ANAITASUNA

Año I — Núm. 12

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Junio 1954


Kristiñau aurreratuak

Frantziako Euskalerrian iñoizko baten domeka egunez bazagoz, ez zaitez geratu meza nagusitara joan barik. Esaterako, sartu zaitez neguko jai egun baten Donibane Lohitzuneko eleiza ederrean.

Eleiza guztia bete bete eginda dago: beean emakumeak, koruan eta tribunetan gizonezkoak. Danak dozuz euskaldunak, danak bertan jaiorikoak. Ez dira etorri oraindiño uda denporako arrotzak. Mezea asi da. Erri osoa kantetan asten da. Zar eta gazte, gizon eta emakume, mutil eta neska, aundi ta txiki, danak diñardue kantuzko otoitz ederrean. Ago bat eta biotz bat eginda, kantuarren bitartez erakusten deutsoe Jainkoari euren egiazko kristiñau anaitasuna. Guztiak anaiak, guztiak kristiñauak, guztiak altarako maiaren inguruan kantetan.

Frantziako Euskalerrian, ixildu beitez boz askotako mezak koruan eurak bakarrik kantau gura dituen mutillak. Ez beie agoa zabaldu, eleiza erdian kanta politak bakarrean abestu nai dabezan neskatillak. Bidasoaz andiko gure anaien eritxiz, banaka batzuk bakarrik kantau ezkero, eleizkizunak otzak izaten dira eta lo eragingarriak. Danak abestu ezkero barriz, gure otoitzak bestelako sakontasuna ta zabalerea ta indarra irabazten ditu. Jaia aundiago, erri osoak eleizkantu ta otoitzetan leku geiago. Auxe da bide zuzena, auxe da ogeigarren gizaldiko kristiñau aurreratuari jagokon mezea entzuteko modua.

Errazoia daukela uste dot. Ain zuzen-bere, gure egunotan, gizaseme guztien alkar anaitasuna iñoiz baiño estuago sentietan dogulako-edo, norberaren balioa obeto aintzat artzen ikasi dogulako-edo, batzan gura izaten dogu bear egin, eta iñok egiten daben edozein arazotan parte artu. Naiz lanean naiz jolasean, zein politikan zein erlegiñoan, gauko gizonak geroago ta leku aundiago euki nai dau. Orrexegaitik, Ekintza Katolikoa gure egunotan sortu da, ta Gorputz Mistikoaren dotriñea iñoizko ondoen ulertzen da.

Ondo ekian au San Pio Amargarrenak, eleizetan erri osoak kantau eiala agindu ebanean. Ondo ezagututen eban ogeigarren gizaldiko kristiñaua, eleiza osoa koru biurtu ebanean.

Abestu daigun guztiok eleizan. Ez bakarrik neskak eta mutikoak. Erantzun deiogun pozarren San Pio Amargarrenaren deiari. Ez daiguzan itxi koruko kantuak, baiña maite daiguzan geien geien —berbaz eta egitez— erri osoak abestuten dituanak. Izan gaitezan kristiñau aurreratuak.


Ba dakizu...?

Konfirmaziñoko Sakramentua

3.—Obispoak, Konfirmaziñoa emoten asten danean, oraziño bat esaten dau, Sakramentua artuko dabenaren buruaren gaiñean eskuak zabalduta daukozala. Gero, Krisma Santua deritxon orioan bere atzamar lodia bustita, igortzi egiten deutsa bekokia, berba oneek esaten dituan bitartean: "Nik kurutzearen seiñaleagaz seiñaletan zaitut eta salbaziñozko Krismeagaz konfirmetan zaitut Aitaren ta Semearen ta Espiritu Santuaren izenean." Eta zapladatxu bat emoten deutso arpegian.

Esaidazu: Konfirmaziñoko Sakramentua emoteko, Obispoak egiten dituan gauza guztien artean, zeintzuk dira bear bearrekoak?

a) buruaren gaiñean eskuak zabaldu?

b) Krisma Santuagaz bekokia igortzi?

c) igortzikeran Sakramentuaren berbak esan?

d) arpegikoa emon?

4.—Zer da Krisma Santua?

5.—Zer egiten dau Konfirmaziñoko Sakramentuak kristiñauaren ariman?


Bizkaiko Obispo Jaunari (Areatzako eleizan abesturiko bertsoak) [Bertsoak]

Gure Gotzaiña dogu

Kasimiro Jauna,

Bizkaiko artaldearen

Artzaiñik onena.

Jainkoak emon beio

Berari osasuna,

Bakezko bizitzeaz

Goiko zoriona:

Auxe da biotzetik

Opa deutsoguna.

Otso gaiztoak dabiz

Artegi egaletan,

Bitsa darioela

Euren agiñetan,

Sartu gura izanik

Ardi txaboletan.

Arrapau ez gaiezan

Erdi amesetan,

Adi egon gaitezan

Une guztietan.

Geure Gotzain maitea,

Entzun egiguzu:

Bizkaiko artaldea

Deadarrez daukozu.

Otsoak ez daiezan

Ardiak ondatu,

Arren! geure Artzaiña,

Lagun egiguzu,

Zeruko zoriona

Ez dagigun galdu.

Balentin Enbeita


Illeko Ipuiña

Kukubel

Umezurtza zan Kukubel, artzaiña ta neskato ona gaiñera; musikazale utsa. Zii ta arte ta ezpelezko istrumentuak egiten, apartekoa zan gero bera!

Kukubelek egiñiko txistu ta txilibituak, amaika txori zoratu zituen eta pozarren kantetan ipiñi! Ardiakaz larra ta bedartzetan ebillen artean, eleizaren bateko txiliñak ots egiten eban bakotxean, ez eban iñoiz itxiko Agur Maria bat esan barik.

Bein, bere errezu ostean, Andra Maria bera agertu jakon, eta maitasunez beterik berba oneek zuzendu eutsazan:

— Neskato, zer gura dona saritzat?

Nik, txilibitu bat nai neuke, entzuten dabenari jantzan eragiteko.

Berbertan sortu jakon istrumentu ori eskuan. Pozarren asi zan Kukubel txilibitua joten, eta ardi ta bildots, txistua entzunda, triska ta triska jantzan asi zirean.

Erri atako alkatea kazerua zan. Beste asko ta askotan lez, egun atantxe-be, inguru aretaraxe eldu zan alkate eiztaria, ta sasi artean egoan ostenduta, erbia noiz etorriko. Kukubel, zer jazoko zan burutan artu barik, bere txilibitu barria joten asi zan; ta alkatea triska ta triska, sasitzako arantza zorrotzak soiñeko ta aragiak urrutuarte, jantzan ibilli zan. Aren asarrea, txilibitua ixildu zanean!

Gaba gaiñera etorri baiño lenago, Kukubel sorgiña zala ta urkamendira eroan bear ebela asi zan esaten alkatea. Orduan, errikoak atrapau egin eben neskatoa ta lotuta euki.

Biaramonean urkamendira eroiela, erri guztia joian bere inguruan. Alako baten, Kukubeltxuk mesede bat eskatu eutsen: il bear baeben-be, eskuak askatu eioezala, indar barik eukozala-ta. Alkateak aren eskuak libre ikusi ebazanean,

— Gizonak, badaezpadan-be lotu naizue aga bateri —esan eban.

Lotu ebeneko, Kukubeltxu, arako txilibitua paltrikeratik atarata, joten asi zan. Bere ots gozoa entzunda, erri guztia jantzan asi zan. Alkatea bera-be, lotuta egonarren, tauntaunka ebillen eta barrearen barreaz ito bearrik.

Soiñu luze, zoli ta eztitsua amaitu zanean, Kukubeltxu libre itxi eben.

***

Ipuin onek auxe irakasten deusku: Sarri askotan, gu onak izanarren, txartzat artuko gaituela, eta orregaitik asko sufridu bearko dogula; baiña azkenean, ontasunean irauten badogu, gure errueza danen aurrean agertuko dala.


Jakin ba...

3.—Konfirmaziñoko Sakramentua emoteko, aoneexek dira bear bearrekoak:

a) Krisma Santuagaz bekokia igortzi.

b) igortzikeran Sakramentuaren berbak esan.

Buruaren gaiñean eskuak zabaltzea eta arpegian zapladatxua emotea, ez dira bearrekoak. Obispoak arpegian orretarako joten gaitu, Eleizearen alde edozein burla, naibage ta ezbear zintzoro ta sendoro igaroteko prest egon bear dogula adierazoteko.

4.—Obispoak eguen santuko mezatan konsagretan daben orioaren eta baltsamuaren nastea, orixe da Krisma Santua.

5.—Konfirmaziñoko Sakramentuak iru gauza egiten ditu gure ariman:

a) Grazia santifikatzaillea, arimako birtuteak eta Espiritu Santuaren doiak geitu ta bizkortu egiten dauz.

b) Sakramentuaren beraren aparteko grazi bat emoten deusku. Grazi orrek, kristiñau zintzoak izateko indartu, ta barrutiko naiz kanpotiko arerioen ta tentaziñoen kontra gogor egiteko sendotuten gaitu.

c) Bateoaren eta Ordena Santuaren antzera, Sakramentuaren seiñalea edo markea ipinten dau ariman. Seiñale ori ezin kendu leiteke iñoiz-bere. Orregaitik, Konfirmaziñoa baten baiño geiago ezin geinke artu.


Izkirimiriak

Medikuak:

— Ezkerreko kadereak min egiten deutsula? Jakiña! Edadea, edadea, besterik ez!

Atsoak:

— Kadera biak edade batekoak izanda, eskumakoak zegaitik ez deust min egiten ba?

***

— Benetan esaten deuat gero! Erri onetan, dan danak makurtuten jeustek niri burua.

— Zer ba? Aita Santua aiz ala?

— Ez gizon. Pelukerua nok.


Kurutzegrama N.º 9