<< Hasiera

Ohiko euskal mintzamoldeen antologia

Euskaltzaindiak euskararen hizkuntza atlasaren egiteko bildu dituen dokumentuen artean, grabaketak aurkitzen dira, euskararen eremuko 145 herritan, 1986 eta 1992 artean, eginak. Grabaketa horiek, 4000 ordu baino gehiagoko hizketaldiak eskaintzen dituztenak, CD-ROMetan bilduak izan dira eta Euskaltzaindiaren egoitzako Azkue Bibliotekan entzun ditzakete ikertzaileek.

Ez da dudarik haatik jende gutxi dela ondare horretaz egiazki balia daitekeenik, eta pentsatzekoa da ikertzaile ez direnetan ere anitz badirela, euskal mintzairak dituen itxura desberdinak entzun gogo lituzketenak. Horregatik egoki iduritu zaio Euskaltzaindiari ondare horretaz baliatuz, ohiko euskal mintzamoldeen antologia moduko zerbait moldatzea, eta euskarri erabilerraz batean ematea.

Argi eta garbi aitor dezagun bilduma hau ez zela EHHA egitasmoaren lehenbiziko helburuetan sartzen. Ezen EHHAren helburuak ikerketari dagozkio oroz lehen, eta mintzamoldeen antologia hau, aldiz, euskaldun guztientzat egina da. Ez ikerketen egiteko, ez euskalkien azterketaren egiteko, baina euskarak dituen musika guztien entzuteko, eta gisa horretan piska bat, batere barnatu gabe, haien berri jakiteko. Ikasetxeetan, irratietan, etxeetan berdin, entzuten ahalko dira herriko, auzo herriko edo urrunagoko euskal mintzairaren ohiko soinu desberdinak, bai disko konpaktoen bidez, bai berdin CD-ROM honen bidez.

Harrituko dira, beharbada, ahozko euskara koloreen berri ez dakitenak, ikusiz zenbat aurpegi dituen gure mintzairak, eta zein zaila den batzuetan haiek ulertzea, beren testuinguru orokorretik ateraiak diren urruneko solasak direnean bereziki. Horregatik, entzulearen laguntzeko idatzi ditugu lekukoek esanak, esperantza baitugu begiak belarria lagundurik mintzamolde ezezagunak ere ulerrerezago gertatuko zaizkiela orori.

Kontuan izan behar du entzuleak minutu eta erdiko hizketaldi hauek ez zirela gisa horretan baliatuak izateko grabatu. Inkestak egin-eta zenbait urte iragan ondoan, EHHAko zintetarik aukeratu pasarteak dira hemen aditzen direnak, eta, aukeratzaileak ahal bezain gai eta pasarte egokiak hautatuz ere, nabari da batzuetan erdi-ebatsiak bezala direla, entzun baitaitezke, gisa horretako inkesta batean inkestagilearen eta berri emailearen artean konfiantziazko harremanak sortu ondoan, ager daitezkeen ele estekatugabeak, harridurak, errepikatzeak, barreak, erdarazko hitzak edo esapideak, etab. Esperantza dugu parte onean hartuko duela entzuleak lasaitasun eta etxekotasun hori, ahozkotasun laxoari dagokiona.

Solasgaietan batasunik ez izanik, zail gertatuko zaio batzuetan entzuleari pasarteen gaiaz, lehen entzunaldian bederen, jabetzea. Ordean, bizpahiru aldiz entzun ondoan, ulerrerrazago gertatzen baitira grabaketak, pentsatzen dugu liburuxkaren laguntzarekin bereziki, entzungai guztiak, edo gehien-gehienak behintzat, urrunekoak ere, pazientzia piska batekin ulertzen ahalko dituztela entzuleek. Dena den, oroitu behar da, aho mintzoak berak duela garrantzia hemen, ez baitezpada solasaren mamiak, askotan hau ere franko interesgarria bada ere.

Euskaltzaindiak eskertzen ditu antologia honen egiteko esku hartu duten guztiak : herrietako lekukoak lehen-lehenik, baina inkestagileak, pasarteen aukeratzaile eta transkribatzaileak, bai eta disko konpaktoak eta CD-ROMa egin dutenak ere.

 

Euskaltzaindia