ANAITASUNA

Urtarrilla-Zezeilla (1-2), 1965 — XI URTEA — Núm. 121

Dep. Leg. S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: Bilbon. — Arantzazuko Irarkolan.


Zenbaki onetan

* MARTIAREN ZAZPIAN

* 500-MKO KAMIÑOA SEI ANDREK JASO

* VIETNAM-GO BAKERIK EZA

* 1964-TZAZ OROITUKO ZARA...

* ERRIAK ETA ERRIA

* AGUR SIR WINSTON CHURCHIL...

* KONZILIOA LANGILLEEN ONERAKO

* BERTSOLARITZA BIZKAIAN

* GERTU BAKO EZKONTZAK

* EZ IZAN BILDURTI...


Martia'ren zazpian

Aldaketa edo kanbio asko nabaritu geinkez gure eleizetan martiaren zazpitik aurrerantzean, Dakigunez, Konzilioari zor deutseguz. Ba dakizue oingorako guztiok Konzilioko eztabaidak zelakoak izan diran —eta zein gogorrak askotan, areik ez eutselako egiari bildurrik!—

Eztabaida edo diskusio orreitariko asko Liturjiari buruzkoak izan ziran an.

Aldaketa oneik, Konzilioko eztabaida eta eleiz-gizonen artzai-bierraren konzientzi-artze sakon ta benetako bat lez agertuten jakuz orain, pratikan imiñi bear doguzanean.

Aita Santua, gotzaiak eta apaizak betidanik jakin izan dabe Kristautasuna dotriña bat baiño geiago BIZITZA bat dala. Baiña gaurregun argiago erakutsi gura izan deuskue borondate oneko gizon guztiori.

Bizitza bada, ba, bizitza lez bizi bear dogu. Ezin geinke ezetara be ukatu Kristautasuna misterio bat danik, egia da-ta. Baiña onek ez dau esan gura gero meza (esate baterako) iñork ez ulertzeko moduan, "misterioan" esan leitekenik.

Ezin leiteke, ez. Baiña oraiñarte, gizaldiak dirala, pekatu au jenerala izan da gure artean. Orregatik, meza —esate baterako diñot— domeketan ordu erdiko arazoa zan. Pekatua be ba zan-da..., errian danak egiten eben bardin-da..., joan egiten giñan mezatara ba jaiero. Besterik ez askotan. Ez gendun bizitzara eroaten, ez genkian zelan eroan be-ta. Gaiñera, eleizatik urtekeran, belaunetako autsa be kendu egiten gendun, —konturatu barik— ango edozein gomuta kendu naiezko seiñale bat bailitzan, bearbada.

Dana dala, orain benepein goitik bajatorkuz erreztasunak. Gertatuta ba ete gagoz? Gitxienez egin daikeguna da portaera zabal eta igidi bat artu jatorkuzan eleiz aldaketa guztien aurrean. Orain datozenekin ez dira amaituten. Geiago be etorriko dira aurrerantzean apurka-apurka, oraigoko au asiera bat baiño ez da-ta. Gure onerako dira aldaketa onek guztiok, ez da dudarik. Kontuan artu bear dogu bein da betiko Kristautasuna ez dala au edo ori galasoten deuskun agindu bat, Kristautasuna ez dala "Jainkoaren legeko aginduak" bakarrik. Ez dala dotriñan, txikitan, ikasitako kristau-ikasbidea. Kristautasuna bizitza da. Benetako bizitza.

Eta aldaketa oneik, bizitza lez artu daigun lagundu egingo deuskue. Asko izango dira kanbioak. Bi bakarrik ikusi daiguzan emen —azaletik—, esandakoa baieztuteko-edo. Ara:

Oraiñarte, ezkontzako sakramentua amarra bat lez artzen eben askok, orregaz betirako alkar-bizitzaren pixua bizkarreratuten ebela ezkon-barriak pentsetan eben. Orain —aldaketari eskerrak— errezago ikusi aal izango dogu, ezkontza-bizitza onez eroateko Jainkoaren indarra eureganatutea dala. Oraiñarte, Meza, betekizun bat baiño etzan askorentzat; mezatara ez joatea, pekatua. Errezago ikusi daikegu orain zelan eta zergaitik dan meza ori gure kristau-bizitzaren oiñarria. Etabar. Baiña orretarako derriorrezkoa da geuk be, geure aldetik, aal doguna egin daigula, gauzak alan dirala ikusteko. Ostantzean, naiz ta goitik deadar egin, guk entzun gura ez badogu, zertarako? Utsa... Sarritan esan da entzun gura ez duana baiño gorragorik ez dagoala. Ta arrazoia galanta bai politikan, bai eleiz-arazoetan!

Orrezaz gaiñera, eleizkizunak lortuagoak gertatu daitezan, euskeraz emongo jaku Jainkoaren berbea. Izan be, esate baterako, "Berba-liturjia" deritxon mezaren lenengo zali ortara ikastera goaz. Jainkoak berba egiten deusku or. Ulertuteko moduan egin daiala ba orduan! Ta bai, euskeraz egingo baideuskue guri, or entzundakoa gero bizitzan biurtu daigun.

Zergaitik euskeraz? Esan dogunagaitik, lenengo. Ta Jainkoa gizonari moldatuten jakolako, bakoitxari bere egoera konkretuan. Norberari bere bizi moldean adierazi gura izan deutso beti bere maitasuna Jainkoak.

"Jainkoaren bideak, ez dira gizonenen antzekoak" diño Berak Idazti deunean. Orregaitik atan be, askok egiten dabe baiña, Berak ez. Ez dau Jainkoak euskera baztertu gura. Ez dau gura. Ez daigun ba guk orrelakorik egin. Jainkoak ala gure-ta, euskerari eusteko betebearra dogunok.

Betebear sakratu bat daukogu euskaldunok!


500 m.-ko kamiñoa 6 —sei— andre artean jaso

Eztegutako baskal ostean igaro zan dana. Postreen arteko berriketan posture bat azaldu zan, askotxok benetan artu ez eben posturea. Ta jakiña "janaria neurrian ta ardau umoria gañean".

Dana dala, itsumustu makala andik egun gitxi barru Ugeni, Tere, Kuka, Lola ta Mertxe esku lanean ikusi genduzenean. Rio ta Perales deritxoen erritxo biak kamiñoz alkartu, bearra bazan, antxe Pontejos'ko urtekera berbertan.

Ez eben gogo txikia be izan andrakote onexek gero... Izan be —uste eben— euren errian gauza asko bide obean jarri beartsu edo aberatzak bizitza leunagoa izan eien. Ta ortarako Ugeni, Tere, Kuka, ikeezanela danak, naiz aundi edo txiki, Lola, Makalen ta Mertxe optimista amorratuak bai ziran izan be!

— Ille baten gauza asko zuzendu litekez.

— Miñekin bai. Baiño izatez...

— Baita izatez be. Ta, esate baterako, ayuntamenduak urte askotan konponduten ez deuzen gauzak.

Ta esan ta egin, gero... ze illearen barruan amaitu eben kamiñoa. Bosteun metroko kamiño galanta! Ta egin be eurak bakarrik arri ta lurra pikatxoi ta palakin landuaz. Seguru asko trebetasun txalogarri orrekin gizon askoren esku jausiak lortu ez dabena lortu dabe.

Ta gaiñera etxeko arazoak beteteko be izan eben naiko denpora. Baita txantxetarako be. Ondoren, posturean jarritako mugak oba eziñean gorde be bai... zegaitik gizonen laguntza barik egitea erabaki eben, ta ez ziran bizar bakoak andra onek emondako berba gordetako. Beno —sintzoago jokatutiarren— gizon mordosko batzuek urreratuten zirala esan bearko, ta —batez be— an zegon Errefel Soto lanaren akatxak zaintzeko. Euren senarrak, au jakiña, iribarre ta pozez ondoratuten jakezen eta lantzian bein baita piku edo pala bateri eskua emon. Baiño ori bai "ordubete, or-amen egunero; ta bakar bakarrik geure senarrak" —eurak diñoenez.

Gaurtik aurrera Pontejos baserritxoak kamiño barria dauko. Erdi ipuñ-barrez egindako kamiñoa. Baiño trinko ta zuzena, ur-txoko bako bidea. Diputazio ta Munizipioari, baita Españiko nagusi guztieri, kamiñoak era askotan konpondu leitekezela erakutsi bai deutsoe argiro enbra onexek!

Gauz bera pentsaten dau Pontejos-ko taxistak Mertxe, Kuka, Makalen, Tere, Lola ta Ugenik egindako kamiñoa igarokeran.

Ta gero andrak direla-ta ibilliko gara!


Vietnan-go bakerik eza

Zoritxarrez baiño periodistentzat, berritxoentzat pozgarri ei da Vietnam, beti emoten ei dau zer esana ta. Sarritan problema orretzaz aaztu gareala emoten dogu, ta bat batean jeneralen bateri bururatu jakola ta or dogu eguneroko guztietan —lerro aundiakin gaiñera— ango injustizien barri.

Vietnam-darren nekeak

Sarritan galdetuten azi naz ia an gertatuten diren gauzekin Vietnam-darrak zer ikusirik ba dauken edo. Ezetz esango neuke, komiko itxuratu arren be. Ta gauza komikoa laster azalduko deutsut, noski.. Ipar-ameriketa eta Errusi aundia munduko jabetasuna zaintzen zur ari dire, baiño euren indar neurketa aurrez-aurre azaltzea balitza izango litzakioe. Non aztertuko dituez ba euren guda tresnak? Bada ezpadan be etxe ingurutik urrun ta —esate baterako— Vietnam'en. Ta dana demokraziaren, egiaren, justiziaren eta gogai aundien izenean! Bitartean pagau daiela Vietnam'darrak, Kongotarrak ta beste askotxok Errusi ta Amerikanoen guda tresnak neurtuten diren artean. Bear bada Ipar-ameriketak eta Errusi'ak China artzakotzat artuko balebe gauzak konpondu eziñekoak elitekez izango baiña... atsegiñago da beti mundua biren artean erdibanatzea askoren artean baiño.

Jeneralen jokuak

Ta lotsagarria benetan —au bai egia— ango jeneralen joera ikustea. Ego Vietnam'en gogor dabiltz Vietcong'eko gudariak ta bitartean, ezer gertauko ezpalitz lez, jeneralak konpondu eziñean. Ta ain zuzen be ez gudara nork joan bear dauan eztabaidatzeko, gobernua norean izan bear dauan eztabaidatzeko baiño. Ta ori, jakiña, zuzentasunaren ta libertadearen izenean. Ori bai, ez daitela falta.

Ango arazoak eta odol ixultzeak konpontzeko bide egokienak danak dakiez; baña indar eta ardura andiena daukienak ez dabe alegin batere egiten.

Batez be amerikanoak.


1964-tzaz oroituko zara gertaera onekin

Urtarrilla

Pancow'en gobernuak igarobide apartekoak emoten dautsee Oesteko berlindarreri, "muralla" igaro daien estura garaian.

Martia

De Gaulle-en gobernuak China-ko Erkalderria azterkatuten dau.

Jak Ruby —Kennedy-ren eriotzaillea— aulki eletrikora kondenatuten dabe.

Jorrailla

Belgikako sendagilleek aholga bat jaso dabela-ta, ango Gobernuak soldadutzako sendagilleen bearrean jarten dire.

Maiatza

2 egunean New York-ko Feri mundu guztikoa idegiten da.

Bagilla

Valdeajos-ko zuloak petroliua emoten dau.

China ta errusiatar komunisten ikusi-esiñak eztuera zaillagoan jarten dire.

Garagarrilla

Johnson Ipar-ameriketako Lendakariak Kennedy-k erakarritako "Derechos Civiles" eritxoen Lege burrukatuak firmaten ditu.

Dagonilla

"Derechos Civiles" Legea zabaldukeran enda burrukak jasoten dira Ipar-ameriketan.

Urria

Martin Luther King, Artzai Protestanteak, 1964-ko Nobel Saria irabasten dau.

Errusoen "Vosjod" sateliteak iru pilotokin lur-irabazten dau.

Moises Thombe, Katangan Lendakaria izana Kongo aldera etorkeran ango barrukoak naaspillago jarriten dira. Aldaketa gorri onetan eriotz ugariak —bai gorri ta baltzen aldetik—. Españiko erlijiosoak be —iru naparrak ganera— ilketa negargarri onetan arkituten doguz.


Erriak eta ERRIA

Munduan barna, erri txiki asko dagoz egon, baiña ez dira izaten sarritan ondo ikusiak eta begiratuak. Zergaitik ete da au? Txikiak diralako segurutik eta ez diralako euren balioak ikusten.

Baiña gogartu dagigun apur bat. Gauza aundi ta arrigarriak asmatu ta ametstu dira Egiptoko Assuan ugaziak artzen dabezan oroigaiak salbatzeko, ta baten batzuk, beintzat, ez dira urpean geratuko gizonen alegiñeri eskerrak. Zergaitik ixten da barriz, il agiñean, baztarretan, oroigai bizia dan erri txiki bat? Munduaren sorbaldan ba-dagoz antziñatik datozen erriak eta balio askokoak ganera beren oituretan, berbaketan, izakeran, kulturan.

Antziñako arri zatiak —oraingo oroigaiak— eta eurakin eginda dagozan etxe ta abarrak, balio aundia daukela danak aitortu dabe. Orain, ba-dagoz beste oroigai batzuk, bizitza agertzen deuskuenak, oraindiño bizirik dagozanak; oneek dira erri txikiak, erri aundi tartean il zorian dagozanak. Zer egiten da oroigai bizi oneegatik? Sarritan sokondoratu besterik ez, beste gauza txarragorik egiten ez bada, euren bizia munduko bakearen aurka etorriko bai litzan.

Asko be errezagoa da, antza, munduko gosea dala-ta, baltzan banatzea dala-ta, aldarrika ibiltea. Artean, problemak billa urrunegi joaten garala pentsaten dot. Etxeondoan zeregiñik asko ta auzora jo bear. Au da gizonaren patua!

Erriak ERRIA janaritzat artzen dabe. Ta olan, oneek —errikoak— euren oitura, izakera ta berbaketagaz ondatzen dira sekulorum sekulako.

"Arrisku oria"-tzaz sarritsu entzuten da au edo beste, or-emen; ikusi gura neuke zer egingo genduken, txinatarrak gure ganera etorrita euren izakera, oitura, kultura, berbaketa ta abarrak, eskolaz, irratiaz, telebistaz eta ziñeaz iruntzi arazo baleuskie. Orduan ikusiko geunke nongo ta zelako mutillak garan.

Mundu guztiko laterrietan ERRI asko dagoz; eta asko, txarto egon be, geienak. Gure eskuetan dago oroigai bizi orreri bizitza barri bat eztitutea.

Penagarri leiteke, gure erruz, ain balio aundiko gauza bat galtzea.

Txapelari oratuta egoteko, ez dira egin, ziur, eskuak. Au egia da. Egi biribilla.

Ba-dakigu bizimodu on bat lortu arren, geldik egotea errua dala: egiari zartada bat emotea.


Agur, sir Winston Spencer Churchil!

Ainbeste gudaren goraille izanda, azkenekoa —eriotzarena— galdu egin dau.

Ainbeste gudaren garaille izanda, azkenekoa —eriotzarena— galdu egin dau. Urtarrillaren 24-an il zan Churchil, larogei urte igaro dan zemendian beteta. Il da gero, Westminster Hall Inglaterrako jauregi ospetsura eroan eben. Beren gorpuaren aurretik irureun milla iga notin igaro dira; politikoak iru miletik gora. Zergaitik ez da joan Johnson, edo bere ordez, Humprey? —itaundu dau mundu guztiak egunerokoetatik. Beste geienak joan ei dira: De Gaulle, Eisenhower, Ludwig Erhard, Balduino, Konstantino, Federicko... t. a.

Abenduko 1874-grn. urtean Londres-ko Time egunerokoan barri txiki bat agertu zan: "Zemendiko 24-an Bleheim jauregian Lady Randolph Churchil-ek seme bat euki dau" Ez zan izan besterik. Garrantzi aundiko beste barrien ondoan ezerez bat. Ez zan agertu, ez, lenengo orrian, bazter baten baiño. Bear bada, gaur propaganda egiten dan lekuan.

Ordutik onantz urte asko joan dira, ia-ia gizaldi osoa. Ta zer diño kondairak gizon onen gain?

Eztago iñork esan bearrik Churchil gizaldi ontako estadistarik aundienatarikoa izan dala. Egiztuteko naikoa da Inglaterra-ko gobernuaren arazo ta eginbearrak artu ebazaneko eguna gogoratutea. Bear bada Inglaterrako etorkizunak desbardiñak izango ziran beste bategaz. Bai, Winston Churchil-egaz gizon aundi bat baiño, aro oso bat joan jakula esango neuke.

Churchil-en bizitza edozein gizon aundiarena izan da, ziur: zail, dardartsu. Gaztetik euki eban joeran ikusi daikegu nor izan zan eta zelakoa izango ete zan bere odol gartsua. Ara bizitzan zear eukiko joera au: "IBILLI; IDATZI; GUDATU". Ibilli, dana ezagutuaz, egia beti ikasteko. Idatzi, gogo ta egin-gaiak besteeri egiz ta kemenez erakusteko. Gudatu, bildur barik egin-gai orreek egiztuteko. Amaikatsu estutasun ta nekealdi bere bizitzan, batez be 1940-an Inglaterrako "premier" egin zanetik.

Gaur arte "leoi zar" au —alantxe deituten izan jako— azken gudako aundien arakuski eder bat izan da, noski, bada Mussolini, Roossevelt, ta Hitler guda ostean illak dira, ta Stalin urte batzuk geroago 1953-grn urtean. Egia esan, azkenengo urteetan ez dau euki zer egin askorik, zartzaroak apur bat ezereztu eban da. Baiña beti izan da alan da be izpillu garbi bat: aro gatx eta izugarrizkoetako agiri bizi bat, lenengo Inglaterrako erriarentzat, ziur; eta gero mundu guztiarentzat. Gurago geunke benetan onelako ezpilluak ugarigoak eukitea!

Churchil beranduko agerpena izan dala esan daikegu. Hindemburg, Pétain edo Mac Arthur gaza, zartzaroan —irurogeitak urteak— igon eban goraiñoko mailletara.

Oraindik geiago. 1940-gn. urtean alemanaren gudaurka ezpazan izan, politiko erditsu bat baiño besterik ez zan izango bear bada. Orduan bai euki ebala bere nortasun gogor ta zorrotza agertuteko era ederra. Ta alantxe jokatu be eban ziur. Ondo ikusten da bere trebetasuna izkuntz artan: "Bakarrik gudatu dogu iñoiz izan dan guda-etsai gogorren aurka urte luze baten". Diñogunez, gaur danok uste dabe Churchil egun illun eta txarretako nagusi-eroallea izan dala, bake denporakoa baiño. Orregaitik deitu jakon berari Inglaterrako arazoak ia-ia jausteko egon ziranean. Orduan —irurogei ta bost urtegaz— erakutsi eban nor zan benetan. Geroago bakea etorri zanean eta bein bere egin bearrak beteta, ez eukon zer-egiñik egoan lekuan. Orregaitik lenengo auketatuketan jausi-zan leoi zar ta kementsu au. Baiña aurrerantzean ez zan izango ainbesteen arteko politiko bat. Ordutik gizaldi onek euki dauan politikorik zorrotz eta eginkorrenentzat eukiko dogu beti.

Bukatuteko, ara zer esan-eban Kanterbury-ko Arzobispo Jaunak Churchil-aren gorpua Westminster Hall jauregira eldu baiño ariñago:

"Winston Churchil-ek bere bizitzako urteak barru ainbeste biar egin ebaneko "Camara" onetatik berba egiten deutsuet. Gaur gabean etorriko da onantz bere gorpua, ta zapatua arte, emen, kondairako gauzik aundienak egin diraneko sala ontan egongo da. Gutariko askok gogoan izango dogu gure erria ain txarto zaneko egun aiek. Orduan Jaunari eskerrak emon geuntsazan. Orain, Churchil, mundu guztiko gizon aundienetariko bat il jakunean, auxe esan bearrean gagoz: "Eskerrak emon deioguzan barriro Jaunari, onelako gizonak Jaunaren doai diralako".


Konzilioak langilleen onerako

Gu, kristauok, egi baten babesean arkituten gara. Ta egi au, beraz, Kristok ekarrikoa dogu. Gaur Eleiza Kristoren bitarteko da. Eta —ez uste— Eleiza lotan dagonik. Erroman izan diran gotzai jaunek ez dabe alperriko berbaketan iraun. Euren erabakiak egoki jakuz guztiori.

Begi Eleizaren jokaera gaurko prolematzaz:

1. Gure dotriñaren oñarria au da: "jainkoak lur onetako aberastasuna gizon guztiori opa euskun". Amendik jatorku danori jabe izateko eskubidea.

2. Onen lenengo ataletik erabaki daikegu, aurrerapenez gizon guztiok alkar-lagundu bear dirala. Eragin gizon guztiak aurrerapen arlo onetan parte artu daien. Arlo berebizikoa dogu, esatebaterako, langilleek irabazietan beren zatia izatea.

3. Muga bat idorotzen dogu, alajaiña: "Gizonen eskubideak".

Gizona ez da lanerako bakarrik, komunistak nai daben lez. Lana gizonaren onerako, bere aunditasunerako, bere atsegintasunerako zuzendu bear da. Onela norberak bere nolatasuna beteteko garai aparta izango dau. Iñoiz ta iñolaz be ez da galdu bear gizonaren libertadea. Bultza ba au guztia bete daitean.

4. Azkatua beite Eleiza:

Eleizak argibideak ezarriko deuskuz guk, bai irabaztean eta bai jabe izatean Juztizia eta egokitasunaren betebearra jarrai daigun.

E. Eleizak eskatuten deuskuna:

"Ezbardintasuna errege dalarik ondo jokatzerik eleikegula, ta bein araso onetan Eleiza bitarteko dogunez, justizi sakon eta obe baten bidez atseden nasaiagoa izan daigula".

Guzti au jaritxiko baliz, gaur-egun beste era batera izango litekez gauzak.

Ba-dakit nolakoa dan zuek antxiñatik asmatu dozuen erantzuna: Nori begira dago ba Eleiza gaurko gizaldia lenbaitlen zuzenbidera moldatzeko? Ba-dakigu Eleizaren joera prolema onek konpontzerakoan. Askotan apurtu dauz desbardintasuna eta makurkeriaren ezbearrak Pildain-ek, Richaud-ek eta beste askotxok Erroman esan ebenez.

Naste onetan izendatu daikeguz mota bekoak be, Herrera, Benitez...

Eleiza, barriz, ez da sartu bear politika kontuan, argi-bidea jarriten alegindu baiño.

Gure mundu onetan asko ia gozez dagoz. Afrikako Gotzai batek diñosku: "Zuen anai baltzak laguntza eske jatortzuez; Europan alperrik galtzen diren diru billa" Ta jakiña, afrikatarrak gure ondakiñen zai dagoz. Onela egoera larrian erri asko bizi dira gure artean...

Komunismoa kondenatutea ez jaku bearrezko, Altrin-ek diñoskunez. Ia komunismo barrutian zoritxarra nabari da ugari. Eta ain zuzen ez doguz ixotu bear. Aurreratu gaitezen arnasa emotera justizi on baten bidez. Kristau guztion arloa dogu izan be. Danok egiten dogu Eliza. Gurea bakarra bada egia ta zuzenbidea, zabaldu daigun alkar-berbeta sutsu ta bero bat.

Au maitasun zintzoa egiteaz, biderik errezena jaku ziur, ta baita itxaropengarriena. Beiñola ain bildurti bagara, geure fede txikiaren erruz izan da.

Jainkoagaz arkitzen bazara zeren bildur dozu? Orra ba, ikasi Kristoren dotriña ta gerokoan piztu zure fedea Bere grazi gartsu baten bidez.


Bertsolaritza Bizkaian

Euskalerria euskalerri danetik egin dira bertsoak, nire ustez. Ain sakon sentituten dogulako, edo ez dakit nik zer dala-ta, baiño ezin izan dot oraindik bertso bageko euskerarik neure irudimenera ekarri.

Gaur arte gizaldiz-gizaldi, belaunetik belaunera eldu iakuzan, ta gure zarren liburuetan —Peru Abarka jatort burura— aurkituten doguzan esakerak autortuten deuskue gaur orduko be ba zirala gure lurretian bertsoetarako prestaturik egozan adimenak.

Gaur arte eldu jakuzan muxika eder, neurtuak be beste ainbeste diñoskuelakoan nago. Ta izan be, gure agureak ezin izaten dabez ezelan be abestu, bertsoren baten laguntasunagaz ezpada.

Oraindik erdi-ointsu izan ditugun bertsolarien artean bizkaitar bi aipa bear doguz: Bat Felipe Arrese-Beitia, ta Enbeita-tar Kepa bestea.

Lenengo au Otxandianoko semea zan, ta 1906-garrengo urrillaren 16-an il zan. Ain zan ospetsua, ze, Menéndez y Pelayo berak esan ei eban iñoiz Arrese-Beitiaren olerki-lanak irakurtearren, pozik ikasiko leukela euskera. Il zaneko barria zabaldu zanean euskalzaleak zenbatean naigabetu ziran konturatzeko, Zamarripa-ren olerki zati bat ipiñiko dot emen:

Il zara? Il zara, Arrese, Arrese andia,

Euskera Ama zarraren olerkaria?

Arrese il dala?

Biotzak diñeust ezetz... Ia zeuk be, ia,

Esan eidazu, Arrese, zeure il-barria

Egia eztala!

Beste au oraindik ezagun dabe geienak. Enbeita-tar Kepa dogu. Muxikakoa. Gaur egun ondo ezaguna dan Balendin-en aita. Gaur bertan, euskal leia moteltzen badoa be, entzun daikeez noizik bein bere ezpañetatik urten ziran bertso-aapaldiak. 1942-garrengo abenduaren 12-an eman zuan bere azken-arnasa. Euskal eleak izan dauan bertsolaririk gorena lez ospatzen dabe askok. Ta olan diño, esatebaterako. A. Onaindia karmeldarrak bere "Gure Bertsolariak" liburuan. "Oraindik ez da agertu Muxika-ko Urretxindorra (Kepa-gaitik diño) baizen gozo, sakon, giartsurik, eta ainbeste idatzita emon dauskunik".

Gaur, Bizkaian, Azpillaga, Lopategi, Mugartegi... ta beste asko ta asko doguz ondo ezagunak. Ta gazte-gazteak be badatoz ugari. Onexek dira biarko geure itxaropena. Azkeneko aldi onetan, beti gelditu dira txapeldun giputxak, baiña laster txapela gure artean izango dalakoaren itxaropena, bizia da gure barruan. Kepa, Urretxindorraren aberastasun joriak, kimu barri asko emon dauz, ta orreri begira, zai, gu.

Kepa zanaren gaurko arnariek asko ta asko dira. Izan be, gaurko Bizkai-ko bertsolari geienak —gazteak batezbe— edo Enbeita-tarrak edo muxikakoak dira. Bere indarraren aurreneko uztak bere seme-alabak izan ziran. Baiña ez da amen dana gelditu. Bere oñordekoak dira baita be: Deunoro Sardui pipertsua, Ireneo Ajuria gaztea, Abel Enbeita, ta gaur arte ume abotsez gozoro entzun al izan genduan Jontxu. Onako bi auek Balendin famatuaren semeak dozuz. Azkenengo au, ondiño bederatzi urte bakarrik ebazala Gernikako plaza erdian agiri iakun; bere abots me, zoliarekin mirari bat bezela entzun genduan. Gaur, plaza, zarata ta txaloetatik iges egin dau. Ikasten ari da. Oraindik orain entzun al izan deutsat, ta etorria ez jako galdu; baiña eztarria, len geiegi egiñaren damuz daukala esan geinke.

Amaitu orduko, mutil onen bertso pare bat. Ona:

Arrantzale gaixoak

beti dauz lanian,

arriskuko lanetan

uraren gaiñian;

makiñatxu bat alper

begira kalian,

aren arrañak merke

jateko ustian.

Arrantzaliak baño

obeto gagoz gu,

aren beste arrisku

emen ez daukagu.

Euren arraiñ ederrak

sarri gaituz poztu.

Gure arrantzaliak

daiguzan txalotu.


Ez izan bildurti erlijiño-askatasunagatik

Azkenengoko Eleiz Batzar Nagusian, atzeratua izan zan erlijiño-askatasunaren aldeko iritzia, ta Espaiñiko gotzaiek, Batzar Nagusiak artuko dauan erabakiari begira geratu dira.

Bai. Oraindiño ezin dogu jakin, Españiko katoliku ta katoliku ez diranen artean zelako artu-emonak izango diran. Espaiñian, beste katoliku ez diranen artean, ba-dira ia 30.000 protestante, ta erlijiño-askatasuna etorri ezkero —etorriko danez— neurriak ipiñi bear. Orretarako, "protestanteentzako egoera" bat idatzita ei dago. "Egoera" onek, Joan XXIII-gnren, Paulo VI-gnren eta Batzar Nagusiaren askatasun gogoari jarraitu gura deutso, protestante oneen oraiñarteko egoera debekatua arteztuaz.

Egian ibilliko bagara, ez daukogu zergatik ukatu, oraiñarte, arazo onetan, ezer gitxi egiña izan danik. Iru-lau gotzai ta erritzaiñek izerdirik asko bota dabe protestanteen egoera larria bigunduteko, baiña Joan XXIII-gna etorri bear izan jaku erlijiño-askatasunaren bidea erakutsi eikigun.

Erroman, Aita Santuarengan, bakalordea izan zanak eta geuza Kanpoko Arazoetako Ministrua dan M. Castiella jaunak, guztiz ederto jokatu dau protestanteeri bear jaken itzala emon dagiegun. Lenengo, Gotzaien Batzarrak "egoera" au baieztu bear eban, gero ministruen esana jarraitu. Joan dan iraillarako prest egongo zalakoan gengozen, baiña, zoritxarrez, ez da olan izan.

Ez ei ziran gauza onen gain iritzi batekoak, emendik eta andik esaten danez.

Castiella ta Fraga-Iribarne, alegindu ei ziran naiko erlijiño-askatasun au, "egoera" aparteko baten sartu naiean.

Azkenean, erabakia atzeratuten gogorazo eben, Erroma-ko Batzar Nagusiak onetzaz zer diñon ikusi arte.

Egunerokoetan irakurri al izan gendunez, Gotzaiek be atzeratutea erabaki eben, ba-ze Oviedo-ko Gotzaiak iñoanez, "egoera" onetan oraindiño gauza guztiak ez dira aiñ ondo ikusten. Oneek olan izanik, txarra izango leiteke "egoera" au onartutea". Dana dala, Espaiñiko Gotzai guztieri ondo deritxaie katoliku ez diranentzat "egoera" bat konpondutea.

Egoeraren alde

Azken lerro oneetan, irakurri leitekenez, Espaiñiko Gotzai danak "egoera" baten alde dagozela esan bearrik ez dago. Baiña, zelan leiteke au, onetariko Gotzai askok Batzar Nagusian erlijiño-askatasunaren aurka jokatu badabe?

Munduko egunerokoetatik askok, Espaiñia ta Italia-ko gotzaiengan jaurtigi dabe errua.

Baiña. Oviedo-ko Gotzaiak berak aitortu dau, larogeiko ogei ta bost bakarrik konformatu dirala erlijiño-askatasuna atzeratu daian.

Ganera, ez dakigu, "egoera" ori ze modukoa dan, gitxi gora-bera zeozer badakigu be. Gotzai ta ministruen batzuk zelan-alan erakutsi deuskue apur bat eta euren esanetik esan lei apur ori:

- Katolikuek legea euren alde izango dabe, lege ori besteen kontra ez bada joango be.

- Beiñola bateko pekatiak eta erruak diranoi umil-umil aitortu (oraiñarteko erlijiño-askatasun eza —esan gura dot—).

- "Egoera" au, ez da joango laterriaren aurka.

Gure erru ta pekatuaren aurrean itsuarena egitea, sua eztalki bategaz eztaltzea leiteke.

Olan, protestanteen egoera au ez doa bide artezatik, edo "Pacem in Terris"-ek markatu deuskun bidetik beintzat.

Ba-dago arrisku bat emen: bearraren bearrez, jatorkuna geure modura aldatu ta geure onerako bakarrik konpondu gauzea.

Ez ete dira ba naiko 30.000 protestante, emen erlijiño-askatasuna gordeteko? Ganera, bitartean gizonak diranean, lumeroak ez daukeen zerikusirik. Auxe berau diño Ruiz Gimenez jaunak: "egoera ori, bategaitik bakarrik egin bear leiteke".

Siñismen eza babestu

Gure erlijiño katolikua babesteko, besteen erlijiño-askatasun eskubideak ostikopetu ta zapaltzen doguzan bakoitzean, gure siñismena ez dogu zaintzen, ez orixe, gure siñismen eza ta fede argala gorde baiño. Olan ba, aitortu leiteke, egiarengan dogun siñiste mei onek, ez deuskula emoten indarrik —egizko itzalik— besteen erlijiño-askatasuna bear dan eran errespetatzeko.

"Egoera" onen asmoa, atzerrietako protestante izentatuengan ez da ain ondo artua izan. Ba-dakie, gitxi gora-bera, asmo au nongo bideetatik dabillan.

Egoera orren gain egin di-ran aitorpen eta atzalburuekaz, barriz, beste batzuk irikitan jarri dira, ba-ze antziñatik dabiltza protestanteekaz anaitasun osozko artu-emonetan, egizko alkar-berbeta bat lortu billa.

Oraindiño oraintzuago, eleiz-gizon ospetsu batzuk egin dabezan agerpenen atzetik, Kataluñako zeinbat eleizgizon eta errikoak eskutitz bat idatzi deutsoe, katolikuak ez diranentzako, "egoera" orren agintzako diran Pla y Daniel Kardinala, Morcillo ta Muñoyerro Gotzaieri.

Eskutitza era onetan dago: "Erlijiño-askatasunarengan Erromako Batzar Nagusiaren —gaurko gizoneri, Espiritu Santuaren gogoa Batzar Nagusiak agertzen deusku— iritzia ikusita gero, katoliku ez diranentzako "egoera"-gaitik esan diranak esan diralako, ikaratuta gagoz".

"Kondairaren lurrean bota diran erruzko aziak eta azi orreen ondoreak eztaltzea, parka eziñezko erru barri bat eta asko be txarragoa leiteke. Espaiñiarentzat ondo etorri datorrenagaz, egokia jakunagaz, naste-borrastezko gauza bat konponduteak, ez leuskigu ezer onik ekarriko. Erlijiño-askatasunaren zergaitiak argi agiri jakuz Batzarrean. Iritzi artezakaz jokatuten ez bada, erria arin konturatuko da adarra jo jakola ta eleizgizonen izenak lurreratuta, Batzarrarengan euren ustea ipiñi eben gogoak, artez illundu ta goibelduko dira.

Erromako Batzarrak Espaiñian aldeketa onik ez dauala sortu esango da, orraitio.

Gaur arte, sarri, gure siñismena eta fedeak bear bada arrazoi gitxi ta amarra asko euki dauz.

Askoren katolikotasuna, bere etxekoek eta bere errikoek katolikoak diralakotik jatorkee.

Ba-datoz denpora barriak eta orduan, bakoitzak erantzungo deutso bere siñismenari. Gure inguruan danak dirala-ta aurrerantzean ez gara geu be katoliko izango, ez; izatez geure nai ta gogoz izango gara.

Eskutitz onen idazleen gogamena auxe da: "fedebako direen "egoera" orren ganetik, katolikueri lege aldetik mesedea emotea, jokabide txarra deritxagu, beste errietako espaiñiar mixiolarien biarraren galasorako da-ta".

Labur esateko, erria "egoera" oneri baietza itxaroten dagola diñoe.

Eskutitz onek argi erakusten deusku nondik norakoak diran askoren asmoak. Artu-emon eta alkar-berbetan, arteztasuna ta egia gura da.

Dana dala, "egoera" onen kontra dabiltzanak be, ba-dira nonbait. Oneek, argi erakusten deuskue, Eleizatzaz ezer gitxi dakiela. Eleiza, batez be, ama on bat da, ta ama onek seme guztiak maite dauz, bai txar eta bai onak. Txarrakaz, edo obe, iritzi desbardiñezkoakaz, eta onakaz bat egin gaitezen. Guztiok batera —asko ta bat— izan gaitezen Aitaganako bidean.

Askok, Batzar Nagusiaren kontra joateko prest dagozala emoten dabe. Penagarria benetan!

Aurrera goaz?

Danatara, "egoera" onek, gaur arteko katoliku ta fedebakoen artu-emoneri aurrerapen apur bat ba-dakartso:

- Gobernuaren partetik, protestanteen eskontzak ontzat artuko dira.

- Izango dabe baimena eskolak altsateko —beti, ori bai, eleizgizonen baimenagaz—.

- Soldadutzan be, protestante gazteak euren artzaia izango dabe.

- Erriko arazoetan be, agintariak izatea ez jakee galasoko.

Batzarrak, taldeak eta aldizkariak egitea euren eskuetan egongo da.

Askatasun au batzueri bakarrik emotea ez leiteke ondo egongo. Kontuan artu bear dan gauza da auxe. Askatasuna ta pakea ausieziñezkoak dira. Ezin da, ba, bai bateri ta besteari ez. Beste era batera jokatuten badogu, okerreko bidera jo dogula esango neuke.

Paulo VI-gnak, jokabide onen akatsak igarriaz, olaxe iñotson españiar kardinal bateri:

"Ez izan bildurrik erlijiño-askatasuna dala-ta. Espaiñiko gora-bera apartekoak ba-dakitaz. Baiña zuek Aita Santuagaz jokatu bear dozue: ez izan ba erlijiño askatasunaren bildurrik".


Gertu bako ezkontzak

Ezkongaiak ez dabe bier gitxi eukiten euren senar edo emaztea topetan. Ez orixe! Amak, bere alabearen senarra aberatsa izatea nai izaten dau. Aitak, barriz, zintzoa eta biergiña. Izeba-osabak ostera, alegantea, dotorea eta tentea. Lantzian bein lagunen artean "señorito" agertzen dakiana. Enbidi emoten dabena.

Ori mutillen artean. Baiña, nork topa gaur neskatil egoki bat? Nork topa neskatil garbi, goxo, biergiñ, eztitsu, polit eta kozinera bat? Mirari da bene-benetan ori!

Baiña ori ez da izaten txarrena. Bein ezkontzara eldu ezkero, senar-emazte askok ez dabe ezer geiago egin nai. Diñoe: "Eldu gara. Orain trankil egon geinke. Eskuratu dot nai dotan guztia. Au nire poza... Orain bai ederto... Amaitu ziran neskalaguntzako aukeratze-bier neketsuak. Orain datorrela eztia!

Kontuz senar-emazteak! Aukeratzea bakarrik ez da naikoa. Gero eutsi egin bear jako topatutakoari. Ez daiala iges egin iñolaz be! Ezkontza ez da "orkonpon" egitea. Ezkontza eginbear aundi baten asiera da. Ezkontza bide luze baterako sarrera dozu. Ezin leike etzanda egon. Ez da deskantsu bat. Egia da ezkontza barruan ezti-denporak izaten dirala. Baiña ezti-denporak baiño neke-denporak sarriago izaten dira askotan. Eta ortarako, senargaia gertu egin bear da, gertu.

Bizi barriak sortzekoan joan bear da ezkontzara. Geldi egoteko ez dira ezkondu, besteari laguntzeko baiño. Azi barriak erneteko ezkondu dirala ikusten dabenean, orduan maiñak. Jakiña, ba, makurtu egin bear, buztartu egin dira-ta. Eta orduan, emen datoz asarreak eta egon-eziñak!

Askotan barriz, ez mutillak eta ez neskak, iñork ez dau barruan dabillan aize zakar ori kanporatzeko indarrik. Seguru; amesak joanda gero, bierrak orain! Ezkontzarako etziran preparatu. Auxe besterik ez jake pasatu. Gurasoak, ostera ez eutsen egirik esaten etxera etorrena aberatsa zalako. Itargian pentsaten egoten ziran. Euren lagunak beti barrezka "zorionak" emoten eutsezan. "Urte askotan... Aiii... zuek bai izango zarie zoriontsuak" — esaten eutsen erriko andra-gizon pipertsuak. Onela joan ziran ezkontzara: preparaziño barik. Jakiña: etxea oiñarri sendo barik, lurrera dator. Orain estuasuna ugari. Alkarrekin baketu eziña: odola bakoitzak berea dau-ta.

Errierta txiki onetan gelditzen badira, gaitzerdia izango da bakarrik. Baiña txarrena eta azkenengoa, ezkontz-austea izango litzake. Ezkontzako eginkizun aundienetakoa ba dakizue: senar-emazteak alkarri agindutako leialtasuna. Ezkontzakoan betirako emon eben berba alkarri. Ez urte batzuetarako bakarrik. Jaungoikoak orrela nai izan dau. Zer pasako litzake ezkontz-austea libre balitz? Nora joango litzakez semeak?

Ezkontzako eginbear nagusiena semeak ekarri eta azitzea bada —ez ekarri bakarrik, edukatu be egin bear dira ziur— bidezkoa da gurasoak bizi diran bitartean biak batean bizi bear izatea. Ume koitxaduak bertanbera itxita gelditu ez eitezan eta senar-emazteen arteko maitasunak beti iraun egian, musturrik bako korapilloz josten dauz andra-gizonak. Ezkontzak maitasun buztarriz buztartzen dauz. Buztarri ariña, maitasunak leuntzen badauz.

Maitasuna, ara emen gurasoen alkar-lokarri. Baiña ondo ibilteko ezkontzaurrean preparaziño sendo bat bear da.