ANAITASUNA

ABENDUA (12) 1965 — XII URTEA — N.º 130

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: Bilbon. — Arantzazuko Irarkolan.


Konzilioa bere luzeran

Konzilio bat

Sei urte dira Aita Santu Juan XXIII-garrenak Konzilio batzar nagusi bat batutzera ioiala jaulki euskunetik.

Arrezkero amaikatxo gauza erabaki da. Amasei-bat eskema mardul antolatu ta osatu deuskuez.

Eskema oneik medio, Eleizari mentu barri bat emotea gura izan jako, ta baita egin be.

Zuk zenbaki" au eskuratuko dozun egunerako, bear bada, Konzilio andi au amaituta egongo da.

Nik, biertxu onetan, azalezko begirapen labur bat, besterik ez deutsat emongo, Konzilio mamitsu oneri.

Lelengo pausoak

Konzilioaren ibillera labur, baiña, mamitsu oneri oiñarriak aurkitu guraz asiko bagiña, —uste izan ez arren— azkeneko sei urte orreik baiño zeozer aruntzago begiratu bearko geunke.

Elizan, —azpi-jokoan, esango neuke— Espiritu Santu ari da beti jo ta ke. Ta itxas-azalean, Eleizaren arpegian baretasuna nabaitu arren, azpitik ur-jario itzelak dabilkioz burrundadan.

Bere sorkundeari begira bagatxakoz, oraiñ dirala ogei izan ziran urte aietako edo ta aruntzago eroango gindukez gure asmo onek.

BIBLIA kontuan, Lagrange-ta bizi ziran urteetara aurreratu bearko giñake. Ordutik azi ziran elizkizunetan salmuak abestuten; kristauak, Meza-liburua eskutaratuten, t. a.

"CONSTITUTIO DE ECCLESIA" begiratuaz batera, Tubinga-ko teologulari trebe aieri begiratu bear deutsagu nai ta nai ez.

Gaurko LITURJIAREN barritze andi au orduko, Pio X-garrena bera bururatu daikegu.

Oraingo EKUMENISMU-leia orduko Juan XXIII-garren Meza-barri eguneko oroigarria irakurtzea baiño ez daukagu. Abade zanekotxetik, auxe zan bere gurari nagusia. Bururatu daikeguz, baita be, gure Eleizetan urtero izan doguzan batasunaren aldeko zortziurrenak.

Gaurko LAIKUEN irikiñ bizi au orduko, A. C. bat izan dogu.

Ta beste olako asko ekarri daikeguz. Gaur amaituten dogun konzilio onen zuzterrak, ba, azkenengo guda nagusiaren egunetan-edo ipiñi bearrean gara.

Konziliogai nagusia

Ez da erreza ago-betez, Konzilio onek artu dauan erabakirik baliotsuena zein daiteken esatea. Baiña, bat aukeratutzekotan, seglar edo laikueri buruz egin dauan bierra aipatuko neuke.

"Ecclesia" eskeman kapitulu oso bat emoten jako gai oneri. Ta ori gitxi balitz lez, ondiñokarren beste esquema oso bat.

Onekiñ, oraiñ arte erdi ixillean ta erdi aztuta egon dan indar bateri sua ta giarra itsasi jako. Ala gura dau, beintzat, Eleizak.

Gaurtik aurrera, eskuak tolestatuta begira egotea, galazota daukagu. Kristiñau danak jokatu bear dabe euren erligiñoaren alde.

Aurrera begira

Konzilioa bukatu-urrean dogu.

Bide barriak ebagi deuskuz, ta oraiñ, bide orreitatik egin bearra dogu. Ta ez da erreza.

Augaitik, A. Santuak, otoitza eskatuten euskun. Otoitza, gizonak utsik gitxi daikelako. Otoitza, Eleizaren semeak, otsanak izan, ta esanetara makurtu daitezen. Otoitza, santuak Eleizaren arloak alaitu deiguen Otoitza, Eleizan seme kementsu ta ausarditsuak erne daitezen. Otoitza, gaur xurga daikegun grazi jarioa agortu ez daitean. Otoitza...

Auxe da Paulo VI-garrenaren guraririk beroena, Konzilioa bukatzera doian egun oneitan.

Entzun daiogun.


Raoul Follereau "el vagabundo de la caridad" Españian

Raoul Follereau ez da, askok uste daben lez, filantropo bat, gizonaren aragiak ainbeste biderrez ustelduta ikusiaz, biotza errukitu jakon gizon bat. Ez da giza-aragia Follereau-k lortu gura dauana.

Bere asmo ta ibillaldiak —guztiz 1.500.000 km.— beste zeozeren bat diñoskue.

Dakigunez, beranak dira "La orden de la Caridad" eta "Día Mundial de Leprosos"-egaz ezagututen doguzan lanak. Gaur Egun oneik 127 abarrietan ospatuten dira.

Orain dala 20 bat urte —1944-an, gudea bukatuteko egoanean— Follereau-k Roosevelt-ri eskutitz bat bialdu eutson Bakearen alde Guda-ko Egun bat eskatuaz; eskatuten eutsona EE. UU.-ek gudako egun batean gastetan eban dirua zan: 160.000.000 peseta, lepradun alde biar egiteko. Roosevelt-ek ez eban onartu.

Beste batean —1954-an— EE. UU. eta URSS-ko lendakari bakoitxari gerrako abioi baten dirua eskatu eutsen; mundu guztiko leprodunak osatuteko beste...

Follereau aberritik-aberri dabil, gizarteak ezetsita daukozan gizon orreitzako berotasun apur bat topetan.


Erriz erri

Santurze-tik

Mamariga auzoan Itxasoko Andra Mariaren jaietan, beste apustu askoren artean, marmitako apustua be egin zan. SOPERON, Kantauri osoan ain ezagun dan arrantzale zintzoak reto bat eginda eukan bere lagun guztieri marmitakoa zeiñek obeto gertu. Badakie oraingoz irakurleak marmitako zer dan eta Bermio-n Aingeru Telletxea jaunak sortua dala. Ba oraingoan be bermiotar bi —Salvador Uriondo ta Iñaki Beitia euren izenak— izan dira apusturako prest agertu diranak. Señalea egin zan egunean SOPERON garaille urten arren, bermiotarrak ez ziran atzeratu, ze, egun aretan apustua egiteko erarik ez ebelako euki edo, beste egun batean egiteko be arin prestatu ziran. Ta alan egin gero. Apusturako Sopelana erria aukeratu eben. Amaika arrantzale —bai gizonezko ta bai andrazko— bildu ziran Sopelanan urrilleko irugarren domekan. Santurze-ko sardiñerak be an agertu ziran zarataz beterik. Dana dala, azkenean SOPERON izan zan garaille. Bai entzun ebazala orduan amaikatxu txalo ta irrintzi; ta ondo merezitakoak gañera, marmitako kontuan bermiotarrak baiño geiago zala ondo agertu eban da. Ordurarte ez genkian SOPERON-en berbak egizkoak izango ele ziran ala ez. Baiña gero ez egoan dudarik. Bera zan garaille. Bigarren Churrito-k egin eban (au be Santurze-koa). Irugarren, Iñaki Beitia-k ta laugarren Salbador Uriondo-k.

Baiña ez pentseu gero Santurze ta Bermiotarrak aserratu zireanik. Ezta... ezta... ezegaitik be. Urrengo domekan —urriaren 31-an— ikusi zekikean zelan erri biak Santurze-n barriro be bildu zirala, erri ontako sardiñerieri omenaldi bat egiteko asmoz. Emen —euki bear da gero aparteko umorea— Piru Gainza ta Atletiko jugadore guztieri marmitako-agaz betekada bat ematea erabaki eben.

"Ikuskok —iñotsoan Bermio-ko Beitia-k bere lagun bateri— marmitakoa jan ondoren gure leioak zelan portako dozaken".

Bilbo-tik

Sao Paulo uriburuko Kardenala —Angello Rossi Jauna— Bilbo-n ikusi gendun pasadan illean. Errez iruditu daiteke zetan etorriko ete zan: Sao Paulo-rako abade ta apaiz billa, alegia. Lendik be Sao Paulo-n Bizkai-ko bederatzi abade dagoz biarrean. Oraintsu joan jake amargarrena, gaur arte Bilbo-ko EL PEÑASCAL parrokiko abade trebea. Bere izena Ramon Herran. Ia-ia iru urte izango dira lenengokoak urten ebenetik. Euren izen ta abizenak onexek dozuz: Jose Luis Alava, Jose Sanz, Juan Zumalde, Luis Maria Unzueta, Javier Saez de Ibarra, Jose Luis Palacios, Ignacio Campo, Mariano Gandarias, eta Julio Campo. Baiña ezta naikoa abade zintzo onen joerea txalotutea. Bakotxak egin daikena egitea da egin bear dana.

Egun orreitan Angello Rossi Kardenala-k Bizkaiko beste erri batzuk be ikusi ebazan: Mungia, Bakio, Bermio, Gernika, t.a.

"Bizkaian ain txalogarrizko diran gauz asko ikusi dotaz —esan eban eleiz-gizon ospetsu onek—. Onetariko bat auxe benetan be abade ta kristiñauak bat eginda, Brasil eta Amerikako kristiñautasunari lagunduteko asmo sutsua".

Munitibarretik

Oraindiño asko eztala, erri polit onetan mutil-neskak aparteko etxe bat sortu dabe. Plaza ondo-ondoan dago eta ate goian titulu au dakar: DANON ETXEA. Danontzako eta edozeiñentzako egindako etxe bat. Badirala gero biotz azkarrekoak Munitibarreko mutil-neska gazteak! Ta egon be ainbet leku eder ta baketsu dago bertan: berrogetamar jesar-leku, telebisiño ederra, futboliña, tokadiskua t. a. Mai txiki batzuk be badagoz gura dauanak eztarriko eragozpenak kentzeko, bertan ardaua izan ezik beste edari guztiak serbiduten dira-ta. Baiña mutillak edariak debalde izaten dirala-ta bildur dira edaten. Ez jake gero olakorik neskatoari gertatuten! Beste aparteko gauz bat be badago: mostradoderik eztagola. Mostradore ta ardau-eza! Ikasbide ederra DANON ETXEKO-ren ardurea dauken mutil-neska jatorrak emon gura dabena. Ta aitu gura dauanak, aitu daiala!

Meñaka-tik

Fabian Ormaetxe jaiotzez Meñaka-koa da, gaur Larrauri-ko beste baserri baten bizi arren.

Mutilla izan zanean ez eban pentsatuko kantante izaterik; baiña datorren illean —urtarrillan— bere aaltasunak ondo ikusita, Italia-ra joango da kantante izateko ikasteak egiten.

Bein, igaro dira ordutik urte batzuk— Bilbo-ko trabena baten kantetan egoala, Kintanak, Sociedad Coral de Bilbao-ko gizonik garrantzikoenak, entzun eutson. Kintana ikaratu be egin ei zan, une aretan egiten eban agerpenagaitik. Arrezkero Fabian Ormaetxe Bilbo-ko Coral-ko tenor solista lez oso ezaguna jaku: ta garaiak be ugari euki dauz. Asko eztala, "Mañana serán famosos" eta "La cruz de Gurutzeaga" konkurso ta sariak irabazi dauz.

Istorian zear, Ormaetxe-ri gertatutakoa ainbesteri gertatu jakela esango neuke nik. Eta une onetan Julen Gayarre ospetsuaren izena jatort burura. Gayarre lenengo Ronkal-eko mendietako artzain bat baiño ez zan izan; gero errementari baten asi zan biar egiten. Bein, bere doaien gain baten bat konturatu zanean, Iruñako Orfeoira eroan eutson. Iruña-tik, zeozer egiteko asmoz edo, Italiara jo eban. Ta gero danok dakigu nor izan dan Gayarre ospetsua.

Ormaetxe-ri ia beste orrenbeste gertatu ez ete daitekion pentsatu leiteke. Beintzat orain arte egin deutsazan iritziak olakoren bat esan gura dabe. "Abots onegaz —esan dau Barossi maixu ospetsuak— aal aundiak daukoz. Beraz, Italiara joan bear dau ikasten". Ta Codero, Coral de Bilbao-ko direktorak tenor saillean oraindik eztauala ezagutu abots ain zoliagorik esan dau.

Guk eztakigu azkenean Ormaetxe zer izango dan. Dana dala, gure nairik beteena Gayarre antzeko bat izatea da benetan be.


Gabon kantak

Gabon kantak be gure artean oso ugariak izan dira. Gizatza bakoitzak ia-ia bereak sortu dauzala esan daikegu.

Gabon kanta oneik beti bizi dira aldaketan. Oraindik be aldaketan dagoz. Eguzkia lez: ez dagoz egote batean egon; ibillian dabiltza beti.

Gure gabon-kanta batzuk oso zarrak dira; beste batzuk berriagoak; besteak, barriz, oso barriak.

Lau mailletara bildu leitekez danak: zarrenak: Gabon-agurrak; berriagoak: Misterio-kantak; urren: Artzai-kantak edo billantzikoak; eta azkenez, gaurkoak.

Beste danak alde batera utzita, Bizkai aldean ain ezagunak diren Marijesiak gain zeozer esan gura neuke.

Marijesia oneik Gabonetako misterioak kantaten dabez: Gizon egitea, Jaiotza, Erregena... eta Gernike ingurukoak dira ezagunenak.

Poesi pitxi oneik bederatzi egun erreskadan mutil neskak etxerik etxe kantetan dabez. Lenengo lau egunetan kanta-sail bat bere eresi-bereziagaz; urrengo lau egunetan beste sailla bere eresiagaz; eta azkenengo egunean, irugarren sailla, ereserik ariñenean. Orduan, azkenengo egunean, artuten da ondo merezidutako saritxoa.

Gaur be leku batzuetan Marijesiak aterik-ate eta baserririk-baserri kantaten dira. Gernike-n, esate baterako, lenengo lau egunetan 15 estrofa kantaten dira; Maria Jose, Jesus Maria estribilloagaz amaituaz; urrengo lau egunetan, beste sei estrofa, Jesukristo adoratzen zaitugu, Jesukristo, estribilloagaz; azkeneko egunean, beste estrofa batzuk Ta bart Belenen jaio da Jesus Nazaren estribilloagaz.

Oitura au Eleizatik sortu zan nunbait; konbenturen batetik bear bada. Gernike inguruan —Forua erritxoan— badago Prailletegi Prantzizkotar bat. Andixik urten ete ziran idatzi da iñoiz. Bermioko Prantzizkotegi zarretik sortuak dirala be esan dau baten batek. Beiñepein, egia da Marijesien kokalekua Gernike inguruan dagola.

Adibidez, pasa dan urteko Gabon egunean Gernike-ko mutil-neskak abestu ebezan lau estrofa adierazi gura dotaz. Ara:

1

Belengo urian

Gabon gabaren erdian

Birjiña santisimia dago

konzolaziño andian.

2

Korraletako ardiak bere

jantzan ebilzan orduan

geure Jesus Salbadoria

jaio dalako munduan.

3

Ortixik ni gora noyala

ospitaletxu zar baten

aita San Jose topatu neban

astotxua tamaltzen.

4

Nazareteko tenpluan dago

dama eder bat jarririk

ixena berak Maria dauko

ondo graziaz beterik.

Ez dot uste gauza biziago bat izan daitekeanik, lau kopla oneik baiño biziagorik. Ez zan makala oiek sortu ebazan praillea. San Frantziskoren semea benetan!


Agraria-koek baserriaren alde

Jon Ibargunek

Donosti-tik Bilbo-ra trenez netorrela, gizon gazte bategaz topa nintzan bide erdian. Lenengo ez gendun esan aparteko gauzarik, trenetan esaten diranak izan ezik: egun ona egiten ebala, tren arek trik-trak andia eukala, "Los charros mejicanos"-ek euren jantzi apartekoakaz Bilbo aldetik ebiltzala... ta onelakoak... Azkenean baserrietako arazoak atara genduzan geure berbetan, ondoan etozen lagunak antza katuen batek miña jan eutseen da. Gai onetzaz asi giñanean jakin neban zorionez nor zan neure ondoan etorrena: Tolosa-ko "Baserri Zabalkundearen Laguntasun"-eko Zuzendaria. Aurrerantzeko ibillaldian benetan euki gendula zer esan naiko. Ta banandu giñanean, txokala bero baten ondoan, Tolosa-ko "Servicio de Extensión Agraria"-ren etxean barriro be beste ikusaldi bat egiteko asmoa artu gendun biok. Ain interesgarriak egin jakuzan baserriko gaiak.

Ara ba gitxi-gora-bera egin neutsazan itaunak.

— Askotan entzun dot "Servicio de Extensión Agraria"-ren izena, neure komarkan be ba dagota: baiña oraindik eztakit zer dan "servicio" ori.

— Zeuk esan dozun lez, baserritarren alde biar egiten dauan organismu bat; organismu au Agrikulturako Ministerioak sortutako entidade berezi bat da eta ez dauko zer ikusirik probintzi edo errietan billatu zeinkezuzen nekazarien idadeakaz. Erri ta auzo askotan dagoz gaur baserritarrak euren artean antolatu dabezan laguntasunak, geienetan piztieren gaixotasunak ordaintzeko. Entidade oneik ez daukee —diñotsuten lez— zer ikusirik "Servicio de Extensión Agraria"-gaz.

— Noiz sortu da?

— Españian oraindik oraintsu: 1955-ko agorrean. Agrikulturako Ministrua orduan Rafael Cavetany Jauna izan zan; bera da ba organismu au sortu ebana eta lenengo indarra emon eutsona. Orduko azia beren atzetik etorri diranak anditu ta edertu egin dabe.

— Zenbat ajentzi dauz Españia guztian?

— 1960 garrengo urtean 200 egozen; gaur ajentzi oneik ia-ia 400 izango dira. Ta neure ustez, datozen urteetako pausoak artekoak baiño andiagoak izan bearko dabe ziur, osterantzean...

— Laguntasun ori ain derrigorrezkoa deritxozu?

— Bai, benetan, baserria —urte oneitan batez be— estualdi gogor batean bai dago. Gaurko baserriak ez dauko zeregin askorik dagon moduan; bistan dagon barri bat da auxe; zeozergaitik utzitu dira ainbeste.

— Zein da zeuretzat baserriak daukon akatsik andiena?

— Baserritar bateri itaunduten badeutsazu zuk itaundu deustazuna, benetan izaten dirala gitxi euren prolemarik andiena zein dan jakiten dabenak. Batek diru gitxi irabazten dala erantzungo deutsu, besteak kontribuziñoak lar aztunak dirala, urrengokoak piztiak karu dagozala... Izan be, baserriak onetariko prolema asko daukoz. Neuretzat, barriz, prolemarik andiena ia-ia biar larrean dagola esango neuskizu, zergatik, gaurko baserrietan eztago une bat be bear dan egonaldia egiteko. Dana dozu biarra ta gañera danontzako dago zer-egin naiko. Naiz gizon izan, naiz andra, naiz ume, beti egin bear da ia-ia ittoteko bete lan bizitzerako zeozer atarateko. Au gertatuten da beintzat baserri geienetan.

— Ta zeintzuk izango litzakez urrengo datozenak?

Andreen biarra. Baserrietako andrak askotan gizonen giño biar egiten ta egin bear izaten dabe, gizonak dana ezin daikeela-ta. Ta ori ezin leiteke izan ezergaitik be. Ez jake falta arrazoirik neskatil askori baserrietara ezkonduterik gura ez dabenean. Umeen ikasteak: naiko ete da amairu-amalau urteetaraiño ikasten ibiltea, zeozer izateko? Beste aldetik, jakiña da geure auzotako maistra ta maixuek zenbat irakasten daben geienetan. Kontuan euki bear da eztagola iñoiz aurrerapenik jakintzeakaz izan ezik. Baserriko produktuen salneurria: merkaduko beste produktuen salneurria egillearen eskuan egoten da beti. Baserriko produktuena, barriz, erosleak berak ipinten dau, gura dauzan beste saltzaille daukozelako. Begiratu zer igariten dan esneagaz, arrautzekaz, okeleagaz edo baserriko produktu edozeiñegaz... Esate baterako, zenbat txal eder salduko litzakez, baserritarrai ondo deritxon sal-neurrian? Merkaduetako beste produktuetan ez da igaroten onelakorik. Zergaitik dagoz ain altu lan-tresnak? Arrazoia bistan dago.

— Alkartasuna diñostazu. Baiña ondo joateko zenbat baserri alkartu bear litzakez?

— Ezta izaten erreza —egia esan— danentzako lumero bat ipintea. Dana dala, neure ustez, gitxien-gitxienez bost edo sei bear izango litzakez. Esate baterako, lana bear dan moduan antolatutako, bost gizon beintzat izaten dira bearrezkoak. Osterantzean ezta izaten erreza ondo ibiltea; nik neuk beintzat orixe izan da praktikan ikusi dotena.

Lanerako orduak gitxiagotuten dira, andrak ez dabe eukiten soloetan zertan biar egiñik, makiñak errezago ta ugariago ekarten dira, mutillak zeozer ikasi leikee, produktoak askoz obeto saldu leitekez, urteko ta asteko egon aldi libreak be jartzen dira... t. a. Esate baterako, geure aita ta aittiten artean, nork usteko eban baserri batean urteroko bakaziñoak etorriko leitekezeanik? Ara or alkartasunaren ondoreak.

— Gitxi gora bera alkartu diran baserriak zenbat izango dira gaur?

— Zoritxarrez oraindik oso gitxi, lenengo pauso zaillak emoteko idealista izan bear da-ta. Alan da be, badagoz batzuk, eta oso ondo doazenak, ziur. Esate baterako, Beizama-n Iñaki Arruti trebeak alkartu dauzan baserriak. Euren jatortasuna ainbeste bildurtientzako ikasbide benetakoa izango da denporeagaz. Ez da pentsa bear alkartasuna gauza erreza izaten danik. Ain arreza izango balitz, ez eban balioko askorik, gauz merkeak geienetan uskeri bat baiño ez dira ezaten eta. Askok gaurko baserriak daukozan zailtasunak ikusita, anka egiten dabe. Aulan ezin leiteke iñoiz billatu benetako erabakirik. Benetako erabakia zailtasuna dagon lekuan billatu bear da. Orixe da gizon zintzoari jagokon lana.

— Eta Bizkai aldean zelan dago baserri kontu au?

— Baserritar danak, naiz giputxak, naiz naparroak, naiz bertokoak izan, danak daukeez bear-izan antzekoak. Bizkaian be baserria Gipuzko aldean lez dago; edo bear bada, apur bat txartotxuago. Alan da ze, baserriaren alde lan egin bearra leku guztietako arloa da. Emeko errietan be egin dira ekiñaldi batzuek: Markiña-n, Mungia-n... t. a. Baiña oraindik —leku guztietan lez— oso gitxi.

— Zuek, "Servicio de Extensión Agra-ria"-koek, nekazariak bere irabazbideak obeto aprobetxatu daiazan, ze laguntasun emoten deutsazue?

— Lenengo-lenengo komarka edo lurralde inguru aalik eta ondoean ezagututeko saiatzen gara. Izan be, jakin egin bear baida zer egiten dan ondo eta zer txarto, eta zer obetu daiteken. Ganera, geure saiaketa danak "Plan nacional" batetik artuten dabe oiña; eta gero ajentzi bakoitzak bere jardun-lekutzat daukon lurraldeetan egokituten dau "Plan" ori. Bein "Plan" au ondo ezagututa, billera, erakusaldi, kursilloen bitartez erakusten deutsueguz. Beste lan batzuk: baserriak bixitatu prolema bat nolakoa dan jakiteko era oberik ez daualako, mota guztietako konsultak erabaki, eguneroko eta aldizkarietan idatzi, radio ta TV berba egin... t. a. Jardun-modu oneik nekazariarenganaiño teknika barriak iritxi erazteko eta berari lagunduteko dira. Gogoan artu Laguntasun oneik debalde egiten doguzala.

— Eskerrik asko, Joakin, zeure irakaspenagaitik. Gaurtik aurrerantzekoan ba-dakit zer dan "Servicio de Extensión Agraria" ori.

Bein Atxuri-ko estaziñora eldu giñanean, taska batean sartu giñan, zeozer edateko asmoz, egun artako otza ezan edozelakoa ta. Gero, laster, banandu bearra euki gendun, bakoitza bere arazoetara. Baiña ez giñan banandu txokala bero bat artu-emon barik. Nik neuk zorion bero ta zintzoenetarikoak adierazi neutsazan, egiten eban lan ain bearrezkoagaitik. Gerotxoago, kalez gora noiala, barruan pentsatu neban: Geitu deizala onetariko gizon trebeak, ez-pabe ze laster tornilloak jaten asi bearko dogu, ortu ta kortetako janari goxoen ordez.


Bizkaitarrei desapio

Beti burrukan ibilli gera bizkaitarrek eta giputzok; baiña ez dakit zenbat aldiz atera ditugun kontuak. Askotan beintzat bakoitzak bere aldeari bakarrik eldu dio. Eta nik ere ia beste ainbeste egingo det: biok euskaldunak geranez, euskaldun aldeei bakarrik begiratuko diet.

Bertsolariak

Txapeldunei begiratu ezkero, ez daukagu ezer esan bearrik: lenengo tokiak giputzei dagozkie. Danera ere askoz geiago dirala esan dezakegu. Gaiñera, bizkaitar guziak Muxikarrak ditugu, bakarren bat ez gaiñentzen: Enbeita'tarrak, Lopategi, Sarduy, t.a. Au aberaskien baten falta ez ote da?

Giputzak errialde guztietakoak ditugu: Uztapide (Arrona), Mitxelena (Oiartzu), Basarri (Errezil), Lazkao Txiki (Lazkao)... Bizkaitarrek beren beste aberaskiak ba omen dituzte. Berak eman dezaidaketen erantzunerako uzten ditut oiek.

Deporteak

Aizkolariei dagokienez, Polipaso ta Errekalde zai daude. Joku oietan gutxitan irabazi digute bizkaitarrek.

Estropadak: auek ere azkenengo urte auetan —eta leendik ere bai— gogor dabiltz Gipuzko'an: Ondarrabi, Orio, Pasaia, Jaizkibel.

Segalariak: oiek ere ez daukate erantzunik Bizkai aldetik. Aurten ere txapelketan irtenak lauak giputzak ziran.

Euskeraren alde

Euskerazko errebista geienak Gipuzko'an ateratzen dira. Aldizkari on bat badegu gure artean, "ZERUKO ARGIA" da. Ia dana gipuzkeraz idazten da, eta idazleak ere ala dira.

Gipuzkoako baserritarrak aldizkari bat ere ba dute: GOIZ-ARGI.

"JAKIN" ere or dago. Naiz euskera batu baten billa ibilli, ia dana gipuzkeraz dago. Batez ere gai oni eman lezaioken erantzunak asko poztuko ninduke.

Martin Iturgun


Mundua mundu

Santo Domingo'n giro txarra

Oraindiño aste asko ez direla Santo Domingo-ko alderdi bietako armak lurrera jaurti ziran. Armak lurreratu ziran, egia, baiña ez gogoak. Santo Domingo-n oraindiño anai arteko gerraren txinparta ez da amatau. Ez da erreza be, gero!

Godoy dogu orain Santo Domingo-ko tarteko-presidente. Neurrian dana ipinteko gogua ba-dauka onek, egia; amerikanuak ez dagoz lo: paktoa egitean aldeko ebela esan eben, baiña, bada ezpada be, ez dira joan zietz.

Armak lurreratu ziran, ziur; baiña erriak guda-mentalidadea dauka oraindiño. Erria ez dago konporme gauza guztietan Godoy orrekin.

Ortiz il dabe

Eta au dala-ta, Cabral Ortiz —eskuma aldeko gidari ospetsuenetakoa— il egin dabe erreboluzionarioak. Diñoenez, Ortiz ori bere lengo etxera eioian an bizitzera. Etxe ori okupatuta egoan Caamañoren partiduko jentiekaz. Ortiz-ek etxe a berea zala iñoan. Besteak, ezetz. Alako batean asarretu dira. Erriko jentea batu da etxe ostean. Ortiz, bildurrez jartzen da. Asten da eskapetan eta tiro batzuekin an jausi zan lurrera.

Oztopozoak kentzeko armadia

Ortiz il eta egun bira, Gobiernuak armada bat bialdu eban ango komunista-aparrak garbitzeko. Denpora gutxiko gauza izango zala uste eben, baiña, zoritxarrez, gerra moduko gauza bat sortu zan. Metraillak ugari agiri ziran oraindiño erriko jentien eskuetan. Odola pranko ixuri zan. Amerikanuen helikoteruak burrukalarien buru-gaiñetik ebizen. Gerra txiki bat sortu zan. Au, egite bat da. Egunero dagoz onelako amaika.

Ondoreak

Ta, bueno; au onela ikusita, ¿amaitu da, orduan gerra Santo Domingo-n? Papeletan, bai. Biotzetan eta buruetan, ez. Guda-egarria dago oraindiño Santo Domingo-n. Ez da ango problema sustraitik erabaki. Ikusiko dogu zelan aurrerantzean erabakiten dan. Istoriak egingo dau berba.

Uste dot konstituziño barri bat bear-bearrezkoa dala. Konstituziño orrek ezingo dau euki diktadorezko usaiñik, demokratizkoa baiño. Bestela lengo pozuan jausiko dira: trujillismoan.

Trujillismoan jausi nai ezpada, demokrazira jo bear; baita komunismoan jausi nai ezpada be. Santo Domingo-ko soluziñoa: egizko demokrazia.

Kuba aldetik

Fidel Castrok, alde egitea nai dabenentzako, baimena emon dau. Lenengo esan eban: "nai daben guztientzako". Gero estutu eban sokia, eta esan eban: "EE. UU.-en edo beste toki batean familiarren batzuk eukezenentzako". Azkenean soltau dau sokea geitxuago: "soldautzan dagozanak, ez; besteak bai".

Dana dala, jentia Cuba-ko portu guztietan pranko ikusten ei da. Jentia —klase guztikoa— kanpora urten naiez dago. Ikusten danez, zeozer pasaten da Cuba-ko ekonomien-edo...!

Pregunta asko etorten jatez burura onen zergaitia ikusteko: ¿Zergatik emon ete dau Castrok Cuba-tik urteteko baimena? ¿Barruko ekonomia aixago eroateko? ¿Komunista garbiak bakarrik Cuba orretan gelditu daizan? ¿Libertade-itxura beste munduko erriei erakusteko? ¿Negoziazioak EE. UU.-kin egiten asteko? ¿Barruko jenteak olan zirikatzen eutsoalako? ¿Zergatik? Eztakigu. Aldiak esango deusku.

KARMEL


Monje bat gure egunetan

Sangüesa inguruan bada erri koxkor bat edertasunez jantzia. Peña dauko izena. Mendi andi baten lotuta dagoz bere etxeak, 850 metro itxaso gaiñetik. 1958-an urten eben biztanle guztiak erritxoa bakartasunetik bakarrean itxiaz. 1961-tik gizon bat bizi da erritxo onetan, ixiltasunean, otoitzean, penitentzian: Aita Arnold, Beljika-tar abadea bera.

Urtean zear ogia ta gaztaia jaten daus bakar-bakarrik. Garizuma bitartean kilo bat gari gordiñ. Lo lurrean egiten dau, ta neguan be kalentadore barik. Galtzu apurra, saku batzuk eta burupeko lez manta zar bat daukoz kalentadora guztitzat.

Lenago Charleroi, Beljika-ko uri andian parroko egon zan, eta gero Beartsuen Ama Birjiñaren Anaitasunean sartu. Anaitasun ori orain dala bederatzi urte Beljika-tar abade batek asmatu ta eratu eban.

Naparro-ra etorri ondoren, Peña erritxo ain bakar eta ain eder ikusi ebanean, antxiñako monje lez bizitzeko gogo sakon bat sartu jakon barrenean.

Orain, lau urte daroaz Peña-n. Mezea berak bakarrik emoten dau laguntzalle barik. Egunean lau bider joten dauz kanpaiak: goizeko zazpiretan, eguardiko amabitan, arratsaldeko seiretan ta gabeko amabitan.

Aldizkaririk ez dau irakurtzen. Bakar-bakarrik konzilioko gertaerak jarraituten dauz zintzo-zintzo. Zortzi illebete pasa ondoren jakin eban Khruschev agintaritzatik bota ebela. Ebanjelio ta Jaungoikoaren itza dira bere eguneroko irakurgaiak.

Ikasi, irakurri eta otoitz egin batez be; ta ibillalditxoen bat lantzien bein, au da gizon arrigarri onek Peña errian egiten dauana.

Berak bakartasun orretan entzuten ei dau Jaungoikoaren deia ta abots gozoa.

Ikasbide ederra gaurko zalapartasun utz zaleentzako.


Euskalerriko ipuiñak

Atramin-go Lamiñak

Buztintza'tar Errose'k eginda, ta Kerexeta'tar Jaime'ren ardurapean argitaratuta.

Beiñola, Atramin-Errota-ko etxagunak egunez basoan ira-ebaten jardunda gero, illuntzean etxera zanean, bere emaztea sutondoan negarrez aurkitu eban. Gizona, emaztea negarrez ikustean, ikaratu egin zan; eta atsekabe aren aztarrena jakin gurarik, auxe itandu eutsan:

— Zer jasotea da? Zegaitik negarrok?

Eta senarraren itaunari emazteak ez eutsan ezer erantzun: negar eta negar egiñaz, bere arlo ixillean aurrera jarraitu baiño. Orduan, gizonak, asarre antzera, ben-ben esan eutsan:

— Naiz bata dala, naiz bestea dala, zer jazoten yatzua oraintxe berton esan bear daustazu!

— Ona, ba: zuretzat aparitako euki dodan esnea —erantzun eutsan emazteak—, neska batek laratzutik galdarillea artuta, dangada baten edan daust.

— Ba! Ori baiño ez ba'da...! Eta gauza orri orrenbeste negar eta zizpuru...!

— Bai, baiña... illuntze guztietan etorriko dala esan daust; eta esnea laratzuan gertu eukiten ez ba'dautsat, beragaz eroango nabela...

— Nora, gero, eroan! Geu ez gagoz, ba, ementxe? Eta neska ori, ¿zein modutakoa izan da, ba?

— Larrosea lako arpegiaz, eder-ederra izan da. Eta nor dan itaundu dautsadanean, erreka-ertzeko lora abeslaria dala esan daust. Oi, aren abotsaren eztua! Area kanta ederrak!

— Egingo neuke-ta, lamiña dengaiñiñoren bat izan dala!

Egunero esnea edatera etorriko dala esan ba'dautsu, lamiñarea bat izan da, urrean: lamiñak, gizonak ardautara lez, esnetara itsuak izaten dira-ta. Biar, barriz, neure begiakaz ikusi gura dot-eta, basotik goizago etxeratuko naz; eta beragaz barriketaldi bat egiñaz, zer dan edo zer ez dan laster igarriko dot.

Esan eta egin, biaramon illuntzean, Atramin'go etxaguna goizago etxeratu zan; eta neskatilla ezezaguna sutondoan bere emazteagaz barriketan ziarduala ikusi eban. Neskatillea, baiña, gizona ikustean ikaratuta, ixildu egin zan. Eta gizonak berba ta berba egiten eutsanarren, ez eutsan ezer erantzuten.

Orduan, senarrak emazteari esnea egosten ipiñi egiala esan eutsan; eta emazteak bereala laratzuan galdailla aundi bat bete esne ipiñi eban. Eta esnea gorantz abiatu zanean, neskeak, pozez beterik zoratuta lez, deadar aundi bat egiñaz, esan eban:

— Txuria gora!, txuria gora! Etxekandreak, au entzunda, neskeari gura-aiña esne emon eutsan; eta neskea, gura-aiña esne edan ondoren, ixilunea ausita, barriketan eta kantetan asi zan.

Atramin'go etxagunak, neskeak esnezko moskorra aldean ebala igarri ebanean, bere artean "zertzeladak oraintxe atarako daunadaz" esanda, neskeari berbetan ekin eutsan. Eta iñun diran barriketak egin ondoren, itaun au egin eutsan:

— ¿Nor zara?

— Emendik ur dagoan artzulo eder bateko lamiñea naz —erantzun eutsan neskatilleak—; eta gure bizitoki kutunena, or goiko erreka-ertzean daukagu.

— ¿Zenbat zaree?

— Milla ta bat.

— Eta, ¿zer egiten dozue?

— Egunez, mendian lorak batu, ta gabez zeruko izarrak zenbatu, ta aizearen soiñutan dantzan egin...

— Sekulako bizitza daroazue, arranotan! Noiztik zagoze munduan?

— Egukia agertu zanetik, lurraren ganean gagoz; eta illargiak eta izarrak goia apaindu dagien artean, emen izango gara.

Azkenengo berbok entzutean, gizona ikaratu egin zan; eta bere kolkorako iñoan: "Eurok inguruan doguzala bizi bear ba-dogu beti, onak gagoz! Gure asaba zintzoak be, eurok zirala bide, iñun diran atsekabeak igaroten ebezan; eta geuk be bardin. Eta... lamiña onen bizitzak mundua mundu dan artean irauten ba'dau, gure ondorengo guztiak be iñun diranak igaro bear izango dabez. Au zoritxarra!"

Eta apur bat peatsetan jardunda gero, auxe itaundu eutsan:

— Zuen bizia amaitu daikenik, ¿ba-dago ala ez dago?

— Bai, zerbait ba-dago...; baiña iñortxok be ez daki, geuk ezik.

— Esan egidazu, ba, zer dan; nigandik kalterik ez dozue izango-ta. Gaiñera, esnea egunero emongo dautsugu.

Esne-agintzariaz, lamiñea pozez zoratzen jarri zan. Eta, buruan eban ule-adats eder-gorrizkeari eskuakaz oratuta, esan eban:

— Ona emen gure bizia ta indarra; onetantxe dago gure iraunkortasuna.

—Eta ule-adats miragarriok, ¿zelan ebagi daitekez, ba? —itaundu eutsan artega— gizonak.

—Ona, ba —erantzun eutsan lamiñeak—: gure ule eder-gorrizkea ebagiteko, San Juan egunaren aurregun gabean jaioriko txekor nabar biren indarraz, illergi-beteko gau baten, ogei ortzeko burdiñareaz goiko erreka ori gau osoan arakatu bear da. Eta gero, errekea ondo arakatu ondoren, egunsentiak baztarrak argitu baiño len, txekor nabar biak mendi gaillurreko aizetan libre itxi bear dira. Orretan dago, ba, gure amaia.

Ganeko egun baten, Atramin'go errotako gizonak, ibilli, ta ibilli, Jon deunaren aurregunean jaioriko txekor nabar bi aurkitu ebazan. Eta, lamiñeak esan eutsanez, goiko erreka, illargi-beteko gau baten, burdiñareaz batera ta bestera ondo arakatu eban. Eta egunsentia baiño len, burdiñara-ortzak ikusgarrizko ule-adats pilloak atara ebezan. Guztiz, milla ta bat ule-adats zenbatu ei'ebezan.

Eta, Atramin'go lamiña guztien azkena egun aretan izan zalako, errotako sendia (edo familia) aurrerantzean bakez eta zoriontsu bizi izan ei'zan...


Gabon afaria

Baten batek esan dau, eta egoki esan be, eztala ospatuten jai aldirik jan-edan barik. Egi utsa ta biribilla. Beraz, ezta arritzekoa, mundu osoan kristiñauak Gabon Gabea jan-edan ugariaz ospatuten badogu. Euskalerriko etxeetan beintzat aspalditik datorren oitura jatorra da.

Gabon afarian mota askotako jakiak erabilten dira, edozelako beste jaietan lez. Baiña euskalerrian, oraintsu arte beintzat, jateko onexek jaten izan dira geien: koniflora, bixigua, kapoia, ta konpota.

Koniflora: Jatorriz Chipre-tik ei dator ta euskalerrian jakin ezin daikenean sartu zan. Koniflora era askotara preparatu leiteke —Mornay-erara, Polonia-erara...— Baiña gabon gabean geienentsu egosita orio-apur bategaz gertuten da.

Bixigua: Arrain oso ezaguna euskalerrian. Aspalditik dira famadukoak Bermioko bixiguak. Bixigua be mota askotara gertu leiteke; baiña euskalerri osoan parrillen erre ta orio edo limoi-zumoarekaz jaten da ia beti.

Kapoia: Kapoiak mota bitakoak izan daikezala esan dau baten batek: lagunak etxera ekartzen deuskuezanak eta azoka edo ferian erositakoak. Areek bai izaten dirala xamurrak!

Antxiñako oitura da euskalerrian kapoiak gabonetan laguneri eskeindutea. Badakie seguru gure amomatxo ta aittitaxo zarrak oitura onen barri.

Ganera gure arteko kapoiak beti euki dabe izen andia. Doktor Thebussens-ek orain larogei bat urte Vergara-koak onentxoneak zirala esan eban. Villalbo, Baiona, ta Mans-koak be izan andikoak dira.

Gaurko sukalderi edo koziñeru askok txarri-azpizunez, gaztañez, ostraz ta beste orrelakoakaz gertuten dabez kapoiak. Baiña, egia esan, gure artean erreta jaten dira geien-geien. Ona emen errezeta bat etxeko andreentzat: artzen da lau edo bost egun aurretik ildako kapoi bat; ondo garbitu ondoren, emoten jako kanpotik eta barrutik bear dauan gatza; ipinten da, gero, erretan kazuela sakon baten txarri-koipetan eta zurezko zatitxo batzuen gaiñean. Ondo egiteko iru bat ordu bear dira, eta su illean erre bear da.

Konpota: Sagar edo madariakaz gertuten da. Lenengo azala kendu bear jakez eta erdibituta gero ordu batzuetan uretan euki. Afaltzen asi baiño ordu bat ariñago, kazuela baten ipinten dira, berreun gramo azukare, kanela-zotz eta limoi azal batzuekaz. Guztia irikitzen asten danean, kentzen jako kontuz aparra; gero botaten dira kazuelara garauak, aurrez ura kendu ondoren. Tapetan da kazuelea ta ixten jako geldi ordu lauren batean. Bero-bero atara bear da maira eta ondo izateko kazuelan bertan.

Gabon gabean jaten diran beste jaki batzuk be badagoz oraindik, baiña ez dotaz orain danak aitatu gura. Bakar-bakarrik beste bat gogoratu gura neuke, txiki-txikitatik barne-barnean sartuta daukotelako: intxaur-saltza gozoa. Orduan umeak ez genduan ainbeste ezagututen gaurko turroiak; baiña bagankian zer zan intxaur-saltza. Orduan bai begiak tripea baiño andiagoak biurtuten jakuzanela!

Gabon gabeko jan-edariak, gorputz eta animaz batera, bedeinkatu daiazala Jesus Umeak!