borondate on ori billatuten noa.

Irrintzi


Euskalerriko ipuiñak

Peru ta Mariye

Peru ta kriaua jun ziran egun baten basora egurretan. Te Peru an ebillen buruz bera. Igerten yakan buruan zeozer ebillena. Ta esan eutsan kriauak ze:

— Peru, ze, gaur motel edo..., zer jasoten yatzu ba?

— Bai ba, buruan sartuta daukat niri emazteak ezteustala asko gura. Ta gura neuke jakin orixe, zigur, gura deustan edo ez eustan gure Mariyek.

— Bai e? Ba ori jakin giñeike ba.

— Baiña zelan baiña, zigurtadiaz zelan? Nik gura neuke jakin ba.

— Ba egizu neuk esaten deutsudana, ta jakingo dozu. Zeuk entzungo dozu berak zer esaten daben. Ba egingo doguna da, zu amen egur-txortien barruan sartu, da tapau-tapau eginda egongo zarielez egurrekin, ba iñok eztau jakingo an zoiazanik, ta neuk eruango zaitut lepuen etxera, ta an itxiko dot beien, ta esango deutsat Mariyeri: Mariye, eztakizu asko zer pasau dan! — Zer ba, zer pasau da ba? — Peru il da.

— Bueno, ondo da, ondo da, egin ordun orixe.

Esan da izan. Eman eban kriauak egur-txortien barruan, ta eldu zanien etxera itxi eban beian, ta esan eutsan Mariyeri ze:

— Ai Mariye, Mariye, eztakizu gaur ze jazo dan!

— Zer jazo da ba?

— Ba Peru il da!

— Peru il? Baiña zelan ba? Baiña sano jun dan gizona, baiña zer euki dan edo zelan izan da ba ori? Da eztau berbarik aurretik egin edo eztau ezebe esan?

— Bai, esan deust ba gauza bat.

— Ta zer esan deutsu ba?

— Ba biok alkarregaz eskontzeko.

— Ene! Gure Peruk ori esan?

— Bai, bai. Orixe esan deust.

— Ta zer diñozu ba, kriaua?

— Ba, zeuk gura badozu, Mariye, ni prest nago.

— Ene! ba orduen egin egin biarko dogu ba. Ainbat ariñen ordun. Ainbat ariñen ipiñiko ditugu geure ezteguok.

Ta Peruk ori entzun ebanian, egur-txortien barrutik:

— Ai Mariye, Mariye, ori izan da zuk gura izan deustazun guztie?

Ta Mariyek erantzun eustan:

— Nik, Peru, asko be asko gura deutsut, asko be asko. Ba pentsau egizu ba zenbat gurako deutsudan: gura ezteutzadan kriauaz be ezkontzeko be prest egon naz zeure esana egitearren.

Ibarrola-tar Teri

(Magnetofoiz artua)

***

Euskal ipuiñak diskoetan

Columbia-etxean atara dabez oraintzu, disko bitan, zazpi ipuin euskeraz.

Izan be, Ibarrola-tar Teri-ren ipuiñ oneik, euskal-folkloreko kanteratik eta erriaren mitoetatik ataratakoak dira.

Ibarrola-tar Teri, Murelaga-Aulestia-ko alaba dozu. Bere berba-tankera zorrotza, erreza eta elegantea da. Deklamaziñoa be goxo-goxoa eta erriak dauan pipermiñez betea da.

Disko oneitan gizonen abosa alkar-berbetak egiteko— beste artista-laguntzailleak be agiri dira. Ara: Luis Villasante, Jose Manuel Uriaguereca eta Carmelo Aulestiarte.

Bizkaiko euskeran dagoz. Euskera errez eta garbian. Berba bat be ez da galtzen.

Disko interesgarriak benetan oneixek!


Gabon abestiak [Bertsoak]

Dan, dan, dan, Jose eta Maria

Oztatu billa Belen'en

Dan, dan, dan, gaubeko amaiketan

Dan, dan, dan, atia joten.

Eta barrutik, dan, dan, ¡asarraz!

Gogor dautse erantzuten.

¡Dan, dan, dan, gaubeko amaiketan!

Dan, dan, ¡zer dakazue emen.

Dan, dan, dan, txiro ezkale bi

Otsez dardaraz da gosez.

¡Arren atia edegizue

Erruki zaiteze gugaz.

Baiña barrutik gogor dirautse

¡ez daukagu lekurik, ez!

Negu gorrian Gabon gaubean

Kalean itxiten dabez.

Edurra eta aizea otza

Kalean oztatu gabe,

Alango baten estalpe zaar bat

Nekez aurkituten dabe.

Belen'go urian egonagaitik

Asko ondasunen jabe,

Astotxu zaar bat eta idia

Beste laguntzik ez dabe.

Gabon gaubean amabietan

Lastozko askatxo baten,

JAUNEN mirariz, Mariagandik

JESUS Aurra da jaiotzen.

Aintza Goietan Bakia emen

Aingeruak abestuten,

salbagillea jaio dala ta

Artzaiai dautse deituten.

Pozez beterik jo daigun danok

Dan, dan, dan, Belen'go atia,

Jesusek nai dau borondate onez

Beragana juatia.

Batak besteai Maitasunezko

Biotzak erakustia.

Gura badogu orain da gero

ZORIONEKO IZATIA.

Enbeita'tar Balentin


Andrak arrazoia dauke

• Andran biarra ezin daiteke gitxiago ordaindu.

• Kaleko andrak egunero zortzi ordu egiten dabez biarrean.

• Baserrikoa, barriz, bederatzi.

Gizonezkoak sarri andrazkoak ezer eztabela egiten edo, beintzat, biarraren izena emoteko moduko gauz gogorrik eztabela egiten pentsetan dabe. Au azaletik gauzak ikusterren da. Beti lez, izango dira ezer egiten eztabenak be; gizonezkoak be ba-dira izan-ta; baiña onek ezer be eztau esan gura.

Esate baterako, ikusi daigun edozein etxeko ama baten eguna. Eztauka geldi egoteko momentu txiki bat be. Goizean asi, ta gabaz berandurarte, bear bada, au ta bestea egiten jardungo dautso. Ez ete da gero ori bier egitea, ta bier geiegi egitea!

Klase bitako kargak gaitik izaten da andrazkoaren bier geiegi egin bearra. Klase bi, baiña biak alkar osatzen dabenak: etxe barruan egin bear diran zeregiñak eta, profesiñoen bat daukenak, profesiño orretan bete bear dituenak.

Zergaitik bier geiegi daukoen, geroago ta obeto dakigu. Esate baterako, kaleko emazte batek, semerik ezpadauka, astero 53 orduko bierra egin bear dau (au da, egunean 7 ordu). Baserrian barriz, 64 ordu (9 ordu egunero). Ta iru seme daukazan ama batek kalean 75 ordu astero (egunero 10,7); baserrian barriz, 82 ordu astero (eguneko 12). Ta askotan bier gogorrak, geroago ta errestasun geiago euki arren. Batez be, iñoiz amaituten eztiran zer egin txiki orreek, ta ama-tu-ta gero ezer eztala egin ta penaz ixten dabezanak.

Onenbeste ordu sartu bearraren arrazoiak asko dira: bada bat etxeko bierrak egiteko ekipoak eztiralako naiko onak; antzeran ikusgarriak izan arren, manejoan gatxak eta, sarri, gizonezkoentzat egin-da ba-legoz lez diseñatu-ta dagozanak. Gañera, ekipo orreek gitxi zabaldu dira ondiño, batez be erri klase batzuen artean.

Beste arrazoi bat: gaur bizitzak eztagoz egon be sobran. Ta, zoritxarrez, txikiegiak izaten dira, insonorizaziño exkazdunek, kariegiak izaten dira; ta, batez be barriak diranean, etxeko andrearentzat eguneroko buru-austeak izaten dira. Ta, oindiño, etxekoandra baten bierra ezer ezpalitza lez ikusten jarraitzen dogu gaurko mundu ontan. Ama bada, gañera, bakarrik sentiduko dau bere burua, bere gaian artu bearko bai dau semeen edukaziñoaren erresponsabilidadea beste zeregiñen ganetik.

Ta profesiñoen baten sartu-ta dabizen andrazkoak? Egia da kanpoan bier egiten dakienak bentaja asko daukezena: ondo irabazten ba-dau, etxe bierrak egiteko laguntza bat topetako moduan aurkitzen da; etxe bierrak ordena aundiagoan eroateko kapazidade geiago izaten dau ta, batez be, eguneroko txoke edo kontrariedadeagaitik ardura larregirik ez artzen jakiten dau, bere profesiñoan ikasitako disziplinari eskerrak. Gañera, bere profesiño bier orrek soziedade eta ekonomiaren aurrean merezi daben konsideraziñoari ezkerrak, eztau sufriduko ezer bere bizitzan egingo ezpaleu lez.

Baiña, beste parte batetik ikusi ezkero, badira bere bizitzan konplikaziño ta marapillo ederrak be. Orduak, esate baterako: dendanak, fabrikenak, eskola orduan eta abar, bata bestearen konturik euki barik ipiñi-ta dagozala ezan leiteke. Bierrera joateko denpora asko galdu bear izaten da, urrun dagoalako fabrika edo bierlekua-ta. Ta, batez be, arrazoi eztiran eztakit zer batzugaitik, euren profesiñoan gitxik eukiten dabe kalifikaziñoa, orregaitik, bier txarrak eta irabazi pitxikoak izaten dabiez sarri.

Soluziñoa topau bear jake problema oneri. Etxe bierrak gitxiagotu ta profesiño bierra errestu egin bear jakez. Ontarako bideak topetan asi-ta gagoz; jarraitu egin bear ondiño gaurko soziedade ontako problemak al diran beste beintzat onbideratu arte.

Jesus Mari